Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

6/2013 Errege Lege Dekretua, martxoaren 22koa, aurrezteko eta inbertitzeko produktu jakin batzuen titularrak babestekoa eta beste zenbait finantza-neurriren gainekoa

2013-03-22

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2013/3/23, 71. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

3199

6/2013 Errege Lege Dekretua, martxoaren 22koa, aurrezteko eta inbertitzeko produktu jakin batzuen titularrak babestekoa eta beste zenbait finantzaneurriren gainekoa.

I

Azken hilabeteotan, Espainiako finantza-sektorea inoiz ez bezalako onbideratzeprozesuan murgildu da, gutxi barru burutuko dena, bideragarritasun eta kaudimen arazo gehien zituzten kreditu-erakundeak berregituratzeko eta desegiteko planak erabat gauzatu ondoren. Prozesu hori gauzatu ahal izateko, gure ordenamendu juridikoa behar bezala egokitu zen eta, horretarako, kreditu-erakundeen berregituratzeari eta desegiteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legea promulgatu zen. Hala, krisian dauden erakundeentzako jardunbide-publikoko esparru oso bat diseinatu zen, finantza-egonkortasunaren eta baliabide publikoen erabilera mugatu eta eraginkorraren arteko oreka egokia xede zela.

Horretarako, gure arautegian sartu ziren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzak deritzenak, erakunde bateko hartzekodunek erakundea bera berregituratzeak edo desegiteak eragin ditzakeen kostuetan parte-hartze zuzena izatea bermatzera bideratuta daudenak.

Berehala gauzatuko dira kapitaleko eta mendeko zorreko tresna hibridoak kudeatzeko ekintzak, eta, kreditu-erakundeak berregituratzeko eta desegiteko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen eta Espainiako eta Europako agintariek 2012ko uztailaren 20an sinatutako akordio-memorandumaren arabera, beharrezkoak izango dira kreditu-erakundeak berregituratzeko eta desegiteko plan batzuk.

Beharrezkoa da bezeroek finantza-erakundeen aurka jar litzaketen erreklamazioen segimendua egitea (produktu konplexu horiek saldu zaizkielako), hala nola, kasu batzuetan, gatazkak ebazteko mekanismo arinak eskaintzea, batez ere, arbitraje bidez.

Testuinguru honetan, salbuespen moduan, ezinbestekoa da tresna horien edukitzaileek trukean jasoko dituzten akzioei likidezia ematea. Aipatutako tresnen erakunde jaulkitzaileek merkatu ofizial batean kotizatzen ez duten heinean, eta Europako Batzordeak onartutako berregituratze-planen esparruan halakorik aurreikusten ez denez, tituluek likidezia nahikoa ez izatea arazotsua gerta liteke bezero txikizkarientzat. Egoera horren eraginak arintzeko, Gordailuak Bermatzeko Funtsari merkatu-mekanismoak sortzeko legezko gaitasuna eman zaio, horien bidez akzio horiek ordezko likidezia izatea ahalbidetzeko. Horrenbestez, Funtsak gaitasuna izango du erakundeon kapitaleko eta mendeko zorreko tresna hibridoen nahitaezko truketik eratorritako kotizatu gabeko akzioak merkatuko prezioan erosteko.

Horretarako, behar beste baliabide emango zaizkio Funtsari. Baliabideon ekarpena egingo den ordainketa-egutegia bazter utzi gabe, ezohiko derramaren baimena bera lehen tartea ordaintzen den datan erregistratuko da funtsaren ondare gisa. Horrela, aukera egongo da merkatu-mekanismoak ahal bezain laster martxan jartzeko aipatutako akzioak erosi ahal izateko beharrezkoak diren finantza-eragiketak gauzatzeko.

Azken batean, Funtsaren ohiko jardun-esparrua zabaltzea da asmoa, Funtsari gaitasuna ematea, bankuak berregituratzeko abian den prozesua behar bezala ezartzeko behar den ezinbesteko eginkizuna azkar gauza dezan.

Errege lege-dekretuak bi artikulu, bi xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat (errege lege-dekretu honetan ezarritakoaren aurkako maila bereko edo txikiagoko arau guztien gaineko klausula indargabetzaile orokorra) eta sei azken xedapen ditu. Azken horietan, hainbat arau-aldaketaz gain, eskumen-tituluari dagozkion aipamenak datoz, baita garatzeko eskumenei eta araua indarrean sartzeari buruzkoak ere.

II

Artikulu bakarrekoa da I. kapitulua. Artikulu horren xedea kapitaleko eta mendeko zorreko tresna hibridoen segimendu-batzordearen osaera eta funtzionamendua eratzea eta arautzea da.

Azken urteotan gora egin du finantza-erakundeen bezeroek jarritako erreklamazioen kopuruak, kapitaleko eta mendeko zorreko tresna hibridoak erosi izana dela kausa.

Hori dela eta, beharrezkoa da erakunde-ordezkaritza goreneko organo bat sortzea, kapitaleko eta mendeko zorreko tresna hibridoak merkaturatu izanak eragin ahal izan dituen arazoen segimendua osatzeko beharrezko lanak koordinatu eta bultzatuko dituena.

Lan horien artean, eta beste erakunde batzuek eta botere judizialak finantza-ikuskaritzaren eta kontsumitzaileen nahiz erabiltzaileen babesaren arloan dituzten eskumenak kaltetu gabe, erreklamazio judizialak eta judizioz kanpokoak eragin dituzten faktoreei buruzko eta erreklamazio horiei beraiei buruzko analisia egingo du Batzordeak. Aztertuko diren erreklamazioak Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren (FROB) partaidetza duten erakundeek merkaturatutako kapitaleko eta mendeko zorreko tresna hibridoen gainekoak izango dira. Halaber aztertuko da horien bilakaera, eta emaitzak nahiz ondorioak Diputatuen Kongresura igorriko dira. Era berean, FROBen partaidetza duten erakundeok bezeroei arbitrajearen mende jartzea zein kasutan eskaini behar dieten finkatzeko oinarrizko irizpideak ezarriko ditu Batzordeak. Kontsumoaren esparruko prozedura judizialak nahiz arbitrajekoak gauzatzeko indarreko legediaren araberako independentzia eta inpartzialtasuna kaltetu gabe egingo da aipatutako analisia; ez du, halaber, prozedura horiek izapidetzeko eskumena duten organoen –jurisdikzionalak izan ala ez– lan-zama handituko, ez eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarena ere.

III Errege lege-dekretu honetako 2. artikuluak Herri-administrazioen eta finantzaesparruko likidezia-neurriei buruzko uztailaren 13ko 21/2012 Errege Lege-dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriko 4. paragrafoa aldatu eta 5. paragrafo berri bat gehitzen dio hari. Kreditu-erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsaren eginkizunak bi modutara zabaltzen dira, ohiz kanpo eta aldi baterako. Batetik, Banku Berregituraketatik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatearen (SAREB) akzioak eta zorra kontratatzeko baimena izango du Funtsak eta, bestetik, SAREBi aktiboak eskualdatu dizkioten erakundeen akzioak erosteko gaitasuna izango du. Azken gaitasun horri esker, kotizatzen ez duten erakundeek jaulkitako balore ez likidoak erosi ahal izango ditu Funtsak. Hala, baloreok likideziaz hornituko ditu erakunde horietako bezeroen mesedetan; izan ere, hasita dauden berregituratzeko eta desegiteko prozesuen ondorioz FROBek nahitaez egin beharreko trukeetan jasotako akzioak merkatuko baldintzetan saltzeko aukera izango dute.

Gainera, Kreditu-erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsak, Espainiako finantzasistemaren egonkortasuna orekatzeko eginkizuna behar bezala betetzeko beharrezkoa duen ondare-egoera saneatuari eusteko helburuarekin, ekarpen berezi bat jasoko du, behin baino ez dena aplikatuko eta gordailu konputagarrien milako hirukoa izango dena.

Ekarpena bi fasetan gauzatuko da. Lehendabizikoa, % 40koa. Ekarpen horretarako, erakundeen tamainarekin, erakundeok SAREBi egindako ekarpenekin edo diru-laguntza publikoak jasotzearekin zerikusia duen kenkari-sorta hitzartu ahalko du Funtsak. Bigarren fasean jasoko da gainerako % 60a, 2014tik aurrera eta gehienez 7 urtez, Kredituerakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsaren Kudeaketa Batzordean ezarritako ordainketa-egutegiaren arabera.

IV Errege lege-dekretuaren azken zatiari dagokionez, hainbat xedapen gehigarri egin dira, Espainiak hartutako nazioarteko konpromiso zenbaiti eragiten dietenak. Beste batzuk, berriz, premiaz onartu dira, izan kreditu-erakundeak desegitearekin edo berregituratzearekin zerikusia dutelako, izan egungo testuinguru ekonomikoan garrantzi berezikoak direlako.

Lehenengo xedapen gehigarrian, eurotan eginiko transferentziak eta zordunketa helbideratuak egiteko enpresa-izaerako eta izaera teknikoko betekizunak ezartzen dituen eta 924/2009 Erregelamendua (EE) aldatzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko martxoaren 14ko 260/2012 zk. Erregelamenduan (EB) jasotako agindua betetzeko beharrezkoak diren neurriak hartzen dira. Era berean, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa gaitzen da baimenak emateko eta salbuespenak gauzatzeko, aipatutako Erregelamenduan aurreikusitako kasu eta baldintzetan, eta Espainiako Bankuari esleitzen zaio Erregelamendua betetzen dela bermatzeko erantzukizuna.

Gainera, ordainketa-zerbitzuei buruzko azaroaren 13ko 16/2009 Legearen 51.3 artikulua aldatzen da, aipatutako Erregelamenduaren xedapenak izan daitezen ordainketazerbitzuen hornitzaileek bete beharreko ordenamendu- eta diziplina-arauak.

Bestalde, bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, finantza-erakundeen bezeroentzako arreta-zerbitzuek eta bezeroaren defendatzaileek artatuko dituzte erakunde horiek sinatutako konpromisoei buruzko erreklamazioak, hipoteka-zordunen babesa sendotzeko premiazko neurriei buruzko azaroaren 15eko 27/2012 Errege Lege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrean aurreikusi bezala Gobernuari eginiko mandatuaren esparruan. Xedapen horren arabera sortu zen Etxebizitzarako Gizarte Funtsa.

Azken xedapenetako lehenean, bigarrenean eta hirugarrenean hiru lege-aldaketa zehatz gauzatzen dira.

Hala, lehenik, finantza-sistema erreformatzeko neurriei buruzko 44/2002 Legearen 60., 61. eta 65. artikuluak aldatzen dira, Espainiako Bankuak bere Arriskuen Informazio Zentralaren helburuen (ikuskaritza edo informazioaren erregistroa) araberako arriskuak aitortzeko atalaseak ezar ditzan. Erreforma hori Espainiak sinatutako akordiomemorandumaren ondorioz hartutako erreforma-konpromisoetako bat da, kredituerakundeak birkapitalizatzeko Europaren finantza-laguntza jasotzea ahalbidetzen duena.

Bigarrenik, azken xedapenetan bigarrenean, urriaren 29ko 6/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako aseguru pribatuak ordenatzeko eta ikuskatzeko Legearen testu bateginaren 86. bis artikulua aldatzen da. Hala, Espainiako aseguruerakundeak beste estatu kide batzuetako aseguru-erakundeekin kondizio beretan lehiatu ahalko dira; izan ere, azken horiek suskripzio-agentziak baliatu ditzakete aseguruak kontratatzeko. Aseguru pribatuak ordenatzeko eta ikuskatzeko legearen testu bateginari ekonomia jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legearen azken xedapenetako hamalaugarrenaren bidez gehitutako 86. bis eta 86. ter artikuluetan jasota dago suskripzioagentziei aplikatu beharreko araudia. Araudi horri esker, Europako Esparru Ekonomikoaren kide den estatu batean helbideratutako aseguru-erakundeek (ez Espainian; alegia, Espainian kokatze-eskubideko edo zerbitzuak aske emateko araubideen arabera dihardutenek) suskripzio-agentziak baliatu ahalko dituzte. Aipatutako 86. bis artikuluaren aldaketaren xedea Espainiako erakundeek Espainiako merkatuan ziharduten erakunde atzerritarren aurrean orain arte jasandako lehia-desabantaila desagerraraztea da.

Lehentasunezkoa da hesi artifizial hori eraistea, horrela, Espainiako erakundeen eta gainerako estatu kideetako erakundeen arteko tratamendu desberdintasuna amaituko delako; izan ere, gainerako estatu kideetako erakundeek aseguruak kontratatzeko agentziak ahaldundu ditzakete aseguruak bere kasa kontratatu ditzaten.

Hirugarrenik, azken xedapenetako hirugarrenean kreditu-erakundeak berregituratzeko eta desegiteko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen 36.4 eta 44.2 artikuluak aldatzen dira.

Hala, SAREBek eraginkorrago gauzatu ahalko ditu bere betekizunak.

Aipatutako azken xedapenak halaber aldatzen du kreditu-erakundeak berregituratzeko eta desegiteko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen 44.2.b) artikulua. Helburua da FROBek erabakitzen dituen kudeaketa-ekintzen aplikazio-esparruko kapitaleko eta mendeko zorreko tresna hibridoen jaulkipenak edo sailak berrerosteko prezioa zer baldintzatan ordain litekeen argitzea.

Neurriok premia larri eta biziko testuinguru baten ondorio dira eta berehalako eragina izatea espero da Espainian hasitako kreditu-erakundeen berregituraketa prozesuan.

Gainera, berregituraketarako Europako finantza-laguntza jasotzeko sinatutako akordiomemorandumaren ondorioz bete beharreko konpromisoetako bat da.

Orain arteko guztiaren arabera, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2013ko martxoaren 22ko bileran eztabaidatu ondoren, XEDATZEN DUT: I. KAPITULUA Kapitaleko eta mendeko zorreko tresna hibridoen segimendu batzordea 1. artikulua.  Kapitaleko eta mendeko zorreko tresna hibridoen segimendu-batzordea.

1.  Kapitaleko eta mendeko zorreko tresna hibridoen segimendu-batzordea sortu da (aurrerantzean, Batzordea), Ekonomia eta Enpresa-laguntzarako Estatu Idazkaritzaren bidez Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari atxikitako kide anitzeko organo gisa.

Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsa arduratuko da bera partaide duten erakundeek merkaturatutako kapitaleko eta mendeko zorreko tresna hibridoen gaineko erreklamazio judizialen eta judizioz kanpokoen kausak analizatzeaz, merkaturatzeproposamenak aztertzeaz eta erreklamazioetako batzuk arbitrajearen mende jartzeko irizpideak zehazteaz.

Batzordearen jardunbideak ez ditu inola ere urratuko organo judizialen eta kontsumoko arbitraje-sistema osatzen duten erakundeen eskumenak.

Batzordea honako errege lege-dekretua indarrean jarri eta hurrengo hogei egunetan eratu beharko da, eta eratu eta 2 urtera desegingo da, non eta haren sorrera eragin duten eginkizunak egokiro betetzeko Ministroen Kontseiluak indarraldia berak zehaztuko duen epeaz luzatzea erabakitzen ez duen.

2.  Hauek izango dira Batzordearen eginkizunak:

a)  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren partaidetza duten kredituerakundeen aurka kapitaleko eta mendeko zorreko tresna hibridoen titularrek erreklamazio judizialak eta judizioz kanpokoak jartzea zerk eragin duen aztertzea.

b)  Diputatuen Kongresura igorriko da hiru hilean behin aurreko paragrafoan aipatutako erreklamazioen gaineko alderdi garrantzitsuenen txostena, arlo horretan beste organo, organismo edo erakunde batzuei dagozkien eskumenak urratu gabe.

Hauei iritziko zaie Batzordeak informazioa bildu eta eskatzeko moduko funtsezko alderdiak direla: erreklamazioaren zenbatekoari, erreklamatzaileak aukeratutako bide judizialari edo judizioz kanpokoari, tresna merkaturatu den leku geografikoari, emandako epaiaren edo laudoaren edukiari, erreklamazioa onesteko edo ezesteko oinarrizko arrazoibideari, erakunde jaulkitzaileari eta bezeroaren profilari, bai eta Batzordeak bete beharreko eginkizunak egokiro betetzeko garrantzitsu deritzen antzeko beste alderdi batzuei ere. Horretarako, Batzordeari Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 140. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaio.

c)  Hala dagokionean, proposamenak aurkeztuko zaizkie agintari eskumendunei, mota horretako produktuen eskuratzaileak hobeto babesteko.

Gainera, Batzordeak zehaztuko du zein oinarrizko irizpide erabili beharko dituzten Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren partaidetza duten erakundeek beren bezeroei kapitaleko eta mendeko zorreko tresna hibridoen inguruko gatazkak arbitrajearen mende jartzea eskaintzeko eta, hala, onespen-laudoa emanez gero, bezeroek jasandako kalte ekonomikoaren behar bezalako ordaina jasotzeko. Halaber, aurreko irizpideekin bat, Batzordeak hainbat irizpide zehaztuko ditu bezero-taldeak sailkatzeko eta, horrela, premia pertsonal edo familiar handienekoen erreklamazioek lehentasunezko izapidetzea izan dezaten Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren partaidetza duten erakundeen aldetik. Batzordeak Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsari helaraziko dizkio irizpide horiek, haren partaidetza duten erakundeek onartu beharko dituzten jarraibideak eman ditzan. Batzordeak eratze-bileran onartuko ditu aipatutako irizpideok eta hiru hilean behin berrikusi ahalko ditu.

3.  Aurreko atalean aurreikusitakoa eragotzi gabe, Batzordeak honakoei buruzko txostena egin beharko du eratu eta hilabetera:

a)  Txikizkako bezeroei zuzenduta merkaturatutako kapitaleko eta mendeko zorreko tresna hibridoen komertzializazioaren oinarrizko ezaugarriak.

b)  Merkaturatutako produktuon datu estatistiko esanguratsuenak.

c)  Merkaturatutako produktuon aurrean txikizkako bezeroek duten babesaren esparru arautzaile eta ikuskatzailea.

d)  Aurkeztutako erreklamazioak eta horien emaitza.

Txosten hori Diputatuen Kongresuan aurkeztu beharko da.

4.  Batzordea honako kide hauek osatuko dute:

a)  Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren presidentea, batzorde-buru izango dena.

b)  Espainiako Bankuaren gobernadoreordea, presidenteorde gisa.

c)  Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioko Osasun eta Kontsumoko idazkari nagusia.

d)  Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioko Altxor eta Finantza Politikako idazkari nagusia.

e)  Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Kontseiluko presidentea.

5.  Batzordeak idazkari baten laguntza izango du. Baloreen Merkatuaren Batzorde Nazionalak izendatuko du eta bileretan hitz egin ahalko du, baina ez du boto-eskubiderik izango.

Halaber, Batzordeak parte hartzera gonbidatuko ditu artikulu honetako 1. paragrafoan aipatutako erreklamazioen ebazpen-prozeduretan parte hartzen duten edo parte hartuko duten autonomia-erkidegoetako kontsumoko agintariek eta Kontsumo Institutu Nazionalak izendatutako ordezkariak, hitzarekin baina botorik gabe.

Batzordearen bileretara joango da Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren ordezkari bat ere, hitzarekin baina botorik gabe.

Batzordeak bileretara etortzeko eta aholkua emateko eskatu ahalko die erakunde publiko edo pribatuetako teknikariei, haien parte-hartzeak Batzordearen zeregina hobeto gauzatzen lagun dezakeen kasuetan.

6.  Hutsegite edo gaixotasun kasuetan eta, oro har, arrazoi justifikaturen bat dagoenean, Batzordeko kideak beren ordezkoek ordeztuko dituzte. Dagokion ministerioko edo erakundeko titularrak edo kasuan kasuko ministerioak edo erakundeak izendatutako titularrak hautatuko ditu ordezko horiek.

7.  Batzordeak zehaztuko ditu bere funtzionamendu-arauak, Herri-administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazioaren Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. kapituluko II. tituluan aurreikusitakoari doituko zaizkionak. Halaber, Herritarrek Zerbitzu Publikoetara Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen lehen xedapen gehigarria aplikatu ahalko da. Batzordea hiru hilez behin bilduko da gutxienez, bai eta presidenteak, bere ekimenez edo kideetako hiruk eskatuta, deialdia egiten duen bakoitzean ere.

Batzordearen eraketa baliozkoa izan dadin, bilerak egiteari, eztabaidatzeari eta erabakiak hartzeari dagokionez, ezinbestekoa izango da presidenteak eta idazkariak, edo beren ordezkoek, eta kideetako bik parte hartzea. Akordioak hartzeko, kideen gehiengoa beharko da. Berdinketa-kasuetan, presidenteak kalitateko botoa eman ahalko du.

8.  Batzordearen funtzionamenduak ez du gastu publikoaren hazkunderik eragingo, lehendik dauden giza baliabideak eta baliabide materialak erabiliko direlako.

Kideek ez dute ordainsaririk edo egunsaririk jasoko eginkizun horiek betetzeagatik.

9. Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak bere kontrolpeko erakundeak tartean diren arbitraje-prozeduren eta prozedura judizialen funtsezko alderdien gaineko informazioa helarazi beharko dio Batzordeari, bere zeregina egokitasunez betetzeko.

Bereziki, 2. paragrafoko azken lerrokadan aipatutako irizpideak betetzeari buruzko informazioa igorriko dio.

II. KAPITULUA

2. artikulua.  Herri-administrazioetako eta finantza-esparruko likidezia-neurriei buruzko uztailaren 13ko 21/2012 Errege Lege Dekretuaren azken xedapenetan bosgarrena aldatzea.

Herri-administrazioen eta finantza-esparruko likidezia-neurriei buruzko uztailaren 13ko 21/2012 Errege Lege Dekretuaren 4. paragrafoa aldatu da eta bosgarren paragrafo berri bat gehitu zaio 5. xedapen gehigarriari. Hona nola geratzen den idatzita:

«4.  Kreditu-erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsak Espainiako kredituerakundeak birkapitalizatzeko Europako finantza-laguntza ezartzen laguntzeko neurriak hartu ahal izango ditu, bere funtzioen barruan, atxikitako erakundeen sistema-multzoaren onura aintzat hartuta. Neurri horien artean, Kreditu-erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsak bere ondarea konprometitu dezake, aipatu finantza-laguntzaren esparruan eska litezkeen bermeak emateko. Kredituerakundeek har ditzakete beren gain aipatu konpromisoa eta bermeak, Espainiako Bankuak onartzen dituen birkapitalizatze-planen esparruan.

Halaber, aipatutako neurrion artean egongo da Kreditu-erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsak honakoak erosi edo kontratatu ahal izatea:

a)  Banku Berregituraketatik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateak jaulkitako akzioak edo mendeko zorreko tresnak, kreditu-erakundeak berregituratzeari eta desegiteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren arabera.

Zor-tresna horiek eskuratzeko edo kontratatzeko, nahitaezkoa izango da Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak aldeko txosten bat ematea, aurreikusitako eragiketak aipatutako Sozietatearen kalifikazioan edo defizitean eta zor publikoan izan lezakeen eragina baloratuko duena, kontabilitate nazionalari dagokionez.

b)  Araututako merkatuan kotizatzeko onartu ez diren akzio arruntak, azaroaren 14ko 9/2012 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian aipatutako erakundeetako edozeinek jaulkiak direla ere, aipatutako legearen VII. kapituluan araututako zorraren tresna hibridoak kudeatzeko ekintzen esparruan. Funtsak aurrezki eta inbertsio-produktu jakin batzuen titularren babesari eta bestelako finantza-neurriei buruzko martxoaren 22ko 6/2013 Errege Lege Dekretuaren 1.2. artikuluaren azken lerrokadan aipatutako bezero-taldearen akzioak erosiko ditu lehentasunez.

Aipatutako tresnok, gehienez, merkatuko balioan erosiko dira, Estatu-laguntzei buruzko Europar Batasunaren araudiaren arabera. Merkatuko balioa zehaztearren, Gordailuak Bermatzeko Funtsak aditu independente baten txostena eskatuko du.

Erosteko epea mugatua izango da eta Funtsak berak ezarriko du.

Edonola ere, Kreditu-erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsak, bete beharreko araudiaren arabera, zegokion prozesua abiaraztean zenbateko bermatuak ordaintzearen ondorioz egin beharko zituzkeen ordainketen guztizkoa baino txikiagoa izango da aurreko neurrien kostua, aipatutako legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian adierazitako kreditu-erakundeen baliabide propioen berregituraketa ordenaturako prozesuen eta sendoagotze prozesuen esparruan.

5.  Kreditu-erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsaren ondarea sendotzeko, atxikitako erakundeek diru-ekarpen bat egin behar dute urtero, Kredituerakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsen abenduaren 20ko 2606/1996 Errege Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Hala ere, 2012ko abenduaren 31ko gordailuetan oinarritutako ekarpena, salbuespenez, eta behin baino ez, milako hiru handituko da.

Hazkundea bi zatitan gauzatuko da:

a)  Lehen zatia, hazkunde osoaren bi bosten, 20 egun balioduneko epean ordaintzekoa, 2013ko abenduaren 31tik hasita.

b)  Bigarren zatia, gainerako hiru bostenak, Batzorde Kudeatzaileak ezarritako ordainketa-egutegiaren arabera, 2014ko urtarrilaren 1ean hasita eta 7 urteko mugarekin. Aipatutako ordainketa-egutegia gorabehera, bigarren zatiari dagokion zenbatekoa lehen zatia likidatutako datan erregistratuko da funtsaren ondare gisa.

Lehen zatiari dagokionez, Funtsa kudeatzen duen Batzordeak honako hauek ezarri ahalko ditu kideetako bi herenek hala adostuta:

i)  Lehen zatiko ekarpenaren gehienez % 50 bigarren zatira mugitu ahal izatea. ii) Lehen zatia ez aplikatzea azaroaren 14ko 9/2012 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian aipatutako erakundeei. iii) Atxikitako erakundeen ekarpenek % 50eko kenkaria izatea, baldin eta beren kalkulu-oinarria ez bada 5.000 milioi eurokoa baino handiagoa. iv) Erakundeek 2013ko abenduaren 31 baino lehen Banku Berregituraketatik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateak jaulkitako mendeko zorraren tresnak edo akzioak kontratatzen edo erosten inbertitutako kopuruen gehienez % 30eko kenkaria.

Aurreko iii) eta iv) paragrafoetan aurreikusitako kenkarien batura ez da inola ere izango erakunde bakoitzak 2012ko abenduaren 31n duen gordailu-saldoarengatik ordaindu beharreko zenbatekoaren % 90 baino handiagoa.» Lehenengo xedapen gehigarria.  Eurotan eginiko transferentziak eta zordunketa helbideratuak egiteko enpresa-izaerako eta izaera teknikoko betekizunak ezartzen dituen eta 924/2009 Erregelamendua (EE) aldatzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko martxoaren 14ko 260/2012 Erregelamenduaren (EB) arabera aplikatu beharreko neurriak.

Bat.  Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak gaitasuna izango du eurotan eginiko transferentziak eta zordunketa helbideratuak egiteari buruzko enpresa-izaerako eta izaera teknikoko betekizunak ezartzen dituen eta 924/2009 Erregelamendua (EE) aldatzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko martxoaren 14ko 260/2012 Erregelamenduaren (EB) 16. artikuluaren 1., 3. eta 5. paragrafoetan aurreikusitako kasuetan eta baldintzetan baimenak emateko eta salbuespenak egiteko.

Bi.  Espainiako Bankuak edukiko du eurotan eginiko transferentziak eta zordunketa helbideratuak egiteko enpresa-izaerako eta izaera teknikoko betekizunak ezartzen dituen eta 924/2009 Erregelamendua (EE) aldatzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko martxoaren 14ko 260/2012 Erregelamendua (EB) betetzen dela bermatzeko eskumena.

Hiru.  Ordainketa-zerbitzuen azaroaren 13ko 16/2009 Legearen 51.3 artikulua aldatzen da. Hona nola geratzen den idatzita:

«4. artikuluaren 1. paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan aipatutako ordainketazerbitzuen hornitzaileen ordenamendu- eta diziplina-arautzat hartuko dira lege honetako I. (5. artikulua izan ezik) eta II. tituluetako xedapenak, III. tituluaren 18. eta 19. artikuluetan aurreikusitakoak, 50. artikulua, 2560/2001 Erregelamendua (EE) indargabetzen duen erkidegoko muga-arteko ordainketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 924/2009 Erregelamenduaren (EE) xedapenak, eurotan eginiko transferentziak eta zordunketa helbideratuak egiteari buruzko enpresa-izaerako eta izaera teknikoko betekizunak ezartzen dituen eta 924/2009 Erregelamendua (EE) aldatzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko martxoaren 14ko 260/2012 Erregelamenduaren (EB) xedapenak, hala nola berariaz ordainketa-zerbitzuen hornitzaileei zuzendutako eta hornitzaileok nahitaez bete beharreko manuak dituzten lege eta xedapen orokor guztiak.

Aurrekoa ez betetzea arau-hauste larritzat hartuko da, kreditu-erakundeen diziplinari eta esku-hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legean aurreikusitakoaren arabera, baldin eta arau-hausteok ez badira noizbehinkakoak edo isolatuak».

Bigarren xedapen gehigarria.  Hipoteka-zordunen babesa sendotzeko premiazko neurriei buruzko azaroaren 15eko 27/2012 Errege Lege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarraren arabera kreditu-entitateek hartutako konpromisoetatik eratorritako erreklamazioei erantzutea.

Finantza-erakundeen bezeroaren arretarako sailen zein zerbitzuen eta bezeroaren defendatzaileen martxoaren 11ko ECO/734/2004 Aginduan aipatutako bezeroaren arretarako zerbitzuek eta bezeroaren defendatzaileek erantzungo diete kredituerakundeek hartutako konpromisoekin zerikusia duten erreklamazioei, agindu horretan aurreikusitakoaren arabera, eta hipoteka-zordunen babesa sendotzeko premiazko neurriei buruzko azaroaren 15eko 27/2012 Errege Lege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak aurreikusten duen Gobernuari eginiko mandatuaren esparruan.

Xedapen indargabetzaile bakarra.  Arauak indargabetzea.

Indargabetu egingo dira maila bereko edo txikiagoko arau guztiak, errege lege-dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten guztian.

Azken xedapenetako lehenengoa.  Finantza-sistema erreformatzeko neurriei buruzko azaroaren 22ko 44/2002 Legea aldatzea.

Honela geldituko da aldatuta finantza-sistema erreformatzeko neurriei buruzko azaroaren 22ko 44/2002 Legea: Bat.  60. artikuluaren laugarren paragrafoa aldatu egin da. Hona nola gelditzen den idatzita:

«Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak eta, berak horretarako gaituta, Espainiako Bankuak honako hauek zehaztuko dituzte: zein diren aurreko paragrafoan aipatutakoen artean aitortu beharreko arrisku-motak, datuak egunean daudela bermatzearren zer noizbehinkako aitorpen edo aitorpen osagarri igorri behar diren, zer eperi dagozkion, igortzeko epea, modua eta prozedura eta, azkenik, Arriskuen Informazio Zentralari aitortu beharreko datuen irismena, arrisku eta titular mota guztien ezaugarriak eta baldintzak aintzat hartuta. Horretarako, honako hauek bereizi ahalko dira, baita aitorpen-atalaseak ezarrita ere:

a)  Espainiako Bankuak, berari dagozkion gainbegiratze- eta ikuskaritzafuntzioak eta legez dagozkion gainerakoak direla eta, ezarritako informaziobetebeharrak bakarrik betetzeko aitortu beharreko datuak, erakundeen aurreikuspen propioetan oinarritutako datuak barne, eta, b)  Erakunde aitortzaileei emateko xedez aitortutako gainerako datuak, beren jarduerari ekin ahal izan diezaioten.» Bi.  Aldatu egin da 61. artikuluaren laugarren paragrafoaren bigarren lerrokada. Hona nola gelditzen den idatzita:

«Ildo beretik, aipatutako txostenetan ez dira jakinaraziko erakunde aitortzaileek Espainiako Bankuak gainbegiratze- eta ikuskaritza-funtzioak eta legez dagozkion gainerakoak gauzatzean zehazten dituen informazio-betebeharrak betetzeko bakarrik emandako datuak.» Hiru.  Aldatu egin da 65. artikulua. Hona nola geratzen den idatzita:

«Lehena.  Arriskuen Informazio Zentralari aitortu beharreko arrisku baten titularra den zeinahi pertsonak, fisikoa edo juridikoa izan, berari eragiten dion informazio guztia eskuratzeko aukera izango du, salbu eta erakunde aitortzaileek Espainiako Bankuak gainbegiratze- eta ikuskaritza-funtzioak eta legez dagozkion gainerakoak gauzatzean zehazten dituen informazio-betebeharrak betetzeko bakarrik emandako datuak. Pertsona fisikoek azken sei hilabeteetan Arriskuen Informazio Zentralaren bidez datuen berri izan duten lagapen-hartzaileen izena eta helbidea eskatu ahal izango dute, bai eta egingo diren datu-lagapenen berri ere.

Lagapen-hartzaileei buruzko informazioaz gain, kasu bakoitzean lagatako datuen kopia ere emango da.

Arriskuen Informazio Zentralari Espainiako Bankuaren gainbegiratze- eta ikuskaritza-funtzioak eta legez dagozkion gainerakoak zehazten dituen informaziobetebeharrak betetzeko bakarrik eman zaizkionean titular baten datu guztiak, titularrak bere sarbide-eskubidea bermatzearren arriskuak aitortu dituzten erakundeen izena baino ezingo du jakin.

Datuak kontsultatzeko eskaera egiteko, identifikazioa eta, hala badagokio, eskatzailearen titulua bermatzen dituen edozer bitarteko erabil daiteke, eta Espainiako Bankuari dagokio horiek ziurtatuko dituzten prozedurak eta kontsulta sistema finkatzea, kontsultarako eskubidearen babes-araubideari eta datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 15. artikuluan aurreikusitako kontsultaren mugei kalterik egin gabe, pertsona fisikoei dagokienez. Hamar egun balioduneko gehieneko epean jakinarazi beharko zaizkio datuak eskatzaileari, eskaera Espainiako Bankuan jasotzen denetik aurrera.

Bigarrena.  Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzeko arauetan erakunde aitortzaileen fitxategietan sartutako datu pertsonalei buruz xedatutakoari jarraiki, pertsona fisikoek dituzten eskubideei kalterik egin gabe, Arriskuen Informazio Zentralari aitortutako datuen titularrek, baldin eta datuok okerrak edo osatugabeak direla uste badute, erakunde aitortzaileei horiek zuzendu edo ezezta ditzatela eska diezaiela eskatu ahal izango diote Espainiako Bankuari, eskaeraren arrazoiak eta irismena idatziz adierazita, erakunde aitortzaileek Espainiako Bankuak gainbegiratze- eta ikuskaritza-funtzioak eta legez dagozkion gainerakoak gauzatzean zehazten dituen informaziobetebeharrak betetzeko emandako datuak izan ezik. Espainiako Bankuak jasotako eskaeraren berri emango die berehala ustez okerrak edo osatugabeak diren datuen erakunde aitortzaileei.

Erakunde aitortzaileek Espainiako Bankuak igorritako eskaerak erantzun eta jakinarazi beharko dizkiete kaltetuari eta Arriskuen Informazio Zentralari, hamabost egun balioduneko gehieneko epean, eskaera edozer bulegotan jasotzen denetik kontatzen hasita. Erabakia arrazoitua izango da, eskatutakoa ez dela bidezkoa uste denean.

Pertsona fisikoek erakunde aitortzaileen kontra erreklamazioa jar dezakete Datuak Babesteko Agentzian, datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 12ko 15/1999 Lege Organikoaren 18. artikuluari jarraiki, aurreko lerrokadan aurreikusitakoaren arabera hartutako erabakiek kaltetuak eskatutako zuzenketa edo ezeztapenerako bide ematen ez badute edo eskaera ez bada aurreikusitako epearen barruan erantzun.

Hirugarrena. Nahitaez eman behar diete erakunde aitortzaileek arriskuen titularrak diren pertsona juridikoei Arriskuen Informazio Zentralari igorritako beren titulartasuneko datuetarako sarbide eraginkorra, sarbidea eskatu eta gehienez hilabeteko epean. Era berean, okerrak edo osatugabeak diren datuak zuzentzeko edo ezeztatzeko pertsona juridikook eginiko eskaerak bete beharko dituzte; eskaera horiei erantzuteko epea hogei egun baliodunekoa izango da.

Laugarrena. Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak aurreikusten dituen Datuak Babesteko Agentziaren eskumenak eragotzi gabe, pertsona fisiko batek, erakunde aitortzaileen fitxategietan dauden izaera pertsonaleko bere datuen gaineko sarbide, zuzentze, ezeztatze edo aurkaratze eskubideen zaintza dela eta, erreklamazioa jartzen duenean agentzia horren aurka, Agentziak berehala eman beharko dio horren berri Espainiako Bankuari, hurrengo artikuluaren lehen paragrafoko bigarren lerrokadan aurreikusitako datuen lagapena eteteko, betiere erreklamazioaren oinarri diren datuak Arriskuen Informazio Zentralari nahitaez igorri beharrekoen artean baldin badaude.» Azken xedapenetako bigarrena.  Aseguru pribatuak ordenatzeari eta gainbegiratzeari buruzko urriaren 29ko 6/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako testu bategina aldatzea.

Aseguru pribatuak ordenatzeari eta gainbegiratzeari buruzko urriaren 29ko 6/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako testu bateginaren 86. bis artikuluaren 1. eta 2. paragrafoak aldatzen dira. Hona nola geratzen diren idatzita:

«1.  Erakunde aseguratzaileek ahalordea emateko kontratuak egin ahalko dituzte pertsona juridikoekin, haien izenean eta kontura arriskuak kontratatzeko.

2.  Suskripzio-agentziek beren jarduerei ekin ahalko diete Espainian, baldin eta aurrez Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren administraziobaimena lortu badute.» Azken xedapenetako hirugarrena.  Kreditu-erakundeak berregituratzeari eta desegiteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legea aldatzea.

Bat.  Kreditu-erakundeak berregituratzeari eta desegiteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen 36.4 artikuluari h), i) eta j) idatz-zati berriak gehituko zaizkio. Hona nola geratuko diren idatzita:

«h)  Banku Berregituratzetik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateari eskualdatutako kredituak ez dira mendekotzat hartuko zorduna konkurtsoan sartuz gero, ezta Banku Berregituratzetik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatea sozietate zordunaren akzioduna balitz ere. Hala ere, eskualdatu baino lehen mendekotzat joa bada kreditua, izendapen horri eutsiko zaio.

Banku Berregituratzetik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateak legitimatutako edonork aurkeztutako hitzarmen proposamenarekin edo proposamenekin bat egiteko eskubidea izango du, hala nola boto-eskubidea hartzekodunen batzarrean, konkurtso deklarazioaren ondoren berak hartutako kredituei dagokienez.

i)  Banku Berregituraketatik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatea Hipoteken Legearen 153. bis artikuluan aurreikusitako maximoko hipoteken onuradun izan ahalko da, Lege honen babesean eginiko eskualdaketa dela medio jasotako aktiboen gainean eratutakoei edo aurrerantzean era daitezkeenei dagokienez.

j)  Banku Berregituraketatik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateari aplikatuko zaio produktibitatea bultzatzeko eta kontratazio publikoa hobetzeko premiazko erreformen martxoaren 11ko 5/2005 Errege Lege Dekretuaren II. kapituluan araututako kontratu-konpentsaziorako eta berme finantzariorako hitzarmenen araubidea.» Bi.  Kreditu-erakundeak berregituratzeko eta desegiteko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen 44.2.b) artikuluaren azken lerrokada aldatuko da. Hona nola geratzen den idatzita:

«Halaber, FROBek berreroste-prezioa erakundearen beraren edo bera partaide duen beste kreditu-erakunde baten ordainketa akzioak, partaidetza-kuotak edo kapital sozialerako ekarpenak izenpetzeko berrinbertitzea hitzar dezake, edo, bestela, ordainketa espezietan egitea, erakundearen beraren edo bera partaide duen kreditu-erakundearen zuzeneko edo zeharkako autozorroan erabilgarri dauden akzioak edo partaidetza-kuotak entregatzearen bidez.» Azken xedapenetako laugarrena.  Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau kreditua, bankuak eta aseguruak ordenatzeko oinarrien arloan Konstituzioaren 149.1.11. artikuluak Estatuari emandako eskumenen babesean emana da.

Azken xedapenetako bosgarrena.  Garatzeko ahalmena.

Baimena ematen zaie Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioko titularrari eta Gobernuari beren eskumeneko esparruetan xedapenak agintzeko eta errege lege-dekretu honetan agindutakoak garatzeko eta betetzeko beharrezko neurriak hartzeko.

Azken xedapenetako seigarrena.  Indarrean sartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Madrilen emana, 2013ko martxoaren 22an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra