8/1996 Legea, azaroaren 8koa, Euskal Autonomi Elkarteko Finantzena.
1996-11-08Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1996/12/3, 233. zk.; EAO, 2012/1/20, 17. zk.
§ 183. 8/1996 LEGEA, AZAROAREN 8KOA, EUSKAL AUTONOMI
ELKARTEKO FINANTZENA
ZIOEN ADIERAZPENA
1.- Legearen aurkezpena
Euskal Autonomi Elkartearen Estatutuak
berezko ogasuna izateko bide ematen zuen, baina ogasun horrek, benetan indarra
izateko, beharrezkoa zuen lege sektorialen bitartez garatzea Euskal Herriko
Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko ekainaren 22ko 12/1983 Legea oinarritzat
harturik. Lege honen testua maiatzaren 17ko 1/1988 Legegintza-Dekretuaz
bateratu zen, eta, bertan, Euskal Herriko Ogasun Nagusiari dagozkion gaiak jaso
dira eta oinarrizko printzipioen legezko arauketa aurreikusi.
Lehenengo eta behin, honako hauek arautzen
zituzten legeak egin ziren: ondareari buruzko errejimena, aurrekontua egiteko
eta kudeatzeko ihardunbidea, kontrol eta kontabilitaterako sistema eta tasa eta
herri-prezioak. Hainbat arlo, beraz, arauketa orokorraren zain geratzen ziren.
Arlo horiek ohiko kudeaketarako unitate organikoak lotzen zituen elkarren
artean, politika finantzarioaren gaiak diren aldetik: Euskal Herriko
Diruzaintza Nagusiaren errejimena, zorpetze-errejimena eta bermeak emateko
errejimena. Arlo bakoitzak behar dituen arauen kopurua mugatua denez, testu
bakar batean jasotzea erabaki da.
Beraz, lege honen bidez Euskal Herriko
Ogasun Nagusiaren legegintza-garapena burutzen da. Onartutako legeen multzoak,
antolamendu juridikoaren esparru berezi hau egituratzen du, bidezko izan
daitezkeen aldaketa partzialen edo alderdi partikularren arauketaren kaltetan
gabe.
2.- Euskal Herriko Diruzaintza Nagusia
I. tituluan, Euskal Herriko Diruzaintza
Nagusiaren errejimenaz gain, bestelako gaiak ere arautzen dira. Gai horiek,
Diruzaintza Nagusiaren parte edo eragiketak ez badira ere, lotuta daude
zuzenean Diruzaintzarekin eta antolamenduak ez ditu beste inon arautzen.
Diruzaintza, hertsiki ikusita, Ogasun
Nagusiaren helburuetarako finantza-baliabideen multzoa da eta orain arte
erregelamenduz araututa zegoen. Izan ere, erregelamendu horietatik hartu dira
oinarrizko antolarauak, behar bezala eguneratuz eta aurretik hartutako
esperientzia ahaztu gabe. Funtsezko asmoa arauketa eta zuzendaritza bakarra
ezartzea da, biak sail beraren barruan sartuz, baina jokaera eta kudeaketa
autonomiaduna ahalbidetuz, beharrezkoa eta eginkorra denean.
Diruzaintza-eragiketen hatsapenak ezartzen
dira. Alderdi aktiboaren aldetik, Administrazio instituzionalaren zenbait
erakunde finantzatzea jasotzen da. Gainera, eragiketa horiek finantza-etxeen
bidez burutu daitezke, beren funtzioen menpe. Alderdi pasiboaren aldetik, epe
laburreko kreditura jotzeko aukera jasotzen da, aldi baterako beharrak sortzen
diren uneetan.
Berme eta gordailuei dagokienez,
kudeatzaile bakoitzari dagokio fondoaren erantzukizuna, eta Diruzaintza
Nagusiaren ardura duen sailaren eginkizuna instrumentala baino ez da.
Aurrekontu-errejimenari buruzko araudian
zehaztutakoaren arabera, diru-gerakinak erabiltzeko prozedura arautzen da lehen
aldiz, aurrekontua kitatzean geratzen diren emaitzak alegia. Kontuan izanda
erabilera hori oso garrantzitsua dela, aurrekontuan zuzenean aurreikusita ez
dagoen moduan ekitaldiko emaitzari eragiten baitiote, azkeneko erabakia
Gobernu-Kontseiluaren esku uzten da.
Era berean, lehen aldiz arautzen dira
Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorraren menpe ez dauden erakundeei
egitekoak diren transferentzia eta ekarpenak, erakundearteko finantza-fluxuei
egonkortasuna eta segurtasuna eman nahian.
3.- Zorpetzea
Legearen II. tituluaren helburua zorpetzea
arautzea da. Izan ere, zorpetzeak gero eta garrantzi handiagoa hartu du eta
funtsezkoa da politika ekonomikoan.
Legeak ohiko irizpideei eutsi die
zorpetzea bereganatzerakoan, hau da, merkatuaren egoeraren araberako
malgutasuna, eta hartzekodunentzako gehienezko segurtasuna, beren eskubide
ekonomikoak bermatuz.
Zorraren arrisku edo kostua bermatzea, gutxitzea
edo dibersifikatzea helburu duten eragiketak mugarik gabe onartzen dira, Euskal
Herriko Ogasun Nagusiaren interesen babesean. Aukera onena ahalbidetu nahi da,
irizpide ekonomiko eta finantzarioen arabera. Hori aurrera eramateko, produktu
deribatuak edo beste edozein kontratu-mota erabiliko da, hainbat zorpetze-
eragiketari erantzunez.
4.- Bermeak ematea
Bermeak ematea banaka hartuz eta guztizko
heinean arautzen da. Ekintza honek Administrazioak sustapen edo interes
publikorako dituenak baino askoz finantza-baliabide gehiago mobilizatzeko bide
ematen du, eta garrantzi handia lortu du azken urteotan, bai kopuruaren aldetik
eta bai produkzio-sistemari, batez ere industri arloari, eragin dion neurrian.
Oraingoan egiten den arauketak bermeak
ematean, formalizatzean, kudeatzean eta gauzatzean izandako praktika hartzen du
kontuan, eta beharrezko segurtasun juridikoa ematen die bai hartzekodunei bai
eta Administrazioari ere.
Lehenengo azken xedapenean aurrekontuaren
luzapen-errejimena aldatzen da. Izan ere, indarrean zegoen arauak ez zuen
bermeak emateko biderik ematen luzatutako ekitaldian muga agortuta zegoenean.
Egoera hori salbuespena zen luzapen-errejimen osoan eta ez zen arrazoizkoa.
Bermeak ematea, Ogasun publikoaren beste edozein arlo bezala, ezin da geratzeko
arriskuan egon.
5.- Legearen azken zatia
Legea hainbat xedapenek osatzen dute. Besteak beste, honako hauek dira
aipagarrienak:
Osakidetza,
salbuespenez, garatzen ari den iharduketei buruzko xedapen gehigarri bat
sartzen da. Izan ere, zerbitzuaren ezaugarriak direla eta,
autonomia berezia dauka, bai eta finantza-arloan ere.
Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren
Antolarauei buruzko indarreango legezko xedapenen bateratutako testuaren 40.
atala aldatzen da, eskubideei buruzkoa, Diruzaintza Nagusiarekin zuzenean
zerikusia daukan arloa, alegia. Diru-bilketarako hitzarmen-sistema mantentzen
da, garatu beharreko kudeaketa txikiagoa baita Euskal Autonomi Elkarteko
erakunde orokorren finantzaketa bereziaren ondorioz. Dena den, Elkartetik kanpoko
lurralderako zabaltzen da eta egungo araudia eguneratu eta osatzen da.
1.
Atala - Legearen helburua
Lege honen xedea honako gaiok arautzea da:
a) Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren
errejimena eta, horri dagokionez, Administrazioaren aldeko berme eta gordailuen
kudeaketa, diru- gerakinak eta Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorraren
menpekoak ez diren erakundeentzako transferentziak eta diru-laguntzak.
b) Euskal Autonomi Elkarteko
zorpetze-errejimena.
c) Euskal Autonomi Elkarteak bermeak emateko
errejimena.
I
TITULUA
EUSKAL HERRIKO DIRUZAINTZA NAGUSIAREN
ERREJIMENA
I
ATALBURUA
EUSKAL HERRIKO DIRUZAINTZA NAGUSIA
2.
Atala - Edukia
Euskal Autonomi Elkarteko
Administrazioaren eta erakunde autonomiadunen finantza-baliabide guztiek
(dirua, baloreak edo kredituak) osatzen dute Euskal Herriko Diruzaintza
Nagusia. Finantza-baliabide horiek aurrekontu-eragiketatik nahiz aurrekontuz
kanpoko eragiketatik etor daitezke.
3.
Atala - Funtzioak
Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren
funtzioak honakoak dira: eskubideak sartzea eta Autonomi Elkarteko
Administrazioaren eta erakunde autonomiadunen erantzunbeharrak eta indarreango
antolamenduan zehaztutakoak edo aurrekoekin lotutakoak ordaintzea.
4.
Atala - Printzipioak
Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren
iharduera honako printzipio hauen menpe dago:
a) Puntualitatea, erantzunbeharrei aurre
egiterakoan.
b) Segurtasun handiena bai fondo eta baloreen
egoeran eta bai eragiketetan.
c) Zuzendaritzaren zentralizazioa, kudeaketa
deszentralizatuaren kaltetan gabe.
5.
Atala - Fondoen egoera
1.- Eskudirutan
izan beharreko dirua baino ez da gordeko Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren
kutxetan.
2.- Kutxetan
ez dauden fondoak Espainiako Bankuan irekitako kontuetan, banketxeetan,
aurrezki- kutxetan, kreditu-kooperatibetan edo atzerriko kreditu-erakundeetan
gordeko dira.
6.
Atala - Kutxen eta kontuen kudeaketa
1.- Autonomi
Elkarteko Administrazioaren edo erakunde autonomiadunen dirua edo baloreak
dauzkaten kutxa eta kontu guztiak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiarenak
izango dira.
2.- Diruzaintza-arloan
aginpidea daukan sailari honakoak dagozkio:
a) kutxa eta kontu guztien iharduerari buruzko
jarraibideak ematea,
b) kutxak sortzea eta kentzea baimentzea, bai
eta kontuak irekitzea eta ixtea ere,
c) kutxa eta kontuen kudeatzaile guztien
iharduera ikuskatzea eta
d) diru-sarrerak eta ordainketak egiteko bide
ematen duten kontuak kudeatzea, beste inoren laguntzarik gabe.
3.- Diruzaintza-arloan
aginpidea daukan sailak, kontuen baldintza eta kudeaketari buruzko hitzarmenak
izenpetu ditzake kreditu-etxeekin.
4.- Autonomi
Elkarteko Administrazioko sailek eta erakunde autonomiadunek dirua sartzeko edo
ordainketak egiteko kontuak eta kutxak kudea ditzakete, erregelamenduz
ezarritakoaren arabera.
7.
Atala - Diru-sarrerak
Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren aldeko
zorrak eskudirutan ordainduko dira, erregelamenduz ezarritako modalitate eta prozeduren
bitartez, legeetan eta hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen diren kasuetan
izan ezik.
8.
Atala - Ordainketak
1.- Gobernuak,
diruzaintza-arloan aginpidea daukan sailak proposatuta,
aurrekontu-kontzeptuetatik edo aurrekontuz kanpoko kontzeptuetatik datozen
fondoak erabiltzeko finantza-plan bat onartzea izango du.
2.- Autonomi
Elkarteko Administrazioko sailek eta erakunde autonomiadunek,
diruzaintza-arloko aginpidea duen sailari emango diote sail horrek egin
beharreko ordainketei buruz eskatutako datu, aurreikuspen eta dokumentazioa.
3.- Ordainketak
egin ahal izateko, beharrezkoa izango da aurretik horretarako agindua ematea
erregelamenduz zehaztutakoaren arabera. Ordainketa-aginduak erabakitzeko
aginpidearen barruan Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren aldeko zorrak
konpentsatzeko erabakia sartzen da, erantzunbeharrak Ogasunaren kontura direla.
4.- Euskal
Herriko Diruzaintza Nagusiaren kontura egin beharreko ordainketak zuzenbideak
onartzen duen edozein modalitatez egin daitezke, kasu bakoitzerako
zehaztutakoaren arabera eta lege honen garapenean hartutako erabakiekin bat
etorriz. Ordainketa administrazio-ahalmen bat erabiltzearen ondorioz sortzen
bada, ordainketa zein modalitatez egin behar den eta praktikan jartzeko
beharrezko diren datuak edo dokumentazioa zehaztu ahal izango dira.
9.
Atala - Kreditu-etxeen bitartekotza
Euskal aurrezki-kutxa eta
kreditu-kooperatibek eta gainerako kreditu-etxeek bitartekotza-zerbitzuak eman
ahal izango dituzte Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren diru-sarrera eta
ordainketetan.
II ATALBURUA
DIRUZAINTZA-ERAGIKETAK
I
SEKZIOA
AKTIBO-ERAGIKETAK
10.
Atala - Administrazio instituzionala osatzen duten
erakundeak finantzatzea
1.- Gobernu-Kontseiluak,
diruzaintza-arloko aginpidea daukan sailak proposatuta, Autonomi Elkarteko
Administrazio instituzionala osatzen duten erakundeei kreditu eta aurrerakinak
ematea onar dezake, urtebeteko epea gainditu gabe.
2.- Kreditu
eta aurrerakinak emateko prozedura eta horien baldintza orokorrak
erregelamenduz ezarriko dira, eta diruzaintza-arloko aginpidea duen sailaren
ardura izango da kasuan kasuko baldintza bereziak erabakitzea eta
formalizatzea.
11.
Atala - Aktibo-eskurapena eta gordailu- edo kreditu-eragiketak
Diruzaintza-arloko aginpidea duen sailak
finantza-etxeekin baloreak eskuratzea eta gordailu edo kreditu-eragiketak
formalizatzea erabaki ahal izango du, 4. ataleko a) eta b) azpiataletan
ezarritako printzipioak betez.
II SEKZIOA
PASIBO-ERAGIKETAK
12.
Atala - Urtebetetik beherako epeko kredituak
1.- Gobernu-Kontseiluak
kreditu-eragiketak egiteko baimena eman ahal izango du, urtebetetik gorako epea
ez bada gainditzen, diruzaintzaren aldi baterako beharrei aurre egiteko.
2.- Eragiketa
horiek, diruzaintza-arloko aginpidea duen sailak hitzartuko ditu. Era berean,
eta beti ere Gobernu-Kontseiluak onartutakoa betez, kudeatuko ditu eta
baldintzak zehaztu ahal izango ditu, aldez aurretiko berreskurapena onartuz
eragiketaren baldintzekin bat badator eta finantza-kargan ekonomiak produzitzen
direnean edo arriskua murriztu edo dibersifikatzen denean.
III ATALBURUA
ADMINISTRAZIOAREN ALDEKO BERMEAK ETA
GORDAILUAK
13.
Atala - Jasotako bermeak
1.- Diruzaintza-arloko
aginpidea duen sailari dagokio Autonomi Elkarteko Administrazioaren aldeko
bermeak gordetzea, kudeatzea, ematea eta itzultzea, horiek egitera behartzen
duen araudiak besterik agindu ezean. Berme horiek hainbat modutan eratu
daitezke: abaletan, fidantzetan, kauzio-aseguru polizetan, balore-gordailuetan
eta kontu-oharren bidez edo beste antzekoren baten bidez errejistratutako
balore-inmobilizatuetan.
2.- Besteen
gauzekiko eskubideetan dauden bermeei dagokienez, Euskadiko Ondarearen Legean
zehaztutakoa hartu beharko da kontuan.
14.
Atala - Gordailuak
Autonomi Elkartearen edo erakunde
autonomiadunen alde berme gisa egindako eskudiru-gordailuak, eta horien
zerbitzuren batean egin beharreko gainontzeko gordailuak, 5. atalean
aurreikusitako kutxa eta kontuetan gordeko dira.
15.
Atala - Jasotako bermeen eta gordailuan kudeaketa
Autonomi Elkarteko Administrazioko sailei
eta espediente bakoitzaren kudeatzaile diren edo aginpidea duten erakunde
autonomiadunei dagokie:
a) bermeari edo gordailuari dagozkion ondorioak
aitortzea eta
b) 13.1 atalean adierazten den sailari bermeak
gauzatzeko eskatzea, eta berme eta gordailuen baliogabetzea edo itzultzea
bidezkoa den erabakitzea.
16.
Atala - Agiri-ereduak
Berme eta gordailuen agiri-ereduak
erregelamenduz ezarriko dira.
IV ATALBURUA
DIRUZAINTZAKO DIRU-GERAKINAK
17.
Atala - Nola sortzen diren
Aurrekontuen kitapenetatik datozen
eskubide aitortu eta kitatuen eta hartutako erantzunbeharren arteko aldeek
osatzen dituzte Autonomi Elkarteko Administrazioaren eta administrazio-erakunde
autonomiadunen diru-gerakinak.
18.
Atala - Funtzioak
1.- Autonomi
Elkarteko Administrazioaren eta administrazio-erakunde autonomiadunen
aurrekontuak finantzatzeko baliabide izan ahalko dira diru- gerakinak.
2.- Aurrekontu-errejimenari
buruzko araudiaz indarrean dauden xedapenen testu berrituaren 20. atalean
adierazten diren eta Autonomi Elkarteko Aurrekontu Orokorraren legeetan
aurreikusten diren ordainketa-kredituei gehikuntzak egin ahal izango zaizkie
diruzaintzako diru-gerakinen kontura.
19.
Atala - Diru-gerakinak erabiltzeko ihardunbidea
1.- Gobernu-Kontseiluak
emango du baimena diruzaintzako diru-gerakinak erabiltzeko, Autonomi Elkarteko
Aurrekontuaren jarraipenerako eta kontrolerako aginpidea duen sailaren
proposamena kontuan hartuta.
2.- Kontabilitate-informazioa
ikusita eta Autonomi Elkarteko Aurrekontuaren jarraipenerako eta kontrolerako
aginpidea duen sailak ezarritako arauen arabera koantifikatuko dira diru-
gerakinak. Nolanahi ere, aurrekontuen finantzaketarako erabil daitezkeen
diruzaintzako diru- gerakinen koantifikazioa egiterakoan kontuan hartu beharko
da benetako egiterapena ekitaldian bertan gauzatzea, eta baita ordainketa
zalantzazkoa duten eskubideak ere.
20.
Atala - Bestelako egoerak
1.- Ekitaldia
amaitzean diruzaintzako diru-gerakina negatiboa baldin bada, egokitu egin
beharko da hurrengo urteko aurrekontua kopuru berberean murriztuz.
Gastuak murriztea ezinezkoa baldin bada
eta baliabideen bilakaerak diru-gerakin negatiboa ekitaldi horretan zurgatzeko
aukerarik ematen ez badu, hurrengo ekitaldiko aurrekontuak hasieratik
superabita eduki beharko du, zurgaketa egin ahal izateko.
2.- Ekitaldia
bukatzean diruzaintzako diru-gerakina hurrengo ekitaldirako onartutako
aurrekontuan begiz jotzen dena baino txikiagoa baldin bada, atal honetako 1.
lerroaldian ezarritakoaren arabera jokatu beharko da, dagoen aldea kontuan
hartuta.
3.- Autonomi
Elkarteko Aurrekontuaren jarraipenerako eta kontrolerako aginpidea duen sailak
ezarriko ditu atal honetako 1. eta 2. lerroaldietan xedatutakoa gauzatu ahal
izateko beharrezko arauak.
V ATALBURUA
AUTONOMI ELKARTEKO ADMINISTRAZIOTIK KANPOKO
ERAKUNDEENTZAKO TRANSFERENTZIAK ETA DIRU-LAGUNTZAK
21.
Atala - Administrazio instituzionalaren aldeko
transferentziak eta diru-laguntzak
Autonomi Elkarteko Administrazioaren
Aurrekontuan erakunde autonomiadun, zuzenbide pribatuko erakunde publiko eta
baltzu publikoen alde azaltzen diren dotazioak honela gauzatuko dira:
a) gastu arruntetarako
aurreikusitakoak, aldez aurretik zehaztutako aldietarako eta aldi horiei eta
guztizko dotazioari proportzionalki dagozkien zenbatekoz, erregelamenduz
ezarritakoaren arabera, momentu horretara arte onartutako aurrekontu-aldaketak
barne.
b) kapital-eragiketetarako
aurreikusitakoak, doakion erakundean mota horretako ordainketei aurre egin
beharra sortzen denean, erregelamenduak eskatzen dituen baldintzak bete
ondoren.
22.
Atala - Beste erakundeentzako transferentziak eta diru-laguntzak
Euskal Herriko Unibertsitatearentzako edo
erakunde publikoentzako guztizko diru-laguntzari dagozkion fondoen ekarpenak,
Autonomi Elkarteko Aurrekontu Orokorrean sekzio burujabea daukatenak, Eusko
Legebiltzarra izan ezik, aldez aurretikako aldietan gauzatuko dira eta aldi
horiei eta guztizko dotazioari proportzionalki dagozkien zenbatekoz, ordura
arte onartutako aurrekontu-aldaketak barne.
II TITULUA
EUSKAL AUTONOMI ELKARTEKO
ZORPETZE-ERREJIMENA
I
ATALBURUA
AUTONOMI ELKARTEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA
ERAKUNDE AUTONOMIADUNEN ZORPETZEA
I
SEKZIOA
ZORPETZEA, OROKORREAN
23.
Atala - Gaitasuna
Autonomi Elkarteko Administrazioak eta
erakunde autonomiadunek zorpetze-eragiketak hitzartu ahal izango dituzte.
Eragiketa horien produktua baliabide arrunta da, zuzenbide publikopeko
diru-sarrera.
24.
Atala - Muga
Ekitaldi bakoitzean Autonomi Elkarteko
Administrazioan eta erakunde autonomiadunetan egin daitezkeen
zorpetze-eragiketen gehienezko zenbatekoa Autonomi Elkartearen Aurrekontu
Orokorrean ezarritakoa izango da, edo, luzapenaren kasuan, Euskadiko
aurrekontu-errejimenari buruzko araudian zehaztutakoa.
25.
Atala - Urtebetetik gorako zorpetzea
Urtebetetik gorako zorpetze-eragiketetan,
kredituaren guztizko zenbatekoa inbertsio-gastuetarako erabiliko da. Kapitala
kitatzeko eta interesengatikako urte-ordainketen gehikinak, eragiketa guzti
horietan, ez du gaindituko eragiketa arruntengatik sortutako ekitaldiko
diru-sarreren %25a, ez eta Autonomia-Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako
Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen Arteko Harremanen Legean
ezarritako muga ere.
26.
Atala - Ezaugarriak
Zorpetzea legezko eskudiruz edo atzerriko
diruz izendatu ahal izango da, Estatuan nahiz atzerrian burutu ahal izango da,
eta eragiketa eta zorrak beren baitan duten kostuak eta arriskuak mugatuko
dituzte zorpetzearen epe, interes-tasa, ordezkaritza eta gainontzekoen
ezaugarriak.
27.
Atala - Zorpetze-eragiketa osagarriak
1.- Zorpetze-arloan
aginpidea duen sailak finantza- eragiketak hitzartu ahal izango ditu
zorpetzearen arriskua edo kostua bermatzeko, murrizteko edo dibersifikatzeko,
zorpetzea ezartzen laguntzeko edo merkatuan horren kokapena babesteko.
2.- Aurreko
lerroaldian aipatutako eragiketak honako hauek izan daitezke:
kolokazio-aseguramenduak, finantza-trukeak, aukerak, gerokoak, kontrapartida-
edo kitapen-konpromisoak eta beste edozein kontratu, kontratu normatiboa edo
erakunde publiko edo pribatuekiko berrespena, jaulkipen- edo kotizazio-prezioen
edo interes- edo truketasen arabera.
28.
Atala - Modalitateak
Zorpetzea zor publikoaren jaulkipenen edo kreditu-
edo mailegu-eragiketen bidez egin daiteke.
II SEKZIOA
ZOR PUBLIKOA
29.
Atala - Izen ofiziala
Balore negoziagarrien jaulkipenaren izena
"Euskadiko Zor Publikoa" edo "Euskal Herriko Zor Publikoa"
da.
30.
Atala - Jaulkipena
1.- Zor
publikoaren jaulkipena Gobernu-Kontseiluak onartuko du dekretu bidez,
zorpetze-arloan aginpidea duen sailak proposatuta.
2.- Jaulkipen-dekretuak
zenbateko eta burutze- aldiaren gehienezko mugak ezarriko ditu, eta
eragiketaren beste ezaugarri batzuk zehaztu ditzake.
3.- Zorpetze-arloan
aginpidea duen saileko sailburuari dagokio dekretuan adierazi ez diren
jaulkipenaren ezaugarriak zehaztea, bere aurreikuspenen barruan, Euskal Herriko
Agintaritzaren Aldizkarian dagokion agindua argitaratuz.
31.
Atala - Instrumentazioa
1.- Zorpetze-arloan
aginpidea duen sailari dagokio zor publikoaren jaulkipenak formalizatzea eta,
hala badagokio, egoki iritzitako balore- merkatuetan kotizazio-onarpena
sustatzea eta kudeatzea.
2.- Euskadiko
Autonomi Elkarteko zor publikoa, kontuko anotazioetan edo eraz aitortutako
beste edozein bidez egon daiteke errepresentatuta.
32.
Atala - Kudeaketa eta iharduketa materiala eta teknikoa
1.- Arlo
horretan aginpidea duen sailari dagokio zor publikoa kudeatzea.
2.- Merkatuan
kokatzea edo hedatzea, interesak eta amortizazioa ordaintzea, bai eta
iharduketa material edo teknikoak burutzea ere, balore- merkatuei buruzko
araudian araututako erakunde eta prozeduren bidez egin daitezke.
33.
Atala - Bernegoziazioa
1.- Jaulkipenen
baldintzetan aldaketak sar daitezke administrazioa hobetzeko, eta, beti ere,
edukitzaileen eskubide ekonomikoen kaltetan gabe.
2.- Gobernu-Kontseiluak
baimena emango du, eta zorpetze-arloan aginpidea duen sailak (borondatez
hartzekodunentzat) aldez aurretiko amortizazio-eragiketak, ordezkapena, trukea,
bihurketa, luzapena, finantza-elkartrukea edo antzekoak hitzartuko ditu, baldin
eta, merkatu- baldintzen aldaketengatik, bidezkoa bada finantza-kargan
ekonomiak lortzea, aldiak berregituratzea edo arriskua murriztea edo
dibersifikatzea.
3.- Autonomi
Elkarteko zor publikoaren baloreak berehala amortizatzeko baino ezin izango
dira eskuratu, eta, beti ere, Gobernu-Kontseiluak aurretik baimena eman eta
gero, 30.2 atalean zehaztutakoekin bat etorriz.
4.- Zorpetze-arloan
aginpidea duen sailari dagokio, behar izanez gero, aurreratutako diru-itzulketa
onartzea eta kudeatzea, jaulkipen-baldintzek jaulkitzaileari horretarako gaitasuna
ematen diotenean.
III
SEKZIOA
KREDITU-EDO
MAILEGU-ERAGIKETAK
34. Atala - Onarpena eta kudeaketa
1.- Gobernu-Kontseiluak finantza-etxeekin
kreditu- edo mailegu-eragiketak egiteko baimena eman ahal izango du, bete
beharko dituzten ezaugarri orokorrak adieraziz.
2.- Zorpetze-arloan aginpidea duen sailak
kreditu- eta mailegu-eragiketak hitzartu eta kudeatuko ditu, eta kontratuan
alderdi mailegariari dagozkion ahalmenak erabiliko ditu.
II ATALBURUA
AUTONOMI ELKARTEKO ZUZENBIDE
PRIBATUKO ERAKUNDE INSTITUZIONALEN ZORPETZEA
35. Atala - Zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta baltzu
publikoak
1.- Zuzenbide
pribatuko erakunde publikoek eta baltzu publikoek zorpetze-eragiketak egin ahal
izateko, zorpetzearen ezaugarriak, epea eta formalizazio-errejimena edozein
direlarik, beharrezkoa da eragiketa horiek dagozkien aurrekontuetan edo
indarreango legediaren arabera onartutako aldaketetan jasota izatea.
2.- Eragiketa
horiek egiteko, muga bat izango da, erakundeak dituen finantza-beharrak,
alegia, ekitaldian sortutako kapital-aurrekontuko eragiketei aurre egiteko.
Nolanahi ere, eragiketok ezin izango dira hitzartu, erakundeak kapital-
transferentziak jaso eta aurreikusitako kapital- handitzeak burutu arte.
3.- Atal
honetan aipatutako zorpetze-eragiketa guztiek, formalizatu baino lehen,
zorpetze-arloan aginpidea duen sailaren baimena beharko dute.
4.- Aurreko
ekitaldian irekitako eta guztiz erabili gabeko kreditubideek ere
zorpetze-arloan aginpidea duen sailaren baimena beharko dute eta aurreikusitako
eragiketak finantzatzeko bakarrik erabili ahal izango dira.
Halaber,
zorpetze-baldintzak lege honetako 27. artikuluan aurreikusitakoak bezalako
finantza-eragiketa osagarrien bidez aldatu ahal izateko eta erakunde horien
emaitzen egonkortasuna, segurtasuna edo estaldura bermatzeko eragiketak burutu
ahal izateko ere, zorpetze arloko eskumenak dituen sailaren baimena behar da.
III TITULUA
EUSKAL AUTONOMI ELKARTEAK BERMEAK EMATEKO
ERREJIMENA
I
ATALBURUA
EUSKAL AUTONOMI ELKARTEKO ADMINISTRAZIOAK
ETA ERAKUNDE AUTONOMIADUNEK BERMEAK EMATEA
I
SEKZIOA
BERMEAK EMATEA
36.
Atala - Bermeak emateko gaitasuna
Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioak
eta erakunde autonomiadunek, sustapen edo interes publikodun xedearekin, beste
baten ordez ordaintzeko beharra berma dezakete, beste horrek ez badu
ordaintzen.
37.
Atala - Muga
1.- Ekitaldi
bakoitzean emandako bermeen zenbatekoak ezin izango du Autonomi Elkarteko
Aurrekontu Orokorrean zehaztutakoa gainditu, ez eta Euskadiko
aurrekontu-errejimenari buruzko araudian luzapen-kasurako aurrikusitakoa ere.
2.- Aurreko
mugaren ondorioetarako, formalizatzeko unean balorean bermatutako erantzunbeharraren
printzipala hartuko da kontuan, baina ez interesak, gastuak edo trukaneurrien
aldaketatik etorritako zenbatekoa.
3.- Aipatutako
mugaren ondorioetarako, ez da kontuan hartuko aurretik formalizatutako beste
berme batzuen liberazioa ekartzen duen berme- ematea.
4.- Berme-emakida
deuseztatu, ezeztatu edo aldatzen denean, berme-emakida onartutako ekitaldiaren
barruan, baimena kendu zaion zenbatekoa ez da kontuan hartuko mugari
dagokionez.
38.
Atala - Prozedura
1.- Gobernu-Kontseiluak,
hala dagokionean, berme-emakida onartu eta aldatuko du, interesa duen sailak
proposatuta.
2.- Bermea
emateko eta aldatzeko, beharrezkoa izango da berme-emakidaren arloan aginpidea
duen sailaren aldeko txostena. Txosten horretan, aurreko atalean aipatutako
muga ez dela agortuko jasoko da, bai eta bermearen ezaugarri ekonomiko eta
finantzarioak ere.
39.
Atala - Onuradunak
1.- Edozein
pertsona juridikoren alde, dela publikoa edo pribatua, eman ahal izango dira
bermeak.
2.- Bermeen
onuradunek indarreango araudiak eskatutako baldintza orokorrak eta
erregelamenduz ezarritako gainontzeko baldintzak bete beharko dituzte
diru-laguntzak lortzeko. Abala betetzen ez den kasuetarako berme-eskubidea
sortzea ez da beharrezkoa izango emakida-akordioak zehazten ez badu.
3.- Zuzenbide
publikopeko erakundeak edo Autonomi Elkarteko Administrazio instituzionala
osatzen duten erakundeak bermeen onuradun izan daitezke, eta ez zaie ezarriko
aurreko lerroaldian esandakoa.
4.- Ezin
izango zaio bermerik eman Autonomi Elkarteko Administrazioak edo erakunde
autonomiadun batek bermatutako erantzunbehar bat bete ez duenari,
bermatzaileari kalteak ordaintzeko beharra amaitzen ez den bitartean.
5.- Bermeen
onuradunek eskatu zaien informazio eta dokumentazioa emango diote Autonomi
Elkarteko Administrazioari, esaterako, urteko kontuak, kudeaketa-txostena,
kontu-ikuskaritzari buruzko txostena, diruzaintza-aurreikuspenak,
kontabilitate-datuak, bai eta ekonomi, finantza eta ondarearen egoera
aztertzeko eta ebaluatzeko edo aurretik aipatutakoa egiaztatzeko beharrezko
irizten den beste edozein ere. Aipatu adminis-trazioak bere baliabideekin edo
beste batzuenekin egin ahal izango ditu azterlan edo eskabide horiek.
40.
Atala - Hartzekodun nagusiak
Autonomi Elkarteko Administrazioak edo
erakunde autonomiadunek bermatutako erantzunbeharretako hartzekodun nagusiek
eskatzen zaien bermeei buruzko informazio eta dokumentazioa eman beharko diete
erakunde horiei. Lankidetza hori 49. atalean aipatutako hitzarmenetan garatu
ahal izango da.
II SEKZIOA
BERMEAK EMATEA
41.
Atala - Formalizazioa
1.- Bermeak
ematearen arloan aginpidea duen sailari dagokio, ezargarri diren araudiak eta
hitzarmenak adierazitakoaren arabera eta emakida-akordioarekin bat etorriz,
honakoak egitea:
a) bermearen hasierako formalizazioa,
b) emandako bermeen aldaketen formalizazioa,
aldaketa horiek ezin izango dutelarik hartzekodun nagusia kaltetu
hartzekodunaren baimenik gabe, eta
c) bermea berrestea edo aldatzea, erantzunbehar
bermatuaren baldintzak aldatzen direnean.
2.- Bermea
ez bada formalizatzen emakida-akordioa egin eta urtebeteko epean edo
emakida-akordioan zehaztutako epean, emakida ezeztatutzat joko da.
Gobernu-Kontseiluak epe hori luzatu dezake, epea bera amaitu baino lehen, baina
horrek ez dio eragingo 37. atalean aipatutako mugari.
3.- Bermeek
honako forma hauek har ditzakete: fidantza, abal, fidantzamendu, birfinkapen
edo beste antzekoren bat.
4.- Bermea
administrazio-agiri publiko bidez edo fede-emaile publikoaren aurrean gauzatu
daiteke.
42.
Atala - Edukia
1.- Zordun
nagusiaren exkusio-onurari uko egitea bidezkoa da, emakida-akordioak besterik
ezarri ezean.
2.- Bermea
gainontzeko fidatzaileekiko baino ezin da solidario gisa formalizatu, orden-
eta zatiketa- onurari uko eginez, emakida-akordioak horrela aurreikusten badu.
Kasu honetan, 37. atalean zehaztutako mugari dagokionez, fidantza-emaile
solidario guztiek bermatutako zenbateko osoa hartuko da kontuan.
3.- Interes,
gastu eta erantzunbehar nagusiari ezargarri zaizkion trukaneurriei eragin diezaieke
bermeak, eta beharrezkoa izango da, kasu honetan, bermearen hasierako
formalizazio-unean aldaketen araberako estaldura ezartzea aldaketei dagokienez,
trukaneurri- edo interes-tasetan hasierakoei dagokienez.
III SEKZIOA
EMANDAKO BERMEEN KUDEAKETA ETA JARRAIPENA
43.
Atala - Aginpidea
1.- Bermeak
ematearen aginpidea duen sailak, emandako bermeen eta bereganatutako arrisku
osoaren jarraipena kudeatu eta burutuko du.
2.- Emandako
bermea proposatzen duen sailak laguntza emango du jarraipen-lanetan, berak edo
bere menpeko erakundeek onuradunari buruz duten informazioa emanez.
3.- Bermeak
ematearen aginpidea duen sailak Legebiltzarra informatuko du atal honen
lehenengo lerroaldian ezarritakoaz.
44.
Atala - Komisioak
Bermeak emateak Administrazioaren aldeko
komisio-debengoa ekarriko du, emakida-akordioak horrela aurreikusten duenean.
IV SEKZIOA
EMANDAKO BERMEAK GAUZATZEA, ERANTZUNBEHARREI
AURRE EGINEZ ZORDUN NAGUSIEN ORDEZ
45.
Atala - Gauzatzea ebaztea
Bermeak ematearen aginpidea duen sailak
bermeak emateari ekitea ebatziko du, beharrezko baldintzak betetzen direla
egiaztatu eta instrumentazioan ezarritakoak burutu eta gero.
46.
Atala - Hartzekodun nagusiaren eskubidearen aitorpena
1.- Aurreko
atalean aipatutako ebazpena egin eta gero, edo ebazpenean bertan, bermeak
ematearen aginpidea duen sailari dagokio hartzekodun nagusi bakoitzak abaldunak
ordaindu ez dituen diru-kopuruak (berme formalizatuak bere gain hartuta)
jasotzeko duen eskubidea aitortzea, hartzekodun horrek aurretik eskatuta.
2.- Bermeak
interesei erantzuten badie, aurreko lerroaldian aipatutako diru-kopuruaren
barruan, zordun nagusiaren ordaindugabekoak aitortu ahal izango dira, eta ez da
ezarriko, ordura arte, Ogasun publikoaren erantzunbeharren interesetarako
ezarritako errejimena.
47.
Atala - Erantzunbehar nagusiaren mugaegunik gabeko subrogazioa
Emandako fidantzak horretarako bide ematen
badu, Administrazioak zordun nagusiaren ordezkotza har dezake, eta ez da
iritsiko bermatutako erantzun-beharraren mugaeguna. Horretan, lege honen II.
tituluko I. atalburuko lehen eta hirugarren sekzioa ezarriko da.
48.
Atala - Ordaindutako diru-kopuruak berreskuratzea
Erantzunbehar bermatuei aurre egin zaienean,
dirua biltzeko prozedurari eta egoki diren beste batzuei ekingo zaie, eta, hala
badagokio, bermatzaileak erabilgarri dituen berme-eskubideak gauzatuko dira.
V SEKZIOA
HITZARMENAK
49.
Atala - Onarpena
Gobernu-Kontseiluak, erantzunbehar
bermatuetan hartzekodun nagusiak diren edo izan daitezkeenekin hitzarmenak
izenpetzeko baimena eman ahal izango du, bermeak ematearen aginpidea duen
sailak eskatuta. Sail honi dagokio, era berean, hitzarmen horiek formalizatzea
eta kudeatzea.
50.
Atala - Edukia
1.- Hitzarmenek
hartzekodun nagusien eta administrazio berme-emailearen arteko harremanak
arautuko dituzte. Bermea emateko akordioa ezargarri diren hitzarmenetara igorri
ahal izango da, eta hitzarmen horiek akordio horren osagaitzat joko dira bermea
eman, kudeatu eta gauzatzeari dagokionez.
2.- Hitzarmenak,
finantza-etxeekin izenpetzen denean, emandako bermearen ezaugarriak zehaztu
ahal izango ditu oraingo edo geroko eragiketa- multzo baten arabera, gehienezko
zenbateko bat jarriz. Kasu horretan, hitzarmenak emakida- akordioa eta bermea
formalizatzeko eta gauzatzeko egintzak ordezkatuko ahal izango ditu,
hitzarmenean bertan araututako prozeduren bitartez. Hitzarmenak 39. atalaren 2.
eta 4. lerroaldia betetzeko baliabideak jarriko ditu.
II ATALBURUA
AUTONOMI ELKARTEKO ZUZENBIDE
PRIBATUKO ERAKUNDE INSTITUZIONALEK BERMEAK EMATEA
51. Atala - Zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta baltzu
publikoak
Autonomi Elkarteko Administrazio instituzionala
osatzen duten zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta baltzu publikoek
bermeak emateko, beharrezkoa izango da arlo horretan aginpidea duen sailak
horretarako baimena ematea.
Xedapen
Gehigarriak
Lehenengoa
- Osakidetza erakunde autonomiaduna
Osakidetzak diru-sarrerak eta ordainketak
egiteko kontuak kudeatu, ordaintzeko aginduak eman eta 13. atalak
diruzaintza-arloan aginpidea duen sailari ematen dizkion aginpideak erabili
ahal izango ditu.
Bigarrena
- Ikastetxeen autonomia finantzarioa
6.2.d) atalean zehaztutakoa ikastetxeen
alde ezarritako autonomia finantzarioa gauzatzeko behar diren kontuen kaltetan
gabe ulertzen da.
Hirugarrena
- Zorrak ondasunen edo eskubideen bitartez ordaintzea
1.- Euskal
Herriko Ogasun Nagusiari zorrak ordaindu ahal izango zaizkio Euskal Kultur
Ondareari buruzko Legearen arabera sailkatutako edo inbentariatutako ondasunak
emanez. Zorraren jatorria Administrazioak emandako bermeen gauzatzean edo
Administrazioak emandako maileguetan dagoenean, zorraren ordainketa bestelako
ondasunak eta eskubideak emanez ere egin ahal izango da. Horretarako, Gobernu-
Kontseiluko baimena beharko da aurretik eta baimen hori aparteko izaerarekin
emango da, zordunak haren enpresa-iharduerari kalte handiak eginda ez bada
ordainketa dirutan ezin duela egin jotzen denean; kontuan hartuko da, halaber,
zordunak garatzen duen enpresa-ihardueraren interes publikoa edo euskal sektore
publikoak sustatutako planetan edo programetan nola sartzen den, eta baita
enpresaren bideragarritasuna ere. Nolanahi ere, ordainketak zorra, interesak
eta gainordainak bete beharko ditu.
2.- Ordaintzeko
era hori erabili nahi duen zordunak Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzari
egingo dio eskaera; eskaerarekin batera, ondasunen edo eskubideen azalpena eta
balorazioa aurkeztuko dira eta aurreko lerroaldian azaltzen diren ezaugarriak
egiaztatzen dituen dokumentazioa. Dokumentu edo datu zehatzak arauz zehaztu
ahal izango dira eta baita eskabidearekin batera gutxienez aurkeztu beharreko
baldintzak ere.
3.- Dagozkion
txostenak ikusi eta interesatuari entzun ondoren Ondare eta Kontratazio
zuzendaria interesatuaren nahiekin ados ez baldin badago, ondarearen alorrean
aginpidea duen sailburuari aurkeztuko dio proposamena, sailburuak
Gobernu-Kontseiluan aurkez dezan eta onartua izan dadin. Espedientea
erabakitzeko beharrezko txostenak, eta, hala egokituz gero, behartze-
indarrekoak, arauz ezarri ahal izango dira.
4.- Bost
hilabeteko epean hartu beharko da erabakia, eskabidea dokumentazioarekin batera
aurkeztu denetik kontatzen hasita. Epe hori pasa ondoren erabakirik hartzen ez
bada, zordunak eskabidea gaitzetsi egin dela ulertu behar du. Eskabideak
onespena izanez gero epe bat ipiniko da onartutako ondasunen edo eskubideen
erosketa burutzeko. Onespeneko erabakiak zorren ordainketaren ondorioak
eragingo ditu, eta ondasunen alta inbentario orokorrean, ondasunak eta
eskubideak ematen diren egun beretik.
5.- Xedapen
honetan adierazten diren ordainketari buruzko eskabideak eta erabakiak eragin
berberak izango ditu diru-bilketako ihardunbidean eta derrigorrezko
ordainketaren ondoriozko konpentsaziorako. Ondasunaren edo eskubidearen
eskualdaketa ez bada emandako epean burutzen, diru-bilketako ihardunbideko edo
kasuan ezargarria izan daitekeen ihardunbideko ekintzekin jarraituko da, ez baldin
bada eskabidea borondatezko epean aurkeztu eta epe horretan zorra ordaindu
ordura arteko berandutze- interesekin batera.
Aldibaterako
Xedapenak
Lehenengoa
- Zor publikoaren indarreango jaulkipenak
Lege hau, berau indarrean sartu eta gero
zor publikoaren jaulkipenei dagokienez burutzen diren egintzei ezar dakieke,
jaulkipenak noizkoak diren kontutan hartu gabe.
Bigarrena
- Dagoeneko emandako bermeak
1.- Lege
hau, berau indarrean sartu eta gero burututako egintzei ezar dakieke, dagozkien
bermeak noiz eman ziren kontutan hartu gabe.
2.- Lege
hau indarrean sartu baino lehen emandako bermeen kasuan, 41.2 atalean
ezarritako epea legea indarrean sartzen denetik kontatuko da, emakida-akordioak
berariaz besterik aurreikusi ezean.
Hirugarrena
- Berme-prestazioaren arloko hitzarmenak
Dagoeneko birfinkapenerako izenpetutako
hitzarmenek mantendu egingo dute hitzartutako indarra. Hitzarmen horiek berriro
negoziatzeko edo aldatzeko ezinbestekoa izango da negoziazioa edo aldaketa
horren eduki osoa lege honi egokitzea.
Laugarrena
- Erregelamendu-mailako arauen indarraldia
Lege hau garatzeko xedapenak erabaki arte
eta xedapen horien bidez berariaz indargabetuak izan arte, indarrean egongo
dira ondorengo dekretuak, lege honen aurkakoak ez diren neurrian:
a) Apirilaren 19ko 99/1982 Dekretua, Euskal
Herriko Diruzaintza Nagusiari eta horren aldaketei buruzkoa.
b) Urtarrilaren 24ko 13/1983 Dekretua, diru-
bilketaren arloko baliabideen errejimen organikoari buruzkoa.
c) Otsailaren 2ko 17/1993 Dekretua, Euskal Autonomi
Elkarteko Administrazioan eta erakunde autonomiadunetan fondo arrunt
aurreratuen errejimena ezarri eta arautzen duena.
Azken
Xedapenak
Lehenengoa
- Bermeak emateko baimenaren luzapen-errejimena
Irailaren 27ko 1/1994 Legegintza-Dekretuaz
onartutako Euskadiko Aurrekontu-Errejimenari buruz indarrean dauden legezko
xedapenen testu bateratuaren 128.g) atalaren erredakzioa honela geratu da:
"g) Bermeak ematea. Luzapen-aldian bermeak eman
daitezke luzatutako Aurrekontu Orokorrean onartutako baldintzetan. Halaber,
berme horien zenbatekoak ezin izango du gainditu Aurrekontu Orokorrean
onartutakoa".
Bigarrena
- Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren eskubideak gauzatzea
Maiatzaren 17ko 1/1988 Legegintza-Dekretuaz
onartutako Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko indarreango
legezko xedapenen testu bateratuaren 40. atalaren erredakzioa honela geratu da:
40. Atala - Gauzatzea
1.- 32. atalaren a), d), e)
eta f) idazatietan aurreikusitako diru-sarrerak salbu, Ogasun Nagusiaren
eskubide publikoak bilketarako administrazio-prozeduraz gauzatuko dira, Euskal
Herriko Ogasun Nagusiaren Diru-Bilketarako Erregelamenduak ezartzen duenarekin
bat etorriz, edo kasu bakoitzean ezargarri den zuzenbidez onartutako beste
edozein prozeduraz.
2.- Borondatezko
ordainketa-aldiaren barruan diru-bilketa kudeatzea Autonomi Elkarteko
Administrazioaren sailetako organoei eta erakunde autonomiadunei dagokie, beren
administrazio-aginpideen arabera, kontrako xedapenik ez badago, arau organikoak
ezarri dituen sailaren zuzendaritza eta ikuskaritzapean. Bete beharreko epean
diruzaintzaren alorrean aginpidea duen sailari dagokio diru-bilketaren
kudeaketa.
3.- Foru-aldundien zerbitzuek
1. lerroaldian aipatutako diru-sarreren bilketa kudeatu ahal izango dute
aldundiekin izenpetutako hitzarmenen arabera eta hitzarmenetan zehaztuta
bezala. Zerbitzu horiek, era berean, indarreango araudiaren arabera Autonomi
Elkarteko Administrazioko sailen edo erakunde autonomiadunenak diren aginpideak
burutu ahal izango dituzte. Hitzarmen horiek Gobernu-Kontseiluak onartuko ditu
eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
4.- Erakunde publiko edo
pribatuekin ere hitzarmenak izenpetu daitezke diru- bilketaren kudeaketa
burutzeko. Hitzarmen horiek, aurreko lerroaldian aipatutako izapide berberak
bete beharko dituzte eta, herri-erakundeen kasuan, aginpide-eremu berdina
izango dute.
5.- 1. lerroaldian aipatutako
eskubideen ordainketaren beharra geroratu edo zatikatu daiteke, erregelamenduz
ezarritakoaren arabera. Diruzaintza-arloan aginpidea duen sailak ezarritako
zenbatekotik gorako zorren ordainketaren gerorapena edo zatikapena gauzatzeko,
beharrezkoa izango da bermea jartzea, arauz salbuespena aurreikusten denean edo
zorduna herri- administrazioren bat edo zuzenbide publikoaren menpeko
erakunderen bat denean izan ezik. Gerorapena edo zatikapena onartzea
diruzaintza-arloan aginpidea duen sailari dagokio.
6.- Eskubide pribatuak
antolamendu juridiko pribatuaren arabera gauzatuko dira.
Hirugarrena
- Garapena
Gobernuak lege hau garatzeko eta ezartzeko
xedapenak emango ditu.
Laugarrena
- Indarrean sartzea
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hileko lehen egunean sartuko da indarrean.