9/2007 Legea, ekainaren 29koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzekoa.
2007-06-29Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2007/7/20, 140. zk.; EAO, 2011/10/26, 258. zk.
§ 292. 9/2007
LEGEA, EKAINAREN 29KOA, KONTSUMOBIDE-KONTSUMOKO EUSKAL INSTITUTUA SORTZEKOA
ZIOEN ADIERAZPENA
Espainiako
Konstituzioaren 149.3 artikuluak agintzen du Konstituzioak espresuki Estatuari
esleitzen ez dizkion gaiak autonomia-erkidegoei egokitu dakizkiekeela,
bakoitzaren estatutuaren arabera.
Bestalde,
Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.28 artikuluan ezarritakoaren arabera,
Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du kontsumitzaileen eta
erabiltzaileen defentsan.
Kontsumitzaileen
eta Erabiltzaileen Estatutua Onesten duen 6/2003 Legea da gure Autonomia
Erkidegoko lege-esparrua kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsan,
segurtasunean, osasunean eta interes ekonomikoetan eragina duten alderdi
guztiak arautzeko.
Kontsumitzaileak
aldezteak eta babesteak gero eta gehiago eskatzen du tresna bizi eta
eraginkorrak edukitzea, beharrizanei berehalako erantzuna eman ahal izateko
eta, oso bereziki, gatazken konponbidean eta prebentzioan jardun ahal izateko.
Kontsumobide-Kontsumoko
Euskal Institutua sortzeak erantzuna ematen die herritarrek beren transakzio
ekonomikoetan babes handiagoa edukitzeko egindako eskaerei, zeren produktu eta
zerbitzuen erosketak kontsumitzaile eta erabiltzaileei gero eta informazio,
prestakuntza eta babes handiagoa ematea galdegiten baitu. Alde horretatik,
erakunde autonomo hori sortzeak indartu egiten ditu kontsumitzaile eta
erabiltzaileei kontsumitzeko orduan sortzen zaizkien gatazkei dagokienez
aholkuak eta konponbideak emateko gaitasunak eta ahalmenak, era horretako
eskaerak gero eta handiagoak baitira gizartean.
Kontsumobide-Kontsumoko
Euskal Institutua sortzearekin, handitu egingo da Eusko Jaurlaritzan Autonomia
Erkidegoko kontsumo-politika planifikatzeko eta egikaritzeko ardura duen
atalaren autonomia, indartu egingo baitira hala atal horren jokaera-ahalmena
nola atalaren autoantolaketarako aukerak, berezko nortasun juridikoa eta
jarduteko gaitasun osoa emanez. Horren ondorioa da ezen bai Eusko
Jaurlaritzaren aldetik bai gizartearen aldetik argi eta garbi agertuko dela
Kontsumobideri dagokiola, erakunde gisa, kontsumitzaileei babesa, informazioa
eta prestakuntza orain baino intentsitate eta eraginkortasun handiagoarekin
emateko ardura.
Beste
alde batetik, kontsumoaren arloan jorratu beharreko gaien aniztasuna kontuan hartuta
(banka, telekomunikazioak, garraioa, etxez etxeko zerbitzuak, etxebizitza, era
guztietako produktuak, eta abar), komenigarria da Eusko Jaurlaritzaren
sailetatik urrun dagoen erakunde bat sortzea. Kontsumoaren gaia bere
zeharkakotasunagatik Administrazio autonomikoko sail guztiekin lotuta egoteak
justifikatu egiten du, gainera, sail horietatik independentea izatea; betiere,
ordea, erabat bermatuko da harreman-maila handiena duten sailekin koordinatzea,
sail horiei ordezkaritza emanez Kontsumoko Euskal Institutuaren Zuzendaritza
Kontseiluan.
Kontsumobide-Kontsumoko
Euskal Institutuak sarrera emango die bere gobernu-organo gorenean
(Zuzendaritza Kontseilua) produktu eta zerbitzuen eskuraketan parte hartzen
duten gizarte-eragile guztiei: inplikatutako administrazio publikoak,
kontsumitzaileen elkarteak, enpresariak, eta abar. Horrela jokatuta, posible egingo da institutuaren
baitan elkarrekin bizitzea kontsumo-politikaren ildo nagusiak planifikatzeko
dauden iritzi ezberdinak.
Azkenik,
beharrezkotzat jo da indargabetzea 6/2003 Legearen 67. artikulua, Euskadiko
Kontsumoko Koordinazio Batzordea sortzen duena Eusko Jaurlaritzako sailen
barne-koordinaziorako organoa izateko. Horren arrazoia da, lehen adierazi
denez, Kontsumobideren gobernu-organo gorenean lekua egin zaiela
kontsumitzaileak babesteko politiketan modurik zuzenean inplikatuta inplikatuta
dauden sailei.
1. Artikulua - Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua
sortzea
1. Honen bidez
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzen da, Jaurlaritzan kontsumoaren
arloko eskumena duen sailera atxikitako erakunde autonomo gisa.
2. Kontsumobide-Kontsumoko
Euskal Institutuak berezko nortasun juridikoa eta autonomia administratibo eta
ekonomikoa edukiko ditu, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere bere helburuak
betetze aldera.
3. Kontsumobide-Kontsumoko
Euskal Institutuak jarraitu beharreko arauak lege hau, legea garatuko duten
xedapenak eta ezargarri zaizkion Administrazio Zuzenbideko gainerako xedapenak
izango dira.
2. Artikulua - Kontsumobide-Kontsumoko Euskal
Institutuaren egoitza
1. Kontsumobide-Kontsumoko
Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusia dagoen hirian izango du
bere kokalekua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste zenbait herritan bulegoak
sortu eta bere jarduerak aurrera eraman ahal izango ditu.
2. Kontsumobide-Kontsumoko
Euskal Institutuak lurraldeen ikuspegitik deskontzentratu egin behar du bere
administrazio-jarduera, edo atxikita dagoen saileko lurralde-zerbitzuen bidez,
edo, bestela, bere bulegoak sortuz hiru lurralde historikoetan. Lehenengo
kasuan, aipatutako lurralde-zerbitzu horiek institutuko zuzendaritzaren menpean
egongo dira funtzionalki kontsumo-gaietako jarduerei dagokienez.
3. Artikulua - Helburuak eta eskumenak
1. Kontsumitzaileak
eta erabiltzaileak aldeztearen eta babestearen arloan Jaurlaritzaren politikak
zehaztea, planifikatzea, bultzatzea eta betearaztea dira
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren helburuak.
2. Kontsumobide-Kontsumoko
Euskal Institutuari izendatutako eskumenak eta eginkizunak, hain zuzen,
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003
Legearen arabera kontsumoaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako
organoari dagozkion guztiak izango dira. Salbuespena izango dira, ordea,
Gobernu Kontseiluari edo Eusko Jaurlaritzan kontsumoaren arloko eskumena duen
saileko titularrari dagozkienak.
4. Artikulua - Eginkizunak
1. Kontsumobide-Kontsumoko
Euskal Institutuak bere helburuak betetzeko bere gain hartzen dituen eginkizunak,
besteak beste, honako hauek dira:
a) Eskubideei eta eskubideak erabiltzeko moduari buruz orientazioa,
prestakuntza eta informazioa ematea kontsumitzaileei eta erabiltzaileei, eta
eskubide horiek ezagutzera ematea, kontuan izan eta errespeta ditzaten
merkatuan parte hartzen duten guztiek, bai eta ondasun eta zerbitzuei
dagokienez eskubideetan eragina izan dezaketen guztiek ere. Horretan guztian,
arreta berezia eskainiko zaie bereziki babestutako taldeei, berariazko
beharrizanak baitituzte.
b) Kontsumo-dinamiken ebaluazioa eta beharrezko azterketak sustatzea
eta egitea, kontsumitzaileei euren behar eta exijentzietara ongien moldatzen
diren produktuak eta zerbitzuak aukeratzen lagunduko dieten prozedurak eta
tresnak zehazteko xedez.
c) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskuera jarritako produktuek
eta zerbitzuek beharrezko informazioa eskaintzen dutela zaintzea, legearen
arabera eska daitezkeen segurtasun-mailak lortzea, eta bereziki iruzurra,
okerrera eraman gaitzakeen edo osoa ez den informazioa, publizitate iruzurtia
eta abusuzko klausulak erabiltzea saihesteko prebentzio-kanpainak egitea,
horretarako beharrezko eta nahitaezko klausulak erantsita.
d) Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldezteko eta babesteko
elkarteen eta erakundeen garapena indartzea eta sustatzea, eta aktiboki eta
diruz lagunduz lan egitea elkarteekin aholkularitza-, defentsa- eta
informazio-lanetan, bereziki behar espezifikoak dituzten pertsonei dagokienez.
e) Gizartearen
eta ekologiaren ikuspegitik iraunkorra den kontsumoa bultzatzea, eta bereziki
ingurumena errespetatzen duten zerbitzu eta produktuena.
f) Gazteak arduraz kontsumitzeko ohituretan hezi daitezen sustatzea.
Horretarako, erakunde eskudunei proposatuko zaie kontsumorako
heziketa-programak jartzea irakaskuntzako maila guztietan.
g) Produktu ekologikoen kontsumoa sustatzea eta bidezko
merkataritzatik eta merkataritza solidariotik iritsitako produktuen eskaintza
bultzatzea.
h) Lankidetza-itunak eta -akordioak sinatzea prestakuntzaren eta
aholkularitzaren arloan jarduera-sektore ekonomiko bakoitzean ordezkaritzarik
handiena duten enpresen eta profesionalen elkarteekin; oso bereziki
merkataritza-enpresetara eta kontsumitzaile eta erabiltzaileengana zuzenduko
dira, institutuaren eginkizunen eta helburuen esparruan.
i) Administrazio publiko guztiekin harremanetan jartzea eta elkarlanean
aritzea, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta babesa hobetzeko
bidean aurrera egiteko.
j) Kontsumoaren arloan eskumenak erabiltzen dituzten
udal-administrazioekin lankidetzan aritzea, kontsumitzaileen informaziorako
udal-bulegoak hedatzea sustatzea, behar duten guztian aholkuak ematea euren
eginkizunak hobeto bete ditzaten, eta lankidetza-itunak sinatzea beren
helburuak betetzeko ahalik eta teknikarik eta materialik onenen hornikuntza
konpartitze aldera.
k) Kontsumo-gaietan gatazkak konpontzeko tresna gisa bitartekaritza
eta arbitrajea bultzatzea, Euskadiko Arbitraje Batzordearen funtzionamendua
antolatuz.
l) Kontsumoaren
arloan ikuskaritzaren eta zigorraren esparruko eskumenak erabiltzea, indarrean
dauden xedapenen arabera.
m) Kontsumitzaileek
eta erabiltzaileek legearen babes eraginkorra izan dezaten bultzatzea,
beharrezko ekintza judizialak abiaraziz eta auzietan aurkeztuz babestu behar
diren eskubideen garrantzia dela-eta edo sortu duten alarma soziala dela-eta
arreta berezia merezi duten gaiei dagozkienean.
n) Xedapen-proposamenak
prestatzea kontsumitzaile eta erabiltzaileengan eragina izan dezaketen
orotariko gaiei buruz, eta informazio ematea beste administrazio batzuek
esparru horretan egiten dituztenei buruz.
ñ) Kontsumitzaileak
eta erabiltzaileak aldezteari eta babesteari dagokionez aginduko zaizkion beste
eginkizun guztiak betetzea.
o) Nahitaezko
txostena egitea kontsumitzaileei eta erabiltzaileei eragiten dieten edo eragin
diezaieketen xedapen eta arau guztiei buruz.
2. 1. paragrafoan aipatutako eginkizunetan
Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio edo erakunde batzuekin batera
jardun behar denean, eginkizun horiek espezialitate, subsidiariotasun, lankidetza,
koordinazio eta ekintza-batasunaren irizpideei lotuta bete behar dira.
3. Jateko produktuen etiketatzea kontrolatzeko
eginkizunei dagokienez, gaian eskuduna den sailarekin eta lan hori egin
dezaketen enpresa eta erakunde homologatuekin koordinatuta bete behar dira
eginkizunok.
5. Artikulua - Gobernu-organoak
Honako
hauek dira Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren gobernu-organoak:
a) Lehendakaria
b) Zuzendaritza
Kontseilua
c) Zuzendaria
6.
Artikulua - Lehendakaria
1. Kontsumo-gaietan eskuduna den saileko
titularra izango da Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren lehendakaria.
2. Honako hauek dira lehendakariaren
eginkizunak:
a) Institutua
zuzentzea eta institutuaren ordezkari gorena izatea.
b) Zuzendaritza
Kontseiluaren bilerak deitzea eta bileretan mahaiburu izatea.
c) Institutuari
izendatutako helburuak betetzen direla zaintzea.
d) Jaurlaritzari
eta Legebiltzarrari, hala egitea eskatzen zaionean, institutuak burututako
ekintzen berri ematea.
e) Zuzendaritza
Kontseiluari plan orokorrak eta jarduera-programak proposatzea, baita beste
zenbait erakunderekin adostu beharreko lankidetza-hitzarmenak ere.
7.
Artikulua - Zuzendaritza Kontseilua
1. Honako hauek izango dira Zuzendaritza
Kontseiluko kideak:
a) Lehendakaria.
b) Zuzendaria.
c) Eusko
Jaurlaritzan etxebizitza, nekazaritza, osasun, ingurune, hezkuntza eta
merkataritzako gaietan eskudunak diren sailak ordezkatuko dituzten sei kide.
d) Ordezkaritzarik
handiena duten kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak ordezkatuko
dituzten hiru kide, elkarteek eurek proposatuta.
e) Udal
Administrazioa ordezkatuko duten bi kide, Eudelek proposatuta.
f) Eusko
Legebiltzarra ordezkatuko duten bi kide, Legebiltzarrak berak hautatuta.
g) Ordezkaritzarik
handiena duten enpresari-elkarteak ordezkatuko dituen kide bat, elkarteek eurek
proposatuta.
h) Euskadiko
Merkataritza, Industria eta Nabigazio ganbera ofizialak ordezkatuko dituen kide
bat, ganberek eurek proposatuta.
i) Ordezkaritzarik
handiena duten sindikatuak ordezkatuko dituen kide bat, sindikatuek eurek
txandaka proposatuta.
j) Euskadiko
Kooperatiben Konfederazioa ordezkatuko duen kide bat, konfederazioak berak
proposatuta.
k) Euskal
Autonomia Erkidegoko Kontsumoko lehendakaria.
l) Idazkaria.
Hitza izango du, baina ez botorik.
2. Zuzendaritza Kontseiluko kideen izendapena
ebazpen-bidez onartuko du kontsumo-gaietan eskuduna den saileko titularrak.
8.
Artikulua - Zuzendaritza Kontseiluaren eginkizunak
1. Ondoko hauek dira Zuzendaritza Kontseiluaren
eginkizunak:
a) Barne-araudia
onestea.
b) Urteko
jarduera-programak onestea eta haien jarraipena egitea.
c) Institutuaren
aurrekontuen aurreproiektuak onestea.
d) Urteko
txostenak eta kontuak onestea.
e) Kontsumitzaileak
eta erabiltzaileak aldezteko eta babesteko politikarekin zerikusia duten gai
guztiak eztabaidatzea, lehendakariaren, zuzendariaren edo kontseiluko kideen
ekimenez.
f) Informazioa
jasotzea institutuak bultzatutako erabaki-proposamen orokorrei buruz, eta
proposamen horiek eztabaidatzea.
g) Kontsumobide-Kontsumoko
Euskal Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak lantalde iraunkorrak edo aldi
baterakoak sortu ahal izango ditu, bai eta erakunde aholku-emaileak eta sailen
arteko batzordeak sustatu ere, kontsumitzaileen babesarekin zerikusia duten
gaiak aztertzeko eta haien inguruan proposamenak egiteko. Lantalde eta organo
horien osaera, eginkizunak eta bilkura-erregimena
Zuzendaritza Kontseiluak zehaztu beharko ditu kasu bakoitzean.
2. Zuzendaritza Kontseilua lehendakariak
deituko du, bere ekimenez edo kontseiluko kideen bosten batek hala eskatuta.
3. Zuzendaritza Kontseilua urtean bi aldiz
elkartuko da gutxienez, eta orobat kontseiluko kideen bosten batek hala
eskatzen duenean ere.
4. Ohiko bilkurak eta ezohiko bilkurak deitzeko
prozedura, presentzia-quoruma eta erabakiak hartzeko beharrezko gehiengoak
barne-araudian ezarri beharko dira.
9.
Artikulua - Zuzendaria
1. Honako hauek dira zuzendariaren eginkizunak:
a) Institutua
zuzentzea eta Zuzendaritza Kontseiluaren akordioak betearaztea eta egikaritzea.
b) Erakundearen
eta bere batzorde eta lantaldeen jarduerak bultzatzea eta gainbegiratzea.
c) Merkatu-diziplinari
eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsari buruzko arauketa aplikatzen
dela kontrolatzeko mekanismoak zuzentzea, antolatzea, planifikatzea,
koordinatzea eta programatzea, eta gatazkak arbitraje bidez ebazteko
mekanismoak programatzea.
d) Xedapen
orokorrak egin daitezen sustatzea, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen
eskubideak eta interesak orientatzeko eta defenditzeko.
e) Institutuaren
aurrekontuen aurreproiektuak egitea eta institutuaren ekintzei buruzko urteko
oroitidazkia prestatzea.
f) Errekurtso
ekonomikoak administratzea eta kudeatzea, eta gastuak eta ordainketak agintzea
eta baimentzea.
g) Institutuko
pertsonalaren zuzendari nagusi gisa jardutea.
h) Kontsumitzaileen
eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 63.1
artikuluaren arabera kontsumo arloko eskumenak dituen zuzendariari zegozkion
administrazio-zigorrak ezartzea.
i) Institutuaren
ohiko ordezkaritza legala, judiziala nahiz estrajudiziala.
j) Lehendakariak
eskuordetutako bestelako eginkizunak, eta indarrean dauden xedapenek izendatzen
dizkioten eginkizunak.
k) Egindako
ekintza eta jardueren berri ematea Zuzendaritza Kontseiluari.
2. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren
zuzendariaren maila organikoa zuzendariarena da, eta Jaurlaritzak izendatuko
du, kontsumo-gaietan eskuduna den saileko titularrak proposatuta.
10.
Artikulua - Idazkaria
Zuzendaritza
Kontseiluko idazkari-lana institutuko funtzionario batek egingo du, eta
lehendakariak izendatuko du zuzendariak proposatuta.
11.
Artikulua - Egitura organikoa
Jaurlaritzak,
kontsumo-gaietan eskuduna den saileko titularrak proposatuta, dekretuz finkatu
behar ditu Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren egitura eta antolaketa,
3. artikuluan ezarritako eginkizunak bete ahal izateko.
Egitura
horrek modu egokian erantzun beharreko lan-arloak, gutxienez, honako hauek
izango dira:
a) Kontsulta
eta bitartekaritzen arreta
b) Merkatuaren
kontrola (ikuskaritza-kanpainak eta ziurtasunik gabeko produktuak)
c) Informazioa
eta prestakuntza
d) Laguntza
juridikoa
e) Bitartekaritza
eta arbitrajea
f) Aurrekontuak,
kontratazioa eta pertsonala
g) Plangintza,
azterlanak eta dokumentazioa
12.
Artikulua - Pertsonala
1. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak
funtzionatzeko behar dituen lan-kontratuko langileak eta funtzionarioak izan
behar ditu.
2. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko
pertsonala Euskadiko Autonomia Erkidegoko funtzio publikoaren legeriak ezartzen
duenaren arabera atxikiko zaio institutuari.
3. Nolanahi ere, ahalmen publikoak erabiltzea
eskatzen duten lanpostuak funtzionarioentzat gordeko dira.
13.
Artikulua - Baliabide ekonomikoak
1. Honako baliabide hauek izango ditu Kontsumobide-Kontsumoko
Euskal Institutuak funtzionatzeko:
a) Urtean
Euskadiko Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargura finkatzen diren
diru-izendapenak.
b) Bere
helburuak betetzeko Estatuko edo Europako funtsetatik iristen zaizkion
diru-ekarpenak.
c) Bere
jardueragatik legez ezarritako tasak eta gainerako diru-sarrera publikoak.
d) Bere
alde emandako dohaintzak, ekarpenak eta diru-laguntzak.
e) Atxikitzen
zaizkion eta bere eginkizunak betetzean eskuratzen dituen ondasunen
errendimenduak.
f) Egiten
dituen hitzarmenengatik eta institutuaren jarduerengatik jaso ditzakeen
kontraprestazioak.
g) Legezko
eta araudizko xedapenen arabera dagokion beste edozein baliabide.
2. Merkatu-diziplinaren eta kontsumitzaileen eta
erabiltzaileen defentsaren arloan ezarritako zigorren bidez eskuratutako dirua
kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldezteko jardueretara bideratu beharko da
osorik.
14.
Artikulua - Ondare- eta kontratazio-erregimena
1. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren ondareari eta kontratazioari
dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko ondareari buruzko legedia eta
administrazio publikoen kontratuetarako arau orokorrak bete beharko dira.
2. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren
kontratazio-organoa zuzendaria da.
15.
Artikulua - Aurrekontuaren aurreproiektua
1. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak
aurrekontu-aurreproiektu bat prestatu behar du urtero, hazienda arloan eskumena
duen sailak adierazitako egitura jarraituz, eta kontsumo arloan eskuduna den
sailari igorri behar dio, hark bere aurrekontu-aurreproiektuetan sar dezan.
2. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren
aurrekontu-araubidea Aurrekontu Erregimenari buruzko Legeak irailaren 27ko
1/1994 Legegintza Dekretuaren arabera ezartzen duena da.
16. Artikulua - Kontsumobide-Kontsumoko Euskal
Institutuko organoek emandako egintzen araubide juridikoa
1. Kontsumobide-Kontsumoko
Euskal Institutuko Zuzendaritzak emandako egintza administratiboen aurka gorako
errekurtsoa jarri ahal izango da kontsumo-gaietan eskuduna den saileko
sailburuaren aurrean, administrazio publikoen eta administrazio-prozedura
erkidearen araubide juridikoari buruzko legeriak ezarritako moduan eta epeetan.
2. Institutuko
Zuzendaritzaren azpitik dauden organoek eta lurralde-zerbitzuetako zuzendariek
emandako egintza administratiboen aurka, kontsumo-gaietan gauzatzen dituzten
jarduerei dagokienez, gorako errekurtsoa jarri ahal izango da institutuko
Zuzendaritzaren aurrean.
Xedapen Gehigarriak
Lehenengoa - Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren
egitura-dekretua
1. 11. artikuluak
ezartzen duenaren arabera, Jaurlaritzak, lege hau indarrean jarri eta sei
hilabeteko epean, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua egituratzeko eta
antolatzeko dekretua onetsi beharko du.
2. Dekretua egiteko
orduan, kontuan izango dira Kontsumoko Plan Estrategikotik eratorritako
ondorioak eta gogoetak.
Bigarrena
- Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren jardueren hasiera
1. Institutuaren egitura eta antolaketa arautzeko
dekretua onartzen denean zehaztuko du Jaurlaritzak Kontsumobide-Kontsumoko
Euskal Institutua martxan noiz jarriko den eta jarduerak noiz hasiko dituen.
2. Jardueren hasiera urteko aurrekontuen legea
indarrean sartzearekin denboran bat ez badator, Gobernu Kontseiluak onetsiko du
erakunde autonomoaren aurrekontua jarduerak hasten dituen ekitaldi
ekonomikorako, eta horren berri emango dio Eusko Legebiltzarreko Ekonomia,
Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari hamabost eguneko epean. Hori dela eta, aurrekontuen
eskumena duen sailari baimena ematen zaio beharrezko diren aurrekontu-aldaketak
egiteko aipatutako aurrekontu hori eratzeko; alabaina, aldaketa horiek ezingo
dute ekarri inolako gehikuntzarik erakunde autonomoaren jardueren hasieran
indarrean zeuden aurrekontu orokorren partidetan kontsignatutako kopuru
globalean.
Hirugarrena
- Eginkizunak izendatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
orokorraren baliabideak eta ondasunak atxikitzea
Gobernu
Kontseiluak, dekretu bidez, egokitu egingo du kontsumo arloko eskumena duen
sailaren egitura organikoa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari
beharrezko dituen eginkizunak eta giza baliabideak izendatzeko, lege honek eta
legearen garapeneko xedapenek izendatzen dizkioten helburuak betetze aldera,
eta horrez gainera, beharrezko dituen ondasunak eta bitarteko materialak
atxikiko dizkio.
Indargabetze
Xedapena
Indargabetuta
geratzen da Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003
Legearen 67. artikulua, eta orobat otsailaren 8ko 25/2005 Dekretua ere, Euskadiko Kontsumoko Koordinazio
Batzordea arautzen duena.
Azken
Xedapena
Lege
hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean
sartuko da indarrean.