8/2004 Legea, azaroaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriakoa.
2004-11-12Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2004/11/29, 228. zk.; EAO, 2011/11/19, 279. zk.
§ 266. 8/2004
LEGEA, AZAROAREN 12KOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO INDUSTRIAKOA
ZIOEN AZALPENA
I
Legezko erreserbaren eta legezkotasunaren
itzalpean -Konstituzioko printzipioak baitira-, Autonomia Erkidego honetan,
legezko iturri izango da lege hau, eta haren arabera arautuko da industria-jarduera,
haren arabera mugatuko, mugarik behar badu, industrian jarduteko modua
-orokorrean, industriak jartzeko eta industrian aritzeko askatasuna baita
nagusi-, haren arabera arautuko produktuen zirkulazio-askatasunerako mugak,
eta, bereziki, haren arabera erabakiko aginte publikoen esku hartzeko
araubidea, bai ezer betearazi behar denerako bai ezer arautu behar denerako.
Esparru horretan ematen zaio arau hau
Euskal Autonomia Erkidegoari. Industria-jarduerarekin zerikusia duten alderdi
guztiak daude jasota arau honetan, bai ekonomia-jarduera hori egin eta
sustatzeari dagokionez bai industriako instalazio, tresna, ekipo eta produktuen
segurtasuna eta kalitatea bermatzeko beharrezko eskakizunak eta baldintzak
jartzeari dagokionez, eta, horretarako, jarduera horrek berez arriskurik ere
badakarrenez, herritarren babeserako esparrua ere ezarri da.
II
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko
gizartea, ekonomia eta teknologia ez dira, jada, garai batekoak, eta,
horrenbestez, arauak ere eguneratu eta aldatu beharra zegoen, derrigor. Hona hemen, besteak beste, zerk ekarri duen egoera berri hori:
1.- Euskal industria ez da geldirik egon, eta, bilakaera horretan,
beste jarduera batzuei heldu die. Orain, prozesu ekonomikoek eta produkziokoek
beste oinarri batzuk dituzte, hau da, teknologia berriak erabiltzen dira,
prozesuak beti berrituz doaz eta enpresak kudeatzeko sistemak aldatzen ari
dira.
2.- Egunetik
egunera, informazioaren eta ezagutzaren gizartea garatuz eta ezarriz doa, eta
aginte publikoek ere badute zeregina ibilbide horretan, haien betebeharra baita
gizarte berri horri ateak zabaltzeko azpiegitura sortzea eta bultzatzea, eta
haien betebeharra, era berean, teknologia horretara eta horren edukietara
iristeko aukera herritar guztiek baldintza berberetan izateko beharrezko
tresnak sortzea.
3.- Produktu
batzuk fabrikatzeko arau teknikoak Autonomia Erkidegoa baino goragotik
datozkigu aginduta, eta beren kontrol eta berme sistema bereziak dakartzate, CE
markatzailea esate baterako. Industria-arloa bera ere bere burua arautzeko
geroz eta sistema gehiago ari da sortzen, arau pribatuak ezarriz, eta,
horrenbestez, Administrazioaren esku-hartzea behera doa, bai araugintzan bai
zeregin betearazlean.
4.- Baina,
aldi berean, teknikaren aldetik espezializatzeko beharra dago, eta eskakizun
teknologikoei Administrazioak segituan erantzun behar die, derrigor.
Horregatik, orain arte Administrazioarenak ziren hainbat eginkizun oinarri
pribatuko beste eragile batzuk ari dira beren gain hartzen geroz eta gehiago,
eta erabat sektore batzuetan.
Era berean, bateko eta besteko interesak
uztartu beharra dago, hau da, industriako jarduera, instalazio, ekipo, tresna
eta produktuen titular eta erabiltzaileen interesak industria-jarduerako
eragile laguntzaileen interesekin uztartu behar dira, batetik, eta herritarren
interes orokorrarekin, bestetik. Horretarako, betiere kontuan izan behar dira
ahalik eta gutxien esku hartzearen eta industriaren liberalizazioaren
printzipioak, ideia horiek izan dira-eta industriaren arloan orain arte
egindako arautze-lanen gidari.
III
Eskumenak Konstituzioan nola zedarrituta
dauden begiratuz gero, oinarrizko gai modura ageri dira, besteak beste,
industria-arloak antolatzea eta industriako prozesuak edo fabrikazio-prozesuak
arautzea, eta, zehatzago, industriako segurtasunaren azpigaian industriako
instalazio eta establezimenduen segurtasunarekin eta haietan egindako
produktuen segurtasunarekin zerikusia duten jarduerak.
Konstituzio Auzitegiak, gai honen inguruko
eskumenak zedarritzean, abiaburu hau izan du: industriako segurtasuna bermatu
beharra dela-eta, Estatuak du onartua gaia arautzeko ahalmena, eta, horrekin
batera, industria-gaietan eskumen esklusiboa duten autonomia-erkidegoek
xedapenak sortzeko ahalmena izango dute, Estatuaren xedapenen osagarri, baldin
eta Estatuaren legeetako aginduei balioa galarazten ez badiete edo lege horien
helburuak lortzea eragozten ez badute. Gaia arautzeko ahalmena, beraz, Estatuak
eta autonomia-erkidego batzuek dute aldi berean, eta Estatuko legegileak,
egoera hori antolatu nahi badu, errespetatu egin behar du eskumenaren
esklusibotasuna, kasuan kasuko estatutuan jartzen duenaren arabera.
Hain zuzen ere, Euskal Herrirako Autonomia
Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.30 artikuluak
honela dio Autonomia Erkidego honetaz: "Konpetentzia esklusiboa du
industrian, segurtasun, garrantzi militar eta osasun arrazoiengatik eta lege
berezipean diratekeen industrien ezarkuntza, zabalpen eta lekualdatzea izan
ezik, ez eta funtzio hauetarako legegintza espezifikoa behar duten guztiak ere,
eta atzerritar teknologiaren transferentzia egiteko aldez aurretiko kontratuak
behar dituztenak ere ez. Industria-sektoreen berrestrukturaketan, Estatuak
ezarriko dituen planak aurrera eraman eta betetzea Euskal Herriari
dagokio".
Estatua hartzen bada esparru modura, lege
honen hurbileneko aurrekariak Industriako uztailaren 16ko 21/1992 Legean daude.
Eduki askotan, lege hori oinarrizkoa da izatez, hala jartzen baitu azken xedapen
bakarrean (Konstituzioko 149. artikuluko 1. puntuko 1 eta 13. gaiekin dauka
zerikusia xedapen horrek).
Oinarriz ere, lege
honek badu zerikusirik aipatu berri den horrekin. Han oinarrizko modura
arauturik dauden printzipioak betetzea, han autonomia-erkidegoei emandako
ahalak eta edukiak garatu beharra, eta, bestalde, jarduera ekonomikoa
koordinatzea, derrigor: horiexek oinarriak. Koordinazio hori, berriz,
hartu-emanetarako baliabideak eta sistemak ezartzea da, hartara batak besteari
informazioa eman ahal diezaion, oinarrizko gauzetan teknika homogeneoa izan
dadin, eta administrazio bat eta bestea -bakoitza bere eskumenen bidetik-
elkarrekin ari daitezen, horrela zatikako ekintza oro sistemaren osotasunean
txertaturik geratzea lortzeko.
Azaldutako konstituzio-jurisprudentziaren
arabera, Industriako Legea oinarrizkoa izateak ez du esan nahi, inola ere ez,
araugintza autonomikoak ezin duela autonomia-erkidegoaren lurralderako araubide
bereizi eta propioa eraiki, oinarrizko modura sailkatutako mugen barruan.
Pentsa liteke kontraesanen bat ez ote dagoen oinarrizkoa izate horren eta
araugintza autonomikoaren artean, baina itxurazko kontraesan hori gainditurik
geratuko da kontuan hartzen bada autonomia-erkidegoak direla Estatuko legearen
jomuga; autonomia-erkidego horiek, araugintzarako duten eskumenaren barruan,
eskakizun eta baldintza osagarriak jartzeaz gainera, zuzenbide-esparru
substantiboa eta propioa ere osa dezakete, industria arau-gaitzat harturik.
Egituraz, legeak zazpi
kapitulu ditu, berrogeita bi artikulu, hiru xedapen gehigarri, aldi baterako
hiru eta bi azken xedapen.
I. kapituluan xedea,
aplikazio-eremua, eskumen-mugaketa eta industrien erantzukizun-araubidea datoz
definiturik. Industriako erantzukizunerako araubidearen barruan, eta industriako
jarduerak edo instalazioen erabilerak sor ditzaketen kalteak gogoan harturik,
industriako jardueren eta instalazioen titularren erantzukizun orokorra dator
zehazturik, erantzukizun zibileko araubide orokorraren arabera.
Segurtasun-beharra duten produktu, tresna edo ekipoak fabrikatu, saldu edo
inportatzen dituztenen erantzukizun orokorra ere badator zehazturik, eta,
jarraian, esparru honetan diharduten eragileen erantzukizuna zehazten da
berariaz.
II. kapituluak
"Industria-jarduerak" du izena. Araubide orokor modura, industrian
jarduteko askatasuna eta industrietako produktuak salerosteko askatasuna dakar
jasota, baina produktu horiek segurtasuneko eskakizun eta baldintza
teknikoetako arauak bete behar dituzte, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen
interesak bermatze aldera. Industrien Erregistroa ere kapitulu honetan dago
jasota; industrian aritzeko, nahitaezkoa da hor izena ematea, horixe da muga
bakarra.
III. kapituluan, berriz, industriako
segurtasunean aplikatzeko araubide juridikoa dator zehazturik, ahalik eta
gutxien esku hartu beharra printzipiotzat hartuta; horretarako, industriako
segurtasuna zaindu beharrean dauden instalazioak baimentzeko eta kontrolatzeko
prozesuetan Administrazioari laguntzen dioten erakundeek zein lege-esparrutan lan
egin behar duten zehazten du. Hain zuzen ere, bi gauza garatzen dira: eragile
horiek zein lege-esparrutan lan egin behar duten, eta, eragile horiek ahalmen
batzuk jasoko dituztenez, herritarrek ahalmen horien aurrean izango dituzten
babes eta berme tresnak.
Beste alde batetik, industriako jardueren
edo instalazioen titularrek Administrazioari segurtasuneko eskakizun eta
baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko zein sistema erabili behar duten ere
arautzen da. Era berean, halako jarduerek edo halako instalazioen
funtzionamenduak dakartzaten arriskuei aurre egiteko eta haietatik babesteko
lanean Administrazioak eta agintari publikoek zertan noiz esku har dezaketen
eta zein ahalmen izango dituzten ere mugatzen da.
IV. kapituluan, kalitatearen eta industriako
segurtasunaren artean legez zein muga dagoen dator zehazturik. Industriako
kalitate-kontuetan Herri Administrazioak zein lan-ildori jarraitu behar dion
ere jasotzen da, ea, hartara, oinarri autonomikoko erakundeak sortzen diren bai
normalizaziorako bai egiaztapenetarako eta ziurtapenetarako.
"Industria sustatzea" da V.
kapitulua. Herri-administrazio eskudunek industria-jarduera sustatzeko garatzen
dituzten eduki ekonomikoko plan eta programek bete behar dituzten gutxieneko
oinarri eta helburuak daude hor jasota. Esku-hartze hori lau arlo nagusiren
inguruan dago egituraturik: industria sustatzea, informazioaren eta ezagutzaren
gizartea, teknologia eta berrikuntza, eta nazioarteratzea.
VI. kapituluan, industria-jardueren fase
guztietan parte hartzen duten eragileen erantzukizuna dator arauturik. Aldi
berean, zehatzeko araubidea zehazteaz gain, arau-hausteak tipifikatu,
erantzuleak nor diren zehaztu, eta zehapen-sistema eta zehapen horiek nola
erabaki ere zehazten da.
Alde horretatik, eta Euskal Autonomia
Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko
2/1998 Legean zehazturiko printzipioak zorrotz baino zorrotzago bete nahian,
zehatzeko araubideari printzipio hauek jartzen zaizkio oinarritzat:
tipo-sistema, erruduntasuna eta erantzukizuna, heinekotasuna eta legezkotasuna.
Arau-hauste eta zehapen sistema objektibo baten bidez, bazterrean uzten da
tipoak analogiaz aplikatzeko aukera, eta, horrela, segurtasun juridikoaren
aldera egiten da nabarmen, zehapenak jartzeko orduan edo halako beste neurriren
bat hartzeko orduan ez dadin subjektibotasunik edo arbitrariotasunik izan.
Beste alde batetik, batzuen eta besteen
eskubideak bateratzeko ahalegina egin da: erantzulearen eskubideak, haren
jokaerak kalte egindakoen interesak eta industriako instalazioen segurtasuna
bera. Eta, aldi berean, zehapenak zehatz-zehatz mailakatuz, eta dagozkien
inguruabarretan oinarriturik zehaztuz, zehapenak objektiboak izatea nahi da,
eta printzipioen artean aipatu den neurriz jokatu behar hori (heinekotasuna)
bete nahi da.
VII. kapituluak, berriz, Administrazioak
esku hartzeko gehienez ere zein gaitasun duen azaltzen eta mugatzen du.
Esku-hartze hori, kasu honetan, interesatua industriako diziplinara itzularazteko
eta industriaren eta produktuen segurtasuna benetan lortzeko beharrezko
neurriak harrarazteko izango da.
Arau-hausteetarako eta zehapenetarako
sistema orokor bat eratu da, eta, orokorrean, industriarako eta meatzaritzarako
balio du. Baina, hala ere, lehen xedapen gehigarrian, meatzaritzaren berezko
espezialitateak mugatzeko beharra zegoela pentsatu da. Izan ere, meatzaritzako
arau-hausteetan Industriako uztailaren 16ko 21/1992 Legeko zehatzeko araubidea
aplikatzeak gaur egun segurtasun juridikorik eza dakar, eta egoera hori legez
argitzea da asmoa. Aplikazio hori Meatzeetako uztailaren 21eko 22/1973 Legean
ezarrita dagoen arau-hausteen tipifikaziotik dator, Konstituzio aurreko lege
hori indarrean baitago.
Azkenik, azken xedapenetako bigarrena
dela-eta, industriako eskumenak dituen organoak arautu ahal izango ditu, agindu
bidez, eskakizun eta baldintza teknikoak -huts-hutsik teknikoak direnak-,
hartarako gaitasuna eman baitzaio. Eta gaitasun hori eman zaio, produktu-mota
edo instalazio-mota bakoitzerako arau teknikoak izugarri konplexuak direlako
teknikoki eta oso zehatzak izan behar dutelako. Eta arautze-figura hori erabili
da, hain zuzen, zientzia eta teknologia etengabe ari direlako eraldatzen, eta,
arau teknikoek ere derrigor haietara egokitzeko modukoak izan behar dutenez,
arauak sortzeko eta aldatzeko behar bezain prozedura azkar eta malguak erabili
behar direlako.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. Artikulua -
Xedea eta aplikazio-eremua
1.- Hauxe
da lege honen xedea: Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuan, industrian
jarduteko eta industria sustatzeko arauen esparrua zehaztea eta, industriako
segurtasuna eta kalitatea dela-eta, Administrazioak esku hartzeko jarraibideak
eta industriako instalazioak, tresnak, ekipoak, prozesuak eta produktuak
kontrolatzeko jarraibideak zehaztea.
2.- Horixe
da xedea, eta helburuak, berriz, beste hauek:
a) Enpresa-askatasunaren eta egoitza jartzeko
askatasunaren itzalpean, industrian jardutea babestea.
b) Industrien segurtasuna eta kalitatea sustatzea
eta kontrolatzea.
c) Europar Batasuneko Zuzenbideak eta
nazioarteko hitzarmen eta itunek zehazturiko esparruan, industriako produktuen
joan-etorri askea babestea.
d) Industriako erantzukizun-araubidea zehaztea.
e) Industria-jarduera, teknologia eta berrikuntza
sustatzea.
f) Industria-jardueraren plangintza
estrategikoa.
3.- Euskal
Autonomia Erkidegoan dauden industria, tresna, ekipo, produktu edo instalazio
guztiek (baita industria-segurtasuneko instalazio energetikoek ere) bete behar dituzte
arau honetako xedapenak, eta berdin dio zertarako diren, nola erabiltzen diren
edo non dauden.
4.- Eskumena
Autonomia Erkidego honen eskuetan baldin badago, meatokiak eta gainerako
baliabide geologikoak ikertzeko, aprobetxatzeko eta etekina ateratzeko lanek
ere, beren lege berezietan jasota ez duten edozertan, lege hau bete beharko
dute, eta berdin dio baliabide horiek zein jatorri duten edo zein egoera
fisikotan dauden.
2. Artikulua -
Arauak garatzea
1.- Industria-gaietan,
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio halako aplikazio-eremu jakin batean halako
arau jakin bat nahitaezkoa dela deklaratzea edo erregulazio berezi bat
zehaztea, baldin eta premia hori interes publikoak babestu beharrak badakar eta
interes horietako eskumena berari badagokio, edo nazioarteko akordioren batek
agindurik, akordio hori aplikatzea bere eskuetan badago.
2.- Lege
honetako gaietan, arauen betearazte edo transposiziorik egin beharrik baldin
badago, Autonomia Erkidego honetako organo eskudunek egingo dute, baldin eta dena
delako gaian eskumena berari badagokio.
3.- Eta,
Industriako uztailaren 16ko 21/1992 Legean erabakitakoaren arabera, Estatuko
arauetan jasotakoez gainera, Euskal Autonomia Erkidegoak beste eskakizun
osagarri batzuk ere sar ditzake, edo arau autonomiko bat onartu, baina,
horretarako, osotasunean, Estatuko arau baliokidearen aldean segurtasun-maila
handiagoa ekarri behar du.
3. Artikulua -
Industriako erantzukizunetarako araubidea
1.- Industrian
jarduteak edo industriako instalazioak, tresnak, ekipoak edo produktuak
erabiltzeak edo haien funtzionamenduak inolako kalterik eragiten badu,
titularra izango da erantzulea, datozen puntuetan eta aplikatu beharreko
zuzenbide pribatuko arauetan jartzen duenak bere hartan dirauela.
2.- Industriako
segurtasun-arauen pean dauden produktu, tresna edo ekipoak fabrikatu, saldu edo
inportatzen dituztenak dira gauza horiek arau teknikoak betetzearen erantzule.
3.- Lege
honen pean dauden tresna, ekipo edo instalazioak egiten, erabiltzen, zaintzen
edo kontrolatzen parte hartzen duten pertsona fisiko eta juridikoei dagokienez,
beren lanaren edozein fasetan eragiten dituzten kalteen erantzule izango dira
pertsona horiek, baita erregelamenduz ezarrita dauden segurtasuneko baldintza
eta eskakizun teknikoak betetzearen erantzule ere. Alde horretatik, hona zer
erantzukizun dagokion bakoitzari:
a) Egitasmoa edo beste edozein agiri tekniko egiten duenari
instalazioa ondo diseinatzea.
b) Azken ikuskatzearen edo obra-zuzendaritzaren ziurtagiria egiten
duen teknikari edo pertsonari, obra egitasmoaren araberakoa izatea, obra
egitearen zuzendaritza, beharrezko egiaztatze eta probak egitea, eta azken
ziurtagiria.
c) Instalazioaren titularraren edo erabiltzaileari, instalazioa
ondo erabilita, zainduta eta mantenduta egotea, eta dagokion erregelamendua
betetzen dela egiaztatzea.
d) Enpresa baimendunei, haien esku utzitako
instalazioak behar bezala egitea edo mantentzea, eta baimena emateko jarri
zitzaizkien baldintzak betetzea.
e) Energia banatzen edo salerosten duten enpresei, energiaz hornitzen
dituzten instalazioek, bai martxan jarri aurretik eta bai sakoneko aldaketaren
bat egindakoan, egiaztaturik izan dezatela erregelamenduz ezarritako
segurtasun-baldintzak betetzen dituztela.
f) Lege honetan zehazturik dauden gainerako eragile laguntzaileei,
habilitazioaren arabera dagozkien eginkizunak erregelamenduan jartzen duen
moduan betetzea.
4.- Beharrezkoa
gertatzen bada artikulu honetan zehazturiko erantzukizunak eskatzea, lege
honetako VI. kapituluan arau-hauste eta zehapenetarako jasotako araubidearen
arabera egin beharko da.
II. KAPITULUA
INDUSTRIA JARDUERAK
4. Artikulua - Industria-jardueren baimenetarako eta funtzionamendurako
araubide orokorra
1.- Lege
honen ondorioetarako, hauek dira industria-jarduerak: industriako produktuak
lortzeko, konpontzeko, mantentzeko, eraldatzeko edo berriro erabiltzeko
jarduerak, ontziratzea eta paketatzea, eta hondarrak edo azpiproduktuak
aprobetxatzea, berreskuratzea eta ezabatzea -eta berdin dio zein baliabide edo
prozesu tekniko erabiltzen den-, Industriako uztailaren 16ko 21/1992 Legean
jartzen duen moduan.
2.- Industrian
jarduteko askatasuna dago, baita industria-jarduerak beste leku batera
eramateko eta handitzeko ere, non eta ez den bestelakorik agintzen interes
publikoak eragindako lege baten bidez edo nazioarteko hitzarmen edo itun bidez.
3.- Aurreko
paragrafoan xedaturik dagoenari ezer kendu gabe, industrian jardun nahi
izatera, Euskal Autonomia Erkidegoko Industrien Erregistroan eman beharko da
izena, hurrengo artikuluan jartzen duen moduan.
5. Artikulua - Industrien Erregistroa
1.- Industrian
jarduteko, nahitaezkoa da Industrien Erregistroan izena ematea.
2.- Erregistroko
izen-emateak Autonomia Erkidego osorako balio du. Batez ere, administraziorako lan-tresna
bat da, eta informazioa eskuratzeko da, bai industriako segurtasunerako
beharrezko informazioa, bai industria-jarduerei buruzkoa eta bai jarduera
horiekin zerikusia duten zerbitzuei buruzkoa.
3.- Erregelamenduz
ezarritako moduan, Industrien Erregistroan jaso beharko dira, gutxienez,
enpresen, industrien eta industria-zerbitzuetarako enpresen eta eragile
laguntzaileen datu orokorrak (lege honetako 14. artikuluan daude zehazturik nor
diren eragile horiek).
4.- Era
berean, Administrazioak eska ditzake tamaina egiaztatzeko beharrezkoak diren
datu zehatzak, hala nola ekoizteko gaitasuna, energia-kontsumoa, baliabide
materialak eta langileak edo industria-jarduera deskribatzeko beste datu
adierazgarri batzuk, kasuan-kasuan isilpekotasuna dela-eta aplikatu beharreko
arauak errespetatuz.
5.- Izena
emateko prozedura printzipio hauen araberakoa izango da: bizkor ibiltzea,
Administrazioa arin ibiltzea eta izena eman behar duten industriek ahalik eta
kosturik txikiena ordaindu behar izatea.
6.- Erregistroa
publikoa da. Lege hau garatzeko xedapenetan zehaztuko da erregistrora nola
iritsi eta horko datuak nola zabaldu, eta baita industriako sekretu-arauen edo
kasuan-kasuan aplikatu beharreko arauen pean diren datuak isilpean bermatzeko
beharrezko arauak ere.
6. Artikulua -
Industriako produktuak salerostea
1.- Industriako
tresnak, ekipoak edo produktuak salerosteko askatasuna dago, eta
egiaztapenetatik edo adostasun-adierazpenetatik datozenak izango dira eskakizun
edo muga bakarrak, halakorik egin beharra badakar arauren batean.
2.- Industria-produktuek
arauzko segurtasun-baldintzak betetzen ote dituzten laginketa bidez
egiaztatzeko, industriako eskumenak dituen sailak hainbat plan eta kanpaina
egingo du.
3.- Ikusten
baldin bada halako industria-produktu jakin batek ez dituela arauzko
segurtasun-baldintzak betetzen, akatsak zuzentzeko aginduko da, eta horretarako
epea ere zehaztuko da. Eta, horretaz gainera, pertsonentzat edo ondasunentzat
arriskutsu den akatsik igarriz gero, produktua merkatutik kentzea erabaki
daiteke, edo deuseztatu egingo dela bermatzeko beste neurri batzuk hartzea.
4.- Aurreko
puntuan zehazturik dauden neurri horiek hartu baino lehenago, interesatuari
entzun beharko zaio; arriskua berehalakoa bada, ordea, gero entzungo zaio. Nolanahi
ere, neurri hauek hartzeak ez du esan nahi jarri beharreko zehapenik jarriko ez
denik eta lan arloko legedian zehaztutako neurririk hartuko ez denik.
III. KAPITULUA
INDUSTRIAKO SEGURTASUNA
7. Artikulua -
Industriako segurtasunaren xedea
Industriako segurtasuna nahitaezko
xedapen-sistema bat da, eta bi helburu ditu: arriskuei aurrea hartzea eta muga
jartzea, batetik, eta, bestetik, istripuen aurkako babesa, istripu horiek
pertsona, ondasun edo ingurumenari kalte egiteko modukoak badira eta
industria-jarduerak sortuak badira, edo instalazioen edo ekipoen erabilerak,
funtzionamenduak eta mantentzeak sortuak, edo industriako produktuak
ekoiztearen, erabiltzearen edo kontsumitzearen, biltegiratzearen edo
zakarretara botatzearen ondorioz sortuak.
8. Artikulua -
Industria Administrazioa
1.- Lege
honetan jasotako ondorioetarako, hau da Industria Administrazioa: lege honetako
4. artikuluko 1. puntuan jartzen duenaren arabera, industriako eskumenik duten
-bereziki, industriako segurtasunari eta kalitateari dagokienez- eta Autonomia
Erkidegoko Administrazioaren menpeko diren erakunde guztiak.
2.- Industria
Administrazioaren ardura izango da industriako segurtasun-sistema ondo dabilen zaintzea,
sistema orokorki harturik. Horretarako, industriako instalazioak, tresnak,
ekipoak eta produktuak ondo ote dabiltzan ikuskatu beharko du, tartean diren
eragileei eta instalazioen jabeei dauzkaten betebeharrak betearaziz.
3.- Industria
Administrazioaren ardura izango da industriako instalazioak, tresnak, ekipoak
eta produktuak teknikoki egokiak ote diren ikuskatzea, hurrengo artikuluetan
zehazturik dagoen moduan. Horrek ez du esan nahi onarpen teknikoa ematen
dienik.
9. Artikulua -
Industriako instalazioen baimenetarako eta funtzionamendurako araubide orokorra
1.- Industriako
edozein tresna, produktu edo instalazioren funtzionamendurako -lege honen
aplikazio-eremuko tresna, produktu eta instalazioei dagokienez betiere-,
indarrean dauden legeek hala agintzen dutenean bakarrik beharko da
administrazio-baimena.
2.- Aurreko
puntuko kasuaz landa, industriako segurtasun-arauen pean diren instalazioen,
tresnen, ekipoen edo produktuen funtzionamendurako, arau horietako
segurtasuneko eskakizun eta baldintza teknikoak betetzen dituztela egiaztatu
beharko da, besterik ez, dagokion organoan.
3.- Segurtasun-baldintzen
esparruari dagokionez, zenbait instalazio, tresna, ekipo edo produktuk, nahiz
eta, beren diseinuagatik, zertarakoagatik, dauden tokiagatik edo beste
edozerengatik -kasuan kasuko gorabehera behar bezala egiaztatu beharko da-,
indarrean dauden betebehar teknikoak ez bete, administrazio-baimen berezia
lortu ahal izango dute, baldin eta interesatuak egiaztatzen badu beste neurri
batzuk hartu dituela edo beste eskakizun batzuk betetzen dituela eta, azkenean,
balio bereko segurtasun-maila lortu duela.
10. Artikulua -
Industriako segurtasun-erregelamenduak
1.- Produktu,
tresna edo instalazio bat industriako segurtasunaren aplikazio-eremuan egongo
da baldin eta arauren bat badago haren fabrikaziorako, salerosketarako,
erabilerarako, instalaziorako edo funtzionamendurako eskakizun eta baldintza
teknikoak jartzen dituena.
2.- Segurtasun-erregelamenduak
arriskuei aurrea hartu eta muga jartzeko eta istripuen aurka babesteko dira.
Arrisku horiek industria-jarduerak dakartzanak edo industriako instalazioen,
ekipoen edo produktuen erabilerak, funtzionamenduak eta mantentzeak
dakartzatenak dira, eta istripuak, berriz, pertsona edo ondasunei kalte edo galerak
ekartzeko modukoak. Erregelamenduetan honako hauek zehaztuko dira:
a) Baldintza eta eskakizun teknikoak.
b) Instalazioak, ekipoak eta produktuak
diseinatzen, egiten, erabiltzen eta mantentzen parte hartzen duten
profesionalen betebeharrak.
c) Aurretiaz eta aldian-aldian egin
beharreko kontrolak.
3.- Sistema
modura, eta arrazoizko salbuespenetatik landa, segurtasun-erregelamenduek
arau-erreferentziak erabiliko dituzte, eta, horiekin batera, erregelamendua
ondo erabili eta aplikatzeko beharrezko iritzitako zehaztasun eta betebeharrak
ere bai. Era berean, industriako segurtasun-maila handitu beharra baldin
badago, areagotze horri erantzuteko beharrezko eskakizun eta baldintzak
ezarriko dituzte, eta, horretarako, unean-unean eskuragarri dauden teknologiarik
onenak erabiliko.
11. Artikulua -
Arlokako erregelamenduak
Beren xedea eta aplikazio-eremua aintzat
hartuta, segurtasun-erregelamenduek gai orokorrak landu ditzakete (prozedura,
instalatzaileak, enpresak) edo arlokako gaiak. Azken gaiok arlo hauetakoren
batekoak izango dira:
- Produktu kimikoak biltegiratzea.
- Gas-instalazioak, berotze-instalazioak,
klimatizazio-instalazioak eta etxeetarako ur beroko instalazioak.
- Hozkailu-instalazioak eta suteen aurkako
babesa.
- Igogailuak eta presio bidez dabiltzan tresnak.
- Produktuen eta makinen segurtasuna.
- Istripu larriei aurrea hartzea.
- Ibilgailuak.
- Instalazio erradioaktiboak.
- Energia edo edozein energia-produktu ekoizteko,
banatzeko eta biltegiratzeko instalazioak.
- Industriako segurtasunari buruzko arauak bete
behar dituen beste edozein gai.
12. Artikulua -
Nahitaezko betebeharrak
1.- Industriako
segurtasun-arauen pean dauden instalazio, tresna, ekipo eta produktu guztiek, inork
erabili baino lehenago edo funtzionatzen hasi baino lehenago, arauetan
zehazturik dauden industriako segurtasun-baldintzak eta eskakizunak betetzen
dituztela egiaztatu beharko dute.
2.- Segurtasun-xedapen
horiek benetan betetzen dituztela egiaztatzeko, kasuan-kasuan aplikatu
beharreko xedapenen arabera, honako bide hauetakoren bat erabili beharko da:
a) Instalazioen titularraren edo produktuen
fabrikatzailearen, ordezkariaren, banatzailearen edo inportatzailearen
adierazpena.
b) Eragile laguntzailearen egiaztagiria (lege
honetako 14. artikuluan dago zehazturik nor diren eragileok).
c) Aplikatu beharreko legeetan eta Europar
Batasuneko Zuzenbidean zehazturiko beste edozein egiaztatze-bide.
13. Artikulua -
Industria Administrazioaren kontrol-ahalmena eta esku hartzeko ahalmena
1.- Hurrengo
puntuan ezarritakoak bere hartan dirauela, Industria Administrazioaren menpeko
zerbitzu teknikoek ikuskaritza edo laginketa erabiliko dute industriako
segurtasun-arauen menpe dauden instalazioen, tresnen, ekipoen edo produktuen
funtzionamendua kontrolatzeko. Kontrol horiek irizpide hauek bete beharko
dituzte:
a) Aldian-aldian egin beharrekoak izango dira,
organo eskudunek onartzen dituzten ikuskaritzako edo kontroleko planen arabera.
b) Kontrol-prozesu integralak ezarriko dira, bai
instalazio, tresna, ekipo eta produktuetarako, bai parte hartzen duten
eragileentzako.
c) Zertan eta noraino esku hartu
erabakitzeko, gizartearen eskakizunak, instalazioetako istripuak eta
instalazioen berezko arriskugarritasun-maila hartuko dira kontuan batez ere.
2.- Aurreko
puntuko kasuetatik kanpora, Industria Administrazioak kasu hauetan bestetan ez
du zuzenean esku hartuko eta ikuskaritzako eta kontrol teknikoko lanak egingo:
a) Arauren batean zehazturik dagoenean
nahitaezkoa dela esku-hartze hori egitea.
b) Industriako arauak bete behar dituen
instalazioren bat egitearekin edo haren funtzionamenduarekin zerikusia duen
salaketaren bat dagoenean, baldin eta salaketa oinarritutzat jotzen bada eta,
hura argitzeko, ikuskaritza-lana egitea ezinbestekoa bada.
c) Istripuren bat gertatzen denean eta
istripu hori industriako arauak bete behar dituen instalazioren bat egiteko
prozesuaren edo funtzionamendu-prozesuaren ondorio denean, baldin eta dagokion
ikuskatze-lana beharrezkotzat jotzen bada zer gertatu den argitzeko edo
erantzukizuna norena den zehazteko.
3.- Ikuskaritza-lana
egiten duten Industria Administrazioko langileak, lan horretan, agintaritzaren
agentetzat hartuko dira, eta, beren buruak identifikaturik, nahi badute, aurretiaz
abisatu gabe sar daitezke lege honetan arauturik dauden jardueretan aritzen
diren instalazioetara.
4.- Ikuskaritza-bisita
guztietan, zer gertatu den azaltzeko akta bat egin beharko da; akta horren
edukia erregelamenduz erabakitakoa izango da, eta interesatuek alegaziorik
aurkezten badiote, horiek ere jaso beharko dira. Azaltzen dituzten gertakariei
dagokienez, eta kontrakorik ezean, halako aktak gauza ziurtzat hartu behar dira
eta froga-balioa izango dute; nolanahi ere, aktaren aurkako frogak kontuan har
daitezke batera, bai interesatuek aurkeztutakoak badira eta bai ofizioz
prozeduran sartutakoak badira. Dena ere legez ezarritako froga-araubideari
jarraituz.
14. Artikulua -
Eragile laguntzaileak
1.- Lege
honek dakartzan ondorioetarako, halako erakunde batzuk eragile laguntzailetzat
hartuak izateko, erakunde horiek Autonomia Erkidego honi egiaztatu behar diote
badituztela beren zeregina betetzeko gaitasun tekniko eta finantzazkoa eta
beharrezko inpartzialtasuna, betetzen dituztela agindutako xedapen teknikoak,
eta betetzen dituztela, orobat, industriako segurtasunarekin zerikusia duten
eginkizunetan aritzeko eskakizunak -legez edo erregelamenduz zehaztuak-, lege
honetan ezarrita dagoen moduan. Hauek hartu ahal izango dira eragile
laguntzailetzat:
a) Kontrolerako edo
egiaztapenerako erakunde modura edo saiakuntza edo kalibrazio laborategi modura
baimendutakoak.
b) Teknikari tituludun gaitasundunak
eta erregelamenduetan aurreikusitako espezialitateetakoren batean baimendurik
dauden profesional edo enpresak.
c) Edozein energia-gai banatu edo
salerosten duten enpresak.
d) Industriako segurtasun-arauak bete behar
dituen zerbitzu publiko baten emakidadunak.
e) Industria-kontuetan laguntzeko eginkizunak
dauzkaten elkargo edo kontseilu profesionalak. Legez edo estatutuetan
izendatuta eduki behar dituzte eginkizunak.
f) Normalizaziorako eta
egiaztapenerako erakundeak, batera aritzen direnetan industriako kalitate eta
segurtasunerako.
g) Dagokion erregelamenduaren arabera,
Administrazioarekin segurtasun-gaietan lankidetzan aritzeko zereginak dauzkaten
beste erakunde batzuk.
2.- Eragile
laguntzaileek, industriako instalazioen funtzionamendua kontrolatzeko
prozeduretan ez ezik, instalazio horiek baimentzeko edo martxan jartzeko
prozeduretan ere parte hartu ahal izango dute. Halakoetan, industriako
eskumenak dituen organoak gauza hauek zehaztu beharko ditu aurretiaz,
erregelamendu bidez:
a) Eragile horiek bete beharreko
eskakizunak eta baldintzak.
b) Esku-hartze hori
erregelamenduetako zein esparrutan gerta daitekeen.
c) Eragile horiek bete
behar dituzten kontroleko prozedurak eta sistemak.
3.- Administrazioaren berezko eginkizunetan ari badira, erakunde
horiek egiten dituzten ziurtagiriak, ikuskatze edo kontrol aktak edo bestelako
egintzak Administrazioak berak egindakoen balio eta eraginkortasun berbera
izango dute, eta haien aurka erreklamazioa jar daiteke industriako eskumenak
dituen organoan. Erreklamazio horien ebazpenen aurka, berriz, legez zehazturik
dauden errekurtsoak jar daitezke.
4.- Istripuren baten berri izaten badute, eta istripuak erregelamenduz
dagokien esku-hartze eremuko industriako instalazio, tresna edo produkturen bat
egitearekin, erabiltzearekin edo haren funtzionamenduarekin zerikusirik badu,
eragile laguntzaileek organo eskudunari jakinarazi behar diote, derrigor. Eta
istripu-arrisku larria edo larrialdiren bat baldin badago, aurretiazko
beharrezko neurriak hartu, eta organo eskudunari jakinarazi beharko diote
berehala, eta hark berretsi edo baliogabetu egingo ditu segituan.
5.- Era berean, industriako segurtasunaren inguruan egiten duten
lanari buruzko agiri guztiak gordeta eduki behar dituzte eragile laguntzaileek.
Ikuskatze-lanei eta kontrolei buruzko agiriak gutxienez hamar urtez gorde behar
dituzte, non eta erregelamenduz ez den beste eperen bat zehazten.
6.- Eragile laguntzaileek, beren lanean, inpartzialtasuna eta
objektibotasuna bermatu beharra daukate, bai eta isilpekotasuna ere.
7.- Baimena eraginkorra izango bada, eragile
laguntzaileak behartuta egongo dira, erregelamenduz eskatzen den moduan,
erantzukizun-arriskuak babestuko dituzten aseguru-polizak sinatzera; polizek
zehazten den zenbatekoaren araberakoak izan beharko dute, baina zenbateko
horrek ez du mugatuko aipatutako erantzukizuna.
15. Artikulua -
Industria Segurtasunerako Euskal Kontseilua
1.- Industria
Segurtasunerako Euskal Kontseilua sortzen da, industria-gaietan eskumena duen
sailari atxikita. Industria-segurtasunaren arloko gizarte-interes eta jarduerak
ordezkatzen dituzten sektoreek aholku eman eta parte hartzeko organoa izango
da. Organo horrek parte hartuko du Autonomia Erkidego honen
industria-segurtasunerako politika taxutzen, aholku ematen eta jarraipena
egiten, arlo honetan jarduteko planak bultzatuz eta koordinatuz.
2.- Industria
Segurtasunerako Euskal Kontseiluaren osaera eta jarduera-arauak erregelamendu
bidez ezarriko dira, lege honetan xedatutakoaren arabera. Batzorde iraunkor bat
ere arautu ahal izango da, kontseiluak haren esku utzitako eskumenak baliatuko
dituena, eta beharrezkotzat jotako komiteak ere bai, erregelamendu-lanetan
laguntzeko eta kontrolerako organoen jarduna koordinatzeko batik bat.
3.- Kontseiluak
berak ezarriko ditu bere antolaketa eta barne-araudia, indarrean dauden arau
eta xedapen administratiboen arabera
16. Artikulua -
Industriako agiri teknikoak
1.- Industriako
segurtasuneko erregelamendu teknikoetan aurreikusirik eta arauturik baldin
badaude, Administrazioak bere eskura izango ditu aurkeztu behar zaizkion agiri
tekniko guztiak. Agiriak eskura izateko ahalmen hori jabetza intelektualeko eta
industrialeko arauetan agindurik dagoenaren arabera erabili beharko da, edo,
bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legean jartzen duenaren arabera, hau da, Herri
Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen
Legearen arabera.
2.- Eta,
dagozkion arau teknikoen arabera, lege honetako 14. artikuluan arauturik dauden
eragile laguntzaileetakoren batek ere parte hartu behar badu, aipatutako agiri
teknikoak egin beharko ditu eragile horrek, derrigor, instalazioa egiten
amaitzen denean eta teknikoki zuzena denean.
17. Artikulua -
Arriskurik badago, zuhurtziako neurriak hartzea
1.- Industriako
jarduera edo instalazioren batek akatsak baldin baditu eta, funtzionatzen jarraituz
gero, horrek arriskua badakar pertsonentzat edo ondasunentzat, industriako
eskumenak dituen sailak bere esku izango du hura geldiaraztea edo beste edozein
zuhurtziako neurri hartzea. Neurri horiek arriskuaren heinekoak izango dira,
eta arriskuak aurrera ez egiteko behar direnak soil-soilik.
2.- Zuhurtziako
neurri horiek zein prozeduraren arabera hartu behar diren erregelamendu bidez
erabakiko da. Halakoetan, erregelamenduak irizpide hauek izan beharko ditu
kontuan:
a) Neurri horiek arriskua desagertu arte iraungo
dute -harrarazi zituen arriskua desagertu arte-, eta akatsak konpontzeko behar
den denbora edo beste neurri-mota batzuk hartzeko beharrezko denbora gainditu
gabe, betiere.
b) Neurri horiek zuzenean teknikari
ikuskatzaileek har ditzakete, edo, industriako segurtasunaren inguruko
eginkizunetan ari direnean, eragile laguntzaileek.
Neurriok
berehala berretsi edo baliogabetu beharko ditu organo eskudunak.
c) Edonola ere, zuhurtziako neurri jakin
bat hartzekotan, teknikoki arrazoiturik egin beharko da, eta dena delako
instalazioaren funtzionamenduaren edo jardueraren eta arriskuaren artean zein
harreman edo lotura kausal dagoen azaldu beharko da.
d) Instalazioren bat geldiarazteko, haren
funtzionamenduak kalteak sortzeko arrisku larria eta berehalakoa ekarri behar
du, nahitaez. Erabat geldiaraz daiteke, edo zatiren bat geldiaraz daiteke;
zatiren bat geldiarazita teknikoki posible bada helburua betetzea, zati hori
geldiaraztea erabaki behar da, beti.
3.- Zuhurtziako
neurriak gorabehera, egindako arau-hausteari dagozkion zehapenak ezarri egingo
dira, lege honetako VI. kapituluan xedaturik dagoen moduan.
IV. KAPITULUA
INDUSTRIAREN KALITATEA
18. Artikulua -
Industriaren kalitatea
1.- Lege
honetan aurreikusita daudenetarako, honako hau da industriaren kalitatearen
definizioa: izaera pribatuko arau batean ezarritako prozesu, eskakizun eta
baldintza teknikoen multzoa, ekoizpen eta kudeaketa prozesuak zein industriako
produktu, tresna edo ekipoen zehaztapen teknikoak arautzen dituena; hori
betetzea ez da nahitaezkoa izango, ez delako arauzko xedapen batek agintzen
duen zerbait.
2.- Aurreko
paragrafoan aipatzen diren arauak arauzko xedapen baten bidez agindutakoak
baldin badira, industriako segurtasunaren arloko bihurtuko dira, segurtasun
horri dagozkionetan.
19. Artikulua -
Industriaren kalitaterako azpiegitura
1.- Industria
Administrazioak industriaren kalitaterako azpiegitura osatzen duten eragile
publiko zein pribatuek bete beharreko antolakuntza eta funtzionamenduko
eskakizun eta baldintzak ezarri ahal izango ditu, Autonomia Erkidego honetan
jarduteko aukera izan dezaten. Eragileon artean sartzen dira normalizazio eta
egiaztapenerako erakundeak, ziurtapenerako erakundeak eta saiakuntza eta
kalibrazioko laborategiak.
2.- Autonomia
Erkidegoko Administrazioak Euskadiko industria-sarearen lehiakortasuna garatzea
eta hobetzea bultzatuko du, hain zuzen ere ekoizpen eta banaketa prozesuen,
antolaketa-sistemen eta kudeaketako kalitatearen eraginkortasuna eta
malgutasuna bultzatuta. Bereziki, honako hauek bultzatuko dira:
a) Ekonomia eta gizarte arloko jarduerako sektore
eta interes guztiek parte hartzea bai normalizazioan eta normalizatze hori
hedatzeko prozesuan eta bai ziurtapenean, betiere arauekin bat etorriz.
b) Langileen informazioa, kontsulta eta
parte-hartzea.
c) Normalizazio, egiaztapen, ziurtapen,
ikuskapen eta saiakuntzako erakundeak egotea, behar besteko gaitasun
teknikoarekin, Europan eta nazioartean aitormena lor dezaten.
d) Enpresetan kalitatea kudeatzeko sistemak
ezarri eta hobetzea.
e) Kalitatearen inguruko sentsibilizazio eta
hedapen lana egin eta prestakuntza eskaintzea.
f) Enpresetako kudeaketa hobetu eta
kudeaketa-modu horren erabilera hedatzeko tresna berriak prestatzea helburu
duten azterlan eta jarduera-proposamenak egitea.
g) Erantzukizun sozial korporatiboa.
V. KAPITULUA
INDUSTRIA SUSTATZEA
20. Artikulua -
Plan estrategikoak
Industriako eskumena daukan sailak industria-jarduerari
buruzko lau urteko plan estrategikoak egingo ditu. Planak erakundeen artekoak
izango dira eta gaiarekin zerikusia duten gizarte eta ekonomia eragile guztiek
hartuko dute parte. Gai hauek jorratuko dituzte planek: lege honetan aurreikusten
diren industria-politiken diagnostikoak, printzipioak, helburuak, politikak,
baliabideak, finantzaketa eta ebaluazioa. Eusko Legebiltzarrari bidaliko
zaizkio plan horiek, eztabaida ditzan, eta haien betetze-mailari buruzko
ebaluazioa egingo da aldian-aldian.
21. Artikulua -
Industria sustatzeko programak
1.- Hazkunde
iraunkorreko ekonomia-eredu bat sustatzen laguntzeko eta horren bidez
lehiakortasunean, produktibitatean, solidaritatean eta lurraldeen arteko orekan
aurrera egin ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak
industria sustatzeko programak abiaraziko ditu.
2.- Aipatutako
programa horiek ondorengo oinarrizko helburuak izango dituzte:
a) Industria-jarduera garatu, modernizatu eta
lehiakor egitea.
b) Enpresen maila teknologikoa eta
nazioartekotasuna areagotzea.
c) Industria-jarduerarekin eta
negozio-eredu berriekin zerikusia duten balio erantsiko zerbitzu teknikoak
areagotzea eta sustatzea.
d) Industria modu egokian finantzatzea, eta
horretan arreta berezia eskaintzea enpresa txiki eta tartekoei.
e) Herrialde osoa modu orekatuan garatzea,
kohesio ekonomiko eta soziala sendoagoa izan dadin. Eta, zehazkiago,
langabeziaren ondorioz edo gizarte-egoeraren gainbeheraren eraginez bereziki
kaltetuta dauden eskualdeen garapena bultzatzea.
f) Enpresen arteko elkarlana bultzatzea,
enpresen elkarte, talde eta beste erakunde batzuk sor daitezen.
g) Industriek ingurumenarentzat iraunkorrak diren
eta energiaren ikuspegitik eraginkorragoak diren produktu eta prozesuetara
jotzea.
h) Oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua
garatzea.
i) Langileen prestakuntza espezifikoak garatzea.
j) Langileen informazioa, kontsulta eta
parte-hartzea sustatzea.
k) Erantzukizun sozial korporatiboa
sustatzea.
3.- Eusko
Jaurlaritzak zenbait klausula jarri ahal izango ditu, bere eskumenen eremuan,
industrien lekualdatzeei aurrea hartzeko.
4.- Artikulu
honetan aipatzen diren helburuekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko
industriaren sustapena edo industria-politika ondorengo arloetan banatzen da:
a) Industria sustatu eta antolatzea.
b) Informazioaren eta ezagutzaren gizartea.
c) Teknologia eta berrikuntza.
d) Nazioartekotzea.
22. Artikulua -
Industria sustatzea
Arlo honen barruan sartzen dira
produkzio-jarduera sustatzea helburu duten Administrazioaren jarduera guztiak,
sustatze-lan hori industria-enpresa berriak sortzeko eta dauden industriak
garatzeko laguntzen bidez egiten dutenak. Era berean, enpresek lehiarako behar
besteko tamaina izatea helburu duten ekimenak garatuko dira, eta horren barruan
sartuko da zailtasunak dituzten enpresei bultzada ematea. Horretarako,
ondorengo jarraibideak izango dira kontuan:
a) Jarduera-programak egitea, enpresa arloko
ekimenak sustatu eta industria eta ikasketa enpresak sortzeko.
b) Industria sustatzeko eta teknologia garatzeko
helburua duten industriako sektore eta enpresentzako finantzabideak bultzatzea.
c) Berriz industria garatzeko premia duten Euskal
Autonomia Erkidegoko eskualdeetan industria sustatzea, arlo horretako eskumenak
dituzten beste erakunde batzuekin elkarlanean.
d) Indarra hartzen ari diren sektore edo
esparruetan edo behar besteko tamaina hartu ez dutenetan lehiarako gaitasun
egokia sustatzea zuzenean edo zeharka, enpresen egiturak behar bezala
arrazionalizatuta.
e) Enpresen elkarte egonkorrak sortzea bultzatuko
duten programak, tresnak edo jarduerak garatzea.
f) Zailtasunak dituzten enpresentzako programak
eta jarduera-proposamenak egitea eta, bideragarriak badira, enpresa horiei
berriz indarra hartzen laguntzea, lanpostuak eta industria-jarduera mantendu
eta sortzeko.
g) Industria-azpiegiturak kokatu eta lehian behar
bezala jarduteko balioko duten azpiegitura fisikoak eta ingurune teknologikoak
garatzea.
23. Artikulua -
Informazioaren eta ezagutzaren gizartea
1.- Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazioak, industriako sektoreak sustatu eta
antolatzeaz gainera, euskal gizartean informazioaren eta ezagutzaren gizartea
garatzea sustatuko du, eta eginkizun hori industriak aurrera egiteko
oinarrizkoa izango da. Dena den, bere hartan iraungo dute administrazio eta
gobernu elektronikoaren arloan beste administrazio publiko batzuek dituzten
eskumenek.
2.- Horren
guztiorren inguruan, informazioaren eta ezagutzaren gizartea garatzeko neurriak
hartuko dira, ondorengo irizpideak kontuan izanda:
a) Administrazioko izapideak telematikaren bidez
egin daitezen sustatzea.
b) Herritar eta enpresa guztiek teknologia
berrien inguruko prestakuntza izateko eta teknologia horietaz baliatzeko
erraztasunak ematea.
c) Ezagutza partekatzeko guneak sortzeko
behar den teknologia-azpiegitura garatzea.
24. Artikulua -
Teknologia eta berrikuntza
Berrikuntza eta teknologia propioen
garapena bultzatuko da, eta, horrekin batera, baita Euskal Autonomia Erkidegoko
industrietan teknologia aurreratuak sartzea eta taldean erabiltzeko
teknologia-azpiegiturak sortzea ere, ondorengo arlootako ekimenak garatuz:
a) Ikerketa, garapen eta berrikuntza
teknologikoan jarduteko proiektuak, oinarrrizko ikerketaren eta ikerketa
aplikatuaren arloan.
b) Industriaren lehiakortasuna hobetzearen alde
lan egiteko azpiegitura teknologiko eraginkorra sortu eta sendotzea bultzatzea,
beste administrazio batzuekin elkarlanean.
c) Enpresen eta teknologia eskaintzen duten
erakundeen artean industria arloko berrikuntzen inguruko teknologia trukatzeko
planak.
d) Euskal eragile teknologikoekin eta
teknologiaren arloko erakunde arteko bilguneekin elkarlanean aritzea.
e) Taldean erabiltzeko azpiegitura teknologikoak,
industriaren eta enpresaren arloko informazioa hedatu ahal izateko eta
industria-jabetzako agerkarien bidez eskura daitekeen teknologiari buruzko
informazioa izateko, betiere enpresek horren guztiorren berri zehatzagoa izan
dezaten.
f) Industria-jarduera ingurumenaren eta
segurtasunaren eskakizunetara egokitzea, eta, horretarako, aurrezaintzako eta
babeserako beharrezko neurriak hartzea eta zuzendu beharrekoak zuzentzea,
teknologia egokiak eskuratu eta garatuta.
g) Beste administrazio eta erakunde pribatu
batzuekin akordioak sortzea eta sustatzea oinarrizko ikerketaren eta ikerketa
aplikatuaren arloan.
25. Artikulua -
Teknologia-erakundeak
1.- Beste
batzuen artean, nortasun juridiko propioa eduki eta irabazi-asmorik gabekoak
izanik beren helburuen artean berariaz informazioaren gizartea, ikerketa edo berrikuntza
zientifikoa eta garapen teknologikoa garatzea helburu duten erakundeak sustatu
eta bultzatuko dira.
2.- Horrekin
batera, teknologiaren arloan diharduten enpresen elkarteak bultzatuko dira,
ikerketa eta teknologiarekin zerikusia duten proiektuak aurrera eraman
ditzaten; proiektuok, betiere, eragin handia izan beharko dute bai ekonomian
eta gizartean eta bai euskal produkzio- sektoreetan diharduten enpresen
teknikan eta ikerketan.
3.- Lege
hau garatzeko egingo diren xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz, artikulu
honetan aipatzen diren erakundeak lehentasunezko erakundetzat hartu ahal izango
dira ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikoko erakundetzat sailkatzeari
dagokionez eta ondoren Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarean sartzeari
begira.
26. Artikulua -
Nazioartekotzea
Euskal Autonomia Erkidegoko
industria-enpresek nazioartean lehiatzeko kultura bultzatuko da, enpresen eta
industriako sektoreen egiturak merkatuaren eskakizunetara eta nazioarteko
jokalekura egokitu daitezen. Horretarako, ondorengo helburuak izango dira
kontuan:
a) Atzerriko merkataritza sustatzea.
b) Euskal enpresei atzerrian kokatzen laguntzea,
bai enpresa mistoak edo banan banako proiektuak sortzeari begira eta bai
dagoeneko indarrean diren proiektuetan parte hartzeari begira.
c) Euskadiko eta atzerriko enpresen artean
elkarlanerako akordioak izatea sustatzea.
d) Esportatzeko asmoz diharduten enpresentzat
finantzabideak eta beste laguntza-modu batzuk sustatzea.
e) Nazioartekotzea bultzatu nahian dabiltzan
erakundeak koordinatzea.
27. Artikulua -
Laguntza-programak
1.- Aurreko
artikuluetan aipatzen diren plan, programa edo proiektuek lehiaren babeserako
ezarrita dagoen araudia bete beharko dute, eta horiek guztiak gauzatzeko,
laguntzak, pizgarri publikoak edo beste neurri batzuk erabiliko dira, betiere
gaiari buruzko erregelamenduetan ezarriko den moduan.
2.- Aurreko
artikuluetan aipatzen diren plan, programa edo proiektuek, Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazioak ematen dituen laguntza eta diru-laguntzei
dagokienez, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan esaten
dena bete beharko dute (dekretu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko
Herri-ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu
zuen).
VI. KAPITULUA
ARAU HAUSTE ETA ZEHAPENAK
28. Artikulua -
Xedapen orokorrak
1.- Lege
honek arautzen dituen arloetan, administrazioko arau-hausteak izango dira
ondorengo artikuluetan zehaztutako erantzuleen ekintzak edo ez-egiteak.
2.- Lege
honetan aipatzen diren administrazioko arau-hausteak gorabehera, bere hartan
jarraituko dute egileen erantzukizun zibilek, penalek edo bestelakoek,
halakorik baldin badago.
3.- Dena
delako jokaeran segurtasunaren eta lan-osasunaren arloko araudia hautsi bada,
arau-hauste hori izango da zehapena ekarriko duena, aipatu den araudiak
dioenarekin bat etorriz.
4.- Kapitulu
honetan aurreikusi ez den guztirako, otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoa
aplikatuko da (lege hori Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen
Zigortzeko Ahalmenari buruzkoa da).
29. Artikulua -
Arau-hausteen sailkapena
Arau-hausteak arinak, larriak eta oso
larriak izango dira.
30. Artikulua -
Oso arau-hauste larriak
1.- Oso
arau-hauste larriak izango dira hurrengo artikuluan arau-hauste larritzat jotakoak,
baldin eta horien ondorioz pertsonentzat, gauzentzat edo ingurumenarentzat oso
arrisku edo kalte larria sortzen bada, edo oso arrisku larri eta berehalakoa
sortzen bada.
2.- Era
berean, oso arau-hauste larriak izango dira:
a) Dena delako jarduera aurrera eramaten
jarraitzea, horretarako baimena bertan behera utzita edo iraungita dagoenean,
edo instalazio baten jarduna berehala ez gerarazi edo bertan behera uztea,
horretarako eskumena duen agintaritzak eskatutakoan.
b) Lege honen arabera industriako segurtasunaren
arloan eskumenak dituen agintaritzari ikuskapen eta kontrol lanak egiteko
laguntza eskaintzeari behin eta berriz uko egitea edo aurka jartzea, edo nahita
oztopoak jartzea modu larrian.
c) Garrantzia duen informazioa nahita
ezkutatzea, edo eskumena duen administrazioari informazio hori okerreko
datuekin ematea, jokaera horrek pertsonentzat edo ondasunentzat arrisku larria
baldin badakar.
d) Eskumena duen organoak hartutako zuhurtziako
neurriak ez betetzea, lege honen 17 eta 39. artikuluetan ezarritakoaren
arabera.
31. Artikulua -
Arau-hauste larriak
Hauek dira arau-hauste larriak:
a) Industriako segurtasun-arauak bete behar dituzten
produktu, ekipo, tresna, produkzio-teknika edo osagaiak erregelamendu-arauek
diotena bete gabe fabrikatu, inportatu, saldu, garraiatu, egin, instalatu edo
erabiltzea, baldin eta ez-betetze horrek arrisku edo kalte larria baldin
badakar.
b) Instalazioak martxan jartzea industriaren
arloan eskumena duen organoari arauak betetzen direla egiaztatu gabe, edo
beharrezkoa zen baimena eskuratu gabe, egiaztapen edo baimen hori nahitaezkoa
denean legeek edo erregelamenduek hala eskatzen dutelako.
c) Benetako gertakariekin bat ez datozen akta,
ziurtagiri edo txostenak idaztea.
d) Industriako
segurtasun-arauen menpe dauden instalazioak egitea, ziurtagiriak ematea edo
kontrolatzea, erregelamenduz ezarritakoaren arabera behar den habilitazio edo
baimenik izan gabe.
e) Garrantzia duen informazioa nahita ezkutatzea,
eskumena duen administrazioari informazio hori ematearen aurka jartzea edo
behin baino gehiagotan berandu ematea, edo okerreko datuekin ematea, informazio
hori aurkeztea nahitaezkoa bada legez edo erregelamenduz agindutakoaren
arabera.
f) Industriako segurtasunaren menpe dauden
instalazioetan istripuren bat izan denean, arloko eskumenak dituen
administrazioari berri ematea edo jakinaraztea nahitaezkoa izanik ere,
halakorik ez egitea edo berandu egitea, horretarako arrazoirik izan gabe.
g) Ikuskapen edo kontrol lanak egitea galarazi,
oztopatu edo atzeratzea, egitez edo ez-egitez, jarduteko modu hori oso
arau-hauste larritzat edo arintzat jotzen ez den kasuetan.
h) Industriako segurtasunaren arloan eskumenak
dituen agintaritzaren berariazko errekerimenduak behin eta berriz ez betetzea.
i) Erakunde laguntzaileek ikuskapen, saiakuntza
edo probak behar bezala amaitu gabe uztea edo okerreko emaitzekin egitea,
gertakariak nahikoa ez egiaztatzeagatik edo arau teknikoak zehaztasunik gabe
aplikatzeagatik.
j) Egiaztapenerako erakundeek kontrolerako
erakundeen egiaztapena behar bezala ez egitea, hau da, kontrolerako erakunde
horiek funtzionatzeko bete behar dituzten baldintza eta eskakizun teknikoak
erabat egiaztatu gabe edo teknikoki desegokia den balorazioaren bidez egitea
egiaztapena.
k) Lege honetan edo berau garatuko duten arauetan
aipatzen diren segurtasun-kontuetan eskumena duen agintaritzak berariaz
emandako jarraibide edo aginduak ez betetzea.
l) Instalazioak behar bezala ez zaintzea edo
mantentzea, horren ondorioz pertsonentzat, ondasunentzat edo ingurumenarentzat
kalte larria sor baldin badaiteke.
m) Lege honetako 16.2 artikuluan aipatzen diren
agiriak ez ematea, agiri horiek aurkeztea galarazten duen arrazoi teknikorik ez
baldin badago.
n) Aurkitutako akatsak ez konpontzea, horien
eraginez pertsonentzat, ondasunentzat edo ingurumenarentzat arrisku edo kalte
larria sor daitekeenean.
ñ) Segurtasunaren arloko araudia ez betetzea
dakarren edozein ekintza edo ez-egite, horrek arrisku edo kalte larria sortzen
baldin badu.
32. Artikulua -
Arau-hauste arinak
Hauek dira arau-hauste arinak:
a) Erregelamenduz agindutako ikuskapen edo berrikuspenak
egitean instalazioetan aurkitutako akatsak ez konpontzea titularrek kasuan
kasuko aktan aipatzen den epean, non eta ez den horren ondorioz arrisku edo
kalte larria sortzen.
b) Ikuskapen-lanak egitea ez erraztea, horren
ondorioz informazioa emateko edo dena delakoaren aurrean agertzeko
betebeharrean atzerapenak izatea baino ez bada sortzen.
c) Lege edo
erregelamenduzko beste edozein arau ez betetzea, ez-betetze hori arau-hauste
larri edo oso larritzat jo ez bada.
d) Administrazioari ez jakinaraztea, horretarako
ezarrita dagoen epean, erregelamenduz hala aginduta dagoelako jakinarazi
beharreko datuak.
e) Legez hala aginduta dagoelako gorde
beharrekoak diren agiriak, edo erregelamenduz hala ezarrita dagoelako eska
daitezkeenak, behar den epean ez gordetzea edo agintaritza eskudunari uzteko
moduan ez izatea.
f) Lege honetan eta berau garatuko duten
arauetan aurreikusitako eginkizunak aurrera eramateko orduan, eskumenak dituen
administrazioarekin elkarlanean ez aritzea.
g) Industriako segurtasunaren arloan eskumenak
dituen agintaritzaren berariazko errekerimenduak ez betetzea.
33. Artikulua -
Arau-hauste eta zehapenen indargabetze-epea
1.- Kapitulu
honetan aipatzen diren oso arau-hauste larriak bost urteren buruan geratuko
dira indarrik gabe, larriak hiru urteren buruan eta arinak urtebete igaro
ostean.
2.- Oso
arau-hauste larrien ondorioz jarritako zehapenak bost urteren ostean geratuko
dira indarrik gabe, arau-hauste larriengatik jarritakoak hiru urteren buruan
eta arau-hauste arinengatik jarritakoak urtebete igarotakoan.
3.- Artikulu
honetan aipatzen diren epeak neurtzeko, otsailaren 20ko 2/1998 Legean
ezarritakoa bete beharko da (lege hori Euskal Autonomia Erkidegoko Herri
Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzkoa da).
34. Artikulua -
Erantzuleak
1.- Arau-hausteen
erantzule arau-hausteok egin dituzten pertsona fisiko edo juridikoak izango
dira, pertsona horien jardunaren ondorio zuzena baldin badira arau-urratzeak,
lege honen 3. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.
2.- Bi
pertsona edo gehiago arau-hauste baten egile eta, horrenbestez, erantzule
baldin badira, eta ezin bada zehaztu zenbaterainoko parte-hartzea izan duten,
modu solidarioan erantzun beharko dute arau-hausteari dagozkion zehapenetan.
3.- Arau-haustea
hainbat egileren ekintzak bata besteari batzearen ondorioz gertatu baldin bada,
eta egile horiek guztiak baldin badira arau-haustearen erantzule, kasuan kasuko
zehapenak bata bestetik independenteak izango dira.
35. Artikulua -
Zehapenak
1.- Aurreko
artikuluetan aipatzen diren arau-hausteengatik zehapenak jartzerakoan,
heinekotasun-irizpidea erabiliko da arau-haustea eragin duen gertakariaren
larritasunari begiratuta, eta bereziki lege honetako 36. artikuluan zehazten
diren inguruabarrak hartuko dira kontuan. Horretarako, arau-hausteak era
honetan zehatuko dira:
a) Arau-hauste arina: 300-6.000 euro arteko
isuna.
b) Arau-hauste larria: 3.000-90.000 euro arteko
isuna.
c) Oso arau-hauste larria:
30.000-1.000.000 euro arteko isuna.
2.- Arau-haustetik
datorren etekin ekonomikoa isuna baino handiagoa bada, isunaren kopurua etekin
hori halako biraino jaso daiteke. Horretarako, ez-betetzearen ondorioz
lortutakoa hartuko da etekin ekonomikotzat.
3.- Eskumena
duen agintaritza zehatzaileak, adierazitakoaz gainera, eta arau-hauste oso
larri eta larrien kasuan, administrazio publikoen diru-laguntzak jaso eta
administraziookin kontratuak egiteko debekua jarri ahal izango dio
arau-hausleari; debeku hori bi urtera artekoa izango da arau-hauste larrietan,
eta bost urtera artekoa oso arau-hauste larrietan.
4.- Oso
arau-hauste larrien ondorio diren zehapenak, irmo bihurtzean, erregelamenduz
agindu bezala argitaratuko dira.
5.- Lege
honetan tipifikatutako ekintzak edo ez-egiteak beste lege batzuetan ere
tipifikatuak badira, zehapenik handiena jartzen duen legearen arabera
kalifikatuko dira.
36. Artikulua -
Zehapenak zehaztea
1.- Kasuan
kasuko zehapena zenbatekoa izango den zehazteko orduan, ondorengo inguruabarrak
hartuko dira kontuan:
a) Arau-hausteak zer-nolako arriskua eragin dien
pertsonei, ondasunei edo ingurumenari.
b) Pertsonei, ondasunei edo ingurumenari
eragindako kaltea zenbaterainokoa izan den.
c) Arau-haustetzat jotako ekintzan edo
ez-egitean zenbateraino parte hartu den eta hortik zenbateko onura eskuratu
den.
d) Arau-haustea egiteko zenbaterainoko asmoa
zegoen edo zenbaterainoko arduragabekeriaz jardun den, eta behin baino
gehiagotan gertatu ote den.
e) Eskumena duen agintaritzak edo eragile
laguntzaileek (industriako segurtasunaren arloan dihardutenean) aldez aurretik
egindako ohartarazpenak edo errekerimenduak ez bete izana.
f) Hiru urteko tartean ezaugarri berak dituen
arau-hauste bat baino gehiago egin izana; arau-hauste horiek ebazpen irmoaren
bidez halakotzat hartutakoak izan beharko dute.
g) Arau-hauslearen gaitasun
ekonomikoa.
h) Arau-hausleari eska dakiokeen
prestakuntza tekniko eta gaitasun profesionala.
2.- Inguruabar horiek ezin izango dira aplikatu oso antzeko
errealitateari badagozkio, nahiz ondasun juridiko berari edo antzekoari edo
erruduntasunaren antzeko alderdiari edo alderdi berari badagozkio, eta
aplikatuko den arau-hauste tipoaren deskripzioan ageri baldin badira. Era
berean, ezin izango dira aplikatu arau-hausteari erabat lotuta badaude, hau da,
haiek gabe arau-haustea egiterik ez badago.
37. Artikulua - Jarduera bertan behera uztea
1.- Oso arau-hauste larrietan, kasuan kasuko isunarekin batera,
jarduera edo instalazioa aldi batean bertan behera uztea erabaki ahal izango
da, edo administrazioaren baimena ezeztatu edo bertan behera uztea, edo
merkatuan aritzea debekatzea.
2.- Aurreko puntuan aipatutako neurrietakoren bat hartzea erabakitzen
baldin bada, neurri hori ezin izango da hiru urte baino gehiagoan egon
indarrean. Gorago aipatzen den bertan behera uzteko aukera hori indarrean
jartzeko, lege honetako 36. artikuluko a), b), c), d), e) eta f) hizkietan
aipatzen diren inguruabarretako hiru edo gehiago gertatu beharko dira batera.
38. Artikulua - Zehapen-prozedurarekin zerikusia duten behin-behineko
edo zuhurtziako neurriak hartzea
Instalazioa geraraztea
erabakitzen den edo ez alde batera utzita, berehalako arriskua dagoela ikusten
baldin bada lege honetako 16. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta,
industria-jarduerak edo instalazioak badaezpada geraraztea erabaki ahal izango
da zigor-prozedura hasi baino lehen edo hasi ondoren, eta kasu horretan
gerarazte horrek otsailaren 20ko 2/1998 Legeko 31 eta 32. artikuluetan esaten
denaren araberakoa izan beharko du (lege hori Euskal Autonomia Erkidegoko Herri
Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzkoa da).
39. Artikulua - Zehatzeko eskumena
Lege honetan zehapenen arloan
aipatzen diren kontuetarako eskumena, oso arau-hauste larriei dagokienez,
industria-gaietan eskumena duen saileko buruak izango du. Arau-hauste larri eta
arinei dagokienez, egitura organikoa zehazteko kasuan kasuko dekretuetan
xedatzen denari egingo zaio kasu.
40. Artikulua - Zehatzeko prozedura
1.- Lege honetan zehapenetarako zehazten den prozedura arrunta
otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoa da (lege hori Euskal Autonomia
Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzkoa da).
2.- Erregelamendu bidez prozedura sinpleagoak ezarri ahal izango dira
zehapen arinak jartzeko.
VII. KAPITULUA
HERTSATZEKO ISUNAK ETA BETEARAZTE SUBSIDIARIOA
41. Artikulua - Hertsatzeko isunak
1.- Industriaren arloko eskumenak dituen organoak hertsatzeko isunak
jarri ahal izango ditu erantzuleei kasuan kasuko erregelamenduan jasota dauden
aginduak betearazteko. Bete beharrekoen artean sartuko da jarduerak edo
instalazioak legezko bihurtzea, baldin eta baimen hori lortzea edo neurri
baliokidea nahitaezkoa baldin bada.
2.- Era horretako isunak bata bestearen atzetik jarri ahal izango
dira, eta agindutakoa betetzeko behar besteko tartea utzita aldian-aldian
errepikaturik. Egindako errekerimenduak betetzen ez diren bakoitzean jarriko
dira isunok, gutxieneko tartea hilabetekoa dela, harik eta agindutakoa betetzen
den arte; kasu bakoitzean 6.000 euro izango da kopurua, gehienez ere.
Hertsatzeko isun bakoitzaren zenbatekoa ez da izango arau-haustearentzako
zehapenaren kopurua baino handiagoa.
3.- Isun horiek jartzeko organo eskuduna zehapen arinak jartzeko
eskumena duen bera izango da, non eta industriako eskumenak dituen sailaren
egitura organikoa zehazteko arauan beste organo bat aipatzen ez den.
4.- Dena den, hertsatzeko isunak jartzekotan, 30/1992 Legearen 99.
artikuluan esaten dena bete beharko da, hau da, Herri Administrazioen Araubide
Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean esaten dena.
42. Artikulua - Betearazte subsidiarioa
1.- Organo eskudunak errekerimendua egin eta gero erantzuleak ez
baditu betetzen lege honetan aipatzen diren instalazio edo jardueren
funtzionamendu edo legeztatzeari buruzko betebeharrak, organo horrek betearazte
subsidiarioa agindu ahal izango du.
2.- Ez da beharrezkoa izango aldez aurretik errekerimendurik egitea,
eta berehala ekin ahal izango zaio betearazteari baldin eta egoerak bere horretan
jarraituta berehalako arriskua sor badaiteke pertsonen osasunarentzat edo
ingurumenarentzat.
3.- Betearazte subsidiarioa erantzuleen kontura izango da, eta kasuan
kasuko diru-zehapenak eta gainerako kalte-ordainak eskatuko dira, hala behar
badu.
Lehenengoa - Meatzeen arloko arau-hauste eta zehapenen, hertsatzeko
isunen eta betearazte subsidiarioaren araubidea
1.- Lege honetan aurreikusten den arau-hauste eta zehapenen araubidea
eta hertsatzeko isunen eta betearazte subsidiarioaren araubidea meatzeen arloan
ere aplikatuko dira xedapen gehigarri honetan ezartzen diren berezitasunekin,
harik eta gai horretako zehapen-araubidea onartzen den arte.
2.- Lege honetako 31. artikuluan aurreikusitako arau-hausteez gainera,
ondorengoak ere arau-hauste larritzat joko dira meatzeen arloan:
a) Meatze-baliabideak ustiatzea,
diren sailkapenekoak direla, Meatze Administrazioak aldez aurretik nahitaez
eman behar duen baimena eskuratu gabe.
b) Ustiategian segurtasunaren
aldetik zer-nolako baldintzak dauden zehatz-mehatz jakin ahal izateko Meatze
Administrazioari jakinarazi beharrekoak edo erakutsi beharreko agiriak ez
aurkeztea.
3.- Lege honen 34. artikuluan aurreikusitakoari dagokionez, eta
meatzeen arloaz den bezainbatean, arau-hausteen erantzule izango dira
meategietako zuzendari fakultatiboak ere, baldin eta arau-haustearen arrazoia
zuzendarioi legez eta berariaz jarri zaizkien betebeharrak ez betetzea baldin
bada.
Gobernu Kontseiluaren
eginkizuna izango da diru-zehapenak eguneratzea, eta, hori egiteko, Euskal
Autonomia Erkidegoko kontsumoko prezioen indizeak eguneratze-datara arte
izandako aldaketa hartuko da kontuan.
Hirugarrena - Fundazioen forma juridikoa dutela Zientzia, Teknologia eta
Berrikuntzaren Euskal Sarea osatzen duten erakundeen araubide berezia
1.- Fundazioen forma juridikoa dutela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren
Euskal Sarea osatzen duten erakundeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei
buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 3. artikuluan esaten denari dagokionez,
ikerketa eta zientziaren arloko eta teknologiaren garapenaren arloko interes
orokorreko helburuei atxikita egongo dira, era guztietako enpresekin
lehentasunezko eta zuzeneko lankidetza-proiektuak garatu eta gauzatuta. Horrek,
zeharka, Euskadiko industria-sare osoan lehiakortasuna eta berrikuntza
areagotzea ekarriko du.
2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko
12/1994 Legearen 3. artikulu horri dagokionez, onuradunak izateko aukera izango
dute, era berean, interes teknologikoko batasun edo elkarteek eta soil-soilik
zientziaren arloko ikerketa eta garapen teknologikoa lantzeko sortutako
erakundeek.
3.- Xedapen honetan ezartzen denarekin bat etorriz, eta Euskal
Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 14.
artikuluan esaten denaren ondorioetarako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren
Euskal Sarean sartuta dauden fundazioetako patronatu-kideek kontratuak egin
ahal izango dituzte beste fundazio batzuekin, fundazio horietako patronatuetako
kide izanik ere, baina Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari
autokontratazio horien berri eman beharko diote patronatu-kideok, gauzatzen
direnetik hilabete igaro baino lehen. Horrekin batera, fundazioak berak,
ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 27. artikuluan aurreikusten den memorian
bertan, autokontratazio horien berri eman beharko du, helburuak eta iraupena
zein diren adierazita.
4.- Horretarako, eta teknologiaren arloan diharduten fundazioak
direnean, interes orokorra sektore jakin batzuen berehalako garapen
teknologikoa bultzatuz gauzatu daiteke edo, aurrera begira, zientziaren egoera
garatuz.
Lege honetan xedatutakoa
erregelamendu bidez garatzeari ekiten ez zaion artean, gai hau arautzeko
indarrean dauden erregelamenduzko xedapenak aplikatuko dira, legean xedatzen
denarekin kontraesanik sortzen ez bada.
Bigarrena - Espedienteak izapidetzea
Lege hau indarrean sartu
aurretik hasita zeuden espedienteen kasuan, prozedura hasi zen unean indarrean
zeuden xedapenek ziotenaren arabera izapidetuko dira. Lege honetako xedapenak
aldekoagoak direnean, ordea, lege honek dioena izango da aplikatu beharrekoa.
Lege hau indarrean sartzean
baimenen titular direnek eskubide horietaz baliatzen jarraitu ahal izango dute,
administrazio-tituluetan esaten denaren eta lege honek ezartzen duenaren
arabera, baina legeak dioenera egokitu beharko dute, legea garatuko duten
xedapenetan esaten dena beteta.
Lehenengoa - Indarrean sartzea
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian
argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egunera sartuko da indarrean lege
hau.
1.- Gobernu Kontseiluak lege hau aplikatu eta garatzeko xedapenak
onartuko ditu.
2.- Horrekin batera, industriaren arloko eskumenak dituen sailburuaren
aginduaren bidez, beharrezko xedapen guztiak onartuko dira aurrerapen
teknologikoen eta teknikaren bilakaeraren ondorioz eskakizun eta baldintza
teknikoetan -huts-hutsik teknikoak direnetan- egokitu beharrekoak egokitzeko,
hau da, industriako instalazio, tresna, ekipo eta produktuetan egin beharreko
egokitzapenak egin ahal izateko, proba, ikuskapen eta kontrol prozeduretakoak
barne.