25/2013 Legea, abenduaren 27koa, faktura elektronikoa sustatzekoa eta sektore publikoan fakturen kontularitza-erregistroa sortzekoa
2013-12-27Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2013/12/28, 311. zk.
ESTATUKO BURUZAGITZA
13722
25/2013 Legea, abenduaren 27koa, faktura elektronikoa sustatzekoa eta sektore publikoan fakturen kontularitza-erregistroa sortzekoa.
JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau irakurtzen duten guztiek jakin dezaten.
Jakin ezazue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onartu dutela, eta, Nik, hemen, berretsi egiten dudala: ATARIKOA Enpresen lehiakortasuna hobetzeko funtsezko elementuetako bat Herriadministrazioen berankortasuna murriztea da, hala, erakunde horien finantzaketa-premiak gutxitu eta enpleguaren eta enpresen iraunkortasunean izan ditzakeen eragin kaltegarriak ekiditen baitira.
Helburu horrekin, Herri-administrazioen erreformarako Batzordearen txostenak hainbat egiturazko erreforma proposatzen ditu Herri-administrazioetatik berankortasuna erauzteko xedez. Lege hau da egiturazko erreforma horietako bat: faktura elektronikoaren erabilera bultzatu eta kontularitza-erregistroa sortzen du, eta horrek hornitzaileari ordaintzeko prozedurak bizkortzea eta ordaintzeke dauden fakturen ziurtasuna izatea ahalbidetzen du.
Fakturen kontrol informatizatu eta sistematizatu horrek berankortasunaren jarraipena zorrotz eramatea erraztuko du, batez besteko ordaintze-aldia deritzan adierazlearen bitartez. Hor ikusiko da Administrazioen zor komertzialaren bolumena eta, behar izanez gero, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan aurreikusitako mekanismo berriak aplikatzea ahalbidetuko du, lege horretan, finantza-iraunkortasunaren printzipioetako bat baita zor komertzialaren kontrola.
Hornitzailearen babes beharrezko hori sendotzeko erraztu egin da Herriadministrazioekiko harremana, faktura elektronikoaren erabilera eta berorren kudeaketa eta tramitazio telematikoa sustatzearen bitartez, Europa 2020 estrategiaren esparruan Europako Batzordea bultzatzen ari den Europarako Agenda Digitala ekimenak dioenarekin bat eginda. Era berean, babes hori sendotu egingo da Administrazioek jasotako fakturen kontularitza-kontrol hobeari esker, Herri-administrazioen ordainketa-konpromisoak betetzen diren edo ez hobeto jarraitzea ez ezik, gastu publikoa eta defizita hobeto kontrolatzea ahalbidetuko baitu, eta horrek kontu publikoetan konfiantza handiagoa izatea ekarriko du.
Helburu horiek iristeko, Lege honek hornitzaileen babesa hobetzera zuzendutako hainbat neurri hartzen ditu barnean; hala nola, zeinahi harreman juridikoren esparruan Herri-administrazio bati entregatutako ondasunengatik edo emandako zerbitzuengatik egindako fakturen administrazio-erregistro bat aurkezteko obligazioa; sektore publikoan faktura elektronikoaren erabilera sustatzea –nahitaezkoa zenbait subjekturentzat, 2015eko urtarrilaren hamabostetik aurrera–; Herri-administrazio guztietan –Estatukoa, autonomikoa eta tokikoa– faktura elektronikoak sartzeko puntu orokorrak nahitaez sortu beharra, hornitzaileek beren fakturak aurkez ditzaten eta elektronikoki hel daitezen berorien tramitazioa dagokion administrazio-organora eta eskumena duen kontularitzabulegora. Horrela, faktura elektronikoen sarrera-puntu orokor bat egongo litzateke administrazioaren maila bakoitzean, hiru guztira, nolaz eta autonomia-erkidegoek edo toki-erakundeek, eraginkortasun-printzipioa aplikatuz, ez duten bat egiten Estatuko Administrazio Orokorreko faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrarekin.
Azkenik, sektore pribatuan ere fakturazio elektronikoa sustatzearen aldeko apustua egin da, informazioaren gizartearen beharrak sustatzeko neurriei buruzko abenduaren 28ko 56/2007 Legearen aldaketaren bitartez, zeina 2015eko urtarrilaren 15etik aurrera exijitu ahal izango baita.
Hornitzailea babesteko hartutako neurriekin batera, eta gastu publikoaren kontrol hobean aurrera egiteko xedez, Lege honek Herri-administrazioei zuzendutako beste neurri batzuk ere jarri ditu abian, adibidez, fakturen kontularitza-erregistro bat sortzea, kontularitza-eginkizuna dagokion organoak edo unitateak kudeatuko duena; fakturak izapidetzeko prozedura berri bat arautzea, 2014ko urtarrilaren 1ean indarrean jarriko dena eta haien jarraipena hobetuko duena eta barne-kontroleko organoak sendotzea, kontularitza-dokumentaziora noiznahi sartzeko ahalmena ematen baitie.
Lege honek 13 artikulu ditu guztira, bost kapitulutan antolatuta, sei xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bakarra eta zortzi azken xedapen.
I. kapituluak Legearen xedea eta haren aplikazio-eremu subjektiboa zehazten ditu.
Legea Herri-administrazioei entregatutako ondasunengatik edo emandako zerbitzuengatik jaulkitako fakturei aplikatuko zaie. Herri-administraziotzat ulertuko dira azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategineko 3.2 artikuluak aipatzen dituen organismoak eta erakundeak.
II. kapituluak fakturak administrazio-erregistro batean aurkezteko obligazioa ezartzen du.
III. kapituluak faktura elektronikoaren erabilera arautzen du sektore publikoan, eta eduki behar duen formatua ezartzen du. Era berean, Administrazio bakoitzak izango duen faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorra deitua sortu da, baina aukera egongo da itunak egiteko edo Estatuko Administrazio Orokorrak jada inplementaturik duen puntuarekin bat eginik, berorren erabilera partekatzeko, hala, ez dadin beharrezkoa izan Administrazio bakoitzak baliabideak inbertitzea faktura elektronikoentzako bere sarrerapuntu propioaren garapenean. Eragin horietarako, puntu horiek izan behar dituzten gutxieneko ezaugarriak arautu dira.
IV. kapituluak fakturen kontularitza-erregistroaren sorrera, fakturak izapidetzeko prozedura berri bat eta kontularitza arloan eskumena duen organoari dagozkion jarduerak arautzen ditu.
V. kapituluan, faktura jasotzearen eraginak biltzeaz gainera, barne-kontroleko organoen ahalmenak eta obligazioak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekiko lankidetza jasotzen dira.
Lehen, bigarren, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren xedapen gehigarriek honako hauek arautzen dituzte, hurrenez hurren: Lege honen eraginetarako, Estatuko organo konstituzionalen eta autonomia-erkidegoetako legegintza eta kontroleko organoen araubidea; faktura eta sinadura elektronikoaren formatua; faktura elektronikoaren formatua eta bere zerga-eraginak; Administrazioen zordunei buruzko informazioa trukatzea; Estatuko Administrazio Orokorreko faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrarekin bat egitea, eta faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorren eta fakturen kontularitza-erregistroaren publizitatea.
Lehen xedapen iragankorrak Legea indarrean jartzen den unean jada eginda dauden fakturei Legean xedatutakoa ez aplikatzea aurreikusten du. Nolanahi ere, hala erabakitzen duten hornitzaileek administrazio-erregistro batera aurkeztu ahal izango dituzte Legea indarrean jarri aurretik jaulkitako fakturak ere.
Bigarren eta hirugarren xedapen iragankorretan, honako hauek aurreikusten dira:
faktura elektronikoen sinadura zigilu elektroniko aurreratuaren edukia garatzen ez den bitartean, eta fakturen sarrera-puntu orokorraren eta beroriek izapidetzea dagokien administrazio-organoen arteko bitartekaritza, harik eta fakturen kontularitza-erregistroak eskura ez dauden arte.
Xedapen indargabetzaileak Legeak ezartzen duenaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapenak indargabetzen ditu.
Azken xedapenetako lehenengoa Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko abenduaren 18ko 29/1987 Legearen aldaketari buruzkoa da.
Azken xedapenetako bigarrenak informazioaren gizartea sustatzeko neurriei buruzko abenduaren 28ko 56/2007 Legearen aldaketa jasotzen du, non fakturazio elektronikoa erabiltzeko obligazioa ezartzen baitzaie halako fakturak jasotzea onartzen duten edo berariaz eskatu duten zenbait enpresa eta partikularri; faktura elektronikoaren eraginkortasun betearazlea ere zehazten du.
Azken xedapenetako hirugarrena Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren aldaketari buruzkoa da.
Azken xedapenetako laugarrenak ekintzaileei eta haien nazioartekotzeari laguntzeko irailaren 27ko 14/2013 Legearen aldaketa du hizpide.
Azken xedapenetako bosgarrenak Legearen oinarrizko izaera zehazten du, eta Espainiako Konstituzioaren 149.1.6, 149.1.8, 149.1.13, 149.1.14 eta 149.1.18 artikuluak hartzen ditu Legea emateko babes gisa.
Azken xedapenetako seigarrena, zazpigarrena eta zortzigarrena ondorengo hauei buruzkoak dira, hurrenez hurren: Lege honen arauzko garapena; arauak onartzeko gaikuntza, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hogei egunera indarrean jartzea, salbuespen hauekin: 4. artikulua, 2015eko urtarrilaren 15ean indarrean jarriko dena, eta 9. artikulua eta azken xedapenetan lehena, 2014ko urtarrilaren 1ean indarrean jarriko direnak.
I. KAPITULUA Xedapen orokorrak 1. artikulua. Xedea.
Lege honen xedea faktura elektronikoaren erabilpena sustatzea da, fakturen kontularitza-erregistroa sortzea, Herri-administrazioetan faktura horiek izapidetzeko prozedura arautzea eta organo eskudunen jarraipen-jarduerak zehaztea.
2. artikulua. Aplikazio-eremu subjektiboa.
1. Lege honetan aurreikusitakoa Herri-administrazioen eta ondasun- eta zerbitzuhornitzaileen arteko harreman juridikoen esparruan jaulkitako fakturei aplikatuko zaie.
2. Lege honetan aurreikusitakoaren eraginetarako, Herri-administraziotzat hartuko dira azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategineko 3.2 artikuluak aipatzen dituen organismoak eta erakundeak, bai eta Gizarte Segurantzaren lan-istripu eta gaixotasun profesionalak kudeatzen dituzten mutualitateak ere, Gizarte Segurantzaren kudeaketan betetzen duten lankidetza-eginkizunaren arabera.
II. KAPITULUA Herri-administrazioen aurrean fakturak aurkezteko obligazioa 3. artikulua. Fakturak erregistroan aurkezteko obligazioa.
Zeinahi Herri-administraziori entregatutako ondasunengatik edo egindako zerbitzuengatik faktura bat jaulki duen hornitzaileak, Lege honetan xedatutakoaren eraginetarako, hura administrazio-erregistro batera aurkezteko obligazioa izango du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz, hogeita hamar eguneko epean, salerosgaiak entregatu ziren edo zerbitzuak eman ziren datatik zenbatzen hasita. Lege honetan ezarritako denborari eta aurkezteko erari buruzko baldintzak betetzen ez diren artean, ez da ulertuko erregistroan fakturak aurkezteko obligazio hori bete denik.
III. KAPITULUA
Faktura elektronikoa Herri-administrazioetan 4. artikulua. Faktura elektronikoaren erabilera sektore publikoan.
Herri-administrazioari ondasunak entregatu edo zerbitzuak egin dizkioten hornitzaile guztiek faktura elektronikoa jaulki eta igorri ahalko dute. Betiere, faktura elektronikoa erabiltzera eta dagokion sarrera-puntu orokorrean aurkeztera behartuta egongo dira ondorengo erakunde hauek:
a) Sozietate anonimoak; b) Erantzukizun mugatuko sozietateak; c) Espainiar nazionalitatea ez duten pertsona juridikoak eta nortasun juridiko gabeko erakundeak; d) Zerga-araudiak ezarritakoaren arabera, Espainiako lurraldean egoiliar ez diren erakundeen establezimendu iraunkorrak eta sukurtsalak; e) Aldi baterako enpresa-elkarteak; f) Ekonomia intereseko taldea, ekonomia intereseko Europako taldea, pentsio funtsa, arrisku-kapitaleko funtsa, inbertsio funtsa, aktiboak erabiltzeko funtsa, hipotekamerkatua erregularizatzeko funtsa, hipotekak titulizatzeko funtsa, edo inbertsioak bermatzeko funtsa.
Hala ere, Herri-administrazioek fakturazio elektronikoaren obligazio horretatik kanpo utzi ditzakete, erregelamenduaren arabera, 5.000 eurora arteko fakturak eta hornitzaileek Herri-administrazioen kanpoko zerbitzuei luzatutakoak, harik eta faktura horiek faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrera aurkezteko baldintzak betetzen dituzten arte, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak egindako balorazioaren arabera, eta kanpoko zerbitzuek halako fakturak jasotzeko bitartekoak eta sistema egokiak ez dituzten bitartean.
5. artikulua. Faktura elektronikoen formatua eta beren sinadura elektronikoa.
Lege honetan aurreikusitakoaren eraginetarako:
1. Herri-administrazioei igortzen zaizkien faktura elektronikoek formatu egituratua eduki beharko dute, eta ziurtagiri aitortuan oinarritutako sinadura elektroniko aurreratuz sinatuta egon behar dute, fakturazio-betebeharrak arautzeko Erregelamendua onartzen duen azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuaren 10.1 a) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Gobernuko presidenteorde eta Presidentetzako ministro andrearen Aginduz, eta Ogasun eta Herri Administrazioko ministroak eta Industria, Energia eta Turismoko ministroak elkarrekin proposatuta, faktura elektronikoaren formatu egituratua zehaztuko da, Administrazio elektronikoaren sektoreko komiteari entzun ondoren.
2. Ondorengo baldintza hauek betetzen dituen ziurtagiri aitortu batean oinarritutako zigilu elektroniko aurreratua ere onartuko da.
a) Ziurtagiriak faktura elektronikoa zigilatzen duen pertsona juridikoa edo nortasun juridiko gabeko erakundea identifikatu beharko du, bere izenaren edo izen sozialaren eta identifikazio fiskaleko zenbakiaren bitartez.
b) Zigilu elektroniko aurreratuaren eskaera bere ordezkaritza egiaztatzen duen pertsona fisiko baten presentzia bidez formulatu ahalko da, edo, bestela, bitarteko elektronikoen bidez, NAN elektronikoa erabiliz eta bere ordezkaritza-ahalmena ziurtatzen duten paperezko edo formatu elektronikoko dokumentuak igorrita.
Zigilu elektronikoa faktura elektronikoei izendatu edo lotutako datu elektronikoen multzoa da; pertsona juridikoek eta nortasun juridiko gabeko erakundeek erabil dezakete bere edukiaren jatorria eta osotasuna bermatzeko.
6. artikulua. Faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorra.
1. Estatuak, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek faktura elektronikoen sarrera-puntu orokor bat edukiko dute, eta hor jasoko dira erakundeei eta lotutako edo mendeko organismoei dagozkien faktura elektroniko guztiak.
Aurreko hori gorabehera, toki-erakundeek bat egin ahalko dute beren diputazioak, autonomia-erkidegoak edo estatuak eskaintzen dien faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorraren erabilerarekin.
Halaber, autonomia-erkidegoek ere bat egin ahalko dute Estatuak eskaintzen duen faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorraren erabilerarekin.
2. Administrazio bateko faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrak bitartekaritzasoluzio bat eskainiko du faktura aurkezten duenaren eta hura erregistratzeko eskumena duen kontularitza-bulegoaren artean.
3. Faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrak Lege honetan zehaztutako formatuan faktura elektronikoak bidaltzea ahalbidetuko du. Hornitzaileak edo faktura aurkeztu duenak fakturaren tramitazio egoera kontsultatu ahal izango du.
4. Faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorraren bitartez aurkeztutako faktura elektroniko guztiak, automatikoki, esandako faktura elektronikoen puntu orokorra kudeatzen duen Herri-administrazioaren erregistro elektroniko batean sartuko dira, eta jaso izanaren adierazpen elektroniko bat bidaliko da erregistro horretatik, faktura aurkeztu den data eta ordua egiaztatuko dituena.
5. Faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrak zerbitzu automatiko bat emango du esandako fakturak erregistratzeko eskumena duten kontularitza-bulegoen esku uzteko edo berorietara elektronikoki igortzeko.
6. Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzak eta Aurrekontuen eta Gastuen Estatu Idazkaritzak elkarrekin erabakiko dituzte faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorraren baldintza tekniko arautuak.
7. artikulua. Informazioa artxibatzea eta zaintzea.
1. Faktura elektronikoak artxibatzeko eta zaintzeko ardura berorien jomuga den administrazio-organoari dagokio, baina horrek ez du eragozten, esandako fakturak artxibatzeko eta zaintzeko bitarteko gisa, dagokion faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorra erabiltzeko aukera egin ahal izatea, baldin eta esandako puntuarekin bat egiten badu.
2. Faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorra faktura horiek artxibatzeko eta zaintzeko erabiltzen denean, berorietako informazioa ezingo da erabili inori lagatzeko edo ustiatzeko, faktura dagokion administrazio-organo berarentzat izan ezik. Hori guztia zerga-arauditik erator litezkeen obligazioak eragotzi gabe ulertuko da.
IV. KAPITULUA Fakturen kontularitza-erregistroa eta izapidetze-prozedura Herri-administrazioetan 8. artikulua. Fakturen kontularitza-erregistroaren sorrera.
1. Lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren subjektu guztiek fakturen kontularitza-erregistro bana izango dute haien jarraipena errazteko; erregistro horien kudeaketa kontularitza-eginkizuna izendatuta duen administrazio-organoari edo -unitateari dagokio.
2. Aipatutako fakturen kontularitza-erregistroa kontularitzako informazio sistemarekin lotuta edo bertan txertatuta egongo da.
9. artikulua. Fakturak izapidetzeko prozedura.
1. Faktura jasotzen duen administrazio-erregistroak zuzenean igorriko dio eskumena duen kontularitza-bulegoari, idazpena egin dezan fakturaren kontularitza-erregistroan.
Dagokion faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrean aurkeztutako faktura elektronikoak, puntu horretan izango den zerbitzu automatiko baten bitartez, fakturan agertzen den kontularitza-bulegoaren arabera dagokion fakturen kontularitza-erregistrora igorriko dira elektronikoki, edo erregistro horren esku utziko dira. Zer administrazioorganori zuzenduta dagoen identifikatuta egon beharko da fakturan, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko hogeita hamahirugarren xedapen gehigarriak ezarritakoari jarraituz.
Hala ere, Estatuak, autonomia-erkidegoek eta Madril eta Bartzelonako udalerriek kontularitza-erregistroan idazpena egiteko obligazio horretatik kanpo utz ditzakete, erregelamenduaren arabera, 5.000 eurora arteko fakturak eta hornitzaileek edozein Herriadministrazioren kanpoko zerbitzuei luzatutakoak, harik eta faktura horiek faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrera aurkezteko baldintzak betetzen dituzten arte, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak egindako balorazioaren arabera, eta kanpoko zerbitzuek halako fakturak jasotzeko bitartekoak eta sistema egokiak ez dituzten bitartean.
2. Kontularitza-erregistroan fakturaren idazpena egin ostean, identifikazio-kode bat esleituko zaio adierazitako fakturari aipatutako kontularitza-erregistroan. Faktura elektronikoen kasuan, kode hori faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrari jakinaraziko zaio.
3. Kontularitza-eginkizuna dagokion administrazio-organo edo -unitateak eskumena duen organoari igorriko dio, edo haren esku ipiniko du, hala badagokio, faktura jaulki zuenak entregatutako ondasunarekiko edo egindako zerbitzuarekiko adostasun-prozedura izapidetu dezan eta obligazioa aitortzeko espedienteari dagozkion gainerako jarduerei ekin diezaien, eskumena duen kontrol-organoari bidaltzea barne dela, aldez aurreko aginduzko interbentzioaren eraginetarako 4. Dagokion organo eskudunak obligazioa aitortu duenean, proposamenaren kontularitza-tramitazioak edo ordainketa-aginduak identifikatuko du proposamenaren xede den faktura (edo fakturak), fakturen kontularitza-erregistroan izendatutako dagokien identifikazio-kodearen bidez.
10. artikulua. Kontularitza arloan eskumenak dituen organoaren jarduerak.
Herri-administrazioetan kontularitza-eginkizuna egotzita duten administrazio-organo edo -unitateek:
1. Jarduteko errekerimenduak egingo dituzte, aldizka, artean obligazioa aitortu gabe duten fakturei buruz, eta eskumena duten organoei zuzenduko dizkiete.
2. Txosten bat egingo dute, hiru hilean behin, eta bertan zerrendatuko dituzte idazpena egin zitzaienetik hiru hilabete igaro diren eta organo eskudunek artean obligazioaren aitortza egin gabe dauzkaten fakturak. Txosten hori urteko hiruhileko natural bakoitzaren ondorengo hamabost egunen barruan igorriko zaio barne-kontroleko organoari.
V. KAPITULUA Faktura jasotzearen eraginak, kontroleko organoen eskumenak eta lankidetza Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin 11. artikulua. Faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrean faktura jasotzearen eta fakturen kontularitza-erregistroan idazpena egitearen eraginak.
Faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrean faktura jasotzeak eta fakturen kontularitza-erregistroan idazpena egiteak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen arabera, administrazio-erregistro batean aurkeztetik eratortzen diren eraginak izango ditu soilik.
12. artikulua. Barne-kontroleko organoen ahalmenak eta obligazioak.
1. Estatuko Administrazioaren Kontuhartzailetza Nagusiak eta autonomia-erkidego eta toki-erakundeetako kontrol-organo baliokideek justifikazio-agirietara, fakturen kontularitza-erregistroko informaziora zein kontabilitatera noiznahi sartzeko aukera izango dute,.
2. Urtean behin, barne-kontroleko organoak txosten bat egingo du, berankortasunaren arloan araudia zenbateraino betetzen den ebaluatuko duena. Toki Erakundeen kasuan, txosten hori Udalaren osoko bilkurara aurkeztuko da.
13. artikulua. Lankidetza Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin.
Fakturen kontularitza-erregistroek bide telematikoz igorriko diote jasotako fakturei buruzko informazioa Zerga Administrazioko Estatu Agentziari, zerga- eta fakturazioobligazioak betetzen direla ziurtatzeko, berorien kontrola dagokion neurrian. Ogasun eta Herri Administrazioko ministroari ematen zaio gaitasuna esandako informazioren edukia ez ezik, hura igortzeko prozedura eta aldizkakotasuna zehaztu ditzan.
Lehen xedapen gehigarria. Estatuko organo konstituzionalen eta autonomiaerkidegoetako legegintza- eta kontrol-organoen araubidea.
Diputatuen Kongresuko, Senatuko, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko, Konstituzio Auzitegiko, Kontuen Auzitegiko, Arartekoaren, autonomia-erkidegoetako legebiltzarretako eta autonomietan Kontuen Auzitegiaren eta Arartekoaren baliokide diren erakundeetako organo eskudunek Lege honetan Herri-administrazioentzat ezarritako arauetara egokituko dute beren jarduera.
Bigarren xedapen gehigarria. Fakturaren eta sinadura elektronikoaren formatua.
5. artikuluan aurreikusitako ministro-agindua onartzen ez den bitartean, Herriadministrazioetara bidaltzen diren faktura elektronikoak Facturae (3.2 bertsioa) faktura elektronikoaren formatu egituratura doituko dira, eta sinadura elektronikoa XMLAdvanced Electronic Signatures (XAdES) espezifikazioaren araberakoa izango da.
Hirugarren xedapen gehigarria. Faktura elektronikoaren formatua eta haren zergaeraginak.
Lege honetan eta berau garatzeko araudian aurreikusitako faktura elektronikoa baliozkoa izango da, eta paperezko fakturaren zerga-eragin berberak izango ditu. Bereziki, egiaztagiri gisa erabili ahal izango da eragiketaren kengarritasuna ahalbidetzeko, zerga bakoitzaren araudiaren eta abenduaren 17ko Zergei buruzko 58/2003 Lege Orokorreko 106. artikuluan xedatuaren arabera.
Laugarren xedapen gehigarria. Informazioa trukatzea.
Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, autonomia-erkidegoetako eta tokierakundeetako zerga-bilketako organoek, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eta Lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren Herri-administrazioetako organo ordaintzaileek, erregelamendu bidez ezartzen den prozeduraren arabera, Administrazioen zordunei eta beroriei egindako ordainketei buruzko informazioa trukatuko dute, dagozkion bahimendu- edo konpentsazio-jarduerak gauzatzeko xedez.
Zerga Administrazioko Estatu Agentziak sortu eta administratuko du xedapen honetan aurreikusitako informazio-trukeak eta zerga-bilketako kudeaketa-jarduerak garatzeko plataforma informatikoa.
Bosgarren xedapen gehigarria. Estatuko Administrazio Orokorreko Faktura Elektronikoen Sarrera Puntu Orokorrarekin bat egitea.
1. Lege honen 6. artikuluan adierazitako faktura elektronikoen sarrera-puntu orokor bat ezartzeko obligazioa betetzeko, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek Estatuko Administrazio Orokorrak ezarritako faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrarekin bat egin ahal izango dute, non hornitzaileen faktura elektronikoei buruz aipatutako puntuan aurreikusitako funtzionalitateak emango baitzaizkie.
2. Estatuko Administrazio Orokorraren faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrarekin bat egitea bitarteko telematikoen bidez egingo da, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioko Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzak esandako puntuan horretarako ezarritako atari elektronikoaren bitartez.
3. Dagokion autonomia-erkidegoko edo toki-erakundeko organo eskudunak sinadura elektroniko aurreratuz izenpetu beharko duen bat-egite ekintza horrek Estatuko Administrazio Orokorraren faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrarekin bat egiteko esandako erkidegoak edo erakundeak duen borondatea jaso beharko du idatziz, bai eta Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioko Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzak zehaztutako plataformaren erabilera-baldintzak osorik onartzeko borondatea ere.
4. Autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek beren sistema informatikoak Estatuko Administrazio Orokorraren faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrarekin bateragarri egiteko abian jarri beharko dituzten garapen teknikoak autonomia-erkidego edo tokierakunde bakoitzaren aurrekontuen kargura finantzatuko dira.
5. Autonomia-erkidegoek edo toki-erakundeek Estatuko Administrazio Orokorraren faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrarekin bat egitea borondatezkoa da; hala ere, bat ez egitea justifikatu egin beharko da eraginkortasun-terminoetan Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 7. artikuluaren arabera.
Estatuko Administrazio Orokorraren faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrarekin bat egiteak ondorio gisa ekar dezake sortzen diren kostu ekonomikoak bere gain hartu behar izatea.
Seigarren xedapen gehigarria. Faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorren eta kontularitza-erregistroen publizitatea.
Faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorren sorrerari eta kontularitza-erregistroen eraketari publizitatea emango zaie.
Lehen xedapen iragankorra. Faktura administrazio-erregistro batean aurkezteko obligazioa.
Lege honetan aurreikusitako obligazioak ez zaizkie aplikatuko Legea indarrean jartzen den unean jada jaulkita dauden fakturei.
Hala ere, Lege hau indarrean jarri aurretik zeinahi Herri-administraziori entregatutako ondasunengatik edo egindako zerbitzuengatik faktura jaulki dion hornitzaileak hura administrazio-erregistro batean aurkeztu ahal izango du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Bigarren xedapen iragankorra. Faktura elektronikoen sinadura.
Onartutako ziurtagiri elektroniko batean oinarritutako zigilu elektroniko aurreratuaren edukia garatzen ez den bitartean, Herri-administrazioei aurkezten zaizkien faktura elektronikoek beren egiazkotasuna eta osotasuna bermatu ahal izango dute, ziurtagiri elektronikoak baliozkotzeko Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren @firma plataformaren bidez baliozkotutako ziurtagiri baten bitartez.
Hirugarren xedapen iragankorra. Fakturen sarrera-puntu orokorraren eta eskumena duen kontularitza-bulegoaren arteko bitartekaritza.
Fakturen kontularitza-erregistroa prest ez dagoen bitartean, faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrak bitartekaritza-soluzio bat eskainiko du, eskura jartzeko zerbitzu automatiko baten bitartez edo faktura elektronikoki igortzearen bidez, faktura aurkeztu duenaren eta berori izapidetzea dagokion administrazio-organoaren artean.
Xedapen indargabetzailea. Arauak indargabetzea.
Indargabeturik gelditzen dira Lege honetan xedatutakoaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapenak. Bereziki, indarrik gabe gelditu da merkataritzako eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen 5. artikulua.
Azken xedapenetako lehenengoa. Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko abenduaren 18ko 29/1987 Legearen aldaketa.
Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko abenduaren 18ko 29/1987 Legeko 34. artikuluaren 4. paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
«4. Aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera, zergaren auto-likidazio araubidea ezarri da, nahitaezko izaeraz, ondorengo autonomia-erkidegoetan: Andaluziako Autonomia Erkidegoa Aragoiko Autonomia Erkidegoa Asturiasko Printzerriko Autonomia Erkidegoa Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa Kanarietako Autonomia Erkidegoa Gaztela-Mantxako Autonomia Erkidegoa Gaztela eta Leongo Autonomia Erkidegoa Kataluniako Autonomia Erkidegoa Galiziako Autonomia Erkidegoa Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoa Valentziako Erkidegoa» Azken xedapenetako bigarrena. Informazioaren gizartea sustatzeko neurriei buruzko abenduaren 28ko 56/2007 Legearen aldaketa.
Informazioaren gizartea sustatzeko neurriei buruzko abenduaren 28ko 56/2007 Legea ondoren adierazi bezala aldatzen da: Bat. 2 bis artikulu berri bat sartzen da, honela idatzita:
«2 bis artikulua. Faktura elektronikoa sektore pribatuan.
Lege honetan xedatutakoaren eraginetarako:
1. 2.2 artikuluan aipatzen diren zerbitzuak ematen dituzten enpresek faktura elektronikoak jaulki eta igorri beharko dituzte, haiek hartzea onartzen duten edota berariaz eskatu dituzten enpresa eta partikularrekin dituzten harremanetan.
Betebehar horrek ez du zerikusirik plantillaren tamainarekin edota urteko eragiketabolumenarekin.
Hala eta guztiz ere, bidaia-agentziek, garraio-zerbitzuek eta txikizkako merkataritzako jarduerek kontratazioa bitarteko elektronikoen bidez egin den kasuetan soilik izango dute aurreko paragrafoan aurreikusitako faktura elektronikoak jaulkitzeko obligazioa.
Artikulu honetan aurreikusitako obligazioak ezingo dira exijitu 2015eko urtarrilaren 15era arte.
2. Gobernuak hedatu ahal izango du artikulu honen aplikazio-eremua publikoari munta ekonomiko bereziko zerbitzuak eskaintzen ez dizkioten enpresa edo erakundeetara, irizten baldin bada enpresa horiek harreman telematikoa eduki behar dutela beren bezero edo erabiltzaileekin, ematen duten zerbitzu motagatik, eta faktura kopuru handia jaulkitzen badute.
3. Faktura elektronikoek, kasu guztietan, fakturazioari buruzko berariazko araudian ezarritakoa bete beharko dute.
4. Zerbitzuak ematen dituzten enpresek erabiltzaileek faktura elektronikoa doan irakurri, kopiatu, deskargatu eta inprimatu ahal izateko beharrezkoak diren programetarako sarbidea eman beharko dute, beste iturri batzuetara jo beharrik izan ez dadin beharrezko aplikazioak lortzeko.
Prozedura xumeak eta doakoak prestatu beharko dituzte, erabiltzaileek noiznahi izan dezaten faktura elektronikoak jasotzeari emandako onarpena baliogabetzeko aukera.
5. Bezeroak, bitarteko elektronikoen bidez, bere fakturak kontsultatzeko duen aldia, 2.1 b) artikuluak ezartzen duena, ez da aldatzen bezeroak enpresarekin zuen kontratua indargabetu duelako edo faktura elektronikoak jasotzeko onarpena baliogabetu duelako. Ez da arrazoi horregatik iraungitzen aurrez jaulkitako fakturetara sartzeko eskubidea ere.
6. Horretara beharturik egonda, beren erabiltzaileei faktura elektronikoak jasotzeko aukera eskaintzen ez dieten enpresek edo jada bezero ez diren pertsonei beren fakturetara sartzea galarazten dietenek zigor-ohartarazpena jasoko dute edota 10.000 euro arteko isuna jarriko zaie. Zigorra sinadura elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 33. artikuluan ezarritako irizpideen arabera zehaztu eta graduatuko da.
Zigor berbera ezar liezaieke publikoari munta ekonomiko bereziko zerbitzuak ematen dizkieten enpresei, 2.1 artikuluan aurreikusitako gainerako obligazioak betetzen ez badituzte.
Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizarterako Estatu Idazkaritzak du zigor hori ezartzeko eskumena.» Bi. 2 ter artikulu berri bat sartzen da, honela idatzita:
«2 ter artikulua. Faktura elektronikoaren eraginkortasun betearazlea.
1. Faktura elektronikoa zordunketa helbideratu bidez ordaindu ahalko da dagokion luzapenean zordunaren ordainketa-kontua identifikaturik badago eta, eranskin batean, ordainketa zerbitzuei buruzko azaroaren 13ko 16/2009 Legean adierazten den zordunaren adostasuna egiaztatzen duen dokumentua atxikitzen bada.
2. Faktura elektronikoak betearazleak izango dira bi aldeek berariaz hala adosten badute. Kasu horretan, fakturan islatu beharko da bere titulu betearazle izaera eta, eranskin batean, bi aldeek izenpetutako akordioa atxikiko da, zeinaren indarrez zordunak onartzen duen eraginkortasun betearazlea duela faktura bakoitzak. Aipatutako akordioan, fakturaren jaulkipena eragin duen azpiko harremanari egingo zaio erreferentzia.
Baldintza horiek betetzen dituen faktura bat ez ordaintzeak –era frogagarrian egiaztatu beharko da, edo, bestela, helbideratze-erakundeak kasurako egindako adierazpenaren bidez– eskumena ematen dio hartzekodunari fakturaren ordainketa premiaz eska dezan urtarrilaren 7ko Prozedura Zibilaren 1/2000 Legeko 517. artikuluan aurreikusitako ekintza betearazleren bat egikaritzearen bitartez.
3. Kontsumitzaile eta erabiltzaileekiko harremanetan, faktura elektronikoak ezingo du eraginkortasun betearazlerik eduki.
4. Artikulu honetan xedatutakoa ezingo zaio aplikatu hartzaile gisa sektore publikoa osatzen duten organo, organismo eta erakundeak dituzten fakturen ordainketari.» Azken xedapenetako hirugarrena. Azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina aldatzea.
Bat. Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 3. artikuluaren 2. paragrafoko f) idatz-zatia kentzen da.
Bi. Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 41. artikuluaren 2. paragrafoa kentzen da.
Hiru. Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 65. artikuluaren 1. paragrafoa aldatzen da eta honela geratzen da idatzita:
«65. artikulua. Sailkapenaren galdagarritasuna eta eraginak.
1. Galdagarria izango da enpresaburuak Herri-administrazioen obrakontratista edo zerbitzu-kontratista gisa sailkatuta egotea, eta eraginak izango ditu ondorengo kasu eta baldintzetan kontratatzeko haien kaudimena egiaztatzeko orduan:
a) 500.000 euro edo hortik gorako balio estimatua duten obren kontratuetarako ezinbesteko betebeharra izango da enpresaburua Herri-administrazioen obrakontratista gisa behar bezala sailkatuta egotea. Esandako kontratuetarako, enpresaburua kontratuaren xedearen arabera dagokion taldean edo azpitaldean kontraturako exijitzen den kategoriarekin edo garaiagoarekin sailkatuta egoteak egiaztatuko ditu bere kaudimen-baldintzak.
500.000 eurotik beherako balio estimatua duten obren kontratuetarako, enpresaburua kontratuaren xedearen arabera dagokion taldean edo azpitaldean sailkatuta egoteak egiaztatuko ditu bere ekonomia- eta finantza-kaudimena eta kontratatzeko gaitasun teknikoa. Kasu horietan, enpresaburuak bi modutara egiaztatu ahal izango du bere kaudimena: kontratuari dagokion taldean edo azpitaldean obra-kontratista gisa sailkatuta egotearen bitartez, edota lizitazioaren iragarkian edo prozeduran parte hartzeko gonbidapenean galdatzen diren eta kontratuaren agirian zehazturik datozen berariazko kaudimen-baldintzak betetzen direla egiaztatuz. Horien faltan, kaudimenaren egiaztapena kontratuaren izaeraren, xedearen eta balio estimatuaren arabera erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan eta bitartekoekin egin beharko da; baldintza eta bitarteko horiek izaera gehigarria izango dute kontratuaren agirietan jasota daudenekiko.
b) Zerbitzuen kontratuetarako ez da galdagarria izango enpresaburuaren sailkapena. Lizitazioaren iragarkian edo prozeduran parte hartzeko gonbidapenean eta kontratuaren agirietan zehaztuko dira ekonomia- eta finantza-kaudimeneko eta gaitasun tekniko edo profesionaleko gutxieneko irizpideak eta betebeharrak, bai Legearen 75 eta 78. artikuluetan ezarritakoari dagokionez, bai sailkapeneko talde edo azpitaldeen barruan, eskatzekoa den gutxieneko kategoriari dagokionez, betiere kontratuaren xedea indarrean den sailkapeneko talde edo azpitalderen baten sailkapen-eremuan sartzen bada. Horretarako, kontratuaren CPV kodea hartuko da aintzat. Kasu horietan, enpresaburuak bi modutara egiaztatu ahal izango du bere kaudimena: kontratuari dagokion taldean edo azpitaldean sailkatuta egotearen bitartez, edota lizitazioaren iragarkian edo prozeduran parte hartzeko gonbidapenean eskatzen diren eta kontratuaren agirietan zehazturik datozen berariazko kaudimen-baldintzak betetzen direla egiaztatuz. Horien faltan, kaudimenaren egiaztapena kontratuaren izaeraren, xedearen eta balio estimatuaren arabera erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan eta bitartekoekin egin beharko da; baldintza eta bitarteko horiek izaera gehigarria izango dute kontratuaren agirietan jasota daudenekiko.
c) Sailkapena ez da ez galdagarria ez aplikatzekoa izango gainerako kontratu motetarako. Kontratu horietarako galdatzen diren berariazko kaudimen-baldintzak lizitazioaren iragarkian edo prozeduran parte hartzeko gonbidapenean adieraziko dira, eta kontratuaren agirietan zehaztuko dira. Erregelamendu bidez ezarri ahalko dira, kontratuaren agirietan zehaztutako bitarteko eta baldintzarik ezean, kontratuaren izaera, xedea eta balio estimatua aintzat harturik, kontratu horiek gauzatu ahal izateko kaudimena egiaztatuko duten bitartekoak eta baldintzak.» Lau. Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 75. artikulutik 78.ra artekoak aldatu dira eta honela geratu dira idatzita:
«75. artikulua. Ekonomia- eta finantza-kaudimenaren egiaztapena.
1. Enpresaburuaren ekonomia- eta finantza-kaudimena ondorengo bitarteko hauetako baten edo batzuen bitartez egiaztatu beharko da, kontratazio-organoak egindako aukeraren arabera:
a) Urteko negozio-bolumenak –edo kontratuari dagokion eremuko urteko negozio-bolumenak– lizitazioaren iragarkian edo prozeduran parte hartzeko gonbidapenean eta kontratuaren agirietan eskatutako zenbatekoa –edo, haren faltan, erregelamenduz ezarritakoa– berdindu edo gainditu beharko du.
b) Egoki den kasuetan, arrisku profesionalak estaltzeko kalte-ordain aseguru bat edukitzearen egiaztagiria, lizitazioaren iragarkian edo prozeduran parte hartzeko gonbidapenean eta kontratuaren agirietan eskatutako zenbatekoa –edo, haren faltan, erregelamenduz ezarritakoa– berdindu edo gaindituko duena.
c) Ondare garbiak –edo, urteko kontuak onartuta izateko obligazioak harrapatzen duen azken ekitaldi ekonomikoaren itxierako aktiboen eta pasiboen arteko ratioak– lizitazioaren iragarkian edo prozeduran parte hartzeko gonbidapenean eta kontratuaren agirietan eskatutako zenbatekoa –edo, haren faltan, erregelamenduz ezarritakoa– berdindu edo gainditu beharko du.
2. Enpresaburuaren ekonomia- eta finantza-kaudimenaren nahikotasuna dokumentalki egiaztatzeko, kasu bakoitzerako erregelamenduaren arabera zehazten diren ziurtagiriak eta dokumentuak aurkeztu beharko dira. Nolanahi ere, Herri-administrazioen Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialean izena emanda egoteak egiaztatuko ditu, sektore publikoko kontratazio-organo guztien aurrean, berorretan islatuaren arabera eta kontrakorik frogatu ezean, enpresaburuaren ekonomia- eta finantza-kaudimenaren baldintzak.
3. Lizitazioaren iragarkian edo prozeduran parte hartzeko gonbidapenean eta kontratuaren agirietan zehaztuko dira, artikulu honetan biltzen direnetatik, zein bitarteko onartzen diren kontratua esleitzea bilatzen duten enpresaburuen ekonomia- eta finantza-kaudimena egiaztatzeko; horretarako, haietako bakoitzaren gutxieneko zenbatekoa zehaztu beharko da, eurotan adierazita. Halakorik ezean, ekonomia- eta finantza-kaudimenaren egiaztapena Legearen 65. artikuluaren 1. paragrafoan eragin horietarako xedatutakoaren arabera egingo da.
76. artikulua. Gaitasun teknikoa obra-kontratuetan.
1. Obra-kontratuetan, enpresaburuaren gaitasun teknikoa ondorengo bitarteko hauetako baten edo batzuen bitartez egiaztatu beharko da, kontratazio-organoak egindako aukeraren arabera:
a) Azken hamar urteetako ibilbidean gauzatutako obren zerrenda, obra garrantzizkoenak ongi egikaritu zirela bermatzen duten ziurtagiriekin; esandako ziurtagiri horietan obren zenbatekoa adieraziko da, zer data eta tokitan egikaritu ziren, eta lanbideari dagozkion arauak errespetatuz gauzatu ote ziren eta ongi amaitu ziren ere zehaztuko da; behar izanez gero, ziurtagiri horiek zuzenean jakinaraziko dizkio agintaritza eskudunak kontratazio-organoari.
Eragin horietarako, obra-kontratistaren eskumendeko atzerriko sozietate batek gauzatutako obrak kontratistak berak zuzenean egin balitu bezala balioetsiko dira, betiere, kontratistak baldin badauka, zuzenean edo zeharka, esandako sozietatearen kontrola, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera. Kontratista partaide den atzerriko sozietate batek gauzatutako obrak direnean, baina aurreko baldintza hori bete gabe, kontratistak atzerriko sozietatearen kapital sozialean duen partaidetzaren proportzio berean baino ez da onartuko esandako sozietateak gauzatutako obra kontratistaren esperientzia modura.
b) Adierazpen bat, non azalduko diren enpresak obrak burutzeko dituen teknikariak edo unitate teknikoak, enpresa barrukoak izan edo ez, bereziki, kalitatekontroleko arduradunak, beroriei dagozkien egiaztagiri guztiekin.
c) Enpresaburuaren eta enpresako zuzendaritzako kideen titulu akademikoak eta profesionalak, partikularki, obren arduradunarenak edo arduradunenak.
d) Egoki den kasuetan, enpresaburuak kontratua egikaritzean aplikatu ahalko dituen ingurumen-kudeaketako neurriak adieraziko dira.
e) Enpresaren urteko batez besteko langile kopuruari eta azken hiru urteetan izan dituen zuzendaritza-taldeen garrantziari buruzko adierazpena, dagozkien justifikazio-agiri guztiekin.
f) Obrak gauzatzeko izango dituen makineria, material eta ekipamendu teknikoak deskribatzen dituen adierazpena, dagozkien dokumentazio eta egiaztagiri guztiekin.
2. Lizitazioaren iragarkian edo prozeduran parte hartzeko gonbidapenean eta kontratuaren agirietan zehaztuko dira, artikulu honetan biltzen direnetatik, zein bitarteko onartzen diren kontratua esleitzea bilatzen duten enpresaburuen gaitasun teknikoa egiaztatzeko, behar izanez gero, haietako bakoitzarentzat eskatuko diren gutxieneko balioak berariaz adierazi beharko direlarik. Halakorik ezean, gaitasun teknikoaren egiaztapena Legearen 65. artikuluaren 1. paragrafoan eragin horietarako xedatutakoaren arabera egingo da.
77. artikulua. Gaitasun teknikoa hornidura-kontratuetan.
1. Hornidura-kontratuetan, enpresaburuen gaitasun teknikoa ondorengo bitarteko hauetako baten edo batzuen bitartez egiaztatu beharko da, kontratazioorganoak egindako aukeraren arabera:
a) Azken bost urteetan egindako hornidura nagusien zerrenda, berorien zenbatekoa, datak, eta hartzaile publiko edo pribatuak zehazturik direla. Hartzailea sektore publikoko erakundea denean, organo eskudunak emandako edo ikusonetsitako ziurtagirien bidez egiaztatuko dira egindako hornidurak; hartzailea erosle pribatua denean, berak emandako ziurtagiri baten bidez, eta, ziurtagirik ez badago, enpresaburuaren aitorpen baten bidez.
b) Kontratua gauzatzeko enpresak dituen teknikarien edo unitate teknikoen azalpena, enpresa barrukoak izan edo ez, bereziki, kalitate-kontroleko arduradunena.
c) Enpresako instalazio teknikoen, kalitatea bermatzeko erabilitako neurrien, eta azterketa- eta ikerketa-bitartekoen deskribapena.
d) Sektore publikoko erakunde kontratatzaileak egindako kontrola, edo, haren izenean, enpresaburua kokatuta dagoen Estatuko organismo ofizial gaitu batek eginikoa, betiere, organismo horren adostasuna tarteko dela, hornitu beharreko produktuak konplexuak direnean edo, salbuespenez, egiteko berezi bati erantzun behar diotenean. Kontrol horretan, enpresaburuaren ekoizpen-ahalmena ez ezik, beharrezkoa bada, hark dituen azterketa- eta ikerketa-bitartekoak eta kalitatea kontrolatzeko erabiltzen dituen neurriak ikuskatuko dira.
e) Hornitu beharreko produktuen laginak, deskribapenak eta argazkiak, benetakoak direla ziurtatu beharko direnak, sektore publikoko erakunde kontratatzaileak hala eskatuz gero.
f) Kalitate-kontrolaz arduratzen diren gaitasun aitortuko erakunde edo zerbitzuek jaulkitako ziurtagiriak, non arau edo espezifikazio jakin batzuei erreferentzia eginik, xehetasun guztiekin, produktuen kalitatea egiaztatuko den.
2. Kokatze- edo instalazio-obrak behar dituzten hornidura-kontratuetan honako hauek ebaluatu ahal izango dira: zerbitzu-ematea edo obren egikaritzea eta zerbitzu horiek emateko edo esandako instalazioak edo obrak gauzatzeko operadore ekonomikoen ahalmena, bereziki, haien ezagutza teknikoak, eraginkortasuna, eskarmentua eta fidagarritasuna aintzat hartuta.
3. Lizitazioaren iragarkian edo prozeduran parte hartzeko gonbidapenean eta kontratuaren agirietan zehaztuko dira, artikulu honetan biltzen direnetatik, zein bitarteko onartzen diren kontratua esleitzea bilatzen duten enpresaburuen gaitasun teknikoa egiaztatzeko, behar izanez gero, haietako bakoitzarentzat eskatuko diren gutxieneko balioak berariaz adierazita, eta, kasua hala denean, produktuen adostasuna egiaztatzeko eskatuko diren arauak edo espezifikazio teknikoak zehaztuta. Halakorik ezean, gaitasun teknikoaren egiaztapena Legearen 65. artikuluaren 1. paragrafoan eragin horietarako xedatutakoaren arabera egingo da.
78. artikulua. Gaitasun tekniko edota profesionala zerbitzu-kontratuetan.
1. Zerbitzu-kontratuetan, enpresaburuen gaitasun teknikoa edo profesionala balioesteko haien ezagutza teknikoak, eraginkortasuna, eskarmentua eta fidagarritasuna hartuko dira aintzat eta, kontratuaren xedearen arabera, ondorengo bitarteko hauetako baten edo batzuen bitartez egiaztatu beharko dira horiek guztiak, kontratazio-organoak egindako aukeraren arabera:
a) Azken bost urteetan egindako zerbitzu edo lan nagusien zerrenda, berorien zenbatekoa, datak, eta hartzaile publiko edo pribatuak zehazturik direla. Hartzailea sektore publikoko erakunde bat denean, organo eskudunak jaulkitako edo ontzat emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko dira egindako zerbitzuak edo lanak; hartzailea subjektu pribatu bat denean, berorrek luzatutako ziurtagiriaren bitartez eta, halakorik ezean, enpresaburuaren adierazpen baten bidez; behar izanez gero, ziurtagiri horiek zuzenean jakinaraziko dizkio agintaritza eskudunak kontratazioorganoari.
b) Kontratuan parte hartzen duten teknikarien edo unitate teknikoen azalpena, enpresa barrukoak izan edo ez, bereziki, kalitate-kontroleko arduradunena.
c) Enpresako instalazio teknikoen, enpresaburuak kalitatea bermatzeko erabilitako neurrien, eta azterketa- eta ikerketa-bitartekoen deskribapena.
d) Zerbitzu edo lan konplexuak direnean edo, salbuespenez, egiteko berezi bati erantzun behar diotenean, kontratazio-organoak egindako kontrola, edo, haren izenean, enpresaburua kokatuta dagoen Estatuko organismo ofizial edo homologatu gaitu batek egina, betiere, organismo horren adostasuna tarteko dela. Kontrol horretan, enpresaburuaren gaitasun teknikoa ez ezik, beharrezkoa bada, hark dituen azterketa- eta ikerketa-bitartekoak eta kalitatea kontrolatzeko neurriak ikuskatuko dira.
e) Enpresaburuaren eta enpresako zuzendaritzako kideen titulu akademikoak eta profesionalak eta, partikularki, kontratua gauzatzeko erantzukizuna dutenenak.
f) Egoki den kasuetan, enpresaburuak kontratua egikaritzean aplikatu ahalko dituen ingurumen-kudeaketako neurriak adieraziko dira.
g) Enpresaren urteko batez besteko langile kopuruari eta azken hiru urteetan izan dituen zuzendaritza-taldeen garrantziari buruzko adierazpena, dagozkien justifikazio-agiri guztiekin.
h) Lanak edo prestazioak gauzatzeko izango dituen makineria, material eta ekipamendu teknikoak deskribatzen dituen adierazpena, dagozkien dokumentazio eta egiaztagiri guztiekin.
i) Enpresaburuak azpikontratatzeko asmoa izan dezakeen kontratuaren zatiari dagokion adierazpena.
2. Lizitazioaren iragarkian edo prozeduran parte hartzeko gonbidapenean eta kontratuaren agirietan zehaztuko dira, artikulu honetan biltzen direnetatik, zein bitarteko onartzen diren kontratua esleitzea bilatzen duten enpresaburuen gaitasun teknikoa egiaztatzeko, behar izanez gero, haietako bakoitzarentzat eskatuko diren gutxieneko balioak berariaz adierazita, eta, aplikatzekoa denean, titulazio akademikoak edo profesionalak, azterketa- eta ikerketa-bitartekoak, kalitatekontrolak, gaitasun teknikoaren ziurtagiriak, makineria, tresneriak eta instalazioak, eta eskatzen diren ingurumen-kudeaketako ziurtagiriak zehazturik direla. Halakorik ezean, gaitasun teknikoaren edo profesionalaren egiaztapena Legearen 65. artikuluaren 1. paragrafoan eragin horietarako xedatutakoaren arabera egingo da.» Bost. 79 bis artikulu berri bat sartzen da Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginean, honela idatzita:
«79 bis artikulua. Kaudimeneko baldintza eta irizpideen zehaztapena.
Kontratu baterako eskatzen diren ekonomia- eta finantza-kaudimeneko eta gaitasun tekniko edo profesionaleko gutxieneko baldintzen zehaztapena eta berorien egiaztapena egiteko onartzen diren bitartekoena kontratazio-organoak egingo du, eta lizitazioaren iragarkian edo prozeduran parte hartzeko gonbidapenean adierazteaz gainera, kontratuaren agirietan xehatuko da, berorietan zehaztuko baitira eskaintzaile edo hautagaiak onartzea edo baztertzea ekarriko duten magnitudeak, parametro edo ratioak eta gutxieneko maila edo balioak. Horiek ezean, dagokion kontratu motarako erregelamenduz ezarritakoak aplikatuko dira, eta hauek ere izaera gehigarria izango dute agirietan zehaztu ez direnekiko.
Nolanahi ere, enpresaburua talde edo azpitalde jakin batean sailkatuta egotea bere kaudimenaren froga nahikotzat hartuko da, baldin eta kontratuaren xedea esandako talde edo azpitaldearen aktibitate- edo lan-eremuan sartzen bada, eta berorren urteko batez besteko zenbatekoa bere taldeko edo azpitaldeko sailkapenkategoriari dagokionaren berdina edo txikiagoa bada. Eragin horretarako, lizitazioaren iragarkian edo prozeduran parte hartzeko gonbidapenean eta kontratuaren agirietan zehaztuko dira kontratuaren xedeari dagozkion Kontratu Publikoen Izendegi Bateratuko (CPV) kodea edo kodeak, horiek erabakiko baitute, baldin badago, kontratuari dagokion sailkapeneko taldea edo azpitaldea.
Erregelamendu bidez salbuetsi ahal izango da ekonomia- eta finantzakaudimena edo gaitasun tekniko edo profesionala egiaztatu beharra, kopuru jakin bateko zenbatekoa gainditzen ez duten kontratuen kasuan.» Sei. Lehen xedapen gehigarri bis bat gehitu zaio Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginari, eta honela geratu da idatzita:
«Lehen xedapen gehigarria bis. Estatuko organo konstituzionalen eta autonomiaerkidegoetako legegintza- eta kontrol-organoen kontratazio-araubidea.
Diputatuen Kongresuko, Senatuko, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko, Konstituzio Auzitegiko, Kontuen Auzitegiko, Arartekoaren, Autonomia Erkidegoetako Legebiltzarretako eta autonomietan Kontuen Auzitegiaren eta Arartekoaren baliokide diren erakundeetako organo eskudunek Lege honetan Herriadministrazioentzat ezarritako arauetara doituko dute beren kontratazioa.
Era berean, Gorte Nagusietako organo eskudunek finkatuko dute, beren kontratazio-esparruari dagokionez, Lege honetako I. liburuko I. tituluko VI. kapituluan araututako errekurtso bereziaz zer organo arduratuko den, esandako Kapituluan aurreikusitako kualifikazio-, independentzia- eta mugiezintasun-baldintzak errespetatuz.» Zazpi. Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren hamaseigarren xedapen gehigarriko f) paragrafoaren aldaketa:
«f) Administrazio-organoen edo enpresa lizitatzaileen edo kontratisten egintza eta borondate-adierazpen guztiak, ondorio juridikoak dituztenak eta kontratazio-prozeduran zehar jaulkitzen direnak, sinadura elektroniko aurreratu baten bidez kautotu behar dira, Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen arabera. Erabiltzen diren bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoek bermatu behar dute sinadura arau honetako xedapenekin bat datorrela.
Aurreko hori gorabehera, kontratazio-prozeduretan jaulkitzen diren faktura elektronikoak, puntu honetan, faktura elektronikoa sustatzeko eta sektore publikoan fakturen kontularitza-erregistroa sortzeko 25/2013 Legean xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.» Zortzi. Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko laugarren xedapen iragankorra aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
«Laugarren xedapen iragankorra. Enpresen sailkapena zein kasutan galda daitekeen eta gutxieneko kaudimen-betekizunak zehaztea.
Lege honen 65. artikuluaren 1. paragrafoak mugatzen dituenez aurretiazko sailkapenaren aplikazio- eta galdagarritasun-eremuak, obra-kontratuak eta zerbitzukontratuak zein talde, azpitalde eta kategoriatan sailkatuko diren zehaztuko duten lege honen garapen-arauetan ezarritakoaren arabera sartuko da indarrean. Ordura arte, indarrean jarraituko du Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legearen testu bateginaren 25. artikuluaren 1. paragrafoko 1. lerrokadak.
Faktura Elektronikoa Sustatzeko eta Sektore Publikoan Fakturen Kontularitzaerregistroa sortzeko Legearen eraginez Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 75, 76, 77 eta 78. artikuluen idazketa berria eta esandako testu bategineko 79. bis artikulua Lege hau garatzeko erregelamenduzko arauetan ezartzen denaren arabera jarriko dira indarrean, berorietan zehaztuko baitira kontratu mota desberdinetarako izaera gehigarriz ezarriko diren betebeharrak, irizpideak eta egiaztapen-bitartekoak.
Aurrekoa gorabehera, sailkapena ezin izango da eskatu 500.000 euro baino gutxiagoko balio estimatua duten obra-kontratuetan, ez-eta 200.000 eurotik beherako balio estimatua duten zerbitzu-kontratuetan ere.» Azken xedapenetako laugarrena. Ekintzaileei eta haien nazioartekotzeari laguntzeko irailaren 27ko 14/2013 Legearen aldaketa.
Bat. Xedapen indargabetzailearen d) idatz-zatia aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
«d) Inbertsioa eta enplegua sortzea sustatzeko zerga- eta lan-jarduerari eta jarduera liberalizatzaileei buruzko abenduaren 3ko 13/2010 Errege Lege Dekretuaren 5. artikuluko Bat paragrafoko a) idatz-zatitik e) arterainokoak, biak barne, Bi paragrafoko a) eta b) idatz-zatiak eta Hiru paragrafoa.» Bi. Azken xedapenetako hamahirugarrenaren g) idatz-zatia aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
«g) 35. artikuluan aurreikusitakoa, elkarren bermerako sozietateen kapital sozial ordainduaren eta baliabide propio konputagarrien gutxieneko zifrarako eskatzen den zenbatekoari dagokiona, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik 9 hilabetera sartuko da indarrean.» Azken xedapenetako bosgarrena. Eskumen-titulua.
Lege honek oinarrizko izaera du eta Espainiako Konstituzioaren 149.1.6, 149.1.8, 149.1.13, 149.1.14 eta 149.1.18 artikuluen babesean eman da.
Azken xedapenetako seigarrena. Erregelamendu bidezko garapena.
Erregelamendu bidez, Ogasun eta Herri Administrazio ministroak zehaztuko ditu bai fakturen kontularitza-erregistroaren eta bai faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorraren betebehar tekniko eta funtzionalak, sistemen osotasuna, segurtasuna eta elkarren arteko eragingarritasuna bermatzeko xedez.
Azken xedapenetako zazpigarrena. Arauak onartzeko gaikuntza.
Gobernuari, Ogasun eta Herri Administrazio ministroari eta Industria, Energia eta Turismoko ministroari ematen zaie gaitasuna, beren eskumenen esparruan, arauzko xedapenak eman eta beharrezko neurriak ezar ditzaten Lege honetan xedatutakoa garatu, aplikatu eta egikaritu dadin.
Azken xedapenetako zortzigarrena. Indarrean sartzea.
Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hogei egunera sartuko da indarrean. Hala ere:
a) 4. artikulua, faktura elektronikoa aurkezteko obligazioari buruzkoa, 2015eko urtarrilaren 15ean sartuko da indarrean.
b) 9. artikulua, fakturen kontularitza-erregistroan idazpena egiteari buruzkoa, eta azken xedapenetako lehenengoa, Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko abenduaren 18ko 29/1987 Legeko 34. artikuluaren 4. paragrafoa aldatzen duena, 2014ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.
Horrenbestez, Lege hau errespeta dezaten eta errespetaraz dezaten agintzen diet espainiar guztiei, norbanako zein agintari izan.
Madrilen, 2013ko abenduaren 27an.
JUAN CARLOS E.
Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY