12/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 31koa, Genero-indarkeriaren biktimak babesteko eta haiei laguntzeko presako neurriena.
2020-03-31Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 04/01/2020, 91. zk.
I. XEDAPEN OROKORRAK
4209 12/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 31koa, Genero-indarkeriaren
biktimak babesteko eta haiei laguntzeko presako neurriena.
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma-egoera deklaratu zuen COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko. Errege-dekretu horren 18. artikuluak aurreikusten du agintariek, enpresek eta hornitzaileek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituztela berei dagozkien funtsezko zerbitzuak ematen direla ziurtatzeko.
Ildo horretan, Azpiegitura Kritikoak Babesteko Neurriak ezartzen dituen apirilaren 28ko 8/2011 Legearen 2.a) artikuluak honela definitzen ditu funtsezko zerbitzu horiek: herritarren oinarrizko funtzio sozialak, osasuna, segurtasuna, gizarte-ongizatea eta ongizate ekonomikoa edo Estatuko erakundeen eta administrazio publikoen funtzionamendu eraginkorra mantentzeko beharrezkoa den zerbitzua.
Halaber, onartu dira martxoaren 12ko 7/2020 Errege Lege Dekretua, COVID-19aren eragin ekonomikoari erantzuteko premiazko neurriak onartzen dituena, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretua, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko ezohiko premiazko neurriei buruzkoa; horien xedea da larrialdi-egoeraren eta alarma-egoeraren deklarazioaren ondorioz sortutako egoerari erantzun ahal izatea, ukitutako eremu guztietan, bai ekonomikoetan, bai sozialetan.
Egoera horren ondorioz hartutako neurriak eragin berezia izaten ari dira bereziki ahulak diren pertsonen kolektibo jakin batzuetan, zeinak Gobernuak babestu behar baititu.
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak bereziki talde kaltebera dira etxean itxita egon behar dutenean, erasotzailearekin bizitzera behartuta daudelako, eta horrek arrisku handiagoko egoeran jartzen ditu, neurri batean antzekoak diren egoeren ondorioz frogatu izan den bezala, hala nola oporraldietan, zeinetan, gainera, ez baitago etxean egon beharrik; izan ere, aldi horietan genero-indarkeriako eta etxeko indarkeriako kasu asko gertatzen dira.
Testuinguru horretan, alarma-egoera deklaratu eta haren babesean hartutako neurriak onartu aurretik, Barne Ministerioak jarraibide egokiak eman zituen Segurtasuneko Estatu Idazkaritzaren Genero Indarkeriaren Arloko espediente aktiboen inguruan. Hala ere, neurriak hartu behar dira genero-indarkeriaren biktimak eta, batez ere, biziki egoera ahulean egon daitezkeenak babesteko eta laguntzeko, haien eskubideen berme gisa eta, bereziki, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan jasotako gizarte-laguntza integralerako eskubidearen berme gisa.
Hain zuzen ere, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 19. artikuluak adierazten du genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek eskubidea dutela arreta, larrialdi, harrera eta sendabide osorako zerbitzuak izateko. Arauaren arabera, autonomia-erkidegoek eta toki-korporazioek halako zerbitzuak antolatzen dituztenean, printzipio hauek kontuan hartu beharko dituzte: etengabeko arreta, presako jardutea, prestazioen espezializazioa eta diziplina-anizkotasun profesionala.
Genero-indarkeria, zalantzarik gabe, giza eskubideen aurkako mehatxua da, eta eskubide horien artean bizitzarako, osotasun fisiko eta psikikorako, osasunerako, segurtasunerako eta biktimen eta gizarte osoaren ongizate ekonomiko eta sozialerako eskubideak daude; beraz, merezi du, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako salbuespen-egoeran eta haren gisakoetan, beharrezkoak diren neurriak antolatzea giza eskubide horiek babesteko eta laguntzeko zerbitzuen funtzionamendu egokia bermatzearren, biktimei laguntza integraleko ohiko baliabideak eskuratzea eta genero-indarkeriako egoerak komunikatu eta salatzea zailtzen edo eragozten dieten oztopoak kenduz edo, baliabide horiek izanda ere, laguntza-zerbitzuak eskuragarri ez egotea edo ohiko arreta-mailan eskuragarri ez egotea eragin dezaketen oztopoak kenduz.
Bestalde, Emakumearen aurkako indarkeriari eta etxeko indarkeriari aurrea hartzeko eta haien kontra borrokatzeko Europako Kontseiluaren Hitzarmenak, Istanbulen 2011ko maiatzaren 11n eginak, emakumeen aurkako indarkeria eragozteko eta hari erantzuteko beharrezkoak diren neurriak hartzera behartzen ditu hitzarmeneko estatuak. Zehazki, 7. artikuluan eskatzen du hartzen diren neurriek dagozkien eragile guztiak inplika ditzatela, hala nola gobernu-agentziak, parlamentuak eta nazioko, eskualdeko eta tokiko agintariak; eta, 8. artikuluan, hitzarmenaren aplikazio-eremuko indarkeria-mota guztiak eragozteko eta borrokatzeko politika integratuak, neurriak eta programak behar bezala aplikatzeko behar diren finantza-baliabideak eta giza baliabideak erabiltzea sustatzen du.
2017ko irailean, Diputatuen Kongresuko eta Senatuko osoko bilkurek, hurrenez hurren, genero-indarkeriaren aurkako estatu-itun baterako Kongresuko azpibatzordearen txostena eta genero-indarkeriaren aurkako estrategiak lantzeko azterlana egiteko Senatuko ponentziaren txostena onetsi zituzten. Biek osatzen dute Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Ituna (aurrerantzean, Estatu Ituna), zeina 2017ko abenduan onartu baitzen, Gobernuaren eta gainerako administrazio autonomiko eta toki-administrazioen artean lortutako akordioen bidez. Estatu Itunak, administrazio publiko guztientzako neurri orokorrez gain, 7. ardatzean autonomia-erkidegoentzako eta toki-erakundeentzako gomendio espezifikoak jasotzen ditu, 9. ardatzean aurreikusitako konpromiso ekonomikoarekin batera gauzatzeko. Horrek funts finalista bat ezartzen du Estatu Itunaren neurriak betearazteko, ehun milioi eurokoa, autonomia-erkidegoentzat eta Ceuta eta Melilla hirientzat, eta urtero islatzen da Estatuko Aurrekontu Orokorretan.
Funts horiek autonomia-erkidegoen artean Berdintasunerako Konferentzia Sektorialaren bidez banatzeko moduak eta prozedurak, eta transferitzeko eta dagokion ekitaldi ekonomikoan egikaritzeko epeek, zeinak Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 86. artikuluan ezarrita baitaude, eragotzi egiten dute Estatu Itunak bost urtez ematen dituen baliabideak eraginkortasunez aprobetxatzea.
Azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 86. artikuluaren arabera, Berdintasunerako Konferentzia Sektoriala ekitaldi ekonomikoaren hasieran egingo da, aurrekontu-kredituak lurraldean banatzeko eta autonomia-erkidegoen eta Ceuta eta Melilla hirien artean banatzeko irizpide objektiboak adosteko. Banaketa hori Ministroen Kontseiluaren erabaki baten bidez onartuko da, eta, ondoren, Estatuko Administrazio Orokorreko organo eskudunek, hau da, Berdintasun Ministeriokoek, finantza-konpromisoak formalizatzeko behar diren tresna juridikoak onartuko dituzte.
Finantza-konpromisoak formalizatzen diren une horretan, autonomia-erkidegoek eta Ceuta eta Melilla hiriek aurreko ekitaldiko transferentziei dagozkien konprometitu gabeko funtsen gerakinak badituzte (transferentzia horiek ekitaldi bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu behar duten gauzatze-egoeran zehaztuta), gerakin horiek autonomia-erkidego bakoitzari transferitu beharreko zenbatekotik deskontatu beharko dira, uneko ekitaldian diruzaintzako jatorrizko egoera gisa erabil daitezen.
Gainera, autonomia-erkidego bakoitzari dagozkion kredituak hiruhileko bakoitzaren bigarren hamabostaldi naturalean igorri eta ordainduko dira, laurdenka (lehen hiruhilekoari dagokion ordainketa izan ezik), eta bakarrik ordaindu ahal izango dira kredituen lurralde-banaketa behin betiko onartu eta dagozkien finantza-konpromisoak dagokien tresna juridikoaren bidez formalizatu ondoren.
Horregatik guztiagatik, autonomia-erkidego bakoitzak eta Ceuta eta Melilla hiriek aurkezten duten egikaritze-egoerarekin bat etorriz, beranduenez ere martxoaren 31n, jakitera emango dira 2019ko abenduaren 31n konprometitu gabe zeuden gerakinak, bai 2018an transferitu ziren Estatu Ituneko kredituei dagokienez (2019an exekutatu ahal izan zirenak, Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Ituna garatzeko premiazko neurriei buruzko abuztuaren 3ko 9/2018 Errege Lege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarraren arabera), bai 2019an transferitutakoei dagokienez. Hala, 2019ko abenduaren 31n konprometitu gabe zeuden gerakinak kendu egin beharko dira autonomia-erkidego bakoitzari eta Ceuta eta Melilla hiriei 2020ko ekitaldi honetan transferitu beharreko zenbatekotik; horrenbestez, araudia presaz aldatu ezean, Berdintasunerako Konferentzia Sektoriala egin ondoren, autonomia-erkidegoetarako eta Ceuta eta Melilla hirietarako 2020rako Estatu Itunaren funtsak ezin izango lirateke modu eraginkorrean transferitu, aurreko ekitaldietan transferitutako funtsetatik konprometitu gabe zeuden gerakinak deskontatuko liratekeelako.
Gainera, azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 86. artikuluaren arabera, autonomia-erkidego bakoitzak kudeatu beharreko kredituak hiruhileko bakoitzaren bigarren hamabostaldi naturalean igorri eta ordainduko dira, laurdenen arabera; beraz, azken hiruhilekoetako igorpenak izugarri mugatzen du kreditu horiek 86. artikuluan aipatzen den ekitaldi ekonomiko arruntean gauzatzeko aukera.
Horrela, kredituak urteko azken hiruhilekoan ere igortzen direnez, oso zaila da autonomia-erkidegoek identifikatutako beharrizanetakoren bat bete ahal izatea epe labur horretan, zeren eta administrazio-izapideetarako epe zorrotzak ezartzen baitituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legeak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duenak, eta epe horiek ez baitute aukerarik ematen kredituok behar bezala baliatzeko.
Genero-indarkeriaren aurkako borrokarako hain kaltegarria izango litzatekeen deskontu hori saihesteko eta urteko azken hiruhilekoetan transferitutako funtsak egikaritzea errazteko beharra eta 2020rako funtsen banaketa formalizatuko duen Berdintasunerako Konferentzia Sektoriala lehenbailehen egiteko beharra bera kontuan hartuta, behar bezala egiaztatuta geratzen dira errege lege-dekretu honen bidez hartutako neurria justifikatzen duten aparteko eta presako beharrizanaren arrazoiak. Estatu Ituna behar bezala betearazteak hala eskatzen du.
Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean Estatu Itunaren kredituak behar bezala egikaritzea eragozten duten inguruabar horiek idatziz ere helarazi dira, eta autonomia-erkidegoek eta Ceuta eta Melilla hiriek berek azaldu zituzten, Berdintasunerako Konferentzia Sektorialean, 2019ko urriaren 17an; bertan, gehienek adierazi zuten beharra zegoela azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 86. artikuluko 2. apartatuko seigarren arauan aurreikusitako gerakinen araubidea salbuesteko, 2018an egin zen bezala, edo halakorik egin ezean denbora-tarte zabalagoa ezarri behar zela Estatu Ituneko funtsak egikaritzeko.
Era berean, eta Estatuko Itunaren funtsak egikaritzeko autonomia-erkidegoei egin beharreko transferentziei dagokienez, berehala amaituko da funtsen banaketa justifikatzeko eta adosteko epea; genero-indarkeriaren aurkako gizarte-laguntza integraleko funtsezko zerbitzuei salbuespen-egoeran ere -eta eskuordetutako agintariek ezarritako neurrietara egokitzeko beharrezko aldaketak eginda- eusteko beharra beste arrazoi bat da Aurrekontuei buruzko 47/2003 Lege Orokorraren 86.2 artikuluko seigarren arauaren aplikazioa salbuesteko beharra izateko, betiere errege lege-dekretu honetan aurreikusitako baldintzetan.
Betetzen dira, beraz, Konstituzioan jasotzen den aparteko eta presako beharrizanaren betekizunak, Gobernua gaitzen dutenak errege lege-dekretu honetan jasotako neurriak onartzeko, Estatuaren politika zuzentzeko organoa den heinean Konstituzioaren 86.1 artikuluak aitortzen dion balorazio-tartearen barruan onartzeko ere (Konstituzio Auzitegiaren 142/2014 epaia, 3. oinarri juridikoa, eta 33/2017 epaia, 3. oinarri juridikoa).
Horrenbestez, eta gauden testuinguruan genero-indarkeriaren biktimen babes-premiei erantzun nahian, errege lege-dekretu honetan zenbait neurri hartzen dira laguntza integraleko eta babeserako zerbitzuak mantentzeko eta egokitzeko; horretarako, antolamendu-neurriak ezartzen ditu haiek babesteko zerbitzuen funtzionamendu egokia bermatzeko, bai eta zerbitzu horiek emateko modalitateak herritarrak egun hauetan jasaten ari diren salbuespenezko egoeretara egokitzeko ere.
Horrenbestez, errege lege-dekretu honek bi kapitulu ditu. Lehenengoak sei artikulu ditu, genero-indarkeriaren biktimei laguntza eta babes integrala emateko zerbitzuen funtzionamendua alarma-egoeraren esparruan bermatzeko. Bigarren kapituluak bi artikulu ditu. Lehenengoan, azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 86.2 artikuluko seigarren araua aplikatzeko salbuespena aurreikusten da, genero-indarkeriaren aurkako estatu-ituna finantzatzera bideratutako funtsei dagokienez; horren helburua hau da: Estatuko Ituna indarrean dagoen bost urteetan indarkeriaren biktimei laguntzeko eta haiek babesteko zerbitzuak ezartzen direla eta modu jarraituan ematen direla bermatzea. Bigarrenean, bide ematen zaio autonomia-erkidegoek abian jarritako zerbitzuen finantzaketari, alarma-egoeraren deklaraziotik eratortzen diren genero-indarkeriaren arloko beharrei aurre egiteko.
Azkenik, testuaren amaieran, batetik, xedapen iragankor bat dago, 2019ko aurrekontu-ekitaldiari dagozkion konprometitu gabeko gerakinei azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 86.2 artikuluko seigarren arauaren salbuespena nola aplikatuko zaien arautzen duena; eta, bestetik, azken bi xedapen daude, hartutako neurrien oinarri konstituzionala eta errege lege-dekretu hau indarrean jartzea jasotzen dutenak.
Bestalde, arau-tresna hau erabiltzeko ezarritako mugak errespetatzen dira; izan ere, errege lege-dekretu honek ez die eragiten Estatuaren oinarrizko instituzioen antolamenduari, Konstituzioaren I. tituluak arautzen dituen herritarren eskubide, eginbehar eta askatasunei, autonomia-erkidegoen araubideari, ezta hauteskundeei buruzko zuzenbide orokorrari ere.
Gainera, errege lege-dekretua Konstituzioaren araberako tresna zilegia da, aproposa eta egokia delako presako legegintza justifikatzen duen xedea lortzeko; hau da, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatutakoari jarraituz eta Gobernuaren helburuen barruan, egoera jakin bat laguntzea, aurrez ikusteko zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen duena, esan nahi baita ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presako prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan ematea eskatzen duena.
Genero-indarkeriaren biktimei arreta eta babes integrala emateko zerbitzuak bermatzeko errege lege-dekretu honetan hartzen diren neurrietan, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan aurreikusitako ezohiko eta presazko beharrizanaren inguruabarrak ikusten dira; izan ere, beharrizan hori alarma-egoeratik dator, eta kontuan hartu behar da, bestalde, lortu nahi diren helburuak, hots, genero-indarkeriaren biktimak berehala eta eraginkortasunez babestea, ezin direla lortu lege bat presazko prozeduraren bidez izapidetuz.
Era berean, eta autonomia-erkidegoei transferitutako Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Itunaren funtsen araubideari buruzko xedapenari dagokionez, premia larria izatearen baldintza betetzen da, gaitzeko bide ematen duena, autonomia-erkidegoei transferitutako funtsak egikaritzeko dauden zailtasunen ondorioz.
Ekitaldi bakoitzean identifikatutako neurriak egikaritzeko denbora-tartea laburra izanik eta genero-indarkeriaren aurkako borroka erabat lehentasunezkoa izanik, eta arau batzuetan jasotako izapidetze-arau orokorrak direla eta (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legea), komenigarria da, bereziki, azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 86.2 artikuluko seigarren arauan jasotako araubidea salbuestea, Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Ituna indarrean dagoen aldirako.
Beraz, errege lege-dekretu honetan betetzen dira, beren izaera eta xedea ikusirik, errege lege-dekretuak onartu ahal izateko Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak eskatzen dituen ezohiko eta presazko beharrizanaren baldintzak.
Errege lege-dekretu honek bete egiten ditu premiaren, efikaziaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan aurreikusitakoak, zeinak Administrazio Publikoek bete behar baitituzte legegintza-ekimena egikaritzean.
Premiaren eta efikaziaren printzipioei dagokienez, guztiz bermatuta daude horiek, araua oinarrituta dagoen interes orokorra dela eta; izan ere, errege lege-dekretua da tresnarik egokiena hura lortuko dela bermatzeko.
Proportzionaltasunari dagokionez, ezinbesteko neurri bat ezarri nahi izan da genero-indarkeriaren biktimei babesa, laguntza eta arreta emateko salbuespenezko egoera batean, zeinean erasotzailearekin batera bizitzeak haren osotasun fisiko eta morala arriskuan jartzen baitu.
Proportzionaltasun hori ikus daiteke, halaber, azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 86.2 artikuluko seigarren arauaren salbuespenean; izan ere, genero-indarkeriaren biktimen babes-, laguntza- eta arreta-premiari erantzuteko ezinbesteko neurri bat ezarri nahi izan da, autonomia-erkidegoek eta Ceuta eta Melilla hiriek xede horretarako gauzatutako programen gastu-araua malgutuz, eta ezin da eskubideak gutxiago murrizten duen edo langileei betebehar gutxiago ezartzen dien beste neurririk planteatu.
Halaber, ordenamendu juridikoaren gainerakoarekin koherentea izateko, arau-esparru egonkorra, aurreikus daitekeena, integratua, argia eta ziurtasunekoa dakar, zeinak erraztasunak ematen baititu bera ezagutu eta ulertzeko eta, beraz, ukitutako Administrazio Publikoek jardun dezaten eta erabakiak har ditzaten; horrenbestez, proposamena segurtasun juridikoaren printzipioarekin bat datorrela irizten zaio.
Gardentasunaren printzipioa betez, arauak argiro identifikatzen du bere helburua, eta bere edukiari buruzko azalpen oso bat eskaintzen du azalpen-zati honetan.
Azkenik, arauak administrazio-zamarik ezartzen ez duenez, guztiz betetzat jotzen da efizientziaren printzipioa.
Horregatik guztiagatik, Konstituzioaren 86. artikuluaren baimenaz baliatuta, Berdintasuneko ministroak eta Barne Arazoetako ministroak proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2020ko martxoaren 31ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau
Genero-indarkeriaren biktimei laguntza eta babes integrala emateko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko neurriak
1. artikulua. Funtsezko zerbitzuaren deklarazioa
Errege lege-dekretu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, errege lege-dekretu honen 2. artikulutik 5.era aipatzen diren zerbitzuak funtsezko zerbitzutzat hartuko dira, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan, hura garatzeko arauetan eta martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretuan aurreikusitako ondorioekin (martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratu zen, eta martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretuak, berriz, funtsezko zerbitzuak ematen ez dituzten besteren konturako langileentzako baimen ordaindu berreskuragarria arautzen du, COVID-19aren aurkako borrokaren testuinguruan herritarren mugikortasuna murrizteko helburuarekin).
2. artikulua. Genero-indarkeriaren biktimentzako 24 orduko informazioko eta aholkularitza juridikoko zerbitzuen funtzionamendu normala, telefonoz eta linean, bai eta haientzako telelaguntzako eta gizarte-laguntza integraleko zerbitzuena ere.
1. Administrazio publiko eskudunek behar diren neurriak hartuko dituzte genero-indarkeriaren biktimei telefonoz eta linean 24 orduko informazioko eta aholkularitza juridikoko zerbitzuak ematen zaizkiela bermatzeko, alarma-egoera deklaratu aurretik ematen ziren ezaugarri berberekin, eta, hala badagokie, zerbitzu horien prestazioa alarma-egoerak eragindako aparteko beharrizanetara egokituta.
2. Administrazio publiko eskudunek genero-indarkeriaren biktimei arreta eta babesa emateko ATENPRO telefono-zerbitzuaren ohiko funtzionamendua bermatuko dute, eta, hala badagokio, zerbitzu hori alarma-egoeraren ondoriozko aparteko beharrizanetara egokituko dute.
3. Administrazio publiko eskudunek bermatuko dute eman egiten direla gizarte-laguntza integraleko zerbitzuak, alarma-egoera deklaratu aurretik genero-indarkeriaren biktimentzat zeudenak. Zerbitzu horiek orientazio juridikoa, psikologikoa eta soziala emateko dira, eta, hala badagokie, alarma-egoerak eragindako aparteko beharrizanetara egokituko dira.
Aurreko paragrafoan aipatzen den egokitzapenerako, kontuan hartu beharko da etxean emandako denbora, eta telefono bidezko arretaren ordezko aukerak aurreikusi beharko dira, hala nola laguntza psikologikorako berehalako mezularitza eta segurtasun-indar eta -kidegoei larrialdia jakinarazteko alerta geolokalizatua.
3. artikulua. Genero-indarkeriaren eta emakumeen aurkako beste indarkeria mota batzuen biktimei harrera egiteko zerbitzuak.
1. Administrazio publiko eskudunek bermatuko dute genero-indarkeriaren, sexu-esplotazioaren eta sexu-esplotaziorako salerosketaren biktimentzako larrialdiko eta harrerako zentroen, tutoretzapeko etxebizitzen eta bizitoki seguruen funtzionamendu normala.
2. Larrialdiko erantzunak etxea uztea badakar berekin biktima eta seme-alabak babesteko, haiek aurreko apartatuan aipatutako zentroetan sartuko dira. Banakako babes-ekipamenduekin hornituko dira zentro horiek.
3. Arriskuan dauden biktimen eta haien seme-alaben harrera bermatzeko beharrezkoa denean, turismo-ostatuko establezimenduak erabiltzea xedatu ahal izango dute administrazio publiko eskudunek. Establezimendu horiek martxoaren 23ko TMA/277/2020 Aginduan aipatzen dira, zeinaz turismo-ostatu jakin batzuk funtsezko zerbitzutzat jotzen baitira eta xedapen osagarriak hartzen baitira.
4. Artikulu honetan aipatzen diren zentroei, beren izaeraren arabera bidezkoa den heinean, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren bigarren, hirugarren eta laugarren apartatuetan xedatutakoa aplikatuko zaie. Agindu horren bidez, gizarte-zerbitzuen eremuko egoitza-zentroak antolatzeko eta haiei buruzko informazioa emateko neurri osagarriak ezartzen dira COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko.
4. artikulua. Genero-indarkeriaren arloko kautela-neurriak eta hurbiltzeko debeku-zigorrak betetzeari buruzko jarraipen-sistema, bitarteko telematikoen bidezkoa.
1. Administrazio publiko eskudunek behar diren neurriak hartuko dituzte zerbitzu integralaren funtzionamendu normala eta prestazioa bermatzeko, gailu telematikoen ekipamenduak eskura jartzeko, instalatzeko eta mantentzeko zerbitzua barnean hartuta, genero-indarkeriaren arloko kautela-neurriak eta hurbiltzeko debeku-zigorrak betetzeko bitarteko telematikoen bidezko jarraipen-sistemari dagokiona.
2. Aurreko apartatuan xedatutakoa betetzeko, administrazio publiko eskudunek beharrezkoak diren jarraibideak eman ahal izango dizkiete zerbitzuak ematen dituzten enpresei.
5. artikulua. Genero-indarkeriaren biktimei eta emakumeen aurkako beste indarkeria-mota batzuen biktimei gizarte-laguntza integraleko zerbitzuak -beren izaeragatik aurrez aurre eman beharrekoak- ematen dizkieten langileei buruzko neurriak.
1. Beren lanbide-jarduera dela-eta biktimekin harreman zuzena duten langileek, eta telelaguntza-, larrialdi- edo harrera-zentroetan zerbitzuak ematen dituztenek betiere, Osasun Ministerioak gomendatutako babes-neurriak bete beharko dituzte, daukaten arriskuaren arabera.
2. Horretarako, eta ahal den guztietan, administrazio publiko eskudunek eta zerbitzuen enpresa hornitzaileek norbera babesteko ekipamenduak eman beharko dizkiete zentroetako langileei.
6. artikulua. Alarma-egoeran genero-indarkeria eragozteko kanpaina instituzionalak.
1. Etxeko itxialdiak genero-indarkeriako kasuen gehikuntzan eraginik izan ez dezan eta biktimei gizarte-laguntza integraleko zerbitzuetarako sarbidea errazteko, eta haien gizarte- eta familia-ingurunea sentsibilizatzeko, administrazio publiko eskudunek behar diren kontzientziazio-kanpainak egingo dituzte.
2. Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 19. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskuordetutako agintari eskudunek, bai eta autonomia-erkidegoetako eta tokiko administrazioek ere, erabaki ahal izango dute titulartasun publikoko eta pribatuko hedabide sozialetan aurreko apartatuan aipatutako kanpainak edo haietako mezuak, iragarkiak eta komunikazioak txertatzea.
Autonomia-erkidegoek Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Itunaren funtsak egikaritzen laguntzeko premiazko neurriak
7. artikulua. Genero-indarkeriaren arloan Estatuko Itunari atxikitako eta konprometitu gabeko gerakinei aplikatu beharreko araubidea.
Salbuespen gisa, soilik mugatuta Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Itunean autonomia-erkidegoei erreserbatutako eskumen berriak edo zabalduak garatzeko 25.03.232C.450 kredituan jasotako transferentzietara, edo Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legeetan baliokideak diren transferentzietara, ekitaldiaren amaierako konprometitu gabeko gerakinei ez zaie aplikatuko Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 86.2 artikuluan xedatutakoa.
Gerakina dagokion gastua edo jarduera hurrengo ekitaldiko aurrekontuan jasota ez badago, hura, lehenik eta behin, aurreko ekitaldiaren amaieran ordaintzeke zeuden obligazioak gauzatzera bideratuko da, eta konprometituta ez dagoen soberakina Estatuari itzuliko zaio.
8. artikulua. Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Itunaren funtsekin finantzatutako proiektuak edo programak.
Autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek errege lege-dekretu honetan jasotzen diren prebentzio- eta laguntza-proiektu edo -programa guztiak abian jartzeko erabili ahal izango dituzte Genero Indarkeriaren Aurkako Estatuko Itunetik dagozkien funtsak, bai eta, alarma-egoeraren testuinguruan, emakumeen aurkako indarkeria-mota guztien prebentzioa, babesa eta arreta bermatzea helburu duen beste edozein funts ere.
Xedapen iragankor bakarra. 2019ko aurrekontu-ekitaldiari dagozkion konprometitu gabeko gerakinei aplikatu beharreko araubidea.
7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie 2019ko aurrekontu-ekitaldiari dagokion Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Itunean autonomia-erkidegoei erreserbatutako eskumen berriak edo zabalduak garatzeko 25.03.232C.450 kredituan jasotako transferentziei.
Azken xedapenetako lehena. Eskumen-titulua.
Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioko honako arau hauetan xedatutakoaren babespean eman da: 149.1.1, 149.1.14 eta 149.1.29.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarrean jartzea.
Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Madrilen, 2020ko martxoaren 31n.
FELIPE e.
Gobernuko presidentea,
PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON