8/2000 Legea, azaroaren 10ekoa, Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Legea aldatzekoa.
2000-11-10Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2001/1/2, 1. zk.; EAO, 2011/12/13, 299. zk.
Indargabetua: 2009-01-01
§ 238. 8/2000 LEGEA, AZAROAREN 10EKOA, GIZARTE
BAZTERKERIAREN AURKAKO LEGEA ALDATZEKOA
ZIOEN ADIERAZPENA
Maiatzaren 22ko 12/1998 Legeak
-gizarte-bazterkeriaren aurkakoak- gizarte-arloko tresnak eta beharrezko
laguntza ekonomikoak ezarri zituen: batetik, pertsona gizartean nahiz
lan-munduan baztertzeko arriskuari aurrea hartzeko, eta, bestetik, nork bere
kontura bizitzeko modua aurrera eramateko nahikoa baliabiderik (norberarenik,
gizarte-arlokorik nahiz ekonomikorik) ez dutenei gizarteratzen laguntzeko.
Legeak zioen adierazpenean zehazten
zuenez, gizarte-bazterkeria ez da pobreziaren kideko, baldin eta pobreziatzat
hartzen bada dena delako gizarteko ongizatearen erdiko mailari dagozkion
ondasun eta zerbitzuak eskuratzeko zailtasuna edo ezintasuna. Izan ere,
bazterkeria gizarte-eskubideez baliatzeko ezintasuna edo gaitasunik eza da,
batez ere lan egiteko eskubideaz baliatzeko ezintasuna, baina baita hezkuntza
eta prestakuntza jasotzeko eskubideaz, kultura, osasuna eta etxebizitza duina
izateko eskubideaz edo gizarte-babesa jasotzeko eskubideaz baliatzekoa ere.
Aurrekoa horrela izanda ere, hona hemen
gizarte-bazterkeria izateko arrazoi larriena, ohikoena eta agerikoena: nahikoa
baliabide ekonomikorik ez izatea bizimodu independentea duintasunez aurrera
eramateko.
Horregatik, Gizarte Bazterkeriaren Aurkako
Legeak, aurreko araubideak zituen ezaugarriak gordeta, era osoagoan eta
zehatzagoan arautu zuen gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera, betiere honela
ulertuta: gutxieneko diru-sarrera aldian aldiko dirulaguntza da, bizitzeko
oinarrizko gastuei aurre egiteko beste diru-baliabide ez duten pertsonen
premiak betetzen laguntzen duena. Legeak, halaber, diru-laguntza hori lortzeko
irizpide ez-ekonomikoak aldatu zituen zati batean, gaur egun ia inolako babesik
gabe dauden pertsonek ere laguntza jaso ahal izan dezaten.
Dena dela, 18. artikuluko 1. paragrafoko
d) idatz-zatian ezartzen denez, gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreraren
eskubideduna izateko, beharrezkoa da 25 urtetik gorakoa izatea eta, aldi
berean, kasuan kasuko legerian zahartzaroa dela eta pentsio publikoa eskuratu
ahal izateko jarritako gutxieneko adina baino urte gutxiago izatea.
Azken baldintza horri eustearen ondorioz,
gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreraren zenbait eskubidedunek, adin hori
lortuta, galdu egiten dute delako diru-laguntza jasotzeko eskubidea; izan ere,
adin horretan, eskubidea dute bestelako laguntzak (ekonomikoak, medikuntzakoak,
farmaziakoak eta gizartekoak) hartzeko. Baina horrek, aldi berean, nabarmen
urratzen du pertsona horien ekonomia nahiz gizarteratzea, eta hori
bidegabekeria da babes berezia behar duten horientzat, betiere benetako aukera
emango bazaie dagozkien gizarte-eskubideez baliatzeko.
Egoera oker hori konpontzeko, Eusko
Legebiltzarrak, 1999ko azaroaren 26an hartutako erabakiaren bidez, Euskal Autonomia
Erkidegoko herri-administrazioei eskatu zien behar diren legezko aldaketak egin
zitzatela errenta hori lortzeko baldintza guztiak -gehienezko adina izan ezik-
betetzen dituzten pertsona guztiek, gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreraren
bidez, aukera izan dezaten oinarrizko beharrak eta gizarteratze-prozesutik
datozenak asetzeko. Legebiltzarraren erabakian esaten denez, aldaketak ekar
ditzakeen ekonomia-ondorioek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren
kontura joan beharko dute.
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak
-Euskadiko Autonomia Estatutuarenak- I. tituluan, "Euskal Herriari
dagozkion konpetentziak" deritzonean, 10. artikuluko 12. eta 39.
paragrafoetan, ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio
gizarte-laguntzako eta hirugarren adinekoen aldeko politikako eskumena.
Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak,
zuzenbideko oinarri horren babesean, bete egingo du Legebiltzarrak 1999ko
azaroaren 26an hartutako erabakia, eta horretarako, funtsean, honako legezko
aldaketa hau egin du: kendu egin da gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera
lortzeko ezinbestekoa zen gehienezko adinaren baldintza, eta, ondorioz, berriro
idatzi du 18. artikuluko 1. paragrafoko d) idatz-zatia.
Artikulu bakarra
Idazkera berria eman zaio maiatzaren 22ko 12/1998
Legearen 18. artikuluko 1. paragrafoko d) idatz-zatiari, eta honela geratu da:
"d) 25 urtetik gorakoa izatea.
Nolanahi ere, 25
urte baino gutxiago dutenak, baldin eta gainerako baldintzak betetzen badituzte
eta beren ardura ekonomikoaren pean adin txikikoak edo elbarriak badituzte,
salbuetsita egongo dira, bai eta aitarik edo amarik ez dutenak ere. Halaber,
hogeita bost urte baino gutxiago dutenak, baldin eta gainerako baldintzak
betetzen badituzte eta sei hilabete lehenagotik ezkonduta badaude edo ezkontzaren
antzeko egoera batean badaude, salbuetsita egongo dira."
Xedapen Iragankor Bakarra
Lege
hau aplikatuko zaie legea bera indarrean jarri baino lehenagotik gizarteratzeko
gutxieneko diru-sarrerarako eskubidea aitortu, berraztertu, aldatu, eten eta
kentzeko hasita zeuden prozedurei.
Azken Xedapenak
Lehenengoa - Erregelamendu bidez garatzea
Eusko
Jaurlaritzak baimena du lege hau garatu eta ezartzeko behar diren xedapen
guztiak emateko.
Bigarrena - Indarrean sartzea
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.