7/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 12koa, COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiteko presako neurriak hartzen dituena.
2020-03-12Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 03/13/2020, 65. zk.
I. XEDAPEN OROKORRAK
3580 7/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 12koa, COVID-19aren eragin
ekonomikoari aurre egiteko presako neurriak hartzen dituena.
Urtarrilaren 30ean, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarte-mailako osasun publikoko larrialditzat jo zuen COVID-19 koronabirusak sortutako egoera; geroztik, hainbat neurri hartu dira, herritarren osasuna eta segurtasuna bermatzeko, gaixotasunaren hedapena geldiarazteko eta osasun publikoko sistema indartzeko.
Zehazki, COVID-19aren bilakaerak sortutako egoera horrek eraginda, eta egun bizi dugun euste-neurri indartuen egoeraren barruan, osasun publikoko agintariek aparteko euste-neurriak hartu behar izan dituzte, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren esparruan koordinatzen direnak. Neurri horiek, beste herrialde batzuk hartzen ari direnekin batera, inpaktu ekonomiko handia izaten ari dira, batez ere Espainiako ekonomia- eta enpresa-sektore jakin batzuetan, baita erasandako guneetako herritarrengan ere.
Martxoaren 10eko 6/2020 Errege Lege Dekretuan, zeinaz presako neurri batzuk hartzen baitira ekonomiaren arloan eta osasun publikoa babesteko, presako zenbait neurri hartu ziren gaixotasuna ez hedatzeko, norberaren edo besteren konturako langileen gizarte-babesari eusteko eta sendagaien eta osasun-produktuen hornidura eta banaketa ondo egiten dela bermatzeko. Hala, aurreikusi da langileen bakartze- edo kutsatze-aldiak, COVID-19 birusaren ondoriozkoak, lan-istripuarekin parekatutako egoeratzat hartuko direla Gizarte Segurantzako sistemako aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoaren ondorioetarako, eta sendagai edo osasun-produktuen hornidura Administrazioak zentralizatutako duela, aldi baterako, baldin eta aparteko zailtasunak gertatzen badira horien horniduran.
Era berean, martxoaren 10ean, Ministroen Kontseiluak erabaki du Italiako Errepublikako eta Espainiako aireportuen arteko zuzeneko hegaldiak debekatzea martxoaren 11tik 25era bitarte.
Beste neurri batzuk ere hartu dira, hala nola Immigranteen Aldi Baterako Egonaldien Zentroetan (CETI) gela bat prestatzea, norbait bakartu behar izanez gero, eta COVID-19arekiko kalteberak diren taldeak monitorizatzeko lanak egitea; era berean, beste erakunde batzuek kudeatutako zentroetan Osasun Ministerioak proposatutako protokoloak erabiltzea gomendatu da. Neurriak hartu dira, halaber, espetxeen eremuan: hamalau egunez mugatu da Madrilen, Gasteizen eta Bastidan dauden espetxeetara eta gizarteratze-zentroetara sartzea, «transmisio-maila handiko guneak» direlako, eta familia-komunikazioak ere mugatu edo eten egin dira.
Gainera, autonomia-erkidego batzuetan erabaki da ikastetxeak eta adinekoen arretarako zentroak aldi baterako ixtea, eta mila pertsona baino gehiago biltzen dituzten gune itxietako jarduerak etetea.
Europar Batasunaren esparruan, estatuburuek eta gobernuburuek Kontseilu Europarraren ezohiko bilera egin zuten martxoaren 10ean, estatu kideetako egoera aztertzeko; bertan, europar ikuspegia bateratu beharra berretsi zuten, unean-unean behar diren neurriak hartzeko eta azkar jarduteko. Ildo horretan, Kontseilu Europarrak lau lehentasun identifikatu zituen:
Lehenik, birusaren hedapena mugatzea. Estatu kideek berretsi zuten lehentasun handiena herritarren osasuna bermatzeak zuela, eta jarduketak gomendio zientifikoetan eta osasun-agintaritzen gomendioetan oinarritu behar zirela, neurriak horien arabera hartuz. Bigarrenik, ekipamendu medikoaren hornidura. Erabaki zen Batzordeari eskatzea dauden beharrak aztertzeko eta hornidura-gabeziako egoerak saihesteko ekimenak martxan jartzeko, industriarekiko lankidetzan eta baterako kontratazio publikoen bidez. Gainera, Batzordeak asmoa du Babes Zibileko Mekanismoaren bidez babes pertsonaleko ekipamenduak eskuratzeko, maskarei eta arnasgailuei arreta berezia eskainiz. Hirugarrenik, ikerketa sustatzea, bereziki txerto bat garatzeko. Eta, laugarrenik, ondorio ekonomikoei aurre egitea. Batasunak eta haren estatu kideek azpimarratu zuten prest zeudela behar ziren tresna guztiak erabiltzeko; zehazki, gerta litezkeen likidezia-inpaktuei erantzuteko eta enpresa txiki eta ertainei eta eragindako sektore espezifikoei eta langileei laguntzeko.
Lehentasun horiei azkar erantzuteko, Europako Batzordea bi frontetan ari da lanean: osasuna eta ekonomia.
Osasunaren arloan, hainbat jarduera iragarri dira: neurriak koordinatzea, Osasuneko eta Barne Arazoetako ministroekin telefono-konferentziak eginez; hainbat estatu kidetako epidemiologo eta birologoen talde bat antolatzea, Europa mailako gidalerroak proposa ditzaten; inbentario bat egitea, jakiteko zenbat babes-ekipamendu eta arnas-aparatu dauden eta zer gaitasun dagoen horiek ekoizteko eta banatzeko; europar ekimena indartzea, koronabirusari buruzko ikerketa finantzatzeko, eta 140 milioi euroko finantzaketa publiko eta pribatua mobilizatzea txertoei buruzko ikerketarako, diagnostikorako eta tratamendurako.
Bestalde, Europako Batzordeak ekonomiaren arloko beste neurri batzuk ere iragarri ditu. Hala, estatu kideak, Batzordea eta Europako Banku Zentrala elkarren artean koordinatzen ari dira, ezinbestekoa baita. Era berean, bermatu nahi da Estatuaren laguntzak behar dituzten enpresetara bideratuko direla, estatu-laguntzen araudia egokituz, hala badagokio; horretarako, Egonkortasun eta Hazkunderako Itunean dagoen malgutasunak ematen dituen aukera guztiak baliatuko dira. Nabarmendu behar da, gainera, martxoaren 10ean Europako Batzordeak «Koronabirusari Aurre Egiteko Inbertsio Ekimena» iragarri zuela, laguntza emateko osasun-arretarako sistemei, ETEei, lan-merkatuari, bereziki eragindako sektoreei eta bestelako eremu kalteberei, eta, horretarako, egitura-funtsak azkar eta salbuespenez erabiltzeko neurriak aurkeztuko ditu.
Errege lege-dekretu honen helburua da eragin ekonomiko negatiboari erantzuteko neurri berriak hartzea osasun-arlorako, sektore turistikorako eta agintari eskudunek hartutako euste-neurriek ukitutako pertsonentzat, eta ETEetan eta autonomoengan izan dezakeen eragin ekonomiko negatiboa murriztea. Zehazki, honetara bideratzen dira hartutako neurriak: osasun publikoko sistema indartzea, salbuespenezko eta aparteko egoera honen eraginpean dauden langile eta familia kalteberenei laguntzea, turismoaren sektoreko enpresen likidezia bermatzea eta enpresa ertain eta txikien eta autonomoen finantzaketan laguntzea. Gainera, errege lege-dekretu honek administrazio publikoak modu efizientean kudeatzeko neurri batzuk ezartzen ditu.
I. kapituluan, osasun-arloa indartzeko neurri batzuk ezartzen dira.
Espainian, COVID-19ak inoiz ez bezalako tentsioa eragin du Osasun Sistema Nazionalean, bai osasun-laguntzako zerbitzuetan, bai osasun publikoko zerbitzuetan.
Espainiako herritarren osasun publikoaren babeserako eta infekzio honek kutsatutako pertsonen tratamendu eta errekuperaziorako, funtsezkoa da osasun-administrazioek, hau da, Osasun Ministerioak eta autonomia-erkidegoetako osasun-arloko organo eskudunek, behar horiei erantzuteko gaitasuna izatea.
Gaur egungo osasun-alertak administrazio eskudunen arteko koordinazioa eskatzen du, eta haien arrakalarik ez izatea, bai estatuan, bai nazioartean. Koordinazio horren buru Osasun Ministerioa da, biztanleriaren eta profesionalen onarpenarekin.
Era berean, gaur egun autonomia-erkidegoak osasun-kontingentziako planak aktibatzen eta exekutatzen ari dira; baina egungo egoerak Gizarte Segurantzako Sistema Nazionala azkar berrantolatzea eta indartzea eskatzen du, herritarron osasuna -norbanakoarena zein kolektiboarena- maila guztietan bermatzeko. Izan ere, arreta honetan jarri behar da eta berme guztiekin indartu: epidemia kontrolatzea eta haren jarraipena egitea; pazienteei etxeko arreta ematea, ahal bada, eta ez bakarrik COVID-19aren tratamendu eta jarraipenari dagokionez, baizik eta beste patologia batzuei dagokienez ere bai, modu horretan osasun-babesa bermatu ahal izateko osasun-zentroetara edo ospitaleetara joan gabe; eta eragindakoei ospitaleko arreta ematea hala behar dutenean.
Salbuespenezko egoera honetan, Espainiako gobernuak eta autonomia-erkidegoek erantzun irmo bat eman behar dute, proportzionala, hausnartua eta azkarra, eta herritarrei eta Osasun Sistema Nazionaleko profesionalei mezu argiak eman behar dizkiete, eta osasun-administrazio autonomikoetara baliabide ekonomiko gehiago bideratu behar dituzte, epidemia honi aurre egiteko.
Beraz, egoera honetan, salbuespenez, aurrekontu-baliabideak esleituko dira Kontingentzia Funtsaren kontura, autonomia-erkidegoetan dauden osasun-beharrek eragindako gastuei aurre egiteko eta pandemia honek eragindako ondorio sozial eta ekonomikoak arintzeko.
Bestalde, Ministroen Kontseiluaren 2019ko urtarrilaren 11ko bileran, Gobernuak Estatuaren 2019ko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektua onartu zuen. Ondoren, proiektu hori Gorte Nagusietara bidali zen, Parlamentuko izapideak egiteko, baina ezetsia izan zen Diputatuen Kongresuaren 2019ko otsailaren 13ko Osoko Bilkurako osoko eztabaidan.
Lege-proiektua ohiko tresna zen autonomia-erkidegoei eta toki-entitateei beren finantzaketa-sistemen arabera 2019ko ekitaldian lurralde-administrazioen finantzaketan dagokiena eguneratzeko eta beste hainbat neurri ezartzeko.
Aurrekontu-luzapena dela eta, beharrezkoa izan zen urriaren 11ko 13/2019 Errege Lege Dekretua onartzea, zeinaz araubide erkideko autonomia-erkidegoen eta toki-entitateen konturako ekarpenen aparteko eguneratzea arautu baitzen 2019. urterako, aurrekontua luzatu izanaren ondorioz, eta zenbait arau ezarri baitziren toki-entitateek Estatuaren tributuetan duten partaidetzaren 2017ko behin betiko likidazioari buruz.
Errege lege-dekretu horren helburuetako bat zen egoera honek ez eragitea ondorio nabarmen eta itzulezinik Administrazioaren ezein mailatako finantza publikotan
Gaur egun, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen aurreproiektua egiten ari dira, baina prozesua ez da oraindik amaitu. Hala ere, Gobernuak erabaki bat hartu du duela gutxi, zeinaz 2020rako aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak egokitzen baitira, administrazio publiko guztientzat eta haien azpisektore bakoitzarentzat, eta Estatuaren 2020rako Aurrekontuaren gastu ez-finantzarioaren muga ezartzen baita. Erabaki hori Kongresuak berretsi zuen 2020ko otsailaren 27an, eta Senatuak 2020ko martxoaren 4an.
Nazioarteko Diru Funtsak honako hau adierazi du IV. artikuluari buruzko 2020ko Kontsulta Misioaren Azken Adierazpenean: koronabirus-agerraldiaren aurrean, Gobernuak behar adina baliabide eman behar lizkioke osasun-sektoreari, kaltetuenei laguntza espezifikoa emateaz gainera, eta aldi baterako aparteko neurri horiek areagotu beharko lirateke, beharrezkoa den heinean, birusari aurrea hartzeko, eusteko eta eragin ekonomikoa arintzeko.
Horri lotuta, kontuan hartu behar da osasunaren arloko eskumenak autonomia-erkidegoei dagozkiela, bat etorriz Konstituzioaren 148. artikuluan ezarritako eskemarekin, non ezartzen baita autonomia-erkidegoek beren gain hartu ahal izango dituztela osasunaren eta higienearen arloko eskumenak; eskumen horiek dagozkien autonomia-estatutuen bidez bereganatu direnez, horien finantzaketa indartu behar da une kritiko honetan.
Eskualdeko administrazio publikoen sailkapen funtzionalaren 2018ko azken datuen arabera, osasun-gastua autonomia-erkidegoen azpisektoreko enplegu ez-finantzario guztien % 36 baino gehiago da. Ehuneko hori % 38tik gorakoa da 2019ko ekitaldirako onartutako aurrekontu autonomikoei dagokienez, bai eta 2020ko ekitaldiko aurrekontuei buruz eskuragarri dauden datuei dagokienez ere. Horrela, agerian geratzen da autonomia-erkidegoen eskumenen multzoan osasun-gastuak direla, zalantzarik gabe, gastu-politika nagusia, eta, aldi berean, Espainia osoan gastu horiek hartzen dutela, gutxieneko maila bat eskaintzen duten funtsezko zerbitzu publiko guztien gainean, pisu espezifiko handiena.
Autonomia-erkidegoek beren gain hartu behar dituzten osasun-gastuak gero eta handiagoak dira. Joera hori, egiturazkoa dena, areagotzen ari da une honetan, hala eskatzen baitu COVID-19aren hedapena kontrolatu beharrak eta osasun-arreta eman beharrak; izan ere, administrazio publikoek herritarroi ahalik eta zerbitzurik onena ematen saiatu behar dute, eta bermatu behar dute herritar guztiok aukera berdina izan dezagun zerbitzu horiek eta berrikuntza terapeutiko eta farmazeutikoak eskuratzeko. Horregatik, beharrezkoa da neurri finantzario egokiak hartzea, herritarron osasun-beharrei eta dagokion osasun-zentroen beharrei arreta egokia eskaini ahal izateko.
Errege lege-dekretu hau onartu ezean, autonomia-erkidegoak egoera finantzario zailean aurki daitezke, eta horrek zaildu eta arriskuan jar lezake deklaratu den pandemia-egoera honetan dagozkien osasun-lanak ondo egitea. Beraz, osasun-sektorera behar beste baliabide bideratu behar dira.
Interes orokorrari kalte horiek ez eragiteko, kapitulu honetan doitze-neurriak hartu dira, ezinbestekoak direnak lurralde-administrazioen konturako igorpenak eguneratzeko. Eguneratze horrek ez du aldatzen autonomia-erkidegoek gaur egun duten araubide finantzarioa, eta ezin da araubide horren aldaketatzat hartu; aitzitik, abenduaren 18ko 22/2009 Legearen 12tik 20ra bitarteko artikuluak aplikatzen dira, besterik ez.
2. artikuluak autonomia-erkidegoen konturako igorpenen eguneratzea erregulatzen du;
3. artikuluak ezartzen du ezen, konturako ekarpenak zenbatean eguneratu behar diren zehazteko, lurralde-administrazioei lagapena egin aurreko zerga-sarreren aurreikuspena izango dela errege lege-dekretu hau argitaratzean Estatuko 2020ko Aurrekontu Orokorren Aurreproiektua egiteko dagoena, bat etorriz lehen aipatutako 22/2009 Legearen 11.2 artikuluan xedatutakoarekin; 4. artikuluan, abenduaren 18ko 22/2009 Legearen 12tik 20ra bitarteko artikuluetan aurreikusitakoa aplikatzeko behar diren gainerako parametro, aldaera eta erreferentziazko datuak aipatzen dira; 5. artikuluan, erregulatzen da nola egingo diren, finantzaketa autonomikoaren sistemaren arabera, igorpenak, errege lege-dekretu hau indarrean jarri ondorengo hilabeteetan Estatuaren Administrazio Orokorrak autonomia-erkidegoen alde egiten dituenak; 6. artikuluak konturako igorpen horiek finantzatzeko behar diren kreditu-gehigarriak erregulatzen ditu.
Bestalde, kapitulu honetan aldatu egiten da Osasun-produktuen bermeen eta erabilera zentzuzkoaren Legearen testu bateginaren 94.3 artikulua, helburu honekin: batetik, Gobernuak prezioak finkatzeko mekanismoa erregulatu ahal izatea, herritarron osasuna babesteko, eta, bestetik, Sendagaien Prezioak lantzen dituen Ministerioarteko Batzordeak medikamentuen eta beste produktu batzuen gehieneko prezio publikoa finkatu ahal izatea, salbuespenezko osasun-egoerak gertatzen direnean osasun publikoa babestu ahal izateko (Osasun-produktuen bermeen eta erabilera zentzuzkoaren Legearen testu bategina Uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Horrela, prezioetan esku hartu ahal izango da, aldi batean, dela mediku-agindurik gabeko osasun-produktuei dagokienez, dela osasuna babesteko publikoari saltzen zaizkion beste produktu-mota batzuei dagokienez ere. Horren helburua da Espainiako herritar guztiek produktu horiek eskuratu ahal izatea eta COVID-19aren hedapenari aurre egitea.
II. kapituluan, familiari laguntzeko neurriak ezartzen dira.
Lehenik eta behin, kalteberatasun-egoeran dauden haurren elikadurarako oinarrizko eskubidea bermatzen da, COVID-19aren hedapena geldiarazteko neurri gisa estatuko eremu guztietan dekretuz itxiarazitako ikastetxeetakoena. Neurri horren helburua da elikagai-gabeziari aurre egitea; izan ere, haur horietako batzuk jangelarako bekak dituzte ikastetxeetan, eta ikastetxeak ixtean ezin dute zerbitzu hori erabili. Gobernuaren lehentasun estrategikoetako bat da kalteberatasun-egoeran dauden adingabeei arreta ematea, eta, egungo egoeran, bereziki zaindu behar da kolektibo hori.
Errege lege-dekretuak neurriak ezartzen ditu -laguntza ekonomikoak, edo elikagaiak banatzeko zerbitzuek ematen dituzten zuzeneko prestazioak-, lehen arretako gizarte-zerbitzuek kudeatuko dituztenak, betiere koordinatuz ikastetxeekin eta autonomia-erkidegoetako eta Ceuta eta Melilla hirietako hezkuntza-sailekin eta gizarte-zerbitzuekin; era berean, Gizarte Eskubideetako eta Agenda 2030eko Ministerioaren aurrekontuan kreditu-gehigarriak ematea onartzen du -25.000.0000 euro guztira-, autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei dagozkien transferentziak finantzatzeko, neurriak martxan jar ditzaten.
Bigarrenik, derrigorrezko hezkuntzaren arloan, kontuan hartu behar da eskola-jarduera presentzialak eten daitezkeela osasuna babesteko euste-neurri gisa. Kasu horretan, eskola-egutegia aldatu beharko da, Hezkuntzaren maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren oinarrizko arauaren esparruan hezkuntza-administrazio bakoitzak finkatutakoa, aipaturiko administrazioetako bakoitzak ikasturtearen garapena egoki iritzitako jarduera ez-presentzialekin konbinatuz antolatu ahal izateko.
Hirugarrenik, eta gaixotasunaren hedapena geldiarazteko eta herritarren gizarte-babesa ziurtatzeko, administrazio-mutualismoaren araubideko langileentzat ere ezartzen da ezen COVID-19ak eragindako bakartze- edo kutsatze-aldiak lan-istripuarekin parekatutako egoeratzat hartuko direla Gizarte Segurantzako araubide bereziko aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoaren ondorioetarako, koherentzia mantenduz Gizarte Segurantzako Araubide Orokorraren barruan dauden langileentzat Martxoaren 10eko 6/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez ezarritakoarekin, zeinaz presako neurri batzuk hartzen baitira ekonomiaren arloan eta osasun publikoa babesteko.
III. kapituluan, turismoaren sektorearentzako neurriak ezartzen dira.
Lehenik eta behin, errege lege-dekretu honek finantzaketa-lerro bat artikulatzen du COVID-19ak bereziki eragindakotzat jotako hainbat enpresa eta autonomorentzat. Finantzaketa-lerro hori urriaren 11ko 12/2019 Errege Lege Dekretuaren 4. artikuluaren bidez sortu zen, eta berori garatzeko tresnen bidez, zeinek 200 milioi euroko finantzaketa-lerroa ezarri baitzuten turismoaren sektoreko eta hari lotutako jardueretako enpresa eta autonomoentzat, Kreditu Ofizialeko Institutuak kudeatuta eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren % 50eko berme partzialarekin (12/2019 Errege Lege Dekretua, urriaren 11koa, zeinaz presako neurriak hartzen baitira Thomas Cook enpresa-taldearen kontra kaudimengabezia-prozedurak abiarazi izanaren ondorioak arintzeko).
Krisialdi honetan, ikusi da turismoa dela kalte ekonomiko handiak nozitzen ari diren sektoreetako bat; izan ere, pertsonen zirkulazioa murriztu da, eta, zalantza-egoera honek sortutako zuhurtzia dela eta, zerbitzu turistiko gutxiago eskatzen da. Hori dela eta, aireko lineak, sektore turistikoak eta txikizkako merkataritzak inpaktu ekonomiko handia ari dira jasaten. Horren adibide bat da Turismoaren Mundu Antolakundeak martxoaren 6an egindako aurreikuspena: 2020an etorriko diren nazioarteko turisten kopurua -% 1 eta -% 3ren artekoa izango dela aurreikusi dute, hau da, 30.000 eta 50.000 milioi dolar estatubatuarren arteko galera nazioarteko turismoaren sarrerei dagokienez. COVID-19aren agerraldi honen aurretik, Turismoaren Mundu Antolakundeak % 3tik % 4ra bitarteko hazkundea aurreikusi zuen urte horretarako.
Beraz, COVID-19a gogor ari da eragiten turismoaren sektore osoan; hain zuzen, Espainia den potentzia turistikoarentzat funtsezkoa den sektorean (barne-produktu gordinaren % 12,3). Eta, beraz, sektore horretako operadore ekonomikoek laguntza finantzarioko presako neurriak behar dituzte, beren diru-sarrera arrunten jaitsierak ahal den neurrian konpentsatu ahal izateko eta beren betebeharrei aurre egiteko behar besteko likidezia izateko.
Ondorioz, aparteko eta presako beharra dela eta, indartu eta handitu egiten da aipatutako finantzaketa-lerroa, Thomas Cook enpresa-taldearen kaudimengabeziak kalte egin zien horientzat aurreikusita zegoena hasiera batean, eta COVID-19aren agerraldiak kalte egin dienetara zabaltzen da, hau da, Espainian kokatuta egonik lehen xedapen gehigarrian agertzen diren sektore ekonomikoetako enpresa eta langile autonomo guztietara, horiei eragin baitie bereziki, oraingoz, krisialdi honek. Era berean, lehendik aurreikusitako finantzaketa-lerroari -200 milioi euro- beste 200 milioi euro eransten zaizkio.
Finantzaketa-lerro handitu hori, zeinari urriaren 11ko 12/2019 Errege Lege Dekretuaren 4. artikuluaren eta berori garatzeko tresnen bidez ezarritako termino eta baldintza berberak aplikatzen baitzaizkio, errege lege-dekretu hau indarrean jarri eta automatikoki aplikatuko da, ezein araudi edo hitzarmenik garatu edo ekintza juridikorik aplikatu beharrik izan gabe; hala, ICO Kreditu Ofizialeko Institutuari eskatzen zaio berehala egin ditzala finantzaketa-entitateekin egin beharreko kudeaketak, finantzaketa-lerro handitua enpresen eskura egon dadin, hamar eguneko gehieneko epean, indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita.
Bigarrenik, eta kontuan hartuta COVID-19ak sortutako salbuespenezko egoerak bereziki eragin dezakeela autonomia-erkidegoetako turismoaren sektorean eta hari lotutako gainerako sektoreetan diharduten aldizkako langile finkoen enpleguan, errege lege-dekretu honetan 2020ko otsailetik ekainera bitarte zabaltzen da, aparteko neurri gisa, hobari horren aplikazioa, autonomia-erkidegoetan aipatutako salbuespenezko egoerak gehien eragindako langileei dagokienez.
IV. kapituluan, laguntza finantzarioko neurri iragankorrak ezartzen dira.
Hala, arindu egin nahi da euste indartuko egoera honek ekonomiaren sektorerik kalteberenetan -hau da, ETE eta autonomoengan- izan dezakeen inpaktua.
Helburu horrekin, malgutasuna proposatzen da geroratzeen arloan, kolektibo horiek diruzaintza-arloan izan ditzaketen tentsioak eragozteko, eta ETEei eta autonomoei sei hilabete ematen zaie beren zergak ordaintzeko, aurretik eskaera eginda betiere, hiru hilabeteko gabealdiaren baldintza baliokideetan.
Bestalde, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioko Industriako eta Enpresa Txiki eta Ertainetako Idazkaritza Nagusiak industria-politikaren funtsezko helburutzat hartu du industria-sektoreak Espainiako ekonomian duen pisua handitzen laguntzea (2019an, barne produktu gordinaren % 14,2ko pisua izan zuen sektore horrek). Industria-garapena sustatzeko, arau-esparru bat onartu zen industria-lehiakortasunean, jasangarritasunean, eraldaketa digitalean edo berrindustrializazioan lagunduko duten inbertsio-proiektuak finantzatzeko. Laguntza finantzarioko pizgarri bat da, epe luzeko maileguen bidez ematen dena dagozkien oinarri-aginduen bitartez erregulatutako programa ezberdinetako proiektu industrialak laguntzeko.
COVID-19aren agerraldiak industria-sektore askoren balio-kateari eragiten dio, bereziki nazioartera zabaldutakoei, eta ekoizpenaren kostua handitzen ari da, piezak eta hornidurak inportatzeak kostu logistiko handiagoa eragiten duelako. Horregatik, operadore ekonomikoei laguntza finantzarioko neurriak eskaintzen zaizkie, diru-sarrera arrunten jaitsierak konpentsatzeko, ahal den neurrian, eta beren betebeharrei aurre egiteko behar besteko likidezia izan dezaten.
Ildo horretan, funtsezkotzat jotzen da enpresek eskatu ahal izatea gerora dakiela industria-inbertsiorako laguntza finantzarioaren itzulketa (laguntza hori Industriako eta Enpresa Txiki eta Ertainetako Idazkaritza Nagusiaren maileguen bidez jasotzen dute).
V. kapituluak, berriz, administrazio publikoak modu eraginkorrean kudeatzeko zenbait neurri hartzen ditu.
Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legeak, zeinaz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten baita Espainiako ordenamendu juridikora, 120. artikuluan, larrialdiko izapidetzea ezartzen du hondamendiengatik, arrisku larria dakarten egoerengatik edo defentsa nazionalari eragiten dioten beharrengatik berehala jarduteko mekanismo gisa. Kontratazio publikoaren salbuespenezko araubide hori ezin hobeto egokitzen da COVID-19ari aurre egin behar zaion gaurko egoera honetara.
Horrela, errege lege-dekretu honi dagokionez, kapitulu honek larrialdiko izapidetzea ezartzen du Estatuko Administrazio Orokorrak COVID-19ari aurre egiteko edozein neurri betearazteko behar dituen ondasun edo zerbitzu mota guztiak kontratatzeko.
Bestalde, aurrekontu-testuingurua kontuan hartuta -Estatuko Aurrekontu Orokorren Luzapena-, ezohiko mekanismoak ezartzen dira baliabideak aurrekontu-atalen artean transferitu ahal izateko eta, horrela, sortzen diren behar guztiei erantzun ahal izateko, aurrekontu-egonkortasuna zainduz.
Azkenik, eta COVID-19 koronabirusa hedatzearen ondorioz sortutako egoeraren testuinguruan betiere, azken xedapenetako lehenengoak Gobernuari buruzko azaroaren 27ko 50/1997 Legea aldatzen du, helburu honekin: Gobernuko presidenteak, salbuespenezko egoeretan eta krisiaren izaerak hala eskatzen duenean, erabaki ahal izatea, arrazoiak emanda, Ministroen Kontseilua, Gobernuaren Batzorde Delegatuak eta Estatu Idazkarien eta Idazkariordeen Batzorde Nagusia urrutitik jardutea bilerak egiteko, erabakiak hartzeko eta aktak onartzeko, bitarteko elektronikoak erabiliz.
Aurreikuspen horrek Gobernuaren funtzionamendu-araubidearen alderdi partzial eta zehatz bati bakarrik eragiten dio, zuzendaritza politikoko kide anitzeko organo gisa, eta ez haren antolamenduaren eta funtzionamenduaren egiturazko elementuei, funtsezko elementuei edo elementu orokorrei (Konstituzio Auzitegiaren 60/1986 epaia, maiatzaren 20koa, 4. OJ).
Bestalde, aipatutako aldaketa Konstituzioaren 97. artikuluaren azpian dagoen printzipioa errespetatuz egin da; horren arabera, arau orokorra izan behar da Gobernuaren bilerak aurrez aurrekoak izatea; izan ere, berriki Konstituzio Auzitegiaren martxoaren 27ko 45/2019 Epaian (6B OJ) adierazitakoaren ildotik, urrutiko bilerak eta erabaki-hartzeak kasu justifikatuetarako eta salbuespenetarako gorde behar dira, eta dagozkien bermeekin egin.
Neurri ekonomikoak errege lege-dekretuen bidez hartzearen alde egin du Konstituzio Auzitegiak, betiere esplizituki eta arrazoituz justifikatzen badira, bai beharra (halakotzat hartuta abagune ekonomikoak erantzun azkarra eskatzen duela), bai presa (halakotzat ulertuta dena delako neurria araubide arrunt baten bidez izapidetzeko denboran atzeratzeak kalteren bat sor dezakeela).
Errege lege-dekretua, Konstituzioaren arabera, zilegizko tresna da, baldin eta presako legegintza justifikatzen duen helburua honako hau bada, gure Konstituzio Auzitegiak behin eta berriz eskatu duen bezala (otsailaren 4ko 6/1983 epaia, 5. oinarria; urtarrilaren 17ko 11/2002 epaia, 4. oinarria; uztailaren 3ko 137/2003 epaia, 3. oinarria, eta uztailaren 7ko 189/2005 epaia, 3. oinarria): Gobernuaren helburuen barruan, egoera jakin bati aurre egitea, zeinak eskatzen baitu, aurreikusten zailak diren arrazoiengatik, arau bat egitea berehala, legeak Parlamentuan izapidetzeko erabiltzen den ohiko bidean edo presako prozeduran baino epe laburragoan, eta are gehiago prozedura hori zehaztea Gobernuaren esku ez dagoenean.
Nazioarteko Garrantziko Osasun Publikoko Larrialdia deklaratzeak sortutako egoerak osasun publikoko arrazoiak eragiten ditu, eta horiek justifikatzen dute aparteko eta presako neurriak hartzeko beharra. COVID-19aren euste- eta prebentzio-egoera honetan, eta osasun publikoa babesteko, presakoa eta beharrezkoa da epidemiari eta haren hedapenari aurre egitea.
Halaber, aparteko errege lege-dekretu hau presaz onartu beharra judizio politikoan edo egokitasunezkoan kokatzen da, zeina Gobernuari baitagokio (Konstituzio Auzitegiaren 61/2018 epaia, ekainaren 7koa, 4. OJ; 142/2014 epaia, irailaren 11koa, 3 OJ), eta erabaki horrek, zalantzarik gabe, jarduteko lehentasun politikoak antolatu beharra dakar (Konstituzio Auzitegiaren 2019ko urtarrilaren 30eko epaia, 2208-2019 konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa), segurtasun juridikoan eta osasun publikoan oinarrituz betiere. Azaldu diren egokitasun-arrazoiek erakusten dute errege lege-dekretu honek ez duela esan nahi, inolaz ere, konstituzio-tresna hori abusuz eta bidegabeki erabiltzen denik (Konstituzio Auzitegiaren 61/2018 epaia, ekainaren 7koa, 4. OJ; 100/2012 epaia, maiatzaren 8koa, 8. OJ; 237/2012 epaia, abenduaren 13koa, 4. OJ; 39/2013 epaia, otsailaren 14koa, 5. OJ); aitzitik, azaldutako arrazoi guztiek guztiz justifikatzen dute arau hau ezartzea (Konstituzio Auzitegiaren 29/1982 Epaia, maiatzaren 31koa, 3. OJ; 111/1983 Epaia, abenduaren 2koa, 5. OJ; 182/1997 Epaia, urriaren 20koa, 3. OJ).
Esan behar da, gainera, errege lege-dekretu honek ez duela eraginik izango Estatuaren oinarrizko erakundeen antolamenduan eta Konstituzioaren I. tituluak arautzen dituen herritarren eskubide, eginbehar eta askatasunetan, ezta autonomia-erkidegoen araubidean eta hauteskundeei buruzko zuzenbide orokorrean ere.
Errege lege-dekretu hau bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eskatzen dituen printzipioekin: beharrezkotasuna, eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia. Horren ildotik, dekretuak premiaren eta eraginkortasunaren printzipioak betetzen ditu; izan ere, ezartzen diren neurrien oinarrian herritar guztien interesa dago, eta errege lege-dekretua da hori lortzeko tresnarik egokiena. Errege lege-dekretua bat dator proportzionaltasun-printzipioarekin, aurrez aipatutako helburuak lortzeko behar-beharrezkoak diren arauak baizik ez baititu ezartzen. Halaber, segurtasun juridikoaren printzipioa ere betetzen du, eta koherentea da gainerako ordenamendu juridikoarekin. Gardentasun-printzipioari dagokionez, araua salbuetsita dago lege-dekretuak izapidetzean eta onartzean aplikagarri ez diren kontsulta publikoko, entzunaldiko eta informazio publikoko izapideetatik. Azkenik, efizientzia-printzipioari dagokionez, errege lege-dekretu honek ez die administrazio-karga gehigarririk ezartzen aurretik zeudenei.
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Gobernuko hirugarren lehendakariorde eta Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko ministroak eta Ogasuneko, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako, Lan eta Gizarte Ekonomiako, Industria, Merkataritza eta Turismoko, Osasuneko eta Gizarte Eskubideetako eta Agenda 2030eko ministroek proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2020ko martxoaren 12ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau
1. artikulua. Osasun Ministerioan aparteko kreditua ematea, Osasun Sistema Nazionalaren aparteko gastuei aurre egiteko.
Baimena ematen da Osasun Ministerioan Kontingentzia Funtsa aplikatzeko eta 1.000 milioi euroko aparteko kreditua emateko: 26.09.313A.228 aurrekontu-aplikazioa, «Espainian Covid-19a dela-eta osasun publikoan sortutako larrialdiaren ondorioz Osasun Sistema Nazionalean sortutako gastuak». Aparteko gastu horiek finantzatzen laguntzeko da aparteko kreditu hori.
Aparteko kreditua finantzatzeko, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 50. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
Kreditu hori handitu ahal izango da, eta ez zaizkio aplikatuko Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 52.1 c) eta 54.4 artikuluetan ezarritako mugak.
Era berean, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 59. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaio.
2. artikulua. Autonomia-erkidegoen konturako ekarpenak eguneratzea.
2020ko ekitaldian, aurrekontuak luzatuta daudela, kapitulu honen hurrengo artikuluetan ezartzen diren erregelen arabera eguneratuko da araubide erkidea duten autonomia-erkidegoak finantzatzeko sistemaren araberako likidazioa aplikatzen zaien baliabideen konturako ekarpenen zenbatekoa; finantzaketa-sistema hori lege honetan arautzen da: abenduaren 18ko 22/2009 Legea, araubide erkideko autonomia-erkidegoen eta autonomia-estatutua duten hirien finantzaketa-sistema arautzen eta zerga-arau batzuk aldatzen dituena.
3. artikulua. Lagapenaren aurreko zerga-sarreren aurreikuspena.
Konturako ekarpenak zenbatean eguneratu behar diren zehazteko, eta Abenduaren 18ko 22/2009 Legearen 12. artikulutik 20.era xedatzen dena aplikatzeko, lurralde-administrazioei lagapena egin aurreko zerga-sarreren aurreikuspenak (artikulu horietan azaltzen diren figuren eta kontzeptuen arabera) errege lege-dekretu hau argitaratzen den unean Estatuko 2020ko Aurrekontu Orokorren Aurreproiektua egiteko ezarritakoak izango dira, bat etorriz abenduaren 18ko 22/2009 Legearen 11.2 artikulua xedatutakoarekin. Ondoko zerrendan daude jasota:
Kontzeptuak |
Zenbatekoa - Milioiak, euroak |
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga. |
91.340 |
Balio erantsiaren gaineko zerga. |
74.991 |
Zerga bereziak. |
22.184 |
Alkoholaren eta edari deribatuen gaineko zerga. |
815 |
Garagardoaren gaineko zerga. |
344 |
Tarteko produktuen gaineko zerga. |
22 |
Hidrokarburoen gaineko zerga. |
12.988 |
Tabako-laboreen gaineko zerga. |
6.530 |
Elektrizitatearen gaineko zerga. |
1.406 |
4. artikulua. Beste parametro, aldagarri eta erreferentzia-datu batzuk.
Abenduaren 18ko 22/2009 Legearen 12.etik 20.era bitarteko artikuluetan aurreikusitakoa aplikatzeko beharrezkoak diren gainerako erreferentziazko parametroen, aldagaien edo datuen balioa, artikulu horietan aurreikusitako baldintzetan, errege lege-dekretu hau argitaratzen den unean duten argitalpen-egoera, erabilgarritasuna edo likidazio-aldia erreferentzia hartuta egingo da.
5. artikulua. Igorpenak.
Errege lege-dekretu honen 3. eta 4. artikuluetan xedatzen dena honako igorpen hauei aplikatuko zaie: errege lege-dekretu hau indarrean jarri ondoko hilabeteetan Estatuko Administrazio Orokorrak finantzaketa-sistema autonomikoa aplikatuz autonomia-erkidegoen alde egiten dituen igorpenei.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa eragotzi gabe, eguneratze horren ondoriozko zenbateko gehigarria, aurrekontu-luzapenean dauden autonomia-erkidegoak jasotzen ari diren konturako ekarpenen zenbatekoari dagokionez, errege lege-dekretu hau indarrean jarri eta bi hilabeteko epean emango da.
6. artikulua. Autonomia-erkidegoen konturako ekarpenen aparteko eguneratzerako behar diren kreditu-gehigarriak.
Kreditu-gehigarriak ematen dira autonomia-erkidegoak finantzatzeko sistemaren araberako likidazioa aplikatzen zaien baliabideen konturako ekarpenen zenbatekoa eguneratzeko: kontzeptua: 451 «Nahikotasun Globalaren Funtsa»; programa: 941M «Autonomia-erkidegoentzako transferentziak Estatuaren sarreretan duten partaidetzagatik»; atala: 36 «Lurralde erakundeak finantzatzeko sistemak»; zerbitzuak, zenbatekoak zehaztuta:
Aurrekontu-aplikazioa |
, Zenbatekoa Izena ■, , > (mila eurotan) | |
36.03.941M.451 |
Nahikotasun Globalaren Funtsa: Galizia |
15.442,32 |
36.03.941M.451 |
Nahikotasun Globalaren Funtsa: Asturiasko Printzerria |
3.629,35 |
36.03.941M.451 |
Nahikotasun Globalaren Funtsa: Kantabria |
25.752,98 |
36.03.941M.451 |
Nahikotasun Globalaren Funtsa: Errioxa |
10.536,20 |
36.03.941M.451 |
Nahikotasun Globalaren Funtsa: Aragoi |
6.485,68 |
36.03.941M.451 |
Nahikotasun Globalaren Funtsa: Extremadura |
18.912,68 |
Aurrekontu-aplikazioa |
Izena |
Zenbatekoa (mila eurotan) |
36.03.941M.451 |
Nahikotasun Globalaren Funtsa: Gaztela eta Leon |
6.587,27 |
36.03.941M.451 |
Nahikotasun Globalaren Funtsa: Melilla |
1.719,64 |
36.03.941M.451 |
Nahikotasun Globalaren Funtsa: Ceuta |
2.147,60 |
Halaber, 557.406,00 euroko kreditu-gehigarria ematen da Estatuak Berme Funtsera egiten duen ekarpenaren konturako ekarpenak eguneratzeko: kontzeptua: 453 «Estatuaren ekarpena Berme Funtsera»; programa: 941M «Autonomia-erkidegoentzako transferentziak Estatuaren sarreretan duten partaidetzagatik»; zerbitzua: 20 «Maila Autonomikoa eta Tokikoa Finantzatzeko Idazkaritza Nagusia. Hainbat autonomia-erkidego»; atala: 36 «Lurralde erakundeak finantzatzeko sistemak».
7. artikulua. Sendagaien eta Osasun Produktuen Bermeen eta Erabilera Zentzuzkoaren Legearen testu bategina aldatzea, zeina uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen.
Aldatzen da Sendagaien eta Osasun Produktuen Bermeen eta Erabilera Zentzuzkoaren Legearen testu bategina, uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua, eta honela idatzita geratzen da:
«3. Gobernuak arautu ahal izango du, araubide orokor objektibo eta garden bati jarraikiz, zer mekanismo aplikatu behar den Espainiako lurraldean prezioak finkatzeko, medikuaren agindurik gabe eman daitezkeen sendagaiei edo herritarren osasuna babesteko ematen diren beste produktu batzuei dagokienez.
Salbuespenezko osasun-egoera bat gertatzen denean, eta osasun publikoa babesteko, Sendagaien Prezioak lantzen dituen Ministerioarteko Batzordeak finkatu ahal izango du zein izango den jendaurreko gehieneko salmenta-prezioa aurreko paragrafoan aipatutako sendagai eta produktuen kasuan, salbuespenezko egoera horrek irauten duen bitartean.»
Familiei laguntzeko neurriak
8. artikulua. Kalteberatasun-egoeran egonik ikastetxeen itxierak eragin dien haurren elikadurarako oinarrizko eskubidea.
1. Ikasturtean zehar eskola-jantokirako beka edo laguntzaren baten onuradun izanik eskolaren itxierak eragin dien haurren familiek eskubidea izango dute laguntza ekonomikoak edo elikagaiak zuzenean jasotzeko.
2. Neurri horiek lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuek kudeatuko dituzte, ikastetxeekin eta autonomia-erkidegoetako eta Ceutako eta Melillako hezkuntza-sailekin eta gizarte-zerbitzuetako sailekin koordinatuta.
3. Onuradunak haur-hezkuntzako, lehen hezkuntzako eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasleak dituzten familiak izango dira; hain zuzen ere, ikasturte honetan autonomia-erkidegoek, Ceutak eta Melillak edo udaletako gizarte-zerbitzuek eskola-jantokirako emandako bekak edo laguntzak dituztenak.
4. Neurri horiek ikastetxeak itxita dauden bitartean hartuko dira, hargatik eragotzi gabe neurriok berrikusi ahal izatea egoera honen iraupenaren arabera.
9. artikulua. Kreditu-gehigarria ematea Gizarte Eskubideetako eta Agenda 2030eko Ministerioan, autonomia-erkidegoetako gizarte-zerbitzuen programak finantzatzeko.
1. Errege lege-dekretu honetako laguntzak ordaintzeko, baimena ematen da Gizarte Eskubideetako eta Agenda 2030eko Ministerioan Kontingentzia Funtsa aplikatzeko eta 25.000.000 euroko kreditu-gehigarria emateko: aurrekontu-aplikazioa, 26.16.231F.453.07 «Familia babesteko eta haur-pobreziari aurre egiteko programa. Gizarte Zerbitzuen oinarrizko prestazioak».
Kreditu-gehigarri hori finantzatzeko, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 50. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
2. Kreditu-gehigarriaren kargura, eta aurreko artikuluan erregulatutako laguntza emateko, dagozkien transferentziak egingo zaizkie autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melillari.
3. Lurralde artean banatzeko autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei zuzendutako kredituak, errege-lege dekretu honek aipatzen dituenak, honako azpiprograma honetan kredituaren banaketa ekonomikorako erabilitako irizpide berak erabiliko dira: A2 azpiprograma, «Eskola-oporretan adingabeen elikadurarako, aisiarako eta kulturarako oinarrizko eskubidea bermatzeko eta familia eta lana kontziliatzeko berariazko programa»; programa, «Familia babesteko eta haur-pobreziari aurre egiteko programa». Irizpide horiek Ministro Kontseiluaren 2019ko uztailaren 5eko Erabakian ezarri ziren, zeinaz formalizatzen baitira Gizarte Zerbitzuen eta Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluak gizarte-plan edo -programetara bideratzeko erabakitako kreditu-banaketarako irizpideak eta horien ondoriozko banaketa 2019rako; erabaki hori 2019ko uztailaren 15eko SCB/777/2019 Aginduaren bidez argitaratu zen.
10. artikulua. Derrigorrezko irakaskuntzaren eskola-egutegia.
2019-2020ko ikasturtean, hezkuntza-administrazioek eskola-egunen gutxieneko muga egokitu ahal izango dute osasuna babesteko euste-neurrien ondorioz irakaskuntza presentziala eteteak sortzen dituen beharretara, jarduera presentzial horien ordez ikasleei laguntzeko beste modalitate batzuk ezartzen direnean; eskola-egunen gutxieneko muga maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarrian jasotzen da.
11. artikulua. Funtzionario Publikoen Araubide Berezietako langileen kasuan, COVID-19 birusaren ondoriozko kutsatze- edo bakartze-aldiak lan-istripuarekin parekatutako egoeratzat hartzea salbuespenez.
1. Osasun publikoa babesteko, eta salbuespen gisa eta administrazio-mutualismoak aitortzen duen aldi baterako ezintasunaren subsidiorako soilik, lan-istripuarekin parekatutako egoeratzat hartuko dira COVID-19ak eragindako bakartze- edo kutsatze-aldiak.
2. Bi kasuetan, bakartze-bajaren parteak eta dagokion altak zehaztuko dute zenbat iraungo duen salbuespenezko prestazio horrek.
3. Prestazio hori jasotzeko eskubidea sorrarazteko, mutualistak alta-egoeran egon beharko du Gizarte Segurantzako Araubide Berezian egitate kausatzailearen datan.
4. Egitate kausatzailearen data mutualistaren bakartzea edo gaixotasuna erabakitzen den eguna izango da, hargatik eragotzi gabe bajaren partea data horren ondoren egitea.
Laguntza-neurriak turismoaren sektorerako
12. artikulua. Thomas Cook finantzaketa-lerroa handitzea, Espainian kokatuta egonik sektore ekonomiko jakin batzuetan dauden enpresei erantzuteko.
1. Urriaren 11ko 12/2019 Errege Lege Dekretuaren 4. artikuluan aurreikusitako finantzaketa-lerroa handituko da, eta egoitza soziala Espainian izanik errege lege-dekretu honen lehen xedapen gehigarrian definitutako sektore ekonomikoetan sartuta dauden enpresa eta langile autonomo guztietara zabalduko da, artikulu horretan aurreikusitakoei 200 milioi euro gehituz (Urriaren 11ko 12/2019 Errege Lege Dekretua, zeinaz presako neurriak hartzen baitira Thomas Cook enpresa-taldearen kontra kaudimengabezia-prozedurak abiarazi izanaren ondorioak arintzeko).
Handitu egingo da Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak ICO lerroan xedatutako kredituen % 50 bermatzeko duen aurrekontu-partida, hasierako 100 milioi eurotik 200 milioi eurora, 400 milioi eurora arte handitutako finantzaketa-lerroari aurre egiteko, eta urte bakoitzean dagozkion aurrekontu-zenbatekoak muga berri horietara egokituko dira.
Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren bermerako aurrekontu-partida handitzeko, gastu-konpromisoen muga berriak baimentzen dira, eta, beraz, aldatu egiten dira Ministro Kontseiluaren 2019ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez onartutakoak:
Urtea |
Har daitekeen konpromisorik handiena — Euroak | |
20.04.432A.441 |
20.04.432A.359 | |
2019 |
0,00 |
20.000,00 |
2020 |
0,00 |
20.000,00 |
2021 |
0,00 |
40.000,00 |
2022 |
5.000.000,00 |
1.040.000,00 |
2023 |
10.000.000.00 |
100.000,00 |
2024 |
30.000.000,00 |
80.000,00 |
2025 |
60.000.000,00 |
40.000,00 |
2026 |
60.000.000,00 |
20.000,00 |
2027 |
35.000.000,00 |
20.000,00 |
Guztira |
200.000.000,00 |
1.380.000,00 |
2. Finantzaketa-lerro horri eta dagokion berme handituari errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denean automatikoki aplikatuko zaizkie urriaren 11ko 12/2019 Errege Lege Dekretuaren 4. artikuluan aurreikusitako finantzaketa-lerrorako onartutako termino eta baldintza berberak, bai aipatutako 4. artikuluan aurreikusitakoak, bai berori garatzen duten eta aipaturiko finantzaketa-lerroa abian jartzeko balio izan duten tresnen multzoan aurreikusitakoak, ezein araudi edo hitzarmenik garatu edo ekintza juridikorik aplikatu beharrik izan gabe.
Zehazki, honako hauetan jasotako baldintza eta terminoen arabera aplikatuko dira aipatutako finantzaketa- eta berme-lerroa: Ministro Kontseiluaren Erabakia, 2019ko abenduaren 20koa, baina gastu-konpromisoen muga berrien arabera, eta 2019ko abenduaren 27koa; Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen Erabakia, 2019ko urriaren 31koa, eta ICOren eta Turismoaren Estatu Idazkariaren arteko Hitzarmena, 2019ko abenduaren 27an formalizatua.
3. ICOri eskatzen zaio errege lege-dekretu hau indarrean jarri, eta berehala egin ditzala finantza-entitateekin egin beharreko kudeaketak, finantzaketa-lerro handitua enpresen eskura egon dadin, hamar eguneko gehieneko epean, indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita.
13. artikulua. Turismoaren eta turismo-jarduerari lotutako merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan aldizkako kontratu finkoak dauzkaten langileen jarduera-aldia luzatzen laguntzeko neurriak.
1. Turismo-sektoreko jardueretan aritzen diren enpresek, bai eta turismo-sektore horri lotutako merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetakoek ere (sektore publikoko enpresek ez beste guztiek), urte bakoitzeko otsailean, martxoan, apirilean eta ekainean ekoizpen-jarduerarik sortzen badute eta hil horietan alta ematen badiete, edota mantentzen badute aldizkako kontratu finkoak dituzten langileen okupazioa, ehuneko 50eko hobaria aplikatu ahal izango dute hil horietan langile horien gertakari arrunten Gizarte Segurantzako enpresa-kuotetan, bai eta langabezia, FOGASA eta lanbide-heziketaren baterako bilketaren kontzeptuen kuotetan ere.
Artikulu honetan xedatzen dena 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra arte aplikatuko da.
2. Artikulu honetan araututako hobaria lurralde nazional osoan aplikatuko da, 2020ko otsailean eta martxoan, Balear Uharteetako eta Kanarietako autonomia-erkidegoetan izan ezik. Hilabete horietan, 12/2019 Errege Lege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako hobaria aplikatuko da (12/2019 Errege Lege Dekretua, urriaren 11koa, zeinaz presako neurriak hartzen baitira Thomas Cook enpresa-taldearen kontra kaudimengabezia-prozedurak abiarazi izanaren ondorioak arintzeko).
Laguntza finantzario iragankorreko neurriak
14. artikulua. Zerga-zorrak geroratzea.
1. Estatuko zerga-administrazioaren eskumenen esparruan, Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 65. artikuluan aipatzen diren geroratzeen ondorioetarako, zerga-zorraren sarrera geroratzea onartuko da, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik 2020ko maiatzaren 30era arte aurkezteko eta ordaintzeko epea amaitzen zaien aitorpen-likidazio eta autolikidazio guztiei dagokienez, biak barne, baldin eta data horretara arte aurkeztutako eskabideek aurreko Legearen 82.2.a) artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
2. Geroratze hori Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 65.2 artikuluaren b), f) eta g) letretan aipatzen diren zerga-zorrei ere aplikatuko zaie.
3. Geroratzea onartzeko ezinbesteko baldintza izango da 2019an zorduna 6.010.121,04 eurotik beherako eragiketa-bolumena duen pertsona edo entitatea izatea.
4. Geroratzeko baldintzak honako hauek izango dira:
a) Epea sei hilabetekoa izango da.
b) Ez da berandutze-interesik sortuko geroratzearen lehenengo hiru hilabeteetan.
15. artikulua. Itzulketa-egutegia ohiz kanpo geroratzeko eskaera, Industriako eta Enpresa Txiki eta Ertainetako Idazkaritza Nagusiak emandako maileguei dagokienez.
1. Proiektu industrialetarako laguntza finantzarioko tresnen lagapenen onuradunek eskatu ahal izango dute gerora dakiela aribideko urteko printzipalaren edo/eta interesen ordainketa, betiere horien epemuga sei hilabete baino gutxiago denean, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita, eta COVID-19ak sortutako osasun-krisialdiak honelako egoerak eragin baditu onuradun horiengan: jarduerarik gabeko aldiak, salmenta-bolumen txikiagoak edo etenak balio-katearen horniduran, kopuru hori ordaintzea zailtzen edo eragozten dietenak. Eskaera horrek, onartuz gero, itzulketen egutegia berregokitzea ekarriko du.
Eskaera hori borondatezko epean ordaintzeko epea amaitu baino lehen egin beharko da beti, eta laguntza emateko ebazpena eman zuen organoak berariaz baietsi beharko du.
2. Aurkeztutako eskabidean honako hauek jaso beharko dira:
a) Justifikazio-memoria bat, non behar bezala arrazoituko baita zaila dela hurrengo epemugan ordaintzea, bat etorriz aurreko apartatuan ezarritakoarekin. Justifikazio horrek honako hauek jaso beharko ditu: kontuen irudi bat, 1. apartatuan aipatzen dena gertatu baino justu lehenagokoa; azalpen kualitatibo eta kuantitatibo bat, ondorio hori nola gertatu den azaltzen duena; balorazio ekonomiko eta finantzarioa, eta ondorio horiek arintzeko jarduketa-plan bat.
b) Inbertsioak egiteko epea amaitu ez bada, une horretara arte maileguaren kargura egindako inbertsioak justifikatzeko memoria tekniko eta ekonomikoa sartu beharko da, partiden arabera banakatuta. Taula bat erantsiko da, datu hauekin: egindako inbertsio eta gastuak (fakturak eta ordainketak) eta gauzatutako gastu-konpromisoak. Adierazitako guztia behar bezala egiaztatuta egongo da.
c) Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita enpresak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, ez duela Administrazioarekin laguntzak edo maileguak itzultzeagatiko zorrik eta beteak dituela Merkataritza Erregistroan kontuak aurkezteko betebeharrak.
3. Ezin izango da egutegia aldatu honako kasu hauetan:
a) Aldaketa hori justifikatzeko behar bezala egiaztatutako ondoriorik ez egotea.
b) Enpresak egunean ez edukitzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
c) Enpresak Administrazioarekin zorrak edukitzea laguntzak edo maileguak itzuli behar dituela eta.
d) Enpresak bete gabe edukitzea Merkataritza Erregistroan kontuak aurkezteko betebeharrak.
e) Zorraren epemuga gainditzea ez-betetze edo uko egite baten ondoriozko itzulketa batengatik gertatzea.
f) Inbertsioak justifikatzeko epearen barruan dauden proiektuen kasuan, behar adinako aurrerapenik ez dagoenean eta laguntza emateko ebazpenean konprometitutako helburuak betetzen direla bermatzen ez denean.
4. Laguntza emateko ebazpena aldatzeko, Industriako eta Enpresa Txiki eta Ertainetako Idazkaritza Nagusiak horretarako argitaratutako gidako jarraibideei jarraituko zaie, hala ezartzen bada dagokion programan.
5. Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea hilabete bat izango da, eskaera egiten denetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota ebazpena emateko organo eskudunak ez badu jakinarazpenik egiten, interesdunak legitimatuta egongo dira eskaera ezetsia izan dela ulertzeko.
Administrazio publikoen kudeaketa efizienterako neurriak
16. artikulua. Kontratazioa.
1. Estatuko Administrazio Orokorreko organoek COVID-19ari aurre egiteko hartzen duten zuzeneko edo zeharkako edozein neurrik justifikatzen du berehala jarduteko beharra, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 120. artikuluan aurreikusitakoaren babesean. Lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB Zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora.
2. Bat etorriz aurreko paragrafoan ezarritako aurreikuspenarekin, larrialdiko izapidetzea aplikatuko zaie kontratu hauei: Estatuko Administrazio Orokorrak edo haren organismo publikoek eta zuzenbide publikoko entitateek pertsonak babesteko beharrei erantzuteko egiten dituztenak eta Ministroen Kontseiluak COVID-19ari aurre egiteko hartutako beste neurri batzuei dagozkienak.
3. COVID-19tik pertsonen osasuna babesteko neurriak hartzeak sortzen dituen gastuei aurre egiteko behar diren funtsak igorri behar direnean, justifikatu egin beharko da.
17. artikulua. Kreditu-transferentziak egiteko gaikuntza.
Gobernuak, salbuespenez eta Estatuko Aurrekontu Orokorren Lege berria indarrean jarri arte, kreditu-transferentziak baimendu ahal izango ditu aurrekontu-atalen artean, premia saihestezinei erantzuteko eta Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 52.2 artikuluan aurreikusitakoez bestelako kasuetan. Ondorio horietarako, Ogasuneko ministroak dagokion proposamena igorriko dio Ministroen Kontseiluari.
Lehen xedapen gehigarria. Thomas Cook finantzaketa-lerro handituaren aplikazio-eremua, Espainian kokatuta egonik sektore ekonomiko jakin batzuetan dauden enpresa guztiei erantzuteko.
12/2019 Errege Lege Dekretuaren 4. artikuluan aurreikusitako eta 13. artikuluak ezartzen duenaren arabera handitutako finantzaketa-lerroaren hartzaile izan ahalko dira egoitza soziala Espainian izanik «ICO Enpresak eta Ekintzaileak» lerroan eragiketak formalizatzen dituzten enpresa eta autonomoak (12/2019 Errege Lege Dekretua, urriaren 11koa, zeinaz presako neurriak hartzen baitira Thomas Cook enpresa-taldearen kontra kaudimengabezia-prozedurak abiarazi izanaren ondorioak arintzeko). Aipaturiko enpresa eta autonomoen jarduerek turismo-sektoreko EJSN hauetako baten barruan kokatuta egon behar dute:
Kodea EJSN 2009 |
Titulua EJSN 2009 |
493 |
Bidaiarien lurreko beste garraio bat. |
4931 |
Bidaiariak garraiatzeko hiriko eta hiri inguruko lurreko garraioa. |
4932 |
Taxi bidezko garraioa. |
4939 |
Bidaiarientzako lurreko garraio-motak, beste inon sailkatu gabeak. |
511 |
Bidaiarien aireko garraioa. |
5110 |
Bidaiarien aireko garraioa. |
5221 |
Lurreko garraioarekin lotutako jarduerak. |
5222 |
Itsas garraioari eta barneko bide nabigagarrietako garraioari lotutako jarduerak. |
5223 |
Aireko garraioarekin lotutako jarduerak. |
551 |
Hotelak eta antzeko ostatuak. |
5510 |
Hotelak eta antzeko ostatuak. |
552 |
Ostatu turistikoak eta egonaldi laburreko beste ostatu batzuk. |
5520 |
Ostatu turistikoak eta egonaldi laburreko beste ostatu batzuk. |
559 |
Beste ostatu batzuk. |
5590 |
Beste ostatu batzuk. |
56 |
Janari- eta edari-zerbitzuak. |
561 |
Jatetxeak eta janari-postuak. |
5610 |
Jatetxeak eta janari-postuak. |
5621 |
Janari prestatuen hornikuntza ekitaldietarako. |
5629 |
Beste janari-zerbitzu batzuk. |
7711 |
Automobilen eta motor arineko ibilgailuen alokairua. |
7721 |
Aisialdirako eta kiroletarako gauzen alokairua |
EJSN 2009 Titulua EJSN 2009 EJSN 2009 | |
7911 |
Bidaia-agentzien jarduerak. |
7912 |
Operadore turistikoen jarduerak. |
799 |
Beste erreserba-zerbitzu batzuk eta horiekin lotutako jarduerak. |
7990 |
Beste erreserba-zerbitzu batzuk eta horiekin lotutako jarduerak. |
855 |
Beste hezkuntza-mota bat. |
91 |
Liburutegietako, artxiboetako eta museoetako jarduerak, eta beste kultura-jarduera batzuk. |
9004 |
Ikuskizun-aretoen kudeaketa. |
9102 |
Museoetako jarduerak. |
9103 |
Toki eta eraikin historikoen kudeaketa. |
9321 |
Jolas-parkeetako eta parke tematikoetako jarduerak. |
9329 |
Jolas- eta entretenimendu-jarduerak. |
Bigarren xedapen gehigarria. Aurrekontu-kredituak gaitzea
Ogasun Ministerioak beharrezko diren aurrekontu-kredituak emango ditu errege lege-dekretu hau aplikatzeko beharrezkoak diren aparteko neurriak behar bezala betetzeko.
Hirugarren xedapen gehigarria. Aurrekontu-kredituak.
Egitekoak diren jarduketak Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrak ezartzen duenarekin bat etorriz finantzatuko dira, eta aurrekontuan baliagarri dauden kopuruen kargura ordainduko. Ogasun Ministerioak horretarako behar diren aurrekontu-aldaketak onartuko ditu.
Xedapen iragankor bakarra. Errege lege-dekretuko neurri jakin batzuk aplikatzea
16. artikuluan xedatutakoa errege lege-dekretu honen xede den egoerari aurre egiteko beharrezkoak diren kontratuei aplikatuko zaie, baldin eta indarrean jarri aurretik hasi badira haien izapideak.
Azken xedapenetako lehena. Gobernuaren azaroaren 27ko 50/1997 Legea aldatzea.
Gobernuaren azaroaren 27ko 50/1997 Legeari hirugarren xedapen gehigarria gehitu zaio, eduki honekin:
«1. Salbuespenezko egoeretan, eta krisiaren izaerak hala eskatzen duenean, Gobernuko presidenteak erabaki ahal izango du, arrazoiak emanez, Ministro Kontseilua, Gobernuaren Batzorde Delegatuak eta Estatu Idazkarien eta Estatu Idazkariordeen Batzorde Nagusia urrutitik jardutea bilerak egiteko, erabakiak hartzeko eta aktak onartzeko, bitarteko elektronikoak erabiliz, baldin eta parte hartzen duten kideak Espainiako lurraldean badaude eta haien nortasuna egiaztatuta geratzen bada. Era berean, bileran haien arteko komunikazioa denbora errealean egiten dela ziurtatu beharko da, eta eztabaidak isilpekoak edo izaera erreserbatukoak direla bermatzeko beharrezkoak diren bitartekoak jarriko dira.
2. Ondorio horietarako, bitarteko elektroniko baliagarritzat jotzen dira audiokonferentziak eta bideokonferentziak.»
Azken xedapenetako bigarrena. Erregelamenduzko garapena eta betearazpena.
Gobernuari eta ministerio-departamentu guztietako titularrei, bakoitzari bere eskumen-eremuan, ahalmena ematen zaie errege lege-dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak emateko.
Azken xedapenetako hirugarrena. Eskumen-titulua.
Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1.7, 149.1.13 eta 149.1.30 artikuluaren babesean eman da, horiek honako hauen gaineko eskumena ematen baitiote Estatuari: lan-arloko legedia, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoetako organoek hura betearaztea; jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa, eta Konstituzioaren 27. artikulua garatzeko oinarrizko arauak, botere publikoek arlo honetan dituzten betebeharrak betetzen direla bermatzeko.
Azken xedapenetako laugarrena. Indarrean jartzea.
Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean, eta indarrean jarraituko du Gobernuak berau onartzea eragin zuten aparteko inguruabarrek jarraitzen dutela erabakitzen duen bitartean.
Madrilen, 2020ko martxoaren 12an.
FELIPE e
Gobernuko presidentea,
PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON