Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

8/2012 Lege Organikoa, abenduaren 27koa, Justizia Administrazioaren arloko aurrekontu-eraginkortasuneko neurriei buruzkoa, Botere Judizialaren gaineko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duena

2012-12-27

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/12/28, 312. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

15648

8/2012 Lege Organikoa, abenduaren 27koa, Justizia Administrazioaren arloko aurrekontu-eraginkortasuneko neurriei buruzkoa, Botere Judizialaren gaineko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duena.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau irakurtzen duten guztien jakin dezaten.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onartu dutela, eta, Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

ATARIKOA I

Egungo ingurumari ekonomikoa dela-eta, ezinbestekoa da oinarrizko zerbitzu publikoen eskaintza bermatzea; horretarako, herri administrazioaren eraginkortasuna hobetzera bideratutako neurriak hartuko dira, eta horrek, barnean hartzen du justiziaadministrazioa.

Horrenbestez, uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa, Botere Judizialari buruzkoa, berritzea proposatu da, zerbitzu publikoa ematea bermatu dadin, aldi berean karrera judizialaren profesionalizazio maila handituta. Honakoaren bitartez, ahalik eta auzi gehienen ebazpen judizialak karrera judizialeko kideek eman ditzatela ahalbidetu nahi da eta ordezko epaile nahiz magistratuen jarduna salbuespenezkoa izan dadila; alegia, horien esku-hartzea baldintzek behartutakoa izan beharko da, eta horren arrazoiak egiaztatu eta oinarritu egin beharko dira, hartara herritarrei profesionalizazio handiagoko zerbitzua eskaintzeko.

II Gaur-gaurkoz, kide anitzeko organo judizialetako absentziak, plaza hutsak eta errefortzu-neurriak betetzeko, ordezko magistratu deiturikoen deialdia egiten da. Horiek horrela, komeni da egiteko hori bera karrera judizialeko kideek bete dezatela ezartzea, betiere beren borondatez eta ordainduta, zerbitzu-eginkizunen bidez, baina beren eginkizunetatik salbuetsi gabe, batik bat. Horri esker, aipatutako organoen funtzionamenduari eta antolaketari buruzko ezagutza eskuratu ahalko dute.

Halaber, ordezkapenak karrera judizialeko kideek betetzeko beste aukera batzuk ezartzen ditu erreformak, 298.1. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Horrela, lehenik eta behin, karrera judizialeko kideek zeregin horiek borondatez beren gain har ditzatela aurreikusi da. Hala izan ezean, lurraldeari atxikitako epaileak izendatuko dira, eta, ondoren, dagokion lurraldean lan-karga txikiena duten karrerako kideak. Deialdia egiteko erabakia auzitegi nagusien presidenteena edo, hala dagokienean, probintzia-auzitegien presidenteena izango da. Neurri hauen bitartez, aipatutako lan-karga organoen artean modu hobe eta egokiagoan banatu dadila lortu nahi da, hala nola jurisdikzio-eginkizuna profesionaltasunez betetzen dela bermatzea, ordezkapen ez-profesionalak dakartzan kostuak murriztea eta, gainera, aipatutako presidenteek beharrezko tresnak eskura ditzatela. Tresna horiek behar bezala erabilita, beren eskumeneko organoen gorabeherak gainditzeko modua izango dute, neurri horrek jatorrizko organoan kalterik eta atentzio gabeziarik eragin gabe, eta aintzat hartuta izendatutako epailearen lan-karga txikiagoa –Ikuskaritza Zerbitzuaren esku dauden datu objektiboen bidez zehaztua– eta harekin bateragarri ez den epaiketa-egunik ez izatea.

Salbuespenez bakarrik jo ahalko da salako kide ez den ordezko magistratuen zerrendara, sala karrerako epaile edo magistratu batekin eratzerik ez dagoenean; hori bai, aurrekontu nahikoa izan beharko da deialdia egin ahal izateko.

Aurreko guztia betetzeko, adierazitako presidenteek borondatez edo lan-karga txikiagoa izateagatik urte horretan izendatu ahalko diren karrera judizialeko kideen zerrenda bana osatuko dute. Izendapenak ezarritako ordenaren arabera egingo dira.

Zerrenda horiek dagokion gobernu-salak onartu beharko ditu, balioetsi beharreko baldintzak aintzat hartuta, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari igorriko dizkio, hark, dagozkion eskumenak baliatuta, eta egoki iritzitako balioespenak beharrezkotzat jotako baldintzetan egin ondoren, behin betiko onarpena eman diezaien.

III Kide bakarreko organoei dagokienez, erreforma honen aurreko araudiak epaile titularren plaza hutsak edo absentziak betetzeko ordezko epaileak izendatzea ezohiko egoeretara mugatzen badu ere, ohiko jardun bihurtu da ordezko epaileen zerrendara jotzea hainbat faktore direla medio; esaterako, plaza hutsak betetzeari buruzko aurreikuspen egokirik ez delako egin edo epaiketa-egunak gainjarri direlako. Horrenbestez, justizia profesionala bermatzea eta behin-behinekotasuna murriztea xede direla, ezinbestekoa da aipatutako araubidea indartzea, profesionalen ordez profesionalak jardungo direla bermatuko duten neurrien bidez. Hala, bada, 210. eta 211. artikuluak aldatuko dira, ordezkapenak betetzeko deituko diren karrera judizialeko kideen hurrenkera arautua eta objektiboa ezartzeko. Hurrenkera horren barnean, beren borondatez parte hartu nahi duten epaile eta magistratu profesionalentzako urteko ordezkapenen planak edo egutegiak egiteko beharra ezarri da, aurreikuspen egokia dela medio, elkarren ordezko direnen artean gainjarriko den epaiketa-egunik egon ez dadin.

Irtenbide horren bidez, lehenik eta behin, kide bakarreko organoetan karrera judizialeko ordezkapen gehienak epaile eta magistratu profesionalek bete ditzatela lortu nahi da, justizia profesionala bermatzeko, eguneratutako ordainsariaren truke; eta bigarrenik, egungo egoera ekonomikoak behartutako aurrekontu-doikuntza egin nahi da, herritarrei eskainitako zerbitzua aintzat hartzeko moduan okertu gabe.

IV Helburu bera gogoan izaki berrikusi da 216. bis artikuluak aurreikusten duen errefortzu judizialen arauketa, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Justizia Ministerioaren arteko koordinazioa handitzea ezarri da, beharrak zehazteari eta gastua arrazionalizatzeari dagokienez. Era berean, ordezkapenak epaile eta magistratu titularrek egin ditzatela lehenetsiko da, zerbitzu-eginkizunen bidez, eta lurraldeari atxikitako epaileen, destinoaren zain dauden epaileen edo praktiketako epaileen atxikipena –epaile laguntzaile gisa– adosteko aukera aintzat hartuta. Salbuespenez bakarrik, horretarako arrazoiak emanda eta aurrekontua egonez gero, izendatu ahalko dira ordezko epaile ez profesionalak.

V Aldi berean, uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoak 308. artikuluan darabilen izendapena aldatzea komeni da, organo judizialen epaile titular izendatu ezin izan diren onartutako hautagaiei dagokienez; egun, «epaile alboko» baiteritze. Izan ere, egiatan, «destinoaren zain dauden epaileak» dira –Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren 2000. urteko urriaren 25eko Akordioaren eranskin gisa onarturiko epaile albokoei buruzko urriaren 25eko 2/2000 Erregelamenduan jasota dagoen moduan–, eta plaza hutsik ez egoteari zor zaion egoeraren mende daude, eta, ondorioz, ezin dira berehalakoan organo judizial bateko titular izan. Beraz, egungo izendapena zuzentzea eta arazo horri irtenbidea ematea proposatzen da, eta adierazitako figurari lehentasuna ematea Epaitegietako ordezkapen planak osatzean, 216. bis artikuluaren aldaketa eginda.

VI Eskola Judizialari dagokionez, bertako hautaketa-ikastaroak barnean hartzen dituen faseak zehaztu dira: batetik, diziplina anitzetan trebatzeko aldi teorikoa; bestetik, jurisdikzio-ordena guztietako hainbat organotan tutoretzapeko praktikaldia egitea (epaile albokoak), eta, azkenik, praktiketako epaileek ordezkapenak eta laguntza eginkizunak egingo dituzten aldia. Gainera, fase bakoitza gainditzea ezinbestekoa izango da hurrengora igarotzeko; hau da, ezingo da praktikarik egin aurrez aldi teorikoa gainditu gabe eta, era berean, ezingo da orain ezarriko den ordezkapenik ez laguntza eginkizunik bete, lehenago ez bada tutoretzapeko praktikaldia gainditu. Izan ere, hasierako trebakuntza osatzeko hirugarren fase bat garatzea aurreikusi da; tutoretzapeko praktikaldia gainditu ostean, epailegaiek ordezkapenak eta laguntza eginkizunak egingo dituzte epaitegi eta auzitegietan, eta Eskola Judizialak beste faseak bezala balioetsiko du jardun hori, justizia-auzitegi nagusien presidenteek epailegaiaren prestasuna eta errendimendua balioestea beste xederik gabe eginiko txostena aintzat hartuta. Horrela, epaile berriek trebakuntza egoki eta osoa jasoko dutela bermatu nahi da, jurisdikzioeginkizunetara ezari-ezarian irits daitezela ahalbidetuta.

VII Bestalde, probintzia-auzitegien egungo osaera malgutuko da, sekzio bakarrean magistratu kopuru handiagoa egon dadin. Ondorioz, etorkizunean lanpostu judizialak sortzea ahalbidetuko da ia kostu ekonomikorik gabe, behar handia dagoen lekuetan magistratuen kopurua handituko da, eta, gainera, organo horien barnean irizpideak bateratuko dira.

VIII Aurrekontu-austeritatea nagusi den egungo ingurumarian, nekez egin ahal zaio aurre unitate judizialak sortzeari eta, gainera, esperientziak argi utzi du ez dutela zerbitzu publikoaren eraginkortasuna eta kudeaketa nahitaez hobetzen. Azken urteetan unitate judizialen kopurua nabarmen handitu den arren –920 sortu dira 2004az geroztik, zuzkiduretara 31 milioi euro bideratuta–, gune jakin batzuetan ezin izan da ebazpenaren zain dagoen auzi kopurua murriztu, ez eta, oro har, sistema judizialaren erantzun-denbora arindu ere. Hori dela-eta, formula berriak osatzeari ekin zaio, sistemaren eraginkortasuna behin betiko hobetzeko, antolaketa judizialaren eredu berri bat ezarrita. Bitartean, irtenbideak eman behar dira epaileen eta magistratuen presentzia areagotzeko, baina orain arte praktikan jarritako konponbideek bezainbesteko kosturik gabe.

Horiek horrela, aurrerantzean, 347. artikuluan ezarritako lurraldeari atxikitako epailearen figura indartuko da, sistemari malgutasun handia ematen baitio, plaza hutsak bete zein lan-karga handiari aurre egin ezinik dauden epaitegietan edo auzitegietan laguntza-lanak egin baititzake. Horrenbestez, are gehiago indartu da haien zeregina, aipatutako manuan ezarritako epe-mugak aldatuta, gauden egoera zail hauetan zerbitzua hobetu ahal izateko.

IX Azkenik, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuak neurri sorta bat ezarri zuen baliabide publikoen erabilerari zegokionez, herri administrazioen eraginkortasuna hobetzeko, esparru konstituzionalean eta Europar Batasunean ezarritako ezinbesteko aurrekontu-egonkortasuna lortzeko xedez (2014an BPGren gaineko % 3ko defizita).

Neurri horiek batera hartu behar dira egiturazko aldaketa koherentea eskaintzeko, zeinak, oro har hartuta, adierazitako austeritate- eta eraginkortasun-helburuak betetzea ahalbidetuko baitu.

Aipatutako Errege Lege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, Legearen egokitzapena agindu da, herri administrazioei eta haien mendeko langile publikoei aplikatu beharreko neurri gehienetara doi dadin, aintzat hartuta horrek guztiak dakartzan zailtasunak, kontuan izan behar baita, batetik, justizia-administrazioak eskaintzen duen zerbitzuaren garrantzi konstituzionala, eta, bestetik, funtsezko zeregin bat daukala Estatuaren botereetako baten euskarria izanik.

Artikulu bakarra.  Botere Judizialaren gaineko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzea.

Botere Judizialaren gaineko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatu da.

Aurrerantzean, honela egongo da idatzita: Bat.  Aldatu egiten da 81. artikuluaren 5. paragrafoa, eta honela geratzen da idatzita:

«3.  Era berean, justiziaren administrazio egokiagoak hala aholkatzen duenean, auzitegietako atalek lau magistratu edo gehiago eduki ahalko dituzte.» Bi.  Bigarren lerrokada bat erantsi zaio 152. artikuluko 1. paragrafoaren laugarren ordinalari. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«Halaber, proposatutako epaile eta magistratuen zerrenda ezagutzea, behin betiko onartzea eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari igortzea behin betiko onar dezan, eta hala badagokio, beharrezko zehaztapenak eta zuzenketak egin ditzan, honako lege honen 200. artikuluaren lehen hiru paragrafoetan aurreikusitakoari jarraiki, baita adierazitakoa betetzen dela zaintzea ere».

Hiru.  Laugarren zenbaki bat erantsi zaio 152. artikuluaren 2. paragrafoaren testuari.

Honela geratzen da idatzita:

«4.  Epaileen Batzordeek egindako urteko ordezkapen planak ezagutzea, behin-behinean onartzea, dagozkien baldintzetan eta dagozkien zuzenketekin, halakorik egokituz gero, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari igortzea behin betiko onar ditzan. Gainera, horiek betetzen direla zainduko dute.» Lau.  d) paragrafoa erantsi zaio 168. artikuluaren 2. zenbakiari. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«d)  Ordezkapenak eta urteko ordezkapen-planak lege honetan ezarritakoaren arabera gauzatzen direla zaintzea, sor daitezkeen auziak barne-gobernuko auzi gisa ebaztea, eta gerta daitezkeen irregulartasunak zuzentzea, horretarako beharrezko neurriak hartuta eta, hala dagokionean, kasuan kasuko erantzukizunak eskatzea sustatuta.» Bost.  6. paragrafoa erantsi zaio 170. artikuluari. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«6.  Epaileen Batzordeari dagokio 211. artikuluan adierazitako epaile titularrak ordezteko urteko plana egitea, gobernu-salara igortzeko.» Sei.  Aldatu egiten da 199. artikulua. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1.  Ez balego sala eratzeko magistratu nahikorik probintzia-auzitegietan edo justizia auzitegi nagusietan, dagokion kide anitzeko organoaren presidenteak izendatutako karrera judizialeko kideak izendatu beharko dira, sala eratu ahal izateko. Izendapena honako ordena eta arau hauen arabera egingo da:

Lehenik eta behin, hurrengo artikuluan aipatutako ordezko profesionalen zerrendan dauden organo bereko magistratuak izendatuko dira, sekzio berekoetatik hasita; halakorik ez balego, gainerakoengana joko da, betiere ez badute epaiketaegunik esleituta.

Bigarren, hurrengo artikuluan aipatutako karrera judizialeko kideen zerrendan dauden beste organo bateko epaile eta magistratuak deituko dira, bertan ezarritako ordenaren arabera.

Hirugarren, Justizia Auzitegi Nagusiaren presidenteak bere kabuz edo sala eratu ezin izan den probintzia-auzitegiko presidenteak hala proposatuta, 347. bis artikuluan adierazitako lurraldeari atxikitako epaileak deituko ditu.

Laugarren, Justizia Auzitegi Nagusiaren presidenteak, edo bestela, kasuan kasuko probintzia-auzitegiaren presidenteak dagokion lurraldean lan-karga txikiena duten karrera judizialeko kideak deituko ditu eta, horretarako, une horretan Ikuskaritza Zerbitzuaren esku dauden datuak erabiliko ditu, betiere jarritako epaiketa-egunen artean bateraezintasunik ez badago.

Bosgarren, ezartzen den txandan organo berekoak deituko dira, horien artean lehentasuna izango dute epaiketa-egunik zehaztuta ez dutenek, eta, horietatik, berrienek.

Azkenik, eta salbuespenez bakarrik, aurreko guztiak aintzat hartuta ezinezkoa bada sala eratzeko karrera judizialeko ezein kide izendatzea, eta aurrekontua baldin badago, ordezko magistratu ez profesionala izendatu ahalko da, honako lege honetan ezarritakoari jarraiki.

2.  Auzitegi Nazionalari eta Auzitegi Gorenari dagokienez, sala eratzeko beste magistratu ez balego, sala eratzeko falta diren magistratuak salaren presidenteak edo kasuan kasuko epaimahaiaren presidenteak izendatuko ditu. Izendatzeko ordena honako hau izango da: epaiketa-egunik ezarrita ez dutenak aukeratuko dira aurrena, eta, horien artean, berrienak lehenetsiko dira. Halakorik ezean, presidenteek ordezko magistratu batengana joko dute, hurrengo artikuluaren 2. zenbakian aurreikusitakoa betez.

3.  Aurreko arau horiek aplikatzean sor daitezkeen zalantzak argitzeko, betiere karrera judizialeko kideak lehenetsiko dira profesionalak ordezteko, baliabide publikoei ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko irizpideari men eginez.

4.  Manu honetan ezarritakoaren araberako deialdiak betetzeko lanak araudian ezarritako kasuetan eta diru-zenbatekoan ordainduko dira. Inola ere ez da ordainsaririk jasoko, izendapena jaso duenak bere gain hartutako lan-karga, jatorrizko organoan duenari gehituta, ez bada Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ezarritako irizpide teknikoen araberako gutxienekora iristen.

5.  Urteko izendapenen kostu osoak ezingo du gainditu Justizia Ministerioak urtero ezarritako muga. Horretarako, aipatutako Ministerioak, Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legea onartu ostean, muga horren berri eman beharko dio Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari, zorrotz betetzen dela zaindu dezan.

6.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak urtarrilaren lehena baino lehen onartu beharko ditu aurreko ataletan aipatutako zerrendak, kasuan kasuko gobernu salek lehenago igorri beharko dituztenak, Lege honen 152. artikuluan ezarritakoaren arabera.

7.  Betiere izendapenaren edo atxikipenaren mugen barruan, sala eratzeko izendatutako magistratuek magistratu titular gisa jardungo dute, eta horien eskubide eta betebehar berberak izango dituzte.» Zazpi.  Aldatu egiten da 200. artikulua. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1.  Justizia-auzitegi nagusietan eta probintzia-auzitegietan urtero osatu beharko da beren borondatez sala eratzeko deialdia jasotzeko prest dauden karrera judizialeko kideen zerrenda. Jurisdikzio-ordena bakoitzean deialdiak zer lehentasun-ordenatan egin beharko diren jasoko du halaber zerrendak.

Edonola ere, zerrenda horretan parte hartzea eskatzean, eskatzaileek dagozkien organoetan zer lan-karga duten, beren epaiketa-egunen agenda nola dagoen eta titular diren organoan ebazpenaren zain dauden auziak azaldu beharko dituzte; era berean, haiei dagozkien eman gabeko ebazpenen kopurua adierazi beharko dute, eta arrazoiak eman beharko dituzte.

2.  Aurreko artikuluan aurreikusitako helburuetarako, Auzitegi Gorenean, Auzitegi Nazionalean, justizia-auzitegi nagusietan eta probintzia-auzitegietan karrera judizialeko kide ez diren ordezko magistratuen zerrenda eduki ahalko da, eta haiei deituko zaie sala eratzeko, egokitu zaien jurisdikzio-ordenan edo juriskidikzio-ordenetan ezarritako lehentasun-hurrenkeraren arabera.

Izendapenean errespetatu egin beharko da, bai aurrekontuaren erabilgarritasuna, bai eta aurreko artikuluan ezarritako lehentasun-ordena ere, eta sala eratzeko ezingo da inoiz ere ordezko magistratu bat baino gehiago izendatu.

3.  Probintzia-auzitegien eta justizia-auzitegi nagusien presidenteei dagokie zerrenda horiek egitea, bai titularrena, bai ordezko ez profesionalena. Zerrendok izendapenak egiteko lehenespenaren arabera osatu beharko dira, eta dagokien gobernu-salara igorriko dira, behin betiko onar ditzan. Zerrendok egiaztatuta, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari aurkeztuko zaizkio, hark dagokion moduan onar ditzan behin betiko.

4.  Eginkizun hori betetzeko adinagatik erretiroa hartu duten karrera judizialeko kideak izendatzen badira, magistratu emeritutzat joko dira eta horiei dagokien tratua jasoko dute. Egoera horretan izan ahalko dira 75 urte bete arte, eta ordezko magistratuei dagokien ordainsaria jasoko dute.

5.  Auzitegi Goreneko magistratuei, behin erretiroa hartuta, magistratu emerituaren izendapena emango zaie hala eskatuz gero, betiere legeak horretarako ezarritako baldintzak betetzen badituzte, eta kasuan kasuko salaren errefortzu beharrak halakorik eskatzen badu.» Zortzi.  Aldatu egiten da 210. artikulua. Aurrerantzean, honela geratuko da idatzita:

«1.  Kide bakarreko organo judizialetan epaileak eta magistratuak ordezteko, honako arauak eta ordena bete beharko dira:

a)  Ordenaren arabera, urteko ordezkapen-planetan beren borondatez parte hartu dutenak.

Edonola ere, zerrenda horretan parte hartzea eskatzean, eskatzaileek dagozkien organoetan zer lan-karga duten, beren epaiketa-egunen agenda nola dagoen eta titular diren organoan ebazpenaren zain dauden auziak azaldu beharko dituzte; era berean, haiei dagozkien eman gabeko ebazpenen kopurua adierazi beharko dute, eta arrazoiak eman beharko dituzte.

b)  Epaiketa-egunak bateragarriak badira, ordezkatuaren ohiko ordezkoa edo naturala izendatuko da, Epaileen Batzordeak proposatu eta kasuan kasuko gobernu-salak onartuta.

c)  Ondoren, honako ordenaren arabera deituko dira: ordezkapenak egiteko moduan dauden 347. bis artikuluan aipatutako lurraldeari atxikitako epaileak, mailan zaharrenetik hasita; 308.2. artikuluan araututako destinoaren zain dauden epaileak, modu berean lehenetsita, eta lege honen 307.2. artikuluaren araberako praktikaldia egiten ari diren epaileak, Eskola Judizialak helburu horretarako ezarritako ordenaren arabera.

d)  Laugarrenik, barruti judizial bereko karrera judizialeko kideei dagokienez, hurrengo artikuluan aurreikusitako ordezkapen-araubidea beteko da.

e)  Edonola ere, eta zenbaki honetako aurreko ataletan aipatutako ordenari lotuta egon beharrik gabe, beste Epaitegi baten jurisdikzioa handitu ahalko da, lege honetan aurreikusitakoa betez.

f)  Azkenik, eta aurreko aukera guztiak agortuta, ordezko ez profesionala izendatuko da, Lege honetako 213. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.  Aurreko zenbakian aipatutako urteko ordezkapen-planak osatzeko, txandakako ordezkapen aldien egutegia osatuko da, eta guardiako izendapenak eta eginkizunak koordinatuko dira, planetan beren borondatez parte hartuko duten epaile eta magistratu titularretara jo ahal izatea bermatuta egon dadin, gerta daitezkeen absentziak berehala ordezteko. Ordezkapenen aurreikuspena, nolanahi ere, honako artikuluan ezarritako lehenespen hauen arabera egingo da:

3.  Urteko ordezkapen-planak dagozkien Epaileen Batzordeek proposatuta egingo dira, eta kasuan kasuko gobernu-salari igorriko zaizkio, behin-behineko onarpena eman dezan. Behin-behineko onarpen horren aurretik, dagokion fiskaltzari aurkeztu beharko zaizkio, legeen arabera haren parte-hartzea behar duten prozedurei eragiten dieten epaiketa-egunak ahal den neurrian koordinatzeko.

Behin-behineko onarpena egiaztatuta, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari aurkeztuko zaizkio, hark dagokion moduan onar ditzan behin betiko.

4.  Epaile dekanoek eta probintzia-auzitegi, justizia auzitegi nagusi nahiz Audientzia Nazionaleko presidenteek, dagozkien eskumenen esparruan, manu honetan aurreikusitako ordezkapenen araudia zehaztasunez bete dadila zainduko dute, batez ere, urteko ordezkapen planei dagokien guztian.

5.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, ofizioz edo aurrekoetako edozeinek hala eskatuta, kasuan kasuko neurriak hartuko ditu manu honetan aurreikusitako ordezkapen araubidea betetzen ez bada. Era berean, urteko ordezkapen-planak gauzatzeko garaian ager daitekeen edozein oker zuzentzeko behar beste neurri hartuko du.» Bederatzi.  Aldatu egiten da 211. artikulua. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«Aurreko artikuluetako 1.b) eta 1.d) paragrafoetan aurreikusitakoaren helburuetarako, honako arau hauek beteko dira:

1.  Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaileak, merkataritza arlokoak, zigor arlokoak, emakumeen kontrako bortizkeriaren arlokoak, administrazioarekiko auzien arlokoak, adingabeenak eta lan arlokoak elkarren ordezko izango dira jurisdikzio-ordena bereko epaile bat baino gehiago dauden udalerrietan, Epaileen Batzordeak hala proposatuta eta justizia-auzitegi nagusiaren gobernu-salak adostutakoa betez.

Dekanoa bada ordeztu beharrekoa, titularra den epaitegian bere ordez jardun ohi den epaileak hartuko ditu bere gain egin beharreko lanak, aurreko lerrokadan ezarritakoa betez. Bestela, karguan denbora gehien daramanak ordeztuko du dekanoa.

2.  Udalerriren batean ez badago maila bereko epailerik, ordezkapena egiteko, beste maila bateko epailea izendatuko da.

3.  Jurisdikzio-ordena desberdineko epaileak ere ordezko izan ahalko dira, bai eta ordena bereko zenbait epaile egonik ere, azken horiek elkarren artean ordezteko aukerak agortu badira.

4.  Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaileei dagokie gainerako jurisdikzioordenetako eta adingabeen epaileak ordeztea, baldin eta ez badago ordena bereko epaile batekin ordezteko aukerarik.

5.  Zigor arloko epaileak ordezkatzea, aldiz, lehen auzialdikoei dagokie, 89. artikulua aplikatu behar denean. Gainerakoan, zigor arloko, lehen auzialdiko eta instrukzioko epaileak merkataritza arlokoek, adingabeenek, administrazioarekiko auzien arlokoek eta zibilekoek ordezkatuko dituzte, justizia-auzitegi nagusiaren gobernu-salak ezarritako ordenaren arabera.

6.  Emakumeen aurakako bortizkeriaren arloko epaileak lehen auzialdiko eta instrukzioko epaileek ordezkatuko dituzte, dagokion justizia auzitegi nagusiaren gobernu-salak ezarritako ordenaren arabera.» Hamar.  Aldatu egiten da 212. artikulua. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1.  Auziak hobe ebazteko komenigarria balitz, eta ordezkatu behar den udalerriaren maila eta ordena bereko beste udalerri bateko epaitegi baten lan-karga txikiagoa balitz, Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak lan-karga txikieneko epaitegiko titularraren jurisdikzioa handitu dezake, eta hark bi karguak bere gain hartuko ditu, araudian ezarritako aurrekontu-aurreikuspenen barruko ordainsaria jasotzeko eskubidearekin.

Edonola ere, ordezkatu behar den epaitegiaren maila eta ordena bereko beste epaitegi bateko titularrek Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteari jurisdikzioa handitu diezaien eskatu ahalko diote, bi karguak beren gain hartzeko, aurreko lerrokadan aurreikusitako ordainsaria jasotzeko eskubidearekin.

2.  Jurisdikzio-handitzeak dagokion gobernu-salaren bidez jakinaraziko zaizkio Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari, onar ditzan. Dena dela, onartu aurretik ere jarduerari ekin ahalko dio ordezkoak, baldin eta presidenteak horretarako adostasun arrazoitua eman badu.» Hamaika.  Aldatu egiten da 213. artikulua. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1.  Salbuespen gisa bakarrik, hau da, ezin bada ordezkapena karrera judizialeko kide batekin bete edo, aurreko artikuluetan ezarritakoaren arabera, praktiketako epaile batekin, jurisdikzio-jarduna organoko titular baten eskumenzabaltasun berarekin beteko du ordezko epaile batek.

2.  Ordezko epaileak ordezko magistratuak izendatzen diren modu berean izendatuko dira, eta araubide juridiko beraren mende egongo dira.

3.  Dagokion udalerri eta jurisdikzio-ordenarako ordezko bat baino gehiago izendatu bada, ezarritako lehentasun ordenaren arabera deituko dira.

4.  Inola ere ezingo da ordezko epailerik izendatu lehenago aurrekonturik dagoen egiaztatu gabe.

5.  Gobernuak arautegi bidez zehaztuko du zenbateko ordainsaria jasoko duten ordezko epaileek, betiere aurrekontu-aurreikuspenak betez.» Hamabi.  Aldatu egiten da 214. artikulua. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«Epaileek beren epaitegiari eta ordezkatu behar duten karguari dagozkion eginkizunak beteko dituzte, bai titular direnean, bai destinoaren zain daudenean edo laguntzaile direnean.

Ordezkapen profesionalak, baldin eta baleude, araudian zehaztutako kasuetan eta diru-zenbatekoan ordainduko dira.» Hamahiru.  Aldatu egiten da 215. artikulua. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«Bake-epaileak dagozkien ordezko epaileek ordeztuko dituzte.» Hamalau.  Aldatu egiten da 216. bis artikulua. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1.  Epaitegi edo epaimahai jakin batean auzien ebazpena neurriz kanpo atzeratzen denean edo ebazpenaren zain dagoen auzi kopurua gehiegizkoa denean, eta egoera hori ezin denean onbideratu Bulego Judizialaren langile kopurua handituta, edota 167.1. artikuluan aurreikusitako aldi baterako banaketa salbuespena erabilita, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak laguntza judizialeko aparteko neurriak adostu ahalko ditu. Neurri horien artean egongo da beste organo judizial batzuetako epaileak eta magistratuak atxikitzea, zerbitzu-eginkizunen bitartez.

2.  Justizia auzitegi nagusietako presidenteek nahitaezko atxikipena proposatuko ahalko dute neurri osagarri gisa, eginkizunetatik salbuetsi gabeko zerbitzu-eginkizunaren bidez. Nahitaezko atxikipena Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak ezarritako irizpide teknikoen arabera lan-karga txikia duten organoetako epaile eta magistratuei egokituko litzaieke. Zerbitzu-eginkizunen trukean ez da ordainsaririk jasoko, baldin eta atxiki denak bere gain hartutako lan-kargaren eta jatorrizko organoan duenaren batura, ez bada aipatutako irizpide teknikoetan ezarritako gutxienekora iristen.

3.  Halaber adostu ahalko da epaile laguntzaile gisa atxiki daitezela honako hauek, ordena honetan: 347. bis artikuluan aipatutako lurraldeari atxikitako epaileak; 308.2. artikuluan aipatutako destinoaren zain dauden epaileak; 307.2. artikuluan aipatutako praktiketako epaileak, eta, salbuespen gisa, ordezko epaileak eta ordezko magistratuak.

4.  Eginkizunetatik salbuetsi gabeko zerbitzu-eginkizunen neurri osagarrien mende dagoenak ez du titular den organoan ordezkapen-planaren ondoriozko ordezkapenik egin beharko, berariaz halakorik eskatu ezean.

5.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak onartutako neurri osagarri guztietan beharrezkoa izango da Justizia Ministerioak aurrez onartzea. Hori bai, hark neurriaren aurka egin ahalko du, baina bakarrik aurrekontu arrazoiengatik. Horiek guztiak arautuko dira bi erakundeek urtero sinatu beharko duten Protokoloan, zeinaren xedea hartu ahalko diren neurri osagarrien plangintza egitea izango baita.

6.  Atzerapenaren kausa egiturazkoa balitz, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, aipatutako behin-behineko neurriak hartzeaz gain, Justizia Ministerioari eta justizia arloko eskumenak dituzten autonomia erkidegoei egoki deritzen proposamenak helaraziko dizkie, arazoa duen epaitegi edo epaimahaiko plantilla egokitzeko edo dagokion mugape edo antolaketa zuzentzeko.» Hamabost.  Aldatu egiten da 307. artikulua. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren mende dagoen eta epaileak nahiz magistratuak aukeratu eta trebatzeko helburua duen Eskola Judizialak prestakuntza integrala, espezializatua eta kalitate handikoa eskainiko die karrera judizialeko kideei eta karreran sartzeko hautagaiei.

Eskola Judiziala arduratuko da hastapeneko irakaskuntza koordinatzeaz eta emateaz, bai eta etengabeko trebakuntzaz ere, 433. bis artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.  Hautapen-ikastaroak honako hauek hartuko ditu barnean nahitaez: diziplina anitzeko trebakuntza programa teorikoa, tutoretzapeko praktikaldia jurisdikzioordena guztietako organoetan, eta praktiketako epaileek ordezkapenak eta errefortzu-eginkizunak egingo dituzten aldia. Hurrengo fasera igarotzeko nahitaez gainditu beharko da aurrekoa.

3.  Diziplina anitzeko trebakuntza teorikoaren fasea gainditu ostean ekin ahalko zaio praktikaldiari. Lehen fasean, tutoretzapeko praktikaldian dauden epaileek (epaile alboko deituko zaie) titularrei laguntzeko eginkizunak beteko dituzte. Aldi horrek irauten duen bitartean, ezingo ditu ebazpen-zirriborroak edo -proiektuak idazteaz harago doazen funtzioak bete. Horiek bere egin ahalko ditu epaile edo txostengileak, hala badagokie, beharrezko aldaketak eginda. Era berean, ikustaldiak edo epaile-jardunak zuzendu ahalko dituzte, epaile titularraren ikuskaritza eta zuzendaritzapean.

4.  Tutoretzapeko praktikaldia gaindituta, praktiketako epaileek nahitaez bete beharko duten ordezkapenen eta errefortzu-lanen aldia hasiko da, 210. eta 216. bis artikuluetan ezarritakoari jarraiki. Hala bada, praktiketako epaileak lehenetsiko dira ordezko epaileen aldean, eginkizun horiek gauzatzeko deialdietan.

Azken fase horretan, organo judizial horretako titularren eskumen berak izango dituzte, eta dagokien Justizia Auzitegi Nagusiko presidentearen esanetara egongo dira. Presidentearen ardura izango da jarduera horretan haien prestasunari eta errendimenduari buruzko txosten bat egitea, Eskola Judizialak balioets dezan.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Justizia Auzitegi Nagusien presidenteen ardura izango da praktiketako epaileek gerora beren destino izan daitezkeen organo judizialen antzeko ezaugarriak dituztenetan betetzea zeregin horiek, ahal den heinean.

5.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Praktiketako epaileen praktikaldiaren iraupena, baldintzak, destinoa eta eginkizunak arautuko ditu, Eskola Judizialak osatutako programaren arabera.

Trebakuntza ikastaro teorikoaren iraupena ez da, inola ere, bederatzi hilabete baino gutxiagokoa izango. Tutoretzapeko praktikak lau hilabetez egingo dira gutxienez; gutxieneko iraupen bera izango du ordezkapenak eta errefortzu-lanak egiteko aldiak.

6.  Ikastaro teorikoa eta praktikaldia gainditzen dutenak epaile izendatuko dira Eskola Judizialak proposatutako ordenaren arabera.

7.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia arduratuko da izendapena emateaz, horretarako agindu bat argitaratuta. Kargu-hartzea egin eta bat emango zaie epaile titulua.» Hamasei.  Aldatu egiten da 308. artikuluaren 2. paragrafoa. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«2.  301.4 artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe, ezein organo judizialetako epaile titular izendatzea lortu ez baina ikastaroa gainditu duten hautagaiak, destinoaren zain dauden epaile gisa sartuko dira karrera judizialean. Kargu horretaz jabetuko dira Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren presidentearen aurrean.

Horri atxikita geratuko dira 210.1, 216., 216. bis, 216. bis 2, 216. bis 3 eta 216. bis 4. artikuluetan ezarritako helburuetarako.

Destinoaren zain dauden epaileek lehentasuna izango dute ordezko epaileen aldean aurreko lerrokadan adierazitako artikuluei loturiko eginkizunak gauzatzeko deialdietan. Epaile titular izendatzen dituzten unean utzi egingo dituzte eginkizun horiek, eta agertzen diren plaza hutsak beteko dituzte, gainditu duten hautagaien zerrendan dauden ordenari jarraiki.» Hamazazpi.  Aldatu egiten da 347. artikulua. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

«1.  Justizia auzitegi nagusi bakoitzean, probintziako lurralde esparruari dagokionez, Mugape eta Antolaketa Judizialari buruzko abenduaren 28ko 38/1988 Legeak zehazten dituen lurraldeari atxikitako epaile postuak sortuko dira.

2.  Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak egindako izendapenaren bidez, lurraldeari atxikitako epaileek hutsik dauden plazetan beteko dituzte beren jurisdikzio-eginkizunak, organo judizialen errefortzu gisa, edota titularrak kanpoan dituzten plazak beren gain hartuz, Lege honetan ezarritako aurreikuspenen arabera.

3.  Aldiz, probintzia anitzeko Autonomia Erkidegoetan, eta zerbitzua emateko beharrezkoa denean, Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak aipatutako auzitegiaren mendeko lurralde esparruko beste probintzia bateko organo judizialetarako izendapenak egin ahalko ditu. Horrelakoetan, lurraldeari atxikitako epaileak zerbitzua eman ahal izateko egin beharko dituen joan-etorriak araudian zehaztu bezala ordainduko dira.

4.  Hizkuntza ofizial bat baino gehiagoko autonomia erkidegoetan edo berariazko Zuzenbide Zibila dutenetan, plaza horiek betetzeko, honako lege honetan xede horretarako ezarritako aurreikuspenak aplikatuko dira.» Hemezortzi.  Aldatu egiten da 371. artikuluaren 1. paragrafoa. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1.  Epaile eta magistratuek eskubidea izango dute, egutegiko urte bakoitzean, ordaindutako hogeita bi egun balioduneko oporraldia izateko, edo, zerbitzuan emandako denbora urtebetera iristen ez bada, proportzioan dagozkien egunetako oporraldia izateko.

Artikulu honetan aurreikusitako xedeetarako, larunbatak ez dira egun baliodun gisa hartuko.» Hemeretzi.  Aldatu egiten da 373. artikuluaren 3. paragrafoa. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«3.  Era berean, zeregin judizialari loturiko ikasketak egiteko baimena hartzeko eskubidea izango dute, dagokion auzitegiko presidenteak aurrez aldeko txostena emanda. Horretarako, zerbitzuaren beharrak aintzat hartu beharko ditu presidenteak.

Baimena amaitutakoan, egindako lanen memoria igorriko zaio Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari, eta edukia ez balitz aski baimena justifikatzeko, interesdunaren oporraldiari baimenak iraun dituen egunak kenduko zaizkio.» Hogei.  Aldatu egiten da 373. artikuluaren 4. paragrafoa. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«4.  Era berean, egutegiko urtean hiru baimen egun (banaka edo batera) hartzeko eskubidea izango dute. Kasuan kasuko nagusiek zerbitzuaren beharrak aginduta baino ezingo dituzte ukatu.» Hogeita bat.  8. zenbakia gehitu zaio 373. artikuluari, honako eduki honekin:

«8.  Epaile eta magistratuek diharduten organo judizialaren egoitzara hilean hiru egunez ez joatea eskatu ahalko diote dagokien presidenteari (urtean gehienez bederatzi egun), konplexutasun bereziko auziak aztertu edo ebazteko, eskatzailearen errendimenduari ezin egotz dakion gehiegizko lan-kargari aurre egiteko, edo beste inguruabar batzuei erantzuteko. Ez joateko eskaera gutxienez hiru egun lehenago egin beharko dute. Eskaera ukatu ahalko da baldin eta epaiketa-egunekin, ikustaldiekin edo deliberazioekin bat badator, edota zerbitzuaren premiak ezin badira estali.

Hil berean manu honetako 4. zenbakian aipatutako baimenak hartu izana ez da oztopo izango baimen horiek emateko.» Hogeita bi.  Aldatu egiten da 374. artikulua. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«Gaixotasuna dela medio, langelara joaterik ez duenak horren berri eman beharko dio dagokion presidenteari, eta gaixotasunaren egiaztagiria nahiz medikuak egindako sendatzeko aurreikuspena aurkeztu beharko ditu.» Hogeita hiru.  Aldatu egiten da 375. artikuluaren 2. paragrafoa. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«2.  Ikasketa orokorrak egiteko baimenetan oinarrizko ordainsariak eta familiagatiko ordainsariak jasotzeko eskubidea izango da. Jurisdikzioeginkizunarekin zerikusia duten ikasketak egiteko baimenek, aldiz, ez dute soldatamugarik izango.

Aurreko horiek gorabehera, ikasketak egiteko urtean gehienez 20 baimen-egun ordainduko dira, ikasketok jurisdikzio-eginkizunarekin zerikusia izan edo ez.

Salbuespena izango dira ordena- edo espezialitate-aldaketen ondoriozko nahitaezko trebakuntzak, horiek ez baitute mugarik izango.» Hogeita lau.  Aldatu egiten da 375. artikuluaren 3. paragrafoa. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«3.  Gainerako baimenek ez dute eraginik izango interesdunaren ordainsarietan, honako Lege honetan ezarritakoa eragotzi gabe. Gaixotasunagatiko baimenei dagokienez, karrera judizialeko kideek, baldin eta gertakari arruntengatiko aldi baterako ezintasun-egoeran badaude, oinarrizko zein osagarrizko ordainsarien ehuneko berrogeita hamar jasoko dute, bai eta, hala badagokio, beren ardurapeko seme-alabagatiko prestazioa ere, aldi baterako ezintasun-egoeraren lehen egunetik hirugarrenera, egoera hori sortu aurreko hilean zituztenak oinarri hartuta. Laugarren egunetik hogeigarren egunera, biak barne, oinarrizko zein osagarrizko ordainsarien ehuneko hirurogeita hamabost jasoko dute, baita, hala badagokio, beren ardurapeko seme-alabagatiko prestazioari dagokionez ere. Hogeita batgarren egunetik ehun eta laurogeira arte, biak barne, oinarrizko ordainsari guztiak, ardurapeko seme-alabagatiko prestazioa, hala badagokio, eta ordainsari osagarriak jasoko dituzte. Aldi baterako ezintasun-egoera gertakari profesionalen ondoriozkoa denean, jaso beharreko prestazioa osatu ahal izango da, lehen egunetik, harik eta ezintasuna sortu aurreko hilean langile horrek jasotzen zituen ordainsarien ehuneko ehun egin arte gehienez.

Ehun eta laurogeita batgarren egunetik aurrera, justizia-administrazioaren zerbitzura dauden langileen Gizarte Segurantzako Araubide bereziari buruz indarrean dauden lege xedapenen testu bategina onartzen duen ekainaren 23ko 3/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 20. artikuluko 1.B) paragrafoan ezarritako sorospena aplikatuko da.

Organo eskudunak aukera izango du osagarri bat noiz ezarri erabakitzeko, betiere salbuespen gisa eta behar bezala justifikatuta, eta, gehienez ere, aurretik jasotzen zituzten ordainsarien ehuneko ehun egin arte. Ondorio horietarako, ospitaleratzeko eta interbentzio kirurgikoko kasuak behar bezala justifikatuta daudela joko da.

Mutualismo administratiboak kudeatutako gizarte-segurantzako araubide bereziei atxikitako funtzionarioek ezin izango dute gizarte-segurantzako araubide orokorrera atxikitakoek baino gutxiago kobratu gertakari arruntengatiko aldi baterako ezintasun-egoeran, azken horiei aplikatu beharreko osagarriak barne, hala badagokio.

Egutegiko eguntzat hartuko dira zenbaki honetan aipatzen diren egunak.» Hogeita bost.  Aldatu egiten da 502. artikulua. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1.  Funtzionarioek eskubidea izango dute egutegiko urte bakoitzean, ordaindutako hogeita bi egun balioduneko oporraldia izateko, edo, zerbitzuan emandako denbora urtebetera iristen ez bada, proportzioan dagozkien egunetako oporraldia izateko. Xede horretarako, larunbata ez da egun balioduntzat joko, ordutegi berezietarako ezarritako egokitzapenak eragotzi gabe.» 2.  Justizia Ministerioak eta autonomia erkidegoek, dagozkien lurralde esparruetan, eskumena izango dute oporraldiaren gaineko arauak agintzeko, hala nola opor egunak emateko prozedurak ezartzeko.» Hogeita sei.  Aldatu egiten da 503. artikulua. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1.  Arrazoi justifikatuak direla medio, funtzionariook Estatuko Administrazio Orokorreko funtzionarioei aplikatzen zaien indarreko araudian ezarritako baimen kopuru eta baimen-egun berak izango dituzte.

2.  Estatuko Administrazio Orokorreko funtzionarioei dagozkien eskubide ekonomiko berak izango dituzte baimen horietan.» Hogeita zazpi.  Aldatu egiten da 504.5 artikuluaren 2. lerrokada. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«Gaixotasunagatik lanera joateko ezintasuna, gertatu den egunean bertan eta araudian ezarritakoaren arabera, jakinarazteko betebeharra eragotzi gabe, funtzionarioek gaixotasunagatiko baimena eskatu beharko diote agintaritza eskudunari.» Hogeita zortzi.  Aldatu egiten da 504. artikuluaren 5. paragrafoaren 7. lerrokada.

Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«Justizia-administrazioaren zerbitzura dauden kidegoetako funtzionarioek, baldin eta gertakari arruntengatiko aldi baterako ezintasun-egoeran badaude, oinarrizko zein osagarrizko ordainsarien ehuneko berrogeita hamar jasoko dute, bai eta, hala badagokio, beren ardurapeko seme-alabagatiko prestazioa ere, aldi baterako ezintasun-egoeraren lehen egunetik hirugarrenera, egoera hori sortu aurreko hilean zituztenak oinarri hartuta. Laugarren egunetik hogeigarren egunera, biak barne, oinarrizko zein osagarrizko ordainsarien ehuneko hirurogeita hamabost jasoko dute, baita, hala badagokio, beren ardurapeko seme-alabagatiko prestazioari dagokionez ere. Hogeita batgarren egunetik ehun eta laurogeira arte, biak barne, oinarrizko ordainsari guztiak, ardurapeko seme-alabagatiko prestazioa, hala badagokio, eta ordainsari osagarriak jasoko dituzte. Aldi baterako ezintasun-egoera gertakari profesionalen ondoriozkoa denean, jaso beharreko prestazioa osatu ahal izango da, lehen egunetik, harik eta ezintasuna sortu aurreko hilean langile horrek jasotzen zituen ordainsarien ehuneko ehun egin arte gehienez.

Ehun eta laurogeita batgarren egunetik aurrera, justizia-administrazioaren zerbitzura dauden langileen Gizarte Segurantzako Araubide bereziari buruz indarrean dauden lege xedapenen testu bategina onartzen duen ekainaren 23ko 3/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 20. artikuluko 1.B) paragrafoan ezarritako sorospena aplikatuko da.

Organo eskudunak aukera izango du osagarri bat noiz ezarri erabakitzeko, betiere salbuespen gisa eta behar bezala justifikatuta, eta, gehienez ere, aurretik jasotzen zituzten ordainsarien ehuneko ehun egin arte. Ondorio horietarako, ospitaleratzeko eta interbentzio kirurgikoko kasuak behar bezala justifikatuta daudela joko da.

Mutualismo administratiboak kudeatutako gizarte-segurantzako araubide bereziei atxikitako funtzionarioek ezin izango dute gizarte-segurantzako araubide orokorrera atxikitakoek baino gutxiago kobratu gertakari arruntengatiko aldi baterako ezintasun-egoeran, azken horiei aplikatu beharreko osagarriak barne, hala badagokio.

Egutegiko eguntzat hartuko dira zenbaki honetan aipatzen diren egunak.» Hogeita bederatzi.  3. paragrafo berri bat gehitu zaio 528. artikuluari, honako edukiarekin:

«3.  Salbuespenezko arrazoiak direla medio, Justizia Ministerioak edo, hala badagokie, justizia arloko eskumenak dituzten autonomia erkidegoek giza baliabideak antolatzeko planak adostu ahalko dituzte, Estatuko Administrazio Orokorreko funtzionarioei dagokien indarreko araudiaren baldintzen arabera.» Hogeita hamar.  Hamaseigarren xedapen gehigarri berri bat gehitu da. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«Hamaseigarren xedapen gehigarria.  Deialdiak mugatzea.

Inola ere ez da deialdirik egingo, baldin eta ez badago horretarako aurrekonturik, Justizia Ministerioak aldian behin egin ohi dituen jakinarazpenak aintzat hartuta eta karrera judizialeko eta fiskaleko ordainsarien araubidea arautzen duen maiatzaren 26ko 15/2003 Legearen hirugarren xedapen iragankorrean aurreikusitako ordainsariak arautzen dituen martxoaren 12ko 431/2004 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraiki.» Hogeita hamaika.  Hamazazpigarren xedapen gehigarri berri bat gehitu da.

Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«Hamazazpigarren xedapen gehigarria.  Urteko ordezkapen-planak eta 200. artikuluko zerrendak aurkeztea.

Kasuan kasuko kide anitzeko organoetako presidenteak arduratuko dira, beren eskumenen esparruan eta, hala dagokionean, dekanoen bidez, urteko ordezkapenplanak eta lege honek aipatzen duen 200. artikuluko zerrendak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari helarazteaz, gutxienez dagokion urteko urtarrilaren lehena baino bi hilabete lehenago.

Edonola ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak onartutako urteko planak egokitu ahalko ditu, lekualdaketa bategatik edo bestelako inguruabarrengatik beharrezkoa balitz.» Hogeita hamabi.  Hemezortzigarren xedapen gehigarri berri bat gehitu da.

Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«Hemezortzigarren xedapen gehigarria.  Urteko ordezkapen-planen aurreikuspenak.

Urteko ordezkapen-planetan hainbat egoera aurreikusiko dira; esaterako, ordezkoak laguntza edo errefortzu neurrietan parte hartzea, edo dagozkion eginkizunetatik salbuetsi eta beste organo batera atxikitzea, egokitu zaion ordezkapenetik libratzeko, hark aurkakoa berariaz adierazi ezean. Era berean, epaiketa-egunak bikoiztuz gero, hartu beharreko neurriak aurreikusiko dira.» Hogeita hamahiru.  Hemeretzigarren xedapen gehigarri berri bat gehitu da.

Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«Hemeretzigarren xedapen gehigarria.  Barruti judizialei dagozkien ordezkapenplanak.

Egoki iritziz gero, eta dekanoen, kasuan kasuko barrutietako Epaileen Batzordeen, probintzia-auzitegiko presidentearen, justizia auzitegi nagusiko presidentearen edota Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren beraren ekimenez, hainbat barruti judizial barnean hartzen dituzten ordezkapen-planak onartu ahalko dira. Horrelakoetan, biztanle gehieneko barruti judizialeko dekanoak hartu ditu bere gain lege honek agintzen dizkion eginkizunen ardura.

Hogeita hamalau.  Hogeigarren xedapen gehigarri berri bat gehitu da. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«Hogeigarren xedapen gehigarria.  Ardurak eskuordetzea ordezkapen gaietan.

Justizia auzitegi nagusietako presidenteek lege honek aitortzen dizkien ardurak eskuordetu ahal izango dizkiete egoki iritzitako beren lurraldeko probintziaauzitegietako presidenteei, ordezkapenen arloari dagokionez.» Hogeita hamabost.  Berrogeita batgarren xedapen iragankorra gehitu da. Honela egongo da idatzita:

«Berrogeita batgarrena.  2012ko abenduko aparteko ordainsaria kentzea.

Aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2102 Errege Lege Dekretuari jarraiki, ez zaie 2012ko abenduko aparteko ordainsaria ordainduko idazkari judizialei, ez eta justiziaadministrazioko gainerako langileei ere. Aipatutako ordainsaria egokitu egingo da, murrizketa gainerako funtzionarioei eragiten dienaren baliokidea izan dadin.» Lehen xedapen gehigarria.  Herri Administrazioak berrantolatzeko eta arrazionalizatzeko neurriak.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, eskumena duen esparruan, herri administrazioak berrantolatzeko eta arrazionalizatzeko neurriak onartuko ditu, aurrekontuegonkortasuna bermatu eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuan aurreikusitako eduki eta irismen antzekoekin.

Bigarren xedapen gehigarria.  Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoa aldatzea.

Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 2. artikuluko 4. paragrafoa aldatu egiten da. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«4.  Zigor Kodeko 571. artikulutik 580. artikulura artekoetan jasotako delituez arduratzeko eskumena Auzitegi Nazionaleko Adingabeen Epaitegi Zentralari egokituko zaio.

Era berean, Auzitegi Nazionaleko Adingabeen Epaitegi Zentralari egokituko zaio adingabeek atzerrian egindako delituez arduratzeko eskumena, baldin eta Botere Judizialaren gaineko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren eta Nazioarteko Itunen arabera, Espainiako jurisdikzioaren barnean badaude.

Honako Lege honen 17. artikuluko 4. paragrafoko azken tartekian, hala nola gainerako guztietan, adingabeen epailea aipatzen denean, adingabeen epaile zentrala dela ulertu behar da, behintzat aurreko bi lerrokadetan aipatutako delituren bat egozten zaien adingabeei dagokien guztian.» Lehen xedapen iragankorra.  Urteko ordezkapen-planak eta 200. artikuluko zerrendak.

Honako lege hau indarrean jarri ondoren eta urteko ordezkapen-planak nahiz 200. artikuluan aipatutako zerrendak onartu artean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia arduratuko da beharrezko ordezkapenak eta deialdiak, ahal den neurrian, honako lege honen irizpideetara egokitzen direla zaintzeaz.

Bigarren xedapen iragankorra.  Urteko ordezkapen-planak eta 200. artikuluko zerrendak onartzea.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2013ko martxoaren 15a baino lehen onartuko ditu urteko ordezkapen-planak eta Botere Judizialaren Lege Organikoaren 200. artikuluan aipatutako zerrendak, ondorengo hamabost egunen barruan onar daitezen.

Hirugarren xedapen iragankorra.  Martxoaren 12ko 431/2004 Errege Dekretuan aurreikusitako ordainsariak eguneratzea.

Honako lege hau indarrean sartu ondoren, Gobernuak martxoaren 12ko 431/2004 Errege Dekretuan aurreikusitako ordainsariak eguneratzeari ekingo dio, ordezkapenak, aparteko zerbitzuak eta helburuen araberako ekintza programetan parte hartu izana ordaintzeko.

Edonola ere, arau bidez egoki iritzitako ordezkapenengatiko ordainsariaren zenbatekoa ordezkapena egingo den organoan jarduteagatik aurreikusitako lanpostu mailako osagarriaren % 80 izango da.

Laugarren xedapen iragankorra.

Honako Lege honen artikulu bakarreko hamabosgarren paragrafoan Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 307. artikuluari buruz aurreikusitakoa ez zaie aplikatuko legea indarrean sartzean Eskola Judizialeko nahitaezko hautaketa ikastaroa egiten ari direnei.

Bosgarren xedapen iragankorra.  375.3. artikulua indarrean sartzea.

Botere Judizialaren Lege Organikoaren 375. artikuluaren 3. paragrafoari buruz ezarritakoa indarrean sartuko da, organo eskudunak erabakitzen duenean osagarria zein kasutan ezar daitekeen, salbuespen gisa eta behar bezala justifikatuta, aurretik uneanunean jasotzen izan diren ordainsarien gehienez ehuneko ehun egin arte, eta, betiere, gehienez sei hilabeteko epean.

Seigarren xedapen iragankorra.  504.5. artikuluaren zazpigarren lerrokada indarrean sartzea.

Botere Judizialaren Lege Organikoaren 504.5 artikuluaren zazpigarren lerrokadari buruz ezarritakoa indarrean sartuko da, organo eskudunak erabakitzen duenean osagarria zein kasutan ezar daitekeen, salbuespen gisa eta behar bezala justifikatuta, aurretik unean-unean jasotzen izan diren ordainsarien gehienez ehuneko ehun egin arte, eta, betiere, gehienez sei hilabeteko epean.

Azken xedapenetako lehena. Eskumen-titulua.

Honako lege organiko hau ematen da Konstituzioaren 149.1.5. artikuluak justiziaadministrazioaren esparruan Estatuari aitortutako eskumenak baliatuta.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarrean sartzea.

Lege organiko hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Beraz, Lege organiko hau bete eta betearaz dezaten agintzen diet Espainiako herritar eta agintari guztiei.

Madrilen, 2012ko abenduaren 27an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra