Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

11/2017 Errege Lege Dekretua, ekainaren 23koa, Finantza Arloko Presako Neurriena

2017-06-23

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2017/06/24, 150. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

7230 11/2017 Errege Lege Dekretua, ekainaren 23koa, Finantza Arloko Presako Neurriena.

ZIOEN AZALPENA

I

Errege lege-dekretu honek finantza-sektorearekin zerikusia duten presako hainbat neurri arautzen ditu, kreditu-erakunde jakin batzuek beren jardunean izaten dituzten arriskuei hobeto aurre egiteko politikak eta estrategiak izan ditzaten, finantza-arauketa berriak ezartzen dituen baldintzak betetzea errazagoa izan dadin eta, orobat, arauketa hori nazioarteko eta Europako estandarretara egoki dadin.

Batetik, kreditu-kooperatiben araubide juridikoan berariaz jasotzen da Europako araudian aurreikusitako babes-sistema instituzionaletan sartzeko aukera —horretarako, haien eraketa erraztera eta funtzionamendu eraginkorra sustatzera zuzendutako neurriak hartuko dira—, eta, bestetik, nazioarteko estandarrei loturik, kreditu-erakundeen eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresen konkurtso-araubidearen barruan espezialitate bat eransten da; hain zuzen ere, kreditu arrunten kategorian, lehentasunezko eta ez-lehentasunezko kredituak ezberdintzen dira.

Xede horrekin, arau honek maiatzaren 26ko 13/1989 Legea —Kreditu Kooperatibena—, urriaren 14ko 16/2011 Errege Lege Dekretua —Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa Sortzen duena—, ekainaren 18ko 11/2015 Legea —Kreditu-erakundeak eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta suntsiaraztearena— eta Balore Merkatuaren Legearen testu bategina —urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartua— aldatzen ditu.

II

Kreditu-kooperatiben sektoreak duela gutxiko finantza-krisiari aurre egitea lortu du, batez ere negozio bakunaren ereduari eta epe ertain eta luzeko ikuspegiari esker. Hala eta guztiz ere, Espainiako Bankuak idatzi berri duen finantza-egonkortasunari buruzko txostenean jasotakoaren arabera, badira oraindik finantza-sektorean eragina duten arriskuak: interes-tasa baxuak; aktibo ez-emankorrak, zeinak gero eta gutxiago izan arren oraindik asko baitira (funtsean zalantzagarriak eta esleituak), eta lege-kostuen gehikuntza. Erronka horiei eta beste batzuei aurre egiteko garaian, litekeena da kreditu-kooperatibek beste erakunde mota batzuek baino zailtasun handiagoak izatea merkatuetan baliabideak erakartzeko; izan ere, halako kooperatibak txikiak izan ohi dira eta kooperatiba-ereduaren ezaugarriek mugak ezartzen dizkiete zenbait eragiketari —esaterako, erakundearen beraren salmentari—. Oraintsuko esperientziek argi utzi dute botere publikoen esku- hartzearen beharrik ez duten konponbideak aurkitzeko tresnak bultzatu behar direla eta haien xedea erakundeak egoera konponezinetara hel ez daitezen lortzea izan behar dela —suntsiarazpenera edo konkurtso-likidaziora, adibidez, halakoetan txikiagotu egiten baitira lehiakortasuna eta finantza-inklusioa, bai eta jarduera ekonomikoak toki-ingurunean duen eragina ere—. Ikusita kreditu-kooperatibek zer-nolako garrantzia duten landaguneetan, merkatu-kuota gailenak dituztela probintzia-mailan eta ondo errotuta daudela toki- ingurunean, argi dago garrantzitsuak direla nekazaritza- eta industria-sektoreko eta sektore profesionaleko eragile ekonomiko txikiei finantzaketa errazteko, hala nola enpresa txiki eta ertainei, autonomoei eta ekintzaileei, zeinek batzuetan zailtasun handiagoak izaten baitituzte finantzaketa erakartzeko orduan.

Horrenbestez, duela gutxiko bizipenak aintzat hartuta, premiazkoa eta presakoa da kreditu-kooperatibei ahalik eta lasterren zenbait tresna eskaintzea, zailtasun-egoerak azkar eta neurri eraginkorren bidez gaindi ditzaten.

Ondorio horietarako, errege lege-dekretu honen bidez Hamar bis artikulua gehitzen da Kreditu Kooperatiben maiatzaren 26ko 13/1989 Legean. Artikulu horren arabera, halako kreditu-erakundeak babes-sistema instituzionaleko bi mota hauetan sar daitezke: batetik, babes-sistema instituzional indartuetan edo mutualitate osokoetan —Kreditu Entitateen Antolamendu, Gainbegiraketa eta Kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian arautuak—; bestetik, babes-sistema instituzional normatiboetan —Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduaren 113.7 artikuluan arautuak; erregelamendu hori kreditu- erakundeen eta inbertsio-enpresen zuhurtasun-betekizunei buruzkoa da eta 648/2012 (EB) Erregelamendua aldatzekoa—.

Horrez gainera, kreditu-kooperatiben araubidea babes-sistema instituzionalen funtzionamendura egokitzeko xedez, arau honek Kreditu Kooperatiben Legearen zenbait artikulu aldatzen ditu, segidan azalduko diren baldintzetan eta xedeekin.

Lehenik eta behin, baimentzen da kooperatiba batek bere babes-sistema instituzionaleko kide den beste erakunde batekin egiten dituen eragiketak ez zenbatzea Kreditu Kooperatiben Legeak 4.2 artikuluan hirugarrenekin egindako aktiboko eragiketei ezartzen dien guztizko baliabideen % 50eko mugaren ondorioetarako.

Bigarrenik, ezartzen da kreditu-kooperatiben kapitaleko partaidetzaren mugak ez direla aplikatuko partaidetza duena berme funts pribatu bat bada, kooperatiba sartuta dagoen babes-sistema instituzionalaren esparruan —575/2013 (EB) Erregelamenduaren 113.7 artikuluan jasotako batean— eratutakoa. Nolanahi ere, halakoetan, Espainiako Bankuari jarduera-plan bat aurkezteko betebeharra dago, non jasoko baitira funtsaren desinbertsioa babes-sistema instituzionaleko kide diren gainerako erakundeentzat egokiak diren baldintzetan egiteko neurriak; Espainiako Bankuak jarduera-plan hori onartu behar du. Kreditu-erakundeak eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta suntsiaraztearen ekainaren 18ko 11/2015 Legearen esparruan hartutako neurriei ere ez zaizkie muga horiek aplikatuko.

Indarrean dagoen araudiaren mugak alde batera utzita, bi aurreikuspen horiei esker, aurrerantzean, babes-sistema instituzional bateko kide diren erakundeek, arrisku-egoeran badaude, eraginkortasunez erabili ahal izango dute berme-funts pribatua, eta, ondorioz, bizkor eta eraginkortasun handiagoz hartuko dituzte neurriak zailtasunak dituen erakunde parte-hartzaile bati laguntzeko, hura suntsiarazi edo likidatzeko edozein jardun egin aurretik; orain arte konponbide pribatuek eskaini izan dutena baino eraginkortasun handiagoa izango dute neurri horiek.

Bestalde, kreditu-kooperatiben eremuan babes-sistema instituzionalak era daitezen sustatzeko eta sistema horiek behar bezala tratatzen direla bermatzeko, egokitzapen osagarri batzuk egin beharra daude; hain justu, funts propioen eta pasibo onargarrien gutxieneko eskakizunari dagokionez eta Gordailuak Bermatzeko Funtsari egin beharreko ekarpenak zehazteari dagokionez, betiere bat etorrita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/59/EB Zuzentarauan —Kreditu-erakundeak eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresak berregituratzeko eta suntsiarazteko esparrua ezartzen du— eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 16ko 2014/49/EB Zuzentarauan —Gordailuen Berme Sistemei buruzkoa— jasotako aukerekin.

Horiek horrela, Kreditu-erakundeak eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta suntsiaraztearen ekainaren 18ko 11/2015 Legea aldatzen da, erakunde bat babes- sistema instituzional baten barruan badago hori kontuan har dadin funts propioen eta pasibo onargarrien gutxieneko eskakizunari begira duen arrisku-profila zehaztearen ondorioetarako, nola babes-sistema instituzionala Kreditu Entitateen Antolamendu, Gainbegiraketa eta Kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian arautuetako bat izan, hala 575/2013 (EB) Erregelamenduaren 113.7 artikuluan arautuetako bat.

Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa Sortzen duen urriaren 14ko 16/2011 Errege Lege Dekretua ere aldatzen da. Horren xedea da Gordailuak Bermatzeko Funtsari egiten zaizkion ekarpenak babes-sistema instituzionalaren eraketara egokitzea, alde batera utzita babes-sistema Kreditu Entitateen Antolamendu, Gainbegiraketa eta Kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian arautuetako bat den edo 575/2013 (EB) Erregelamenduaren 113.7 artikuluan arautuetako bat. Babes-sistema instituzionalak izanez gero, horrek erakundeen arrisku-profilean zer eragin duen aintzat hartuko da. Ekainaren 26ko 10/2014 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian arautuetako babes-sistema instituzionalak izanez gero, sistema horietako erakunde zentralak eta kide diren kreditu-erakundeak, oro har, honi lotuak egongo direla onartzen da: erakunde zentralek eta modu kontsolidatuan kide diren erakundeek Gordailuak Bermatzeko Funtsari egin beharreko ekarpenak kalkulatzeko zehazten den arriskuaren araberako haztapenari. Espainiako Bankuari gaikuntza ematen zaio, arrisku- profilean oinarritutako ekarpenak zehazteko behar den metodologia gara dezan 2017ko irailaren 30a baino lehen; hala, lege-mailako arauan xedatutakoa gauzatzen da.

III

Kreditu-erakundeak eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta suntsiaraztearen ekainaren 18ko 11/2015 Legeak galdatzen du halako erakundeek nahikoa pasibo izan behar dutela, suntsiarazteko prozesua hasiz gero galerak xurgatu ahal izateko bezainbeste; hain zuzen ere, horretan datza funts propioen eta pasibo onargarrien gutxieneko eskakizuna (ingelesezko siglak: MREL). Hartara, erakundeek zailtasunak badituzte, baliabide publikoek babesik handiena izatea bermatzen da, Europar Batasunaren araudiak ezartzen duenaren arabera.

Eskakizun hori garrantzitsua da, muturreko egoeraren bat gertatuz gero —kreditu- erakunde baten edo inbertsio-zerbitzuetarako enpresa baten suntsiarazpena, adibidez—, galerak xurgatzeko adina pasibo izan behar dituelako erakundeak. Hala, erakundeak egoera horretara helduz gero, bermatuta geratzen da suntsiarazpen-tresnak eraginkortasun gorenaz aplika daitezkeela eta, aldi berean, baliabide publikoei babesik handiena ematen zaie.

Kreditu-erakundeak eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta suntsiaraztearen ekainaren 18ko 11/2015 Legeak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/59/EB Zuzentarauaren transposizioa egin zuen —zuzentarau horrek kreditu-erakundeak eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresak berregituratzeko eta suntsiarazteko esparrua ezartzen du—, zeina gaur egun aldaketa- prozesuan baitago Finantza Egonkortasuneko Kontseiluak finkatu dituen eta herrialde askotan aplikatzen diren nazioarteko estandarretara egokitzeko. Estandar horien arabera, gutxieneko eskakizun horren ondorioetarako konputagarriak diren pasiboek galerak xurgatzeko duten ahalmenari buruz zalantzarik sor ez diezaioten suntsiarazpen- agintaritzari, nahitaezkoa da delako pasiboaren hurrenkera-ordena ez izatea galerak xurgatzeko ahalmenari buruz A PRIORI zalantzak sortzen dituzten pasiboen ordenaren berdina.

Helburu horrekin, Europako Batzordeak, 2016ko azaroaren 23an, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren zuzentarau-proposamena onartu zuen, zeinaren bidez Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014/59/EB Zuzentaraua aldatzen baita, bermatu gabeko zorraren tresnek kaudimengabezia-egoeretan izango duten hurrenkera- ordenari dagokionez. Araubide harmonizatua ezartzen da proposamen horretan, eta, hari esker, zenbait zor-tresna funts propioen eta pasibo onargarrien gutxieneko eskakizunaren ondorioetarako zenbatu ahal izango dira baldintza jakin batzuk betetzen badituzte, garrantzitsuena izanik zor-tresna horien hurrenkera-ordena ez izatea galerak xurgatzeko askoz ere ahalmen txikiagoa duten beste pasibo batzuen ordenaren berdina. Batzordearen proposamenak, beraz, galerak xurgatzeko erabateko ahalmenaren araua (TLAC) Batasuneko Zuzenbidean txertatzeko beharrari erantzuten dio. Arau hori Finantza Egonkortasuneko Kontseiluaren esparruan argitaratu zen 2016ko azaroaren 9an, eta astebete beranduago onartu zen G20koek Turkian egindako goi-bileran.

Kreditu-erakundeak eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta suntsiaraztearen ekainaren 18ko 11/2015 Legearen hamalaugarren xedapen gehigarria aldatzean, kontuan hartu dira ekimen horiek guztiak. Horrenbestez, aldaketaren edukiak nazioarteko estandarra biltzen du eta barne-zuzenbidean txertatzen, gure inguruko herrialdeek egin duten bezalaxe, ahalik eta modurik eraginkorrenean betetzeko suntsiarazpen-araudi zorrotzean ezarritako baldintzak.

Horrez gainera, kreditu arrunten sailkapen berri bat ezartzen da, Kreditu-erakundeak eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta suntsiaraztearen ekainaren 18ko 11/2015 Legeak ukitutako kreditu-erakundeen eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresen konkurtso-likidazio kasuetarako. Kreditu arrunten barruan, lehentasunezko eta ez-lehentasunezko kreditu arruntak ezberdinduko dira, eta, hurrenkera-ordenan, ez-lehentasunezkoak lehentasunezkoen ondoren egongo dira. Kreditu arrunt bat ez-lehentasunezkotzat hartuko da soilik arau honetan jasotako baldintza guztiak betetzen baditu, zeinen helburua baita bermatzea, erakundea suntsiaraztekotan, pasiboak erraz xurgatuko dituela galerak.

Suntsiarazpen-legerian aldaketa hori eginez, ez-lehentasunezko kreditu arruntek legezko kategoria hartzen dute, beste estatu kide batzuen jokamoldearen, nazioarteko estandar arautzaileen eta Europar Batasunean gaur egun egiten ari diren proposamenen ildoari jarraituz.

Zehazki, Parlamentuaren eta Kontseiluaren zuzentarau-proposamenean —Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014/59/EB Zuzentaraua aldatzekoa— onartzen den aukera bat baliatzen da, baimentzen duena bermatu gabeko zorraren tresnek kaudimengabezia-egoeretan izango duten hurrenkera-ordenan nazioarteko estandarra aldez aurretik txertatzea, hala ondorioztatzen baita Europar Batasunaren Kontseiluak onartutako eta Europako Parlamentura igorritako testuaren 108. artikuluaren 4. eta 5. zenbakietatik.

Lehentasunezko eta ez-lehentasunezko kreditu arruntak ezberdintzeaz gain, Balore Merkatuaren Legearen testu bategina —urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartua— aldatzen da. Hortaz, ez dira produktu ez-konplexutzat joko kreditu- erakundeek edo inbertsio-zerbitzuetarako erakundeek jaulkitako zorraren finantza-tresnak, baldin eta suntsiarazpen-kasuan barne-birkapitalizaziorako onargarriak badira. Orotara, inbertsoreari babes handiagoa ematen zaio, Europa mailan taxutu den suntsiarazpen- araudi berriarekin bat etorriz.

IV

Errege lege-dekretu honek lau artikulu ditu, zeinek, zioen azalpenean esandakoaren arabera, honako hauek aldatzen baitituzte: maiatzaren 26ko 13/1989 Legea —Kreditu Kooperatibena— urriaren 14ko 16/2011 Errege Lege Dekretua —Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa Sortzen duena—, ekainaren 18ko 11/2015 Legea — Kreditu-erakundeak eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta suntsiaraztearena— eta Balore Merkatuaren Legearen testu bategina —urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartua—.

Amaierako zatiak xedapen indargabetzaile bakar bat eta hiru azken xedapen ditu; azken xedapenek, hurrenez hurren, arauaren erregelamendua garatzeko gaikuntza, errege lege-dekretu hau onartzeko eskumen-tituluak eta indarrean jartzeko data arautzen dituzte —kasu honetan, ESTATUKO ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean xedapena—.

V

Errege lege-dekretu bat onartzeko eskatzen den aparteko eta presako beharrizanaren baldintza betetzen da, bai babes-sistema instituzionalak kreditu-kooperatiben araubidean sartzeko egin behar diren araudi-aldaketen kasuan, bai Kreditu-erakundeak eta inbertsio- zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta suntsiaraztearen ekainaren 18ko 11/2015 Legearen hamalaugarren xedapen gehigarriaren aldaketaren kasuan.

Kreditu-kooperatibei dagokienez, finantza-sistemak izaten dituen arriskuak aintzat hartuta eta arriskuok duela gutxi sortutako ondorioak ikusita, premiazkoa eta beharrezkoa da halako erakundeek tresna batzuk izatea beren suntsiarazpena edo likidazioa ekiditen laguntzeko; izan ere, erakundea suntsiarazteak edo likidatzeak ondorioak ditu lehiakortasunean, finantza-inklusioan eta tokiko jarduera ekonomikoan. Aipatutako tresnak abian jartzeko, ordea, zenbait neurri eta jarduketa onartu behar dira, eta zenbat eta lehenago abiarazi, are lehenago egongo dira erakundeen eskura; horretarako, ezinbestekoa da errege lege-dekretu hau onartzea.

Lehentasunezko eta ez-lehentasunezko kreditu arruntak ezberdintzeari gagozkiolarik, esan bezala, Europako araudiak eta araudi nazionalak behartu egiten ditu kreditu- erakundeak eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresak galerak xurgatzen laguntzen duten ezaugarri jakin batzuk dituzten pasibo ugari txertatzera beren balantzeetan —erakunderen bat suntsiarazi behar bada ere—. Halako pasiboak edukitzea dagoeneko indarrean den betebehar bat da, eta, orain, betebehar hori indartu egingo da, Europar Batasunaren eremuan nazioarteko estandarretara egokitzeko egiten ari diren araudi-aldaketak tarteko.

Gainera, Europar Batasunaren funts propioen eta pasibo onargarrien gutxieneko eskakizuna (MREL) osatzeko, globalki sistemikoak diren erakundeak behartuta daude galerak xurgatzeko erabateko ahalmenaren araua (TLAC) betetzera —arau hori Finantza Egonkortasuneko Kontseiluaren esparruan argitaratu zen 2015eko azaroaren 9an, eta astebete beranduago onartu zen G20koek Turkian egindako goi-bileran—. Hain justu, 2014/59/EB Zuzentaraua nazioarteko estandar berrietara egokitzeko xedez, Europako Batzordeak, 2016ko azaroaren 23an, zuzentarau-proposamen bat onartu zuen, zeinaren bidez 2014/59/EB Zuzentaraua aldatzen baita, bermatu gabeko zorraren tresnek kaudimengabezia-egoeretan izango duten hurrenkera-ordenari dagokionez.

Aipatutako eskakizunen ondorioz, erakundeek galerak xurgatzeko pasibo hautagarriekin lotutako eskakizun zorrotzei aurre egin beharko diete datozen hilabeteetan, eta pasibo horiek merkatuetan ezarri beharko dituzte. Ez-lehentasunezko zor seniorraren merkatuak, merkatu guztiek bezalaxe, eragiketak xurgatzeko ahalmen mugatua du. Gainera, halako jaulkipenak ezartzeagatik galdatzen diren tasak aldakorrak izaten dira, batez ere berriki sortutako finantza-tresna mota bat denean. Horregatik, erakundeek mailakatu egin behar dituzte beren jaulkipenak, merkatuak apurka-apurka eta arrazoizko prezioan xurgatu ahal izan ditzan.

Europako eta nazioarteko estandarrek ezarritako eskakizunak kontuan izanik, betebeharpeko erakundeei horiek betetzeak zer ahalegin eskatzen dien ikusita eta merkatuak beharrezkoak diren jaulkipenak bereizi gabe xurgatzeko ahalmenik ez duela jakinda, Espainiakoaren pareko finantza-sektorea duten gure inguruko herrialde ia guztiek (Frantzia, Alemania, Italia) honen antzeko aurreikuspenak onartu dituzte denbora gutxian, eta kreditu-erakundeen lehiakortasunean ondorio positiboak izan dituzte eta suntsiarazpen- araudiaren eraginkortasuna handitu dute. Izan ere, lehen aipatutakoaren ildotik eta orain arte emandako arrazoiak direla medio, kaudimengabezia-egoeretan zor-tresnek izango duten hurrenkera-ordenari buruz Europako Batzordeak egindako zuzentarau- proposamenaren arabera, aukera dago zuzentarau-proposamena izapidetzen amaitu baino lehen ez-lehentasunezko zor seniorraren araubide nazionalak onartzeko, baldin eta araubideok berekin badakarte legeria nazionala Europako estandarretara egokitzea — zeinek Finantza Egonkortasuneko Kontseiluaren nazioarteko estandarrak biltzen baitituzte—.

Hala ere, Espainian ez daude berariaz jasota ez-lehentasunezko kreditu arruntak, eta ez da aplikatu segurtasun juridikoa emango lukeen eta halako kredituen baldintzak estandarizatuko lituzkeen zor seniorraren mendean jartzeko klausula orokorrik, salbu eta borondate-autonomiaren printzipioan oinarritutako kontratuzko menderatze-kasuetan. Horrek desabantaila larria eragiten die Espainiako erakundeei, beren balantzeak pasibo galdagarrien gutxienekoa betetzeko moduan diseinatzeko garaian.

Gure inguruko herrialdeetako erakundeak hasiak daude halako jaulkipenak merkatuan ezartzen; beraz, Europar Batasunaren araudia behin betiko onartzeko zain egonez gero,

Espainiako kreditu-erakundeentzat zaila izan liteke balantzeetan mota horretako pasiboak sartzeko betebeharra betetzea, eta, gainera, horrek kostuak dezente handituko lituzke.

Garrantzi handikoa da hori. Izan ere, erakundeek pasibo hautagarrien gutxieneko bolumenaren eskakizuna betetzeko zailtasunak badituzte —gogoan izan behar da eskakizun hori arriskuaren arabera haztatutako aktiboen bidez kalkulatzen dela—, haien aukera nagusia da emandako kreditua murriztuz balantzea gutxitzea, eta horrek ondorio negatiboak sortzen ditu, bai ekonomia errealean, bai enpleguan.

Gauzak horrela, legezko betebehar berriak betetzeko, nahitaezkoa da pasiboak erakartzeko esparru juridikoa ahalik eta lasterren taxutzea, erakundeek horren gainean betebehar argiak baitituzte eta eskakizunak ez betetzearen ondorioek eragin dezentekoa eta, batzuetan, bereziki larria izango bailukete.

Errege lege-dekretu honen bidez aldatzen diren arauek beren testuetan jasotako eskumen-tituluen babesa dute.

Errege lege-dekretu honetan hartzen diren neurriek aparteko eta presako beharrizana dute; bete egiten dira, beraz, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak mota honetako arauak onartzeko eskatzen dituen baldintzak.

Errege lege-dekretu honek erregulazio onaren printzipioei men egiten die. Premia- eta efikazia-printzipioen ikuspuntutik, asmoa da kreditu-erakunde jakin batzuek beren jardunean izaten dituzten arriskuei hobeto aurre egiteko politika eta estrategiak onartu ahal izatea eta Europan eta nazioartean finkatzen ari den finantza-arauketa berriak ezarritako baldintzak betetzea erraztea. Proportzionaltasun-printzipioari dagokionez, kreditu- kooperatibek lankidetza formaleko mekanismoak izan ditzaten sustatzeko beharrezkoa den gutxieneko erregulazioa egiten da, kooperatibetako kideek zailtasunei aurre egitea ahalbidetzen duten konpromiso sendoak jasotzen dituena. Ez-lehentasunezko zor seniorraren kasuan, Espainiako erakundeek baliabide propioen eta pasibo galdagarrien gaineko nazioarteko eskakizun berriei beren lehiakide zuzenen baldintza beretan erantzun ahal izateko funtsezko erregulazioa egiten da. Bai kasu batean, bai bestean, segurtasun juridikoa indartu nahi da, eta erakundeei bi egoera horien aurrean jarduteko araudi-esparru bat eskaini nahi zaie. Erreformak bat datoz gardentasun- eta efizientzia-printzipioen eskakizunekin, ez bakarrik ez dutelako administrazio-kargarik ezartzen, baizik eta araubide argi bat ezartzen dutelako erakundeek behar dituzten politikak eta estrategiak onartu ahal izan ditzaten.

Horregatik, Konstituzioaren 86. artikuluko baimena baliatuz, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak hala proposatuta eta Ministro Kontseiluak 2017ko ekainaren 23ko bileran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua. Kreditu Kooperatiben maiatzaren 26ko 13/1989 Legea aldatzea.

Kreditu Kooperatiben maiatzaren 26ko 13/1989 Legea honela geratzen da aldatuta:

Bat. Laugarren artikuluaren 2. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«2. Kreditu-kooperatiba batek hirugarrenekin egiten dituen aktiboko eragiketek, osotara, ezin izango dute inoiz erakundearen guztizko baliabideen ehuneko 50 egin.

Ez dira ehuneko horren barruan sartuko kreditu-kooperatibek kooperatiba elkartuetako bazkideekin egiten dituzten eragiketak, diruzaintzaren soberakinak bankuarteko merkatuan ezartzeko eragiketak, ez eta errenta finkoko balore eta aktibo finantzarioak eskuratzekoak ere —baldin eta legezko koefizienteak estaltzeko edo diruzaintzaren soberakinak ezartzeko eskuratzen badira—. Lege honen Hamar bis artikuluan jasotako babes-sistema instituzionaletako baten kide diren kreditu- kooperatibak badira, ehuneko horretan ez dira zenbatuko erakunde zentralarekin, gainerako kreditu-kooperatibekin eta babes-sistema instituzionaleko beste kide batzuekin egindako eragiketak.»

Bi. Zazpigarren artikuluari 5. zenbakia gehitzen zaio, idazkuntza honekin:

«5. Hirugarren zenbakian aipatutako mugak ez dira kontuan hartuko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduaren 113.7 artikuluan araututako babes-sistema instituzional baten esparruan ex ante eratutako berme-funts pribatu batek kreditu-kooperatiba baten kapital sozialean edonolako partaidetza duenean —erregelamendu hori kreditu- erakundeen eta inbertsio-enpresen zuhurtasun-betekizunei buruzkoa da eta 648/2012 (EB) Erregelamendua aldatzekoa—.

Ez dira muga horiek aplikatuko, orobat, Kreditu-erakundeak eta inbertsio- zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta suntsiaraztearen ekainaren 18ko 11/2015 Legean agertzen diren neurriak hartuz gero.

Berme-funts pribatuak, baldin eta lehenengo paragrafoko kasuan badago, Espainiako Bankuari jarduera-plan bat aurkeztu behar dio bideragarritasuna bermatzeko, non jasoko baitira kreditu-kooperatibaren funtsaren desinbertsioa ahalbidetzeko neurri zehatzak, babes-sistema instituzionaleko kide diren gainerako erakunde guztientzat egokiak diren baldintzetan; Espainiako Bankuak jarduera-plan hori onartu behar du.»

Hiru. Hamar bis artikulua eransten da, idazkuntza honekin:

«Hamar bis artikulua. Babes-sistema instituzionalak.

Kreditu-kooperatibek aukeran izango dute Kreditu Entitateen Antolamendu, Gainbegiraketa eta Kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian araututa dauden babes-sistema instituzional indartuetako batean sartzea, edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren ekainaren 26ko 575/2013 Erregelamenduaren 113.7 artikuluan araututako babes- sistema instituzional bateko kide izatea.»

Bigarren artikulua. Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa Sortzen duen urriaren 14ko 16/2011 Errege Lege Dekretua aldatzea.

Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa Sortzen duen urriaren 14ko 16/2011 Errege Lege Dekretuaren 6.3 artikuluari e) letra eransten zaio, idazkuntza honekin:

«e) Kreditu-erakunde batek ekarpen txikiagoak egin ahal izango dizkio Gordailuak Bermatzeko Funtsari, baldin eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduaren 113.7 artikuluan araututako babes-sistema instituzional bateko kide bada —erregelamendu hori kreditu-erakundeen eta inbertsio-enpresen zuhurtasun-betekizunei buruzkoa da eta 648/2012 (EB) Erregelamendua aldatzekoa— eta funts bat eratu badu ex ante, bermatzen duena babes-sistema instituzionalak badituela funtsak zuzenean haren eskura likideziari eta kaudimenari laguntzeko eta suntsiarazpena prebenitzen laguntzeko.

Kreditu Entitateen Antolamendu, Gainbegiraketa eta Kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian araututa dauden babes-sistema instituzionaletako erakunde zentralak eta kide diren kreditu- erakundeak, oro har, honi lotuak egongo dira: erakunde zentralek eta modu kontsolidatuan kide diren erakundeek Gordailuak Bermatzeko Funtsari egin beharreko ekarpenak kalkulatzeko zehazten den arriskuaren araberako haztapenari.»

Hirugarren artikulua. Kreditu-erakundeak eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta suntsiaraztearen ekainaren 18ko 11/2015 Legea aldatzea.

Kreditu-erakundeak eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta suntsiaraztearen ekainaren 18ko 11/2015 Legea honela geratzen da aldatuta:

Bat. Kreditu-erakundeak eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta suntsiaraztearen ekainaren 18ko 11/2015 Legearen 44.2 artikuluaren d) letra aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«d) Erakundearen tamaina, enpresa-mota, finantzaketa-eredua eta arrisku- profila. Arrisku-profilari dagokionez, bereziki kontuan hartuko da erakundea nolakoa den: ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduaren 113.7 artikuluan araututako babes-sistema instituzional batekoa eta funts bat eratu duena ex ante, bermatzen duena babes-sistema instituzionalak badituela funtsak zuzenean haren eskura likideziari eta kaudimenari laguntzeko; edo Kreditu Entitateen Antolamendu, Gainbegiraketa eta Kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian araututa dauden babes-sistema instituzional batekoa.»

Bi. 48.1 artikuluaren e) letra aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«e) Pasibo onargarrien zenbateko nagusia edo geratzen den zenbatekoa, aplikatzekoa den konkurtso-araudian aurreikusitako kreditu-eskubideen hurrenkeraren arabera.»

Hiru. Hamalaugarren xedapen gehigarria honela geratzen da idatzita:

«Hamalaugarren xedapen gehigarria. Erakunde baten konkurtsoaren kasuan aplikatu beharreko araubidea.

Lege honen 1.2 artikuluan aurreikusitako erakunde baten konkurtsoaren kasuan:

1.Honako hauek pribilegio orokorreko kreditutzat hartuko dira, eta uztailaren 9ko 22/2003 Legearen 91.5 artikuluan aurreikusitako pribilegio orokorreko kredituen ondoren egongo dira hurrenkera-ordenan:

a)Gordailuak Bermatzeko Funtsak bermatutako gordailuak eta funts horrek subrogatutako eskubideak, bermea gauzatu izan balu.

b)Pertsona fisikoen, mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen gordailuei dagokienez, urriaren 14ko 16/2011 Errege Lege Dekretuan aurreikusitako bermatutako maila gainditzen duen zatia, eta Europar Batasunean finkatutako erakundeen Europar Batasunetik kanpo kokatutako sukurtsalen bitartez eratuta ez baleude, gordailu bermatu izango liratekeen pertsona fisikoen, mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen gordailuak.

2.Ez-lehentasunezko kreditu arruntzat hartuko dira, eta, beraz, uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen 89.3 artikuluan aurreikusitako gainerako kreditu arrunten ondoren egongo dira hurrenkera-ordenan, baldintza hauek betetzen dituzten zor-tresnen ondoriozko kredituak:

a)Gutxienez urtebeteko epemuga eraginkorrarekin jaulki edo sortutakoak

izatea.

b)Finantza-tresna deribatu ez izatea, edo finantza-tresna deribaturik ez edukitzea inplizituki.

c)Jaulkipenari buruzko baldintzek eta, hala badagokio, informazio-liburuxkak klausula bat jasotzea, ezartzen duena halako kredituak gainerako kreditu arrunten ondoren egongo direla konkurtso-hurrenkeran eta, beraz, halako zor-tresnen ondorioz sortutako kredituak beste kreditu arruntak baino beranduago ordainduko direla.

Aurreko letretan bildutako baldintzak betetzen dituzten kreditu arruntak uztailaren 9ko 22/2003 Legearen 92. artikuluan jasotako mendeko kredituen aurretik egongo dira hurrenkera-ordenan; hortaz, lehenago ordainduko dira.

3.Uztailaren 9ko 22/2003 Legearen 92.2 artikuluan bildutako mendeko kredituek honako hurrenkera hau izango dute:

a)Mendeko zorraren zenbateko nagusia, 1. mailako kapital gehigarri edo 2. mailako kapital ez dena.

b)2. mailako kapital-tresnen zenbateko nagusia.

c)1. mailako kapital gehigarriko tresnen zenbateko nagusia.»

Laugarren artikulua. Balore Merkatuaren Legearen testu bategina, urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua, aldatzea.

Balore Merkatuaren Legearen testu bategina, urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua, honela geratzen da aldatuta:

217.artikuluaren 3. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«3. Kapitulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, honako hauek ez dira joko finantza-tresna ez-konplexutzat:

a)Beste edozein balore negoziagarri eskuratzeko edo saltzeko eskubidea ematen duten edo eskudiruko likidazio baterako eskubidea ematen duten baloreak, erreferentziatzat hartuta balore negoziagarriak, dibisak, interes-tasak edo errendimenduak, lehengaiak, edo bestelako adierazle edo neurriak.

b)2. artikuluaren 2. zenbakitik 8.era aipatutako finantza-tresnak.

c)2.1.c) artikuluan jasotako finantza-tresnak, baldin eta barne- birkapitalizaziorako pasibo onargarri ere badira Kreditu-erakundeak eta inbertsio- zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta suntsiaraztearen ekainaren 18ko 11/2015 Legearen VI. kapituluko 4. atalean ezarritakoaren arabera.»

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arau-indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetatik lehena. Erregelamendua garatzeko gaikuntza.

1.Gobernuak beharrezkoak diren erregelamendu-arauak eman ditzake errege lege- dekretu honetan xedatutakoa garatzeko.

2.Espainiako Bankuak behar diren metodoak garatu beharko ditu 2017ko irailaren 30a baino lehen, erakundeek Gordailuak Bermatzeko Funtsaren gordailuak bermatzeko konpartimentuari urtero egin beharreko ekarpenak haien arrisku-profilarekin proportzionalak izan daitezen, eta metodo horien barnean sartu beharko du Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa Sortzen duen urriaren 14ko 16/2011 Errege Lege Dekretuaren 6.3 artikuluko e) letran azaltzen den faktore berria.

Espainiako Bankuak metodo horiek garatzen ez dituen bitartean, urtero egin beharreko ekarpenak honela kalkulatuko dira: Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa Sortzen duen urriaren 14ko 16/2011 Errege Lege Dekretuak xedatutakoaren arabera; hain zuzen ere, errege lege-dekretu honen bidez egindako aldaketaren aurretik xedatutakoaren arabera.

Azken xedapenetatik bigarrena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu honen bidez aldatzen diren arauek beren testuetan jasotako eskumen-tituluen babesa dute.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2017ko ekainaren 23an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra