Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

8/2003 Legea, abenduaren 22koa, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarena.

2003-12-22

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2003/12/30, 254. zk.; EAO, 2011/11/25, 284. zk.

§ 258. 8/2003 LEGEA, ABENDUAREN 22KOA, XEDAPEN OROKORRAK EGITEKO PROZEDURARENA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

I

 

      Xedapen orokorren sorkuntzak berebiziko garrantzia hartu du azkenaldi honetan, Administrazioak gizarteko bizitzaren arlo guztietan esku hartzeak eragiten duen arau-ugaritasunagatik eta era bateko eta besteko egoera eta gizarte-harremanetan egunero eragiten duten arauen zailtasunagatik. Arau horiek guztiak sortzeko prozedura antolatu egin behar da: lehen-lehenik, hala eskatzen duelako gizabanakoen eta gizabanakoak kide diren gizataldeen eskubideen begiruneak; orobat, herri-aginteen egintza guztiek erabat Legearen eta Zuzenbidearen pean egon behar dutela dioten zuzenbidearen printzipioek hala eskatzen dutelako; eta, azkenik, baita eraginkortasun-arrazoiengatik ere. Izan ere, eskubide horien begirune hori eta Legearen eta Zuzenbidearen pean erabat egon behar hori ez dira beteko arauak beren helburuak iristeko egoki ez badira edo helburu horiek era eskasean iristen badituzte.

 

      Arau juridikoen sorkuntzaren gaineko doktrinaren azterlanetan behin eta berriro esaten da gizarte-errealitatea eta arau horien gaiak izango direnak sakon ezagutu behar direla, arauak sortzeko. Ezaguera horretan oinarrituta baino ezin da baloratu indarrean diren arauak aski diren eta egokiak diren errealitate hori behar bezala eta zuzentasun materialaren irizpideen arabera eratzeko; eta, orobat, horrela baino ezin dira arau berriak sortu, indarrean diren arauak hobetu behar direnean edo horien ordez beste arau egokiago, ulergarriago eta gauzagarriago batzuk eman behar direnean.

 

      Horrela, bada, berebiziko garrantzia du gai honek gaurko gizarteetan. Kontua ez da teknika juridikoa zuzen erabiltze hutsa, xedapenek duten eginkizunari berari eragiten baitio, herri-aginteen jarduera arautu, gizarte-harremanak antolatu eta gizatalde ugari eta askotarikoei ematen zaizkien era guztietako zerbitzuak bermatzen dituzten xedapenen eginkizunari, alegia. Beraz, Zuzenbidearen beraren arau-izaerari, elkarbizitza eraginkortasunez antolatzeko eta benetako beharrizanei erantzuna emateko duen gaitasunari eragiten dio.

 

      Beste alde batetik, xedapen orokorren sorkuntzan, eta ez legearen forma hartzen duten xedapenen sorkuntzan bakarrik, badago tarte bat erabaki politikorako, edo, zehatzago esate aldera, arauen osaera aukeratzeko nolabaiteko askatasuna. Tarte hori zabalagoa edo estuagoa izatea jokoan diren interesak neurtzeko beharrizanaren arabera goragoko arauek uzten duten tartearen baitan dago. Legeen kasuan, jakina, zabalagoa da tarte hori. Aukera politikoen askotarikotasunak eskatzen du hori, eta horrexek ematen du bidea Legebiltzarrean gauzatzen den jendaurreko eztabaidarako. Hala ere, Legebiltzarrean ordezkatuta dauden jarreren arteko eztabaida egin ahal izango bada eta eztabaida horrek gizarteak eskatzen duen emaitza emango badu, lan bat egin behar da aurretik, ekimen bakoitza gehien-gehienetan, Gobernuarena izan ohi da ekimen hori sustatzen duen legegintza-aukeraren funtsa ahal den neurrian zedarritu eta bideratze aldera, eta legegintzarako aukera hori lege bihurtu eta indarrean sartzeak eragingo duen kostua neurtze aldera.

 

      Erregelamenduen kasuan, agerikoa denez, tarte hori ez da hain zabala; hala ere, erregelamendu bat egiteko erabakia hartzerakoan, hura onartzeko eskumena duen organoak kontuan hartu behar ditu, alde batetik, arauketa-aukera guztiak, baita aukera horiek antolamendu juridikoari egokitzen zaizkion aztertzeko txosten juridiko eta teknikoak ere, eta aukera horiek gauzagarriak direnetz ere bai. Eta, bestetik, kontuan hartu behar du arau horrek xede duen errealitatean eragiten duten gainerako erakundeen iritzia; horrez gain, arauak ukituko dituen gizarte-sektoreak ordezkatzen dituzten pertsona edo erakundeei entzun egin behar die.

 

      Urrats horiek guztiak eginez, hau lortu nahi da: egingo diren arauek oinarri objektibo bat izan dezatela, teknika juridiko egokiaren arabera eman daitezela eta gizarteak onets ditzala.

 

      Nola pentsakera liberalak erregearen absolutismoa irauli eta legearen funtsa erregearen kontrolik gabeko nahi hutsetik atera eta arrazoian ezarri zuen (nec voluntas sed ratio facit legem), hala, gure egunotan, ezinbestekoa da arau juridikoen arrazoizkotasuna indartzea: horretarako, arauen antolatze-eginkizuna, ulergarritasuna eta zati diren antolamendu juridikoko printzipio eta arauekiko koherentzia errazte eta legitimatze aldera, araugintza berez den gogoeta-prozesu horretara behar beste osagai eta erakundeen eta gizartearen behar adina parte-hartze ekarri behar dira. Horrela bermatzen dira segurtasun juridikoa eta antolamenduaren eraginkortasuna, eta saihesten arauen neurrigabeko ugaritzea eta behar ez diren eta balio ez duten xedapenen gehitzea.

 

II

 

      Azaldutako ideia horiekin bat eginez, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideek xedapen orokorrak egiteko jarraitu beharreko administrazio-prozedura arautzen du lege honek, Gernikako Estatutuaren 10.2 artikuluak (autogobernatzeko erakundeen antolamendu, erregimen eta funtzionamendua) eta 10.6 artikuluak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Zuzenbide substantibotik eta berezko antolaketaren berezitasunetik datozen administrazio-prozedurako arauak) emandako eskumena erabiliz. Beste alde batetik, eskumenaren funtsa bikoitz izate horrexegatik, eta kontuan izanik EAEk, zenbait arlotan, lurralde historikoetako foru-erakundeekin partekatzen duela araugintza-eginkizuna, Eusko Legebiltzarra da, autonomia-antolamenduan, herri-administrazioen araubide juridikoaren guztientzako printzipioen gaineko eskumena duena, eta horrexegatik foru-diputazioak, beren antolaketa-, araubide- eta jardunbide-arau berezkoekin bat etorriz, xedapen orokorrak egitera doazenean, lege honetan ezarritako printzipioen pean egongo dira, beren arau horien berezitasun formal eta materialen arabera.

 

      Honen aurrekaria da 1980ko urriaren 13ko Dekretua, gai honetan ezarritako ohiko araubidean txertatzen dena; haren bidez ezarri zen lege-egitasmoak egiteko eta Eusko Jaurlaritzak onartu beharreko dekretuak egiteko barne-prozedura. Xedapen hori tresna gisa erabiltzeko eman zen, ez beste ezertarako, eta denborarekin atzeratua gelditu da, nahiz eta badituen zenbait arau oraindik ere baliagarri direnak. Era berean, Jaurlaritzaren Legeko -ekainaren 30eko 7/1981 Legea- VII. tituluko II. eta III. kapituluetan ezarritako araubidea ere kontuan hartu da, lege horrek oraindik ere indarrean baitirau, lege honek aldatzen ez dituen zenbait gai substantibo arautzen dituenez gero; hain zuzen ere, beste lege horretan xedatutakoa betetzeko beharrezkoa den izapideen segida antolatzen du lege honek.

 

      Lege honek xedapen orokorrak egiteko prozedura arautzen du, eta xedapen orokor horien baitan sartzen dira hala erregelamenduak egiteko ekimenak nola lege-aurregitasmoak. Bi arau-mota horiek batera arautzeari egoki iritzi zaio, nahiz eta antolamendu juridikoan ez dauden maila berean, eta nahiz eta, legeak egiteko orduan, berez legegintza-ekimena denaren aurreko fasea baino ez den sartzen administrazio-prozeduraren baitan; izan ere, Eusko Legebiltzarraren Araudiak arautzen du berez legegintza-ekimena dena.

 

      Horrexegatik beragatik, administrazio-fasean gauzatu beharreko prozedurak eta prozedura hori goragoko arauen araberakoa den ikusteko azterketak arras malgu eta zabal izan behar dute. Osterantzean, formaren zorrozkeriak eta edukiaren aldetik izango lukeen murrizketak oztopatu egingo lukete hein handi batean legeak egiteko benetako prozedurak, legebiltzarrean gauzatzen denak, berezkoa duen eginkizuna.

 

      Alabaina, lehenago esan dugun bezala, legegileak legearen osaera aukeratzeko duen askatasunak ez du esan nahi eginkizun horretan batere mugarik ez duenik, ez eta erabakitzeko bere ahalmen hutsean babes har dezakeenik. Aitzitik, beste edozein herri-agintek bezala, arrazoi objektiboetan funtsatu behar du bere nahia, eta ez du arbitrarietatean erori behar. Gainera, arautu nahi duen errealitate horri egokitutako legeria egiten saiatu behar du. Horrexegatik, beharrezkoa da erregelamenduaren mailako xedapenetarako ezarritako metodologia bera ezartzea botere betearazlearen barruan egiten diren legeetarako. Horrela legegintzako ahala duenaren eginkizuna erraztu egingo da, hobeto funtsatutako egitasmoak aurkeztuko baitzaizkio eztabaidarako eta erabakia hartzeko, helburuak iristeko egokiagoa eta finagoa den teknika juridikoaz artikuluka banatuak. Funts zehatzago eta ziurrago horren gainean dagokio Legebiltzarrari egitasmoak zuzendu eta onartzea.

 

III

 

      Legeak, aplikazioari eta ez besteri begira, xedapen orokorraren kontzeptu juridiko-formal bat zehazten du, eta xedapenek antolamendu juridikora berrikuntza ekartzeko duten ahalmena nabarmentzen du kontzeptu horrek. Beraz, zedarriketa positiboak alde batera uzten ditu arauak izan dezakeen maila eta hartzen duen forma, eta, zedarriketa negatibo batekin osatzen da: zedarriketa negatibo horren arabera, bazterrera uzten dira, berariaz, administrazio-egintza orokorrak edo aplikatuak izateko ondorengo beste egintza batzuk behar dituzten egintza arau-indarrik gabekoak, bai eta xedapen orokorren interpretazio eta aplikazioaren gaineko jarraibideak ere. Hala ere, jarraibide horiek ere sailetako zerbitzu juridikoen txostenaren izapidea igaro behar dute, tresna juridikoak direnez gero zuzen erabiltzen direla bermatze aldera. Era berean, txosten juridikoa egin beharko da kide anitzeko organoek beren barruko jardunbidea arautzeko onartutako erregelamenduen gainean ere.

 

      Hemen arautzen den prozedurak erabaki formal bat eskatzen du hasiera-hasieratik, araua egitea bidezko denetz esango duena. Erabaki hori Jaurlaritzako kideei dagokie, berei dagokienez gero beren eskumenen esparruan, batzuetan, xedapen orokor hori behin betiko onartzea eta, besteetan, Jaurlaritzaren Kontseiluari onartzeko aurkeztea. Lege honetan ez da bereizketarik egiten lege-mailako xedapenen eta erregelamendu-mailako xedapenen artean, eta, hortaz, arauak egiteko eredu orokor bat hartu da, lausoa edo ministeriala. Eredu hori oso bat dator Jaurlaritzaren antolaketa-moduarekin eta Administrazioaren sailkako egiturarekin, Estatutuari jarraituz Jaurlaritzaren Legeak hartutakoarekin, alegia.

 

      Lege honen arabera, arauak egiten hasteko erabakia ez da betekizun formal huts bat, baizik eta garrantzi juridiko eta politiko handia duen egintza bat, arauaren beharrizan eta bideragarritasunaren gainean gutxieneko gogoeta behar duen egintza bat, alegia. Horrexegatik, arauaren edukia finkatzen eragina izango duten era guztietako aldagaiak kontuan hartzea eskatzen du (azterlanak, txostenak, entzunaldiak, kontsultak, negoziazioak, eta abar); orobat, araua indarrean sartzeak gutxi gorabehera zer kostu ekarriko duen eta zer eraginkortasun izango duen kalkulatzea eskatzen du, ez bakarrik herri-administrazioei begira, baita herritarrei eta eskuarki ekonomiari ere. Beste herrialde batzuetako sistemetan egin duten antzera, noizbait Eusko Jaurlaritzak ere erabili dituen galdetegiak (checklisten) onartzeko aukera aintzat hartu da; horien bitartez, arauak idazteko ardura duten organoek aipatutako zehaztasun horiek guztiak baloratzeko modua izan dezakete.

 

      Onartu ostean, araua egiten hasteko agindua araua egiteko langintza osoak jarraitu beharreko plan bihurtzen da, bai eta ezinbesteko erreferentzia ere, agindu horren emaitza izango den arau-egitasmoaren gainean egindako txostenen bitartez balorazio juridikoa egin ahal izateko.

 

      Legeak, bereziki, entzunaldiaren izapidean jartzen du arreta, garrantzi handikoa baita egitekoa den arauak uki ditzakeen eskubide eta interesen berme den aldetik, bai eta arauketarekin asmatzearen berme den aldetik ere. Asmo horrekintxe, eta eskumenen antolamendua errespetatua izango dela bermatzeko nahiz erakundeen arteko lankidetza sustatzeko, egitekoa den arauak eragin diezaiekeen heinean beste herri-administrazio batzuei parte hartzen uzteko eta haiei kontsulta egiteko aukera ere aintzat hartzen da berariaz.

 

      Orobat, prozedura bakoitzaren gaineko espedientean agertu behar duten agiriak ere aipatzen ditu, eta jarduketa guztien eta haien emaitzen gaineko memoria bat eransteko betebeharra ere ezartzen du. Memoria ekonomiko bat aurkezteko betebeharra nabarmentzen da, proiektatutako arauak gutxi gorabehera izan dezakeen kostua kalkulatzeak izan ohi duen garrantziarengatik.

 

      Horrez gain, kasu bakoitzean aplikatzekoa den legeriaren arabera nahitaezkoak diren txosten eta irizpenak eska eta eman daitezen galdegiten du lege honek.

 

      Ondoren, arauaren onarpena arautzen da, eta onarpen horretarako aurkeztu behar diren agiriak zehazten dira, onartzeko erabaki horretarako behar diren irizpen-osagai guztiak eskura egon daitezen.

 

      Legeen garrantzi berezia dela eta, lege-aurregitasmoak aztertzeko berariazko izapide bat ezarri da Jaurlaritzaren Kontseiluarentzat. Horren helburua da legegintzako ekimena erabili behar duen organoak, artikuluka banatutako testu bat aurrean izanez, legea egiteko prozeduraren planifikazioa bideratzea eta haren ardura bere gain hartzea, ondorengo entzunaldi-, kontsulta- eta txosten-izapideek ekar ditzaketen emaitzak gorabehera.

 

      Xedapen berezietan presako kasuak aurreikusten dira, eta horrelako kasuetan erabil daitezkeen araubide arruntaren salbuespen eta modulazioak aipatzen dira, eta, gainera, argitu egiten dira izapideen izaera eta izapide horiek huts egiteak eragin ditzakeen baliogabetze-ondorioak.

 

      Legearen azkeneko zatian arau substantiboen neurri osagarriak jasotzen dira, teknika juridikoaren arrazoiengatik artikuluen artean sartu ezin izan diren neurri osagarriak, alegia. Horrela, bada, Europar Batasunaren aurrean egin beharreko izapideak, kontsulta-organoak eta araugintza-teknikaren gaineko jarraibideak aipatzen dira. Izaera horretakoak dira xedapen iragankorra eta 1980ko urriaren 13ko Dekretutik indarrean zirauenaren indarrik gabe uztea.

 

      Amaitzeko, azken xedapenetako lehenengoak xedapen orokorrak egiten direnerako beste eginbehar bat gehitzen du, xede hau duena: xedapen horien hartzaile izango direnei araututako gaiaren inguruan indarrean dagoen Zuzenbidea jakinaraztea. Modu horretan, segurtasun juridikoari laguntzen zaio, eta arauen kodifikazioaren ikuskera berri batek azkenaldi honetan egin dituen gisa horretako eskariei erantzuten zaie.

 

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

 

1. Artikulua - Helburua

 

      Lege honen helburua da xedapen orokorrak egiteko prozedura arautzea.

 

2. Artikulua - Aplikazio-eremua

 

      Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak egiten dituzten xedapen orokorrei ezarriko zaie lege hau. Lege-mailako arauetan bestelako berariazko prozedura bat ezarrita duten xedapen orokorrak prozedura horren arabera egingo dira; hala ere, lege honetan ezarritakoa aplikatuko da osagarri.

 

3. Artikulua - Kontzeptua

 

      1.-     Lege honen ondorioetarako, xedapen orokorrak dira, edozein gairen gainekoak izanik ere, antolamendu juridikora berrikuntzak dakartzaten arau juridikoak dauzkaten xedapenak eta lege, legegintza-dekretu, dekretu edo aginduaren forma hartzen dutenak.

 

      2.-     Ez dira halakotzat joko hartzaile-multzo zehatzei edo zehaztu daitezkeenei eragiten dieten administrazio-egintza orokorrak, behin aplikatuta agortzen direnak, edo edukia administrazio-egintza orokor horietan zeharo zehaztuta dakarten beste betearazpen-egintza batzuk eragiten dituztenak, nahiz eta batzuk eta besteak organo berek emanak izan eta xedapen orokorren forma berbera hartu.

 

      3.-     Kanpoan gelditzen dira xedapen orokorren aplikazioa errazteko ematen diren jarraibideak; hala ere, jarraibide horiei 7.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko zaie.

 

      4.-     Kide anitzeko organoek beren barne-jardunbidea arautzeko onartutako erregelamenduen gainean, 7.3 artikuluan ezarritako txosten juridikoa egin beharko da.

 

II. KAPITULUA

PROZEDURA

 

LEHENENGO ATALA. HASTEA

 

4. Artikulua - Organo eskuduna

 

      1.-     Xedapen orokorrak egiteko prozedura xedapen horien gaiaren gainean eskumena duen saileko sailburuaren aginduz hasiko da. Legeak hala agintzen duenean, edo xedapen orokor horien gaiaren gainean sailburu bik edo gehiagok eskumen zuzena dutenean, agindua guztiek batera eman beharko dute.

 

      2.-     Baldin eta, xedapen orokorrak egiteko prozedura hasi eta gero, premia ikusten bada beste sail batzuek ere parte har dezaten, egitekoak diren xedapen horiek sail horien eskumeneko gaietan eragina izan dezaketelako, sail horiek ere prozeduran parte hartuko dute, eta, ahal den neurrian, une horretara arte egindako jarduketak mantendu egingo dira.

 

5. Artikulua - Prozedura hasteko agindua

 

      1.-     Prozedura hasteko aginduan, egitekoa den arauaren gaia eta helburua aipatuko dira labur-labur, eta alderdi hauen guztien gaineko irizpen bat ere izango da: arauaren bideragarritasun juridiko eta materiala; antolamendu juridikoan izango duen eragina, gai beraren gainean indarrean dauden beste arauen artean berariaz edo zeharka aldaketa jasango dutenak adieraziz, eta arau horrek ukituko dituen herri-administrazioen aurrekontuetan izango duen eragina, arautuko duen gai horretan izango duen eragina nahiz dena delako jarduera-esparru horretan izango duena. Era berean, gaia eta proposatuko den arauketaren edukia dela-eta bidezko iritzitako izapide eta txostenak zehaztu beharko dira, eta, behar balitz, xedapenak Europar Batasunean izapideren bat igaro behar duen edo ez.

 

      2.-     Eusko Jaurlaritzak, beharrezko diren betekizun eta izapideak hobeto betetzearren, xedapen orokorrak egiteko prozeduraren galdetegiak onartu ahal izango ditu.

 

BIGARREN ATALA. INSTRUKZIOA

 

6. Artikulua - Xedapen orokorrak egiteko arau eta irizpideak

 

      1.-     Prozedura hasteko aginduaren edukiari jarraituz idatziko dira xedapen orokorrak, eta arauketa-aukera hauek hartuko dira aintzat: ondoen egokitzen zaizkienak bai lortu nahi diren helburuei bai eta egin nahi den arauketaren zuzentasuna eta legezkotasuna bermatzearren komenigarri iritzitako kontsultek izandako emaitzei.

 

      2.-     Xedapen orokorra egiteko bide horretan, beharrezko diren azterlan eta txostenak egingo dira, eta, bereziki, arauen gauzagarritasun eta kostuaren gainekoak.

 

7. Artikulua - Aldez aurreko onarpena eta aldez aurreko instrukzio-izapideak

 

      1.-     Xedapen orokorren egitasmoak idatzitakoan, prozedura hasteko agindua eman duen organoak aldez aurreko onarpena eman beharko die, dagozkion negoziazio-, entzunaldi- eta kontsulta-izapideak egin aurretik.

 

      2.-     Lan-baldintzen gaineko eta funtzio publikoaren legeriak zehaztutako gai jakin batzuen gaineko arau-egitasmoak langileen ordezkariekin negoziatu beharko dira, edo kontsulta egin beharko zaie haiei, dagokion legeriak ezarritako gai-eremuen arabera.

 

      3.-     Betiere, prozeduraren instrukzioa egin duen saileko zerbitzu juridikoak txosten juridiko bat egin beharko du alderdi hauek aztertzeko: egitekoa den arauaren funts objektiboa zein den, haren edukia Legearen eta Zuzenbidearen araberakoa den eta araugintza-teknikaren jarraibideak bete diren, baldin eta halakorik balego.

 

8. Artikulua - Entzunaldia eta jendaurrean jartzea

 

      1.-     Herritarren eskubide eta bidezko interesei eragiten dieten xedapen orokorrek entzunaldiaren izapidea igaro beharko dute. Era berean, xedapenen izaerak hala eskatzen badu, jendaurrean jarri beharko dira.

 

      2.-     Herri-interesak eskatzen duenean baino ezingo da utzi alde batera entzunaldiaren izapidea, eta herri-interes hori egiaztatu egin beharko da kasuan-kasuan.

 

      3.-     Interesdunei zuzenean entzunez egingo da entzunaldia, edo, interesdun horiek biltzen edo ordezkatzen dituzten erakunde eta elkarteei entzunez; erakunde eta elkarte horiek legeak onartutakoak izan behar dute, eta haien helburuek lotura zuzena izan behar dute xedapenaren gaiarekin. Dena den, arrazoitu egin beharko da izapide hori betetzeko aukeretan bata edo bestea hartu izana.

 

      Aipatutako erakunde edo elkarte horiek organoen bidez edo txosten edo berariazko kontsulten bidez parte hartzen badute araua egiteko prozesuan, ez da beharrezkoa izango interesdunei zuzenean entzunaldia ematea.

 

      4.-     Entzunaldia, eta, hala behar balitz, jendaurrean jartzea, arrazoizko epe baten barruan egingo da, inolaz ere ez hogei egun baliodun baino gutxiagoko epean. Hala ere, hamar egun baliodunera murriztu ahal izango da gutxieneko epea, behar bezala arrazoitutako zioak direla-eta bidezko bada.

 

      5.-     Ez dute izapide hori igaro beharko Jaurlaritzaren organoak, karguak eta agintariak arautzen dituzten xedapenek, ez eta Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo haren menpeko edo hari atxikitako erakundeen xedapen organikoek ere, non eta ez duten arautzen herritarrek Administrazioaren eginkizunetan edukiko duten parte-hartzea.

 

9. Artikulua - Beste administrazio batzuek parte hartzea edo haiei kontsulta egitea

 

      1.-     Xedapen orokorrak egiteko prozeduran parte hartzeko aukera emango zaie egitekoa den arauketak zuzen-zuzenki eragiten dien Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioei.

 

      2.-     Parte-hartzea mailakatu egingo da eta egitekoa den xedapenak gainerako administrazioen eskumen eta jarduketetan duen eraginaren arabera gauzatuko da. Betiere, egitasmoaren testua helarazi beharko zaie, eta parte-hartzea alegazioak aurkezteko epe bat irekita ere gauzatu ahal izango da, edo txostenak emanez.

 

      3.-     Kontsulta-organoetan parte hartze hutsak edo gai jakin batean aholku teknikoa emateak ezin du kontsultaren izapidea ordezkatu, non eta horrelako parte-hartzearen funtsa ez den hain zuzen ere bakoitzaren eskumen eta interesak babestea, edo non eta organo horiek esku hartuta ez den parte-hartze hori zinez gauzatzen.

 

HIRUGARREN ATALA. ONARTZEA

 

10. Artikulua - Espedientea eta memoria

 

      1.-     Espedienteari, prozedura hasteko aginduarekin eta dagokien agiriekin batera, egindako azterlanak eta kontsultak gehituko zaizkio.

 

      2.-     Orobat, prozedura osoaren memoria labur bat erantsiko zaio espedienteari, eta, hor, hauek guztiak zehaztuko dira: aurrekariak, egindako izapideak, izapideen emaitzak eta, egindako txostenen ohar eta iradokizunei egokitzearren -batez ere nahitaezko txostenetan egindakoei-, proiektuaren testuan sartutako aldaketak. Behar besteko zehaztasunez arrazoituko da zergatik ez diren onartu txosten horietan egindako oharrak, eta zehatz-mehatz arrazoituko da, orobat, azkenean erabakitako testua zergatik den antolamendu juridikoaren araberakoa.

 

      3.-     Era berean, espedienteak memoria ekonomiko bat edukiko du, eta, hor, egitekoa den arauaren kostuaren zenbatespena azalduko da: gastu eta diru-sarrerak zenbatuta agertuko dira, eta, orobat, herri-administrazioaren aurrekontuetan izango duen eragina, finantzaketa-iturri eta -erak nahiz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ekonomia- eta araudi-kontrolaren gaineko arauek zehaztutako beste alderdi batzuk. Egitekoa den arau horren aplikazioak beste herri-administrazio batzuei, banakoei eta oro har ekonomiari ekarriko dion kostua ere neurtuko du.

 

11. Artikulua - Nahitaezko txostenak eta irizpenak

 

      Nahitaezko txostenak eta kontsulta-organoen irizpenak izapide hori arautzen duten xedapenek ezarritako unean eta eran eskatuko dira.

 

12. Artikulua - Behin betiko onarpena

 

      1.-     Ezarritako prozedura amaitutakoan, xedapen orokorra eskudun organoari aurkeztuko zaio onar dezan, eta harekin batera zioen adierazpena ere bai, xedapen hori egiteko zioak eta haren helburua labur-labur adieraziz. Eranskinean, hala dagokionean, indarrik gabe utzitako edo aldatutako xedapenen zerrenda agertuko da.

 

      2.-     Era berean, beste hauek ere erantsiko zaizkio: emandako nahitaezko txostenak, 10. artikuluan aurreikusitako memoriak eta xedapenaren beharraz eta egiteko egokitasunaz iritzia emateko beharrezkoak diren aurrekariak.

 

III. KAPITULUA

XEDAPEN BEREZIAK

 

13. Artikulua - Lege-aurregitasmoen onarpena

 

      Lege-aurregitasmoak Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztuko zaizkio, azter ditzan; aztertzen diren bilkuran bertan erabakiko du haiek behin betiko onartu edo ez, edo, bestela, azken idazketa egiteko kontuan hartu beharko diren irizpideak ezarriko ditu, bai eta, hala balegokio, behin betiko onartu bitarteko bidean egin beharreko jarduketak ere.

 

14. Artikulua - Presa

 

      Behar bezala egiaztatutako presazko arrazoiak direla-eta ezin bada bete xedapen orokorraren gaia arautzen duten arauek aurreikusitako prozedura-izapideren bat, badago, arrazoiak emanez, izapide horiek alde batera uztea, non eta lege-mailako arauek edo lege-indarra dutenek ez dituzten izapide horiek nahitaez eskatzen.

 

XEDAPEN GEHIGARRIAK

 

Lehenengoa - Europar Batasunean egin beharreko izapideak

 

      Lege honetan aurreikusitako prozeduran sartzen dira Europar Batasuneko Zuzenbideak eskatuta Batasuneko organoek edo organoetan egin beharreko izapideak. Izapide horiek arautzen dituzten arauetan egongo dira ezarrita izapide horiek egiteko unea, haien forma eta eragingo dituzten ondorioak.

 

Bigarrena - Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena

 

      Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoaren txostena eskatu eta emateko, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoa sortu eta arautzen duen Eusko Jaurlaritzaren apirilaren 13ko 187/1999 Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio, aldatzen edo ordezkatzen ez den artean.

 

Hirugarrena - Araugintza-teknikako jarraibideak

 

      Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Jaurlaritzaren Kontseiluaren 1993ko martxoaren 23ko Erabakiaren bidez onartu ziren jarraibideen arabera egingo dituzte xedapen orokorrak (erabakia, urte horretako apirilaren 6ko Aginduaren bitartez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren apirilaren 19ko alean argitaratu zen, 71. zenbakian), jarraibide horiek lege honetako 5.2 artikuluan aurreikusitako galdetegien bidez aldatzen edo beste batzuekin ordezkatzen ez diren bitartean.

 

Laugarrena - Foru-aldundiek xedapen orokorrak egitea

 

      Lurralde historikoetako foru-aldundiek beren antolamendu-, araubide- eta jardunbide-arauen arabera egingo dituzte beren xedapen orokorrak. Hala ere, lege honetan jasotako arauketaren printzipioak aplikatuko zaizkie haiei ere, beren arauen ezaugarri diren berezitasun formal eta materialen arabera.

 

XEDAPEN IRAGANKORRA

 

      Lege hau indarrean sartu aurretik hasitako prozedurak lehengo araudiaren arabera izapidetuko dira amaitu arte.

 

Xedapen indargabetzailea

 

      Eusko Jaurlaritzak onartu beharreko lege-egitasmo eta dekretuak egiteko barne-prozedura onartu zuen 1980ko urriaren 13ko Dekretutik indarrean zirauena indarrik gabe uzten da; indarrik gabe uzten da, orobat, lege honetan xedatutakoaren aurka doan xedapen oro.

 

AZKEN XEDAPENAK

 

Lehenengoa - Indarrean diren xedapenak eguneratzea

 

      Arauak hobeto ezagut eta zuzenki aplika daitezela bermatze aldera, Eusko Jaurlaritzak indarrean diren xedapenen testu eguneratuak argitaratuko ditu, eta jasan dituzten aldaketa eta indargabetzeen arrazoi diren arauak zehaztuko dira bertan. Argitarapen hori egiteko, bitarteko teknikoek aukera ematen duten neurrian, euskarri informatikoak eta arauen aplikazio-eremuan hedapenik handiena eragin dezaketen telematika-sareak erabiliko dira.

 

Bigarrena - Erregelamendu bidezko garapena

 

      Baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari lege hau garatu eta ezartzeko beharrezko diren xedapenak eman ditzan.

 

Hirugarrena - Indarrean sartzea

 

     Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra