Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

12/2015 Lege Organikoa, irailaren 22koa, Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoa aldatzen duena, autonomia-estatutuen lege organikoak emateko proiektuen edo autonomia-estatutuak aldatzeko proiektuen kontrako konstituzio-kontrakotasuneko aurretiazko errekurtsoa ezartzeko

2015-09-22

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/09/23, 228. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

10196 12/2015 Lege Organikoa, irailaren 22koa, Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoa aldatzen duena, autonomia-estatutuen lege organikoak emateko proiektuen edo autonomia-estatutuak aldatzeko proiektuen kontrako konstituzio-kontrakotasuneko aurretiazko errekurtsoa ezartzeko.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onetsi dutela eta Nik berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

Autonomia-erkidegoen estatua trantsizioan hitzartu zen, eta Espainiako 1978ko Konstituzioaren bidez diseinatu; bada, oinarrizko arau hori indarrean jarri zenetik –hogeita hamabost urte baino gehiago pasatu dira ordutik hona–, autonomia-erkidegoen estatuak aski ongi funtzionatu du. Hari esker, autonomia-erkidegoen estatu indartsua sortu eta sendotu ahal izan da, eta, gainera, funtsezko faktorea izan da gure Zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoa eraikitzeko.

Espainiako 1978ko Konstituzioaren 147. artikuluaren arabera, autonomia-estatutuak autonomia-erkidegoen oinarrizko erakunde-arauak dira, eta estatuak hala aitortu eta babestuko ditu, bere antolamendu juridikoaren osagai dira eta. Horiek horrela, autonomia- estatutuek –nork bere autonomia-erkidegoaren eremuan– eta Konstituzioak badute alderdi komunik; izan ere, biak, kontzeptualizazioari dagokionez, printzipio inspiratzaile dira, eta ordena sozialaren, elkarbizitza politikoaren eta herritarren elkarbizitzaren oinarri.

Horregatik, begien bistakoa da autonomia-estatutuek Konstituzioari lotuak egon behar dutela, horrexek bermatuko baititu estatuaren egitura juridiko eta instituzionalaren egonkortasuna eta tirabirarik eza. Gainera, autonomia-estatutuak lege-mailako arauak direnez gero, Konstituzio Auzitegiak bakarrik izan behar du haien konstituzionaltasunaren kontrola.

Horri dagokionez, Estatu Kontseiluaren iritzia guztiz argia da, eta honela azaldu zuen Espainiako Konstituzioaren erreformei buruz 2006an idatzitako txostenean: «a posteriori kontrola agian ez da egokiena iturri arauemaile batzuetarako –estatutuetarako adibidez–, Konstituzioaren menpekoak izanik, ordenamenduari dagokion hierarkian lekurik gorena hartzen baitute haren atzetik. Konstituzio-kontrakotasunaren susmotik eta, a fortiori, haren pean erori izanaren akusazio esplizitutik libre geratzearren, agian egokia litzateke konstituzio-kontrakotasuneko aurretiazko errekurtsoa berrezartzea».

Berez, ikuspuntu historikotik eta juridikotik begiratuta, autonomia-estatutuen proiektuetarako edo autonomia-estatutuak erreformatzeko proposamenetarako konstituzio- kontrakotasuneko aurretiazko errekurtsoa ez da berria. Izan ere, konstituzio- kontrakotasuneko aurretiazko errekurtsoa Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren bidez ezarri zen, eta ez zen ezabatu harik eta ekainaren 7ko 4/1985 Lege Organikoa eman zen arte –une horretan, autonomia-estatutu guztiak edo ia guztiak indarrean zeuden–.

Horrenbestez, Konstituzioa eta instituzioak zalantzan jar ez daitezen eta estatua antolatzean zorroztasun juridikoa eta gizarte-kohesioa oinarritzat har daitezen, premiazkoa eta komenigarria da konstituzio-kontrakotasuneko aurretiazko errekurtsoa berrezartzea; betiere, estatuaren egungo antolamendura egokituta eta, jakina, autonomia-estatutuen proiektuetarako eta autonomia-estatutuak erreformatzeko proposamenetarako soilik. Modu horretan, instituzio

juridiko horrek iraganean jaso zuen gaitzespen nagusia saihesten da; izan ere, orduan, talde minoritarioek errekurtso hori erabili ahal izan zuten Gorte Nagusiek onartutako izaera organikoko lege-arauak indarrean jartzea geldiarazteko.

Funtsean, nahiz eta zenbaitetan erraza ez izan, bi alderdi hauen arteko oreka bermatu beharra dago: batetik, autonomia-estatutuek autonomia-erkidegoen oinarrizko arau instituzional izateagatik duten legitimitate berezia –gogoan izan behar da estatutuen onarpenean autonomia-erkidegoek eta estatuak parte hartzen dutela eta, zenbaitetan, erreferendum bidez, hautesleriak ere bai–; bestetik, estatutuen testuak eremu konstituzionalari gorde beharreko errespetua, zeinak Konstituzioa baitu ardaztzat, horixe delako estatuaren eta gure ordenamendu juridikoaren funtsezko araua.

Erreformak Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren hiru manuri eragiten die. Batetik, 2. artikulua aldatzen da, Konstituzio Auzitegiaren eginkizunen artean sartzeko

konstituzionaltasunaren aurretiazko kontrola; betiere, lege honen 79. artikuluan ezarritako kasuetarako –autonomia-estatutuen proiektuak eta autonomia-estatutuak erreformatzeko proposamenak–.

Bestetik, 10. artikulua aldatzen da, Auzitegiaren Osoko Bilkuraren ardurapeko gaien artean sartzeko autonomia-estatutuen proiektuen eta autonomia-estatutuak erreformatzeko proposamenen aurkako konstituzio-kontrakotasuneko aurretiazko errekurtsoak.

Azkenik, VI bis titulua eta 79. artikulu berria eransten dira –aurreko idazketa ekainaren 7ko 4/1985 Lege Organikoak utzi zuen edukirik gabe–, zeinen bidez autonomia-estatutuen proiektuen eta autonomia-estatutuak erreformatzeko proposamenen aurkako konstituzio- kontrakotasuneko aurretiazko kontrola nola gauzatuko den arautzen baita. Bertan xedatutakoaren arabera, errekurtsoaren helburua izango da estatutu-proiektuaren edo estatutua erreformatzeko proposamenaren behin betiko testua aurkaratzea, behin Gorte Nagusien bi ganberetan izapidetu denean. Gainerako kontuei dagokienez, prozedura konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoentzat ezarritakoari lotuko zaio. Nolanahi ere, errekurtsoaren berezko izaera dela eta, hura aurkezteko epea oso motza izango da (hiru egun). Nahi ez den atzerapenik egon ez dadin errekurtsoen ebazpenean, sei hilabeteko epe luzaezina ezartzen zaio Auzitegiari lehentasunez ebatz dezan. 79. artikulu berriak errekurtsoa aurkezteak dakartzan ondoreak ere zehazten ditu –proiektuaren izapideak eteten ditu automatikoki–, bai eta baiespen-epaiak dakartzanak ere –prozedurarekin jarraitzea galarazten du, harik eta Gorte Nagusiek Konstituzioaren kontrakoak deklaratu diren proiektuak ezabatu edo aldatu arte–.

Artikulu bakarra. Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoa aldatzea.

Bat. e) bis epigrafea eransten zaio bigarren artikuluaren lehenengo zenbakiari, eta honela idatzita geratzen da:

«e) bis. Konstituzio-kontrakotasuneko aurretiazko kontrola, lege honen hirurogeita hemeretzigarren artikuluan ezarritako kasuan.»

Bi. d) bis epigrafea eransten zaio hamargarren artikuluaren lehenengo zenbakiari, eta honela idatzita geratzen da:

«d) bis. Autonomia-estatutuen proiektuen eta autonomia-estatutuak erreformatzeko proposamenen aurkako konstituzio-kontrakotasuneko aurretiazko errekurtsoak.»

Hiru. VI bis titulua eta hirurogeita hemeretzigarren artikulu berria eransten dira, eta honela idatzita geratzen dira:

«VI BIS TITULUA

Autonomia-estatutuen proiektuen eta autonomia-estatutuak erreformatzeko proposamenen aurkako konstituzio-kontrakotasuneko aurretiazko errekurtsoa

Hirurogeita hemeretzigarren artikulua.

Bat. Autonomia-estatutuen proiektuei eta autonomia-estatutuak erreformatzeko proposamenei jar dakieke konstituzio-kontrakotasuneko aurretiazko errekurtsoa.

Bi. Errekurtsoaren helburua izango da estatutu-proiektuaren edo estatutua erreformatzeko proposamenaren behin betiko testua aurkaratzea, behin Gorte Nagusiek onartu dutenean.

Hiru. Konstituzio-kontrakotasuneko aurretiazko errekurtsoa jartzeko legitimaturik daude Konstituzioaren eta lege organiko honen arabera autonomia- estatutuen aurkako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoak jartzeko legitimaturik daudenak.

Lau. Errekurtsoa jartzeko epea hiru egun izango da, onartutako testua Gorte Nagusietako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita. Errekurtsoa aurkeztuz gero, hurrengo izapide guztiak automatikoki etengo dira.

Bost. Baldin eta estatutu-proiektuaren edo erreforma-proposamenaren onarpena erreferendumera atera behar bada dagokion autonomia-erkidegoaren lurraldean, ezingo da erreferendumera deitu Konstituzio Auzitegiak ebazpena eman arte eta, hala bada, Gorte Nagusiek Konstituzioaren kontrakoak deklaratu diren manuak ezabatu edo aldatu arte.

Sei. Konstituzio-kontrakotasuneko aurretiazko errekurtsoa lege honen II. tituluko II. kapituluan aurreikusitako moduan bideratuko da, eta Auzitegi Konstituzionalak ebatziko du sei hilabeteko epe luzaezinean, aurkeztu zen egunetik zenbatzen hasita. Auzitegiak behar den guztia egingo du aurreikuspen hori benetan bete dadin: ohiko epeak murriztuko ditu, eta errekurtso horien ebazpenari lehentasuna emango dio, izapidetzen ari diren gainerako gaien aurretik.

Zazpi. Auzitegiaren erabakiak deklaratzen badu ez dagoela alegatutako konstituzio-kontrakotasunik, proiektua edo proposamena indarrean jartzeko izapideekin jarraituko da, bai eta, hala badagokio, erreferendumera deitu eta hura egiteko prozedurarekin ere.

Zortzi. Aurkaratutako testua Konstituzioaren kontrakoa dela deklaratzen badu, aldiz, deklarazio horrek zein manu hartzen dituen zehaztu beharko du; gainera, konexioz edo ondorioz eraginda geratzen direnak ere jasoko ditu, bai eta zein manu konstituzional hautsi den ere. Halakoetan, derrigorrezkoa izango da Gorte Nagusiek manu jakin horiek ezabatzea edo aldatzea; bestela, ezin izango da izapideekin jarraitu.

Bederatzi. Aurretiazko errekurtsoari buruzko erabakiak ez du baldintzatuko aurreko bidean aurkaratutako testuak lege-indarra izan baino lehen aurkeztu diren konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso edo arazoen gainean Auzitegiak emango duen erabakia.»

Azken xedapena.

Lege organiko hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Horrenbestez,

Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko irailaren 22an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra