Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

Ebazpena, 2015eko abenduaren 14koa, Segurtasun Saileko Trafikoko Zuzendaritzarena, 2016. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko trafikoa arautuko duten neurri bereziak ezartzeko dena

2015-12-14

Erakundea: Euskal Autonomia Erkidegoa

Argitalpena: EHAA, 2015/12/24, 245. zk. eta EAO, 2015/12/24, 307. zk.

EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA

2015eko abenduaren 24a, 245. zenbakia

 

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA

5426

EBAZPENA, 2015eko abenduaren 14koa, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariarena, 2016. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko trafikoa arautuko duten neurri bereziak ezartzeko dena.

Martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Trafikoari, Motordun ibilgailuen zirkulazioari eta Bide segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuaren 16. artikuluan azaltzen denez, trafiko arloko agintaritzari eman zaio trafikoa erregulatzeko neurri bereziak hartzeko ahalmena, segurtasuna edo zirkulazioaren arintasuna bermatzeko kariak gertatzen direnean. Zirkulazio Araudi Orokorrari buruzko azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren 37. eta 39. artikuluetan, besteak beste, neurri horietako batzuk zehazten dira eta berauek hartzeko prozedura arautzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) eremuan, Trafikoko zuzendariari dagokio arestion aipatu diren neurriak hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoari ibilgailuen trafiko eta zirkulazioari buruzko estatu-legeriaren betearazpena transferitu dion urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuaren eranskinaren B.1.g) idatzi-zatian eta Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezarri duen apirilaren 6ko 194/2013 Dekretuaren 16.3.e) artikuluan xedaturik dagoenarekin bat etorriz.

Ebazpen honen bidez trafikoa arautzeko neurri bereziak ezarri nahi dira, hainbat ibilgailu edo ibilgailu-multzotarako, bide-segurtasunari, mugikortasunari eta zirkulazioaren arintasunari eragiten dioten egun zehatzetan. Egun horiek aukeratu dira hainbat faktore kontuan hartuz, esaterako EAEko jaiegunen egutegia, asteburuak, urtealdien araberako oporren hasiera edo amaierako epealdiak, zubiak edo zirkulazioaren baldintzetan eragina izan dezaketen bestelako inguruabarrak.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zirkulazio murrizketak.

EAEn ondoren zerrendatuko diren zirkulazio murrizketak ezarri dira 2016. urterako:

1.– Kirol-probak, txirrindularien lasterketak eta bestelako gertakariak.

Azaroaren 21ean 1428/2003 Errege Dekretuak onartutako Zirkulazioari buruzko Araudi Orokorreko 55. artikuluak eta Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren II. eranskinak xedatzen duenaren arabera, Trafikoko Lurralde Zerbitzuetako arduradunek ez dute inolako kirol-probarik baimenduko (norgehiagokakoa izan ala ez izan) ezta horien aldeko iritzirik emango ere, baldin eta kirol-proba horiek ebazpen honen I. eranskinean zehaztutako egunetan eta orduetan egitekoak badira, eta horiek egiteko herri barruko galtzadak eta bazterbideak bete behar badituzte.

Salbuespen gisa, baimendu ahal izango dira nazioarteko mailakoak eta Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (TNB) edo nazioz gaindiko antzeko erakundeek antolatzen dituztenak; era berean, baimendu ahal izango dira bi baldintza hauek betetzen dituztenak: irteerako edo itzulerako operazioengatik ibilgailu-intentsitate handia duten bideei ez eragitea eta, bestetik, probara bertaratzeko nahiko agente egotea.

2.– Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak.

2.1.– Debekatuta dago EAEko bide publiko guztietan, edozein norabidetan, ondoko egun eta orduetan, arriskuaz ohartarazteko arauzko panel laranjak eduki behar dituzten ibilgailuak ibiltzea, Salgai Arriskutsuen Errepidezko Garraioari buruzko Europako Akordioaren (ADR) arabera:

– Igandeetan eta Euskal Autonomia Erkidego osoan jaiegun diren egunetan, goizeko 08:00etatik gaueko 24:00ak arte; aipatutako jaiegun horien bezperetan, larunbatak ez badira, eguerdiko 13:00etatik gaueko 24:00ak arte.

– uztailaren 31, 08:00etatik 24:00etara.

Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten 7.500 Kg-tik gorako BGM duten ibilgailuei, atal honetan ezarritako murrizketez gain, edozein salgai garraiatzen duen 7.500 Kg-tik gorako BGM duten ibilgailuei buruzko ebazpen honen hirugarren murrizketak dituenak ere aplikatuko zaizkie.

2.2.– Aurreko puntuan ezarritako debekuetatik salbu daude ebazpen honen III. eranskinean jasotzen diren salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuak, bertan xedatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Aurreko puntuan ezarritako debekuak ez dira aplikatuko salgai arriskutsuen garraioa ADRn jasotako salbuespenetakoren baten arabera egiten denean, eta salbuespenaren arrazoia zama mota, kopuru mugatua edo garraio mota direnean.

2.3.– Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek egin beharreko ibilbideak. Espainiar lurraldeko errepideetatik gauzatutako salgai arriskutsuen garraioak arautzen dituen otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuaren 5. artikuluaren arabera, eta Salgai Arriskutsuen Errepidez Garraiatzeari buruzko Europar Hitzarmen, ADR delakoren arabera salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek ondoko ibilbide hauek erabili beharko dituzte:

A) Banaketarako joan-etorriak: Salgai arriskutsuak erabiltzaileei edo kontsumitzaileei banatzeko egiten diren joan-etorrietan, ibilbiderik egokiena erabiliko da, bide-segurtasunari eta trafikoaren arintasunari dagokienez. Errepide arruntetan zehar ahalik eta distantziarik laburrena egingo da salgaia eman behar den lekuraino.

Biztanle-guneetatik kanpo ingurabiderik, saihesbiderik edo biribilgunerik badago, derrigor erabili beharko ditu. Horrelako aukera bat baino gehiago izatekotan, biztanle-gunetik urrutien dagoena erabili beharko da. Hirigunean zama-lanak egiteko soilik sar daiteke, eta betiere, salgaiak emateko lekutik hurbilen dagoen sarrera erabiliz, ezinbestekoren bat gertatu ezik.

B) Bestelako joan-etorriak: Joan-etorriaren jatorria eta helmuga Salgai Arriskutsuen Ibilbideen Sarearen –SAIS– barruan badaude (ebazpen honen V. eranskinean dago), salgai arriskutsuak daramatzaten ibilgailuek derrigor erabili beharko dituzte euren ibilbidean.

Joan-etorriaren jatorria edo helmuga (edo biak) SAISetik kanpo badaude, sare horretan hurbilen dagoen sarreratik sartzen uzten duten errepide arruntetatik egin beharko dira joan-etorriak, galtzada bakarreko bideetan egiten den ibilbidea ahalik eta laburrena izatea bermatze aldera. Arrazoi berbera dela bide, salgaien helmugatik hurbilen dagoen irteera erabiliko da SAISetik irteteko.

SAISetik kanpo dauden ibilbide-zatietan biztanle-guneetatik kanpo ingurabiderik, saihesbiderik edo biribilgunerik badago, derrigor erabili beharko ditu. Horrelako aukera bat baino gehiago izatekotan, biztanle-gunetik urrutien dagoena erabili beharko da. Hirigunean zama-lanak egiteko soilik sar daiteke, eta betiere, salgaiak eman behar diren lekutik hurbilen dagoen sarrera erabiliz, ezinbestekoren bat gertatu ezik.

Hemen aipatu diren bideez bestelakoetan ibiltzeko, baimen berezia beharko da, ebazpen honen 3. idatzi-zatian xedatutakoarekin bat etorriz emango dena.

SAISetik irten daiteke gidariaren ohiko bizilekura edo handik egindako joan-etorrietan, eguneroko edo asteroko atsedenaldiak egiteko edo egitetik, eta ibilgailua konpontzeko edo mantentzeko lanetarako, betiere ADRn zehaztutako aparkatze-baldintzak betetzen badira. SAIS uzten den kasu hauetan, gidariaren helmuga den tokitik hurbilen dagoen irteeratik irtengo da.

2.4.– Aurreko puntuan xedatutakoa ez da aplikatuko baldin eta, zama mota, kopuru mugatua edo garraio mota dela-eta, salgai arriskutsuen garraioa ADRn jasotako salbuespenetakoren baten arabera egiten bada.

3.– Salgaiak garraiatzen dituzten 7.500 Kg-tik gorako BGM duten ibilgailuak.

3.1.– Debekatuta dago 7.500 kg baino gehiagoko BGMko ibilgailuak ibiltzea, EAEko bide publikoetan, II. eranskinean jasotzen diren egun eta orduetan.

3.2.– Aurreko debekua ez zaio aplikatuko ebazpen honen IV. eranskinean jasotzen diren salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuak ibiltzeari.

4.– Euren ezaugarri teknikoak edo zamaren ezaugarriak direla-eta, zirkulatzeko baimen osagarria behar duten ibilgailuak eta baimen osagarria behar ez duten ibilgailu bereziak.

4.1.– Debekaturik izango dute bide publikoetatik zirkulatzea, ondoren adieraziko diren egun eta orduetan, zirkulatzeko baimen osagarria behar duten ibilgailuek, beren ezaugarri teknikoak edo garraiatutako zama direla-eta, legez ezarritako gehieneko masak edo neurriak gainditzeagatik (abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak onartutako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren 14. artikulua).

– Larunbatetan, 13:00etatik 24:00etara, eta igandeetan, 00:00etatik 24:00etara,

– Euskadiko Autonomia Erkidego osoan jaiegun diren egunetan, 00:00etatik 24:00etara, eta jaiegun horien bezperetan, 13:00etatik 24:00etara, eta

– uztailaren 31n, 08:00etatik 24:00etara.

4.2.– Obra eta zerbitzuetako edo nekazaritza-makineriako ibilgailu bereziei, zirkulatzeko baimen osagarria izanda edo izan gabe, ebazpen honen II. eranskinean jasotako murrizketak aplikatuko zaizkie.

4.3.– Hala ere, murrizketok ez zaizkie aplikatuko IV. eranskinean aipatzen diren gaiak garraiatzen edo eginkizunak burutzen dituzten ibilgailuei.

5.– Murrizketa osagarriak.

5.1.– Ibilgailuei buruzko Araudi Orokorreko 37. eta 39. artikuluetan ezarritakoaren arabera, ezusteko kasuetan edo aparteko gorabeherak izan direnean, zirkulazioa seguruagoa edo arinagoa izateko beharrezkoa denean, trafikoaren zaintzaz eta diziplinaz arduratzen den agintaritzaren agenteek zehaztuko dituzte murrizketok behar den denbora guztirako, eta, horretarako, beharrezko erabakiak hartuko dituzte.

5.2.– Gainera, eguraldi txarra dagoenean (elurra, izotza, ikuspen eskasa behe-lainoak direla-eta, edo haize bortitza...) 3.500 kilo baino gehiagoko BGM duten kamioiak, autobusak, autobus artikulatuak eta ibilgailu-taldeak bideko eskuineko erreitik joan behar dira nahitaez. Ezin izango dituzte aurreratu ezta aurrea hartu ere abiadura txikiagoan zirkulatzen duten ibilgailuak, aurreko paragrafoan aipatutako 37. eta 39. artikuluetan adierazitakoaren arabera.

Bigarrena.– Salbuespenak.

Zerbitzu bat nahitaez egin beharra dagoela behar bezala justifikatuta dagoenean, aldi baterako edo bidaia bakarra egiteko baimen bereziak eman ahalko dira, ebazpen honetan murriztutako egunetan eta aldietan zirkulatzeko, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren 39.5 artikuluak xedatutakoaren arabera.

Baimen berezi hauetan matrikula, ibilgailuaren ezaugarri nagusienak, garraiatutako salgaia, ukitutako bideak eta garraioaren baldintzak agertuko dira.

Hirugarrena.– Baimen bereziak.

Trafikoko Lurralde Bulegoetako arduradunei dagokie, Trafikoko zuzendariak eskuordeturik, lehenengo eta bigarren artikuluetan aurreikusitako baimen bereziak ematearekin zerikusia duten ahalmenez baliatzea.

Laugarrena.– Zehapenak eta zuhurtasunezko neurriak.

Ebazpen honetan dauden arautzeko neurriak ez betetzea zehatu egingo da, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuan xedatutakoaren arabera.

Era berean, trafikoaren zaintzaz eta diziplinaz arduratzen diren agenteek ibilgailua ibilgetzeko neurri osagarria ezar dezakete, zirkulazioa arriskutsua denean edo zirkulazioari oztopo larriak sortzen badizkio. Gainera, beharrezkoa balitz errepidetik kendu edota gordailuan utziko dute, debekua amaitu arte edo berriz abiatzeko baimena eman arte, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuaren arabera.

Bosgarrena.– Zirkulazioaren murrizketak kentzea.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko Zuzendaritzak 1. artikuluko hirugarren murrizketan dauden ibilgailuen zirkulazioa baimendu dezake, ebazpen honetan ezarritako murrizketei dagozkien denboraldietan. Neurri hori salbuespenezko moduan hartuko da, zirkulazioaren baldintzak aintzakotzat hartuta, eta ondorioz, jarraibide egokiak emango zaizkio Ertzaintzari.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea eta indarraldia.

Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta zortzi egun baliodunetara jarriko da indarrean eta 2016. urte osoan indarraldia izango du. Dena den, indarraldia luzatuko da 2017. urterako trafikoa arautzeko neurri bereziak ezarriko dituen ebazpena indarrean sartu arte, I. eta II. eranskinetako data zehatzei dagozkien murrizketak izan ezik.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 14a.

Trafikoko zuzendaria,

GARBIÑE SÁEZ MOLINUEVO.

I. ERANSKINA

KIROL PROBAK, TXIRRINDULARIEN LASTERKETAK ETA BESTELAKO GERTAKARIAK

Hauteskunde-prozesuak, erreferendumak, plebiszituak edo bestelako edozein herri-kontsulta dauden egunetan, 00:00etatik 24:00etara, eta hurrengo egunetan:

Urtarrilak 5: 00:00etatik 24:00etara.

Urtarrilak 6: 15:00etatik 24:00etara.

Martxoak 24: 15:00etatik 24:00etara.

Martxoak 25: 00:00etatik 15:00etara.

Martxoak 28: 00:00etatik 24:00etara.

Apirilak 27: 15:00etatik 24:00etara. (Bakarrik Araban)

Apirilak 28: 00:00etatik 15:00etara. (Bakarrik Araban)

Maiatzak 1: 15:00etatik 24:00etara. (Bakarrik Araban)

Ekainak 30: 15:00etatik 24:00etara.

Uztailak 1: 00:00etatik 15:00etara.

Uztailak 4: 15:00etatik 24:00etara. (Bakarrik Bizkaian)

Uztailak 22: 15:00etatik 24:00etara.

Uztailak 23: 00:00etatik 15:00etara. (Araban eta Gipuzkoan)

Uztailak 24: 00:00etatik 24:00etara. (Araban eta Gipuzkoan)

Uztailak 24: 15:00etatik 24:00etara. (Bakarrik Bizkaian)

Uztailak 25: 15:00etatik 24:00etara. (Bakarrik Gipuzkoan)

Uztailak 29: 15:00etatik 24:00etara.

Uztailak 30: 00:00etatik 15:00etara.

Uztailak 31: 00:00etatik 24:00etara.

Abuztuak 1: 00:00etatik 24:00etara. (Araban eta Gipuzkoan)

Abuztuak 12: 15:00etatik 24:00etara.

Abuztuak 13: 00:00etatik 15:00etara.

Abuztuak 15: 00:00etatik 24:00etara.

Abuztuak 20: 00:00etatik 24:00etara. (Bakarrik Araban)

Abuztuak 26: 15:00etatik 24:00etara.

Abuztuak 27: 00:00etatik 24:00etara. (Araban eta Gipuzkoan)

Abuztuak 28: 00:00etatik 24:00etara. (Araban eta Gipuzkoan)

Abuztuak 28: 15:00etatik 24:00etara. (Bakarrik Bizkaian)

Abuztuak 31: 00:00etatik 24:00etara.

Irailak 8: 15:00etatik 24:00etara. (Bakarrik Gipuzkoan)

Irailak 9: 00:00etatik 15:00etara. (Bakarrik Gipuzkoan)

Irailak 11: 15:00etatik 24:00etara. (Bakarrik Gipuzkoan)

Urriak 6: 15:00etatik 24:00etara.

Urriak 7: 00:00etatik 15:00etara. (Bakarrik Gipuzkoan)

Urriak 9: 15:00etatik 24:00etara.

Urriak 28: 15:00etatik 24:00etara.

Urriak 29: 00:00etatik 15:00etara. (Bakarrik Gipuzkoan)

Azaroak 1: 15:00etatik 24:00etara.

Abenduak 2: 15:00etatik 24:00etara.

Abenduak 3: 00:00etatik 15:00etara.

Abenduak 6: 15:00etatik 24:00etara.

Abenduak 24: 00:00etatik 24:00etara.

Abenduak 25: 00:00etatik 24:00etara.

Abenduak 31: 00:00etatik 24:00etara.

2017ko urtarrilaren 1: 00:00etatik 24:00etara.

 
EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA
www.euskadi.net

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra