Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

15/2015 Lege Organikoa, urriaren 16koa, Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoa erreformatzekoa, Konstituzio Auzitegiaren ebazpenak zuzenbide-estatuaren berme gisa exekutatzeko

2015-10-16

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/10/17, 249. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

11160 15/2015 Lege Organikoa, urriaren 16koa, Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoa erreformatzekoa, Konstituzio Auzitegiaren ebazpenak zuzenbide-estatuaren berme gisa exekutatzeko.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onartu dutela eta nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

Edozein jurisdikzio-funtzio egikaritzeko osagai nagusietako bat da funtzio hori egikarituz emandako ebazpenen eraginkortasuna bermatuko duen tresna nahikoa izatea.

Izan ere, eraginkortasuna bermatzea giltzarri da zuzenbide-estatua egon dadin, berme hori gabe ez bailitzateke halakorik existituko.

Konstituzioari jarraikiz, Konstituzio Auzitegiaren funtzioa da lege-testu horren interpretatzaile eta bermatzaile nagusi izatea, eta, horretarako, bere jurisdikzio-funtzioa egikaritzen du.

Nahiz eta Konstituzio Auzitegiaren egungo erregulazioan haren ebazpenen eraginkortasuna bermatzeko printzipio orokorrak jasota egon, eraginkortasun hori saihestu nahi duten egoera berrietara egokitzeko beharrak derrigor egiten du eraginkortasuna benetan bermatuko duten beste tresna batzuk garatzea.

Horretarako, lege organiko honetan jasotzen den erreformak zenbait exekuzio-tresna txertatzen ditu eremu konstituzionalean, Auzitegiak ahal-sorta bat izan dezan bere ebazpenak benetan betetzen direla bermatzeko.

Horiek horrela, erreforma honek jurisdikzio-laguntzazko funtzioak garatzen ditu, halako eran non Auzitegiak bere ebazpenak exekutatu ahal izango baititu, zuzenean zein edozein botere publikoren bidez.

Ondorio horietarako, erreformak esaten du Auzitegiaren ebazpenak exekuzio-titulu izango direla, eta ezartzen du exekuzioaren arloan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legea aplikatuko dela ordeztaile gisa.

Orobat, aukera ematen dio Auzitegiari bere ebazpenak agintari edo enplegatu publikoei jakinaraz diezazkien.

Erreforma honetan, Konstituzio Auzitegiaren ebazpenak betetzen ez diren kasuetarako araubide berezi bat ezartzen da. Halakoetan, Auzitegiak txostena eskatuko die ebazpenak betetzera behartuta daudenei, eta, behin txostena jasota edo emandako epea igarota, Auzitegiak hertsapen-isunak ezarri ahal izango ditu, edo ez-betetzearen erantzule izan diren agintari edo enplegatu publikoei kargua etetea erabaki dezake, edo Estatuko Gobernuaren esku utzi —jardunean egonik ere— ebazpenen ordezko exekuzioa. Halere, horrek ez du ezertan eragotziko erantzukizun penalak eskatu ahal izatea.

Horrez gain, garrantzi konstituzional handiko inguruabarrak daudenean —esaterako, ez-betetzea nabarmena denean— eta aurkaratutako xedapen, egintza edo jarduketak etetea agintzen duten ebazpenak exekutatzeko kasuak direnean, baimena ematen zaio Auzitegiari beharrezkoak diren exekuzio-neurriak inaudita parte har ditzan. Nolanahi ere, neurriak onartzen dituen ebazpenean entzunaldia emango zaie alderdiei eta Fiskaltzari, eta izapide horren ondoren erabakiko du hasiera batean hartutako neurriak mantentzen, aldatzen edo errebokatzen dituen.

Artikulu bakarra. Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoa aldatzea.

Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoa honela aldatzen da:

Bat. 80. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Botere Judizialaren Lege Organikoaren eta Prozedura Zibilaren Legearen manuak aplikatuko dira, lege honen ordeztaile gisa, gai hauei dagokienez: epaiketan agertzea, errekusazioa eta abstentzioa, egintzen publikotasuna eta forma, komunikazioak eta jurisdikzio-laguntzazko egintzak, egun eta ordu baliodunak, epe- zenbaketa, deliberatzea eta bozketa, iraungitzea, uko egitea eta atzera egitea, hizkuntza ofiziala eta auzi-gelako polizia.

Ebazpen-exekuzioaren arloan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legearen manuak aplikatuko dira lege honen ordeztaile gisa.»

Bi. 87. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Botere publiko guztiak beharturik daude Konstituzio Auzitegiak ebazten duena betetzera.

Zehazki, Konstituzio Auzitegiak erabaki dezake beharrezkotzat jotzen duen agintari edo enplegatu publiko orori bere ebazpenen jakinarazpen pertsonala egitea.

2.Epaitegi eta auzitegiek lehentasunez eta presaz emango diote Konstituzio Auzitegiari hark eskaturiko jurisdikzio-laguntza.

Ondorio horietarako, Konstituzio Auzitegiaren epaiak eta ebazpenak exekuzio- titulutzat hartuko dira.»

Hiru. 92. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Konstituzio Auzitegiak bere ebazpenak benetan betetzen direla zainduko du. Epaia nork exekutatu behar duen eta hartu behar diren exekuzio-neurriak xedatu ahal izango ditu Auzitegiak epaian bertan, edo ebazpenean, edo ondorengo egintzetan, eta, hala badagokio, exekuzioko intzidenteak ebatzi.

Halaber, bere jurisdikzioa egikarituz emandako ebazpenak urratzen dituzten ebazpen guztiak deusez deklaratu ahal izango ditu, bere ebazpenak exekutatzeko unean, aurrez entzunaldia emanik Fiskaltzari eta eman zituen organoari.

2.Auzitegiak edozein administrazio eta botere publikori laguntza eskatu ahal izango dio bere ebazpenen eraginkortasuna bermatzeko, eta haiek lehentasunez eta presaz emango diote laguntza.

3.Alderdiek 1. zenbakian aurreikusita dagoen exekuzioko intzidentea sustatu ahal izango dute, Auzitegiari bere ebazpenak benetan betetzen direla bermatzeko behar diren exekuzio-neurriak proposatzeko xedez.

4.Auzitegia ohartzen bada bere jurisdikzioa egikarituz emandako ebazpen bat ez dela betetzen, ofizioz edo ebazpena eman den prozesuko alderdietako batek hala eskatuta, hura betetzeaz arduratu behar duten erakundeei, agintariei, enplegatu publikoei edo partikularrei eskatuko die horri buruzko txostena egin dezatela, horretarako ematen zaien epearen barruan.

Behin txostena jasota edo emandako epea igarota, Auzitegiak ikusten badu ebazpena —zati batean edo osorik— ez dela betetzen, neurri hauetako edozein hartu ahal izango du:

a)Hertsapen-isuna ezarri, hiru milatik hogeita hamar mila euro artekoa, Auzitegiaren ebazpenak betetzen ez dituzten agintari, enplegatu publiko edo partikularrei. Agindutakoa goitik behera bete arte, isuna errepikatu ahal izango du.

b)Ez-betetzearen erantzule den administrazioko agintariei edo enplegatu publikoei kargua etetea erabaki, Auzitegiaren erabakiak betetzen direla bermatzeko behar den denboran.

c)Konstituzio-prozesuetan emandako ebazpenen ordezko exekuzioa. Halakoetan, Auzitegiak Estatuko Gobernuari laguntza eskatu ahal izango dio,

ebazpenak betetzen direla bermatzeko behar diren neurriak har ditzan, betiere Auzitegiak ezarritako baldintzetan.

d)Partikularren lekukotza hartu, erantzukizun penala galdatzeko, halakorik baldin bada.

5.Aurkaratutako xedapen, egintza edo jarduketak etetea agintzen duten ebazpenen exekuzioetan, garrantzi konstituzional handiko inguruabarrak badaude, Auzitegiak, ofizioz edo Gobernuak hala eskatuta, ebazpenak betetzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu alderdiei entzun gabe. Ebazpen horretan bertan, entzunaldia emango die alderdiei eta Fiskaltzari hiru egunen epe erkidean; epe hori igarotakoan, Auzitegiak ebazpena emango du, eta lehendik hartutako neurriak kendu, berretsi edo aldatuko ditu.»

Lau. 95. artikuluaren egungo 4. zenbakiaren edukia kentzen da, eta oraingo 5. zenbakia 4.a izango da aurrerantzean; honela geratzen da idatzita:

«4. 92. artikuluaren 4. zenbakiko a) letran jasota dauden isunen edo zehapenen zenbatekoen mugak lege arruntaren bidez berrikusi ahal izango dira, edozein unetan.»

Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.

Lege organiko hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko urriaren 16an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra