18/2012 Errege Lege Dekretua, maiatzaren 11koa, finantza-sektoreko higiezin-aktiboak saneatu eta saltzeari buruzkoa
2012-05-11Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2012/5/12, 114. zk.
ESTATUKO BURUZAGITZA
6280
18/2012 Errege Lege Dekretua, maiatzaren 11koa, finantza-sektoreko higiezinaktiboak saneatu eta saltzeari buruzkoa.
Oharturik nolako eragina duen higiezinen sektorearekin lotutako aktiboen okertzeak gure finantza-sistemaren sendotasunean, xede zehatz batekin eman zen finantzasektorearen saneamenduari buruzko otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretua: aipatu okertzeak era negatiboan erasandako kreditu-erakundeen balantzeen saneamendua iristeko presazko neurri batzuk hartzearren.
Higiezin-jarduerarekin lotutako aktibo problematikoek banku-balantzeetan eragindako okertzea estaltzeko xedez otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretuak ezarritako eskakizunak ahalegin handia izan dira kreditu-erakundeentzat 2012ko oraingo ekitaldian, eta ahalegin hori 2013ra hedatuko da, izaera estrukturaleko antolamendu-aldaketei heltzen dieten erakundeentzat.
Hornidurak eta kapitala indartzeko aipatu errege lege-dekretuak ezarritako neurriek harrera ona izan zuten, bai merkatuetan parte hartzen dutenen aldetik, bai nazioarteko finantza-erakundeen aldetik.
Horregatik, otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretuak markatutako ildo berean, zeinaren helburuak baitira espainiar finantza-sektorearen normalizazioa zailtzen ari diren zalantzak uxatzea eta aurrezkia benetako ekonomiara bideratzeko sektore horrek duen funtzioa berreskuratzea, errege lege-dekretu honek han ezarritakoez besteko estalduraeskakizun gehigarri batzuk ezartzen ditu I. kapituluan, higiezin-jarduerarekin lotutako eta egoera normalekotzat sailkatutako finantziazioen okertzeagatik. Eskakizun berri hauek, aurrekoen antzera, behin bakarrik ezartzen dira, eta modu berezian, finantziazio mota desberdinen arabera.
Erabilitako metodologiak nazioarteko kontabilitate-arauetan jasotako irizpidea errespetatzen du; izan ere, helburu dituen aktiboei dagokienez, hurbildu egin nahi ditu erakundeetako finantza-egoeretan islatzen direnen aldean aktibook ageri dituzten merkatuko itxaropen apalagoak, aktibook merkatuko kapitalizazio dezente apalagoak baitituzte beren balio teoriko kontableen aldean; horregatik, jasandako galera aitortzea aurreikusten da, baldin eta aktibo baten zenbateko berreskuragarria aktiboak liburuetan duen balioa baino apalagoa bada, aintzat hartu beharreko gutxieneko galeraren presuntzio huts bat sartuz.
Bestalde, beharrezkoak diren xedapenak ezartzen dira eskakizun berriak otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretuan ezarritako epeekin koherenteki betetzea ziurtatzeko, eta, horretarako, kreditu-erakundeek plan bat aurkeztu beharko diote Espainiako Bankuari, ez hurrengo ekainaren 11 baino beranduago, eta, han, eskakizunak betetzeko hartu asmo dituzten neurriak zehaztuko dituzte.
Halaber, otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretuan xedatutakoarekin koherentzian, horniduren gaineko eskakizun berriak betetzeko epea malgutzeko mekanismo bat ezarri da integrazio-prozesuei ekin behar dieten erakundeentzat, zeinek hamabi hileko epea izango baitute dagokion prozesua baimentzen denetik kontatuta. Integrazio-prozesuen proiektuen aurkezpenean eraginkortasunik ezak saihesteko (errege lege-dekretu honetan ezarritako eskakizun berrien ondorioz sor litezkeen proiektuak direla eta), datorren ekainaren 30 arte luzatzen da lehen aipatutako errege lege-dekretuan aipatutako proiektuok aurkezteko aurreikusitako epea.
Baldin eta kreditu-erakundeek, higiezinen arriskua estaltzeko eskakizun berriak betetzeko, beren kaudimena okertzen badute, eta, hala, beren kapital nagusia edo beren baliabide propioak defizitario bihurtzen badituzte, errege lege-dekretu honetan aurreikusitakoa bermatuko duten neurri alternatiboak aurreikusi beharko dituzte beren betetze-planean. Zehazki, Espainiako Bankuak, erakundeen egoera ekonomikofinantzarioa ikusita hala baderitzo, erakundeek finantza-laguntza publikoa eskatu beharko dute Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsaren esku-hartzearen bitartez, eta erakunde horrek baliabideak txertatu ahal izango ditu kreditu-erakundeetan, dela kapital arrunta erosita, dela kapital bihur litezkeen beste tresna batzuk erosita.
Aktibo higiezinak bakartzeko eta haiei merkatuan irteera emateko xedez, aktibook erakundeen balantzean integratzea oztopo baita kreditua bere onera itzul dadin, kapitalsozietate batzuk eratzea aurreikusten da II. kapituluan, eta, haietan, honako hauek kokatu beharko dituzte kreditu-erakundeek: higiezinen sustapenerako lurzoruarekin eta higiezinen eraikuntzarekin edo sustapenarekin lotutako zorren ordainetan esleitutako edo jasotako higiezin guztiak. Horretarako, bermatu behar da haien balioespena merkatuaren errealitatera egokitua izatea eta aipatu sozietateen kudeaketa profesionala izan dadila.
Era berean, Errege Lege Dekretuak beharrezkoak diren arauak ezartzen ditu aktiboen kudeaketarako sozietateen eraketan egiten diren eragiketen neutraltasun fiskala bermatzeko. Aktibo higiezinen salmenta suspertzeko helburuarekin, eta sozietateen gaineko zergari, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari dagokienez, zerga-salbuespen partzial bat sartzen da hiri-ondasun higiezinen eskualdatzetik datozen errentetan, Errege Lege Dekretu hau indarrean sartzen denetik 2012ko abenduaren 31 arte, baldintza jakin batzuk betetzen direnean.
Azkenik, murriztu egiten dira finantza-erakundeak saneatzeko eta berregituratzeko eragiketen ondoriozko aktibo finantzario edo higiezinen eskualdatzeetan aplikatu beharreko notario- eta erregistro-zergak. Azken finean, errege lege-dekretu honetan aurreikusitako neurriek eta, zehazki, hornidura-eskakizun gehigarriek sendotu egiten dute finantza-sektorearen kaudimena, eta saneatu egiten dituzte haren balantzeak. Horrek indartu egingo du gure finantza-sistemak egungo testuinguruan duen sinesgarritasuna, eta, aldi berean, egonkortasun finantzarioa lagun dezake, bai sektorean, bai ekonomia nazional osoan. Horregatik jo behar da errege lege-dekretuaren prozedurara aipatu neurriak ezartzeko, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baldintzak betez neurrion aparteko eta berehalako premiari dagokionez.
Hala, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Ekonomia eta Lehiakortasun ministroak eta Ogasun eta Herri Administrazio ministroak proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2012ko maiatzaren 11ko bileran eztabaidatu ondoren, XEDATZEN DUT: I. KAPITULUA Kreditu-erakundeak saneatzea 1. artikulua. Kreditu-erakundeen balantzeak saneatzeko neurriak.
1. Higiezinen sustapenerako lurzoruarekin eta higiezinen eraikuntzarekin edo sustapenarekin lotutako finantziazioek (finantza-sektorearen saneamenduari buruzko otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretuko 1.2 artikuluak aipatzen dituen kredituerakundeek eta kreditu-erakundeen talde finkagarriek Espainian duten jarduerari dagozkionek) 2011ko abenduaren 31n zuten saldo biziari dagokionez, behin bakarrik eratuko dira errege lege-dekretu honen eranskinean adierazten diren estaldurak, arau hartan ezarrita daudenen gehigarritzat. Aipatu estalduren zenbatekoa otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretuko 1.2 artikuluan aurreikusitako eran erabili ahal izango da.
2. Baldin eta 2013ko abenduaren 31rako aipatu estalduren zenbatekoak ez badira osorik aplikatu lehen adierazitako xederako, haien saldo soberakina Espainiako Bankuak erabakitako aktiboen estaldurara zuzenduko da, hala badagokio.
2. artikulua. Betetze-epea.
1. Kreditu-erakundeek eta kreditu-erakundeen talde finkagarriek 2012ko abenduaren 31 baino lehen bete beharko dute errege lege-dekretu honetako 1. artikuluan aurreikusitakoa.
2012ko ekitaldian integrazio-prozesuak egiten dituzten kreditu-erakundeek, prozesuok eraldaketa esanguratsua badakarte talde berekoak ez diren erakunde batzuetara, hamabi hileko epea izango dute, nahitaezko baimena eskuratzen dutenetik, errege lege-dekretu honetako 1. artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, betiere integrazio horrek Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsa partaide nagusi den edo behin-behineko administratzaile izendatu duten erakundeetan eraldaketa estrukturalak egiteko edo erakundeok erosteko eragiketak badakartza, kreditu-erakundearen gobernu korporatiboa hobetzeko neurriak baditu barne, higiezinen arriskuekin lotutako aktiboen desinbertsioplan bat jasotzen badu, eta familiei eta enpresa txiki eta ertainei kreditua handitzeko konpromisoa badakar.
2. Hartarako, kreditu-erakundeek eta kreditu-erakundeen talde finkagarriek plan bat aurkeztuko diote Espainiako Bankuari, 2012 ekainaren 11 arte, eta, han, errege legedekretu honetako 1. artikuluan aurreikusitakoa betetzeko hartu asmo dituzten neurriak zehaztuko dituzte, higiezin-arriskuekin lotutako aktiboen desinbertsio-programa bat eta hura gauzatzeko egutegi bat barne.
Baldin eta, planaren ondorioz, kreditu-erakundeak edo kreditu-erakundeen talde finkagarriak, behin errege lege-dekretu honetako 1. artikuluan eskatutako hornidurak eraturik, defizita izan badezakete kapital nagusian edo baliabide propio konputagarrietan, defizit hori ez izateko hartu asmo dituzten neurriak jaso beharko dituzte aipatu planean, eta neurriok gauzatzeko epea ezingo da izan bost hiletik gorakoa.
3. Espainiako Bankuak hamabost egun baliodunen barruan onartu beharko du aurkeztutako plana, eta errege lege-dekretu honetan aurreikusitakoa betetzea bermatzeko beharrezko jotzen dituen aldaketak edo neurri osagarriak ere eska ditzake.
Zehazki, Espainiako Bankuak aztertuko du ea zer probabilitate den kreditu-erakundeak edo kreditu-erakundeen talde finkagarriak aurreikusitako neurriak aurreikusitako epean bete daitezen, eta, beharrezko baderitzo, inguruabar guztiak ikusita, neurri gehigarri batzuk ezar ditzake, eta, hor, Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsari laguntza finantzarioa eskatzea sartzen da barne; laguntza hori ematea bankuen berregituraketari eta kreditu-erakundeen baliabide propioak indartzeari buruzko ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuko 9.3 eta 10.3 artikuluetan xedatutakoari egokituko zaio.
4. Erakundeak eta hartan kudeaketa- edo zuzendaritza-karguak dituztenek izan dezaketen erantzukizun administratiboa alde batera utzi gabe, Espainiako Bankuak onartutako planean jasotako neurrietako baten ez betetze larriak, arriskuan jartzen badu planaren helburuak iristea, ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuko 7. artikuluan aurreikusitakoa aplikatzea ekar dezake, dagokion erakundea aipatu arauko 6. artikuluan aurreikusitako egoeran dagoenean.
II. KAPITULUA Aktiboen kudeaketarako sozietateak 3. artikulua. Eraketa eta araubide juridikoa.
1. Kreditu-erakundeek sozietate anonimo bati eman beharko dizkiote zorren ordainetan esleitutako edo jasotako aktiboak, otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretuko 1.1 artikuluan aipatzen direnak, kapitulu honetan ezarritako eran. Berdin eman beharko dira 2011ko abenduaren 31 ondoren zorren ordainetan esleitutako edo jasotako beste aktiboak ere.
2. Uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kapital Sozietateei buruzko Legearen Testu Bateginak arautuko ditu sozietate horiek, errege lege-dekretu honetan aurreikusitakoari kalterik egin gabe.
3. Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsaren laguntza finantzarioa jaso duten erakundeen aktiboak jasotzen dituzten sozietateen helburu sozial bakarra aktiboon administrazioa eta besterentzea izango da, eta zuzenean edo zeharka beteko dute zeregin hori.
4. Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsa partaide nagusi den erakundeen kasuan eta, orobat, funtsa behin-behineko administratzaile izendatu duten erakundeetan, Funtsak erabakiko du kapitulu honetan aurreikusitako bezalako sozietate bat eratu behar duen edo ez kreditu-erakundeak.
Aipatu sozietateak sortzea erabaki aurretik, Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsak txosten ekonomiko bat aurkeztuko dio Ogasun eta Herri Administrazio ministroari, eta, han, aurreikusitako iraupenerako programazio ekonomiko-finantzarioa zehaztuko da.
Txosten horretan oinarrituta, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak eragiketa horiek kontu publikoetan izan ditzaketen ondorioak jakinaraziko dizkio Ogasun eta Herri Administrazio ministroari, eta hark ezezko arrazoitua eman dezake aipatu txostena helarazi zaion datatik hasi eta hamar eguneko epean.
5. Erregelamendu bidez, kapitala erosteko laguntza finantzarioko tresnak ezar daitezke aipatu sozietateetan.
4. artikulua. Aktiboen ekarpena egitea.
1. Erakundeak hornidurak egiteko duen epea amaitu baino lehen egin beharko zaizkio ekarpenak sozietateari, otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretuko 1. eta 2. artikuluetan eta errege lege-dekretu honetako 2. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
2. Sozietateari egindako ekarpenak beren arrazoizko balioaren arabera balioztatuko dira. Arrazoizko baliorik ezean, edo zailtasunak egonez gero hura eskuratzeko, liburuetan duten balioaren arabera balioztatuko dira, eta honela erabakiko da balio hori: otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretuko 1.1 artikuluaren eta errege lege-dekretu honetako 1.1
artikuluaren arabera aktiboek eratuta izan behar dituzten hornidurak kontuan hartuta.
Baldin eta, sozietateari ekarpena egiteko unean, aktiboek ez badituzte eratuta aurreko lerrokadan aipu diren hornidurak, ekarpenaren onuradun den sozietateak osatu beharko ditu, otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretuan eta errege lege-dekretu honetan aurreikusitakoaren arabera eska daitezkeen datetan.
Kapital Sozietateei buruzko Legeko 67. artikuluan aurreikusitakoaren xedeetarako, aurreko lerrokaden arabera ezarritako balioztapenak ordeztuko du aipatu arauan aurreikusitako aditu independentearen balioespena, betiere ekarpena ezarritako hornitzeegutegiaren barruan egiten bada.
3. Errege lege-dekretu honetako 2. artikuluan aurreikusitakoaren arabera Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsaren laguntza finantzarioa jaso duten erakundeek 3
urteko epea izango dute, araua indarrean jartzen denetik kontatuta, aktiboak kudeatzeko sozietateak erakundearekin izan behar duen lotura gehienez ere sozietate elkartuarena izan dadin beharrezkoak diren neurriak hartzeko eta gauzatzeko.
5. artikulua. Aktiboak besterentzea.
Errege lege-dekretu honetan aurreikusitakoaren babesean laguntza finantzarioa jasotzen duten kreditu-erakundeen partizipazioa duten sozietateek beren aktiboen gutxienez % 5 besterendu beharko dute urtero, kreditu-erakunde ekarpen-egileaz edo haren taldeko edozein sozietatez besteko hirugarren bati. Aipatu sozietateen kudeatzaileek esperientzia egiaztatua izan beharko dute aktibo higiezinen kudeaketan.
6. artikulua. Datu-baseak.
Kreditu-erakundeek datu-base batzuk eduki behar dituzte, errege lege-dekretu honetako 3. artikuluan aurreikusitakoaren arabera sozietateari eman behar dizkioten aktiboen kudeaketarako beharrezko informazioarekin. Espainiako Bankuak datu-base horiek bete behar dituzten baldintzak zehaztuko ditu Errege Lege Dekretu hau indarrean jartzen denetik bi hileko epean. Erakundeak hornidurak egiteko duen epea amaitu baino lehen eskualdatuko zaizkio baseok sozietateari, otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretuko 1. eta 2. artikuluetan eta errege lege-dekretu honetako 2. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
III. KAPITULUA Zehapen-araubidea 7. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
1. Errege lege-dekretu honetan aurreikusitako betebeharrak antolamendu- eta diziplina-arautzat hartuko dira, eta betetzen ez dituzten kreditu-erakundeek eta erakundeotan administrazio- eta zuzendaritza-karguak dituzten pertsonek erantzukizun administratiboa izango dute, Kreditu Erakundeen Diziplinari eta Kontu-hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legearen I. tituluan ezarritakoari jarraiki zigortu ahalko dena.
2. Zehazki, errege lege-dekretu honetan aurreikusitakoa ez betetzea arau-hauste larritzat edo oso larritzat joko da, uztailaren 29ko 26/1988 Legeko 5. artikuluko h) eta 4. artikuluko c) idatz-zatietan aurreikusitakoaren arabera.
IV. KAPITULUA Aktiboen kudeaketarako sozietateei aktiboen ekarpenak egiteko eragiketen zergaaraubidea 8. artikulua. Zerga-araubidea.
1. Martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Sozietateen gaineko Zergaren Legearen Testu Bateginaren VII. tituluko VIII. kapituluan ezarritako zerga-araubidea, aipatu Legeko 83. artikuluan aipu diren eragiketei (haiek gainerako zergetan dituzten ondorioak barne) zuzendua, honako hauei aplikatuko zaie: finantzasektorearen aktibo higiezinen saneamenduari eta salmentari buruzko maiatzaren 11ko 18/2012 Errege Lege Dekretuko 3. artikuluan xedatutakoa betez egiten diren aktibo- eta pasibo-eskualdatzeei, nahiz eta haiek ez bat etorri aipatu Legeko 83. eta 94. artikuluetan aipu diren eragiketekin.
2. Ez da aplikatuko Balore Merkatuari buruzko uztailaren 27ko 24/1988 Legeko 108. artikuluko 2. paragrafoan aurreikusitako zerga-salbuespenaren salbuespena bi kasu hauetan: aktibo higiezinen kudeaketarako errege lege-dekretu honetako 3. artikuluan aurreikusitako sozietateen eraketaren ondorioz jasotako partizipazioak ondoren eskualdatzen direnean; bankuak berregituratzeko eta kreditu-erakundeen baliabide propioak indartzeko ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuak araututako integrazioplanek eragiten dieten kreditu-erakundeen partizipazioak ondoren eskualdatzen direnean.
3. Arestian aipatu eragiketak egiten dituzten kreditu-erakundeek premiaz galdegin diezaiokete Espainiako Bankuari eskatzeko txosten bat Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioko Zerga Zuzendaritza Nagusiari, artikulu honen 1. paragrafoak aipatzen dituen eragiketetatik datozen zerga-ondorioez.
Txostena hilabeteko epean emango da, eta eragin lotesleak izango ditu zergen aplikazioaz arduratzen diren zerga-administrazioko organoentzat eta erakundeentzat.
Lehen xedapen gehigarria. Lehentasunezko partizipazioen eta zirkulazioan diren beste tresna batzuen ezohiko trataera.
Errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik jaulkitako lehentasunezko partizipazioak edo nahitaez akzio bihurtzeko edo akzio horiekin trukatzeko zor-tresnak zirkulazioan dituzten kreditu-erakundeek eskaera bat sar dezakete errege lege-dekretu honetako 2. artikuluan aipatzen den planean; alegia, asko jota ere hamabi hilabete geroratzea aurreikusitako ordainketa, nahiz eta, errege lege-dekretu honetan aurreikusitakoaren arabera egin behar izan duten saneamenduaren ondorioz, erakundeok ez eduki behar beste etekin edo erreserba banagarri, edota baliabide propioetan defizita eduki kreditu-erakunde jaulkitzaile edo nagusiak.
Horrela geroratutako ordainsariaren ordainketa era hauetan bakarrik egin daiteke geroratze-epea igarotakoan: behar beste etekin edo erreserba banagarri edukiz gero, eta kreditu-erakunde jaulkitzaile edo nagusian defizitik ez bada.
Bigarren xedapen gehigarria. Notarioen eta jabetza-erregistratzaileen zerga.
Finantza-erakundeak saneatzeko edo berregituratzeko eragiketen ondorioz aldez aurretik inskribatu behar badira aktibo finantzarioen edo higiezinen eskualdatzeak, egindako eskualdatze guztiak idazpen bakar batean egingo dira nahitaez, eta inskribatutako azken eragiketari dagozkion ordainsariak bakarrik sortuko dira, erregistratzaileen zergaren 2.1 zenbakiaren arabera, edo, hala badagokio, 2.2 zenbakiaren arabera, hipoteka-maileguak edo -kredituak direnean, oinarria Erregistroan inskribatutako kapitala dela.
Hipotekaren berritze, subrogazio edo ezerezte kasuetan, are finantza-erakundeak saneatzeko edo berregituratzeko eragiketen ondorioz aldez aurretik agerrarazi behar direnean aktibo finantzarioen edo higiezinen eskualdatzeak, egiten diren inskribatzeek erregistratzaileen zergaren 2.2 zenbakian ezarritako ordainsariak bakarrik sortuko dituzte, berritzeari, subrogazioari edo ezereztapenari dagozkienak, eta inskribatutako kapitala hartuko da oinarritzat, % 60ra murriztuta, gutxienekoa 24 euro dela.
Hipoteka-maileguen eta -kredituen berritzeen, subrogratzeen edo ezerezteen eskrituren notario-ordainsariak kalkulatzeko, notarioen zergaren 2.2.f. zenbakia aplikatuko da kontzeptu guztiengatik, inskribatutako edo bermatutako kapitala hartzen dela oinarritzat, asko jota % 70ra murriztuta, eta gutxienekoa 90 euro dela. Aurrekoa gorabehera, zergaren 7. zenbakia aplikatuko da berrogeita hamaikagarren foliotik (hura barne) aurrera.
Errege lege-dekretu hau indarrean jarri ondoren egindako inskribatze eta baimendutako eskritura guztiei dagokienez aplikatuko da xedapen hori.
Xedapen iragankor bakarra. Errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsak erositako titulu bihurgarriei aplikatzeko erregimena.
Bankuak berregituratzeko eta kreditu-erakundeen baliabide propioak indartzeko ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuko 10.2 artikuluko bosgarren eta seigarren lerrokadetan xedatutakoa Errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsak erositako titulu bihurgarriei ere aplikatuko zaie, errege lege-dekretu honek sartutako idazketa berriaren arabera.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indargabeturik gelditzen dira Errege Lege Dekretu honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko arau guztiak.
Azken xedapenetako lehena. Sozietateen gaineko Zergaren Legearen Testu Bateginaren aldaketa, martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua.
Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik eragina duela, beste hamaseigarren xedapen gehigarri bat eransten zaio Sozietateen gaineko Zergaren Legearen Testu Bateginari, martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartuari, eta honela geratuko da idatzita:
«Hamaseigarren xedapen gehigarria. Higiezin jakin batzuen eskualdatzetik datozen errenten salbuespena.
Honako hauek egongo dira % 50ean salbuetsita: 18/2012 Errege Lege Dekretua indarrean jartzen denetik 2012ko abenduaren 31 arte kostu bidez erositako hiriizaerako ondasun higiezinen eskualdatzeetatik datozen errenta positiboak, aktibo ez-zirkulatzaile izaera dutenak edo salmentarako atxikitako aktibo ez-zirkulatzaile gisa sailkatuta daudenak.
Ez dira salbuespena jasotzeko eskubidedun errentatzat joko, ez narriaduragatik higiezinei dagozkien galeren zenbatekoak, ez eta kontabilizatutako amortizazioari dagokionez zergaz kengarria izan den amortizazio-soberakinaren itzulketari dagozkion kopuruak ere.
Xedapen honetan aurreikusitako salbuespena bateragarria izango da, hala badagokio, Lege honen 42. artikuluan aurreikusten den eta ezohiko mozkinak berrinbertitzeagatik aplikatzen den kenkariarekin.
Ez da aplikagarri izango xedapen hau bi kasu hauetan: higiezina pertsona edo erakunde bati erosi edo eskualdatu zaionean, eta hura Merkataritzako Kodeko 42. artikuluan ezarritako egoeraren batean dagoenean, egoitza eta urtero kontu bateratuak formulatzeko dagoen betebeharra gorabehera; edota arestian aipatutako pertsonaren ezkontideari edo harekin ahaidetasunez, lerro zuzenean edo alboko lerroz, odolkidetasunez edo kidetasunez, bigarren graduraino (hura barne) lotuta dagoen edozein pertsonari erosi edo eskualdatu zaionean».
Azken xedapenetako bigarrena. Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren Legearen Testu Bateginaren aldaketa, martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua.
Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik eragina duela, hirugarren xedapen gehigarri bat eransten zaio Ez-egoiliarren gaineko Zergaren Legearen Testu Bateginari, martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartuari, eta honela egongo da idatzita:
«Hirugarren xedapen gehigarria. Ondasun higiezin jakin batzuen eskualdatzetik datozen ondare-irabazien salbuespen partziala.
Honako hauek egongo dira % 50ean salbuetsita: Espainiako establezimendu iraunkor baten bitartekotzarik gabe eskuratutako ondare-irabaziak, baldin eta irabaziok Espainiako lurraldean kokatuta dauden eta 18/2012 Errege Lege Dekretua indarrean jartzen denetik 2012ko abenduaren 31 arte erositako hiri-higiezinen besterentzetik badatoz.
Ez da aplikagarri izango aurreko lerrokadan xedatutakoa, baldin eta 35/2006 Legeko (azaroaren 28koa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa, eta Sozietateen gaineko Zergaren, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren eta Ondarearen gaineko Zergaren legeen aldaketa partzialari buruzkoa) hogeita hamazazpigarren xedapen gehigarriko bigarren lerrokadan aurreikusitako egoerak gertatzen badira, edo, erakundeen kasuan, martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuaz onartutako Sozietateen gaineko Zergaren Testu Bategineko hamaseigarren xedapen gehigarriko azken lerrokadan aurreikusitako egoerak gertatzen badira».
Azken xedapenetako hirugarrena. Azaroaren 28ko 35/2006 Legearen aldaketa. Lege horrek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen du, eta partzialki aldatzen ditu sozietateen gaineko, ez-egoiliarren errentaren gaineko eta ondarearen gaineko zergen legeak.
Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik eragina duela, beste hogeita hamazazpigarren xedapen gehigarri bat eransten zaio azaroaren 28ko 35/2006 Legeari.
Lege horrek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen du, eta partzialki aldatzen ditu sozietateen gaineko, ez-egoiliarren errentaren gaineko eta ondarearen gaineko zergen legeak. Honela geratuko da idatzita xedapen gehigarria:
«Hogeita hamazazpigarren xedapen gehigarria. Higiezin jakin batzuen eskualdatzetik datozen ondare-irabaziak.
Honako hauek egongo dira % 50ean salbuetsita: 18/2012 Errege Lege Dekretua indarrean jartzen denetik 2012ko abenduaren 31 arte kostu bidez erositako hirihigiezinen eskualdatzetik sortutako ondare-irabaziak.
Ez da aplikagarri izango aurreko lerrokadan xedatutakoa, baldin eta higiezina honako hauei erosi edo eskualdatu bazaie: haren ezkontideari, edo zergadunarekin ahaidetasunez, lerro zuzenean edo alboko lerroz, odolkidetasunez edo kidetasunez, bigarren graduraino (hura barne) lotuta dagoen edozein pertsonari, edo erakunde bati, baldin eta Merkataritzako Kodeko 42. artikuluan ezarritako egoeraren bat gertatu bazaio zergadunarekin edo arestian aipatutako pertsonaren batekin, egoitza eta urteko kontu bateratuak formulatzeko dagoen betebeharra gorabehera.
Eskualdatutako higiezina zergadunaren ohiko etxebizitza denean eta Lege honetako 38. artikuluko bigarren lerrokadan xedatutakoa aplikatu behar denean, ordaintzetik salbuetsiko da eskuratutako ondare-irabaziaren zati proportzionala, behin xedapen gehigarri honetan aurreikusitako salbuespena aplikatu denean, zeina aipatu artikuluan aurreikusitako eran eta baldintzetan berrinbertitutako kopuruari dagokion».
Azken xedapenetako laugarrena. Bankuak berregituratzeari eta kreditu-erakundeen baliabide propioak indartzeari buruzko ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuaren aldaketa.
Honela geratzen da aldatuta bankuak berregituratzeari eta kreditu-erakundeen baliabide propioak indartzeari buruzko ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretua: Bat. Honela geratzen da idatzita 10. artikuluko 1. paragrafoa:
«1. Honako hauek erosi ahal izango ditu Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsak: errege lege-dekretu honetako 6. artikuluan ezarritako egoeretan erori gabe, integrazio-prozesuren bat abian ipini behar duten eta beren baliabideak indartzeko beharra daukaten kreditu-erakundeek jaulkitako tituluak.
Honako hauek ere eros ditzake: finantza-sektorearen aktibo higiezinen saneamenduari eta salmentari buruzko xx/2012 Errege Lege Dekretuko 2. artikuluan aurreikusitakoaren arabera laguntza finantzarioa behar duten kredituerakundeek jaulkitako tituluak. Kasu horretan, erakundeok birkapitalizazio-plan bat aurkeztu beharko dute II. kapituluan ezarritakoaren arabera.
Aurreko lerrokadan ezarritakoaren arabera integrazio-prozesu bati heltzeko asmoa duten erakundeek integrazio-plan bat aurkeztu beharko dute, eta plan horrek konpromiso zehatz batzuk jaso behar ditu, erakundearen eraginkortasuna hobetzeko, haren administrazioa eta gerentzia arrazionalizatzeko, eta haren ekoizpen-gaitasuna berriro dimentsionatzeko, guztia ere erakundearen etorkizuna hobetzeko helburuarekin.
Integrazio-planak Espainiako Bankuaren oniritzia beharko du.
Proposatutako neurriak hartzeaz erabakitzean, honako hauek izan beharko ditu kontuan Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsak: eragiketaren epea eta arriskua, lehiaketa-distortsioak saihestu beharra, eta, horrekin, Espainiako Bankuak onartutako integrazio-plana gauzatzea eta betetzea erraztuko dela. Kasu guztietan ere, erabakia hartzeko garaian bitarteko publikoak ahalik eta modurik eraginkorrenean erabiltzeko irizpideari jarraituko zaio.
Artikulu honek aipatzen dituen tituluak erosteko edo harpidetzeko prezioa eskudirutan ordain daiteke, edo zor publikoa ordezten duten baloreak edo Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsak berak jaulkitako baloreak emanda.
Halaber, Bankuak Era Antolatuan Berreskuratzeko Funtsak dagokion erakundearen aurrean dituen kredituak konpentsatuta ordain dezake prezio hori».
Bi. Honela geratzen da idatzita 10. artikuluko 2. paragrafoa:
2. Aurreko 1. paragrafoak aipatzen dituen tituluak akzio edota kapital sozialari egindako ekarpen bihurtzeko moduko tresnak izango dira.
Erakunde jaulkitzaileek kapitala handitzeko beharrezkoak diren akordioak edota kapitalari egindako ekarpenen harpidetza onartu beharko dituzte, beharrezko zenbatekoarekin, tituluak jaulkitzeko artikulu honetan aurreikusitako hitzarmena onartzen den garaian. Tituluak ordaintzeko erak eta baldintzak ezartzeko, Espainiako Estatuaren laguntzen alorreko araudia hartuko da kontuan.
Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsak titulu bihurgarriak erosteko, beharrezkoa izango da adostea jaulkipen-hitzarmena onartzeko garaian dagoen akziodunen lehentasunezko harpidetza-eskubidea erretiratzea, edo akziodun guztiek eskubide horri uko egitea.
Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsak sinatutako tituluak berriro erosteko edo amortizatzeko konpromisoa hartuko dute erakunde jaulkitzaileek, hori integrazio- edo birkapitalizazio-planean hitzartutako baldintzetan egiteko modua duten bezain laster. Ordainketa egin zenetik bost urte igarota erakundeak ez baditu berriro erosi tituluak, Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsak eska dezake tituluok akzio edota jaulkitzailearen ekarpen sozial bihurtzeko. Eskumen hori erabiltzeko, ordainketa egin eta bosgarren urtea amaitzen denetik kontatuta gehienez ere sei hileko epea izango da. Aurrekoa gorabehera, jaulkipenhitzarmenak tituluen bihurgarritasuna ere aurreikusi beharko du, Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsak eskatuta, baldin eta, bost urteko gehieneko epea igaro aurretik, Espainiako Bankuak probabilitate gutxi ikusten badu, erakundearen edota haren taldearen egoeraren aurrean, tituluok berriz erostea edo amortizatzea epe barruan egin dadin.
Bihurketa merkatuko baldintzetan egingo da, tituluak jaulki dituen erakundeak une horretan duen balio ekonomikoaren arabera; balio hori errege lege-dekretu honetako 9.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera zehaztuko da. Erakunde jaulkitzaileak eta haren akziodunek beharrezkoak diren akordioak eta urratsak egingo dituzte bihurketa aipatu balio ekonomikoaren arabera egin dadin, eta, horretarako, helburu hori iristeko, ahal den heinean, akzioak edo ekarpenak eskualdatzeko edo kapitala murrizteko beharrezkoak diren eragiketak gauzatuko dituzte, dela galeren konpentsazioagatik, dela erreserben eraketagatik edo handitzeagatik, dela ekarpenen balioa itzultzeko, dagokion bezala.
Beste edozein ekintza edo erantzukizun eta, zehazki, errege lege-dekretu honetako 6. eta 7. artikuluetan aurreikusitakoa eragotzi gabe, erakunde jaulkitzaileak edo kreditu-erakunde izaera duten haren akziodunek aurreko lerrokadan ezarritako betebeharra bete ezean Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsak horretarako ezarritako epean, Espainiako Bankuak erabaki dezake, egoki iritzitako beste edozein kautelazko neurriz gainera, behinbehinean ordeztea erakunde jaulkitzaileko administrazio- edo zuzendaritzaorganoak edo kreditu-erakunde izaera duten haren akziodunak, bihurketa-eragiketa osatzen den arte, eta Bankuak Era Antolatuak Berregituratzeko Funtsa izendatuko du behin-behineko administratzaile, eta hark, bestalde, beraren izenean bihurketa gauzatzeko beharrezkoak diren akordioak eta urratsak egingo dituzten pertsona edo pertsona fisikoak izendatuko ditu, izaera horri dagozkion funtzioak eta eskumenak betez. Behin-behineko administratzaile izendatzen duten unetik beretik, Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsak eskumen osoa izango du bihurketa osatzeko beharrezko akordioak eta urratsak egiteko, erakunde jaulkitzailearen, kreditu-erakunde izaera duten haren akziodunen eta bera behinbehineko administratzaile izendatu dutenen izenean eta ordez.
Agindu honetan xedatutakoaren arabera jaulkitako tituluak oinarrizko baliabide propio eta kapital nagusi gisa konputatuko dira, eta, horretarako, ez da beharrezkoa izango antolatutako bigarren mailako merkatu batean kotiza dezaten. Helburu horretarako, ez zaizkie aplikatuko baliabide propioak eta kapital nagusia konputatzeko legeak ezartzen dituen mugak.
Titulu horien jaulkipen-hitzarmena integrazio- edo birkapitalizazio-planean hitzartutako gainerako baldintzei egokitu beharko zaie».
Azken xedapenetako bosgarrena. Finantza-sektorearen saneamenduari buruzko otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretua aldatzea.
Honela geratzen da idatzita 2. artikuluko 4. paragrafoko 2. lerrokada:
«Aipatu eskaera Altxorraren eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusiaren aurrean aurkeztu beharko da, 2012ko ekainaren 30a baino lehen; ez da eskatuko epea betetzea, ordea, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen den datan Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsa partaide nagusi duten erakundeak erosteko eragiketen kasuan, edota funtsa behin-behineko administratzaile izendatu duten kasuetan. Honako hau erantsiko zaio eskaera horri, gainera: 2. paragrafoko a) eta f) bitarteko idatz-zatietan aurreikusitako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen proiektua».
Azken xedapenetako seigarrena. Eskumen-tituluak.
Errege Lege Dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 6., 8., 11., 13. eta 14. arauetan xedatutakoaren babesean dago emanda, arauok Espainiako Estatuari esleitzen baitiote eskumena honako gai hauetan: merkataritza-legeria; legeria zibila; kreditua, banka eta aseguruak antolatzeko oinarriak; ekonomia-jardueraren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa, eta ogasun nagusia eta estatu-zorra.
Azken xedapenetako zazpigarrena. Garapen-eskumena.
Gobernuak beharrezkoak diren erregelamendu-arauak eman ditzake errege legedekretu honetan xedatutakoa garatzeko. Zehazki, kasu zehatz batzuk ezarriko dira, errege-dekretu bidez, lehentasunezko partizipazioen eta mendeko obligazioen erakunde jaulkitzaileek partizipazio edo obligazio horiek erakunde jaukitzailearen edo haren taldeko beste edozeinen akzioez edo mendeko obligazioez trukatzeko; trukatuko diren tresnon balio nominalaren ehunekoa erabakitzeko irizpideak ere ezarriko dira.
Gaitasuna ematen zaio Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa eranskinean aurreikusitakoa eta errege lege-dekretu honetako 1. artikuluan ezarritako betebeharraren betetze-epeak aldatzeko.
Espainiako Bankuak dagozkion aldaketak onartuko ditu 4/2004 Zirkularren xedatutakoa errege lege-dekretu honi egokitzeko, eta eskumen osoa izango du hori benetan betetzen dela ziurtatzeko beharrezkoak diren xehetasunak sartzeko. 2012ko abenduaren 31tik aurrera, Espainiako Bankuak eranskinean aurreikusitako estaldurak aldatu ahal izango ditu, Kreditu Erakundeen Diziplinari eta Kontu-hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legeko 48.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.
Azken xedapenetako zortzigarrena. Indarrean jartzea.
Errege Lege Dekretu hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitara ematen den egun berean jarriko da indarrean.
Madrilen, 2012ko maiatzaren 11n.
JUAN CARLOS E.
Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY
ERANSKINA Higiezin-eraikuntzaren edo -sustapenaren finantzazio mota Hipoteka bermearekin.
Lurzorua.
Abian den sustapena.
Amaitutako sustapena.
Benetako bermerik gabe.