1/2018 Lege Organikoa, azaroaren 5ekoa, Kanarietako Autonomia Estatutua erreformatzekoa.
2018-11-05Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2018/11/06 268zk
I. XEDAPEN OROKORRAK
15138 1/2018 Lege Organikoa, azaroaren 5ekoa, Kanarietako Autonomia Estatutua
erreformatzekoa.
FELIPE Vl.a
Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.
Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala:
1978ko Konstituzioak, Espainiako Autonomien Estatua aintzat hartuta, babesa ematen die Gaztelako Koroan sartu zirenetik Kanariak metatuz joan diren bereizgarri ekonomikoei, politikoei eta administratiboei, Kanarien antolamendu politikoaren eta araubide ekonomikoaren berezitasunak aipatuz. Horrenbestez, erantzuna ematen zaio uharte horietan mendeetan zehar osatuz joan den errealitateari.
Gaztelako Koroan sartu eta gero Kanarietako egitura ekonomikoak, politikoak eta sozialak sakon aldatu ziren, eta uharteetako biztanleak azkar moldatu ziren aldaketa horietara, Gaztelako kultura eta erlijioa barneratu baitzituzten.
Uharteei administrazio-araubidea emateko beharra -lehen ez zegoen administrazio-araubiderik- ez zen homogeneoa izan: uharte bakoitzean modu berezian gauzatu zen, konkista gertatu zen moduaren arabera. Izan ere, errege-uharteetan (Kanaria Handia, Tenerife eta La Palma), errege-erregina katolikoen politika zentralizatzailearen udal-araubidea ezarri zen. Aldiz, jaun feudalek konkistatu zituzten uharteak (Lanzarote, Fuerteventura, Gomera eta Hierro) ondare-araubidean izan ziren XIX. mendearen hasierara arte. Dena den, batzuen eta besteen artean ez zegoen diferentzia handirik toki administrazioan.
XIX. mendearen hasiera arte, uharte bakoitza udalerri bakarra izan zen, eta bakoitzak bere kabildoa zeukan. Horrela, uhartedian zazpi udal-barruti zeuden, erabat bereizita. Kabildoak ziren, hain zuzen ere, Kanarietako Toki Administrazioaren funtsezko nukleoak, eta haiek ordutik dituzten ezaugarri batzuetan oinarritzen da, zalantzarik gabe, 1913tik XX. mende osoan eta gaur arte uharteetako gobernu gisa ere izan duten izaera eta kutsu autonomiko argia.
Uhartedia uharteen arabera antolatuta zegoen, eta uharte bakoitza kabildo batek gobernatzen zuen; hortaz, ez zegoen uharte guztiak barnean hartzen zituen erakunde juridikorik. Horren ondorioz, XVI. mendetik XVIII. mendera arte, Kanaria uharteen historia politikoa zazpi administrazio-unitateren historia izan da; eta uhartedi osoan organo hauek baino ez zituzten eskumenak: Auzitegiak, Gotzaindegiak eta Komandantzia edo Kapitaintza Jeneralak.
Urruntasunak eta uhartetasunak kanariarren nortasuna eta haien konstituzio-printzipioak moldatu dituzte ordutik hona, ultraperiferian egotea autogobernuaren inspirazio-iturritzat eta elementu moldeatzailetzat aitortuta.
Koroak, hasieratik bertatik, baliabideak nahi bezala erabiltzen utzi zuen, eta frankizia fiskalen eta merkataritza-frankizien araubidea onartu zien uharteetako biztanleei. Bereizgarri ekonomikoak eta fiskalak zirela eta, uharteak Espainiako gainerako lurraldeetan indarrean zeuden merkataritza-monopolioetatik kanpo geratu ziren.
Uharteetako biztanleak beren araubide ekonomiko eta instituzionalaren berezitasunez baliatu ziren Europarekin denetariko loturak ezartzeko, eta beren lanarekin eta mestizajearekin Amerikako kolonietako gizarteak aberastu zituzten, batez ere Kuban, Venezuelan, Uruguain eta Texasen. Harrezkero, balio materialen eta kulturalen truke etengabea sortu da Atlantikoaren bi aldeen artean.
Historian zehar eman diren lege-xedapenek bertako arauen «corpusa» osatu dute, eta horrek Kanarietako araubidearen espezifikotasuna moldatu du. Hala gertatu zen Portu Frankoen 1852ko Dekretuarekin. 1870ean, Seiurteko Demokratikoko Gorte Konstituziogileek (1868-1874) lege-maila eman zioten. Eta gauza bera gertatu zen zerga-onurak gehitu zituen 1900eko legearekin ere. Ordutik hona zergen arloko eta merkataritzako frankizien araubideak Kanarietako gizartearen, ekonomiaren eta kulturaren modernizazioa bultzatu du. Modernizazio hori sakon lotuta dago nazioarteko ekonomiarekin eta Europakoarekin, eta Europako abangoardia kulturalek beti aitortu diete uharteei bere izaera atlantikoa.
Ekonomia eta Zerga Araubidearen 1972ko Legea beste mugarri bat izan zen Kanarietako eredu ekonomikoari beti eragin dion oinarrizko arauaren bilakaeran. Hala eta guztiz ere, bilakaera hori ez zen eremu politikora heldu 1978ko Konstituzioa eta 1982ko lehen Estatutua onartu arte.
Batetik, Espainiako Konstituzioak babestutako araubide ekonomiko eta fiskala edukita, eta, bestetik, autonomia-estatutua onartuta, Kanaria uharteek «estatus» politiko eta ekonomikoa berreskuratu zuten Espainia demokratikoan. «Estatus» hori Europako Erkidegoko erakundeek ere aitortu zioten, eta tratatuetan berretsi zuten, uharteen ultraperiferikotasuna aintzat hartu baitzuten historian zehar «estatus» hori justifikatu duten arrazoi berengatik.
Autonomia lortzeak Kanarietako gizartearen modernizatzeko prozesua sendotu du. Horren harira, azpiegituretan eta ekipamenduetan mendeetan izan den desoreka zuzentzeko bidean da, eta kanariarren ongizate-indizeak hobetzen ari dira.
Hala ere, XXI. mendeko gizarteak ekintza berriak behar ditu. Kanarietako gizartea demokratikoa eta heldua da; horregatik, jardun-esparru berriak eskatzen ditu, konstituzio-errealitatea eta gure ondarea guztiz errespetatuta. Erronka berriei aurre egiteko prest egon behar da. Horretarako, autonomia-estatutuan honako printzipio hauek aitortu behar dira:
1. Kanarietako gizartea Konstituzioaren esparruan finkatu behar da eta aurrera eraman.
2. Kanarietako espazio-eremua definitu behar da, uharteak, kabildoak eta udalerriak oinarrizko erakunde autonomoak direla berretsita.
3. Politika publiko batzuk uharteen arabera modulatu behar dira, uhartediaren egoera berezira egokitzeko.
4. Konstituzioaren bermea duen ekonomia- eta zerga-araubideak garrantzi politiko handia dauka; horren berme instituzionala indartu behar da eta aldaketak koordinatzeko mekanismoak ezarri behar dira.
5. Kanariarren arteko kohesioa indartu behar da; Europaren, Amerikaren eta Afrikaren arteko lotunea izateko bokazioa sustatu behar da, Konstituzioaren esparruan, eta bakea eta nazioarteko ordena bidezkoagoa lortzen lagundu.
6. Gure sistema demokratikoaren kalitatea finkatu eta hobetu behar da, eta aurrerapen ekonomikoa uhartediaren aparteko ondare naturalarekin bateratu behar da. Aldi berean, Kanaria uharteen historian zehar hain berezko izan diren desberdintasun sozialak gainditu behar dira eta kanariar guztien integrazioa lortu behar da.
Xedapen orokorrak
1. artikulua. AtlantiKoKo uhartedia,
1. Kanariak Atlantikoko uhartedi bat dira, eta, beren ezaugarri geografiko, historiko eta kulturalek ematen dieten nortasun bereziaren adierazgarri, nazionalitate gisa, autogobernurako eskubidea baliatzen dute, autonomia-erkidego gisa eratuz Espainiako Estatuaren esparruan.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak honako eginkizun hauek hartzen ditu bere gain bere erakunde demokratikoen bitartez, Konstituzioaren eta Estatutuaren esparruan, egiteko goren modura: Kanarietako interesak, kultura-identitatea, natura-ondarea eta biodibertsitatea defendatzea; kanariar guztien arteko solidaritatea gauzatzea; uharteen garapen iraunkorra eta orekatua bultzatzea; kanariarrek herrien arteko lankidetza eta bakea sustatzea; nazioarteko ordena bidezkoa sustatzea.
2. Kanarietako herriaren autogobernuak Konstituzioa du sorburu, eta honako hauek oinarri, besteak beste: kokapen berezia, lurraldearen eta natura-baliabideen balioa, instituzio publikoen errotzea eta ekonomiaren bokazio atlantikoa, baita berezko identitate politiko bat garatu izana ere, zeina lotuta baitago uhartedian bizi diren pertsonen kulturari, hizkerari eta usadioei eta haiek historiaz duten ikusmolde espezifikoari.
2. artikulua. Kanaria uharteen botereak
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren botereak Konstituziotik eta Kanarietako herritik datoz, autonomia-estatutu honek zehazten duen eran, haien oinarrizko arau instituzionala baita.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren botereak Parlamentuaren, Presidentetzaren eta Gobernuaren bitartez gauzatzen dira.
3. Uharteak funtsezkoak dira Kanarietako lurraldea antolatzeko orduan; eta haien kabildoak autonomia-erkidegoko instituzioak eta gobernu-, administrazio- eta ordezkaritza-organoak dira, aldi berean.
3. artikulua. Urruntasuna, uhartetasuna eta ultraperiferikotasuna.
Kanaria uharteen urruntasuna, uhartetasuna eta ezaugarri ultraperiferikoa onartuta daude Europar Batasuna eratzeko tratatuetan, Konstituzioan eta estatutu honetan, eta botere publikoek, beren eskumenen eremuan, aintzat hartu behar dituzte ezaugarri horiek, eta, beharrezkoa denean, politikak, legegintzako eta erregelamenduzko jarduna eta finantzen eta aurrekontuen arloetako erabakiak moldatu beharko dituzte, baldin eta aipatutako ezaugarriek era erabakigarrian eragiten badiete eskumen horiei; hartara, Kanarietako uhartedian aplikatzeko baldintza espezifikoak finkatu beharko dituzte. Moldaketa edo egokitzapen hori gai eta arlo hauetan egingo da batez ere: garraioak eta telekomunikazioak eta horien azpiegiturak; barne-merkatua; energia; ingurumena; portuak; aireportuak; immigrazioa; fiskalitatea; kanpoko merkataritza; eta, bereziki, lehengaien hornikuntza, ezinbesteko kontsumo-lerroak eta auzoko herrialdeen garapena sustatzeko lankidetza.
4. artikulua. Lurraldea.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoko lurralde-eremua Kanarietako uhartedia da. Uhartediak honako hauek hartzen ditu: administrazio propioa duten zazpi uharteak (Hierro, Fuerteventura, Kanaria Handia, Gomera, Lanzarote, La Palma eta Tenerife) eta haien inguruko itsasoa, bai eta La Graciosa uhartea eta Alegranza, Lobos, Montaña Clara, Roque del Este eta Roque del Oeste uhartetxoak ere.
2. Jada ezarrita dauden oinarrizko lineak aldatu gabe, aurreko zenbakian azaldu diren kanariar uhartediko uharte eta uhartetxoetako muturretako punturik irtenen artean inguru perimetrala marraztuko da, uhartediaren eite orokorrari jarraikiz, estatutu honen eranskinean ezartzen den bezala. Inguru perimetralaren barruko urei Kanarietako ur esango zaie; ur horiek Kanarietako Autonomia Erkidegoko itsas eremu berezia osatzen dute.
3. Konstituzioan eta Estatutuan ezarritako eskumenen banaketa kontuan hartuz erabiliko dira Estatuaren edo Autonomiaren eskumenak Kanarietako uren gainean eta, hala dagokionean, Espainiako Estatuaren subiranotasunaren edo jurisdikzioren mende dauden eta Kanaria uharteen inguruan dauden gainerako itsas eremuetan,, bai itsas eremu horietan, bai lur-eremuetan.
4. Estatuak, bere eskumenak erabiltzen dituenean, kontuan hartuko ditu uhartedia izateak berekin dakartzan ondorio bereziak, eta Autonomia Erkidegoaren parte-hartzea bultzatuko du ur horien gaineko estatu-eskumeneko jarduketetan.
5. Inguru perimetralaren trazadurak ez ditu aldatuko Kanaria uharteen itsas eremuetarako nazioarteko indarreko zuzenbideari jarraikiz Espainiako ordenamendu juridikoaren arabera zehaztuta dauden mugak.
5. artikulua. Hiriburutza eta Presidentetzaren egoitza.
1. Kanarietako hiriburutza Las Palmas Kanaria Handikoa eta Santa Cruz Tenerifekoa hirien artean banatuta dago, eta Kanarietako Parlamentuaren lege batek arautzen du hiriburutzaren estatutua.
Kanarietako Presidentetzaren egoitza hiriburutza duten hirietan egongo da, txandaka: legealdi batean hiri batean eta hurrengoan bestean.
Presidentetzaren egoitza hiriburu batean dagoenean, Presidenteordetzaren egoitza bestean egongo da.
2. Kanarietako Parlamentuaren egoitza Santa Cruz Tenerifekoa hirian dago.
6. artikulua. Kanariar izaera politikoa.
1. Estatutu honen ondorioetarako honako hauek dira kanariarrak: Espainiako nazionalitatea duten eta Estatuaren legeekin bat etorriz administrazio-auzotasuna Kanarietako edozein udalerritan ezarria duten pertsonak.
2. Halaber, kanariarrak dira honako hauek ere: Espainiako nazionalitatea dutela, atzerrian bizi diren pertsonak, baldin eta azken administrazio-auzotasuna Kanarietako Autonomia Erkidegoan eduki badute eta hori frogatzen badute dagokien Espainiako kontsuletxean.
3. Kanariarren ondorengoak, espainiar gisa inskribatuta badaude, Kanarietako Autonomiako komunitate politikoko kidetzat hartuko dira, eskatzen badute, baina eskubide politikoak Konstituzioak eta legeek ezartzen dituzten kasuetan soilik erabili ahal izango dituzte.
7. artikulua. Sinboloak.
1. Kanarietako bandera tamaina bereko hiru zerrenda bertikalek osatzen dute; hona zerrenden koloreak, hagatik hasita: zuria, urdina eta horia.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak armarria dauka: hondo urdinaren gainean zilarrezko zazpi uharte, lehen seiak binaka ordenatuta eta zazpigarrena muturrean jarrita. Tinbrea errege-koroa da; horren gainean zinta zuria dago, eta zintaren barruan «Oceano» dago idatzita letra beltzez. Armarriari berezko koloreko bi txakurrek eusten diote.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak himnoa edukiko du. Kanarietako Parlamentuak lege bat egingo du himnoa arautzeko.
4. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren jaiegun instituzionala maiatzaren 30a da.
8. artikulua. Atzerrian dauden kanariarren komunitateak.
Kanariar jatorriko pertsonek Kanarietako Autonomia Erkidegotik kanpo osatu dituzten komunitateek beren jatorriaren araberako identitatea aintzatesteko eskatu ahal izango dute, hau da, Kanarietako bizitza soziala eta kulturala partekatzeko eta bertan lankidetzan jarduteko eskubidea onartzeko. Kanarietako Parlamentuaren lege batean arautuko dira aintzatespen horren irismena eta edukia, bai eta kanariar emigratzaileen eta haien ondorengoen aitorpen berezia ere. Lege horrek ez ditu eragotziko Estatuaren eskumenak.
Eskubideak, betebeharrak eta printzipio gidariak
Xedapen orokorrak
9. artikulua. Titularrak
1. Kanariar izaera politikoa duten pertsonek honako hauetan onartzen diren eskubideak, betebeharrak eta askatasunak dauzkate: Espainiako Konstituzioa; estatutu hau; Europar Batasunaren Zuzenbidea; giza eskubideak, banakako eskubideak eta eskubide kolektiboak babesten dituzten nazioarteko tresnak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala batik bat.
2. Estatutu honetan kanariarrei onartzen zaizkien eskubideak beste pertsona batzuei ere aplikatu ahal izango zaizkie, legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz.
3. Kanarietako botere publikoak lotuta daude eskubide eta askatasun horiei: babestu eta errespetarazi egingo dituzte. Gainera, kanariarrek beren betebeharrak betetzea sustatuko dute.
10. artikulua. Aplikazioa eta interpretazioa.
1. Titulu honetako xedapenetako bat ere ezin da inolaz ere garatu, ez aplikatu, ez interpretatu Konstituzioak edo Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko hitzarmenek eta tratatuek onartzen dituzten oinarrizko eskubideak murrizteko edo mugatzeko moduan.
2. Titulu honetako eskubideek, betebeharrek eta printzipioek ez dute ekarriko eskumenen banaketa-araubidearen aldaketarik, ez dute sortuko eskumen-titulu berririk eta ez dituzte lehendik daudenak aldaraziko.
11. artikulua. Berdintasunerako eta lankidetzarako eskubidea.
1. Kanarietako botere publikoek behar diren neurriak hartuko dituzte honako eskubide hauek bermatzeko: berdintasunerako eskubidea, diskriminaziorik ez jasateko eskubidea, bizitza publikoan parte hartzeko eskubidea, garapen ekonomikorako eskubidea, askatasunerako eskubidea eta giza eskubideak errespetatzeko eskubidea.
2. Botere publikoek honako eskubide hau bermatuko dute: tratu bera jasotzeko eta sexuagatik, generoagatik, jaiotzagatik, etnizitateagatik, ideia politikoengatik, erlijio-ideiengatik, adinagatik, desgaitasunagatik, sexu-orientazioagatik edo sexu-identitatearengatik, gaixotasunagatik, hizkuntzagatik eta beste egoera edo inguruabar pertsonal edo sozial guztiengatik diskriminaziorik ez jasateko eskubidea. Diskriminazioa debekatzea ez da eragozpena izango sektore, talde edo pertsona behartsuagoen aldeko neurriak hartzeko.
3. Kanarietako botere publikoek bakea, tolerantzia eta garapenaren aldeko lankidetza sustatuko dituzte. Horretarako, programak eta akordioak ezarriko dira auzoko herrialdeekin eta geografiaren edo kulturaren ikuspegitik hurbil dauden herrialdeekin, bai eta gobernuz kanpoko erakundeekin eta erakunde pribatu eta publikoekin ere, politika horiek Kanarietan eta atzerrian eraginkorrak direla bermatzeko beharrezkoak badira.
Eskubideak eta betebeharrak.
12. artikulua. Familia.
1. Pertsona guztiek dute beren familia-egoerei erantzuteko behar den babes sozial, juridiko eta ekonomikoa jasotzeko eskubidea, edozein dela ere familiaren modalitatea. Laguntza horiek jasotzeko modua eta bete beharreko baldintzak lege bidez zehaztuko dira, berdintasun-irizpidea aplikatuz.
2. Kanarietako botere publikoek neurri eta politika aktiboak sustatuko dituzte emakumeen eta gizonen bizitza pertsonala, familia-bizitza eta lana bateragarriak izan daitezen.
13. artikulua. Adingabeen eskubideak.
1. Adingabeek beren nortasuna eta ongizatea familian eta gizartean garatzeko behar duten arreta integrala jasotzeko eskubidea dute.
2. Familien arloko arauak, politikak eta denetariko neurriak aplikatzean eta interpretatzean, lehentasuna emango zaie adingabeen interesei eta onurei, familien interesekin eta onurekin koordinatuta.
14. artikulua. Gazteen eskubideak.
Gazteei emantzipatzen laguntzeko politika publikoak sustatu behar dituzte administrazioek. Horretarako, prestakuntza, hezkuntza, osasuna eta kultura jasotzen, elkarteetan aritzen, lana aurkitzen eta etxebizitza lortzen lagundu behar diete, beren bizitza-proiektua garatu ahal izan dezaten eta gizartean eta kulturan besteek bezala parte hartu ahal izan dezaten, eskubide eta betebehar berekin, legeek ezartzen dutenaren arabera.
15. artikulua. Adineko pertsonen eskubideak.
Kanarietako botere publikoek bermatu behar dute adineko pertsonen bizitza duina eta independentea izatea, adinekoek beren autonomia pertsonala eta zahartze aktiboa sustatzeko arreta integrala jasotzea eta osasun-arreta, gizarte-arreta eta laguntza-arreta jasotzeko eskubidea edukitzea. Halaber, ekintzak eta neurri egokiak sustatu eta ezarri behar dituzte adineko pertsonen ongizate soziala, ekonomikoa eta pertsonala bermatzeko, eta legeek ezartzen dituzten prestazioak jaso ditzaten.
16. artikulua. Desgaitasuna duten edo mendekotasuna duten pertsonen eskubideak.
1. Duintasunarekin eta modu independentean bizitzeko eskubidea bermatzen zaie desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsona guztiei.
2. Botere publikoek modu aktiboan sustatuko dute desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonek beste guztiek bezala eta inolako diskriminaziorik gabe erabili ahal izatea beren eskubideak. Halaber, pertsona horien garapen pertsonala eta soziala bermatuko dute.
3. Botere publikoek kalitateko zerbitzu eta prestazio espezializatuen sistema bat bermatuko diete desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonei; hartara, oztopo fisikoak eta lege-oztopoak kenduko dira eta pertsona horien garapena alderdi guztietan sustatuko da, legeek agintzen duten eran.
4. Gorrek espainierako zeinu-hizkuntza erabil dezakete. Hizkuntza hori irakatsi, babestu eta errespetatuko da, eta neurri egokiak ezarriko dira hizkuntza hori erabiltzea hautatzen duten gorrek gainerako pertsonen tratu bera jaso dezaten. Horretarako, gorrak eta Erkidegoko administrazioak beren artean zeinu-hizkuntzaren bidez komunikatu ahal izateko behar diren neurriak ezarriko dira.
17. artikulua. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubidea.
1. Kanarietako botere publikoek emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bermatuko dute eremu pribatuan eta publikoan; halaber, familia-bizitza eta lanbide-bizitza bateragarriak izatea sustatuko dute.
2. Neurri eraginkorrak hartuko dira berdintasun-balioak eta sexismorik eza irakasteko. Horrez gain, politika eta ekintza aktiboak ezarriko dira indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei babes integrala emateko, eta arreta berezia emango zaie prebentzio-neurriei.
18. artikulua. Sexu-orientaziorako eskubidea.
Kanarietako botere publikoek, legeekin bat etorriz, pertsonen genero-identitaterako eskubidea onartuko dute, eta horregatik edo sexu-orientazioagatik inork diskriminaziorik ez jasatea bermatuko dute.
19. artikulua. Osasun-arloko eskubideak.
1. Pertsona guztiek dute beren osasuna babesteko eskubidea; halaber, osasun-zerbitzu publikoa gainerako herritar guztiek bezala eta doan jasotzeko eskubidea ere badute, legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz.
2. Kanarietako botere publikoek lege bidez ezarri beharko dituzte Kanarietako osasun-zerbitzu publikoaren erabiltzaileei honako eskubide hauek bermatzeko baldintzak:
a) Kanarietako osasun-sistema publikoaren zerbitzu eta prestazio guztiak berdintasunean eta doan jasotzeko eskubidea, Estatuaren oinarrizko araudiak ezartzen duenarekin bat etorriz.
b) Beren eskubideen eta Kanarietako osasun-sistemako zentroen, zerbitzuen eta prestazioen gaineko informazio integrala jasotzeko eskubidea.
c) Gaixotasun-prozesuei, tratamenduei eta tratamenduen ondorioei buruzko informazio integrala jasotzeko eskubidea; horrela, aukera izango dute erabakiak hartzeko eta, behar denean, osasun-tratamendu baterako baimen informatua emateko.
d) Medikuak eta osasun-zentroa aukeratzeko eskubidea, osasun-sistema publikoaren barruan.
e) Aholku genetikoa eta medikuntza prediktiboa jasotzeko eskubidea.
f) Osasun-arreta azkar eta bidegabeko atzerapenik gabe jasotzeko eskubidea, eta zerbitzuak eta tratamenduak jasotzeko zain egon beharreko aldia zentzuzkoa baino luzeago ez izateko eskubidea.
g) Osasun-prozesuetan, beste mediku baten iritzia jasotzeko eskubidea.
h) Zaintza aringarriak jasotzeko eskubidea eta hiltzeko prozesua duintasunarekin bizitzekoa.
i) Osasunari eta ezaugarri genetikoei buruzko datuak isilpean edukitzeko eskubidea, eta norberaren historia klinikoa eskuratzeko eskubidea.
j) Laguntza geriatriko espezializatua jasotzeko eskubidea.
k) Gaixotasun kronikoak edota mentalak dituzten pertsonek edo osasun-eremuan arrisku-taldetzat hartzen diren talde espezifikoetakoek osasuneko tratamendu eta programa espezifikoak eta espezializatuak jasotzeko eskubidea.
20. artikulua. Aurretik jarraibideak adierazteko eskubidea.
Adin nagusiko pertsona guztiek, gai diren heinean, eskubidea dute, legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz, aldez aurretik adierazteko zer nahi duten gertatzea zainketekin eta tratamenduekin eta, behar denean, beren gorpuarekin eta gorputzeko organoekin egunen batean beren borondatea adierazteko gauza ez direla gertatzen direnerako.
21. artikulua. Hezkuntza-arloko eskubideak.
1. Pertsona guztiek eskubidea dute hezkuntza publikoa, doakoa, ez-konfesionala eta kalitatekoa jasotzeko, arreta berezia emanez haur-hezkuntzari, legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz.
2. Kanarietako botere publikoek bermatu behar dute pertsona guztiak hezkuntza-sistema publikoan sartu ahal izatea, gainerakoen aukera berekin, diskriminaziorik jasan gabe eta irisgarritasun unibertsalaren irizpideak aintzat hartuz. Horretarako irizpide eta baldintza zehatzak legez ezarriko dira.
3. Ikasleei bermatzen zaie Kanarietako hezkuntza-sistema publikoko hezkuntza-zentroetako derrigorrezko maila guztietan testu-liburuak eta material didaktikoa eskura edukitzea, araudiek ezartzen dutenarekin bat etorriz.
4. Hezkuntza doakoa ez den etapetan (unibertsitateko hezkuntza barne) pertsona guztiek dute eskubidea beken eta dirulaguntzen sistema publikoan parte hartzeko gainerako guztien aukera berekin, legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz. Horrez gain, egoera ahulagoan dauden pertsonen aldeko neurriak sustatuko dira.
5. Pertsona guztiek dute lanbide-heziketarako eta etengabeko prestakuntzarako eskubidea, legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz.
6. Hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonek eskubidea dute hezkuntza-sisteman aritzeko behar duten laguntza guztia jasotzeko, hezkuntza-sisteman integratu eta prestakuntzan aurrera egin ahal izateko, legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz.
7. Hezkuntza-planetan hezkuntza integrala diseinatu beharko da, honako balio hauek aintzat hartuta: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, sexismorik eza, indarkeriarik eza, diskriminaziorik eza, solidaritatea eta lankidetza, dibertsitatea eta kultura-identitatea, gizartean eta politikan partea hartzea, eta teknologia berrien erabilera eta garapena.
8. Derrigorrezko hezkuntza-etapetan, Kanaria uharteen historia, geografia, gizarte, politika eta kulturari buruzko gaiak landuko dira hezkuntza-planetan.
9. Hezkuntza-sistema publikoak gurasoei bermatzen die erlijio-prestakuntza eta prestakuntza morala beren sinesmenen arabera hautatzeko eskubidea.
10. Hezkuntza-komunitateko kideek eskolako eta unibertsitateko gaietan esku hartzeko eskubidea dute, legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz.
22. artikulua. Etxebizitza eskuratzeko eskubidea.
Kanarietako botere publikoek pertsona guztiei bermatu behar diete etxebizitza duina edukitzeko eskubidea, eta etxebizitzaren funtzio soziala arautu behar dute sustapen publikoko sistema baten bitartez, herritar guztiek aukera berak dituztela eta legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz. Arreta berezia emango zaie egoera ahulenean dauden gizarte-kolektiboei. Lurzoruaren erabilera interes orokorraren arabera arautuko da, espekulaziorik egon ez dadin.
23. artikulua. Lanaren eta lanbidearen arloko eskubideak.
1. Kanarietako botere publikoek politika aktiboak eta neurriak sustatuko dituzte pertsona guztien lanerako eskubidea bermatzeko.
2. Lanerako eskubidea gauzatzeko, Kanarietako botere publikoek honako eskubide hauek bermatzen dizkiete pertsona guztiei:
a) Lanbide-heziketa jasotzeko eskubidea, lana aurkitu ahal izateko eta lanbide-sustapenerako. Eskubide hori herritar guztientzat da, denek eduki behar dituzte jasotzeko aukera berak eta inork ez du diskriminaziorik jasan behar.
b) Enplegu publikoa gainerako guztien aukera berekin eskuratzeko eskubidea.
c) Laneko eta lanbideko egitekoak osasun fisikoa eta psikikoa, osotasuna, segurtasuna eta duintasuna arriskuan jarri gabe betetzeko eskubidea.
d) Enpresen informazioa jasotzeko, haiei kontsultak egiteko eta enpresetan parte hartzeko eskubidea.
e) Neurriak ezartzea lan-arloan jazarpenik, esplotaziorik eta tratu txarrik ez gertatzeko.
3. Kanarietako botere publikoek bereziki sustatuko dute emakumeek, gazteek eta desgaitasuna dutenek gainerako herritarren aukera berak edukitzea gizarteratzeko, lanbide-heziketa jasotzeko eta lana aurkitzeko.
4. Sindikatuek eta enpresa-elkarteek eskubidea dute beren egitekoetan aritzeko kontzertazio sozialaren, parte-hartzearen eta gizarte-lankidetzaren arloetan.
24. artikulua. Herritartasun-errenta jasotzeko eskubidea.
1. Gizartean baztertuta dauden pertsonek eskubidea dute herritartasun-errenta jasotzeko, legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz.
2. Kanarietako botere publikoek zerbitzu publikoak garatuko dituzte Kanarietan bizi diren pertsonek pobreziaren edo gizarte-bazterketaren ondoriorik jasan ez dezaten.
25. artikulua. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak.
Ondasunak eta zerbitzuak kontsumitzen eta erabiltzen dituztenean, pertsonek honako eskubide hauek dituzte, legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz:
a) Botere publikoek Kanarietako pertsonen osasuna, segurtasuna eta interes ekonomikoak babesteko eta erosten diren produktuen eta zerbitzuen bermeen araubide bat ezartzeko eskubidea.
b) Kontsumitzeko eskaintzen diren produktuei, zerbitzuei eta prestazioei buruzko informazio integrala jasotzeko eskubidea.
c) Elkarteak sortzeko eta Administrazio Publikoaren aurrean modu aktiboan parte hartzeko eskubidea.
26. artikulua. Ingurumenaren arloko eskubideak.
1. Pertsona guztiek eskubidea dute ingurumen orekatuan, jasangarrian, kutsadurarik gabe eta osasunerako giro adeitsuan bizitzeko. Horrez gain, denek dute natura-baliabideak eta lurreko eta itsasoko paisaiak gozatzeko eskubide bera, eta baliabide horiek ardurarekin erabili behar dituzte. Era berean, modu korrelatiboan, pertsonek ingurumena babestu eta hobetu behar dute, gaur egungo belaunaldientzat eta etorkizunekoentzat. Horrez gain, haien interesei eragiten dieten mugak jasan behar dituzte.
2. Kanarietako botere publikoek naturaren, ingurumenaren, paisaiaren eta biodibertsitatearen defentsa eta babesa bermatu behar dituzte, bai lehorrean, bai itsasoan. Kalitatea kudeatzeko, antolatzeko eta hobetzeko politikak ezarriko dira, garapen jasangarriaren printzipioarekin bat etorriz. Politika horiek, gainera, gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren bilakaerak dakartzan eraldaketekin bateratuko dira, lurraldean hirigintzako espekulaziorik gerta ez dadin.
3. Pertsona guztiek dute eskubidea Kanarietako botere publikoek ingurumenari buruz duten informazioa jasotzeko.
27. artikulua. Kulturaren arloko eskubidea.
1. Kanarietako herritarrek eskubidea dute kultura eskuratzeko eta banakako nahiz taldekako sormen-gaitasunak garatzeko gainerako herritarren aukera berekin.
2. Pertsona guztiek Kanarietako kultura-ondarearen adierazpen guztiak errespetatu eta zaindu behar dituzte.
3. Kanarietako botere publikoek kultura-, arte- eta prestakuntza-jardueretan baldintza berberetan aritzeko aukera izatea bermatuko dute Kanarietako lurralde osoan. Horretarako, behar diren ekintzak eta neurriak sustatuko dituzte, uhartetasun bikoitza kontuan hartuz.
4. Kanarietako botere publikoek babestu eta defendatuko dituzte kanariarren identitatea, ondare historikoa, balioak eta interesak, espainolen aurreko aborigenek eta uhartedia jendeztatuz joan diren gainerako kulturek utzitako ondare etnografikoa eta arkeologikoa, bai eta hizkuntza-modalitateak ere (bereziki, Gomerako txistua).
28. artikulua. Informazioaren eta komunikazioen teknologiak erabiltzeko eskubidea.
Kanarietako botere publikoek teknologia berrietako prestakuntza eta haien erabilera sustatuko dituzte, ezagutzaren, informazioaren eta komunikazioaren gizartean modu aktiboan parte hartzeko.
29. artikulua. Gizarte-zerbitzuen arloko eskubideak.
1. Pertsona guztiek eskubidea dute erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak eta zerbitzuak jasotzeko gainerakoen aukera berekin.
2. Kanarietako botere publikoek beren kargura dituzten zerbitzuei eta prestazioei buruzko informazioa eman behar dute.
3. Estatutu honen 16. eta 24. artikuluetan ezartzen diren eskubideak bermatze aldera, Kanarietako botere publikoek pertsonei arreta emateko plan espezializatuak ezarriko dituzte, legeek xedatzen dutenarekin bat etorriz.
30. artikulua. Datu pertsonalak babesteko eskubidea.
Pertsona guztiek eskubidea dute Kanarietako administrazio publikoen artxiboetan eta fitxategietan dauden datu pertsonalak babesteko eta beren pribatutasuna zaintzeko; gainera, datu horiek eskuratu, aztertu, zuzendu eta ezabatu ahal dituzte.
31. artikulua. Parte hartzeko eskubideak.
Politikan parte hartzeari dagokionez, honako eskubide hauek dituzte kanariar izaera politikoa duten pertsonek, estatutu honek eta legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz:
a) Kanarietako gai publikoetan zuzenean edo ordezkarien bidez parte hartzeko eskubidea, gainerako herritarren aukera berekin.
b) Ordezkaritzako organo politikoetako ordezkariak askatasunarekin hautatzeko eskubidea eta hauteskundeetan hautagai izateko eskubidea.
c) Kanarietako Parlamentuan legegintzako ekimenak aurkezteko eta sustatzeko eskubidea, eta zuzenean edo elkarteen bitartez Parlamentuaren legegintzan parte hartzeko eskubidea, ganberaren erregelamenduak ezartzen duenarekin bat etorriz.
d) Kanarietako erakunde eta administrazio publikoei kexak eta eskaerak aurkezteko eskubidea.
e) Kanarietako espazio-eremuan herri-kontsultak egiteko deialdiak sustatzeko eta haietan parte hartzeko eskubidea. Nolanahi ere, Estatuak erreferendum-arloko eskumenak balia ditzake.
32. artikulua. Administrazio onerako eskubidea.
Kanarietako administrazio publikoen jardunean honako printzipio hauek aplikatu behar dira: berdintasuna, diskriminaziorik eza, errespetua eta zerbitzuak ahalik hoberenak izatea. Horrez gain, honako eskubide hauek bermatu beharko dira, legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz:
a) Zerbitzuei eta prestazioei buruzko informazio osoa jasotzeko eta norberaren ardurako gaien izapideen egoeraren berri edukitzeko eskubidea.
b) Administrazioak herritarrei dagozkien gaiak inpartzialtasunarekin eta objektibotasunarekin lantzeko eskubidea.
c) Gaiak zentzuzko epeetan ebazteko eskubidea.
d) Kanarietako erakundeen, organoen eta organismo publikoen informazio publikoa, fitxategiak eta erregistroak eskuratzeko eskubidea, Konstituzioak eta legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz.
e) Zerbitzu publikoen jardunaren inguruko kexak aurkezteko eta kexa horiek ebazteko eskubidea.
33. artikulua. Justizia arloko eskubideak.
1. Kanarietako botere publikoek Justizia Administrazioaren arloko zerbitzuen kalitatea, biktimen arreta eta doako justizia bermatuko dituzte beren eskumenen esparruan.
2. Estatuko espetxeen legeriaren esparruan, Kanarietako botere publikoek akordioak sustatuko dituzte askatasunik ez duten kanariar egoiliarrek kondenak Kanarietako lurraldean bete ditzaten. Halaber, haiek gizarteratzeko neurriak sustatuko dira.
34. artikulua. Memoria historikorako eskubidea.
1. Kanarietako botere publikoek lan egin behar dute Kanarietako memoria historikoa ezagutarazten eta gordetzen; izan ere, memoria historikoa ondare kolektiboa da, Kanarietako herriaren identitatearen eta kulturaren defentsaren lekukoa eta eskubide eta askatasun demokratikoen alde egindako borrokaren eta erresistentziaren lekukoa. Hori dela-eta, erakundeek behar diren ekimenak bultzatu beharko dituzte identitate kulturalaren alde, demokraziaren alde eta Kanarietako autogobernuaren alde lan egiteagatik jazarri izan dieten herritar guztiei esker ona emateko eta haien errehabilitaziorako.
2. Kanarietako botere publikoek lan egin behar dute memoria historikoa honako hauen betiereko ikurra izan dadin: identitatea, kultura-aniztasuna, tolerantzia, balio demokratikoen duintasuna, totalitarismoen arbuioa, eta aukera pertsonalengatik, ideologiagatik edo kontzientziagatik jazarpena pairatu duten pertsona ororen aitormena.
35. artikulua. Animalien eskubideak.
Legez ezartzen denarekin bat etorriz, eta Konstituzioarekin eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuarekin bat eginik, Kanarietako administrazio publikoek animaliak zaindu eta babesten direla begiratuko dute. Gainera, sentimenak dituzten izakitzat hartuko dituzte, eta tratu txarrak eta krudeltasuna dakarten jardueretan ez erabiltzeko eskubidea onartzen diete. Era berean, arau-hausteen eta zehapenen araubidea ezarriko da.
36. artikulua. Eskubideen bermeak.
1. Kapitulu honetan onartzen diren eskubideak modu mesedegarrienean interpretatu eta ulertu behar dira, guztiz eraginkorrak izan daitezen.
2. Titulu honetan onartzen diren eskubideak urratzen dituzten egintzen aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango dira dagokien jurisdikzioan, Estatuko prozedura-legeetan ezartzen diren prozeduren arabera.
3. Konstituzio-bermeak alde batera utzi gabe, pertsona guztiek Herritarren Diputaziora jo ahalko dute Kanarietako administrazio publikoei egotzi ahal zaizkien lesioak direla-eta beren eskubideak babesteko.
Printzipio gidariak
37. artikulua. Printzipio gidariak.
Kanarietako botere publikoek printzipio hauek hartzen dituzte beren politika gidatzeko:
1. Behar den guztia egitea Konstituzioak eta estatutu honek onartzen dituzten eskubideak eta askatasunak norberaren borondatez baliatu ahal izateko.
2. Uhartediko ekonomiaren, lurraldearen eta gizartearen kohesioa sustatzea, herritar guztiek eskubide berak dituztela bermatuak, non bizi diren alde batera utzita.
3. Gardentasunarekin jardutea eta gobernu ona aplikatzea kudeaketa publikoan.
4. Pertsonen arteko berdintasuna eta pertsonen taldeen artekoa eta, bereziki, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna arlo guztietan eta, batik bat, enpleguaren, lanaren eta ordainsarien arloetan.
5. Botere publikoek zeharkakotasuna bermatu behar dute genero-ikuspegia politika publiko guztietan txertatzeko.
6. Kanarietako gizartetik joera sexistak, xenofoboak, arrazistak, homofoboak, belikoak eta berdintasunaren eta pertsonen duintasunaren aurkakoak diren gainerako joera guztiak ezabatzea.
7. Kanarietako espainiera defendatzea, sustatzea eta ikastea, Atlantikoko espainieraren hizkuntza-barietatetzat hartuta.
8. Berdintasuna, tolerantzia, integrazioa, askatasuna, elkartasuna eta bakea sustatzen dituzten balioak txertatzea hezkuntzako maila guztietako prestakuntza-planetan, bai eta administrazio publikoen jarduketa guztietan ere.
9. Familiek hezkuntza-komunitatearen esparruan seme-alaben hezkuntzan parte hartzea sustatzea, aisialdian hezkuntza-jarduerak egiten lagunduz.
10. Kalitateko ikerkuntza zientifikoa eta teknikoa eta sorkuntza artistikoa sustatzea, berrikuntza-prozesuak txertatzea eta informazioa eskuratu eta teknologia berriak erabili ahal izatea.
11. Kanariak bake eta elkartasun plataforma izatea sustatzea.
12. Solidaritatea, Konstituzioak 138. artikuluan ezartzen duena; behar den guztia egingo dute Kanarietako ezaugarri espezifikoei, hots, ultraperiferikotasunari eta uhartetasun bikoitzari, arreta berezia emateko.
13. Iraunkortasun-irizpideak oinarri hartuta, garraiobide publikoen erabilera eta mugikortasunaren eta bide-segurtasunaren hobekuntza bultzatzeko politikak sustatzea. Administrazio publikoek, erakundeen jardunaren bidez, behar diren neurriak hartuko dituzte desgaitasuna duten pertsona guztiek uhartediko garraiobideak erabili ahal izateko, bai eta azpiegitura eta instalazio publiko eta pribatuak erabili ahal izateko ere, legeek ezartzen duten bezala.
14. Kanarietako oinarrizko natura-baliabide estrategikoak eraginkortasunarekin babestea, batez ere ura eta energia-baliabideak. Horretarako, Kanarietako administrazioek beren eskumeneko esparruan haien gaineko kontrol publikoa edukitzea bermatuko da.
15. Uhartediko ingurumenaren kalitatea eta biodibertsitatea zaintzea eta hobetzea, guztien ondareak diren aldetik, klima-aldaketaren ondorioak murrizte aldera.
16. Energia aurreztea eta energia berriztagarriak sustatzea, batez ere garraioen eta komunikazioen arloetako politiketan.
17. Erakunde publikoek animalien ongizatea zainduko dutela bermatzea, tratu txarraren aurka borrokatuz eta, bereziki, galzorian dauden eta endemismo-arriskua duten uhartediko espezieak babestuz.
18. Kanarietako herritar guztiek modu aktiboan parte hartzea Kanarietako politikan, ekonomian, kulturan eta gizartean.
19. Justizia Administrazioa eraginkor bat antolatzea, bidegabeko atzerapenik gabea eta Kanarietako herritarrengandik hurbil dagoena.
20. Gazteek uharteetako politikan, kulturan eta gizartean parte hartzeko baldintzak sustatzea.
21. Familiei eta adingabeei babes juridikoa, ekonomikoa eta soziala ematea, haien ongizatea lortzeko behar den arreta bermatuta.
22. Adinekoen bizitza duin eta independenterako eskubidea zaintzea.
23. Pertsona desgaituen autonomia, aukera-berdintasuna, gizarteratzea eta laneratzea sustatzea, arreta berezia jarriz gizarteari egiten dioten ekarpenean eta guztien irisgarritasunaren aldeko irizpideei jarraituz oztopoak kentzeko lanean.
24. Kolektibo behartsuak eta, bereziki, migratzaileak eta iheslariak integratzea printzipio hauek aintzat hartuz: elkarrekiko aintzatespena, diferentziarekiko errespetua eta denok eskubide eta betebehar berak edukitzea Konstituzioaren printzipioen eta balioen esparruan.
25. Ekonomiaren eta zergen arloko politikaren xedeak hauek izatea: hazkunde egonkorra, batetik, eta, bestetik, eta lehentasunarekin, enplegu betea lortzea eta errenta eta aberastasuna Kanarietako herritarren artean modu ekitatiboan banatzea, justizia sozialeko irizpideekin bat etorriz.
26. Merkatuko ekonomia batean, enpresa-askatasuna eraginkortasunarekin babestea. Lehia aske eta leiala, enpresa-jarduera, produktibitatea eta enpresen arteko lankidetza ziurtatzeko antolatuko dira merkatuak.
27. Elkarrizketa soziala bultzatzea sindikatuekin eta enpresaburuekin, ezinbestekoak baitira kohesiorako eta garapenerako politikak sortzeko eta betearazteko. Botere publikoek behar diren neurriak hartuko dituzte langileen lan-eskubideak eta eskubide sindikalak bermatzeko.
28. Jarduera turistikoa garapen-eredu jasangarri bat lortzeko asmoarekin sustatu eta antolatuko da, eta garapen-eredu horrek, batez ere, ingurumena, Kanarietako kultura-ondarea eta lurraldea errespetatu beharko ditu.
29. Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza sustatzea.
30. Kanarietako jarduera produktiboen dibertsifikazioa sustatzea.
Kanarietako Autonomia Erkidegoko erakundeak
Parlamentua
38. artikulua. Izaera
1. Kanarietako Parlamentua kanariarren ordezkaritza-organoa da; boto unibertsal, zuzen, berdin, aske eta isilpekoen bidez hautatzen da.
2. Kanarietako Parlamentua bortxaezina da.
3. Agintaldia lau urteko izango da; nolanahi ere, kasu jakin batzuetan aldez aurretik desegin daiteke.
39. artikulua. Hauteskunde-araubidea.
1. Honako hauek dira hautesle eta hautagarri: Kanarietan erroldatuta egonik, estatutu honen arabera kanariarrak diren adin nagusiko pertsonak, baldin eta eskubide zibil eta publiko guztiak badituzte eta legeak hautaezin izateko ezarritako arrazoiek eragiten ez badiete.
2. Kanarietako Parlamentuaren lege batek hauteskunde-araubidea ezarriko du, Parlamentuko kideen ekimenez eta haien hiru bostenek onartuta. Hauek izango dira hauteskunde-araubidearen oinarriak:
a) Hauteskunde-sistema ordezkaritza proportzionala izango da.
b) Gutxienez berrogeita hamar diputatu egongo dira, eta gehienez hirurogeita hamabost.
c) Hauteskunde-barrutiak autonomikoak, uhartekoak edo mota bietakoak izan daitezke. Hierro, Fuerteventura, Kanaria Handia, Gomera, Lanzarote, La Palma eta Tenerife uharteetako bakoitza hauteskunde-barruti bat da. Barruti bakoitzari diputatu kopuru zehatza esleituko zaio.
d) Aulkien banaketan parte izateko hauteskunde-zerrendek lortu behar duten gutxieneko boto-ehunekoa ezarriko da.
e) Uharte-barruti batek ezin ditu eduki esleituta zuzenbideko biztanle gutxiago dauzkan beste uharte-barruti batek baino diputatu gutxiago.
40. artikulua. Diputatuen estatutua.
1. Diputatuak ez daude aginduzko mandatuaren mende.
2. Kanarietako Parlamentuko kideak bortxaezinak dira beren karguan ematen dituzten botoak eta iritziak direla-eta. Agintaldian ezin izango dira atxilotu ez atxiki, ageri-ageriko delitua egin ezean.
3. Kanarietako Parlamentuko kideentzako diru-sariak Ganberaren aurrekontuetan ezarriko dira. Gero, Ganberaren aurrekontuak Kanarietako Autonomia Erkidegoetako Aurrekontu Orokorretan txertatuko dira.
41. artikulua. Antolamendua eta funtzionamendua.
1. Parlamentuak legealdi bakoitzeko lehen bileran mahai bat hautatuko du; mahaiburua, bi mahaiburuorde eta bi idazkari ariko dira bertan. Mahaikideak hautatzeko prozedura eta mahaikideen egitekoak Parlamentuaren erregelamenduak arautuko ditu.
2. Parlamentuak autonomia dauka antolaketan, finantzetan, administrazioan eta diziplinan; gainera, bere aurrekontua ere autonomia osoarekin finkatuko du. Halaber, Parlamentuak berak prestatu eta onartuko du bere mendeko langileen estatutua.
3. Parlamentuak osoko bilkuretan eta batzordeetan lan egingo du.
4. Parlamentuak bere erregelamendua finkatuko du, eta parlamentarien gehiengo osoak onartu beharko du. Bertan bileren araubidea, Parlamentuko taldeen osaera eta Diputazio Iraunkorraren jarduna zehaztuko dira, bai eta legegintzako eta kontrol politikoko prozedurei eragiten dieten beste kontu batzuk ere.
5. Uharteetako kabildoek Uharteetako Kabildoen Batzorde Orokorraren bidez parte hartuko dute Parlamentuan. Ganberako Erregelamenduak ezarriko du kabildoen osaera. Batzorde horren txostena nahitaezkoa izango da uharteei eta uharteetako kabildoei eragiten dieten gaiak aztertzen direnean.
6. Parlamentuko erabakiak gehiengo soilez hartuko dira, Estatutuak bestelako gehiengoren bat eskatzen duen kasuetan izan ezik. Hala eta guztiz ere, Parlamentuaren osoko bilkuran uharte-barruti batean hautatutako diputatuen bi herenek erabaki baten aurka egiten badute arrazoiak azalduta, erabakia beren uharterako kaltegarria dela-eta, gaia hurrengo osoko bilkurarako utziko da.
7. Parlamentua erregelamenduak ezartzen dituen aldietan bilduko da. Aldi horietatik kanpo ganberak ezohiko bilkurak egin ahalko ditu. Bilkura horietarako deialdiak ganberako presidenteak egin beharko ditu, Diputazio Iraunkorrak, diputatuen laurden batek, Parlamentuko bi taldek edo Gobernuak eskatuta. Deialdietan bilkurako aztergaien zerrenda zehaztu behar da.
8. Parlamentuak herritarren parte-hartzea sustatuko du. Ganberaren erregelamenduak horretarako neurriak eta tresnak ezarriko ditu ganberaren eremu eta organo bakoitzarentzat.
42. artikulua. Ikerketa-batzordeak.
1. Parlamentuak, ganberaren erregelamenduak ezartzen dituen baldintzetan, ikerketa-batzordeak eratu ahal izango ditu interes publikoko edozein gairi buruz. Batzorde horien erabakiak ez dira lotesleak auzitegientzat, eta ez dute eraginik sortzen erabaki judizialetan; hala eta guztiz ere, ikerketaren emaitza Fiskaltzari komunikatuko zaio, horrek bidezkoa denean dagozkion neurriak har ditzan.
2. Batzorde horiek edozein pertsonari deitu ahal izango diote hara agertzeko, informazioa eman dezan. Horrez gain, Gobernuari eta edozein administrazio publikori, bai eta haien mendeko erakunde eta organoei ere, behar dituzten informazioa eta dokumentuak eskatu ahal izango dizkiete.
43. artikulua. Eginkizunak.
Parlamentuaren eginkizunak:
a) Autonomia Erkidegoaren legegintzako ahala erabiltzea.
b) Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak onartzea.
c) Kanarietako presidentea hautatzea eta Gobernuaren jarduna politikoki kontrolatzea.
d) Parlamentuaren agintaldi bakoitzeko Autonomia Erkidegoko senatariak izendatzea; ordezkaritza proportzionala izatea bermatu beharko da beti.
Kanarietako Parlamentuak izendatzen dituen senatariak Parlamentura joan ahal izango dira, erregelamenduak zehazten duen eran, Senatuan egiten duten lanaren berri emateko.
e) Estatuko Gobernuari lege-proiektuak egiteko eta aurkezteko eskatzea, eta Gorte Nagusietan lege-proposamenak zuzenean aurkeztea, Konstituzioak 87.2 artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz.
f) Konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoak aurkeztea Konstituzio Auzitegian, Konstituzioak eta Lege Organikoak ezartzen dituzten kasuetan eta arautzen dutenarekin bat etorriz.
g) Konstituzioak, estatutu honek edo legeek esleitzen dizkioten gainerako eginkizun guztiak.
Legeak eta lege-indarreko arauak
44. artikulua. Legegintzako ekimena.
1. Gobernuari eta diputatuei dagokie legegintzako ekimena gauzatzea, Parlamentuaren erregelamenduak ezartzen duenarekin bat etorriz.
2. Gainera, uharteetako kabildoei ere badagokie legegintzako ekimenak gauzatzea, Parlamentuaren erregelamenduak ezartzen duenarekin bat etorriz.
3. Kanarietako udalek ere gauzatu ahal izango dute legegintzako ekimena, baldin eta xede horretarako biltzen badira eta Parlamentuaren erregelamenduak ezartzen dituen populazioaren ehunekoa eta udalerrien kopurua ordezkatzen badituzte.
4. Parlamentuaren lege baten bidez arautuko dira legegintzako herri-ekimenak, estatutu honek 31. artikuluan onartzen duen parte hartzeko eskubidea gauzatzeko modua den aldetik.
45. artikulua. Legegintza-ahalmena eskuordetzea.
1. Kanarietako Parlamentuak lege-mailako arauak emateko ahalmena eskuordetu ahal dio Gobernuari, honako lege hauek direnean izan ezik:
a) Autonomia Erkidegoaren aurrekontu-legeak.
b) Autonomia Erkidegoko erakundeen legeak edo Parlamentuaren gehiengo kalifikatua behar dutenak.
2. Legegintza-ahalmena oinarri-lege baten bidez eskuordetu beharko da, eskuordetzaren xedea testu artikulatuak sortzea bada; bestela, lege arrunt baten bidez eskuordetu beharko da, xedea zenbait lege-testu bat egitea bada.
3. Legegintza-ahalmena berariaz eskuordetu behar zaio Gobernuari, eta gai zehatz baterako, eskuordetza erabiltzeko epe bat jarrita. Parlamentua desegin bada eta ondorioz Gobernua jardunekoa bada, legegintza-ahalmena ezin izango da eskuordetu.
Gobernuak erabilitakoan amaituko da eskuordetza, dagokion araua argitaratuz; legegintzako dekretu esaten zaio arau horri. Eskuordetza ezin izango da hartu modu inplizituan emandakotzat, ez eta mugaegunik gabe emandakotzat ere. Bestalde, ahalmen hau ezin izango zaie azpieskuordetu Gobernuaz beste agintaritza batzuei.
4. Oinarri-legeek zehaztasunez ezarriko dituzte legegintza-ahalmenaren eskuordetzaren xedea eta irismena, eta hura erabiltzean aplikatu beharreko printzipioak eta irizpideak. Inolaz ere ezin izango da eman aukerarik oinarri-legea bera aldatzeko, eta ezin izango da eman ahalmenik atzeraeraginezko ondoreak dauzkaten arauak emateko.
5. Lege-testuak bateratzeko baimenetan eskuordetzaren araugintza-eremua zehaztu behar da, hau da, finkatu behar da xedea testu bakarra sortzea den edo horrez gainera bat egingo diren testuak erregularizatu, argitu eta harmonizatu behar diren ere.
6. Legegintzaren kontrola nola egingo den Kanarietako Parlamentuaren erregelamenduak zehaztuko du. Nolanahi ere, kontrol hori ez da eragozpena izango aplikatzen den legeriaren arabera Konstituzio Auzitegiari eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokien kontrolerako. Gainera, eskuordetzaren legeetan beste kontrol-mekanismo batzuk ere ezarri ahal izango dira.
46. artikulua. Lege-dekretuak.
1. Aparteko eta presazko premia dagoenean, Gobernuak lege-mailako arauak eman ahal izango ditu; lege-dekretuak izango dira.
2. Arau horiek behin-behinekoak izango dira. Ezin izango dituzte aldatu aurreko artikuluan baztertu diren kasuak, eta estatutu honetan ezartzen diren eskubideen oinarrizko arauketa ere ez.
3. Kanarietako Parlamentuak lege-dekretuak hogeita hamar egun naturaleko epealdian baliozkotu beharko ditu, argitaratzen diren egunetik zenbatuta. Parlamentua osatuta egon ezean, Diputazio Iraunkorraren bilerarako deialdia egin beharko da. Aldi horretan Parlamentuak ebazpena eman beharko du lege-dekretua baliozkotzeko edo baliogabetzeko.
4. Aurreko paragrafoan ezartzen den epealdian presazko prozeduraren bidez izapidetu ahal izango dira, lege-proiektu gisa.
47. artikulua. Aldarrikatzea eta argitaratzea.
1. Kanarietako Parlamentuaren legeak eta lege-indarreko gainerako arauak erregearen izenean aldarrikatuko ditu Autonomia Erkidegoaren presidenteak, eta Kanarietako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira onartzen direnetik 15 egun pasatu baino lehen, bai eta Estatuko Aldizkari Ofizialean ere. Indarrean jartzeko, legea edo araua Kanarietako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna hartuko aintzat.
2. Konstituzio Auzitegiak erabakiko du Kanarietako Parlamentuaren legeak eta lege-mailako gainerako arauak Konstituzioaren araberakoak diren.
Kanarietako presidentea
48. artikulua. Hautapena.
1. Parlamentuak bere kideetako bat hautatuko du presidente.
2. Parlamentuan ordezkaritza duten indar politikoei kontsulta egin eta Mahaia entzun ondoren, Parlamentuko presidenteak Kanarietako Presidentetzarako hautagaia proposatuko du.
3. Proposatzen den pertsonak bere gobernu-programa aurkeztuko dio Parlamentuari. Hautatua izateko, lehenengo bozketan gehiengo osoa lortu beharko du; lortu ezean, beste bozketa bat egingo da 48 ordu geroago, eta orduan gehiengo soila nahikoa izango da Kanarietako presidente izateko konfiantza emantzat jotzeko.
4. Gehiengo hori ere lortzen ez bada, beste hautagai batzuk proposatuko dira, arestian azaldu den modu berean. Lehenengo inbestidura-bozketa egiten denetik bi hilabete igaro ondoren artean ez badago Parlamentuaren konfiantza daukan hautagairik, Parlamentua berez desegingo da eta Parlamenturako hauteskundeak egiteko deialdia egingo da.
5. Presidentea hautatu ondoren, erregeak izendatu egingo du.
49. artikulua. Estatutu pertsonala.
1. Presidenteak presidenteordea eta Gobernuko gainerako kargudunak askatasunarekin izendatu eta bereiziko ditu, haien jarduna zuzendu eta koordinatuko du, eta, Kanarietako Autonomia Erkidegoko presidentea denez gero, Kanarietako ordezkaritza gorena edukiko du, eta Estatuaren ordezkaritza arrunta Kanarietako Autonomia Erkidegoan.
2. Presidenteak bere betearazpen-eginkizunak aldi baterako eskuordetu ahal izango dizkie presidenteordeari eta Gobernuko gainerako kideei.
3. Presidentea politikaren arloko erantzukizuna dauka Parlamentuaren aurrean.
4. Presidenteak herri-kontsultak proposatu ahal izango ditu Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eremuan erkidegoko zein tokiko interes orokorreko gaiei buruz, bere ekimenez zein herritarrek eskatuta, legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz.
5. Kanarietako presidenteordea Kanarietako Parlamentuko kidea izan behar da. Presidenteordea presidentearen ordez ariko da karguan inor ez dagoenean edo titularra gaixorik dagoenean.
Gobernua
50. artikulua. Eginkizunak.
Honako hauek dira Kanarietako Gobernuaren eginkizunak:
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eta bertako Administrazioaren zuzendaritza politikoa.
2. Betearazpen-eginkizunak eta eginkizun administratiboak, estatutu honek eta legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz.
3. Erregelamenduak egiteko ahala.
4. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren politika ekonomikoa antolatzea eta uharteetako politikekin koordinatzea, uharte bakoitzaren beharrizanak eta interes orokorra kontuan hartuta.
5. Konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoak aurkeztea, eta Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoak ematen dizkion ahalmen guztiak.
6. Estatutu honek edo legeek ematen dizkioten gainerako beste ahal eta ahalmen guztiak.
51. artikulua. Osaera.
1. Honako hauek dira Kanarietako Gobernuko kideak: presidentea, presidenteordea eta sailburuak.
2. Legez arautuko dira kide horien eskudantziak eta estatutua.
3. Gobernuko kideak ageri-ageriko delitua eginez gero bakarrik atxilotu ahal izango dituzte beren karguan diren bitartean.
52. artikulua. Gobernuak bere jardunari uztea.
1. Gobernuak honako kasu hauetan utziko dio bere jardunari:
a) Kanarietako Parlamenturako hauteskundeak egiten direnean.
b) Presidenteak Parlamentuaren konfiantza galtzen duenean, estatutu honetan ezartzen denarekin bat etorriz.
c) Presidenteak bere kargua uzten duenean honako kasu hauetan: dimisioa eman ondoren; Parlamentuko kideen gehiengo osoak berresten duenean presidenteak karguan aritzea eragozten dion ezgaitasun iraunkor fisikoa zein mentala daukala; kargu publikoan aritzeko desgaitzen duen zigor-kondena irmoa ezartzen zaionean; Kanarietako Parlamentuko diputatua izateari uzten dionean.
d) Presidentea hiltzen denean.
2. Jardunari uzten dion gobernuak jardunean jarraituko du gobernu berriko kideak beren karguez jabetu arte. Karguez jabetzeko ekitaldia presidentea izendatzen denetik hamabost eguneko epearen barruan egin beharko da. Kanarietako Parlamentuaren lege batek arautuko ditu jardunari uzten dioten gobernuko kideen eskudantziak.
Parlamentuaren eta Gobernuaren arteko harremanak
53. artikulua. Erantzukizun politikoa
Gobernuko kideek beren kudeaketa politikoaren erantzukizun solidarioa edukiko dute Kanarietako Parlamentuaren aurrean.
Gobernuko kideei ezin izango zaie eskatu banakako erantzukizun politikoa.
54. artikulua. Konfiantza-arazoa.
Gobernuak eztabaidatu eta gero, Gobernuko presidenteak programa bati edo politika orokorreko adierazpen bati buruzko konfiantza-arazoa aurkeztu ahal izango dio Parlamentuari.
Presidenteak Parlamentuaren konfiantza daukala pentsatuko da emandako botoen gehiengo soila lortzen badu.
Presidenteak, Gobernuko gainerako kideekin batera, bere kargua utziko du Parlamentuak konfiantza ukatuz gero. Hori gertatzen bada, beste presidente bat hautatu beharko da, estatutu honek 48. artikuluan ezartzen duen bezala.
55. artikulua. Zentsura-mozioa.
Parlamentuak erantzukizun politikoa eska diezaioke Gobernuari; horretarako, zentsura-mozioa aurkeztu behar da eta gehiengo osoak onartu behar du. Zentsura-mozioa Parlamentuko kideen ehuneko hamabostek aurkeztu behar du gutxienez, eta ezinbestekoa da presidenterako proposatzen den hautagaiaren izena agertzea.
Atzera botatzen den zentsura-mozioa sinatzen dutenek ezin izango dute aurkeztu beste bat bilkura-aldi berean.
56. artikulua. Parlamentua behar baino lehenago desegitea.
1. Presidenteak Parlamentua desegin ahal izango du, gaia Gobernuarekin aztertu ondoren. Bera izango da erabaki horren erantzule bakarra. Desegitea dekretu bidez erabakiko da. Dekretuan, halaber, hauteskundeetarako deialdia egingo da, eta indarreko hauteskunde-legerian ezartzen diren eskakizun guztiak beteko dira.
2. Zentsura-mozioa aurkeztu bada, Parlamentua ezin izango da dekretu bidez desegin; halaber, legealdiko lehen urtean ere ezin izango da desegin.
Estatutu-garrantzia duten organoak
57. artikulua. Herritarren Diputazioa.
1. Herritarren Diputazioa Kanarietako Parlamentuak oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak defendatzeko goi-erakundea da. Herritarren Diputazioak Kanarietako administrazio publikoen jarduna gainbegiratuko du, legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz.
2. Bere eginkizunak betetzeko, laguntza eskatu ahal izango die Kanarietako administrazio publiko guztietako denetariko agintaritza, erakunde eta funtzionarioei.
3. Herritarren Diputazioaren titularra hautatzeko, aldeko botoa eman behar dute Kanarietako Parlamentuko kideen hiru bostenek. Agintaldia bost urtekoa izango da.
4. Kanarietako Parlamentuaren lege batek organo horren jardunaren independentzia bermatuko du, eta beraren antolamendua, funtzionamendua eta Herriaren Defendatzailearekiko lankidetza arautuko ditu.
5. Bere jardunerako behar dituen lankidetza-akordio guztiak sinatu ahal izango ditu antzeko erakundeekin.
58. artikulua. Kanarietako Aholku Batzordea.
1. Kanarietako Aholku Batzordea Kanarietako Autonomia Erkidegoko aholku-organo gorena da. Honako hauek Konstituzioaren eta Autonomia Estatutuaren araberakoak direnez ebatziko du:
a) Legegintzako ekimenak.
b) Parlamentuak baliozkotu behar dituen lege-dekretuak.
c) Legegintzako dekretuen proiektuak.
d) Parlamentuak edo Gobernuak konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoak aurkeztea, eta eskumen-gatazkak azaltzea.
e) Batzordea arautzen duen legeak ezartzen dituen gainerako gaiak.
2. Legeak batzordearen inpartzialtasuna eta independentzia bermatuko ditu; horrez gain, batzordearen osaera, funtzionamendua eta kideen estatutua arautuko ditu.
59. artikulua. Kanarietako Kontuen Auzitegia.
1. Kanarietako Kontuen Auzitegia Kanarietako Parlamentuaren mende dago. Kanarietako Autonomia Erkidegoko sektore publikoko eta Kanarietako gainerako erakunde publikoetako ekonomiaren, finantzaren eta kontabilitatearen kudeaketaren kanpoko fiskalizazioa egingo du. Nolanahi ere, Espainiako Kontuen Auzitegiak horren gaineko eskumenak dauzka, Konstituzioak ezartzen duen bezala.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren Kontu Orokorra aztertzeko eta egiaztatzeko bere egitekoak Parlamentuak eskuordetuta beteko ditu.
3. Parlamentuaren lege batek arautuko ditu Kanarietako Kontuen Auzitegiaren antolamendua eta jarduna.
60. artikulua. Gardentasunerako eta informazio publikoaren eskuragarritasunerako ordezkaria.
1. Gardentasunerako eta informazio publikoaren eskuragarritasunerako ordezkaria Kanarietako Autonomia Erkidegoaren esparruan informazio publikoa eskuratzeko eskubidea eta gardentasuna sustatzeko, aztertzeko, kontrolatzeko eta babesteko organoa da, legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz.
2. Kanarietako Parlamentuaren lege baten bidez, organo horrek erabateko gaitasunarekin, autonomiarekin eta independentziarekin jardun ahal izatea bermatuko da, eta, gainera, beraren antolamendua, jarduna eta administrazio publikoekiko, erakundeekiko eta legez behartuta dauden beste organo batzuekiko harremanak arautuko ditu.
3. Gardentasunerako eta informazio publikoaren eskuragarritasunerako ordezkaria Kanarietako Parlamentuko kideen hiru bostenen aldeko botoekin hautatuko da, legez ezartzen den prozedurarekin bat etorriz.
Kanarietako Autonomia Erkidegoko Administrazioa
61. artikulua. Administrazioaren antolamendua.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoari dagokio bere administrazio publikoa antolatzea, estatutu honek eta legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz. Administrazio publikoaren antolamenduan honako printzipio hauek bete behar dira: eraginkortasuna, ekonomia, herritarrengandik ahalik hurbilen egotea, eta uhartetasuna aintzat hartzea.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak bi eratara gauzatuko ditu bere administrazio-eginkizunak, Estatutuarekin eta legeekin bat etorriz: bere administrazioaren bidez edo, bestela, subsidiariotasun-, deszentralizazio- eta efizientzia-printzipioek hala eskatuta, uharteetako kabildoen eta udalen bidez, behar besteko finantza-nahikotasuna bermatuta.
62. artikulua. Araubide juridikoa.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak honako ahalmen eta pribilegio hauek edukiko ditu bere eskumenak erabiltzean:
a) Beraren egintzak zuzenbidearen araberakoak eta bete beharrekoak direla pentsako da, eta egintzak nahitaez betearazteko ahala edukiko du.
b) Egintzak administrazio-bidetik berrikustea, ofizioz zein errekurtso-bidez.
c) Desjabetzeko ahala, eraginpeko ondasunak presaz okupatu beharra adierazteko ahala barne, eta desjabetzeari buruzko legeetan ezartzen diren gainerako eskudantziak.
d) Ondasunak ikertzeko, mugatzeko eta ofizioz berreskuratzeko ahalak.
e) Zehatzeko ahala, ordenamendu juridikoak ezartzen dituen mugen barruan.
f) Premiamendu-prozedura erabiltzeko ahalmena.
g) Bere ondasunak eta eskubideak enbargatzeko ezintasuna, eta bere kredituak kobratzeko prelazio-prerrogatiba, lehentasun-prerrogatiba eta Ogasun Publikoari aitortutako gainerako guztiak, legeekin bat etorriz.
h) Berme- eta kauzio-betebehar guztietatik salbuetsita dago administrazio-organismo eta jurisdikzio-auzitegi guztien aurrean.
2. Ez da onartuko Kanarietako Autonomia Erkidegoak bere eskumeneko gaietan legez ezarritako prozedurarekin bat etorriz egiten dituen jarduketen aurka edukitza babesteko egintza sumariorik erabiltzea.
63. artikulua. Arauak, egintzak eta erabakiak kontrolatzea.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoko organo betearazleek eta administratiboek ematen dituzten lege-mailarik gabeko arauen, egintzen eta erabakien aurka errekurtsoak aurkeztu ahal izango dira administrazioarekiko auzien bidean. Nolanahi ere, bidezko errekurtso administratiboak eta ekonomiko-administratiboak ere aurkeztu ahal izango dira, eta Konstituzioak 153.b) artikuluan ezartzen duena aplikatuko da.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoetako organoek ematen dituzten lege-mailarik gabeko arauak Kanarietako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, erabat baliozkoak izan daitezen.
Kanarietako lurralde-antolamendua
64. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoa uharteetan eta udalerrietan antolatuta dago. Uharteek eta udalerriek erabateko autonomia dute beren interesak kudeatzeko eta beren eskumenak erabiltzeko, Konstituzioak, Estatutuak eta legeek ezartzen duten esparruaren barruan.
2. Honako printzipio hauek kontuan hartu behar dira uharteei eta udalerriei eskumenak esleitzeko lege autonomikoetan:
a) Tokiko autonomia bermatzea.
b) Ekitatea.
c) Eraginkortasuna.
d) Efizientzia.
e) Herritarrengandik ahalik hurbilen egotea.
f) Eskumenak ez bikoiztea.
g) Aurrekontuaren egonkortasuna.
Uharteak eta uharteetako kabildoak
65. artikulua. Uharteak eta uharteetako kabildoak,
1. Kanarietako lurralde-antolaketa hauek osatzen dute: Hierro, Fuerteventura, Kanaria Handia, Gomera, Lanzarote, La Palma eta Tenerife uharteek. Administrazio aldetik, La Graciosa uhartea Lanzaroteri atxikita dago, eta Alegranza, Montaña Clara, Roque del Este eta Roque del Oeste uhartetxoak ere bai; Lobos uhartetxoa Fuerteventura uharteari atxikita dago.
2. Uharteetako kabildoak Kanarietako Autonomia Erkidegoko erakundeak dira.
3. Kabildoak uharte bakoitzeko gobernu, ordezkaritza eta administrazioko organoak dira. Autonomia edukiko dute beren interesak kudeatzeko eta beren eskumenak erabiltzeko, Konstituzioak, estatutu honek eta legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz.
4. Kabildoak Autonomia Erkidegoko Gobernuaren eta Administrazioaren ordezkari arruntak dira uharteetan, eta estatutu honek eta legeek ezartzen dituzten administrazio-eginkizun autonomikoak betetzen dituzte, eta transferitzen edo eskuordetzen zaizkienak ere bai.
66. artikulua. Uharteetako hiriburuak.
Uharte bakoitzeko hiriburua bertako kabildoen egoitza dagoen herrian dago: Hierrokoa, Valverden; Fuerteventurakoa, Puerto del Rosarion; Kanaria Handikoa, Las Palmas Kanaria Handikoan; Gomerakoa, San Sebastian Gomerakoan; Lanzarotekoa, Arrecifen; Palmakoa, La Palmako Santa Cruz La Palmakoan; Tenerifekoa, Santa Cruz Tenerifekoan.
67. artikulua. Antolaketa.
1. Kanarietako Parlamentuaren lege batek, gehiengo osoz onartuak, uharteetako kabildoen antolaketa arautuko du, Konstituzioak, Estatutuak eta legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz.
2. Uharteetako kabildoek honako organo hauek eduki behar dituzte: osoko bilkura, presidentetza, presidenteordetzak eta gobernu-kontseilua.
3. Uharteetako kabildoen osoko bilkurak legegintzako ekimena gauzatzen du Kanarietako Parlamentuan, kabildoen aurrekontuak onartzen ditu, erantzukizun politikoak eskatzen ditu, gobernu-kontseiluaren ekintza kontrolatzen du, funtzionamendu-erregelamendu organikoa onartzen du, eta Estatutuak eta Parlamentuaren legeek ematen dizkioten gainerako eginkizun guztiak betetzen ditu.
4. Uharte bakoitzeko gobernu-kontseiluan honako hauek ariko dira: presidentea, presidenteordeak (egonez gero) eta sail edo arlo betearazleetako buruak. Gobernu-kontseiluak uharteko kabildoaren eskumenak betearaziko ditu.
68. artikulua. Osaera eta hauteskunde-araubidea.
1. Uharteetako kabildoen osoko bilkuretan ariko diren kideak boto unibertsal, zuzen, berdin, aske eta isilpekoen bidez hautatuko dira, ordezkaritza-sistema bat aplikatuz (sistema hori lege baten bidez ezarriko da).
2. Agintaldia lau urtekoa izango da.
3. Aurreko artikuluan aipatzen den legeak uharte bakoitzeko kabildoan zenbat kide egongo diren arautuko du. Gainera, kideei eragiten dieten hautaezintasun-arrazoiak eta bateraezintasun-arrazoiak ezarriko ditu, hauteskunde-araubidearen lege organikoak xedatzen duenarekin bat etorriz.
69. artikulua. Funtzionamendua eta araubide juridikoa.
Uharte bakoitzeko kabildoaren legeek eta erregelamendu organikoek ezarriko dituzte beraren eta beraren organoen funtzionamendurako arauak eta araubide juridikoa, bai eta haien egitekoen eta eskumenen araubidea ere, Estatuko oinarrizko legeria errespetatuz.
70. artikulua. Uharteen eskumenak.
1. Uharteek onartuta dauzkaten eskumenak eta transferitzen edo eskuordetzen zaizkienak erabil ditzakete. Horrez gain, Kanarietako Gobernuak hartzen dituen erabakiak garatzen eta betetzen lagundu behar dute, Parlamentuaren legeek ezartzen duten bezala. Eskumenak transferitzen eta eskuordetzen zaizkienean baliabide ekonomikoak, materialak eta pertsonalak eman beharko zaizkie.
2. Uharteetako kabildoek, Kanarietako Autonomia Erkidegoko erakundeak direnez gero, honako arlo hauetako betearazpen-eginkizunak dituzte uharteetan, legeria aplikagarrien esparruaren barruan:
a) Lurralde-mugapenak, udal-mugarteen aldaketak eta udalerrien izen ofizialak.
b) Lurraldea antolatzea.
c) Errepideak, interes autonomikotzat jotzen direnak izan ezik, Kanarietako legeriak xedatzen duenaren arabera.
d) Errepide, kable eta tren bidezko garraioa.
e) Babes- eta kirol-portuak kudeatzea, interes autonomikotzat jotzen direnak izan ezik.
f) Turismoa.
g) Uharteko feriak eta azokak.
h) Kontsumitzaileen defentsa.
i) Gizarte-laguntza eta gizarte-zerbitzuak.
j) Etxebizitza-polizia. Etxebizitza publikoak zaintzea eta administratzea.
k) Nekazaritza Hedatzeko Agentziaren berezko eginkizunak. Uharteetako landa-azpiegiturak. Abeletxe esperimentalak.
l) Saneamendu zoosanitariorako kanpainak.
m) Baso-zerbitzuak, abelbideak eta larreak.
n) Ingurumena babestea.
ñ) Akuikultura eta itsas hazkuntzak.
o) Artisautza.
p) Kultura, kirolak, aisialdia eta atsedenaldia. Uharteen ondare historiko-artistikoa. Kanarietako Autonomia Erkidegoak erreserbatuak dituen museoak, liburutegiak eta artxiboak.
q) Ehiza.
r) Uharteetako ikasle-egoitzak.
s) Ikuskizunak.
t) Jarduera sailkatuak.
u) Generoen arteko berdintasuna
71. artikulua. Eginkizunak transferitzea eta eskuordetzea.
Uharteetako kabildoek, Kanarietako Autonomia Erkidegoaren erakundeak diren aldetik, udalei transferitu edo eskuordetu ahal izango dizkiete beren eginkizun administratiboak, baldin eta hala eskatzen badute subsidiariotasunaren, deszentralizazioaren eta efizientziaren printzipioek.
72. artikulua. Uharteetako kabildoen jarduna: sustapena eta politikak finkatzea.
Uharteetako kabildoei sustapen-lana egitea dagokie, baina Kanarietako Autonomia Erkidegoak arlo horretan egiten duena eragotzi gabe; gainera, beren politikak ezar ditzakete. Era berean, elkar hartuta, politikak finka ditzakete beste uharte edo komunitate batzuekin edo Estatuarekin batera, Kanarietako Gobernuarekin bat etorriz.
73. artikulua. Uharteetako kabildoen jarduna koordinatzea.
Kanarietako Gobernuak uharteetako kabildoen jarduna koordinatuko du, Kanarietako Autonomia Erkidegoaren interes orokorrari zuzenean eragiten dion heinean. Horretarako, informazioa eta dokumentuak eskatu ahal izango dizkie, eta, legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz, ekintza publikoaren helburuak eta lehentasunak ezarri ahal izango dituzte, eta Estatuaren oinarrizko legerian ezartzen diren beste koordinazio-mekanismo batzuk ere erabili ahal izango dituzte.
Uharte bateko kabildoak legez ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu eta horrek Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eskumenei eragiten badie, Erkidegoak neurriak hartuko ditu, Estatuaren tokiko araubidearen oinarrizko legeriak ezartzen duenarekin bat etorriz.
74. artikulua. Presidenteen Konferentzia.
1. Presidenteen Konferentzia Kanarietako Gobernuaren eta uharteetako kabildoen arteko lankidetzarako foru instituzionala da. Topagune horretan Gobernuak eta kabildoek interes orokorreko gai garrantzitsuak aztertuko dituzte, interes konkurrenteko jardun-politikak koordinatuko dituzte, eta ahaleginak egingo dituzte Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eta uharteen eremu instituzionaletan txertatuko diren akordioak lortzeko.
2. Konferentziak Kanarietako presidentea eta uharteetako presidenteak biltzen ditu, eta bere antolaketarako eta jardunerako arauak onartzen ditu.
Kanarietako udalerriak
75. artikulua. Udalerriak
1. Udalerriek, Kanarietako oinarrizko toki-entitateak izanik, nortasun juridiko propioa dute, eta erabateko autonomia beren eskumenak erabiltzeko. Udalerrien gobernua, ordezkaritza eta administrazioa udalei dagozkie.
2. Kanarietako udalerriak Estatuak eta Kanarietako Autonomia Erkidegoak beren eskumenez baliatuz ematen dituzten legeek arautzen dituzte.
3. Udalerriak, beren eskumenak kudeatzeko eta herritarrei ahalik zerbitzurik hoberenak emateko, elkartu daitezke, legez ezartzen denarekin bat etorriz.
4. Beren eskumenak ez ezik, Kanarietako Parlamentuak legez transferitzen dizkietenak eta Gobernuak, uharteetako kabildoek edo beste administrazio publiko batzuek eskuordetzen dizkietenak ere erabil ditzakete. Eskumenak transferitzen eta eskuordetzen zaizkienean baliabide ekonomikoak, materialak eta pertsonalak eman beharko zaizkie.
5. Edonola ere, udalerriek, aurreko zenbakian ezartzen denarekin bat etorriz, honako arlo hauetan erabili ahal izango dituzte beren eskumenak, besteak beste:
a) Kontsumoa.
b) Kultura.
c) Kirolak.
d) Hezkuntza.
e) Enplegua.
f) Gazteak.
g) Ingurumena
h) Hirigintza.
i) Historia-ondarea.
j) Genero-berdintasuna.
k) Babes zibila eta herritarren segurtasuna.
l) Osasuna eta gizarte-zerbitzuak.
m) Garraioa
n) Turismoa.
ñ) Etxebizitza.
o) Jarduera sailkatuak eta ikuskizun publikoak.
76. artikulua. Kanarietako Udal Kontseilua.
Kanarietako Udal Kontseilua Kanarietako Autonomia Erkidegoak eta Kanarietako udalek parte hartzeko eta lankidetzarako duten organoa da. Bereziki, udalerrien antolaketari eta eskumenei berariaz eragiten dieten legegintzako ekimenez udalek duten iritzia bideratzen du. Kontseiluaren osaera, antolaketa eta eginkizunak Kanarietako Parlamentuaren lege batek arautuko ditu.
Justizia Administrazioa Kanarietan
77. artikulua. Organo judizialen eskumenak.
1. Kanarietako organo judizialen eskumenekoak dira Botere Judizialaren Lege Organikoak eta Estatuaren lege prozesalek ezartzen dituzten jurisdikzio eta instantzia guztiak.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren zuzenbide propioko gaietan, Kanarietako organo judizialen eskumenekoak dira instantzia eta maila guztiak, are kasazio-errekurtsoak eta berrikuspen-errekurtsoak ere, Estatuaren lege prozesalek ezartzen duten bezala.
Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusia eta Kanarietako Fiskal Nagusia
78. artikulua. Justizia Auzitegi Nagusia.
1. Kanarietako justizia-sistemaren antolamenduan, Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusia da jurisdikzio-organo gorena, Auzitegi Gorenari dagokion jurisdikzioan sartu gabe betiere. Eta, Botere Judizialaren Lege Organikoak ezartzen duen bezala, eskumena dauka jurisdikzio-ordena zibilean, penalean, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan eta sozialean aurkezten diren errekurtsoak eta prozedurak ebazteko, bai eta estatutu honek onartzen dituen eskubideak babesteko ere.
2. Kanarietako Auzitegi Nagusia azken jurisdikzio-auzitegia izango da Kanarietako Autonomia Erkidegoko organo judizial eskudunetan egiten diren prozesu judizial guztietan, eta bere lurralde-esparruan izapidetzen diren errekurtso guztietan ere bai, dena dela aplikatu beharreko zuzenbidea, Botere Judizialaren Lege Organikoarekin bat etorriz eta Auzitegi Gorenak doktrina bateratzeko daukan eskumena eragotzi gabe. Botere Judizialaren Lege Organikoak eta Estatuaren lege prozesalek zehaztuko dituzte errekurtso horien irismena eta edukia.
3. Kanarietako zuzenbide propioaren interpretazioa Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiak baizik ezin du bateratu.
4. Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiari dagokio Kanarietako organo judizialek ematen dituzten ebazpen irmoen aurka legeen arabera aurkezten diren berrikuspen-errekurtso bereziak ebaztea.
5. Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza Las Palmas Kanaria Handikoa hirian egongo da; auzitegiak ondo funtzionatzeko behar dituen salak, berriz, Santa Cruz Tenerifekoa hirian egongo dira.
79. artikulua. Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea.
1. Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea Botere Judizialak Kanarietan daukan ordezkaria da. Erregeak izendatzen du, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak proposaturik eta Botere Judizialaren Lege Organikoak ezartzen duenari jarraituz. Kanarietako Gobernuko presidenteak izendapen hori Kanarietako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
2. Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiko salako presidenteak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak proposatuta izendatuko dira, Botere Judizialaren Lege Organikoak ezartzen duenarekin bat etorriz.
80. artikulua. Justizia Auzitegi Nagusiaren eskumenak.
Edonola ere, Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiak honako eskumen hauek dauzka:
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoko hauteskunde-prozesuei lotutako errekurtsoez arduratzea, legeek ezartzen dutenaren arabera.
2. Kanarietako organo judizialen arteko eskumen-arazoak ebaztea, denen gaineko organorik egon ezean.
81. artikulua. Kanarietako fiskal nagusia.
1. Kanarietako fiskal nagusia Justizia Auzitegi Nagusiko fiskalburua da. Fiskaltzaren ordezkaria da Kanarietako Autonomia Erkidegoan. Bere estatutu organikoan ezartzen den bezala izendatuko da.
2. Kanarietako Gobernuko presidenteak fiskalburuaren izendapena Kanarietako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
3. Kanarietako fiskal nagusiak Kanarietako Auzitegi Nagusiko Fiskaltzaren urteko txostenaren ale bana bidali behar die Gobernuari, Kanarietako Justizia Kontseiluari eta Parlamentuari, eta argitaratzen denetik sei hilabete pasatu baino lehen aurkeztu behar dio Parlamentuari.
4. Kanarietako fiskal nagusiaren eginkizunak Fiskaltzaren Estatutu Organikoak ezartzen ditu.
Kanarietako Justizia Kontseilua
82. artikulua. Kontseiluaren izaera.
Kanarietako Justizia Kontseiluak elkarlanean jarduten du Kanarietako Justizia Administrazioarekin, Botere Judizialaren Lege Organikoak ezartzen duenarekin bat etorriz.
83. artikulua. Osaera eta eskudantziak.
1. Kanarietako Justizia Kontseiluko kideak Botere Judizialaren Lege Organikoak ezartzen ditu. Lege horrek ezartzen dituen kontseilukideak Kanarietako Parlamentuak izendatuko ditu.
2. Kanarietako Justizia Kontseiluaren eginkizunak honako hauek dira: Botere Judizialaren Lege Organikoak ezartzen dituenak, estatutu honek ezartzen dituenak, Kanarietako Parlamentuaren legeek ezartzen dituztenak eta, hala denean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eskuordetzen dizkionak.
3. Kanarietako Justizia Kontseiluak honako eskudantzia hauek dauzka Kanarietako lurraldean dauden jurisdikzio-organoei dagokienez, Botere Judizialaren Lege Organikoak ezartzen duenarekin bat etorriz:
a) Kanarietako auzitegien eta epaitegien ikuskaritzaren plangintzan entzunaldia edukitzea.
b) Eskatuz gero, Kanarietako auzitegi eta epaitegietako gobernu-organoek hartzen dituzten erabakien aurka aurkezten diren gora jotzeko errekurtsoei buruzko txostenak egitea.
c) Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren erregelamenduak aplikatzea.
d) Txostenak egitea organo judizialen lurralde-mugak berraztertzeko, zehazteko edo aldatzeko proposamenei buruz eta atalak edo epaitegiak sortzeko proposamenei buruz.
e) Urtero txostena aurkeztea Parlamentuari Kanarietako Justizia Administrazioa nola dagoen eta nola dabilen azaltzeko.
f) Botere Judizialaren Lege Organikoak eta Parlamentuaren legeek ematen dizkioten eginkizunak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eskuordetzen dizkionak.
4. Kanarietako Justizia Kontseiluak ematen dituen ebazpenen eta abian jartzen dituen ekimenen berri emango dio Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari bere presidentearen bitartez; gainera, eskatzen dion informazioa ere eman beharko dio.
84. artikulua. Kanarietako Justizia Kontseiluaren egintzak kontrolatzea.
Kanarietako Justizia Kontseiluaren egintzen aurka Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari gora jotzeko errekurtsorik aurkeztu ezin bazaio, jurisdikzioan horien aurka jotzeko aukera dago, legeetan ezartzen den bezala.
Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eskumenak Justizia Administrazioaren gainean
85. artikulua. Eskudantziak.
Jurisdikzio militarra alde batera utzita, Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka honako hauek egiteko Justizia Administrazioari dagokionez, Botere Judizialaren Lege Organikoak ezartzen duenarekin bat etorriz:
1. Botere Judizialaren Lege Organikoak Estatuaren Gobernuari onartzen edo esleitzen dizkion ahalmen guztiak baliatzea.
2. Kanarietako organo judizialen lurralde-mugapenei buruzko txostenak egitea, bai eta hiriburutzari buruzko txostenak ere, Estatuaren legeek ezartzen dutenari jarraikiz. Hori dela eta, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, besteak beste: Kanaria uharteen ezaugarri geografiko bereziak, uhartetasunaren ondoriozkoak; populazioaren dentsitatea; turismo-jarduera handiko udalerrietatik hurbil egotea.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak Kanarietako auzitegiei eta epaitegiei baliabide pertsonalak, baliabide materialak eta gainerako baliabideak esleituko behar dizkienean, kontuan hartuko beharko du uhartetasunaren kostu berezia, eta honako bi printzipio hauek aplikatu beharko ditu: ezin dela gertatu bidegabeko atzerapenik eta justizia administrazioa Kanarietako herritarrengandik hurbil egon behar dela.
4. Botere publikoek, beren eskumenen eremuan eta Kanarietako Autonomia Erkidegoarekin koordinatuta, kontuan eduki behar dute uhartetasunak Kanarietako auzitegien eta epaitegien antolaketan eta funtzionamenduan duen kostua.
86. artikulua. Oposizioak eta lehiaketak.
Kanarietako Gobernuak Kanarietan hutsik dauden magistratu-, epaile- eta fiskal-lanpostuak betetzeko oposizioak eta lehiaketak egitea proposatu behar dio Estatuko Gobernuari edo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari, kasuan kasukoari.
87. artikulua. Arlo judizialekoak ez diren langileak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak ezarri behar du arlo judizialekoak ez diren Justizia Administrazioko langileen araubidea, Botere Judizialaren Lege Organikoak langile horiei ezartzen dien estatutu juridikoa errespetatuz. Horrenbestez, Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eskumen horren barruan sartzen da honako hauek arautzea:
a) Hasierako prestakuntza eta etengabeko prestakuntza.
b) Lansari osagarri aldakorren araubidea.
c) Lanaldia eta lan-ordutegia.
d) Jarduera profesionalaren antolamendua.
e) Langileen erregistroa.
2. Era berean, Kanarietako Autonomia Erkidegoak arlo judizialekoak ez diren Justizia Administrazioko langileei dagozkien gaien gaineko eskumen exekutiboa dauka, eta gai horiek kudeatzeko eskumena ere bai. Honako hauek sartzen dira eskumen horietan:
a) Hasierako lanpostuen zerrendak egitea eta onartzea.
b) Bere eskumen-esparruko lan-eskaintza publikoa proposatzea.
c) Hasierako prestakuntza eta etengabeko prestakuntza ematea.
d) Bere eskumeneko lanpostuak betetzeko prozesuen deialdiak egitea eta prozesu horiek ebaztea.
e) Langileen erregistroa kudeatzea, Estatukoarekin koordinatuta.
f) Langile horiek kudeatzea beren estatutu-araubide eta soldata-araubidea aplikatuz.
g) Diziplina-ahala baliatzea eta behar diren zehapenak jartzea (zerbitzutik kentzea ez beste guztiak).
h) Justizia Administrazioan jarduten duten langileak modu eraginkorrean eta efizientean kudeatzeko egin behar diren gainerako eginkizun guztiak.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak Justizia Administrazioren mende jarduten duten langile lan-kontratudunen gaineko eskumena dauka. Nolanahi ere, Estatuak eskumena dauka Justizia Administrazioari eta laneko legeriari dagokienez.
88. artikulua. Baliabide materialak.
Kanarietako Autonomia Erkidegoari dagozkio Kanarietako Justizia Administrazioaren baliabide materialak. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Epaitegi-auzitegiak eta fiskaltzaren eraikinak eraikitzea eta berritzea.
b) Epaitegi-auzitegiak eta fiskaltzaren egoitzak behar diren ondasun higigarriez eta zerbitzuez hornitzea.
c) Komunikazio-sistemak eta sistema informatikoak konfiguratzea, ezartzea eta mantentzea. Nolanahi ere, Estatuak sistema horiek koordinatzeko eta homologatzeko eskumenak dauzka, bateragarritasuna bermatzeko.
d) Artxiboak, konbikzio-piezak eta atzematen diren objektuak kudeatzea eta zaintzea, legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz.
e) Gordailu-kontuak eta epailearen zainpean daudenak eta haien etekinak kudeatzen parte hartzea, Kanarietako Autonomia Erkidegoko jardun judizialaren bolumena eta zerbitzuen benetako kostua aintzat hartuz.
f) Kanarietako Autonomia Erkidegoak Justizia Administrazioan dauzkan eskumenen esparruan ezartzen dituen tasa judizialak kudeatzea, likidatzea eta biltzea.
89. artikulua. Bulego judiziala.
Botere Judizialaren Lege Organikoak ezartzen duenaren arabera, Kanarietako Autonomia Erkidegoaren egitekoak dira honako hauek: bulego judizialak eta organo judizialei laguntzeko zerbitzu eta organoak sortzea, diseinatzea, antolatzea, hornitzea eta kudeatzea, eta auzitegiko medikuntzako eta toxikologiako erakundeak, institutuak eta zerbitzuak arautzea.
90. artikulua. Doako justizia.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak doako justizia-zerbitzuak eta lege-arloko doako aholku-zerbitzuak antolatzeko eskumena dauka.
91. artikulua. Mugapen eta egitura judizialak.
1. Bost urtez behin, gutxienez, Kanarietako Justizia Kontseiluaren txostena jaso eta gero, Kanarietako Gobernuak Estatuko Gobernuari proposatu ahal izango dio Kanarietako mugapen eta egitura judizialak aztertzea eta beste era batera ezartzea. Proposamen hori nahitaezkoa da, eta Gobernuak Gorte Nagusietara bidaltzen duen lege-proiektuari atxikita joan behar du. Era berean, organo judizialen lurralde-mugapenen eta haien hiriburuen berri emango dio, Estatuaren legeek ezartzen duten bezala.
2. Sistema judizialaren egitura aldatzeko ez bada legeria aldatu behar, aldaketa Kanarietako Autonomia Erkidegoko Gobernuak egin dezake. Gainera, Kanarietako Autonomia Erkidegoak atalak eta epaitegiak sortu ahal izango ditu, Estatuko Gobernuaren eskuordetzaz baliatuz eta Botere Judizialaren Lege Organikoak ezartzen duenarekin bat etorriz.
3. Mugapen judizialen hiriburuak Kanarietako Parlamentuaren lege baten bidez zehaztuko dira.
92. artikulua. Bake-justizia eta hurbileko justizia.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak bake-justiziaren gaineko eskumena dauka, Botere Judizialaren Lege Organikoak ezartzen duenarekin bat etorriz. Halaber, Kanarietako Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko ditu haien kalte-ordainak, eta beren eginkizunak betetzeko behar dituzten baliabideak eman behar dizkie. Idazkaritzak ere berak sortu eta hornitu behar ditu.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak zehazten diren herri jakin batzuetan hurbileko justizia-sistema ezartzeko eskatu ahal izango du, gatazka txikiak azkar eta eraginkortasunarekin ebazteko, Botere Judizialaren Lege Organikoak ezartzen duenarekin bat etorriz.
93. artikulua. Gatazkak auzibidetik kanpo ebaztea.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak bitartekaritza, arbitraje eta adiskidetzeko tresnak eta prozedurak sustatuko ditu bere eskumeneko arloetako gatazkak ebazteko.
Eskumenak
Xedapen orokorrak
94. artikulua. Eskumen motak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak titulu honetan ezartzen diren eskumen esklusiboak, legeak garatzeko eta betearazteko eskumenak eta eskumen betearazleak erabiliko ditu, Espainiako Konstituzioak eta Autonomia Estatutuak ezartzen dutena errespetatuz.
2. Estatutu honetan esleitzen zaizkion eskumenen esparruan, Kanarietako Autonomia Erkidegoak bertan berariaz ezartzen diren ahalmenak, ahalak eta eginkizunak dauzka, bai eta izaera dela-eta horiek erabat erabiltzeko berezkoak diren gainerako guztiak ere.
95. artikulua. Eskumen esklusiboak.
1. Eskumen esklusiboen esparruan, Kanarietako Autonomia Erkidegoak oso-osorik erabiliko ditu legeak egiteko ahala, erregelamenduak egiteko ahala eta funtzio betearazlea; nolanahi ere, Estatuak bere eskumen-tituluak dauzka.
2. Eskumen esklusibo horiek baliatuz Kanarietako Autonomia Erkidegoak bere politikak egin ditzake eskumeneko arloetan, estatutu honetan ezartzen diren printzipioekin eta eskubideekin bat etorriz.
96. artikulua. Legeak garatzeko eta betearazteko eskumenak.
1. Legeak garatzeko eta betearazteko eskumenen eremuan, Kanarietako Autonomia Erkidegoak legeak egiteko ahala, erregelamenduak egiteko ahala eta funtzio betearazlea dauzka, Estatuak ezartzen dituen oinarrien esparruan.
2. Eskumen horiek baliatuz Kanarietako Autonomia Erkidegoak bere politikak egin ditzake, estatutu honetan ezartzen diren printzipioekin eta eskubideekin bat etorriz.
97. artikulua. Betearazpen-eskumenak.
Eskumen hauen eremuan, Kanarietako Autonomia Erkidegoari dagozkio:
a) Funtzio betearazlea: honen barruan, bere administrazioa antolatzeko ahala, ikuskatzeko ahala eta zehatzeko ahala sartzen dira betiere, eta, orokorrean, ordenamenduak Administrazio Publikoari esleitzen dizkion gainerako eginkizunak eta jarduerak.
b) Erregelamenduak egiteko ahala: honen barruan, zerbitzuak antolatzeko barne-erregelamenduak onartzea sartzen da.
98. artikulua. Prebalentzia-printzipioa
Kanarietako zuzenbide propioa, Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboei dagokiena, Kanarietako lurralde osoan aplika daiteke, eta horretan lehentasuna dauka gainerako zuzenbide guztien aldean.
99. artikulua. Lurraldetasun-printzipioa.
Eskumen autonomikoen erabilerak Kanarietako lurraldean sortuko ditu ondorioak; nolanahi ere, gerta liteke eskumen batzuek lurraldetik kanpo ere ondorioak sortzea.
100. artikulua. Estatuaren eskumeneko gaiak esleitzea.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak estatutu honetan berariaz arautzen ez diren gaien gaineko eskumenak erabiliko ditu, Estatuak transferitu edo eskuordetuz gero.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak ikuskatzeko eta zehatzeko jarduerak egin ahal izango ditu Estatuaren eskumeneko gaietan, Estatuarekin hitzarmena edo akordioa sinatuz gero.
101. artikulua. Estatuaren arautegiaren modulazioa Kanarietako Autonomia Erkidegoaren egoera periferikoaren arabera.
Estatuak bere eskumen esklusiboak edo eskumen partekatuak baliatuz ematen dituen arauetan kontuan hartu behar dira Kanarietako Autonomia Erkidegoaren ezaugarri bereizgarriak, Europar Batasunak onartzen dituenak.
102. artikulua. Sustapena
1. Bere eskumeneko gaietan Kanarietako Autonomia Erkidegoari dagokio sustapen-lana. Horretarako, dirulaguntzak eman ahal izango ditu bere funtsen kargura, dirulaguntzen helburuak eta haiek emateko eskakizunak araututa edota, hala badagokio, garatuta, eta dirulaguntzak izapidetzeko eta emateko lanak kudeatuko ditu.
2. Eskumen esklusiboei dagokienez, Kanarietako Autonomia Erkidegoak zehaztuko du zer helburu eduki behar duten lurraldearen arabera banatzen diren Estatuko Administrazioaren eta Europar Batasunaren dirulaguntzek. Horrez gain, dirulaguntzak emateko baldintzak arautuko ditu, eta dirulaguntzak izapidetzeko eta emateko lanak nola kudeatu behar diren ere bai. Eskumen partekatuei dagokienez, Kanarietako Autonomia Erkidegoak zehaztuko du zer helburu eduki behar duten lurraldearen arabera banatzen diren Estatuko Administrazioaren eta Europar Batasunaren dirulaguntzek. Horrez gain, dirulaguntza horiek emateko baldintzak osatuko ditu eta bere gain hartuko du haiek izapidetzeko eta emateko lan guztiak. Betearazpen-eskumenei dagokienez, Kanarietako Autonomia Erkidegoak kudeatuko ditu lurraldearen arabera banatzen diren dirulaguntzak, izapidetzeko eta emateko lanak barnean direla.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak parte hartuko du, Estatuak finkatzen duen moduan, Estatuaren eta Batasunaren dirulaguntzetatik lurraldeen arabera zein ezin diren banatu zehazten, bai eta haien kudeaketan eta izapideetan ere.
Erakundeak eta administrazioa
103. artikulua. Lurralde-antolamendua.
Estatuaren oinarrizko legeriaren esparruan, Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka Kanarietako lurralde-antolamenduko toki-entitateak zehazteko, sortzeko, aldatzeko eta ezabatzeko, bai eta estatutu honetako III. tituluan ezartzen dena garatzeko ere; hori guztia Konstituzioak 140. eta 141. artikuluetan ezartzen duen konstituzio-bermea urratu gabe egin beharko du.
104. artikulua. Kanarietako Autonomia Erkidegoko Administrazioaren antolamendua.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka bere Administrazioaren antolamendua eta jardun-araubidea ezartzeko; nolanahi ere, Konstituzioak 149.1.18 artikuluan xedatzen duena bete behar da. Eskumen horren barruan, betiere, Administrazioko organoak, unitate administratiboak eta entitateak eta beraren mendekoak sortzeko, aldatzeko eta ezabatzeko ahalmena sartzen da.
105. artikulua. Lurralde-araubidea.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka toki-araubideko legeak garatzeko eta betearazteko honako gai hauen inguruan betiere:
a) Toki-entitateen izen ofizialak, hiriburutza, sinboloak eta toponimoak.
b) Uharteetako kabildoen antolamendua, araubide juridikoa eta funtzionamendua, Estatutuak III. tituluan ezartzen duenarekin bat etorriz.
c) Kanarietako Autonomia Erkidegoak eratzen dituen toki-erakundeen gobernu-organoak zehaztea, eta organo horien jarduna eta erabakiak hartzeko araubidea.
d) Toki-erakundeetako organo osagarrien araubidea.
e) Toki-erakundeen berezko eskumenak eta ahalak finkatzea, Estatutuan ezartzen denarekin bat etorriz.
f) Jabari publikoko ondasunen, herri-ondasunen eta ondare-ondasunen araubidea, eta zerbitzu publikoak egiteko modalitateak.
g) Kanarietako Autonomia Erkidegoak sortzen dituen toki-erakundeen hauteskunde-araubidea.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka erakunde autonomikoen, uharteetako erakundeen eta toki-erakundeen arteko harremanak arautzen dituzten legeak garatzeko eta betearazteko, beti gogoan dauzkala uhartediko lurraldeen arteko kohesioa eta haien arteko kooperazioa eta lankidetza antolatzeko eta sustatzeko teknikak (elkarteak, mankomunitateak, hitzarmenak eta partzuergoak).
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka uharteen, udalerrien eta sortzen diren toki-erakundeen ogasun-publikoaren eta finantza-babesaren arloko legeak garatzeko eta betearazteko, haien autonomia errespetatuz.
106. artikulua. Kanarietako administrazio publikoak: araubide juridikoa, prozedura, kontratazioa, desjabetzea eta erantzukizuna.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka Kanarietako administrazio publikoen araubide juridikoaren eta prozeduraren arloetan; nolanahi ere, Konstituzioak 149.1.18 artikuluan xedatzen duena bete behar da. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Administrazio-eginkizunak (ondare-ondasunen eta jabari publikokoen araubidea ezartzea barne) gauzatzeko behar diren bitarteko guztiak ezartzea.
b) Kontrolatzeko, ikuskatzeko eta zehatzeko ahalak Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eskumeneko eremu material guztietan.
c) Kanarietako zuzenbide substantiboaren berezitasunetatik edo Kanarietako Administrazio Publikoaren antolamenduaren ezaugarri berezietatik datozen administrazio-prozedurei buruzko arauak onartzea.
d) Bere agintaritzen eta organoen lehentasunen araubidea eta protokoloa ezartzea.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak bere eskumak erabiliko ditu gai hauetan, Konstituzioak 149.1.18 artikuluan xedatzen duena betez betiere:
a) Administrazio-prozedura erkidea.
b) Nahitaezko desjabetzea.
c) Kontratu eta emakida administratiboak.
d) Administrazio-erantzukizuna.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka Estatuaren kontratazioari buruzko oinarrizko legeria garatzeko honako helburu hauekin: ingurumenaren arloko klausulak eta klausula sozialak txertatzea; Kanarietako sektore publikoko kontratazio-organoek nahitaez aplikatu behar dituzten gutxieneko aurreikuspenak ezartzea.
107. artikulua. Funtzio publikoa eta Kanarietako administrazio publikoetako langileak.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka funtzio publikoaren arloan eta Kanarietako administrazio publikoetako langileen arloan legeak garatzeko eta betearazteko, helburua honako hau dela: lanpostuak eta enpleguak eskuratzeko eta hornitzeko prozesuetan merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioak erabat betetzen direla bermatzea. Eskumen horretan hauek sartzen dira betiere:
a) Kanarietako Autonomia Erkidegoko eta bertako toki-administrazioko funtzionarioen estatutu-araubidea.
b) Administrazio-antolamenduaren ondorioz langile lan-kontratudunek dituzten espezialitateak arautzea eta langile horiek prestatzea.
c) Plangintza, antolamendu orokorra, prestakuntza, lanbide-sustapena eta gizarte-ekintza Kanarietako Autonomia Erkidegoak zerbitzu publikoak egiten dituen sektore material guztietan.
108. artikulua. Herritarren parte-hartzea.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka honako hauek arautzeko:
a) Berak edo toki-erakundeek beren eskumeneko esparruan inkestak, jendaurreko entzunaldiak, parte hartzeko foroak eta herri-galdeketen pareko beste edozein tresna -erreferenduma izan ezik- erabiltzeko araubide juridikoa, modalitateak, prozedura, gauzatzea eta deialdia.
b) Toki-entitateen eta herritarren arteko harreman-prozedurak, toki-entitateen autonomia errespetatuz.
109. artikulua. Zuzenbide publikoko korporazioak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka honako hauek arautzeko, Konstituzioak 36., 52., 139. eta 149.1.18 artikuluetan xedatzen duena errespetatuz: profesionalen elkargoak; ganbera ofizialak; arteak, zientziak eta letrak sustatzeko eta zabaltzeko akademiak; kontseilu arauemaileak; arrantzaleen kofradiak; Kanarietan ezarrita dauden zuzenbide publikoko gainerako korporazioak. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Haien eraketa, elkarketa eta azkentzea, antolaketa eta funtzionamendua, eskudantziak, araubide ekonomikoa, finantza-araubidea eta aurrekontu-araubidea, eskubideak eta betebeharrak, hauteskunde-araubidea eta diziplina-araubidea arautzea.
b) Administrazio-kontrola, ganbera ofizialek kanpoko merkataritza sustatzeko funtzioak barnean hartuta.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka aurreko apartatuan ezartzen diren zuzenbide publikoko korporazioak zehazten dituzten legeak garatzeko eta betearazteko; hark zehaztuko ditu korporazio horiek sortzeko bete beharreko eskakizunak eta haietako kide izateko eskakizunak.
110. artikulua. Elkarteak eta fundazioak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka jarduera gehienak Kanarietako lurraldean egiten dituzten elkarteen arloan; betiere, Espainiako Konstituzioak 149.1.1 eta 149.1.8 artikuluetan xedatzen duena errespetatuko du. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Elkarte eta fundazio horiek nola eratzen, azkentzen, desegiten eta antolatzen diren arautzea, bai eta haien erantzukizunak eta barne-jarduna eta bazkideen eskubideak eta betebeharrak arautzea ere.
b) Elkarteen zerga-onurak zehaztea eta horien aplikazio-araubidea ezartzea Kanarietako Autonomia Erkidegoak zergen arloan bere gain hartu duen araugintza-ahalaren esparruan.
c) Elkarteak onura publikokoak direla adieraztea eta adierazpena nolako den eta lortzeko zer egin behar den zehaztea.
d) Kanarietako Elkarteen Erregistroa arautzea eta kudeatzea.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka jarduera gehienak Kanarietako lurralde-eremuan egiten dituzten fundazioen araubide juridikoaren gainean, Estatuaren legeria prozesalaren, legeria zibilaren eta zergen arloko legeriaren esparruan. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Honako hauek arautzea: fundazioen modalitateak, izendapena, helburuak eta fundazio-xedearen onuradunak; fundazioa eratzeko gaitasuna; fundazioa eratzeko, aldatzeko, azkentzeko eta kitatzeko bete beharrekoak; fundazioen estatutuak; eratzen ari
diren fundazioen zuzkidura eta araubidea; patronatua eta babesletza; fundazioen ondarea, araubide ekonomikoa eta finantza-araubidea.
b) Fundazioen zerga-onurak zehaztea eta aplikatzeko araubidea ezartzea Kanarietako Autonomia Erkidegoak zergen arloan bere gain hartu duen araugintza-ahalaren esparruan.
c) Kanarietako Fundazioen Erregistroa arautzea eta kudeatzea.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka Kanarietako lurraldean dauden elkarteei eta fundazioei legez onartzen zaizkien zerga-onurak eta dirulaguntza publikoak emateko irizpideak ezartzeko, eta horiek jasotzeko baldintzak, betearazpena, ikuskaritza eta zehapena arautzeko.
111. artikulua. Notariotza eta erregistro publikoak.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen betearazlea dauka honako hauen gainean:
1. Notarioak eta erregistratzaileak izendatzea, notarioen eta erregistratzaileen mugapenak ezartzea, eta nahitaezko txostenaren bidez parte hartzea Estatuak horien inguruko irizpide orokorrak finkatzeko abiatzen duen prozesuan.
2. Erregistro Zibila.
3. Notario-protokoloen artxiboa eta jabetzako erregistratzaileen, merkataritzako erregistratzaileen eta erregistratzaile zibilen liburuena.
112. artikulua. Erlijio-entitateekiko harremanak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak mekanismoak ezarri ahal izango ditu legez onartuta egonik Kanarietako lurraldean diharduten erlijio-entitateekin elkarlanean eta lankidetzan aritzeko, Estatuaren legeriak ezartzen duenarekin bat etorriz.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak parte hartu ahal izango du Estatuaren Erlijio Entitateen Erregistroaren kudeaketan, Kanarietan diharduten elizei, konfesioei eta erlijio-komunitateei dagokienez, legeek ezartzen dutenarekin bat etorriz.
113. artikulua. Datuak babestea.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka datu pertsonalak babesteko bere eskumeneko gaietan, lege organikoaren erreserba kontuan hartuz eta Konstituzioak 149.1.1 artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz.
Ekonomia eta finantzak
114. artikulua. Jarduera ekonomikoa planifikatzea, antolatzea eta sustatzea.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka Kanarietako jarduera ekonomikoa antolatzeko eta sustatzeko; nolanahi ere, Konstituzioak 149.1 artikuluko 11. eta 13. puntuetan ezartzen duena aplikatuko da.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka jarduera ekonomikoa Kanarietan antolatzeari buruzko legeak garatzeko eta betearazteko.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren egitekoa da jarduera ekonomikoaren plangintza orokorra garatzea eta kudeatzea. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Estatuaren planak garatzea.
b) Estatuaren plangintzan parte hartzea estatutu honetan ezartzen diren mekanismoen bitartez.
c) Jarduera ekonomikoa sustatzeko planak kudeatzea, are Estatuak ematen dituen funtsak eta baliabideak ere, hitzarmenen bidez ezartzen denarekin bat etorriz.
115. artikulua. Kanarietako Autonomia Erkidegoari araugintza-eskumenak esleitzea Kanarietako zeharkako zerga orokorraren alorrean eta Kanaria uharteetako inportazioen eta salgai-emateen gaineko arielaren alorrean.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumenak dauzka Kanarietako zeharkako zerga orokorrari eta Kanaria uharteetako inportazioen eta salgai-emateen gaineko arielari buruzko arauak egiteko. Eskumen horien irismena eta baldintzak legeria aplikagarrian eta hori garatzen duten arauetan ezartzen dira.
116. artikulua. Aurrezki-kutxak eta kreditu-entitate kooperatiboak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka egoitza Kanarietan duten kreditu-entitate kooperatiboen eta aurrezki-kutxen antolamendua arautzeko, baina Konstituzioak 149.1.11 eta 149.1.13 artikuluetan ematen dizkion eskumenak baliatuz Estatuak ezartzen duena bete behar du. Eskumen horretan, honako hauek sartzen dira betiere:
a) Artezkaritza-organoak zehaztea eta gizartearen interesak nola ordezkatu behar diren finkatzea.
b) Aurrezki-kutxetako artezkaritza-organoetako kideen eta gainerako karguen estatutu juridikoa zehaztea.
c) Sortzeko, bat egiteko, likidatzeko eta erregistratzeko araubide juridikoa.
d) Sortzen dituzten fundazioen inguruko administrazio-ahalak erabiltzea.
e) Egoitza Kanarietan duten aurrezki-kutxen eta kreditu-entitate kooperatiboen elkarteak arautzea.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka helbidea Kanarietan duten aurrezki-kutxen eta kreditu-entitate kooperatiboen finantza-jarduerei buruzko legeak garatzeko eta betearazteko, Estatuaren oinarrietan ezartzen denarekin bat etorriz. Eskumen horretan, soberakinen banaketa eta gizarte-ekintza arautzea sartzen da betiere. Halaber, Kanarietako Autonomia Erkidegoak partaidetza-kuotak jaulkitzeko eta banatzeko prozesuaren jarraipena egingo du; horretatik salbuesten dira baloreak harpidetzeko edo saltzeko eskaintza publikoen araubidea, finantza-egonkortasuna eta kaudimena.
3. Egoitza uhartedian duten aurrezki-kutxen eta kreditu-entitate kooperatiboen arloan, Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka aurrezki-kutxen gaineko diziplinari, ikuskapenari eta zehapenei buruzko legeak garatzeko eta betearazteko. Eskumen horretan, eskumeneko gaietan arau-hausteak eta zehapen gehigarriak ezartzea sartzen da betiere.
4. Estatuaren legeriak ezartzen duenari jarraituz, Kanarietako Autonomia Erkidegoa lankidetzan aritzen da egoitza uhartedian duten aurrezki-kutxak eta kreditu-entitate kooperatiboak ikuskatzeko eta zehatzeko Estatuko Gobernuak eta Espainiako Bankuak egiten dituzten lanetan.
117. artikulua. Kreditua, bankuak, aseguruak eta Gizarte Segurantzaren sisteman ez dauden mutualitateak.
1 . Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka kreditua, bankuak, aseguruak, mutualitateak eta Gizarte Segurantzaren sisteman ez dauden pentsio-planak antolatzeko legeak garatzeko eta betearazteko.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka Gizarte Segurantzaren sisteman ez dauden gizarte-aurreikuspeneko mutualitateen egituraren, antolamenduaren eta funtzionamenduaren gainean.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka ez aurrezki-kutxa ez kreditu-entitate kooperatibo ez diren kreditu-entitateen, pentsio-planak eta pentsio-funtsak kudeatzen dituzten entitateen eta aseguru-merkatuan jarduten duten eta 2. apartatuan aipatzen ez diren operadore eta entitateen egiturari, antolamenduari, funtzionamenduari eta jarduerari buruzko legeak garatzeko eta betearazteko, Estatuaren oinarriekin bat etorriz.
Eskumen hori baliatzen duenean, Administrazio Autonomikoak ikuskatzeko eta zehatzeko ahalak erabili ahal izango ditu.
118. artikulua. Kooperatibak eta gizarte-ekonomia.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka kooperatiben eta gizarte-ekonomiako entitateen arloan, merkataritza arloko legeriaren arabera.
2. Kooperatibismoa arautzeko eta sustatzeko eskumenaren barruan, honako hauek arautzea sartzen da: kooperatiben elkartegintza; kooperatiben irakaskuntza eta prestakuntza; kooperatibei ematen zaizkien dirulaguntzak emateko irizpideak finkatzea, baldintzak ezartzea, betearaztea eta kontrola egitea.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka gizarte-ekonomiaren sektorea sustatzeko eta antolatzeko, baina aintzat hartu behar du Konstituzioak 149.1.13 artikuluan ezartzen duena.
119. artikulua. Balore-merkatuak eta kontratazio-zentroak.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen partekatua dauka Kanarietako balore-merkatuen eta kontratazio-zentroen arloan, merkataritzako legeriarekin bat etorriz. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Balore-merkatuak eta negoziazio-sistema antolatuak sortzea, izendatzea, baimentzea eta ikuskatzea.
b) Balore-merkatuen zuzendaritza-sozietateen antolamendua, funtzionamendua, diziplina eta zehapenak arautzea eta administrazio-neurri betearazleak ezartzea.
c) Merkatu horietan soilik negoziatzen diren baloreak nola jaulkitzen, onartzen, eteten eta baztertzen diren kontrolatzea, onartzeko baldintza gehigarriak ezartzea, eta ikuskatzea eta kontrolatzea.
d) Merkatu horietako kide izango diren pertsonak eta entitateak egiaztatzea.
120. artikulua. Lehia sustatzea eta babestea.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka merkatuetan lehia sustatzeko, Kanarietan egiten diren jarduera ekonomikoei dagokienez.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen betearazlea dauka lehia babestearen arloan, uhartediko lurraldeaz harago heltzen ez den esparru batean jarduera ekonomiko batek merkatuko lehia askea aldatzen duenean edo aldaraz dezakeenean. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Lehiari eragiten dioten prozesu ekonomikoei lotutako neurriak betearaztea.
b) Zehapen-prozedura ikuskatzea eta betearaztea.
c) Merkataritzako lehia babestea.
3. Aurreko apartatuetan ezartzen dena bermatzeko, lehia babesteko organo espezializatu bat eratuko da; organo horrek uhartedi osoa edukiko du bere jurisdikzioan, eta Estatuko eta Europar Batasuneko organoekin koordinatuko du bere jarduna.
121. artikulua. Kontsumoa.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka kontsumoaren arloan. Horren barruan, hauek sartzen dira betiere: kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzea, merkataritzako legeriarekin, prozedura-legeriarekin eta legeria zibilarekin bat etorriz; kexak eta erreklamazioak aurkezteko administrazio-prozedurak ezartzea eta aplikatzea; bitartekaritza-sistema; kontsumo arduratsuaren eta ohitura osasungarrien arloko prestakuntza, informazioa eta dibulgazioa arautzea, eta arlo honetan sortzen diren elkarteak arautzea.
122. artikulua. Estatistika.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka bere xedeetarako behar dituen estatistikak egiteko, estatistikak antolatzeko eta estatistika-sistema propioa sortzeko, kudeatzeko eta antolatzeko (datu-analisi masiboa egitea eta gizartearen eta ekonomiaren adierazleak etengabe gainbegiratzea barne).
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak autonomiaz gaindiko irismeneko estatistikak egiten parte hartuko du; horretan Estatuarekin eta gainerako erkidegoekin lankidetzan jardungo du.
123. artikulua. Publizitatea.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka publizitatearen arloan; nolanahi ere, Estatuaren legeria beteko da.
Industria, merkataritza eta turismoa
124. artikulua. Industria, artisautza, metrologia-kontrola eta metalen kontrastea.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka industriaren arloan,
2. apartatuan ezartzen den salbuespenarekin; nolanahi ere, Estatuak bere eskumenak dauzka. Eskumen horretan, honako hauek sartzen dira betiere:
a) Industria-sektoreak eta industria-prozesuak antolatzea Kanarietan.
b) Industriaren arloko jardueren, instalazioen, ekipoen, prozesuen eta produktuen segurtasuna.
c) Pertsonen segurtasunean edo osasunean eragina eduki dezaketen industria-jarduerak arautzea.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka industria-plangintzari buruzko legeak garatzeko eta betearazteko ekonomiaren plangintza orokorraren esparruan.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumenak dauzka informazioaren eta ezagutzaren gizarteari lotutako teknologia berrien araubidea garatzeko eta betearazteko Estatuaren legeriaren esparruan.
4. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka artisautzaren arloan. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Artisautza arautzea, antolatzea, sustatzea, garatzea, ikertzea, berritzea, ikuskatzea eta zehatzea.
b) Kanarietako Autonomia Erkidegoko berezko artisau-adierazpenak berreskuratzea, babestea, zaintzea eta hedatzea, eta desagertzeko arriskuan daudenen iraupena bermatzea.
c) Kanarietako Autonomia Erkidegoak araugintzako eskumena daukan artisautza-jarduerak sustatzeko zerga-neurriak ezartzea.
5. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen betearazlea dauka metrologia-kontrolaren eta metalen kontrastearen arloan:
125. artikulua. Jabetza intelektuala eta jabetza industriala.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen betearazlea dauka jabetza intelektualaren eta jabetza industrialaren arloan. Eskumen horren barruan arloa ikuskatzeko, zaintzeko eta kontrolatzeko eginkizunak sartzen dira.
126. artikulua. Barne-merkataritza eta nazioartekoak ez diren azokak.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka merkataritzaren eta azoken arloan. Horren barruan sartzen da merkataritza-jarduera eta nazioartekoak ez diren azokak antolatzea. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Merkataritzan aritzeko bete beharreko administrazio-baldintzak eta jarduera hori egiteko tokien eta establezimenduen administrazio-baldintzak zehaztea.
b) Salmenta-modalitate guztiak arautzea administrazioari dagokionez, promozio-salmentak egitea eta galerarekin saltzea barne, bai eta merkataritzan jarduteko moduak eta baliabideak ere, merkataritza elektronikoa barne (horretan, kontuan eduki beharko da Estatuaren legeriak ezartzen duena).
c) Merkataritzarako egutegiak eta ordutegiak arautzea, merkatu-batasuna izateko konstituzio-printzipioa errespetatuta betiere zeregin horretan.
d) Merkataritzarako ekipamenduak sailkatzea eta lurraldeka antolatzea, eta establezimenduak irekitzeko, zabaltzeko eta jardueraz aldatzeko baldintzak eta araubidea zehaztea.
e) Merkataritza-jarduerarekin lotutako kalitatearen inguruko arauak eta estandarrak ezartzea eta betearaztea.
f) Merkatu-diziplinaren arloan, administrazio-poliziari buruzko neurriak hartzea.
127. artikulua. Kanpo-merkataritza eta nazioarteko azokak.
1. Eskualde periferikoa izanik, Kanarietako Autonomia Erkidegoak Kanariekin lotura historikoak dituzten Amerikako herrialdeekin eta Afrika kontinentearekin egiten den kanpo-merkataritzan parte hartuko du Estatuarekin lankidetzan jarduteko formulen bitartez. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Merkataritzarako prestakuntzako programak egiteko ahala; esportaziorako sozietateak eta partzuergoak eratzea sustatzea; nazioarteko azoketara eta merkataritzako sustapen-bidaietara joaten laguntzea; zerbitzuak egitea Kanarietako lurraldetik; merkataritza-harremanak bultzatzen dituzten sustapen-planei buruzko aholkuak ematea; antzeko beste ekimen batzuk.
b) Kanarietako Autonomia Erkidegoak herrialde horiekin dituen harremanei eragiten dieten xedapenak proposatzeko eskumena.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen betearazlea dauka Kanarietan egiten diren nazioarteko azoken arloan. Eskumen horren barruan, hauek sartzen dira betiere:
a) Sustapena, kudeaketa eta koordinazioa.
b) Ikuskaritza, ebaluazioa eta kontu-ematea.
c) Barne-erregelamendua ezartzea.
d) Azoka bakoitzeko zuzendaritza-organoetan ordezkari bat izendatzea.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak nazioarteko azoken egutegia osatzen lagunduko dio Estatuari.
128. artikulua. Jokoak eta ikuskizunak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka jokoaren, apustuen eta kasinoen arloan, are baliabide informatiko eta telematikoen bidezko modalitateetan ere, jarduera Kanarietan baino egiten ez bada. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Jokoak eta apustuak sortzea eta baimentzea, eta arautzea; jarduera horiek kudeatzen, ustiatzen eta egiten dituzten enpresak arautzea, bai eta orokorrean jokoarekin zerikusia duten materialak saltzen eta banatzen dituzten enpresak arautzea ere.
b) Joko-materialak eta jokatzeko tresnak fabrikatzeko eta homologatzeko ezaugarriak arautzea eta kontrolatzea.
c) Jarduera hauetarako erabiltzen diren lokalak, instalazioak eta ekipamenduak arautzea eta kontrolatzea.
d) Joko-jarduerak egiten dituzten enpresen zerga-araubidea ezartzea, bere eskumenen esparruan.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka aisialdiko ikuskizunen eta jardueren arloan. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere: sektorea antolatzea, administrazioak esku hartzeko araubidea ezartzea eta gune eta lokal publikoetan egiten diren denetariko ikuskizunak kontrolatzea.
129. artikulua. Turismoa.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka turismoaren arloan. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Turismoa planifikatzea, hau da, turismo-eskaintza handitzeko eta garatzeko irizpideak eta baldintzak ezartzea, interes orokorreko azpiegiturak programatzea, bai eta turismoaren sektorerako laguntza publiko autonomikoak sortzea, ematea eta kontrolatzea ere, arreta berezia emanez turismo-guneak birgaitzeari.
b) Turismoaren sektorea antolatzea, hau da, turismoaren arloko enpresak, jarduerak eta establezimenduak arautzea, turismo-zerbitzuak ematen dituztenen eta horien erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak arautzea, turismoari buruzko informazioa emateko sistema ezartzea, koordinatzea eta jarraipena egitea, ikuskapenen eta zehapenen araubidea ezartzea eta gatazkak ebazteko modu alternatiboak arautzea.
c) Turismoko espazioa eta baliabideak babestea.
d) Turismoa sustatzea, barruan eta kanpoan, Estatuak arlo honetan dauzkan eskumenak urratu gabe: turismo-informazioa zabaltzea, atzerrian bulegoak irekitzea, akordioak sinatzea Espainiakoak ez diren promozio-entitateekin, eta Kanaria uharteen irudi turistikoa babestea eta sustatzea.
e) Titulartasun autonomikoko turismo-establezimenduen sarea kudeatzea. Establezimendu horien eta Kanarietan dauden Estatuaren paradoreen sareko establezimenduen arteko koordinazioa errazteko, Kanarietako Gobernuak Espainiako Turismo Paradoreen administrazio-organoetan parte hartu ahal izango du, Estatuaren legeriak ezartzen duenarekin bat etorriz.
f) Titulu ofiziala lortzeko eskubidea ematen ez duten turismoaren arloko ikasketak eta prestakuntza, lanbide-heziketaren arloko eskumenak urratu gabe.
Lehen sektorea
130. artikulua. Nekazaritza, abeltzaintza, baso-aprobetxamenduak eta landa-garapena.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan, Konstituzioak 149.1 artikuluko 13., 16. eta 23. zenbakietan ematen dizkion eskumenez baliatuz Estatuak ezartzen duenarekin bat etorriz. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Nekazaritza, abeltzaintza eta nekazaritza-elikagaien arloa arautzea eta garatzea.
b) Ekoizpen-prozesuak arautzea eta arau horiek betearaztea, arreta berezia emanez nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen kalitateari, trazabilitateari eta egoerari, bai eta elikaduran erabiltzen diren produktuen eta elementuen ekoizpenean, transformazioan, banaketan eta merkaturatzean gertatzen diren iruzurren aurka borrokatzeari ere. Nolanahi ere, ezin izango da joan estatutu honetan ezartzen diren izen eta adierazpen geografikoen gaineko eskumenen kontra.
c) Nekazaritzako, abeltzaintzako eta nekazaritza-basogintzako ustiategiak eta egiturak arautzea eta hobetzea.
d) Nekazaritzako eta abeltzaintzako elkarteek Kanarietako erakunde publikoetan parte hartzeko modua arautzea.
e) Landareen eta animalien osasuna, gizakien osasunean ondoriorik ez dagoenean, eta animalien ongizatea.
f) Haziak eta landareak antolatzea, garatzea, kontrolatzea eta ziurtatzea, genetikoki eraldatutako organismoei dagokienez batez ere.
g) Nekazaritzako, abeltzaintzako, basogintzako eta nekazaritza-elikagaien arloko ikerketa, garapena eta transferentzia teknologikoa; nekazaritza-elikagaien industrien eta nekazaritzako ustiategien berrikuntza; arlo horietako prestakuntza.
h) Nekazaritzako, abeltzaintzako, nekazaritza-elikagaien arloko eta basogintzako azokak eta erakustaldiak.
i) Landa-ingurunearen garapen osoa eta jasangarria.
j) Biomasaren ekoizpena eta erabilera arautzea eta sustatzea.
k) Kanarietako labore autoktonoak berreskuratzea, zaintzea eta sustatzea.
l) Ekoizpen integratua eta ekologikoa sustatzea.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka honako gai hauek arautzen dituzten legeak egiteko eta betearazteko:
a) Nekazaritza, abeltzaintza eta nekazaritza-elikagaien arloa planifikatzea.
b) Kanarietako mendiak, aprobetxamenduak eta baso-zerbitzuak eta abelbideak arautzea eta haiek erabiltzeko eta Administrazioak horietan esku hartzeko araubidea ezartzea.
131. artikulua. Ehiza, arrantza, itsasoko jarduerak eta arrantza-arloaren antolamendua.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka ehizaren arloan. Horren barruan, hau sartzen da betiere: ehiza-baliabideak antolatzea, arautzea, zaintzea eta ustiatzeko araubidea ezartzea.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak dira honako hauek Kanarietako uretan (estatutu honek 4. artikuluan zehazten du zein diren Kanarietako urak), Estatuaren legeek ezartzen dutenaren arabera:
a) Arrantza-sektorea eta jolas-sektorea antolatzea.
b) Arrantzako teknologiak ikertzeko, garatzeko, berritzeko eta transferitzeko jarduerak sustatzea, honako hauek sustatzen badituzte: zentzuzko aprobetxamendu jasangarria, itsas baliabideak zaintzea, eta arrantzako sektoreko bizi-kalitatea hobetzea.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka itsas eremuetako jardueren arloan (espazio horiek Estatutuko 4. artikuluan zehazten dira). Betiere, honako hauek sartzen dira eskumen horretan:
a) Itsaski-bilketa eta akuikultura eta jarduera horietarako instalazioak planifikatzea, antolatzea eta kudeatzea.
b) Aisialdiko eta ekoturismoko jardueren arloan planifikatzea, antolatzea, kudeatzea, prestatzea, eta titulazioak (urpekaritza profesionala barne).
4. Barnealdeko uretan, Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka arrantza-interesetik babestutako guneak mugatzeko eta izendatzeko, eta itsaski-bilketaren, akuikulturaren, aisialdiko jardueren, kirol-jardueren eta jarduera ekoturistikoen ikuspegitik interes berezia duten guneak ezartzeko. Nolanahi ere, ezin da joan Estatuak dituen eskumenen kontra.
5. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka aurreko zenbakietan arautzen diren jarduerak zaintzeko, ikuskatzeko eta kontrolatzeko.
6. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka arrantza-sektorea antolatzeko legeak garatzeko eta betearazteko. Estatuak dituen eskumenak errespetatuz betiere, eskumen horretan honako hauek sartzen dira: arrantzaleen eta sektoreari lotutako beste subjektu batzuen lanbide-baldintzen inguruko neurri betearazleak garatzea eta ezartzea, ontzigintza, segurtasun-neurriak, erregistro ofizialak, arrantzaleen kofradiak, kontratazio-lonjak eta antzeko beste batzuk.
132. artikulua. Jatorri-deiturak eta adierazpen geografikoak eta kalitate-adierazpenak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka jatorri-deituretan eta kalitateari dagozkion beste aipamen batzuetan, Konstituzioak 149.1.13 artikuluan ezartzen duena kontuan hartuz. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Deitura eta adierazpen horien sorrera eta funtzionamendua arautzea.
b) Haien titulartasunaren araubidea, jabetza industrialaren gaineko legeria errespetatuz.
c) Jatorri-deiturak, adierazpen geografikoak, kalitate-adierazpenak eta ekoizpen ekologikoaren adierazpenak onartzea.
d) Deitura eta adierazpen horiei buruzko arauak onartzea.
e) Haien jarduna kudeatzeko eta kontrolatzeko administrazio-ahalak.
f) Autonomia Erkidegoak onartzen dituen kalitate-adierazpenak babesteko neurriak hartzea.
g) Kalitate bereziko Kanarietako nekazaritza-elikagaien barne-merkatua sustatzea.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak lankidetzan jardungo du nazioko eta nazioarteko agintariekin eta erakundeekin Kanarietako kalitate-adierazpenak babesteko eta sustatzeko.
Hezkuntza, ikerketa, kultura eta kirola
133. artikulua. Hezkuntza.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka unibertsitateaz kanpoko hezkuntzaren arloko legeak garatzeko eta betearazteko estatu osorako balio duten titulu akademikoak edo profesionalak lortzeko nahitaezko ikasketei eta nahitaezkoak ez diren ikasketei dagokienez eta haur-hezkuntzako irakaskuntzari dagokionez, Konstituzioak 27. eta 149.1.30. artikuluetan ezartzen duena ukitu gabe. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Haur-hezkuntzako lehen zikloko hezkuntza-edukiak finkatzea eta ziklo hori ematen duten ikastetxeak arautzea, eta ikastetxe horietako irakasleen plantillak eta gainerako langileen titulazioak eta espezializazioak zehaztea.
b) Ikastetxe publikoak sortzea, antolakuntza aldetik garatzea eta haien araubidea finkatzea.
c) Ikastetxe publikoetan eta diru publikoz finantzatzen diren ikastetxe pribatuetan edo itunduetan eskaintzen diren hezkuntza-zerbitzuak eta eskolaz kanpoko jarduera osagarriak.
d) Irakasleen eta hezkuntzan jarduten duten gainerako langileen etengabeko prestakuntza eta hobekuntza, eta giza baliabideen arloan jarduteko jarraibideak onartzea.
e) Ukitutako sektoreek lurraldeko irakaskuntza-programazioan nola har dezaketen parte eta kontsultak nola egin ditzaketen arautzea.
f) Ikaskuntza, bekak eta laguntzak funts propioekin sustatzeko araubidea ezartzea.
g) Bertaratu beharrik gabeko sistemako edo sistema erdipresentzialeko irakaskuntza antolatzea, derrigorrezko hezkuntzaren adina gainditua dutenentzakoa.
h) Hezkuntza-sistemaren kalitatea ikuskatzea, ebaluatzea eta bermatzea, baita hezkuntzako berrikuntzaz, ikerketaz eta esperimentazioaz arduratzea ere.
2. Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan, Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka derrigorrezko hezkuntzaren ondoren egiten diren eta estatu osorako balio duen titulurik edo ziurtapen akademiko edo profesionalik ez dakarten ikasketetan eta ikasketok ematen diren ikastetxeetan.
3. Aurreko 1. apartatuan arautzen ez den guztirako, Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka apartatu horretan aipatzen diren ikasketei buruzko legeak garatzeko eta betearazteko. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Irakaskuntza programatzea eta zehaztea eta hezkuntza-sistema ebaluatzea.
b) Irakaskuntzaren arloa eta irakasleen lana arautzea.
c) Behar diren ikasketa-planak ezartzea, curriculumaren antolaketa barne.
d) Ikaskuntza, bekak eta Estatuko laguntzak sustatzeko araubidea ezartzea.
e) Ikasleek ikastetxeetan hezkuntza jasotzeko eta haiek han onartzeko eta eskolatzeko irizpideak ezartzea eta arautzea.
f) Hezkuntza-sistemako ikasketak eta ikasketa horiek ematen dituzten ikastetxeak funts publikoen bidez finantzatzeko araubidea.
g) Ikastetxeetako eskakizunak eta baldintzak ezartzea.
h) Ikastetxe publikoak eta funts publikoen bidez finantzatzen diren ikastetxe pribatuak edo itunpekoak antolatzea.
i) Ikastetxe publikoak eta funts publikoen bidez finantzatzen diren ikastetxe pribatuak edo itunpeak nola kudeatzen diren kontrolatzea.
j) Irakasle funtzionarioen oinarrizko eskubideak eta betebeharrak garatzea, bai eta Kanarietako Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuan ari diren langileen gaineko politika ere.
4. Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan, Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen betearazlea dauka Estatuko ikasketa-tituluak eta lanbide-tituluak emateko eta homologatzeko.
5. Estatuaren legeek ezartzen dutenaren arabera, Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eskumenean honako hau sartzen da: hezkuntzaren kalitatea eta botere publikoen inbertsioa ebaluatzeko prozedurak eta organismoak ezartzea, kalitateko hezkuntza-sistema lortzeko asmoarekin.
134. artikulua. Unibertsitateak.
1. Unibertsitateen autonomia errespetatuz, Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka unibertsitate-hezkuntzaren arloko legeak garatzeko eta betearazteko. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Unibertsitateak eta unibertsitate-zentroak sortzeko eta onartzeko eta ikastegi horiek unibertsitateei atxikitzeko bete beharreko baldintzak arautzea.
b) Unibertsitate publikoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko araubide juridikoa ezartzea, ordezkaritza-organoak eta gobernu-organoak barne.
c) Ikastetxe publikoak edo pribatuak unibertsitate-titulu ofizialak emateko atxikitzea, berriz atxikitzea eta atxikipen hori desegitea.
d) Unibertsitate publikoetan unibertsitate-zentroak sortzea, aldatzea edo kentzea, edo unibertsitate pribatuetan sortutakoak onartzea, eta ikasketak ezartzea edo kentzea.
e) Unibertsitatean sartzeko araubidea ezartzea.
f) Kontratu bidez jarduten duten irakasleen eta ikerlarien araubidea ezartzea.
g) Unibertsitateko irakaskuntzaren kalitatea eta bikaintasuna ebaluatzea eta bermatzea, eta irakasle eta ikerlariena ere bai.
2. Aurreko apartatuan ezartzen den esparruan, Kanarietako Autonomia Erkidegoak honako hauek egin ditzake:
a) Kanarietako unibertsitate-sistema programatu eta koordinatu.
b) Unibertsitate publikoak sortu eta pribatuak baimendu.
c) Unibertsitate publikoen estatutuak eta unibertsitate pribatuen antolamenduko eta jarduneko arauak onartu.
d) Unibertsitatean sartzeko prozedurak koordinatu.
e) Unibertsitateen titulu propioen araubide juridikoa ezarri.
f) Unibertsitateak funts propioen bidez finantzatu eta, behar denean, Estatuak onartzen dituen funtsak kudeatu.
g) Unibertsitate-prestakuntzarako beken eta dirulaguntzen sistema arautu eta kudeatu, eta, behar denean, Estatuaren bekak eta laguntzak ere bai.
h) Unibertsitatean kontratatuta jarduten duten irakasleen eta ikerlarien ordainsarien araubidea onartu, eta irakasle funtzionarioen ordainsari gehigarriak ere bai.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen betearazlea dauka unibertsitate-titulu ofizialak emateko.
135. artikulua. Zientzien eta teknologien arloko ikerketa, garapena eta berrikuntza.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka bere ikerketarako zentro eta azpiegituretako zientzien eta teknologien arloko ikerketan, garapenean eta berrikuntzan. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Zentro eta azpiegitura horiek sortzea, antolatzea, kontrolatzea eta egiaztatzea eta haien jardun-araubidea ezartzea.
b) Ikerketako lerro propioak ezartzea, eta zientzien edo teknologien arloko proiektuak kontrolatzea eta ebaluatzea eta horien jarraipena egitea.
c) Kanarietako Autonomia Erkidegoak iragartzen eta finantzatzen dituen bekak eta dirulaguntzak arautzea eta kudeatzea.
d) Ikerlariak eta ikerketa-laguntzaileak arautzea eta haientzako lanbide-prestakuntza ematea.
e) Zientziaren inguruko informazioa zabaltzea eta emaitzak transferitzea.
f) Ikerketa zientifikoa eta teknologien arloko garapena eta ikerketak sustatzea.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka Kanarietako administrazio publikoen ikerketarako zentroen eta azpiegituren koordinazioari buruzko legeak garatzeko eta betearazteko.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak zientzien eta teknologien arloko ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren inguruko politikak egingo ditu, Kanarietarako interes berezikoak direnak, Estatuarekin koordinatuta.
136. artikulua. Kultura.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka kulturaren arloan, hots, Kanarietan egiten diren jarduera artistiko eta kultural guztietan. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Kultura sustatzea, hau da, honako hauek, gutxienez: Kanarietan egiten diren antzezlanak, musikalak, filmak, ikus-entzunezkoak, literatura-lanak, dantza-ikuskizunak eta arte konbinatuak sustatzea eta zabaltzea; Kanarietako ondare kulturala, artistikoa eta monumentala eta kultura-gordetegiak sustatzea eta hedatzea, eta Kanarietako kultura nazioarteko eremura zabaltzea. Halaber, Kanarietako Autonomia Erkidegoak araugintzako eskumena daukan kultura-jarduerak sustatzeko zerga-neurriak ezar ditzake.
b) Zinema-aretoak arautzea eta ikuskatzea, egoitza Kanarietan duten enpresa banatzaileak kontrolatzea eta Kanarietan ikusgai jartzen diren filmak eta ikus-entzunezko materialak adinaren eta kultura-balioen arabera sailkatzea.
c) Kanarietako lurraldean kultura-ekipamenduak planifikatzea, eraikitzea eta kudeatzea.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak parte hartu ahal izango du Estatuak bere titulartasunekoak diren eta Kanarietako kulturaren arlokoak diren ondasunetan eta ekipamenduetan egiten dituen inbertsioei buruz hartzen dituen erabakietan.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak nazioartera hedatuko du Kanarietako kultura; nolanahi ere, xede horretarako, Estatuarekin lankidetzan aritzeko formulak erabili ahal izango dira.
4. Kanarietako Autonomia Erkidegoak behar diren neurriak hartuko ditu herritarrek kultura eskuratu ahal izateko; neurri horietan, kontuan hartuko ditu uhartediko lurralde-zatiketa, desberdintasun sozialak, desberdintasun ekonomikoak eta denetariko desberdintasunak.
137. artikulua. Kultura-ondarea.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka kultura-ondarearen arloan, Konstituzioak 149.2 artikuluan ezartzen duena kontuan hartuz. Eskumen horretan, hau sartzen da betiere: balio historiko, arkitektoniko, arkeologiko, etnografiko, paleontologiko, zientifiko edo teknikoagatik kultura-ondarean dauden ondasunen, jardueren eta gainerako adierazpenen eta Kanarietako herri-kulturaren ondasun immaterialen eta Kanarietan hitz egiten den espainieraren barietate bereziaren araubide juridikoa ezartzea.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka Estatuaren titulartasunekoak ez diren artxiboen, liburutegien, museoen eta kultura-gordetegien gainean (kultura-funtsak barne, adierazteko erabiltzen den euskarria edo forma gorabehera).
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen betearazlea dauka Estatuaren titulartasuneko uhartediko artxiboen, liburutegien, museoen eta kultura-gordetegien gainean, Estatuak berak kudeatzen ez dituenen gainean, hain zuzen. Eskumen horren barruan, betiere, funtzionamendua eta antolamendua arautzea eta langileen araubidea ezartzea sartzen da.
4. Kanarietako Autonomia Erkidegoak beste autonomia erkidego batzuekin eta Estatuarekin lankidetzan jardungo du funts propioak eta beste lurralde batzuetakoak eraginkortasunez kudeatzeko, uhartedian zein kanpoan.
138. artikulua. Kirola eta aisialdiko jarduerak.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka kirolaren eta aisialdiko jardueren arloan. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Jarduera fisikoak eta kirola antolatzea, planifikatzea, sustatzea, hedatzea eta koordinatzea, Kanarietako kirol autoktonoek arreta berezia dutela.
b) Kanarietako Autonomia Erkidegoaren lurraldean egiten diren aisialdiko jarduerak arautzea, antolatzea, sustatzea eta koordinatzea.
c) Kanarietako kirol-ekipamenduen sarearen lurralde-plangintza egitea eta sustatzea. Sarea nahikoa izan behar da, ekipamenduak zentzuz banatu behar dira eta bat etorri behar dira ingurumen-iraunkortasunerako eta irisgarritasun unibertsalerako irizpideekin.
d) Kanarietan jarduera fisikoak eta kirola sustatzen eta antolatzen dituzten kirol-entitateen araubide juridikoa ezartzea eta entitate horiek onura publikokoak direla adieraztea.
c) Kirol-prestakuntza arautzea eta kirolean teknifikazioa eta goi-mailako errendimendua sustatzea.
f) Kirolarien osasuna medikuen bidez kontrolatzea eta haren jarraipena egitea eta kirol-ekipamenduen kontrol sanitarioa egitea.
g) Kirol-ikuskizun publikoetan indarkeriarik ez egoteko prebentzio-neurriak ezartzea eta kontrola egitea, kontuan edukita Estatuak segurtasun publikoaren arloko eskumenak dauzkala.
h) Kirolaren arloko ikerketa zientifikoa sustatzea.
i) Kirolaren arloko bitartekaritza-organoak antolatzea.
j) Kirolaren arloko diziplina-araubidea ezartzea.
k) Herritarrei kirol-instalazioetan sartu ahal izatea bermatzeko behar diren neurriak sortzea, kirolarien eta kirol-taldeen uharte arteko eta uharte barruko garraiorako eta komunikaziorako eskubidea sustatuz.
Enplegua, osasuna eta gizarte-politikak
139. artikulua. Enplegua eta lan-harremanak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen betearazleak dauzka enpleguaren eta lan-harremanen arloan, Estatuaren legeriaren esparruan. Eskumen horietan, hauek sartzen dira betiere:
a) Enplegu-politika aktiboak, hau da, lan bila dabiltzanen eta lanean dihardutenen prestakuntza eta horretarako dirulaguntzen kudeaketa; laneko bitartekaritza eta enpleguaren sustapena.
b) Kanarietako lanbide-kualifikazioak.
c) Enplegu-erregulazioko prozedurak eta Kanarietako lan-zentroen arteko lantoki-aldaketa kolektiboen inguruko administrazio-jarduneko prozedurak.
d) Laneko arriskuen prebentzioa eta laneko segurtasuna.
e) Kanarietako lurraldean egiten diren grebetan, gutxieneko zerbitzuak zehaztea, gutxieneko zerbitzu horiek izatea Kanarietako Autonomia Erkidegoaren erantzukizuna bada.
f) Lan-arloko adiskidetze-, bitartekotza- eta arbitraje-tresnak.
g) Lanaren arloko arau-hausteak zehatzeko ahala, bere eskumeneko esparruan.
h) Kanarietan egiten diren lan-hitzarmen kolektiboen legezkotasuna kontrolatzea eta, behar denean, ondoren erregistratzea.
i) Egutegiko jaiegunak finkatzea Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eremuan.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen betearazlea dauka aurreko apartatuan aipatzen diren guztietan ikuskapen publikoa egiteko. Hori dela eta, ikuskapenean aritzen diren kidegoetako funtzionarioak Kanarietako Autonomia Erkidegoaren administrazio publikoari atxikita egongo dira funtzioaren aldetik.
3. Estatutu honetan ezartzen diren lankidetzarako mekanismoen bidez eta ikuskapen-funtzioari buruzko araudi orokorrean ezartzen direnen bidez, formulak ezarriko dira lan-arloko ikuskapen-funtzioa eraginkortasunez betetzeko. Estatuaren eskumenak eta Kanarietako Autonomia Erkidegoarenak koordinatuta erabiliko dira, mekanismo horien bidez ezartzen diren jardun-planekin bat etorriz.
140. artikulua. Gizarte Segurantza
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka Estatuaren Gizarte Segurantzaren arloko legeak garatzeko eta betearazteko (araubide ekonomikoari buruzkoak ez beste guztiak).
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen betearazleak ditu Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzeko, Gizarte Segurantzaren batasun ekonomikoaren eta ondore-batasunaren eta finantza-elkartasunaren printzipioak erabat errespetatuz.
141. artikulua. Osasuna eta farmazia.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka osasunaren arloko zentroak, zerbitzuak eta establezimenduak antolatzeko, ebaluatzeko, ikuskatzeko, kontrolatzeko eta horien barne-jarduna arautzeko.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka Estatuaren barne-osasunaren arloko legeak garatzeko eta betearazteko. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Osasunaren arloko zerbitzu eta prestazio sanitarioak, soziosanitarioak eta adimen-osasunekoak antolatzea, planifikatzea, zehaztea, arautzea eta gauzatzea, maila guztietan eta biztanle guztientzat.
b) Osasun publikoa arlo guztietan zaintzeko, babesteko eta sustatzeko neurriak antolatzea eta ezartzea, honako hauek barne: laneko osasuna, giza osasunean eragina izan dezaketen animalien osasuna, elikagaien osasuna, ingurumeneko osasuna eta zaintza epidemiologikoa.
c) Osasun-sistema publikoan ari diren langileen estatutu-araubidea eta prestakuntza, bai eta osasunaren arloko prestakuntza espezializatua eta ikerketa zientifikoa ere.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da xede terapeutikoak dituen ikerketa; nolanahi ere, arlo honetan Estatuarekin erabat koordinatuta jardun behar du.
4. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka botikak antolatzeko legeak garatzeko eta betearazteko, eta Estatuaren farmazia-produktuen gaineko legeak betearazteko ere bai.
5. Estatuak eskumen esklusiboa dauka uhartediko portuetan eta aireportuetan kontrol zoo-fitosanitarioak egiteko. Nolanahi ere, arlo horretan Autonomia Erkidegoaren eta Estatuaren arteko lankidetza sustatzeko neurriak ezarriko dira, uharteetako osasun-maila bermatzeko. Era berean, landareen osasunaren arloan Autonomia Erkidegoaren eta Estatuaren arteko lankidetza sustatzeko mekanismoak adostuko dira Kanaria uharteen estatus fitosanitarioa mantentzeko.
6. Estatuak eskumen esklusiboak dauzka kanpo-osasunaren arloan. Nolanahi ere, Estatuak hala aurreikusten duen gaietan, Autonomia Erkidegoarekin lankidetzan jarduteko neurriak hartuko dira, herritarren osasunaren babesa behar bezala kudeatzeko.
7. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eskumenaren barruan sartzen da Kanarietako osasun-arretaren kalitatea eta osasunean egiten den gastu publikoa ebaluatzeko prozedurak eta organismoak ezartzea, aplikatutako politiketan zer aldatu behar den zehazteko eta, ondorioz, kalitateko osasun-sistema lortzeko.
142. artikulua. Gizarte-zerbitzuak
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka gizarte-zerbitzuen arloan. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Honako hauek arautzea eta antolatzea: gizarte-zerbitzuak; aurreikuspeneko beste sistema publiko batzuen laguntzako edo osagarri gisako prestazio teknikoak eta ekonomikoak; pobrezian edo gizarte-egoera behartsuan dauden pertsona eta kolektiboentzako plan eta programa bereziak.
b) Gizarte-babes osagarrirako sistema pribatuak kontrolatzea.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da emigratu duten kanariarrei eta haien ondorengoei itzultzen lagunduko dieten politika publikoak ezartzea.
143. artikulua. Etxebizitza.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka etxebizitzaren arloan. Eskumen horren barruan, hauek sartzen dira betiere:
a) Etxebizitzaren arloa antolatzea, planifikatzea, kudeatzea, sustatzea, babestea, kalitatea kontrolatzea, ikuskatzea eta zehapenak ezartzea, honako hauek kontuan hartuz: herritarren beharrizanak, lurraldeen arteko oreka eta jasangarritasuna.
b) Etxebizitzaren sustapen publikoa, lur-ondare publikoari arreta berezia emanez.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da etxebizitzaren funtzio soziala eta bizileku-funtzioa arautzea, Estatuaren legeekin bat etorriz.
3. Estatuaren oinarrizko legeriaren esparruan, Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka eraikinetako sarbideak nolakoak izan behar diren zehazteko eta azpiegitura komunak instalatzeko eta teknologia berriak eta energia aurrezteko berrikuntzak instalatzeko baldintzak ezartzeko, jasangarritasuna kontuan hartuz.
144. artikulua. Immigrazioa.
1. Estatuari Konstituzioak esleitzen dizkion eskumenak gogoan edukita, Kanarietako Autonomia Erkidegoak honako eskumen hauek dauzka immigrazioaren arloan:
a) Eskumen esklusiboa arreta soziosanitarioan eta Europar Batasunekoak ez diren etorkinak orientatzen.
b) Etorkinak integratzeko politika garatzeko eskumena, bere eskumenen esparruaren barruan.
c) Etorkinak gizartean eta ekonomian integratzeko neurriak eta haien eskubideak bermatzeko eta betebeharrak betearazteko neurriak ezartzeko eskumena.
d) Estatuaren arautegiarekin bat etorriz, etorkinak, bidaiderik gabeko adingabeak barne, hartzeko eta gizarteratzen laguntzeko erreferentzia-esparru bat ezartzeko eskumena.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen betearazlea dauka Kanarietan lan egiten duten atzerritarren lan-baimenen gainean. Eskumen hori atzerritarrak sartzeko eta bertan bizitzeko arloan Estatuak daukan eskumenarekin koordinatuta gauzatu behar da nahitaez, eta Estatuaren legeriaren esparruan. Eskumen horren barruan, hauek sartzen dira:
a) Norberaren zein besteren kontura lan egiteko hasierako baimenak tramitatzea eta ebaztea.
b) Aurreko letran aipatzen diren espedienteei lotuta aurkezten diren errekurtsoak tramitatzea eta ebaztea, eta ikuskapenak egiteko eta zehapenak ezartzeko araubidea aplikatzea.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak parte hartuko du Estatuak immigrazioari buruz hartzen dituen erabakietan, Kanarietan eragin berezia badute Kanaria uharteen kokapen berezia dela eta, sektoreko legerian ezartzen diren mekanismoen bidez eta, batik bat, atzerritar langileen kuota zehazteko estatutu honetan ezartzen diren mekanismoen bidez.
145. artikulua. Generoaren arloko politikak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka genero-politiken arloan, baina Estatuak 149.1.1 artikuluan Konstituzioak ematen dizkion eskumenak erabiliz ezartzen duena errespetatu behar du. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea eremu guztietan: gizartea, lana, ekonomia eta ordezkaritza.
b) Emakumeentzako politiken arloan arauak eta planak egitea eta betearaztea, eta sexuaren araberako bazterkeria ezabatzeko ekintza positiboak ezartzea.
c) Emakumeen elkarteak sustatzea.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoari dagokio genero-indarkeriaren arloko Estatuko oinarrizko legeak garatzea eta betearaztea, jarduketak planifikatzea eta ebaluatzeko eta Estatuko Administrazio Orokorrari proposatzeko ahalmena izatea.
146. artikulua. Gazteriaren arloko politikak.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka gazteriaren arloan. Eskumen horren barruan, hauek sartzen dira betiere:
a) Gazteen garapen pertsonala eta soziala sustatzea eta gazteek lana eta etxebizitza eskuratu ahal izateko eta lanbide-prestakuntza jaso ahal izateko arauak onartzea eta horretarako jarduerak egitea.
b) Gazteentzako politikak, planak eta programak diseinatzea, aplikatzea eta ebaluatzea.
c) Gazteen elkarteak, gazteek parte hartzeko ekimenak, gazteen nazioarteko mugikortasuna eta gazteen turismoa sustatzea.
c) Gazteentzako jarduerak eta instalazioak arautzea eta kudeatzea.
147. artikulua. Boluntarioak, adingabeak, eta familiak sustatzea.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka boluntarioen arloan. Eskumen horren barruan, hauek sartzen dira betiere: boluntariotza zer den zehaztea eta banaka zein erakunde publikoen edo entitate pribatuen bitartez egiten diren elkartasun-jarduketak eta boluntario-lanak arautzea eta sustatzea.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka adingabeen babesaren arloan. Eskumen horretan, betiere, hau sartzen da: babesik ez duten adingabeak, arriskuan daudenak eta arauak hausten dituztenak babesteko araubidea eta adingabe haiek babesten eta zaintzen dituzten erakunde publikoak arautzea, legeria zibilak eta zigor-arloko legeriak ezartzen dutenarekin bat etorriz.
3. Estatuaren legerian ezartzen diren alde anitzeko organo eta prozeduren bidez Kanarietako Autonomia Erkidegoak parte hartuko du adingabeen arloko eskumenetan eragina duten zigor-arloko legeria eta legeria prozesala egiten eta eraberritzen.
4. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka familiak eta haurrak sustatzeko arloan. Eskumen horretan, horien gizarte-babeserako neurriak ezartzea eta neurriok betearaztea sartzen da betiere.
Segurtasuna
148. artikulua. Polizia autonomikoa.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da segurtasun publikorako politikak eta pertsonak eta ondasunak babesteko politikak ezartzea, Konstituzioak 149.1.29 artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka Kanarietako polizia-kidegoa sortzeko, antolatzeko eta horretan agintzeko. Kidego horrek dagozkion eginkizunak beteko ditu, zuzenean Kanarietako Gobernuaren mende dagoela, Konstituzioak 149.1.29 artikuluan ezartzen duenaren esparruan, eta, nolanahi ere, Estatuaren segurtasun-kidegoek dituzten eginkizunetan sartu gabe.
3. Era berean, Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka Kanarietako udaltzaingo guztiak antolatzeko eta udalerriaz gaindiko koordinazioa ezartzeko. Nolanahi ere, udaltzaingo bakoitza bere udalaren mende egongo da.
4. Segurtasun Batzordea eratuko da. Bertan, ordezkaritza paritarioa edukiko dute Estatuko Gobernuak eta Kanarietako Gobernuak, eta segurtasun-politikak eta Kanarietako Polizia autonomikoaren eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen jardunak koordinatuko dira.
149. artikulua. Babes zibila eta itsas salbamendua.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka babes zibilaren arloan, Estatuaren legeriak ezartzen duenarekin bat etorriz. Eskumen horretan, hau sartzen da betiere: larrialdiei eta segurtasun zibilari buruzko neurriak arautzea, antolatzea eta betearaztea, eta babes zibileko zerbitzuak (hau da, suteen prebentziorako eta suteak itzaltzeko zerbitzuak) zuzentzea eta koordinatzea, Estatuak segurtasun publikoaren arloan dauzkan eskumenak eragotzi gabe.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen betearazlea dauka itsas salbamenduaren arloan, Estatuaren legeriak ezartzen duenarekin bat etorriz. Horretarako, Estatuaren mendeko salbamendu-zerbitzuekin lankidetzan jarduteko sistemak ezarriko dira.
150. artikulua. Segurtasun pribatua.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen betearazlea dauka segurtasun pribatuaren arloan. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Egoitza soziala uhartedian duten eta jarduera-esparrua Kanarietako lurraldera mugatzen duten segurtasun pribatuko enpresei baimenak ematea.
b) Segurtasun pribatuaren arloko langileak prestatzeko zentroak baimentzea.
c) Kanarietan segurtasun pribatuaren arloan egiten diren jardunak ikuskatzea eta zehatzea.
d) Segurtasun eta ikerketa pribatuen arloko zerbitzuak Kanarietako Polizia autonomikoarekin eta udaltzaingoekin koordinatzea.
151. artikulua. Espetxe-sistema.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen betearazlea dauka espetxeen arloan.
Natura-baliabideak antolatzea
152. artikulua. Urak eta obra hidraulikoak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka uren arloan, Estatuaren legeriak ezartzen duenarekin bat etorriz. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Ura (forma guztietan) eta uraren erabilerak eta aprobetxamenduak arautzea, planifikatzea eta kudeatzea, bai eta uraren babesaren araubidea eta interes orokorrekoak ez diren obra hidraulikoak arautzea, planifikatzea eta kudeatzea ere.
b) Kanarietako administrazio hidraulikoa antolatzea, bai eta erabiltzaileek parte hartzeko modua ere.
c) Jabari hidraulikoaren gaineko polizia-ahala.
2. Estatuaren titulartasuneko obra publiko hidraulikoen arloan, eta Estatuarekin adosten den eran, Kanarietako Autonomia Erkidegoak obra horien plangintzan eta programazioan parte hartuko du, eta, hala dagokionean, dena delako lankidetza-hitzarmenean ezartzen direnak betearaziko, ustiatuko eta kudeatuko ditu.
153. artikulua. Ingurumena.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka Estatuaren ingurumenaren arloko legeak garatzeko eta betearazteko. Horren barruan, hauek dagozkio betiere:
a) Ingurumen-plangintza egiteko tresnak ezartzea eta arautzea, eta tresna horiek tramitatzeko eta onesteko prozedurak ere bai.
b) Bere eskumeneko obren, instalazioen eta jardueren eta Kanarietako lurraldeari eragiten dioten planen eta programen ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedurak arautzea, izapidetzea eta ebaztea.
c) Ingurumenaren iraunkortasunerako neurriak eta ingurumenaren arloko fiskalitateari eta ikerketari buruzko neurriak ezartzea eta arautzea.
d) Itsasoko eta uretako ingurumena, biodibertsitatea, natura-baliabideak, flora eta fauna arautzea, xedea itsasoko arrantza-baliabideak babestea ez bada.
e) Ontzikiak eta bilgarriak ekoiztean, bizitza-ziklo osoan -sortzen direnetik hondakin izatera pasatzen diren arte- egin behar den prebentzio-lana arautzea.
f) Kanarietan sortzen diren edo Kanarietara etortzen diren hondakinen prebentzioa, zuzenketa-lana, kudeaketa, garraioa eta azken erabilera arautzea.
g) Lurraren, lur azpiaren eta itsasertzaren kutsaduraren prebentzioa, kontrola, zuzenketa, suspertzea eta konpentsazioa arautzea.
h) Uharteen arteko uretara egiten diren isurketak arautzea eta kudeatzea, bai eta azaleko uretara eta lurpeko uretara egiten direnak ere, Estatuak merkataritzako ontzien eta itsas ingurumenaren babesaren gainean duen eskumenarekin bat etorriz.
i) Airea eta eguratsa zikintzen duten kutsadura mota guztiak arautzea, egurats kutsatua duten inguruak izendatzea, eta kutsadura kontrolatzeko beste tresna batzuk ezartzea, obra, instalazioa edo jarduera baimentzeko eskumena daukan administrazioa gorabehera.
j) Kanarietako instalazio finkoen berotegi efektuko gasak baimentzeko eta horien jarraipena egiteko araubidea ezartzea.
k) Ingurumena errespetatzen duten produktuak, jarduerak, instalazioak, azpiegiturak, prozedurak, ekoizpen-prozesuak eta jokabideak kalifikatzeko izendapenak sustatzea.
l) Ingurumenari kalterik ez egiteko neurriak, egiten diren kalteak konpontzekoak eta ingurumena leheneratzekoak hartzea, bai eta kalte egiten dutenei zehapenak jartzeko araubidea ere.
m) Espezieak babesteko neurriak eta zehapen-araubidea.
n) Kanarietako lurraldean espezie autoktonoak eta bestelakoak nola sartu eta garraiatu behar diren arautzea, Estatuaren eta Europar Batasunaren legeriekin bat etorriz.
ñ) Bere eskumenen esparruan, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzea.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka Estatuaren legeriak oinarrizkotzat jotzen dituen arloetan babes-arau osagarriak ezartzeko.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak instalazioak eta jarduerak ikuskatzeko zerbitzu bat edukiko du bere eskumenen esparruan natura zaintzeko eta babesteko.
154. artikulua. Naturagune babestuak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka Kanarietako lurraldeko naturagune babestuen arloan.
2. Parke nazionalak deklaratzeko ekimena Estatuak edo Kanarietako Autonomia Erkidegoak izan dezakete, Estatuaren legeriak ezartzen duenarekin bat etorriz. Kanarietako ingurune bat parke nazional deklaratzeko eta mugatzeko, Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eta Estatuaren arteko Bitariko Batzordearen nahitaezko txostena behar da. Parke nazionalak kudeatzeko eskumena Kanarietako Autonomia Erkidegoak dauka; nolanahi ere, errespetatu beharko ditu Estatuak parke nazionalen sareari dagokionez dituen eskumenak.
155. artikulua. Meteorologia-zerbitzua.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka meteorologia eta klimatologiaren gaineko informazioa bilduko duen meteorologia-zerbitzua ezartzeko.
Zerbitzuak honako eginkizun hauek edukiko ditu: arriskua dakarten egoera meteorologikoak iragartzea, kontrolatzea eta jarraipena egitea, esparru horiek ikertzea eta kartografia klimatikoa egitea. Estatuak eta Kanarietako Autonomia Erkidegoak lankidetzan jardun dezakete arlo honetan, akordio edo hitzarmenen bidez.
156. artikulua. Lurraldea eta paisaia antolatzea.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka lurraldearen eta paisaiaren arloan. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Lurraldea eta paisaia eta horietan eragina duten jardunak antolatzeko eta kudeatzeko jarraibideak ezartzea.
b) Lurralde-antolamendurako tresnak ezartzea, arautzea eta kudeatzea.
c) Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eskumeneko azpiegiturak eta ekipamenduak non jar daitezkeen ezartzea.
d) Lurraldea, demografia, gizarte eta ekonomia eta ingurumena orekatzeko neurri bereziak ezartzea.
157. artikulua. Itsasbazterra antolatzea eta kudeatzea.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka itsasbazterra antolatzeko, jabari publikoaren araubide orokorra errespetatuz. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Itsasbazterra eta hondartzak antolatzeko eta erabiltzeko lurralde-planak ezartzea eta arautzea, eta tresna eta plan horiek tramitatzeko eta onartzeko prozedurak arautzea.
b) Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa okupatzeko eta erabiltzeko tituluak kudeatzea; batez ere, baimenak eta emakidak emateko prozedura, eta, betiere, itsasoan finko egongo diren obrak egiteko baimenak emateko prozedura, ingurumen-arrazoiak direla-eta kostaldeko barrualdeko uretan eta bitartekoetan egiten diren salbuespenak errespetatuz.
c) Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren araubide ekonomiko-finantzarioa ezartzea eta kudeatzea, legeria orokorrak ezartzen duenari jarraituz.
d) Kanarietako itsasbazterrean interes orokorrekoak ez diren obrak eta jarduketak egitea.
e) Hondartzetan eta itsasertzeko gainerako tokietan ematen diren zerbitzuak esleitzea, toki-entitateekin koordinatuz.
f) Autonomia Erkidegoaren aurretiazko txostena egitea Kanarietako itsasbazterrean interes orokorreko obrak egiteari buruz.
158. artikulua. Hirigintza.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka hirigintzaren arloan. Eskumen horren barruan, hauek sartzen dira betiere:
a) Lurzoruaren hirigintza-araubidea, eta, horren barruan, lurzoru motei eta haien erabilerei buruzko irizpideak ezartzea.
b) Lurraren jabetzaren araubide juridikoa, Estatuak herritar guztiek jabetza-eskubidea modu berean erabili ahal izatea bermatzeko ezartzen dituen oinarrizko baldintzak errespetatuz. Horren barruan, hau sartzen da betiere: lurrak sailkatzea, kategorien eta azpikategorien arabera antolatzea, eta jabetzari lotutako eskubideak eta betebeharrak finkatzea.
c) Hirigintza antolatzeko eta kudeatzeko tresnak.
d) Lurzoruaren eta etxebizitzen arloko politika finkatzea; lurzoruaren eta etxebizitzen ondare publikoak; eraikuntzan, hirigintzan eta lurzoruaren zein lurpearen erabileran administrazioak esku hartzeko araubidea ezartzea.
e) Hirigintzaren arloko legeria babestea; honako hauek sartzen dira hor betiere: hirigintzaren arloko ikuskapena, obrak eta baimenak bertan behera uzteko aginduak, aldatutako legezkotasun fisikoa berrezartzeko neurriak eta hirigintzako diziplina.
Azpiegiturak eta sareak
159. artikulua. Obra publikoak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka Kanarietako lurraldean egiten diren obren gainean, interes orokorrekoak ez besteetan.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak parte hartuko du interes orokorreko obren plangintzan eta programazioan, Estatuaren legeriak xedatzen duenarekin eta estatutu honek ezartzen duenarekin bat etorriz.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka bere eskumeneko zerbitzuei atxikita dauden obra publiko guztiak kudeatzeko.
4. Kanarietako Autonomia Erkidegoak aurretiazko txostena egingo du Estatuak Kanarietako lurraldean interes orokorrekotzat jotzen dituen obren deklarazioari buruz.
160. artikulua. Garraioak
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka bidaiarien eta salgaien lurreko garraioan, errepidez, trenez edo kablez izan, eta itsas garraioan, baldin eta horiek guztiak uhartediaren esparrutik irteten ez direnak badira. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Estatuak segurtasun publikoaren arloan dituen eskumenak errespetatuz, garraioaren arloko jarduerak eta zerbitzuak arautzea, planifikatzea, kudeatzea, koordinatzea eta ikuskatzea; honako hauek, hain zuzen ere: hiriko eta hiri arteko garraioa; bidaiarien eta salgaien garraio-zerbitzu arautu gabea; turismo-garraioa, eskola-garraioa eta adingabeen garraioa; osasun-garraioa; hileta-garraioa; salgai arriskutsuen eta salgai galkorren garraioa; araubide berezia behar duten salgaien garraioa.
b) Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eskumeneko garraioen tarifak finkatzea eta garraioen arloko bitartekotza-sistema bat ezartzea bere eskumenen esparruan.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka Kanarietan dauden garraio, logistika eta banaketako zentroen gainean (zamen informazio eta banaketako zentroak eta errepideko garraioko geltokiak barne).
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak Zerbitzu Publikoko Betebeharren Jarraipen Batzordearen bitartez parte hartuko du aireko garraiotzat deklaratuta Kanarietako lurraldearen barruan egiten den aireko garraio-zerbitzuaren kudeaketaren egoera aztertzeko zereginean; arlo horretako arauak garatzeko eta betearazteko proposamenak egin ahal izango ditu.
161. artikulua. Garraio-azpiegiturak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka portuen, aireportuen, heliportuen eta Estatuak interes orokorrekotzat jotzen ez dituen gainerako garraio-azpiegituren arloan. Horrez gain, Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen betearazlea dauka interes orokorrekoak izanik Estatuak zuzenean kudeatzen ez dituen portu eta aireportuen gainean. Eskumen horretan, hauek sartzen dira betiere:
a) Garraio-azpiegitura guztien eta amaierako karga-geltokien gaineko araubide juridikoa, plangintza eta kudeaketa.
b) Zerbitzua emateko behar den jabari publikoa kudeatzea; batez ere, azpiegitura horiek erabiltzeko baimenak eta emakidak emateko zerbitzua ematekoa.
c) Araubide ekonomikoa; batez ere, tarifak ezartzeko ahala eta ematen duen zerbitzua eta azpiegiturak erabiltzearekin lotutako denetariko zergak eta kargak jasotzeko eta biltzeko ahala.
d) Behar den zerbitzuen gunea mugatzea, eta erabilerak, ekipamenduak eta jarduera osagarriak zehaztea, jabari publikoaren titularraren ahalmenak errespetatuz.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak parte har dezake interes orokorreko portuen eta aireportuen plangintzan, programazioan eta kudeaketan, Estatuaren arautegiak ezartzen duen bezala, ezinbesteko sareak direlako lurralde periferikoa konektatzeko.
3. Kanarietan egon arren Estatuak zuzenean kudeatzen dituen interes orokorreko portuek eta aireportuek, Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak ez direnek, funtzionamendu-araubide berezia dute, artikulu honetako 1. zenbakian ezartzen denarekin bat etorriz. Araubide hori ezartzen duen legean Kanarietako administrazio publikoek parte hartuko dute, lurraldearen uhartetasuna eta ultraperiferikotasuna kontuan hartuz.
4. Kanarietako Autonomia Erkidegoak parte hartu ahal izango du Kanarietako aireportuetako tasez, prezio publikoez edo ondare-prestazio publikoez hartzen diren erabakietan, Estatuaren legeriak ezartzen duenarekin bat etorriz.
162. artikulua. Errepideak eta trenbideak.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka errepide-sarearen eta trenbide-sarearen gainean. Eskumen horretan, hau sartzen da betiere: errepide-sareetako eta trenbide-sareetako elementuak eta beste garraiobideekiko loturak antolatzea, planifikatzea, bateratuta kudeatzea eta horien araubide juridikoa eta finantza-araubidea ezartzea.
163. artikulua. Energia, hidrokarburoak eta meatzeak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak dira honako gai hauek, Konstituzioak 149.1 artikuluko 13. eta 25. zenbakietan ezartzen duena errespetatuz:
a) Energia ekoizteko, banatzeko eta garraiatzeko instalazioak, lurraldeko itsasoan ez daudenak, garraioa oso-osorik Kanarietako lurraldean gertatzen bada eta aprobetxamenduak ez badauka eraginik beste lurralde batean. Nolanahi ere, Estatuak industriaren gaineko eskumen orokorrak dauzka.
b) Energia berriztagarriak eta energia eraginkortasuna sustatzea eta kudeatzea.
c) Meatzaritzaren araubidea ezartzea (arauak eta administrazioak arloan esku hartzeko araubidea) eta Kanarietako lurraldean dauden meatzeak eta meatze-baliabideak eta Kanarietan egiten diren erauzketa-jarduerak kontrolatzea.
d) Energia ekoizteko, gordetzeko eta garraiatzeko instalazioak baimentzea, eta instalazio horiek ikuskatzea eta kontrolatzea, Konstituzioak 149.1.13 artikuluan ezartzen duen jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriekin eta koordinazioarekin bat etorriz.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoko Administrazioak parte hartuko du Kanarietako Autonomia Erkidegoari eragiten dioten energia-sektorearen arauetan eta estatu-plangintzan.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak txostena egingo du Estatuaren eskumeneko gaiei buruz honako kasu honetan: produktu energetikoek Autonomia Erkidegoari eragiten badiote, beraren lurralde-eremutik kanpo sortu arren.
164. artikulua. Komunikabide sozialak eta ikus-entzunezkoen zerbitzuak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka komunikabide sozialen eta ikus-entzunezko komunikabideen arloko legeak garatzeko eta betearazteko, erabiltzen den teknologia gorabehera.
2. Aurreko apartatuan ezartzen denarekin bat etorriz, Kanarietako Autonomia Erkidegoak bere xedeetarako behar dituen komunikabide sozial eta ikus-entzunezko komunikabide guztiak arautu, sortu eta mantendu ahal izango ditu.
Ekonomia eta Ogasuna
Kanarietako ekonomia- eta zerga-araubidea
165. artikulua. Xedapen orokorrak.
1. Konstituzioak ezartzen duen jabetza pribaturako eskubidearen esparruan, Kanarietako Autonomia Erkidegoko aberastasuna interes orokorraren mende dago.
2. Kanarietako administrazio publikoek uhartediaren garapen ekonomikoa eta soziala sustatuko dute. Gainera, Estatuari eta Europar Batasunari eskatuko diete neurri ekonomiko eta sozial egokiak har ditzatela Kanarien ultraperiferikotasuna eta uhartetasuna konpentsatzeko, eta uharteen arteko oreka eta solidaritatea bultzatuko dituzte.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoko ogasuna eta ondarea lotuta daude haren eskumenen garapenarekin eta betearazpenarekin.
166. artikulua. Oinarrizko printzipioak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak ekonomia- eta zerga-araubide berezia dauka, Kanarien historia-ondareari dagokiona. Haien ezaugarri bereizgarriek justifikatzen dute, eta Konstituzioak onartu egiten du.
2. Kanarietako ekonomia- eta zerga-araubideak oinarri hauek dauzka: inportatzeko eta esportatzeko merkataritza-askatasuna; monopoliorik ez aplikatzea; Estatuaren kontsumoaren gaineko zerga-frankiziak; zerga-politika berezia; zeharkako zergapetze berezia, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuan Kanaria uharteen lurraldearen ultraperiferikotasuna onartzearen ondoriozkoa.
3. Ekonomia- eta zerga-araubidearen baliabideak Kanarietako Autonomia Erkidegoa eta bertako toki-entitateak finantzatzeko une bakoitzean indarrean dauden politiketan eta arautegian ezartzen direnei gehitzen zaizkie. Autonomia Erkidegoak Finantzatzeari buruzko 8/1980 Lege Organikoan eta lege hori garatzen duten arauetan ezartzen denarekin bat etorriz, zerga-baliabide horiek ez dira sartuko ez zenbatuko Autonomia Finantzatzeko Sisteman, Kanarietako zerga-eremu propioa errespetatzeko eta baliabide horien garapenak Kanarietako Autonomia Erkidegoaren finantza-autonomia ez eragozteko.
4. Kanarietako Autonomia Erkidegoak ahalmenak dauzka bere ekonomia- eta zerga-araubidearen gaineko arauak egiteko eta arau horiek betearazteko.
167. artikulua. Aldaketak egitea.
1. Kanarietako ekonomia- eta zerga-araubidea aldatzeko, nahitaez bete behar da Konstituzioak hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen duena; gainera, aurretik Kanarietako Parlamentuaren aldeko txostena beharko da, kideen bi herenek onartua.
2. Kanarietako Parlamentuaren txostena kontrakoa bada, hau da, Ganberako kideen bi herenek kontrako botoa eman badute, honela jokatuko da:
a) Estatuko Administrazio Orokorrak eta Kanarietako Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordea bilduko da, deialdia bi administrazioetako edozeinek eginda.
b) Aldebiko Lankidetza Batzordeak desadostasunak ebazteko negoziazioari ekiteko erabakia hartuko du; proposatutako arau-testua aldatzeko eskatu ahal izango du.
c) Negoziazioari ekiteko erabakia Gorte Nagusiei jakinaraziko zaie. Erabakia hartzen denetik bi hilabete pasatutakoan adostasunik lortu ez bada proposatutako arau-testuaren inguruan, prozedurak aurrera egingo du eta Estatuko Gobernuari edo Gorte Nagusiei helaraziko zaie Aldebiko Lankidetza Batzordean landutako espedientea.
d) Legearen proiektuaren edo proposamenaren izapideek aurrera egingo dute, aldaketak eta proposamenak txertatuta, halakorik egonez gero, edo, bestela, arautegi aplikagarrian ezartzen diren izapide arruntak egingo dira.
3. Kanarietako Parlamentuari entzun egin beharko zaio Kanarietako ekonomia- eta zerga-araubidea ukitzen duten finantzen eta zergen arloetako lege-proiektuak egiten direnean.
168. artikulua. Lurralde arteko solidaritatearen printzipioa.
1. Lurralde arteko solidaritatearen printzipioa benetan gauzatzeko, honako proiektu hauek interes orokorrekotzat joko dira, Estatuak haien finantzaketan parte har dezan: uhartedia penintsulako lurraldearekin integratzea edo lotzea ahalbidetzen edo errazten duten azpiegituren eta telekomunikazio-instalazioen proiektuak; Kanarietarako estrategikoak diren turismo-azpiegituren eta energia-azpiegituren proiektuak, eta ingurumenaren arloko jarduketen proiektuak.
2. Lurraldeen arteko elkartasunaren printzipioaren esparruan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean inbertsio publikoen programa bat beteko da, Estatuaren eta Kanarietako Autonomia Erkidegoaren artean banatuta.
3. Politika horien helburua izan behar da uharteetako biztanleen ezaugarri sozioekonomikoak gutxika-gutxika estatuko herritarren batezbestekoekin parekatzea. Hori aldizka neurtuko da, eta desbideratzeak gastu-politika eraginkorren bidez konpentsatuko dira.
Finantzen eta zergen araubidea
169. artikulua. Kanarietako Autonomia Erkidegoko ogasunaren baliabideak.
Hona hemen Kanarietako Autonomia Erkidegoko ogasunaren baliabideak:
a) Haren ondarearen emaitzak eta hari dagozkion zuzenbide pribatuko diru-sarrerak.
b) Haren zergek sortzen dituzten diru-sarrerak eta Kanarietako ekonomia- eta zerga-araubidean parte-hartzeagatik eta hura kudeatzeagatik dagozkionak.
c) Prezio publikoak.
d) Estatuak Kanarietako Autonomia Erkidegoari lagatzen dizkion zergen etekinak.
e) Aprobetxamendu bereziengatik eta Autonomia Erkidegoaren zuzeneko zerbitzuak -berak sortuak zein Estatuak eskualdatutakoak- emateagatik aplikatzen diren haren tasen eta ordainarazpen parafiskalen etekinak.
f) Kanarietako Autonomia Erkidegoak bere eskumenak baliatuz ezartzen dituen ekarpen bereziak.
g) Estatuaren zergetako eta Estatuaren beste diru-sarrera batzuetako errekarguak eta partaidetzak.
h) Estatuaren aurrekontu orokorren kontura egiten diren esleipenak eta ematen diren dirulaguntzak.
i) Lurraldeen arteko Konpentsazio Funtsetik heltzen diren transferentziak, eta gainerako dirulaguntza publikoak.
j) Nazioz gaindiko beste eremu batzuei lotuta egoteagatik Europar Batasunetik heltzen diren funtsak edo esleitzen zaizkionak.
k) Legatuak eta dohaintzak.
l) Bere eskumeneko esparruan ezartzen dituen isunen eta diru-zehapenen zenbatekoak.
m) Autonomia Erkidegoari transferitzen zaizkion eskumenen ondorioz esleitzen zaizkion baliabideak eta bestelako diru-sarrerak.
n) Zorra jaulkita eta kredituak hartuta lortzen dituen diru kopuruak.
ñ) Estatuaren edo Kanarietako Parlamentuaren legeen arabera eratzen diren gainerako guztiak.
170. artikulua. Uharteen baliabideak.
Hona hemen uharteen baliabideak:
a) Uharteetako lege espezifikoek ezartzen dituztenak.
b) Kanarietako ekonomia- eta zerga-araubidearen ondoriozkoak.
c) Autonomia Erkidegoko zergetan, Estatuaren esleipenetan edo dirulaguntzetan eta Kanarietako Parlamentuaren lege bidez onartuta Lurralde arteko Konpentsazio Funtsetik heltzen diren transferentzietan dauzkaten partaidetzak.
d) Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan beren eskumenak gauzatzeko esleitzen zaizkienak.
171. artikulua. Finantza-autonomiaren printzipioa.
Finantza-autonomiaren printzipioa aintzat hartuz, Kanarietako Autonomia Erkidegoak zergak ezarri eta eskatu ahal ditu, Konstituzioarekin eta legeekin bat etorriz.
172. artikulua. Partaidetza Estatuaren zergetan.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak partaidetza edukiko du lagata ez dauzkan Estatuaren zergetan, eta horien bidez Espainiako lurralde osoan biltzen den diru kopuruaren ehuneko bat jasoko du.
2. Partaidetza horren ehunekoa Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eta Estatuaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordean negoziatuko da, Autonomia Erkidegoak Finantzatzeari buruzko Lege Organikoak ezartzen duenarekin bat etorriz.
173. artikulua. Errekarguak.
Kanarietako Parlamentuak errekarguak ezarri ahal izango ditu lagata dauzkan Estatuaren zergetan; gainera, gauza bera egin ahal izango du legeen arabera ohiko egoitza Kanarietan duten pertsona fisikoen errenta edo ondarea kargatzen duten laga gabeko zergetan ere.
174. artikulua. Erreklamazio ekonomiko-administratiboak.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko du, bere organo ekonomiko-administratiboen bidez, estatutu honek 186. artikuluko 1. eta 2. zenbakietan aipatzen dituen zergak aplikatzeko egintzen aurka zergadunek aurkezten dituzten erreklamazioak bide administratiboan berrikusteko zeregina. Nolanahi ere, Estatuko Administrazio Orokorrak irizpideak bateratzeko eskumenak dauzka.
Berariazko arautegian ezartzen den Kanarietako Autonomia Erkidegoko organoak edukiko du bere zerga-administrazioaren egintza irmoen aurka eta bere organo ekonomiko-administratiboen ebazpen irmoen aurka aurkezten diren aparteko berrikuspen-errekurtsoak ebazteko eskumena.
Hori dela-eta, Kanarietako Autonomia Erkidegoak eta Estatuko Administrazio Orokorrak behar diren lankidetza-mekanismoak hitzartu ahal izango dituzte bide ekonomiko-administratiboko berrikuspen-funtzioak behar bezala betetzeko.
175. artikulua. Europako funtsak kudeatzea.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka Kanaria uharteei esleitzen zaizkien Europar Batasunaren funtsak kudeatzeko, erabiltzeko eta, behar denean, planifikatzeko; batez ere, konbergentzia-irizpideak aplikatuz onartzen diren funtsak eta uhartediaren ultraperiferikotasunagatik jasotzen diren funtsak.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak, bereziki, eskumen esklusiboa dauka Europar Batasunak ezarritako Hornikuntza Araubide Bereziko operadoreen erregistro bakarra kudeatzeko eta horretan organismo ordaintzaile gisa jarduteko. Nolanahi ere, Estatuak eskumena dauka Europar Batasunekoak ez diren estatuekin jarduten dutenei salbuespen-ziurtagiriak emateko.
3. Kontzeptu horiengatik jasotzen diren funtsak irizpide sozialen eta lurralde-irizpideen arabera modulatu ahal izango ditu Kanarietako Autonomia Erkidegoak, aplikatu beharreko Europar Batasunaren arauak betez.
176. artikulua. Konpentsazio-neurriak.
Estatuaren zerga-sistema eraldatzen edo aldatzen bada eta horren ondorioz Estatuaren zergei lotuta dauden Kanarietako Autonomia Erkidegoaren diru-sarrerak nahiko aldatzen badira, Estatuak behar diren konpentsazio-neurriak ezarri beharko ditu, Autonomia Erkidegoarekin ados jarrita.
177. artikulua. Esleipen osagarriak.
1. Konstituzioak 31. eta 138. artikuluetan ezartzen dituen printzipioak betetzen direla bermatzeko, eta estatutu honetako 3. artikuluan aipatzen diren urruntasuna, uhartetasuna eta ultraperiferikotasuna kontuan hartuz, Estatuak esleipen osagarriak egingo dizkio bere aurrekontu orokorren kontura Kanarietako Autonomia Erkidegoko ogasunari. Esleipen horiek egiteko prozedura Konstituzioak 157.3 artikuluan ezartzen duenaren arabera ematen den legean arautuko da. Esleipen horien bidez, Kanarietako lurraldea ultraperiferikoa izateak eragiten dituen gainkostuak konpentsatuko dira, eta zerbitzu publikoetan biztanleria-faktorearen ondorioz, Kanarietako ekonomiaren ezaugarri bereziengatik eta lurralde-zatiketagatik izan litekeen gabezia ere bai.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak parte hartuko du Lurralde arteko Konpentsazio Funtsaren urteko zenbateko osoa zehazteko lanetan. Funts hori Konstituzioaren 158. artikuluaren 2. apartatuan aipatzen da.
178. artikulua. Kreditu-eragiketak eta zor-eragiketak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak kreditu-eragiketak egin ahal izango ditu eta zor publikoa jaulki ahal izango du, Autonomia Erkidegoak Finantzatzeko Lege Organikoan ezartzen diren kasuetan eta bertan finkatzen diren baldintzak betez gero.
2. Jaulkitzen dituen zor publikoaren tituluak funts publikoak izango dira ondorio guztietarako.
3. Estatuak zorra jaulkitzen badu haren zati bat Kanarietako uhartedian dauden eta Kanarietako Autonomia Erkidegoari transferitu zaizkion zerbitzuak hobetzeko edo bertan sortzeko, Kanarietako Autonomia Erkidegoak inbertsioa jasoko duten obren eta zerbitzuen programa egin eta aurkeztu ahal izango du.
179. artikulua. Ekonomiaren plangintza.
Kanarietako Gobernuak, bere eskumenen esparruan, plangintza-proiektuak egingo ditu, Autonomia Erkidegoaren eta lurralde-administrazioen aurreikuspenen arabera. Egiteko horretan, sindikatuen eta profesionalen eta enpresen beste elkarte batzuen aholkuak eta laguntza jasoko ditu, Kanarietako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bitartez. Kontseilua ekonomiaren eta gizartearen arloetako gaietarako aholku-organoa da, eta beraren helburu nagusia gai sozioekonomikoen inguruko parte-hartzea eta elkarrizketa bideratzea da. Aholku-batzorde horren osaera eta funtzionamendua lege baten bidez arautuko dira.
180. artikulua. Zerga-politikak eta finantza-politikak koordinatzea.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak uharteetako kabildoen eta udalen zorpetze-politikak koordinatuko ditu, eta tokiko ogasunei buruzko Estatuaren arauetan horretarako ematen zaizkion ahalak erabiliko ditu Kanarietako Autonomia Erkidegoaren interesetan eragina izan dezaketen gai guztietan. Hori eginez inolaz ere ezin du mugatu toki-erakundeen finantza-autonomia, Konstituzioak eta Autonomia Estatutuak bermatzen baitute.
2. Hori dela-eta, uharteetako eta tokiko administrazioen zorpetze-mugak ezarri ahal izango dira legez, eta Kanarietako Autonomia Erkidegoari baimena eman ahal izango zaio toki-entitateen epe luzerako kreditu-eragiketak onartzeko, legearen esparruan.
181. artikulua. Uharteen arteko solidaritaterako tresnak.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak lan egingo du lurralde-oreka lortzeko eta lurraldearen barnean solidaritate-printzipioa gauzatzeko, uhartetasun bikoitzaren kostuak kontuan hartuz, beste irizpide batzuen artean.
Horretarako, Uharteen arteko Elkartasun Funtsa sortuko da, edo antzeko beste tresnaren bat. Nolanahi ere, baliabideak Kanarietako Parlamentuak banatuko ditu.
182. artikulua. Zerga-onurak.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak Estatuak dituen zerga-onura berak izango ditu.
183. artikulua. Legearen erreserba.
Honako gai hauek Kanarietako Parlamentuak onartutako lege baten bidez arautuko dira nahitaez:
a) Autonomia Erkidegoko zergak ezartzea eta aldatzea.
b) Estatuaren zergetan errekarguak ezartzea eta aldatzea.
c) Kanarietako Ogasunaren berezko zergei eragiten dieten zerga-onura guztiak.
d) Zor publikoa sortzeko eta bihurtzeko baimena, eta Autonomia Erkidegoak hitzartzen dituen gainerako kreditu-eragiketak egiteko baimena.
e) Autonomia Erkidegoaren ondarearen araubide juridikoa.
f) Kanarietako Ogasunak estatutu honetako 170. artikuluak ezartzen duenaren arabera zergetan, esleipenetan eta dirulaguntzetan dauzkan partaidetzak.
g) Kanarietako ekonomia- eta zerga-araubidearen ondoriozko baliabideak banatzeko irizpideak eta ehunekoak.
184. artikulua. Gobernuaren beste eskumen batzuk.
Titulu honetan arautzen diren gaietan honako eskumen hauek dauzka Kanarietako Gobernuak:
a) Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren legeen proiektuak egitea.
b) Autonomia Erkidegoaren zergen erregelamendu orokorrak onartzea.
c) Lagata dauzkan Estatuaren zergak kudeatzeko erregelamendu-arauak egitea, lagapenetan ezartzen denarekin bat etorriz eta kabildoak eta Kanarietako Udal Kontseilua entzun ondoren.
185. artikulua. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorrak.
1. Kanarietako Parlamentuak Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorrak onartu eta ikuskatuko ditu. Gainera, uharteen eskumenak finantzatzeko haiei esleitutako aurrekontu-partidak eraginkortasunarekin erabiltzen direnez aztertuko du, eta finantzaketa-nahikotasunaren printzipioa betearaziko du.
2. Aurrekontuak urtekoak izango dira, eta Estatuaren aurrekontuen aldi berekoak. Aurrekontuan diru-sarreren aurreikuspen guztiak eta gastu arrunten eta inbertsio-gastuen baimenak azalduko dira.
3. Aurrekontuak ekitaldi ekonomikoko lehen eguna baino lehen onartzen ez badira, aurrekoen indarraldia berez luzatuko da.
186. artikulua. Zergak kudeatzea.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak eskumena dauka bere zergak kudeatzeko, likidatzeko, biltzeko eta ikuskatzeko. Gainera, erabateko eskudantziak dauzka zeregin horiek gauzatzeko eta antolatzeko. Nolanahi ere, lankidetzan jardun dezake Estatuko Zerga Administrazioarekin.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak Estatuaren eskuordetzaz lagata dauzkan zergak kudeatu, likidatu, bildu, ikuskatu eta berrikusiko ditu; nolanahi ere, bi administrazioek lankidetzan jardun dezakete. Hori guztia lagapenaren irismena eta baldintzak ezartzen dituen legeak ezartzen duenarekin bat etorriz egin beharko da.
3. Uharteek, udalerriek eta beste lurralde-erakunde batzuek Kanarietako Gobernuaren ordezkari eta laguntzaile gisa jardun ahal izango dute Autonomia Erkidegoko zergak likidatzen, kudeatzen eta biltzen.
187. artikulua. Administrazioen arteko lankidetza.
1. Estatuko Administrazio Orokorrak eta Kanarietako Autonomia Erkidegoak lankidetza-bide egokiak ezarriko dituzte Kanarietako Autonomia Erkidegoak parte har dezan bere eskumenak baliatzeko hartu behar diren erabakietan eta informazio-trukean.
2. Halaber, Estatuak, Kanarietako Autonomia Erkidegoak eta toki-entitateek katastroaren arloan lankidetzan jarduteko formulak ezarriko dira, aplikatu beharreko arautegiarekin bat etorriz, administrazio guztiek informazio bateratua eduki dezaten eta eskura.
188. artikulua. Ekonomia-sektore publiko autonomikoa.
1. Kanarietako botere publikoek ekonomia-sektore publiko autonomikoa eratu dezakete.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak Kanarietan diharduten Estatuaren titulartasuneko enpresa publikoetako administrazio-organoetako kideak proposatuko ditu. Proposamena egiteko prozedura eta kideen kopurua Estatuaren legeria orokorrak zehaztuko ditu.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak enpresa horien kudeaketari eta enpresa horiek Kanarietako ekonomian duten eraginari buruzko txostenak, azterlanak edo proposamenak egin eta Gobernuari bidali ahal izango dizkio. Gobernuak edo enpresetako partaidetzen titular diren erakunde edo entitateek ebazpen bat emango dute, arrazoitua, txosten, azterlan edo proposamen horiei buruz.
Ondarea
189. artikulua. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren ondarea.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren ondarea hauek osatzen dute: Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ondasunak eta eskubideak eta beraren erakunde autonomoenak, haien izaera eta haiek eskuratzeko titulua edo esleitzeko titulua gorabehera.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren ondarea eta haren administrazioa, defentsa eta babesa Kanarietako Parlamentuaren lege baten bidez arautuko dira.
190. artikulua. Uharteen ondarea.
Uharte bakoitzaren ondarea hauek osatzen dute: uhartearen ondasunak eta eskubideak eta haren mendean edo harekin lotuta dauden erakunde publikoenak, haien izaera eta haiek eskuratzeko titulua edo esleitzeko titulua gorabehera.
Kanarietako Autonomia Erkidegoaren erakundeen arteko harremanak eta kanpo-harremanak
Administrazioen arteko harremanak
191. artikulua. Elkarlanerako eta lankidetzarako harremanak.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak elkarlanerako eta lankidetzarako harremanak ezarriko ditu Estatuarekin eta gainerako autonomia-erkidegoekin, honako printzipio hauekin bat etorriz: erakundeen arteko leialtasuna, solidaritatea, interes orokorraren defentsa eta bakoitzaren eskumenekiko errespetua.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak Estatuaren organoetan eta haren organismo eta entitate publikoetan parte hartzen du, legez ezartzen den bezala. Era berean, Estatuarekin egokitzat jotzen dituen akordioak eta hitzarmenak sinatu ahal izango ditu Aldebiko Lankidetza Batzordearen bitartez.
192. artikulua. Aldebiko Lankidetza Batzordea.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eta Estatuaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordea esparru orokorra eta iraunkorra da Kanarietako Gobernuaren eta Estatuaren arteko harremanetarako. Esparru horretan, legeetan ezartzen diren edo alderdiek azaltzen dituzten interes komuneko gaiak jorratuko dira, eta honako hauek batik bat:
a) Bi alderdien artean ateratzen den edozein eztabaida, eta, hala badagokio, eztabaida horiek ebazteko proposatzen diren neurriak, eta, behar denean, Autonomia Estatutua aplikatzeko eta interpretatzeko proposatzen diren neurriak ere bai. Nolanahi ere, errespetatu behar dute Konstituzio Auzitegiaren eta justizia-auzitegien jurisdikzioa.
b) Europako politikaren jarraipena, Kanarietako Autonomia Erkidegoak Europar Batasunaren gaietan parte hartzen duela ziurtatzeko; batez ere, Europar Batasunaren politika komunen eta Kanarietako ekonomia- eta zerga-araubideari zuzenean eragiten dioten arauen diseinuaz eta aplikazioaz Estatuak hartzen duen jarrera finkatzeko prozesuan parte hartzen duela ziurtatzeko.
c) Bakoitzak bere eskumenak erabil ditzan parte hartzea, informatzea, lankidetzan aritzea eta koordinatzea.
2. Kanarietako Gobernuak eta Estatuko Gobernuak ordezkari kopuru bera edukiko dute batzordean, eta alderdi bietako edozeinek eskatuta deitu ahal izango da ezohiko bileretara. Bi alderdiak ados jarrita, batzordeak bere barneko jardun-erregelamendua onartuko du.
193. artikulua. Lankidetzarako hitzarmenak eta akordioak beste autonomia erkidego batzuekin.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak hitzarmenak egin ahal izango ditu beste autonomia erkidego batzuekin bere eskumen esklusiboko arloetako zerbitzu propioak kudeatzeko eta egiteko. Akordio horiek eraginik badute legerian, Kanarietako Parlamentuak onartu beharko ditu. Gainerakoetan, Kanarietako Gobernuak akordioaren berri eman beharko dio Parlamentuari sinatzen denetik hilabete pasatu baino lehen. Hitzarmen guztien berri eman beharko zaie Gorte Nagusiei. Informazio hori ematen denetik hogeita hamar egun igarotakoan jarriko dira indarrean, non eta, edukia dela-eta, Gorte Nagusiek epe horren barruan ez duten erabakitzen hitzarmenak artikulu honetako 2. apartatuan aipatzen den izapidea egin behar duela lankidetza-hitzarmen gisa.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak lankidetza-akordioak sinatu ahal izango ditu beste autonomia erkidego batzuekin, Konstituzioak 145.2 artikuluan ezartzen duen bezala.
194. artikulua. Harremanak Kanarietako beste administrazio publiko batzuekin.
1. Kanarietako administrazio publikoen arteko harremanetan honako printzipio hauek aplikatzen dira: erakundeen arteko leialtasuna, koordinazioa, lankidetza eta elkarlana.
2. Kanarietako Gobernuak, uharteetako kabildoek eta udalek beren arteko lankidetzarako organoak sor ditzakete, aldebikoak zein alde anitzekoak, esparru orokorrekoak zein sektorialak, beren eskumenak lotuta dauden gaietan aritzeko. Organo horien eginkizuna koordinazioa edo lankidetza izan daiteke, kasuan kasukoa.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak administrazio publikoen arteko elkarteak sustatuko ditu, denen interesak hobeto kudeatzeko eta zerbitzuak eraginkortasunarekin emateko.
Kanarien kanpo-ekintza
195. artikulua. Kanpo-ekintza.
1. Kanarietako Gobernuak, bere eskumenen esparruan, eta interes orokorraren defentsarako, Konstituzioak eginkizun hori esleitzen baitio, bere kanpo-ekintza izango du. Nolanahi ere, kanpo-ordezkaritza Estatuari dagokio, eta arlo horretan dauzkan eskumenak errespetatuko dira.
2. Kanarietako Gobernuak ekimenak bultzatu ditu kanariarren komunitateak edo kanariarren ondorengoen komunitateak dauden herrialde edo lurraldeekin lankidetzan aritzeko, bai eta ondoko herrialdeekin eta beste eskualde ultraperiferiko batzuekin ere, Europako lurralde-lankidetzarako programen esparruan.
3. Horretarako, estatutu honetan, Estatuaren legeria orokorrean eta nazioarteko erakundeen legerian ezartzen dena sustatzeaz gainera, Kanarietako Gobernuak Autonomia Erkidegoaren kanpo-proiekzioa sustatuko du bere kanpoko ordezkaritzen bitartez, Estatuarekin lankidetzan.
196. artikulua. Harremanak Europar Batasunarekin.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak parte hartuko du Europar Batasuneko erakundeetan eta nazioarteko erakundeetan, Konstituzioak, Autonomia Estatutuak, nazioarteko tratatuek eta hitzarmenek, legeria aplikagarriak eta Estatuaren eta Kanarietako Gobernuaren arteko akordioek ezartzen duten bezala.
2. Betiere, Kanarietako Autonomia Erkidegoak bi kasu hauetan hartuko du parte aurreko erakunde horietan: Kanaria uharteen ultraperiferikotasunari eragiten dion gai bat aztertzen denean; edo honako gai hauek aztertzen direnean, gaiak Kanaria uharteen interesetan eragin handia edukiz gero: nazioz eta mugaz haraindiko lankidetza, ekonomiaren eta zergen arloetako politikak, berrikuntza-politikak, informazioaren gizartea, ikerketa eta garapen teknologikoa.
3. Kanarietako Gobernuak parte hartu ahal izango du Espainiak Europar Batasunera bidaltzen dituen ordezkaritzetan, gaiak Kanaria uharteen ultraperiferikotasuna ukitzen badu.
197. artikulua. Europar Batasunaren Zuzenbidea aplikatzea eta garatzea.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoak, bere eskumenen esparruan, Europar Batasunaren Zuzenbidea garatu eta betearaziko du, eta haren transposizioa egingo du.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak Europako funtsak kudeatuko ditu bere eskumeneko gaietan.
3. Kanarietako Gobernuak aurreko bi zenbakietan ezartzen denarekin bat etorriz ematen dituen ebazpenak eta xedapenak jakinaraziko dizkio aldian-aldian Estatuaren Gobernuari.
4. Legegintzako proposamen batek Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eskumenei, Kanarietako ekonomia- eta zerga-araubideari edo Kanaria uharteen ultraperiferikotasunari eragin ahal badie, Kanarietako Parlamentuari kontsulta egin beharko zaio, eta hark bere iritzia azalduko du Gorte Nagusiek beren irizpena eman baino lehen, Europar Batasuneko Zuzenbidean ezarritako subsidiariotasunaren eta proportzionaltasunaren printzipioak kontrolatzeko prozeduraren esparruan.
198. artikulua. Nazioarteko tratatuez informatzea eta parte hartzea.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoari informazioa emango zaio nazioarteko tratatuak eta hitzarmenak negoziatzeko eta egiteko prozesuari buruz eta haiei atxikitzeko negoziazioen prozesuari buruz prozesuok irauten duten bitartean, baldin eta tratatuak edo hitzarmenak Kanaria uharteen berezitasunei edo Batasunaren arauak aplikatzeko baldintzei eragiten badiete. Informazioa jaso ondoren, Kanarietako Gobernuak bere iritzia emango du.
2. Kanarietako Autonomia Erkidegoak behar diren neurriak hartuko ditu nazioarteko tratatuak eta hitzarmenak betearazteko, bere eskumeneko gaiak ukitzen dituztenean.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoak Estatuko Gobernuari eskatu ahal izango dio nazioarteko tratatuak eta hitzarmenak egiteko Kanarietako interesekoak diren gaiei buruz eta, batez ere, honako gai hauei buruz: Kanaria uharteen ultraperiferikotasuna; ondoko herrialdeekin garapena sustatzeko lankidetza-politikak, eta kanariarren komunitateak edo kanariarren ondorengoen komunitateak bizi diren lurraldeekin eta herrialdeekin kultura-loturak estutzea.
4. Kanarietako Autonomia Erkidegoa Europar Batasuneko eskualdeak eta estatukoak ez diren entitate politikoak onartzen diren nazioarteko erakundeetan ariko da.
199. artikulua. Jarduketak Europar Batasuneko Justizia Auzitegian.
1. Aplikatzekoa den arautegiak ezartzen duen eran parte hartuko du Kanarietako Gobernuak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko prozeduretan.
2. Kanarietako Gobernuak Estatuko Gobernuari eskatu ahal dio akzioak abiarazteko Europar Batasuneko Justizia Auzitegian.
200. artikulua. Estatutua erreformatzeko prozedura orokorra.
1. Estatutua erreformatzeko ekimena Kanarietako Gobernuak du, edo Parlamentuak (gutxienez, bost diputatutik batek proposatu behar du).
2. Estatutua erreformatzeko proposamena, betiere, Kanarietako Parlamentuko kideen hiru bostenek onartu behar dute; gero, Gorte Nagusiek onartu behar dute, lege organiko baten bidez, eta, azkenik, erreferenduma egin behar da, hautesleek iritzia eman dezaten.
3. Estatutuaren erreforma onartzeko prozeduran honako fase hauek bete behar dira:
a) Kanarietako Parlamentuak erreforma-proposamena onartu eta gero, hura Diputatuen Kongresura bidali behar da. Kongresuaren Osoko Bilkuran eztabaidatu eta gero, Kongresuaren Batzorde Instituzionalak batzorde paritarioa antolatuko du Diputatuen Kongresuko eta Kanarietako Parlamentuko kideekin, testuaren gaineko akordioa lortze aldera. Testuaren gaineko akordioa eginez gero, Batzordearen osoko bilkurari aurkeztuko zaio, bozketa egin dezan. Bozketaren emaitza aldekoa bada, Kongresuaren osoko bilkurara bidaliko da, onar dezan.
b) Erreforma-proposamena izapidetzeko, aurreko letrakoaren antzeko bidea egin behar da Senatuan: Senatuko batzorde batek eta Kanarietako Parlamentuaren ordezkaritza batek testua adostu behar dute.
c) Parlamentuko izapideak egiten ari diren bitartean Gorte Nagusiek funtsezko aldaketaren bat egiten badute proposamenean, Kanarietako Parlamentura itzuliko da, berriro eztabaidatu dezan. Horrekin batera, mezu batean, proposamena itzultzeko erabakia eragin duten puntuak azalduko dira eta alternatibak proposatuko dira. Halako kasuetan, Kanarietako Parlamentuak alternatibak onartu ahal izango ditu, beste soluzio batzuk proposatu ahal izango ditu, edo Estatutuaren erreforma bertan behera uztea erabaki ahal izango du.
4. Gorte Nagusiek lege organiko baten bitartez erreforma onartzen badute, onarpenean bertan Estatuak baimena emango dio Kanarietako Gobernuari hiru hilabeteko epealdiaren barruan hautesleek erreforma berresteko erreferenduma egiteko.
5. Baldin eta Kanarietako Parlamentuak edo Gorte Nagusiek ez badute onartzen erreforma-proposamena, edo hautesleek erreferendumean onarpena berresten ez badute, urtebete pasatu baino lehen ezin izango da berriro eztabaidatu eta Parlamentuan bozkatu.
201. artikulua. Erreforma-prozedura laburra.
Aurreko artikuluan ezartzen dena gorabehera, erreformak Estatutuaren I. tituluko II. kapituluari soilik eragiten badio, honako prozedura hau aplika daiteke:
a) Proposamena Kanarietako Parlamentuko kideen hiru bostenek onartu ahal izango dute.
b) Erreforma-proposamena onartu ondoren, Gorte Nagusiei kontsultatuko zaie.
c) Baldin eta aurreko letran aipatzen den kontsulta jasotzen denetik hogeita hamar eguneko epealdian Gorte Nagusiek ez badute adierazten erreformak eragiten diela, proposamena lege organiko baten bidez berretsiko da.
d) Baldin eta c) letran ezartzen den epealdian Gorte Nagusiek adierazten badute erreformak eragiten diela, aurreko artikuluan ezartzen den prozedura aplikatu beharko da erreformarako, eta artikulu horretako 1. zenbakiko a) letran adierazten diren izapideak egintzat joko dira.
202. artikulua. Uharteetako kabildoei entzutea.
Erreformak Kanarietako botereen antolamendua aldatzen badu eta horrek zuzeneko eragina badauka uharteetan, aurretik uharteetako kabildoei entzun beharko zaie.
Lehen xedapen gehigarria. Lagatako zergak.
1. Xedapen honetako 3. apartatuaren arabera, Konstituzioak 157.3 artikuluan aurreikusten duen lege organikoan xedatzen diren mugekin eta -hala badagokio- arauak egiteko gaitasunarekin eta bertan ezartzen denarekin bat etorriz, honako zerga hauek lagatzen zaizkio Kanarietako Autonomia Erkidegoari:
a) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga.
b) Ondarearen gaineko zerga.
c) Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga.
d) Ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga.
e) Jokoaren gaineko zergak.
f) Garagardoaren gaineko zerga berezia.
g) Tarteko produktuen gaineko zerga berezia.
h) Alkoholaren eta edari deribatuen gaineko zerga berezia.
i) Elektrizitatearen gaineko zerga berezia.
j) Gorte Nagusiek erabakitzen dituzten beste batzuk.
2. Xedapen honen edukia Estatuaren eta Kanarietako Autonomia Erkidegoaren arteko akordio baten bitartez aldatu ahal izango da; akordioa lege-proiektu gisa izapidetuko da. Hori dela-eta, xedapen hau aldatzea ez da hartuko Estatutuaren aldaketatzat. Zerga horietako bat kentzen edo aldatzen bada, lagapena azkendu edo aldatuko da; nolanahi ere, baliteke konpentsazioak ezartzea lege bidez.
3. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eta Estatuaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordeak finkatuko ditu lagapenaren irismena eta baldintzak. Estatuaren Gobernuak lege-proiektu gisa izapidetuko du lortzen den akordioa.
Bigarren xedapen gehigarria. Kanarietako Zerga Agentzia.
1. Kanarietako Autonomia Erkidegoaren zergak, Kanarietako ekonomia- eta zerga-araubidearen ondoriozkoak eta Estatuak erabat lagatakoak Kanarietako Zerga Agentziak aplikatuko ditu, legeria aplikagarriak ezartzen duenarekin bat etorriz.
2. Agentziaren antolamendua eta funtzionamendua Kanarietako Parlamentuaren lege baten bidez arautuko dira.
3. Kanarietan biltzen diren Estatuaren gainerako zergak Estatuko Zerga Administrazioak aplikatuko ditu. Nolanahi ere, Estatuak zerga horien aplikazioa eskuordetu ahal dio Kanarietako Autonomia Erkidegoari eta, gainera, zerga batzuen aplikazioan lankidetza ezarri ahal izango da, beharrezkoa gertatuz gero.
4. Urtebeteko epealdian, bi zerga-administrazioak lankidetzan aritzeko mekanismoak sortuko dira.
5. Bi zerga-administrazioek lankidetzarako mekanismoak ezarriko dituzte, batez ere honako xede hau gogoan dutela: zergadunek aitorpenak eta zergetarako garrantzia duten gainerako dokumentu guztiak bi administrazioen bulegoetan aurkeztu ahal izatea, bataren zein bestearen bulegoetan, zerga gorabehera; horrela errazago izango dute beren zerga-betebeharrak betetzea.
6. Kanarietako Autonomia Erkidegoak partzialki lagata dauzkan Estatuaren zergak kudeatzen, biltzen, likidatzen eta ikuskatzen dituzten zerga-erakunde edo -organismoetan parte hartuko du. Hori nola egin lege batean arautuko da.
7. Baldin eta Estatuaren eta Kanarietako Autonomia Erkidegoaren artean partzuergoa sortzen bada zergak kudeatzeko, horrek ez du berekin ekarriko partzuergoa eratu aurretik bildutako zerga kopuruak Estatuaren eta Kanarietako Autonomia Erkidegoaren artean doitzea; aitzitik, zerga horiengatik biltzen dena partzuergoa eratu aurretik bezala banatuko da bi administrazioen artean.
8. Kanarietako Zerga Agentziak dagokion toki-entitatearekin hitzarmen bat eginez kudeatu ahal izango ditu tokiko zergak.
9. Gobernuak berrikusiko ditu zergak kudeatzeko Kanarietako Zerga Administrazioak agindutako egintzak Kanarietako administrazio-bidean, bere organo ekonomiko-administratiboen bitartez.
Hirugarren xedapen gehigarria. Zerga-aldaketen konpentsazioak.
Kanarietako Autonomia Erkidegoak Estatuaren diru-sarreretan daukan partaidetza ez da murriztuko beraren lurraldean aplikatzen den Estatuaren zerga bat kentzeagatik. Hori Konstituzioak 157.3 artikuluan ezartzen duen lege organikoak arautuko du.
Laugarren xedapen gehigarria. Transferentzien Batzorde Mistoa.
1. Transferentzien Batzorde Mistoa Kanarietako Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak eta Estatuko Administrazioak osatzen dute, ordezkari kopuru berarekin bakoitzak, eta Aldebiko Lankidetza Batzordean txertatuta dago, zeina Estatutuaren 192. artikuluan aipatzen baita. Hauxe da beraren helburua: Kanarietako Autonomia Erkidegoari transferitzea Estatutuaren arabera dagozkion eginkizunak eta eskudantziak. Kanariek Batzorde Mistoan dituzten ordezkariek beren kudeaketaren berri emango diote Kanarietako Parlamentuari aldian-aldian.
2. Zerbitzuak bloke material eta organiko osoetan transferituko zaizkio Kanarietako Autonomia Erkidegoari. Transferentzietan, zerbitzuen funtzionamendu normalerako behar diren langileak, finantza-baliabideak eta baliabide materialak aurreikusi beharko dira, eta kontuan eduki beharko da baliabideak esleitzeko Kanarietan aplikatuko den biztanleko koefizientea ezin dela izan Estatuko batezbestekoa baino txikiagoa. Gainera, uhartetasunaren kostua hartu beharko kontuan.
3. Estatuaren titulartasuneko zerbitzuei edo beste erakunde publiko batzuei atxikitako funtzionarioak, Kanarietako Autonomia Erkidegoaren zerbitzura pasatzen badira, horri atxikita geldituko dira, eta aldaketa gertatzen denean dauzkaten eskubide guztiak, mota eta maila guztietakoak, errespetatuko zaizkie, are Estatuak antolatzen dituen lekualdaketa-lehiaketetan kidegoko gainerako kideen aukera berekin parte hartzeko eskubidea ere.
4. Kanarietako Autonomia Erkidegoari ondasunak edo eskubideak transferitzea salbuetsita dago karga, zerga eta eskubide guztietatik.
5. Estatuak Kanarietako Autonomia Erkidegoari ondasun higiezinen bat eskualdatzen badio, Jabetza Erregistroan inskribatzeko, aski izango da Batzorde Mistoak gobernu-erabakiez egindako ziurtagiria. Gobernu-erabakiak behar bezala argitaratu beharko dira. Ziurtagirian, Hipoteka Legeak ezartzen dituen baldintza guztiak bete beharko dira. Kanarietako Autonomia Erkidegoak bere gain hartuta dauzkan zerbitzuetako bulego publikoen lokalen errentamendu-kontratuetan titularra aldatzea ez da hartuko eskualdaketatzat. Gainera, aldaketa horrek ez dio emango eskubiderik errentatzaileari kontratua azkentzeko ez berritzeko.
Bosgarren xedapen gehigarria. Gobernuaren Ordezkaritzaren egoitza.
Estatuko Gobernuak Kanarietako Autonomia Erkidegoan daukan ordezkaritzaren egoitza Las Palmas Kanaria Handikoa hirian egongo da.
Seigarren xedapen gehigarria. Telekomunikazioen kudeaketa.
Kanaria uharteen ultraperiferikotasuna, uhartetasuna eta urruntasuna kontuan hartuta, Espainiaren Agenda Digitalean plan berezi bat egingo da uhartedirako. Plan horretan, kontuan hartuko dira uhartediaren espektro erradioelektrikoaren berezitasuna, uharte guztietan zerbitzuak eskuratzeko aukera eta, behar izanez gero, hori bermatuko duten zerbitzu publikoko betebeharrak. Plan hori Espainiako Gobernuak onartuko du, Ministro Kontseiluaren bilera batean. Kanarietako Gobernuak parte hartuko du plana egiten eta betearazten, Estatuaren arautegiak ezartzen duenarekin bat etorriz.
Lehenengo xedapen iragankorra. Hauteskunde-sistema.
1. Estatutu honek 39. artikuluan ezartzen duen hauteskunde-legea onartu arte Kanarietako Parlamentuan hirurogeita hamar diputatu izango dira. Hirurogeita bat diputatu uharteetako barrutien artean banatuko dira, honela: Hierron, 3; Fuerteventuran, 8; Kanaria Handian, 15; Gomeran, 4; Lanzaroten, 8; La Palman, 8; Tenerifen, 15. Gainerako bederatzi diputatuak Kanarietako barruti autonomikoari esleituko zaizkio.
2. Uharte-barruti bakoitzean emandako boto baliodunen ehuneko 15 gutxienez lortzen duten alderdien edo koalizioen zerrendak baino ez dira kontuan hartuko, edo, uharte-barruti guztietako botoak batuta, Kanarietako Autonomia Erkidegoan guztira emandako boto baliodunen ehuneko 4 gutxienez lortzen dutenak.
3. Barruti autonomikoan, Kanarietako Autonomia Erkidego osoan eman diren boto baliodunen ehuneko 4 gutxienez lortzen duten alderdien edo koalizioen zerrendak baino ez dira kontuan hartuko.
4. Estatutu hau indarrean jartzen denetik hiru urte pasatu baino lehen, Kanarietako Parlamentuak 39.2 artikuluan aipatzen den legea egingo du.
Bigarren xedapen iragankorra. Uharteetako kabildoen araubide iragankorra.
Estatutu honetako III. tituluan ezartzen dena garatu arte, uharteetako kabildoek indarreko arautegiari lotuta jardungo dute (arautegi hori ordezkoa izango da, orain arte bezala), Estatutuak ezartzen duenarekin bat etorriz gero.
Xedapen indargabetzailea. Abuztuaren 10eko 10/1982 Lege Organikoa, abenduaren 30eko 4/1996 Lege Organikoak aldatzen duena, indargabetzea.
Indargabetuta geratzen da abuztuaren 10eko 10/1982 Lege Organikoa, Kanarien Autonomia Estatutuarena, abenduaren 30eko 4/1996 Lege Organikoak aldatzen duena.
Azken xedapena. Indarrean jartzea.
Estatutu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Horrenbestez,
Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.
Madril, 2018ko azaroaren 5a
FELIPE e.
Gobernuko presidentea,
PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON