8/2006 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskadiko Kooperatiben Legearen bigarren aldaketarena.
2006-12-01Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2006/12/15, 238. zk.; EAO, 2011/11/4, 266. zk.
§ 281. 8/2006
LEGEA, ABENDUAREN 1EKOA, EUSKADIKO KOOPERATIBEN LEGEAREN BIGARREN ALDAKETARENA
ZIOEN AZALPENA
Europako Parlamentuaren eta
Kontseiluaren 2002ko uztailaren 19ko 1606/2002 Erregelamenduari jarraiki,
nazioarteko kontabilitate-arauak Europar Batasunean aplikatzea erabaki zen.
Arau horietarik gehienak geroago onartu egin ziren, Batzordearen 2003ko
irailaren 29ko 1725/2003 Erregelamenduaren bidez.
International Accounting
Standards Board (IASB) erakundeak, berriki, 32. nazioarteko kontabilitate-araua
berrikusi du, finantza-tresnei buruzkoa; gainera, kooperatibetako bazkideen
ekarpenei nazioarteko kontabilitate-arau hori aplikatzeari buruzko
interpretazioa eman du Finantza Informazioko Nazioarteko Arauak Interpretatzeko
Komiteak (IFRIC 2), eta Batzordeak 2237/2004 eta 1703/2005 erregelamenduen
bitartez onartu ditu, hurrenez hurren, berrikuspena eta interpretazioa. Hori
dela eta, ezingo dira baliabide propiotzat hartu kooperatiben baltzu-kapitalari
egiten zaizkion ekarpenak, nahitaezkoak zein borondatezkoak, bazkideek ekarpen
horiek berreskuratzeko eskubide baldintzagabea baitute.
2005eko urtarrilaren 1az
geroztik, nazioarteko arau horiek kreditu-kooperatibei aplikatzen zaizkie, eta,
2007ko urtarrilaren 1etik aurrera, merkatu araupeturen batean kotizaziorako
onartutako errenta finkoko balioak jaulki dituzten kooperatibei aplikatuko
zaizkie. Era berean, ziur aski hemendik lasterrera gainerako kooperatibei
aplikatuko zaizkie, kontuan izanik kontabilitate-arloko merkataritza-legeria
eraberritu eta egokitzeko aurreproiektu bat dagoela, Europar Batasunaren
arauetan oinarritutako nazioarteko harmonizatzea gauzatzeko.
Kontabilitate-arau horiek
zuzenean talka egiten dute Euskadiko Kooperatiben Legearen 63. artikuluaren
oraingo egituraketarekin (artikulu horrek bazkideek beren ekarpena berreskuratzeko
eskubide eztabaidaezina araupetzen du), eta horrek, artikuluaren idazkera bere
horretan mantenduz gero, eragin larriak izango lituzke kooperatibek
hirugarrenen aurrean duten kaudimen-irudian, eta, era berean, ondorioak
kooperatiben ekonomia-jardueraren garapenerako.
Hortaz, beharrezkoa da
bazkideen berreskurapen-eskubidea kontabilitate-irizpide berriekin
harmonizatzea. Horrela, euskal kooperatibetan, bazkideek baltzu-kapitalari
egiten dizkioten nahitaezko eta borondatezko ekarpenak egiazki baliabide propio
gisa kontabilizatu ahal izango dira, kooperatiben balio eta hastapenei eragin
gabe eta Euskadiko Kooperatiben Legearen espirituari erasan gabe.
Lege-aldaketa honi esker,
kooperatiba bakoitzak erabaki dezake, hala nahi badu, baltzu-estatutuetan aurreikustea
baltzu-kapitalari egindako ekarpen ez-galdagarri baina kooperatibaren erabakiz
berreskuragarri diren ekarpenak egoteko aukera. Horrek aukera emango du
bazkideen ekarpenak baliabide propio gisa kontabilizatzeko.
Ildo beretik, Euskadiko
Kooperatiben Legearen 57. artikuluaren idazkera berrian, Batzar Orokorrari
dagokio ekarpen galdagarriak nahitaez ez-galdagarri bihurtzearen gaineko
erabakia, eta, bihurketa horrekin ados ez badaude, kooperatiba uzteko eskubidea
ematen zaie bazkideei. Eskubide horretaz baliatzea, gainera, bidezko bajatzat
hartuko da.
Era berean, 57. artikuluan
(1.bis paragrafoan) beste aukera bat eskaintzen da, baltzu-estatutuek hala
aurreikusten badute, baltzu-kapitalaren ehuneko bat baliabide propioa izango dela
ziurtatzeko, eta, horren arabera, ehuneko hori gaindituz gero, gainerako
berreskurapenak egiteko, Artezkaritza Kontseiluaren aldeko erabakia beharko da.
Jarraian, berreskuratzeko
eskatu eta kooperatibak berreskurapena ezetsi duen ekarpenen titularrentzako
berme batzuk araupetzen dira, ordainketaren eta baltzuaren ondasunetan duten
parte-hartzearen inguruan. Beraz, titular horiek lehentasunezko ordainsari bat
bermatuta daukate balioari dagokionez, baldin eta kooperatibak beste ekarpen
batzuk ordaindu edo itzulkinen bat banatu nahi badu; kooperatibaren desegitea
gertatuz gero, berriz, bazkideen aurretik parte hartuko dute baltzuaren
ondasunetan.
Azkenik, beste aukera hau ere
ageri da: estatutuetan araupetu ahal izango da bazkide berrien ekarpenak beste
ekarpen batzuk -kooperatibak ezetsi dituen berreskurapenak, alegia- eskuratzeko
erabiliko direla. Era berean, Euskadiko Kooperatiben Legearen beste xedapen
batzuen idazkera zehazten da, aldatutako artikuluen idazkera berriarekin bat
etorriz.
Azaldutako guztiagatik,
Autonomia Estatutuaren 10.23 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari
kooperatiben arloan egozten dion eskumen esklusiboaz baliatuz, Euskadiko
Kooperatiben Legearen 57, 60, 62, 63, 94 eta 103. artikuluak aldatzen dira.
Lehen artikulua. Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 57.1
artikulua. Baltzu-kapitala
Euskadiko Kooperatiben
ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 57.1 artikuluak honako idazkera hau izango du:
"1. Kooperatibaren
baltzu-kapitala bazkideek kapital horri egiten dizkioten ondare-ekarpenek,
nahitaezkoek edo borondatezkoek, osatuko dute. Ekarpenok honelakoak izan
ahal izango dira:
a) Baja gertatuz gero berreskuratzeko eskubidea
duten ekarpenak.
b) Estatutuetan aurreikusitakoaren arabera, Batzar
Orokorrak edo Artezkaritza Kontseiluak, baldintzarik gabe, berreskuratzea
ezetsi dezakeen ekarpenak.
Baja gertatuz gero bazkideek berreskuratzeko eskubidea duten ekarpenak
kooperatibak, baldintzarik gabe, berreskuratzea ezets dezakeen ekarpen
bihurtzeko, edo alderantzizko bihurketa egiteko, Batzar Orokorrak hartarako
erabakia hartu beharko du. Bazkideren bat horrekin bat ez baldin badator, baja
hartu ahal izango du; baja hori bidezkotzat joko da".
Bigarren Artikulua - Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 57.1.bis artikulua. Baltzu-kapitala
1.bis paragrafoa eransten zaio
Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 57.1 artikuluari, eta
honako idazkera hau izango du:
"1.bis Ekitaldi ekonomiko batean
itzuli beharreko ekarpenen zenbatekoa estatutuetan ezarritako
baltzu-kapitalaren ehunekoa baino handiagoa bada, estatutuetan aurreikusi ahal
izango da kasu horietan ekarpenak berreskuratu ahal izateko Artezkaritza
Kontseiluak horren aldeko erabakia hartu beharko duela.
Bazkideren bat ehuneko hori ezarri edo gutxitzearekin bat ez baldin
badator, baja hartu ahal izango du; baja hori bidezkotzat joko da.
Kasu horretan,
aplikatzekoak izango dira, era berean, 60. artikuluaren 4. paragrafoa, 62. artikuluaren
1. paragrafoa eta 94. artikuluaren 3. paragrafoa".
Hirugarren Artikulua - Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 60.4 artikulua. Ekarpenen interesa
4. paragrafoa eransten zaio
Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 60. artikuluari, eta honako
idazkera hau izango du:
"4. Batzar Orokorrak
ekarpenentzako interesen bat sorraraztea edo erabilgarri dituen soberakinak
itzulkinetara edo erreserba banagarrietara bideratzea erabakitzen badu, 57.1.b
artikuluan aurreikusitako ekarpenek, kooperatibak haiek berreskuratzea ezesten
badu eta titularrek baja hartu badute, lehentasunezko ordainsari bat izango
dute. Ordainsari hori baltzu-estatutuetan ezarriko da".
Laugarren Artikulua - Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 62. artikulua. Ekarpenen eskualdaketa
Euskadiko Kooperatiben
ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 62. artikuluak honako idazkera hau izango du:
"Ekarpenak honela
eskualdatu ahal izango dira:
1. Bazkideen eta hurrengo hiru hilabeteetan
bazkide izatera obligatzen direnen arteko inter vivos egintzen bidez, eta
estatutuetan ezarritako baldintzetan.
Estatutuetan aurreikusi ahal izango da bazkide berrien hasierako nahitaezko
ekarpenak 57.1.b artikuluan aurreikusitako ekarpenak eskuratuz egin behar
izatea, hau da, kooperatibak berreskuratzea ezetsi duen ekarpenen bidez,
betiere haien titularrek baja hartu ondoren. Eskualdaketa hori horrelako
ekarpenak berreskuratzeko eskabideen antzinatasun-hurrenkeraren arabera egingo
da, eta data berean egindako eskabideen kasuan ekarpenen zenbatekoaren
araberako proportzioan banatuko da.
2. Mortis causa oinordetzaren bidez,
eskubide-hartzaileei, haiek bazkideak badira eta eskatzen badute; edo, bazkide
ez badira, bazkide gisa onartu ondoren, 20. artikuluan xedatutakoarekin bat
etorriz, eta, horretarako, onartzeko eskaria heriotza gertatzen denetik hiru
hilabeteko epean egin beharko da. Bestela, baltzu-ekarpenari dagokion
kredituaren kitapena jasotzeko eskubidea izango dute, hurrengo artikuluan aurreikusten
diren baldintzetan".
Bosgarren Artikulua - Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 63. artikulua. Ekarpenen berreskurapena
Euskadiko Kooperatiben
ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 63. artikuluak honako idazkera hau izango du:
"1. Baltzu-kapitalari egindako
ekarpenen berreskurapena estatutuetan araupetuko da, eta kenketak nahitaezko
ekarpenen gain baino ez dira ezarri ahal izango. Kenketok, dena dela, ez dira %
30etik gorakoak izango, kanporatzea gertatuz gero, ez eta % 20tik gorakoak ere,
bidezkoa ez den baja izanez gero.
Itundutako gutxieneko iraupen-aldia bete ezean, bidezkoa ez den bajarako
kenketa-ehunekoak gehienez ere ehuneko hamar puntu gehitzea aurreikusi ahal
izango da estatutuetan.
2. Kasu bakoitzean aplikatu beharreko
kenketa-ehunekoa erabakitzeko eskumena administratzaileek izango dute.
3. Arestian aipatutako kenketen aurka
joan gabe, baja hartzen duen bazkideari itzuli beharreko ekarpenaren
deskontu-ondorioetarako, baja gertatzen den ekitaldiko itxiera-balantzean
jasotako galerak zenbatuko dira, direla ekitaldi horri dagozkionak, direla
aurreko beste ekitaldi batzuetatik datozenak edo konpentsatu gabe daudenak.
4. Berreskuratzeko epea, bajaren
datatik aurrera, ez da bost urtetik gorakoa izango. Bazkidearen heriotza gertatuz
gero, eskubide-hartzaileei egin beharreko itzulketa gertaera eragilea izan
denetik gehienez urtebeteko epean egin beharko zaio.
57.1.b artikuluan aurreikusitako ekarpenetarako, aurreko lerrokadan
aipatutako epeak kooperatibak berreskurapena erabakitzen duen datatik aurrera
zenbatuko dira.
5. Kooperatibak berreskurapena
erabakitzen duen ekarpenetan, berreskuratzeke dauden kopuruak ez dira eguneratu
ahal izango, baina diruaren legezko interesa jasotzeko eskubidea emango
dute".
Seigarren artikulua - Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 94. artikulua. Baltzuaren ondasunen esleipena
3. paragrafoa eransten zaio
Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 94. artikuluari, eta
honako idazkera hau izango du:
"3. 57.1.b artikuluan
aurreikusten diren ekarpenak berreskuratzen ez dituzten bitartean, baja hartu
duten eta kooperatibak berreskurapena ezetsi dien titularrek ere baltzuaren
ondasunen esleipenean parte hartuko dute, Heziketako eta Kooperatiba
Sustapeneko Funtsaren ondoren eta, baltzu-estatutuetan kontrakorik aurreikusten
ez bada, gainerako ekarpenen itzulketaren aurretik".
Zazpigarren artikulua - Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 103. artikulua. Etendura edo nahitaezko baja, ekonomia, teknika, antolaketa, ekoizpena edo ezinbesteko arrazoiak direla medio
Euskadiko Kooperatiben
ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 103. artikuluaren 2. paragrafoak honako idazkera
hau izango du:
"2. Agertzen diren ekonomia,
teknika, antolaketa eta ekoizpen arloko edo ezinbesteko arrazoien larritasuna
dela eta, beharrezkoa bada, kooperatibaren ekonomia-bideragarritasunari
eusteko, lanpostuen edo zenbait lanbide-kolektibo edo -talderen kopuru orokorra
behin betiko murriztea, Batzar Orokorrak erabaki beharko du zenbat bazkideri eta
zeintzuei harraraziko zaien baja kooperatiban. Kasu horietan, baja nahitaezko
bidezkotzat joko da, eta baja hartu behar izan duten bazkideek eskubidea izango
dute baltzu-kapitalari egin dizkioten ekarpenak berehala itzul diezazkieten,
eta lehentasuneko eskubidea gordeko dute kooperatibara itzultzeko bajaren
ondorengo bi urteetan, baldin eta betetzen zuten lanpostuaren antzeko beste
lanposturik sortzen bada.
Baja hartu behar izan duten bazkideak 57.1.b artikuluan aurreikusitako ekarpenen
titularrak badira eta kooperatibak ekarpen horiek berehala itzultzea
erabakitzen ez badu, kooperatiban irauten duten bazkideek berehala eskuratu
beharko dituzte ekarpen horiek, Batzar Orokorrak erabakitako
baldintzetan".
Lege hau Euskal Herriko
Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.