Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

27/2018 Errege Lege Dekretua, abenduaren 28koa, zeinaren bidez zenbait neurri hartzen baitira zergen eta katastroaren alorrean.

2018-12-28

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/12/29 314zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

17991   27/2018 Errege Lege Dekretua, abenduaren 28koa, zeinaren bidez zenbait

neurri hartzen baitira zergen eta katastroaren alorrean.

I

Zergen eremuan, hainbat gauza aldatzen dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.

Batetik, azaroaren 28ko 35/2006 Legea aldatzen da (pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarena, eta partzialki aldatzen dituena sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga eta ondarearen gaineko zerga) Auzitegi Gorenaren epai honen ondorioz: 2018ko urriaren 3ko epaia, adierazten duena Gizarte Segurantzaren amatasuneko prestazio publikoak salbuetsita daudela.

Nolanahi ere, epai horrek Gizarte Segurantzaren amatasuneko prestazio publikoak baino ez ditu salbuetsitzat jotzen, baina, hala ere, zergaren erregulazioa kontuan hartuz, Gizarte Segurantzaren aitatasuneko prestazio publikoak ere salbuetsitzat jo behar dira, besteak bezalakoak baitira, kausa bera baitute eta arau berak aplikatzen baitzaizkie.

Horrenbestez, epai horren ondorioz, halako prestazioak jaso dituzten zergadunek ez dute edukiko haien gaineko zergarik ordaindu beharrik, eta aurreko ekitaldietan -preskribatuta ez daudenetan- ordaindutakoa itzultzeko eskatu ahal izango dute. Zerga Administrazioko Estatu Agentziak itzulketa horiek egiteko bideak antolatu ditu.

Alabaina, badaude pertsonak aitatasuneko edo amatasuneko prestazioak jasotzen dituztenak eta, epai horren itzalpean ez daudenez, ez eta zergaren egungo erregulazioaren itzalpean ere, horren karga jasan behar dutenak, eta hori nekez justifikatzeko moduko bereizkeria nabarmena da.

Izan ere, egoera horretan daude, batetik, Gizarte Segurantzaren amatasuneko edo aitatasuneko prestazioa jasotzeko eskubidea ematen ez duen Gizarte Segurantzaren araubide batean dauden enplegatu publikoak, ordainsariak jasotzen dituztenak Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginak -urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak- aipatzen dituen baimenak (erditzeagatik, adopzioagatik, zaintzagatik eta gurasotasunagatik ematen diren baimenak) dituzten bitartean, eta, bestetik, norbere konturako langileen edo langile autonomoen Gizarte Segurantzaren araubide berezian ez dauden profesionalak, prestazio horiek Gizarte Segurantzaren araubide berezi horren alternatiba gisa diharduten gizarte-aurreikuspeneko mutualitateen aldetik jasotzen dituztenak.

Ondorioz, zergaren legearen testu berrian berariaz adierazten da Gizarte Segurantzak ematen dituen amatasuneko eta aitatasuneko prestazioak ez ezik aipatu diren pertsona horiek jasotzen dituzten prestazioak ere salbuetsita daudela, muga honekin: Gizarte Segurantzak kontzeptu horrengatik onartzen duen gehieneko prestazioa.

Azkenik, kolektibo guztiak erabat berdintzeko eta inolako bereizkeriarik ez egoteko, preskribatuta ez dauden aurreko ekitaldietarako ere kontuan hartuko da lege-aldaketa.

Kontuan eduki behar da lege-aldaketa preskribatuta ez dauden aurreko ekitaldietara hedatzeak justifikatu egiten duela, kasu honetan, errege lege-dekretuaren beharrizana apartekoa eta presazkoa izatea, tresna hori erabiltzeko behar den bezala, aukera eman behar baita orain eskatzeko salbuetsitzat jotzen diren ordainsariak aitortu diren ekitaldia preskribatu baino lehen itzultzeko.

Bigarrenik, 2019ko zergaldira arte luzatzen dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergako zenbatespen objektiboaren metodoaren aplikazio-eremua mugatzen duten muga kuantitatiboak, metodo horren barruan sartuta dauden jarduera ekonomikoei dagokienez, alde batera utzita nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako jarduerak, haiek beren muga kuantitatiboa baitute sarrera-bolumenaren arabera.

Aurreko neurrian bezala, 2019ko zergaldira arte luzatzen dira balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide berezia aplikatzeko mugak ere.

Kasu honetan, justifikatuta dago errege lege-dekretuaren figura juridikoa erabiltzeko eskatzen den aparteko eta presazko beharrizana; izan ere, hasiera batean onartutako aldi iragankorra -2016ko, 2017ko eta 2018ko zergaldiak hartzen zituena- motz geratu da, eta nahitaezkoa da 2019ko ekitaldirako luzapena urte horretako urtarrilaren 1a baino lehen egitea. Bestela, ukitutako zergadunek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan zuzeneko zenbatespenaren metodoaren arabera tributatu beharko lukete, eta balio erantsiaren gaineko zergan, berriz, araubide orokorraren arabera; horrek guztiak ondorioak izango lituzke haien betebehar formaletan, fakturaziokoetan eta jasaten dituzten konturako ordainketetan, eta administrazio-kargak handituko lituzke.

Luzapena txertatzen denez pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren metodoaren eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuaren eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide bereziaren muga baztertzaileetan, beste epe bat finkatzen da, xedapen iragankor baten bidez, metodo eta araubide berezi horiei uko egiteko edo baliogabetzeko eskaerak aurkezteko.

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, errege lege-dekretu honen bidez ezartzen diren neurriak zirkular honek zergan dauzkan ondorioei dagozkie: 4/2017 Zirkularra, azaroaren 27koa, Espainiako Bankuarena, Kreditu entitateentzakoa, finantza-informazio publiko eta erreserbatuari eta finantza-egoerei buruzkoa. Zirkular horren xede nagusia hau da: Espainiako kreditu-entitateen kontabilitate-araubidea finantza-informazioari buruzko nazioarteko bi arau berrik (9. FINAk eta 15. FINAk) Europako kontabilitate-ordenamenduan egin dituzten aldaketetara egokitzea. Izan ere, arau horiek irizpide berriak ezartzen dituzte finantza-tresnak eta sarrera arruntak kontabilizatzeko 2018ko urtarrilaren 1az geroztik.

Horren ildotik, zergaren arautegian egiten diren bi aldaketa aparteko presaz egin beharrekotzat jotzen dira honako bi arrazoi hauengatik: batetik, 4/2017 Zirkularraren lehen aplikazioaren zerga-eragina moteldu behar da; bestetik, zergaren zerga-oinarrian integratzeko arau orokorrak aplikatu behar zaizkie ondare-tresnetan egiten diren inbertsio jakin batzuei. Bi neurriok 2018ko urtarrilaren 1az gero hasten diren zergaldietan aplikatu behar dira.

Hala, lehen aldaketa 4/2017 Zirkularraren lehen aplikazioaren ondorioei dagokie. Zirkular horren aldaketen aplikazioaren ondorioak atzera begira kontabilizatuko dira (arauan ezartzen diren kasu batzuetan izan ezik), eta erreserbetan izandako eragina erregistratuko da. Lehen aplikazioaren ondorioz erreserben kontuetan egiten diren karguek eta ordainketek zerga-ondorioak sortuko dituzte, baldin eta zergaren arautegiaren arabera bidezkoa bada. Beraz, kontuan eduki beharko dira 2018ko zergaldiko zerga-oinarria kalkulatzeko.

Kontabilitate-irizpide horren zerga-eragina ahalik txikiena izan dadin, araubide iragankor bat ezartzen da erreserben kontuetan egiten diren kargu eta ordainketa horiek zerga-oinarrian sartzeko, zergaren arautegiaren arabera zerga-ondorioak sortzen badituzte ere. Araubide horren arabera, kargu eta ordainketa horien zenbatekoa hainbana sartuko da 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren lehen hiru zergaldietako zerga-oinarrietan.

Bigarren aldaketa 4/2017 Zirkularreko aldaketa baten haritik dator; zirkularreko zioen azalpenaren arabera 9. FINAren aldaketaren ondoriozkoa den aldaketa batetik, hain zuzen: ondare garbiko tresnetan egiten diren inbertsioen balorazioan, arrazoizko balioa hartu behar da aintzat eta emaitzak aldatu, baldin eta entitateak hasieratik ez badu modu ezeztaezinean hautatzen balio-aldaketa horiek beste emaitza orokor batean onartzea. Aldaketa horren ondorioak zergaren balorazio-arau orokorretara egokitzeko eta baja ematen zaienean zerga-oinarrian sartuko direla bermatzeko, berari buruzko arautegia aldatzen da, eta erregulazio orokorra ezartzen da, zirkularra berariaz aipatu gabe.

Azkenik, finantza-entitateen kreditu-arriskuen estaldurari buruzko arau-xedapenak egokitzea onartzen ez den bitartean, gaur egun indarrean daudenek bere hartan iraungo dute, baina zirkular berrian erabiltzen diren bezala.

Irailaren 16ko 13/2011 Errege Lege-Dekretuak, ondarearen gaineko zerga aldi baterako berrezartzen duenak, zerga horren karga berrezarri zuen 2011. eta 2012. urteetarako. Errege lege-dekretu horren zioen azalpenean adierazten zen hori egitea ezinbestekoa zela ekitatearen printzipioa aplikatuz egonkortzeko Espainiako ekonomia eta bultzatzeko susperraldia eta enplegua, hau da, gaitasun ekonomiko handiagoa dutenek ekarpen handiagoa eginez irteteko krisialditik eta, horrela, Espainiak bere gain hartu dituen aurrekontu-egonkortasunerako helburuak sustatuz. Hasieran, ondarearen gaineko zergaren luzapena bi urterako onartu zen, baina aurrekontu-beharrizanen poderioz, 2013az gero, urtez urte luzatu behar izan zen. Luzapen guztietan argudio bera erabili zen: zerga egokia zen, zerga-baterakuntza ezinbestekoa baitzen.

Luzapen horiek justifikatzeko erabili ziren arrazoi berek azaltzen dute orain zergatik mantendu behar den ondarearen gaineko zerga 2019ko ekitaldian.

Aurreko arrazoi horiek ez ezik, honako hau ere kontuan eduki da kasu honetan errege lege-dekretua erabiltzeko eskatzen den aparteko eta presazko beharrizana justifikatzeko: segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzeko, bidezkoa da zergadunek ekitaldiaren hasieran jakitea zergaren karga ez dela aldatuko ekitaldian zehar, nahiz eta sortzapena abenduaren 31n gertatu.

Errege lege-dekretu honen bidez, hiri-ondasun higiezinen katastro-balioak 2019rako eguneratzeko koefizienteak onartzen dira, Higiezinen Katastroaren Legeak 32.2 artikuluan arautzen duenarekin bat etorriz. Artikulu horretan xedatzen da kasu batzuetan balio horiek eguneratzeko neurria txertatuko dela Estatuaren urteko aurrekontu orokorren legean. Estatuaren 2019ko Aurrekontu Orokorren Legea ez denez onartuko ohiko egutegiaren arabera eta kontuan edukita neurriak berehala edukiko duela eragina ondasun higiezinen gaineko zergan (urtero sortzen da, urtarrilaren 1ean), nahitaez erabili behar da errege lege-dekretua, indarrean jar dadin ekitaldia amaitu aurretik. Neurri honen onarpenarekin udal finantzaketa eta toki-erakundeen zerga-baterakuntza eta aurrekontu-egonkortasuna sendotu nahi dira. Berariaz gaitzen den arau-esparruan ezartzen diren baldintzak (funtsean, udalak eskaera aurkeztea) betetzen dituzten 1.179 udalerritan aplikatuko da, gerta bailiteke neurria onartu ezean udalok balioen eguneratzea kontuan hartuta egindako aurrekontu-aurreikuspenak ez betetzea.

Horrez gainera, luzatzen dira Toki Ogasunak Arautzen dituen Legeak 72.6 artikuluan arautzen dituen epealdiak (balorazio kolektibo orokorreko prozeduretan sartuta dauden udalerrietako udalek ondasun higiezinen gaineko zergaren tasa berriak lasaitasun handiagoarekin onartu ahal izateko epealdiak) 2019rako (urte horretarako soilik), bai eta Ondasun Higiezinen Katastroaren Legearen testu bateginak 27.3 artikuluan balio-txosten orokorrak onartzeko eta argitaratzeko ezartzen duen epealdia ere. Halaber, udalek hiri-ondasun higiezinen katastro-balioak eguneratzeko koefizienteak aplikatzeko eskatzeko Ondasun Higiezinen Katastroaren Legeak 32.2 artikuluan ezartzen duen epealdia ere luzatzen da. Hauxe da luzapen horien oinarria: neurriak ezartzeko epealdiaren amaiera bat dator toki-korporazio berriak eratzeko epealdiarekin (datorren urtean izango diren hauteskundeen ondoren eratu behar dira) eta, horregatik, lortu nahi da korporazio berriek aplikatu nahi dituzten zerga-politiken barruan ezarri ahal izatea hizpide ditugun neurriak.

Espainiako Erreinuko Gobernuak konpromiso batzuk hartu ditu UEFArekin elkarte horrek antolatuko dituen hurrengo ekitaldiak gure herrialdean izateko; hori dela eta, berariazko zerga-araubidea ezarri behar da ekitaldi horietarako.

Araubide hori errege lege-dekretu honen bidez zuzenbide positiboan txertatzeko bi arrazoi daude: batetik, aipatutako ekitaldiak laster izango dira; bestetik, ekitaldiak jokatu baino nahiko aurrerago eduki behar da prest aplikatuko den zerga-esparrua, segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzeko. Beraz, errege lege-dekretu hau aparteko presaz onartu behar da, Espainiako Konstituzioak errege lege-dekretua onartzeko eskatzen duen bezala.

Gainera, 2019. urtean mezenasgoko lehentasuneko jarduerak zeintzuk izango diren zehazten da.

Mezenasgoko lehentasuneko jarduerak segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzeko beharragatik ezartzen dira errege lege-dekretu baten bidez; izan ere, hala egin ezean, ekitaldi horretan ezin aplikatu izango lirateke harik eta lege-mailako arau batek onartu arte (arautzen dituen manua ezin da luzatutzat hartu 2018ko ekitaldirako), eta hori kaltegarria izango litzateke jarduerok sustatzeko.

Azkenik, trantsiziorako aldi bat ezartzen da: aldi horretan inbertsio kolektiboko entitateen partaidetzen edo akzioen sailkapena aldatu nahi bada Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/65/EB Zuzentarauak pizgarrien arloan ezartzen dituen eskakizun berrien ondorioz partaideak edo akziodunak pizgarriei lotutako kostuak gehiago ez jasateko, aldaketa egiteko, ez da beharrezkoa izango partaide eta akziodunen banakako baimena, eta aldaketak ez du eraginik edukiko zergetan (2014/65/EB Zuzentaraua finantza-tresnen merkatuei buruzkoa da —Mifid II esaten zaio-, eta 2002/92/EE Zuzentaraua eta 2011/61/EB Zuzentaraua aldatzen ditu; haren eskakizunak honako honek txertatzen ditu gure ordenamenduan: irailaren 28ko 14/2018 Errege Lege-Dekretuak, urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Balore Merkatuaren Legearen testu bategina aldatzen duenak).

Neurri horren bitartez, lortu nahi da inbertsio kolektiboko entitateetako inbertsiogileek berehala hastea beren akzioei edo partaidetzei lotutako kostu gutxiago izaten, dagoeneko aplikagarria den arautegi batekin bat etorriz, eta aldi berean berrizko sailkapenak inbertsiogileen zergetan inolako eraginik ez edukitzea.

Hori ezin da lortu ohiko legegintzako prozeduraren bidez, oso luze jotzen baitu epeetan, eta, horregatik, beharrizana apartekoa eta presazkoa da, eta bidezkoa da araugintzako tresna honetaz baliatzea.

II

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioak 149.1.14 artikuluan xedatzen duenaren babesean ematen da, artikulu horrek Estatuari esleitzen baitio ogasun orokorraren gaineko eskumen esklusiboa.

Arau hau bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan jasotako erregulazio onaren printzipioekin; honako hauekin batez ere: premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioak 86. artikuluan arautzen duen baimenaz baliatuz, Ogasuneko ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluak 2018ko abenduaren 28ko bileran eztabaidatu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

  • 1. artikulua. Azaroaren 28ko 35/2006 Legea aldatzen da; lege horrek pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen du eta sozietateen gaineko zergaren, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren legeak partzialki aldatzen ditu.

Lehena.

Azaroaren 28ko 35/2006 Legearen 7. artikuluko h) letra aldatzen da (lege horrek pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen du eta sozietateen gaineko zergaren, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren legeak partzialki aldatzen ditu); aldaketak errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik sortuko ditu ondorioak, bai eta preskribatu gabe dauden aurreko ekitaldietan ere. Hona testu berria:

«h) Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko II. tituluko VI. eta VII. kapituluetan arautzen diren amatasuneko edo aitatasuneko prestazioak eta VI. tituluko I. kapituluan arautzen diren familia-prestazio ez-kontributiboak (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori), eta Gizarte Segurantzaren eta klase pasiboen erregimen publikoetatik jasotzen diren zurztasun-pentsioak eta hartzeko pasiboak eta hogeita bi urtetik beherako biloben eta anai-arreben alde edo lan orotarako ezinduen alde aitortutakoak.

Halaber, norbere konturako langileen edo langile autonomoen Gizarte Segurantzaren araubide berezian ez dauden profesionalei Gizarte Segurantzaren araubide berezi horren alternatiba gisa diharduten gizarte-aurreikuspeneko mutualitateek onartzen dizkieten prestazioak, baldin eta araubide berezi horretan dauden profesionalek jasotzen dituzten aurreko paragrafoko Gizarte Segurantzaren prestazioak bezala ematen badira. Salbuespen honek muga bat dauka: Gizarte Segurantzak kasuan kasuko kontzeptuagatik onartzen duen prestaziorik handienaren zenbatekoa. Hortik gorakoa lanaren etekin gisa kargatuko da. Zergadun batek Gizarte Segurantzaren prestazioez gainera aipatutako mutualitateek emandakoak jasotzen baditu, gaindikina azken horietan gertatutzat joko da.

Letra honetako lehen paragrafoan aipatzen diren amatasuneko prestazioa ez aitatasuneko prestazioa jasotzeko eskubidea ematen ez duen Gizarte Segurantzaren araubide batean dauden enplegatu publikoei dagokienez, salbuetsita egongo dira Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginak -urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak- 49. artikuluko a), b) eta c) letretan aipatzen dituen baimenetan (erditzeagatik, adopzioagatik, zaintzagatik eta gurasotasunagatik ematen diren baimenak) jasotzen dituzten ordainsariak, edo aplikatu beharreko legeria espezifikoak aurrekoak bezalako kasuetarako aitortzen dituenak. Paragrafo honetako ordainsarien edo prestazioen salbuespenak muga dauka: Gizarte Segurantzak kasuan kasuko kontzeptuagatik onartzen duen prestaziorik handienaren zenbatekoa. Gaindikina lanaren etekin gisa kargatuko da.

Era berean salbuetsita daude jaiotza, erditze edo adopzio multipleagatik, adopzioagatik, amatasunagatik edo aitatasunagatik, kargupeko seme-alabengatik eta zurztasunagatik jasotzen diren gainerako prestazio publikoak ere.»

Bigarrena.

Azaroaren 28ko 35/2006 Legearen hogeita hamabigarren xedapen iragankorra aldatzen da (lege horrek pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen du eta sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga eta ondarearen gaineko zerga partzialki aldatzen ditu). Aldaketak 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak. Hona testu berria:

«Hogeita hamabigarren xedapen iragankorra. Zenbatespen objektiboaren metodoa aplikatzeko mugak 2016, 2017, 2018 eta 2019ko ekitaldietan.

Lege honek 31. artikuluaren 1. apartatuko 3. arauko b) letrako a’) puntuan arautzen dituen magnitudeak (150.000 eta 75.000 euro) 250.000 eta 125.000 euro izango dira, hurrenez hurren, 2016ko, 2017ko, 2018ko eta 2019ko ekitaldietan.

Horrez gain, lege honek 31. artikuluaren 1. apartatuko 3. arauko c) letran ezartzen duen magnitudea, 150.000 euro, 250.000 eurokoa izango da ekitaldi horietan.»

  • 2. artikulua. Sozietateen gaineko Zergaren azaroaren 27ko 27/2014 Legea aldatzea.

Honako aldaketa hauek egiten dira Sozietateen gaineko Zergaren azaroaren 27ko 27/2014 Legean (2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan sortuko dituzte ondorioak):

Bat. 17. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da eta honela geratzen da:

«1. Ondare-elementuak Merkataritza Kodearen irizpideen arabera baloratuko dira, eta lege honetan zehaztutako aginduak aplikatuz zuzenduko dira.

Dena den, arrazoizko balioaren irizpidea aplikatuz gertatzen diren balio-aldakuntzek ez dute edukiko zerga-ondoriorik, galera-irabazien kontuan egotzi behar ez diren artean -non eta lege honek 15. artikuluko l) letran ez duen besterik ezartzen-, ez eta erreserben kontu batean egotzi behar ez diren artean ere, lege edo erregelamendu mailako arau batek hala agintzen badu. Kontabilitateko errebalorizazioen zenbatekoa ez da sartuko zerga-oinarrian, honako kasu honetan izan ezik: errebalorizazioa zenbatekoa galera-irabazien kontuan sartzera behartzen duten lege edo erregelamendu mailako arau batek eraginda gertatzen denean. Zerga-oinarrian sartu gabeko errebalorizazioaren zenbatekoak ez du ekarriko elementu errebalorizatuen balioa handiagoa izatea zerga ondorioetarako.»

Bi. Hogeita hemeretzigarren xedapen iragankorra gehitzen da. Hona testua:

«Hogeita hemeretzigarren xedapen iragankorra. Nola integratu zerga-oinarrian 4/2017 Zirkularraren lehen aplikazioaren ondoriozko kontabilitateko doikuntzak (Espainiako Bankuaren 4/2017 Zirkularra, azaroaren 27koa, kreditu-entitateentzat emana, finantza-informazio publiko eta erreserbatuari eta finantzen egoera-orrien ereduei buruzkoa).

Erreserben kontuetan egiten diren karguak eta ordainketak, hurrenez hurren gastuak edo sarrerak direnak lege honetan arautzen denaren arabera zerga-ondorioak sortzen dituztenean, hainbana sartuko dira 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren lehen hiru zergaldietako zerga-oinarrietan, 4/2017 Zirkularraren lehen aplikazioaren ondorioz (Espainiako Bankuaren 4/2017 Zirkularra, azaroaren 27koa, kreditu-entitateentzat emana, finantza-informazio publiko eta erreserbatuari eta finantzen egoera-orrien ereduei buruzkoa), eta integrazio horregatik ez da aplikatu beharko lege honek 130. artikuluan ezartzen duena.

Integratu gabeko zenbatekoaren elementuari balantzean baja eman arren, berdin aplikatuko da aurreko paragrafoan aipatzen den hainbanako integrazioa.

Aldi horretan zergaduna azkentzen bada, geratzen den zenbatekoa azken zergaldiko zerga-oinarrian integratuko da, honako kasu honetan izan ezik: lege honetako VII. tituluko VII. kapituluan ezartzen den araubide berezia aplikatu behar zaion berregituratze-eragiketa baten ondorioz azkentzen denean zergaduna.

Zergaldi horietako ekitaldietako urteko kontuen memorian, zerga-oinarrian integratutako kopuruak eta integratzeko geratzen direnak zehaztu beharko dira.»

  • 3. artikulua. Irailaren 16ko 13/2011 Errege Lege Dekretua aldatzea, ondarearen gaineko zerga aldi baterako berrezartzen duena.

Irailaren 16ko 13/2011 Errege Lege Dekretuaren artikulu bakarreko bigarren zenbakia aldatzen da (lege horrek ondarearen gaineko zerga aldi baterako berrezartzen du). Aldaketak 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak, eta indarraldiari ez zaio mugaegunik ezartzen. Hona testu berria:

«Honako aldaketa hauek egiten dira Ondarearen gaineko Zergaren ekainaren 6ko 19/1991 Legean (2020ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko dituzte ondorioak):

33. artikulua aldatzen da eta honela geratzen da:

“33. artikulua. Kuota osoaren hobari orokorra.

Zergak ordaintzeko betebehar pertsonala edo erreala dela eta, subjektu pasiboei ehuneko 100eko hobaria aplikatuko zaie zergaren kuota osoaren gainean.”

Bi. 6., 36., 37. eta 38. artikuluak indargabetzen dira.»

  • 4. artikulua. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren abenduaren 28ko 37/1992 Legea

aldatzea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren abenduaren 28ko 37/1992 Legearen hamahirugarren xedapen iragankorra aldatzen da, eta aldaketak 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak. Hona testu berria:

«Hamahirugarren xedapen iragankorra. Araubide erraztua eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide berezia aplikatzeko mugak 2016, 2017, 2018 eta 2019ko ekitaldietan.

Lege honek 122. artikuluko 2. apartatuko 2. zenbakiaren lehen puntuan eta 3. zenbakian eta 124. artikuluko 2. apartatuko 6. zenbakian arautzen duen magnitudea, 150.000 euro, 250.000 euro izango da 2016ko, 2017ko, 2018ko eta 2019ko ekitaldietan.»

  • 5. artikulua. Higiezinen Katastroaren Legearen testu bategineko 32.2 artikuluko katastro-

balioak eguneratzeko koefizienteak.

  • 1. Higiezinen Katastroaren Legearen testu bateginak -martxoaren 5eko 1/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak- 32. artikuluko 2. apartatuan arautzen dituen katastro-balioak eguneratzeko koefizienteak taula honen arabera finkatzen dira 2019rako:

    Balio-txostena indarrean jarri den urtea

    Eguneratze-koefizientea

    1984, 1985, 1986, 1987, 1988 eta 1989 ...........

    1990, 1994, 1995, 1996, 1997, 1998, 1999 eta 2000 .

    2001, 2002 eta 2003...........................

    2005, 2006, 2007, 2008, 2009 eta 2011............

    2012 eta 2013................................

    1,05

    1,03

    1,02

    0,97

    0,93

  • 2. Aurreko zenbakian ezartzen diren koefizienteak honela aplikatuko dira:

  • a)  Higiezinen katastroan dauden datuen arabera balioetsitako ondasun higiezinen balioa eguneratzeko koefizientea 2018. urterako esleitutako balioari aplikatuko zaio.

  • b)  2018ko ekitaldian onartutako balio-txosten partzialak aplikatuz lortutako eta ekitaldi horretan jakinarazitako katastro-balioak eguneratzeko koefizientea balio horiei aplikatuko zaie.

  • c)  Higiezinen katastroan dauden datuen arabera ezaugarriak aldatu zaizkien ondasun higiezinei dagokienez, baldin eta aldaketa horiek ez badute eraginkortasunik izan, egoera berriak aintzat hartuta Katastroaren Zuzendaritza Nagusiak higiezin horiei esleitutako balioaren gainean aplikatuko da koefizientea, udalerriko gainerako ondasun higiezinen katastro-balioak finkatzeko oinarritzat hartutako moduluak aplikatuta.

Lehenengo xedapen gehigarria. UEFAren 2019ko Txapeldunen Ligako finalari eta

UEFAren 2020ko Eurokopari aplikatuko zaien zerga-araubidea.

Bat. UEFAren 2019ko Txapeldunen Ligako finala eta UEFAren 2020ko Eurokopa antolatuko dituen entitatearen eta bi ekitaldi horietan parte hartzen duten taldeen zerga-araubidea:

UEFAren 2019ko Txapeldunen Ligako finala eta UEFAren 2020ko Eurokopa antolatuko dituen entitateak eta bi ekitaldi horietan parte hartzen duten taldeek Espainiako lurraldean eratzen dituzten pertsona juridikoek sozietatearen gaineko zergaren kargatik salbuetsita edukiko dituzte ekitaldian zehar lortzen dituzten errentak, zuzenean lotuta badaude ekitaldi horietan aritzearekin.

Aurreko paragrafoan ezartzen dena ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan ere aplikatuko zaie UEFAren 2019ko Txapeldunen Ligako finala eta UEFAren 2020ko Eurokopa antolatuko dituen entitateak eta bi ekitaldi horietan parte hartzen duten taldeek Espainiako lurraldean eratzen dituzten establezimendu iraunkorrek lortzen dituzten errentei, zuzenean lotuta badaude ekitaldi horietan aritzearekin.

UEFAren 2019ko Txapeldunen Ligako finala eta UEFAren 2020ko Eurokopa antolatuko dituen entitateak eta bi ekitaldi horietan parte hartzen duten taldeek UEFAren 2019ko Txapeldunen Ligako finala eta UEFAren 2020ko Eurokopa direla-eta establezimendu iraunkorrik gabe lortzen dituzten errentak salbuetsita egongo dira, ekitaldi horietan aritzearekin lotuta egonez gero.

Bi. Entitate antolatzaileei edo ekitaldietan parte hartzen duten taldeei zerbitzuak ematen dizkieten pertsona fisikoen zerga-araubidea:

  • 1.  Ez dira hartuko Espainian lortutzat egoitza Espainian ez duten pertsona fisikoek entitate antolatzaileari edo talde parte-hartzaileei UEFAren 2019ko Txapeldunen Ligako finalaren eta UEFAren 2020ko Eurokoparen harira ematen dizkieten zerbitzuengatik jasotzen dituzten errentak, baldin eta errentak zuzenean lotuta badaude ekitaldi horietan aritzearekin.

  • 2.  UEFAren 2019ko Txapeldunen Ligako finala eta UEFAren 2020ko Eurokopa jokatzeko Espainiako lurraldera joan eta ondorioz pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadun bihurtzen diren pertsona fisikoek ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga ordaintzea hautatu ahal izango dute, azaroaren 28ko 35/2006 Legeak (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duenak eta sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga eta ondarearen gaineko zerga partzialki aldatzen dituenak) 93. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz eta bertan finkatzen diren baldintzekin.

Hiru. UEFAren 2019ko Txapeldunen Ligako finala eta UEFAren 2020ko Eurokopa jokatzeko inportatzen diren salgaien aduana-araubidea eta zerga-araubidea:

  • 1.  Oro har, UEFAren 2019ko Txapeldunen Ligako finala eta UEFAren 2020ko Eurokopa jokatzeko inportatzen diren salgaien aduana-araubidea honako hauetan ezartzen da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urriaren 9ko 952/2013 (EB) Erregelamendua, Batasunaren Aduana Kodea ezartzen duena, eta aplikatu beharreko gainerako aduana-legeria.

  • 2.  Aurrekoa alde batera utzi gabe, Batasunaren Aduana Kodeak 251. artikuluan ezartzen duenarekin eta Aldi Baterako Inportazioaren Itunak (Istanbul, 1990eko ekainaren 26a) 7. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz, apartatu honen 1 zenbakian aipatzen diren salgaiak, aldi baterako inportazioaren aduana-araubidean sartzen badira, araubide horretan gehienez ere 24 hilabetez egon ahal izango dira sartzen direnetik; nolanahi ere, araubidea bertan behera geratuko da UEFAren 2019ko Txapeldunen Ligako finala eta UEFAren 2020ko Eurokopa jokatzen diren urtearen ondoko urteko abenduaren 31n.

  • 3.  Zerga Administrazioko Estatu Agentziako Aduanen eta Zerga Berezien Sailari baimena ematen zaio hirugarren zenbaki honetan xedatzen dena betetzeko behar diren neurri guztiak hartzeko.

Lau. Balio erantsiaren gaineko zerga.

  • 1.  Salbuespena ezartzen da Balio Erantsiaren gaineko Zergaren abenduaren 28ko 37/1992 Legeak 119 bis artikuluko 2. zenbakian xedatzen duena aplikatzeko: UEFAren 2019ko Txapeldunen Ligako finala eta UEFAren 2020ko Eurokopa direla-eta egiten diren eragiketen ondorioz zergaren kuotak jasaten edo ordaintzen dituzten enpresaburuei eta profesionalei, egoitza Batasunean ez dutenei, ez zaie eskatuko elkarrekikotasunik itzulketetan.

  • 2.  Salbuespena ezartzen da abenduaren 28ko 37/1992 Legeak 164. artikuluko 1. zenbakiko 7. puntuan xedatzen duena aplikatzeko: egoitza ez Batasunean, ez Kanarietan, ez Ceutan, ez Melillan ez duten enpresaburuek eta profesionalek eta egoitza Batasunekoen antzeko elkarri laguntzeko tresnaren bat hitzartuta dagoen estatu batean dutenek ez dute edukiko ordezkaririk izendatu beharrik lege horretan ezartzen diren betebeharrak betetzeko.

  • 3.  Egoitza zergaren aplikazio-eremuan ez duten enpresaburuek eta profesionalek, subjektu pasiboak badira eta kuotak jasaten edo ordaintzen badituzte UEFAren 2019ko Txapeldunen Ligako finalarekin eta UEFAren 2020ko Eurokoparekin lotutako eragiketak egiteagatik, eskubidea edukiko dute likidazioaldi bakoitza amaitutakoan kuotak horiek itzul diezazkieten.

Enpresaburu eta profesional horien likidazioaldia hil ihaturala da. Hil bateko aitorpen-likidazioa hurrengo hileko lehen 20 egun naturaletan aurkeztu behar dute. Hala ere, urteko azken likidazioaldiko aitorpen-likidazioa urtarrileko lehenengo hogeita hamar egun naturaletan aurkeztu beharko da.

Aurreko paragrafoan ezartzen denak ez dakar berekin enpresaburu eta profesional horiek zergaren erregistro-liburuak Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren Egoitza Elektronikoaren bidez arteztu behar izatea (Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua, 62.6 artikulua; erregelamendu hori abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Zenbaki honetan xedatzen dena honako hauei ere aplikatuko zaie: ekitaldia antolatzen duen entitateari, bertan aritzen diren taldeei eta aurreko 1. zenbakian aipatzen diren pertsona juridikoei.

Hala ere, egoitza zergaren aplikazio-eremuan ez duten enpresaburuei eta profesionalei, 37/1992 Legearen 119. edo 119 bis artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte, artikulu horietan eta zergaren erregelamenduaren 31. eta 31 bis artikuluetan arautzen den prozeduraren bidez itzuliko zaizkie jasandako kuotak (erregelamendu hori 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

  • 4.  Eskubideen erabateko salbuespena duen aldi baterako inportazioaren araubidean -aurreko hirugarren apartatuan aipatutakoan- dauden ondasunekin egiten diren eragiketei zergaren legeak 24. artikuluan xedatzen duena aplikatuko zaie.

  • 5.  Zergaren legearen 9. artikuluko 3. apartatuko g) letran aipatzen den epealdia aurreko hirugarren apartatuko 2. puntuan ezartzen dena izango da UEFAren 2019ko Txapeldunen Ligako finalean eta UEFAren 2020ko Eurokopan aldi batez erabiltzen diren ondasunetarako.

  • 6.  Zergaren legearen 70. artikuluko bigarren apartatuan ezartzen den erregela ez zaie aplikatuko apartatu honetako 1. puntuko zerbitzuei honako kasu honetan: zerbitzuak UEFAren 2019ko Txapeldunen Ligako finala eta UEFAren 2020ko Eurokopa direla-eta entitate antolatzaileak edo haietan parte hartzen duten taldeek eratu duten eta egoitza Espainian duen pertsona Juridiko batek ematen baditu eta haien funtsa ekitaldi horren antolaketa, sustapena edo babesa bada.

Bigarren xedapen gehigarria. Mezenasgoko lehentasunezko jarduerak.

Bat. Irabazteko asmorik gabeko entitateen zerga-araubideari eta mezenasgorako zerga-pizgarriei buruzko abenduaren 23ko 49/2002 Legeak 22. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz, 2019. urtean honako mezenasgo-jarduera hauek izango dira lehentasunezkoak: Estatuaren 2018ko Aurrekontu Orokorren 6/2018 Legeak hirurogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian adierazten dituenak.

Bi. Aipatutako 49/2002 Legeak 19., 20. eta 21. artikuluetan ezartzen dituen kenkarien ehunekoak eta mugak ehuneko bost igoko dira aurreko apartatuan jasotako jarduerei dagokienez.

Lehenengo xedapen iragankorra. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren metodoari eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztuari eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide bereziari uko egiteko eta haiek baliogabetzeko 2019ko epealdiak.

  • 1.  Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 33.1.a) artikuluan eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 33.2 artikuluko bigarren paragrafoan aipatzen diren uko egiteko eta baliogabetzeko epealdiak, 2019. urterako ondorioak sortu behar dituztenak, hilabetekoak izango dira, errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua martxoaren 30eko 439/2007 Errege Dekretuaren bidez onartu zen; Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua, berriz, abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez).

  • 2.  Bai balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztuari eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide bereziari, bai pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren metodoari uko egiteko eta haiek baliogabetzeko 2018ko abenduan aurkezten diren eskaerak, 2019an aplikatuko direnak, aldi baliodunean aurkeztutzat joko dira.

Hala ere, aurreko paragrafoan xedatzen denaren eraginpean dauden subjektu pasiboek beren hautapena aldatu ahal izango dute aurreko 1. apartatuan adierazten den epealdian.

Bigarren xedapen iragankorra. Katastro-balioak eguneratzeko koefizienteak aplikatzeko eskaera aurkezteko epealdia.

2019ko uztailaren 31ra arte luzatuko da Higiezinen Katastroaren Legearen testu bateginak -martxoaren 5eko 1/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duenak-

  • 32.2.c artikuluan ezartzen duen epealdia, hau da, Katastroaren Zuzendaritza Nagusiari koefizienteak udalerriko balio-txostena indarrean jarri den urtearen arabera aplikatzeko eskatzeko epealdia (luzapen hori 2019ko ekitaldirako baino ez da egongo indarrean). Epealdi horren barruan, dagozkion erabakien berri emango zaio zuzendaritza horri.

Hirugarren xedapen iragankorra. Ondasun higiezinen gaineko zergaren karga-tasa eta balio-txosten orokorrak onartzeko epealdia.

2019ko uztailaren 31ra arte luzatuko da Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginak -martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duenak-72.6 artikuluan ezartzen duen epealdia, hau da, 2020an ondorioak sortu behar dituzten balorazio kolektiboko prozedura orokorrean ari diren udalek ondasun higiezinen gaineko zergaren karga-tasa berriak onartzeko epealdia (luzapen hori 2019ko ekitaldirako baino ez da egongo indarrean). Epealdi horren barruan, dagozkion erabakien berri emango zaio Katastroaren Zuzendaritza Nagusiari.

Halaber, 2019ko uztailaren 31ra arte luzatzen da balio-txosten orokorrak onartzeko eta argitaratzeko epealdia, Higiezinen Katastroaren Legearen testu bateginak -martxoaren 5eko 1/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak- 27.3 artikuluan xedatzen duena.

Laugarren xedapen iragankorra. Inbertsio kolektiboko entitateen partaidetzak edo akzioak berriz sailkatzea.

  • 1. Modu automatikoan sailkatu ahal izango dira berriz Inbertsio Kolektiboko Entitateen azaroaren 4ko 35/2003 Legeak eta hura garatzeko araudiak arautzen dituzten inbertsio kolektiboko entitateen edo haien konpartimentu, mota edo serieen partaidetzak edo akzioak, baldin eta 2018ko urtarrilaren 3tik errege lege-dekretu hau indarrean jarri ondoko hiru hilak igaro arte eginak badira berrizko sailkapenak, eta haien xede bakarra irailaren 28ko 14/2018 Errege Lege Dekretuak ezartzen dituen betebeharrak betetzea bada, partaideak edo akziodunak pizgarriei lotutako kostuak jasan ez ditzan (14/2018 Errege Lege Dekretuak Balore Merkatuaren Legearen testu bategina aldatzen du, zeina urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu baitzuen), eta ez da beharrezkoa izango berrizko sailkapena aplikatuko zaien partaideek eta akziodunek banakako baimena ematea.

  • 2. Aurreko apartatuan aipatzen diren berrizko sailkapenak direla eta, partaideek edo akziodunek ez dute errentarik lortuko pertsona fisikoen errenten gaineko zergarako, ez sozietateen gaineko zergarako, ez ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarako, eta berriz sailkatutako partaide edo akziodunei esleitzen zaizkien partaidetza edo akzio berrien balioa eta eskuraketa-data ordezten dituzten partaidetza edo akzioenak izango dira.

Aurreko paragrafoan arautzen den tratamendua honako inbertsio kolektiboko entitate hauen edo berauen konpartimentu, mota edo serieen arteko partaidetzen edo akzioen berrizko sailkapen hauei ere aplikatuko zaie, 2018ko urtarrilaren 3tik xedapen honetako 1. zenbakian ezartzen den aldia amaitu arte eginez gero eta berrizko sailkapenaren xede bakarra bertan finkatzen dena bada: azaroaren 28ko 35/2006 Legeak -pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duenak eta sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga eta ondarearen gaineko zerga partzialki aldatzen dituenak-

  • 94.2.a) artikuluan aipatzen dituen inbertsio kolektiboko entitateak, eta azaroaren 27ko 27/2014 Legeak -sozietateen gaineko zergarenak- 53.2 artikuluan aipatzen dituenak.

Azken xedapenetako lehena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioak 149.1.14 artikuluan xedatzen duenaren babesean ematen da, artikulu horrek Estatuari esleitzen baitio ogasun orokorraren gaineko eskumena.

Azken xedapenetako bigarrena. Erregelamenduz garatzeko gaikuntza.

Gobernuari baimena ematen zaio errege lege-dekretu honetan ezartzen dena erregelamendu bidez garatzeko.

Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2018ko abenduaren 28an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra