Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

13/2019 Errege Lege Dekretua, urriaren 11koa, Araubide erkideko autonomiaerkidegoen eta toki-entitateen konturako entregen ezohiko eguneratzea arautzen duena 2019rako, aurrekontua luzatu izanaren ondoriozkoa, eta zenbait arau ezartzen dituena toki-entitateek Estatuaren tributuetan duten partaidetzaren 2017ko behin betiko likidazioari buruz.

2019-10-11

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 10/12/2019, 246. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

14635   13/2019 Errege Lege Dekretua, urriaren 11koa, Araubide erkideko autonomia-

erkidegoen eta toki-entitateen konturako entregen ezohiko eguneratzea arautzen duena 2019rako, aurrekontua luzatu izanaren ondoriozkoa, eta zenbait arau ezartzen dituena toki-entitateek Estatuaren tributuetan duten partaidetzaren 2017ko behin betiko likidazioari buruz.

ZIOEN AZALPENA

I

Ministroen Kontseiluaren 2019ko urtarrilaren 11ko bileran, Gobernuak Estatuaren 2019ko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektua onartu zuen. Ondoren, proiektu hori Gorte Nagusietara bidali zen, Parlamentuko izapideak egiteko. Diputatuen Kongresuaren 2019ko otsailaren 13ko osoko bilkurako osoko eztabaidan ezetsi egin zen.

Lege-proiektua ohiko tresna zen autonomia-erkidegoei eta toki-erakundeei beren finantzaketa-sistemen arabera 2019ko ekitaldian lurralde-administrazioen finantzaketan dagokiena eguneratzeko eta beste hainbat neurri ezartzeko.

Hona zer ezartzen duen Konstituzioak 134.4 artikuluan: «Aurrekontuen Legea kasuan kasuko ekitaldi ekonomikoaren lehen egunerako onesten ez bada, ulertuko da aurreko ekitaldiko aurrekontuak zuzenean luzatu direla, berriak onetsi arte». Luzapena 2019ko urtarrilaren 1ean aktibatu zen, eta gaur egun, 2019ko ekitaldia oso aurreratuta dagoela, hala jarraitzen du.

Joan den irailaren 24an amaitu egin zen Konstituzioaren 99.5 artikuluak gobernuko presidentearen inbestidurarako ezartzen duen gehieneko epealdia. Nolanahi ere, ordura arte bazen ustea gobernua eratu ahal izango zela eta, horregatik, eratzekotan zen gobernu berriaren jardunari inolako baldintzarik ezarri nahi ez zitzaionez gero, jarduneko gobernuei aplikatzen zaien esparru juridikoaren barruan, ezin zen erabakirik hartu lurralde-administrazioen finantzaketa eguneratzeko.

Orain egoera aldatu da: apirilean izan diren hauteskunde orokorren ondorioz gobernurik eratzerik ez dagoela egiaztatu ondoren, irailaren 24an hauteskunde orokorren deialdia egin da azaroaren 10erako. Deialdi horrek jarduneko gobernuaren jardunaldia luzatu du eta hark aurrekontuen arloan daukan ahalmena mugatu du, baina horrek ez dio inolako baldintzarik ezartzen eratuko den hurrengo gobernuari, zeren eta, formalki eratzen denerako, denbora aldetik ezin izango baitu ezer egin lurralde-administrazioen finantzaketa ez eguneratzeak interes orokorrari egingo liokeen kaltea eragozteko.

Gainera, orain, baliabideen eta erakundeen aldetik, ez dago modurik Estatuko 2019ko Aurrekontu Orokorrak onartzeko eta, beraz, ezinezkoa da araubide erkidea duten autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek 2019. urterako egin beharreko konturako ekarpenak eguneratzea ohiko mekanismoaren bitartez. Horrenbestez, egin daitekeen gauza bakarra da aparteko doikuntza teknikoa egitea interes orokorra babesteko eta neurriak ez ezartzeak ekarriko lituzkeen kalte larriak saihesteko.

II

Lurralde-administrazioen finantzaketa errege lege-dekretu honetan arautzen den bezala eguneratuko ez balitz, finantza-ondorio kaltegarriak sortuko lituzke lurralde-finantzaketarako sistemen elementuak zuzenean aplikatzeak, elementuok jatorriz ohiko aurrekontu-ziklo baterako pentsatu baitziren, eta hori arau horien zentzuaren eta finantza-logikaren kontrakoa izango litzateke, eta interes orokorraren kalterako, gainera. Izan ere, hori eginez gero, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek ez lukete jasoko 2018. urteko aurreikuspenaren eta 2019. urtekoaren arteko diferentziaren ondoriozko baliabide-gehikuntza, finantzaketa-sistema horietan lagatzen diren zerga-figurak laga aurreko diru-bilketaren gehikuntzak sorrarazi duena.

Ildo horretatik, arraila handia gertatuko litzateke lurralde-finantzaketako sistemak aplikatzearen ondoriozko emaitzen eta haien egitura-oinarrian dauden finantza- eta zerga-magnitudeen bilakaeraren artean, eta horrek nahasmendu handiak ekarriko lituzke lurralde-administrazioen eta Estatuaren beraren finantzetan, eta, errege lege-dekretu honetan ezartzen direnak bezalako doikuntza-neurriak aplikatu ezean, nahasmenduok larritu egingo lirateke eta konponezin bihurtuko. Gogoan eduki behar da finantzaketa ez eguneratzeak kutxan eta kontabilitatean daukan eraginak berebiziko garrantzia daukala aipatu ditugun administrazio guztiek sarrerez eta gastuez hartzen dituzten erabakietan.

Hain zuzen ere, 2019ko aurrekontu-ekitaldian ez badira onartzen aurrekontu berriak urtea amaitu baino lehen, konturako ekarpenen zenbatekoak txikiagoak izango dira, urte horretarako indarrean dagoen aurrekontuko zerga-sarreren aurreikuspenak oinarritzat hartuta kalkulatuko baitira. Aurreikuspen horiek, aurrekontua luzatuta egonik, Estatuko 2018. urteko Aurrekontu Orokorretakoak dira, ez 2019ko ekitaldiko lagapenaren aurreko zerga-sarrerak.

Kontuan edukita Espainiako ekonomiaren oraingo zikloko egoeran lagatako zergen oinarriak asko gehitzen ari direla, aurrekontuen luzapenak bere horretan iraungo balu, autonomia-erkidegoek jasoko lituzketen konturako ekarpenak urriagoak izango lirateke lurralde-administrazioen 2019rako ezarritako lagapenaren aurreko diru-bilketaren eta 2018koaren arteko bilakaeraren ondoriozkoak baino, eta, horren ondorioz, diferentzia bi urte geroago transferitu beharko litzaieke autonomia-erkidegoei, 2021. urtean, orduan behin betiko nahitaezko likidazioa egin beharko baita n+2 erregelarekin bat etorriz. Hau da, autonomia-erkidegoek 2019. urtean baliabide gutxiago jasoko lituzkete, eta diferentzia 2021. urtean jasoko lukete, finantzaketa-sistema autonomikoan (hemendik aurrera, FSA) behin betiko likidazioa egiten denean.

Beste alde batetik, Estatuak sarrera gehiago edukiko lituzke 2019. urtean, urte horretan jasoko bailuke lagatako zergen bidez biltzen den kopurutik autonomia-erkidegoei lagatakoa kenduta geratzen den zenbatekoa; lagapenaren zenbatekoa azpiko egoerako berezkoa baino gutxiago izanik, lagapenaren ondoren Estatuak edukiko lituzkeen baliabideak gehiago izango lirateke 2019an. 2021. urtean kontrakoa gertatuko litzateke. Izan ere, Estatuak ekitaldi horretako lagapen arruntaren aurretik bildutako dirua jasoko luke, baina askoz diru gehiago galduko luke lagatako zerga-bilketan, 2019. urteko behin betiko likidazioa handiagoa izango baita. Beraz, lagapenaren ondoren, Estatuak askoz baliabide gutxiago edukiko lituzke 2021. urtean, eta ekitaldi horretan gobernuaren aurrekontu-ahalmena erabat baldintzatuta eta konprometituta egongo litzateke.

Hortaz, konturako ekarpenak eguneratzeko neurriak ezartzeak lurralde-administrazioei lagapena egin aurreko sarrera-aurreikuspenak moldatzeko aukera emango luke hobeto egokitzeko administrazio publikoen azpisektoreen finantza-baliabideak Espainiako ekonomiaren egungo egoera ziklikora. Hori, beraz, Estatuaren erabaki-ahalaren barruan sartzen da, kontuan eduki behar baita Estatuko finantza-jardueraren koordinazio orokorraren ardura daukala eta Ogasun Publikoaren arloko eskumenak dauzkala (Espainiako Konstituzioa, 149.1.14 artikulua).

Beste alde batetik, aurrekontu-luzapena 2019ko ekitaldi osora hedatzeak ondorio handiak eta konponezinak edukiko lituzke Administrazioaren maila guztietako finantza publikoetan, kontuan izanik FSAren bi tarteak egozteko aldi-irizpideak kutxaren eta kontabilitate nazionalaren ikuspegitik. Hori kaltegarria izango litzateke, gehitu egingo bailuke lurralde-administrazioen aurrekontu-egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak ez betetzeko arriskua eta eragotzi egingo bailuke lurralde-administrazioen zergak eta diruzaintzak bateratzeko estrategien eta horien arteko koordinaziorako tresnen eraginkortasuna (horiek zaintzeko ardura Estatuak dauka). Gainera, ondorio negatibo horiek administrazio publikoekin harremanetan diren sektore pribatuko hornitzaileetara ere heda litezke, gerta bailiteke aurrekontu-ziklo normalean legez eduki ditzaketen baliabideak ez dauzkaten administrazioek hornitzaile horiei zor dietena ezin ordaindu izatea.

III

Ildo horretatik, hain zuzen ere, errege lege-dekretu honen presaren eragilea honako hau da: 2019. urtean autonomia-erkidegoen, toki-erakundeen eta Estatuaren finantzek jasango luketen eragin kaltegarria; izan ere, ekitaldi horretan, konturako ekarpenak eguneratu ezean, konponezinak izango lirateke horiek guztiek jasango lituzketen ondorio negatiboak. Diruzaintzaren ikuspegitik, eragina progresiboa eta geroz handiagoa izango da aurrekontu-ekitaldian zehar. Kontuan edukita lurralde-administrazioek hilero jasotzen dituzten baliabideen guztirakoaren aldean zein den eguneratzearen zenbatekoa, diruzaintza-tentsioak urte amaierarako ager litezke autonomia-erkidego batzuetan, eta erkidego horietan arriskuan izango litzateke oinarrizko zerbitzu publikoen gastuak ordaintzeko ahala (botikak eta mendekotasunaren gastuak ordaintzekoa, esaterako).

Administrazio guztiek ez dauzkate diruzaintza-baliabide berak. Horregatik, gerta liteke autonomia-erkidego batzuek zail izatea konturako ekarpenak egiten beren likidezia-tresnez baliatuz, eta, hala gertatuz gero, zorrak egin beharko lituzkete eta, ondorioz, arriskuan jarriko lukete zor publikoaren helburua.

Egoera horrek beste ondorio txar bat ere edukiko luke: administrazioek baliabide gutxiago jasotzeak diruzaintza-eskasiak ekarriko lituzke, eta, horren erruz, hornitzaileei ordaindu arteko aldiak luzatuko lirateke. Izan ere, Estatuko Aurrekontu Orokorrak luzatuko balira konturako ekarpenak eguneratu gabe, sektore pribatuak ondorioak jasango lituzke, eta, zehazki, lurralde-administrazioekin kontratuak dauzkaten hornitzaileek, gerta bailiteke egindako zerbitzuengatik zor zaiena kobratu arteko aldiak asko luzatzea. Horren harira, gogoan eduki behar da Espainia ahaleginak egiten ari dela aspaldion administrazio publikoen berankortasuna murrizteko. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko otsailaren 16ko 2011/7/EB Zuzentarauan, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dira. Gainera, horretarako epealdiak ere ezartzen dira, eta, horiek betetzeko, ezinbestekoa da, lehenik, Estatuko aurrekontu orokorren luzapenak lurralde-administrazioen diruzaintzetan eduki dezakeen eragin kaltegarriari kontra egitea eta, bigarrenik, likidezia-arazoak dauzkaten administrazioen hornitzaileei zor zaiena azkarrago kobratzen laguntzea.

Gainera, hornitzaileei ordaintzeko aldiak luzatzeak ondorio txarrak eduki litzake administrazio batzuen aurrekontuetan; izan ere, gerta liteke ordaintzeko batez besteko aldiak luzeegiak direnerako Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak ezartzen dituen neurriei heldu behar izatea administrazio horiek. Neurri horiek larriagoak izango lirateke hornitzaileei ordaintzeko batez besteko aldia hogeita hamar egunetik gorakoa den autonomia-erkidegoetan.

Azkenik, kontuan eduki behar da zenbat iraungo duten konturako ekarpenak eguneratzeko lanek, bai Estatuan, bai lurralde-administrazioetan, eta haien artean, batez ere, aurrekontuetan eguneratzearen ondoriozko baliabide-gehikuntza sartu ez dutenetan. Araubide erkideko bost autonomia-erkidegok dauzkate luzatuta aurrekontu orokorrak. Konturako ekarpenak eguneratu ondoren, erkidego horiek denbora nahikoa beharko dute aurrekontuetan behar diren aldaketak egiteko eguneratzeak ondorioak sortzeko 2019ko ekitaldian.

IV

Interes orokorrak azaldu berri diren kalte horiek jasan ez ditzan, errege lege-dekretu honen bitartez gutxieneko eta ezinbesteko doikuntza-neurri teknikoak ezartzen dira lurralde-administrazioen konturako ekarpenak eguneratzeko. Hain zuzen ere, argitu eta zehazten da ezen, aurrekontuak luzatuta egonik, ekarpen horiek kalkulatzeko abiaburua honako hau izan behar dela: Estatuak zergen bidez lurralde-administrazioei lagapena egin aurretik biltzen dituen diru-sarrerak, Estatuko 2019ko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektuan agertzen zirenak, abenduaren 18ko 22/2009 Legeak (araubide erkideko autonomia-erkidegoen eta autonomia-estatutua duten hirien finantzaketa-sistema arautzen eta zerga-arau batzuk aldatzen dituenak) 11.2 artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz, eta ez 2018ko ekitaldiko aurrekontu luzatuan ezartzen ziren magnitude baliokideak.

Gainera, errege lege-dekretu honetan zehazten da ezen, Estatuko 2019ko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektuan agertzen diren kopuruak aipatzen direnean, nahitaez ezabatu behar dela han ezartzen diren zerga-neurrien eragina, erabat errespetatu behar baitira legegintza-botereak aurrekontu-antolamenduaren gainean dauzkan eskumenak.

Horrenbestez, lurralde-administrazioei lagapena egin aurreko zerga-sarreren zenbatekoa eguneratzen da, erreferentziatzat Estatuko Aurrekontu Orokorren Proiektua aurkeztu den eguna hartuta, ez zerga-neurri ez finantza-neurri berririk ez dagoela. Horrela eratu den sarrera-proiekzio inertziala ziklo ekonomikoaren berezko bilakaerak ekarriko lukeena bezalakoa da, alde batera uzten baitira Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektuko erabaki gehigarriak, behar den bezala, Gorte Nagusiek proiektu hori ezetsi dute eta.

V

Honetara helduta, berriz ere adierazi beharra dago errege lege-dekretu honen bidez arautzen den neurriak ez duela ezertan ukitzen autonomia-erkidegoen egungo finantza-araubidea; ez du inondik ere aldatzen araubide hori. Aitzitik, esan daiteke errege lege-dekretu honi esker araubide hori egungo egiturarekin mantendu ahal izango dela, eta eragozten duela egoera abenduaren 18ko 22/2009 Legean arautzen diren elementuen aplikazioaren ondorioz aldatzea eta beraren finantza-ondorioak diseinatu zenean lortu nahi zirenez bestelakoak izatea, gogoan eduki behar baita abenduaren 18ko 22/2009 Legearen erregulazioa ohiko aurrekontu-ziklo normal baterako sortu zela, ez aurrekontuak aparteko inguruabarren ondorioz luzatuta daudenerako.

Aurreko adierazpenaren alde aipa daiteke ezen, ikuspegi formaletik, errege lege-dekretu honen bidez ez dela nahi aldatu abenduaren 18ko 22/2009 Legea, ez FSAren arautegiko gainerako araurik batere; horrez gainera, dekretuaren eduki materiala aintzat hartuta, FSAren diseinuaren eta jardunaren ezagutza egoki eta artatsuak ez du biderik ematen ondorio horretara heltzeko. Beraz, hemen eta orain ardura diguten ondorioei dagokienez, oraingo FSA definitzen duten oinarrizko hiru elementu aipa daitezke, errege lege-dekretu honekin guztiz bat datozenak:

  • a) FSAren konturako ekarpenak abenduaren 18ko 22/2009 Legean xedatzen dena bete behar duten araupeko elementuak direla zehaztea. Araupeko elementu horietako bat honako hau dugu: lagatako zerga nagusiak (PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, BEZ balio erantsiaren gaineko zerga eta zerga bereziak) laga aurreko aurrekontuko sarrera-aurreikuspenak aurrekontuak egiteko prozedura orokor batera ainguratzea, administrazio publikoen maila guztien arteko finantza-koordinazioa behar bezala bermatzeko eta Estatuko aurrekontu orokorrak prestatzeko eta izapidetzeko prozedurako berezko konturako ekarpenak zehazteko behar diren bermeak (erakundeenak eta prozedurakoak) eratzeko.

Errege lege-dekretu honek indarreko erregulazioan konturako ekarpenak zehazteko ezartzen diren araupeko elementu berak mantentzen eta aplikatzen ditu; hala ere, honako zehaztapen hau egiten da: lurralde-administrazioei lagapena egin aurreko zerga-sarreren aurreikuspenak Estatuko 2019ko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektuko azpiko egoeraren ondoriozkoak dira. Beraz, erreferentziatzat hartu behar diren lagapenaren aurreko sarreren zenbatekoak Estatuko 2019ko Aurrekontu Orokorren Proiektuan agertzen direnak dira, baina kopuru horietatik aurrekontu-proiektuan ezartzen diren araugintzako neurrien eragina ezabatu behar da, bai eta, batik bat, autonomia-erkidegoei partzialki lagatako zergei (PFEZ, BEZ eta zerga bereziak) dagozkien zerga-neurriena ere. Horrenbestez, 2019rako lagapenaren aurreko sarreren aurreikuspena, tekniko edo inertzialtzat jo daitekeena, 2019. urterako indarrean dagoen zerga-arautegia oinarritzat hartuta eratu da, Estatuko 2019ko Aurrekontu Orokorren Proiektuan bildutako neurri berriak sartu gabe.

  • b) FSAren igorpenen finantza-artikulazioan bi denbora-tarte ezartzea. Batetik, lehen tartea «n» ekitaldian bertan, honetara osatua (azalpen erraztua, ikuspegi bertikal hutsarekin): PFEZ, BEZ, zerga berezi eta Nahikotasun Funtsaren % 98 eta Oinarrizko Zerbitzu Publikoen Berme Funtsaren transferentzien % 100, kasuan kasuko arautegiak ezartzen duenarekin bat etorriz. Beste alde batetik, bigarren tartea «n+2» ekitaldian, honetara osatua: FSAren likidaziopeko baliabide guztien behin betiko etekinaren (Konbergentzia Funtsen % 100 barne) eta «n» urtean jasotako konturako ekarpenen zenbatekoaren arteko diferentzia.

Errege lege-dekretu honek ezartzen duen neurriak ez du aldatzen baliabideen denbora-banaketa hori beronen egitura-elementuak aintzat hartuta, ez zuzenean, ez zeharka. Zehatzago adierazita, nabarmendu behar da ez direla aldatzen lagatako zergen lagapen-ehunekoak, ez konturako ekarpenak haien gainean zehazteko ehunekoak, ez horien osagai diren baliabideen definizioa, ez horiek kalkulatzeko formulak, ez likidatzeko erregelak, ez sistemako baliabideen kontabilitateko arauak edo baliabideok aurrekontuetan egozteko arauak, ez eta, azken batean, FSA bera osatzen duen inolako elementu ere.

FSA gaur egun abenduaren 18ko 22/2009 Legearen arabera aplikatzen den bezala aplikatuko da etorkizuneko ekitaldietan edo aldietan, oraingo ezohiko aurrekontuen behin-behinekotasuna gaindituta berriz ere aurrekontu-normaltasunera itzulitakoan (pentsatu eta idatzi zenean abenduaren 18ko 22/2009 Legearen xedea zen egoerara, alegia). Errege lege-dekretu honek sisteman daukan eragin diferentzial bakarra da denboran asko luzatu den aurrekontu-luzapen batek sortutako ezohiko egoera berezi batean eratu behar izan dela.

  • c) Diru-bilketaren arriskua administrazioen mailen artean banatzea. Estatuaren zerga-sistemako baliabideen banaketan oinarritutako edozein lurralde-finantzaketako sistemako funtsezko elementuetako bat diru-bilketaren arriskua banatzea da, hau da, ezartzea zer administraziok hartu behar dituen bere kargura urte batean zergen bidez bilduko den diruaren aurreikuspenaren eta benetan biltzen diren zerga-sarreren arteko desbideratzeak, eta noiz hartu behar dituen alderdi bakoitzak desbideratze horiek bere kargura.

Gaur egungo araubide erkideko FSAn, diru-bilketaren arriskua banatzeko ezarrita dagoen eskemaren arabera, konturako ekarpenak modu itxian finkatzen dira «n» urterako urte horretako aurrekontuak egiten direnean, indarrean egon den aurreikuspena oinarritzat hartuta, eta behin betiko likidazioa egiten denean, «n+2» ekitaldian, zerga-baliabide bakoitzeko aurrekontu-desbideratzeak agertzen dira (agertzen badira).

Beraz, errege lege-dekretu honek ez du aldatzen FSAn diru-bilketaren arriskua banatzeko ezarrita dagoen irizpidea. Hori dela eta, gogoan eduki behar da ez dela aplikatzen ekitaldiko aurrekontuen prozesu orokorretik kanpoko sarrera-aurreikuspena; aitzitik, 2019ko urtarrilaren 11n Gorte Nagusietara bidalitako Estatuko 2019ko Aurrekontu Orokorren Proiektuarekin amaitutako aurrekontuen prozesu orokorrari eusten zaio. Nolanahi ere, aurreko a) letran azaldu den bezala, proiektu horretako neurri berezi guztiak ezabatu dira, beharrezkoa baitzen, eta proiektutik ezinbesteko gutxieneko elementuak baino ez dira hartu, eta teknikoak, gainera, hau da, aurrekontuen proiektuan bildutako aurrekontugintzako erabakien eraginpean ez daudenak, zeren eta, Gorte Nagusiek ezetsi zituenez gero, alde batera utzi behar baitira, erabateko begirunea izan behar zaie-eta legegintza-botereak aurrekontu-antolamenduaren gainean dauzkan eskumenei.

Horrenbestez, pentsatu behar da errege lege-dekretu honen bidez FSAren baliabideen «n» urteko konturako ekarpenen zehaztapenean ez dela azaleratzen Estatuko Aurrekontu Orokorretan ezartzen denaren arabera zergen bidez bilduko den diruaren aurreikuspenaren eta benetan bildutakoaren arteko desbideratzea, ez eta errege lege-dekretu hau onetsi ezean «n+2» urtean hasierako sarrera-aurreikuspenean egin beharreko doikuntza ere. Aitzitik, errege lege-dekretu honek abenduaren 18ko 22/2009 Legea osatzen du; izan ere, lege horren testua aurrekontu-ziklo normal baterako eratu zen, eta egun esku artean daukaguna bestelakoa da. Beraz, errege lege-dekretu honek neutraltasunari eusten dio, diru-bilketaren arriskua banatzea FSAren egitura-elementutzat hartuta.

  • VI

Toki-erakundeek Estatuaren zergetan duten partaidetzaz denaz bezainbatean, Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginak 111. artikulutik 126.era arautzen du udalerriei dagokiena, eta 135. artikulutik 146.era, berriz, probintziei eta antzeko erakundeei dagokiena (testu bategin hori martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen). Manu horiek urtero garatzen dira Estatuko kasuan kasuko ekitaldiko aurrekontu orokorren legean.

Esparru juridiko honetan bidezkoa izango litzateke modu simetrikoan errepikatzea autonomia-erkidegoen finantzaketa-sistemari buruz azaldu den argudioa. Gainera, azpimarratu behar da errege lege-dekretu honek toki-erakundeen egungo finantzaketa-araubidea ere ez duela aldatzen; aitzitik, Estatuaren zergetan duten partaidetzari dagokionez, ez du egiten 2019ko konturako ekarpenak eta ekarpen horien osagaiak kalkulatzeko behar diren denbora-erreferentziak eta oinarrizko informazioa eguneratu baizik. Horrez gainera, 2017ko behin betiko likidazioa kalkulatzeko ezinbestekotzat jotzen diren aplikazio orokorreko arauak ezartzen dira, nahiz eta urte hartako aurrekontu orokorren legean xehatuta egon finantzaketa-ereduen osagai guztiak kalkulatzeko modua: Estatuaren zergen lagapena, Finantzaketaren Funts Osagarria, eta lagapen gabeko udalerriei aplikatuko zitzaien eredua. Funtsezko arauok Estatuaren zerga-sarreren bilakaera-indizea kalkulatzeko irizpideari eta 2017ko likidazioaren ondoriozko itzulketen aplikazioari dagozkio. Arauon edukiak aurreko ekitaldietako erregulazioetakoen antzekoak dira, denbora-erreferentziak soilik aldatuta, ezinbestekoa den bezala. Erregulazio honekin itxi egiten da 2019. urteko finantzaketa-ereduak eguneratzeko prozesua. Eredu horiek hilean-hilean egin beharreko konturako ekarpenen eta aipatutako likidazioaren bidez gauzatuko dira, eta, horrela, errege lege-dekretu honek toki-erakundeen finantzaketa-sistema osatzea bermatzen da.

  • VII

Errege lege-dekretu honetan xedatzen dena gauzatzeko, autonomia-erkidegoak finantzatzeko sistemako konturako ekarpenak egiteko ezartzen diren gastu-kredituak egokitu behar dira, bai eta toki-erakundeek Estatuaren zergetan duten partaidetza ere (Estatuko Aurrekontu Orokorren 36. atala), zeren eta 2018. urteko kredituen zenbatekoak, aurrekontuak luzatuta egonik, ez baitira aski ekarpenen eguneratzeak dakartzan aurrekontu-beharrizanei aurre egiteko eta, beraz, ezinbestekoak baitira arau honen ondoriozko betebeharrei erantzuteko. Aldiz, ez da gauza bera gertatzen toki-erakundeek Estatuaren zergetan duten partaidetzaren behin betiko likidazioarekin, zeren, aurrekontua luzatuta dagoela, xede horretarako ezarritako kredituaren zenbatekoa aski baita toki-erakundeen aldeko saldoei aurre egiteko.

  • VIII

Errege lege-dekretu honek bederatzi artikulu dauzka, hiru titulutan bilduta, eta, horrez gainera, xedapen gehigarri bat eta azken xedapen bat.

Lehen tituluak lau artikulu dauzka, eta FSAren baliabideen 2019. urteko konturako ekarpenak nola eguneratuko diren arautzen du.

  • 1. artikuluan, aurrekontuak luzatuta egonik FSAren konturako ekarpenei aplikatuko zaien araubide orokorra ezartzen da, eta errege lege-dekretuan bertan ezartzen diren arauak aipatzen (arauok zehazten dute nola aplikatuko den abenduaren 18ko 22/2009 Legea aurrekontu-luzapenean).

  • 2. artikuluan, lurralde-administrazioei lagapena egin aurreko zerga-sarreren aurreikuspena zehazteko arauak ezartzen dira. Horretarako abiaburuak Estatuko 2019ko Aurrekontu Orokorren Proiektuan agertzen diren kopuruak izango dira, baina proiektuan bertan arautzen diren zerga-neurrien eragina kenduta aurrekontuei; izan ere, Gorte Nagusiek ezetsi zituztenez gero, neurriok ez dute arau-euskarri egokirik lurralde-administrazioei lagatako zerga-figuren (PFEZ, BEZ eta zerga bereziak) 2019ko ekitaldiko lagapena egin aurreko zerga-sarreren proiekzioetan sartzeko. Horrenbestez, zerga-sarreren kopuru berriak egoera inertzial batean kalkulatu dira, proiektu berriak ezarri nahi zituen neurriak indarrean ez daudela, abiaburutzat hartuta Estatuko 2019ko Aurrekontu Orokorren Proiektuko kopuruak, proiektua eratzeko prozesu orokorraren berezko erakunde-bermeekin landutakoak.

  • 3. artikuluan zehazten da zer denbora-erreferentzia hartu behar diren kontuan argitalpenerako, baliagarritasunerako eta likidaziorako, abenduaren 18ko 22/2009 Legeak 12. artikulutik 20.era arautzen duena aplikatzeko beharrezkoak diren gainerako parametroei, aldagarriei eta erreferentzia-datuei dagokienez. Hala, erreferentzia-datatzat 2019ko urtarrilaren 1a hartzen da, eta, ondorioz, eguneratzeari dagokionez, berdin da noiz onartzen den errege lege-dekretuaren proposamena eta noiz aplikatzen den onartu ondotik.

  • 4. artikuluan, errege lege-dekretuaren proposameneko igorpenen eta bertan xedatutakoaren aplikazioaren egutegia arautzen da.

Gainera, 4. eta 7. artikuluetan arautzen da nola egingo diren autonomia-erkidegoei eta toki-erakundeei kopuru eguneratuak ordaintzeko igorpenak egiteko behar diren administrazio-kudeaketak eta aurrekontu-kudeaketak, ezinbestekoak baitira lurralde-finantzaketako sistemak kudeatzeko esparruaren barruan berehala gauzatzeko. Hori ez dago inondik inora arau honen ezinbesteko beharrizanaren aurka.

II. tituluan, toki-erakundeek Estatuaren zergetan izango duten partaidetzari eragiten dioten arauak biltzen dira. Lehen biak, 5. eta 6. artikuluetakoak, partaidetzaren 2017ko behin betiko likidazioari buruzkoak dira. Oinarri juridiko gisa, beharrezkoak dira, batetik, likidazioa kalkulatzeko; izan ere, Estatuaren zerga-sarreren bilakaera-indizea zehazteko modua arautzen da, aurreko ekitaldietako partaidetzen likidazioetarako erabilitako irizpide berak aplikatuz. Eta, bestetik, beharrezkoak dira behin betiko likidazioaren ondorioz toki-erakundeek beren konturako ekarpenen kargura itzuli beharreko saldoak itzultzeko modua arautzeko.

7. artikuluan, toki-erakundeek Estatuaren zergetan duten partaidetzaren 2019ko konturako ekarpenak eguneratzeko arauak ezartzen dira; hain zuzen ere, honako hauek finkatzen dira: araubide juridikoa, Estatuaren zerga-sarreren bilakaera-indizea zehazteko irizpideak, Estatuaren zergen lagapenaren konturako ekarpenak kalkulatzeko aplikatuko diren erreferentzia-balioak eta Estatuaren zergak lagatzeko ereduan ez dauden udalerrien partaidetzen konturako ekarpenak kalkulatzeko aplikatuko diren erreferentzia-balioak, hiru aldagairi dagozkienak (biztanleria, ahalegin fiskala eta zerga-ahalmenaren alderantzizkoa). Finantzen arloan, toki-erakundeentzako funts-igorpenak zehazteko modua ezartzen da, arau hau indarrean jartzen denerako. Azkenik, toki-erakundeek 2017ko ahalegin fiskalaren ziurtagiriak bidaltzeko epealdia finkatzen da; ziurtagiri horiek kontuan hartuko dira toki-erakundeek Estatuaren zergetan duten partaidetzaren 2019ko behin betiko likidazioa kalkulatzeko.

III. tituluan, behar diren kreditu gehigarriak (aurrez aipatu direnak) bideratzeko modua arautzen da, eta autonomia-erkidegoen finantzaketa-sistemaren konturako ekarpenak eta toki-erakundeek Estatuaren zergetan duten partaidetzaren konturako ekarpenak eguneratzeko behar diren zenbatekoak identifikatzen dira; gainera, aurrekontuko aldaketa horiek finantzatzeko modua arautzen da.

Xedapen gehigarri bakarrean ezartzen da 2019rako luzatu egingo dela Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legeak 129. artikuluaren seigarren apartatuan lurralde arteko konpentsazio-funtsez xedatzen duena, eta 2019ko ekitaldian aplikatuko dela.

Azken xedapen bakarrean, araua indarrean noiz jarriko den ezartzen da: argitaratzen den egunean.

IX

Errege lege-dekretua Konstituzioaren araberako tresna bidezkoa da, aproposa eta egokia delako presako legegintza justifikatzen duen xedea lortzeko; hau da, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatutakoari jarraituz eta Gobernuaren helburuen barruan, diruz laguntzea egoera jakin bat, aurrez ikusteko zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen duena, esan nahi baita ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presako prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan ematea eskatzen duena.

Gainera, errege lege-dekretu honek bete egiten ditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan ezartzen diren erregulazio onaren printzipioak. Premia-printzipioa sobera justifikatuta dago arestian eman diren azalpenetan.

Segurtasun juridikoaren, proportzionaltasunaren eta efikaziaren printzipioei bagagozkie, nabarmendu behar da aldaketak alderdi hori modu puntual, zehatz eta argian landu besterik ez duela egiten, exijitu beharreko lege-maila eta aipatutako presako beharrizana aintzat hartuta aukerarik onena erabiliz, hots, errege lege-dekretu bat onartuz. Aurrez azaldu denaren arabera, arau hau justifikatuta dago: interes orokorraren aldekoa da, xede argiak dauzka eta tresnarik egokiena da xede horiek lortuko direla bermatzeko. Gainera, xede duen beharrizanari heltzeko ezinbestekoa den erregulazioa ezartzen du, eta koherentea da gainerako ordenamendu juridikoarekin, batez ere lurraldeak finantzatzeko sistemen erregulazioarekin.

Gardentasun-printzipioaz denaz bezainbatean, kasu honetan errege lege-dekretua onartzen denez, ez da beharrezkoa aurretik kontsulta publikoa egitea, eta entzunaldi-izapidea eta informazio publikoaren izapidea ere ez dira behar. Nolanahi ere, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta gero Gorte Nagusietara bidaliko da, eztabaida publikoan berresteko. Amaitzeko, efizientzia-printzipioari dagokionez, arau honek ez du administrazio-kargarik ezartzen.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioak 86. artikuluan arautzen duen baimenaz baliatuz, Ogasuneko ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluak 2019ko urriaren 11ko bileran eztabaidatu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

I. titulua: Finantzaketa-sistema autonomikoaren baliabideen 2019ko konturako ekarpenen ezohiko eguneratzea, aurrekontuak luzatuta daudela.

  • 1. artikulua. Autonomia-erkidegoen konturako ekarpenak eguneratzea.

2019ko ekitaldian, aurrekontuak luzatuta daudela, hurrengo artikuluetan ezartzen diren erregelen arabera eguneratuko da araubide erkidea duten autonomia-erkidegoak finantzatzeko sistemaren araberako likidazioa aplikatzen zaien baliabideen konturako ekarpenen zenbatekoa (finantzaketa-sistema hori lege honetan arautzen da: abenduaren 18ko 22/2009 Legea, araubide erkideko autonomia-erkidegoen eta autonomia-estatutua duten hirien finantzaketa-sistema arautzen eta zerga-arau batzuk aldatzen dituena).

  • 2. artikulua. Lagapenaren aurreko zerga-sarreren aurreikuspena.

Abenduaren 18ko 22/2009 Legearen 12. artikulutik 20.era xedatzen dena aplikatzeko, eta konturako ekarpenak zenbatean eguneratu behar diren zehazteko, lurralde-administrazioei lagapena egin aurreko zerga-sarreren aurreikuspenak (artikulu horietan azaltzen diren figuren eta kontzeptuen arabera) Estatuko 2019ko Aurrekontu Orokorren Proiektuan ezarritakoak izango dira (proiektu hori 2019ko urtarrilaren 11n onartu zuen Ministroen Kontseiluak), Estatuko 2019ko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektuaren 59., 60., 61., 62., 70., 71., 73. eta 74. artikuluetan ezartzen diren zerga-arloko neurrien finantza-eragina ezabatuta (neurriok errege lege-dekretu honen I. eranskinean azaltzen dira).

  • 3. artikulua. Beste parametro, aldagarri eta erreferentzia-datu batzuk.

Abenduaren 18ko 22/2009 Legeak 12. artikulutik 20.era arautzen duena aplikatzeko beharrezkoak diren gainerako parametro, aldagarri eta erreferentzia-datuen balioak 2019ko urtarrilaren 1eko argitalpen-egoeraren, baliagarritasunaren edo likidazio-aldiaren arabera zehaztuko dira, dagokionaren arabera eta artikulu horietan aurreikusten den moduan.

  • 4. artikulua. Igorpenak.

Errege lege-dekretu honen 2. eta 3. artikuluetan xedatzen dena honako igorpen hauei aplikatuko zaie: errege lege-dekretu hau indarrean jarri ondoko hiletan Estatuko Administrazio Orokorrak finantzaketa-sistema autonomikoa aplikatuz autonomia-erkidegoen alde egiten dituen igorpenei.

II. titulua: Toki-erakundeek Estatuaren zergetan duten partaidetza.

  • 5. artikulua. Toki-erakundeek Estatuaren zergetan duten partaidetzaren 2017ko behin betiko likidazioa. Araubide juridikoa eta saldo zordunak.

Bat. Behin Estatuaren zergen bidezko diru-sarreretan 2004. urtetik 2017ra gertatu den aldakuntza ezagututa, bai eta beharrezko gainerako datuak ere, toki-erakundeek Estatuaren zergetan duten partaidetzaren 2017ko ekitaldiko behin betiko likidazioa kalkulatuko da. Horretarako, Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 111. artikulutik 124.era eta 135. artikulutik 146.era ezartzen dena beteko da (testu hori martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen) eta, gainera, kontuan hartuko dira ekainaren 27ko 3/2017 Legeak, Estatuko 2017ko Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, 76. artikulutik 79.era, 81.etik 82.era, 84.etik 87.era, 89.ean eta 91.ean ezartzen dituen arauak.

Bi. Aurreko apartatuan aipatutako likidazioaren ondoriozko saldo zordunak, Estatuaren zergen bidez lortutako diru-sarreren etekinen lagapenari ez dagozkion finantzaketarenak, konpentsazio bidez itzuliko dituzte ukitutako toki-erakundeek, likidazio horren ondoren Estatuaren zergetako partaidetza dela-eta jasotzen dituzten konturako ekarpenen kargura (arau honen 7. artikuluan zehazten da partaidetza), gehienez hiru urteko epean, hiru hilean behingo atxikipenen bidez (hileko ekarpen baten ehuneko 25). Salbuespena: baldin eta, irizpide hori aplikatuta, adierazitako epea gainditzen bada, atxikipenen maiztasuna eta zenbatekoa egokituko dira, egoera hori saihesteko.

Hiru. Aurreko lehen apartatuan aipatzen den likidazioaren ondoriozko saldo zordunak, Estatuaren zergen bidez lortutako diru-sarreren etekinen lagapenari dagozkion finantzaketarenak, konpentsazio bidez itzuliko dituzte ukitutako toki-erakundeek, Estatuaren zergetan duten partaidetzaren likidazioaren ondoriozko saldo hartzekodunen kargura (partaidetza hori Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legeak zehazten du, VII. tituluaren I. kapituluaren 3. atalean eta 5. atalaren 1. azpiatalean). Aipatutako konpentsazioa egin ondoko gainerako saldo zordunak konpentsazio bidez itzuliko dituzte toki-erakundeek, lagapen hartako Estatuaren zerga bakoitzaren konturako ekarpenen kargura; konpentsazio horretan ez dira aplikatuko aurreko apartatuko mugak (ehunekoak eta epeak).

Lau. Artikulu honen bigarren apartatuan aipatzen diren behin betiko likidazioen zenbatekoa, Estatuaren aldekoa bada, eskubide gisa ezarriko da Estatuko Diru Sarreren Aurrekontuan, IV. kapituluan.

Bost. Artikulu honetan aipatzen diren atxikipenak eta Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 125. artikuluan arautzen direnak batera gertatzen direnean, lehenengoek izango dute lehentasuna, eta ez dira kontuan hartuko artikulu horren bigarren apartatuan ezartzen diren ehunekoak kalkulatzeko.

  • 6. artikulua. Toki-erakundeek Estatuaren zergetan duten partaidetzaren 2017ko behin betiko likidazioa: Estatuaren zerga-sarreren bilakaera-indizea kalkulatzeko irizpideak.

Toki-erakundeek Estatuaren zergetan duten partaidetzaren 2017. urteko behin betiko likidazioa egiteko, eta Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 121. artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, 2004tik 2017ra arteko Estatuaren zerga-sarreren bilakaera-indizea abenduaren 18ko 22/2009 Legearen 20. artikuluan ezarritako irizpideen arabera zehaztuko da (Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bategina martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen; 22/2009 Legeak, berriz, araubide erkideko autonomia-erkidegoen eta autonomia-estatutua duten hirien finantzaketa-sistema arautzen du, eta zerga-arau batzuk aldatzen ditu). Irizpide horiek honako hauek dira:

Bat. Estatuak 2017an zergen bidez lortutako sarrerak, abenduaren 18ko 22/2009 Legeak 20. artikuluan ezartzen duenaren arabera, ekitaldian Estatuak bildutako zergak dira, honako hauek kenduta: autonomia-erkidegoei pertsona fisikoen gaineko errentaren gaineko zergan, balio erantsiaren gaineko zergan eta zerga berezietan lagatako baliabideak.

Bi. Estatuak 2004an edo 2006an zergen bidez lortutako sarreren kalkuluari dagokionez, abenduaren 18ko 22/2009 Legearen laugarren xedapen iragankorraren e) letran ezartzen diren irizpideak aplikatuko dira, oinarri-urtetzat 2004a edo 2006a hartuta (kasuan kasukoa).

  • 7. artikulua. Toki-erakundeek Estatuaren zergetan duten partaidetzaren 2019ko konturako ekarpenen aparteko eguneratzea.

Toki-erakundeek Estatuaren zergetan duten partaidetzaren 2019ko konturako ekarpenak kalkulatzeko, xedapen honetan ezartzen diren arauak aplikatuko dira: Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorren 6/2018 Legea, uztailaren 3koa; VII. titulua («Lurralde-erakundeak»), I. kapitulua («Toki-erakundeak»), 2. ataletik 6.erakoa. Honela eguneratuko dira:

Bat. Estatuaren zergen etekinen lagapenaren konturako ekarpenak direla eta (lagapena 2. eta 4. ataletan arautzen da):

  • 1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako, Estatuaren 2016ko kuota likidoaren datuak erabiliko dira (urte hartan kalkulatu da azken aldiz behin betiko likidazioa), bai eta honako eragiketa honen emaitza den eguneratze-indizea ere: atxikipenen, konturako ordainketen eta ordainketa zatikatuen 2019rako aurreikuspenen eta kontzeptu horiengatik 2016an likidatutako eskubideen zenbatekoaren arteko zatiketa.

  • 2. Zeharkako zergetarako, 2019ko bilketa-aurreikuspenak eta kalkulatutako azken likidazioko kontsumo-indizeak edo entregen edo salmenten indizeak erabiliko dira (2016ko likidaziokoak); gainera, behar izanez gero, zuzenbidezko biztanleria ere erabiliko da, 2019ko urtarrilaren 1ean udalerrian indarrean egon den erroldaren arabera (Gobernuak ofizialki onartutako errolda).

Bi. 3. eta 5. ataletan arautzen diren finantzaketa-osagaien konturako ekarpenak kalkulatzeko, abenduaren 18ko 22/2009 Legearen 20. artikuluan ezartzen diren irizpideak aplikatuz zehaztuko da Estatuaren zergen bidezko sarrerek 2004. eta 2019. urteen artean duten bilakaeraren behin-behineko indizea. Hona irizpideak:

1. Estatuak 2019an zergen bidez lortutako sarrerak, abenduaren 18ko 22/2009 Legeak 20. artikuluan ezartzen duenaren arabera, ekitaldian Estatuak bildutako zergak dira, honako hauek kenduta: autonomia-erkidegoei pertsona fisikoen gaineko errentaren gaineko zergan, balio erantsiaren gaineko zergan eta zerga berezietan lagatako baliabideak. Horri dagokionez, errege lege-dekretu honen 2. artikuluan xedatzen dena aplikatuko da.

2. Estatuaren 2004ko zerga-sarrerak kalkulatzeko, abenduaren 18ko 22/2009 Legearen 20. artikuluan ezartzen diren homogeneizazio-irizpideak erabiliko dira. Hau da, autonomia-erkidegoen 2004. urteko konturako ekarpenen simulazioa 2019. urteko lagapenaren arabera egingo da. 2002. urteko likidazioa honako hauen arteko diferentzia izango da: autonomia-erkidegoek 2019. urteko lagapenaren arabera lortutako behin betiko etekina, batetik, eta lagapenaren arabera egindako ekarpenak, bestetik.

Era berean, uztailaren 3ko 6/2018 Legearen VII. tituluko I. kapituluan arautzen diren gainerako bilakaera-indizeak zehazteko, abenduaren 18ko 22/2009 Legeak 20. artikuluan xedatzen duena aplikatuko da. Bidezkoa denean, oinarri-urtea, 2007a gabe, behar dena izango da.

Hiru. Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 106. artikuluaren eremu subjektiboan dagoen udalerri bakoitzaren partaidetza lege horren 107. artikuluan ezartzen diren irizpideen arabera zehaztuko da, honako hauek kontuan hartuz: 2019ko urtarrilaren 1ean udalerrian indarrean egon den eta Gobernuak ofizialki onartua duen erroldako biztanleria eta egindako behin betiko azken likidazioko ahalegin fiskalaren datuak eta zerga-ahalmenaren alderantzizkoaren datuak; azken likidazioa 2016koa da.

Lau. Udalerri turistiko bakoitzaren partaidetza aurreko apartatuan ezartzen denaren arabera zehaztuko da. Kalkulatutako zenbatekotik hidrokarburoen eta tabako-lanen gaineko zergen bidez 2004 oinarri-urtean bildutakoaren lagapenaren zenbatekoa kenduko da -Estatuak 2019an zergen bidez bilduko duen zenbatekoan 2004koarekin alderatuta izango den hazkundearen aurreikuspenaren kopurua gehituta-, eta, gero, horren emaitzari aipaturiko zergengatik udalerriei 2019an egin beharreko konturako ekarpenen lagapena gehituko zaio, aurreko Bat.2 apartatuan ezartzen diren arauak betez. Dena dela, transferitu beharreko zenbatekoa ez da, inolaz ere, aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera kalkulatutakoa baino gutxiago izango.

Bost. Aurreko apartatuetan xedatzen dena honako igorpen hauei aplikatuko zaie: errege lege-dekretu hau indarrean ipini ondoko hiletan Estatuko Administrazio Orokorrak toki-erakundeen alde 2019ko konturako ekarpenengatik egiten dituen igorpenei.

Sei. Toki-korporazioek beren ahalegin fiskalari buruzko informazioa eman behar dute, Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legeak 124. artikuluan ezartzen duen bezala. Bada, horretarako ziurtagirien erreferentzia 2017. urtea izan behar da, eta ziurtagiriok 2020ko urtarrilaren 31rako eman behar zaizkie organo eskudunei (haiek zehaztuko dute nola).

III. titulua: Kreditu-gehigarriak.

8. artikulua. Autonomia-erkidegoen konturako ekarpenen aparteko eguneratzerako behar diren kreditu-gehigarriak.

Kreditu-gehigarriak ematen dira autonomia-erkidegoak finantzatzeko sistemaren araberako likidazioa aplikatzen zaien baliabideen konturako ekarpenen zenbatekoa eguneratzeko; hona xehatuta: kontzeptua: 451 «Nahikotasun Globalaren Funtsa»; programa: 941M «Autonomia-erkidegoentzako transferentziak Estatuaren sarreretan duten partaidetzagatik»; atala: 36 «Lurralde erakundeak finantzatzeko sistemak»; zerbitzuak, zenbatekoak zehaztuta:

LA AUTONOMIKOA ETA TOKIKOA FINANTZATZEKO IDAZKARITZA NAGUSIA

LA AUTONOMIKOA ETA TOKIKOA FINANTZATZEKO IDAZKARITZA NAGUSIA

LA AUTONOMIKOA ETA TOKIKOA FINANTZATZEKO IDAZKARITZA NAGUSIA

LA AUTONOMIKOA ETA TOKIKOA FINANTZATZEKO IDAZKARITZA NAGUSIA

LA AUTONOMIKOA ETA TOKIKOA FINANTZATZEKO IDAZKARITZA NAGUSIA

LA AUTONOMIKOA ETA TOKIKOA FINANTZATZEKO IDAZKARITZA NAGUSIA

LA AUTONOMIKOA ETA TOKIKOA FINANTZATZEKO IDAZKARITZA NAGUSIA

LA AUTONOMIKOA ETA TOKIKOA FINANTZATZEKO IDAZKARITZA NAGUSIA

LA AUTONOMIKOA ETA TOKIKOA FINANTZATZEKO IDAZKARITZA NAGUSIA

LA AUTONOMIKOA ETA TOKIKOA FINANTZATZEKO IDAZKARITZA NAGUSIA

LA AUTONOMIKOA ETA TOKIKOA FINANTZATZEKO IDAZKARITZA NAGUSIA

LA AUTONOMIKOA ETA TOKIKOA FINANTZATZEKO IDAZKARITZA NAGUSIA

LA AUTONOMIKOA ETA TOKIKOA FINANTZATZEKO IDAZKARITZA NAGUSIA

(mila eu

KATALUNIA

3

GALIZIA

2

ANDALUZIA

2

ASTURIASKO PRINTZERRIA

KANTABRIA

1

ERRIOXA

ARAGOI

1

GAZTELA-MANTXA

KANARIAK

EXTREMADURA

1

GAZTELA ETA LEON

1

MELILLA

CEUTA

Halaber, 372.946.500 euroko kreditu-gehigarria ematen da Estatuak Berme Funtsera egiten duen ekarpenaren konturako ekarpenak eguneratzeko; hona xehatuta: kontzeptua: 453 «Estatuaren ekarpena Berme Funtsera»; programa: 941M «Autonomia-erkidegoentzako transferentziak Estatuaren sarreretan duten partaidetzagatik»; zerbitzua: 20 «Maila Autonomikoa eta Tokikoa Finantzatzeko Idazkaritza Nagusia. Hainbat autonomia-erkidego»; atala: 36 «Lurralde erakundeak finantzatzeko sistemak».

9. artikulua. Toki-erakundeek Estatuaren zergetan duten partaidetzaren 2019ko konturako ekarpenen aparteko eguneratzerako behar diren kreditu-gehigarriak.

Kreditu-gehigarriak ematen dira toki-erakundeek Estatuaren zergetan duten partaidetzaren konturako ekarpenen zenbatekoa eguneratzeko; hona xehatuta: programa: 942M «Toki-erakundeentzako transferentziak Estatuaren sarreretan duten partaidetzagatik»; zerbitzua: 21 «Maila Autonomikoa eta Tokikoa Finantzatzeko Idazkaritza Nagusia. Toki-erakundeak»; atala: 36 «Lurralde erakundeak finantzatzeko sistemak»; kontzeptuak, zenbatekoak zehaztuta:

(mila

Konturako ekarpenak, autonomia-erkidegoei laga ezin zaizkien Estatuaren Diru Sarreren Aurrekontuaren I. eta II. kapituluetako zerga-kontzeptuetan parte hartzeagatiko lagapenaren ereduan sartuta ez dauden udalerrien alde           18

egitekoak

Konturako ekarpenak, udalerrien aldekoak, autonomia-erkidegoei laga ezin zaizkien Estatuaren Diru Sarreren

Aurrekontuaren I. eta II. kapituluetako zerga-kontzeptuetan parte hartzeagatik egitekoak. Finantzaketaren Funts           26

Osagarria

Konturako ekarpenak, diputazioen eta uharteetako kabildoen aldekoak, autonomia-erkidegoei laga ezin zaizkien ^^ baliabideak direla-eta Estatuaren Aurrekontuaren I. eta II. kapituluetako sarreretan parte hartzeagatik egitekoak

Xedapen gehigarri bakarra. Lurralde arteko konpentsazio-funtsak.

2019ko ekitaldirako luzatzen da Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 129. artikuluaren 6. apartatuan xedatzen dena.

Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2019ko urriaren 11n.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

I. ERANSKINA

Lurralde-administrazioei lagapena egin aurreko zerga-sarrerak. 2. artikulua, 2019

Kontzeptuak

Zenbatekoa

Milioiak, euroak

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga...........................

86.126

Balio erantsiaren gaineko zerga ....................................

73.712

Zerga bereziak .................................................

22.147

Alkoholaren eta edari deribatuen gaineko zerga berezia ...............

874

Garagardoaren gaineko zerga berezia .............................

340

Tarteko produktuen gaineko zerga berezia ..........................

23

Hidrokarburoen gaineko zerga berezia.............................

12.963

Tabako-laboreen gaineko zerga berezia............................

6.594

Elektrizitatearen gaineko zerga berezia ............................

1.353

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra