17/2019 Errege Lege Dekretua, azaroaren 22koa, zeinaz presako neurriak hartzen baitira sistema elektrikoari eragiten dioten ordainsari-parametroen beharrezko egokitzapenerako eta erantzuna ematen baitzaio energia sortzeko zentral termikoen jarduera eteteko prozesuari.
2019-11-22Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EHAA, 11/23/2019, 282. zk.
I. XEDAPEN OROKORRAK
16862 17/2019 Errege Lege Dekretua, azaroaren 22koa, zeinaz presako neurriak
hartzen baitira sistema elektrikoari eragiten dioten ordainsari-parametroen beharrezko egokitzapenerako eta erantzuna ematen baitzaio energia sortzeko zentral termikoen jarduera eteteko prozesuari.
Klima-larrialdia eta hari eman beharreko erantzuna arriskuan jartzen ari dira oraingo garapen-eredua, eta desberdintasunak areagotzen ari dira eta ahulenei eragiten. Espainiako energia-sistema utzi eta klimarentzat neutroa den sistema batera igarotzeko prozesua hasita dago dagoeneko, eta lehenbailehen hartu behar dira neurriak prozesu hori zuzena izan dadin gizartean ere.
Hala, datozen hilabeteetan ikatzezko zenbait zentral termiko ixtea da asmoa, zentral horien eraginpeko lurraldeetan energia berriztagarri berrien egitasmoek beste jarduera eta enplegu batzuk eskain ditzaketen tokietan.
Azken urteetan, Espainian, behar izan den energia elektriko guztiaren % 15 sortu da ikatzezko zentralen bidez. Merkatuko eta erregulazioko zenbait arrazoik, baina, zentral horietako gehienak lehiakorrak ez izatea ekarri dute, eta titularrek erabakia hartzea haien itxiera eskatzeko edo egutegiaren arabera behar zen baino lehenago itxiko dituztela iragartzeko.
Hala, penintsulan dauden ikatzezko hamalau zentraletatik, Trantsizio Ekologikorako Ministerioa zortzi ixteko eskaerak ari da izapidetzen orain, eta 2020ko ekainaren 30a baino lehen geldituko dira. Horrek esan nahi du datozen hilabeteetan energia sortzeko parkeak gutxi gorabehera 5.000 MW gutxiago sortuko dituela eta eragina izango duela zentral horien zuzeneko edo zeharkako jardueraren oso mendeko diren eskualdeetan; eskualde haietako batzuei, gainera, ikatz-meatzeak ixteak kalte egin die orain gutxi.
Horregatik, eta zentral horiek berehala itxiko direnez, ezinbestekoa da lehenbailehen beste erregulazio bat onartzea ikatzezko zentral termikoen eta zentral termonuklearren itxierak ukitutako guneetan sarean sartzeko eta energia sortzen duten instalazio horiek itxi eta gero uren erabilera pribatiborako emakidak esleitzeko; kontua da erregulazio horrek emakidak esleitzeko irizpide sozialak, ekonomikoak eta ingurumenekoak biltzea, aukera emango dutenak enplegua berehala sortzeko eta irtenbide ekonomiko gutxiko eskualdeak berehala garatzeko.
Bestalde, beharrezkoa da hurrengo erregulazio-aldia hasi baino lehen ordainsarien parametro jakin batzuk eguneratzea ordainsarien araubide espezifikoa duten energia sortzeko instalazioetan, baita ordainsarien araubide gehigarria duten penintsulaz kanpoko sistema elektrikoetan kokatuta dauden instalazioetan ere. Zehazki, ordainsarien araubide espezifikoari aplikatu beharreko zentzuzko errentagarritasunaren balioa eguneratu behar da, eta penintsulaz kanpoko lurraldeetan elektrizitatea ekoizteko jarduerarako finantza-ordainsariaren tasa ere bai, jarduera hauetarako Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak egindako proposamen metodologikoei eta zenbakizkoei jarraituz. Eguneratze hori hurrengo ordainsari-epea hasi baino lehenago onartu behar da, 2020ko urtarrilaren 1ean, lege baten bidez.
Bestalde, epe hori hastean -eta bakarrik orduan-, aukera ematen zaie lehen erregulazio-aldirako finkatutako errentagarritasun-tasa hamabi urtez izateko, egonkortasuna emateko uztailaren 12ko 9/2013 Errege Lege Dekretua indarrean jarri baino lehenago ordainsari primaturako eskubidea zuten instalazioen ordainsari-esparruari (lege horren bidez, presako neurriak hartzen dira sistema elektrikoaren finantza-egonkortasuna bermatzeko).
Egoera horri erantzuteko, errege lege-dekretu hau ematen da, hitzaurrea eta xedapen-zati bat dituena. Xedapen-zatiak, berriz, artikulu bat, xedapen gehigarri bat eta lau azken xedapen ditu.
Artikulu bakarrak, 1. apartatuan, energia-iturri berriztagarrietatik, kogeneraziotik eta hondakinetatik ekoizteko jarduerarako zentzuzkoa den errentagarritasunaren gaiari heltzen dio; jarduera horretan, 60.000 instalazio baino gehiago daude. Hori lehenbailehen arautu beharra dago. Izan ere, horren baitan dago bigarren erregulazio-aldirako (2020-2025) ordainsari-araubide espezifikoaren eguneratzea; hurrengo erregulazio-aldia hasterako jarri behar da indarrean, 2020ko urtarrilaren 1ean. Erregulazio faltak ziurgabetasun handia ekarriko luke instalazioen etorkizuneko diru-sarreren gainean, eta horrek zaildu egingo luke egitasmo berriak finantzatzea eta geldiaraziko lituzke trantsizioa bidezkoa izateko eta energiaren eta klimaren alorretan Espainiak bere buruari jarritako helburuak betetzeko behar diren inbertsio berriak.
Horren haritik, azken xedapenetako bigarrenak aldaketa bat egiten du Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legean. Hala, uztailaren 12ko 9/2013 Errege Lege Dekretua indarrean jartzean araubide ekonomiko primatua jasotzeko eskubidea zuten instalazioei dagokienez, ebazteko daude zenbait arbitraje-prozedura, kopuru handiko erreklamazioak izan eta inbertsioak erakartzeko ahalmenari modu berezian eragiten diotenak. Horregatik, beharrezkoa da neurriak hartzea instalazio horien ordainsaria egonkortzeko eta arbitraje-prozedura berriak ahal den neurrian gutxitzeko edo, bestela, oraingoak ebazteko.
Horretarako, arau honek aurreikuspen bat txertatzen du nahi duten titularrei aukera hau ziurtatzeko: lehen erregulazio-aldirako ezarritako zentzuzko errentagarritasun-tasa ezin izango dela aldatu 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera elkarren segidako bi erregulazio-alditan (2019ko abenduaren 31n amaituko da lehen erregulazio-aldia).
Arbitraje-prozedurekin segitzeari edo beste arbitraje-prozedura batzuk hasteari uko egitea dakar neurri horrek, baita kalte-ordain edo konpentsazioren bat jasotzeko aukerari uko egitea ere, eta ziurtasun ekonomikoa emango dio instalazioari, aukera emango baitio 2020-2031ko aldian % 7,398ko zentzuzko errentagarritasuna izateko (2020-2025eko aldirako ezarritako % 7,09koa baino handiagoa) eta ez baitu ziurgabetasunik izango 2026-2031ko aldian.
Hurrengo erregulazio-aldia berehala hastekoa denez, 2020ko urtarrilaren 1ean, eta ordainsarien parametro guztiak (zentzuzko errentagarritasuna barne) automatikoki luzatzea espero denez, presakoa da neurri hau hartzea. Neurria presaz hartuko ez balitz instalazioen etorkizuneko diru-sarreren gainean sortuko litzatekeen ziurgabetasunak oso nabarmen mugatuko luke neurriaren eraginkortasuna, eta, hain zuzen ere, hurrengo bi erregulazio-aldietan egonkortasuna eta ziurtasuna ekartzea da haren xedea.
Era berean, xedapen gehigarri bakarrak 2020ko otsailaren 29a arte luzatzen du ordainsarien araubide espezifikoaren parametroak berrikusteko ministro-agindua onartzeko epea energia berriztagarrietarako, kogeneraziorako eta hondakinetarako instalazioentzat. Gobernua luzaroan jardunekoa izateak ekarri duen salbuespenezko egoerak justifikatzen du xedapen hori, egoera horrek galarazi egin baitu parametro horiek nahikoa berme juridikorekin berrikusteko behar den izapidetzea amaitzea erregulazio-aldi berria hasi baino lehen; izan ere, beharrezkoa da ordainsarien parametro horiek kalkulatzeko zentzuzko errentagarritasun baten arabera, eta errentagarritasun hori errege lege-dekretuak berak ezartzen du.
Ordainsarien parametroak berrikusteko epea luzatzeko, lege-mailako arau bat behar da (berrikusketak erregulazio-aldia hasten denetik izango ditu ondorioak, 2020ko urtarrilaren 1etik). Izan ere, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 14.4 artikuluaren arabera, parametro horiek erregulazio-aldi berria hasi baino lehen berrikusten ez badira, luzatu egingo dira hurrengo erregulazio-aldi osorako.
Beraz, neurria hartuko ez balitz, horrek kalte larria egingo lioke interes orokorrari. Izan ere, instalazio askoren ordainsariei eragingo lieke, eta elektrizitatearen kontsumitzaileek ordaintzen dituzten karguek finantzatzen dute nagusiki energia berriztagarrien, kogenerazioaren eta hondakinen araubide espezifikoko ordainsaria.
Artikulu bakarraren 2. apartatuak, berriz, energia elektrikoa ekoizteko jarduerako ordainsarirako, beste balio bat ezartzen du penintsulaz kanpoko lurraldeetako sistema elektrikoetan. Neurri hori 2020-2025eko erregulazio-aldia hasi baino lehen jarri behar da indarrean, abenduaren 26ko 24/2013 Legea ez aplikatzeko eta indarrean dagoen balioaren indarraldia automatikoki ez luzatzeko; bestela, arrisku apaleko jarduerentzako ordainsaria altuagoa izango litzateke Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak proposatutakoa baino. Xedapen hori presaz emango ez balitz, beraz, kalte larria egingo litzaieke bai elektrizitatearen kontsumitzaileei eta bai zergadunei. Izan ere, sistema elektrikoak eta Estatuaren Aurrekontu Orokorrek erdi bana finantzatzen dute sistema elektrikoen gainkostua penintsulaz kanpoko lurraldeetan. Horrek, aldi berean, ordainsari-maila gehigarri bat ekarriko luke lurralde horietan, jarduera honetako ordainsaria arautzen duten printzipioek ez justifikatzen ez babesten dutena.
Azken xedapenetako bigarrenak abenduaren 26ko 24/2013 Legea aldatzen du, eta xedapen horren Bat apartatuak, zentral termikoen berehalako itxierekin lotuta, sarbidea emateko mekanismo bat dakar. Mekanismo horri esker, hasiera-hasieratik neurtu ahal izango dira bai onura teknikoak eta ekonomikoak eta bai ingurumenekoak eta sozialak (enplegu-sorrera barne) berriztagarrien egitasmo berriei trantsizioko eremuetan sarera sartzeko baimenak ematean. Egitasmo horiek jarduera ekonomikoa eta harekin lotutako enplegua dinamizatzeko irtenbide jasangarriak eskaintzen dituzte ikatzezko zentral termikoak eta zentral termonuklearrak ixten ari diren eremu geografikoetan.
Azkenik, xede berarekin, azken xedapenetako lehenengoaren arabera, instalazioak ixteak eragina duen lurraldeetan egitasmoek dakartzaten onura ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak neurtu ahal izango dira energia sortzeko instalazioak itxi eta emakida azkendu eta gero uren erabilera pribatiborako emakida berriak ematean.
Ikatzezko zentral termiko batzuk berehala itxiko direla ikusita, ez dago aurreko neurriak berehala hartu beste aukerarik, kaltetutako lurraldeetan beste jarduera eta enplegu batzuk garatzeko bidea emateko.
Konstituzioaren 86. artikuluaren arabera, Gobernuak lege-dekretuak eman ditzake, «premia apartekoa eta presazkoa egonez gero», baldin eta xedapenok ez badute eraginik ez Estatuaren oinarrizko erakundeen antolamenduan, ez Konstituzioaren I. tituluak arautzen dituen herritarren eskubide, betebehar eta askatasunetan, ez autonomia-erkidegoen araubidean, ez hauteskunde-zuzenbide orokorrean.
Errege lege-dekretua, Konstituzioaren arabera, tresna zilegia da, baina, horretarako, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatu bezala (6/1983 epaia, otsailaren 4koa, 5. oinarria; 11/2002 epaia, urtarrilaren 17koa, 4. oinarria; 137/2003 epaia, uztailaren 3koa, 3. oinarria, eta 189/2005 epaia, uztailaren 7koa, 3. oinarria; 68/2007 epaia, 10. oinarria, eta 137/2011 epaia, 7. oinarria), presazko legegintza justifikatzen duen xedea egoera jakin batean laguntzea izan behar da, Gobernuaren helburuen barruan laguntzea betiere, aurreikusten zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen duen egoera batean -esan nahi baita ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presazko prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan-, eta errege lege-dekretua are tresna zilegiagoa da prozedura hori zehaztea Gobernuaren esku ez dagoenean.
Beraz, ziurtatuta geratu behar da badela «ezinbesteko lotura bat zehaztutako presazko egoeraren eta egoera hori konpontzen laguntzeko neurri zehatzaren artean (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 29/1982 epaia, maiatzaren 31koa, 3. oinarri juridikoa; 182/1997 epaia, urriaren 20koa, 3. oinarri juridikoa, eta 137/2003 epaia, uztailaren 3koa, 4. oinarri juridikoa)».
Alde horretatik, errege lege-dekretu honen xedea hau da: araututako jardueren ordainsarien eta bidezko trantsizio baten arloan, Estatuaren eskumeneko esparruan, ezinbestekoak diren neurriak ezartzea, ekonomiaren eta gizartearen aldetik bidezkoa den trantsizio bat ziurtatzeko, lurralderik kaltetuenetan batez ere, eta Europar Batasunean Espainiak hartutako konpromisoak betetzeko.
Neurriak onartzeko hainbesteko presa egonda, eta kontuan hartuta ganberak deseginda daudela, argi dago Gorte Nagusiak eratu zain egonez gero neurriak ez liratekeela garaiz onartuko, ezta orduan presaz izapidetuta ere.
Aipatutako arrazoi horiek ondo baino hobeto justifikatzen dute Konstituzioan aipatzen den aparteko eta presazko beharrizana. Behar horrek, Konstituzioaren 86.1 artikuluaren arabera, gaitasuna ematen dio Gobernuari errege lege-dekretu hau emateko, Estatuaren politika zuzentzeko organoa den heinean (Konstituzio Auzitegiaren 142/2014 epaia, 3. oinarri juridikoa, eta Konstituzio Auzitegiaren 61/2018 epaia, 4. eta 7. oinarri juridikoak).
Errege lege-dekretu hau Konstituzioak halako arau-tresnak erabiltzeko ezarritako mugen barruan errenditzen da; izan ere, ez du eraginik Estatuaren oinarrizko erakundeen antolamenduan, ez Konstituzioaren I. tituluak arautzen dituen herritarren eskubide, betebehar eta askatasunetan, ez autonomia-erkidegoen araubidean, ez hauteskunde-zuzenbide orokorrean.
Gobernuari buruzko azaroaren 27ko 50/1997 Legearen 21.3 artikuluaren bidez, baimena ematen zaio jarduneko gobernuari gai publikoak kudeatzeko ohiko neurriez bestelakoak hartzeko «behar den bezala justifikatutako presako kasuetan», bai eta «interes orokorreko arrazoiengatik» ere, «baldin eta arrazoi horiek berariaz egiaztatuta hala egitea justifikatzen bada».
50/1997 Legearen 21. artikuluaren 4. eta 5. apartatuek zenbait ahalmen jasotzen dituzte, jarduneko gobernuari berariaz galarazten zaizkionak, baina haietako bat bera ere ez da errege lege-dekretuak onartzeari buruzkoa. Guztiz bestelako gaiei buruzkoak dira jarduneko gobernuari galarazitako eginkizun horiek. Hala da, bai. 21.4 artikuluak ezartzen duenez, jarduneko gobernuko presidenteak ezin dio proposatu erregeari ganberetako bat edo Gorte Nagusiak desegitea, ezin du konfiantza-galdea egin eta ezin dio proposatu erregeari kontsulta-erreferendum batera deitzea. Eta 50/1997 Legearen 21.5 artikuluak xedatzen du jarduneko gobernuak ezin duela onartu Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektua eta ezin diola lege-proiekturik aurkeztu Diputatuen Kongresuari edo, bestela, Senatuari.
Jarduneko gobernuak errege-dekretuak onartzeko duen ahalmena, gainerakoan, bat dator Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak aurreikusten duen eskakizunarekin, hau da, jarduneko gobernua gaitzeko aparteko eta presazko beharrizana izan behar delako eskakizunarekin.
Errege lege-dekretu honek bete egiten ditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan jasotzen diren erregulazio onaren printzipioak. Hala, bete egiten da premiaren printzipioa, zeina guztiz justifikatuta geratu baita. Segurtasun juridikoaren, proportzionaltasunaren eta eraginkortasunaren printzipioak ere betetzen dira, eta nabarmentzen da neurriak ordenamendu juridikoarekin bat datozela eta haiekin aukerarik onena egiten dela salbuespenezko egoera ikusita, aurrez aipatutako helburuak lortzeko behar den eta ezinbestekoa den erregulazioa biltzen baitute. Gardentasun-printzipioaz denaz bezainbatean, kasu honetan errege lege-dekretua onartzen denez, ez da beharrezkoa aurretik kontsulta publikoa egitea, eta entzunaldi-izapidea eta informazio publikoaren izapidea ere ez dira behar. Azkenik, efizientzia-printzipioari dagokionez, behar-beharrezkoak diren kargak baino ez dira ezartzen.
Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 13., 22., 23. eta 25. zenbakietan Estatuari ematen zaizkion eskumen esklusiboen babesean ematen da. Zenbaki horietan, hurrenez hurren, gai hauen gainean esleitzen zaizkio eskumen esklusiboak: jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa; baliabide eta aprobetxamendu hidraulikoen gaineko legegintza, antolaketa eta emakida, urek autonomia-erkidego bat baino gehiago zeharkatzen dutenean, eta instalazio elektrikoak baimentzea, haien aprobetxamenduak beste autonomia-erkidego bati eragiten dionean, edo energia hori dagokion lurralde-eremutik kanpora garraiatzen denean; ingurumena babesteari buruzko oinarrizko legedia (nolanahi ere, autonomia-erkidegoek ahalmena izan dezakete babeserako arau gehiago emateko); meatze- eta energia-araubidearen oinarriak.
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak jasotzen duen baimena baliatuta, Trantsizio Ekologikorako ministroaren proposamenez, eta Ministro Kontseiluak 2019ko azaroaren 22ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau
Artikulu bakarra. Ordainsarien araubide espezifikoari aplikatu beharreko zentzuzko errentagarritasunaren balioa eta ekoizpen-jarduerako finantza-ordainsariaren tasa ordainsari-araubide gehigarria duten penintsulaz kanpoko sistema elektrikoetan.
1. Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen azken xedapenetako hirugarrena bisek xedatzen duena alde batera utzi gabe, % 7,09 izango da, zergak aplikatu aurretik, ereduzko instalazioei geratzen zaien arauzko bizitza baliagarrian aplikatu beharreko zentzuzko errentagarritasuna, eta hura erabiliko da energia-iturri berriztagarrietatik, kogeneraziotik eta hondakinetatik energia elektrikoa ekoizteko instalazioei bigarren erregulazio-aldian aplikatuko zaizkien ordainsari-parametroak berrikusteko eta eguneratzeko, Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 14.4 artikuluan eta ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren 19. eta 20. artikuluetan xedatutakoari jarraituz (errege-dekretu horretan arautzen da energia-iturri berriztagarrietatik, kogeneraziotik eta hondakinetatik energia elektrikoa ekoizteko jarduera).
2. Ekoizteko jardueraren finantza-ordainsariaren tasa % 5,58 izango da ordainsari-araubide gehigarria duten penintsulaz kanpoko sistema elektrikoetan bigarren erregulazio-aldian, Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 14.4 artikuluan eta uztailaren 31ko 738/2015 Errege Dekretuaren 21. eta 28. artikuluetan xedatutakoaren arabera (errege-dekretu horretan, energia elektrikoa ekoizteko jarduera eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako sistema elektrikoetan kudeatzeko prozedura arautzen dira).
Hala ere, bi urtez segidan erabilitako finantza-ordainsariaren tasaren aldaketa ezin izango da izan inola ere oinarrizko 50 puntutik gora balio absolutuan. Aldaketa handiagoa bada, ordainsari-tasaren balioa aldatzeko proposamena muga hori ez gainditzeko behar den urte kopuruan egingo da.
Xedapen gehigarri bakarra. Bigarren erregulazio-aldian aplikatu beharreko ordainsari-araubide espezifikoa duten eta energia-iturri berriztagarrietatik, kogeneraziotik eta hondakinetatik energia elektrikoa ekoizten duten instalazioen ordainsari-parametroak berrikusteko agindua onartzeko epea.
Salbuespen gisa, 2020ko urtarrilaren 1ean hasten den erregulazio-aldirako, 2020ko otsailaren 29an amaituko da ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren 20.1 artikuluan aurreikusitako ministro-agindua onartzeko epea; artikulu horren bidez, berrikusi egiten dira energia-iturri berriztagarrietatik, kogeneraziotik eta hondakinetatik ekoizteko jardueran diharduten eta ordainsari-araubide espezifikoa jasotzeko eskubidea duten instalazio guztiei aplikatu beharreko ordainsari-parametroak (araubide hori, berriz, Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 14.4 artikuluaren bigarren paragrafoan aurreikusita dago).
Berrikusketa horretatik ateratako ordainsari-parametroak erregulazio-aldiaren hasieratik aplikatzekoak dira, non eta abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 14. artikuluan aurreikusitako berrikusketek besterik ez dioten. Agindu hori onartu arte, jasotzen ari ziren ordainsariaren arabera kontura sortutako kopuruak likidatu zaizkie instalazioei. Aipatutako agindua onartu ondoren, ordainketa-aplikazioak likidatuko dira, edo, hala badagokio, hurrengo likidazioaren kontura aplikatzekoak diren kobrantza-eskubideak.
Azken xedapenetako lehena. Uren Legearen testu bategina aldatzea, zeina uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen.
Hamaseigarren xedapen gehigarria gehitzen zaio Uren Legearen testu bateginari; hona testua:
«Hamaseigarren xedapen gehigarria. Bidezko trantsizio baterako ur-emakidak.
Ikatzezko energia termikoko edo termonuklearreko instalazioak itxita emakida bat azkentzen baldin bada Uren Legearen testu bateginean aurreikusitakoaren babesean, erabaki ahal izango da ekimen eta proiektu berriei uren erabilera pribatiborako emakida berri bat esleitzea instalazioak zeuden inguru geografikoan (Uren Legearen testu bategina uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen). Esleipenean, irizpide ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak hartuko dira kontuan. Hala, ekimen eta proiektu horietan egitekoak diren uraren erabilerek lehentasuna izango dute arroetako plan hidrologikoetan edo -halakorik ez badago- Uren Legearen testu bateginaren 60. artikuluan ezarritako lehentasun-ordenaren gainetik, biztanleria hornitzeko erabileraren salbuespenarekin, horrek beti izango baitu lehentasuna».
Azken xedapenetako bigarrena. Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legea aldatzea.
Hona nola aldatzen den Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legea:
Bat. Xedapen gehigarri bat gehitzen da, hogeita bigarrena; hona testua:
«Hogeita bigarren xedapen gehigarria. Sartzeko eta konektatzeko baimenak ematea, bidezko trantsizioa ziurtatzeko.
Lege honen 33. artikuluan xedatzen dena gorabehera, ikatzezko energia termikoko instalazioak edo energia termonuklearreko instalazioak ixten direnean, eta bidezko trantsizio-prozesu bat sustatzeko, Trantsizio Ekologikorako ministroak, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak aurrez hala erabakita, prozedurak arautu eta baldintzak jarri ahal izango ditu energia-iturri berriztagarrietatik energia sortzen duten eta baldintza tekniko eta ekonomikoak ez ezik ingurumeneko onurak eta onura sozialak ere kontuan hartzen dituzten instalazio berriei emateko itxiera horien eragina nozitu duten sareko guneetako sarbide-kapazitate eta irteera-kapazitate osoa edo parte bat».
Bi. Azken xedapenetako hirugarrena bis gehitzen da; hona testua:
«Azken xedapenetako hirugarrena bis. Energia-iturri berriztagarrietatik, kogeneraziotik eta hondakinetatik energia elektrikoa ekoizten duten eta uztailaren 12ko 9/2013 Errege Lege Dekretua indarrean jartzean ordainsari primatua duten instalazioen zentzuzko errentagarritasuna.
1. Salbuespen gisa, energia-iturri berriztagarrietatik, kogeneraziotik eta hondakinetatik energia elektrikoa ekoizten duten eta uztailaren 12ko 9/2013 Errege Lege Dekretua indarrean jartzean ordainsari primatua onartua duten instalazioetarako, lehen erregulazio-aldirako ezarritako zentzuzko errentagarritasunaren balioa ezin izango da berrikusi 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako lehen bi erregulazio-aldietan (9/2013 Errege Lege Dekretuaren bidez, presako neurriak hartzen dira sistema elektrikoaren finantza-egonkortasuna bermatzeko).
2. Instalazio horiek uko egin diezaiokete aurreko apartatukoa aplikatzeari. Horretarako, argi eta garbi adierazi behar dute uko egiten diotela, 2020ko apirilaren 1a baino lehen, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusian. Hala egiten badute, jasotzea dagokien ordainsaria kalkulatzeko, kontuan hartuko da lege honen 14. artikuluan xedatzen denari jarraituz erregulazio-aldi bakoitzerako zentzuzko errentagarritasunaren zer balio ezartzen den, eta erregulazio-aldia hasten den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
3. 1. apartatuan aurreikusitako neurria ez da aplikatuko instalazio horien errentagarritasunaren gainean aurrez arbitraje-prozedura bat edo prozedura judizial bat abiatzen edo abiatu denean maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuaren ondoren ezarritako ordainsari-araubide bereziaren aldaketan oinarrituta edo uztailaren 12ko 9/2013 Errege Lege Dekretua indarrean sartzearen ondoriozko eta hura garatzeko arauen ondoriozko aldaketetan oinarrituta.
Aipatutako instalazioek, nolanahi ere, heldu ahal izango diote xedapen honen 1. apartatuko salbuespenezko araubideari, baldin eta 2020ko irailaren 30a baino lehen Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusian egiaztatzen badute arbitraje-prozedura edo prozedura judiziala lehenago amaitu dela eta argi eta garbi uko egiten zaiola hura berrabiatzeari edo harekin jarraitzeari, edo uko egiten diotela prozedura horren ondorioz aitortzen zaien kalte-ordain edo konpentsazioari.
4. Lege honen ondoreetarako:
a) Arbitraje-prozeduretan, hauek sartzen dira: energia-iturri berriztagarrietatik, kogeneraziotik eta hondakinetatik energia elektrikoa ekoizteko instalazioen ordainsari-araubide berezian maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuaren ondoren egindako aldaketetan oinarrituta edo uztailaren 12ko 9/2013 Errege Lege Dekretua indarrean sartzearen ondorioz eta hura garatzeko arauen ondorioz egindako aldaketetan oinarrituta eta Espainiako Erresumak izenpetu dituen nazioarteko tratatuen babesean abiatu edo abiatzen direnak.
b) Xedapen honetan adierazitako arbitraje-prozeduretan eta prozedura judizialetan hauek sartzen dira, mugarik gabe:
1. Instalazioaren zuzeneko edo zeharkako titularrak planteatutako prozedurak. Titular bat baino gehiago izanez gero, haietako edozeinek planteatutakoak. Prozedura horiei xedapen honen 3. apartatuak xedatzen duena aplikatzean, ez du eraginik izango prozedura hasi ondoren hirugarren bati instalazio guztiak edo batzuk eskualdatzeak, eta arbitraje-prozeduran edo prozedura judizialean eskubideak aitortzen badira, eskualdatzaileak beretzat gordeko ditu horiek.
2. Instalazio horiekin lotutako inbertsio baten titularrak izateagatik beren eskubideak baliatu nahi dituztenek dagokion tratatuaren arabera planteatutako prozedurak.
3. Hirugarrenek lagapen, subrogazio, prozesuko ondorengotza eta antzeko eragina edo baliokidea duen beste edozein titulu juridiko dela bide planteatutako prozedurak, non kalte-ordainerako uzia maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuaren ondoren ezarritako ordainsari-araubide bereziaren aldaketan oinarritzen baita edo uztailaren 12ko 9/2013 Errege Lege Dekretua indarrean sartzearen ondoriozko eta hura garatzeko arauen ondoriozko aldaketetan.
5. Egiaztatzen bada xedapen honen 1. apartatuari atxikitako instalazioren bat dela-eta 3. apartatuko kalte-ordain edo konpentsazioa jaso dela, 1. apartatuan aurreikusitako salbuespenezko ordainsari-araubidea baliogabetzea erabakiko du Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak, eta 2020ko urriaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak horrek. Horretarako, likidazioez arduratzen den organoak diferentzia kenduko du instalazioari jasotzea dagokion ordainsaritik, hau da, dagokion erregulazio-aldiko zentzuzko errentagarritasun-tasaren balio eguneratuaren arabera jaso beharko zuen ordainsariaren eta ordaindu denaren arteko aldea.
Gobernuak erregelamendu bidez ezarriko du aurreko paragrafoan aipatutako kenketa egiteko prozedura».
Azken xedapenetako hirugarrena. Eskumen-tituluak.
Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 13., 22., 23. eta 25. zenbakietan Estatuari ematen zaizkion eskumen esklusiboen babesean ematen da. Zenbaki horietan, hurrenez hurren, gai hauen gainean esleitzen zaizkio eskumen esklusiboak: jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa; baliabide eta aprobetxamendu hidraulikoen gaineko legegintza, antolaketa eta emakida, urek autonomia-erkidego bat baino gehiago zeharkatzen dutenean, eta instalazio elektrikoak baimentzea, haien aprobetxamenduak beste autonomia-erkidego bati eragiten dionean, edo energia hori dagokion lurralde-eremutik kanpora garraiatzen denean; ingurumena babesteari buruzko oinarrizko legedia (nolanahi ere, autonomia-erkidegoek ahalmena izan dezakete babeserako arau gehiago emateko); meatze- eta energia-araubidearen oinarriak.
Azken xedapenetako laugarrena. Indarrean jartzea.
Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Madrilen, 2019ko azaroaren 22an.
FELIPE e.
Gobernuko presidentea,
PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON