Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

1/2012 Lege Organikoa, apirilaren 3koa, maiatzaren 26ko 3/2006 Lege Organikoaren xedapen gehigarriaren aplikazio-eremutik kanpo uzten dituena zenbait finantzaketa-mekanismo (Maiatzaren 26ko 3/2006 Lege Organikoak abenduaren 13ko 5/2001 Lege Organikoa, Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Lege Orokorraren osagarria, berritu zuen)

2012-04-03

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/4/4, 81. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

4646

1/2012 Lege Organikoa, apirilaren 3koa, maiatzaren 26ko 3/2006 Lege Organikoaren xedapen gehigarriaren aplikazio-eremutik kanpo uzten dituena zenbait finantzaketa-mekanismo (Maiatzaren 26ko 3/2006 Lege Organikoak abenduaren 13ko 5/2001 Lege Organikoa, Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Lege Orokorraren osagarria, berritu zuen).

JUAN CARLOS I ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikus eta uler dezaketen guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek ondorengo lege organikoa onartu dute eta Nik berronetsi egin dut.

ZIOEN ADIERAZPENA Oraindik ere krisi ekonomikoak irauteak agerian utzi du beharrezkoa dela herri‑administrazioen likidezia handitu eta finantza‑ eta aurrekontu‑oreka laguntzeko premiazko eta aparteko neurriak hartzea.

Herri‑administrazioen baliabideetan eragin nabarmena izan dute jarduera ekonomikoak okerrera egiteak eta krisiak gogor eta luzaroan astintzeak. Egoera horren ondorioa da hornitzaileei ordainketa egiteko batez besteko epeak luzatu izana administrazioek eta, hartara, arriskuan jartzea enpresen bideragarritasun ekonomikoa, bereziki enpresa txiki eta ertainena, haien egoerak okerrera egin baitu Estatuko eta inguruko finantza‑erakundeek pairatzen duten finantza‑krisiaren ondorioz kredituak murriztu dizkietelako.

Administrazioek ordainketak berandu egiteak eta kreditua eskuratzeko zailtasunak izateak eragin zuzena dute ukitutako enpresen nahiz horien hornitzaileen jarduera ekonomikoan, eta horren ondorio izan daiteke, halaber, horiek guztiek ez betetzea berankortasunaren gaineko legeria.

Krisi‑egoera orokorra iraunkortzen duten ondorio kaltegarri horiek saihesteko, Estatuko administrazioak aparteko finantzaketa‑mekanismo bat jarri du abian, premiazko eta aparteko gisa, autonomia‑erkidegoek eta toki‑erakundeek hornitzaileei egiteke dituzten ordainketen inguruko betebeharrak bete ditzaten. Mekanismo hori 2012an soilik egongo da erabilgarri eta 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen ordaintzeke zeuden betebeharretarako baino ezingo da baliatu.

Finantzazio-mekanismo horri bitartekoak eskaintzeko eta hornitzaileei eta, ondorioz, ekonomiari likidezia emanda gauzatu ahal izateko, ezarritako baldintzak bete eta gaitzen diren finantza‑eragiketei aurre egin behar diete administrazioek, finantza‑indar nahikoa izan dezaten ordaintzeke dituzten edo etorkizunean izan ditzaketen betebehar likidoak epean ordaintzeko. Finantzaketa‑mekanismoa abian jartzeko eta, ondorioz, eraginkorra eta efikaza izan dadin, ukitutako administrazioek beren finantza‑konpromisoak eta mekanismo hori ezartzeko eta mantentzeko gainerako baldintzak beteko dituztela ziurtatzeko bermatu behar da.

Hori dela‑eta, Estatuko administrazioak izan behar du zorpetze‑eragiketa horiek bermatzeko ahala, ezarritako betebeharrak betetzen direla ziurtatzeko eta, ondorioz, eragiketen finantzazioa errazteko, prezioari eta bolumenari dagokienez.

Xede horretarako, maiatzaren 26ko 3/2006 Lege Organikoren –abenduaren 13ko 5/2001 Lege Organikoa, Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Lege Orokorraren osagarria berritzekoa– xedapen gehigarriaren aplikazio‑esparrutik kanpo utzi behar dira autonomia‑erkidegoek beren hornitzaileei egiteke dauzkaten ordainketei aurre egiteko Estatuak gaitu ditzakeen aparteko finantzaketa‑mekanismoak, 2012an helburu horrekin abian jarriko diren finantzaketa‑mekanismoetarako aparteko salbuespen gisa, egungo mugarik gabe eman ditzan bermeak Estatuko administrazioak.

Artikulu bakarra.  Abenduaren 13ko 5/2001 Lege Organikoa, Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Lege Orokorraren osagarria, berritu zuen maiatzaren 26ko 3/2006 Lege Organikoaren xedapen gehigarriaren aplikazio‑eremutik kanpo uztea.

Autonomia‑erkidegoek beren hornitzaileei 2012ko urtarrilaren 1aren aurretik ordaintzeke dauzkaten betebeharrei aurre egiteko Estatuak 2012an gaitu ditzakeen aparteko finantzaketa‑mekanismoak maiatzaren 26ko 3/2006 Lege Organikoaren xedapen gehigarriaren aplikazio‑eremutik kanpo geratuko dira. Lege horrek abenduaren 13ko 5/2001 Lege Organikoa, Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Lege Orokorraren osagarria, berritu zuen.

Azken xedapenetan lehena.  Araugintzarako gaikuntza.

Gaikuntza ematen zaie Gobernuari eta Ogasun eta Herri Administrazioko ministroari lege honetan ezarritakoa garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eta neurriak onar ditzaten, beren eskumenen esparruan.

Azken xedapenetan bigarrena.  Indarrean jartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Ondorioz, Lege organiko hau bete eta betearazi dezaten agintzen diet Espainiako herritar eta agintari guztiei.

Madril, 2012ko apirilaren 3a.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra