8/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 17koa, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurriena.
2020-03-17Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 03/18/2020, 73. zk.
I. XEDAPEN OROKORRAK
3824 8/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 17koa, COVID-19aren eragin
ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurriena.
COVID-19aren pandemia osasun-larrialdia eragiten ari da mundu osoan. Osasunaren Mundu Erakundeak martxoaren 11n adierazitakoaren arabera, COVID-19aren agerraldia pandemia bihurtu da azken astean. Hasieran Txinako Hubei eskualdean lokalizatuta bazegoen ere, azken asteetan COVID-19aren agerraldia oso azkar hedatu da munduan zehar.
Osasun-krisialdia ohiz kanpoko abiaduran zabaltzen ari da ekonomiara eta gizartera: ekoizpen-jarduera eta eskaria ukituta daude, eta herritarren ongizatea ere bai. COVID-19aren agerraldiaren denbora- eta geografia-eboluzioari begiratzen badiogu, ekonomia hainbat bidetatik ari da ondorioak jasaten; hona hemen faktoreetako batzuk:
Afekzioa hasieran Txinan kontzentratuta zegoen, baina Hubei probintziako zentro logistikoa nazioarteko zentro nagusienetako bat denez, hango plantilla eta ekoizpen-ahalmena gutxitzeak mundu osoko balio-kateetan izan ditu ondorioak.
Agerraldia beste herrialde batzuetara hedatu izanak zailtasun gehiago eragin ditu hornidura-kateetan, eta esportazioen eskarian -bereziki sektore turistikoan- eta agenteen inbertsio-erabakietan ere ondorioak izan ditu, egoera oso zalantzagarria delako.
Kanpo-eskaria jaisteaz gain, geldiarazpen-neurriek zuzeneko eragina dute barneko eskarian eta jarduera ekonomikoan. Eskolak itxita, ekitaldi publikoak etenda eta hegaldiak eta bestelako garraiobideak debekatuta egoteak zuzenean eragiten du eskarian, batez ere sektore turistikoan eta harekin lotutako zerbitzuetan, garraioan, hezkuntzan eta kulturan.
Geldiarazpen-neurriak indartu beharra daude, eta horrek jarduera ekonomiko guztia etengo du aldi baterako, are gehiago kontuan hartuta finantza-merkatuak oso ezegonkorrak direla une honetan. Osasun publikoko larrialdiari eta nazioarteko pandemiari aurre egiteko, Gobernuak martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua onartu zuen, zeinak alarma-egoera deklaratzen baitu COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko. Gaixotasunaren progresioa geldiarazteko beharrak zirkulazio askea mugatuko du aldi baterako, eta, gainera, berrogeialdi- eta euste-neurrien ondorioz lan-eskaintzak gutxituko dira. Inguruabar horiek Espainiako ekonomiaren eskaria eta eskaintza nahasiko dituzte, eta horrek enpresen salmentei eragingo die. Litekeena da likidezia-tentsioak sortzea eta, horren ondorioz, kaudimen-arazoak eta lanpostu-galerak gertatzea, ez badira egonkortze-neurriak presaz hartzen.
Egoera horretan, erabateko lehentasun ekonomikoa zera da: gizarte- eta ekoizpen-sarea babestea eta laguntzea, egoeraren eragina minimizatzeko eta, behin osasun-alarma amaiturik, jarduera lehenbailehen bere onera ekartzea lortzeko. COVID-19aren pandemiak eragin negatiboa izango du Espainiako ekonomian, ezinbestean, baina zenbaterainokoa izango den oraindik ezin da jakin. Horiek horrela, gizartean izango duen eragina minimizatzea da lehentasuna, eta jarduera berreskuratzea, osasun-egoera hobetu bezain laster. Helburua da ondorio negatiboak iragankorrak izatea eta, azken batean, eragin iraunkorrak edo egiturazkoak saihestea; hau da, ez gertatzea 2008-2009an gertatu zena. Izan ere, garai hartan, eskari- eta ekoizpen-beherakadaren gurpil zoroak pertsona asko langabezian utzi zituen, eta bereziki behin-behineko langileek eta langile autonomoek doikuntza gogorrak jasan behar izan zituzten.
Europako Batzordeak martxoaren 13ko Komunikazioan adierazitakoaren arabera, guztion erronka honi erantzun koordinatua eman behar zaio, eta, beraz, Europar Batasuneko erakundeek eta aurrekontuak nazio bakoitzeko neurriak babestu behar dituzte.
COVID-19aren pandemiak dimentsio paneuroparra du, zeren eta harekin amaitzea onuragarria baita Europar Batasuneko estatu guztientzat. Agerraldia eta haren ondorio ekonomikoak geldiaraziz gero, ondoko herrialdeetara zabaltzea eragotziko da. Osasun-krisialdiak zer eragin izango duen Europako ekonomian, nazio bakoitzeko eta Europar Batasuneko agintarien koordinazioaren mende egongo da. Europar Batasuneko agintariek banakako ahaleginak babes ditzakete -eta babestu behar dituzte-; horretarako, zerga-araudia malgutu dezakete, kostu iragankorrak mutualizatu eta Batasuneko baliabideak mobilizatu.
Zehazki, COVID-19aren eboluzioak sortutako egoera ikusita, osasun publikoko agintariek aparteko geldiarazpen-neurriak hartu behar izan dituzte egungo geldiarazte indartuko egoeran, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluarekin behar bezala koordinatuta. Neurri horiek, beste herrialde batzuek hartu dituztenekin batera, eragin ekonomiko handia izaten ari dira, batez ere Espainiako enpresa eta sektore ekonomiko jakin batzuetan, bai eta ukitutako guneetako herritarrengan ere.
Presako neurrien errege lege-dekretu honek azaldu diren salbuespenezko inguruabar ekonomikoei erantzuten die; bat egiten du Europar Batasunak hartutako neurriekin, eta osatu egiten ditu Gobernuak azken asteetan hartu dituen beste neurri batzuk.
Joan den martxoaren 10ean, Gobernuak errege lege-dekretu bat onartu zuen, zeinaren arabera osasun-arrazoiengatik etxean geratu behar duten langileak lan-istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun-egoeran daudela joko baita. Bestalde, martxoaren 12an beste errege lege-dekretu bat onartu zen, presako neurriak hartzen dituena osasun-sistema indartzeko eta zuzenean ukitutako familiei eta enpresei laguntzeko. Hari esker, 18.000 milioi eurotik gorako baliabideak mobilizatu ziren, osasun-sektorea 3.800 milioi euro ingururekin indartu zen, eta bereziki enpresa txiki eta ertainen, autonomoen eta sektore turistikoaren kostuak murrizteko neurriak eta likideziaren arlokoak hartu ziren. Horrez gainera, Administrazioak aparteko egoeren aurrean erreakzionatzeko duen gaitasuna indartu zen, beharrezkoak diren ondasun- eta zerbitzu-mota guztiak kontratatzeko prozedura arindu baitzen.
Estatu barruan eta nazioartean dena oso azkar gertatzen ari denez, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua onartu behar izan da, zeinak alarma-egoera deklaratzen baitu COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko. Xedapen horren bidez, zirkulatzeko askatasuna mugatu da, aldi baterako konfiskazioak eta nahitaezko prestazio pertsonalak ezarri dira, eta geldiarazteko neurriak hartu, hezkuntzaren, lanaren, merkataritzaren, aisialdiaren eta kultu-lekuen arloetan.
Beste neurri batzuk ere hartu dira, Osasun Sistema Nazionala Estatuaren lurralde osoan indartzeko, eta osasun publikoa babesteko premiazkoak diren ondasunen eta zerbitzuen hornidura ziurtatzeko (elikagaiak, energia elektrikoa, petrolioaren produktu deribatuak, gas naturala); halaber, garraioarekin zerikusia duten neurriak ere hartu dira. Azkenik, epe prozesalak eta administrazio-epeak eten dira.
Oraingo egoera ikusita, errege lege-dekretu honek lehendik hartuta zeuden neurriak zabaltzen ditu; izan ere, irismen eta munta handiko neurri ekonomiko eta sozialak onartzen ditu, osasun-krisialdia amaitu ondoren eragin ekonomikoa luza ez dadin, eta lehentasuna ematen dio zuzenean ukitutako familiak, autonomoak eta enpresak babesteari.
Hain zuzen ere, hiru helburu dituzte errege lege-dekretu honen bidez hartutako neurriek. Lehena, langile, familia eta talde kalteberen babesa handitzea; bigarrena, ekoizpen-jarduerari eta enpleguari eusten laguntzea, eta hirugarrena, gaixotasunaren aurkako borroka indartzea.
Salbuespenezko egoera honek ukitutako herritarrei eta familiei laguntzeko neurri espezifikoez gain, beste neurri batzuk hartu behar dira, enpresek malgutasuna izan dezaten aldi baterako doikuntzak egiteko; hartara, errazagoa izango da enpleguari eustea eta zuzenean ukitutako langileen babesa handitzea.
Datozen asteetan, enpresa askok likidezia-tentsio handiak jasango dituzte salmenten jaitsieragatik, dela eskaria murriztu delako, dela ekoizpena eten delako -esaterako, hornigaiak falta direlako edo kontratu batzuk hutsaldu direlako-. Horrenbestez, nahitaezkoa da zenbait neurri hartzea, ekoizpen-sarearen likidezia indartzeko eta egoera iragankor eta salbuespenezko honen ondorio negatiboak jasaten ari diren enpresa kaudimendunak merkatutik ez ateratzeko.
Errege lege-dekretu honek 5 kapitulu, 43 artikulu, 9 xedapen gehigarri, 3 xedapen iragankor, 10 azken xedapen eta 1 eranskin ditu.
I. kapituluan langile, familia eta talde kalteberei laguntzeko neurri-multzo bat jasotzen da. Egungo egoerak bereziki ukitzen ditu pertsona eta talde batzuk, eta horiei arreta berezia eskaini behar zaie errege lege-dekretu honetan. Esaterako, mendekotasuna duten pertsonen etxeko laguntza bermatzeko neurriak hartzen dira, eta energiaren eta ur-horniduraren arloko babesa eta telekomunikazio-zerbitzuen prestazioa zabaltzen dira. Langile autonomoen babesa ere indartzen da, eta bereziki kalteberak direnek hipoteka-kuotak ordaintzeko luzamenduak izango dituztela xedatzen.
Lehenik, Gizarte Eskubideetako eta Agenda 2030eko Ministerioaren aurrekontua 300 milioi euro gehiagorekin zuzkitzen da, Aparteko Gizarte Funtsa finantzatuz COVID-19aren gizarte-ondorioei aurre egin ahal izateko, eta, horretarako, autonomia-erkidegoetako eta Ceuta eta Melillako agintari eskudunei transferentziak egingo zaizkie, gizarte-zerbitzuen oinarrizko prestazioak finantza ditzaten.
Bigarrenik, errege lege-dekretu honetan ezartzen da toki-korporazioek 2019ko ekitaldiko superabita bezainbeste diru izango dutela lehen mailako arretako eta mendekotasunaren arretarako gizarte-zerbitzuek kudeatzen dituzten dirulaguntzak eta zerbitzu-prestazio guztiak finantzatzeko, baldin eta Gizarte Zerbitzuen eta Autonomia eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren Lurralde Kontseiluaren 2013ko urtarrilaren 16ko Erabakian jasota badaude -erabaki horren bidez, gizarte-zerbitzuen erreferentziazko katalogoa ezarri zen-.
Hirugarrenik, talde kalteberen estaldura zabaltzen da, oinarrizko gizarte-zerbitzuen hornidurari dagokionez, bereziki uraren, gas naturalaren eta elektrizitatearen hornidurari dagokionez, eta petrolio-gas likidotuen prezioak izozten dira. Etxeak edateko urez hornitzeko zerbitzua funtsezkoa da, eta egoera honetan, bereziki, bermatu egin behar da. Beraz, ezingo zaie ur-hornidura moztu kontsumitzaile kalteberei, kontratua ez betetzeagatik; kalteberatzat hartuko dira sektore elektrikoaren arloko araudiaren arabera hala definituta daudenak. Gas naturalaren kontsumitzaileei ere aplikatuko zaie neurri hori.
Inguruabar hauetan, energia-hornidurak are funtsezkoagoak dira, bereziki kontsumitzaile kalteberentzat.
Horregatik, gizarte-bonu elektrikoaren bi urteko indarraldia -indarrean dagoen araudian jasoa- amaitzen zaien onuradunei 2020ko irailaren 15era arte luzatuko zaie bonua automatikoki, helburua baita gizarte-bonu elektrikoaren onuradunek araudian aurreikusitako deskontuak eta onurak ez galtzea. Gainera, datozen hiru bihilekoetan ez dira berrikusiko ontziratutako petrolio-gas likidotuen publikoarentzako gehieneko salmenta-prezioak -zergak aplikatu aurrekoak-, zeren eta prezioen gorakada galarazi nahi baita.
Laugarrenik, aplikatu behar den araudian jasotako geldiarazpen-neurriak betearazi eta, aldi berean, enpresen jarduerarekin eta lan-harremanekin jarraituko dela bermatzeko, lehentasuna emango zaie ordezko mekanismoen bidez -adibidez, urrutiko lanaren bidez-jarduerari eusteko gaitasuna duten antolamendu-sistemei, eta hori ahalbidetzeko behar diren neurriak hartuko dira. Horretarako, aplikatu behar den araudian aurreikusitako izapideak errazten dira, eta dagokion materiala finantzatzeko programa bat abiaraziko da, zeinaren bidez RED.ES enpresa publikoaren ACELERA PYME programaren barruan enpresa txiki eta ertainentzako (ETE) laguntzak eta kredituak aktibatuko baitira.
Osasungintzako agintaritzek COVID-19aren hedapena murrizteko prestatu dituzten gomendioek agerian utzi dute ezen posible den lanpostuetan lan ez-presentzialaren modalitatea ezartzeak onurak ekartzen dituela; izan ere, modalitate horrek COVID-19aren esposizio- eta kutsadura-probabilitatea murrizteko gaitasun potentziala du.
Tresna informatiko eta digitalei esker, Internetera konektatutako gailuen bidez egin daitezke laneko eguneroko zereginak: bilerak linean, ahots bidezko dei «birtualak», bideokonferentziak edo barne-dokumentuen bidalketa.
Lan ez-presentzialaren modalitatea aurrez ezarrita ez zegoen lanpostuen eta enpresen kasuan, egungo salbuespen-egoera urgentea dela ikusirik, betebeharrak erlaxatu egingo dira aldi baterako, bakar-bakarrik gaur egun gaixotasuna geldiarazteko dauden osasun-arloko beharrei erantzuteko.
Bosgarrenik, laneko kontziliazioa bultzatzeko neurriak ezartzen dira. Besteren konturako langileek eskubidea izango dute lanaldia egokitzeko edo murrizteko -soldata proportzio berean murrizturik-, baldin eta egiaztatzen badute COVID-19aren hedapena prebenitzeko salbuespenezko inguruabarren ondorioz mendekotasuna duten pertsonak zaindu behar dituztela. Langileei ezin zaie zehapenik aplikatu, beren kargura dauden pertsonak zaindu behar dituztelako lanera ez joateagatik, eta, une hauetan, halako egoerak ugaritu egin dira, establezimendu publiko eta itundu asko itxita baitaude, hala nola ikastetxeak, zahar-etxeak eta eguneko zentroak.
Ondore horietarako, gogoan izan behar da ezen, duela gutxi Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 52.d) artikulua indargabetu bada ere, justifikaziorik gabe lanera ez joatea diziplinazko kaleratzearen arrazoi dela aipatutako lege-testuaren 54.1 artikuluaren arabera -urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina-. Horrenbestez, azaldu berri den egoeran dauden pertsonei beharrezkoak diren bermeak eman behar zaizkie, zaintzako betebehar pertsonalak bete ahal izan ditzaten, lanean ondorio negatiborik jasan gabe.
Definitu behar da zer egoerak justifikatzen duen absentzia, eta ordezko eskubideak ezarri behar dira; adibidez, lanaldia egokitzeko eskubidea, zeinak lanaldi osoko absentziarekin alderatuta ondorio kaltegarri gutxiago ekarriko baitizkie, nola langileei, hala enpresei.
Antolamendu hori langileen mesederako da, eta larrialdi-egoeran ordainsaririk edo prestaziorik ez jasotzearekin kontsekuentea. Horrek esan nahi du langileek lanaldia egokitzea eskatuko dutela nagusiki, zeren eta horrela lanari eta ordainsariei eutsi ahal izango baitiete, edo, bestela, murrizketa txikiak eskatuko dituztela, ordainsarietatik ahalik eta zenbateko txikiena galtzeko.
Fenomeno hori azalarazten ari den kontu nagusienetako bat zera da, behar-beharrezkoa dela ziurtatzea enpresak prest daudela ingurune digitalean lan egiteko. Funtsezkoa da, horretarako, ahalegin irmoa egitea enpresa txiki eta ertainek (ETE) ingurune digitalari buruz duten prestakuntza eta hornidura sendotu dezaten. Batez ere, telelanerako irtenbideak eman behar zaizkie, eta digitalizazioari begira ekipamenduak eta zerbitzuak erosteko edo leasing bidez eskuratzeko irtenbideak ere bai. Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioak ETE-ei laguntzeko zenbait neurri ezarriko ditu Acelera Pyme programari esker, epe labur eta ertainean ETE-ei laguntzeko ekimen-sorta bat antolatzeko, sektore pribatuarekin lankidetzan eta Red.es entitatearen bidez. Hona hemen neurri garrantzitsuenak: Acelera PYME ataria sortzea; transformazio digitaleko bulego-sarea zabaltzea; Merkataritza Ganberaren eta beste agente publiko eta pribatu batzuen lankidetzarekin Acelera PYME-Talento programa abian jartzea; ETE-ei aholkularitza eta prestakuntza eskaintzea arlo horietan, eta ETE teknologikoentzako laguntza-lerro bat sortzea I+G+B arloan egiten dituzten ahaleginak babesteko. Gainera, aurreikusita dago enpresei gehienez ere 200 milioi euroko finantzaketa eskaintzea Kreditu Ofizialeko Institutuaren bidez, batetik, ETE-ek jardueretarako eta inbertsioetarako dituzten finantza-beharrei aurre egiteko, eta, bestetik, digitalizaziorako eta batez ere lan ez-presentzialaren modalitatea ezartzeko behar dituzten ekipamenduak eta zerbitzuak erosteko edo leasing bidez eskuratzeko.
Errege lege-dekretu honek presako neurri bat xedatzen du, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua onartu ondoren kalteberatasun-egoeran dauden hipoteka-zordunen babesa ziurtatzeko (463/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko). Gobernuaren lehentasun estrategikoetako bat da kalteberatasun-egoeran dauden pertsona guztiei arreta ematea, eta, egungo egoeran, bereziki zaindu behar da kolektibo hori.
Horregatik, ezinbestekoa da bereziki kalteberak diren hipoteka-zordunen etxebizitza-eskubidea bermatzea, baldin eta COVID-19aren osasun-krisialdiaren ondorioz diru-sarrera gutxiago badituzte. Lehendik ere ezarrita zeuden hipoteka-zordunak babesteko neurriak xedapen hauetan: 1975/2008 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Ekonomiaren, zergen, enpleguaren eta etxebizitzarako irispidearen arloko presako neurriei buruzkoa; 6/2012 Errege Lege Dekretua, martxoaren 9koa, Baliabiderik ez duten hipoteka-zordunak babesteko presako neurriei buruzkoa, eta 1/2013 Legea, maiatzaren 14koa, Hipoteka-zordunen babesa, zorraren berregituratzea eta alokairu soziala indartzeko neurriei buruzkoa -martxoaren 10eko 6/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez aldatua, zeinaz presako neurri batzuk hartzen baitira ekonomiaren arloan eta osasun publikoa babesteko-. 2008ko finantza-krisialdian hartutako eskarmentua gogoan izanik, komeni da talde horretako kideen babesa nabarmen zabaltzea, hipotekak ordaintzeko luzamenduak eskura ditzaten eta beren etxebizitzak gal ez ditzaten. Gainera, finantza-erakundeentzat ere onuragarria da neurria, egungo aparteko egoeran berankortasunari eusteko lagungarria baita.
Seigarrenik, autonomoen kasuistikari erreparatzen zaio, egoera honek bereziki ukitzen baititu langile horiek. Jarduera etetearen ondoriozko aparteko prestazioa sortzen da, eta hari esker estalita geratzen da nahigabeko egoera honek sortutako jarduera-amaiera.
Zazpigarrenik, telekomunikazioen arloko zenbait neurri hartzen dira; izan ere, legez interes orokorrekotzat kalifikatuta dauden sare eta zerbitzuek osatzen dituzte telekomunikazioak, eta zeharkako baliabide dira, dudarik gabe, gero eta jarduera ekonomiko eta sozial gehiago egiteko eta herritarrek ere beren jarduerak egiteko, halako eran non horietako askorentzat gaur egun premiazkoa baita komunikazio elektronikoko sareak eta zerbitzuak erabiltzea.
Komunikazio elektronikoko sare eta zerbitzuen premia eta izaera estrategikoa are nabariagoa da salbuespenezko eta aparteko egoeretan, hala nola COVID-19aren birusak eragindako osasun-krisialdian eta deklaratu berri den alarma-egoeran.
Lan ez-presentziala ezinbesteko tresna da bakartze-neurriak eta birusaren hedapena geldiarazteko neurriak uztartzeko, eta, aldi berean, enpresa-, ekonomia- eta gizarte-jarduera askok aurrera jarraituko dutela bermatzeko. Lan ez-presentziala posible izateko, baina, funtsezkoa da telekomunikazio-sare finko eta mugikor modernoak edukitzea, salbuespenezko egoeretan sortzen den konexioen trafiko-gehikuntza kudeatzeko nahitaezkoak diren konektagarritasuna eta kalitatea bermatuko dituztenak.
Espainiak komunikazio elektronikoko sare moderno eta aurreratuak ditu, finko zein mugikorrak, eta haien bidez gauzatzen ari dira zerbitzu eta jarduera asko, eta askotarikoak; ez bakarrik lan ez-presentziala, baita Administrazio Elektronikoko jarduerak eta merkataritza- eta aisia-jarduerak ere.
Alarma-egoerak berekin ekarri duen egoera berezi honetan -geldiarazpen-neurriak aplikatuta eta mugikortasuna murriztuta daudelarik-, herritarrek aipatutako zerbitzuetara eta jardueretara irispidea izaten jarraitu behar dute. Horrenbestez, zera ziurtatu behar da: batetik, konektagarritasuna mantenduko dela eta, bestetik, operadoreek komunikazio elektronikoko zerbitzuak gutxienez orain arteko baldintza beretan eskainiko dituztela.
Beraz, alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, telekomunikazio-operadoreek jarraitu egin behar dute beren bezeroek kontratatuta dituzten komunikazio elektronikoko zerbitzuak eskaintzen; hau da, ezingo dituzte zerbitzuak eten edo bertan behera utzi, nahiz eta operadoreak eta kontsumitzaileak izenpetutako zerbitzu-kontratuan aukera hori jasota egon.
Halaber, telekomunikazioen zerbitzu unibertsala eskainiko dela bermatzeko neurri jakin batzuk ezartzen dira. Zehazki, alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, telekomunikazioen zerbitzu unibertsala eskaintzeko izendatu den komunikazio elektronikoko zerbitzuen hornitzaileak telekomunikazioen zerbitzu unibertsala osatzen duten elementuen eskaintza bermatuko du, eta gutxienez gaur egun duen onuradun-multzoari eta zerbitzu unibertsala osatzen duen zerbitzu-multzoa eskaintzeko kalitateari eutsi behar die, batez ere Internetera irispide funtzionala izateko zerbitzuari eta telekomunikazioen zerbitzu unibertsalaren irisgarritasun-baldintzei dagokienez.
Bestalde, ez da komeni herritarrak telekomunikazio-operadoreen bezeroentzako arreta presentzialeko zentroetara bertaratzea, ez eta operadoreek esku-hartze fisikoak egitea ere bezeroen etxebizitzetan. Horrenbestez, hori saihesteko, muga batzuk ezartzen dira, zenbaki-eramangarritasuna berekin dakarten komunikazio elektronikoko zerbitzuen harpidetzari dagokionez. Alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, etenda geratuko dira aribidean ez dauden zenbaki finkoen eta mugikorren eramangarritasun-eragiketak, ezinbesteko eta salbuespenezko kasuak ez badira.
Azkenik, bermatu ahal izateko kontsumitzaileek martxoaren 14ko 467/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan zirkulazio-askatasuna eta joan-etorriak mugatzeko jasota dagoena beteko dutela, eta bat etorriz errege-dekretu horren bigarren eta hirugarren xedapen gehigarrietan epe prozesalak eta administrazio-epeak geldiarazteari buruz ezarrita dagoenarekin, salbuespenezko neurri bat dekretatzen da, edozein modalitatetan -presentzialki zein linean- erositako produktuak itzultzeko epeak geldiarazten dituena. Kontsumitzaileek eskuratu dituzten produktuetan atzera egiteko eskubidea izaten dute, baina, normalean, denbora-muga bat egoten da ezarrita; horregatik, geldiarazi egin behar dira itzulketa-epeak, kontsumitzaileek 463/2020 Errege Dekretua hautsi gabe egikaritu ahal izan dezaten eskubide hori.
II. kapituluan, jarduera aldi baterako doitzeko mekanismoak malgutzeko neurriak ezartzen dira, kaleratzeak saiheste aldera.
Kontratuak aldi baterako eteteko eta lanaldiak aldi baterako murrizteko hartu diren neurrien bidez (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak) zera lortu nahi da: egungo egoerak ez eragitea egiturazko ondorio negatiborik enpleguan. Nazioarteko esperientzia kontuan hartuz, enplegu-erregulazioko prozedurak malgutu eta arintzeko helburua duten eta langileen eta enpresaburuen estaldura hobetzeko helburua duten mota horretako neurriak lagungarriak dira enpleguak eta jarduera ekonomikoak jasango dituzten ondorio negatiboak gutxitzeko, zeren eta enplegua mantentzea lehenesten baita, kontratuak azkentzearen gainetik.
Hasteko, beraz, COVID-19aren ondoriozko jarduera-galerak ezinbesteko kasutzat joko dira kontratu-eteteen edo lanaldi-murrizketen ondoreetarako, eta enplegu-erregulazioko prozeduren izapideak arinduko dira, alde batera utzita ezinbesteko kasuak diren edo arrazoi ekonomikoek, teknikoek, antolamendukoek edo ekoizpenekoek eragin dituzten.
Horrez gainera, aparteko larritasun-egoeran gaudenez, errege lege-dekretu honen bidez indartu egiten da aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea aplikatu zaien langileen estaldura, langabezia-prestazio kontributibora irispidea izan dezaten, nahiz eta hura jasotzeko beharrezkoa den kotizazio-aldiaren baldintza ez bete. Osagarri gisa, prestazioa jasotzen eta kontratua etenda edo lanaldia murriztuta igarotzen duten aldia ez zaie zenbatuko prestazioa jasotzeko legez ezarrita dauden gehieneko aldiak kontsumitzearen ondoreetarako. Egoera normaletan, langabezia-prestazio kontributibora irispidea izan dezakete langileek aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean daudelarik, baldin eta halakoak jasotzeko ezarrita dagoen nahitaezko kotizazio-aldiaren baldintza betetzen badute; gainera, aldi hori zenbatu egiten da prestazioa jasotzeko ezarrita dauden gehieneko aldiei begira.
Bestalde, errege lege-dekretu honetan arautzen diren ezinbesteko kasuetan, bada beste berritasun bat, enpresen kostuak murrizteko xedea duena. Izan ere, Gizarte Segurantzari egin beharreko enpresa-ekarpenaren % 75 ordaintzetik salbuetsiko dira enpresak, eta, 50 langile baino gutxiago badituzte, kuotaren % 100 ordaintzetik salbuetsiko dira, baldin eta hitzematen badute enpleguari eutsiko diotela. Orain arte, Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzetik salbuetsita egon ahal izateko, ezinbesteko kasuak natura-hondamendietan oinarrituta egon behar zuen, enpresak edo lantokiak guztiz edo partzialki suntsituta geratu behar zuen, eta horrek enpresaburuari galarazi behar zion jarduerarekin jarraitzea. Beraz, adierazitako neurriari esker eta COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiteko presako neurriak hartzen dituen martxoaren 12ko 7/2020 Errege Lege Dekretuan ezarritako zerga-geroratze hobaridunari esker, COVID-19aren ondoriozko jarduera ekonomikoaren eteteak larri ukitu dituen enpresen mantentze-kostuak murrizten laguntzen da.
Horiek horrela, enpresen kostuak murrizteaz gain, trebatuta dagoen giza kapitalari eustea bultzatzen da. Hau da, kasuan kasuko jarduera egiteko trebakuntza duten eta enpresa ezagutzen duten langileak berreskuratzen dira.
III. kapituluan, likidezia bermatzeko neurriak hartzen dira, COVID-19aren ondorioz sortu diren zailtasun iragankorren aurrean jarduera ekonomikoari eutsi ahal izateko.
Batetik, adierazitako helburuak sustatze aldera, Estatuaren kontura enpresentzako eta autonomoentzako abal-lerro bat onartzea aurreikusten da arau honetan, gehienez ere 100.000 milioi euroz zuzkitua. Abal-lerro horren bidez, kreditu-erakundeen, kredituko finantza-establezimenduen, diru elektronikoko erakundeen eta ordainketa-erakundeen finantzaketa berria eta mailegu-berritzeak estaliko dira, besteak beste honako hauetatik eratorritako beharrei erantzuteko: fakturen kudeaketa, zirkulatzailearen beharra, beste likidezia-behar batzuk, eta finantza- edo zerga-obligazioen epemugak; hori guztia, enpleguari eusteko eta COVID-19aren ondorio ekonomikoak leuntzeko. Ministro Kontseiluak ezarriko ditu lerroa berehala eraginkor egoteko aplikatuko diren baldintzak eta betekizunak.
Adierazitako neurria osatzeko asmoz, Kreditu Ofizialeko Institutuarentzat Estatuko Aurrekontuen Legean aurreikusitako zorpetze garbiaren ahalmena 10.000 milioi euro handituko da, enpresei -bereziki ETE-ei eta autonomoei- likidezia gehigarria emateko lehenbailehen, dagoeneko badauden ICOren finantzaketa-lerroen bidez. Hartara, Kreditu Ofizialeko Institutuak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, eskuragarri dagoen finantzaketa handitzeko eta enpresek kreditua errazago eskuratzeko, arriskuan jarri gabe Kreditu Ofizialeko Institutuaren finantza-oreka.
Enpresa esportatzaileen likidezia indartzeko, CESCEren ahalmena indartuko da, Estatuaren kontura bermeen estaldura zabal dezan.
Orobat, industria-sektorean aplikatzen diren aduanako inportazio-izapideak arintzen dira. Une honetan, arrisku handienetako bat da beste herrialde batzuetatik datozen salgaien hornidura-katean ondorioak egotea eta, neurri apalagoan, esportazioak etenda geratzea, aduanen eta zerga berezien administrazioak eta bulegoak itxi behar izateagatik, funtzionarioren bat COVID-19az kutsatu eta halako kasuetarako ezarrita dauden neurriak aplikatu behar direlako.
Arazo potentzial hori konpontzeko, Zerga Administrazioko Estatu Agentziako Aduanen eta Zerga Berezien Saileko titularrari eskumena eman behar zaio agindu dezan aduana-izapideak horretarako ezarrita dauden aplikazio informatikoen bidez egiteko -betiere salbuespenez, egungo egoerak eragindako zerbitzu-premiak direla eta-, Aduanen eta Zerga Berezien Arloko ezein organok edo funtzionariok aldaketarik egin behar izan gabe.
COVID-19ak eragindako salbuespenezko egoeran, litekeena da zergapekoek arazoak izatea zerga-prozeduretako zenbait zerga-betebehar eta izapide betetzeko, batez ere zergen arloko aplikazio-, zehapen- eta berrikusketa-prozedura batzuetako errekerimenduei erantzuteko eta alegazioak epe barruan aurkezteko. Hori ikusirik, komeni da zergadunen epeak malgutzea, zeren eta horrela mesede egingo baitzaio alegazioak eta frogak aurkezteko eskubideari eta erraztu egingo baita Estatuko Zerga Administrazioari laguntzeko eginbeharra eta zerga-arloan garrantzia duten dokumentuak, datuak eta informazioa helarazteko eginbeharra betetzea. Horretarako, aintzat hartu da martxoaren 20ko 463/2020 Errege Dekretuak sektore publikoko entitateen prozeduretako administrazio-epeak eteteari dagokionez hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen duena -errege-dekretu horrek alarma-egoera deklaratzen du, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko-, baina eremu berezi eta zehatzago bat zedarritu da -hain zuzen ere, zerga-prozedura jakin batzuena-, eta zergapekoaren mesederako den denborazko epea jarri da, alarma-egoeraren hasierako indarraldia gaindi dezakeena.
Horrexegatik, zerga-zorrak ordaintzea errazagoa izan dadin, borondatezko epean eta epe exekutiboan ordaintzeko epeak malgutzen dira, bai eta geroratze- eta zatikatze-akordioek eragindako ordainketak ere.
Katastroko Zuzendaritza Nagusian abiarazitako ohiko prozedurak behar bezala izapidetuko direla bermatzeko eta errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik eginda zeuden edo hortik aurrera egingo diren izapide-egintzei erantzungo zaiela bermatzeko, luzatu egingo da, oro har, zuzendaritza-zentro horrek egindako errekerimenduei erantzuteko epea.
Gainera, zenbait neurri ezartzen dira, enpleguan eta enpresa-bideragarritasunean ondorio negatiborik egon ez dadin kontratu publikoak eteteagatik, eta, beraz, sektore publikoa osatzen duten entitateek ezingo dute kontratu publikorik suntsiarazi. Neurrion bidez, halaber, saihestu nahi da ekoizpen-sarearen zati horrek egiturazko eragin negatiboak sufritzea COVID-19agatik eta Estatuak, autonomia-erkidegoek, toki-administrazioa osatzen duten entitateek eta haren organismo publikoek eta zuzenbideko publikoko entitateek hartutako neurriengatik.
Hortaz, COVID-19agatik edo hari aurre egiteko Estatuak, autonomia-erkidegoek edo toki-administrazioak hartutako neurriengatik sektore publikoko kontraturik suntsiarazi ez dadin, halako kontratuak eteteko araubide berezi bat aurreikusten da.
Kapitulu amaieran xedapen bat jasotzen da, zeinak errazten baitu 2017. urteko lehorteak ukitutako nekazaritza-ustiategien titularrei emandako finantza-kredituen mailegu-hartzaileek, beren borondatez hala eskatuz gero, finantza-erakundeekin akordioa egitea, izenpetutako maileguen amortizazio-epea gehienez urtebetez luzatzeko -gabealdia izan daiteke-. Aipatutako kredituak maiatzaren 19ko AAA/778/2016 Aginduaren (2017ko deialdia), uztailaren 31ko APM/728/2017 Aginduaren eta apirilaren 2ko APM/358/2018 Aginduaren babesean eman ziren (Nekazaritzako Kauzioaren Estatu Sozietate Anonimoaren abalak lortzeko dirulaguntza publikoen oinarri arautzaileak ezartzen dituena). Neurri horri esker, halako maileguak eskuratu zituzten ustiategiek aurrera jarraitzea bermatuko da, oraingo inguruabar bereziek etorkizuneko bideragarritasuna arriskuan jarri gabe, zeren eta beste urtebete izango baitute zordundutako zenbatekoa itzultzeko, dela gabealdi osagarriaren bidez, dela itzulketak birprogramatuz.
IV. kapituluan, COVID-19aren ikerketan laguntzeko neurriak ezartzen dira.
COVID-19aren kontra borrokatzea gobernu-ekintzaren lehentasunezko helburuetako bat da oraindik ere, eta, horretarako, gaixotasunari buruzko ikerketa bultzatzen du, botika efikazak eta txertoak garatuz etorkizuneko agerraldien eragina murrizten laguntzeko. Pandemia benetan kontrolatzea funtsezkoa da eragin ekonomikoa minimizatzeko. Baina benetako kontrola ez da lortzen geldiarazpen-neurriak indartuta soilik, beharrezkoa da, baita ere, gaixotasunari buruz oinarrizko ikerketak sustatzea, hari aurrea hartu ahal izateko eta tratamenduak eta txertoak garatzeko, kutsadura orokortu gehiagorik gerta ez dadin.
Horretarako, lan-arloko aparteko neurriak ezartzen dira Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistema osatzen duten entitate publikoen eremuan, baldin eta entitate horiek salbuespenezko neurriak garatu behar badituzte COVID-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdia kudeatzeko.
Horren harira, aparteko lanaldiak ezartzeko aukera egongo da, administrazio publikoetako langileen lanaldiari eta ordutegiei buruzko arau orokorrak bete gabe, Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistema osatzen duten entitate publikoetako funtzionarioentzat eta lan-kontratudunentzat, baldin eta ezinbestekoa bada zientzia-, ikerketa- eta berrikuntza-arloko betebeharrak hobeto betetzeko edo kasuan kasuko organismoen eta ministerio-sailen betebeharrak eta eskumenak betetze aldera premiazkoak diren zerbitzu minimoak kudeatzeko. Halakoetan, dagokion ordainsari-kontraprestazioa emango zaie langileei.
Aurrekontuei dagokienez, eta neurri espezifiko horiek Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren eremuan eta Estatuaren Administrazio Orokorreko ikerketa-organismo publikoen eremuan bete daitezen, Ministro Kontseiluaren 2019ko abenduaren 27ko Akordioaren seigarren eta zazpigarren apartatuetan ezarri ziren mugak eta errekerimenduak ez dira aplikatuko COVID-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdia kudeatzeko beharrezkoak diren gastu-espedienteetan -Ministro Kontseiluaren akordio horren bidez, 2019. urtean indarrean zeuden Estatuko Aurrekontu Orokorrak 2020. urtera luzatzeko aplikazio-irizpideak ezarri ziren, atalen araberako banaketa formalizatu zen eta gastu publikoaren kontrola indartzeko neurriak onartu ziren-.
Errege lege-dekretu honek Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren aurrekontuan kreditu berezi batzuk sartzea ere baimentzen du, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenari eta Carlos III.a Osasun Institutuari behar dituzten aurrekontu-baliabideak emateko, COVID-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdiaren zientzia- eta ikerketa-erronkei aurre egin diezaieten.
Hain zuzen ere, osasun-larrialdiari heltzeko beharrezkoak diren ikerketa zientifiko eta teknikoetarako laguntza publikoen prozedurak behar bezain arinak direla ziurtatzeko, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak xedatutakoa ez zaie aplikatuko Carlos III.a Osasun Institutuak edo Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak egindako diru-ekarpenei, baldin eta Espainiako edo atzerriko pertsona publiko zein pribatuen alde egin badira, onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe.
Genetikoki eraldatutako organismoak nahita askatzeko eta konfinaturik erabiltzeko jardueretarako baimenak ere antolatzen dira arau honen bidez. Baimena eskuratzeko, eskaera apirilaren 25eko 9/2003 Legearen arabera aurkeztu behar da (genetikoki eraldatutako organismoak konfinaturik erabiltzeko, nahita askatzeko eta merkaturatzeko araubide juridikoa ezartzen duen legea), eta xedetzat izango du edo erabilgarria izango da -hala frogatuta egonik- SARS-CoV-2019 (SARS-2) birusak eragin duen koronabirus-epidemia prebenitzeko, geldiarazteko eta hari aurre egiteko. Halako jarduerek ez dute itxaron beharko komunikazio-epea edo informazio publikoaren epea amaitu arte, nahitaezko kasuetan, urtarrilaren 30eko 178/2004 Errege Dekretuaren aurreikusitakoaren arabera -apirilaren 25eko 9/2003 Legea garatzeko eta betearazteko Erregelamendu Orokorra onartzen du errege-dekretu horrek-.
Azkenik, errege lege-dekretu honen bidez Cervera I+G+B Sarearekin lotutako Hornikuntza Teknikoen Funtsa aldatzen da, ETE-en eta kapitalizazio ertaineko enpresen I+G+B proiektuak finantzatzeko. Horretarako, laguntzak emango dira, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (CDTI) kudeatuko dituen maileguen bidez.
Azkeneko kapituluan, V.ean, salbuespenezko egoera honi behar bezala erantzuteko neurri osagarriak ezartzen dira; besteak beste, COVID-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdia kudeatzearekin zerikusia duten hitzarmenak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen araubide berezi baten arabera sinatuko direla ezartzen da.
Zuzenbide pribatuko pertsona juridikoen eta sozietate anonimo kotizatuen gobernu-organoen funtzionamenduari aplikatu beharreko aparteko zenbait neurri ere ezartzen dira. Bestalde, uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legean ezarrita dagoen epea geldiarazten da, kaudimengabezia-egoeran dagoen zordunak konkurtso-deklarazioa eskatzeko eginbeharrik izan ez dezan.
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bigarren, hirugarren eta laugarren xedapen gehigarrien bidez (errege-dekretu horrek alarma-egoera deklaratzen du, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko), administrazio-epeak, epe prozesalak eta mota guztietako akzio eta eskubideen preskripzio- eta iraungitze-epeak eteten dira.
Hala ere, herritarren eskubide guztiak babesteko, erregistro-idazpenen iraungitze-epea eten behar da, harik eta halakoak inskribatzeko, luzatzeko edo ezerezteko beharrezkoa den guztia eskura izan arte; bada, neurri hori ere errege lege-dekretu honetan jasotzen da.
Errege lege-dekretu honen azken xedapenetako bigarrenaren eta hirugarrenaren bidez, Inteligentzia Zentro Nazionala arautzen duen Legea eta Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Legea aldatzen dira, aldaketa horiek ezin baitira onartu izapidetze parlamentarioaren prozedura arrunta erabilita. Izan ere, horrek zera ekarriko luke berekin: lege-erreformak onartu arte Gobernuaren kide anitzeko organoen egitura ez egotea prest bere eginkizunak garatzeko, Gobernuko Lehendakaritzak une honetan atzeman dituen antolakuntza-beharren arabera. Horiek horrela, justifikatuta daude egoeraren aparteko eta presako beharrizana eta hartutako neurriek egoera horrekin duten lotura.
COVID-19ak munduko burtsa-merkatuetan sortu duen krisialdi globalaren eragina mehatxu ziurra da Espainiako enpresa kotizatuentzat eta kotizatu gabeentzat -asko eta asko gure ekonomiarako estrategikoak diren sektoreetakoak dira-, haien ondare-balioa gutxitzen ari denez posible baita atzerriko inbertitzaileek haiek eskuratzeko eragiketak abiaraztea.
Horrek guztiak azaltzen du zergatik dagoen aparteko eta presako beharrizana atzerriko inbertsioen egungo kontrol-eredua presaz aldatzeko, halako inbertsioak ex ante baimentzeko mekanismoak sarturik.
Ondorioz, errege lege-dekretu honen azken xedapenetako laugarrenean uztailaren 4ko 19/2003 Legea aldatzen da (Kapitalen mugimenduen eta atzerriarekiko transakzio ekonomikoen araubide juridikoari buruzko Legea), 7 bis artikulu berria erantsiz. Artikulu berri horren arabera, gure herrialdeko sektore estrategiko nagusietan etenda geratuko dira atzerriko zuzeneko inbertsioak -hau da, Europar Batasunetik eta Europako Merkataritza Askearen Elkartetik kanpoko herrialdeetako egoiliar diren inbertitzaileek egiten dituztenak-segurtasun publikoko, ordena publikoko eta osasun publikoko arrazoiengatik, baldin eta inbertsioaren ondorioz inbertitzaileak Espainiako sozietatearen kapital sozialean gutxienez ehuneko 10eko partaidetza izatea lortzen badu edo, sozietate-eragiketaren edo egintza edo negozio juridikoaren ondorioz, Espainiako sozietatearen administrazio-organoa kontrolatzera heltzen bada. Etenda geratuko dira, halaber, beste herrialde batzuetako enpresa publikoetatik edo haien kontrol publikoa edo funts subiranoak dituzten enpresetatik egiten diren inbertsioak, azaldu berri diren kapital sozialeko partaidetzari eta kontrolari dagozkion baldintzak betetzen badituzte.
Azkenik, errege lege-dekretu honen bidez Cervera I+G+B Sarearekin lotutako Hornikuntza Teknikoen Funtsa aldatzen da, ETE-en eta kapitalizazio ertaineko enpresen I+G+B proiektuak finantzatzeko. Horretarako, laguntzak emango dira, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (CDTI) kudeatuko dituen maileguen bidez.
Neurri ekonomikoak errege lege-dekretuen bidez hartzearen alde egin du Konstituzio Auzitegiak, betiere esplizituki eta arrazoituta justifikatzen badira, bai premia -halakotzat hartuta abagune ekonomikoak erantzun azkarra eskatzen duela-, bai presa -halakotzat ulertuta dena delako neurria araubide arruntaren bidez izapidetu eta denboran atzeratzeak kalteren bat sor dezakeela-.
Errege lege-dekretua, Konstituzioaren arabera, tresna zilegia da, baldin eta presako legegintza justifikatzen duen helburua honako hau bada, gure Konstituzio Auzitegiak behin eta berriz eskatu duen bezala (otsailaren 4ko 6/1983 epaia, 5. oinarria; urtarrilaren 17ko 11/2002 epaia, 4. oinarria; uztailaren 3ko 137/2003 epaia, 3. oinarria, eta uztailaren 7ko 189/2005 epaia, 3. oinarria): Gobernuaren helburuen barruan, egoera jakin bati aurre egitea, zeinak eskatzen baitu, aurreikusten zailak diren arrazoiengatik, arau bat egitea berehala, legeak Parlamentuan izapidetzeko erabiltzen den ohiko bidean edo presako prozeduran baino epe laburragoan, eta are gehiago prozedura hori zehaztea Gobernuaren esku ez dagoenean.
Nazioarteko garrantziko osasun publikoko larrialdia eta, duela gutxi, alarma-egoera deklaratu zirenetik gure herrialdeak bizi duen egoerak aski justifikatzen du aparteko eta presako beharrizana dagoela zenbait neurri hartzeko. COVID-19a geldiarazteko eta prebenitzeko, gaur egun presakoa eta nahitaezkoa da epidemia eten eta haren hedapena eragoztea osasun publikoa babesteko, eta neurri ekonomikoak hartzea epidemiaren ondorioei aurre egiteko.
Orobat, errege lege-dekretu hau onartzeko aparteko eta presako beharrizana judizio politikoaren edo egokitasun-judizioaren mendean dago, eta horiek Gobernuari dagozkio (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 61/2018, ekainaren 7koa, 4. oinarri juridikoa; 142/2014, irailaren 11koa, 3. oinarri juridikoa); erabakiak, ezbairik gabe, jarduteko lehentasun politikoen antolamendua dakar berekin (Konstituzio Auzitegiaren 2019ko urtarrilaren 30eko epaia, eta 2208-2019 konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa), segurtasun juridikoa eta osasun publikoa betetzen direla bermatzeko. Azaldu berri diren egokitasun-arrazoiek frogatzen dutenez, errege lege-dekretu hau onartzeak ez du esan nahi, inolaz ere, aipatutako konstituzio-tresna abusuz edo modu arbitrarioan erabili denik (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 61/2018, ekainaren 7koa, 4. oinarri juridikoa; 100/2012, maiatzaren 8koa, 8. oinarri juridikoa; 237/2012, abenduaren 13koa, 4. oinarri juridikoa; 39/2013, otsailaren 14koa, 5. oinarri juridikoa). Aitzitik, azaldutako argudio guztiek modu sakon eta arrazoituan justifikatzen dute arau hau onartzea (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 29/1982, maiatzaren 31koa, 3. oinarri juridikoa; 111/1983, abenduaren 2koa, 5. oinarri juridikoa; 182/1997, urriaren 20koa, 3. oinarri juridikoa).
Esan behar da gainera errege lege-dekretu honek ez duela eraginik izango Estatuaren oinarrizko erakundeen antolamenduan eta Konstituzioaren I. tituluak arautzen dituen herritarren eskubide, eginbehar eta askatasunetan, ezta autonomia-erkidegoen araubidean eta hauteskundeei buruzko zuzenbide orokorrean ere.
Errege lege-dekretu hau bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eskatzen dituen printzipioekin: premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia. Horren ondoreetarako, honako honek premia- eta efikazia-printzipioak betetzen ditu; izan ere, ezartzen diren neurrien oinarrian interes orokorra dago, eta errege lege-dekretua da hori lortzeko tresnarik azkarrena. Errege lege-dekretua bat dator proportzionaltasun-printzipioarekin, aurrez aipatutako helburuak lortzeko behar-beharrezkoak diren arauak baizik ez baititu ezartzen. Halaber, segurtasun juridikoaren printzipioa ere betetzen du, eta koherentea da gainerako ordenamendu juridikoarekin. Gardentasun-printzipioari dagokionez, araua salbuetsita dago kontsulta publikoaren, entzunaldiaren eta informazio publikoaren izapideak betetzetik, zeren eta lege-dekretuak izapidetzeko eta onartzeko ez baitira aplikatu behar. Azkenik, efizientzia-printzipioa dago; errege lege-dekretu honetan ahaleginak egin dira arauak herritarrei ahalik eta administrazio-zama txikienak eragiteko.
Beraz, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko ministroak, Ogasuneko ministroak, Barne ministroak, Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroak, Industria, Merkataritza eta Turismoko ministroak, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroak, Osasuneko ministroak, Gizarte Eskubideetako eta Agenda 2030eko ministroak, Zientzia eta Berrikuntzako ministroak, Kontsumoko ministroak, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioko ministroak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako ministroak hala proposatuta, Ministro Kontseiluak 2020ko martxoaren 17ko bileran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau
Langile, familia eta talde kalteberei laguntzeko neurriak
1. artikulua. Gizarte Eskubideetako eta Agenda 2030eko Ministerioaren aurrekontuan kreditu-gehigarri bat onartzea, COVID-19aren gizarte-ondorioei aurre egitea beste helbururik izango ez duen Aparteko Gizarte Funtsa finantzatzeko.
1. Kontingentzia Funtsa aplikatu eta Gizarte Eskubideetako eta Agenda 2030eko Ministerioaren aurrekontuan kreditu-gehigarri bat onartzeko baimena ematen da (zenbatekoa: 300.000.000 euro; aurrekontu-aplikazioa: 26.16.231F.453.07 «Familiak babestea eta haurren pobreziaz arduratzea. Gizarte-zerbitzuen oinarrizko prestazioak»).
Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 50. artikuluan ezarritakoaren arabera finantzatuko da kreditu-gehigarria.
2. Kreditu-gehigarriaren kontura transferentziak egingo zaizkie autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melillari. Helburua da autonomia-erkidegoetako, probintzia-diputazioetako edo toki-korporazioetako gizarte-zerbitzuen oinarrizko prestazioak finantzatzea, helburu bakartzat badute COVID-19ak sortutako aparteko egoerei aurre egitea. Jarraian adierazten diren prestazioak gauzatze aldera beharrezkoak diren proiektuak eta lan-kontratazioak finantzatzeko erabili ahal izango da funtsa:
a) Batez ere adinekoen, desgaituen edo mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintza, babesa, ingurunearekiko lotura, segurtasuna eta elikadura bermatzen dituzten etxeko zerbitzu hurbilekoak indartzea, jangelak, eguneko zentroak, zentro okupazionalak eta antzeko beste zerbitzu batzuk itxi izana konpentsatzeko; izan ere, gaixotasunaz kutsatuz gero, aipatutako pertsonek arrisku handiagoa izaten dute. Zerbitzu horien artean sartzen dira edozein modalitatetan ematen den etxeko laguntza eta erabiltzailearen etxean eskaintzen den antzeko beste edozein zerbitzu.
b) Etxeko telelaguntza-gailuen funtzionamendua areagotzea eta indartzea; alegia, egiaztatze-kontaktuen maiztasuna eta zerbitzuaren onuradunen zaintza handitzea.
c) Zentroetako eguneko arreta etenda dagoenez, beharrezkoa den kasuetan, etxeetan eskaintzea errehabilitazio-zerbitzuak, terapia okupazionala, higiene-zerbitzuak eta antzekoak.
d) Etxegabeen arreta-zerbitzuak indartzea, egokiak diren giza baliabideak eta baliabide materialak erabiliz, betiere bermatuta laguntza jasotzen duten pertsonak eta laguntza eskaintzen dutenak behar bezala babestuta daudela, eta zerbitzuak zabaltzea, bai egonaldiaren iraupenari dagokionez, bai intentsitateari dagokionez.
e) Gizarte-zerbitzuetako eta egoitza-zentroetako plantillak indartzea, baldin eta ordezkapenak egin behar badira prebentzio-arrazoiak, kutsadura-kasuak, zerbitzu berriak edo plantillaren gainkarga direla eta.
f) Prebentzio-baliabideak eskuratzea (NBE).
g) Familien diru-sarrerak bermatzeko partiden zuzkidura handitzea, oinarrizko beharrizanak -presakoak zein gizarteratzekoak- estaliak dituztela ziurtatzeko.
h) Egokiak diren zerbitzuak eta gailuak abiaraziz zaintzaileentzako atseden-zerbitzuak indartzea, bai eta kontziliazio-neurriak indartzea ere diru-sarrera eskasak dituzten eta lantokira joan behar duten edo presako edo justifikatutako arrazoiengatik etxetik atera behar duten familientzat (bereziki gurasobakarrentzat).
i) Krisialdi hau dela-eta autonomia-erkidegoek -toki-entitateetako gizarte-zerbitzuekin lankidetzan arituta eta ongi arrazoituta- bereziki kalteberatzat jotzen dituzten pertsonei arreta emateko nahitaezkotzat eta presakotzat jotzen dituzten beste neurri batzuk.
3. Diputazioek edo toki-korporazioek eskaintzen dituzten gizarte-zerbitzuetara bideratutako funtsak lehendik dauden hitzarmenak zabalduz edo berriak eginez formalizatuko dira, eta han adieraziko da espresuki zer lotura dagoen funtsen erabileraren eta aurreko apartatuan adierazitako prestazioen artean.
2. artikulua. Aparteko Gizarte Funtsa autonomia-erkidegoen eta Ceutako eta Melillako hiri autonomoen artean banatzea.
1. Aparteko Gizarte Funtsa autonomia-erkidego guztien artean -araubide erkidekoak zein foru-araubidekoak izan- eta Ceutako eta Melillako hiri autonomoen artean banatuko da.
2. Errege lege-dekretu honetan jasotakoaren arabera autonomia-erkidegoen eta Ceutako eta Melillako hirien gizarte-zerbitzuak indartzera bideratuta dauden kredituak lurraldeen artean banatzeko, irizpide eta banaketa-aldagai hauek hartuko dira kontuan: biztanleria (haztapena: % 90); sakabanatzea (haztapena: % 1,5); hiri handiak -500.000 biztanle baino gehiagokoak- (haztapena: % 0,7); mendekotasuna duten pertsonak, 65 urtetik gorakoak eta 16 urtetik beherakoak (haztapena: % 2,3); azalera (haztapena: % 5), eta uhartetasuna (haztapena: % 0,5). Errioxak % 1,5 izango du bermatuta, eta Ceutak eta Melillak, berriz, % 0,5.
Gainera, Ceutako eta Melillako hiriek 100.000 bana euro jasoko dute, bat etorriz Ministro Kontseiluaren 2007ko otsailaren 2ko Erabakiarekin, zeinaren bidez Administrazio Publikoetako ministroari baimena ematen baitzaio akordioa sina dezan Ceutako eta Melillako hirien autogobernua hobetu eta Estatuaren Administrazio Orokorrarekin lankidetzan aritzeko tresnak garatzeko neurriak hartzeko.
3. artikulua. Toki-entitateen 2019ko superabitaren xedea eta Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginaren hamaseigarren xedapen gehigarriaren aplikazioa 2020an.
1. Toki-entitateen 2019. urteko aurrekontu-superabitaren bidez, hemen jasota dauden inbertsio-gastuak finantzatu ahal izango dira: Toki Entitateen Aurrekontuen Egitura Onartzen duen abenduaren 3ko EHA/3565/2008 Aginduaren I. eranskina, 23. gastu-politika, «Gizarte-zerbitzuak eta gizarte-sustapena». Horretarako, ordea, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarrian jasotako arauak aplikatu beharko dira aurretiaz. Salbuespenez eta artikulu honen ondore hutsetarako, errege lege-dekretu honen 1.2 artikuluan adierazitako prestazioak gastu-politika horren barruan daudela ulertuko da.
Gainera, Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginaren hamaseigarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuaren azken paragrafoko baimen-araubidea aplikatuko da -testu bategina martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen-.
2. Probintzia-diputazioek eta uharteetako kontseiluek eta kabildoek beren aurrekontu orokorren gastu-egoeraren 6. eta 7. kapituluetan ere sar ditzakete egozteko moduko gastuak, aurreko apartatuan adierazitako gastuak finantzatzeko izanez gero eta baldintza hauek betetzen dituzten udalerriei esleituz gero:
a) Apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa betetzea.
b) Edo, bestela, apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa bete ezean, arau horrekin bat datorren ekonomia- eta finantza-plana onartzea.
Toki-entitate guztiek erabili ahal izango dute superabitaren zati bat -aurreko artikuluan ezarritako kredituaren zenbateko baliokidea- xede horretarako, eta Ogasun Ministerioaren organo eskudunak horren jarraipena egingo du.
II
4. artikulua. Kontsumitzaile kalteberei ur- eta energia-hornidura bermatzea.
1. Errege lege-dekretu hau indarrean jarri ondorengo hilabetean, energia elektrikoaren, gas naturalaren eta uraren hornitzaileek ezingo diete hornidura eten urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluen arabera kontsumitzaile kalteberatzat, kaltebera larritzat edo gizarte-bazterketa sufritzeko arriskuan dauden kontsumitzailetzat jotzen direnei -errege-dekretu horrek kontsumitzaile kalteberaren figura, gizarte-bonua eta etxeko kontsumitzaileentzako beste babes-neurri batzuk arautzen ditu-.
2. Gizarte-bonuaren indarraldia 2020ko irailaren 15era arte luzatuko zaie, automatikoki, urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretuaren 9.2 artikuluan aurreikusitako epea egun hori baino lehen iraungitzen zaien onuradunei.
3. Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera, etenda geratuko da prezio arautuak eguneratzeko sistemei buruzko artikulu hauen indarraldia:
a. Martxoaren 5eko IET/389/2015 Aginduaren 3.5 eta 6. artikuluak, hurrengo hiru bihilekoetarako (agindu horren bidez, petrolioaren gas likidotu ontziratuen zerga-aurreko gehieneko-salmenta prezioak automatikoki zehazteko sistema eguneratzen da, eta petroliotik kanalizazio bidez likidotutako gasen zerga-aurreko salmenta-tarifak automatikoki zehazteko sistema aldatzen).
Etenda dauden bitartean, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren 2020ko urtarrilaren 14ko Ebazpenean ezarritako gehieneko prezioak egongo dira indarrean (ebazpen horren bidez, 8 kg edo gehiagoko eta 20 kg baino gutxiagoko edukierako ontzietan ontziratutako petrolio-gas likidotuen gehieneko salmenta-prezio berriak argitaratzen dira, zergak aplikatu aurrekoak, petrolio-gas likidotuak erregai gisa erabiltzeko nahaste-ontziak kanpoan utzita).
b. Ekainaren 22ko ITC/1660/2009 Aginduaren 10. artikulua eta xedapen gehigarri bakarra, hurrengo bi hiruhilekoetarako (agindu horren bidez, gas naturalaren azken errekurtsoko tarifa kalkulatzeko metodologia ezartzen da).
Etenda dauden bitartean, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusia 2019ko abenduaren 23ko Ebazpenean ezarritako tarifaren baldintzak egongo dira indarrean (ebazpen horren bidez, gas naturalaren azken errekurtsoko tarifa argitaratzen da).
III
5. artikulua. Urrutiko lanaren lehentasuna.
Arau honek xedatzen dituen lan-arloko salbuespenezko neurrien helburu nagusia zera da: behin salbuespenezko osasun-egoera amaituz gero, enpresa-jarduera eta lan-harremanak berriro normaltasunez hasiko direla bermatzea.
Zehazki, jarduerari ordezko mekanismoen bidez eustea ahalbidetuko duten antolamendu-sistemak ezarriko dira, batez ere urrutiko lana; beraz, zentzuzkoa eta teknikoki bideragarria izanik egokitze-ahalegina proportzionatua bada, enpresak behar diren neurriak hartuko ditu. Ordezko neurriak -batez ere urrutiko lana- aldi baterako eteteen edo jarduera-murrizketen gainetik lehenetsi behar dira.
Orain arte urrutiko lanaren modalitatea aurreikusita ez zegoen sektoreetan, enpresetan edo lanpostuetan errazagoa izan dadin modu horretan lan egitea, arrisku-ebaluazioaren betebeharra betetzeko -Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 16. artikuluan adierazitako baldintzetan bete ere- aski izango da, salbuespenez, langileak berak autoebaluazioa egitea bere borondatez.
6. artikulua. Ordutegia egokitzeko eta lanaldia murrizteko eskubidea.
1. Besteren konturako langileek egiaztatzen badute ezkontidea, izatezko bikotekidea edo bigarren gradura arteko odoleko ahaideak zaintzeko eginbeharra dutela, lanaldia egokitzeko eta murrizteko eskubidea izango dute, artikulu honek xedatutakoaren arabera, baldin eta COVID-19a komunitatean ez transmititzeko beharrezkoak diren jarduketekin lotuta dauden salbuespenezko inguruabarrak badaude.
Salbuespenezko inguruabarrak daudela ulertuko da, aurreko paragrafoan adierazitako pertsonetako batek, adina, gaixotasuna edo desgaitasuna dela eta, zuzenean COVID-19aren ondorioz zuzeneko zainketa pertsonalak behar dituenean eta zainketa horiek egiteko langilearen presentzia beharrezkoa denean. Salbuespenezko inguruabarrak daudela ulertuko da, orobat, COVID-19a dela-eta Gobernuko agintariek erabakitzen dutenean ikastetxeak ixtea edo premia duten pertsonak zaintzeko edo artatzeko bestelako zentroak ixtea. Kasu hau ere langilearen presentzia beharrezkoa den salbuespenezko inguruabartzat hartuko da: ordura arte langilearen ezkontidea edo bigarren gradura arteko ahaidea zuzenean zaintzeaz arduratu den pertsona ezin denean gehiago lan horretan aritu COVID-19arekin zerikusia duten arrazoi justifikatuengatik.
Artikulu honetan jasotako eskubidea guraso edo zaintzaile bakoitzaren eskubide indibiduala da, eta zaintza-betebeharren banaketa erantzunkidea izan behar du oinarrian, rolak ez betikotzeko; enpresaren egoerari dagokionez, justifikatua, zentzuzkoa eta proportzionatua izango da, batez ere enpresa bereko hainbat langilek baliatzen dutenean.
Artikulu honen aplikazioak sortzen dituen gatazkak lan-arloko jurisdikzioak ebatziko ditu, Lan Arloko Jurisdikzioa Arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legearen 139. artikuluan ezarritako prozeduraren bidez. Artikulu honetan bildutako eskubideak egikaritzea kontziliazio-eskubideak egikaritzea izango da, ondore guztietarako.
2. COVID-19arekin zerikusia duten salbuespenezko inguruabarrak direla-eta zaintza-eginbeharrengatik lanaldia egokitzeko eskubidea prerrogatiba bat da, eta langileari dagokio, hasiera batean, hura zehaztea -irismenari eta edukiari dagokienez-, justifikatua, zentzuzkoa eta proportzionatua bada, kontuan hartuta langileak bere gain dituen zaintza-behar zehatz eta egiaztatuak eta enpresaren antolakuntza-beharrak. Enpresak eta langileak ahal duten guztia egingo dute ados jartzeko.
Lanaldia egokitzeko eskubidea laneko denbora banatzean datza, edo lan-baldintzen beste edozein alderdi aldatzean, baldin eta hura aldatzeak edo doitzeak langileari ahalbidetzen badio artikulu honetan jasotako zaintza-lanak egitea. Hauek sar daitezke eskubide horren barruan: txanda-aldaketa; ordutegi-aldaketa; ordutegi malguak; lanaldi zatitua edo jarraitua; lantoki-aldaketa; eginkizun-aldaketa; lan egiteko moduaren aldaketa -urrutiko lana barne-, eta beste edozein baldintzaren aldaketa, enpresan eskuragarri badago edo hura ezartzea zentzuzkoa eta proportzionatua bada, aintzat hartuta arau honek xedatutako neurriak aldi baterakoak eta salbuespenezkoak direla, COVID-19ak eragindako salbuespenezko aldiak irauten duen bitartean.
3. Langileek lanaldi-murrizketa berezirako eskubidea izango dute Langileen Estatutuaren 37.6 artikuluan adierazitako egoeretan, artikulu honen lehenengo apartatuan aurreikusitako salbuespenezko inguruabarrak gertatzen direnean; murrizketa bereziak soldata proportzionalki murriztea ekarriko du berekin. Jarraian azalduko diren berezitasunak alde batera utzita, murrizketa berezia Langileen Estatutuaren 37.6 eta 37.7 artikuluetan ezarritakoaren arabera arautuko da, bai eta manu horietan ezarrita dauden eskubideak eskuratzen dituzten pertsonei edozein motatako bermeak, onurak edo zehaztapenak esleitzen dizkieten gainerako arauen arabera ere.
Lanaldi-murrizketa berezia 24 orduko aurrerapenaz jakinarazi behar zaio enpresari. Beharrezkoa bada, lanaldiaren ehuneko ehun murriztu ahal izango da, eta horrek ez du izaera-aldaketarik eragingo Langileen Estatutuaren 37.6 artikuluan aurreikusitako egoerarako ordenamenduan ezarrita dauden eskubide eta bermeak aplikatzearen ondoreetarako.
Lanaldi-murrizketa % 100ekoa bada, langilearen eskubideak justifikatua, zentzuzkoa eta proportzionatua izan behar du enpresaren egoerari dagokionez.
37.6 artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritako kasuan, ez da beharrezkoa izango zaindu behar den senideak jarduera ordaindurik ez egitea.
4. Langileak dagoeneko egokituta badauka lanaldia, kontziliazioagatik, edo murriztuta, seme-alabak edo senideak zaintzeagatik, edo lan-ordenamenduan aurreikusitako beste edozein kontziliazio-eskubide onartuta badauka -37. artikuluan ezarritako eskubideak barne-, aldi baterako uko egin ahal izango dio, edo zenbait alderdi aldatzeko eskubidea izango du, baldin eta artikulu honen lehenengo apartatuan aurreikusitako salbuespenezko inguruabarrak gertatzen badira. Eskaera osasun-krisialdiaren salbuespenezko aldira mugatuko da, eta langileak bere gain dituen zaintza-behar zehatz eta egiaztatuetara moldatuko da, bai eta enpresaren antolakuntza-beharretara ere. Kontrako frogarik ez badago, eskaera justifikatua, zentzuzkoa eta proportzionatua dela joko da.
IV
7. artikulua. Ohiko etxebizitza eskuratzeko hipoteka-zorraren luzamendua.
Ohiko etxebizitza eskuratzeko hipoteka-zorraren luzamendurako neurriak ezartzen dira, COVID-19aren krisialdiaren ondorioz hura ordaintzeko arazo handiak dituztenentzat. Neurri horiek errege lege-dekretu honen artikulu honetatik 16. artikulura bilduta daude (biak barne).
8. artikulua. Ohiko etxebizitza eskuratzeko hipoteka-zorraren luzamenduaren aplikazio-eremua.
1. Errege lege-dekretu honetan ohiko etxebizitza eskuratzeko hipoteka-zorraren luzamendurako jasotzen diren neurriak ondasun higiezinen hipotekaren bidez bermatutako mailegu- edo kreditu-kontratuei aplikatuko zaizkie, baldin eta xedapen hau indarrean jartzen den egunean indarrean badaude eta zorduna errege lege-dekretu honen 9. artikuluan ezarritako kalteberatasun ekonomikoko kasuren batean badago.
2. Halaber, aipatutako neurriak zordun nagusien fidatzaileei eta abal-emaileei ere aplikatuko zaizkie beren ohiko etxebizitzari dagokionez eta hipoteka-zordunari ezarritako baldintza berekin.
9. artikulua. Kalteberatasun ekonomikoko egoeraren definizioa.
1. Honela definitzen dira COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiaren ondoriozko kalteberatasun ekonomikoko kasuak:
a) Hipoteka-zorduna langabezian egotera pasatu behar izan da; enpresaburuen eta profesionalen kasuan, diru-sarreretan galera nabarmena eduki behar izan da, edo salmenten funtsezko jaitsiera.
b) Familia-unitateko kideen diru-sarreren batura, luzamendua eskatu aurreko hilabetean:
i. Oro har, ezin da izan hileko ondorio askotarako errenta adierazle publikoa (aurrerantzean, IPREM) baino hiru bider handiagoa.
ii. Muga hori IPREM halako 0,1 handituko da, familia-unitatearen kargura dagoen seme-alaba bakoitzeko. Familia-unitatea gurasobakarra bada, seme-alaba bakoitzeko aplikatuko den gehikuntza IPREM halako 0,15 izango da.
iii. Muga hori IPREM halako 0,1 handituko da, familia-unitatean dagoen 65 urtetik gorako pertsona bakoitzeko.
iv. Familia-unitateko kideren batek gutxienez ehuneko 33ko desgaitasuna onartuta badauka edo mendekotasun-egoeran edo gaixo badago, eta horren ondorioz lan egiteko ezintasun iraunkorra egiaztatuta badauka, i) azpiapartatuan jasotako muga IPREM halako lau izango da, hargatik eragotzi gabe seme-alaba bakoitzarengatik pilatutako gehikuntzak.
v. Hipoteka-zordunak garun-paralisia, gaixotasun mentala edo desgaitasun intelektuala badu -gutxienez ehuneko 33ko desgaitasun-gradu onartuarekin- desgaitasun fisikoa edo sentsoriala badu -gutxienez ehuneko 65eko desgaitasun-gradu onartuarekin-edo gaixotasun larria badu, zeinaren ondorioz egiaztatuta baitago gaixoa edo haren zaintzailea ezinduta dagoela lan egiteko, i) azpiapartatuan jasotako muga IPREM halako bost izango da.
c) Hipoteka-kuota eta oinarrizko gastu eta hornidurak batuta lortzen den zenbatekoa familia-unitateko kide guztien diru-sarrera garbien ehuneko 35 izango da, gutxienez.
d) Osasun-larrialdiaren ondorioz, familia-unitatearen baldintza ekonomikoak nabarmen aldatu behar izan dira, batez ere etxebizitzara bideratu behar dituzten ahaleginei dagokienez, hurrengo apartatuan definitzen denari jarraikiz.
2. Artikulu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako:
a) Baldintza ekonomikoak nabarmen aldatzea zera da, hipotekak familia-errentaren gainean eragiten duen zama, gutxienez, 1,3 aldiz handiagoa izatea.
b) Salmenten funtsezko jaitsiera gertatu dela ulertuko da, gutxienez % 40 jaitsi badira.
c) Hauek dira familia-unitateko kideak: zorduna; haren ezkontidea -legez bananduta ez badago- edo izatezko bikotekide gisa inskribatuta dagoena, eta etxebizitzan bizi diren seme-alabak -edozein adinekoak, baita tutoretzan, zaintzan edo familia-harreran bizi direnak ere- eta haien ezkontideak -legez bananduta ez badaude- edo izatezko bikotekide gisa inskribatuta daudenak, etxebizitzan bizi badira.
10. artikulua. Fidatzaileak, abal-emaileak eta hipotekatzaile ez-zordunak.
Kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden fidatzaileek, abal-emaileek eta hipotekatzaile ez-zordunek aukeran izango dute entitateari eskatzea agor dezala, zor bermatua eskatu baino lehen, zordun nagusiaren ondarea, eta hori ez da eragozpen izango zordun nagusiari Jardunbide Egokien Kodean aurreikusitako neurriak aplikatzeko; aukera hori izango dute, nahiz eta kontratuan esklusio-onurari esanbidez uko egin izan.
11. artikulua. Baldintza subjektiboak egiaztatzea.
1. Zordunak entitate hartzekodunaren aurrean egiaztatu beharko du 9. artikuluan azaldutako baldintzak betetzen dituela; horretarako, dokumentu hauek aurkeztuko ditu:
a) Legezko langabezia-egoera egiaztatzeko, prestazioak kudeatzen dituen entitateak egindako ziurtagiria, non adieraziko baita langabezia-prestazioen edo -subsidioen kontzeptuan zenbat diru jasotzen duen hilean.
b) Norberaren konturako langilea izanik jarduera eten dela egiaztatzeko, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak edo, hala badagokio, autonomia-erkidegoko organo eskudunak egindako ziurtagiria, interesdunak deklaratutako jarduera-etetean oinarritua.
c) Etxebizitzan zenbat pertsona bizi diren egiaztatzeko:
i. Familia-liburua, edo izatezko bikotea osatu izanaren egiaztagiria.
ii. Etxebizitzan erroldatuta dauden pertsonen errolda-agiria, egiaztagiriak aurkeztu diren uneari eta aurreko sei hilabeteei dagokiena.
iii. Desgaitasuna, mendekotasuna edo lanerako ezintasun iraunkorra deklaratzen duen agiria.
d) Ondasunen titulartasuna egiaztatzeko:
i. Jabetza Erregistroaren Indize Zerbitzuaren ohar soila, familia-unitateko kide guztiei buruzkoa.
ii. Etxebizitzaren salerosketa-eskriturak eta hipoteka-maileguaren eskriturak.
e) Zordunen erantzukizunpeko adierazpena, non jasoko baita errege lege-dekretu honen arabera baliabide ekonomiko nahikorik ez dutela jotzeko baldintzak betetzen dituztela.
12. artikulua. Ondasun higiezinen hipoteka-zorren luzamendu-eskaera.
Errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuaren barruan dauden zordunek luzamendua eska diezaiokete hartzekodunari, ohiko etxebizitza eskuratzeko hipoteka-maileguaren ordainketen gainean; eskaerak, betiere, errege lege-dekretu honen indarraldia amaitu eta hamabost egun igaro baino lehen aurkeztu behar dira. Luzamendu-eskaerarekin batera, 11. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu behar dute zordunek.
13. artikulua. Luzamendua onartzea.
1. Behin errege lege-dekretu honen 12. artikuluan jasotako luzamendu-eskaera aurkeztuta, entitate hartzekodunak gehienez ere 15 egun izango ditu hura ezartzeko.
2. Luzamendua onarturik, entitate hartzekodunak haren berri emango dio Espainiako Bankuari, eta adieraziko dio, batetik, zer iraupen izango duen kontabilitate-ondoreetarako eta, bestetik, ez zaiola egotziko arrisku-horniduren zenbaketari.
14. artikulua. Luzamenduaren ondorioak.
1. Xedapen honen 12. artikuluan jasotako luzamendu-eskaerak berekin dakar hipoteka-zorra etetea hitzartutako denbora-tarterako. Beraz, luzamendua indarrean dagoen bitartean ez da aplikatuko hipoteka-maileguaren kontratuan ageri den aurretiaz mugaeguneratzeko klausula.
2. Kapitulu honek xedatzen duen luzamendua indarrean dagoen bitartean, entitate hartzekodunak ezingo du eskatu hipoteka-kuota edo hura osatzen duten kontzeptuak (kapitalaren amortizazioa edo interesak) ordain diezazkiotela, ez osorik, ez ehunekorik. Interesik ere ez da sortuko.
15. artikulua. Berandutze-interesak ez aplikatzea.
1. Baldin eta ondasun higiezinen hipotekaren bidez bermatutako mailegu- edo kreditu-kontratuetako zorduna kalteberatasun ekonomikoko kasu praktikoan badago eta entitateari inguruabar hori egiaztatzen badio, ezingo da berandutze-interesik aplikatu luzamendua indarrean dagoen bitartean.
2. Interesen aplikaziorik eza, nolanahi ere, ez zaie aplikatuko errege lege-dekretu honetan araututa ez dauden zordunei edo kontratuei.
16. artikulua. Zordunak ondasun higiezinen hipoteka-zorra berregituratzeko neurriak behar bezala ez aplikatzearen ondorioak.
1. Baldin eta hipoteka-kreditu edo -mailegu baten zorduna errege lege-dekretu honetan ezarritako luzamendu-neurriez baliatu bada 9. artikuluan aurreikusitako baldintzak bete gabe, eta kalteak eragiten baditu, kalte-ordainen erantzule izango da, bai eta malgutze-neurriok aplikatzeak sortutako gastu guztien erantzule ere, hargatik eragotzi gabe zordunaren jokabide horrek ekar lezakeen beste edozein erantzukizun.
2. Kalte-ordainen eta gastuen zenbatekoa ezingo da izan zordunak araua aplikatzean bidegabeki eskuratutako etekina baino txikiagoa.
3. Halaber, zordunak bere erantzukizunari aurre egin beharko dio, baldin eta, neurriok aplikatzea lortzeko helburuz, bere borondatez eta nahita, kalteberatasun ekonomikoan egotea edo mantentzea bilatzen badu; horrelakoetan, egoera hori egiaztatzea mailegua edo kreditua hitzartuta duen entitatearen esku egongo da.
V
17. artikulua. Jarduera etetearen ondoriozko aparteko prestazioa, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratu den alarma-egoerak ukitutako pertsonentzat.
1. Salbuespenez eta hilabeteko indarraldi mugatuarekin, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua indarrean jarri zenetik kontatzen hasita, edo alarma-egoera amaitzen den hilabeteko azken egunera arte, baldin eta alarma-egoera hilabete baino gehiago luzatzen bada, errege-dekretu horren babesean jarduera eten duten norberaren konturako langileek edo langile autonomoek, edo prestazioa eskatu aurreko hilabetean gutxienez ehuneko 75 gutxiago fakturatu dutenek -aurreko seihilabeteko fakturazioaren batezbestekoarekin alderatuta- eskubidea izango dute artikulu honek arautzen duen jarduera etetearen ondoriozko aparteko prestazioa jasotzeko, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Alarma-egoera deklaratu zen egunean Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian afiliatuta eta altan egotea, edo, bestela, Gizarte Segurantzako Itsas Langileen Araubide Berezian.
b) Langilearen jarduera ez bada zuzenean etenda geratu martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren arabera, egiaztatu behar da gutxienez ehuneko 75 gutxiago fakturatu dela aurreko seihilabeteko fakturazioarekin alderatuta.
c) Gizarte Segurantzako kuotak ordainduta edukitzea. Jarduera eten edo fakturazioa murriztu den datan betekizun hori betetzen ez bada, organo kudeatzaileak ordainketa egiteko eskatuko dio langile autonomoari, zor dituen kuotak hogeita hamar egun naturaleko epe luzaezinean ordain ditzan. Zorpekoa erregularizatzeak erabateko eraginak izango ditu babeserako eskubidea bereganatzeko.
2. Artikulu honek arautzen duen prestazioaren zenbatekoa honela zehaztuko da: Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 339. artikuluaren arabera kalkulatutako oinarriari ehuneko 70 aplikatuz -Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen-. Ez bada egiaztatzen prestaziorako eskubidea izateko behar den gutxieneko kotizazio-aldia, prestazioaren zenbatekoa honen baliokidea izango da: Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo, hala badagokio, Langile Autonomoen Araubide Bereziaren edo Itsas Langileen Araubide Bereziaren gutxieneko kotizazio-oinarriaren ehuneko 70.
3. Artikulu honek xedatzen duen jarduera etetearen ondoriozko aparteko prestazioak hilabeteko iraupena izango du, eta, hala badagokio, alarma-egoera amaitzen den hilabeteko azken egunera arte luzatuko da, baldin eta alarma-egoera luzatzen bada eta hilabete baino gehiago irauten badu. Prestazioa jasotzen igaro den denbora kotizatutzat joko da, eta ez ditu laburtuko jarduera eteteagatik onuradunak etorkizunean jaso ditzakeen prestazioen aldiak.
4. Prestazioa ezingo da jaso Gizarte Segurantzako sistemaren beste edozein prestaziorekin batera.
5. Lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileek ere aparteko prestaziorako eskubidea izango dute, erabaki badute norberaren konturako langileen araubide berezian sartzea et a artikulu honetan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.
6. Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 346. artikuluan aipatzen diren entitateek kudeatuko dute prestazioa.
VI
18. artikulua. Komunikazio elektronikoko zerbitzuak eta banda zabaleko konektagarritasuna mantentzeko bermea.
Salbuespenez, alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, komunikazio elektronikoko zerbitzuen enpresa hornitzaileek mantendu egin beharko dituzte alarma-egoera deklaratu zen egunean beren bezeroek kontratatuta zituzten komunikazio elektronikoko zerbitzuak; hau da, ezingo dituzte zerbitzuak bertan behera utzi edo eten, nahiz eta kontsumitzaileek izenpetutako zerbitzu-kontratuetan aukera hori jasota egon, ez bada komunikazio elektronikoen sare eta zerbitzuen osotasun- eta segurtasun-arrazoiengatik, zeinak definitzen baitira Telekomunikazioei buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorraren 44. artikuluan.
19. artikulua. Telekomunikazioen zerbitzu unibertsala emateko bermea.
1. Alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, telekomunikazioen zerbitzu unibertsala eskaintzeko izendatu den komunikazio elektronikoko zerbitzuen hornitzaileak bermatu egin behar du telekomunikazioen zerbitzu unibertsala osatzen duten elementuen eskaintza, eta, gutxienez, gaur egun duen onuradun-multzoari eta zerbitzu unibertsala osatzen duen zerbitzu-multzoaren kalitateari eutsiko die, bat etorriz Telekomunikazioei buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorraren 25. artikuluarekin eta legea garatzeko araudiarekin.
2. Bereziki, zerbitzuen jarraitutasuna eta kalitatea bermatuko ditu, eta ezingo du onuradun-kopurua gutxitu, batez ere alderdi hauei dagokienez:
a) Internetera irispide funtzionala izateko zerbitzuaren egungo onuradun-multzoa eta baldintzak, apirilaren 15eko 424/2005 Errege Dekretuaren 28. artikuluan ezarritakoaren arabera (errege-dekretu horren bidez, Komunikazio elektronikoko zerbitzuak, zerbitzu unibertsala eta erabiltzaileentzako babesa emateko baldintzei buruzko Erregelamendua onartu zen).
b) Zerbitzuaren eskuragarritasuna bermatzeko egungo baldintzak, apirilaren 15eko 424/2005 Errege Dekretuaren 35. artikuluan ezarritakoaren arabera (errege-dekretu horren bidez, Komunikazio elektronikoko zerbitzuak, zerbitzu unibertsala eta erabiltzaileentzako babesa emateko baldintzei buruzko Erregelamendua onartu zen).
20. artikulua. Eramangarritasuna etetea.
Alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, komunikazio elektronikoko zerbitzuen hornitzaileek ez dute aparteko kanpaina komertzialik egingo, zenbaki-eramangarritasuna eskatzen duten komunikazio elektronikoko zerbitzuak kontratatzeko, zeren eta, halakoak kontratatuz gero, litekeena baita erabiltzaile gehiago bertaratzea bezeroentzako arreta presentzialeko zentroetara edo esku-hartze fisiko gehiago egin behar izatea bezeroen etxeetan zerbitzuen jarraitutasuna bermatzeko.
Xede berberarekin, alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, etenda geratuko dira aribidean ez dauden zenbaki finkoen eta mugikorren eramangarritasun-eragiketak, ezinbesteko eta salbuespenezko kasuak ez badira.
21. artikulua. Alarma-egoera indarrean dagoen bitartean produktuak itzultzeko epea geldiaraztea.
Alarma-egoera eta haren luzapenak indarrean dauden bitartean, edozein modalitatetan -presentzialki zein linean- erositako produktuak itzultzeko epeak geldiaraziko dira. Epeak berriro hasiko dira zenbatzen, alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak edo, hala badagokio, haren luzapenek indarrean egoteari uzten diotenean.
Jarduera aldi baterako doitzeko mekanismoak malgutzeko neurriak, kaleratzeak saiheste aldera.
22. artikulua. Ezinbesteko kasuetan kontratuak eteteko eta lanaldiak murrizteko egin behar diren prozedurekin lotutako salbuespenezko neurriak.
1. COVID-19aren ondoriozko edo alarma-egoeraren deklarazioaren ondoriozko jarduera-galerek zuzenean eragin dituzten kontratu-eteteak eta lanaldi-murrizketak ezinbesteko kasutzat hartuko dira, baldin eta behar bezala egiaztatzen bada honako hauek berekin ekarri dituztela: jarduerak etetea edo bertan behera uztea; publikoarentzat zabalik zeuden lokalak aldi baterako ixtea; garraio publikoa eta, oro har, pertsonen eta salgaien mugikortasuna murriztea; jarduerak ohi bezala garatzen jarraitzea modu larrian galarazten duen hornigairik eza; edo, bestela, plantilla kutsatuta egoteagatik aparteko eta presako neurriak hartu behar izan badira edo osasungintzako agintaritzak egindako dekretu baten bidez prebentziozko bakartze-neurriak ezarri behar izan badira. Halako kasuek Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 47. artikuluan jasotako ondorioak izango dituzte -urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategin hori-.
2. Enpresak, 1. apartatuaren arabera, kontratuak etetea edo lanaldia aldi baterako murriztea erabakitzen duenean, berezitasun hauek aplikatuko zaizkio halako espedienteen araudian ezarrita dagoen prozedurari:
a) Prozedura enpresak eskatuta hasiko da; eskaerarekin batera, txosten bat entregatuko da, non azalduko baita jardueraren galerak zerikusia duela COVID-19aren ondorioekin, eta, hala badagokio, egiaztagiriak ere aurkeztu beharko dira. Enpresak eskaeraren berri emango die langileei, eta txostena eta egiaztagiriak -halakorik badago-langileen ordezkariei helaraziko dizkie.
b) Lan-agintaritzari dagokio egiaztatzea artikulu honetan bildutako kontratuak eteteko edo lanaldiak murrizteko arrazoia ezinbesteko kasua dela, edozein dela ere ukitutako langileen kopurua.
c) Lan-agintaritzak bost egun izango ditu ebazpena emateko, eskaera-egunetik zenbatzen hasita; hala badagokio, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren txostena eskuratuko du aurretiaz. Ebazpenean, bakar-bakarrik adierazi beharko du, hala badagokio, enpresak alegatu dituen ezinbesteko arrazoiak egiaztatuta daudela. Enpresari egokituko zaio, berriz, kontratu-eteteen edo lanaldi-murrizketen neurriak aplikatzea. Neurriek ondorioak izango dituzte ezinbesteko arrazoia sorrarazi duen egitatearen egunetik aurrera.
d) Lan-agintaritzak aukeran izango du Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari txostena eskatzea, eta azken horrek bost eguneko epe luzaezina izango du txostena bideratzeko.
3. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean edo langabezia-gertakaria estalita duen araubide bereziren batean sartuta dauden lan elkartuko kooperatibetako edo lan-sozietateetako bazkide langileak ukitzen dituzten kontratu-eteteen eta lanaldi-murrizketen espedienteak izapidetzeko, urtarrilaren 19ko 42/1996 Errege Dekretuak xedatutako prozedura espezifikoa aplikatuko da (42/1996 Errege Dekretua, zeinaren bidez langabezia-babesa zabaltzen baitzaie aldi baterako etenda edo aldi baterako lanaldi-murrizketan dauden lan elkartuko kooperatiboetako bazkide langileei), salbu eta lan-agintaritzak ebazpena emateko duen epeari buruz eta Laneko eta Gizarte Segurantzako txostenari buruz ezarrita dagoenari dagokionez; alderdi horiek aurreko apartatuaren c) eta d) letren arabera arautuko dira.
23. artikulua. Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolamendukoak eta ekoizpenekoak direla-eta kontratuak eteteko eta lanaldiak murrizteko egin behar diren prozedurekin lotutako salbuespenezko neurriak.
1. Enpresak kontratuak etetea edo lanaldia aldi baterako murriztea erabakitzen duenean COVID-19arekin zerikusia duten arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolamendukoak edo ekoizpenekoak direla-eta, berezitasun hauek aplikatuko zaizkio halako espedienteen araudian ezarrita dagoen prozedurari:
a) Langileen legezko ordezkaritzarik ez badago, kontsultaldia negoziatzeko langileen ordezkaritza-batzordeko kide izango dira enpresari dagokion sektoreko ordezkaritza handieneko sindikatuak, legitimazioa dutenak aplikatu behar den hitzarmen kolektiboa negoziatzeko batzordean parte hartzeko. Baldintza horiek betetzen dituen sindikatu bakoitzetik ordezkari bat egongo da batzordean, eta erabakiak ordezkaritza-gehiengoen bidez hartuko dira. Ordezkaritza hori osatu ezean, batzordea enpresako hiru langilek osatuko dute, zeinak hautatuko baitira Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluan jasotakoaren arabera.
Kasu batean zein bestean, ordezkaritza-batzordea 5 eguneko epe luzaezinean eratuko da.
b) Enpresak eta langileen ordezkaritzak edo aurreko puntuan jasotako ordezkaritza-batzordeak egingo duten kontsultaldia zazpi egunekoa izango da, gehienez ere.
c) Lan-agintaritzak aukeran izango du Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari txostena eskatzea, eta azken horrek zazpi eguneko epe luzaezina izango du txostena bideratzeko.
2. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean edo langabezia-gertakaria estalia duen araubide bereziren batean sartuta dauden lan elkartuko kooperatibetako edo lan-sozietateetako bazkide langileak ukitzen dituzten kontratu-eteteen eta lanaldi-murrizketen espedienteak izapidetzeko, urtarrilaren 19ko 42/1996 Errege Dekretuak xedatutako prozedura espezifikoa aplikatuko da, salbu eta kontsultaldia egiteari buruz eta Laneko eta Gizarte Segurantzako txostenari buruz ezarrita dagoenari dagokionez; alderdi horiek aurreko apartatuaren b) eta c) letren arabera arautuko dira.
24. artikulua. COVID-19arekin lotutako ezinbesteko kasuetan kontratuak eteteko eta lanaldiak murrizteko egin behar diren prozedurekin zerikusia duten kotizazioaren arloko aparteko neurriak.
1. Xedapen honek 22. artikuluan definitutakoaren arabera COVID-19arekin lotutako ezinbesteko kasu izateagatik baimendu diren kontratu-eteteen eta lanaldi-murrizketen espedienteetan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak zenbait ordainketa egitetik salbuetsiko du enpresa, arrazoi horrengatik kontratuak etenda eta lanaldiak murriztuta dituen bitartean, baldin eta enpresak, 2020ko otsailaren 29an, 50 langile baino gutxiago bazituen alta emanda Gizarte Segurantzan; hain zuzen ere, honako hauek ordaintzetik salbuetsita geratuko da enpresa: Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 273.2 artikuluan aurreikusita dagoen enpresa-ekarpena (testu bategina urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen) eta baterako bilketaren kuotak. Enpresak 50 langile edo gehiago bazituen alta emanda Gizarte Segurantzan, kotizatzeko betebeharraren salbuespenak enpresa-ekarpenaren % 75 egingo du.
2. Salbuespen horrek ez dio ondoriorik ekarriko langileari; alegia, aldi hori benetan kotizatutakotzat hartuko da ondore guztietarako, eta ez da aplikatuko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 20. artikuluan ezarrita dagoena.
3. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak aplikatuko du kuoten salbuespena, baldin eta enpresaburuak hala eskatzen badu eta langileen nortasuna eta etetearen edo lanaldi-murrizketaren aldia aurretiaz jakinarazten baditu. Kuoten salbuespena kontrolatzeko, aski izango da egiaztatzea Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak langabezia-prestazioa onartu duela dagokion aldirako.
4. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak enpresaren eskaeran jasota dagoen informazioa kontrolatzeko funtsezkoak diren komunikazio-sistemak ezarriko ditu; zehazki, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak langabezia-prestazioa jasoko den aldiei buruz duen informazioa erabiliko du.
25. artikulua. Langabezia-babesaren arloko aparteko neurriak, 22. eta 23. artikuluetan adierazitako prozedurak aplikatzearen ondorioz.
1. Baldin eta enpresak erabakitzen badu kontratuak etetea edo lanaldia aldi baterako murriztea Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 47. artikuluan aurreikusitako arrazoiengatik, errege lege-dekretu honetan araututako aparteko inguruabarrak oinarri hartuta, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta, hala badagokio, Itsasoko Gizarte Institutuak neurri hauek hartuko dituzte:
a) Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren III. tituluan araututa dagoen langabezia-prestazio kontributiborako eskubidea onartzea ukitutako langileei, nahiz eta ez izan kotizatuta horretarako beharrezkoa den gutxieneko jarduera-aldia (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
b) Lehen adierazitako aparteko inguruabarren zuzeneko eragina dela-eta langabezia-prestazio kontributiboa jasotzen den denbora-tartea ez zenbatzea hura jasotzeko ezarrita dauden gehieneko aldiak kontsumitzearen ondoreetarako.
2. Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 264. artikuluan jasotako langileei ez ezik, lan-sozietateetako eta lan elkartuko kooperatiboetako bazkide langileei ere aurreko apartatuan araututa dauden neurriak aplikatu ahal izango zaizkie, baldin eta langabezia-gertakariarengatik kotizatzea aurreikusita badaukate.
Kasu guztietan, lan- edo sozietate-harremana errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik hasita egotea eskatuko da.
3. Aurreko 1. apartatuan ezarrita dauden neurriak ukitutako langileei aplikatuko zaizkie, bai enpresak erabakia hartu duen unean langabezia-prestaziorako edo -subsidiorako aurreko eskubideren bat etenda dutenei, bai prestazio kontributiborako eskubidea sortzen duen gutxieneko jarduera-aldia kotizatu ez dutenei, eta bai aurretiaz langabezia-prestaziorik jaso ez dutenei.
Kasu guztietan, langabezia-prestazio kontributiborako beste eskubide bat onartuko da, zenbatekoari eta iraupenari dagokionez berezitasun hauek aplikatuta:
a) Prestazioaren oinarria kalkulatzeko, azken 180 egunetan kotizatutako oinarrien batezbestekoa zenbatuko da, edo, halakorik ezean, legezko langabezia-egoeran egon aurretik kotizatu den aldi laburragoarena; denbora hori kontratua etetea edo lanaldia murriztea zuzenean eragin duten aparteko inguruabarrek ukitutako lan-harremanaren babesean lan egindakoa izan behar da.
b) Eskubidea sorrarazi duen lan-kontratuak etenda egoteari edo lanaldiak aldi baterako murriztuta egoteari utzi arte emango da prestazioa.
4. Langabezia-prestaziorako eskubidea onartzeko prozedura hasi, instruitu eta ebazteko, bete egin behar dira ezinbesteko arrazoiak edo arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolamendukoak edo ekoizpenekoak direla-eta kontratuak aldi baterako eteteko edo lanaldiak aldi baterako murrizteko kasuetarako lege-arauek eta erregelamenduek xedatu dutena.
5. Aurreko 2. apartatuan aipatu diren kooperatibetako bazkide langileen kasuan, legezko langabezia-egoerak frogatzeko, lan-agintaritza eskudunak behar bezala egiaztatu behar ditu etetea edo lanaldiaren aldi baterako murrizketa eragin duten arrazoiak, bat etorriz urtarrilaren 19ko 42/1996 Errege Dekretuan araututako prozedurarekin (42/1996 Errege Dekretua, zeinaren bidez langabezia-babesa zabaltzen baitzaie aldi baterako etenda edo aldi baterako lanaldi-murrizketan dauden lan elkartuko kooperatiboetako bazkide langileei).
6. Aldizkako langile finkoek eta data jakinetan errepikatzen diren lan finko eta aldizkakoak egiten dituztenek berriro jaso ahal izango dituzte langabezia-prestazioak -gehienez ere 90 egunez- legezko langabezia-egoerara itzultzen direnean, baldin eta COVID-19aren eraginaren ondorioz eten bazaie kontratua, izatez, aparteko egoera hori gertatu ezean, jarduera-aldia izango zen garai batean. Aparteko egoera hori gertatu ezean garai hori jarduera-aldia izango zen ala ez zehazteko, zera hartuko da kontuan, lan-kontratu beraren babesean langileak aurreko urtean benetan lan egindako aldia. Langilearen lehenengo urtea bada, enpresan harekin konparagarriak diren beste langile batzuen jarduera-aldiak hartuko dira. Neurri hori kontsumitutako eskubide berari aplikatuko zaio, eta entitate laguntzaileak ofizioz onartuko du, interesdunak berrekiteko eskaera egiten duenean.
26. artikulua. Langabezia-prestazioen eskaerak garaiz kanpo aurkeztearen ondorioak aldi baterako mugatzea.
Agintariek COVID-19a hedatzearen ondorioei aurre egiteko hartu dituzten osasun publikoko aparteko neurriak indarrean dauden bitartean -herritarren mugikortasuna mugatzen duten neurriak edo langabezia-babesaren kudeaketa ukitzen duten zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragiten diotenak-, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta, hala badagokio, Itsasoko Gizarte Institutuak ez dute aplikatuko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginak 268.2 eta 276.1 artikuluetan xedatutakoa. Beraz, langabezia-prestazioaren eta -subsidioaren hasierako altari edo berrekiteari buruzko eskaerak legez ezarritako epeetatik kanpo aurkezteak ez du berekin ekarriko dagokion prestaziorako eskubidearen iraupena murriztea.
27. artikulua. Langabezia-subsidioaren luzapenari eta urteko errenta-aitorpenari buruzko aparteko neurriak.
Agintariek COVID-19a hedatzearen ondorioei aurre egiteko hartu dituzten osasun publikoko aparteko neurriak indarrean dauden bitartean -herritarren mugikortasuna mugatzen duten neurriak edo langabezia-babesaren kudeaketa ukitzen duten zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragiten diotenak-, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta, hala badagokio, Itsasoko Gizarte Institutuak neurri hauek hartu ahal izango dituzte:
a) Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginak 276.2 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoa ez aplikatzea, eta entitate kudeatzaileari baimena ematea ofizioz luza dezan langabezia-subsidioa jasotzeko eskubidea, baldin eta hura sei hilean behin luzatzekoa bada; ondorioz, eskaera ez aurkezteak ez du etengo langabezia-subsidioa eta ez du murriztuko haren iraupena.
b) 276.3 artikuluaren hirugarren paragrafoan ezarritakoa ez aplikatzea, eta, hortaz, urtetik gorakoentzako subsidioaren onuradunei ez zaie etengo subsidioaren eta Gizarte Segurantzaren kotizazioaren ordainketa, nahiz eta nahitaezko urteko errenta-aitorpena legez ezarrita dagoen epetik kanpo aurkeztu.
28. artikulua. II. kapituluan jasotako neurrien iraunaldia.
Errege lege-dekretu honen 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan jasotako neurriak COVID-19aren ondoriozko aparteko egoerak irauten duen bitartean egongo dira indarrean.
Likidezia-bermea, egoeraren ondoriozko zailtasun iragankorren aurrean jarduera ekonomikoari eusteko
1. atala. COVID-19aren ondorio ekonomikoak leuntzeko enpresentzat eta autonomoentzat bideratutako abal-lerroa, eta ICOren zorpetze garbiaren muga handitzea
29. artikulua. Finantza-erakundeek enpresei eta autonomoei emandako finantzaketa Estatuaren kontura estaltzeko lerro bat onartzea.
1. Enpleguari eusteko eta COVID-19aren ondorio ekonomikoak leuntzeko, Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioak abalak emango dizkio kreditu-erakundeek, kredituko finantza-establezimenduek, diru elektronikoko erakundeek eta enpresa eta autonomoentzako ordainketa-erakundeek emandako finantzaketari, besteak beste honako hauetatik eratorritako beharrei erantzuteko: fakturen kudeaketa, zirkulatzailearen beharra, finantza- edo zerga-obligazioen epemugak edo beste likidezia-behar batzuk.
2. Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioak gehienez ere 100.000 milioi eurorainoko abalak eman ahalko ditu. Aplikatu beharreko baldintzak eta bete beharreko betekizunak, abala eskatzeko gehieneko epea barnean dela, Ministro Kontseiluaren erabaki baten bidez ezarriko dira, eta ez da beharrezkoa izango gerora araudia garatzea.
3. Europar Batasunak Estatuaren laguntzen arloan ezarri duen araudia bete beharko dute arau honetan araututako abalek eta Ministro Kontseiluaren erabakian garatutako baldintzek.
2. atala. ICOren zorpetze garbiaren muga handitzea, enpresak eta autonomoak finantzatzeko diren ICOren lerroen zenbatekoak handitzeko
30. artikulua. ICOren zorpetze garbiaren muga handitzea, enpresak eta autonomoak finantzatzeko diren ICOren lerroak handitzeko.
1. Kreditu Ofizialeko Institutuarentzat Estatuko Aurrekontuen Legean aurreikusitako zorpetze garbiaren muga 10.000 milioi euroan handitu da, enpresei likidezia gehigarria emateko, bereziki enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei. Hori Kreditu Ofizialeko Institutuaren finantzaketa-lerroen bitartez gauzatuko da, finantza-erakundeen bitartekotzaren bidez, bai epe labur, ertain eta luzera, eta enpresa handiagoentzako zuzeneko finantzaketa-politikaren arabera.
2. Kreditu Ofizialeko Institutuak beharrezko neurriak hartuko ditu, erabaki-organoen bidez, eskuragarri dagoen finantzaketa malgutzeko eta handitzeko eta enpresek kreditua errazago eskuratzeko, bere estatutuetan aurreikusitako beharrezko finantza-oreka zainduz.
II
31. artikulua. Aseguru-estalduraren ezohiko lerroa.
1. Ezohiko izaeraz, eta Errege Lege Dekretu hau indarrean jartzen denetik 6 hilabeteko iraupenarekin, 2.000 milioi eurorainoko aseguru-estalduraren lerro bat sortzea baimentzen da, Nazioartekotze Arriskuen Erreserba Funtsaren kargura, honako ezaugarri hauekin:
a) Konpainia esportatzailearentzat beharrezkoak diren zirkulatzaile-kredituak hautatu ahal izango dira, nazioarteko kontratu batekin edo batzuekin zuzeneko harremanik izan gabe ere, betiere finantzaketa-premia berriei erantzuten badiete eta ez egungo krisialdiaren aurreko egoerei.
b) Onuradunak: Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko definizioaren arabera enpresa txiki eta ertaintzat hartzen diren Espainiako enpresak, bai eta tamaina handiagoko beste enpresa batzuk ere, betiere kotizatu gabeko erakundeak badira eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
- Enpresa nazioartekotuak edo nazioartekotze-prozesuan daudenak izatea, gutxienez baldintza hauetako bat betetzen dutelako:
• nazioarteko negozioa, azken finantza-informazioan adierazia, gutxienez negozio-zifraren herena (% 33) duten enpresak, edo
• esportatzaile erregularrak diren enpresak (azken lau urteetan erregularki esportatu duten enpresak, Merkataritzako Estatu Idazkaritzak ezarritako irizpideen arabera).
- Enpresak likidezia-arazoa edukitzea edo finantzaketarik eskuratu ezin izatea, COVID-19aren krisialdiak bere jarduera ekonomikoan izan duen inpaktuaren ondorioz.
c) Berariaz kanpoan geratzen dira konkurtso-egoeran edo aurrekonkurtso-egoeran dauden enpresak, bai eta sektore publikoko enpresekin ez ordaintzeagatiko gorabeherak edo administrazioarekiko zorrak dituztenak ere -2019ko abenduaren 31 baino lehen erregistratuak-.
d) Lerro honen pean sinatutako eragiketetan, kreditu-arriskuaren estalduraren ehunekoak ez du gaindituko unean-unean ezar daitekeen muga, Estatuaren laguntzei buruzko Europar Batasunaren araudiaren arabera.
2. Lerroari egozten zaizkion banakako eragiketak erabakitzeko mekanismo azkarrak erabiliko dira, eta eragiketa bakoitzaren arriskuaren analisia ere, bereziki enpresa txiki eta ertainentzat, ezohiko informazio- eta kaudimen-irizpideekin egingo da, osasun-krisialdiak sortutako merkatuko baldintzetan, krisialdiak irauten duen bitartean.
3. Lerroa 1.000 milioi euroko bi zatitan antolatuko da, eta bigarrena indarrean jarriko da lehen zatia behar bezala exekutatu dela egiaztatu ondoren.
4. Estatuaren Konturako Arriskuen Batzordeari baimena ematen zaio estaldura-lerroaren barruan mota guztietako merkataritza-eragiketak sar ditzan, nazionalak barnean direla, bai ondasun-hornidurakoak, bai zerbitzuak ematekoak, bai Espainiako enpresek egiten dituzten beste eragiketa batzuk, ulertzen baita eragiketa horiek lehentasunez nazioartekotzearen esparruan jarduten duten enpresa horien merkataritza-estrategiaren parte direla.
5. Esportaziorako Kreditu Aseguruen Espainiako Konpainiak (CESCE) emango ditu estaldurak, bere izenean eta Estatuaren kontura, apirilaren 22ko 8/2014 Legean, abenduaren 5eko 1006/2014 Errege Dekretuan eta errege lege-dekretu honetan ezarritakoaren arabera.
6. Salbuespen gisa, Nazioartekotze Arriskuen Erreserba Funtsari behar adina aurrekontu-zuzkidura egingo zaizkio, lerro honen kargura ordaindutako kalte-ordainen zenbatekoan, Nazioartekotze Arriskuen Erreserba Funtsaren epe ertain eta luzeko finantza-jasangarritasuna bermatzeko.
III
32. artikulua. Aduana-izapideetarako eskumenak esleitzea.
Zerga Administrazioko Estatu Agentziako Aduanen eta Zerga Berezien Saileko titularrak erabaki ahal izango du Aduanen eta Zerga Berezien Arloko edozein organo edo funtzionariok egin behar dituela aitorpen-prozedura eta horrek jasotzen dituen aduana-izapideak.
Ondorio horietarako, ez da aplikatuko Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 84. artikuluan ezarritakoa.
33. artikulua. Zerga-arloan epeak etetea.
1. Honako izapide hauen epeak, errege lege-dekretu han indarrean jartzean amaituta ez badaude, 2020ko apirilaren 30era arte luzatuko dira: Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 62. artikuluaren 2. eta 5. apartatuetan aurreikusitako tributu-zorra ordaintzeko epeak; emandako geroratze- eta zatikatze-akordioen epeen eta zatikien epemugak; enkanteen garapenarekin eta ondasunen adjudikazioarekin lotutako epeak (uztailaren 29ko 939/2005 Errege Dekretuaren bidez onartutako Zerga-bilketako Erregelamendu Orokorraren 104.2 eta 104 bis artikuluetan aipatutakoak); eta errekerimenduei, enbargo-eginbideei eta tributu-arloko garrantzia duten informazio-eskaerei erantzuteko epeak, izapide hori irekitzeko egintzen edo entzunaldi-egintzen aurrean alegazioak aurkezteko epeak, tributuak aplikatzeko prozeduretan emandakoak, zehapenekoak edo deuseztasun-deklaraziokoak, sarrera bidegabeak itzultzekoak, akats materialak zuzentzekoak eta errebokatzekoak.
Horrez gain, premiamendu-prozedura administratiboaren barruan, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik 2020ko apirilaren 30era arte ez da betearaziko ondasun higiezinen gaineko bermerik.
2. Honako izapide hauen epeak 2020ko maiatzaren 20ra arte luzatuko dira, arau orokorrak emandakoa luzeagoa denean izan ezik, kasu horretan arau orokorrak emandakoa aplikatuko baita: Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 62. artikuluaren 2. eta 5. apartatuetan aurreikusitako epeak; emandako geroratze- eta zatikatze-akordioen epeen eta zatikien epemugak; enkanteen garapenarekin eta ondasunen adjudikazioarekin lotutako epeak (uztailaren 29ko 939/2005 Errege Dekretuaren bidez onartutako Zerga-bilketako Erregelamendu Orokorraren 104.2 eta 104 bis artikuluetan aipatutakoak); neurri hau indarrean jartzen denetik aurrera jakinarazten diren errekerimenduei, enbargo-eginbideei, informazio-eskaerei edo alegazio- edo entzunaldi-izapideei erantzuteko epeak.
3. Zergapekoak, aurreko apartatuetako epeak luzatzeko aukera izan arren edo eskubide hori berariaz erreserbatu gabe, zerga-arloan garrantzia duen informazio-eskaerari edo errekerimenduari erantzuten badio edo alegazioak aurkezten baditu, izapidea bideratutzat joko da.
4. Aurreko apartatuetan xedatutakoak ez ditu eragotziko aduana-araudiak alegazioak egiteko eta errekerimenduei erantzuteko epeei buruz aurreikusten dituen berezitasunak.
5. Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik 2020ko apirilaren 30era arteko aldia ez da zenbatuko tributuak aplikatzeko, zehatzeko eta berrikusteko prozeduren -Zerga Administrazioko Estatu Agentziak izapidetuak- gehieneko iraupenaren ondorioetarako; hala ere, aldi horretan, Administrazioak ezinbesteko izapideak bultzatu, agindu eta egin ahal izango ditu.
6. Aurreko apartatuan aipatutako aldia ez da zenbatuko Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 66. artikuluan ezarritako epeen ondorioetarako, ezta iraungitze-epeen ondorioetarako ere.
7. Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 66. artikuluan aurreikusitako epeak zenbatzeko ondorioetarako soilik, berraztertze-errekurtsoan eta prozedura ekonomiko-administratiboetan, horiek amaitzen dituzten ebazpenak jakinarazitzat joko dira errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik 2020ko apirilaren 30era bitartean ebazpena jakinarazteko saiakera bat egiaztatzen denean.
Tributu-egintzen aurrean errekurtsoak edo erreklamazio ekonomiko-administratiboak jartzeko epea, bai eta prozedura ekonomiko-administratiboetan emandako ebazpenen aurka administrazio-bidean errekurtsoak aurkezteko epea ere, ez da hasiko harik eta aldi hori amaitu arte, edo jakinarazpena Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren III. tituluko II. kapituluko hirugarren atalean ezarritako moduan egin arte, azken hori aurrekoa baino geroago gertatu bada.
8. Katastroko Zuzendaritza Nagusiak egindako errekerimenduei eta informazio-eskaerei erantzuteko epeak, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denean oraindik ere erantzuteko epean badaude, 2020ko apirilaren 30era arte luzatuko dira.
Neurri hau indarrean jartzen denetik aurrera Katastroko Zuzendaritza Nagusiak jakinarazten dituen alegazio- edo entzunaldi-izapideei hasiera emateko egintzei erantzuteko epea 2020ko maiatzaren 20ra artekoa izango da, arau orokorrak emandakoa luzeagoa denean izan ezik; kasu horretan, azken hori aplikatuko da.
Zergapekoak, aurreko apartatuetako epeak luzatzeko aukera izan arren edo eskubide hori berariaz erreserbatu gabe, zerga-arloan garrantzia duen informazio-eskaerari edo errekerimenduari erantzuten badio edo alegazioak aurkezten baditu, izapidea bideratutzat joko da.
Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik 2020ko apirilaren 30era arteko aldia ez da zenbatuko ofizioz hasitako prozeduren gehieneko iraupenaren ondorioetarako; hala ere, aldi horretan, Administrazioak ezinbesteko izapideak bultzatu, agindu eta egin ahal izango ditu.
IV
34. artikulua. Kontratazio publikoaren arloko neurriak, COVID-19aren ondorioak leuntzeko.
1. Errege lege-dekretu hau indarrean jartzean indarrean dauden ondoz ondoko prestazioko hornidura- eta zerbitzu-kontratu publikoak, sektore publikoko erakundeek egindakoak, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 3. artikuluan zehaztutakoaren arabera -lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB Zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora- ezin badira egikaritu COVID-19aren ondorioz edo Estatuak, autonomia-erkidegoek edo toki-administrazioak horri aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz, automatikoki etengo dira prestazioa galarazten duen egitatezko egoera gertatzen denetik prestazio hori berriro has daitekeen arte. Ondorio horietarako, prestazioa berriz hasteko modua egongo da, prestazioa eragozten zuten inguruabarrak edo neurriak amaitu ondoren, kontratazio-organoak kontratistari etena amaitu dela jakinarazten dionean.
Aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera, kontratu publiko baten egikaritzea eteten bada, erakunde adjudikatzaileak kontratistari ordaindu beharko dizkio etenaldian zehar kontratistak benetan jasandako kalte eta galerak, aldez aurretik kontratistak kalte eta galera horiek egiazkoak izan direla, zenbat izan diren eta eraginkorrak izan direla egiaztatuta. Kontratistari kalte-ordain hauek baino ez zaizkio emango:
1 .a 2020ko martxoaren 14an kontratuaren egikaritze arruntera atxikita zeuden langileei, kontratua etenda dagoen bitartean kontratistak benetan ordaindu zizkien soldata-gastuak.
2 .a Behin betiko bermea mantentzeak eragindako gastuak, kontratua etenik egon den garaikoak.
3 .a Makina, instalazio eta ekipamenduen alokairu-gastuak edo mantentze-kostuak, kontratua etenda egon den aldikoak, baldin kontratua egikaritzeari zuzenean atxikita badaude eta kontratistak egiaztatzen badu bitarteko horiek ezin izan direla beste inongo helburutarako erabili kontratua etenda egon den bitartean.
4 .a Agirian aurreikusitako eta kontratuaren xedeari lotutako aseguru-polizei dagozkien gastuak, kontratistak sinatu baditu eta kontratua eteteko unean indarrean badaude.
Paragrafo honetan xedatutakoa aplikatzerik izango da soil-soilik, baldin kontratazio-organoak, kontratistak eskatuta eta bost egun naturaleko epean, kontratua gauzatzeko ezintasunaren bat hauteman badu, kontratuko lehenengo paragrafoan deskribatutako egoeraren ondorioz. Helburu horrekin, kontratazio-organoari aurkeztu beharko dio eskaera kontratistak, eta honako hauek adierazi beharko ditu: zergatik izan den ezinezkoa kontratua betearaztea; zenbat langile, bulego, ibilgailu, makina, instalazioa eta bestelako ekipamendu dituzten kontratua gauzatzeko atxikita une jakin horretan; eta zein arrazoi dauden kontratistak aipatutako baliabideak beste kontratu batean erabiltzerik ez izateko. Baliteke eskabidean adierazten diren inguruabarrak egiaztatu behar izatea gero. Adierazitako epe hori igaro eta kontratistari ez bazaio berariazko ebazpenik jakinarazi, ezetsitzat joko da eskaera.
Artikulu honetan aipatzen diren eteteei ez zaie aplikatuko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 208. artikuluaren 2.a) paragrafoan xedatutakoa, ez eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 220. artikuluan xedatutakoa ere.
Gainera, ondoz ondoko zerbitzuen eta horniduren kontratu publikoetan, kontratu bat epemugara iristean prestazioaren jarraipena ziurtatuko duen kontratu berria oraindik formalizatzeke badago, kontratazio-prozedura bertan behera dagoelako martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duenak, xedatutakoaren ondorioz, eta legokion kontratu berria formalizatzerik ez balego, orduan Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 29.4 artikuluaren azken paragrafoan aurreikusitakoa aplikatzeko aukera izango da, kontratu berriaren lizitazioa zein egunetan argitaratu den aintzat hartu gabe.
Artikulu honen arabera sektore publikoko kontratuak etetea ez da, inola ere, kontratuak suntsiarazteko kausa izango.
2. Aurreko paragrafoan aipatutakoez bestelako zerbitzu- eta hornidura-kontratu publikoen kasuan, demagun kontratu horiek indarrean zeudela errege lege-dekretu hau indarrean jartzean, eta sektore publikoko erakundeek azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 3. artikuluan zehaztutako moduan egindakoak direla, eta ez daudela beren xedea galduta COVID-19ak sortutako egitatezko egoeraren ondorioz; halako kontratuen kasuetan, kontratista atzeratu egin bada kontratuan ezarritako epeak betetzen, -COVID-19aren ondorioz edo Estatuak, autonomia-erkidegoek edo toki-administrazioak horri aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz- eta baldin hark badio hartutako konpromisoak ongi beteko dituela hasierako epea edo abian den luzapena luzatzen bazaio, baliteke kontratazio-organoak epe luzeagoa ematea: kasu horretan epe hori, gutxienez, aipatutako arrazoiagatik galdutako denboraren bestekoa izango da, kontratistak beste epe laburrago bat eskatzen ez badu behintzat. Kontratazio-organoak epea luzatzeko baimena emateko, kontratuaren obra-zuzendariak txostena eman behar du aurrez. Txosten horretan zehaztuko du atzerapena ez dela kontratistari egotz dakiokeen kausagatik izan, baizik eta COVID-19aren ondorioz gertatu dela, aurreko paragrafoan adierazitako moduan. Kasu horietan, kontratistari ez zaio zigorrik ezarriko, ezta kontratua suntsiaraziko ere.
Horrez gain, apartatu honen lehenengo paragrafoan aipatutako kasuetan, kontratistek eskubidea izango dute COVID-19aren ondorioz galdutako denbora dela-eta benetan izan dituen soldata-gastu gehigarrien ordaina ere jasotzeko, baina kontratuaren hasierako prezioaren ehuneko 10 gehienez. Ordainketa hori egiteko, ezinbestekoa da aldez aurretik eskaera egitea, eta kontratistak gastu horiek zenbatekoak diren adieraztea, bai eta egiazkoak eta eraginkorrak direla ere.
3. Errege lege-dekretu hau indarrean jartzean indarrean dauden obra-kontratu publikoetan, baldin sektore publikoko erakundeek azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 3. artikuluan zehaztu bezala egindakoak badira, eta baldin kontratu horiek xedea galduta ez badute COVID-19ak sortutako egitatezko egoeraren edo Estatuak hartutako neurrien ondorioz, eta neurri horiek direla-eta ezinezkoa baldin bada oraingoz kontratua egikaritzea, halakoetan, kontratistak prestazioa eten dadila eskatzeko aukera izango du, prestazioa ematea eragotzi duen egitatezko egoera gertatzen denetik hasita, prestazio hori berriz ere emateko aukera dagoen arte. Ondorio horietarako, prestazioa berriz hasteko modua egongo da, prestazioa eragozten zuten inguruabarrak edo neurriak amaitu ondoren, kontratazio-organoak kontratistari etena amaitu dela jakinarazten dionean.
Paragrafo honetan xedatutakoa aplikatzerik izango da soil-soilik, baldin kontratazio-organoak, kontratistak eskatuta eta bost egun naturaleko epean, kontratua gauzatzeko ezintasunaren bat hauteman badu, kontratuko lehenengo paragrafoan deskribatutako egoeraren ondorioz. Helburu horrekin, kontratazio-organoari aurkeztu beharko dio eskaera kontratistak, eta honako hauek adierazi beharko ditu: zergatik izan den ezinezkoa kontratua betearaztea; zenbat langile, bulego, ibilgailu, makina, instalazioa eta bestelako ekipamendu dituzten kontratua gauzatzeko atxikita une jakin horretan; eta zein arrazoi dauden kontratistak aipatutako baliabideak beste kontratu batean erabiltzerik ez izateko. Adierazitako epe hori igaro eta kontratistari ez bazaio berariazko ebazpenik jakinarazi, ezetsitzat joko da eskaera.
Artikulu honetan aipatzen diren etenei ez zaie aplikatuko 208. artikuluaren 2.a) apartatuan xedatutakoa, ez azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 239. artikuluan xedatutakoa, ez eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 220. artikuluan eta 231. artikuluan xedatutakoa ere.
Paragrafo honetan xedatutakoa «lanak garatzeko programarekin edo obra-planarekin» bat etorriz, kontratua gauzatzeko epea martxoaren 14tik (alarma-egoera hasten den eguna) eta horrek irauten duen bitartean amaitzea aurreikusita dagoen kontratuetan aplikatuko da, COVID-19ak sortutako izatezko egoeraren edo Estatuak hartutako neurrien ondorioz, ezin izan bada obra entregatu. Kasu horietan, kontratistak izango du azken entrega-epea luzatzea eskatzerik, baldin eta hasierako epea luzatuz gero bete gabe dituen konpromisoak beteko dituela eskaini badu.
Epea etetea edo luzatzea, dena delakoa, erabaki ondoren, honako kontzeptu hauek baino ez dira ordainduko:
1 .a Etenaldiak iraun bitartean, kontratistak kontratuaren exekuzio arruntari atxikitako langileei benetan ordaindu dizkien soldaten gastuak.
Ordaindu beharreko soldata-gastuak hauen arabera ordainduko dira: 2017ko irailaren 26an argitaratutako eraikuntza sektoreko VI. Hitzarmen Kolektibo Orokorrean (2017-2021) zehaztutakoak edo negoziazio kolektiboaren beste esparru batzuetan itundutako hitzarmen baliokideetakoak, eta hauexek izango dira: eraikuntzaren sektoreko hitzarmen kolektiboaren 47.2.a artikuluan aipatutako oinarrizko soldata, hitzarmen horren 47.2.b artikuluko desgaitasunagatiko osagarria, eta 47.2.b artikuluko aparteko haborokinak, eta oporren ordainsaria edo horien kontzeptu baliokideak.
Soldaten gastuak zera dira, martxoaren 14a baino lehen kontratua exekutatzeko atxikita zeuden eta kontratua berriz hastean berriz ere atxikita dauden langileen soldata-gastuak dira.
2 .a Behin betiko bermea mantentzeak eragindako gastuak, kontratua etenik egon den garaikoak.
3 .a Makina, instalazio eta ekipamenduen alokairu-gastuak edo mantentze-kostuak, baldin eta kontratistak egiaztatzen badu bitarteko horiek ezin izan direla erabili etendako kontratua egikaritzea ez den beste ezein helburutarako, eta haien zenbatekoa txikiagoa bada makina, instalazio eta ekipamenduen alokairu- edo mantentze-kontratu horiek suntsiarazteko kostua baino.
4 .a Agirian aurreikusitako eta kontratuaren xedeari lotutako aseguru-polizei dagozkien gastuak, kontratistak sinatu baditu eta kontratua eteteko unean indarrean badaude.
Artikulu honetan jasotzen diren kalte-ordainak eta kalte-galeren ordainak jasotzeko eskubidea aitortzekotan, kontratista adjudikaziodun nagusiak honako baldintza hauek betetzen direla egiaztatu beharko du frogatzeko moduan:
- Kontratista nagusiak berak, eta kontratua egikaritzeko kontratatu dituen azpikontratistek, hornitzaileek nahiz bestelakoek 2020ko martxoaren 14an egunean izatea laneko eta gizarteko betebeharrak.
- Kontratista nagusiak 2020ko martxoaren 14an egunean izatea bere azpikontratistei eta hornitzaileei ordaintzeko betebeharrak, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 9/2017 Legearen 216. eta 217. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.
4. Errege lege-dekretu hau indarrean jartzean indarrean dauden obrak eta zerbitzuak emateko kontratu publikoen kasuan, eta kontratuok sektore publikoko erakundeek azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 3. artikuluan zehaztutako moduan egindakoak badira, COVID-19ak sortutako egitatezko egoeragatik nahiz Estatuak, autonomia-erkidegoek edo toki-administrazioak horri aurre egiteko hartutako neurriak direla-eta, emakidadunak eskubidea izango du kontratuko oreka ekonomikoa berrezartzeko. Halakoetan, kasuan-kasuan egoki denaren arabera, hasierako epea luzatzeko aukera izango du, gehienez ere ehuneko 15, edo kontratuan sartuta dauden eduki ekonomikoko klausulak aldatzeko.
Berroreka horrek, nolanahi ere, diru-sarreren galeragatik eta jasandako kostuen gehikuntzagatik konpentsatuko ditu emakidadunak, eta horien artean kontuan hartuko dira benetan ordaindutako soldata-gastu gehigarriak, COVID-19ak sortutako egitatezko egoerak irauten duen bitartean obrak edo zerbitzuak emateko kontratuaren egikaritze arruntean aurreikusitakoekin alderatuta. Konpentsazio hori egiteko, ezinbestekoa da aldez aurretik eskaera egitea, eta kontratistak gastu horiek zenbatekoak diren adieraztea, bai eta egiazkoak eta eraginkorrak direla ere.
Apartatu honetan xedatutakoa aplikatzerik izango da soil-soilik, baldin kontratazio-organoak, kontratistak eskatuta, kontratua egikaritzeko ezintasunen bat hauteman badu, lehenengo paragrafoan deskribatutako egoeraren ondorioz.
5. Artikulu honetan jasotakoa kontratu hauei ere aplikatuko zaie: errege lege-dekretu hau indarrean jartzean indarrean zeudenak, sektore publikoko erakundeek eginik uraren, energiaren, garraioen eta posta-zerbitzuen sektoreetako kontratazio-prozedurei buruzko urriaren 30eko 31/2007 Legearekin bat, edo kontratazio publikoaren arloan zenbait zuzentarau (zehazki, honako sektore hauetakoak; aseguru pribatuak, pentsio-plan eta -funtsak, tributuak eta auziak) Espainiako ordenamendu juridikoan sartzeko premiazko neurriei buruzko otsailaren 4ko 3/2020 Errege Lege Dekretuaren I. liburuarekin bat.
6. Artikulu honetako 1. eta 2. paragrafoetan aurreikusitakoa ez zaie inola ere aplikatuko honako kontratu hauei:
a) Osasuneko, farmaziako edo bestelako zerbitzu edo hornidurako kontratuei, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiarekin lotutako helburua badute.
b) Sistema informatikoen segurtasun-, garbiketa- edo mantentze-zerbitzuetako kontratuei.
c) Garraio-azpiegituren eta -zerbitzuen mugikortasuna eta segurtasuna bermatzeko behar diren zerbitzu- edo hornidura-kontratuei.
d) Merkatu ofizialetan kotizatzen duten eta Estatuko Aurrekontu Orokorretatik diru-sarrerarik lortzen ez duten erakunde publikoek adjudikatutako kontratuei.
Artikulu honetan aurreikusitako araubideak ez ditu eragotziko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak -COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak 4. artikuluan izendatutako agintaritza eskuduna den aldetik- pertsonak, ondasunak eta lekuak babesteko beharrezkoak diren prestazioak bermatzeko har ditzakeen neurriak. Baliteke neurri horiek, besteak beste, kontratuak etetea bidezko jotzeko kasuak aldatzea.
35. artikulua. 2017ko lehortearen ondorioz maileguak sinatu dituzten nekazaritza-ustiategien titularrei zuzendutako finantza-neurriak.
1. Erraztu egingo da 2017. urteko lehorteak ukitutako nekazaritza-ustiategien titularrei emandako finantza-kredituen mailegu-hartzaileek, beren borondatez hala eskatuz gero, finantza-erakundeekin akordioa egitea, izenpetutako maileguen amortizazio-epea gehienez urtebetez luzatzeko -gabealdia izan daiteke-. Aipatutako kredituak maiatzaren 19ko AAA/778/2016 Aginduaren, uztailaren 31ko APM/728/2017 Aginduaren eta apirilaren 2ko APM/358/2018 Aginduaren babesean eman ziren (Nekazaritzako Kauzioaren Estatu Sozietate Anonimoaren abalak lortzeko dirulaguntza publikoen oinarri arautzaileak ezartzen dituena).
2. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak finantzatuko du Nekazaritzako Kauzioaren Estatu Sozietate Anonimoak (SAECA) emandako abalen kostu gehigarria, eragiketa horren epea luzatzearen ondorioz.
3. SAECA dirulaguntzen erakunde laguntzailea izango da, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin horretarako sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan, eta, horretarako, dirulaguntzen kudeaketa osoa hartuko du bere gain, justifikazioa eta kontrola barnean direla. Eskaera aurkezteak berekin ekarriko du SAECAri baimena ematea Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari informazioa eskatzeko eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzeko, betiere eskatzaileak berak dokumentazio hori aurkeztu ez badu. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako ministroak ebazpen arrazoitua emango du, SAECAk bidaltzen duen ebazpen-proposamena ikusita. Laguntzen eskabideak onartzeko aldia lau hilabeteko epean amaituko da, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera.
COVID-19aren ikerketan laguntzeko neurriak
36. artikulua. Salbuespenezko lan-neurriak Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistema osatzen duten erakunde publikoen esparruan.
1. Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistema osatzen duten erakunde publikoek, COVID-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdiaren kudeaketaren eremuan salbuespenezko neurriak garatu behar dituztenean, aparteko lanaldiak ezarri ahal izango dituzte langileentzat, eta horiek ekonomikoki konpentsatuko dira, produktibitate-osagarriaren edo aparteko haborokinen bidez.
2. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen hogeita hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriz, baimena ematen zaie Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistema osatzen duten erakunde publikoei kontratu mugagabeak eta aldi baterakoak egiteko, indarrean dagoen araudiaren arabera eta berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren, publikotasunaren eta lehiaren printzipioekin bat etorriz, COVID-19 koronabirusarekin lotutako ikerketa zientifiko eta teknikoko edo berrikuntzako plan eta programa publikoak egiteko. Kontratu mugagabeak xede jakineko kanpoko diru-sarreren ondoriozko urteko aurrekontu-izendapenen bidez finantzatu beharko dira. Kontratu horiek Ogasun Ministerioari eta Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioari jakinarazi beharko zaizkie.
37. artikulua. Kreditu bereziak ematea Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren aurrekontuan, COVID-19 koronabirusaren eremuko ikerketa zientifikoarekin lotuta.
1. Baimena ematen da 950.000 euroko kreditu berezi hau emateko: 28. atala «Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa», 06 zerbitzua «Zientzia Politika Koordinatzeko Idazkaritza Nagusia», 000X programa «Barne-transferentziak», 414.06 azpikontzeptua «Carlos III.a Osasun Institutuari (ISCIII), COVID-19 koronabirusaren krisialdiak eragindako aparteko beharretarako».
2. Baimena ematen da 24.000.000 euroko kreditu berezi hau emateko: 28. atala «Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa», 06 zerbitzua «Zientzia Politika Koordinatzeko Idazkaritza Nagusia», 000X programa «Barne-transferentziak», 715 kontzeptua «Carlos III.a Osasun Institutuari (ISCIII), COVID-19 koronabirusa ikertzeko proiektu eta programetarako zuzeneko dirulaguntzetarako».
3. Baimena ematen da 250.000 euroko kreditu berezi hau emateko: 28. atala «Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa», 06 zerbitzua «Zientzia Politika Koordinatzeko Idazkaritza Nagusia», 000X programa «Barne-transferentziak», 716 kontzeptua «Carlos III.a Osasun Institutuari (ISCIII), COVID-19 koronabirusaren krisialdiak eragindako aparteko beharretarako».
4. Honako hau da aurreko hiru puntuek Carlos III.a Osasun Institutuan (ISCIII) izan duten eragina:
DIRU-SARREREN AURREKONTUA:
A) 28.107.400.04 aplikazioa, «Sailarena, COVID-19aren krisialdiak eragindako aparteko beharretarako», 950.000 euroko zenbatekoarekin.
B) 28.107.700.03 aplikazioa, «Sailarena, COVID-19rako dirulaguntza izendunak emateko», 24.000.000 euroko zenbatekoarekin.
C) 28.107.700.04 aplikazioa, «Sailarena, COVID-19aren krisialdiak eragindako aparteko beharretarako», 250.000 euroko zenbatekoarekin.
GASTUEN AURREKONTUA:
A) 28.107.465A.131 aplikazioa. «Behin-behineko lan-kontratudunak», 130.000 euro.
B) 28.107.465A.160.00 aplikazioa. «Gizarte Segurantza», 30.000 euro.
C) 28.107.465A.221.06 aplikazioa. «Farmazia-produktuak eta osasun-materiala», 700.000 euro.
D) 28.107.465A.227.06 aplikazioa. «Azterlan eta lan teknikoak», 70.000 euro.
E) 28.107.465A.230 aplikazioa. «Dietak», 12.000 euro.
F) 28.107.465A.231 aplikazioa. «Lokomozioa», 8.000 euro.
G) 28.107.465A.620 aplikazioa. «Zerbitzuen funtzionamendu operatiboarekin lotutako inbertsio berria», 250.000 euro.
H) 28.107.465A.787 aplikazioa. «COVID-19a eragin duen SARS-CoV2 birusa ikertzeko proiektu eta programetarako zuzeneko dirulaguntzetarako», 24.000.000 milioi euro.
5. Baimena ematen da 390.000 euroko kreditu berezi hau emateko: 28. atala «Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa», 06 zerbitzua «Zientzia Politika Koordinatzeko Idazkaritza Nagusia», 000X programa «Barne-transferentziak», 43009 azpikontzeptua «Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenari (CSIC), COVID-19 koronabirusaren ikerketarekin lotutako gastu arruntetarako».
6. Baimena ematen da 4.060.000 euroko kreditu berezi hau emateko: 28. atala «Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa», 06 zerbitzua «Zientzia Politika Koordinatzeko Idazkaritza Nagusia», 000X programa «Barne-transferentziak», 73003 azpikontzeptua «Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenari (CSIC), COVID-19 koronabirusaren ikerketarekin lotutako kapital-gastuetarako».
7. Honako hau da aurreko puntuek Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenean izan duten eragina:
DIRU-SARREREN AURREKONTUA:
A) 28.303.400.11 aplikazioa. «Sailarena, COVID-19 koronabirusaren ikerketarekin lotutako mota guztietako gastu arruntetarako», 390.000 euro.
B) 28.303.700.06 aplikazioa. «Sailarena, COVID-19 koronabirusaren ikerketarekin lotutako mota guztietako kapital-gastuetarako», 4.060.000 euro.
GASTUEN AURREKONTUA:
A) 28.030.463A.221.99 aplikazioa. «Beste hornidura batzuk», 390.000 euro.
B) 28.107.463A.620 aplikazioa. «Zerbitzuen funtzionamendu operatiboarekin lotutako inbertsio berria», 3.450.000 euro.
C) 28.107.463A.640 aplikazioa. «Inbertsio immaterialen gastuak», 610.000 euro.
8. Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 50. artikuluan ezarritakoaren arabera finantzatuko dira aurreko kreditu bereziak.
38. artikulua. COVID-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdiaren ondoriozko ikerketa zientifiko eta teknikorako Carlos III.a Osasun Institutuak eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak egindako diru-ekarpenei buruzko arauak.
1. COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera kontuan hartuta, ez da aplikatzekoa izango Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa, Carlos III.a Osasun Institutuak edo Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak egindako diru-ekarpenei dagokienez: COVID-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdiaren ondoriozko ikerketa zientifiko eta teknikora bideratutako onura publikoko edo gizarte-intereseko jarduerak garatzeko ezinbestekoak diren neurrien esparruan egindakoak dira ekarpen horiek, eta pertsona publiko edo pribatuen alde egin dira, nazionalak zein atzerritarrak, onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe.
2. Ekarpen horiek Carlos III.a Osasun Institutuko zuzendariaren eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko lehendakariaren ebazpen baten bidez egingo dira, hurrenez hurren, eta diru-ekarpenen xede-eremuaren arabera. Kasuan kasuko ebazpenetan arrazoitu beharko da laguntza horiek emateko onura publikoa edo gizarte-interesa dagoela.
3. Betiere ordainketak aurreratuak izango dira, eta dirulaguntza ematea eragin duen jarduera gauzatu eta justifikatu aurretik egingo dira.
4. Nolanahi ere, diru-ekarpen horien erakunde onuradunek justifikazioko kontua eman beharko dute, eta gastuaren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte, gehienez ere urtebeteko epean, ekarpenak ematen direnetik zenbatzen hasita. Epe hori luzatu ahal izango da, Carlos III.a Osasun Institutuko zuzendariaren edo Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko lehendakariaren ebazpen baten bidez, hurrenez hurren.
5. Onuradunek jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
6. Erakunde onuradunek dagokion diru-ekarpenaren xede den jarduera osorik edo zati batean azpikontratatu ahal izango dute, ekarpen hori arrazoitu zuten helburuak betetzeko, betiere erakunde emaileek horretarako baimena eman ondoren.
7. Carlos III.a Osasun Institutuak eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak finantza-egiaztapeneko eta -kontroleko lanak egin ahal izango dituzte, artikulu honetan aurreikusitakoa behar bezala betetzen dela bermatzeko.
8. Emandako laguntzak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko dira.
9. Carlos III.a Osasun Institutuko Zuzendaritzako eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko Lehendakaritzako titularrek artikulu honetan xedatutakoa garatzeko eta egikaritzeko behar diren xedapen guztiak eman ahal izango dituzte.
Beste malgutze-neurri batzuk
39. artikulua. COVID-19arekin lotutako hitzarmenen araubide berezia.
1. COVID-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdia kudeatzeko esparruan hitzarmenak sinatzean eta administrazio-izapideak egitean, ez dira aplikatzekoak izango honako hauetan jasotako xedapenak: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 50. artikuluaren a), b) eta c) letretako 1. eta 2. apartatuak eta Ministro Kontseiluaren 2017ko abenduaren 15eko Erabakia, zeinaren bidez onartzen baitira hitzarmenak izapidetzeko jarraibideak.
2. Era berean, aurreko apartatuan aipatutako hitzarmenak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48. artikuluaren 8. apartatuan ezarritakotik kanpo geratuko dira, eta perfekzionatu egingo dira eta eragingarriak izango dira aldeek baimena emanez gero, hargatik eragotzi gabe Estatuko Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzea eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
40. artikulua. Zuzenbide pribatuko pertsona juridikoei aplikatu beharreko aparteko neurriak.
1. Estatutuetan aurreikusi ez bada ere, alarma-aldian, elkarteen, sozietate zibil eta merkataritzakoen gobernu- eta administrazio-organoen bilkurak, kooperatiba-sozietateen artezkaritza-kontseiluarenak eta fundazioen patronatuarenak bideokonferentzia bidez egin ahal izango dira. Bideokonferentzia horrek bermatu egingo ditu benetakotasuna eta denbora errealeko alde biko edo anitzeko konexioa, urrutitik parte hartzen dutenen irudiarekin eta soinuarekin. Arau bera aplikatuko zaie batzorde delegatuei eta eratutako nahitaezko edo borondatezko gainerako batzordeei. Bilkura pertsona juridikoaren helbidean egin dela ulertuko da.
2. Estatutuetan aurreikusi ez bada ere, alarma-aldian, elkarteen, sozietate zibil eta merkataritzakoen gobernu- eta administrazio-organoen, kooperatiba-sozietateen artezkaritza-kontseiluaren eta fundazioen patronatuaren erabakiak idatziz eginiko bozketa baten bidez eta bilkurarik gabe hartu ahal izango dira, betiere lehendakariak hala erabakitzen badu; erabakiak horrela hartu ahal izateko, gutxienez organoko kideetako bik eskatu beharko dute. Arau bera aplikatuko zaie batzorde delegatuei eta eratutako nahitaezko edo borondatezko gainerako batzordeei. Bilkura egoitza sozialean egin dela ulertuko da. Erabaki horiei guztiei Merkataritza Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 19ko 1784/1996 Errege Dekretuaren 100. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie, merkataritza-sozietateak ez izan arren.
3. Urteko kontuak aurkeztu behar dituen pertsona juridiko baten gobernu- edo administrazio-organoak urteko kontuak -arruntak edo laburtuak, indibidualak edo kontsolidatuak- egiteko eta, legez eska badaiteke, kudeaketa-txostena egiteko eta sozietateen legeriak nahitaez eskatzen dituen gainerako agiriak egiteko dagoen hiru hilabeteko epea -sozietatearen ekitaldia ixten denetik- etenda geratuko da alarma-egoera amaitu arte, eta epe hori berriro irekiko da beste hiru hilabetez, data horretatik zenbatzen hasita.
4. Urteko kontuak aurkeztu behar dituen pertsona juridiko baten gobernu- edo administrazio-organoak, alarma-egoera deklaratzen den egunean, aurreko ekitaldiko kontuak egin baditu, kontu horiek kontabilitatean egiaztatzeko epea, auditoretza nahitaezkoa bada, bi hilabetez luzatutzat joko da, alarma-egoera amaitzen denetik kontatzen hasita.
5. Aurreko ekitaldiko kontuak onartzeko ohiko batzar orokorra urteko kontuak egiteko epea amaitu eta hurrengo hiru hilabeteen barruan bilduko da nahitaez.
6. Batzar orokorraren deialdia alarma-egoeraren deklarazioa baino lehen argitaratu bada, baina batzarra egiteko eguna deklarazio hori baino geroagokoa bada, administrazio-organoak aldatu ahal izango ditu batzarra egiteko aurreikusitako lekua eta ordua, edo deialdi-erabakia baliogabetu ahal izango du, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago sozietatearen web-orrian argitaratutako iragarki baten bidez, eta, sozietateak web-orririk ez badu, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarki baten bidez. Deialdi-erabakia baliogabetzen bada, administrazio-organoak beste deialdi bat egin beharko du alarma-egoera amaitu eta hurrengo hilabetearen barruan.
7. Bazkideen batzar orokor batera joateko eta bileraren akta egiteko eskaera jasotzen duen notarioak denbora errealeko urruneko komunikabideak erabili ahal izango ditu, notario-funtzioa behar bezala beteko dela bermatzeko.
8. Nahiz eta lege- edo estatutu-arrazoia egon, kapital-sozietateetan bazkideek ezin izango dute sozietatea uzteko eskubidea egikaritu, harik eta alarma-egoera eta, hala denean, horren luzapenak amaitu arte.
9. Alarma-egoerak indarrean dirauen artean baja ematen zaien kooperatiba-bazkideei ekarpenak itzultzeko epea luzatu egingo da alarma-egoera amaitu eta sei hilabete igaro arte.
10. Alarma-egoera indarrean dagoen bitartean sozietatearen estatutuetan ezarritako sozietatearen iraupen-epea amaitzen bada, ez da zuzenbide osoz desegingo alarma-egoera hori amaitu eta bi hilabete igaro arte.
11. Alarma-egoera deklaratu aurretik eta egoera hori indarrean dagoen bitartean sozietatea desegiteko legezko edo estatutupeko kausa badago, bazkideen batzar orokorreko administrazio-organoak sozietatea desegiteko erabakia edo kausa ezabatzeko erabakiak hartzeko deialdia egiteko legezko epea eten egingo da alarma-egoera hori amaitu arte.
12. Desegiteko legezko edo estatutupeko kausa alarma-egoeraren indarraldian gertatu bada, administratzaileek ez dute erantzukizunik izango aldi horretan hartutako sozietate-zorren gainean.
41. artikulua. Sozietate anonimo kotizatuen gobernu-organoen funtzionamenduari aplikatu beharreko aparteko neurriak.
1. Salbuespen gisa, 2020an honako neurri hauek aplikatuko zaizkie Europar Batasuneko merkatu arautu batean negoziatzeko onartutako baloreak dituzten sozietateei:
a) Urteko finantza-txostena eta urteko kontuen auditoretza-txostena argitaratzeko eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari bidaltzeko betebeharra sei hilabetera arte bete ahal izango da, sozietate-ekitaldia ixten denetik zenbatzen hasita. Epe hori lau hilabetera luzatuko da bitarteko kudeaketa-adierazpena eta sei hilean behingo finantza-txostena argitaratzeko.
b) Akziodunen ohiko batzar orokorra sozietatearen ekitaldiko lehen hamar hilabeteetan egin ahal izango da.
c) Administrazio-kontseiluak, batzar orokorraren deialdian, baliabide telematikoen bidez parte hartzea eta urrutiko botoa ematea aurreikusi ahal izango du, Kapital Sozietateei buruzko Legearen (uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako testu bategina) 182., 189. eta 521. artikuluetan aurreikusitako baldintzetan, bai eta batzarra lurralde nazionaleko edozein tokitan egitea ere, nahiz eta alderdi horiek sozietatearen estatutuetan aurreikusita ez egon. Errege lege-dekretu hau indarrean jartzean deialdia jada argitaratuta badago, kasu horietako edozein jaso ahal izango da iragarki osagarri batean, eta iragarki hori gutxienez batzarra egiteko aurreikusitako data baino bost egun natural lehenago argitaratu beharko da.
d) Agintari publikoek ezarritako neurriek eragozten badute batzar orokorra deialdian ezarritako tokian eta egoitza fisikoan egitea, eta aurreko zenbakian aurreikusitako ahalmena erabili ezin bada:
i) batzarra toki eta egoitza horretan baliozko eran eratu bada, egun berean probintzia bereko beste toki eta egoitza batean egitea erabaki ahal izango da, eta zentzuzko epea ezarriko da bertaratu beharrekoak beste toki horretara joan daitezen.
ii ) batzarra ezin bada egin, batzar hori hurrengo deialdian egingo dela iragarri ahal izango da, egin ez den batzarraren gai-zerrendarekin eta publikotasun-betekizun berberekin, bilerarako finkatutako data baino bost egun lehenago gutxienez.
Kasu horretan, administrazio-organoak, iragarki osagarrian, batzarra bide telematikoz egitea erabaki ahal izango du, hau da, bazkideak edo haien ordezkariak fisikoki bertaratu gabe, baldin eta bileran parte hartzeko aukera eskaintzen bada, bide hauek erabilita: (i) bertaratze telematikoa; (ii) batzarreko lehendakariari urrutiko komunikabideen bidez emandako ordezkaritza eta (iii) urrutiko komunikabideen bidez emandako boto aurreratua. Batzarrean parte hartzeko modalitate horietako edozein arbitratu ahal izango dute administratzaileek, nahiz eta sozietatearen estatutuetan aurreikusita ez egon, baldin eta boto-eskubidea egikaritzen duen subjektuaren identitatea ziurtatzeko arrazoizko bermeak jartzen badira. Administratzaileek batzarrean parte har dezakete audiokonferentziaz edo bideokonferentziaz. Batzarra egoitza sozialean egin dela ulertuko da, batzarreko lehendakaria non dagoen kontuan hartu gabe.
2. Salbuespen gisa, eta aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, baliozkoak izango dira administrazio-kontseiluaren erabakiak eta auditoretza-batzordearen erabakiak -hala badagokio aldez aurretik informatu beharrekoak-, bideokonferentzia bidez edo telefono-konferentzia anizkoitz bidez hartzen direnean, aukera hori sozietatearen estatutuetan jasota ez badago ere, betiere kontseilari guztiek horretarako beharrezko baliabideak badituzte eta idazkariak haien nortasuna aitortzen badu. Hori guztia erabakien ziurtagirian eta aktan adierazi beharko da. Kasu horretan, bilkura bakartzat hartuko da, eta egoitza sozialean egin dela ulertuko da.
42. artikulua. Erregistroko idazpenen iraungitze-epea etetea, alarma-egoera deklaratzeko errege-dekretua indarrean dagoen bitartean.
Alarma-egoerak irauten duen bitartean eta, hala badagokio, horren luzapenak erabakitzen badira, honako neurri hauek hartuko dira:
Lehena. Eten egiten da honako hauen iraungitze-epea: aurkezte-idazpenak, prebentziozko idatzoharrak, aipamenak, orri-bazterreko oharrak eta denboraren joanean ezereztu beharreko beste edozein erregistro-idazpen.
Bigarrena. Epeen kontaketa berriz hasiko da alarma-egoera edo horren luzapena amaitu eta hurrengo egunean.
43. artikulua. Konkurtsoa eskatzeko betebeharraren epea.
1. Alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, kaudimengabezia-egoeran dagoen zordunak ez du konkurtso-deklarazioa eskatzeko betebeharrik izango. Alarma-egoera amaitu eta bi hilabete igaro arte, epaileek ez dituzte izapidetzeko onartuko alarma-egoera horretan aurkeztu diren edo bi hilabete horietan aurkeztu diren beharrezko konkurtso-eskaerak. Borondatezko konkurtso-eskaerak aurkeztu badira, horiek izapidetzeko onartuko dira, lehentasunez, geroagokoak izan arren.
2. Era berean, ez du konkurtso-deklarazioa eskatzeko betebeharrik izango -uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen 5 bis artikuluaren bosgarren apartatuak aipatzen duen epea amaituta egon arren-, alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, konkurtsoa deklaratzeko eskumena duen epaitegiari hartzekodunekin negoziatzen hasi dela jakinarazi dion zordunak, hauetakoren bat lortzeko: birfinantzaketa-akordio bat; ordainketen judizioz kanpoko akordio bat; edo hitzarmen-proposamen aurreratu batekiko atxikipenak.
Lehenengo xedapen gehigarria. Aurrekontu-kredituak gaitzea.
Ogasun Ministerioak behar diren aurrekontu-kredituak zuzkituko ditu, errege lege-dekretu hau aplikatzeak eskatzen dituen aparteko neurriak behar bezala bete daitezen.
Bigarren xedapen gehigarria. Aurrekontu-kredituak.
Egitekoak diren jarduketak Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrak ezartzen duenarekin bat etorriz finantzatuko dira, eta aurrekontuan baliagarri dauden kopuruen kargura ordainduko dira. Ogasun Ministerioak horretarako behar diren aurrekontu-aldaketak onartuko ditu.
Hirugarren xedapen gehigarria. Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileen eta zerbitzu erkideen organo eta unitateen eskumenak baliatzea.
Gizarte Segurantzako eta Pentsioetako estatu-idazkariak baimena eman ahal izango du Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileen eta zerbitzu erkideen organo eta unitate jakin batzuek beren eskumenak Estatuko lurralde-eremu osora edo ezartzen den eremu geografikora hedatzeko, zehazten dituen prozedura eta jarduketei dagokienez.
Laugarren xedapen gehigarria. Nortasun-agiri nazionalaren indarraldiaren luzapena.
Nortasun-agiri nazionalaren baliozkotasun-aldiari buruz abenduaren 23ko 1553/2005 Errege Dekretuak, nortasun-agiri nazionala eta sinadura elektronikoaren ziurtagiriak ematea arautzen duenak, ezartzen duena eragotzi gabe, urtebetez luzatuko da, bi mila eta hogeita bateko martxoaren hamahirura arte, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua indarrean jarri zenetik aurrera iraungitzen den dokumentu baten titular diren adin nagusiko guztien nortasun-agiri nazionalaren baliozkotasuna.
Nortasun-agiri nazionalaren baliozkotasuna luzatuz gero, agiri horri erantsitako ziurtagiri aitortuak berritu ahal izango dira, aldi bererako, egungo prozeduraren arabera.
Bosgarren xedapen gehigarria. Martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuaren aplikazioa mugatzen da -errege-dekretu horren bidez, larrialdien edo hondamendien ondorioz sortutako premia jakin batzuei erantzuteko dirulaguntzak arautzen dira-, eta egungo osasun-krisialdiak eragindako kalte-galerei aurre egiteko dirulaguntzak emateko prozedura ezartzen da.
Egungo osasun-krisialdiaren ondorioz pertsona fisiko edo juridikoek jasango dituzten kalte-galerei -pertsonalak edo ondarekoak- ez zaie aplikatuko martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan xedatutakoa -errege-dekretu horren bidez, larrialdien edo hondamendien ondorioz sortutako premia jakin batzuei erantzuteko dirulaguntzak arautzen dira-, eta dirulaguntza horiek emateko prozedura ezartzen da.
Seigarren xedapen gehigarria. Enplegua babestea.
Errege lege-dekretu honetan lan-arlorako aurreikusitako aparteko neurriez baliatu ahal izateko, sei hilabeteko epean enpleguari eusteko konpromisoa hartu beharko du enpresak, jarduerari berrekiten zaion egunetik zenbatzen hasita.
Zazpigarren xedapen gehigarria. Baimena ematea Bioteknologia Zentro Nazionalari (CNB-CSIC).
1. Baimena ematen zaio Bioteknologia Zentro Nazionalari (CNB-CSIC) -Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren mendekoa da-, genetikoki eraldatutako organismoen 3. motako erabilera konfinatuko jarduerak garatzeko, zehazki, SARS-2 edo SARS-CoV-2019 koronabirusaren genoman oinarritutako birus birkonbinatzaileak eraikitzeko, Bioteknologia Zentro Nazionalean (CSIC) dagoeneko baimenduta dagoen A/ES/00/I-08 instalazioan.
2. Jarduera horiek egiterakoan, Bioteknologia Zentro Nazionalak (CNB-CSIC) zorrotz bete beharko ditu arlo horretan indarrean dagoen legeria eta institutu horrek egin duen eta Biosegurtasuneko Batzorde Nazionalak aldeko txostenean jaso duen arrisku-ebaluazioan aurreikusita dauden baldintzak eta protokoloak, apirilaren 25eko 9/2003 Legea garatzeko eta egikaritzeko erregelamendu orokorra onartzen duen urtarrilaren 30eko 178/2004 Errege Dekretuarekin bat etorriz. Gainera, agintaritza eskudunak ezar ditzakeen bestelako baldintza eta betekizunak ere zorrotz bete beharko ditu.
3. Genetikoki Eraldatutako Organismoen Ministerioarteko Kontseiluko lehendakariak baimena eman ahal izango du genetikoki eraldatutako organismoekin nahita askatzeko eta konfinaturik erabiltzeko edozein jarduera egiteko, betiere apirilaren 25eko 9/2003 Legearen arabera eskatu bada (Genetikoki eraldatutako organismoak konfinaturik erabiltzeko, nahita askatzeko eta merkaturatzeko araubide juridikoa ezartzen duena), eta xedetzat badu edo erabilgarria bada -hala frogatuta egonik- SARS-CoV-2019 (SARS-2) birusak eragin duen koronabirus-epidemia prebenitzeko, hari aurre egiteko edo geldiarazteko, eta Biosegurtasuneko Batzorde Nazionalak aldeko txostena egin badio prozedura idatziaren bidez. Halako jarduerek ez dute itxaron beharko komunikazio-epea edo informazio publikoaren epea amaitu arte, nahitaezko kasuetan, urtarrilaren 30eko 178/2004 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Baimenaren titularrek arrisku-ebaluazioan aurreikusitako baldintzak zorrotz betez garatuko dituzte jarduera horiek -jakinarazpenean jasotakoak eta Biosegurtasuneko Batzorde Nazionalak aldeko txostena emandakoak-. Gainera, erabilera konfinatuko jardueren kasuan, jarduera arrisku-maila horretarako edo handiagorako aldez aurretik baimendutako instalazioetan bakarrik egingo da, apirilaren 25eko 9/2003 Legearen arabera.
Zortzigarren xedapen gehigarria. ACELERA plana.
Gobernuak berehala abiaraziko du, RED.ES enpresa-entitate publikoaren bidez, Acelera PYME programa, epe labur eta ertainean ETE-ei laguntzeko zenbait ekimen antolatzeko, sektore pribatuarekin lankidetzan.
Bederatzigarren xedapen gehigarria. 463/2020 Errege Dekretuan jasotako administrazio-epeen etetea ez aplikatzea.
Errege lege-dekretu honetan aurreikusitako epeei ez zaie aplikatuko martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako administrazio-epeen etetea (463/2020 Errege Dekretua, martxoaren 14koa, alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko).
Lehenengo xedapen iragankorra. Enplegu-erregulazioko espedienteei aplikatzeko muga.
1. Errege lege-dekretu honen 22. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta 23. artikuluan aurreikusitako berezitasunak ez zaizkie aplikatuko lan-kontratuak eteteko edo lanaldia murrizteko enplegu-erregulazioko espedienteei, baldin eta errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik hasi edo jakinarazi badira eta bertan aurreikusitako kausetan oinarritzen badira.
2. 24., 25., 26. eta 27. artikuluetan araututako kotizazioen eta langabezia-babesaren arloko aparteko neurriak aplikatuko zaizkie errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik jakinarazi, baimendu edo hasi diren prozeduren eraginpean daudenei -kontratuak eteteko eta lanaldia murrizteko prozedurak-, betiere zuzenean COVID-19aren ondoriozkoak badira.
Bigarren xedapen iragankorra. Luzamenduaren hasiera.
12. artikuluan aipatzen diren luzamendu-eskaerak errege lege-dekretu hau indarrean jarri eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira. Eskaera horrek errege lege-dekretu honen 15. eta 16. artikuluak aplikatzea dakar.
Hirugarren xedapen iragankorra. Errege lege-dekretuan ezartzen diren neurri batzuen aplikazioa.
33. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik izapidetzen hasitako prozedurei.
Azken xedapenetako lehena. Irailaren 24ko 1/1993 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren Legearen testu bategina aldatzea.
Ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren legearen testu bateratuaren 45.I.B) artikuluari 23. zenbakia gaineratu zaio -lege hori irailaren 24ko 1/1993 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen-; honako hau, hain zuzen:
«23. COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurrien martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuan babesten diren hipoteka-mailegu eta -kredituen kontratu-nobazioak formalizatzeko eskriturek ez dute ordaindu beharko egintza juridiko dokumentatuen modalitateko notario-dokumentuen kuota graduala».
Azken xedapenetako bigarrena. Inteligentziako Zentro Nazionala arautzen duen maiatzaren 6ko 11/2002 Legea aldatzea.
Aldatu egiten da Inteligentziako Zentro Nazionala arautzen duen maiatzaren 6ko 11/2002 Legearen 6. artikuluaren 2. apartatua, eta honela geratuko da idatzita:
«2. Batzordeburua Gobernuko presidenteordea izango da, zeina presidenteak izendatuko baitu, eta honako hauek osatuko dute batzordea: Gobernuko presidenteak izendatutako presidenteordeek, Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroak, Defentsako ministroak, Barne ministroak, Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko ministroak, Gobernuko Presidentetzako Kabineteko zuzendariak, Segurtasuneko estatu-idazkariak, eta estatu-idazkari eta Inteligentziako Zentro Nazionaleko zuzendariak, zeinak idazkari-lanak egingo baititu».
Azken xedapenetako hirugarrena. Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Legea (ekainaren 1eko 14/2011 Legea) aldatzea.
Kendu egiten da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 41. artikulua, zeina edukirik gabe geratzen baita.
Azken xedapenetako laugarrena. Kapitalen mugimenduen eta atzerriarekiko transakzio ekonomikoen araubide juridikoari buruzko uztailaren 4ko 19/2003 Legea aldatzea.
Aldatu egiten da Kapitalen mugimenduen eta atzerriarekiko transakzio ekonomikoen araubide juridikoari buruzko uztailaren 4ko 19/2003 Legea, honela:
Bat. 7 bis artikulua eransten da, eta hauxe dio:
«7 bis artikulua. Espainian atzerriko zuzeneko inbertsio jakin batzuk liberalizatzeko araubidea etetea.
1. Artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, Espainian egindako atzerriko zuzeneko inbertsiotzat hartuko dira Europar Batasunetik eta Europako Merkataritza Askearen Elkartetik kanpoko herrialdeetako egoiliarrek egindako inbertsio guztiak, baldin eta inbertitzailea Espainiako sozietatearen kapital sozialaren ehuneko 10eko edo gehiagoko partaidetza izatera pasatzen bada, edo sozietate-eragiketaren edo egintza edo negozio juridikoaren ondorioz modu eraginkorrean parte hartzen badu sozietate horren kudeaketan edo kontrolean.
2. Eten egiten da Espainian egiten diren atzerriko zuzeneko inbertsioen liberalizazio-araubidea, baldin eta jarraian aipatzen diren sektoreetan egiten badira eta ordena publikoari, segurtasun publikoari eta osasun publikoari eragiten badiete.
Zehazki, hauek dira sektoreak:
a) Azpiegitura kritikoak, fisikoak edo birtualak (barnean direla energia, garraioa, ura, osasuna, komunikazioak, komunikabideak, datuen tratamendua edo biltegiratzea, arlo aeroespaziala, defentsa, hauteskundeak edo finantza-arloa, eta instalazio sentikorrak), bai eta azpiegitura horiek erabiltzeko oinarrizkoak diren lursailak eta ondasun higiezinak ere, Azpiegitura kritikoak babesteko neurriak ezartzen dituen apirilaren 28ko 8/2011 Legean jasotakoak.
b) Teknologia kritikoak eta erabilera bikoitzeko produktuak, Kontseiluaren 428/2009 (EE) Erregelamenduaren 2. artikuluko 1. apartatuan definitzen diren bezala, barnean direla adimen artifiziala, robotika, erdieroaleak, zibersegurtasuna, teknologia aeroespazialak, defentsakoak, energia biltegiratzekoak, kuantikoak eta nuklearrak, bai eta nanoteknologiak eta bioteknologiak ere.
c) Oinarrizko inputen hornidura, bereziki energiarena, hain zuzen ere Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean arautzen direnak, edo lehengaiei eta elikagaien segurtasunari buruzkoak.
d) Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera, bereziki babestutako informaziorako sarbidea duten sektoreak, batez ere datu pertsonaletarako sarbidea dutenak, edo informazio hori kontrolatzeko gaitasuna dutenak.
e) Komunikabideak.
3. Era berean, etenda geratzen da Espainian atzerriko zuzeneko inbertsioak liberalizatzeko araubidea, honako kasu hauetan:
a) Atzerriko inbertitzailea zuzenean edo zeharka hirugarren herrialde bateko gobernuak kontrolatzen badu -organismo publikoak edo indar armatuak barnean direla-; Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuko dira kontrol hori dagoen zehazteko.
b) Inbertitzaile atzerritarrak beste Estatu kide batean segurtasunari, ordena publikoari eta osasun publikoari eragiten dieten sektoreetan inbertsioak egin baditu edo jardueretan parte hartu badu -bereziki artikulu honen 2. apartatuan zerrendatutakoak-.
c) Beste Estatu kide batean, jatorrizko Estatuan edo hirugarren Estatu batean delituzko edo legez kontrako jarduerak egiteagatik atzerriko inbertitzailearen aurka prozedura administratibo edo judizial bat ireki bada.
4. Gobernuak Espainian egindako atzerriko zuzeneko inbertsioen liberalizazio-araubidea eten ahal izango du artikulu honen 2. apartatuan jaso ez diren beste sektore batzuetan, baldin eta segurtasun publikoari, ordena publikoari eta osasun publikoari eragin badiezaiekete, lege honen 7. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat etorriz.
5. Liberalizazio-araubidea etenez gero -artikulu honen 2., 3. eta 4. apartatuak-, inbertsio-eragiketa horiek baimena lortu beharko dute, lege honen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Aurretiazko nahitaezko baimenik gabe egindako inbertsio-eragiketek ez dute balio eta ondorio juridikorik izango, legearen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera legeztatzen ez diren bitartean.
6. Artikulu honetan aurreikusitako eteteak aginduko du, harik eta Ministro Kontseiluak etete hori kentzeko erabakia hartzen duen arte.»
Bi. Aldatu egiten da 8. artikuluaren 2. apartatua. Honela gelditzen da idatzita:
«2. Hauek izango dira arau-hauste oso astunak:
a) 4. eta 5. artikuluetan aipatutako neurriak hartzeagatik debekatutako egintzak, negozioak, transakzioak edo eragiketak egitea.
b) Egintza, negozio, transakzio edo eragiketak baimenik eskatu gabe egitea, 6., 7. eta 7 bis artikuluen arabera baimen hori nahitaezkoa denean, edo egintza horiek baimena eman aurretik edo baimenean ezarritako baldintzak bete gabe egitea.
c) Erakunde eskudunen aurrean aurkeztutako baimen-eskaeren informazioa egiazkoa ez izatea, bereziki garrantzitsutzat jo badaiteke».
Hiru. Aldatu egiten da 2. artikuluaren 12. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«2 . Legean aurreikusitako araubidea aplikatzearen ondoriozko zehapen-prozedurak hasi eta instruitzeko eta dagozkion zehapenak ezartzeko eskumena honako arau hauen arabera arautuko da:
a) Kapital Zuritzearen eta Arau-hauste Monetarioen Prebentzio Batzordearen Idazkaritzak izango du zehapen-prozedurak hasteko eta instruitzeko eskumena, Espainian egindako atzerriko zuzeneko inbertsioen arloan izan ezik; kasu horretan, Nazioarteko Merkataritzaren eta Inbertsioen Zuzendaritza Nagusiko titularrak izendatutako organoak izango du eskumen hori.
b) Ministro Kontseiluak ezarriko ditu arau-hauste oso astunengatiko zehapenak, Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioaren titularrak proposatuta.
Hala ere, Espainian egindako atzerriko zuzeneko inbertsioen arloko arau-hauste oso astunak direnean, Ministro Kontseiluak ezarriko ditu zehapenak, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren titularrak proposatuta.
c) Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioaren titularrak izango du arau-hauste astunengatiko zehapenak jartzeko eskumena, Ekonomiako estatu-idazkariak proposatuta.
Espainian egindako atzerriko zuzeneko inbertsioen arloko arau-hauste astunen kasuan, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioko titularrak ezarriko ditu zehapenak, Merkataritzako estatu-idazkariak proposatuta.
d) Arau-hauste arinengatiko zehapenak Altxorraren eta Finantza Politikaren Zuzendaritza Nagusiaren titularrak ezarriko ditu, instrukzio-organoak proposatuta.
Espainian egindako atzerriko zuzeneko inbertsioen arloko arau-hauste arinen kasuan, Nazioarteko Merkataritzaren eta Inbertsioen Zuzendaritza Nagusiko titularrak jarriko ditu zehapenak, instrukzio-organoak proposatuta».
Azken xedapenetako bosgarrena. Estatuaren 2018rako Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legea aldatzea.
Aldatu egiten dira Estatuaren 2018rako Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legearen ehun eta hogeita hamalaugarren xedapen gehigarriaren titulua eta bigarren paragrafoa, eta honela idatzita geratzen dira:
«Ehun eta hogeita hamalaugarren xedapen gehigarria. I+G+B proiektuekin eta Cervera Sarearekin lotutako Hornikuntza Teknikoen Funtsaren zuzkidura».
«Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (CDTI) ETE-en eta kapitalizazio ertaineko enpresen I+G+B proiektuak finantzatzean izan ditzakeen arriskuei estaldura emateko erabiliko da funtsaren zuzkidura; horretarako, maileguen bidez bideratutako laguntzak erabiliko dira».
Azken xedapenetako seigarrena. COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiteko presako neurriak hartzen dituen martxoaren 12ko 7/2020 Errege Lege Dekretuaren 16. artikulua aldatzea.
«16. artikulua. Kontratazioa.
1. Estatuaren Administrazio Orokorreko organoek COVID-19ari aurre egiteko edozein neurri (zuzenekoa edo zeharkakoa) hartzeak berehala jarduteko beharra justifikatuko du, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 120. artikuluan zehaztutakoaren arabera -lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/ EB Zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora-
2. Aurreko paragrafoan ezarritako aurreikuspenarekin bat etorriz, pertsonak babesteko beharrei erantzuteko eta Ministro Kontseiluak COVID-19ari aurre egiteko hartutako beste neurri batzuei erantzuteko Estatuaren Administrazio Orokorrak edo haren organismo publikoek eta zuzenbide publikoko erakundeek egin behar dituzten kontratu guztiei larrialdiko izapidetzea aplikatuko zaie. Kasu horietan, kontratistak egin beharreko prestaketa-jarduketengatik konturako ordainketak egin behar badira, ez da aplikatuko aipatutako 9/2017 Legean bermeei buruz xedatutakoa, eta kontratazio-organoak zehaztuko du egoera hori, kontratatu beharreko prestazioaren izaeraren eta beharrari beste bide batzuetatik erantzuteko aukeraren arabera. Hartutako erabakiaren justifikazioa jaso beharko da espedientean.
3. COVID-19aren aurrean pertsonen osasuna babesteko neurriak hartzeak sortutako gastuei aurre egiteko behar diren funtsen igorpena justifikatu egin beharko da».
Azken xedapenetako zazpigarrena. Erregelamenduz garatzea eta betearaztea.
Gobernuari eta ministerio-departamentu guztietako titularrei, bakoitzari bere eskumen-eremuan, ahalmena ematen zaie errege lege-dekretu honetan ezarritakoa garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten.
Azken xedapenetako zortzigarrena. Eskumen-titulua.
Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1. artikuluaren 1., 6., 7., 8., 10., 13., 14., 15., 17. eta 25. apartatuen babespean ematen da, zeinak honako hauek arautzeko eskumena ematen baitio Estatuari: konstituzio-eskubideak egikaritzean eta konstituzio-eginbeharrak betetzean espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak; merkataritza-legeria; legeria zibila, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek zuzenbide zibil, foru-zuzenbide edo zuzenbide bereziak -halakorik dagoen lekuetan- gorde, aldatu eta garatzeko dituzten eskumenak; aduana-araubidea; ekonomia-jardueraren planifikazio orokorraren oinarriak eta koordinazioa; ogasun publikoa; ikerketa zientifiko eta teknikoaren sustapena eta koordinazio orokorra; Gizarte Segurantzaren arloko oinarrizko legeria eta ekonomia-araubidea, nahiz eta autonomia-erkidegoek gauzatu ahalko dituzten haren zerbitzuak; eta meatzeen eta energiaren araubidearen oinarriak.
Azken xedapenetako bederatzigarrena. Indarrean jartzea.
Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Azken xedapenetako hamargarrena. Indarraldia.
Errege lege-dekretu honetan aurreikusitako neurriek indarrean jarraituko dute hura indarrean jartzen denetik hilabeteko epean; nolanahi ere, Gobernuak, egoera ebaluatu ondoren, indarraldia luzatu ahal izango du errege lege-dekretu baten bidez. Aurrekoa gorabehera, errege lege-dekretu honetan aurreikusitako neurriek, iraupen zehatza badute, iraupen horren mende egongo dira.
Madrilen, 2020ko martxoaren 17an.
FELIPE e.
Gobernuko presidentea,
PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON
- ACELERA PLANA:
1. ETE-en digitalizazio-prozesua bizkortzeko laguntza-neurriak, aholkularitzaren eta prestakuntzaren bitartez.
Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioak, Red.es entitatearen bidez, epe labur eta ertainean ETE-ei laguntzeko zenbait ekimen abiaraziko ditu, sektore pribatuarekin lankidetzan. Zehazki:
- Acelera PYME ataria sortzea Red.es-etik, enpresa txiki eta ertainek euren eskura jarriko diren baliabide guztien berri izan dezaten, digitalizatzeko eta, zehazki, telelan-soluzioak aplikatzeko.
- Transformazio Digitaleko Bulegoen programako egoitza-kopurua handitzea, ETE-ei aholkularitza pertsonalizatua emateko zerbitzuak hobetzea eta digitalizatzeko ahaleginean laguntzea, eta soluzio sektorialak erakusteko zentroak abian jartzea, guztira 100 bulego lortzeko 2 urtean, gaur egun funtzionatzen ari diren egoitzen kopurua -28 lurralde osoan-hirukoiztuz. Merkataritza-ganberekin eta beste eragile publiko eta pribatu batzuekin lankidetzan jarriko dira martxan bulegoak.
- Digitalizaziorako soluzio eta tresnen arloan enpresa txiki eta ertainen prestakuntza indartzeko Acelera PYME-Talento programa abiaraztea, merkataritza-ganberekin eta beste eragile publiko eta pribatu batzuekin lankidetzan.
2. ETEak digitalizatzeko soluzio teknologikoak sortzen laguntzeko neurriak.
Espainiako enpresa digitalek I+G+B arloan izan behar duten enpresa-lidergoa bultzatzeko laguntza-lerro bat jarriko du martxan Red.es entitateak. Helburua da soluzioak, ezagutzak, teknologiak eta berrikuntzak sortzen laguntzea, digitalizazio-prozesuak hobetzeko eta teknologikoki aurreratuta dauden eta balio erantsi handiagoa duten produktu eta zerbitzuak sortzeko, eragin mesedegarria izan dezaten enpresa txiki eta ertainetan.
3. ETEak digitalizatzeko finantza-laguntzekin lotutako neurriak.
Estatuak finantza-laguntza emango die ETE-ei, Kreditu Ofizialeko Institutuaren (ICO) finantzaketaren bidez, ETEak digitalizatzeko eta telelan-soluzioak jartzeko ekipamendua eta zerbitzuak erosteko edo leasing bidez hartzeko; horrela, 200 milioi euro baino gehiago mobilizatuko ditu datozen bi urteetan.