Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

16/2015 Lege Organikoa, urriaren 27koa, atzerriko estatuen, Espainian egoitza edo bulegoa duten nazioarteko erakundeen eta Espainian egiten diren nazioarteko biltzar eta bileren pribilegio eta immunitateei buruzkoa

2015-10-27

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/10/28, 258. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

11545 16/2015 Lege Organikoa, urriaren 27koa, atzerriko estatuen, Espainian egoitza edo bulegoa duten nazioarteko erakundeen eta Espainian egiten diren nazioarteko biltzar eta bileren pribilegio eta immunitateei buruzkoa.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onetsi dutela eta Nik berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

I

Estatuaren immunitate subiranoak Nazioarteko Zuzenbidearen oinarrizko printzipio bat dira, eta Nazioarteko Zuzenbidea, berriz, estatuen independentzia-, subiranotasun- eta berdintasun-printzipioetatik dator (par in parem imperium non habet). Haren eduki juridikoa prozesala da funtsean, eta, horren arabera, estatu bateko epaile eta auzitegiek ezin dute beste estatu bat epaitu. Bitariko eskubideak aintzat hartzen ditu: batetik, Estatuaren eskubidea beste estatu bateko jurisdikzio-organoek auzitara eraman ez dezaten eta epaitu ez dezaten (jurisdikzio-immunitatea) eta, bestetik, Estatuaren eskubidea epaitutakoa bete behar ez dezan (betearazpen-immunitatea).

Gaur egun, nazioarteko lankidetzaren fenomenoen ondorioz, nazioarteko immunitateek beste eremu batzuk ere hartzen dituzte; horien artean nabarmentzekoak dira nazioarteko erakundeak eta nazioarteko konferentzia eta bilerak, horien barnean direla halaber estatuburuei, gobernuburuei, Kanpo Arazoetako ministroei, gerraontziei eta estatu-ontzi eta -aireontziei eta atzerriko indar armatuei buruzkoak. Hori horrela izanik, egoera konplexua da: zenbait sektorek arauketa finkatua dute jada, baina beste batzuetan nolabaiteko zatikatzea eta zehaztugabetasuna dago oraindik ere.

Immunitate horien nazioarteko araubide juridikoak nazioarteko jardunbide judizialean ditu erroak, eta ohiturazko arauen bidez egituratu da —arauok, ondoren, hainbat tratatutan jaso dira—. Nolanahi ere, tratatu horien ondoriozko arauketak ez ditu jasotzen praktikan planteatzen diren auzi guztiak, eta oraindik ez du behar bezalako erantzunik ematen. Immunitateen mugen auzia bereziki delikatua da; izan ere, immunitateen gaineko doktrina absolutu zaharretik beste doktrina batera igaro gara: doktrina murriztaileagoa da egun, immunitateok bateragarriak izan daitezen zuzenbidezko estatuaren printzipiotik eratorritako babes judizial efektiboaren oinarrizko eskakizunekin.

Hori dela eta, immunitateen nazioarteko estatutua zehazteko orduan, hiru maila hartu behar dira aintzat: ohikoa, ohiturazkoa eta jurisprudentziala.

Ohiko mailari dagokionez, nazioarteko hainbat tratatu daude; eduki ezberdinak dituzte, eta araudia ere ezberdin garatu dute herrialde batzuek eta besteek. Ildo horretatik, bereizketa egin beharra dago: batetik, kanpo-ekintzan parte hartzen duten estatuko organoen pribilegioak eta immunitateak arautzen dituzten tratatuak; bestetik, atzerriko estatuak jurisdikzio-estatuan dituen immunitateak berariaz jorratzen dituzten tratatuak, eta, azkenik, beste tratatu batzuk, immunitateez guztiz bestelako eremuei buruzkoak izanik ere gaiaren gaineko berariazko xedapen garrantzitsuak dituztenak.

Lehenik eta behin, diplomazia- eta kontsul-ekintzan parte hartzen duten estatuko organoen pribilegioei eta immunitateei dagokienez, nazioarteko hiru tratatu unibertsal daude. Tresnok erabat finkatutako eremu bat osatzen dute, barruko araudi-garapenik

behar ez duen eremu bat, hain zuzen. Hauek dira, zehazki: diplomazia-harremanei buruzko hitzarmena (Vienako Konbentzioa, 1961eko apirilaren 18koa), kontsul-harremanei buruzko hitzarmena (Vienako Konbentzioa, 1963ko apirilaren 24koa) eta, hein txikiagoan, misio bereziei buruzko hitzarmena (New Yorkeko Hitzarmena, 1969ko abenduaren 16koa). Espainia tratatu horien parte da, eta tratatuok Espainiaren barruko ordenamendu juridikoan sartuta daude (hurrenez hurren, 1968ko urtarrilaren 24ko BOE, 21 zk. —akatsen zuzenketa 1968ko apirilaren 2ko BOE, 80 zk.—; 1970eko martxoaren 6ko BOE, 56 zk., eta 2001eko uztailaren 4ko BOE, 159 zk.).

Bigarrenik, atzerriko estatuek jurisdikzio-estatuan dituzten immunitateen oinarrizko araubide juridikoari helduta, gaia kodetzeko egin den ahalegin nagusia Nazio Batzuen Konbentzioa da, 2004ko abenduaren 2koa, estatuen eta beren ondasunen jurisdikzio- immunitateei buruzkoa. Baina Konbentzio hori —2005eko urtarrilaren 17an sinatua New Yorken— ez da oraindik indarrean jarri, eta ez dirudi epe laburrera indarrean jarriko denik; izan ere, hogeita hamar berreste- eta atxikitze-tresna behar dira gutxienez, indarrean jarriko bada (30.1 artikulua), eta oraingoz hamazazpi estatuk baino ez dute egin. Hala eta guztiz ere, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren aburuz, tresna horretan jasotako immunitateek «ohiturazko Nazioarteko Zuzenbidean oro har onartzen den printzipio bat» osatzen dute; beraz, horiek betetzeak «zuzenbidearen nagusitasuna eta segurtasun juridikoa indartuko lituzke, batik bat estatuek pertsona natural edo juridikoekin dituzten harremanetan»; gainera, nabarmentzen duenez, «uniformetasuna eta argitasuna garrantzitsuak dira estatuen eta beren ondasunen jurisdikzio-immunitateen zuzenbidean». Dena dela, Espainia 2011ko irailaren 11n atxiki zitzaion Konbentzioari, eta immunitateen araubidearen printzipioak eta bermeak defendatzeko nazioarteko konpromiso irmoa agertu du beti.

Hirugarrenik, 2004ko Konbentzio horrekin batera, bada bestelako indarreko trataturik; hain zuzen ere, immunitateez bestelako gaiei buruzkoak badira ere, gaiari buruzko xedapen garrantzitsuak dituztenak. Hiru modalitate azpimarratu behar dira. Lehenik, Espainia parte duen Itsas Zuzenbideari buruzko 1982ko abenduaren 10eko Nazio Batuen Konbentzioaren 32., 95. eta 96. artikuluak, estatu batenak diren gerraontziei dagokienez (1997ko otsailaren 14ko BOE, 39 zk.).

Bigarrenik, beste estatu baten lurraldean dauden estatu bateko indar armatuen araubidea. Halakoetan, immunitateen estatutua AD HOC hitzarmenen bidez arautu ohi da; praktikan, ingelesezko akronimoekin ezagutzen dira (SOFAs, Status of Foreign Forces Agreements). Espainiak NATOren gaineko hitzarmenak ditu funtsean (Ipar Atlantikoko Tratatuaren Estatuen arteko Londresko Hitzarmena, beren indarren estatutuari buruzkoa, 1951ko ekainaren 19koa; 1998ko maiatzaren 29ko BOE, 128 zk.). Espainian dauden Ameriketako Estatu Batuetako Indar Armatuen kideei dagokienez, kontuan izan behar dira, gainera, 1988ko abenduaren 1eko defentsarako lankidetzari buruzko Hitzarmen esanguratsuan jasotako aurreikuspenak —2002ko apirilaren 10eko eta 2012ko urriaren 10eko Zuzenketa Protokoloetan berrikusi zen hitzarmen hori (1989ko maiatzaren 6ko BOE, 108 zk.; 2003ko otsailaren 21eko BOE, 45 zk.; eta 2013ko ekainaren 10eko BOE, 138 zk.)—.

Azkenik, Espainian egoitza edo bulegoa duten nazioarteko hogeita hamar bat erakunderi dagokienez, nazioarteko bi akordio motak arautzen dituzte beren immunitateak. Batetik, nazioarteko zenbait erakundek beren estatu kide guztien artean sinatutako nazioarteko hitzarmenak dituzte. Hor dira, esaterako, Europar Batasuna (7. Protokoloa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari atxikia, Europar Batasunaren pribilegioei eta immunitateei buruzkoa) eta Nazio Batuen eremuko erakundeak, zeinentzat hitzarmen orokor bat baitago (Nazio Batuen eskubide eta immunitateei buruzko Konbentzio Orokorra, 1946ko otsailaren 13koa; 1974ko azaroaren 25eko BOE, 282 zk.) baita beren organismo espezializatuentzako beste bat ere (Organismo espezializatuen pribilegio eta immunitateei buruzko Konbentzioa, 1947ko azaroaren 21ekoa; 1974ko azaroaren 25eko BOE, 282 zk.). Aldiz, bestalde, gainerako nazioarteko erakundeetarako, dagokion erakundearen eta Espainiako Erresumaren arteko egoitza-akordioak egin dira.

Nazioarteko hitzarmenez gain, ohiturazko Nazioarteko Zuzenbidetik eratorritako betebeharrak ere badaude; horiek zuzenean eragiten dute Nazioarteko Zuzenbideko subjektuek Espainian dituzten immunitateen araubidean. Estatuko aireontzien kasua da

hori, beste batzuenen artean. Horien araubide juridikoa, bada, nazioarteko abiazio zibilari buruzko 1944ko abenduaren 7ko Chicagoko Hitzarmenetik at dago, 3a) artikuluari jarraikiz. Kategoria horretan sartzen dira, halaber, estatuko funtzionarioen zigor-immunitatearen alderdi zehatzak (esate baterako, estatuburuei, gobernu-presidenteei eta Kanpo Arazoetako ministroei aplika dakiekeen araubidea). Une honetan, Nazioarteko Zuzenbideko Batzordearen arreta erakartzen hasi da gaia. Edo estatuaren immunitateen berariazko eremuen inguruko nazioarteko ohiturak gauzatu dituzte; esaterako, jurisdikzio- immunitateari uko egiteak berez betearazpen-immunitateari uko egitea ez dakarrela dioen hori. Hala eta guztiz ere, immunitateen alderdi asko ohiturazkoak diren edo ez zalantza handia dago, ikuspegi substantzial zein prozesaletik.

Azkenik, nazioarteko auzitegiek immunitateen araubidea argitzen lagundu dute, epai garrantzitsuen bidez, jurisdikzio-organo nazionalen jardunbidea zehaztu baitute epaiok, funtsezko alderdietan. Nazioarteko Justizia Auzitegia nabarmentzen da ororen gainetik, baina baita Itsas Zuzenbidearen Nazioarteko Auzitegia eta Giza Eskubideen Europako Auzitegia ere, gaiari buruzko gero eta jurisprudentzia interesgarriagoa azaldu baitute.

Dena dela, azkenean, hutsune nabarmenak daude immunitateen nazioarteko araubidean. Eta hori dela eta, beste auzitegi nazional batzuen gaiari buruzko jurisprudentzia ere zeharkako erreferentzia-elementu baliotsua da batzuetan.

Estatu jakin baten lurraldean egiten diren nazioarteko konferentzia eta bileretan parte hartzen dutenei aplika dakizkiekeen pribilegio eta immunitateei buruzkoa izan daiteke hutsunerik deigarriena une honetan. Nazioarteko tratatu batek ere ez du gai hori arautzen; ez dago horri buruzko ohiturazko zuzenbiderik, ez eta jurisdikzio-erantzun egokirik ere. Errealitatea horrelakoa izanik, Espainiaren kasuan, nazioarteko tratatuak egiten dira; hala, tratatuon ondorioak ekitaldia burututakoan amaitzen dira, eta, berehalakoak direnez, behin- behinean aplikatzea behar izaten dute kasu askotan.

II

Barruko eremu juridikoari helduta, bi alderdi hartu behar dira aintzat immunitateak tratatzeko orduan: batetik, konstituzio- eta legegintza-ikuspegia eta, bestetik, jurisprudentzia-esparrua, funtsean Konstituzio Auzitegiaren doktrinak gaiari buruz zehaztutakoa.

Konstituzio-ikuspegitik, Konstituzioaren 24. artikuluak xedatzen duenez, «gizabanako guztiek eskubidea dute, beraiei dagozkien eskubide eta interes legitimoak egikaritzean, epaile eta auzitegien babes judizial eragingarria lortzeko, eta ezin daiteke inoiz ere babesgabetasunik gerta». Bestalde, 117.3 artikuluak dioenez, «era guztietako prozesuetan, jurisdikzio-ahalaren egikaritza, epaituz eta epaiturikoa betearaziz, bakar-bakarrik dagokie legeek finkatutako epaitegi eta auzitegiei, legeok ezartzen dituzten eskumen- eta prozedura-arauekin bat etorriz». Alabaina, ez dago atzerriko estatuaren immunitateei buruzko aurreikuspenik.

Bestalde, Konstituzioak Nazioarteko Zuzenbidetik eratorritako betebehar juridikoak betetzeko eskakizun argia ere biltzen du (93.etik 96.era arteko artikuluak). Horien artean, jakina, Espainiak immunitateen arloan sinatutako nazioarteko tratatuetan jasotako betebeharrak daude, bai eta ohiturazko Nazioarteko Zuzenbidetik edo nazioarteko auzitegien nahitaezko epaietatik erator daitezkeen bestelako betebeharrak ere.

Legegintza-mailan, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoak zera aurreikusten du 21. artikuluaren lehen zenbakian: «Espainiako epaitegiak eta auzitegiak Espainian espainiarren artean, atzerritarren artean eta espainiar eta atzerritarren artean egiten diren epaiketez arduratuko dira, lege honetan eta Espainia parte den nazioarteko tratatu eta hitzarmenetan zehaztutakoari jarraikiz». Baina, immunitateari zuzenean eragiten dionari helduta, bigarren zenbakiak zera dio: «Nazioarteko Zuzenbide publikoaren arauek zehaztutako jurisdikzio- eta betearazpen- immunitateen suposizioak salbuesten dira». Xedapen hori berritasun garrantzitsua izan zen orduko hartan, nazioarteko betebeharrak betetzeko aukera eman baitzion Espainiari. Ildo beretik, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeak «Espainia parte den nazioarteko tratatu eta hitzarmenetara» behar bezala jotzeko adierazten du immunitateei

dagokien jurisdikzio zibilaren alderdiei erreferentzia egitean (36. artikulua). Arau- aurreikuspenok, azken batean, bat datoz Nazioarteko Zuzenbidearekin.

Konstituzio Auzitegiaren aburuz, «atzerriko estatuei emandako jurisdikzio-immunitatetik eratorritako muga negatiboa» Konstituzioarekin bat dator bete-betean. Hori horrela izanik, «legelariak ezinbestean hartu behar ditu aintzat Nazioarteko Zuzenbideak estatuei ezartzen dizkien mugak, positibo zein negatiboak» eta horrek «berretsi egiten du jurisdikzioaren immunitatearen justifikazio objektibo eta arrazoizkoa (...)»; izan ere, «Nazioarteko Zuzenbideak mugatutako eremutik harago joango balitz eta jurisdikzio-babesa barruko ordenan gauzatzen saiatuko balitz, zilegi ez den egitate bat egingo luke, nazioarteko betebehar bat urratuko bailuke, eta, ondorioz, beste estatu batekiko nazioarteko erantzukizuna izango luke» (Konstituzio Auzitegiaren 140/1995 Epaia, irailaren 28koa; 9. oinarri juridikoa). Betearazpen-immunitateari dagokionez, Konstituzio Auzitegiak adierazi duenez, immunitate horren araubidea «Nazioarteko Zuzenbide publikoaren arauetan jasota dago, eta arauok hainbat jatorritako datuak —horien artean, nazioarteko elkarrizketak eta estatuen praktikak— eraginez lortzen dira» (Konstituzio Auzitegiaren 18/1997 Epaia, otsailaren 10ekoa; 6. oinarri juridikoa).

Hala eta guztiz ere, oro har Nazioarteko Zuzenbidera jo behar izateak nolabaiteko segurtasun-falta juridikoa eragiten du barruko maila judizialean, baita jurisprudentzia- kasuismoa ere, eta, batzuetan, akats edo kontraesanak eragin ditzake horrek, eta, ondorioz, arriskuan jar daiteke, kanpora begira, Espainiaren nazioarteko erantzukizuna. Hori horrela, Konstituzio Auzitegiak berak argi eta garbi gomendatu dio legelariari atzerriko estatuek Espainian dituzten immunitateen araubidea arautu dezala, barruko jurisdikzio- eremuan ziurtasun handiagoa bermatzeko, jurisdikzio- eta betearazpen-immunitatearen doktrina mugatua oinarri hartuta (Konstituzio Auzitegiaren 107/1992 Epaia, uztailaren 1ekoa).

Beraz, aurretik aipatutako manua Botere Judizialaren Lege Organikoan sartu zenetik ia hiru hamarkada igaro ondoren, komenigarria dirudi gaia lege bidez garatzea, lege organiko baten bitartez, hain zuzen; hartara, gaia modu sistematikoan arautu dadin Espainiak hartutako nazioarteko betebeharrak erabat errespetatuz. Are beharrezkoagoa da, ezinbesteko segurtasun juridikoa lortzeko; izan ere, gure legeek aintzat hartzen duten Nazioarteko Zuzenbidearen beraren arauketa ez da nahikoa, eta zatikatuta dago, aurretik aipatu bezala. Eta, lan horri ekiten zaionean, komenigarria da atzerriko estatuaren eta bere ordezkarien immunitateez bestelako immunitateak ere aintzat hartzea, oso ohikoak bilakatu baitira dagoeneko nazioarteko lankidetza handitu heinean. Hor sartzen dira nazioarteko erakundeen, indar armatu bisitarien eta estatu-ontzi eta -aireontzien immunitateak, bai eta Espainian egindako nazioarteko konferentzia eta bileren pribilegio eta immunitateen araubidea ere; hori guztia ezinbesteko gutxienekora murriztuta immunitateok justiziarako sarbide efektiborako eskubidearekiko duten eragina eta berariaz bermatuta Parlamentuaren kontrol-funtzioa baliatuko dela Gobernuak Legean ezarritako araubidea modulatzeko gaitasuna duen eremuetan.

Lege organiko hau Nazioarteko Zuzenbidearen arloan legegintzaldi honetan onartu diren beste lege batzuen osagarri bikaina izango da. Hor dira 2/2014 Legea, martxoaren 25ekoa, Estatuaren Kanpo Ekintza eta Zerbitzuari buruzkoa (2014ko martxoaren 26ko BOE, 74 zk.) eta 25/2014 Legea, azaroaren 27koa, Nazioarteko Tratatuena eta Akordioena (2014ko azaroaren 28ko BOE, 288 zk.).

III

Lege organiko honen edukia zortzi titulutan egituratzen da. Hasteko, atariko tituluaren xedapen orokorrak daude; hots, helburuari, definizioei eta arlo materialari buruzkoak. Jarraian, lege organiko honen muina dator; alegia, atzerriko estatuak Espainian dituen jurisdikzio-immunitateen arauketa (I. titulua), bi kapitulutan banatuta: batek jurisdikzio- immunitatea du hizpide eta besteak betearazpen-immunitatea. Titulu horretan aurreikusten diren immunitateak esanbidez nahiz isilbidez uka daitekeen eskubidetzat jotzen dira. Era berean, betebehar ez-absolutua da jurisdikzio-estatuarentzat, nolabaiteko mugak baititu. Ondoren, gai hauek jorratzen ditu lege organiko honek: atzerriko estatuaren estatuburuaren,

gobernuburuaren eta Kanpo Arazoetako ministroaren pribilegio eta immunitateak (II. titulua), estatuak gerraontzi eta estatu-ontzi eta -aireontziekiko duen immunitatea (III. titulua), indar armatu bisitarien estatutua (IV. titulua), Espainian egoitza edo bulegoa duten nazioarteko erakundeen pribilegio eta immunitateak (V. titulua) eta nazioarteko konferentzia eta bilerei aplika dakizkiekeen pribilegioak eta immunitateak (VI. titulua). Lege organikoa amaitzeko, prozedurazko zenbait xedapen daude (VII. titulua), bai eta xedapen gehigarriak, xedapen indargabetzailea eta azken xedapenak ere.

Azkenik, lege organiko honek kanpoan uzten du diplomazia- eta kontsul-araubidea, berezko nazioarteko arauketa baitu finkatua, orain dela hamarkada batzuetatik Espainiako ordenamendu juridikoaren barnean hartuta. Bestalde, eduki hau gorabehera, Espainiak nazioarteko betebeharrak ditu nazioarteko krimenak auzipetzeari dagokionez, bai eta Nazioarteko Zigor Auzitegiarekiko konpromisoak ere.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. XEDEA.

Lege organiko honen xedea da Espainiako jurisdikzio-organoekiko immunitate eta pribilegioak arautzea honako hauei dagokienez:

a)Atzerriko estatuei eta beren ondasunei;

b)Atzerriko estatuburuei, gobernuburuei eta Kanpo Arazoetako ministroei, karguan dauden bitartean eta kargua amaitu ondoren;

c)Gerraontziei eta estatu-ontzi eta -aireontziei;

d)Indar armatu bisitariei;

e)Espainian egoitza edo bulegoa duten nazioarteko erakundeei eta beren ondasunei;

eta

f)Espainian egingo diren nazioarteko konferentziei eta bilerei.

2.artikulua. DEFINIZIOAK.

Lege organiko honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira oinarritzat:

a)Jurisdikzio-immunitatea: estatu, erakunde edo pertsona batek duen prerrogatiba, beste estatu bateko jurisdikzio-organoek auzitara eraman ez dezaten eta auziperatu ez dezaten;

b)Betearazpen-immunitatea: estatu, erakunde edo pertsona batek edo bere ondasunek duten prerrogatiba, beste estatu bateko jurisdikzio-organoek haien kontrako neurri hertsatzailerik edo erabakirik har ez dezaten;

c)Estatua:

i)Estatua eta bere gobernu-organoak;

ii)Estatu federal baten osagaiak edo estatuaren banaketa politikoak, aginpide subiranoaz baliatzeko ahalmena dutenak eta gaitasun horrekin jarduten dutenak;

iii)Estatuaren organismo eta erakundeak, eta beste erakunde publiko batzuk, nortasun juridiko ezberdina badute ere, baldin eta aginpide subiranoaz baliatzeko ahalmena badute eta gaitasun horrekin jarduten badute; eta

iv)Estatuaren ordezkariak, hala jarduten dutenean.

d)Estatuburua: atzerriko estatu baten buruzagitza duen pertsona, karguaren izena dena delakoa dela ere, kide anitzeko organo bateko kideetako bakoitza barne, dagokion konstituzioarekin bat, aipatu organoak horren funtzioak betetzen baditu;

e)Gobernuburua: atzerriko estatu baten gobernuko buruzagitza duen pertsona, karguaren izena dena delakoa dela ere;

f)Kanpo Arazoetako ministroa: atzerriko estatu bateko gobernuko kidea, kanpo- arazoez arduratzen dena, karguaren izena dena delakoa dela ere;

g)Estatu-ontzia: atzerriko estatu baten titulartasuneko edo erabilera publikoko ontzia, zerbitzu publiko ez-komertzialak baino ematen ez dituena;

h)Gerraontziak: atzerriko estatu baten indar armatuei atxikita dagoen ontzia edo, hala badagokio, ontzi laguntzaileak, baldintza hauek betetzen dituztenak: dagokien nazionalitateko gerraontzien bereizgarri diren kanpoko zeinuak eramatea, estatu horren Gobernuak behar bezala izendatutako ofizial baten agintepean egotea, ofizial horren izena ofizialen maila-zerrendan edo dokumentu baliokide batean jasota egotea eta tripulazioa indar armatu erregularren diziplinaren mende egotea;

i)Estatu-aireontzia: atzerriko estatu baten aireontzia, estatu horrek erabili edo ustiatzen duena eta zerbitzu publiko ez-komertzialetarako baino erabiltzen ez dena, esaterako, zerbitzu militarretarako edo aduana- edo polizia-zerbitzuetarako;

j)Indar armatu bisitariak: atzerriko estatu bateko langile militarrak, Espainiak gonbidatuta edo Espainiaren adostasunarekin Espainiako lurraldean daudenak beren betebehar ofizialak egiten; Espainiak eta atzerriko estatuak, lege organiko honen xedeetarako, pertsona, unitate edo formazio jakin batzuk indar armatuen parte ez izatea eta horien barruan ez sartzea hitzartu ahal izango dute;

k)Indar armatu bisitarien langile zibilak: atzerriko estatu bateko indar armatuekin dauden zibilak, aipatu estatuko armadetako batean enplegatuta daudenak; betiere, ez badira aberrigabeak edo hirugarren estatu bateko nazionalak —Espainiak ez badu hirugarren estatu hori Espainiako lurraldean sartzeko adostasunik eman—, edo nazionalitate espainiarra ez badute edo ohiko egoitza Espainian ez badute;

l)Nazioarteko erakundea: gobernuarteko erakunde bat, nazioarteko nortasun juridikoa duena, Nazioarteko Zuzenbideak arautzen duena eta egoitza edo bulegoa Espainian duena;

m)Nazioarteko konferentzia: Espainiako Gobernuaren ekimenez edo Espainia parte den nazioarteko erakunde baten ekimenez eta Espainiako Gobernuaren adostasunarekin Espainian egin den edo egingo den bilera bat, gobernuartekoa edo ez; eta

n)Merkataritza-transakzioa: ondasunak salerosteko edo zerbitzuak emateko edozer merkataritza-kontratu edo -transakzio; edozer mailegu-kontratu edo bestelako finantza- transakzio, mailegu edo transakzio horri dagokion edozer berme- edo ordain-betebehar barne; merkataritzako, industriako edo obra- edo zerbitzu-errentamenduko beste edozer kontratu edo transakzio, banakako lan-kontratuak izan ezik. Kontratu edo transakzio bat «merkataritza-transakzio» bat den zehazteko, kontratuaren edo transakzioaren izaerari erreparatuko zaio nagusiki, baina bere xedea ere kontuan hartuko da, aldeek hala adosten badute kontratuan edo transakzioan, edo, bestela, bataren zein bestearen parte den estatuaren praktikan, xede hori egokia den kontratua edo transakzioa merkataritzakoa ez dela zehazteko.

3.artikulua. Nazioarteko Zuzenbideak aitortzen dituen eta lege organiko honek aintzat hartzen ez dituen beste pribilegio eta immunitate batzuk.

Lege organiko honetan xedatutakoa Nazioarteko Zuzenbideak aurreikusitako beste edozer pribilegio eta immunitate baztertu gabe ulertuko da, zehazki, hauei aitortutakoak:

a)Estatu baten diplomazia-misioak, kontsul-bulegoak eta misio bereziak;

b)Nazioarteko erakundeak eta horiei atxikitako pertsonak; eta

c)Estatu baten jabetzakoak diren edo estatuak erabiltzen dituen makina aeroespazialak eta objektu espazialak.

I. TITULUA

Atzerriko estatuak Espainian dituen immunitateak

4.artikulua. Atzerriko estatuaren immunitateak.

Atzerriko estatuek eta beren ondasunek jurisdikzio- eta betearazpen-immunitatea izango dute Espainiako jurisdikzio-organoen aurrean, lege organiko honetan aurreikusitako baldintzetan.

I. KAPITULUA

Jurisdikzio-immunitatea

1.atala. Atzerriko estatuak ematen duen adostasuna Espainiako jurisdikzio-organoek jurisdikzioa aplika dezaten.

5.artikulua. Esanbidezko adostasuna.

Atzerriko estatuak ezingo du prozesu batean jurisdikzio-immunitatea baliarazi Espainiako jurisdikzio-organo baten aurrean, baldin eta hizpide duen gairako berariaz adostu badu aipatu jurisdikzioa aplikatzea:

a)nazioarteko akordio baten bidez;

b)idatzizko kontratu baten bidez; edo

c)auzitegi batean egindako adierazpen baten bidez edo prozesu zehatz batean egindako idatzizko komunikazio baten bidez.

6.artikulua. Isilbidezko adostasuna.

Atzerriko estatuak ezingo du jurisdikzio-immunitatea Espainiako jurisdikzio-organo baten aurrean baliarazi prozesu jakin bati dagokionez:

a)Prozesua atzerriko estatuak berak jarritako demanda edo kereila baten bidez hasi

bada;

b)Atzerriko estatuak prozesuan esku hartu badu edo egintzaren bat egin badu haren funtsari lotuta;

c)Atzerriko estatuak errekonbentzioa jarri badu harreman juridiko berean edo demanda nagusiaren egitate beretan oinarrituta; edo

d)Errekonbentzioa jarri bada harreman juridiko berean edo atzerriko estatuak jarritako demandaren egitate beretan oinarrituta.

7.artikulua. Jurisdikzioarekiko adostasunik ez dakarten portaerak.

Honako egoera hauetan ez da joko atzerriko estatuak adostasuna ematen duenik Espainiako jurisdikzio-organoek jurisdikzioa aplika dezaten prozesu jakin bati dagokionez:

a)Atzerriko estatuak prozesuan esku hartzen duenean immunitatea baliarazteko;

b)Atzerriko estatuaren ordezkari bat lekuko gisa agertzen denean prozesuan;

c)Atzerriko estatua prozesuan agertzen ez denean; edo

d)Atzerriko estatuak esanbidezko edo isilbidezko adostasuna ematen dionean prozesuaren xede den auzian Espainiako legea aplikatzeari.

8.artikulua. Adostasuna ezeztatzea.

Behin prozesua Espainiako jurisdikzio-organo baten aurrean hasi ondoren, ezin izango da ezeztatu 5. eta 6. artikuluek aipatzen duten atzerriko estatuaren adostasuna.

2.atala. Atzerriko estatuaren jurisdikzio-immunitatearen salbuespenak

9.artikulua. Merkataritza-transakzioei buruzko prozesuak.

1.Atzerriko estatuak ezingo du immunitatea Espainiako jurisdikzio-organoen aurrean baliarazi, aipatu estatuak bere nazionalitatea ez duten pertsona fisiko edo juridikoekin egindako merkataritza-transakzioei buruzko prozesuei dagokienez, suposizio hauetan izan ezik:

a)Estatuen arteko merkataritza-transakzio bat denean; edo

b)Aldeek berariaz besterik hitzartu dutenean.

2.Atzerriko estatu bat ez da merkataritza-transakzio baten parte izango, transakzioa egiten duena estatu-enpresa bat edo aipatu estatuak sortutako erakunde bat denean; betiere, enpresa edo erakunde horrek nortasun juridiko propioa badu, bai eta hauetarako gaitasuna ere:

a)Demandatzeko edo demandatua izateko; eta

b)Ondasunen jabetza edozer tituluren bitartez eskuratzeko –estatu honek ustiatzeko edo kudeatzeko baimendu dizkionak barne– bai eta horiek edukitzeko ere.

10.artikulua. Lan-kontratuei buruzko prozesuak.

1. Espainiaren eta atzerriko estatu baten arteko bestelako akordiorik ezean, azken

horrek ezingo du jurisdikzio-immunitatea Espainiako jurisdikzio-organoen aurrean baliarazi, estatu horren eta pertsona fisiko baten arteko lan-kontratu bati buruzko prozesu batean, lana Espainian egin denean edo erabat edo zati batean Espainian egin behar denean.

2.Aurreko zenbakian xedatutakoa gorabehera, atzerriko estatuak aipatu zenbakian adierazitako prozesuetan baliarazi ahal izango du jurisdikzio-immunitatea, honako suposizio hauetan:

a)Langilea botere publikoan aritzeko zereginak egiteko kontratatu denean;

b)Langilea hauetakoren bat denean:

i)Diplomazia-agente bat, 1961eko Diplomazia Harremanei buruzko Vienako Konbentzioan definitzen den bezala;

ii)Kontsul-funtzionario bat, 1963ko Kontsul Harremanei buruzko Vienako Konbentzioan definitzen den bezala; edo

iii)Misio iraunkor bateko diplomazia-langile bat nazioarteko erakunde batean, edo misio berezi bateko langile bat edo atzerriko estatua nazioarteko konferentzia batean ordezkatzeko izendatu den pertsona bat.

c)Prozesuaren helburua langilea kontratatzea edo berrartzea edo langilearen kontratua berritzea denean;

d)Prozesuaren helburua langilea kaleratzea edo langilearen kontratua deuseztatzea denean eta atzerriko estatuaren eskumeneko agintaritza batek jakinarazten duenean prozesuak bere segurtasun-interesak kaltetzen dituela;

e)Langilea atzerriko estatu bateko nazionala bada demanda jartzen den unean, salbu eta pertsona horrek ohiko egoitza Espainian baldin badu; edo

f)Atzerriko estatuak eta langileak besterik hitzartu badute idatziz, salbu eta langileak ezin badio uko egin Espainiako jurisdikzio-organoen eskumenari.

11.artikulua. Pertsonei eragindako lesioen eta ondasunei egindako kalteen ordainari buruzko prozesuak.

Espainiaren eta atzerriko estatu baten arteko bestelako akordiorik ezean, azken horrek, kalteak diruz ordaintzeko prozesu batean, ezingo du jurisdikzio-immunitatea baliarazi Espainiako jurisdikzio-organoen aurrean, aipatu estatuari ustez lepora dakiokeen egite edo

ez-egite baten ondorioz pertsona bat hil bada edo lesioak jasan baditu edo ondasunetan kalteak edo galerak gertatu badira, baldin eta:

a)Egite edo ez-egitea erabat edo zati batean Espainiako lurraldean gertatu bada; eta

b)Egite edo ez-egitearen egile materiala Espainiako lurraldean baldin bazegoen egitea edo ez-egitea gertatu zenean.

12.artikulua. Ondasunekiko eskubideak edo betebeharrak zehazteari buruzko prozesuak. Espainiaren eta atzerriko estatu baten arteko bestelako akordiorik ezean, azken horrek

ezingo du jurisdikzio-immunitatea baliarazi Espainiako jurisdikzio-organoen aurrean, honako hauek zehazteko prozesu batean:

a)Espainian kokatutako ondasun higiezinen gainean atzerriko estatuak dituen eskubide errealak, jabetza edo erabilera;

b)Aurreko letran adierazitako eskubideren baten ondorioz atzerriko estatuak dituen betebeharrak;

c)Herentzia, legatu edo bestelako ondorengotza-titulu, dohaintza edo preskripzio bidez eskuratutako ondasun higigarri edo higiezinen gainean atzerriko estatuak dituen eskubideak; edo

d)Aipatu ondasunak kudeatzeari lotuta atzerriko estatuak dituen eskubideak, fideikomiso bati badagozkio edo konkurtso-prozesu bateko masa aktibokoak badira edo likidazio-prozesuan dauden sozietateen ondarekoak badira.

13.artikulua. Jabetza intelektual edo industrialeko eskubideak zehazteari buruzko prozesuak.

Espainiaren eta atzerriko estatu baten arteko bestelako akordiorik ezean, azken horrek ezingo du jurisdikzio-immunitatea baliarazi Espainiako jurisdikzio-organoen aurrean, honako hauei buruzko prozesu batean:

a)Atzerriko estatuaren jabetza intelektual eta industrialeko eskubideak zehaztu behar direnean, baldin eta Espainiako legeriak eskubideok babesten baditu; edo

b)Atzerriko estatuak, ustez, hirugarren baten jabetza intelektual edo industrialeko eskubideak urratu dituenean, Espainiako legeriak eskubideak babesten baditu.

14.artikulua. Pertsona juridikoetan eta beste erakunde kolektibo batzuetan parte hartzeari buruzko prozesuak.

Espainiaren eta atzerriko estatu baten arteko bestelako akordiorik ezean, azken horrek ezingo du jurisdikzio-immunitatea baliarazi Espainiako jurisdikzio-organoen aurrean, irabazi-asmoa duten edo ez duten sozietate, elkarte, fundazio edo bestelako erakundeetan parte hartzeari buruzko prozesuetan, aipatu estatuak erakundearekin edo horretan parte hartzen duten gainerakoekin dituen harremanei dagozkien heinean, baldin eta erakundea:

a)Espainiako legeriari jarraikiz eratu bada edo bere administrazio nagusia edo establezimendu nagusia Espainian badago; eta

b)Nazioarteko Zuzenbideko subjektuez gain bestelako partaideak ere baditu.

15.artikulua. Estatu batenak diren edo horrek ustiatzen dituen ontzien ustiaketari edo kargamentuari buruzko prozesuak.

1. Espainiaren eta ontzi baten jabea den edo ontzia ustiatzen duen atzerriko estatu

baten arteko bestelako akordiorik ezean, azken horrek ezingo du jurisdikzio-immunitatea baliarazi Espainiako jurisdikzio-organoen aurrean, honako hauei buruzko prozesu batean:

a)Aipatu ontzia ustiatzea; zehazki, abordatzeei eta nabigazioko beste istripu batzuei buruzko ekintzak, laguntza, salbamendua, matxura larria, konponketak, hornidura eta

ontziari dagozkion beste kontratu batzuk eta itsas ingurunea kutsatzearen ondorioei buruzkoak; betiere, ekintza dakarren gertakaria gertatu zen unean, ontzia zerbitzu publiko ez-komertzialaren bestelako xede baterako erabiltzen ari bazen; edo

b)Kargamendua garraiatzea; betiere, ekintza dakarren gertakaria gertatu zen unean, kargamendua zerbitzu publiko ez-komertzialaren bestelako xede baterako baino erabiltzen ari ez bazen edo horretarako baino ez erabiltzera bideratuta bazegoen.

2.Aurreko zenbakian xedatutakoaren ondorioetarako, zera da ustiatzea: ontziaren jabetza izatea eta ontzia kontrolatu, kudeatu eta pleitatzea, dela denboraren arabera, dela bidaiaren arabera, dela ontzi-krosko hutsaren bidez edo dela beste moduren batean.

3.Prozesu batean, 1. zenbakian adierazitako ontziaren edo bere kargamenduaren izaera publiko ez-komertzialari buruzko zalantzak sortzen badira, izaera hori egiaztatzen duen ziurtagiria izango da proba osoa. Horretarako, Espainian akreditatutako atzerriko estatuaren misioburuak sinatuko du ziurtagiria edo, bestela, atzerriko estatuaren agintaritza eskudunak, baldin eta ez badu Espainiako estatuan akreditatutako misiorik.

4.Atzerriko gerraontziei eta estatu-ontziei ez zaie inola ere aplikatuko 1. zenbakian xedatutakoa, immunitatea izango baitute ondorio guztietarako.

16.artikulua. Arbitraje-hitzarmen baten ondorioei buruzko prozesuak.

Atzerriko estatu batek merkataritza-transakzio bati buruzko eztabaida arbitrajearen

menpe jartzea hitzartu badu beste estatu bateko pertsona natural edo juridiko nazional batekin, aldeek bestelako akordiorik egin ezean arbitraje-hitzarmenean edo -klausulan, estatuak ezingo du immunitatea Espainiako jurisdikzio-organoaren aurrean baliarazi, honako hauei buruzko prozesu batean:

a)Arbitraje-klausularen edo -hitzarmenaren baliotasuna, interpretazioa edo aplikazioa;

b)Arbitraje-prozedura, arbitroen izendapen judiziala barne;

c)Arbitraje-laudoaren berrespena, baliogabetzea edo berrikuspena; edo

d)Atzerriko laudoen ondorioen aintzatespena.

II. KAPITULUA

Betearazpen-immunitatea

17.artikulua. Atzerriko estatuak betearazpen-neurrien aurrean duen immunitatea.

1.Espainiako jurisdikzio-organoek ez dute betearazpen-neurririk edo bestelako neurri hertsagarririk hartuko atzerriko estatuaren ondasunen kontra, ez ebazpen judizialaren aurretik, ez ondoren, non eta aipatu estatuak ez duen adostu, esanbidez edo isilbidez.

2.Ebazpen judizialaren ondoren, Espainiako jurisdikzio-organoek betearazpen- neurriak hartu ahal izango dituzte, baldin eta zehazten badute horien xede diren ondasunak xede publiko ez-komertzialez bestelako xedeetarako erabiltzen dituela edo erabiliko dituela estatuak; betiere, Espainiako lurraldean badaude eta estatuarekin —zeinaren kontra hasi baiten prozesua— loturarik badute, auzia ekarri duenaren bestelako jarduera baterako erabiliko badira ere.

18.artikulua. Betearazpen-neurriak hartzeko adostasuna.

1.Aurreko artikuluan aipatzen den atzerriko estatuaren esanbidezko adostasuna honako hauetakoren batean jaso beharko da:

a)nazioarteko akordio batean;

b)idatzizko kontratu batean; edo

c)auzitegi batean egindako adierazpen batean edo prozesu zehatz batean egindako idatzizko komunikazio batean.

2.Aurreko artikuluaren ondorioetarako, atzerriko estatuak bere jabetzako ondasunak prozesuaren xedearen demandari erantzuteko bideratu dituenean soilik ulertuko da isilbidezko adostasuna dagoela.

3.Jurisdikzioa aplikatzeko atzerriko estatuaren adostasunak, 5. eta 6. artikuluetan adierazitakoak, ez du inola ere ekarriko betearazpen-neurriak hartzeko adostasunik.

19.artikulua. Betearazpen-neurriak hartzeko adostasuna ezeztatzea.

Atzerriko estatuaren adostasuna, aurreko artikuluan adierazitakoa, ezin izango da

ezeztatu behin prozesua Espainiako jurisdikzio-organo baten aurrean hasi ondoren.

20.artikulua. Xede publiko ez-komertzialetara bideratutako estatuaren ondasunak.

1.Atzerriko estatuaren jabetzakoak diren ondasunetatik edo estatuak dituen edo kontrolatzen dituenetatik, honako hauek izango dira berariaz xede publiko ez-komertzialetarako erabiltzen direnak edo horretarako erabiliko direnak:

a)Estatuaren diplomazia-misioaren edo kontsul-bulegoen, misio berezien, nazioarteko erakundeetako ordezkaritza iraunkorren edo nazioarteko erakundeen organoetako eta nazioarteko konferentzietako ordezkaritzen zereginak egiteko erabiltzen diren edo erabiliko diren ondasunak, banku-kontuak barne;

b)Estatuaren ondasun militarrak edo zeregin militarretarako erabiltzen direnak edo erabiliko direnak;

c)Estatuaren banku zentralaren edo beste moneta-agintaritza baten ondasunak, erakunde horien berezko xedeetara bideratzen direnak;

d)Estatuaren ondare kulturalaren edo artxiboen parte diren ondasunak, edo zientzia-, kultura- edo historia-intereseko objektuen erakusketa batenak; betiere, salmentan jarri ez badira edo jarriko ez badira; eta

e)Estatu-ontzi eta -aireontziak.

2.Aurreko zenbakiren a) puntuan xedatutakoa ez zaie aplikatuko xede publiko ez-komertzialez bestelako xedeetara baino bideratzen ez diren banku-kontuei.

3.Artikulu honetan adierazitako ondasunei ezin dakieke betearazpen-neurririk aplikatu, salbu eta atzerriko estatuak horretarako adostasuna eman badu.

II. TITULUA

Atzerriko estatuaren estatuburuaren, gobernuburuaren eta Kanpo Arazoetako

ministroaren pribilegio eta immunitateak

I. KAPITULUA

Diharduen estatuburuaren, gobernuburuaren eta Kanpo Arazoetako ministroaren

bortxaezintasuna eta immunitateak

21.artikulua. Bortxaezintasuna.

1.Atzerriko estatuaren estatuburua, gobernuburua eta Kanpo Arazoetako ministroa bortxaezinak izango dira Espainiako lurraldean daudenean, agintaldi osoan, misio ofizialean nahiz bisita pribatuan badaude. Ezingo dira atxilotu; errespetu osoz tratatuko dira, eta behar beste neurri hartuko dira haien kontrako edo haien askatasunaren edo duintasunaren kontrako edozer eraso saihesteko.

2.Bortxaezina izango da, orobat, Espainian duten egoitza, bai, halaber, beren korrespondentzia eta ondasunak eta erabiltzen dituzten garraiobideak ere.

22.artikulua. Jurisdikzio- eta betearazpen-immunitatea.

1.Kapitulu honetan adierazitako pertsonek jurisdikzio- eta betearazpen-immunitatea izango dute ordena guztietako Espainiako jurisdikzio-organoen aurrean, agintaldi osoan, Espainian daudenean nahiz atzerrian daudenean. Espainian daudenean, bidaia ofizialetan nahiz bisita pribatuetan izango dute immunitatea, egintza ofizial edo pribatuei lotutako akzio judizialak badira edo agintaldia baino lehen edo agintaldian egindako egintzei lotutakoak badira.

2.Ez dute lekuko gisa agertu behar izango Espainiako jurisdikzio-organoen ardurakoak diren prozesuetan.

II. KAPITULUA

Estatuburu, gobernuburu eta Kanpo Arazoetako ministro ohien immunitateak

23.artikulua. Agintaldian egindako egintza ofizialei dagokien immunitatearen jarraipena.

1.Estatuburu, gobernuburu eta Kanpo Arazoetako ministro ohiek, agintaldia amaitzean, zigor-immunitatea izaten jarraituko dute, alabaina agintaldian beren zeregin ofizialetan zihardutela egindako egintzei dagokienez soilik, Nazioarteko Zuzenbideak zehazten duen irismenarekin. Nolanahi ere, immunitatetik at geldituko dira genozidioko, nahitaezko desagertzeko, gerrako eta gizateriaren aurkako krimenak.

2.Halaber, immunitatea izaten jarraituko dute arlo zibilean, laboralean, administratiboan, merkataritza-arloan eta arlo fiskalean, betiere agintaldian zeregin ofizialetan zihardutela egindako egintzei dagokienez eta 9. artikulutik 16.era aurreikusitako salbuespenekin.

24.artikulua. Agintaldian modu pribatuan egindako egintzei buruzko jurisdikzioa.

Kapitulu honetan adierazitako pertsonek, agintaldia amaitu ondoren, ezingo dute immunitatea Espainiako jurisdikzio-organoen aurrean baliarazi, agintaldian zeregin ofizialetan ez ziharduteneko egintzekin lotutako akzioak direnean.

25.artikulua. Agintaldia hasi baino lehenagoko egintzei buruzko jurisdikzioa.

Kapitulu honetan adierazitako pertsonek, agintaldia amaitu ondoren, ezingo dute jurisdikzio- eta betearazpen-immunitatea Espainiako jurisdikzio-organoen aurrean baliarazi, agintaldia hasi baino lehenagoko egintzei dagokienez.

III. KAPITULUA

Xedapen erkideak

26.artikulua. Elkarrekikotasuna, estatuburuen, gobernuburuen eta Kanpo Arazoetako ministroen immunitatea aplikatzeko orduan.

Nazioarteko Zuzenbideak galarazi ezean, ukatu edo mugatu egin ahal izango da estatuburuen, gobernuburuen eta Kanpo Arazoetako ministroen immunitatea edo iraganean kargu horiek izan dituzten pertsonena, elkarrekikotasun-printzipioari jarraikiz.

27.artikulua. Estatuburuen, gobernuburuen eta Kanpo Arazoetako ministroen immunitateari uko egitea.

1.Atzerriko estatuak uko egin ahal izango dio estatuburuek, gobernuburuek eta Kanpo Arazoetako ministroek edo iraganean kargu horiek izan dituzten pertsonek Espainiako jurisdikzio-organoen aurrean duten jurisdikzio-immunitateari.

2.Ukoak esanbidezkoa izan beharko du beti.

3.Immunitatea duen edozer pertsonak, titulu honetan xedatutakoarekin bat, akzio judizial bat hasiko balu, ezingo luke jurisdikzio-immunitatea baliarazi demanda nagusiari zuzenean lotutako edozer errekonbentziori dagokionez.

4.Jurisdikzio-immunitateari uko egiteak ez du ekarriko betearazpen-immunitateari uko egitea; horretarako, beste esanbidezko uko bat beharko da.

28.artikulua. Ukoa ezeztatzea.

Atzerriko estatuaren ukoa, aurreko artikuluan adierazitakoa, ezin izango da ezeztatu

behin prozesua Espainiako jurisdikzio-organo baten aurrean hasi ondoren.

29.artikulua. Nazioarteko krimenak.

Titulu honetan xedatutakoak ez die eragingo ez Espainiak nazioarteko krimenak epaitzeko onartutako nazioarteko betebeharrei, ez Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin dituen konpromisoei.

III. TITULUA

Gerraontzien eta estatu-ontzi eta -aireontzien immunitateak

30.artikulua. Gerraontzien eta estatu-ontzien immunitatea.

Estatu interesdunek besterik adostu ezean, atzerriko gerraontziek eta estatu-ontziek jurisdikzio- eta betearazpen-immunitatea izango dute Espainiako jurisdikzio-organoen aurrean, are Espainiaren barruko uretan edo Espainiaren jurisdikziopeko uretan daudenean ere.

31.artikulua. Estatu-aireontzien immunitatea.

Atzerriko estatu-aireontziek, lege organiko honetan definitzen diren bezala, jurisdikzio- eta betearazpen-immunitatea izango dute Espainiako jurisdikzio-organoen aurrean, are Espainiaren aireko edo lurreko espazioan daudenean ere.

32.artikulua. Atzerriko estatuaren adostasuna jurisdikzioa aplikatzeko edo betearazpen- neurriak hartzeko.

Gerraontziei eta estatu-ontzi eta -aireontziei dagokienez, 5. artikulutik 8.era eta 18. eta

19.artikuluetan xedatutakoaren arabera arautuko da Espainiako jurisdikzio-organoen eskutik jurisdikzioa aplikatzeko edo betearazpen-neurriak hartzeko atzerriko estatuak eman beharreko adostasuna, baldin eta ontziok immunitatea badute lege organiko honetan zehaztutakoari jarraikiz.

IV. TITULUA

Indar armatu bisitarien estatutua

33.artikulua. Indar armatu bisitarien, haien langile militar eta zibilen eta haien ondasunen estatutua.

1.NATOko edo Bakerako Elkarteko estatu kide bateko indar armatu bisitariei, haien langile militar eta zibilei eta haien ondasunei, Espainiako lurraldean daudenean Espainiak gonbidatuta edo Espainiaren adostasunarekin, Ipar Atlantikoko Tratatuaren Estatu Kideen arteko 1951ko ekainaren 19ko Hitzarmenaren xedapenak aplikatuko zaizkie, hitzarmen horretan zehaztu baitzen estatu kideetako indarren estatutua.

2.Atzerriko beste edozein estatuko indar armatu bisitariei, haien langile militar eta zibilei eta haien ondasunei, berriz, Espainiako lurraldean daudenean Espainiak gonbidatuta edo Espainiaren adostasunarekin, erabat edo partzialki aplikatuko zaizkie Ipar Atlantikoko

Tratatuaren Estatu Kideen arteko 1951ko ekainaren 19ko Hitzarmenaren xedapenak, hitzarmen horretan zehaztu baitzen estatu kideetako indarren estatutua. Horretarako, elkarrekikotasun-printzipioa beteko da, bai eta Espainiako Defentsa Ministerioak eta atzerriko estatuko homologoak xede horretarako sinatuko duten akordioa ere.

3.Indar armatu bisitariak, haien langile militar eta zibilak eta haien ondasunak Espainiako subiranotasunpeko lurraldearen edozein tokitan daudela ere aplikatuko zaizkio artikulu honetako xedapenak —bai bertan kokatuta badaude, bai bertatik igarotzen ari badira—, Espainiaren ontzi eta aireontziei bezalaxe.

V. TITULUA

Espainian egoitza edo bulegoa duten nazioarteko erakundeen pribilegio eta

immunitateak

34.artikulua. Nazioarteko erakundeen bortxaezintasuna.

1.Nazioarteko erakundeen lokalak —jabea edozein dela ere—, haien artxiboak, korrespondentzia ofiziala eta, oro har, haienak diren edo haien esku dauden eta erabilera ofizialerako diren dokumentu guztiak bortxaezinak izango dira, dauden tokian daudela ere.

2.Nazioarteko erakundeek Espainian dituzten lokalak, garraiobideak eta ondasunak ezingo dira ez erregistratu, ez konfiskatu, ezta desjabetu ere; era berean, ezin izango zaie bestelako neurri hertsatzailerik ezarri betearazte-, administrazio-, epai- edo legegintza- arloetan.

35.artikulua. Nazioarteko erakundeen immunitatea.

1.Nazioarteko akordio aldebiko edo aldeaniztun aplikagarririk ezean, nazioarteko erakundeek jurisdikzio- eta betearazpen-immunitatea izango dute Espainiako jurisdikzio- organoen aurrean, beren zereginak egiteari lotutako edozer jarduerari dagokionez, lege organiko honetan zehaztutako baldintzetan.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, zuzenbide pribatuko prozedurak direnean edo nazioarteko erakundeetako langileei lotutako lan-arloko prozesuak direnean, langileok ezingo dute immunitatea baliarazi, non eta ez duten egiaztatzen eztabaida konpontzeko bestelako mekanismorik dutela, dela eratzeko tratatuan, estatutuetan, barne- erregelamenduan, dela nazioarteko erakundeei aplika dakiekeen beste edozer tresnatan aurreikusitakoa.

2.Bestelako akordiorik ezean, nazioarteko erakundeek ez dute 1. zenbakian aurreikusitako immunitaterik izango akzio zibilei dagokienez, ez erakundearenak diren edo erakundeak bere onurarako erabiltzen dituen ibilgailu motordunek eragindako istripuen ondoriozko kalteak direla-eta hirugarrenek hasitakoak, ez ibilgailuok tartean direla zirkulazioko arauetan izandako arau-hausteekin erlazionatutakoak.

36.artikulua. Nazioarteko erakundeen barruko langileak.

1.Nazioarteko erakundeen Espainiako ordezkari nagusiak Nazioarteko Zuzenbideak diplomazia-misioetako buruei ematen dien immunitatea izango du. Era berean, bere kargupeko senideek ere immunitatea izango dute, nazionalitate espainiarra ez duten eta ohiko egoitza Espainian ez daukaten heinean. Gainera, bortxaezinak izango dira, bai beren burua, bai beren egoitza, korrespondentzia eta ekipajea ere.

2.Erakundearen ordezkari nagusia aldi baterako ordezkatuko duen pertsonak aurreko zenbakian adierazitako immunitatea izango du ordezkapenak irauten duen bitartean.

3.Nazioarteko erakundeetako gainerako langileek, edozer nazionalitate dutela ere, jurisdikzio-immunitatea izango dute, eta ezingo dira atxilotu, beren zereginetan dihardutela esandako, idatzitako edo egindakoei dagokienez.

4.Nazioarteko erakundeek, berariazko misioak egiteko aldi baterako kontratatzen dituzten adituek eta bestelako pertsonek jurisdikzio-immunitatea izango dute, eta ezingo dira

inola ere atxilotu, beren zereginetan dihardutela esandako, idatzitako edo egindakoei dagokienez.

5.Artikulu honetan adierazitako jurisdikzio-immunitateak ordezkari, langile, aditu edo kontratatu izateari utzi ondoren ere jarraituko du, bere kargualdian karguari zegozkion zereginetan ziharduela egindako ekintzei dagokienez.

37.artikulua. Nazioarteko erakundeen adostasuna Espainiako jurisdikzio-organoek jurisdikzioa aplikatzeko.

1.Nazioarteko erakundeek ezingo dute jurisdikzio-immunitatea baliarazi Espainiako jurisdikzio-organo baten aurrean, baldin eta berariaz adostu badute aipatu jurisdikzioa aplikatzea delako gai horretarako:

a)nazioarteko akordio bidez;

b)idatzizko kontratu bidez; edo

c)auzitegi batean egindako adierazpen baten bidez edo prozesu zehatz batean egindako idatzizko komunikazio baten bidez.

2.Nazioarteko erakundeek ezingo dute jurisdikzio-immunitatea Espainiako jurisdikzio- organo batean aurrean baliarazi prozesu jakin bati dagokionez:

a)Prozesua erakundeak berak jarritako demanda edo kereila baten bidez hasi bada;

b)Nazioarteko erakundeak prozesuaren funtsari lotutako edozer egintza egin badu;

c)Nazioarteko erakundeak errekonbentzioa jarri badu harreman juridiko berean edo demanda nagusiaren egitate beretan oinarrituta; edo

d)Errekonbentzioa jarri bada harreman juridiko berean edo nazioarteko erakundeak jarritako demandaren egitate beretan oinarrituta.

3.Nazioarteko erakundeak partaide diren kontratu batean Espainiako jurisdikzio- organo arrunt baten jurisdikzioa aitortzen duen klausula bat sartuz gero, jurisdikzio- immunitateari uko egitea eragingo du horrek.

38.artikulua. Jurisdikzioarekiko adostasunik ez dakarten portaerak.

Honako egoera hauetan ez da joko nazioarteko erakundea ados dagoenik Espainiako

jurisdikzio-organoek jurisdikzioa aplikatzearekin prozesu jakin bati dagokionez:

a)Nazioarteko erakundeak prozesuan esku hartzen badu immunitatea baliarazteko;

b)Nazioarteko erakundearen ordezkari bat agertzen bada prozesuan lekuko gisa;

c)Nazioarteko erakundea prozesuan agertzen ez bada; edo

d)Nazioarteko erakundeak esanbidezko edo isilbidezko adostasuna ematen badio prozesuaren xede den auzian Espainiako legea aplikatzeari.

39.artikulua. Adostasuna ezeztatzea.

Nazioarteko erakundearen adostasuna, 37. artikuluan adierazitakoa, ezin izango da ezeztatu behin prozesua Espainiako jurisdikzio-organo baten aurrean hasi ondoren.

40.artikulua. Estatu kideek eta estatu behatzaileek nazioarteko erakundeetan dituzten ordezkariak.

1.Espainian akreditatutako diplomazia-misioetako buruentzat adostutako immunitatea izango dute nazioarteko erakundeetako ordezkari iraunkorrek eta behaketa- misioetako buruek, eta beren kargupeko senideek ere immunitate hori bera izango dute nazionalitate espainiarra ez duten eta ohiko egoitza Espainian eduki ez daukaten heinean. Gainera, bortxaezinak izango dira, bai beren burua, bai beren egoitza, korrespondentzia eta ekipajea ere.

2.Diplomazia-agenteek Espainian duten immunitatea izango dute Estatu kideek eta estatu behatzaileek nazioarteko erakundeetan duten ordezkaritzaren diplomazia-langileek,

eta beren kargupeko senideek ere immunitate hori bera izango dute nazionalitate espainiarra ez duten eta ohiko egoitza Espainian eduki ez daukaten heinean. Gainera, bortxaezinak izango dira, bai beren burua, bai beren egoitza, korrespondentzia eta ekipajea ere.

3.Estatu kideek eta estatu behatzaileek nazioarteko erakundeetan dituzten ordezkaritzen gainerako kideek jurisdikzio- eta atxilotze-immunitatea izango dute, beren zereginetan dihardutela esandako, idatzitako edo egindakoei dagokienez.

41.artikulua. Jurisdikzioa aplikatzeko eta betearazpen-neurriak hartzeko atzerriko estatuaren adostasuna.

Espainiako jurisdikzio-organoek, ordezkaritza iraunkorrei edo behaketakoei eta beren langileei dagokienez, jurisdikzioa aplikatzeko edo betearazpen-neurriak hartzeko atzerriko estatuaren adostasuna 5.etik 8.era bitarteko artikuluetan eta 18. eta 19. artikuluetan xedatutakoaren arabera arautuko da, hori arautuko duen nazioarteko akordiorik ezean.

VI. TITULUA

Nazioarteko konferentzia eta bilerei aplika dakizkiekeen pribilegio eta immunitateak

42.artikulua. Aplikazio-eremua.

1.Espainiak berariazko akordiorik egin ezean, titulu honetan zehaztutako araubideak arautuko ditu Espainian egingo diren nazioarteko konferentzia eta bilerei —edozer izendapen dutela ere— aplika dakizkiekeen pribilegio eta immunitateak.

2.Espainiak gaiari buruzko berariazko akordiorik egin badu, aipatu akordioan xedatutakoa izango da araubide aplikagarria eta, ordezko modura, lege organiko honetan zehaztutakoa.

43.artikulua. Pribilegio eta immunitateen iraupena.

Oro har, pribilegio eta immunitateek nazioarteko konferentzia edo bilera osoa iraungo dute, bai eta horiek hasi aurreko hamar egunak eta horiek amaitu ondorengo bost egunak ere.

44.artikulua. Nazioarteko konferentzia eta bilera egiteko erraztasun, pribilegio eta immunitateak.

1.Nazioarteko konferentzia edo bilerari egokitutako lokalak —jabea edozein dela ere— bortxaezinak izango dira. Espainiako agintaritzen agenteak ezingo dira horietan sartu erakundearen agintari nagusiaren edo baimendutako ordezkariaren esanbidezko adostasunik gabe; dena den, suteetan edo antzeko larrialdietan, adostasuna dagoela ulertuko da.

2.Ezingo da nazioarteko konferentzia edo bilerari egokitutako lokalik, garraiobiderik, artxiborik, dokumenturik eta ondasunik erregistratu, konfiskatu edo desjabetu, ez eta horiei bestelako betearazpen-, administrazio-, epai- edo legegintza-neurri hertsatzailerik ezarri ere.

3.Erakundeak nazioarteko konferentzia edo bilera egiteko emandako material administratibo, tekniko eta zientifikoa, argitalpenak eta erakundeak lan egiteko erabiltzen dituen gainerako dokumentu ofizialak, eta erakundearen goi-funtzionarioek eskaintzen edo jasotzen dituzten ohiko opariak aduana-eskubideetatik eta inportazio-tasetatik salbuetsita egongo dira, Europar Batasunaren aduana-araudiak baimentzen dituen kasu eta baldintzetan, betiere erakundeak ekitaldia amaitu eta gero berriro esportatzeko konpromisoa hartzen badu; salbuespen dira in situ kontsumitutakoak.

4.Erakundearen nazioarteko konferentzia edo bilerako ordezkari nagusiak eta ekitaldiaren presidenteak, baldin eta pertsona bera ez badira, diplomazia-misioetako buruek Espainian dituzten prerrogatiba eta pribilegioak izango dituzte. Haiekin dauden senideek ere

izango dituzte prerrogatiba eta pribilegiook, baldin eta nazionalitate espainiarra ez badute eta ohiko egoitza Espainian ez badute.

45.artikulua. Nazioarteko konferentziara edo bilerara gonbidatutako estatuen ordezkaritzak.

1.Diplomazia-misioetako buruek Espainian dituzten prerrogatiba eta pribilegioak izango ditu ordezkaritzako buruak.

2.Gonbidatutako estatuen ordezkaritzako langileek diplomazia-agenteei Espainian aitortzen zaizkien prerrogatiba eta pribilegioak izango dituzte, 4. zenbakian aurreikusitako salbuespena salbu. Nazioarteko konferentzia edo bilera hasi baino lehen, langileon izen- abizenak jakinarazi behar zaizkio Espainiako Gobernuari bide diplomatikoz.

3.Ordezkaritzako gainerako kideek jurisdikzio-immunitatea izango dute, eta ezingo dira atxilotu nazioarteko konferentzia edo bilerari lotuta esandako, idatzitako eta egindakoei dagokienez.

4.Nolanahi ere, 2. zenbakian xedatutakoa gorabehera, ordezkaritzetako langileek ez dute immunitaterik izango akzio zibilei dagokienez, ez ibilgailu motordunek eragindako istripuen ondoriozko kalteak direla-eta hirugarrenek hasitakoak direnean, ez ibilgailuok tartean dauden zirkulazioko arau-hausteekin erlazionatutakoak direnean.

5.Ordezkaritzei egokitutako lokalak —jabea edozein dela ere— bortxaezinak izango dira. Espainiako agintaritzen agenteek ezingo dute horietan sartu ordezkaritzako buruaren edo hori ordezkatuko duenaren esanbidezko adostasunik gabe; dena den, suteetan edo antzeko larrialdietan, adostasuna dagoela ulertuko da.

6.Ezingo da lokalik, garraiobiderik, artxiborik eta dokumenturik erregistratu, konfiskatu edo desjabetu, ez eta horiei bestelako betearazpen-, administrazio-, epai- edo legegintza-neurri hertsatzailerik ezarri ere.

7.Ordezkaritzen komunikazio askea baimenduko da nazioarteko konferentzia edo bilerarekin lotutako xede guztietarako. Horretarako, komunikabide egoki guztiak erabili ahal izango dituzte, posta diplomatikoa, baliza diplomatikoa eta mezu kodetu edo zifratuak barne.

8.Nazioarteko konferentzia edo bilera egiteko material administratibo eta teknikoa, argitalpenak eta ordezkaritzak lan egiteko erabiltzen dituen gainerako dokumentu ofizialak, eta eskaintzen edo jasotzen diren ohiko opariak aduana-eskubideetatik eta inportazio- tasetatik salbuetsita egongo dira, Europar Batasunaren aduana-araudiak baimentzen dituen kasu eta baldintzetan, betiere ordezkaritza bidaltzen duen atzerriko estatuak ekitaldia amaitu eta gero berriro esportatzeko konpromisoa hartzen badu.

46.artikulua. Erakundearen beste gonbidatu eta funtzionario batzuk.

Estatuen ordezkaritzen parte ez diren nazioarteko konferentzia edo bilerako gonbidatuak eta ekitaldian edo ekitaldiaren antolamenduan parte hartzeko Espainiara joandako erakundeko langileak, baldin eta nazionalitate espainiarra ez badute eta ohiko egoitza Espainian ez badute, ezingo dira atxilotu, eta ezingo zaie beren ekipajea konfiskatu, delitu goriko kasuetan izan ezik. Gainera, jurisdikzio-immunitatea izango dute nazioarteko konferentzia edo bilerari lotuta esandako, idatzitako edo egindakoei dagokienez.

47.artikulua. Nazio Batuek edo erakunde espezializatuek antolatzen dituzten nazioarteko konferentzia edo bilerak.

1.Nazio Batuek edo beren erakunde espezializatuetako batek nazioarteko konferentzia edo bilera bat antolatzen badute Espainian, Espainiako Gobernuak gonbidatuta, horrekin lankidetzan edo horren adostasunarekin, Nazio Batuen pribilegio eta immunitateei buruzko Konbentzioan aurreikusitako pribilegio- eta immunitate-araubidea aplikatuko da —Batzar Nagusiak onartua 1946ko otsailaren 13an—, edo, bestela, erakunde espezializatuen pribilegio eta immunitateei buruzko Konbentzioan aurreikusitako araubidea —Batzar Nagusiak onartua 1947ko azaroaren 21ean—, ondorengo zenbakietan adierazi bezala.

2.Erakundearen edo organismoaren estatu kideen ordezkariek, baldin eta erakunde edo organismoak beren izen-abizenak jakinarazi badizkio Espainiako Gobernuari bide diplomatikoz nazioarteko konferentzia edo bilera hasi baino lehen, Nazio Batzuen pribilegio eta immunitateei buruzko 1946ko Konbentzioaren IV. artikuluan aurreikusitako prerrogatiba eta immunitateak izango dituzte edo, bestela, erakunde espezializatuen pribilegio eta immunitateei buruzko 1947ko Konbentzioaren V. artikuluan aurreikusitakoak, dagokion bezala.

3.Nazioarteko konferentzia edo bilerako parte-hartzaileek, aurreko artikuluan adierazitako estatu kideetako ordezkariak ez badira, eta gonbitea Nazio Batuetatik edo dagokion erakunde espezializatu antolatzailetik jaso badute edo Espainiako Gobernutik edo bi bideetatik, eta haien izen-abizenak ekitaldia hasi baino lehen jakinarazi bazaizkio Espainiako Gobernuari bide diplomatikoz, Nazio Batuen misioen parte diren adituen prerrogatiba eta immunitateak izango dituzte, Nazio Batuen pribilegio eta immunitateei buruzko 1946ko Konbentzioaren VI. artikuluan aurreikusitako moduan.

4.Nazioarteko konferentzia edo bileran parte hartuko duten edo horrekin lotutako funtzioak egingo dituzten Nazio Batuetako edo beren erakunde espezializatuetako funtzionarioek, baldin eta beren izen-abizenak jakinarazi bazaizkio Espainiako Gobernuari ekitaldia hasi baino lehen, 1946ko Konbentzioaren V. eta VII. artikuluetako eta 1947ko Konbentzioaren VI. eta VIII. artikuluetako prerrogatiba eta immunitateak izango dituzte, hurrenez hurren.

5.Ordezko modura, titulu honetan xedatutakoa aplikatuko da.

48.artikulua. Europar Batasunak antolatzen dituen nazioarteko konferentzia edo bilerak. Europar Batasunak edo bere erakunde, organo edo organismoren batek nazioarteko

konferentzia edo bilera bat antolatzen badu Espainian, Espainiako Gobernuak gonbidatuta, horrekin lankidetzan edo horren adostasunarekin, Europar Batasunaren pribilegio eta immunitateei buruzko 7 zk.ko Protokoloan aurreikusitako pribilegio- eta immunitate- araubidea aplikatuko da, eta, ordezko modura, titulu honetan xedatutakoa.

VII. TITULUA

Prozedurazko gaiak

49.artikulua. Jurisdikzio-organoek immunitatea ofizioz erabakitzea.

Espainiako jurisdikzio-organoek ofizioz erabakiko dituzte lege organiko honetan adierazitako immunitateari buruzko gaiak, eta, demanda edo kereila bat jartzen denean edo prozesua beste moduren batera hasten denean edo lege organiko honekin bat immunitatea duten erakunde, pertsona edo ondasunekiko betearazpen-neurri bat eskatzen denean, ez dute beren esku jarriko diren gaien ardura hartuko.

50.artikulua. Immunitatea eskatzea.

Jurisdikzio-immunitateari isilbidez uko egin ezean eta prozedura mota gorabehera, atzerriko estatuak deklinatoriaren bidetik baliarazi ahal izango du immunitate hori, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 63. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat, salbuespen izanik 64. artikuluaren 1. zenbakian aurreikusitako epeak.

51.artikulua. Estatuen, nazioarteko erakundeen edo immunitatea duten pertsonen kontra hasitako prozesua.

Lege organiko honen ondorioetarako, ulertuko da prozesu bat hasi dela Espainiako jurisdikzio-organoen aurrean lege organiko honi jarraikiz immunitatea duten erakunde edo pertsonen kontra, baldin eta horietakoren bat ageri bada prozesuaren xede den parte gisa.

52.artikulua. Atzerriko estatuei zuzendutako jakinarazpen judizialak.

Arlo Zibileko Nazioarteko Lankidetza Juridikoaren uztailaren 30eko 29/2015 Legean aurreikusitako moduan egingo dira deiak, zitazioak, errekerimenduak eta atzerriko estatuei zuzendutako bestelako jakinarazpen-egintza judizialak, bai eta Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioari atzerriko estatu baten kontrako edozer prozeduraren jakinarazpena ere, hark jurisdikzio- eta betearazpen-immunitateari buruzko gaiei lotutako txostena eman dezan —eta horretarako baino ez—.

53.artikulua. Atzerriko estatuen eta nazioarteko erakundeen jakinarazpenak.

Bide diplomatikoz egingo dira, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren bitartez, Espainiako jurisdikzio-organoek jurisdikzioa aplikatzeko esanbidezko adostasuna adierazteko atzerriko estatuen jakinarazpenak edo lege organiko honetan aurreikusitako kasu guztietako immunitateari uko egitekoak, bai eta xede bera duten nazioarteko erakundeen jakinarazpenak ere.

54.artikulua. Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren eta Espainiako jurisdikzio-organoen arteko jakinarazpen-prozedura.

1.Diplomazia-misioari edo Espainiaren dagokion ordezkaritza iraunkorrari igorriko dio Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak jurisdikzio-organoaren deia edo jakinarazpena, atzerriko estatuko kanpo-arazoetako ministerioaren edo nazioarteko erakundearen organo eskudunaren esku jartzeko.

2.Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak Arlo Zibileko Nazioarteko Lankidetza Juridikoaren uztailaren 30eko 29/2015 Legearen 27. artikuluan aurreikusitako txosten ez-loteslea igorriko dio jurisdikzio-organo eskudunari, bai eta atzerriko estatu batek edo nazioarteko erakunde batek Espainian hasitako prozesu bati lotuta bide diplomatikoz igortzen dion immunitate-arloko edozer jakinarazpen ere.

3.Jurisdikzio-organo eskudunak Arlo Zibileko Nazioarteko Lankidetza Juridikoaren uztailaren 30eko 29/2015 Legearen 27. artikuluan aurreikusitako txostenaren eskakizunak eta atzerriko estatuari zuzendutako jakinarazpenak igorriko dizkio Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioari, ahal bezain azkar.

55.artikulua. Auzi-ihesean emandako epaiak.

Espainiako jurisdikzio-organoek ez dute auzi-ihesean epairik emango atzerriko estatuaren edo nazioarteko erakundearen kontra, honako baldintza hauetan ez bada:

a)Jakinarazpen-betekizunak betetzea;

b)Demandaren edo prozesua hasteko beste dokumentu baten jakinarazpena jaso denetik kontatzen hasita, lau hilabeteko epea igarotzea; eta

c)Lege organiko honek jurisdikzioa aplikatzea ez galaraztea.

56.artikulua. Atzerriko estatuek eta nazioarteko erakundeek prozesua gauzatu bitartean dituzten pribilegio eta immunitateak.

1.Espainiako jurisdikzio-organo batek egintzaren bat egiteko edo ez egiteko, edozer dokumentu aurkezteko edo beste edozer informazioren berri emateko eska dakioke atzerriko estatuari edo nazioarteko erakundeari, prozesuaren ondorioetarako, eta, errekerimenduok betetzen ez baditu, gaiaren funtsari lotuta halako jokabidea edukitzeagatik dagozkion ondorioak baino ez ditu izango. Zehazki, ez zaio zehapenik edo zigorrik ezarriko errekerimendu hori bete ez duen edo betetzeari uko egin dion estatu edo nazioarteko erakundeari.

2.Atzerriko estatuek edo nazioarteko erakundeek ez dute kauzio, fidantza edo gordailurik aurkeztu beharrik izango Espainiako jurisdikzio-organo baten aurrean alderdi demandatu direneko edozer prozesuren kostu edo gastu judizialak ordain ditzaketela bermatzeko.

Xedapen gehigarri bakarra. Nazioarteko Zuzenbideko beste subjektu batzuei komunikatzea.

Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioak Espainiarekin harremanetan dauden Nazioarteko Zuzenbideko subjektu guztiei emango die lege organiko honen berri, barnean direla Espainiaren partaidetza duten nazioarteko erakundeak.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira lege organiko honen aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua.

Konstituzioak 149.1.3. eta 149.1.6. artikuluen bidez Estatuari nazioarteko harremanen eta legeria prozesalaren arloan esleitutako eskumen esklusiboak gauzatzeko ematen da lege organiko hau.

Azken xedapenetatik bigarrena. Legearen artikulu jakin batzuen izaera arrunta.

Lege hau organikoa bada ere, 49. artikulutik 55.era bitartekoak eta azken xedapenetatik laugarrena arruntak dira.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzea.

Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 21.2 artikulua honela idatzita geratzen da:

«2. Nolanahi ere, ez dute Espainiako legeriari eta Nazioarteko Zuzenbide publikoaren arauei jarraikiz jurisdikzio- eta betearazpen-immunitatea duten subjektu edo ondasunekiko egindako uzien ardura hartuko.»

Azken xedapenetatik laugarrena. Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea aldatzea.

Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 36. artikuluaren 2. zenbakiaren

1. inguruabarra honela idatzita geratzen da:

«1. Demanda aurkeztu edo betearazpena eskatu denean Espainiako legeriaren eta Nazioarteko Zuzenbide publikoaren arabera jurisdikzio- edo betearazpen- immunitatea duten subjektu eta ondasunei dagokienez.»

Azken xedapenetatik bosgarrena. Araudia garatzea.

Baimena ematen zaio Gobernuari lege organiko honetan zehaztutakoa behar bezala garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetatik seigarrena. Nazioarteko tratatuen lehentasuna.

Lege organiko honek eta Espainiako Erresuma partaide duen nazioarteko tratatu batean jasotako aurreikuspenek eremu bera arautzen badute, nazioarteko tratatua aplikatuko da lehentasunez.

Azken xedapenetatik zazpigarrena. Indarrean jartzea.

Lege organiko hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera.

Horrenbestez,

Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko urriaren 27an

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra