Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

6/2013 Lege Organikoa, azaroaren 14koa, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea sortzekoa

2013-11-14

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2013/11/15, 274. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

11935

6/2013 Lege Organikoa, azaroaren 14koa, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea sortzekoa.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau irakurtzen duten guztiek jakin dezaten.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onartu dutela, eta, Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

ATARIKOA Gobernuaren Politika Ekonomikorako Estrategia Espainiako ekonomiaren zailtasunen eta gune sendoen azterketatik abiatuta prestatu da eta Gobernuaren ekintzarako lehentasunezko lerro estrategikoak islatzen ditu, ekonomiaren susperraldia erraztu eta enplegua sortzeko xedez.

Lerro estrategiko horiek ondorengo hauetan jartzen dute arreta: sendotze fiskalean, finantza-sistemaren erreforman eta Espainiako ekonomiaren malgutasuna eta lehiakortasuna hobetzeko beharrezkoak diren erreforma estrukturaletan.

Sendotze fiskalaren esparruan, gobernantza ekonomikoaren hobekuntza garatzen ari da Gobernua, kontrol hobearen eta aurrekontu-diziplina handiagoaren bitartez, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan oinarrituta eta Administrazio Publiko guztiek aurrekontu-egonkortasuneko helburuak zorrotz beteko dituzten konpromisoarekin.

Agintaritza fiskalek erakutsi dute elementu giltzarriak direla Gobernuentzat, politika fiskalak diseinatu, inplementatu eta ebaluatzeko orduan, batez ere gaur egungo finantzakrisi egoeran, non ezinbestekoa baita zor publikoaren eta aurrekontu-egonkortasunaren arloko helburuak eta gastu-arauari dagozkionak betetzen diren zehatz kontrolatzea.

Gure inguruko zenbait herrialdetan agintaritza fiskalak aspalditxotik existitzen baziren ere, azken urteotan gisa horretako erakundeak sortzeko joera garbia antzematen da, eta joera horri indarra ematen dio gai honi buruz Europan onartutako araugintzak.

Lege organiko honekin, zor publiko, aurrekontu-egonkortasun eta gastu-arauko helburuak betetzearen kontrol eraginkorra lortzeko konpromisoa indartzen da, gainbegiratze eta gardentasun mekanismo berriak sartzen baitira Administrazio Publikoen politika fiskaletan. Gainera, estatu kideen aurrekontu-esparruei aplikatu beharreko eskakizunei buruzko 2011ko azaroaren 8ko Kontseiluaren 2011/85/EB Zuzentarauan aurreikusitakoa betetzen da horrela, estatu kideen aurrekontu-agintaritzekiko autonomia funtzionala duten organoek egindako analisi fidagarri eta independenteetan oinarrituta, arau fiskalak betetzearen jarraipen eraginkorra egingo duten erakunde fiskal independenteak edukitzearen premia jasotzen baita bertan.

Legearen izaera organikoa Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluan jasotako aurrekontu-egonkortasun printzipioaren garapenak justifikatzen du. Ildo horretan, konstituziogileak Administrazio Publikoek artikulu horretan jasotako printzipioak betetzeari dagozkion alderdiak lege organiko bidez arautzeko aukera ahalbidetzen du; beraz, lege organiko hau Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren osagarria da.

Horregatik guztiagatik, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea sortu da, zeinak aurrekontu-egonkortasun eta finantza-iraunkortasun printzipioak zorrotz betetzen direla zainduko baitu, aurrekontu-zikloa eta zorpetze publikoa etengabe ebaluatzearen eta aurreikuspen ekonomikoak aztertzearen bitartez. Xede horrekin, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak aurrekontu-proiektuetara eta epe ertaineko agertokietara gehitzen diren aurreikuspen makro-ekonomikoak balioetsiko ditu eta politika fiskalen inplementazioa eta egikaritzea aztertuko ditu, erdietsi nahi diren helburuen balizko desbideratzeak ahal bezain goizik hautematearren. Gainera, iruditzen zaionean, egoki jotzen dituen iritziak formulatu ahalko ditu, lege honetan edo beste batzuetan aurreikusitako gaiei buruz.

Bere jardueren independentzia eta eraginkortasuna bermatzeko, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak behar dituen bitarteko materialak eta giza baliabideak eduki beharko ditu, hau da, gomendatutako zeregin bereziak gauzatzeko beharrezko esperientzia egiaztaturik duten profesional kualifikatuak.

Lege organiko honek hiru kapitulutan antolatutako hogeita zazpi artikulu ditu, bi xedapen gehigarri eta sei azken xedapen.

I. kapituluak, «Izaera eta araubide juridikoa» izenekoak, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea sortzen du, nortasun juridiko propioko eta gaitasun publiko eta pribatu osoko Zuzenbide Publikoko erakunde gisa, zeinaren xedea aurrekontu-zikloa eta zorpetze publikoa etengabe ebaluatzea eta aurreikuspen ekonomikoak aztertzea izango baita.

Esan beharra dago, bestalde, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea izaera berezi eta bakaneko erakunde gisa eratzen dela, Estatuko Administrazio Orokorraren Antolakuntza eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legean aipatzen direnetatik bestelako erakunde gisa, eta Administrazio Publiko guztietarako jardungo du.

Halaber, beste alderdi batzuen artean, kapitulu honetan arautzen dira Lege Organikoaren aplikazio-eremu subjektiboa, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteari aitortutako ahalmenak –eta horien artean nabarmentzen da beste Estatuetako beste agintaritza fiskal independente batzuekin lankidetzan aritzeko gaitasuna, adibidez, lan-taldeetan parte hartzearen bitartez–, haren araubide juridikoa, bai-eta erakundeak jaulkitako txosten eta iritzien eraginak ere. Ildo horretan, aipatzekoa da txosten horien eragina oso garrantzitsua dela, berorien jomuga den administrazioak edo erakundeak haren gomendioei entzungor egiten badie, nahitaez arrazoitu beharko baitu bere jokabidea eta esandako txostena gehitu beharko du dagokion espedientean.

Aldi berean, Legeak beste ahalmen bat ere aitortzen dio Agintaritzari, hau da, noiznahi eta bere ekimenez, Legean aurreikusitako gaiei buruzko iritziak jaulkitzeko aukera. Kasu horretan, iritzi horien jomuga den administrazioak edo erakundeak ez du arrazoitzeko obligaziorik izango zergatik aldentzen den Agintaritzak bere iritzian adierazitako irizpidetik.

II. kapituluan, «Txostenak eta iritziak», Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak gauzatu behar dituen nahitaezko txostenak jasotzen dira; horien artean daude Nazioko Gobernuak egindako aurreikuspen ekonomikoei buruzko txostena; Egonkortasun Programari buruzko txostena, Egonkortasun eta Hazkunde Hitzarmenaren esparruan egina; aurrekontu-egikaritzearen, zor publikoaren eta gastu-arauaren analisiari buruzko urteroko txostena; eta ekonomia-finantza planak onartu aurreko txostena. Era berean, aukera ematen dio Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteari ondorengo kasu hauetan informa dezan: apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren IV. kapituluan aurreikusitako prebentzio-, zuzenketa- eta hertsatze-neurriak aktibatzea komeni den edo ez; esandako Lege Organikoaren 11.3 artikuluan aipatzen diren salbuespenezko inguruabarrak noiz biltzen diren; epe luzeko finantza publikoen iraunkortasunari buruz, edo beste zeinahi gairen inguruan, lege batek hala xedatzen duenean.

III. kapituluak –«Antolaketa eta funtzionamendua»– Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen osaketa eta antolaketa arautzen ditu, bai-eta erakunde horretako lehendakariaren izendapena eta hura kargutik kentzeko zergatiak ere, goi-karguaren kategoria izango baitu eta, hortaz, legeriak zehaztutako kontu-emate eta gardentasun obligazioen pean egongo da, bereziki, Gobernuko kideen eta Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguen interes-gatazkak arautzen dituen apirilaren 10eko 5/2006 Legearen pean. Ildo horretan, pertsona bakarreko eredua ezartzen du, Zuzendaritza Batzorde baten sostengua izango duena; lehendakariak, gainera, prestigio aitortuko adituen laguntza eskatu ahal izango du. Halaber, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea dibisioen bitartez antolatuko da, gaiaren arabera.

Lehen xedapen gehigarriaren bidez Nazioko Kontuen Komite Teknikoa eratzen da, honako hauek osatuko dutena: Estatistikako Institutu Nazionalak, Espainiako Bankuak eta Estatuko Kontu Hartzailetza Nagusiak, Administrazio Publikoen eta finantza eta finantzetakoak ez diren sozietate publikoen sektorea osatzen duten unitateen kontu nazionalak prestatzeko eskumena duten organo gisa.

Ildo horretan, aurreikusita dago esandako Komiteak ahalmena izango duela autonomia-erkidegoetatik eta udal korporazioetatik emandako informazioa egiaztatzeko eta kontrastatzeko, kontabilitate nazionalaren gaian eskumena duten Europako organoek gomendatzen duten bezala. Era berean, talde horrek Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteari helaraziko dizkio bere txostenak.

Bestalde, bigarren xedapen gehigarriak gainbegiratze, azterketa, aholkularitza eta politika fiskalaren jarraipeneko tasa sortzen du eta berorren elementu nagusiak arautzen ditu. Tasa hori izango da Agintaritzaren finantzaketa-iturri nagusia eta, hala, bere independentziari egiten zaio mesede. Amaitzeko, azken xedapenei dagokienez, nabarmentzekoa da Ministroen Kontseiluari ematen zaion epea erakundearen Estatutu organikoa onar dezan eta gaitu ditzan Gobernua eta Ogasun eta Herri Administrazio Ministroa, beren eskumenen barruan, lege organiko hau garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak abian jar ditzaten eta indarrean jar dadin argitaratu eta hurrengo egunean.

I. KAPITULUA Izaera eta araubide juridikoa 1. artikulua.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen sorrera eta izaera.

Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea sortuko da, nortasun juridiko propioko eta gaitasun publiko eta pribatu osoko Zuzenbide Publikoko erakunde gisa; bere eginkizunak burujabetasunez eta Administrazio Publikoekiko independentzia funtzionalez beteko ditu.

2. artikulua.  Helburuak.

Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen xedea Administrazio Publikoek Espainiako Konstituzioko 135. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-egonkortasun printzipioa betetzen dutela bermatzea izango da, aurrekontu-zikloa eta zorpetze publikoa etengabe ebaluatzearen eta aurreikuspen ekonomikoak aztertzearen bitartez.

3. artikulua.  Eremu subjektiboa.

Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak Espainiako lurralde guztian eta modu bakar eta esklusiboz beteko ditu bere eginkizunak sektore publikoa osatzen duten subjektu guztiei dagokienez, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 2. artikuluan adierazitako eran.

4. artikulua.  Ahalmenak.

1.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak txosten, iritzi eta azterlanen bitartez beteko ditu bere eginkizunak, Lege honetan xedatutako moduan.

2.  Horretarako, bere eskura izango du Administrazio Publikoei buruzko ekonomiaeta finantza-informazio guztia. Eraginkortasuna bermatzearren eta informazioa bidaltzean bikoiztasunak eragoztearren, batez ere, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren bidez eskuratuko da aipatutako informazioa, baina horrek ez du baztertzen dagozkien Administrazio Publikoei, zuzenean, informazio gehigarria eskatu ahal izatea, zehazki, Ministerioaren bitartez lortutako informazioa nahikoa edo osoa ez denean edo beste nolabaiteko argibideren bat beharrezkoa denean.

Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak aurrez txostena egin ostean, Ogasun eta Herri Administrazio Ministroaren Aginduaren bidez zehaztuko dira Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak izaera iraunkorrez Agintaritza horren esku jarri beharko dituen datuak, dokumentuak eta horiek igortzeko prozedurak, telematikoak barne direla.

Aurreko horrek ez du ukatzen Agintaritzak bere eginkizunak ongi betetzeko beharrezkoak dituen informazio gehigarrien premia, aipatutako Aginduan esplizituki aurreikusita egon ez arren.

3.  Lege honen esparruan sartzen diren subjektuek Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak eskatzen dien eta haren eginkizunak betetzeko beharrezkoa den informazio ekonomiko eta finantzarioa emateko obligazioa izango dute, Agintaritzak horretarako ezartzen dien epearen barruan. Epe hori zehazteko, aintzat hartu beharko dira eskatutako informazioaren bolumena eta konplexutasuna.

Laguntza emateko betebeharra betetzen ez den kasuan, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak gertatuari buruzko ohar publikoa argitaratuko du bere web orrian.

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 27.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteari laguntza emateko betebeharra modu larrian edo errepikatuan ez betetzeak berarekin ekar dezake, bete ez duen subjektuari entzun ondoren, esandako Lege Organikoaren 20. artikuluan aurreikusitako neurriak ezartzea.

Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen lehendakariari dagokio ez-betetzea larria edo errepikatua den erabakitzea eta, kasu horretan, Nazioko Gobernuari –aipatutako 27.6 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako– eta Gorte Nagusiei jakinaraziko die.

4.  Nolanahi ere, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak jasotzen duen informazioa isilpeko informazioari dagozkion mugak errespetatuz tratatu beharko da beti.

5.  Artikulu honetan aurreikusten diren Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen eginkizunak Autonomia Erkidegoen finantzaketari buruzko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoak Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluari aitortzen dizkionak eragotzi gabe beteko dira.

5. artikulua.  Txostenak, iritziak eta azterlanak egitea.

1.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak egindako txostenak Lege honetan aurreikusitakoak izango dira. Baldin eta Administrazioa edo txostenaren jomuga den erakundea adierazitako gomendioetatik aldentzen bada, bere jokabidea arrazoitu beharko du eta aipatutako txostena gehitu beharko du dagokion espedientean.

Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak txosten-proposamen bat helaraz dezake, zehaztutako epean eta, betiere, txostenak egiteko aurreikusitako epe osoaren barruan, Administrazioak edo txostenaren jomuga den erakundeak hutsegiteak, anbiguotasunak edo zehaztasun-falta nabarmenak adierazi ditzan.

Agintaritzak ofizioz eman ditzake txostenak, Lege honetan horretarako finkatutako datan, edo baliteke Administrazio Publikoaren eskariz ematea ere, eskatu denetik hamar eguneko epearen barruan. Epe hori eskarian adierazten den egunetara murriztu ahal izango da, premiazko arrazoiak justifikatzen baldin badira.

2.  Iritziak, berriz, Agintaritzaren ekimenez formulatuko dira, 23. artikuluan aurreikusitako gaiei buruz. Iritziaren jomuga den Administrazioak edo erakundeak bertan jasotako irizpidetik aldendu ahal izango dira, beren jokabidea arrazoitu beharrik gabe.

3.  Nazioko Gobernuak, Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluak, Toki Administrazioko Batzorde Nazionalak edo Gizarte Segurantzaren Finantza Batzordeak eskatzen dizkioten azterlanak egingo ditu Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak.

Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak autonomia-erkidegoek eta tokierakundeek eskatzen dizkioten azterlanak egin ahal izango ditu, baina berorien eskumen- eremura mugatu beharko dute, beste administrazio batzuen eskumenetan eraginik izan gabe. Eskatzaileaz kanpoko beste Administrazio batzuen eskumenetan eraginik izango balitz, aurreko lerrokadan aipatzen diren kide anitzeko organo eskudunek egin beharko dute eskaera.

4.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen txostenak eta iritziak publikoak eta arrazoituak izango dira, eta eskura egongo dira haren web orrian.

5.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak, urtero, jarduera-memoria bat prestatuko du eta ahalik eta publizitate eta zabalkunde handiena emango dio.

6. artikulua.  Erakundeen arteko harremanak.

Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioarekin koordinaturik, Europar Batasuneko erakunde eta organismoekin lankidetzan ariko da, Europako Batzordearekin bereziki, finantza publikoen ebaluazioeginkizunak aurrera eramaten. Beste estatu kide batzuetako agintaritza fiskal independenteekin ere kooperatu ahal izango du.

7. artikulua.  Independentzia funtzionala.

1.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak independentzia organiko eta funtzional osoarekin lan egingo du bere jarduerak garatzean eta bere helburuak betetzean.

Ez lehendakariak, ez organoetako kideek, ez Agintaritzako gainerako langileek ezingo dute eskatu, ez onartu, ezein erakunde publiko edo pribaturen agindurik.

2.  Aurrekoa eragotzi gabe, eta antolakuntza eta aurrekontu ondorioetarako soilik, Agintaritza Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari atxikiko zaio Ogasun eta Herri Administrazio Ministroaren bitartez. Atxikitze horrek ez du eraginik izango inoiz haren burujabetasunean eta independentzia funtzionalean.

8. artikulua.  Araubide juridikoa.

1.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea lege honetan, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan eta berori garatzen duen araudian xedatutakoek eraenduko dute.

2.  Ministroen Kontseiluak errege-dekretu bidez onartuko du, aldez aurretik Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen lehendakariari kontsulta egin ondoren, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen Estatutu organikoa, haren antolaketa eta barne funtzionamendua garatuko dituena.

9. artikulua.  Langileen araubide juridikoa.

1.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen zerbitzuan lan egiten duten langileak, izaera orokorrez, Administrazio Publikoko karrerako funtzionarioak izango dira, edo, bestela, nazioko edo nazioarteko organismoetatik datozenak, eta ekonomiaren, zergen, aurrekontuen edo finantzen kontrol edo analisi eginkizunak izango dituzte.

2.  Langileen hautaketa, prestakuntza, lanpostuen hornikuntza, mugikortasuna, ordainsariak eta diziplina-araubidea lege honetan, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan eta funtzio publikoaren arloan Estatuko gainerako legerian ezarritakoek eraenduko dute.

Edozein kasutan, artikulu honen 1. paragrafoan aipatzen diren langileen hautaketa publizitate-, meritu- eta gaitasun-irizpideen arabera egingo da.

3.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen zerbitzuan lan egiten duten langile guztien curriculum vitaea Agintaritzaren webgunean argitaratuta egongo da, lehendakariarena eta dibisioetako zuzendariena barne.

10. artikulua.  Kontratazio-araubidea.

Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak indarrean dagoen legerian sektore publikoko kontratazioari buruz xedatutakora egokituko du bere kontratazio-araubidea, eta lehendakaria izango da bere kontratazio-organoa.

11. artikulua.  Ekonomia, finantza eta ondarearen arloko araubidea.

1.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak bere ondare propioa izango du, Estatuko Administrazio Orokorraren ondaretik independentea, alegia.

2.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak nahikoa bitarteko material eta giza baliabide eduki beharko ditu bere helburuak betetzeko; bere finantzaketa-iturri nagusia legez zehazten diren gainbegiratze-tasak eta Administrazio Publikoek ordaindu beharko dituzten azterlanen prezio publikoak izango dira, haientzat betetzen baititu Agintaritzak bere eginkizunak.

3.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak ondorengo ondasun eta bitarteko ekonomiko hauek ere izango ditu:

a)  Estatuaren Aurrekontu Orokorren kontura urtero esleitzen zaizkion kopuruak.

b)  Bere ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideak eta horietatik sortutako produktu eta errentak.

c)  Legez esleitu ahal zaizkion beste batzuk.

12. artikulua.  Aurrekontua, kontabilitate-araubidea eta kontrol ekonomiko eta finantzarioa.

1.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak aurrekontu-aurreproiektu bat prestatu eta onartuko du urtero, eta haren kredituek izaera mugatzailea izango dute.

Aurreproiektu hori Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari bidaliko dio, Estatuaren Aurrekontu Orokorretan txerta dezaten, azaroaren 26ko 47/2003 Legean ezarritakoaren arabera.

2.  Aurrekontu horretako kredituen aldakuntzen eta loturen araubidea Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen Estatutu organikoan zehaztutakoa izango da.

3.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen lehendakariari dagokio gastuak onartzea eta ordainketak agintzea, Gobernuaren eskumeneko kasuetan salbu, bai-eta organismoaren kontuak ematea ere.

4.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren arabera formulatu eta emango ditu kontuak, betiere, Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorrean eta hori garatzen duten arauetan jasotako kontabilitatearen esparruko arauak eta printzipioak betez.

5.  Kontuen Auzitegiaren Lege Organikoak auzitegi horri esleitzen dizkion eskumenak eragotzi gabe, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen kudeaketa ekonomiko eta finantzarioa Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiaren kontrolaren mende egongo da, Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrean zehazten den moduan.

13. artikulua.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen jardueren aurkako errekurtsoak.

1.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteko organoen egintzen eta erabakien aurka, lehendakariarenak direnean izan ezik, administrazio-errekurtsoa jarri ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatzen den moduan. Agintaritzak egiten dituen txostenei ezingo zaie inoiz errekurtsorik jarri.

2.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteko lehendakariaren egintzek eta ebazpenek emango diote amaiera administrazio-bideari, eta ezingo zaie haiei errekurtsorik jarri administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean ez bada.

II. KAPITULUA Txostenak eta iritziak 14. artikulua.  Aurreikuspen makro-ekonomikoei buruzko txostena.

1.  Administrazio Publiko guztien aurrekontu-proiektuetan edo egonkortasun programan gehitzen diren aurreikuspen makro-ekonomikoek Agintaritzaren txostena izan beharko dute eta erakunde horren abala duten adieraziko da.

2.  Horretarako, Administrazio Publikoek, aldez aurretik, artikulu honetako lehen paragrafoan aipatzen den txostena egiteko eskatuko diote Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteari, zeina kontuan izango baitu aurrekontu-proiektuetan edo egonkortasun programan gehituko dituen behin-betiko aurreikuspenak prestatzerakoan.

3.  Artikulu honetan aipatzen diren txostenek, beste alderdi batzuen artean, egindako aurreikuspenak estatu kideen aurrekontu-esparruei aplikatu beharreko eskakizunei buruzko 2011ko azaroaren 8ko Kontseiluaren 2011/85/EB Zuzentaraura egokitzen diren balioetsi beharko dute.

4.  Txostenak ebaluazio bat jasoko du, non aurreikuspen makro-ekonomikoen alboratze garrantzizkorik dagoen adieraziko baita elkarren segidako lau urteko aldi batean, estatu kideen aurrekontu-esparruei aplikatu beharreko eskakizunei buruzko 2011ko azaroaren 8ko Kontseiluaren 2011/85/EB Zuzentarauko 4.6 artikuluaren arabera.

Txostenak ondorioztatzen badu badagoela aipatutako alboratzea, Estatuak hura zuzentzeko behar diren neurriak hartu eta argitaratu egingo ditu.

15. artikulua.  Sarrera eta gastuen joera-aurreikuspenak eta hazkundeko erreferentziatasa kalkulatzeko metodologiari buruzko txostena.

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 12.3 eta 21.1.b) artikuluetan aipatzen diren sarrera eta gastuen joera-aurreikuspenak eta hazkundeko erreferentzia-tasak kalkulatzeko erabilitako metodologia arautzen duen ministro-aginduaren aldaketei buruz txostena egin beharko du Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak, haiek onartu aurretik.

16. artikulua.  Egonkortasun Programaren proiektuari buruzko txostena.

1.  Apirilaren 15a baino lehen, urtero, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak txostena egingo du Egonkortasun Programaren proiektuari buruz, eta balorazio berezia egingo du aurrekontu-egonkortasun helburua betetzea, zor publikoaren muga eta gastu-araua bermatuko duten konpromisoez.

2.  Aldaketarik badago aurrekontu-egonkortasun helburuan, zor publikoaren mugan edo gastu-arauan, eta aldaketa horiek eraginik badute egonkortasun programan, horien berri eman behar du Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak.

17. artikulua.  Aurrekontua betearaztearen, zor publikoaren eta gastu-arauaren analisiari buruzko txostenak.

Uztailaren 15a baino lehen, urtero, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak txostena egingo du, aurrekontuaren betearazpena eta urte berean eta aurrekoan aurreikusitako neurriak kontuan hartuta, uneko ekitaldiko aurrekontu-egonkortasunari eta zor publikoari dagozkion helburuak eta gastu-araua betetzeari buruz, Administrazio Publiko guztietarako.

18. artikulua.  Autonomia-erkidegoetarako helburu indibidualak ezartzeari buruzko txostena.

Gobernuak Administrazio Publikoen aurrekontu-egonkortasunaren eta zor publikoaren arloko helburuak ezarri ondorengo hamar egunen barruan, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak autonomia-erkidego bakoitzaren aurrekontuegonkortasunaren eta zor publikoaren arloko helburuei buruzko txosten bat igorriko dio Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 16. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.

19. artikulua.  Administrazio Zentralaren eta autonomia-erkidegoen arteko plan ekonomiko eta finantzarioei eta berrorekatze planei buruzko txostena.

Administrazio Zentralaren eta autonomia-erkidegoen arteko plan ekonomiko eta finantzarioak eta berrorekatze planak onartu aurretik, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak txostena egin beharko du horiei buruz.

20. artikulua.  Administrazio Publikoen proiektuei eta aurrekontu-ildo nagusiei buruzko txostena.

Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak, urtero, urriaren 15a baino lehen, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 17.1 artikuluak aipatzen duen txostena egingo du.

21. artikulua.  Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan aurreikusitako zuzenketa-mekanismoen aplikazioari buruzko txostena.

Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak txostena egin ahal izango du Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren IV. kapituluan aurreikusitako prebentzio-, zuzenketa- eta hertsatzeneurriak aktibatzea komeni den edo ez informatzeko, bai-eta abian jarritako neurrien jarraipenari buruz ere, bereziki, Toki Erakundeen finantza-tutoretza daramaten Administrazioek abian jarritako neurriena, hiru hiletik behin Administrazio Publikoen sektoreko eragiketa ez-finantzarioen kontabilitate nazionala argitaratzen denean, azpisektore edo autonomia-erkidego bakoitzaren kasuan; ekonomia-finantza planen jarraipen-txostenak ere egin ahal izango ditu.

22. artikulua.  Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 11.3 artikuluan aipatzen diren salbuespenezko inguruabarrak gertatzeari buruzko txostena.

Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak aipatutako artikuluan aurreikusitako izapidetze parlamentarioen aurretik egingo du Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 11.3

artikuluan aipatzen diren salbuespenezko inguruabarrak gertatzeari buruzko txostena.

23. artikulua.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak emandako iritziak.

Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak iritziak eman ahal izango ditu ondorengo gai hauei buruz:

a)  Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak emandako aurrekontubetearazpenaren gaineko informazioaren jarraipena, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan jasotako gardentasun printzipioa aplikatuz. Delako informazioa Administrazio Publiko guztien aurrekontu-egonkortasunari, zor publikoari edo gastu-arauari dagozkion helburuak betetzeari buruzkoa izango da.

b)  Finantza publikoen iraunkortasuna, epe luzera.

c)  Beste edozein gairi buruz, lege batek hala xedatzen duenean.

III KAPITULUA Antolaketa eta funtzionamendua 24. artikulua.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen lehendakaria.

1.  Lehendakariak zuzendu eta ordezkatuko du Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea. Lehendakari hori sektore publikoko aurrekontu-, ekonomia- eta finantzaanalisi gaietan profesionalki lan egin eta gutxienez hamar urteko esperientzia duten prestigio aitortuko pertsonen artetik izendatuko da, eta bereziki balioetsiko dira haren independentzia eta irizpide-objektibotasuna.

2.  Ministroen Kontseiluak izendatuko du lehendakaria, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak proposamena egin ondoren; aldez aurretik, proposatutako pertsona Diputatuen Kongresuko dagokion Batzordearen aurrera agertuko da, Batzordeak azter dezan proposatutako pertsonaren esperientzia, prestakuntza eta gaitasuna kargurako egokiak diren ala ez.

Kongresuak, eskumena duen Batzordearen bitartez, eta gehiengo osoz hartutako erabakiz, proposamena onartuko du. Batzordearen aurrera agertu eta hamabost egun igaro baldin badira onarpenik gabe, nahikoa izango da Senatuko Batzorde eskumendunaren gehiengo soila lortzea onarpena adierazteko.

3.  Lehendakari kargua arduraldi esklusibokoa da, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguen bateraezintasun-araubidearen pean egongo da eta bateraezina izango da edozein lanbide publiko edo pribatutan –ordaindua izan edo ez– jardutearekin, nola eta Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen lehendakari izateari loturik daudenak ez diren.

4.  Lehendakariak, bere karguagatik, hitzarekin baina botorik gabe hartuko du parte Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluan, Toki Administrazioko Batzorde Nazionalean eta Gizarte Segurantzaren Finantza Batzordean.

5.  Kargua utzi eta ondorengo bi urteetan ezingo du lan egin Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteari egozten zaion ebaluazio-eginkizunarekin zerikusia duen inolako lanbide-jardueratan.

6.  Lehendakaria sei urtez egongo da karguan, eta epe hori ezin izango da luzatu; arrazoi hauetakoren batengatik soilik utziko du kargua:

a)  Izendapenari dagokion aldia amaitu zaiolako.

b)  Norberak eskatuta.

c)  Bateraezintasun-arazoren batean nahastuta egoteagatik.

d)  Bere eginkizunak gauzatzeko ezgaitasunagatik.

e)  Dolozko delituagatik zigortua izan delako.

f)  Bere betebeharren ez-betetze larri batengatik. Kasu horretan, Gobernuak erabakiko du hura kargutik kentzea, aldez aurretik Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioko titularrak espedientea izapidetu ostean. Ministroak, gainera, Gorte Nagusiei emango die espedientearen berri eta han entzungo zaie zuzendaritza batzordeko gainerako kideei.

7.  Lehendakaria goi-kargutzat hartuko da, eta Idazkariorde kategoria izango du.

8.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen lehendakaria urtean behin agertuko da, gutxienez, Diputatuen Kongresuko eta Senatuko Batzorde eskudunaren aurrean.

25. artikulua.  Lehendakariaren eginkizunak.

Lehendakariak honako eginkizun hauek beteko ditu, independentzia eta objektibotasun osoz, inoren agindupean egon gabe, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentean:

a)  Erakundearen legezko ordezkaritza.

b)  Zuzendaritza-organo guztien jarduerak zuzentzea eta koordinatzea.

c)  Langile guztien buru gorena izatea.

d)  Gastuak xedatzea eta ordainketak agintzea.

e)  Kontratuak eta hitzarmenak egitea.

26. artikulua.  Dibisiotan antolatzea.

1.  Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea dibisiotan antolatuko da.

2.  Ministroen Kontseiluak izendatuko du dibisioko zuzendari bakoitza, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteko lehendakariak, meritu-, gaitasun- eta publizitateprintzipioen arabera, dagokion dibisioko gaietan gutxienez hamar urteko esperientzia dutenen artetik pertsona bat proposatu ondoren.

3.  Dibisioko zuzendariak, goi-kargu kontsideratuko ez badira ere, zuzendaritzako kide profesional gisa hartuko dira, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legean ezarritakoaren arabera.

27. artikulua.  Zuzendaritza Batzordea.

1.  Lehendakariak, bere eginkizunak betetzean, Zuzendaritza Batzordearen laguntza izango du, zeina dibisioko zuzendariek osatuko baitute.

2.  Lehendakariak hala irizten badio, Estatuan edo nazioartean ospe aitortua duten adituek parte hartu ahal izango dute Batzordean, tratatu behar dituzten arazoen arabera.

Lehen xedapen gehigarria.  Nazioko Kontuen Komite Teknikoaren sorrera.

1.  Sektore publikoko unitateek gauzatutako eragiketa ekonomikoak balioesteko eta egozteko, eta esandako unitateen sektorekako mugak ezartzeko, Kontuen Europako Sisteman ezarritako irizpideen arabera, Nazioko Kontuen Komite Teknikoa sortzen da, zeina Estatistikako Institutu Nazionaleko, Espainiako Bankuko eta Estatuko Kontu Hartzailetza Nagusiko ordezkariek osatuko baitute, Administrazio Publikoen eta finantza eta finantzetakoak ez diren sozietate publikoen sektorea osatzen duten unitateen kontu nazionalak prestatzeko eskumena duten organo gisa.

2.  Aipatutako Komitearen funtzionamendua eta antolaketa organo horiek onartuko duten eta –guztiek haren berri izan dezaten– Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko den barne-araudi baten bitartez arautuko da.

3.  Aipatutako Komiteak, bere eginkizunak betetzean, autonomia-erkidego eta udal korporazioen azpisektoreei dagozkien unitate instituzionalek –hala sailkatu dira Kontuen Europako Sistemaren irizpideei kasu eginik– emandako informazioa egiaztatzera eta kontrastatzera zuzenean bideratutako jarduerak egin ahal izango ditu.

4.  Komite horrek, informazio gisa, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak bere eginkizunak betez egindako txostenak emango ditu.

5.  Komite hori osatzen duten erakundeek beren independentzia profesional eta autonomia funtzional osoari eutsiko diote, Europako eta Estatuko araudian egozten zaizkien eta bakoitzari dagozkion erantzukizun eta eskumenak betetzean.

Bigarren xedapen gehigarria.  Gainbegiratze, azterketa, aholkularitza eta politika fiskalaren jarraipeneko tasa eta Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearena.

Gainbegiratze, azterketa, aholkularitza eta politika fiskalaren jarraipeneko tasa ezarri da, eta elementu hauen arabera egituratzen da:

a)  Arau-iturriak. Gainbegiratze, azterketa, aholkularitza eta politika fiskalaren jarraipeneko tasa lege honek eta Tasa eta Prezio Publikoei buruzko apirilaren 13ko 8/1989 Legean eta abenduaren 17ko Zergei buruzko 58/2003 Lege Orokorrean ezarritako gainerako arau-iturriek eraenduko dute.

b)  Zergapeko egitatea. Tasaren zergapeko egitatea izango da Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak lege honen II. kapituluan aipatzen diren zerbitzuak eskaintzea Administrazio Publikoei.

c)  Zergadunak. Tasa horren zergadun izango dira Estatua, autonomia-erkidegoak, autonomia-estatutua duten hiriak, udal korporazioak eta Gizarte Segurantza Sistema, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren bitartez.

d)  Salbuespena. Tasatik salbuetsita egongo dira Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legeak zehaztutakoa baino tributu-oinarri txikiagoa duten toki-erakundeak.

e)  Sortzapena. Tasa urtero sortuko da, urtarrilaren 1ean.

f)  Tributu-oinarria. Zergadunaren onartutako azken aurrekontuko 1. kapitulutik 7.era artekoetan, biak barne, aurreikusitako eragiketa ez-finantzarioetarako hasierako kredituei dagokien zenbatekoak eratuko du tributu-oinarria.

Estatuaren kasuan, Estatuaren Aurrekontu Orokorretan barne-hartutako Estatuaren hasierako kreditu ez-finantzarioak hartuko dira kontuan. Gizarte Segurantzarenean, berriz, Gizarte Segurantza Sistemaren agregatuaren hasierako kreditu ez-finantzarioak hartuko dira aintzat. Autonomia-erkidegoei dagokienez, Autonomia Erkidegoaren Administrazio orokorraren hasierako kreditu ez-finantzarioak hartuko dira kontuan. Tokierakundeen kasuan, toki-erakundearen beraren aurrekontu orokorreko hasierako kreditu ez-finantzarioei dagokien zenbatekoa hartuko da.

g)  Karga-tasa. Aplikatuko den karga-tasa 2014rako Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legean finkatuko da; zerga-oinarriaren ehuneko zehatz bat izango da, tasen finantzaoreka mantentzea ahalbidetu dezan, eta urtero aldatu ahal izango da, baldintza horietan, Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legean.

h)  Tasaren kudeaketa. Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteari dagokio tasaren kudeaketa. Tasaren zergadunek Ogasun eta Herri Administrazio Ministroak ezartzen duen eredu, leku eta epeetan aitortu, likidatu eta sartuko dute dagokien tasa; bitarteko telematikoen bidez ere egin ahal izango da tasa horren aitorpena eta ordainketa.

i)  Xedea. Tasaren etekina Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak horretarako ezarritako banku-kontuetan sartuko da, araudiaren arabera zehazten den moduan. Tasaren zenbatekoak honako xede hau izango du: Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak bere eginkizunak betetzean sortutako gastuak finantzatzea.

Azken xedapenetako lehenengoa.  Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa aldatzea.

Bat.  Aldatu egiten da 16. artikulua; hona hemen nola geratzen den idatzita:

«16 artikulua.  Autonomia-erkidegoetarako helburu indibidualak ezartzea.

Gobernuak aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak lege honen 15. artikuluan ezarritako baldintzetan onartu ondoren, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak aldez aurretik txostena egin ondoren, aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuen proposamen bana formulatuko du Autonomia Erkidego bakoitzarentzat.

Proposamen horretatik abiatuta, Gobernuak, Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluak aldez aurretik txostena egin ondoren –hamabost eguneko luzatu ezineko epean mintzatu beharko da, proposamena Autonomia Erkidegoen Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluaren Idazkaritzan jasotzen den egunetik zenbatuta–, erkidego bakoitzari dagokion aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak finkatuko ditu.» Bi.  Aldatu egiten dira 17. artikuluko lehen eta bigarren paragrafoak; hona hemen nola geratzen diren idatzita:

«1.  Urriaren 15a baino lehen, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak txosten bat kaleratuko du, jende guztiak ezagutu dezan, Estatuaren Aurrekontu Orokorren proiektua egonkortasun eta zor helburuetara eta gastuaraura egokitzen den aztertuko duena; 27. artikuluan aipatzen den informazioa ere hizpide izango du, eta gomendioak sartu ahal izango ditu, desbideratzeren bat hautemanez gero. Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak egoki iritzitako gomendio gehigarri guztiak formulatu ahal izango ditu.

2.  Urtero, apirilaren 1a baino lehen, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak txosten bat helaraziko dio Gobernuari, non jakinaraziko zaion zenbateraino ari diren betetzen Administrazio Publikoetako hasierako Aurrekontuetan jarritako aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak.

Era berean, Administrazio Zentralaren eta autonomia-erkidegoen aurrekontuen gastu-araua nola betetzen ari den ere jasoko da txosten horretan. Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak egoki iritzitako gomendio gehigarri guztiak formulatu ahal izango ditu, helburuen betetze mailari buruz.» Hiru.  Aldatu egiten da 23. artikuluko 1. paragrafoa; hona hemen nola geratzen den idatzita:

«1.  Plan ekonomiko-finantzarioak eta berrorekatze planak, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak aldez aurretik txostena egin ondoren, aginduzkoa den kasuetan, hurrengo paragrafoetan xedatutako organoen aurrean aurkeztuko dira, gehienez ere hilabeteko epean, ez-betetzea egiaztatzen denetik edo 11.3 artikuluan aurreikusitako egoerak hautematen direnetik aurrera zenbatuta, hurrenez hurren. Organo horiek, gehienez ere, bi hilabeteko epean onartu beharko dituzte planak, aurkezten dituzten egunetik zenbatzen hasita, eta hiru hilabete izango dituzte, gehienera, martxan jartzeko, ez-betetzea egiaztatzen denetik edo 11.3 artikuluan aurreikusitako egoerak hautematen direnetik.

Gorago aurreikusitako hilabeteko gehieneko epea zenbatzean, ez da kontuan hartuko eskabidea egin zenetik Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak txostena jaulki arte igarotako denbora.» Azken xedapenetako bigarrena.  Lege arruntaren izaera duten aginduak.

Lege arruntaren izaera dute 5.3, 5.5, 6., 9.2, 9.3 eta 10. artikuluak, lehen xedapen gehigarriko 2, 4 eta 5. paragrafoek eta bigarren xedapen gehigarriak.

Azken xedapenetako hirugarrena.  Eskumen-titulua.

Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluaren garapen gisa onartzen da lege organiko hau.

Azken xedapenetako laugarrena.  Legearen garapena.

1.  Ministroen Kontseiluak errege-dekretu bat onartuko du, 2013ko abenduaren 31

baino lehen, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen Estatutu organikoa onartuko duena.

2.  Gaitasuna ematen zaio Gobernuari lege honetan xedatutakoa garatzeko, aplikatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak eman ditzan eta behar diren neurriak har ditzan.

Azken xedapenetako bosgarrena.  Europako Erkidegoko Zuzenbidean txertatzea.

Lege honen bitartez Espainiako Zuzenbidera txertatzen da, partez, estatu kideen aurrekontu-esparruei aplikatu beharreko eskakizunei buruzko 2011ko azaroaren 8ko Kontseiluaren 2011/85/EB Zuzentaraua.

Azken xedapenetako seigarrena.  Foru araubideak.

1.  Lege honetan xedatutakoa Nafarroako Foru Erkidegoari aplikatzeko garaian, haren foru-araubidea dela-eta, Nafarroako Foru Eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 64. artikuluan ezarritakoa beteko da, Estatuaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoari jarraiki.

2.  Lege honetan xedatutakoa, Euskal Autonomia Erkidegoan, haren foru-araubidea dela-eta, Ekonomia Itunari buruzko Legean xedatutakoa eragotzi gabe beteko da.

Azken xedapenetako zazpigarrena.  Indarrean sartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Horrenbestez, Lege organiko hau bete eta betearaz dezaten agintzen diet Espainiako herritar eta agintari guztiei.

Madrilen, 2013ko azaroaren 14an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra