Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

8/1994 Legea, maiatzaren 27koa, Euskal Autonomi Elkarteaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanetarakoa.

1994-05-27

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1994/6/13, 111. zk.; EAO, 2012/2/1, 27. zk.

§ 160. 8/1994 LEGEA, MAIATZAREN 27KOA, EUSKAL AUTONOMI ELKARTEAZ KANPOKO EUSKAL GIZATALDE ETA ETXEEKIKO HARREMANETARAKOA

ZIOEN ADIERAZPENA

      Euskaldunak mundu osoan zehar banatuta daude aspaldidanik. Asko izan dira kanpora irtetea eragin duten arrazoiak: abenturazaletasuna edo foruek agintzen zuten oinordetza-sistema berezia, seme-alaba zaharrenak lehentasun osoa izanik, hurrengoek ogibide berriak aurkitu behar izaten baitzituzten. Beste batzuetan arrazoiak bestelakoak izan dira, gizartearen edo politikaren egoerarekin zerikusia zutenak; ekonomiaren egoera txarra, batzuetan, eta besteetan, guduen eta erbestera joan beharraren ondoriozkoak.

      Hain zuzen ere, lege honetan modu berezian hartu dira kontuan Gerra Zibilaren ondorioz alde egin behar izan zutenak, derrigorrez erbesteratu behar horrek pertsona nahiz gauzetan eragin zituen galerak konpondu nahian.

      Pancroff-eko liburutegian, Kaliforniako Berkeley Unibertsitatean, 1791. eta 1803.a arteko euskarazko eskuizkribuak daude. Hegoameriketan, berriz, Euskal Herriko emigratzaileek gehien aukeratu duten lekuan, euskaldunen eragina hasieratik jaso zuten eta bertako herrien historian behin eta berriz ageri dira euskaldunak, eta ez pertsonak bakarrik; euskaldunen espiritua ere ageri da, ohituretan eta askatasun eta demokrazia nahian gauzatuta, gure historiatik eta tradiziotik hartuta.

      Euskal Herria utzi behar izan zuten euskaldunek, urruti egon arren gogoa hemen zutenez, elkarteak sortu zituzten jaioterriarekiko lotura mantendu nahian, eta hori etengabe egin dute kanpora jo beharra izan zutenek. Lan hori XIX. mendean zehar nabarmendu zen gehien, orduan izan baitzuen gorengo maila. Gauzak horrela, 1876.eko abenduaren 25ean sortu zen Montevideon Ameriketako lehen euskal etxea.

      Aipatutako lehen elkarte horien sortzaileen lekukoa, orain, ondorengoek jaso dute eta, gehienek Euskal Herria inoiz ikusi ez badute ere, gogor eutsi diote beren jatorriarekiko lotura ez galtzeko borondateari. Euskal Herriko gizartearen eta kulturaren garapena etengabe eta zuzenean ezagutu nahi izan dute, eta beren nortasunaren ezaugarriak garbi mantendu dituzte.

      Dituzten azpiegiturak, bazkide-kopurua, bertan egindako iharduerak nahiz kanpora begira dituzten ekintzak era askotakoak badira ere, garbi dago, osoan, Euskal Herriari mesede handia egin diotela, denboran zehar etengabe lan egin baitute, eta baita laguntza ekonomiko bikainak eman ere, eta horiei esker, atzerriko Eusko Jaurlaritzari eutsi zitzaion berrogei urteetan zehar bere Pariseko egoitzan, eta lortutako emaitza onak inork ere ez ditu zalantzan jartzen. Eusko Jaurlaritzak lagundu egin die elkarte horiei dirulaguntza batzuen bidez: barne-iharduerako gastuetarako, euskal etxeek antolatutako kultura-ekintzetarako, azpiegitura-gastuei aurre egiteko eta, azken aldian, elkarte horien inguruko gizarte eta ekonomiari zuzendutako ihardueretarako ere izan dira laguntzak. Dirua emateaz gainera, urtero elkarte bakoitzera liburuak eta ikusentzutekoak ere bidali dira. Garbi dago ezer gutxi izan dela hori herri horietako euskaldunek egin duten lan handiarekin alderatuta.

      Hori dela eta, elkarte horiek hor daudenez eta behin eta berriz eskatu dutenez, bide berriak urratu beharra dago; araudi egokiaren bidez, erakunde horiekiko elkarlana eta beren parte hartzea bultzatu behar dira. Bestalde, euskalduntasuna bultzatu, garatu eta zabaltzeko gaur egun Euskal Herriko hainbat eragilek bultzatutako ihardueretan Euskal Herriaz kanpoko elkarte horiek esku hartzea sustatu beharko litzateke.

      Izan ere, gaur egun, gizarte modernoa gero eta zabalagoa eta nazioartekoagoa denez, euskal gizataldeek, inolako zalantzarik gabe, gizarte, kultura, ekonomia eta politika mailako harremanak mugiarazteko egitekoa har dezakete.

      Lege honen bidez, beraz, talde horiek Euskal Herriko gizartean eta kulturan parte hartzeko eta elkarlanean aritzeko bideak jarri nahi dira. Euskal administrazioek gizatalde horiekiko duten iharduera ahalik eta gehien arautu nahi da, beti ere parte hartzea sustatu eta harremanak egituratu eta indartzeko.

      Helmuga horretara iristeko, lege honek Euskal Autonomi Elkartearen Estatutuko hatsapenak errespetatu nahi ditu, 9. atalean esaten denez, euskal herri-aginteen iharduerak bete beharrekoa kontuan izanda. Bestalde, Estatutuko 10. atalak Euskal Autonomi Elkartearen esku jarritako aginpideen barruan aritu beharko da. Dena den, legeak gai hau osotasunean arautu nahi duenez, beste aginpide batzuei ere eragiten die, eta, hain zuzen ere Autonomi Estatutuko 7.2 atala ere garatuko da.

      Sustatu nahi den araudia ez da Estatutuko agindu bakar batean oinarritzen. Horren alde, arlokako aginpideei buruzko hainbat idazpuru dago; izan ere, horiek dira burutu nahi diren sustapen-ekintzen oinarria. Bestalde, Konstituzio-Auzitegia ere lurraldetasun-oinarria malgutzearen alde azaldu da, goian aipatutako iharduerak bultzatu nahi badira.

      Lege honen edukiari dagokionez, adierazgarriena gizarte, kultura eta ekonomiaren arloko harremanak erakundetu eta gizatalde horiek sustatu eta osotasunean babestu nahi izatea da. Horretarako, euskal gizataldeetako kide direnen eskubide batzuk aitortu dira eta gizatalde horientzat nahiz Estatutik kanpo bizi diren euskaldunentzat izango diren zerbitzuak ere banan-banan zehaztu dira. Zerbitzu horiek Autonomi Elkarteak emango ditu.

      Lege honetan, dauden euskal gizataldeen arteko harremanak bideratzeko oinarrizko taldeak, bakoitza bere herrian, euskal kultura zabaltzearen alde aritu diren erakundeak izango dira. Horretarako, talde horiek orain artean izan duten izena gorde da: euskal etxeak. Dena den, maila bat baino gehiagoko aukerak daude tartean, esate baterako betidaniko euskal etxeak, kulturaren arloko gizataldeak edo merkataritzako bulegoak. Baina horiek garbi zehaz-tuta gera daitezen nahi du legeak, eta federazio edo konfederazioetan bildu daitezen saiatuko da, euskal etxeen arteko batasuna eragingo baitu biltze horrek.

      Legean, gainera, Euskal Autonomi Elkarteko erakundeen eta euskal etxeen arteko harremanaren berri erakusten duten zerbitzuak zerrendatu dira. Euskal etxe horiek lege honek araututako moduan aitortuta eta erroldatuta daudela egiaztatu beharko dute aldez aurretik.

      Aitortutako ahalmen horiek behar bezala betetzeko, legeak Euskal Autonomi Elkarteaz kanpoko Etxeen Errolda eta Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku-Batzordea eratzeko bideak jarriko ditu. Aholku-batzorde horretan Euskal Autonomi Elkarteko erakundeetako eta euskal etxeetako ordezkariak bilduko dira.

      Era berean, euskal etxeen eta hauen federazio nahiz konfederazioen eta EAEko erakundeen arteko harremanak aztertu eta mugiarazteko, lau urtez behin Euskal Gizataldeen Biltzarra ospatuko da.

      Estatutuko 22. atalean esaten denaz bat, gure Autonomi Elkartean bizi ez diren euskaldunei laguntzeko, elkarlanerako hitzarmenak izenpetu behar dira euskal emigratzaile talde handiak dituzten autonomia-elkarteekin. Beste aldetik, Autonomi Elkarteak Estatuko agintariei Autonomi Estatutuko 6.5 atalean jasotako aginpideak bete ditzatela eskatzeko jasotzen da legean.

I IDAZPURUA

XEDAPEN OROKORRAK

Lehenengo Atala - Helburuak

      Euskadik, euskal gizarteak eta bertako erakundeek Euskal Autonomi Elkarteaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekin dauzkaten harremanak sustatzea, horiei laguntzea eta areagotzea da lege honen helburua. Horien bitartez honakoak lortu nahi dira:

a)   Euskal gizatalde eta etxeak sendotzen laguntzea, horien barne-lotura eta elkarte-ekintzen eraginkortasuna bultzatuta.

b)   Euskal gizatalde eta etxeen eta Euskal Herriaren arteko harremanei eustea eta bultzatzea.

c)   Euskadiko benetako egoera euskal gizataldeei ezagutaraztea, euskal kultura eta ekonomia zabaltzeko, bultzatzeko eta garatzeko ekintzak sustatuz.

d)   Bere baitan euskal gizataldeak dauzkaten herrialdeekin eta bertako erakundeekin eta gizarte-eragileekin harremanak izateko bideak jartzea.

e)   Araubideak eta aurrekontuak emandako aukerak kontuan izanik, Euskal Autonomi Elkartetik kanpo bizi diren euskaldunei laguntza eta babesa ematea.

f)    Eta, oro har, Euskal Autonomi Elkarteko lurraldetik kanpo bizi diren euskaldunek eta hemengo herri-aginteek elkarren berri izateko bideak bultzatzea.

2. Atala - Euskal etxeak

      1.-     Lege honetan zehaztutakoen ondorioetarako, EAEko lurraldetik kanpo irabazte-xederik gabe eta legearen arabera eratutako elkarteak, iraskundeak eta bestelako lege-pertsonak euskal etxetzat joko dira baldin eta beren estatutuek eta ohizko ihardunak lege honetan zehaztutako helburuak lortzea bilatzen badute, eta legean zehaztutakoarekin bat etorriz aintzakotzat jotzen badira.

      2.-     Euskal etxeak dira euskal gizataldeetako kideen eta Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioen artean harremanak bideratzeko bide nagusia.

3. Atala - Euskal gizataldeetako kideak

      Lege honetan zehaztutakoaren ondorioetarako, honako hauek joko dira euskal gizataldeetako kidetzat:

      1.-     Euskal Herriko Autonomi Estatutuaren 7.2 atalean esaten den eran Estatutik kanpo bizi diren euskaldunak, bai eta beren ondorengoak ere.

      2.-     Euskadin jaio eta Espainiako gerra zibilaren ondorioz atzerrira eraman eta oraindik atzerrian bizi diren euskaldunak.

      3.-     Euskal etxe aitortuetako bazkideak.

4. Atala - Finantzabideak

      Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioek, beren aginte-esparruaren barruan, lege honetako helburuak betetzeko egoki eritzitako diru-izendapenak egingo dituzte beren aurrekontuetan.

II IDAZPURUA

EUSKAL ETXEAK

5. Atala - Euskal etxe aitortzea

      1.-     Euskal etxe batek lege honetan jasotako zerbitzuak eskuratu ahal izateko, aldez aurretik, legean bertan ezarritako moduan onartuta egon beharko du.

      2.-     Euskal etxeek, aitorpena izateko, jarraian datozen eskakizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute:

a)   Dagokien estatuko legediaren arabera eratutakoak izatea.

b)   Euskal etxearen estatutuetako lehentasunezko helburuen artean eta bazkideek adierazitako borondatean, Euskal Herriarekin kultura, gizarte eta ekonomia mailako harremanak mantentzea egotea. Harreman horiek jende, historia, hizkuntza eta kulturaren arlokoak izango dira.

c)   Barne-egitura eta iharduera demokratikoak izatea.

      3.-     Euskal etxe aitortzea Gobernu-Kontseiluak erabakiko du, arauz ezarritako ihardunbideari lotuz eskabidea aldez aurretik egin bada.

      4.-     Aitortutako euskal etxeek beren ohizko ihardueretan lege honetan ezarritako helburuak beteko dituzte. Aitortutako euskal etxeren batek lege honetan esaten dena betetzen ez badu, aitorpena indarrik gabe geratuko da.

6. Atala - Euskal etxeen federazioak eta konfederazioak

      1.-     Euskal etxeek federazio eta konfederazioetan bildu ahal izango dute beren interesak aldeztu, bateratu eta helburuak denen artean koordinatuta bete ahal izatea errazteko.

      2.-     Lege honetan ohartemandako zerbitzuak jaso ahal izateko, federazioek eta konfederazioek aldez aurretik aitortuta egon beharko dute.

      3.-     Federazio aitortzeko, euskal etxeak onartzeko jarritako baldintza eta ihardunbide berak erabiliko dira. Dena den, federazioa osatzen duten euskal etxe guztiek aldez aurretik euskal etxeen erroldan onartuta eta izena emanda egon beharko dute.

      4.-     Erroldan onartuta egon eta izena emanda duten federazioek konfederazioak eratuz gero, euskal etxeentzat jarritako baldintza eta ihardunbide berak erabiliko dira aitorpena emateko.

7. Atala - Euskal etxeen errolda

      1.-     Euskal etxeen errolda jendaurrekoa izango da eta administrazioak bere kabuz, euskal etxeak, etxeon federazioak eta konfederazioak erroldatu ahal izango ditu bertan, baldin eta Gobernu-Kontseiluak onartu baditu. Era berean, interesdunak eskatuta, erakunde horiekin zerikusia duten gorabehera guztiak jasoko dira, arauz ezarritako moduan, aitorpenari eragiten ez badiote.

      2.-     Errolda nola antolatu eta nola ihardungo duen arau bidez ezarriko da eta datu-bankura sartzea ere araututa egongo da.

8. Atala - Euskal etxeen aldeko zerbitzuak

      1.-     Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioek, bakoitzak bere aginpideen barruan, lege honetan ezarritakoaren arabera onartutako euskal etxeei eta hauen federazio eta konfederazioei honako aukerak eskainiko dizkiete, arauz ezarritakoaren arabera:

a)   Gizarte, kultura eta ekonomiarekin zerikusia duen informazio publikoa lortzeko aukera, Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioek sortu eta jasotakoa denean. Hala eskatzen duten euskal etxe guztiek Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkaria doan jasoko dute.

b)   Euskal gizarte, kultura eta ekonomiaren ihardueretan parte hartzeko aukera, iharduera horiek atzerrian sustatzen lagundu dezaten.

c)   Euskal Autonomi Elkartean kokatuta dauden elkarteek duten tratamendu bera, bertako kultura-ondarea ezagutzeko aukerari dagokionez.

d)   Euskal Autonomi Elkarteari Euskal Herriko kultura sustatzeko euskal etxeek antolatutako ihardueretan parte har dezan eskatzeko eskubidea.

e)   Euskal Herriko erakundeek euskal etxeak dauden herrialdeetan antolatutako programa, misio eta ordezkaritzetan parte hartzea.

f)    Euskal Herriko gizarte, ekonomia eta lan arloari buruzko aholkularitza jasotzeko eskubidea izatea.

g)   Euskal historia, kultura, hizkuntza eta gizarteari buruzko liburu eta ikusentzutekoak izateko eskubidea, euskal elkarteetako kideei erakutsi eta horien artean banatu ahal izateko.

h)   Euskal gizataldeen egoeraren berri emango duten hedapen-programetan laguntzeko aukera izatea, komunikabide horiek Autonomi Elkartearen jabegokoak baldin badira.

i)    Lege honen 12. atalean aipatzen den batzordeak beren iritzia entzuteko eskubidea izatea, eta 13. atalean aipatutako Euskal Gizataldeeen Biltzarrean parte hartu ahal izatea.

j)    Euskara ikasteko ikastaroak antolatzeko aukera.

      2.-     Euskal etxeek dirulaguntzak edo beste edozein laguntza jaso ahal izango dute, euskal herri-administrazioek emanda, lege honetan jasotako helburuak bete ahal izateko. Administrazio horiek beren aginpideen barruan ihardun beharko dute.

      3.-     Euskal Autonomi Elkarteko administrazio orokorrak, aurrekontuan zenbaterainoko diru-kopurua duen ikusita eta lege honen helburuei begira, honako arlooi lagunduko die, bereziki:

a)      Euskal etxeen iharduera-gastuak ordaintzeari.

b)      Euskal etxeen azpiegitura mantendu eta hobetzeari.

c)       Euskal etxeek, etxeon federazioek edo konfederazioek antolatzen dituzten iharduera edo programei, Euskal Herriarekin zerikusia baldin badute.

d)      Elkarte horietako bazkideei, laguntza behar badute, eta batez ere egoera larrian daudenei.

III IDAZPURUA

EUSKAL GIZATALDEETAKO KIDEAK

9. Atala - Euskal gizataldeetako kideen eskubideak

      Euskal gizataldeetako kideek jarraian aipatzen diren eskubideak izango dituzte:

a)   Euskal ondarea erabiltzeko eskubidea, Euskal Autonomi Elkartean bizi diren biztanleak balira bezala. Bereziki liburutegi, agiritegi, museo eta beste kultura-ondasun batzuk eta kulturaren hedapenerako erakundeak sartuko dira hor.

b)   Euskara jakin eta ikasteko eskubidea. Horretarako, euskal etxeei euskara-ikastaroak antolatzeko baliabideak emango zaizkie, beti ere aurrekontuak horretarako aukera ematen badu.

      Euskal gizataldeetako kideek euskararen gaitasun-agiriak lortzeko aukera izango dute, Euskal Autonomi Elkarteko administrazioan horretarako aginpidea duen erakundeak emanda. Iharduera hori arautu egingo da.

10. Atala - Euskal gizataldeetako kideen aldeko zerbitzuak

      1.-     Euskal gizataldeetako kideek euskal errealitatean parte har dezaten, Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioek, bakoitzak bere aginpideen barruan, honakook egingo dituzte:

a)   Hezkuntza, kultura eta ekonomiaren arloko harremanak bultzatuko dituzte euskal gizataldeetako kideei begira.

b)   Euskal gizataldeetako kideek euskal kultura, historia, ekonomia eta gizartea hobeto ezagutzeko, zabalkunderako iharduerak, ikastaroak eta ikusentzutekoak prestatzea sustatuko dute.

c)   Euskal kultura eta ekonomia sustatzeko laguntzak emateko jendaurreko deialdiak egingo dituzte.

d)   Unibertsitate arteko elkarlanerako hitzarmenen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateak beste unibertsitate batzuek emandako tituluak onar ditzala bultzatuko dute. Titulu horiek lege honen helburuekin zerikusia izan eta hemengo unibertsitateak duen autonomiaz sortutako tituluen antzekoak izan beharko dute.

f)    Euskal Autonomi Elkartetik kanpo dauden euskal gizataldeen egoera ezagutzeko laguntza eskainiko dute. Horretarako, liburu eta ikusentzutekoak argitaratu eta Autonomi Elkartearen esku dauden komunikabideetan elkarte horien berri emango da.

g)   Hala eskatuz gero, Euskal Herrian enpresak sortzeko teknika eta lege arloko aholkularitza emango zaie.

      2.-     Aurreko azpiatalean aipatutako zerbitzuak euskal etxeen bidez bideratuko dira.

11. Atala - 3. ataleko 1 eta 2. azpiataletan aipatzen diren euskal gizataldeetako kideen aldeko zerbitzuak

      1.-     3. ataleko 1 eta 2. azpiataletan aipatzen diren pertsonek, Autonomi Elkartera itzuli eta kasuan kasuko programetan eskatzen diren gainontzeko baldintzak betetzen badituzte, osasun- eta gizarte-laguntza jaso ahal izango dute, aldez aurretik Autonomi Elkartean bizi izan direla egiaztatu beharrik izan gabe. Baina bi baldintza bete beharko dituzte:

a)   Estatutik kanpo bizi izandakoak izan beharko dute, jarraian eta justu itzuli aurreko denbora tartean, emigratzaile direnei gutxienez eskatzen zaien besteko denbora tartean.

b)   Itzuli eta gero beren bizilekua Euskal Autonomi Elkartean izan beharko dute.

      2.-     Era berean, gizarte-laguntzako etxebizitzak banatzeko deialdietan, 3. ataleko 1 eta 2. azpiataletan aipatzen diren pertsonei, EAEra itzuli eta deialdiko gainontzeko baldintzak betetzen badituzte, ez zaie aldez aurretik izandako bizilekuari buruzko denborazko betebeharrik eskatuko eskabidea egin ahal izateko.

      Benetan babesik gabe dauden pertsonei lagundu behar zaienean, atzerritik itzulitako pertsona izatea merezimendutzat hartu ahal izango da eskabideak neurtzerakoan, edo etxebizitza horietako batzuk egoera horretan dauden pertsonentzat gorde ahal izango dira.

      3.-     Euskal Autonomi Elkartera itzultzeko bidaiarako laguntzak ematen badira, atal honetan aipatzen diren pertsonek laguntza horiek jaso ahal izango dituzte, gero bertan bizi izatekotan.

IV IDAZPURUA

KANPOKO EUSKAL GIZATALDEEKIKO HARREMANETARAKO ORGANOAK

12. Atala - Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordea

      1.-     Lege honetako helburuak betetzeko, Euskal Gizataldeekiko Harremanetako Aholku-Batzordea eratuko da, Euskal Autonomi Elkarteko erakundeei aholkuak emateko eta Autonomi Elkarteko administrazio orokorraren baitan egongo dena. Hona hemen bere egitekoak:

-  Euskal Autonomi Elkarteko erakundeei euskal gizataldeei buruzko erabakiak hartzeko edo aldatzeko proposatzea.

-  Lege honetako helburuak betetzeari begira, datozen lau urteetan zer egin proposatzeko lau urtetarako plana egitea. Plan horren berri dagokien erakundeei emango zaie.

-  Lau urtetarako plana eta lege honetan jasotako beste aurreikuspen batzuk zenbateraino betetzen diren balioestea.

-  Legediak agindutako beste edozein.

      2.-     Batzordearen antolaketa eta iharduteko modua arautu egingo da.

      3.-     Hona hemen Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku-Batzordeak izango dituen kideak:

-  Eusko Jaurlaritzako lehendakaria edo berak aukeratutako ordezkoa, batzordeko buru.

-  Arloko sailburua edo berak aukeratutako ordezkoa, buruorde.

-  Euskal gizataldeekiko harremanetarako arduraduna edo berak aukeratutako ordezkoa, idazkari.

-  Kultura, Turismo, Lan eta Gizarte Segurantza, Hezkuntza, Etxebizitza, Ogasun, Industria eta Merkataritza Sailetako ordezkari bana.

-  Hiru foru-diputazioetako ordezkari bana eta Euskadiko Udalen Elkarteak izendatutako beste ordezkari bat, euskal udalen izenean.

-  Eusko Legebiltzarreko bi ordezkari.

-  Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkari bat.

-  Euskal etxeetako hiru ordezkari, Euskal Gizataldeen Biltzarrak izendatuak.

-  Euskaltzaindiko ordezkari bat.

13. Atala - Euskal Gizataldeen Biltzarra

      1.-     Euskal Gizataldeen Biltzarra lau urtez behin bilduko da, euskal gizataldeek, euskal etxeek, euskal etxeetako federazio nahiz konfederazioek eta euskal erakundeek elkar ezagutu dezaten eta lankidetzan aritu daitezen.

      2.-     Euskal Gizataldeen Biltzarrean parte hartuko dutenen artetik, hona hemen bete-beteko kideak:

·   Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku-Batzordeko kideak.

·   Eusko Jaurlaritzako lehendakariohiak.

·   Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden legebiltzar-talde bakoitzeko kide bat.

·   Federazio guztietako hiruna ordezkari.

·   Federaziorik gabeko herrialdeetako euskal etxeetako hiruna ordezkari.

      3.-     Beste pertsona batzuek eta euskal gizataldeekin zerikusia duten erakundeetako beste zenbait ordezkarik ere Biltzarrean parte har dezakete, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gonbidatuta.

      4.-     Biltzarrean eztabaidatutako ondorioak agiri batean jasoko dira. Agiri hori Aholku-Batzordearen eskuetan utziko da, lau urtetarako plana egiteko kontuan izan dezan.

V IDAZPURUA

ELKARLANERAKO AKORDIOAK ETA ITUNAK

14. Atala - Beste autonomi elkarte batzuekin izenpetutako elkarlanerako akordioak

      Euskal Autonomi Elkarteak elkarlanerako akordioak izenpetu ahal izango ditu beste autonomi elkarte batzuekin, Estatutuko 22. atalaz bat, euskal gizataldeetako kideei aholkuak eman eta laguntzeko.

15. Atala - Nazioarteko itunak eta Estatuaren iharduera bultzatzea

      1.-     Euskal Autonomi Elkarteak, euskal kultura eta bereziki euskara Estatutik kanpo zaindu eta indartzeko asmotan, Autonomi Estatutuko 6. ataleko 5. azpiatalean jasotako akordioak eta itunak egiteko eta, hala badagokio, behar den baimena jasotzeko Gorte Nagusietan aurkezteko eska diezaioke Estatuko gobernuari.

      2.-     Euskal Autonomi Elkarteak euskal gizataldeak dituzten beste estatu batzuekin nazio-arteko itunak izenpetzeko eska diezaioke Estatuko gobernuari, euskal gizatalde horiei behar duten laguntza eskaintzeko, Euskal Herriarekiko lotura eten ez dezaten eta, beharrezkoa izanez gero, itzultzen laguntzeko, Konstituzioko 42. atalean jasota dagoenaren arabera.

Aldi Baterako Xedapenak

Lehena

      Lege honetan ohartemandako zerbitzu eta eskubideak lehenbailehen gauzatu daitezen, indarrean jarri ondoko urtebetean ez da eskatuko 5. eta 6. atalen arabera aurrez eman beharreko aitorpena, ez eta 5.2 atalaren b) eta c) idazatietan jasotako bete beharrik ere gauzatze horretarako.

Bigarrena

      Euskal Gizataldeen Biltzarra lehenengoz bildu arte, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak izendatuko ditu Biltzarrak Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku-Batzordean izan behar dituen bi ordezkariak.

Azken Xedapena

      Gobernu-Kontseiluak, lege hau indarrean jarri eta urtebete baino lehen, legean bertan ohartemandakoak betetzeko beharrezko arauak emango ditu.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra