8/2012 Legea, maiatzaren 17koa, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearena
2012-05-17Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2012/5/24, 101. zk.; EAO, 2012/6/5, 134. zk.
§ 339. 8/2012 LEGEA, MAIATZAREN 17KOA, Euskadiko Ekonomia
eta Gizarte Arazoetarako Batzordearena
ZIOEN
AZALPENA
Euskadiko
Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak erakutsia du zer garrantzi duen
era bateko eta besteko interes ekonomiko eta sozialak dituztenek elkar
topatzeko foro gisa eta Euskal Autonomia Erkidegoko politika sozio-ekonomikoan
parte hartzeko bide gisa.
Hori
dela eta, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea finkatze
aldera, komeni da haren operatibitatea hobetzea, eta, hartara, haren
eginkizunak, osaera eta funtzionamendua arautu dituen orain arteko araudian
zenbait aldaketa egitea.
Aldaketa
horietako batzuk labur-labur aipatze aldera, funtzioei dagokienez esan behar da
nahitaezkotzat jo dela Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen
eskumenak zedarritzea eta Lan Harremanen Kontseiluarenetatik bereiztea, azken
horrenak espezifikoagoak baitira eta estukiago baitagozkio lan-harremanen
arloari.
Osaerari
dagokionez, zehaztasun handiagoz zedarritu da nortzuek osatuko duten hirugarren
taldea, eta gizarte-ekintzaren hirugarren sektore delakoak ordezkaritza izango
du aurrerantzean. Bestalde, laugarren taldeak, adituenak, bere horretan
jarraituko du, baina unibertsitatetik datozen pertsonak lehenetsi dira bereziki
talde horretarako, nahiz eta, lehengo araudian bezala, hitz egiteko eskubidea
izango duten, baina botoa emateko eskubiderik ez.
Batzordea
eratzeari dagokionez, zenbait neurri ezartzen dira parte-hartze
instituzionalerako hain garrantzitsua den organo honen funtzionamendua bermatze
aldera; neurri horien xedea da partaide izateko eskubidea duten erakundeek,
eskubide hori baliatu ezean, gainerako partaideei kalterik ez egitea, bidezko
eskubidea baitute organo horrek funtziona dezan.
Euskadiko
Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko burua hautatzeaz den bezainbatean,
Batzordean botoa emateko eskubidea duten kideen esku uzten da hura hautatzea,
hasiera batean; adostasunik ezean, ordea, lehendakariak hautatuko duela
ezartzen da.
Hala
ere, batzordeak, aurrerantzean, idazkaria beharko du ezinbestean; ez da
aukerakoa izango idazkaria edukitzea edo ez. Zein eginkizun izango dituen ere
xedatzen du lege berri honek.
Bestalde,
sinplifikatu egin da Batzordearen Osoko Bilkurak erabakiak hartzeko araubidea.
Gainera, argitu egin da komisioen araubidea, eta, berrikuntza gisa, beren lanean
lagundu ahal dieten kanpoko adituak hautatzeko aukera eman zaie.
Azken
batean, aldaketa hauen asmoa da erakunde garrantzitsu honen antolaera
juridikoaren zenbait alderdi hobetzea, eta, hala, Euskal Autonomia Erkidegoari
egin dizkion ekarpen positiboek jarraipena izan dezatela bermatzea.
I.
KAPITULUA
XEDAPEN
OROKORRAK
1.
artikulua. Izena eta egoitza
1. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako
Batzordeak (aurrerantzean Batzordea) lege honetan ezarritako izaera,
eginkizunak, osaera eta egitura izango ditu.
2. Batzordeak Bilbon izango du egoitza. Haren
organoek Bilbon egingo dituzte bilkurak, non eta Osoko Bilkurak ez duen
erabakitzen beste nonbait egin daitezela, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren
lurraldean.
2.
artikulua. Izaera
1. Batzordea Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko
Legebiltzarraren kontsulta-erakundea da, eta xedetzat du era bateko eta besteko
interes ekonomiko eta sozialek Euskal Autonomia Erkidegoko politika ekonomikoan
eta sozialean parte har dezaten.
2. Batzordeak berezko nortasun juridikoa du,
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarenaz bestekoa, bai eta gaitasun osoa
ere bere eginkizunak betetzeko, lege honetan ezarritakoaren arabera.
3. Batzordeak autonomia eta independentzia osoa
du bere eginkizunetan Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari dagokienez.
3.
artikulua. Eginkizunak
1. Bere izaerarekin bat, honako eginkizun hauek
dagozkio Batzordeari:
a) Aginduzko
txostenak egin behar ditu politika ekonomikoarekin eta sozialarekin zerikusia
duten lege-proiektuen gainean, salbu eta lege-proiektuak Lan Harremanen
Kontseilua arautzen duen legeak erakunde horren gain uzten dituen gaiei
buruzkoak direnean. Ez da aginduzko txostenik egin behar, halaber, Euskal
Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren lege-proiektuen gainean, ez eta
lege-proiektu horiek aldatzeko edo osatzeko lege-arauen gainean. Hala ere,
Eusko Jaurlaritzak horien edukiaren berri eman beharko dio batzordeari.
b) Aginduzko
txostenak egin behar ditu politika ekonomikoarekin eta sozialarekin zerikusia
duten dekretu-proiektuen gainean, Eusko Jaurlaritzaren iritziz garrantzi
berezia badute, salbu eta dekretu-proiektu horiek Lan Harremanen Kontseilua
arautzen duen legeak erakunde horren gain uzten dituen gaiei buruzkoak
direnean. Ez da aginduzko txostenik egin behar, halaber, aurreko agintaldietan
onartutako dekretu-proiektuen jarraipen diren dekretu-proiektuen gainean, edo
funtsezko aldaketarik edo berrikuntzarik ez dakartenen gainean. Hala ere, Jaurlaritzak
aukeran du horiei buruz ere txostena eskatzea.
c) Aginduzko
txostenak egin behar ditu politika ekonomikoaz eta sozialaz Eusko Jaurlaritzak
hartutako edozein erabaki administratiboren gainean, Eusko Jaurlaritzaren
iritziz garrantzi berezia badute, salbu eta erabaki administratibo horiek Lan
Harremanen Kontseilua arautzen duen legearen arabera erakunde horri dagozkion
gaiei buruzkoak direnean.
d) Aginduzko
txostenak egin behar ditu politika ekonomikoaz eta sozialaz Eusko Jaurlaritzak
egiten dituen plan orokorren gainean.
e) Eusko
Jaurlaritzari proposamenak egitea aurreko idatz-zatietan aipatzen diren gaiei
buruz.
f) Irizpenak,
ebazpenak edo txostenak egitea a) eta b) idatz-zatietan aipatutako gaiei buruz,
bere ekimenez edo Eusko Jaurlaritzak edo Eusko Legebiltzarrak eskatuta.
g) Euskal
Autonomia Erkidegoko sektore publikoko jarduera ekonomikoen plangintzan Eusko
Jaurlaritzak egiten du parte hartzea.
h) Urtero-urtero
memoria bat egitea Euskal Autonomia Erkidegoko egoera ekonomiko eta sozialaren
gaineko gogoetak jasotzeko, eta Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari
aurkeztea.
i) Bere
eginkizunak egiteko behar beste informazio eskatzea eta jasotzea Administrazio
orokorreko organo eskudunetatik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko edozein
erakundetatik.
2. Aurreko a) eta b) idatz-zatietan
aurreikusitako aginduzko txostenaren eskaera dagokion lege- edo
dekretu-proiektua onartu aurre-aurretik egin behar da, betiere Euskadiko Aholku
Batzorde Juridikoaren irizpenari buruz eta arauen kontrol ekonomikoko
txostenari buruz berariazko araudietan ezarritakoa errespetatuz.
Eusko
Jaurlaritzak aurreko a) eta b) idatz-zatietan aipatzen den aginduzko txostena
eskatu eta kasu batean hogeita hamar egun eta bestean hamabost egun igarotakoan
ez bada artean txosten hori eman, aukeran izango da eginbideekin aurrera
jarraitzea, hargatik eragotzi gabe Batzordeak, aurrerago, txostena Eusko
Jaurlaritzari igortzea, egoki baderitzo.
3. Eusko Jaurlaritzak, sei hilero, txostena
igorriko dio Batzordeari Euskal Autonomia Erkidegoko egoera ekonomikoari buruz
eta Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoari buruz.
4. Eusko Jaurlaritzak, aurreko 1. paragrafoko
a) idatz-zatian aipatzen diren lege-proiektuak Eusko Legebiltzarrari igortzean,
Batzordeak egindako txostena ere igorriko dio, baldin eta egin badu.
II.
KAPITULUA
OSAERA
ETA IZENDAPENA
4.
artikulua. Osaera
1. Batzordeak hogeita hamabi kide izango ditu,
artikulu honetako 2. paragrafoan adierazitako kasuan salbu. Hona hemen nortzuk:
a) Zortzi
pertsona ordezkaritzarik handiena duten sindikatu-erakunde eta
-konfederazioetako ordezkari gisa eta ordezkaritza duten sindikatuetako
ordezkari gisa.
b) Zortzi
pertsona enpresa-konfederazioetako ordezkari gisa.
c) Pertsona
bana Euskal Autonomia Erkidegoko sektore, erakunde, entitate edo elkarte
hauetako bakoitzeko ordezkari gisa:
1) Merkataritza,
industria eta nabigazioko ganberak.
2) Aurrezki
kutxak eta finantza-erakundeak.
3) Kooperatibak.
4) Lan-sozietate anonimoak.
5) Arrantzako erakundeak.
6) Nekazaritzako erakundeak.
7) Kontsumitzaileen erakundeak.
8) Gizarte-ekintzaren hirugarren sektoreko
erakundeak.
d) Zortzi aditu lege honetako 3.1 artikuluan
aipatzen diren eginkizunekin zerikusia duten gaietakoak. Aditu horiek hitz
egiteko eskubidea izango dute, baina botoa emateko ez, eta ez dira aintzat
hartuko lege honetako 10.1 artikuluan xedatutakoetarako.
2. Batzordeak
batzordeburu bat izango du. Batzordeburua ez bada aurreko paragrafoan aipatzen
diren pertsonen artekoa, Batzordeak hogeita hamahiru kide izango ditu.
5. artikulua. Hautatzea eta izendatzea
1. Honela hautatuko
dira batzordekideak:
a) Batzordea osatzeko eta berritzeko unean Euskal Autonomia Erkidegoan
ordezkaritza handiena duten sindikatu-erakunde eta konfederazioek izendatuko
dituzte 4.1 artikuluaren a) idatz-zatian aipatzen diren kideak, bai eta
enpresa-batzordeetan eta herri-administrazioetako kideko organoetan langileen
ordezkarien % 10 edo gehiago lortu dutenek ere; betiere, Eusko Jaurlaritzak egindako
zenbaketa eta homologazioaren arabera eta bakoitzaren ordezkaritzaren
proportzioaren arabera. Nolanahi ere, sindikatu-erakunde eta -konfederazio
horiek ordezkariak izango dituzte Batzordean.
Batzordean ordezkariak izateko eskubidea duten sindikatu-erakunde
eta konfederazioetakoren batek ez badu eskubide hori baliatzen ezarritako
epearen barruan, Batzordean ordezkaritza duten gainerako sindikatu-erakundeek
eskubidea izango dute hutsik geratutako leku horiek betetzeko, harik eta
Batzordea berritu arte, betiere bakoitzaren ordezkaritzaren proportzioan, eta
halaxe osatuko da lege honek ezarritako kideen guztizko kopurua.
Halaber, sindikatu-erakunde eta -konfederazioetakoren batek edo
batzuek, agintaldian zehar, erabakitzen badute ordezkaritzari uko egitea, edo
Batzordearen bilerak behin eta berriz huts egiten badituzte haren ohiko
funtzionamenduari kalte eraginez, batzordeburuak kalte eragiten ari direla
ohartaraziko die sindikatu-erakunde edo -konfederazio horiei. Ordezkaritzari
uko egiten edo Batzordearen bilerak huts egiten jarraituz gero, batzordeburuak,
dagokion sindikatu-erakunde edo -konfederazioaren iritzia entzun eta gero, eta
batzordekideei kontsulta egin ondoren, batzordekideak berritzeko prozedura bati
ekingo dio. Prozedura horren bitartez, gainerako sindikatu-erakunde eta
-konfederazioetako kideek beteko dituzte hutsik geratutako lekuak, bakoitzaren
ordezkaritzaren arabera, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraituz.
b) Lege honetako 4.1 b) artikuluan aipatzen diren kideak
enpresari-konfederazioek hautatuko dituzte, aplikatzekoa den araudi orokorraren
arabera Euskal Autonomia Erkidegoan enpresarien ordezkaritza instituzionala
duten enpresari-konfederazioek, alegia. Talde horri, hala badagokio,
c) Lege honetako 4.1 c) artikuluan aipatzen diren kideak haiei
dagozkien erakunde, antolakunde, entitate edo elkarteek hautatuko dituzte.
Talde horri, hala badagokio,
d) Lege honetako 4.1 d) artikuluan aipatzen diren adituak
lehendakariak izendatuko ditu lege honetako 3.1 artikuluan aipatzen diren
gaietan kualifikazio eta esperientzia aitortua duten pertsonen artean, eta,
ahal dela, unibertsitatearen eremukoak izan behar dute. Nolanahi ere, aditu
horietako hiru Euskal Herriko Unibertsitatekoak izan beharko dira, eta erakunde
horri kontsulta egin ondoren izendatu beharko dira; gainerako bostak Batzordean
ordezkaritza duten erakundeei kontsulta egin ondoren izendatuko dira.
e) Batzordea osatzen duten
pertsonen izendapenak, gehienez ere, berritzea eragin duen zergatia gertatu eta
bi hileko epean egingo dira.
2. Lege honetako 4.1
artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan aipatzen diren kasuetan, kide titular
adina ordezko izendatuko dira. Aukeran
izango da Batzordearen bilkuretara ordezkoak kide titularren ordez joatea.
3. Lehendakariak izendatuko ditu orain arte
azaldutako eran hautatutako batzordekideak. Dagozkien eginkizunak betetzeko
orduan, autonomia eta beregaintasun osoz arituko dira.
6.
artikulua. Batzordeburua hautatu, izendatu eta kargutik kentzea
1. Batzordeburua, lege honetako 4.1 artikuluko
a), b) eta c) idatz-zatietan aipatutako hiru taldeek botoa emateko eskubidea
dute hautatuko dute. Batzordeburua hautatzeko, kideen gutxienez bi herenak
eman beharko du hautagaiaren aldeko botoa, eta talde horietako bakoitzaren
gutxienez boto bat ere beharko da. Lehen bozketa horretan gehiengorik lortu
ezean, lehendakariak hautatu eta izendatuko du batzordeburua, batzordekideei
entzun ondoren. Bi kasu horietan, aukeran da hautaketa lege honetako 4.1
artikuluan aipatzen diren taldeetako pertsonen artean edo talde horietatik ez
datozen pertsonen artean egitea. Batera zein bestera, lehendakariak egingo du
izendapena.
2. Lehendakariari dagokio batzordeburua
kargutik kentzeko ahala, aurreko paragrafoan hautaketa egiteko ezarritako
prozedura berari jarraituz.
7.
artikulua. Iraupena
1. Batzordekideak lau urteko aldietarako
hautatuko dira, eta ez da eragozpenik izango behin eta berriro hautatzeko.
2. Aurreko hori gorabehera, Batzordean
ordezkaritza duten erakundeek, antolakundeek, entitateek eta elkarteek
ordezkatu egin ditzakete kide titular edo ordezko gisa hautatutako pertsonak.
Kideren bat ordezkatzen duenak ordezkatzen duen horri geratzen zaion denbora
egingo du karguan, harik eta aurreko paragrafoan aipatutako lau urteko epea
bete arte. Berdin gertatuko da leku hutsak lege honetako 5.1 artikuluan
aurreikusitako prozeduraren bitartez betetzen direnean ere.
3. Batzordeburuak gehienez ere bi agintaldi
egingo ditu karguan; hori ez da eragozpen izango karguan jarrai dezan harik
eta, artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen den epea bete izanagatik,
Batzordeko gainerako kideak berritzen diren arte.
4. Hona hemen batzordekideak kargutik kentzeko
zergatikoak:
a) Agintaldia amaitu izana; betiere, lege honek ezarritakoaren aurka
joan gabe.
b) Hautatu zuten antolakundeek kargutik kentzeko proposatu izana.
c) Karguari uko egin izana; idatziz egin behar zaio uko, eta
batzordeburuak onartu egin behar du. Uko egiten dion pertsona batzordeburua bera denean,
Eusko Jaurlaritzak onartu behar du.
d) Bere
eginkizuna dela eta isilpean gorde beharrekoak ez gordetzea, eta Batzordearen
Osoko Bilkurak hala egin duela iriztea.
e) Dolozko
delituagatik epai irmo bidez ezarritako kondena.
f) Heriotza,
ezgaitasuna edo kargu publikoa betetzeko desgaikuntza, epaileek epai irmo bidez
adierazia.
8.
artikulua. Bateraezintasunak eta betebeharrak
1. Bateraezinak dira batzordekide, batzordeburu
edo idazkari orokorra izatea eta, aldi berean, kargu horiei dagozkien
eginkizunak betetzea eragozten edo kaltetzen duen edozein kargu edo jardunetan
aritzea.
2. Bereziki, honako kargu edo jardun hauek
izango dira bateraezinak batzordekide, batzordeburu edo idazkari orokor
izatearekin:
a) Eusko
Jaurlaritzako lehendakaria, lehendakariordea, sailburua eta goi-karguak.
b) Gorte
Nagusietako, Eusko Legebiltzarreko edo Europako Parlamentuko parlamentari edo
legebiltzarkideak.
c) Diputatu
nagusiak, foru-diputatuak eta foru-aldundietako goi-karguak.
d) Lurralde
historikoetako batzar nagusietako kideak.
e) Herri
Dirubideen Euskal Kontseiluko kidea.
3. Batzordearen Osoko Bilkurak aztertuko du ea
bateraezintasunik baden edo ez.
4. Batzordekideek isilean gorde beharko dituzte
Batzordearen jardunei buruzkoak, baldin eta Batzordearen organoek isilpean
gordetzekoak direla erabaki badute.
III.
KAPITULUA
ORGANOAK
ETA FUNTZIONAMENDUA
9.
artikulua. Batzordearen organoak
a) Kide
anitzeko organoak: Osoko Bilkura eta komisioak.
b) Kide
bakarreko organoak: batzordeburua eta idazkari nagusia.
10.
artikulua. Erabakien araubidea
1. Osoko Bilkura balio osoz eratzeko,
beharrezkoa izango da, batzordeburuaz edo haren legezko ordezkoaz gain,
boto-eskubidea duten taldeetako kideetako hamabi, behintzat, bertan izatea.
Bigarren deialdian, nahikoa izango da bertan izatea talde horietako zortzi kide
gehi batzordeburua edo haren legezko ordezkoa.
2. Osoko Bilkuraren erabakiak boto-eskubidea
duten bertaratutakoen gehiengoz hartuko dira.
Irizpena
onetsiko ez balitz, txosten bat bidali beharko litzateke Eusko Legebiltzarrera;
txostenean, ez onestea eragin duten desadostasunak eta kide bakoitzak Osoko
Bilkuran izan dituen jarrerak eta eman dituen arrazoiak azalduko dira.
3. Batzordeak Osoko Bilkuran hartutako
erabakiekin bat ez datozen bertaratuek boto partikular arrazoitua emateko
eskubidea izango dute, eta dagokion ebazpenari erantsi beharko zaio.
4. Osoko Bilkuran eta komisioetan,
boto-eskubidedun batzordekide bakoitzak boto bakarra izango du.
5. Organo horietan, idazkari nagusiak eta 4.1
d) artikuluan adierazitako taldeko kideek hitz egiteko eskubidea izango dute,
baina botoa emateko ez. Batzordeburuak botoa emateko eskubidea izango du,
baldin eta 4.1 artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan adierazitako taldeetako
batetik badator; kasu horretan besterik ez.
11.
artikulua. Osoko Bilkuraren osaera
Batzordearen
Osoko Bilkura batzordeburuak eta lege honetako 4.1 artikuluan adierazitako
gainontzeko kideek osatuko dute. Horiei idazkari nagusia batuko zaie.
12.
artikulua. Osoko Bilkuraren eskumenak
1. Osoko Bilkura, batzordeburuaren
zuzendaritzapean, Batzordearen borondatea eratzeko eta erabakitzeko organo
gorena da, eta honako eskumen hauek izango ditu:
a) Lehendakariari
proposatzea batzordeburuaren kargua nork bete behar duen; osoko bilkuran
adostasunik izan ezean, lehendakariak kontsulta egingo dio Osoko Bilkurari
batzordeburuaren kargua nork bete behar duen galdetuz.
b) Batzordeari
3. artikuluan esleitutako eginkizunak betetzearen inguruan, dagozkion erabakiak
onartzea.
c)
Barruko funtzionamendu-araudia prestatu eta onartzea, 16. artikuluan
ezarritakoa kontuan hartuta, eta Batzordearen funtzionamendurako beharrezkoak
diren jarraibideak, araudia garatuz dagozkionak, onartzea.
d) Lan-komisioak
sortu eta kentzea, eta haien eskumenak eta funtzionamendu-araubidea zehaztea.
e) Batzordearen
aurrekontua onartzea.
f) Batzordearen
plantilla onartzea, aurrekontuan sar dadin.
g) Izan
daitezkeen bateraezintasunak aztertzea, eta batzordekideetako edozeinek
betebeharrak noiz ez dituen bete adieraztea.
2. Osoko Bilkurak, batzordeburuaren bidez,
informazio osagarria eskatu ahal izango dio Eusko Jaurlaritzari edo Eusko
Legebiltzarrari, Osoko Bilkurari aukeran edo nahitaez kontsultatu dizkioten
gaiei buruz, baldin eta informazio hori beharrezkoa bada txostena emateko.
13.
artikulua. Osoko Bilkuraren deialdia
1. Osoko bilkuren deia, gutxienez, bost egun
balioduneko aurrerapenaz jakinaraziko zaie batzordekideei ohiko bilkurak direnean,
eta berrogeita zortzi orduko aurrerapenaz bilkura bereziak direnean. Deialdiak
gai-zerrenda eramango du.
2. Gai-zerrenda osatzen duten gaiei buruzko
informazioa, bestalde, epe berean izango da batzordekideen eskura.
14.
artikulua. Osoko Bilkuraren bilerak
1. Osoko Bilkurak hiru hilabeterik behin,
gutxienez, egingo du ohiko bilkura.
2. Osoko Bilkurak Lehendakaritzaren ekimenez
edo boto-eskubidea duten kideen herenak, gutxienez, eskatzen duenean bilkura
bereziak egingo ditu.
15.
artikulua. Komisioak
1. Batzordearen Osoko Bilkurak aukeran du
komisioak eratzea, iraunkorrak edo gai zehatzei buruzkoak; eta zenbat izango
diren, nola osatuko diren eta nola jardungo diren ere erabakiko du.
2. Batzordeetan aztertzen diren gaien emaitza
Osoko Bilkurara eramango da eztabaidatzeko eta haren gaineko erabakia hartzeko.
3. Lege honen 4.1. artikuluan aipatutako lau
taldeen ordezkaritza izango dute komisio guztiek. Dena dela, a) taldearen
ordezkaritzan, sindikatu-erakunde eta -konfederazio guztiek hautatutako
pertsonak izango dira, eta haien botoa lege honen 10.4 artikuluan ezarritakora
egokituko da.
4. Batzordearen Osoko Bilkurak, edo komisioek
(Osoko Bilkuraren onespena badute), kanpoko adituak izendatu ahal izango
dituzte, ahal dela batzorde horietan eztabaidatuko diren gaien inguruko talde,
erakunde edo elkarteen ordezkari gisa, hobeto bete ahal izateko, orokorrean,
lege honen 3. artikuluan aipatutako eginkizunak eta, bereziki, artikulu honen
1. paragrafoan adierazitakoak. Aditu horiek ez dira inolaz ere batzordekidetzat
hartuko.
16.
artikulua. Batzordeburuaren eginkizunak
Batzordeburuaren
eginkizunak honako hauek dira:
a) Batzordearen
ordezkari izatea.
b) Bileretarako
deialdiak egitea, bilera horietan buru izatea eta eztabaidak zuzentzea.
c) Bileren
eguneko aztergaiak idaztea, araudian ezartzen den eran.
d) Dagokionean,
Batzordearen erabakiak argitaratzera bidaltzea, erabakiok bete beharra xedatzea
eta aktei oniritzia ematea.
17.
artikulua. Idazkari nagusia
1. Batzordeak idazkaritza nagusia izango du.
Idazkaritza nagusi horren titularra lehendakariak izendatu eta, hala badagokio,
kenduko du, batzordeburuak proposatuta eta batzordekideei entzun ondoren.
Karguaren iraupena lau urtekoa izango da.
2. Idazkaritza Nagusiko titularra ez da
batzordekidetzat hartuko; Batzordearen laguntza tekniko eta administratiborako
organoa da, eta Batzordean hartutako erabakien fede publikoa emango du. Honako
hauek dira izango dituen eginkizunak:
a) Batzordearen
zerbitzu administratiboak eta teknikoak zuzendu eta koordinatzea, zerbitzu
horiek ekonomia-, azkartasun- eta eraginkortasun-printzipioekin bat etorriz
jardun dezaten zainduz.
b) Batzordearen
Osoko Bilkuraren eta komisioen bileretan egotea, hitz egiteko eskubidearekin
baina botoa emateko eskubiderik gabe.
c) Batzordearen
Osoko Bilkuraren eta komisioen bileren aktak egitea; aktak sinatuz eta
batzordeburuaren oniritzia jasoz, akta horien fede ematea; eta bilkuretan
hartutako erabakiak bideratzea.
d) Batzordearen
agiriak artxibatu eta zaintzea, eta, eskatzen dutenean, Batzordeko organoen eta
batzordekideen esku jartzea.
e) Akten,
erabakien, irizpenen, boto partikularren eta haren zaintzapean utzitako beste
agiri batzuen ziurtagiriak ematea, batzordeburuaren oniritziarekin.
f) Batzordearen
urteroko aurrekontuaren hasierako aurreproiektuaren proposamena egitea eta
batzordeburuari aurkeztea; halaber, aurrekontua nola gauzatzen den jasotzen
duten aldizkako informazioak prestatzea.
g) Batzordearen
funtsak gordetzea, gastuetarako proposamenak egitea eta baimendutako
ordainketak agintzea.
h) Batzordearen
zerbitzuko langileen buru izatea.
3. Batzordeko idazkari nagusiaren kargua
arduraldi esklusibokoa izango da, eta bateraezintasunen arloko xedapen orokor,
lege eta erregelamenduen pean egongo da, eta, hala, ezingo da bete, Batzordeko
idazkari nagusiaren karguarekin batera, kargu horri berez dagozkion eginkizunak
eragozten edo kaltetzen dituen beste kargu edo jarduerarik.
18.
artikulua. Funtzionamendu-araudia
1. Batzordeak bere funtzionamendu-araudia egin
eta onartuko du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean
argitaratuko da.
2. Araudi hori lege honetako 10. artikuluan
aurreikusitako erabaki-araubideari jarraituz onartuko da.
3. Araudiak debekatu egingo du batzordekideen
artean botoa eskuordetzea. Bestalde, erabakiak hartzeko eta ebazpenak eta
irizpenak emateko prozedura ezarriko du; halaber, urgentziazko prozedura bat
ere ezarriko du, gehienez ere hamabost egun iraungo duena, Eusko Jaurlaritzak
aplikatzea eskatzen duenerako.
4. Araudiak ohiko bilkuren gutxieneko kopurua
ere ezarriko du: sei izango dira urtero.
19.
artikulua. Batzordearen bilkuren eta lanen publizitatea
1. Batzordearen bilkurak ez dira izango
jendaurrekoak. Nolanahi ere, araudiak salbuespenezko kasuak ezarri ahal izango
ditu, kide guztiek aho batez erabakita.
2. Batzordeak berak erabakiko du ebazpenei,
txostenei eta irizpenei nolako publizitatea emango zaien.
IV.
KAPITULUA
BATZORDEAREN
FINANTZA- ETA EKONOMIA-ARAUBIDEA ETA BITARTEKOAK
20.
artikulua. Finantzabidea eta ekonomia-araubidea
1. Batzordeak, ekonomia- eta
finantza-autonomiaren printzipioaren pean, bere aurrekontua onartu eta
betearaziko du; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan esleitzen
zaizkion diru-kopuruekin finantzatuko da Euskadiko Ekonomia eta Gizarte
Arazoetarako Batzordea.
2. Batzordeak, urteko lehen seihilekoaren
barruan, aurreko ekitaldiaren amaieran izandako aurrekontu- eta finantza-egoerari
buruzko informazio auditatua igorriko dio Euskal Autonomia Erkidegoko
Aurrekontuen jarraipena eta kontrola egiteko eskumena duen sailari; hala, sail
horrek aukera izango du ekonomia-eta finantza-egiaztapenak egin daitezela
agintzeko.
3. Batzordea kontabilitate publikoaren
araubidearen pean egongo da, Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomia Kontrolari eta
Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 6.2 artikuluan Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari eta haren organismo autonomoei
buruz ezarritako moduan.
21.
artikulua. Ordainsarien araubidea eta kalte-ordainak
1. Batzordearen Osoko Bilkurak ezarritako
ordainsariak jasoko ditu batzordeburuak; nolanahi ere, ordainsari horiek,
kontzeptu guztiak batuta, ezingo dira izan Eusko Jaurlaritzako sailburuordearen
kargurako ezarritakoak baino handiagoak.
2. Batzordearen Osoko Bilkurak ezarritako
ordainsariak jasoko ditu idazkari nagusiak; nolanahi ere, ordainsari horiek,
kontzeptu guztiak batuta, ezingo dira izan Eusko Jaurlaritzako zuzendariaren
kargurako ezarritakoak baino handiagoak.
3. Batzordeburuak eta idazkari nagusiak
eskubidea izango dute beren jarduera dela-eta egiten dituzten gastuen ordaina
jasotzeko, Batzordearen funtzionamendu-araudiak ezarritako baldintzen arabera.
4. Batzordearen Osoko Bilkurak onartuko ditu
lege honetako 4.1 artikuluak aipatzen dituen taldeetako pertsonek jasoko
dituzten diru-sariak.
22.
artikulua. Batzordeko langileen araubidea
Batzordearen
zerbitzuko langileek lan-zuzenbidearen peko harremana izango dute
Batzordearekin. Langileak deialdi publikoaren bidez hautatuko dira,
merezimendu- eta gaitasun-printzipioetan oinarritutako sistemen arabera.
23.
artikulua. Ondare- eta kontratazio-araubidea
1. Batzordeak eskuratzen dituen ondasunak eta
eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko ondarean sartuko dira.
2. Batzordeak zuzen-zuzenean eskatuko dio
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean ondarearen gainean
eskumena duen sailari bere helburuak betetzeko behar dituen ondasunak eta
eskubideak atxiki ditzala Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
orokorraren ondarekoak dira; hala, ondare eta eskubide horien gainean izango
dituen ahalmenak eta betebeharrak Euskadiren Ondarearen Legearen testu bategina
onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuan zuzenbide pribatuko
erakunde publikoentzat aurreikusitakoak izango dira.
3. Sektore publikoko kontratuen arloan
herri-administraziotzat jotzen diren entitateentzat indarrean den araudiaren
pean egongo da Batzordearen kontratazioa.
Xedapen
Gehigarria
Baldin
eta, Batzordea berritu behar eta behin eta berriz gertatzen bada bat ez
etortzea 4.1 c) artikuluak aipatzen dituen kideak hautatzeko orduan,
lehendakariak egingo du hautaketa; berritzea gertatu behar zuenetik hogeita
hamar egunera egingo du, eraginpeko erakundeei entzun ondoren eta ebazpen
arrazoitua medio.
Xedapen
Iragankorra
Legeak
berak xedatutakoa gorabehera, lege hau indarrean sartzeko orduan batzordeburu
eta idazkari direnek, bai eta legearen arabera Batzordean ordezkaritza izan
behar duten sektoreak edo erakundeak ordezkatzen dituzten kideek ere, kide
izaten jarraituko dute, harik eta beren karguari dagokion epea amaitzen den
arte.
Indargabetzeko
Xedapena
Indarrik
gabe geratzen dira lege honetan ezarritakoaren kontra doazen maila bereko edo
txikiagoko arau guztiak, kontra doazen heinean, bai eta, beren-beregi,
ekainaren 27ko 9/1997 Legea, Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordeari
buruzkoa.
Azken
Xedapenak
Lehenengoa.
Erregelamendu bidezko garapena
Arau
hau indarrean sartu eta sei hilabetera, aldatu egingo da Batzordearen egungo
Funtzionamendu Araudia, xedapenak lege honi egokitzearren.
Bigarrena.
Indarrean jartzea
Lege
hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean
jarriko da indarrean.