14/2020 Errege Lege Dekretua, apirilaren 14koa, Zerga-aitorpen eta autolikidazio jakin batzuk aurkezteko eta ordaintzeko epea luzatzen duena.
2020-04-14Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 04/15/2020, 105. zk.
I. XEDAPEN OROKORRAK
4448 14/2020 Errege Lege Dekretua, apirilaren 14koa, Zerga-aitorpen eta
autolikidazio jakin batzuk aurkezteko eta ordaintzeko epea luzatzen duena.
Osasunaren Mundu Erakundeak COVID-19aren pandemia deklaratu zuenetik, Espainiako Gobernua apurka-apurka era bateko eta besteko neurriak hartzen ibili da, pandemia Espainiako gizartean izaten ari den ondorio larriak arintzeko asmoz.
Neurriok, nagusiki, osasunaren, segurtasunaren, garraio eta mugikortasunaren, ekonomiaren eta defentsaren esparruetan hartu dira, errege lege-dekretuen sorta baten bidez: hasi martxoaren 10eko 6/2020 Errege Lege Dekretuarekin, zeinaz presako neurri batzuk hartzen baitira ekonomiaren arloan eta osasun publikoa babesteko, eta amaitu apirilaren 7ko 13/2020 Errege Lege Dekretuarekin, zeinaz presako zenbait neurri hartzen baitira nekazaritzako enpleguaren arloan.
Zergen arlotik ikusita, errege lege-dekretu hauek nabarmendu behar dira: batetik, 7/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 12koa, COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiteko presako neurriak hartzen dituena; bestetik, 8/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 17koa, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurriena, eta, azkenik, 11/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 31koa, Gizarte- eta ekonomia-arloan presako neurri osagarriak ezartzen dituena COVID-19ari aurre egiteko. 7/2020 Errege Lege Dekretuaren 14. artikuluan, zerga-zorren geroratzea ezartzen da. 8/2020 Errege Lege Dekretuak, besteak beste, bi neurri hauek biltzen ditu: zergen arloan epeak eteteko neurria, eta ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan, hipoteka-maileguen eta -kredituen nobazioa egiteko eskrituretan, egintza juridiko dokumentatuen modalitateko kuota graduala salbuesteko neurria. 11/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez, beste neurri sorta bat gehitzen da. Adibidez, elektrizitatea eta gasa merkaturatzen dituztenek atzeratu ahal izatea balio erantsiaren gaineko zergaren, elektrizitatearen gaineko zerga bereziaren eta hidrokarburoen gaineko zergaren likidazioak, kontsumitzaileak ordaintzen atzeratu diren fakturei dagozkienak; aduanetako deklarazioetatik eratorritako zorren ordainketa geroratzea; autonomia-erkidegoen eta toki-entitateen zerga-esparruan epeak etetea; berraztertze-errekurtsoak edo Tributuen abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren araberako erreklamazio ekonomiko-administratiboak jartzeko epea luzatzea, eta zergen araudiko edozein egintza eta eskubidek preskribatzeko eta haiek iraungitzeko epea etetea.
COVID-19ak sortutako krisia arintzeko Gobernuak onartuak dituen presako neurriei segida emanez, errege lege-dekretu hau onartzen da.
Zergen arloan, beharrezkoa da neurriak hartzen segitzea, zergapekoei aukera emango dietenak zerga-betebeharrak beren borondatez betetzeko; izan ere, kontuan hartu behar da mugikortasuna nabarmen mugatzen ari dela eta horrek betebehar horiek betetzea zailtzen edo eragozten duela sarritan.
Alde horretatik, gogoratu beharra dago zerga-sistema aplikatzeko orduan eta betebeharrak borondatez betetzea bultzatzeko orduan zeregin garrantzitsua betetzen dutela zergen profesionalek, eta hori are nabarmenago geratzen da profesional horiek Zergen Arloko Elkarte eta Profesionalen Elkargoen Foroan parte hartuta eta elkarte eta profesionalen elkargoentzat eta aholkulari eta kudeatzaileentzat foro horrek sustatutako jardunbide onen kodeetan parte hartuta.
Osasunarentzako oraingo arrisku-egoera eta berari eusteko hartutako neurriak arazoak sortzen ari dira lan egiteko eta funtzionatzeko orduan, batez ere enpresa txiki eta ertainetan (ETE) eta langile autonomoetan eta, ondorioz, baita aholkularien eta kudeatzaileen artean ere, zeinek zailtasun handiak baitituzte behar duten informazioa biltzeko eta beren bezeroen zerga-betebeharrak betetzeko. Horregatik, luzatu egiten da zerga-aitorpenak eta -autolikidazioak aurkezteko eta ordaintzeko borondatezko epea.
Gainera, COVID-19arekin zerikusia duten autonomia-erkidegoentzako kredituak kudeatzeko neurriak hartzen dira.
Hala, errege lege-dekretu honek artikulu bakarra, xedapen gehigarri bakarra eta hiru azken xedapen ditu.
Artikulu bakarraren arabera, adierazten diren zergetarako, luzatu egiten da zerga-aitorpenak eta -autolikidazioak aurkezteko eta ordaintzeko epea, baldin eta epe hori errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik 2020ko maiatzaren 20ra bitartean amaitzekoa bada.
Neurri hori balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako 600.000 eurotik gorako eragiketa-bolumena iritsi ez duten zergadunei aplikatuko zaie. Administrazio publikoei ere aplikatu ahal izango zaie neurria, baina kasu horretan, zergadun horien konfigurazioagatik, aurrekontuaren bolumenean jarriko da muga.
Xedapen gehigarri bakarraren arabera, COVID-19arekin zerikusia duten kredituak kudeatu ahal izango dira, autonomia-erkidegoei eman ahal izateko COVID-19aren ondoriozko egoerari aurre egin diezaioten; ezartzen diren zenbatekokoak izango dira kredituok, eta ordainketa bakar batean emango dira, eta ez, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrak 86. artikuluan ezartzen den bezala, hiru hilean behineko ordainketen bidez.
Konstituzio Auzitegiak ontzat jo du neurri ekonomikoak errege lege-dekretuen bidez hartzea beharra eta presa esplizituki eta arrazoituz justifikatzen direnean, hau da, egoera ekonomikoak erantzun azkar bat eskatzen duenean eta neurri horiek arauzko bide arruntaren bidez izapidetzeko denboran atzeratzeak kalteren bat ekar dezakeenean.
Errege lege-dekretua, Konstituzioaren arabera, tresna zilegia da, baldin eta presako legegintza justifikatzen duen helburua honako hau bada, gure Konstituzio Auzitegiak behin eta berriz eskatu duen bezala (6/1983 epaia, otsailaren 4koa, 5. oinarria; 11/2002 epaia, urtarrilaren 17koa, 4. oinarria; 137/2003 epaia, uztailaren 3koa, 3. oinarria, eta 189/2005 epaia, uztailaren 7koa, 3. oinarria): Gobernuaren helburuen barruan, egoera jakin bati aurre egitea, zeinak eskatzen baitu, aurreikusten zailak diren arrazoiengatik, arau bat egitea berehala, legeak Parlamentuan izapidetzeko erabiltzen den ohiko bidean edo presako prozeduran baino epe laburragoan. Eta are tresna zilegiagoa da prozedura hori zehaztea Gobernuaren esku ez dagoenean. Inolako zalantzarik gabe, gure herrialdeak nazioarteko garrantziko osasun publikoko larrialdia dela-eta aurrean duen egoera eta orain dela gutxi alarma-egoera deklaratu izana hainbat neurri hartzeko aparteko eta presazko beharrizana justifikatzen duten arrazoiak dira.
COVID-19a geldiarazteko eta hari aurrea hartzeko egoera honetan, presakoa eta beharrezkoa da epidemia eten eta haren hedapena eragoztea osasun publikoa babesteko, eta aldi berean neurri ekonomikoak hartzea epidemiaren ondorioei aurre egiteko. Halaber, errege lege-dekretu hau onartzeko aparteko eta presako beharrizana judizio politikoaren edo egokitasun-judizioaren mendean dago, eta horiek Gobernuari dagozkio (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 61/2018, ekainaren 7koa, 4. oinarri juridikoa; 142/2014, irailaren 11koa, 3 oinarri juridikoa); erabaki horrek, zalantzarik gabe, jarduteko lehentasun politikoak antolatu beharra dakar (Konstituzio Auzitegiaren 2019ko urtarrilaren 30eko epaia, 2208-2019 konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa), segurtasun juridikoan eta osasun publikoan jarriz arreta. Azaldu berri diren egokitasun-arrazoiek erakusten dute errege lege-dekretu hau onartzeak ez duela esan nahi, inolaz ere, konstituzio-tresna hori abusuz edo modu arbitrarioan erabili denik (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 61/2018, ekainaren 7koa, 4. oinarri juridikoa; 100/2012, maiatzaren 8koa, 8. oinarri juridikoa; 237/2012, abenduaren 13koa, 4. oinarri juridikoa; 39/2013, otsailaren 14koa, 5. oinarri juridikoa). Aitzitik, azaldutako arrazoi guztiek modu sakon eta arrazoituan justifikatzen dute arau hau onartzea (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 29/1982, maiatzaren 31koa, 3. oinarri juridikoa; 111/1983, abenduaren 2koa, 5. oinarri juridikoa; 182/1997, urriaren 20koa, 3. oinarri juridikoa).
Esan behar da, gainera, errege lege-dekretu honek ez duela eraginik izango Estatuaren oinarrizko erakundeen antolamenduan eta Konstituzioaren I. tituluak arautzen dituen herritarren eskubide, eginbehar eta askatasunetan, ezta autonomia-erkidegoen araubidean eta hauteskundeei buruzko zuzenbide orokorrean ere.
Izan ere, Konstituzio Auzitegiak maiatzaren 8ko 100/2012 epaiaren 9. oinarri juridikoan adierazi bezala, «zerga-arloa lege-erreserbaren printzipioaren mende egotetik (Espainiako Konstituzioaren 31.3, 133.1 eta 133.3 artikuluak) eta erreserba horrek izaera erlatiboa eta ez absolutua edukitzetik ez da nahitaez segitzen zerga-arloa lege-dekretuaren erregulazio-eremutik kanpo dagoenik, eta zerga-arloa hor sartu ahal izango da, baldin eta Konstituzioan kasu horietarako ezarritako baldintzak betetzen badira eta kanpoan utzitako gaiei terminoaren zentzu konstituzionalean «eragiten» ez bazaie» (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 182/1997, urriaren 28koa, 8. oinarri juridikoa; 137/2003, uztailaren 3koa, 6. oinarri juridikoa; 108/2004, ekainaren 30ekoa, 7. oinarri juridikoa; 245/2004, abenduaren 16koa, 4. oinarri juridikoa, eta 189/2005, uztailaren 7koa, 7. oinarri juridikoa). Hau da, «gai bat erlatiboki edo modu absolutuan lege arrunt batez arautu beharrekoa izateak ez du kentzen ezohiko eta behin-behineko eran lege-dekretuz arautzea» (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 60/1986, maiatzaren 20koa, 2. oinarri juridikoa, eta 182/1997, urriaren 20koa, 8. oinarri juridikoa). Auzitegi horrek, Espainiako Konstituzioaren 86.1 artikuluaren muga materiala interpretatzeko orduan, «ez dio erreparatu behar, beraz, gai jakin batean (kasu honetan, zergen gaian) lege-erreserbaren printzipioa adierazten den moduari (izaera absolutua edo erlatiboa duen eta erreserba horrek gai horren zer alderdi babesten dituen edo ez), baizik eta lege-dekretuak Konstituzioaren I. tituluan araututa dagoen eskubide, betebehar edo askatasunen bati «eragin» ote dion aztertu behar du», eta horrek eskatuko du «kasu bakoitzean ukitu den eskubidearen edo betebeharraren konfigurazio konstituzionala eta dena delako erregulazio zehatzaren izaera eta irismena kontuan hartzea» (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 182/1997, urriaren 28koa, 8. oinarri juridikoa; 137/2003, uztailaren 3koa, 6. oinarri juridikoa; 108/2004, ekainaren 30ekoa, 7. oinarri juridikoa; 245/2004, abenduaren 16koa, 4. oinarri juridikoa; 189/2005, uztailaren 7koa, 7. oinarri juridikoa, eta 329/2005, abenduaren 15ekoa, 8. oinarri juridikoa). Eta, horri dagokionez, Konstituzioaren I. tituluko bigarren kapituluko 2. atalean, «Herritarren eskubideak eta betebeharrak» izenburupean, Espainiako Konstituzioaren 31.1 artikuluak «benetako agindu juridikoa» ezartzen du, «eskubide eta betebeharren iturria dena», eta, haren arabera, «herritarrek, zergen bidez, gastu publikoei aurre egiten edo horiek finantzatzen lagundu behar dute» (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 182/1997, urriaren 28koa, 6. oinarri juridikoa; 245/2004, abenduaren 16koa, 5. oinarri juridikoa, eta 189/2005, uztailaren 7koa, 7. oinarri juridikoa). Ondorioz, «lege-dekretuak ukitu ezin dituen betebeharretako bat da Espainiako Konstituzioaren 31.1 artikuluan aipatzen den gastu publikoei eusten laguntzeko betebeharra» (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 137/2003, uztailaren 3koa, 6. oinarri juridikoa; 245/2004, abenduaren 16koa, 5. oinarri juridikoa, eta 189/2005, uztailaren 7koa, 7. oinarri juridikoa). (...)
Bada, Espainiako Konstituzioaren 31.1 artikuluak «ahalmen ekonomikoaren irizpidearekin lotzen du laguntzeko betebehar hori», eta, era berean, «zerga-sistema osoarekin» lotzen du, «ez edozein tributu-figurarekin zehazki». Beraz, argi geratzen da, «lege-dekretuak ezin izango ditu aldatu ez araubide orokorra eta ez zerga-kargaren zehaztapenean eragina duten funtsezko elementuak eta, horrela, ezin izango du ukitu gastu publikoei bakoitzaren aberastasunaren arabera eta zerga-sistema zuzen baten bidez eusten laguntzeko betebehar orokorra» (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 182/1997, urriaren 18koa, 7. oinarri juridikoa; 137/2003, uztailaren 3koa, 6. oinarri juridikoa; 108/2004, ekainaren 30ekoa, 7. oinarri juridikoa, eta 189/2005, uztailaren 7koa, 7. oinarri juridikoa). Hala, Espainiako Konstituzioaren 86. artikulua urratuko du «edozein esku-hartzek edo arau-berrikuntzak, baldin eta, duen garrantzi kualitatibo edo kuantitatiboagatik, nabarmen aldatzen badu bere ahalmen ekonomikoaren arabera laguntzera behartuta dagoen zergapekoak zerga-sisteman duen posizioa» (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 182/1997, urriaren 28koa, 7. oinarri juridikoa; 137/2003, uztailaren 3koa, 6. oinarri juridikoa; 108/2004, ekainaren 30ekoa, 7. oinarri juridikoa, eta 189/2005, uztailaren 7koa, 7. oinarri juridikoa). Beraz, kontuan hartu beharko da «kasu bakoitzean zer zergatan duen eragina errege lege-dekretuak -zerga-sistema osoan zer izaera, egitura eta funtzio daukan zehaztuta, bai eta gaitasun ekonomikoaren printzipioa zenbateraino edo zer neurritan betetzen den ere-, zergaren zer osagai -funtsezkoak zein ez- aldatzen dituen araugintza-modu berezi honek eta, azken batean, zein den dena delako arauaren izaera eta irismena» (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 182/1997, urriaren 28koa, 7. oinarri juridikoa; 137/3, uztailaren 3koa, 6. oinarri juridikoa; 108/30, ekainaren 30ekoa, 7. oinarri juridikoa, eta 189/7, uztailaren 7koa, 7. oinarri juridikoa).
Gogoeta horiek kontuan hartuta, esan daiteke errege lege-dekretu honetan jasotako zerga-neurriak ez duela urratzen Konstituzioaren 31. artikulua; izan ere, lehen aipatutako 100/2012 epai horretan adierazten den bezala (9. oinarri juridikoa), «ez du nabarmen aldatzen zergadunek jasan behar duten presio fiskala, eta, ondorioz, ez du eragin funtsezko aldaketarik herritarrek zerga-sistema osoan duten posizioan, eta, beraz, ez du ukitu Espainiako Konstituzioaren 31.1 artikuluak adierazten duen gastu publikoei eusten laguntzeko betebehar konstituzionalaren funtsa» (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 137/2003, uztailaren 3koa, 7. oinarri juridikoa, eta 108/2004, ekainaren 30ekoa, 8. oinarri juridikoa).
Errege lege-dekretu honek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluko erregulazio onaren printzipioei jarraitzen die: premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.
Alde horretatik, honako honek premia- eta efikazia-printzipioak betetzen ditu; izan ere, ezartzen den neurriaren oinarrian interes orokorra dago, eta errege lege-dekretua da hori lortzeko tresnarik azkarrena. Errege lege-dekretua bat dator proportzionaltasun-printzipioarekin, aurrez aipatutako helburuak lortzeko behar-beharrezkoak diren arauak baizik ez baititu ezartzen. Halaber, segurtasun juridikoaren printzipioa betetzen du, bat baitator gainerako ordenamendu juridikoarekin. Gardentasun-printzipioari dagokionez, araua salbuetsita dago kontsulta publikoaren, entzunaldiaren eta informazio publikoaren izapideak betetzetik, zeren eta lege-dekretuak izapidetzeko eta onartzeko ez baitira aplikatu behar. Azkenik, efizientzia-printzipioa dago; errege lege-dekretu honetan ahaleginak egin dira arauak herritarrei ahalik eta administrazio-zama txikienak eragiteko.
Beraz, hartzen den neurriak, beraren izaera eta xedea ikusirik, bete egiten ditu Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak errege lege-dekretuak onartu ahal izateko eskatzen dituen aparteko eta presako beharrizanaren baldintzak.
Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.10 eta 149.1.14 artikuluetan ezarritakoaren babesean ematen da; artikulu horiek eskumen esklusiboa ematen diote Estatuari aduanen eta muga-zergen araubidearen gainean eta ogasun publikoaren gainean, hurrenez hurren.
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak jasotzen duen baimena baliatuta, Ogasuneko ministroaren proposamenez, eta Ministro Kontseiluak 2020ko apirilaren 14ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau
Artikulu bakarra. Aitorpenak eta autolikidazioak aurkezteko eta ordaintzeko epea luzatzea.
1. Estatuko Zerga Administrazioaren eskumenen esparruan, zerga-aitorpenak eta -autolikidazioak aurkezteko eta ordaintzeko epeak luzatu egingo dira 2019. urtean 600.000 eurotik gorako eragiketa-bolumenik iritsi ez duten zergapekoentzat, baldin eta epe horiek errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik 2020ko maiatzaren 20ra bitartean amaitzekoak badira. Kasu horretan, ordainketa helbideratzea aukeratzen bada, 2020ko maiatzaren 15era arte luzatuko da autolikidazioak aurkezteko epea.
Baina zergapekoak administrazio publikoak badira, Gizarte Segurantza barne, haientzat azkenekoz onartutako urteko aurrekontua ezin izango da izan 600.000 eurotik gorakoa.
Artikulu honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko Sozietateen gaineko Zergaren azaroaren 27ko 27/2014 Legearen VII. tituluko VI. kapituluan araututako kontsolidazio fiskalaren araubide berezia aplikatzen duten talde fiskalei, haien negozio-zifraren zenbateko garbia edozein dela ere, ez eta balio erantsiaren gaineko zergako entitate-taldeen araubide berezian zergak ordaintzen dituzten entitate-taldeei ere, haien eragiketa-bolumena edozein dela ere; araubide hori Balio Erantsiaren gaineko Zergaren abenduaren 28ko 37/1992 Legearen IX. tituluko IX. kapituluan araututa dago.
2. Artikulu honetan xedatutakoa ez da aplikatuko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urriaren 9ko 952/2013 (EB) Erregelamenduak edo berori garatzeko araudiak arautzen dituzten aitorpenen aurkezpenari dagokionez (erregelamendu horren bidez, Europar Batasuneko aduana-kodea onartu zen).
Xedapen gehigarri bakarra. COVID-19arekin zerikusia duten kredituen kudeaketa.
Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 86.2. artikuluaren bosgarren puntuan xedatutakoa gorabehera, COVID-19tik eratorritako ohiz kanpoko egoerei soilik aurre egiteko diren aparteko kredituak edo kreditu osagarriak, autonomia-erkidegoen gauzatze-eskumenen pean dauden sektore, zerbitzu, jarduera edo gaien finantzaketari buruzkoak badira, osorik igorri ahal izango dira autonomia-erkidego horien arteko behin betiko banaketa onartu ondoren.
Azken xedapenetako lehena. Eskumen-tituluak.
Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.10 eta 149.1.14 artikuluetan ezarritakoaren babesean ematen da; artikulu horiek eskumen esklusiboa ematen diote Estatuari aduanen eta muga-zergen araubidearen gainean eta ogasun publikoaren gainean, hurrenez hurren.
Azken xedapenetako bigarrena. Arauak emateko gaikuntza.
Xedapenak emateko eta behar diren neurriak hartzeko ahalmena ematen zaie Gobernuari eta Ogasuneko ministroari, beren eskumenen esparruan, errege lege-dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betearazteko.
Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean jartzea.
Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Madrilen, 2020ko apirilaren 14an.
FELIPE e.
Gobernuko presidentea,
PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON