Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

10/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 24koa, honako hau aldatzen duena: 52/2007 Legea, abenduaren 26koa, Gerra zibilaren eta diktaduraren garaian jazarpena edo indarkeria jasan zutenen eskubideak aitortzen eta zabaltzen eta haien aldeko neurriak ezartzen dituena.

2018-08-24

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/08/25 206zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

11836   10/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 24koa, honako hau aldatzen

duena: 52/2007 Legea, abenduaren 26koa, Gerra zibilaren eta diktaduraren garaian jazarpena edo indarkeria jasan zutenen eskubideak aitortzen eta zabaltzen eta haien aldeko neurriak ezartzen dituena.

I

Gerra zibilaren eta diktaduraren garaian jazarpena edo indarkeria jasan zutenen eskubideak aitortzen eta zabaltzen eta haien aldeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 26ko 52/2007 Legeak adierazten du legegilearen lana dela, eta legearen zeregina, memoria pertsonalerako eta familiarrerako eskubidea ezartzea eta babestea, herritartasun demokratiko erabatekoaren adierazpen gisa, eta, era berean, gure iraganari buruzko jakintza eta hausnarketa sustatzea, guduan eta ondorengo errepresioan izan ziren intolerantzia-egoerak eta giza eskubideen urraketak berriz gerta ez daitezen.

Espainiarrak berriz elkartzeko eta gure historia hurbileko pasarte mingarrienean izandako biktima guztiei berdintasunezko omenaldia egiteko borondate argia dago lege horren oinarrian. Geroratu ezinekotzat jotzen da Espainiako demokraziak behingoz ohoratzea Espainiako gizartea hainbat hamarkadatan banatu zuen konfrontazio horretan injustiziak eta laidoak jasan zituztenak.

Abenduaren 26ko 52/2007 Legearen erreforma, errege lege-dekretu honen bidez egindakoa, printzipio eta balio horietan oinarritzen da, eta, hain zuzen ere, printzipio eta balio horietan oinarritzen da indarrean dagoen Espainiako Konstituzioa ere. Gure iraganari aurre egiteko eta, modu horretan, gizarte gisa gure etorkizunari aurre egiteko gure erakunde demokratikoen ausardia eta indarra erakusten duen sinbolo bat da.

II

Gerra Zibila eta diktadura goratzen dituzten sinboloak eta monumentuak kentzea da 52/2007 Legearen alderdi nabarmenetako bat; beharrezkotzat jotzen baita neurri hori gure gizartearen eta gure ordenamendu juridikoaren oinarrizko printzipioen guztiz kontra dauden elementuen aurkako arbuioa eta gaitzespena adierazteko. Testuinguru horretan, funtsezkoa dugu legearen 16.2 artikulua; izan ere, bertan adierazten denez, Erorien Haraneko ezein tokitan «ezin izango da ekitaldi politikorik egin, ezta Gerra Zibila, haren protagonistak edota frankismoa goratzeko ekitaldirik ere». Lege horren seigarren xedapen gehigarrian azaltzen da Erorien Harana Gerran eta ondorengo errepresio politikoan hildako guztiak ohoratzeko eta haien memoria leheneratzeko toki gisa finkatzeko borondatea, eta errege lege-dekretu hau borondate horretan oinarritzen da.

Esparru horretan Francisco Francoren gorpuzkiak egoteak zaildu egiten du benetan bete dadin frankismoa ez goratzeko legezko agindua eta guduan izandako biktima guztiak omentzeko xedea. Errege lege-dekretu honen bidez, amaiera eman nahi zaio egoera horri; izan ere, bertan ezartzen denez, Erorien Haranean Gerra Zibilaren ondorioz hildakoen gorpuzkiak bakarrik egon daitezke eta, beraz, bidea ematen da Gerran hil ez zirenen gorpuzkiak hobitik ateratzeko. Era berean, Erorien Harana berariaz finkatzen da biktimak gogoan izateko, oroitzeko eta berdintasunez omentzeko toki gisa.

III

Aipatutako erreformaren helburuak eta oinarriak interes publiko apartekoa eta nabaria daukate: botere publikoen jardunak Espainiako gizartearen gehiengoak daukan iritziari erantzun diezaiola; izan ere, Espainiako gizartearentzat geroratu ezinekoa da, hainbat hamarkadaren ondoren, zuzenbideko estatu demokratiko sendotu batean onartezina den egoerari amaiera ematea. Eta gehiengo horren iritziaren adierazgarri da, 2017ko maiatzaren 11n, 52/2007 Legea benetan aplikatu eta garatzeko legez besteko proposamena kontrako boto bakar batekin onartu izana. Legez besteko proposamen horretan, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio «ausardiaz eta presaz kontuan har ditzala Presidentetzako Ministerioari 2011ko azaroaren 29an emandako Erorien Haranaren etorkizunari buruzko adituen txostenean azaltzen diren gomendioak. Horrela, Erorien Haranaren zereginari esanahi berria eman behar diogu, memoria frankista eta nazional-katolikorako toki izateari utz diezaion, eta adiskidetzerako, memoria kolektibo demokratikorako eta Gerra Zibil eta diktadurako biktimei behar duten duintasuna eta errekonozimendua emateko toki bihur dadin. Eta, zehazki, lehentasunez bete behar du Francisco Francoren gorpuzkiak hobitik ateratzeko zeregina».

Legez besteko proposamen horrek argi eta garbi uzten du herritarren ordezkariek gorpuzkiak hobitik ateratzeko duten borondatea, eta, gainera, presaz ez ezik, lehentasunez ere egin nahi dutela hori. Halaxe da; Diputatuen Kongresuak Gobernuari eskatzen dio «presaz» ezar ditzala 2011ko txosteneko gomendioak, eta, gainera, Francisco Francoren gorpuzkiak hobitik ateratzea eta Erorien Haranetik ateratzea «lehentasunezko zeregina» izatea nahi du. Beraz, argi dago Diputatuen Kongresuak Gobernuari egiten dion agindua lehenbailehen bete behar dela.

Are gehiago, legea erreformatzeko aparteko eta presazko behar hori Nazio Batuek behin eta berriro egindako errekerimenduak betetzeko premian oinarritzen da; izan ere, azken urteotan, Nazio Batuek Espainiako Estatuari eskatu diote jakinaraz dezala zer neurri hartu duen memoria historikoaren eta biziberritze demokratikoaren arloan.

Hain justu, bortxazko edo borondatez kontrako desagertzeei buruzko Nazio Batuen Lantaldeak 2014an emandako txostenean hainbat gomendio egin zitzaizkion Espainiako Estatuari, eta, halaber, eskatu zitzaion 90 eguneko epean kronograma bat aurkez zezan, eta, bertan, gomendio horiek betetzeko eta frankismoaren biktimei laguntzeko zer neurri hartuko zituen zehazteko. Erorien Haranari dagokionez, Lantalde horrek zehazki aipatzen du, tamalez, ez direla bete 2011ko txosten horretan Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak mausoleo horretatik ateratzeari dagokionez emandako gomendioak.

Ildo horretan, egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta berriz ez gertatzeko bermeen sustapenerako Nazio Batuen errelatore berezi Pablo de Greiffek txosten bat eman zuen 2014ko uztailean bertan. Txosten horren arabera, Francisco Franco Erorien Haranean egoteak frankismoa goratzea dakar eta zaildu egiten du Erorien Harana bakearen eta adiskidetzearen aldeko toki gisa finkatzea. Era berean, txosten horretan, Haranari buruz 2011n emandako gomendioak betetzea iradoki zuen.

Aipatutako arrazoi horiek ondo baino hobeto justifikatzen dute Konstituzioan aipatzen den aparteko eta presazko beharrizana. Behar horrek, Konstituzioaren 86.1 artikuluaren arabera, gaitasuna ematen dio Gobernuari errege lege-dekretu hau emateko, Estatuaren politika zuzentzeko organoa den heinean (Konstituzio Auzitegiaren 142/2014 epaia, 3. oinarri juridikoa, eta Konstituzio Auzitegiaren 61/2018 epaia, 4. eta 7. oinarri juridikoak). Halaber, badira hemen araudia berehala ematea justifikatzen duten salbuespenezko egoera, larritasuna eta garrantzia -esan nahi baita, ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presazko prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan- (Konstituzio Auzitegiaren 68/2007 epaia, 10. oinarri juridikoa, eta Konstituzio Auzitegiaren 137/2011 epaia, 7. oinarri juridikoa).

Bestetik, Gobernuak ez du jarduerarik bideratu Parlamentuaren 2017ko agindua presaz eta lehentasunez betetzeko; baina, une honetan, horrek ez dio eragozten Gobernuari presazko legeria erabiltzea. Halaxe da; Gobernuaren jarduterik ezagatik eta Gorte Nagusiek ezarritako arautze-beharra ez ezagutzeagatik denbora luzez egoera bat onartu izana ez da oztopo egoera horri aurre egiteko presazko legegintzaren bidez (Konstituzio Auzitegiaren 11/2002 epaia, 7. oinarri juridikoa).

Azkenik, Francisco Francoren gorpuzkiak hainbat hamarkadatan Erorien Haranean egon izanak ez du baztertzen errege lege-dekretuaren erabilera. Egoera estrukturala izateak ez du eragozten aparteko eta presazko beharrizana duen kasu bat izatea une honetan, tartean diren baldintzak kontuan hartuta (Konstituzio Auzitegiaren 137/2011 epaia, 6. oinarri juridikoa; Konstituzio Auzitegiaren 183/2014 epaia, 5. oinarri juridikoa; Konstituzio Auzitegiaren 47/2015 epaia, 5. oinarri juridikoa; Konstituzio Auzitegiaren 139/2016 epaia, 3. oinarri juridikoa; eta Konstituzio Auzitegiaren 61/2018, 4. oinarri juridikoa).

IV

Adierazitako guztia kontuan hartuta, lege-mailako arau baten bidez eman behar zaio erantzuna; izan ere, abenduaren 26ko 52/2007 Legean ezarritakoa aldatu behar da.

Errege lege-dekretu honen bidez, 3. apartatu bat gehitu zaio abenduaren 26ko 52/2007 Legearen 16. artikuluari. Apartatu berri horretan, Erorien Harana Gerra Zibilean hildakoak oroitzeko eta omentzeko toki gisa finkatzen da, eta, bertan ezartzen denez, horien gorpuzkiak bakarrik egon ahal izango dira eremu horretan.

Eta 16. artikuluko apartatu berri horretan ezarritakoa betetzeko, seigarrena bis xedapen gehigarria sartu da, zeinaren bidez gorpuzkiak hobitik ateratzeko eta beste toki batera eramateko prozedura ezarri baita eta Ministroen Kontseilua legitimatu baita prozedura hori hasi eta ebazteko.

Prozedura honek kontuan hartzen ditu ukituen interesak, publikoak zein pribatuak izan, eta entzunak izateko, prozeduran parte hartzeko eta eskumena duten jurisdikzio-organo arruntetan administrazio-jardunen aurka errekurtsoak jartzeko eskubidea bermatzen du.

Gainera, diseinatu den prozedurak berariaz aurreikusten ditu duintasun eta errespetu bermerik handienak, gorpuzkiei zein senitartekoei dagokienez; izan ere, senitartekoek, nahi badute, nora eraman erabaki ahal izango dute.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan jasotako baimenaz baliatuz, Gobernuko presidenteordearen eta Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetako eta Berdintasuneko ministroaren eta Justiziako ministroaren proposamenari jarraikiz, Ministroen Kontseiluak 2018ko abuztuaren 24ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Gerra zibilaren eta diktaduraren garaian jazarpena edo indarkeria jasan zutenen eskubideak aitortzen eta zabaltzen eta haien aldeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 26ko 52/2007 Legea aldatzea.

Gerra zibilaren eta diktaduraren garaian jazarpena edo indarkeria jasan zutenen eskubideak aitortzen eta zabaltzen eta haien aldeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 26ko 52/2007 Legea aldatzen da, ondoren adierazitako moduan.

Bat. 16. artikuluari 3. apartatua gehitzen zaio, eta honela idatzita egongo da:

«3. Guduan izandako biktimak oroitzeko eta omentzeko tokia izanik, Erorien Haranean Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz hildakoen gorpuzkiak bakarrik egon ahal izango dira.»

Bi. Seigarrena bis xedapen gehigarria gehitzen da, eta honela idatzita egongo da:

«Seigarrena bis xedapen gehigarria. Lege honen 16.3 artikuluan xedatutakoa betetzeko prozedura.

  • 1.  Gobernuari dagokio lege honen 16.3 artikuluan ezarritakoa bete dadin bermatzea, kasu guztietan duintasun eta errespetu baldintza egokiak ziurtatuz. Horretarako, presazko eta aparteko interes publikokotzat deklaratzen da, baita erabilera publiko eta gizarte-interesekotzat ere, artikulu horretan aipatutakoak ez beste gorpuzkiak hobitik ateratzea eta lekualdatzea.

  • 2.  Hobitik ateratzeko eta lekuz aldatzeko erabakia Ministroen Kontseiluak hartuko du, hurrengo apartatuetan araututako prozedura izapidetu ondoren.

  • 3.  Ofizioz hasiko du prozedura Ministroen Kontseiluak, hasteko erabakia emanda, eta instrukzio-organoa izendatuko du. Erabaki horren bidez, interesdunei hamabost eguneko epea emango zaie prozeduran pertsonatzeko eta haien eskubide edo interes legitimoen arabera komenigarria izan daitekeena alegatzeko. Senitartekoek, epe horretan, gorpuzkiak nora eraman erabaki ahal izango dute, eta, hala badagokio, non hobiratu berriro. Epe horretan, behar diren agiri eta baimenak aurkeztu beharko dituzte. Senitartekoen artean adostasunik ez badago, edo ez badute beren borondatea garaiz eta behar den moduan azaltzen, Ministroen Kontseiluak erabakiko du berriro non hobiratu gorpuzkiak, hobiratze duina ziurtatuz. Ondorio horietarako, legitimatuta dago dagokion hileta-eskubidearen titulua esleitzea eskatzeko eta behar diren gainontzeko jardun guztiak egiteko.

  • 4.  Aurreko apartatuan jasotako epea igaro ondoren, Ministroen Kontseiluak prozedurak jarrai dezala aginduko du. Horretarako, justizia arloan eskumena daukan ministerioaren titularrari aginduko dio udalera bidal dezala, hala badagokio, gorpuzkiak hobitik ateratzeko behar den proiektua, izapidetu dadin Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategineko hamargarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera (urriaren 30eko Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua). Era berean, autonomia-erkidegoan hilotzen alderdi sanitarioaren arloan eskumena daukan organoari txosten ez-loteslea eska diezaion aginduko dio. Txosten hori hilabeteko epean eman beharko da.

  • 5.  Aurreko apartatuetan ezarritako jardunak amaitu ondoren, interesdunei haien berri emango zaie ebazpena eman aurretik, hamar eguneko epe luzaezinean nahi dituzten alegazioak aurkez ditzaten jardun horiei buruz.

  • 6.  Epe hori igarota, Ministroen Kontseiluak, erabaki arrazoitu baten bidez, ebatziko du gorpuzkiak hobitik atera eta lekuz alda daitezkeen, eta, hala badagokio, nora eraman behar diren adieraziko du.

  • 7.  Xedapen gehigarri honetan adierazitako prozeduraren iraungitze-epea hamabi hilabetekoa izango da, hasteko erabakia ematen denetik kontatzen hasita.»

Azken xedapenetako lehenengoa. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren artikulu hauetan xedatutakoaren babesean ematen da: 149.1.8 artikulua, estatuari legegintza zibila emateko eskumena ematen diona; 149.1.16 artikulua, estatuari osasunaren oinarrien eta koordinazio orokorraren arloan eskumena ematen diona; 149.1.18 artikulua, estatuari Administrazio Publikoen araubide juridikoen oinarriak emateko eskumena, administrazio-prozedura erkidearen gaineko eskumena eta nahitaez jabetza kentzeko legegintza emateko eskumena ematen diona, eta 149.1.24 artikulua, estatuari interes orokorreko herri-lanen gaineko eskumena ematen diona.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2018ko abuztuaren 24an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra