8/2008 Legea, ekainaren 25ekoa, Gizarte Bazterkeriaren aurkako Legea eta Gizarte Eskubideen Agiriaren Legea aldatzekoa.
2008-06-25Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2008/7/4, 127. zk.; EAO, 2011/9/3, 212. zk.
§ 305. 8/2008 LEGEA, EKAINAREN 25EKOA, Gizarte
Bazterkeriaren aurkako Legea eta Gizarte Eskubideen Agiriaren Legea aldatzekoA
ZIOEN
AZALPENA
Maiatzaren 22ko 12/1998 Legeak,
gizarte-bazterkeriaren aurkakoak (honako lege hauek aldatu zuten ondoren:
8/2000 Legeak eta 9/2000 Legeak, biak azaroaren 10ekoak; ekainaren 25eko 4/2003
legeak; eta otsailaren 18ko 4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen
Berdintasunerakoak) bazterkeria pertsonalaren, sozialaren eta lanekoaren
arriskuei aurre egiteko eta bizimodu beregaina egiteko baliabide pertsonal,
sozial edo ekonomiko nahikorik ez dutenak gizarteratzen laguntzeko behar ziren
lanabesa sozialak eta prestazio ekonomikoak ezarri zituen.
Era berean, abenduaren 27ko Gizarte
Eskubideen Agiriaren 10/2000 Legeak ere eragin dio Gizarte Bazterkeriaren
aurkako Legeari, aurka ez doan guztian. Lege honek oinarrizko errenta baterako
eskubidea aitortzen du, eta, horretarako, alde batetik, prestazioa bera
bermatzen du, eta, bestetik, pertsona guztiek eskubidea izango dutela diru-sarrera
batzuk eskuratzeko, beren herritar-eskubideak eta oinarrizko eskubide sozialak
gauzatzeko eta kausa ekonomikoek eragindako gizarte-bazterkeria saihesteko,
eta, era horretan, pobrezia-egoerak ezabatzeko.
4/2007 Legea, ekainaren 22koa, Gizarte
Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legea eta Gizarte Eskubideen
Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legea aldatzekoa.
Hala, 8/2000 Legeak erantsitako aldaketa
horrek aukera eman zuen oinarrizko errenta hori 60 urtetik gorako pertsonentzat
ere hedatzeko, ordura arte babes-neurri horretatik kanpo baitzeuden. Azken
baldintza horri eustearen ondorioz, oinarrizko errentaren zenbait
eskubidedunek, adin hori iritsita, galdu egiten zuten delako prestazio hori
jasotzeko eskubidea, eta beste laguntza eta prestazio batzuk (ekonomikoak,
medikuntzakoak, farmaziakoak eta sozialak) jasotzeko eskubidea hartzen. Baina
horrek, aldi berean, kalte nabarmena eta bidegabea eragiten zien beren
gizarte-eskubideak baliatzeko babesa eta laguntza bereziki behar zuten pertsona
horiei; kalte ekonomikoa eragin ez ezik, gizarteratzeko oztopoa ere jartzen
zien.
Egoera oker hori konpontzeko, Eusko
Legebiltzarrak, 1999ko azaroaren 26an hartutako erabakiaren bidez, Euskal
Autonomia Erkidegoko herri-administrazioei eskatu zien egin zitzatela
beharrezkoak ziren legezko aldaketa guztiak honako helburu hau lortze aldera:
errenta hori lortzeko baldintza guztiak gehienezko adina izan ezik betetzen
zituzten pertsona guztiek aukera izatea oinarrizko errentaren bidez oinarrizko
beharrak eta gizarteratze-prozesuak eragindako beharrak asetzeko.
Legebiltzarraren erabakian esaten zenez, aldaketa horren ondorio ekonomikoak
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura joan behar zuten.
Harrezkero, babes- eta
gizarteratze-neurrien gainean hurrenez hurren egin diren ebaluazio-azterlanek
argi erakutsi dute 60 urtetik gorako pertsonek eta pentsionistek (oro har)
duten garrantzi geroz eta handiagoa, lehendik aurreikusita zeuden tresnen
esparruan. Egun, Oinarrizko Errenta jasotzen duten Pertsonen gaineko Azterlanak
emandako datuen arabera (Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Sailak
argitaratu du berriki), oinarrizko errentarako eskubidea duten guztien % 15
pentsiodunak dira.
Horren zifra garrantzitsu batek
zalantzarik gabe erakusten du diru-sarrerak beste bide batzuetatik osatzeko
aukera gutxi dituzten pertsonei pentsioen bidez bermatzen zaizkien
diru-sarrerak ez direla aski, zeren eta, kasu batzuetan izan ezik, dagoeneko
ezin baitute lan-merkatura sartu, dela adinagatik edo dela lanik ezin
egiteagatik.
Pertsona horiei prestazioa eskuratzeko
aukera ematea aurrerako pausu bat izan da, zalantzarik gabe, baina egun
oinarrizko errenta arauturik dagoen eran, prestazioa egiaz eskuratzeko aukera
aski urriturik dago, pertsona horien diru-sarreren maila txikiak kasu bakarrean
ematen baitie eskubidea: elkarbizitza-unitateak guztira jasotzen dituen
diru-sarrerak aski ez direnean, hain zuzen ere. Ikuspegi horretatik
begiraturik, beharrezkotzat jo da kasu horietarako tratu berezi bat ezartzea.
Izan ere, guztirako diru-sarreren arau orokor horrek familia-elkartasunaren
logikari eta elkarbizitza-unitateen eskala-ekonomiako arrazoiei jarraitzen dien
arren, egia da orobat pentsio bat jasotzen duten pertsonek oso aukera gutxi
dituztela beren egoera ekonomikoa beste diru-iturri batzuen bitartez aldatzeko,
eta beregaintasunerako eta nork bere burua aski izateko aukerak oso urriturik
geratzen direla.
Euskadiko Autonomia Estatutuak
(Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoa) I. tituluaren ("Euskal Herriari
dagozkion eskumenak" izenekoa) 10. artikuluko 12. eta 39. paragrafoetan
ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio
gizarte-laguntzaren arloko eta hirugarren adinekoen aldeko politikaren arloko
eskumen esklusiboa. Oinarrizko errenta babes-neurri bat izanik,
autonomia-erkidegoak gizarte-laguntzarako duen eskumenean oinarriturik arautzen
eta gauzatzen da, babesten dituen egoera guztien ezaugarri erkidea horixe
baita: laguntza hori hartuko duen elkarbizitza-unitatearen diru-sarreren mailaren
eskasia, alde batera utzita nolabaiteko diru-sarrerarik duen edo ez, eta,
diru-sarreraren bat baldin badute, horien jatorria zein den. Aurrekoarekin bat
etorriz, oinarrizko errenta hori pentsiorako eskubidea duten pertsonentzat
denean, prestazio horretarako eskubidea edukitzea edo ez edukitzea ez datza
pentsiorako eskubidearen titular izatean, baizik eta diru-sarreren eskasia
egiaztatzean; horretarako, lanbide arteko gutxieneko soldata hartzen da
atalasetzat. Laguntza berezi bat eskaintzea da azken xedea, pentsioen
eskubidedun direnek osatutako edo pentsioen eskubidedunen kontura osatutako
zenbait elkarbizitza-unitateren diru-sarrera eskasia arintzearren.
Hala bada, oinarri juridiko horretan
oinarriturik, honako lege honek Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko
12/1998 Legea eta Gizarte Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legea
aldatzen ditu, bi dituelarik xede nagusiak: alde batetik, pentsiodunen kasurako
ere berariaz jasotzea elkarbizitza-unitatearen izaera, are beste senide batzuekin
bizi direnean ere, eta, beste alde batetik, kasu horietarako prestazioaren
gehienezko kopurua gehitzea, pertsona horiek lan-merkatura sartu eta beren
diru-sarreren maila handitzeko duten ezintasuna dela-eta.
Artikulu bakarra - Gizarte Eskubideen Agiriaren
abenduaren 27ko 10/2000 Legea eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren
22ko 12/1998 Legea aldatzekoa.
Lehena - Gizarte Eskubideen Agiriaren
abenduaren 27ko 10/2000 Legearen 7. artikulua era berri batez idazten da:
"1. Oinarrizko errentaren zenbatekoa
urteko diru-sarrera hauek ziurtatzeko behar dena izango da: urteko lanbide
arteko gutxieneko soldataren % 88, hamabi hilabetetan emana, pertsona bakar
batentzat, gehi soldata horren % 25 bigarren pertsonarentzat, gehi soldata
beraren % 10 hirugarren pertsonarentzat eta harengandik aurrerako
bakoitzarentzat.
2. Oinarrizko errentaren hileroko
kopurua, Gizarte Bazterkeriaren kontrako maiatzaren 22ko 12/1998 Legea 3.
artikuluaren 2. paragrafoan arautzen diren kotizaziodun pentsioen edo kotizazio
gabeko pentsioen onuradun diren pertsonentzat, honako hau izango da:
a) Lanbide arteko gutxieneko
soldataren % 100 pertsona bakarreko elkarbizitza-unitateentzat.
b) Lanbide arteko gutxieneko
soldataren % 125 bi pertsonako elkarbizitza-unitateentzat.
c) Lanbide arteko gutxieneko
soldataren % 135 hiru pertsona edo gehiagoko elkarbizitza-unitateentzat.
3. Ezein elkarbizitza-unitatek ez du
jasoko oinarrizko errenta gisa lanbide arteko soldataren % 125 baino kopuru handiagoa. Salbuespen gisa, muga hori
gainditu egin daiteke pentsio-eskubidedunek osatutako elkarbizitza-unitateetan,
lanbide arteko gutxieneko soldataren % 135era arte; orobat gainditu ahal izango
da Eusko Jaurlaritzak beharrizanen bilakaera ikusirik arautuko dituen kasuetan.
4. Artikulu honetan ezarritako
oinarrizko errenta euskal herritarrei eragin liezaieketen pobrezia-egoerak
desagerrarazteko nahiaren barruan kokatzen da. Nahi hori betetzen dela
egiaztatu ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko aginte publikoen erakunde
ofizialek herritar horien esku jarriko dute garrantzizko izan litekeen datu eta
informazio guztia.
Horretarako, kontuan
hartuko dira pobrezia-egoerak gainditzeko euskal administrazio publikoek, maila
ekonomiko eta sozial batzuetan eta besteetan, martxan jartzen dituzten politika
guztiak".
Bigarrena - Idatz-zati bat
gehitzen zaio Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legearen
3. artikuluaren 2. paragrafoari. Horrenbestez, artikulu hori honela geratuko
litzateke idatzita:
"1. Lege honen ondorioetarako,
etxebizitza edo bizitoki batean bizi diren pertsona hauek edo pertsona-talde
hauek joko dira elkarbizitza-unitate ekonomiko beregaintzat:
a) Etxebizitza edo bizitoki batean
bakarrik bizi diren pertsonak.
b) Etxebizitza edo bizitoki batean
elkarrekin bizi diren bi pertsona edo gehiago, honako harreman hauetakoren
baten bidez elkarturik daudenean: ezkontza edo ezkontzaren antzeko beste
harreman-mota iraunkor bat, adopzioa, 4. gradura arteko ahaidetasuna odol bidez
edo 2. gradura arteko ahaidetasuna ezkontza bidez.
Lege honen ondorioetarako,
ezkontzaren antzeko harreman iraunkorra fede emateko eran egiaztatu beharko da.
c) Behar larriagatik etxebizitza edo
bizitoki berean bizi diren bi pertsona edo gehiago, nahiz eta ez egon
elkarturik aurreko paragrafoan aipatutako harremanetako ezeinen bidez; nolanahi
ere, behar larriak egiaztatu ahal izateko modukoa izan beharko du.
2. Salbuespen gisa,
elkarbizitza-unitate ekonomiko beregaintzat jo ahal izango dira etxebizitza edo
bizitoki berean aurreko zenbakian aipatutako erako unitateekin batera bizi
diren pertsonak.
Betiere, halakotzat joko
dira zahartzaro-, baliaezintasun- edo alargun-pentsio kotizaziodun edo
kotizaziorik gabekoen onuradunak, bai eta haien ezkontideak edo haiekin
ezkontzaren antzeko harreman iraunkorra duten pertsonak, eta ekonomikoki haien
mendeko diren pertsonak.
3. Halaber, elkarbizitza-unitate
ekonomiko beregaintzat joko dira tratu txarrengatik beren ohiko bizilekua utzi
eta beste pertsona batzuen bizileku batean bizitzera jarri behar izan duten
pertsonak, beste pertsona horiek senitarteko izan edo ez.
4. Lege honen ondorioetarako,
etxebizitza edo bizitokitzat joko da beregainki eta agintaritza baten edo
araubide erkide baten pean egon gabe bizi nahi duen pertsona batek ohiko
egoitzatzat erabiltzen duen leku fisikoa, edo beregainki eta agintaritza baten
edo araubide erkide baten pean egon gabe elkarrekin bizi nahi duten pertsona
batzuek ohik egoitzatzat darabilten leku fisikoa.
Erregelamendu bidez
zehaztu ahal izango da zein kasutan jo ahal izango diren, lege honen ondorioetarako,
egoitza kolektiboko leku fisikoak etxebizitza edo bizitoki beregaintzat".
Azken Xedapenak
Lehenengoa - Erregelamendu
bidezko garapena
Eusko Jaurlaritzak baimena du lege hau
garatu eta ezartzeko behar diren xedapen guztiak emateko.
Bigarrena - Indarrean sartzea
Lege hau, oinarrizko errentaren hileroko
kopuruari dagokionez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta
hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Elkarbizitza-unitatearen aldaketari
dagokionez, honako Lege hau 2009ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.