17/2013 Legea, urriaren 29koa, uharteetako eta penintsulaz kanpoko sistema elektrikoetan hornidura bermatzekoa eta lehia gehitzekoa
2013-10-29Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2013/10/30, 260. zk.
ESTATUKO BURUZAGITZA
11332
17/2013 Legea, urriaren 29koa, uharteetako eta penintsulaz kanpoko sistema elektrikoetan hornidura bermatzekoa eta lehia gehitzekoa.
JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau ikusi eta aditzen duten guztiei.
Jakizue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.
HITZAURREA I
Uharteetako eta penintsulaz kanpoko energia-sistemek badituzte berezitasun batzuk penintsulakoaren aldean, tamaina, berezko ezaugarriak eta eskala-ekonomia txikiak direla-eta, bai eta erregaiez hornitzean ere.
Izan ere, uharteetako eta penintsulaz kanpoko energia-sistemek araudi elektriko berezia dute, eta bikoitza da araudi horren xedea: hornikuntza elektrikoa eta haren kalitatea bermatzea ahalik eta kosturik txikienarekin, Sektore Elektrikoaren Legeak (54/1997 Legea, azaroaren 27koa) eta hura garatzeko araudiak xedatzen dutenez. Hala ere, sistema horiek, egun taxuturik dauden eran, badituzte gabezia batzuk hornikuntzaren segurtasunerako mehatxu direnak eta energia elektrikoaren hornikuntzarako jardueren kostua murrizteko eragozgarri direnak.
Hala, beharrezkoa da sistema horien arau-esparruaren berritze handi bat, haien ahuleziak gutxitzearren eta sistema osoak eraginkortasun tekniko eta ekonomiko handiagoa izan dezala bermatzearren, eta, aldi berean, hornikuntzaren segurtasuna hobetzearren.
Lege honetan sartutako neurriek osatu egiten dute 54/1997 Legeak xedatutakoa, eta, neurriok, sartu ere, ezarriko diren ordainketa-araubide berriak garatzeko oinarriak ezartzeko sartu dira, sistema horien lehiakortasuna areagotzearren eta energia elektrikoa sortzearen kostuak gutxitzearren, eta, orobat, Administrazioak arrisku-egoerei aurre egiteko dituen tresnak indartzearren.
Lehenbizi, ahalmena ematen zaio Gobernuari energia elektrikoa sortzeko ordainketa-mekanismo berriak sortzeko, zonako murrizketa teknikoak konpontzeko lokalizazio-seinale ekonomikoekiko mekanismoak, hain zuzen. Horrez gain, administrazio-prozedura bat ezartzen da, sistema-operadoreak efizientziaren seinaleak indartzeko proposatutako irizpide teknikoetan eta ekonomikoetan oinarritua; administrazio-prozedura horretan, eragiten zaien autonomia-erkidegoetako administrazioei kontsulta egingo zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 4. artikuluan ezarritako erakunde arteko leialtasunaren eta lankidetzaren printzipioari jarraituz.
Era berean, lehiakortasun eta gardentasun handiagoa sustatzearren, murriztu egiten da elektrizitatea sortzeko jardueran nagusitasunezko lekuan diren operadoreen parte hartzea, eta atea irekitzen zaie energia elektrikoa sortzeko instalazioen titular berriei; orobat, lehia-mekanismoak sortuko direla xedatzen da, energia elektrikoa sortzeko zentralek erabilitako erregaien kostua gutxitze aldera.
Hala, uharteetako eta penintsulaz kanpoko sistemek isolamenduaren ondorioz duten ahulezia bereziagatik eta energia berriztagarriak gehiago sartzeko beharragatik, komeni da sistemaren operazioa indartuko duten neurriak onartzea eta sistemen tamaina handitzeko azpiegitura berriei buruzko azterlanak egitea.
Ponpatze-instalazio hidraulikoak funtsezko osagaiak izan dira sistema elektrikoak arintasunez eta segurtasunez erantzuteko ahalmenaz hornitzeko eta hartara haien kudeaketa egokia sustatzeko. Baldintza hori bereziki da beharrezkoa sistema isolatuetan eta tamaina txikikoetan, hala nola uharteetako eta penintsulaz kanpoko sistema elektrikoetan.
Uharteetako eta penintsulaz kanpoko sistema elektrikoak bereziki dira ahulak, eta, hornikuntzaren segurtasunerako, ezinbestekoa da ponpatze-instalazioak berehala ezartzea, hartara lagundu egingo delakoan energia berriztagarri kudeaezinak errazago sar daitezen; horiek ingurumen-eragin oso positiboa dute eta, gainera, sistema horietan kostuak urritzea eragiten dute.
Hori dela eta, kontuan hartuz, orobat, nola atzeratu diren zenbait ponpatze-instalazio, arau honetan xedatzen da sistema-operadorea izan dadila ponpatze-instalazio berrien titularra, dela instalazioen xedea hornikuntza bermatzea eta sistemaren segurtasuna bermatzea, dela energia berriztagarri kudeaezinak integratzea. Kasu horietan, Gobernuak lehiazko prozedura baterako deialdia egin ondoren, beste titular batzuk ere izan daitezen onartuko da, baldin eta, aldez aurretik, nola gauzatuko den zehazteko egutegi bat eta instalazioak ezarriko direla ziurtatzeko abal bat aurkezten badira.
Beste alde batetik, kanariar uharteetako birgasifikatze-instalazioen titularitatea gas naturalaren sistemaren kudeatzaile teknikoa kide den enpresa-taldeari lagatzen zaio.
Hain zuzen ere, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeak definitzen du espainiar gas-sistema (34/1998 Legea, urriaren 7koa), eta sistema bakar gisa taxutzen, gas naturalak hainbat sarbide dituela, hornikuntza-puntu batzuei eta besteei zerbitzu emateko. Nolanahi ere, hala birgasifikatze-instalazioak nola nazioarteko konexioak penintsulan daude kokatuta, guzti-guztiak, eta, hala, ezin diete, teknikoki, zerbitzu eman kanariar uhartediko kontsumitzaileei, eta, beraz, merkatu hori gas naturalaren azpisistema bat da sistema nazionalaren barruan. Ez da hala balear uharteen kasuan, gasbidezkoa dute penintsularekiko lotura, eta, hori dela eta, sistemako gainerako instalazioak erabili ahal ditu.
Hala, uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako gas naturalaren hornikuntzak arauketa berezia behar du, kokatuta dauden lekua dela-eta.
Kanariar uhartedia birgasifikatzeko, han bertan hainbat birgasifikatze-instalazio eraikitzea da asmoa; instalazio horiek izango dira kontsumitzaileei gasa eramateko sarbide bakarra, eta, hala, haiei araudi espezifikoa aplikatu behar zaiela jo da, uhartedian gas naturalaren merkatu lehiakor bat ezartzeko aukera emango duen araudi espezifikoa, hain zuzen. Hortaz, merkatu lehiakor bat sortzeari begira, funtsezkotzat jo da gasa sartzeko sareen eta azpiegituren kudeaketa-jarduerak eta hornikuntza-jarduerak bereiztea. Gas naturalaren kudeatzaile teknikoa kide den enpresa-taldeari birgasifikatzeinstalazioen titularitatea lagatzearen xedea ere horixe da; izan ere, garraio-sarearen kudeatzaile gisa ziurtatuta egonik, bete egiten baititu ondareak bereizteko betebeharrak, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeak 63. artikuluan ezartzen dituenak (34/1998 Legea, urriaren 7koa), eta, beraz, bermaturik baitago hura beregain izatea merkaturatzejarduerarekiko.
Horrez gain, azterlan sakon bat egingo da, sistema horien artean eta horien eta penintsulakoen artean konexio berriak egitea bideragarria ote den analizatzeko –hala teknikaren nola ekonomiaren aldetik bideragarri, esan nahi da–, eta lehendik zeuden sistemen erabilera optimizatzeko.
Neurri horien bidez, gainera, energia berriztagarrien iturrien bidezko produkziorako instalazioak areago sartuko dira, lehendik ziren baliabideek zeuzkaten baldintza lagungarriak aprobetxatuz; horrek, gainera, energia elektrikoa sortzearen kostuak urritzea ekarriko du, bai eta erregai fosiletan atzerriarekiko mendekotasun gutxiago izatea ere, eta kanpo-efektu positiboak ere ekarriko ditu, eskualde horietan jarduera ekonomikoa gehitzea eraginez, langabeziak bereziki jotzen dituela jakinik.
Azkenik, indartu egiten da Estatuaren Administrazio Orokorraren zeregina, energiaren hornikuntzaren bermearen eta segurtasunaren azken titularra bera denez geroztik, eta tresna hobeak izango ditu zentralen ekonomia-araubidea emateko eta, orobat, hornikuntzaren segurtasunerako arrisku-egoerak direnean autonomia-erkidegoetako administrazioekiko lankidetzan jarduteko.
Hara zergatik onartzen diren neurri hauek: beharra dagoelako, batetik, lurralde horietan hornikuntza elektrikoaren bermearen arrisku sistemikoa urritzeko eta, bestetik, sistemaren diru-sarreren eta kostuen arteko bat ez etortzeak ezabatzeko, iaz onartutako neurriekin bat etorriz; izan ere, kontuan hartu beharra zegoen egungo egoera ekonomiko orokorra eta sektore elektrikoaren egoera berezia.
Kostuen urritze horrek, bestalde, uharteetan edo penintsulaz kanpo elektrizitatea sortzeak dakartzan gainkostuak finantzatzeko Estatuaren aurrekontu orokorretan izendatutako partidak urritzea ekarriko du, 9/2013 Errege Lege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren ondorioz (9/2013 Errege Lege Dekretua, sistema elektrikoaren finantza-egonkortasuna bermatzeko premiazko neurriak ezartzen dituena).
II Ohiz besteko hidrokarburo-baliabideak eztabaida bizi-biziaren gai izan dira azken hilabeteetan. Eztabaida hainbat herrialdetan ari da izaten, eta Espainian ere bai, jakina.
Baliabide horiek interes bizia eragiten dute, baliatzen dituzten herrialdeen autohornikuntzan laguntzen dutelako eta ekonomiaren garapena eragiten dutelako. Nolanahi ere, baliabide horien ustiapenak kezka eragiten du gizartean, ingurumenean izan dezakeen eragina dela eta.
Hidrokarburoak esploratzeko eta produzitzeko tekniken alderdi juridikoak argitze aldera eta Espainiako estatuaren lurralde osoan irizpidea bakarra izango dela bermatze aldera, xedapen bat sartzen da araubide juridikoari buruz; zehazki, berariaz sartzen dira 34/1998 Legearen eremu objektiboan erauzketa-industriaren zenbait ohiko teknika, hain zuen, hauste hidraulikoko teknikak, eta oinarrizkotzat aitortzen.
Era berean, hauste hidraulikoko teknikak erabili beharra dakarten proiektuek ingurumenari eragingo dioten inpaktua ebaluatzeko, Proiektuen Ingurumen-inpaktuaren Ebaluazioari buruzko Legearen testu bateginaren II. kapituluaren 1. sekzioan aurreikusitako prozedura igarotzeko betebeharra ezartzen zaie proiektu horiei (1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, urtarrilaren 11koa, Proiektuen Ingurumen-inpaktuaren Ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena). Hala, bada, proiektu horiek baimentzeko, ingurumen-inpaktuaren adierazpena beharko da aldez aurretik, eta proiektuen aldekoa izan beharko da adierazpen hori.
1. artikulua. Uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako energia elektrikoa sortzeko instalazio berrien ekonomia-araubidea.
1. Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 12.2 artikuluan (54/1997 Legea, azaroaren 27koa, Sektore Elektrikoaren Legeari buruzkoa), ordainketa-araubide gehigarri bat xedatzen da uharteetan eta penintsulaz kanpoko lurraldeetan energia elektrikoa sortzeko jarduerarako, eta, araubide hori aplikatzeko, instalazio berriek baldintza bat bete beharko dute: hain zuzen, ez gainditzea eskariari erantzungo zaiola ziurtatzeko behar diren potentzia-balioak.
Hala ere, instalazio horiek, balio horiek gainditu arren, ordain hori jaso ahal izango dute, hornikuntzaren segurtasunarekin edo sistemaren eraginkortasun tekniko eta ekonomikoarekin zerikusia duten arrazoiengatik, baina erregelamenduz ezarritako baldintzen arabera, betiere.
2. Ahalmena ematen zaio gobernuari uharteetako eta penintsulaz kanpoko produkzio-instalazio berrietan ordainketa-mekanismoak ezartzeko, energia elektrikoa sortzeko kostua urritzearren. Mekanismo horietan, zonakako murrizketa teknikoak konpontzeko lokalizazio-seinale ekonomikoak sartu ahal izango dira.
3. Ez uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako produkzio-jardueretarako ordainketa-araubide gehigarria, Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 12.2 artikuluan aurreikusia, ez 30. artikuluaren 4. eta 5. paragrafoetan xedatzen den ekonomia-araubide saritua (54/1997 Legea, azaroaren 27koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa) ezingo zaie esleitu uharteetako eta penintsulaz kanpoko instalazio berriei, baldin eta enpresa baten edo enpresa-talde baten titularitatekoak badira – betiere merkataritza-kodeko 42. artikuluko definizioaren araberako enpresa-taldea– eta enpresa edo enpresa-talde horrek energia elektrikoa sortzeko potentziaren ehuneko 40 baino gehiago badauka sistema horretan.
Lege honen 2. artikuluan arautzen den bateragarritasun-ebazpena duten instalazioek edo Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 30. artikuluan aurreikusitako ekonomiaaraubideetako bat esleitu izan zaien instalazioek, enpresa bati edo aurreko paragrafoan definituen moduko enpresa-talde bati eskualdatzen bazaizkio, ez dute izango eskubiderik ez ordainketa gehigarrirako ez ekonomia-araubide sariturako, eta merkatuko prezioa baizik ezingo dute jaso.
Salbuetsi egiten dira paragrafo honetan arautzen den murriztapenetik ustiapen-zentral batean egiten diren eraginkortasuna berritzeko eta hobetzeko inbertsioak, baldin eta ez badakarte ahalmena handitzerik; horretarako, baina, aldez aurretik lege honen 2. artikuluan aurreikusitako prozedura ezarriko da, eta salbuespena, betiere, erregelamenduz ezarritako baldintzen arabera izango da.
Era berean, produkzio-ahalmen berria esleitzeko mekanismoren bat ezarri behar bada, eta eskaria aseko dela ziurtatzeko beharrezkoa den potentziaren balioak gainditzen ez badira, eta, gainera, instalazioak sustatzeko interesa duen enpresarik ez bada, Energia-politika eta Meatzeetako zuzendaritza nagusiak, salbuespenez eta betiere ebazpen bidez, lege honen 2. artikuluan ezarritako baldintzen arabera, ordainketaaraubide gehigarria edo ekonomia-araubide berritua eman ahal izango die instalazio berriei edo lehendik ziren instalazio-handitzeei, baldin eta enpresa baten edo enpresatalde baten titularitatekoak badira eta enpresa edo enpresa-talde horrek energia elektrikoa sortzeko potentziaren ehuneko 40 baino gehiago badauka sistema horretan.
2. artikulua. Uharteetan eta penintsulaz kanpoko lurraldeetan energia elektrikoa sortzeko instalazio berrien eta lehendik direnen berritzeen bateragarritasun-ebazpena.
1. Uharteetan eta penintsulaz kanpoko lurraldeetan produkzio-jardueretarako ordainketa-araubide gehigarrirako eskubidea (Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 12.2
artikuluan aurreikusia) edo ekonomia-erregimen sariturako eskubidea (Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 30. artikuluaren 5. paragrafoa) izateko, energia elektrikoa sortzeko produkzio-instalazio berriek edo lehendik ziren instalazioen berritzeek, lurralde horietan, Energia-politika eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren baiezko ebazpena beharko dute, administrazio-baimenaren aurretik.
Ebazpen horrek dakarren ondorioa da dena delako instalazio hori bateragarria izatea sistema-operadoreak aurkeztutako informazioan oinarritutako irizpide teknikoekin eta energia elektrikoa sortzeko, banatzeko eta garraiatzeko jardueren kostuen murrizketarako irizpide ekonomikoekin. Horretarako, txostena eskatuko zaio sistema-operadoreari eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari, eta, han, neurtu egingo dira energia elektrikoa sortzeko instalazio berria dena delako toki horretan kokatzeak sistemari ekarriko dizkion abantaila tekniko eta ekonomikoak. Era berean, txostena eskatuko zaio kasuankasuko autonomia-erkidego edo hiri autonomo interesatuari, haien eskumenei erasanez gero ere, aukera izan dezaten oharrak egiteko; oharrak eginez gero, Energia-politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen horretan jasoaraziko dira.
Ezingo da eman paragrafo honetan aipatzen den ebazpena harik eta instalazio berrietarako edo lehendik zirenetarako esparru ekonomiko bat indarrean egon arte.
2. Aurreko paragrafoan jasotako aldeko ebazpena gabe administrazio-baimena lortzen duten instalazioek ez dute izango ordainketa gehigarrirako eskubiderik ez eta ekonomia-araubide sariturako eskubiderik ere, eta merkatuko prezioa baizik ez dute jasoko.
3. Nolanahi ere, energia berriztagarrien, kogenerazioaren eta hondakinen bidez energia elektrikoa produzitzeko instalazioei ekonomia-araubide bat esleitu ahal izango zaie, lehia-prozedura bidez; horretarako baldintzak, baina, erregelamenduz ezarriko dira.
Kasu horretan, prozedura horrek autonomia-erkidego edo hiri autonomo bakar bati eraginez gero, behin deialdia onartutakoan, deialdiari buruzko txostena eskatuko zaio dena delako autonomia-erkidego edo hiri autonomo horri, beraren eskumenei erasanez gero oharrak egin ditzan; oharrok, prozedurari buruzko ebazpenean jasoaraziko dira.
Prozedura horietan esleipendun ateratzen diren instalazioetarako ez da beharrezkoa izango artikulu honetan arautzen den bateragarritasun-ebazpena. Paragrafo honetan ezarritakoa betetzen ez duten instalazioek ez dute izango ekonomia-araubide sariturako eskubiderik, eta merkatuko prezioa baizik ez dute jasoko.
4. Urtero-urtero, sistema-operadoreak txosten bat igorriko dio Industria, Energia eta Turismo Ministerioari sistema horien horniduraren segurtasun eta iraupenak dituzten arriskuei buruz, hau da, sistema bakartua eta txikia izateak berez dakartzanez gain, dela potentzia instalatuaren gabeziagatik dela garraio- edo banaketa-sareen egoeragatik, ageri dituen arrisku gehigarriei buruz. Halaber, txosten horretan, elektrizitatea nodo bidez sortzeko instalazio berrietarako zer behar dagoen neurtuko du sistema-operadoreak, bai ekonomiaren aldetik bai teknikaren aldetik; halaber neurtuko ditu horretarako teknologiak eurak, edo arrisku horiek zer beste eratan saihestu ote litezkeen. Halaber, Energiaren Batzorde Nazionalari eskatuko zaio baloratu ditzala aurkeztutako proposamenak.
3. artikulua. Uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako sistema elektrikoetan erregaiei zer ordainketa-kontzeptu dagozkien zehaztea.
Uharteetan eta penintsulaz kanpoko lurraldeetan, erregaiaren kostu espezifikoari dagokion ordainketa-kontzeptua (Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 12.2 artikuluan aipatzen da kostu espezifiko hori; 54/1997 Legea, azaroaren 27koa) eta, hala balegokio, kostu horrekin lotutako beste batzuk ere, lehia, gardentasun, objektibitate eta diskriminaziorik ezaren printzipioen araberako mekanismo baten bitartez zehaztuko dira.
Lege hau indarrean sartzen denetik hasita hilabeteko epean, energia elektrikoa produzitzeko lurralde horietako instalazioen enpresa titularrek Industria, Energia eta Turismo Ministerioari igorri beharko dizkiote 2009, 2010, 2011 eta 2012 urteetako hornikuntzei dagozkien erregai-hornidurako kontratu guzti-guztien kopiak, enpresa-talde bereko beste enpresa batzuekin sinatutako kontratuenak ere barne. Era berean, hornidura horiei dagozkien fakturak igorri beharko dizkiote, erregai-kostuak zehazteko beharrezkoak badira.
4. artikulua. Uharteetan eta penintsulaz kanpoko lurraldeetan energia elektrikoa produzitzeko jardueraren ordainketa, funtzionamenduan gorabeherak diren kasuetan.
Instalazio erabilgarrietan, horniduraren segurtasunean edo horniduraren kalitatearen indizeetan urritze nabarmenak izaten direnean datu historikoekin alderatuta, eta urritze horiek produkzio-instalazioei egotzi ahal zaizkienean, Energia-politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak, aldez aurretik entzunaldia emanez eta behar bezala arrazoituta, uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako produkzio-jarduerarako ordainketakontzeptu gehigarria (Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 12.2 artikuluan aipatzen da; 54/1997 Legea, azaroaren 27koa) proportzionaltasunez gutxitu ahal izango du, erregelamenduz ezarritako baldintzen arabera, hargatik eragotzi gabe dagozkien zehapenak ezartzea eta dagozkien erantzukizunak eskatzea.
5. artikulua. Uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako sistema elektrikoetako ponpatze-instalazioen titulartasuna.
1. Uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako sistema elektrikoetako ponpatze-instalazioen xede nagusiak izango dira hornikuntza bermatzea, sistemaren segurtasuna eta energia berriztagarri kudeaezinak integratzea. Kasu horietan, ponpatzeinstalazioen titulartasuna sistema-operadorearena izango da.
2. Aurreko paragrafoan aipatutakoez besteko kasuetan, hara norena izango den ponpatze-instalazioen titulartasuna: Ministro Kontseiluaren errege-dekretuz ezarritako erregelamenduzko baldintzen arabera egindako deialdian lehiazko prozeduraz esleipendun ateratzen denarena. Horretarako, txostena eskatuko zaio autonomiaerkidego edo hiri autonomo kasuan-kasuan interesatuari, haren eskumenei erasanez gero hark oharrak egin ditzan; oharrok, prozedurari buruzko ebazpenean jasoaraziko dira.
Ponpatze-instalazioek titulartasun-murriztapen berberak izango dituzte, alegia, uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako sistema elektrikoetan elektrizitatea sortzeko instalazioetarako lege honen 1.3 artikuluan ezarritako titulartasun-murriztapen berberak.
Lehiazko prozedura hauetan esleipendun ateratzen diren instalazioek ez dute beharko 2. artikuluan xedatutako bateragarritasun-ebazpena.
3. Inbertsioak egingo direla bermatzeko, eskatzaileak, aurreko paragrafoan aipatzen den lehiazko prozeduran parte hartzeko eskabidearekin batera, instalazioa eraikitzeko egutegiaren proposamen bat aurkeztu beharko du, bai eta Gordailuen Kutxa Orokorrean abala aurkeztu izanaren egiaztagiria ere, zeina erregelamenduz ezarritako baldintzen arabera aurkeztu behar baita.
Egutegia prozeduraren ebazpenarekin batera onartuko da, erasaten zaien administrazioek eta organismoek txostena eman ondoren eta interesatuari entzunaldia eman ondoren, eta ebazpen horrek ondorioak izango baditu, egutegia bete egin beharko da.
4. Egutegiko muga-egunen bat bete ezean, entzunaldi-izapidea egin ondoren, ebazpen arrazoituaren bidez, exekutatu egingo da abala, eta deklaratuko da ezen ez enpresa titularra ez merkataritza-kodearen 42. artikuluan ezarritako irizpideen araberako enpresa-taldeko ezein sozietate ezingo dela izan Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 12.2 artikuluan xedatutako ekonomia-araubidearen onuradun.
Nolanahi ere, prozedura ebazteko eskumena duen organoak bere esku du mugaegunak guztiz edo partez aldatzea, herri-administrazioek edo sistema-operadoreak prozedura batzuk eta besteak tramitatzeko eta ebazteko arauz ezarritako epeak betetzen ez eta egutegia betetzeko eragozpena eragiten dutenean; horretarako, ordea, interesatuak eskabide justifikatua aurkeztu beharko du, eta prozedura ebazteko eskumena duen organoak ebazpen arrazoitua eman.
6. artikulua. Uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako sistema elektrikoetako birgasifikatze-instalazioen titulartasuna.
1. Kanariar uharteetako lurralde-eremuko gas naturalaren instalazioak gas naturalaren garraio-azpisistematzat joko dira.
2. Azpisistema horietan, birgasifikatze-instalazioen xedea izango da zuzeneko merkatari eta kontsumitzaile guztiek gas naturala eskuratzeko modu gardena, objektiboa eta diskriminaziorik gabea izan dezaten bermatzea Hartara, instalazio horien titulartasuna Sistemaren Kudeatzaile Teknikoak parte hartzen duen enpresa-taldearena ez besterena izango da.
3. Horretarako, lege hau indarrean sartzen denean instalazioen titular diren enpresek sistemaren kudeatzaile teknikoak parte hartzen duen enpresa-taldeari eskualdatu behar dizkiote instalaziook; gehienez ere, sei hilabete izango dituzte horretarako, legea indarrean sartzen denetik aurrera.
Instalazio bakoitzaren salerosketa-prezioa alderdiek hitzartuko dute, eta merkatuprezioetan oinarrituko da. Lege hau indarrean sartzerako zerbitzu ematen hasi izanaren aktarik ez duten instalazioen kasuan, eskualdatze-prezioa eskualdatzaileak 2013ko martxoaren 1a arte egiaz eragindako kostuetan oinarrituko da.
Baldin eta, emandako epea amaiturik, ez bada artean akordiorik iritsi, Industria, Energia eta Turismo Ministerioa Energiaren Batzorde Nazionalari zuzenduko zaio, arbitro independente bat izenda dezan; arbitro horrek hiru hilabete izango ditu, izendatzen dutenetik hasita, alderdi bientzat nahitaezkoa izango den laudoa emateko, eta laudo horren bidez ezarriko du eskualdaketaren prezioa, bai eta epe bat ere, gehienez ere bi hilabetekoa, eskualdatzea gauzatu dadin. Arbitraje hori Arbitrajearen Legearen prozedurazko arauen pean egongo da (60/2003 Legea, abenduaren 32koa), eta alderdi biek ordainduko dituzte haren kostuak, erdi bana.
Instalazio horien eskualdatzea gauzatzen ez den artean, instalazio horien titular diren enpresek aukeran izango dute jardueran jarraitzea, eta, horretarako, urriaren 7ko 34/1998 Legean xedatutakoa aplikatuko zaie.
Behin eskualdatzea gauzatutakoan, Sistemaren Kudeatzaile Teknikoak parte hartzen duen enpresa-taldeak administrazio-baimen eta -kontzesio guztiak subrogatuko ditu, aurreko titularraren baldintza berberekin, bai eta haren eskubideak eta betebeharrak ere.
Lehenengo xedapen gehigarria. Uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako sistema elektrikoetan produkzio-instalazioei abiarazteko aginduak ematea.
1. Sistema-operadoreak, hala, uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako sistema elektrikoetako produkzio-instalazioek funtzionamendu-indize murriztua ageri dutenean, abiarazteko eta geratzeko aginduak emango dizkie, zuzen dabiltzala egiaztatze aldera.
2. Energia-politika eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak ezarriko ditu, ebazpen bidez, instalazio batek funtzionamendu urrituaren indizeak noiz ageri dituen jotzeko irizpideak, bai eta, hala balegokio, zein instalaziori igorriko dizkien sistema-operadoreak agindu horiek eta zein epetan.
3. Nolanahi ere, alde batera utzi gabe 1. eta 2. paragrafoetan xedatutakoa, sistemaoperadoreak, lege hau indarrean sartzen denetik hasita sei hilabeteko epearen barruan, emana izan behar du abiarazteko eta geratzeko agindua, uharteetako eta penintsulaz kanpoko sistemetako talde guztiei eman beharrekoa, baldin eta sistema horiek, baliagarri egonik, 2012an ez baziren sartu energia sortzen hasteko aginduan.
4. Sistema-operadoreak abiarazte-agindua emandakoan, instalazioak bete egin beharko du agindu hori, eta gehienez ere ehuneko 10eko desbideratzea onartuko zaio lege hau indarrean sartzean ITC/913/2006 Aginduaren 4.3 artikuluaren arabera onartua dukeen abiarazte-denborarekiko (ITC/913/2006 Agindua, martxoaren 30ekoa, zeinaren bidez onartzen baitira uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako sistema elektrikoetan erabilitako erregai bakoitzaren kostua kalkulatzeko metodoa eta energiaz hornitzeko zerbitzua hasi eta likidatzeko prozedura). Instalazioak, 24 ordu gehigarritan zehar, bere potentzia garbiaren ehuneko 60ri eutsi beharko dio, eta, sistema-operadoreak agintzen dionean, gutxienez ordubetean, bere potentzia garbiaren ehuneko 100i.
Probaren ostean, sistema-operadoreak txosten bat igorri beharko die Energia-politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiari eta eragiten zaien autonomia-erkidegoetako eta hiri autonomoetako organo eskudunei, agindutakoa bete den edo ez agertuz.
5. Abiarazteko agindua aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzen arabera bete ezean, kendu egingo da potentzia-bermearen ordainsaria.
Energia-politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak egingo du hala gertatu delako deklarazioa, aldez aurretik prozedura bat tramitatuz, eta, betiere, prozeduraren barnean interesatuari entzunaldia ematen zaiola bermatuz. Prozedura hori ebazteko eta ebazpena jakinarazteko, urtebeteko epea izango da gehienez.
Produktoreak, beraz, agindua ez betetzea eragin zuten kausak zuzentzen baditu, instalazioak, hala balegokio, potentzia-bermearen ordainsaria jaso ahal izango du, kendu zitzaionetik gutxienez urtebeteko epea igaro ostean; aldez aurretik, nolanahi ere, sistemaoperadoreak aginduak bete direla egiaztatu beharko du.
Agindua ez betetzea eragin zuten kausak ordainsaria kendu zaion aldian zehar zuzendu behar dira, eta zuzendu ezean, produktoreak baja eskatu beharko du produkzioinstalazioen administrazio-erregistroan.
Bigarrenez ez betetzeak berekin ekarriko du potentzia-bermearen ordainsaria behin betiko kentzea.
Bigarren xedapen gehigarria. Uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako energia elektrikoa produzitzeko instalazioen titulartasunaren murriztapenak:
salbuespenak.
Instalazioen enpresa titularrak, 2013ko martxoaren 1erako ondoren aipatzen diren baldintzetako bat betetzen badute, salbuetsirik egongo dira 1. artikuluaren 3. paragrafoan instalazio horietarako ezarritako murriztapenetatik. Hona hemen baldintza horiek:
a) Esleipendun gertatu izana energia berriztagarrizko iturrietan oinarritutako produkzio-instalazioak ezartzeko ahalmenari buruzko lehiaketetan.
b) Instalazioaren administrazio-baimena edukitzea.
c) Araubide bereziko instalazioen ordainketaren aurre-esleipenaren erregistroan izena eman izana.
Lehenengo xedapen iragankorra. Ordainketaren aurre-esleipenaren erregistroan izena emanda dauden edo administrazio-baimena daukaten energia elektrikoa produzitzeko instalazioak, uharteetakoak eta penintsulaz kanpokoak: bateragarritasun-ebazpena.
1. Salbuetsita daude Lege honen 2. artikuluan xedatutakotik 2013ko martxoaren 1erako araubide bereziko instalazioetarako ordainketaren aurre-esleipenaren erregistroan izena emanda dauden energia elektrikoa produzitzeko instalazioak, uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetakoak; bai eta egun horretarako Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren mendeko energia elektrikoa produzitzeko instalazioen administrazio-erregistroan izena emanda daudenak ere, eta, orobat, 2013ko martxoaren 1
baino lehen energia berriztagarrizko iturrietan oinarritutako instalazioak ezartzeko ahalmenari buruzko lehiaketetan esleipendun gertatu diren energia elektrikoa produzitzeko instalazioak.
2. Uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako energia elektrikoa produzitzeko instalazio araubide arruntekoek, 2013ko martxoaren 1erako administraziobaimena izanik Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren mendeko energia elektrikoa produzitzeko instalazioen administrazio-erregistroan izena eman gabe daudenek, aldeko ebazpena beharko dute, 2. artikuluan aipatzen dena. Osterantzean, ez dute eskubiderik izango uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako energia elektrikoa produzitzeko jarduerarako ordainketa gehigarria jasotzeko (Sektore Elektrikoari buruzko 54/1997 Legea, azaroaren 27koa, 12.2 artikulua), ez eta ekonomia-araubide sariturako eskubiderik ere (Sektore Elektrikoari buruzko 54/1997 Legea, azaroaren 27koa, 30.5 artikulua), eta merkatu-prezioa baizik ez dute jasoko.
Horretarako, Energia-politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren bateragarritasun-ebazpena eskatu beharko dute, lege hau indarrean sartzen denetik hilabeteko epean gehienez ere, eta administrazio-baimena eta tramitazioan aurkeztutako aurreproiektua ere aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera.
3. Aurreko hori gorabehera, 2. paragrafoan aipatzen diren instalazioei ezezkoa eman bazaie bateragarritasun-ebazpenean, eta 2013ko martxoaren 1erako instalazioaren guztizko inbertsioaren ehuneko 25 baino ordainketa handiagoa egina badute, eta, horrez gain, aginduzko baimenak badauzkate, inbertsioaren ordaina eskatu ahal izango diote Energia-politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiari, ezezko ebazpena jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean gehienez ere. Eskabide horrekin batera, aginduzko baimenen kopia aurkeztu beharko dute, bai eta tramitazio horretan aurkeztutako proiektuaren kopia eta egindako ordainketa hori egiaztatzeko agiriak ere.
Instalazioan egindako inbertsioaren ordaina titularrak 2013ko martxoaren 1erako egiaz ordaindutako kostuetan oinarrituko da, eta administrazio-baimena eskuratzeko unean zerbitzu-hedaduraren indizea gainditzen ez duen potentziaren zati proportzionala adina baino ezingo da eman, ez gehiago.
4. Era berean, 2. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, araubide arrunteko instalazioen titularrek, 2013ko martxoaren 1erako ustiapen-baimena badaukate, beren esku izango dute 2. artikuluan xedatutakoaren aplikazioaren salbuespena eskatzea.
Eskabidea Energia-politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiari zuzendu beharko zaio, eta 20 egun izango dira horretarako, legea indarrean sartzen denetik hasita.
Eskabidearekin batera, egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.
5. Uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako energia elektrikoa produzitzeko instalazio araubide arruntekoek, administrazio-baimena 2013ko martxoaren 1a eta lege hau indarrean sartu arteko denboran eskuratu badute eta Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren mendeko energia elektrikoa produzitzeko instalazioen administrazio-erregistroan izena eman gabe badaude, aldeko ebazpena beharko dute, lege honen 2. artikuluan aipatzen dena. Osterantzean, ez dute eskubiderik izango uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako energia elektrikoa produzitzeko jarduerarako ordainketa gehigarria jasotzeko (Sektore Elektrikoari buruzko 54/1997 Legea, azaroaren 27koa, 12.2 artikulua), ez eta ekonomia-araubide sariturako eskubiderik ere (Sektore Elektrikoari buruzko 54/1997 Legea, azaroaren 27koa, 30.5
artikulua), eta merkatu-prezioa baizik ez dute jasoko.
Horretarako, Energia-politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren bateragarritasun-ebazpena eskatu beharko dute, lege hau indarrean sartzen denetik hilabeteko epean gehienez ere, eta administrazio-baimena eta tramitazioan aurkeztutako aurreproiektua ere aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera. Bateragarritasuneskabideari buruz ezezko ebazpena eman zaien kasuetan, ez dagokie inolako ordainik.
Bigarren xedapen iragankorra. Aldi baterako araubidea zenbait ponpatzeinstalaziotarako.
1. 2013ko martxoaren 1a baino lehen aprobetxamendu hidraulikoaren kontzesioa esleiturik daukaten enpresek, edo ponpatze-zentralarekiko instalazioak ezartzeko administrazio-baimena daukatenek baina lege hau indarrean sartzerako zerbitzuan hasteko baimenik eduki gabe, instalazio eraikitzeko egutegiaren proposamena eta Gordailuen Kutxa Nagusian inbertsioaren ehuneko 10 adinako diru-zenbatekoa gordailuan utzi izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko dituzte (lege honen 5.3 artikuluan aipatzen dira biak ala biak), lege hau indarrean sartu eta gehienez ere hilabeteko epean.
Egutegi-proposamena Energia-politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak onartu beharko du, ebazpen bidez, proposamena jaso eta gehienez ere bi hilabeteko epean. Aldez aurretik, baina, eragiten zaien administrazioek eta organismoek txostena eman beharko dute, eta interesatuari entzunaldia eman beharko zaio.
2. Baldin eta, interesatuari berari egoztekoa den kausaren batengatik, aurreko paragrafoan aipatzen diren betebehar edo baldintzetako edozein betetzen ez bada, edo egutegiko muga-egunetako bat betetzen ez bada, edo egutegi-proposamena onartzen ez bada, exekutatu egingo da abala, eta deklaratuko da ezen ez egutegia bete ez duen enpresa titularra, ez merkataritza-kodearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera definitutako enpresa-taldeko ezein sozietate ezingo direla izan Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 12. 2 artikuluan xedatzen den ekonomia-araubidearen onuradun (54/1997 Legea, azaroaren 27koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa). Horretarako, baina, Energia-politikako eta Meatzeetako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua eman beharko du, eta interesatuari entzunaldia eman beharko zaio.
Nolanahi ere, Energia-politikako eta Meatzeetako zuzendari nagusiak bere esku du muga-egunak guztiz edo partez aldatzea, herri-administrazioek edo sistema-operadoreak prozedura batzuk eta besteak tramitatzeko eta ebazteko arauz ezarritako epeak bete ez eta egutegia betetzeko eragozpena eragiten dutenean.
3. Kasu hauetan, uste bada ponpatze-instalazioen xede nagusiak direla hornikuntza bermatzea, sistemaren segurtasuna eta energia berriztagarri kudeaezinak integratzea, Industria, Energia eta Turismo Ministroak agindu bat emango du instalazio horien enpresa titularrari instalazio horiek sistema-operadoreari eskualdatzeko betebeharra ezartzeko; agindua «Estatuaren Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta gehienez ere sei hilabeteko epean eskualdatu beharko dizkio instalazio horiek.
4. Instalazioaren salerosketaren prezioa hitzartu egingo dute alderdiek, eta Energiapolitikako eta Meatzeetako zuzendari nagusiak abala exekutatzea eta ekonomia- araubidearen onuradun ezin izatea agintzen duen ebazpen hori eman bitartean eskualdatzaileak egiaz eragin dituen kostuetan egongo da oinarrituta.
Baldin eta, emandako epea amaiturik, ez bada artean akordiorik iritsi, Industria, Energia eta Turismo Ministerioa Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari zuzenduko zaio arbitro independente bat izenda dezan; arbitro horrek hiru hilabete izango ditu, izendatzen dutenetik hasita, alderdi bientzat loteslea izango den laudoa emateko, eta laudo horren bidez ezarriko du eskualdaketaren prezioa, bai eta epe bat ere, gehienez ere bi hilabetekoa, eskualdatzea gauzatu dadin. Arbitraje hori Arbitrajearen Legearen prozedurazko arauen pean egingo da (60/2003 Legea, abenduaren 23koa), eta alderdi biek ordainduko dituzte haren kostuak, erdi bana.
5. Behin eskualdatzea gauzatutakoan, sistema-operadoreak administrazio-baimen eta -kontzesio guztiak subrogatuko ditu, aurreko titularraren baldintza berberekin, bai eta haren eskubideak eta betebeharrak ere.
6. Ponpatzearekiko instalazio bat, edozein, eskualdatu nahi bada, sistemaoperadoreari baizik ezin zaio eskualdatu.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indargabeturik daude lege honen maila berekoak edo beheragokoak izanik hemen ezarritakoaren aurka dauden xedapen guztiak.
Azken xedapenetako lehenengoa. Sektore Elektrikoari buruzko Legea aldatzea (54/1997 Legea, azaroaren 27koa).
Aldatu egiten da Sektore Elektrikoari buruzko Legea (54/1997 Legea, azaroaren 27koa). Hona nola: Bat. Paragrafo bat gehitzen zaio, d) paragrafoa, 10.2 artikuluari. Hona hemen:
«d) Energia elektrikoa produzitzeko, garraiatzeko edo banatzeko instalazioen erabilgarritasuna edo hornikuntzaren kalitatearen indizeak nabarmenki urritzea gertatzen bada, eta urritze horiek instalazio horietako edozeini egoztekoak direnean.» Bi. Hona nola aldatzen den 10.3 artikulua:
«3. Aurreko paragrafoan deskribatzen diren egoerei aurre egiteko, Gobernuak neurri hauek ezar ditzake, besteak beste:
a) Aldi baterako murriztapenak edo aldaketak ezar ditzake uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako sistema elektrikoetako elektrizitate-merkatuan – lege honen IV. tituluaren I. kapituluan aipatzen da merkatu hori–, edo elektrizitatez hornitzeko zerbitzuan.
b) Gobernuak bere esku har dezake energia elektrikoa sortzeko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen zuzeneko operazioa.
c) Betebehar bereziak ezar ditzake energia elektrikoa produzitzeko lehen mailako iturrietako segurtasun-stockei buruz.
d) Ezabatu edo aldi baterako ken ditzake IV. tituluaren II. kapituluan araubide bereziko produktoreentzat ezartzen diren eskubideak.
e) Aldatu egin ditzake hornikuntzaren erregulartasun-baldintza orokorrak, denentzat edo kontsumitzaile-kategoria jakin batentzat.
f) Ezabatu edo aldi baterako ken ditzake hirugarren batzuek sarean sartzeko dituzten eskubideak eta bermeak.
g) Elektrizitate-produktoreen lehengai-hornikuntzan murriztapenak ezar ditzake, edo berak zuzenean esleitu lehengai-hornikuntza.
h) Beste edozein neurri ezar dezake, Espainia kide den nazioarteko organismoek gomendatuta edo Espainiak sinatutako hitzarmenak aplikatuz xedatuta.» Hiru. Paragrafo berri bat, 4. paragrafoa, eransten zaio 66. artikuluari. Hona hemen:
«4. Estatuko Administrazio Orokorrak eskumena izango du zehapenak ezartzeko hornikuntzaren segurtasuna arriskuan jartzen duten arau-hausteak egiten direnean.» Lau. Aldatu egiten da hogeita batgarren xedapen gehigarriaren 2. paragrafoa. Hona nola:
«2. Aurreko kasu horietan, jarduera eta eginkizun elektrikoak betetzen dituzten enpresak autonomia-erkidegoaren eskumeneko baimena behar duten instalazioen bitartez bakarrik jarduten badira, autonomia-erkidegoak erabaki beharko du esku hartzea, non eta ez den hornikuntzaren segurtasuna bera arriskuan dagoena, zeren eta, kasu horretan, gobernuak erabaki beharko baitu, eta autonomia-erkidegoari jakinarazi.» Bost. Aldatu egiten da hamabosgarren xedapen gehigarriaren 2. paragrafoa. Hona nola:
«2. Lege honen 10. artikuluan orokortasunez xedatutakoa gorabehera, uharteetan edo penintsulaz kanpoko lurraldeetan energia elektrikoaren hornikuntzarako arrisku ezinbestekoa dakarten egoerak edo pertsonen, aparatuen edo instalazioen osotasun fisikorako edo segurtasunerako edo energia elektrikoa garraiatzeko edo banatzeko sarearen osotasunerako mehatxua dakarten egoerak gertatzen badira, erasaten zaien autonomia-erkidegoek edo hiri autonomoek ere ezarri ahal izango dituzte neurri horiek, baina nork bere lurralde-esparruan bakarrik.
Kasu horretan, neurri horiek ezingo diote ondorio ekonomikorik ekarri sistema elektrikoari, salbu eta Industria, Energia eta Turismo Ministerioak hala baimendu badu aldez aurretik.» Azken xedapenetako bigarrena. Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legea aldatzea (34/1998 Legea, urriaren 7koa).
Paragrafo berria eransten zaio, 5.a, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legearen 9. artikuluari (34/1998 Legea, urriaren 7koa). Hona hemen:
«5. Artikulu honetan aipatzen diren tituluen esparruan gauzatzekoak diren lanak egitean, metodo geofisiko eta geokimikoak aplikatu ahal izango dira prospekziorako, zundaketa bertikalak edo zeharkakoak, eta industrian ohikoak diren teknikak baliatu ere bai inoiz, hala nola hauste hidraulikoa, putzuaren estimulazioa, berreskurapen sekundarioko teknikak eta beharrezkoak diren beste metodo batzuk ere bai, airekoak, itsasokoak edo lehorrekoak, baldin eta beharrezkoak badira dena delako xederako.» Azken xedapenetako hirugarrena. 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua aldatzea (1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, urtarrilaren 11koa, proiektuen ingurumeninpaktua ebaluatzeari buruzko legearen testu bategina onartzen duena).
Paragrafo berria, e) paragrafoa, eransten zaio proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeari buruzko Legearen testu bategineko I. Eranskina, 2. Taldea delakoari (1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, urtarrilaren 11koa). Hona hemen:
«e) Esplorazioak egiteko, ikerketak egiteko edo hidrokarburoak ustiatzeko zulaketak egitea dakarten proiektuak, hauste hidraulikoko teknikak erabili beharra dutenak » Azken xedapenetako laugarrena. Eskumen-titulua.
Lege honetako arauek oinarrizko izaera dute, Espainiako Konstituzioak, 149.1.13. eta 25. artikuluen bidez, Estatuaren esku uzten dituen eskumenak baliatuz eman baitira.
Artikulu horiek jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak ezarri eta koordinatzeko eskumena eta meatzeen eta energiaren araubideen oinarriak ezartzeko eskumena arautzen dute, biak ere eskumen esklusiboak, hurrenez hurren.
Azken xedapenetako bosgarrena. Araugintzarako ahalmena eta erregelamendu bidezko garapena.
Ahalmena ematen zaio Gobernuari eta Industria, Energia eta Turismoko Ministerioko titularrari errege lege-dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzaten, bakoitzak bere eskumenen esparruan.
Azken xedapenetako seigarrena. Indarrean sartzea.
Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Hortaz, Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanakoei eta agintariei.
Madrilen, 2013ko urriaren 29an.
JUAN CARLOS E.
Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY