Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

1/2010 Lege Organikoa, otsailaren 19koa, Konstituzio Auzitegiari buruzko eta Botere Judizialaren lege organikoak aldatzeari buruzkoa

2010-02-19

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2010/2/20, 45. zk.

1/2010 Lege Organikoa, otsailaren 19koa, Konstituzio Auzitegiari buruzko eta Botere Judizialaren lege organikoak aldatzeari buruzkoa.

(EAO, 45. zk., 2010eko otsailaren 20koa)

HITZAURREA

I. Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriak aldarrikatzen du arau horrek «lurralde forudunetako eskubide historikoak babestu eta errespetatzen dituela», eta eransten du «foru-araubide horren eguneratze orokorra, hala denean, Konstituzioaren eta autonomia-estatutuen eremuan burutuko dela».

Horren arabera, Euskal Herriko Autonomia Estatutuak, bere 3. artikuluan, «Euskal Herria osatzen duten lurralde historikoetarik bakoitzari» aitortzen dio «Erkidegoaren baitan, bere antolakuntza eta bere autogobernu-erakunde propioak gordetzeko edota, hala dagokionean, biziberritzeko eta eguneratzeko» ahalmena; aitortza hori 24.2 artikuluan errepikatzen du, eta foru-organoentzako berariazko erreserba batean gauzatzen da, hau da, Estatutuaren beraren aldetik eskumen-gune esklusibo baten erreserba bat dago haientzat (37.2 artikulua), eta han Eusko Legebiltzarra ere ez daiteke sar (25.1 artikulua: «Eusko Legebiltzarrak legegintza-ahala du..., betiere estatutu honen 37. artikuluan aipatutako erakundeen eskumenei kalterik eragin gabe»).

Lurralde historikoen eskumen-gune esklusibo horri dagozkio, modu nabarmenean, zerga-sistema (Estatutuaren 37.3.f artikulua, eta hark aipatzen dituen 40. eta 41. artikuluak), haietako bakoitzaren berezkoa baita eta «tradiziozko foruetako ekonomia-itun edo -hitzarmenen bidez» bideratzen baita, eta horrek esan nahi du «lurralde historikoetako erakunde eskumendunek zerga-araubidea mantendu, ezarri eta arautu ahal izango dutela beren lurraldean (41.2.a artikulua).

Hortik ondorioztatzen da lurralde bakoitzeko batzar nagusiek dutela foru-ogasuna elikatzen duten tributuak ezartzeko eta arautzeko eskumena; arauketa hori, hain zuzen ere, foru-arauen onarpenaren bidez egiten da, eta arau horiek erregelamendu-izaera dute, zeren eta 1983ko azaroaren 25eko Lurralde Historikoei buruzko Lege delakoak (LHL) Eusko Legebiltzarrari erreserbatzen baitio modu esklusiboan lege-lerruneko arauak emateko ahalmena 6.2 artikuluan.

Zerga bakoitza arautzen duten foru-arauen aurka, beraz, errekurtsoa jar daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikzioko epaitegietan, eta egoera hori nabarmen alderatzen da Estatuaren zerga arloko arauek dutenarekin, haiek lege-lerruna baitute, eta, beraz, arau horiek Konstituzio Auzitegian baino ez daitezke aurkaratu, Konstituzioaren 162. artikuluak subjektu-zerrenda murriztu bat aitortzen baitu zilegitutzat.

Foru-lurraldeen eskubide historikoak, beren funtsezko guneari dagokionez behintzat, ez dira legezkotasun arrunteko arazo hutsa; baizik eta, zalantzarik gabe, konstituzio-arazo bat dakarte eskubideok, Konstituzioaren beste edozein arauk aurkez lezakeenaren adinakoa, eta horrek eskubide horiek defendatzeko bide egingarri eta irisgarri bat irekitzera behartzen du, horrek konpon dezan foraltasunaren babes-defizita, hau da, foru-erakundeek Konstituzio Auzitegira jotzeko duten zilegitasun-eza, legegileak, estatalak edo autonomikoak, Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriak eta Gernikako Estatutuaren 37. artikuluak modu esklusiboan erreserbatzen dien gunea inbaditzen duten kasuetan.

Gune esklusibo konstituzionalki bermatu horretan, non Gorte Nagusiak eta Eusko Legebiltzarra bera ere ezin daitezkeen sartu, foru-erakundeek, ordea, zaurgarriagoak –eta, beraz, ahulagoak– diren arau batzuekin jardun behar dute, arau horiek ez baitaukate lege-lerrunik. Eta, horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoen foraltasunaren berme konstituzionala Nafarroako Foru Erkidegoarena baino ahulagoa da, nahiz eta bi kasuotan funts konstituzionala berdina den: funtsezko arauaren lehenengo xedapen gehigarria.

Alde horrek ez du inolako justifikazio materialik: materialki, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari eta sozietateen gaineko zergari buruzko arauketa gauza bera da, eta, hori dela eta, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, Nafarroan duen trataera berdina izan beharko luke. Dena alde formal batera murrizten da, eta hori, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoen kasuan, hango erakundeei legegintza-ahal formala ez aintzatestearen ondorio da, eta azalpen hori oso urrun dago askiesgarria izatetik, aurretik nabarmendu den berdintasun materiala kontuan izanik.

II. Ekimen honek ezartzen duen errekurtso-araubidea zerga arloko foru-arauei buruzkoa da, eta hori Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriaren arabera, Gernikako Estatutuaren 40. eta 41. artikuluek haren edukia esplizitatu baino ez baitute egiten. Eremu hori ez da konstituzionalki besterengarria beste izakunde edo erakunde batzuetara, eta hor lurralde historiko bakoitzeko batzar nagusiek onartutako foru-arauak bakarrik sar daitezke, Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriaren indarrez, eta, horren ondorioz, soilik haiek mantendu, ezarri eta arautu ditzakete Estatuko beste erkidegoetan Konstituzioak berak formalki Gorte Nagusiek onartutako legeetara erreserbatuta dauden zerga itunduak.

Horietako zerga itundu bakoitza arautzen duten foru-arauak, edo haien gainean ezar daitezkeen errekargu, arbitrio eta errekurtso probintzialak ez dute garatzen edo osatzen, beraz, inolako legerik, baizik eta lege estatalak ordezten dituzte. Hori dela eta, haien baliokidea den aurkaratze-araubide prozesal bat izan behar dute.

Aurreko arrazoibideetatik argi eta garbi ondorioztatzen da arrazoi material nahikoa dagoela zerga arloko foru-arauen araubide jurisdikzionala aldatzea eskatzeko, bai eta hori eskatzeko arrazoi konstituzional bat ere, Konstituzio Auzitegiari buruzko Lege Organikoa arestian aipatutako zentzuan aldatuta.

Aldaketa-eskakizun hori bera ondorioztatzen da, orobat, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 9.4 artikuluan xedatutakoa aztertuta. Arau horrek zehazten du, hain zuzen ere, administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordena, han sartzen baita, besteak beste, «lege-lerrunetik beherako xedapen orokorrak» juzgatzea, eta horrek foru-arauak ere hartzen ditu.

Beharrezko lege-egokitzapena osatzeko, komeni da Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legearen 3. artikulua zentzu berean aldatzea, lege horren irismenaren salbuespen gisa zerga arloko foru-arauak erantsita.

III. Gainera, koherentzia hutsezko arrazoiak direla eta, Euskal Autonomia Erkidegoko foraltasunaren babes konstituzionalaren defizita ere ebatzi behar da. Lege hau, hain zuzen ere, erkidego horretako lurralde historikoei beren foru-araubidea legegile estatalaren balizko erasoen aurrean defendatzeko aintzatespen-ezaren ondorio da, bai eta aipatutako defizit hori konpontzeko aukera ere, Konstituzio Auzitegiari buruzko Lege Organikoa aldatuta.

Lege horren aldaketak, apirilaren 21eko 7/1999 Lege Organikoaren bidez egin zenak, toki-autonomiaren babes konstituzionalaren defizita konpondu zuen, eta gatazka-mekanismo bat ezarri zuen, toki-autonomia horren defentsan. Mekanismo horrek, dena dela, ez du balio foru-autonomia defendatzeko, gauza bat toki-autonomia delako, nahiz eta hori ere, jakina, foru-aldundiei ere badagokien, probintzia-diputazioei dagozkien eskumenak ere betetzen dituzten neurrian, eta beste bat, aski desberdina, foru-autonomia. Eta, bigarrenik, azken hori lurralde historiko bakoitzari buruz aldarrikatzen delako, bakoitza banaka hartuta.

Lehenengo artikulua.Konstituzio Auzitegiari buruzko urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoa aldatzea.

Beste xedapen bat eransten da, bosgarren xedapen gehigarria:

«Bosgarren xedapen gehigarria (berria).

1. Konstituzio Auzitegiari egokituko zaio Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko lurraldeen zerga arloko foru-arauen aurka jartzen diren errekurtsoak juzgatzea, baldin eta Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriak bermatutako eskumen esklusiboak erabiliz emanak eta Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 41.2.a) artikuluan (3/1979 Lege Organikoa, abenduaren 18koa) aitortuak badira.

Konstituzio Auzitegiak ebatziko ditu, era berean, organo jurisdikzionalek xedapen horien balioaz, epaitu aurreko arazoen kasuan, aurkezten dituzten auziez, auzi nagusiaren epaitza auzi horren mende dagoenean.

Juzgatutako foru-arauen balio-parametroa ere lege honetako hogeita zortzigarren artikuluan xedatutakora egokituko da.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako errekurtso eta auziak jartzea eta jartzearen ondorioak, zilegitzea, izapidetzea eta epaitzea, lege honetako II. tituluan xedatutakoren arabera eraenduko dira, konstituziokontrakotasuneko errekurtso eta auzietarako, hurrenez hurren.

34. eta 37. artikuluetan arautzen diren izapideak, bestalde, kasuan kasuko batzar nagusiei eta foru-aldundiei buruz ulertuko dira.

Xedapen gehigarri honetan arautzen diren errekurtso eta auziak izapidetzerakoan, eskumena osokoari eta salei esleitzeko arauak aplikatu dira, lege honen hamargarren eta hamaikagarren artikuluetakoak, alegia.

3. Lege-lerruneko Estatuaren arauek Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoen foru-autonomia defendatzeko gatazkak aurkeztea eragin lezakete, autonomia hori konstituzional eta estatutarioki bermatuta baitago.

Zilegituta daude gatazka horiek aurkeztera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-aldundiak eta batzar nagusiak, horretarako hartutako erabakien bitartez.

Aipatutako gatazka horiek lege honetako 63. artikuluan eta ondorengoetan ezarritako prozeduraren arabera izapidetuko eta ebatziko dira.»

Bigarren artikulua.Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzea.

Lege horren 9. artikuluaren 4. paragrafoa honela idatzita geratuko da:

«Administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenakoak arduratuko dira gai hauen inguruan aurkezten diren uziez: administrazio-zuzenbideari lotutako administrazio publikoen jardunaz, lege-lerrunetik beherako xedapen orokorrez eta legegintzako errege-dekretuez, Konstituzioaren 82.6 artikuluan aurreikusitako baldintzetan, jurisdikzio horretako legeak ezartzen duenarekin bat etorrita. Administrazioaren jarduera-ezaren aurkako errekurtsoez ere ardurako dira, bai eta egitezko bidea eratzen duten jarduera materialen aurkakoez ere. Beraren arduratik salbuetsita geratzen dira Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko lurralde historikoetako zerga arloko foru-arauen aurka jartzen diren zuzeneko edo zeharkako errekurtsoak, haiek, modu esklusiboan, Konstituzio Auzitegiari egokituko baitzaizkio, auzitegi horri buruzko lege organikoaren bosgarren xedapen gehigarrian ezartzen diren baldintzetan.»

Xedapen gehigarri bakarra.Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legea aldatzea.

Lege horren 3. artikuluari d) letra eransten zaio, eta honela idatzita geratuko da:

«d) Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko lurralde historikoetako zerga arloko foru-arauen aurka jartzen diren zuzeneko edo zeharkako errekurtsoak, haiek, modu esklusiboan, Konstituzio Auzitegiari egokituko baitzaizkio, auzitegi horri buruzko lege organikoaren bosgarren xedapen gehigarrian ezartzen diren baldintzetan.»

Agindu honek ez du izaera organikorik.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra