7/2016 Legea, ekainaren 2koa, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzekoa
2016-06-02Erakundea: Euskal Autonomia Erkidegoa
Argitalpena: EHAA, 2016/06/07, 107. zk. eta EAO, 2016/06/23, 151. zk.
EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA
2016ko ekainaren 7a, 107. zenbakia
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
2438
7/2016 LEGEA, ekainaren 2koa, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzekoa.
Eusko Legebiltzarrak 7/2016 Legea, ekainaren 2koa, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
ZIOEN AZALPENA
Administrazio-jardunak legeari eta zuzenbideari men egin behar diela-eta, administrazio publikoek zerbitzu juridiko egokiak izan behar dituzte ezinbestez, bermatuta gera dadin betebehar hori, bai aholkularitza juridikoaren arloan, bai administrazio horien titularitatepeko eskubideak eta interesak epaiketetan defendatzeko zereginean.
Xede hori betetzeko, laguntza juridikoa emateko eginkizun hori jaso eta antolatu izan da zenbait dekretutan, hala nola diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortzeko, ezabatzeko eta aldatzeko dekretuak eta sailen eginkizunak eta jardun-esparruak zehaztekoak, bai, halaber, gobernu-sailen egitura organikoa arautzekoak ere.
Erregelamendu-esparrutik kanpo eta soil-soilik prozesuko jardunari dagokionez, ekainaren 26ko 7/1986 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketetan Ordezkatzeari eta Defendatzeari buruzkoak, modu laburrean arautu zuen eginkizun hori Autonomia Erkidegoaren erakunde- eta lurralde-antolamenduaren espezialitateei dagozkien oinarrizko alderdietan, eta, arautze hori osatzeko, berariaz eta blokean Estatuaren legedira bidaltzen zuen.
Alabaina, kontuan izanda zenbat denbora igaro zen lege hura aldarrikatu zenetik, zer arautzen zuen zehazki, nola areagotu zen antolamenduaren konplexutasuna eta zer-nolako arazoak eragiten zituen jardunean konplexutasun horrek, ezinbestekoa zen lege-mailako beste arau-testu bat sortzea, konponbidea eman ziezaien arlo horretan sortutako eskakizun berriei.
Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa antolatzen da lege honen bidez; bestela esanda, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokor eta instituzionalarentzako laguntza juridikoa arautzen da, zeina sailetako edo erakunde instituzionaletako aholkularitza juridikoek eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak emango baitute.
Legea formulatzeko, azterlan bat egin da aurretiaz, gure inguruan dauden ereduak erkatzeko eta zer aukera darabiltzaten zehatz aztertzeko, bai Estatuan, bai autonomia-erkidegoetan, zerbitzu juridikoak antolatzeko eta administrazio publikoei laguntza juridikoa emateko orduan. Hartara, Euskal Autonomia Erkidegoko Administraziorako berariaz egindako eredua zehaztu da, eta lege-arau honetan jaso.
Hala, bada, lehenik, xedapen orokor batzuk ditu legeak I. kapituluan, eta zenbait alderdi zehazten dira hartan: zer xede duen legeak –alegia, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa antolatzea–, zer jardun-eremu hartzen duten zerbitzu juridiko hori osatzen duten antolaketa-unitateek –hots, sailetako eta erakunde instituzionaletako aholkularitza juridikoek eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak– eta laguntza juridikoko zer eginkizun dagozkion antolaketa-unitate horietako bakoitzari.
Bestalde, II. kapituluan, aholku juridikoa emateko eginkizuna arautzen da –bai sailetako eta erakunde instituzionaletako aholkularitza juridikoei dagokien eginkizuna, bai Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari dagokiona–, kontuan izanda eginkizun horren barruan dagoela zuzenbide arloan behar den aholkularitza eta nahitaezkotzat jotako edo administrazio-jardunak hala eskatutako txosten eta irizpen juridikoak egitea.
Ondoren, III. kapituluan, auzietan jarduteko eginkizuna zehazten da; hau da, Eusko Jaurlaritza epaiketetan ordezkatzeko eta defendatzeko eginkizuna, haren barnean direla Konstituzio Auzitegiko prozesuak, Ebazpen Batzordekoak eta nazioz gaindiko edo nazioarteko organoetakoak, bai, halaber, arbitraje-prozedurak eta prozedura parajudizialak ere. Auzietan jarduteko eginkizuna Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari dagokio, eta zerbitzu horri atxikitako abokatuek betetzen dute eginkizun hori, aurreikuspen berezi batzuen kalterik gabe. Eusko Jaurlaritzako agintariak eta langileak ordezkatzeko eta defendatzeko zerbitzua ere eman ahal izango da, betiere zuzenean haien eginkizunei lotutako egiteen edo ez-egiteen ondoriozko prozedura judizialetan. Prozesuei dagozkien zenbait aurreikuspen berezi eta erregela ere jaso ditu arauak, auzietan egoki jardungo dela bermatzeko, kontuan izanda horretarako funtsezkoa dela Administrazioaren organoen eta lan horretan diharduten langileen arteko elkarlanaren printzipioa betetzea, ahalik eta ondoen defenda daitezen auzitan diren interesak.
Azkenik, IV. kapituluan, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren antolamendua jorratzen da. Kapitulu horretan zehazten da, bada, zer baldintza bete behar dituzten Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko zuzendaritza-organoek, kontuan izanda Koordinazio Juridikoaren Batzordea izeneko kide anitzeko organo espezializatuaren laguntza izango dutela horretarako.
Gainera, IV. kapituluak Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusia osatzen duten langileak ditu hizpide (Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuak eta haiei laguntzeko langileak, alegia). Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuen lanpostuei esleitutako eginkizunen espezifikotasuna dela-eta, Eusko Jaurlaritzaren dekretuz sortuko den espezialitate berri bateko funtzionarioentzat gordeko dira lanpostu horiek.
Legeak, bukatzeko, xedapen gehigarri bat dakar, langileak Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitate berrian sartzeko nondik norakoak zehazteko; xedapen iragankor bat, kasu jakin batzuetan ordezkaritza- eta defentsa-eginkizunetan aritzeko emango diren gaikuntzak azaltzeko; xedapen indargabetzaile bat, berariaz indargabetuta uzteko bai ekainaren 26ko 7/1986 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketetan Ordezkatzeari eta Defendatzeari buruzkoa, bai, halaber, arauketa honetan xedatutakoaren kontrakoak diren xedapen guztiak ere; eta azken xedapen bi, legea erregelamendu bidez garatzea aurreikusteko eta hura indarrean noiz sartuko den adierazteko.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Lege honen bidez, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa antolatzen da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokor eta instituzionalarentzako laguntza juridikoa arautzen da, haren arauetan ezartzen dena alde batera utzi gabe. Lege honen eraginetarako, laguntza juridikotzat jotzen da, oro har, lege honetan arautzen diren kontsulta-eginkizunek –aholku juridikoa ematekoek– eta auzietan jarduteko eginkizunek –epaiketetan ordezkatzeko eta defendatzekoek– osatzen duten multzoa.
2. artikulua.– Jardun-eremua.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa osatuko dute Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak eta sail bakoitzeko aholkularitza juridikoek.
2.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari dagokio, goi-mailako zuzendaritza-zentroa den heinean, lege honetan aurreikusitako laguntza juridikoa emateko eginkizunak betetzea, betiere kalterik egin gabe Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetako kide anitzeko kontsulta-organo gorena izanik, bere jardun-eremuan esleituta dauzkan eginkizun bereziei.
3.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak laguntza juridikoa emango die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari, haren Administrazio instituzionalari eta sortze-legean hala jasoa duten erakunde publikoei. Erakunde instituzional batzuk salbuespen izango dira, laguntza juridikoa emateko eginkizuna haietan beraien zerbitzu juridikoek betetzen dutelako, erakundeontzako arauetan zehaztutakoaren arabera.
4.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio batzuei ere eman ahal izango die laguntza juridikoa, bai, halaber, merkataritza-sozietateei, fundazio publikoei, partzuergoei eta Eusko Jaurlaritzaren partaidetza duten gainerako erakundeei; horretarako, izaera juridiko-administratiboko hitzarmena sinatu beharko dute, eta hartan zehaztuko da zenbateko saria ordainduko duten laguntza horren truke.
5.– Sail bakoitzeko eta, hala badagokio, sailei atxikitako edo haien mendeko erakunde instituzionaletako aholkularitza juridikoak dira, zein bere eremuan, zuzenbide arloan aholku emateko administrazio-unitatea, betiere Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari lege honetan zehaztutako baldintzetan esleitutako aholkularitza juridikoaren kalterik gabe.
6.– Aholkularitza juridikoak sailetako zerbitzu erkideak izango dira, eta irizpide bateratuz jardungo dute zeinek bere eremuan. Dena dela, administrazio-unitate jakin batzuei aholkularitzako zeregin espezifikoak esleitu ahal izango zaizkie, unitate horien eginkizunen ezaugarriak edo zerbitzuaren beharrizanak kontuan izanda.
3. artikulua.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusia. Eginkizunak.
Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak berari atxikitako abokatuen bitartez emango du laguntza juridikoa. Laguntza horrek hartuko ditu, alde batetik, aholku juridikoa emateko eginkizuna, lege honetan aurreikusitakoaren arabera, eta, bestetik, auzietan jarduteko eginkizuna. Azken honek hartzen ditu Eusko Jaurlaritza edo haren jardun-eremuko gainontzeko erakundeak ordezkatzea eta defendatzea epaiketetan, baita Konstituzio Auzitegiko, Ebazpen Batzordeko, nazioz gaindiko edo nazioarteko organoetako prozesuetan eta arbitraje-prozeduretan eta prozedura parajudizialetan ere.
4. artikulua.– Aholkularitza juridikoak. Eginkizunak.
Honako eginkizun hauek dagozkie sailetako edo erakunde instituzionaletako aholkularitza juridikoei:
a) Xedapen orokorren proiektuak prestatzea, eta aurrez egin beharreko txosten juridikoak eta lan tekniko-juridikoak egitea.
b) Sailen edo erakunde instituzionalen titularrek eta haietako zuzendaritza-organoek eskatutako txosten juridikoak egitea, betiere Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari esleitutako eginkizunen kalterik gabe.
c) Administrazio-errekurtsoen ebazpen-proposamenak prestatzea.
d) Administrazioarekiko auzibidera jo aurretik eta Konstituzio Auzitegiko eta Ebazpen Batzordeko prozedurak abiatu aurretik beste administrazio publiko batzuek egindako errekerimenduei buruzko ebazpen-proposamenak prestatzea, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiarekin koordinatuta.
e) Ofizioz berrikusteko prozeduretako ebazpen-proposamenak prestatzea.
f) Ondare-erantzukizuna erreklamatzeko prozeduretako ebazpen-proposamenak prestatzea.
g) Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztu behar diren espedienteak prestatzea.
h) Aholkularitza tekniko-juridikoaren arloan esleitzen zaizkien gainerako eginkizunak betetzea, betiere Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari ez dagozkion heinean.
II. KAPITULUA
AHOLKU JURIDIKOA EMATEKO EGINKIZUNA
5. artikulua.– Edukia.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari dagokio egin beharreko txosten juridikoa egitea, honako arlo hauetan:
a) Xedapen orokorren proiektuak, erregelamenduz zehaztuko diren kasuetan eta irizpena egitea Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari ez dagokionean.
b) Eusko Jaurlaritzak sinatzen dituen akordio- edo hitzarmen-proiektuak, erregelamenduz zehaztutako kasuetan.
c) Norberaren egintzak kaltegarri deklaratzeko espedienteak, dagokion jurisdikzioan aurkaratu aurretik.
d) Akzio judizialak egikaritzeko, atzera egiteko, amore emateko edo transakzio judizialak egiteko ebazpen-proposamenak.
e) Enpresa publikoen, partzuergoen, fundazioen eta Eusko Jaurlaritzak edo haren Administrazio instituzionalak parte hartzen duen gainerako erakunde publikoen estatutuak.
f) Beste edozein gai, baldin eta hura izapidetzeko Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak, arauz, nahitaezko txosten juridikoa egin behar badu.
2.– Bai Jaurlaritzak, bai sailen eta organismo autonomoen titularrek eta sailburuordetza eta zuzendaritzenek, bai, halaber, organismo publikoen gobernu-organoen titularrek ere kontsulta egin ahal izango diote Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari, beren eskumeneko gaiei buruzko edozein zalantza juridiko argitzeko, betiere egokiro arrazoituta eta azalduta zeri buruzko aholkularitza nahi duten eta zergatik komeni den eskatzea aholkularitza.
3.– Sailetako edo erakunde instituzionaletako aholkularitza juridikoei dagokie zuzenbide arloan aholku ematea, bakoitzak bere jardun-eremuan eta betiere Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari esleitutako eginkizunen kalterik gabe.
6. artikulua.– Aholku juridikoa emateko eginkizunaren izaera.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuek eta sailetako edo erakunde instituzionaletako aholkularitza juridikoek egindako txostenak eta irizpenak izaera juridikokoak baizik ez dira eta zuzenbidean oinarritzen dira soilik, eta haietatik kanpo gelditzen dira zuzenbidean oinarritu gabeko egokiera-balorazioak, nahiz eta, beharrezko iritziz gero, aholkuak eman edo ohartarazpenak egin ahal izango diren kontsultaren edozein alderdiren gainean.
2.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuek eta sailetako edo erakunde instituzionaletako aholkularitza juridikoek egindako txostenak eta irizpenak ez dira lotesleak, salbu eta legezko xedapenen batean berariaz kontrakoa adierazten bada; nolanahi ere, haietatik aldentzen diren administrazio-egintzak eta -ebazpenak arrazoitu egin behar dira.
III. KAPITULUA
AUZIETAN JARDUTEKO EGINKIZUNA
7. artikulua.– Ordezkatzea eta defendatzea.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusian diharduten abokatuei dagokie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra ordezkatzea eta defendatzea. Dena dela, erregelamendu bidez xedatuarekin bat etorriaz, Eusko Jaurlaritzako beste funtzionario edo lan-kontratuko langile batzuk ere berariaz gaitu ahal izango dira jarduketa horietarako.
2.– Kasu jakin batzuetan, zeinak erregelamendu bidez zehaztuko baitira, zeregin horietarako beren-beregi izendatutako abokatu elkargokideei edo prokuradoreei ere esleitu ahal izango zaizkie aipatutako jarduketak. Txosten batean adieraziko dira esleitze horien arrazoiak eta nondik norakoak, eta erregelamendu bidez zehazten den organoak onartu beharko ditu.
3.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak erregistro publiko eta eguneratu bat edukiko du bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta bai Administrazio instituzionala osatzen duten erakundeek egindako esleitzeentzat, eta horiek komunikazio-eginbeharra izango dute. Erregistro horren funtzionamendua erregelamendu bidez zehaztuko da.
4.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari dagokionean Administrazio instituzionala edo beste erakunde batzuk ordezkatzea eta defendatzea, arau berberak beteko dira beti, kasuan kasuko berezitasunak direla-eta erregelamenduz ezarritako zehaztapenekin.
8. artikulua.– Interesen arteko aurkakotasuna.
Zeinahi jurisdikzio-ordenaren aurrean administrazioek edo organismo publikoek elkarren aurka jotzen badute edo interes kontrajarriak agertzen badituzte, eta haien legezko edo hitzarmenezko ordezkaritza Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak badu, errebokatu egin ahal izango da ordezkaritza, eta honako erregela hauek beteko dira:
a) Lehenik kasu egingo zaio dena delako administrazio, organismo publiko edo erakundearentzako laguntza juridikoa arautzeko hitzarmen-klausuletan edo araudi berezian xedatzen denari.
b) Arauak edo hitzarmenak ezer adierazten ez badute, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren titularrak, gatazkan dauden interesen izaerari erreparatuta, bidezkoa dena ebatziko du Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuak defentsa bere gain hartzeari edo ez hartzeari dagokionez, betiere gatazka horren eraginpean diren administrazioek edo erakundeek diotena entzun eta Zerbitzu Juridiko Nagusiaren txostena jaso ostean.
c) Txosten hori kontuan izanik, baldin eta ordezkaritza errebokatzen bada, sektore publikoko erakundeek, Administrazio orokorrarekin ados jarrita, beren interesak defendatzeko ordezkaria izendatuko dute. Elkarrekin ados jarri ezean, erakunde horiek izendatuko dute, zuzenean, defendatu eta ordezkatuko dituen letradua edo abokatu elkargokidea.
9. artikulua.– Akzioak egikaritzea.
1.– Edozein organo judizialen aurrean akzioak egikaritzeko edo errekurtsoak edo kereilak jartzeko, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da aurrez. Salbuespen modura, egokiro egiaztatutako presazko egoeretan, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusia atxikia duen sailaren titularrak hartu ahal izango du erabakia, eta berehala emango dio Jaurlaritzaren Kontseiluari horren berri, hark ebatz dezan erabakia berrestea edo atzera egitea.
Organismo autonomoen eta beste organismo publiko edo erakunde instituzionalen kasuan, haien estatutuetan edo arauetan xedatutakoaren arabera jardungo da.
2.– Abian diren prozesuetan atzera egiteko, prozesuok abian jartzeko agindu zuen organoaren baimena beharko da.
3.– Transakzio judizialak egiteko edo aurkako alderdiaren uziei amore emateko, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da beti, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren kasuan; beste administrazioen, organismo publikoen eta erakunde instituzionalen kasuan, berriz, laguntza juridikoaren hitzarmen-klausuletan edo araudi berezian aurreikusitako organoaren baimena beharko da.
10. artikulua.– Agintariak eta langileak ordezkatzea eta defendatzea.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuek ordezkatze- eta defentsa-zerbitzua eman diezaiekete Eusko Jaurlaritzako agintariei eta langileei, bai, halaber, legez edo hitzarmenez laguntza juridikoa eman behar dieten erakundeetako agintariei eta langileei ere, betiere zuzenean haien eginkizunei lotutako egiteen edo ez-egiteen ondoriozko prozedura judizialak badira.
2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako defentsa-zerbitzua jasotzeko, interesdunak berak egin behar du eskaera, eta, eskaerari onespena emateko, ezinbestekoa izango da interes-gatazkarik ez egotea, ez Eusko Jaurlaritzarekin, ezta legez edo hitzarmenez Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuek ordezkatuak izatea dagokien organismo edo erakunde publikoekin ere.
3.– Ordezkaritza ukatzea Eusko Jaurlaritzari dagokio, bertako kideen kasuan, edo Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusia atxikia duen sailaren titularrari gainerako kasuetan. Ukatzeko erabakia arrazoitu egin beharko da, eta dagokion prozedura judizialaren hasieran hartu ahal izango da, edo gerora sortutako arrazoiengatik, prozedurak administrazio publikoen aurkako delituekin lotuta daudenean bereziki.
11. artikulua.– Prozesuko erregelak.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuei dagokie lege honetan aurreikusten den epaiketetan ordezkatzeko eta defendatzeko eginkizuna, eta modu instituzionalean –ez pertsonalean– beteko dute eginkizun hori. Bestalde, abokatu batek baino gehiagok jardun ahal izango du gai berean, inolako gaikuntza berezirik edo ahalordetze-egintzarik behar izan gabe.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokor edo instituzionalak, epaiketetan Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuen bidez diharduenean, edo 7. artikuluaren arabera gaitutako funtzionario edo lan-kontratuko langileen bidez eta horretarako beren-beregi izendatuen bidez diharduenean ere, Estatuak dituen prozesu-espezialitate berberekin jardungo du.
3.– Estatuko legedian xedatutakoa izango dute araubide jakinarazpenek, zitazioek, epatzeek eta prozesuko gainerako komunikazio-egintzek, bai, halaber, gordailuak eta kauzioak eratzeko betebeharretik salbuesteko, kostuak tasatzeko eta autoen izapideak eteteko jardunek eta erakunde publikoen lurralde-eskumenak ere.
4.– Prozesuko komunikazio-egintzak, zehazki, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren egoitzara igorri behar dira, edo, bestela, ordezkaritza-, defentsa- eta jakinarazpen-bulegoetara, salbu eta gaitutako langileek edo abokatu edo auzitegietako prokuradoreren batek betetzen badute epaiketetan defendatzeko eta ordezkatzeko zeregina.
12. artikulua.– Epaiak betearaztea.
1.– Auzitan den gaia dela-eta epaia betearazteko unean eskumena duen sailaren edo erakunde instituzionalaren organoak izango du epai irmoak betearazteko eginkizuna, baita behin-behinean betearaztekoa ere legez hala dago-kionean.
2.– Epaiak betearazteko eskumena duten organoek Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari komunikatuko dizkiote epaia betetzeko egiten dituzten jarduketak.
3.– Epaiak betearazteko aldian, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuek behar beste ekimen bultzatuko dituzte interes publikoak defendatzeko eta babesteko xedez, kontuan izanda interes horien barruan sartzen dela azkar betearaztea ere.
13. artikulua.– Kostuak eta gastuak.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak prozesuetako kostuak tasatzea eskatuko du beti, dena delako jurisdikzioan kontrako auzilaria kostuak ordaintzera kondenatzen badute eta dagokion zenbateko hori ordurako ordaindu ez badu.
2.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuek edo, bestela, hartarako berariaz gaitutako langileek prestatuko dituzte dagozkien zerbitzu-sarien idazkiak eta kostuen tasazio-proposamenak; horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko zuzendaritza-organoek zehaztutako irizpideak eta eredua erabiliko dituzte, eta defentsa- eta ordezkaritza-zerbitzuengatiko saria sartuko dute beti. Alabaina, abokatu edo auzitegietako prokuradoreren bati esleitu bazaizkio eginkizun horiek, orduan profesional horiek prestatuko dituzte dagozkien zerbitzu-sarien idazkiak eta kostuen tasazio-proposamenak, betiere itundutakoaren arabera eta beren jarduera profesionalerako arauak beteta. Nolanahi ere, irizpide horiek abokatu-jarduera profesionalerako arauetan oinarrituta egon beharko dute eta publikoak izan beharko dute, hartara edozein auziri ekin aurretik ezagutu ahal izan daitezen.
3.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren kontrako auzilaria kondenatzen badute kostuak ordaintzera, Administrazio orokorraren diru-sarreren aurrekontuari erantsiko zaio zenbateko hori, salbu eta kontrakoa ituntzen bada dagokion hitzarmenean.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra edo haren erakunde publikoak kondenatzen badituzte kostuak ordaintzera, epaitza betearazteko eskumena duen organoaren gastu-aurrekontuen kontura ordainduko dira. Berdin jardungo da prozesuaren gainerako gastuekin ere, baita kostuak ordaintzeko berariazko kondenarik ez dagoenean ere.
14. artikulua.– Elkarlan-printzipioa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakunde guztiek behar den laguntza eman beharko diote Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari, ahalik eta ondoen defendatzeko auzitan diren interesak, betiere lehenbailehen erantzunez Zerbitzu Juridiko Nagusi horrek egiten dizkien errekerimenduei.
2.– Aurreko paragrafoan aipatutako erakunde eta organo horiek ahalik eta bizkorren transmititu eta igorriko dituzte organo judizialetatik jasotako komunikazio guztiak.
3.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak ere organo horiei ahalik eta bizkorren igorriko dizkie organo judizialetatik jaso eta haiei dagozkien komunikazioak, bereziki Administrazioaren jarduketaren bat agintzen dutenean, eta behar den laguntza guztia emango du xede horiek betetzeko.
IV. KAPITULUA
EUSKO JAURLARITZAREN ZERBITZU JURIDIKO NAGUSIA. ANTOLAMENDUA
15. artikulua.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren antolamendua.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusia antolatzeko, aplikatu beharreko arauetan xedatutakoaren arabera jokatuko da, eta bereziki Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko arauetan xedatutakoaren arabera.
2.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko zuzendaritza-organoen titularrak Zuzenbideko lizentzia edo gradua duten pertsonen artetik izendatuko dira.
16. artikulua.– Koordinazio Juridikoaren Batzordea.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko zuzendaritza-organoek Koordinazio Juridikoaren Batzordea izeneko kide anitzeko organo espezializatuaren laguntza izango dute beren eginkizunak betetzeko. Erregelamendu bidez zehaztuko dira batzorde horren osaera eta jardun-araubidea, eta, batzordearen beraren zuzendaritza-organoez gain, hartan parte hartuko du, halaber, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuek eta sailetako eta erakunde instituzionaletako aholkularitza juridikoetako abokatuek osatutako ordezkaritza batek ere.
2.– Hona hemen Koordinazio Juridikoaren Batzordearen eginkizunak:
a) Orokorrean, bai sailek eta erakunde instituzionalek eta bai Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak arlo juridikoan egiten dituzten jarduketak koordinatzea.
b) Lotura-indarrik gabeko txostenak egitea –Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko zuzendaritza-organoek hala eskatuz gero–, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren barne-jardunbiderako erabaki garrantzitsuenak hartu aurretik kontuan izateko edo Eusko Jaurlaritzari laguntza juridikoa emateko.
c) Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko zuzendaritza-organoei laguntza eta sostengua ematea, haiek hala eskatuta, gaiek garrantzi berezia dutela irizten diotelako edota gaiek laguntza juridikoaren arloan jardun-irizpide eta -gidalerro berriak behar dituztelako.
d) Eusko Jaurlaritzarentzako laguntza juridikoaren arloan dauden beharrizanak ebaluatzea, eta proposamen arauemaileak edo bestelakoak egitea jardun-eremu horretako eraginkortasuna eta eragimena hobetzen laguntzeko.
e) Informazioa banatzea epaiek ordenamendu juridikoan duten eraginaren gainean eta, oro har, prozedura judizialen ondorioen gainean.
f) Administrazio-prozedurak hobetzeko proposamenak egitea, administrazio-jardunean irizpide-batasuna eta zuzentasun juridikoa izaten laguntzeko, eta neurri zuzentzaileak ezartzea, errekurtsoak edo erreklamazioak murrizteko edo eragozteko.
17. artikulua.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko langileak.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusia hari atxikitako abokatuek osatzen dute, baita laguntzako lanpostuek ere. Azken hauen kopurua eta antolamendua dagozkion arautegiek zehaztuko dituzte.
2.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuen lanpostuak, lege honetan azaldutako eginkizunetan jardutekoak, bakar-bakarrik izango dira Jaurlaritzaren Kontseiluaren dekretuz sortuko den Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea egiaztatua duten funtzionarioentzat.
3.– Funtzio publikora sartzeko deialdietan egiaztatuko da eskuarki Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea, proba espezifiko batzuk gaindituta; proba horiek Zuzenbidearen adar guztietan –bereziki Zuzenbide prozesalean– ezagutza zabala eskatzen duen gai-zerrenda batean oinarrituko dira eta orekaz konbinatuko dituzte ariketa teorikoak eta praktikoak.
4.– Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea sortzeko dekretuak espezialitatea egiaztatzeko beste modu batzuk aurreikusi ahal izango ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidegoak eta eskalak antolatzeko araudian aurreikusitako prozedurei jarraituz.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ohiz kanpo, Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea egiaztatutzat joko zaie Eusko Jaurlaritzako Goi Mailako Teknikarien Kidegoko edo A-2ko Zuzenbide lizentziadunen aukerako karrerako funtzionarioei, baldin eta bost urtetik gorako antzinatasuna badute kidego horretan, lege hau indarrean sartzen den unean, eta horretarako behin bakarrik antolatuko den prozeduran asmo hori azaltzen badute. Era berean, lege hau indarrean sartzen denerako gutxienez bost urtez kidego horretako lanpostuetan lanean ibili diren bitarteko funtzionarioei egiaztatutzat joko zaie espezialitate hori, funtzionario izatea lortzen dutenean horrela eskatzen badute.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Egungo gaikuntzak indarrean izango dira harik eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren antolamenduari eta jardunbideari buruzko erregelamendua onartzen den arte, eta erregelamendu bidez zehaztutako moduan berritu ere egin daitezke. Hona egungo gaikuntza horiek eman zituzten dekretuak: apirilaren 25eko 250/1995 Dekretua, eskumen zibil eta penalaren aurrean ertzainak defendatu eta ordezkatzeko legelariak gaitzeari buruzkoa; martxoaren 14ko 48/2000 Dekretua, doako laguntza juridikorako eskubidearen aurkako prozeduretan ordezkari eta defentsari izateko gaikuntzari buruzkoa, eta otsailaren 6ko 14/2007 Dekretua, Osakidetzako Aholkularitza Juridikoari atxikitako letratuak gaitzen dituena, hain zuzen ere jurisdikzio sozialaren aurrean bideratutako prozeduretan –gastu medikoak ordaintzekoetan– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ordezkatu eta defenditzeko.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen dira, bai ekainaren 26ko 7/1986 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketetan Ordezkatzeari eta Defendatzeari buruzkoa, bai lege honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Lege hau betearazteko eta garatzeko erregelamendu-arauak emango ditu Eusko Jaurlaritzak, eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren antolamenduari eta jardunbideari buruzko erregelamendua onartuko.
Bigarrena.– Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 2a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA
www.euskadi.net