12/2015 Legea, ekainaren 24koa, espainiar jatorriko sefardiei espainiar nazionalitatea emateari buruzkoa
2015-06-24Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2015/06/25, 151. zk.
I. XEDAPEN OROKORRAK
ESTATUKO BURUZAGITZA
7045 12/2015 Legea, ekainaren 24koa, espainiar jatorriko sefardiei espainiar nazionalitatea emateari buruzkoa.
FELIPE VI.a
ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.
Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala:
HITZAURREA
I
Sefardi deitzen zaie iberiar penintsulan bizi izan ziren judutarrei –eta, bereziki, haien ondorengoei–; 1492ko Ediktuez geroztik, indarrez bihurtu edo kanpora egitera beharturik, bide makur horri heldu baitzioten. Izena bera «Sefarad» hitzetik dator, hebreeraz hala deitzen baitzaio Espainiari, bai hebreera klasikoan bai gaur egungoan. Benetan, judutarrak sendo eta milaka urtez egonak ziren iberiar lurretan, eta haien egon hori gaur egun ere nabari da, hitzezko eta harrizko arrastoetan. Ordea, judutarrak, historiaren aginduz, atzera diasporaren bideetan abiatu ziren, beste komunitate batzuetara atxikiz edo berriak sortuz, batez ere Afrika iparraldean, Balkanetan eta Inperio Otomandarrean.
Sefaradeko seme-alabei, halere, inoiz ez zaie bihotz-minaren iturria agortu, hizkuntzen eta belaunaldien joan-etorriari erreparatu gabe. Ladinoa edo hekatia gorde zuten euskarri; jatorrizko espainiera, harrerako hizkuntzetatikako maileguz aberastua. Arbasoen hizkuntzan josten zituzten errezoak eta errezetak, jolasak eta erromantzeak. Ohiturak gorde, behin eta berriz jatorriaren oihartzuna zekarten izenak galdu ez, eta herrarik gabe onartu zuten Espainiaren isiltasuna, ahanzturaren magalean kulunka.
Jendarte handi batengan, denboraren joanak ez ditu ez oroimena ez fideltasuna makurtu; eta, 1990ean, Adiskidetasunaren Asturiasko Printze Saria jasotzeko ohorea izan zuten, aitorpen-legez. Erabaki hark adiskidetze-bidean lagundu nahi zuen, ia bostehun urteko urruntzearen ondoren, erkidego sefardiei dei eginez, ostera sustraiei hel ziezaieten, aberri zaharreko ateak betiko zabaldurik. Sari hark aitzin-gertakari historikoa izan zuen, hurrean gertatua: Espainiako Erregek sinagoga batera eginiko lehen bisita. 1987an gertatu zen, Tifereth Israel tenplu sefardian, Los Angelesen, Kalifornian.
XXI. mende hasieran, mundu zabaleko erkidego sefardiek erronka berriak dituzte: batzuk, totalitarismoen amorruaren pean erdi zanpatuta geratu ziren; beste batzuek, Jerusalem amestura itzultzeko bideetan abiatzea aukeratu zuten; guztiek ere, nortasun pragmatikoa eta orokorra dute, belaunaldi berrien begietatik begiratua. Baina, edonola ere, bihotzean beti dute Espainia maite; eta hura ohartu da, azkenean, sefardien ekarri historiko eta sentimentalaz. Zuzena dirudi aitorpen horrek nahikoa baliabide juridiko izan dezan, espainiar izatea erraz diezaiegun, espainiar izatea ez galtzeko halako lanak eta buruhausteak hartu dituztenei, haien arbasoak makina bat jazarpen eta sufrimendu paseak izan baitziren, bidegabeki, harik eta kanporatuak izan arte, Gaztela eta Aragoitik 1492an, eta Nafarroatik apur bat beranduago, 1498an. Gaur egungo Espainiak, lege honen bidez, urrats sendo bat egin nahi du, erkidego sefardiekin berriro batu, eta behin betiko adiskidetzea lortzeko.
II
Isabel II.aren garaietatik Espainian bada sefardien aldeko iritzi-korronte bat. Urte haietan, komunitate juduek beren hilerriak edukitzeko lizentzia erdietsi zuten, adibidez Sevillan; eta, geroago, baita sinagoga batzuk zabaltzeko baimena ere.
Fernando de los Ríos zelarik Estatuko Ministro, Gobernuko Presidentziak izan zuen buruan, bai, Marokoko sefardiei espainiar nazionalitatea orokorrean emateko aukera, baina ideia hura bertan behera utzi zuten, magrebiar giro batzuetan piztu zuen aurkako jarrera zela-eta. Zuzen da aitortzea orobat 1886an, Práxede Mateo Sagastak sustaturik, eta 1900ean, Ángel Pulido senatariak bultzatuta, sefardienganako hurbilketa bat hasi zela. Gobernuak, hurreratze haren ondorioz, baimendu zuen Espainian sinagogak zabal zitezen; Madrilen Alianza Hispano-Hebrea sor zedin, 1910ean; eta Sefardien Etxe Unibertsala osa zezaten, 1920an. Horrek guztiak sefardien eta Espainiaren arteko loturak indartzea ekarri zuen.
Historikoki, egoera berezi-berezietan, gertatu izan da, baita ere, sefardiek espainiar nazionalitatea eskuratzea. Horra hor, adibidez, 1924ko abenduaren 20ko Errege Dekretua, non, zioen azalpenean, honela jartzen baitu, gaztelaniaz: «antiguos protegidos españoles o descendientes de éstos y, en general, a los individuos pertenecientes a familias de origen español que en alguna ocasión han sido inscritas en registros españoles y estos elementos hispanos, con sentimientos arraigados de amor a España, por desconocimiento de la ley y por otras causas ajenas a su voluntad de ser españoles, no han logrado obtener nuestra nacionalidad». Horrela, bertakotze-prozesu bat abiarazi zen, eta sefardiek, horrenbestez, espainiar nazionalitatea lortu ahal izango zuten, 1930era arte. Hiru mila eskas izan ziren eskubide hori egikaritu zuten sefardiak. Baina epea amaituta ere, Espainiako nazionalitatea lortu izan ez arren, askok izan zuten Espainiako kontsulen babesa.
Bigarren Mundu Gerran, berrehun mila sefardi, gutxi gorabehera, alemaniarren administrazio pean geratu ziren. Mendebaldeko Europan eta, batez ere, Balkanetan, hainbat erkidego ordura arte joritan nozitu zuten nazien ankerkeria. Kopuruak ikaratzeko modukoak dira; Salonikan esate baterako –sustrai sefardi sakonak zituen Salonikak–, berrogeita hamar mila hildako baino gehiago izan ziren. Milaka sefardiren sakrifizio basatia da Espainiak duen lotura galduezinezkoa Holokaustoaren oroimenarekiko.
Ustekabean, 1924ko abenduaren 20ko Errege Dekretuak beste zerbaitetarako ere balio izan zuen, idatzi zutenek nahi gabe, ziurrenik: lege-esparru bat eskaini zuen, eta, Bigarren Mundu Gerran, hari helduta, Espainiako legazio diplomatikoek kontsul-babesa eman ahal izan zioten dekretu horren babesean espainiar nazionalitatea eskuratu zuten sefardiei. Diplomatiko haien gizalegeak kontsul-babesa sefardi bertakotu gabeengan ere zabaldu zuen, eta, azkenean, baita beste judutar askorengan ere. Horra hor, esate baterako, Ángel Sanz Briz, Budapesten; Sebastián de Romero Radigales, Atenasen; Bernardo Rolland de Miotta, Parisen; Julio Palencia, Sofian; José de Rojas y Moreno, Bukaresten; Javier Martínez de Bedoya, Lisboan; edo Eduardo Propper de Callejón, Bordelen. Horrela ihes egin zuten milaka judutarrek Holokaustotik eta horrela berreraiki zituzten beren bizitzak.
III
Gaur egun, sefardiek bi bide erabil ditzakete Espainiako nazionalitatea lortzeko. Lehenik, demostratuz gutxienez bi urte badaramatela Espainian legez bizitzen; halakoetan, Espainiarekiko lotura berezia duten beste herrialde batzuetako (hala nola, nazio iberoamerikarretako) nazionalen pareko bihurtuko dira. Eta, bigarrenik, interesdunak salbuespeneko inguruabarrak dituenean; halakoetan, herritar-agiria ematen zaio, diskrezionalitatez. Horren guztiaren haritik, legeak, jatorri espainiarreko sefardiengan pausaturik begiak, orain dio ezen, jatorri espainiarreko sefardia izate hori eta Espainiarekiko lotura berezia frogatzen direnean, betetzen direla Kode Zibileko 21. mendeko salbuespenezko egoerak. Eta izate hori arrazoitzeko aintzat hartu beharreko betekizunak eta baldintzak ere zehazten ditu. Hala, diaspora sefardiko komunitateen zilegizko gurari bat
asetzen dugu, arbasoak atzerrira behartuak izan baitzituzten. Eskatzen ditugun agirien artetik, bada bat bereziki garrantzitsua, Espainiako Komunitate Judutarren Federazioak emandako egiaztagiria. Hala behar zuen, gainera, Estatuarekiko Lankidetza Hitzarmenak dioenaren arabera (azaroaren 10eko 25/1992 Lege bidez onartu zen) .
Baina bada beste gauza bat ere egin beharrekoa, horren guztiaren osagarri; alegia, Kode Zibileko 23. artikulua erreformatzea, Espainiako nazionalitatea lortzeagatik ez diezaioten uko egin behar izan aurretiaz zeukatenari. Orain arte, bi urteko erresidentziaz nazionalitatea ematen zaienen artetik, beste inori ez zaio uko egin behar hori eskatzen, sefardiei besterik ez.
Lege honek, azken batean, topaleku izan nahi du, gaur egungo espainiarren eta 1492az geroztik bidegabeki kanporatu zituzten haien oinordekoen artean; biek erabaki dute elkarbizitzarako eta adiskidetasunerako leku berri bat sortzea elkarrekin, garai bateko intolerantziaren aurrean, Espainiatik egotzi zituzten komunitateei antzinako beren herrialdeko ateak behin betiko zabaltzeko; eta erabaki hori da lege honen arrazoia.
IV
Egituraz, arauak bi artikulu ditu, lau xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat eta sei azken xedapen.
1. artikulua. Espainiar jatorriko sefardiei Espainiako nazionalitatea ematea, herritar-agiri bidez.
1.a Kode Zibileko 21. artikuluko 1. zenbakian aurreikusita dagoenaren ondorioetarako, hau da, Espainiako nazionalitatea herritar-agiri bidez lortzeko eskatzen diren salbuespenezko gorabeherak direla-eta, ulertuko da espainiar jatorriko sefardiek gorabehera horiek betetzen dituztela baldin eta izate hori eta Espainiarekiko lotura berezi bat frogatzen badituzte, baita gure herrialdean legezko bizilekurik ez izan arren ere.
2.a Espainiar jatorriko sefardiak direla egiaztatzeko, frogabide hauek baliatuko dira, eta denak batera balioetsiko dira:
a) Espainiako Komunitate Judutarren Federazioko Batzorde Iraunkorreko lehendakariak emandako egiaztagiria.
b) Interesduna bizi den inguruko edo jaio zen hiriko komunitate judutarraren lehendakariak edo pareko kargudunak emandako egiaztagiria.
c) Errabino-agintaritza eskudunaren egiaztagiria. Eskari-egilea bizi ohi den herrialdean legez aitorturik egon behar du agintaritza horrek.
Interesdunak, nahi badu, Espainiako Komunitate Judutarren Federazioko Batzorde Iraunkorreko lehendakariaren beste egiaztagiri bat ere ekar dezake, agiri-emaileak benetako agintea duela baieztatzeko. Beste aukera bat: b) eta c) letretan aipatzen diren agiriak egokiak direla egiaztatzeko, eskari-egileak zer ekarri behar duen:
1.a Atzerriko erakunde erlijiosoaren jatorrizko estatutuen kopia.
2.a Atzerriko erakundearen egiaztagiria, eta, bertan, legezko ordezkari izendatu direnen izen-abizenak.
3.a Egiaztagiri edo agiri bat, egiaztatzen duena atzerriko erakundea legez onarturik dagoela jatorriko herrialdean.
4.a Erakundearen legezko ordezkariak emandako egiaztagiria, egiaztatzen duena, estatutuetan dituzten arauetan ezarritako baldintzen arabera, errabino sinatzailea gaur egun ere benetan hala dela.
Aurreko lerrokadetan aipatu ditugun agiriak, gainera –bat izan ezik, alegia, Espainiako Komunitate Judutarren Federazioko Batzorde Iraunkorreko lehendakariak emandakoa izan ezik–, behar bezala baimenduta eta zinpeko itzultzaile batek gaztelaniara itzulita egon beharko dira, eta Hagako apostila edo dena delako legeztatze-zigilua eduki beharko dute.
d) Etxean ladinoa edo «haketia» erabiltzen dutela egiaztatzea, edo, beste zantzuren batzuk erabiliz, tradizioz komunitate horretakoak direla erakustea.
e) Jaiotza-agiria, edo «ketubah» edo ezkontza-agiria, Gaztelako ohituren arabera ezkondu izana jasotzen duena.
f) Txosten arrazoitu batean, egiaztatu behar da interesdunaren abizenak jatorri espainiarreko sefardi-askazikoak direla. Nahikoa gaitasuna duen erakunderen batek eman beharko du.
g) Jatorri espainiarreko sefardia dela egiatan erakusteko beste edozein gorabehera.
3.a Espainiarekiko lotura berezia egiaztatzeko, frogabide hauek baliatuko dira, eta denak batera balioetsiko dira:
a) Espainiar historiako eta kulturako ikasketa-agiria, erakunde ofizialek edo aitorpen ofiziala duten erakunde pribatuek emana.
b) Ladinoa edo «haketia» badakitela egiaztatzea.
c) Eskari-egilea edo haren zuzeneko arbasoak bi zerrenda hauetakoren batean egotea: 1948ko abenduaren 29ko Lege Dekretuak dakarren sefardi familien zerrenda, Espainiaren babespean zeudenak, Greziari eta Egiptori dagokionean; edo bertakotzea 1924ko abenduaren 20ko Errege Dekretuaren bide berezitik lortu zutenen zerrenda.
d) Eskari-egilea c) letra horretan aipatzen den nor edo noren odol-ahaidea da.
e) Ongintzako, kultura-arloko edo ekonomia-arloko jarduerak egitea pertsona edo erakunde espainiarren alde edo Espainiako lurrean, edo kultura sefardia aztertzeko, zaintzeko eta zabaltzeko erakundeei laguntzeko egindako jarduerak.
f) Espainiarekin lotura berezia duela egiatan erakusteko beste edozein gorabehera.
4.a Jaiotza-agiria beti aurkeztu beharko da, behar bezala legeztaturik edo apostila jarririk, eta, beharrezkoa bada, itzulita.
5.a Espainiarekin lotura berezia duela egiaztatzeko, bi proba gainditu beharko ditu.
Lehenengo proban, gaztelaniaren oinarrizko ezaguera egiaztatu beharko du, hau da, Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko A2 edo gehiago (Europako Kontseiluak onartu du marko hori) . Nola? A2 mailako edo gehiagoko DELE diploma lortzeko azterketa gaindituz (DELE: gaztelania, atzerriko hizkuntza modura) .
Bigarren proban, berriz, bi gauza hauek zenbateraino ezagutzen dituen baloratuko da: Espainiako Konstituzioa eta Espainiako gizartearen eta kulturaren errealitatea.
Cervantes Institutuak diseinatuko eta administratuko ditu proba horiek. Baldintzak erregelamendu bidez zehaztuko dira.
Eskari-egilearen herrialdean edo lurraldean espainiera hizkuntza ofiziala baldin bada –hango nazionalitatea beharko du izan–, ez du espainierako proba egin beharrik izango, baina bai Konstituzioari eta gizarteari eta kulturari buruzkoa.
Hemezortzi urte baino gehiagokoek eta gaitasuna epai bidez aldatu gabea dutenek soilik egin beharko dituzte DELE azterketa eta Espainiako Konstituzioari eta Espainiako gizarteari eta kulturari buruzko proba. Adingabeak eta gaitasuna epai bidez aldatua dutenak salbuetsita daude, baina zentroren batean inskribaturik egon badira, hango egiaztagiria ekarri beharko dute; zentroa izan daiteke prestakuntzakoa, bizitzekoa, harrerakoa, arretakoa edo hezkuntza berezikoa.
2. artikulua. Prozedura.
1.a Nazionalitatea emateko, prozedura elektronikoa arautzen da lege honetan. Eskaria gaztelaniaz egin behar da, eta Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio. Eskari-egileari zenbaki bat emango zaio, egin duen eskaria identifikatzeko.
2.a Eskaria Notariotzaren Kontseilu Nagusira bidaliko da, telematikoki. Kontseilu horrek bi gauza egingo ditu –berak zehaztuko du zein modutara–: eskariari bide eman, interesdunak adierazi dituen lehentasunak kontuan edukiz; eta ekarritako agiriak baloratzeko eskumena zein notariok daukan zehaztu.
3.a Agiriak azterturik, ikusten baldin bada, hasiera batean behintzat, eskari egileak arrazoitu duela jatorri espainiarreko sefardia dela eta Espainiarekin lotura berezia duela, notarioak haren agerraldia hitzartuko du. Agerraldiaren akta egin beharra dago. Akta horri erantsita utzi beharko dira interesdunak ekarri dituen jatorrizko froga-agiriak (aurreko artikuluan jartzen du zeintzuk) , beharrezkoa baldin bada behar bezala itzulita; eta, eskariegilea adin nagusikoa bada, baita aurrekari penalen egiaztagiriak ere: jatorrizko herrialdekoa eta eskaria egin baino aurre-aurreko bost urteetan bizi izan den herrialdeetakoak. Agiri horiek denak behar bezala baimendurik eta apostilaturik* edo legeztaturik aurkeztu behar dira, eta, behar izanez gero, itzulita (zinpeko itzulpena) . Eskariegileak, agerraldian, notario baimen-emaileari ziurtatu behar dio, bere erantzukizunpean, nazionalizatzea eskatzeko oinarri diren egitateak egiazkoak direla. Berak egin dezake edo legezko ordezkaria bidali.
Notarioak, interesdunaren agerraldia egin, aurkeztu dizkioten frogagiri guztiak aztertu, eta erabaki beharko du ea ondo arrazoituta dauden jatorri espainiarreko sefardi izate hori eta Espainiarekiko lotura berezi hori. Aldi berean, 1. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen diren iritzikoa den edo ez azaldu beharko du, eta akta bidez azaldu ere.
Akta horrek Notario Erregelamenduan xedaturik dagoena bete beharko du, berezitasun hauekin:
a) Tresna berbera erabili beharko da akta izapidetzeko errekerimendua egiteko eta 1. artikuluko baldintzak betetzeari buruzko notario-adierazpena egiteko. Tresna hori protokolora erantsi beharko da, hasierako errekerimenduaren datarekin eta haren zenbaki pean.
b) Notarioak, 1. artikuluan aurreikusitako frogagirien artetik baloratu beharrekoak baloratu, eta, ekarri dizkioten agiriak ikusita eta eskari-egilearen deklarazioa entzunda, erabaki beharko du, eta jasota utzi, ea bere iritziz legezko baldintzak betetzen dituen edo ez.
c) Gero, baimendu egin beharko da, eta notarioak, orduan, aktaren kopia elektronikoa Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusira bidali beharko du, telematikoki. Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak zehaztuko du, ebazpen bidez, zein formatu uniforme erabili horretarako.
4.a Nabaritasun-akta heltzen zaionean –egiaztatutako gertakarien fede ematen baitu–, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak bi txosten eskatu beharko ditu, derrigor: bata Barne Ministerioko dagokion organoari eta bestea Lehendakaritzako Ministerioko dagokion organoari. Gero, ebazpen arrazoitua hartu beharko du, eta, hala egin behar bada, eskaria onartu.
5.a Hartzen duen ebazpena nahikoa titulu izango da Erregistro Zibilean egin beharreko inskripzioa egiteko, baina beste baldintza bat bete ondoren: Erregeari leialtasuna eta konstituzioari nahiz legeei obedientzia zin egitea edo hitz ematea, hala baitio Kode Zibileko 23. artikuluko a) letran; eta hurrengo paragrafokoak ere bete beharko ditu. Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpenaren kopia bat, ofizioz, jaiotza inskribatzeko eskumena duen erregistro zibileko arduradunari bidaliko dio.
6.a Naziotasuna emateko ebazpena eraginkorra izatekotan, ordea, ebazpen hori interesdunari jakinarazten zaion biharamunetik aurrera urtebeteko epean, hark honako baldintza hauek bete beharra izango du, helbidearen arabera eskumenez dagokion erregistro zibilean:
a) Inskripzioa eskatzea.
b) Aurrekari penalik ez duela egiaztatzeko beste agiri bat ekartzea. Indarrean egon beharko du, legeztatua edo apostilatua eta, beharrezkoa bada, itzulita.
c) Erregeari leialtasuna eta konstituzioari nahiz legeei obedientzia zin egin edo hitz eman beharra dela-eta, egin beharreko adierazpen legez egokiak egitea erregistro zibileko arduradunaren aurrean.
Interesdunak ez baldin baditu baldintza horiek garaiz, jarritako epean, betetzen, prozedura iraungita geratuko da.
Lehenengo xedapen gehigarria. Epeak.
1.a Lege hau indarrean sartzen denetik, interesdunek hiru urte dute eskaria formalizatzeko. Epe hori beste urtebetez luza daiteke, Ministro Kontseiluaren akordio bidez.
2.a Espainiako nazionalitatea eskatzeko eskariok, lege honetan arauturik daudenak alegia, gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko dira. Noiztik zenbatzen hasita? Espedientea eta 2. artikuluko 4. zenbakian aurreikusitako txostenak Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusian sartzen direnetik.
3.a Epe hori amaiturik, oraindik ez baldin bada berariazko ebazpenik hartu, ulertu beharko da eskaria ezetsi egin dela, administrazio-isiltasuna dela-eta.
Bigarren xedapen gehigarria. Prozedura elektronikoa eta espedienteak izapidetzeko tasa.
1.a Espainiako nazionalitatea bizi-denboragatik, herritar-agiriagatik edo dispentsagatik lortzeko prozeduretan, izapidetze-prozedura elektronikoa Justizia Ministerioak arautuko du.
2.a Espainiako nazionalitatea herritar-agiriagatik eskatzen den prozeduretan –lege honetan xehatuta dagoenaz ari gara–, 100 euroko tasa ordaindu beharko da, eskari bakoitzaren administrazio-tramitazioagatik. Espainiako nazionalitatea lortzeko prozedura hasteko eskaria da tasaren zerga-egitatea, eta eskari-egileak ordaindu beharko du, prozedura edonola amaitzen dela ere.
Justizia Ministerioari dagokio tasa kudeatzea. Hark arautuko du nola ordaindu behar den.
Hirugarren xedapen gehigarria. Salbuespenezko egoerak eta arrazoi humanitarioak.
Lehen xedapen gehigarriko 1. zenbakiko epea amaitu izanagatik, salbuespenezko egoerarik edo arrazoi humanitariorik egiaztatzen bada, sefardiek Espainiako naziotasuna eskatu ahal izango dute. Lege honetako baldintzak bete beharko dituzte eta lege honetako prozedurari atxikita egin. Halakoetan, Ministro Kontseiluak erabakiko du eman edo ez, Justizia Ministerioaren proposamenez.
Laugarren xedapen gehigarria. Erregistro Zibilean inskribatzea.
Espainiarekiko lotura berezia egiaztatu duten sefardi espainiar jatorrikoei herritar-agiri bidez ematen zaienean Espainiako nazionalitatea, lege honetan xedatutakoaren arabera, jaiotza inskribatzeko eskumena duen erregistro zibileko arduradunak izango du Erregistro Zibilean egin behar diren inskripzioak egiteko eskumena.
Xedapen iragankor bakarra. Aldi berean prozedura bat baino gehiago.
1.a Baliteke nor edo nor, lege honetako baldintzak betetzen dituela-eta, lege honen aplikazio-eremu subjektiboan egotea, baina, herritar-agiria bitarteko, prozedura arrunta eta bana-banakoa erabiliz, Espainiako nazionalitatea lege hau indarrean sartu baino lehenagotik edukitzea eskatuta eta oraindik ebazpenaren jakinarazpena jaso gabe egotea; halakoetan, bere espedientea lege honetan arauturiko prozeduraren arabera tramitatzen jarraitzeko aukera dezake. Horretarako, eskaria berariaz egin beharko du, eta, bigarren artikuluan eskatzen diren agirien artetik, oraindik ekarri ez dituenak aurkezteko ardura hartu beharko du.
2.a Aukera hori bigarren xedapen gehigarrian zehaztu den plataforma elektronikoa erabiliz baliatu beharko da, lehen xedapen gehigarriko 1. zenbakian zehazturiko epean. Aukeraketa hori eginik, herritar-agiri bidezko nazionalitate-espedientea, lehenagotik irekita zegoena, lege honetako aurreikuspen substantibo eta prozedurazkoak betez jarraituko da tramitatzen. Halakoetan, interesdunak bere esku izango du espedientera ekarriak zituen agiriak bana ditzan eskatzea Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari, orain
nabaritasun-aktara atxiki daitezen (bere kasa edo pertsona baimendu bidez egin dezake eskaria) ; bere esku izango du orobat, bere kasa edo pertsona baimendu bidez, 2. artikuluan eskatzen diren agiri guztien artetik lehenagotik zein ekarri ez dituen ikusi, eta espedientea haiekin osatzea; edo, beharrezkoa bada, notario-akta berri bat ematea. Galdegindako agiri eta txostenak jasotzen diren hurrenkeran tramitatuko dira eskari guztiak, baita aukera hori galdatzeko eskaria ere.
Azken xedapenetatik lehena. Kode Zibila aldatzea.
Kode Zibileko 23. artikulua honela idatzita geratuko da:
«23. artikulua.
Aukeraren bidez, herritartze-agiriaren bidez edo bizilekua izatearen bidez, Espainiako naziokotasuna eskuratu eta eskuraketa hori baliozkoa izan dadin, baldintza erkide hauek bete behar dira:
a) Hamalau urtekoa baino nagusiagoa izan eta bere kabuz adierazpena egiteko gaitasuna duenak zin egin edo hitzeman behar du Erregeari fideltasuna diola, eta Konstituzio eta legeei, obedientzia.
b) Pertsona berberak adierazi behar du aurretiazko naziokotasunari uko egiten diola. Betekizun horretatik salbuetsita geratzen dira 24. artikuluaren 1. zenbakian aipatutako herrietakoak eta espainiar jatorriko sefardiak.
c) Eskuraketa Espainiako Erregistro Zibilean inskribatu behar da.»
Azken xedapenetatik bigarrena. Desgaitasunik duten pertsonen eskubideei eta haiek gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina aldatzea (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartu zen) .
Beste xedapen gehigarri bat erantsi diogu, hamabigarrena, Desgaitasunik duten pertsonen eskubideei eta haiek gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginari (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartu zen) . Honela dio:
«Hamabigarren xedapen gehigarria. Espainiako nazionalitatea berdintasunbaldintzetan eskuratzea.
Desgaitasunak dituztenek Espainiako nazionalitatea berdintasun-baldintzetan eskuratuko dute. Araurik bat ere baldin badago, desgaitasunak direla-eta, zuzenean edo zeharka, nazionalitatea bizi-denboragatik eskuratzeko orduan nor edo nor baztertzen duena, deuseza izango da. Espainiako nazionalitatea eskuratzeko prozeduretan, desgaitasunak dituztenek, beharrezkoa baldin badute, berdintasunbermea eraginkorra izateko behar diren laguntza eta doiketa arrazoizkoak izango dituzte.»
Azken xedapenetatik hirugarrena. Ordeztailetasuna.
Lege honetan aurreikusita dagoen guztirako, ordezko gisa, Erregistro Zibilari buruzko uztailaren 21eko 20/2011 Legean xedaturik dagoena aplikatuko da, eta, hark balio ez badu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (azaroaren 26koa, 30/1992) eta ekainaren 22ko 11/2007 Legea, Herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzkoa.
Azken xedapenetatik laugarrena. Gaikuntza.
Justizia Ministerioa gaitzen dugu, lege honetan ezarritakoa exekutatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken xedapenetatik bosgarrena. Eskumen-titulua.
Nazionalitateari dagokionean, lege hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.2 artikuluaren babesean eman da.
Azken xedapenetatik seigarrena. Indarrean jartzea.
Lege hau 2015eko urriaren 1ean jarriko da indarrean.
Horrenbestez,
Lege organiko hau bete eta betearaz dezaten agintzen diet Espainiako herritar eta agintari guztiei.
Madrilen, 2015eko ekainaren 24an.
FELIPE E.
Gobernuko presidentea,
MARIANO RAJOY BREY
w.boe.es |
BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO |
D. L.: M-1/1958 ISSN: 02 |
|
|
|