2/2003 Legea, maiatzaren 7koa, izatezko bikoteak arautzekoa
2003-05-07Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2003/5/23, 100. zk.; EAO, 2011/11/25, 284. zk.
§ 252. 2/2003 LEGEA, MAIATZAREN 7KOA, IZATEZKO BIKOTEAK ARAUTZEKOA
ZIOEN ADIERAZPENA
I
Pertsona askok, beren buruaren askatasunaz
baliatzerakoan, harreman-talde afektibo eta sexual iraunkorrak eratzen dituzte,
ezkontza-kontratu bidez gauzatzera iritsi gabe, edo araubide horretara lotzerik
nahi ez dutelako, edo, sexu bereko bikoteak izateagatik, ezkontzeko aukerarik
ez dutelako. Elkartze horiek benetako familia-guneak sortzen dituzte, gaur egun
inolako arautze juridikorik ez dutenak, zuzenbidearen babesik ezaren eraginez
gatazkak epai bidean jartzen diren kasuetan epaileek eta auzitegiek emandako
interpretaziora mugatuta.
Berezia da bi gizonek edo bi emakumek
osatutako bikoteen familia-motek jasaten duten babesik eza, bereizkeria jasaten
baitute bestelako bikoteen aldean, egindako aukera afektibo eta sexuala beste
edozein aukera bezain zilegi izan arren, ordenamendu juridikoak ezkontzako
ateak ukatzen dizkielako, eta gizon batek eta emakume batek osatutako bikote
ezkongabeen eskubide berberen gozamena ukatzen dielako zenbait kasutan.
Espainiako Konstituzioko 39. artikuluan
aipatzen da agintari publikoen betebeharra familiari gizartean eta ekonomian
babesa bermatzeko eta babes juridikoa emateko. Artikulu horretan ez da aipatzen
familia-eredu jakin bat, ez eta eredu nagusi bat ere; beharrezkoa da, beraz,
familia ulertzeko moduaren gainean interpretazio zabala egitea, egungo
gizartearen egoerarekin eta Konstituzioko gainerako artikuluekin bat etorriko
dena, batez ere 9.2 artikuluarekin (agintari publikoen betebeharra da
norbanakoaren eta norbanakoak elkartzen direnean sortutako taldeen askatasuna
eta berdintasuna lortzeko baldintzak sustatzea), 10.1 artikuluarekin (ordena
politikoaren eta bake sozialaren oinarri dira pertsonaren duintasuna eta
nortasunaren garapen askea), eta 14. artikuluarekin (espainiarrak berdinak dira
Legearen aurrean, eta ezin da gailendu inolako bereizkeriarik ez jaiotza,
arraza, sexu, erlijio edo iritziarengatik ez norbanakoaren zein gizartearen beste
edozein izaera nahiz gorabeherarengatik ere).
Bereizkeriarik ezaren printzipioa hautsi egiten da, batez ere, homosexualen kasuan, ezkontzeko eskubidetik baztertuta uzten direlako, nahiz eta bazterkeria hori Konstituzioko testuan agertu ez. Bereizkeria hori, halaber, ekimen hauen guztion kontrakoa da: Europako Kontseiluko Parlamentu Batzarrak homosexualen eskubideei buruz onartutako 1981eko urriaren 1eko erabakiaren kontrakoa, eta erabaki hori bere egin zuen Eusko Legebiltzarrak 1982ko maiatzaren 28an onartutako legez besteko proposamen baten bidez; 1984an Europako Parlamentuak onartutako erabakiaren kontrakoa, Europar Batasunean gizarte-errealitateak izandako bilakaera jasotzeaz aparte gayen eta lesbianen berdintasuna sustatzeko neurriak hartzearen aldeko lehenengo ekimena onartu baitzen; Europako Kontseiluaren 1988ko maiatzaren 7ko erabakiaren kontrakoa, izatezko bizikideen arteko ezkontza-kontratuen eta itunen eraginkortasuna onartzeko eskatzen baitu; Europar Batasuneko homosexualen eskubideen berdintasunari buruzko Europako Parlamentuaren 1994ko otsailaren 6ko erabakiaren kontrakoa, berretsi egin baitzen herritar guztiek tratu berdina jasotzeko eskubidea dutela beren joera sexuala alde batera utzita, eta Batasuneko estatuei eskatu baitzitzaien utz ziezaiotela joera homosexualeko pertsonei tratu desberdina emateari bai xedapen juridikoetan bai administraziokoetan, eta erabaki hori bere egin zuen Eusko Legebiltzarrak 1995eko ekainaren 23an onartutako legez besteko proposamen baten bidez; eta Europar Batasuna eratzeko itunak aldatzen zituen Amsterdamgo Ituneko 13. artikuluaren kontrakoa, hain zuzen ere artikulu horrek ahalmena ematen baitio Kontseiluari sexu-joera dela-eta dagoen bereizkeriaren kontra borrokatzeko. Aipatutako 13. artikulu hori "Printzipioak" izeneko zatian dator itunaren baitan, eta esan nahi du berebiziko garrantzia duela Europar Batasuneko lege-eremu osorako. Europako Kontseiluko Parlamentu Batzarrak 2000ko irailaren 26an gomendioa egin die Kontseiluko kide diren 41 estatuetako gobernuei neurriak har ditzaten pertsona homosexualen aurkako bereizkeria baztertzeko.
Gure ordenamendu
juridikoak dagoeneko jaso ditu zenbait kasu ezkontza-elkarteen antzeko
afektibitate-harreman egonkorrez elkartutako bikoteei ezkontideen pareko egoera
onartzeko, zehazki adopzioari, hiri-errentamenduei, asilo-eskubideari, arlo
penaleko zenbait xedapeni edo gizarte-prestazioei buruz.
Hala ere, ordenamenduan badira zenbait
lege-xedapen ezkontzan oinarritutako ohiko familia-eredutik bestelakoak diren
ereduen aurkako bereizkeria egiten dutenak, ez baitute kontuan hartzen
Konstituzioko 32. artikuluan ezkontzeko eskubidea jasotzen denean ez ezkontzeko
eskubidea ere jasotzen dela, baita beste familia-eredu bat aukeratzeko ere, eta
eskubide horretaz baliatzeak ez duela zertan legearen aurrean tratu txarragorik
sortu. Konstituzioko testuan debekurik edo mugarik egon ez arren sexu bereko
pertsonen artean ezkontzeko, praktikan, hala ere, eragotzi egiten zaie eskubide
horretaz baliatzea bi emakumek edo bi gizonek osatutako bikoteei.
Euskal Autonomia
Estatutuko 9.2 artikuluan ezartzen denez, euskal agintari publikoek herritarren
oinarrizko eskubideak eta betebeharrak egoki betetzea zaindu eta bermatu behar
dute, baita norbanakoaren eta norbanakoak elkartzen direnean sortutako taldeen
askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eraginkorrak izatea lortzeko
baldintzak sustatzeko eta oztopoak kentzeko beharrezko neurriak hartu ere,
herritar guztiek Euskadiko politika, ekonomia, kultura eta gizarteko bizitzan
parte har dezaten erraztasunak emanez. Estatutuko 9.1 artikuluak a) eta b)
idatz-zatietan adierazten duenez, euskal agintari publikoek herritarren
oinarrizko eskubideak eta betebeharrak egoki betetzea zaindu eta bermatu behar
dute, eta bizi-baldintza hobeak lortzeko politika bultzatu behar dute bereziki.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Autonomia
Estatutuko I. tituluan jasotakoaren arabera, izatezko bikoteen egoeran eragina
duten hainbat gairi buruzko eskumenak ditu, hala nola Euskadi osatzen duten
lurralde historikoentzat berezkoa den idatzizko zein ohiturazko Foru Zuzenbide
Zibila eta Zuzenbide Zibil berezia zaindu, aldatu eta garatzekoa, eta bere
eraginpeko lurralde-eremua finkatzekoa (10.5 artikulua); adingabeak babestu eta
horien tutoretza egiteko erakunde eta establezimenduen antolaketa, araubidea
eta jarduteko modua; barne-osasuna (18.1 artikulua); eta, bereziki,
gizarte-laguntza (10.12 artikulua). Beharrezkoa da, beraz, Zuzenbide positiboan
berariaz aipatzea ohikoak ez diren familia-ereduak askatasunez eratzeko bereizkeriarik
ezaren printzipioaren aplikazioa, Euskal Autonomia Erkidegoaren legedia
interpretatu eta aplikatzerakoan inoren aurka bereizkeriarik egin ez dadin
beraren familia-mota dela-eta; berdin izango da familia horren jatorria
seme-alabatasuna, ezkontza edo bi pertsonaren arteko elkartze afektibo edo
sexuala izatea, direla pertsona horiek sexu berekoak zein desberdinekoak.
Lege honek egungo legedian bizirik
dirauten bereizkeria guztiak gainditzeko bidean aurrera egin eta horretan
lagundu nahi du, familiako kideen izaera edo gorabehera pertsonal edo soziala
bada bereizkeriaren oinarri, gure gizarte-inguruaren kulturan onartutako
afektibitate- eta sexualitate-adierazpide ugarien arabera ulertuta familia; eta
horrekin batera Konstituzioan bereizkeriaren aurka, nortasuna askatasunez
garatzearen alde eta familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoaren alde
aipatzen diren printzipioen arau bidezko garapena hobetu nahi da, araudia
gizarteak historiako une bakoitzean bizi duen egoerara egokituta.
II
Ondorioz, lege honen helburua, batez ere,
pertsona askok beren nortasuna garatzen lagunduko dien familia-eredua
aukeratzean jasaten duen lege-diskriminazioa desagerraraztea da; aukera
afektibo eta sexual guztiak errespetatuko dituen esparru bat sortu nahi da, aniztasun,
berdintasun eta askatasun printzipioak errespetatuta. Helburu horiek lortzeko,
lehenengo kapituluko artikulu batean ordenamendu juridikoa interpretatu edo
betearazteko orduan bakoitzak aukeratutako familia-moduagatik edo joera
sexualagatik inolako bereizkeriarik egitea debekatu da. Artikulu hori garrantzi
berezikoa da unibertsala izateagatik.
I. kapituluan bertan legearen
ezarpen-eremua zein izango den zehaztu da; izan ere, bikotekideetako batek
administrazio-egoitza Autonomia Erkidego honetan baldin badauka, legeko
eskubideak aitortuko zaizkio bikoteari, inolako bereizketarik egin gabe
Estatukoen eta atzerrikoen artean. Horrekin batera, legearen arabera bikote
hitzaz zer ulertuko den zehaztu, bikotetzat hartzeko zein baldintza bete
beharko diren finkatu eta legeak berak sortutako Izatezko Bikoteen Erregistroa
arautu du, oinarrizko printzipioetan. Erregistro hori garrantzi handikoa da,
izen-emateak bikotea eratzeko balio duelako, hain zuzen ere legeak aitortutako
eskubideak eskuratu nahi ez dituzten bikoteak ez daitezen beren borondatearen
aurka legeko eskubide eta betebeharren menpe geratu.
II. kapituluan, hain justu ere,
erregistroan izena ematen duten bikoteek zein eskubide eta betebehar izango
dituzten arautu da. Testuak oinarri duen printzipioaren arabera, bikotekideek
askatasunez egindako hitzarmenei balioa eman nahi zaie, eta, hitzarmen horiek
akatsen bat baldin badute edo ez baldin badira baliozkoak, orokorrean
erregelamendu bidez ezarriko diren klausulek diotenari heldu ahal izango diote;
eta horretan, gainera, aurreikuspen batzuk egin dira, seme-alabarik izanez
gero, horiek babesteko, bai eta, bikotea desegitean edo bikotekide bat hiltzen
bada, babes gutxien duen aldea babesteko ere.
III. kapituluan adingabekoen adopzioa edo
horiek familian hartzea arautu da, baita izena eman duten bikoteek zein
oinordetza-erregimen izango duten ere. Lehenengo kasuan, gaur egun bi gizonek
edo bi emakumek osatutako bikoteek baino jasaten ez duten bereizkeria
desagerrarazi nahi da, kasu horietan ukatzen baitu egungo ordenamendu
juridikoak haurrak elkarrekin adoptatu edo familian hartzea. Bigarren kasuan,
legeak maila berean jarri ditu erregistroan izena emango duten izatezko
bikoteak eta ezkontideak, Foru Zuzenbide Zibilean oinordetza-erregimenari buruz
esaten direnetan; horrekin batera, gaur egungo legedian oinordetzako zein
aukera dauden ere aipatu da.
IV. kapituluan, aurreikuspen batzuk egin
dira EAEk dituen eskumenen barruan, Zuzenbide publikotik bereizkeria
desagerrarazteko, eta, horretarako, ezkondutako bikoteak eta bestelako bikoteak
maila berean jarri dira zerga, funtzio publiko, osasun, familiako
bitartekaritza eta zenbait administrazio-izapideren arloan. Lan arloan eta
Gizarte Segurantzarenean ere beste horrenbeste egin da, Euskal Autonomia Erkidegoak
gaur egun esparru horretan dituen eskumen urrien eremuan.
V. kapitulua lege honetan arautzen den bikote-modua amaitzeari buruzkoa da; zergatik gerta daitekeen eta zein ondorio izango dituen zehaztu du. Bi aldeak ados jarrita edo aldeetakoren batek erabakita amaitzen bada bikotea, prozedura azkar eta erraza erabili ahal izango da, baina segurtasun juridikoaren printzipioa ere zainduko da, ezin izango baita inolako izen‑ematerik baimendu aurrekoa bertan behera utzi arte edo ezkontza desegin arte. Horrela, eta kontuan izanda legean Bikoteen Erregistroa arautzen duten artikuluetan aipatzen denez erregistro hori gainontzeko era bateko zein besteko erregistroekin lotuta egongo dela, asmo txarrik gabe edo asmo txarrez gertatutako bikoizketak saihestuko dira.
1.
Artikulua - Legearen helburua eta bereizkeriarik ez egiteko printzipioa
1.- Lege honen helburua da izatezko bikotea eratzea erabakitzen
duten pertsonei aplikatzeko lege-erregimena arautzea.
2.- Euskal Autonomia Erkidegoaren legedia interpretatu eta
aplikatzerakoan, ezin izango da bereizkeriarik egin inoren aurka beraren
familia-mota dela-eta; berdin izango da familia horren jatorria
seme-alabatasuna, ezkontza edo bi pertsonaren arteko elkartze afektibo edo
sexuala izatea, direla pertsona horiek sexu berekoak zein desberdinekoak.
2.
Artikulua - Izatezko bikotearen kontzeptua eta aplikazio-eremua
1.- Lege hau aplikatzeko, izatezko bikotea da bi pertsonaren arteko
elkartze askearen ondorioa; pertsona horiek adinez nagusi edo adingabeko
emantzipatuak izan behar dute, gaitasun osoa izan behar dute, eta ezin dute
euren artean lerro zuzeneko odol- edo adopzio-ahaidetasunik eduki, ez eta
alboko lerroko bigarren mailako odol-ahaidetasunik ere. Harreman sexual edo
afektiboa izan behar dute elkarren artean, eta berdin izango da pertsona horiek
sexu berekoak edo desberdinekoak izatea. Gainera, bikoteko kideek, ez batak ez
besteak, ezin dute ezkontza edo izatezko bikotearen bidezko loturarik izan
beste inorekin ere.
2.- Lege honetako xedapenak 3. artikuluan eta ondokoetan zehazten
den eran eratutako izatezko bikoteei aplikatuko zaizkie. Horrela, bada, izena
eman ahal izateko, bikotekideetako batek behintzat Euskal Autonomia Erkidegoko
lurraldean eduki behar du egoitza, eta ez da begiratuko beste bikotekideak zer
herritartasun duen.
3.
Artikulua - Eraketa eta egiaztapena
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa
sortuko da, eta hor izena ematen duten bikoteak legez eratu direla joko da; beraz,
izena ematen ez duten bikoteei ez zaie lege hau aplikatuko.
2.- Hala bikotearen eraketa, arau hauen xede dena, nola
bikote-harremanaren eduki juridiko-patrimoniala Euskal Autonomia Erkidegoko
Izatezko Bikoteen Erregistroak emango duen ziurtagiriaren bidez egiaztatuko
dira.
3.- Udal-erregistroak dituzten herrietan egiten diren izen-emateek
eraketa-ondorio berbera izango dute, baldin eta izena ematerakoan lege honetan
ezarritako eskakizunak bete badira; Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko
Bikoteen Erregistroak egiaztatuko du eskakizun horiek bete direnetz.
4.
Artikulua - Izatezko Bikoteen Erregistroa
1.- Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen
Erregistroa sortzen da, eta unean-unean haren kudeaketaren ardura duen sailaren
menpean egongo da; erregistro horrek administrazio-erako kudeaketa izango du
eta era deszentralizatuan jardungo da.
2.- Erregistroaren xedea da izatezko bikoteen eratze- eta
amaitze-deklarazioak jasotzea; bikoteak ezarri ahal izango dituen ekonomia- eta
ondare-erregimena arautzeko hitzarmen eta itunak ere jasoko dira.
3.- Izena emateko eskabidearekin batera, bikotekideek, izena emateko
nahia adierazi ez ezik, 2.1 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen
dituztela egiaztatu ere egin beharko dute; gainera, bikotearen bizilekua
adierazi beharko dute.
4.- Bikoteko kideetako edozeinek eskatuz gero, edo legezko interesa
egiaztatzen duen edozeinek nahiz epaile eta auzitegiek eskatuz gero,
erregistroak izen-ematearen ziurtagiria egin eta eman beharko du.
5.- Egin dituzten izen-emateak jakinarazi beharko dizkiote
udal-erregistroek Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroari,
eta bikotekideek sinatutako hitzarmen eta itunak adierazi beharko dituzte
jakinarazpen horietan; egindako izen-emateen bertan behera uzteak ere
jakinarazi beharko dizkiote, bai eta horien aldaketak ere, bizilekuari edo
hitzarmen edo itun arautzaileari eragiten badiote.
6.- Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa beste
autonomia-erkidego batzuetan beraren antzeko direnekin koordinatu beharko da
kasuan kasuko hitzarmenen bitartez.
7.- Erregelamendu bidez ezarriko dira Euskal Autonomia Erkidegoko
Izatezko Bikoteen Erregistroaren egitura eta jardunbidea.
II. KAPITULUA
BIKOTE-HARREMANAREN EDUKIA
5.
Artikulua - Bikotearen harremana eta ekonomia-erregimena arautzea
1.- Izatezko bikoteko kideek beren elkartzearen ondorio diren
harreman pertsonal eta ondarezkoak arautu ahal izango dituzte agiri publiko edo
pribatuaren bitartez, eta bakoitzaren eskubide eta betebeharrak zehaztuko
dituzte hor, bai eta bikotea deseginez gero eman beharreko ordain ekonomikoak
ere.
2.- Ezingo da hitzartu izatezko bikotea aldi baterako eratzea, ez
eta haren eraketa baldintzaren baten menpe ezarri ere. Administrazio publikoek
ez dituzte erregistroan jasoko edozein bikotekideren oinarrizko eskubide eta
askatasunak hautsi litzaketen itunak.
6.
Artikulua - Klausula orokorrak
Bikoteek, berariazko hitzarmen bat egin
ezean, badute era orokor batez ezarritako klausulei heltzea. Klausula orokor
horietan honako alderdi hauek egongo dira aurreikusita:
1.- Etxebizitzari eusteko eta gastu erkideetarako egin beharreko
ekarpenak, baliabide ekonomikoak jarriz edo norberaren lanaren bidez. Gastu erkideetarako
ekarpen izango dira etxeko lanak; orobat, beste bikotekidearen lanbide edo
enpresan laguntza pertsonal edo profesionala ematea, ordaindu gabe edo behar
bezala ordaindu gabe egiten denean; baita norberaren jarduera edo ondasunetatik
datozen baliabideak ere, bakoitzaren diru‑sarreren araberakoak, edo,
bakoitzaren diru-sarrera horiek nahikoa ez badira, bakoitzaren ondarearen
araberakoak. Ez dira gastu erkidetzat joko bikotekide bakoitzaren ondasunak
aldezteak edo kudeatzeak eragindakoak, eta bikoteko kideren baten interes
hutsekoak direnak ere ez, oro har. Bikotekideetako inork ezingo du ondasun
erkideen gaineko bere eskubidea besterendu, kargapetu edo, oro har, eskubide
horretaz xedatu, baldin eta horrek eskubide horren erabilera beste bikotekidearen
baimenik gabe erabiltzeko aukera badakar.
2.- Bikotea amaitzearen ondorioak, honako hauek zehaztuz:
a) Behar bezalako mantenurako
bikotekideren batek behar izan lezakeen aldizkako pentsioa, egoera hauetakoren
bat gertatuz gero:
1. Bikotean elkartzeak diru-sarrerak
eskuratzeko gaitasuna gutxitzea eragin izana pentsioa eskatzen duenari.
2. Bien artean izandako seme-alabak
zaindu beharragatik lanean aritu ezina, edo eginkizun hori lanean aritzeko
oztopo handia izatea.
b) Ordainik jaso gabe edo behar besteko
ordainik jaso gabe bikotearen etxebizitzarako edo beste bikotekidearentzako lan
egin duen bikotekideak jaso beharko duen ordain ekonomikoa, baldin eta lan
horrengatik bidegabeko aberastea eragin bada, bien ondareen artean
desberdintasuna sortuz.
c) Kideetako baten heriotzagatik edo
heriotza-deklarazioarengatik bikote-harremana amaitzen denean, bizirik
gelditzen den bikotekideak edukiko duen eskubidea etxeko arreoaren jabetzarako
eta heriotzaren ondoko urtean zehar etxebizitza erkidea erabiltzeko, baldin eta
bien artean elkarbizitza egon bazen eta nahitaezko oinordekoen seniparteari
kalterik eragiten ez bazaio. Ez du eskubide hori izango izatezko bikote berria
eratzen badu edo ezkondu egiten bada.
III. KAPITULUA
ADOPZIOA, FAMILIA-HARRERA ETA OINORDETZA-ERREGIMENA
7.
Artikulua - Adingabeak familian hartzea
Bikotekideek, biek batera, indarrean
dagoen legediaren arabera, adingabeak hartu ahal izango dituzte familian,
ezkondutako bikoteen eskubide eta betebehar berdinekin.
8.
Artikulua - Adopzioa
1.- Sexu bereko pertsonek osatutako bikoteko kideek, biek batera,
adoptatu egin ahal izango dute, sexu desberdineko pertsonek osatutako bikoteen
eta ezkondutako bikoteen eskubide eta betebehar berdinekin.
2.- Bikoteko kide baten seme edo alaba biologikoak zein adopzio
bidezkoak eskubidea dute bikoteko beste kideak adopta ditzan.
9.
Artikulua - Oinordetza-erregimena
Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilaren
uztailaren 1eko 3/1992 Legeak ezarritako ondorioetarako, izatezko bikoteak
ezkondutako bikoteen parekotzat hartuko dira. Horrela, bada,
oinordetza-erregimenari dagokionez, eta kasuan-kasuan aplikatzekoa den
foru-zuzenbide zibilaren arabera:
1.- Kideetako bat hiltzen denean bizirik irauten duenak ondasun
erkide guztien gozamena eduki dezan hitzartu ahal izango dute.
2.- Elkarren artean ondasun guztiez xedatu ahal izango dute agiri
bakar batean, testamentu mankomunatu edo elkarrekikoaren bidez, eta biek
ezeztatu edo aldatu egin ahal izango dute testamentu hori.
3.- Testamentuan edo oinordetza-itunean, batak bestea eskuorde
izendatu ahal izango du.
IV. KAPITULUA
ADMINISTRAZIOAREN ARLOKO ZUZENBIDE PUBLIKOKO ERREGIMENA
10.
Artikulua - Zerga-erregimena
Euskal Autonomia Erkidegoak dituen
araugintzako eskumenen barruan, izatezko bikoteek ezkondutako bikoteek duten
zerga-tratamendu bera izango dute.
11.
Artikulua - Funtzio publikoko erregimena
Izatezko bikotea osatzen duten pertsonak
ezkontideak bezalakoak izango dira Euskal Funtzio Publikoaren Legean eta
Euskadiko funtzionarioen estatutua arautzen duten arauetan esaten direnetarako,
hain zuzen ere lizentzia, baimen, administrazio-egoera eta lanpostuak
betetzeari dagokionez.
12.
Artikulua - Bitartekaritza
Bikotea osatzen dutenak ados jartzen ez
badira, familientzako bitartekaritzaz baliatu ahal izango da biek nahi baldin
badute, aukera hori arautzen duen araudiarekin bat.
13.
Artikulua - Osasun-zerbitzuak
Osasun-zerbitzuetan, izatezko bikotea
osatzen dutenek osasunaren arloko araudiak ezkontideei eta senitartekoei
aitortutako eskubide berak izango dituzte; era berean, eskubidea izango dute
beren bikotekideen diagnostikoari, pronostikoari eta tratamendurako aukerei
buruzko informazio ulergarria, osoa eta etengabea jasotzeko -ahoz eta idatziz-,
baita organoak eman eta organook ateratzeari buruzko informazioa jasotzeko eta
lekukotasuna adierazteko ere.
Osasun arloko esku-hartzeren bat dela-eta
gaixoaren aurretiazko baimen idatzia behar bada eta gaixo horrek erabakiak
hartzeko gaitasunik ez badu, izatezko bikotea osatzen dutenek osasun arloko
legediak euskal osasun publikoaren erabiltzaileen ezkontide eta senitartekoei
aitortutako eskubide berak izango dituzte.
14.
Artikulua - Zaharrentzako egoitzak
Zaharrentzako egoitzek, nola publikoek
hala pribatuek, ezkontzaz elkartutako bikoteei ematen zaien trataera bera
emango diete izatezko bikoteei, bai egoitzetan sartu bai han bizi eta
zerbitzuak baliatzeari dagokionez, gelak erabiltzea barne, bai eta egoitzako
beste instalazio batzuk elkarrekin erabili ahal izateari eta egoitza erabili
eta bertan egoteko beste edozein baldintzari dagokionez ere.
15.
Artikulua - Post mortem administrazio-izapideak
Izatezko bikotea osatzen duten
kideetakoren bat hil egiten baldin bada, beste kideak gorpua identifikatu,
eskuratu, lur eman, hildakoaren objektuak jaso eta beharrezko diren gainerako
izapide eta kudeaketa-lanetan parte hartu ahal izango du, ezkonduek egiten
duten baldintza beretan.
16.
Artikulua - Espetxeetako erregimena
Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazioak, bere eskumenez baliatuta, egin beharrekoak egingo ditu
izatezko bikoteek -sexu berekoak nahiz desberdinekoak izan- eta ezkondutako
bikoteek berdintasunezko tratamendua izan dezaten Euskal Autonomia Erkidegoko
espetxeetako araudia ezartzerakoan.
17.
Artikulua - Laneko eta Gizarte Segurantzako erregimena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, gizarte arloan dituen eskumenez baliatuta, egin beharrekoak egingo ditu lan arloko eta Gizarte Segurantzako arauak ezartzerakoan izatezko bikoteek eta ezkonduek eskubide-berdintasun osoa izan dezaten bai arlo publikoan bai pribatuan.
V. KAPITULUA
IZATEZKO BIKOTEA AMAITZEA
18.
Artikulua - Bikotea amaitzeko arrazoiak
Lege honetan aipatzen
direnetarako, izatezko bikotea ondorengo arrazoiengatik joko da amaitutzat:
a) Kide biak horretan ados jarri
direlako.
b) Bietako batek hala erabaki
duelako, eta besteari egiaztatzeko moduan jakinarazi diolako.
c) Bikotea osatzen dutenetako bat hil
delako edo hildakotzat jo dutelako.
d) Izatezko bikotea osatzen
dutenak elkarrekin ezkondu direlako.
e) Bikotea osatzen dutenetako bat
ezkondu egin delako.
19.
Artikulua - Bikotea amaitzeak dituen ondorio eta betebeharrak
1.- Izatezko bikotea amaitzen baldin bada, bi kideek, edo bi
kideetako batek -erabakia bakarrarena baldin bada-, kasuan kasuko erregistroko
izen-ematea bertan behera uzteko eskatu beharko dute. Ez kide batek ez besteak
ezin izango du lege honen araberako beste bikoterik osatu, aldez aurrekoa
bertan behera uzten ez baldin badu.
2.- Erabat egiaztatuta baldin badago izatezko bikotea osatzen
dutenetako bat edo biak hilda daudela, edo bietako bat edo biak ezkonduta,
izen-ematea bertan behera utzi ahal izango du Administrazioak bere kabuz nahiz
interesatuak eskatuta.
Lehenengoa
Euskal Autonomia Erkidegoan lege hau
indarrean jarri aurretik onartutako lege eta araudi guztietan ezkontzari buruz
egindako aipamenak izatezko bikoteei buruz egindakoak ere badirela joko da aurrerantzean.
Lege honetan berariaz araututa ez dauden
gai guztietan, izatezko bikoteak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio
publikoekin izan litzaketen harreman juridikoetan ezkontideekin parekaturik
egongo dira, eta indarrean dauden arauak aplikatzeak eragin litzakeen mugak
bakarrik izango dituzte.
Xedapen
Iragankorrak
Lege hau onartu aurretik osatutako
izatezko bikoteei ere ezarriko zaie honetan esaten dena, baldin eta legean aipatzen
diren baldintza guztiak betetzen badituzte. Horretarako, udal-erregistroek,
aldez aurretik bikotekideek baimena ematen badute, Euskal Autonomia Erkidegoko
Izatezko Bikoteen Erregistrora izatezko bikote guztien zerrenda bidaliko dute,
dituzten agiriekin batera, erregistroak izen-emateak baliozkoak diren edo ez
egiazta dezan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko
Bikoteen Erregistroaren araudia onartu bitartean, sortzen diren zalantzak lege
honetan esaten denaren arabera argituko ditu erregistroak.
Indarrik gabe geratu dira lege honetan
esaten denarekin bat ez datozen xedapen guztiak.
lehena
Sei hilabete igaro baino lehen, Eusko
Jaurlaritzak behar diren erregelamenduzko xedapenak emango ditu lege honetan
esaten dena betearazi eta garatzeko, nahiz eta lege edo foru-arau bidez
garatzekoak diren arloak hala garatuko diren.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.