2/2013 Errege Lege Dekretua, otsailaren 1ekoa, sistema elektrikoko eta finantza-sektoreko premiazko neurriei buruzkoa
2013-02-01Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2013/2/2, 29. zk.
ESTATUKO BURUZAGITZA
1117
2/2013 Errege Lege Dekretua, otsailaren 1ekoa, sistema elektrikoko eta finantza-sektoreko premiazko neurriei buruzkoa.
Sistema elektrikoaren diru-sarrera gehienak, kostuen partida desberdinak finantzatzeko balio dutenak, elektrizitatearen azken kontsumitzaileei aplikatutako sarbidesarietatik datoz.
Azken urteotan, sistema elektrikoaren kostu partiden goranzko bilakaerak desorekak eragin ditu kostu horien eta araututako prezioetatik lortutako diru-sarren artean. Desorekak zuzentzeko asmoz, 2012an premiazko zenbait neurri hartu ziren, bi partida horiei eragiten zietenak.
Hartutako neurrien artean, jasangarritasun energetikorako neurri fiskalei buruzko abenduaren 27ko 15/2012 Legeak Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legea aldatzen du, eta sistemaren kostuak sarbide-sarietatik eta Estatuko Aurrekontu Orokorretako partidetatik datozen diru-sarrerekin finantzatuko direla ezartzen du.
Energiaren Batzorde Nazionalak abenduaren 20ko 35/2012 txostenean emandako datuek agerrarazi dutenez (2013ko urtarrilaren 1etik aurrera sarbide-sariak eta erregimen bereziko instalazioen tarifak eta primak ezartzen dira txosten horretan), hainbat faktorek eraginda, desbideratze gehiago azaldu dira kostuen eta sarreren kalkuluetan, bai 2012ko itxierarako, baita 2013rako ere, eta, desbideratze horien eraginez, egungo egoera ekonomikoan, ia ezinezkoa izango litzateke kostuei aurre egitea sari elektrikoen kontura eta Estatuko Aurrekontu Orokorretako partiden kontura.
Desbideratze horiek honako arrazoi hauengatik gertatu dira, neurri handi batean:
batetik, erregimen bereziaren kostuak hazkunde handiagoa izan duelako (funtzionamenduorduak aurreikusitakotik gora egon baitira eta ordainketa-balioek gora egin baitute Brentaren kotizazioaren arabera indexatzearen eraginez) eta, bestetik, eskariaren beherakada guztiz nabarmenaren eraginez (ekitaldi honetarako ere aurreikusten dena), sari elektrikoen diru-sarrerek behera egin dutelako.
Kontsumitzaile elektrikoek ordaintzen dituzten sarbide-ordainsariak berriro ere igotzea planteatu izan da. Neurri horrek zuzen-zuzenean eragingo lieke etxeetako ekonomiei eta enpresen lehiakortasunari, eta biak ere egoera makalean daude gaurko egoera ekonomiko honetan.
Hori dela eta, Gobernuak, arazo horri aurre egiteko, kostuak murrizteko premiazko zenbait neurri hartu ditu, kontsumitzaileak beste ahalegin bat egin beharrean egon ez daitezen, eta, modu horretan, kontsumitzaileek ere, kontsumoaren eta inbertsioaren bidez, suspertze ekonomikoan lagun dezaten.
Sektore honen araudian, sektore elektrikoko jardueren ordainsariak eguneratzeko zenbait metodologia Kontsumoko Prezioen Indizearekin (KPI) lotuta daude, eta horretan eragina izan dezakete zergen arloko aldaketek, joan den urtean bereziki garrantzitsuak izan baitziren. Ez da egokia tributu baten gorakadak, aldi berean, sektore elektrikoko ordainsari arautuetan gorakada ekartzea, kostu horiek ez baitaude zuzenean lotuta kontsumoaren gaineko zuzeneko zergapetzearekin.
Horrela, bada, indize egonkorrago bat erabili beharko da, zeinetan elikagai ez-elaboratuen prezioen eta etxean erabiltzeko erregaien prezioen aldakortasunak eraginik izango ez duen; beraz, ordainsariak eguneratzeko KPIa erabiltzen den metodologietan, KPIaren ordez, zerga konstanteen araberako Kontsumoko Prezioen Indizea erabiliko da, elikagai ez-elaboraturik eta etxean erabiltzeko erregairik gabekoa.
Bestetik, ekoizpenaren merkatuko prezioaren aldakortasuna kontuan izanda, erregimen berezian sortutako energia prezio hori osatuko duen prima bidez ordaintzeko aukerak zaildu egiten du helburu bikoitz hau lortzea: batetik, instalazio horietan arrazoizko errentagarritasun bati eustea eta, bestetik, aldi berean, horien gainordainketa saihestea, gainontzeko subjektu elektrikoen gain geldituko bailitzateke. Hori dela eta, beharrezkoa da primadun erregimen ekonomikoa araututako tarifaren aukeran bakarrik oinarritzea.
Dena dela, instalazioen titularrek beren energia nahi bezala saldu ahal izango dute ekoizpen merkatuan, primarik jaso gabe.
Kontuan hartuta jarduerak ordaintzeko KPIarekin lotutako metodologiei eragiten dien aldaketak eta erregimen bereziko instalazioei buruzko aldaketak eragina dutela sistema elektrikoaren diru-sarrerekin finantzatu beharreko kostuetan, beharrezkoa da neurri hauek ahalik eta azkarren hartzea; izan ere, nahitaezkoa da hori urteko aurrekontuak prestatzeko, zeinetan sartuko baita sareetarako sarbide-sariak onartzen dituen Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren agindua, berehala onartu beharko dena ekitaldi honetarako.
Era berean, neurri horiek ahalik eta azkarren hartu beharko dira 2013an ez dadin aurreikusitako kostuetan aldaketarik egon, aldaketa horiek desitxuratu egingo lituzkete agindu horretan kontuan hartutako hipotesiak.
Hori guztia dela eta, bada 1978 abenduaren 27ko Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak xedatutako aparteko eta premiazko beharrizana neurri hauek onartzeko; batetik, krisi ekonomiko egoera honetan kontsumitzaileak babesteko, eta bestetik, sistema elektrikoaren jasangarritasun ekonomikoa bermatzeko. Neurriok berehala indarrean jartzea ezinbestekoa da, arau-aldaketak nahi den eraginkortasuna izan dezan.
Bestetik, bankuen berrantolaketatik datozen aktiboen kudeaketarako sozietatean (SAREB) parte hartu duten aseguru-erakundeen 2012ko ekitaldiko urteko kontuak aurtengo martxoaren 31 baino lehen egiteko asmoz, aseguru-erakundeek SAREBek jaulkitako higiezin-balio edo-eskubideetan egiten duten inbertsioaren erregulazioa jorratzen da.
Hain zuzen ere, hornidura teknikoak estaltzeko ikuspuntutik, aseguru-erakundeen hornidura teknikoak estaltzeko moduko aktiboen artean sartuko dira SAREBek jaulkitako aktibo horiek, eta aktibook baloratzeko arauak eta mugak ezartzen dira; dena dela, muga hori ez da inoiz estali beharreko hornidura teknikoen % 3 baino handiagoa izan.
Aldi berean, inbertsio hauek aseguru-erakundeen kaudimen-tarteari dagokionez duten tratamendua dela-eta, SAREBek jaulkitako aktiboetatik eratorritako plusbalio eta minusbalioen tratamendua jorratzen da. Hain zuzen ere, arau honetan ezartzen denez, gauzatu gabeko plusbalioak, SAREBek jaulkitako aktiboetatik eratorritakoak, ez dira zeinu positiboarekin zenbatuko –kontabilizatuta egon zein ez–, eta ez dira zeinu negatiboarekin kenduko gauzatu gabeko minusbalioak –kontabilizatuta egon zein ez–, SAREBek jaulkitakoak diren aktiboetatik eratorritakoak.
Horrela, bada, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Industria, Energia eta Turismoko eta Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroek proposatuta eta Ministro Kontseiluak 2013ko otsailaren 1ean eztabaidatu ondoren, honako hau XEDATZEN DUT: I. KAPITULUA Sektore elektrikoko kostu batzuk doitzea 1. artikulua. Sistema elektrikoko jardueren ordainsariak, Kontsumoko Prezioen Indizeari lotutakoak, eguneratzea.
Ondorioak 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dituela, sektoreko arautegia aplikatuz sistema elektrikoaren subjektuek jasotzen dituzten ordainsari, tarifa eta primen eguneratzea arautzen duten metodologietan, Kontsumoko Prezioen Indizeari lotutakoetan, indize horren ordez zerga konstanteen araberako Kontsumoko Prezioen Indizea erabiliko da, elikagai ez-elaboraturik eta etxean erabiltzeko erregairik gabekoa.
2. artikulua. Energia elektrikoa erregimen berezian ekoizteko jarduera arautzen duen maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretua aldatzea.
Energia elektrikoa erregimen berezian ekoizteko jarduera arautzen duen maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretua aldatu egin da. Hona hemen aldaketak: Bat. 35. artikuluko 1. eta 2. tauletan, azpitalde guztien erreferentziako primaren balioa aldatu da, eta hemendik aurrera 0 c€/kWh-ko balioa izango du.
Bi. 36. artikuluko 3. taulan, azpitalde guztien erreferentziako primaren balioa aldatu da, eta hemendik aurrera 0 c€/kWh-ko balioa izango du; era berean, goiko mugen eta beheko mugen balioak kentzen dira.
Hiru. Aldatu egiten da 38. artikuluko 1. paragrafoa. Honela geratzen da idatzita:
«38. artikulua. Tarifak b) kategoriako b.2 taldeko instalazioetarako: energia eolikoa.
1. b.2.2 azpitaldeko instalazioetarako, erreferentziako gehieneko tarifa bat ezartzen da, 14,8557c€/kWh-ko baliokoa, jurisdikziopeko uretako instalazio elektrikoetarako eremu bat erreserbatzeko arautzen den lehia-prozedurarako.» Lau. Hona hemen nola geratzen den idatzita 39. artikulua:
«39. artikulua. Tarifak b) kategoriako b.3 taldeko instalazioetarako: geotermikoa, olatuena, mareena, arroka bero eta sikuena, ozeanografikoa, eta itsas korronteena.
36. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, b.3 taldeko instalazioetarako, tarifa bat jasotzeko eskubidea ezarri ahal izango da –instalazio bakoitzerako berariazko bat–, zerbitzuan jartzen denetik lehenengo hamabost urtean.
Tarifa horren kalkulua, instalazio bakoitzerako, VIII. eranskineko eskabideereduan lortutako datuen bidez egingo da.» Bost. 42. artikuluko 4. taulan, talde guztien erreferentziako primaren balioa aldatu da, eta hemendik aurrera 0 c€/kWh-ko balioa izango du.
Sei. Aldatu egiten da 46. artikuluko 1. paragrafoa. Honela geratzen da idatzita:
«1. Zortzigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa galarazi gabe, erregimen arrunteko instalazio termikoek erregai gehigarri gisa biomasa eta/edo biogasa, b.6
eta b.7 taldeetarako kontuan hartutakoak, erabili ahal izango dute, II. eranskinean azaltzen den moduan.
Ministro Kontseiluaren erabaki bidez, autonomia-erkidegoei kontsultatu ondoren, tarifa bat jasotzeko eskubidea ezarri ahal izango da –instalazio bakoitzerako berariazko bat–, zerbitzuan jartzen denetik lehenengo hamabost urtean.
Tarifa horren kalkulua, instalazio bakoitzerako, VI. eranskineko eskabideereduan lortutako datuen bidez egingo da.
Tarifa hori, instalazioak ekoitzitako energia guztia kontuan izanda, biomasari eta/edo biogasari egozgarria zaion ekoitzitako energia elektrikoari baino ez zaio aplikatuko, energia primarioan oinarrituta.» Zazpi. Aldatu egiten da 47. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:
«47. artikulua. Zerbitzua kudeatzen duten enpresen tarifa elektrikoa zehazten duen abenduaren 11ko 1538/1987 Errege Dekretuan ezarritako erregimenaren pean dauden instalazioak.
Industria, Energia eta Turismoko ministroak tarifa bat jasotzeko eskubidea ezarri ahal izango du 10 MW-ko edo gutxiagoko potentzia duten instalazioetarako, baldin eta, aipatutako Sektore Elektrikoaren Legea indarrean sartzean, abenduaren 11ko 1538/1987 Errege Dekretuan (zerbitzua kudeatzen duten enpresen tarifa elektrikoa zehazten duena) ezarritako erregimenaren pean egon badira, eta bertan behar besteko inbertsioa egiten badute energia elektrikoko ekoizpen gaitasuna areagotzeko asmoz.
Horretarako, instalazioaren titularrak eskaera egin beharko dio Industria, Energia eta Turismo Ministerioko Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiari. Eskaerarekin batera, bideragarritasuna eta egin beharreko hobekuntzak justifikatzen dituen proiektu tekniko-ekonomikoa aurkeztu beharko du. Zuzendaritza nagusi horrek ebazpen-proposamen bat egingo du Energiaren Batzorde Nazionalak txostena egin ondoren, eta, hala badagokio, tarifa bat jasotzeko eskubidea emango du, eta tarifa horren zenbatekoa ezarriko.» Zortzi. Zazpigarren xedapen iragankorreko 3. paragrafoa kentzen da.
Bederatzi. Hamargarren xedapen iragankorreko bigarren lerrokada aldatzen da.
Honela geratzen da idatzita:
«Instalazio horiek 2. artikuluko a.1.3 azpitaldean inskribatuko dira, eta tarifaren balioa 14,6773 cent€/kWh-koa izango da, instalazio horietarako 35. artikuluan ezarritakoaren ordez. Tarifa hori instalazioa martxan jartzen denetik gehienez ere 15 urtean jasoko dute.» Hamar. Aldatu egiten da VIII. eranskineko lehenengo lerrokada. Honela geratzen da idatzita:
«39. artikuluan aipatzen den kWh-ko berariazko tarifa eskatzeko, instalazioa zehatz-mehatz deskribatuko duen aurreproiektu bat aurkeztuko da. Aurreproiektu horretan, gutxienez, ondoren zerrendatutako atalak garatuko dira.» 3. artikulua. Energia merkatura saltzeko aukera hautatzea.
Erregimen bereziko instalazioek, errege lege-dekretu hau indarrean sartzen denetik, energia elektrikoa erregimen berezian ekoizteko jarduera arautzen duen maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuaren 24.1 artikuluko b) aukerarekin bat etorriz, energia saltzea aukeratzen badute, gerora, ezin izango diote errege-dekretu horren 24. artikuluko 4. paragrafoan ezarritako aukera-aldaketari heldu.
4. artikulua. Eguzki-teknologia termoelektrikoko instalazio berritzaileen lehiaketako instalazio esleipendunak.
Eguzki-teknologia termoelektrikoko instalazioei, azaroaren 19ko 1565/2010 Errege Dekretuaren (energia elektrikoa erregimen berezian ekoizteko jardueraren gaineko zenbait alderdi arautu eta aldatzen dituena) hirugarren xedapen iragankorrean ezarritako erregimenaren esleipendunak direnei, aplikatzekoa izango zaie Energiaren Estatuko Idazkaritzak norgehiagoka prozeduraren gainean emandako ebazpenean finkatutako ordainsaria.
Primaren balioak eta aplikatu daitezkeen goiko mugak eta beheko mugak 50 MW-ko eguzki-instalazio termoelektrikoetarako balioetatik aurrera kalkulatuko dira –horiek 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera sarbide-sariak eta erregimen bereziko instalazioen tarifak eta primak ezartzen dituen abenduaren 30eko IET/3586/2011 Aginduan argitaratutakoak dira–, ebazpen horretan adierazitako portzentajean murriztuak, eta energia elektrikoa erregimen berezian ekoizteko jarduera arautzen duen maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuaren 44. artikuluan ezarritakoaren arabera eguneratuko dira.
Era berean, instalazio horiei aplikatzekoak izango zaizkie eguzki-teknologia termoelektrikoko instalazioetarako orokorrean ezarritako gainontzeko betekizun eta kontsiderazioak.
II. KAPITULUA Finantza-arloko aldaketak 5. artikulua. Aseguru pribatuak antolatzeko eta ikuskatzeko araudiaren –azaroaren 20ko 2486/1998 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa– aplikazioa, bankuen berrantolaketatik datozen aktiboen kudeaketarako sozietateak (SAREB) jaulkitako akzio arrunten eta mendeko zorraren kaudimen-tartea eta hornidura teknikoak estaltzeari dagokienez.
Aseguru pribatuak antolatzeko eta ikuskatzeko araudiaren ondorioetarako (azaroaren 20ko 2486/1998 Errege Dekretuaren bidez onartu zen araudia), bankuen berrantolaketatik datozen aktiboen kudeaketarako sozietateak (SAREB) jaulkitako higiezin balioak edo eskubideak kostuaren edo kostu amortizatuaren arabera baloratuko dira, Aseguru Erakundeen Kontabilitate Planean definitzen denez. Aktibo horiek hornidura teknikoak estaltzeko gai direla joko da, eta muga ez da estali beharreko hornidura teknikoen % 3
baino handiagoa izango. Kaudimen-tarteari dagokionez, ez dira kontuan hartuko aktibo hauetatik eratorritako gauzatu gabeko plusbalioak edo minusbalioak, kontabilizatuta egon zein ez.
Xedapen gehigarri bakarra. Merkatura saltzeko aukera hartzen duten erregimen bereziko instalazioak.
1. Erregimen bereziko instalazioek, 2013ko urtarrilaren 1etik eta errege lege-dekretu hau indarrean sartu bitartean, maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuaren 24.1
artikuluaren b) aukerarekin bat etorriz, aldiren batean energia saldu badute, Energiaren Batzorde Nazionalak prima likidatuko die aipatutako artikuluko a) idatz-zatiko salmentaaukera hartu izan balute bezala, aldi horretan ekoitzitako energia kontuan izanda.
2. Erregimen bereziko instalazioak, errege lege-dekretu hau indarrean sartzen denean, maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuaren 24.1 artikuluaren b) aukerarekin bat etorriz, energia saltzen ari badira, automatikoki eta ondorioak 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dituela, artikulu horretako a) idatz-zatiko salmenta-aukeraren menpe egongo dira, salbu eta 2013ko otsailaren 15a baino lehen Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiari berariaz jakinarazten badiote b) aukeran jarraitu nahi dutela. Hori eginez gero, aurrerantzean aukera horren pean geratuko dira, errege legedekretu honetan araututako baldintzekin, eta, beraz, gerora ezin izango dira ezein kasutan errege-dekretu horretako 24. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako ahalmenaz baliatu.
Paragrafo honetan ezarritakoa ez zaie aplikatuko azaroaren 19ko 1565/2010 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen iragankorrean ezarritako erregimenaren esleipendunak diren eguzki-teknologia termoelektrikoko instalazioei.
3. Energia saltzeko aukera aldaketari buruzko jakinarazpenak, hau da, 24.1
artikuluko a) aukeratik b) aukerarako aldaketaren jakinarazpenak, errege lege-dekretu hau indarrean sartzen denean ez badira egin, jakinarazpen horiek ez dute eraginik izango.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indargabeturik geratzen dira errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurka diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetako lehena. Eskumen-titulua.
1. Errege lege-dekretu honen 1. artikulutik 4. artikulura bitartean ezarritakoa oinarrizkoa da, Konstituzio Espainolaren 149. artikuluko 1. paragrafoaren 13. eta 25. puntuetan Estatuari esleitutako eskumenen arabera; 149. artikuluaren puntu horiek Estatuari esleitzen baitiote jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa eta meatzeen eta energiaren erregimenaren oinarriak zehazteko eskumen esklusiboa, hurrenez hurren.
2. Era berean, 5. artikuluan xedatutakoa oinarrizkoa da 149.1.11 artikuluan (kreditua, banka eta aseguruak antolatzeko oinarrien gainekoa) Estatuari esleitzen zaizkion eskumenen arabera.
Azken xedapenetako bigarrena. Araugintzako gaikuntza eta erregelamendu bidezko garapena.
Gobernuari eta Industria, Energia eta Turismoko eta Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroei ahalmena ematen zaie errege lege-dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko beharrezko xedapen guztiak eman ditzaten, bakoitzak bere eskumenen esparruan.
Azken xedapenetako hirugarrena. Erregelamenduzko xedapenak aldatzea.
Errege lege-dekretu hau indarrean sartzen den momentutik aurrera, errege legedekretu honetan aldatutako erregelamenduzko arauak aldatu egin ahal izango dira, baina ageri diren arau-erregelamenduari dagokion mailako arauen bitartez aldatu beharko dira.
Azken xedapenetako laugarrena. Indarrean sartzea.
Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan sartuko da indarrean.
Madrilen, 2013ko otsailaren 1ean.
JUAN CARLOS E.
Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY