7/2007 Legea, ekainaren 22koa, Euskadiko Elkarteei buruzkoa.
2007-06-22Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2007/7/12, 134. zk.; EAO, 2011/10/17, 250. zk.
§ 290 7/2007 LEGEA, EKAINAREN 22KOA, Euskadiko elkarteei buruzkoA
ZIOEN AZALPENA
I
Lege
hau Euskal Herriaren Autonomia Estatutuko 10.13 artikulua baliatuz onetsi da,
artikulu horren arabera Autonomia Erkidego honen bakarreko eskumen baitira
irakaskuntza-, kultura-, arte-, ongintza- eta sorospen-izaerako nahiz antzeko
fundazio eta elkarteak, fundazio eta elkarte horiek beren egitekoak nagusiki
Euskal Herrian betetzen dituzten bitartean.
Elkartzeko
eskubidea, nork bere oinarrizko eskubide bat erabiltzea den aldetik, xede
erkideak lortzearren gainerako pertsonekin batzeko eta harremanak izateko
bulkadaren adierazpena da. Bere alderdi kolektiboari dagokionez,
antolaketa-egitura bat ezartzea dakar, egokia izan behar duena gizakiok,
interes orokorreko edo partikularreko xedeak lortzearren, elkarrekin parte
hartzeko ditugun gurariak bideratzeko; bada, xede horiek jadesteko, eta egitura
horren barruan, kulturako, aisia eta olgetako eta gizarte eta elkartasunezko
jarduerak egingo dira, bai eta irabazi-asmorik ez duten antzeko beste jarduera
batzuk ere.
Askatasuna
eta aniztasun sozial eta politikoa errespetatu eta bermatzeak esan nahi du
herri-erakundeek ez dutela inola ere oztopatu edo kontrolatu behar elkarteak
askatasun osoz eratzea edo jardutea. Herri-botere guztiek nahitaez aintzatetsi
eta sustatu behar dute elkarteok gizartean betetzen duten eginkizun
garrantzitsua, elkarteok gizarte zibil dinamiko, askotariko eta arduratsuaren
erakusgarri dira eta
Lege
honek indargabetu egiten du Eusko Legebiltzarraren Bazkunei buruzko otsailaren
12ko 3/1988 Legea, gai hau Estatuan lehendabizi arautu zuena. Estatuak lege
organiko baten bidez arautu zuen Konstituzioaren 22. artikuluaren garapena,
eta, arauketa horren ondorioz, gure Autonomia Erkidegoak elkarteei buruzko lege
berria onetsi behar du, Estatuko araudi organikoak ezartzen dituen
eskakizunetara egokitzeko, bai eta otsailaren 12ko 3/1988 Legearen edukiak
urteotan lortu den esperientziaren arabera burutzeko eta garatzeko ere.
Lege
honen funtsean, batetik, elkartzeko eskubidea Konstituzioak finkatutako
oinarrizko eskubidetzat eta askatasun publikotzat hartzen duen ikuskera dago;
bestetik, askatasun zibilaren printzipioa, Euskal Foru Zuzenbideak hain maite
duena, eta banaezinak diren askatasun eta elkartasun kontzeptuak.
Lege
honek errepikatu edo egokitu egiten ditu, erabat edo zati batean, maila
organikoa duten edo Estatu osoan aplikatzekoak diren zenbait manu, Elkartzeko
Eskubidea Arautzen duen Lege Organikoan ezarritako zenbait manu, hain zuzen
ere, eta, edukiari dagokionez, men egin behar die gai hau une bakoitzean arautzen
duen Estatuko arauari. Lege honetan egiten den errepikapen edo egokitzapenak
helburu sistematikoa du, legeak lege osoa izan nahi baitu eta arlo honen
arauketa dela-eta beste arau batzuetara igorri beharraren ondorioz gerta
daitekeen nahaspila saihestu nahi baitu. Aipatu errepikapen edo egokitzapena
nahitaez egin behar da: batetik, segurtasun juridikoagatik, eta, bestetik,
legea ezarri behar dutenek legea interpretatzeko izan behar duten
argitasunagatik.
II
Lege
honek dituen alderik garrantzitsu eta berritzaileenen artean honako hauek
azpimarra daitezke:
Legean
elkarteei buruz agertzen den definizioaren xedea, hain zuzen, argi egitea da;
ez da inola ere definizio dogmatiko eta itxitzat hartu behar.
Lege
honen aplikazio-eremuan sartzen dira garapenerako lankidetzako eta ekintza
humanitarioko jarduerak egiten dituzten elkarteak ere. Elkarteok Euskal
Autonomia Erkidegoan eratuak izan behar dute eta bertan eduki beharko dute
helbidea, eta herrialde pobretuetako bizi-baldintzak
hobetzen eta nazioarteko harreman justuagoen alde egingo dute lan.
Elkarteen
barne-antolamendu eta -funtzionamendua arautu behar duten bi printzipio
aipatzen dira, hots, demokrazia eta aniztasunaren errespetua. Nolanahi ere, elkarteek
berek askatasuna izango dute printzipiook malgutasunez eratu edo modulatzeko.
Elkarteen
tipologia ireki eta malgua ezartzen da, eta horretan aipagarri da, batez ere,
xede partikularrak dituzten elkarteak elkarrekiko xedekoak ere baderitze eta
xede orokorrak dituztenak bereiztea. Esperientziak frogatzen du egokia dela
bereizkuntza hori, elkarteen araubide juridikoan ere aldeak dakartza eta.
Elkarteak
eratu edo horietan sartzeko gaitasuna aitortzen zaie pertsona juridiko
publikoei; baina zuhurtziako zenbait neurri ere ezartzen dira sektore publikoak
ez dezan eskurik sartu berez partikularrentzat eta gizarte zibilarentzat
gordetako eremu honetan.
Indarrean
dagoen lege organikoaren irizpideari jarraiki, gehienez ere hiru hilabeteko
epea ezartzen da elkartearen eraketa erregistroan inskribatzeko; dena den,
zerbitzu publiko hori ematerakoan izan beharreko zalutasun- eta
eragimen-konpromisoa mantentzen da, esperientziak hori egingarria dela erakutsi
baitu.
Izaera
malgua duen gobernu-organoa eratzen da. Kide gutxi duten elkarteen kasuan, ez
du zentzurik zuzendaritza-batzordea izan beharra ezartzeak, sarritan horko
kideak eta Batzar Nagusikoak berberak izango baitira, eta horrek bilerak eta
organo baten zein bestearen erabakiak errepikatu beharra besterik ez baitakar.
Aurrekoarekin
koherente izanik, Batzar Nagusiaz gain beste hiru organo bakarrik exijituko
dira, elkarteko presidentea, idazkaria eta diruzaina, alegia, eta, hurrenez
hurren, eginkizun hauek beteko dituzte: ordezkaritza-organo izatea, ziurtatzeko
botere izatea eta kontabilitatearen kontrola eta baliabideen kudeaketa egitea.
Hiru organo horiek hirugarrenen aurrean bermea izatearren eta erantzukizunak
gehiago zehaztearren exijitzen dira.
Lege
honetan jasota dago estatutuetan bertan zehaztu daitekeela elkarteari egiten
zaizkion ondare-ekarpenak berreskuratzeko aukera, baldin eta elkartea desegin
edo elkartekideak, bere borondatez, elkartea uzten badu. Hain zuzen ere, egoera
hori oso maiz gertatzen da xede partikularrak dituzten elkarteetan, batez ere
olgeta-izaera dutenetan, eta orain arte ez zeukan inolako arau-babesik. Logikoa
denez, mota horretako elkarteak ezin dira herri-onurakotzat aitortu.
Elkartekide
diren pertsonen tipologia zehazteko, ohikoa den sailkapen-irizpidea jarraitzen du
legeak; berritasun bakarra egongo da: haurrak ere bazkide izan daitezke.
Gainera, eta elkarteak eratzea oinarrizko eskubidea denez eta elkarteon
oinarrian borondatezkotasun-printzipioa dagoenez, eskubide hori, orokorrean,
ezin dela eskualdatu aldarrikatzen da; hala eta guztiz ere, estatutuetan
baimendu daiteke eskualdaketa hori. Aukera hori ohikoa izaten da aisialdi,
astialdi eta olgetako elkarteetan.
Elkartekide
diren pertsonen eskubide eta eginbeharren zerrenda labur eta zehatza finkatzen
da, eskubide eta eginbehar horiek gero, estatutuen bitartez, garatu eta osatu
ahal izan daitezen, elkarteak dituen beharren arabera zein elkartekideek
elkartea antolatzeko duten askatasuna erabiliz erakusten duten borondatearen
arabera. Eskubide eta eginbeharren zerrenda da, elkartekide diren pertsonen
estatutu juridiko xedaezinaren gutxieneko edukia.
Lehenengoz
arautu da elkarteen bat-egitea; halaber, lehenengoz arautu da elkarte-izaera
duten baina lege honen menpekoak ez diren erakundeak lege honek araututako elkarte
bihurtzea, bai eta alderantzizko bidea ere. Horrelakoak oso bakan gertatzen
badira ere, izan da hori egiteko eskaerarik, baina orain arte ezin izan dira
onartu, beharrezkoa zen lege-estaldura falta baitzen.
Euskal
Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorra doakoa izan dadila ezartzen
da, oinarrizko eskubide bati eta askatasun publiko bati lotutako jarduerak
baitira horrenak. Horrenbestez, inskripzioak egiteko orain arte ordaindu behar
ziren tasak kendu egin dira, eta beste batzuk ere bai: liburuak gaitzeko,
idazpenak ziurtatzeko edo kopiak konpultsatzeko tasak, hain zuzen.
Elkartegintzak
Euskal Autonomia Erkidegoarentzat duen gizarte-balioa aldarrikatzen da, eta
zehatz arautzen dira elkarteak herri-onurakotzat aitortzeko betekizunak eta
prozedura. Aitorpen hori dekretu bidez egingo da, eta dekretua diskrezionala
izango da.
Herri
Onurako Elkarteen Babesletza sortzen da. Babesletza horrek aholkularitzako,
laguntza teknikoko eta jarraipeneko eginkizunak izango ditu, Euskal Autonomia
Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren antzera, baina ez du izango haren
esku-hartze ahalmenik.
Araubide
iragankor bat ezartzen da, aurretik zeuden egoerak errespetatzen dituena eta
zuhurtziaz formulatu dena, lege honen kontrako klausulak jasotzen dituzten
estatutuak egokitze aldera. Hortaz, klausula horiek legea zuzen-zuzen eta
nabarmen hausten duten kasuan soilik hasi beharko da estatutuak aldatzeko
prozedura.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. Artikulua - Xedea
Lege
honek xede hauek ditu:
1. Euskal Autonomia
Erkidegoaren bakarreko eskumenekoak diren elkarteen araubide juridikoa
ezartzea, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuko 10.13 artikuluarekin bat
etorriz eta, nolanahi ere, Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002
Lege Organikoaren kontra jarri gabe.
2. Elkartegintza
sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoan, elkarteen gizarte-balioa aldarrikatuz
eta horiek herri-onurakotzat aitortzearen nondik norakoak arautuz.
2. Artikulua - Aplikazio-eremua
1. Lege hau beren jarduerak nagusiki Euskal
Autonomia Erkidegoan egiten dituzten elkarteei aplikatuko zaie; elkarteok
lurralde-eremu horretatik kanpo ere jardun ahal izango dira, baina jardun hori
noizbehinkakoa edo osagarria bada.
Lege hau, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoan eratu eta
garapenerako lankidetzako eta ekintza humanitarioko jarduerak egiten dituzten
elkarteei ere aplikatuko zaie.
2. Beren lege
pertsonalaren arabera arautzen diren atzerriko elkarteek, beren jarduerak batez
ere Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badituzte, ordezkaritza bat izan behar
dute Erkidego honetan. Ondore horietarako, euskal herri-administrazioekiko
harremanari dagokionez aplikatuko zaie lege hau atzerriko elkarte horiei.
3. Estatutuetan beren jarduerak nagusiki Euskal
Autonomia Erkidegoan egiten dituztela adierazten duten elkarteak lege honen
menpekotzat joko dira beti.
3. Artikulua - Barne hartutako eremua
1. Lege honen eremuan
sartuta dauden elkarteak oinarri pertsonalista duten eta irabazi-asmorik ez
duten erakunde pribatuak dira, xede partikularrak edo orokorrak lortzeko
antolatu direnak eta inongo berariazko elkarte-araubideren menpe ez daudenak.
2. Beren berariazko
legediari jarraituko diote alderdi politikoek, sindikatuek, enpresaburuen
erakundeek eta lanbide-elkarteek, eliza, fede eta erlijio-erkidegoek,
kirol-klub eta -federazioek, bai eta lege bereziek araututako gainerako elkarte
guztiek ere.
3. Lege honen
aplikazio-eremutik kanpo geratuko dira lanbide-elkargoak eta -kontseiluak,
mutualitateak, merkataritza-, industria- eta itsasketa-ganberak, zuzenbide
publikoko korporazioak, ondasun-erkidegoak eta jabeen erkidegoak, kooperatibak,
aldi baterako enpresa-elkarteak, ekonomia-intereseko taldeak,
merkataritza-sozietate edo sozietate zibil gisa eratutako elkarteak eta,
orokorrean, kideen artean banatzekoak diren mozkin ekonomikoak lortzea helburu
duten elkarte guztiak.
II. KAPITULUA
ELKARTEEN ARAUBIDE JURIDIKOA
4. Artikulua - Edukia eta printzipio orokorrak
1. Pertsona guztiek dute
askatasunez elkartzeko eskubidea, zilegiak diren xedeak lortzeko.
2. Elkartzeko
eskubideak elkarteak aurretiazko inolako baimenik gabe eratzeko eskubidea
jasotzen du, eta jadanik eratuta dauden elkarteetan sartzeko eskubidea ere bai.
3. Inor ezin daiteke
behartu elkarte bat eratzera, jadanik eratuta dagoen batean sartzera edo
elkarte horretan jarraitzera, ezta legez eraturik dagoen elkarte bateko kide
dela adieraztera ere.
4. Elkarteak eratzeko
eta horien antolamendua eta funtzionamendua ezartzeko, Konstituzioan,
Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan,
Elkarteei buruzko Lege honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan xedatutakoa
bete behar da.
5. Elkartzeko
oinarrizko eskubidearen edozein alderdi urratzen duten itun, estatutu-xedapen
eta erabaki guztiak erabat deusezak izango dira.
6. Delitu gisa
tipifikatuta dauden xedeak bilatzen edo delitu gisa tipifikatuta dauden
bitartekoak erabiltzen dituzten elkarteak legez kontrakoak dira.
7. Isilpeko elkarteak
eta elkarte paramilitarrak debekatzen dira.
8. Herri-botereek ez
diezaiokete pertsona bati mesede, abantaila edo bereizkeriazko traturik eman
pertsona hori elkarte jakin bateko kide izate hutsagatik.
9. Euskal
herri-botereek ez dute legeetan berariaz aurreikusten ez den esku-hartzerik
egingo, esku-hartze hori elkarteen jardun askerako eta elkarteon
funtzionamendu- eta antolamendu-askatasunerako oztopo bada.
5. Artikulua - Tipologia eta sailkapena
1. Elkarteak honako
talde hauetan sailkatzen dira:
a) Xede partikularrak dituzten elkarteak: elkarteok, eskuarki eta
lehentasunez, elkartekideen alde bideratzen dituzte beren jarduera sozialak,
nahiz eta hirugarrenen aldeko jarduerak ere egin ditzaketen.
b) Xede orokorrak dituzten elkarteak: elkarteon xedeen artean
elkartekideen interesak gainditzen dituzten interesak asetzea dago; eskuarki
eta lehentasunez, hirugarrenen edo gizarte osoaren aldeko jarduerak egiten
dituzte, eta beste pertsona batzuei ere elkartean beren borondatez sartzeko
aukera eskaintzen diete.
c) Xede orokorrak dituzten eta herri-onurakotzat
deklaratuak diren elkarteak: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro
Orokorrean inskribatuta daude eta, lege honek aurreikusitako eskakizunak
betetzen dituztela kontuan izanik, Eusko Jaurlaritzak, dekretuz,
herri-onurakotzat aitortzen ditu.
2. Elkarteek Euskal
Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskripzioa egiteko orduan
adieraz dezakete xede partikularrekoak edo orokorrekoak diren. Horrela egingo
ez balute, erregistroak berak sailkatuko lituzke.
III. KAPITULUA
ELKARTEEN ERAKETA
6. Artikulua - Gaitasuna
1. Pertsona fisikoek
eta pertsona juridiko publiko edo pribatuek elkarteak eratu ahal izango
dituzte, eta elkarteetako kide izan ahalko dira, honako printzipio hauen
arabera:
a) Jarduteko gaitasuna duten pertsona fisikoak, hau da,
pertsona adindunak edo emantzipazioa lortu dutenak, betiere eskubidea
erabiltzeko inolako legezko baldintzarik ez badute eta beren gaitasuna ebazpen
judizial irmoren batek mugatuta ez badaukate.
b) Hamalau urtetik gorako emantzipatu gabeko
adingabeak, haien gaitasun-eza ordeztu behar duten pertsonen adostasuna baldin
badute, agiri bitartez egiaztatua; nolanahi ere, Adingabearen Babes Juridikoari
buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 7.2 artikuluan haur-,
gazte- edo ikasle-elkarteentzat aurreikusitako araubide bereziaren kontra jarri
gabe.
c) Tutoretza edo kuradoretza peko pertsonak, baldin eta haien
gaitasuna ordeztu edo osatu behar duten pertsonen adostasuna badute, agiri
bidez egiaztatua, baina ezin izango dira elkartearen kide anitzeko
gobernu-organoko kide izan, halako organorik bada, ez eta elkartearen ordezkari
gisa aritu ere.
d) Atzerriko pertsona fisikoak, elkartzeko eskubidea
erabiltzeari dagokionez kasuan-kasuan aplikatu behar zaien legediaren arabera.
e) Euskal Herriaren Autonomia Estatutuko 7.2 artikuluan aipatzen
diren euskal herritarrak.
2. Pertsona juridikoek
elkarte bat eratzeko edo elkarte batean kide gisa sartzeko duten borondatearen
adierazpena pertsona juridiko horien berariazko legediak, estatutuek edo
barne-arauek gaitasun hori esleitzen dioten organoaren bitartez egingo dute.
a) Pertsona juridikoak pertsona fisiko baten bitartez jardungo dira:
hartarako eskumena duen organoak pertsona juridiko horietan hartutako erabaki
baliodunaren kopia aurkeztu behar dute, eta bertan adieraziko dira bai
elkartzeko borondatea, bai pertsona juridikoaren izenean arituko denaren
izendapena.
b) Atzerriko pertsona juridikoek
ere elkarteak eratu ahal izango dituzte edo elkarteetan sartu ahal izango dira,
betiere beren lege pertsonalaren arabera legez eratuta badaude.
3. Pertsona juridiko-publikoak, elkartzeko
eskubidea erabiltzeko, beste pertsona juridiko-publiko batzuekin edo beste
pertsona fisiko edo juridiko batzuekin elkartu daitezke, betiere herritarren
ekimenak sustatu eta ekimenoi laguntze aldera, salbu eta pertsona horiek
eratzeko eta erregulatzeko arauetan kontrakoa ezartzen bada, orduan arau horiei
jarraitu beharko baitzaie. Eskubidea honako arau hauen arabera erabiliko da:
a) Partikularren baldintza berberetan izango dira elkarteko kide.
b) Elkartearen funtzionamenduan nagusitasun-egoerarik sor ez dadin,
estatutuetan ezin izango da ez klausularik ez aurreikuspenik jaso elkarteko
kide diren herri-erakundeei elkartekide diren pertsona guztien artean egon
beharreko oinarri-oinarrizko berdintasuna urratuko duen eskubiderik emateko.
c) Ezin izango dute elkarterik eratu baldin eta elkarte
horien helburua gizarte-bizitzako sektore bati dagokionez
administrazio-izaerako eginkizun publikoak betetzea bada.
7. Artikulua - Eraketa
1. Elkarteak eratzeko,
hartarako erabakia hartu behar dute hiru pertsona fisikok edo gehiagok, nahiz hiru
pertsona juridiko publiko edo pribatuk edo gehiagok; pertsona horiek
konpromisoa hartuko dute legezko, guztientzako eta interes orokor nahiz
partikularreko helburuak lortzeko asmoz ezaguerak, baliabideak eta jarduerak
batera jartzeko, eta elkartearen estatutuak egingo dituzte haren
funtzionamendua eta jarduna arautzeko.
2. Elkarteek nortasun juridikoa eta jarduteko
gaitasun osoa dute eraketa-akta, agiri publikoan edo pribatuan, egilesten den
unetik bertatik.
3. Elkarteak
epe-mugarik gabe edo aldi baterako era daitezke. Estatutuetan bertan epe jakin
bat ezartzen denean izan ezik, elkartea epe-mugarik gabe eratutzat joko da.
8. Artikulua - Eraketa-akta
1. Eraketa-aktak
honako hauek jaso behar ditu:
a) Elkartea sustatzen duten pertsonen izen-abizenak, pertsona fisikoak
badira; izena edo sozietatearen izena, pertsona juridikoak badira, eta, kasu
batean zein bestean, pertsona horien naziotasuna eta helbidea.
Pertsona fisikoek jasota
utzi ahal izango dute zein den beren auzotasun zibila eta, hala badagokio, zein
den beren ezkontza-ondasunen araubidea edo izatezko bikotearen
ekonomia-araubidea.
b) Pertsona sustatzaileek elkarte bat eratzeko duten borondatea,
elkartearen izena eta sustatzaileek beren artean egindako itunak, halakorik
egin badute.
c) Onetsi dituzten estatutuak: elkarteren
funtzionamendua arautuko dute, eta horien edukiak bat etorri behar du hurrengo
artikuluan agindutakoarekin.
d) Presidentearen, idazkariaren eta diruzainaren izendapena, eta,
halakorik balego, kide anitzeko gobernu-organoko kideena ere bai.
e) Akta egiletsi den tokia eta eguna, eta pertsona sustatzaileen
izenpea, edo horien ordezkariena, sustatzaileak pertsona juridikoak badira.
2. Pertsona juridikoen
kasuan, eraketa-aktarekin batera, balio duen eran organo eskudunak hartutako
erabakiaren ziurtagiria aurkeztu behar da, bai eta pertsona horien nortasun
juridikoaren egiaztagiria ere.
Pertsona juridikoek hartutako erabakiaren ziurtagirian,
pertsona horiek elkartea eratzeko eta bertako kide izateko duten borondatea
azaldu behar da, bai eta elkartea ordezkatuko duen pertsona fisikoaren
izendapena ere.
3. Pertsona fisikoek
ordezkari bidez hartzen badute parte eraketa-aktan, ordezkari horren
nortasunaren eta egiten duen ordezkaritzaren egiaztagiria erantsiko zaio
aktari.
9. Artikulua - Estatutuak
1. Estatutuak dira
elkartearen barne-araubidea eta funtzionamendua zehazten dituen arau-multzoa,
eta elkartekide den pertsona orok, elkartera sartzen denean, onartu egin behar
ditu.
Estatutuetan honako hauek jaso behar dira:
a) Izena.
b) Elkartearen xedeak eta jarduerak, zehatz azalduta.
c) Iraupena, elkartea epe-mugarik gabe eratua ez bada.
d) Egoitza soziala eta elkarteak bere jarduerak nagusiki zein lurralde-eremutan
egingo dituen.
e) Batzar Nagusiaren baliozko eraketarako betekizunak, batzarraren
eskurantzak eta eskumenak, bilerak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak
hartzeko arauak, bai eta Batzar Nagusiaren bilera berezia eskatzeko behar den
elkartekideen gutxieneko portzentajea ere.
f) Presidentea, idazkaria eta diruzaina hautatzeko eta ordezteko
betekizunak eta prozedura, eta, kide anitzeko organorik egonez gero, bertako
kideak hautatu eta ordeztekoak ere bai; orobat, horien guztien eskurantzak eta
eskumenak, karguaren iraupena, kargutik kentzeko arrazoiak eta eztabaidatzeko
eta erabakiak hartzeko arauak zehaztuko dira.
g) Elkartekideak onartzeko betekizunak eta prozedura eta, halakorik
badago, elkartekide motak.
h) Elkartekideen eskubideak eta betebeharrak eta, halakorik badago,
elkartekide mota bakoitzarenak. Elkartekideek kuotak ez ordaintzearen ondorioak
ere jaso ahal izango dira.
i) Elkartekide-izaera galtzea ekarriko luketen kasuak eta
halakoetarako prozedura.
j) Zehatzeko araubidea.
k) Administrazio-, kontabilitate- eta dokumentazio-araubidea, bai eta
elkartearen ekitaldiaren itxierako data ere.
l) Hasierako ondarea eta erabilgarri egongo diren
ekonomia-baliabideak.
m) Desegiteko arrazoiak, eta kasu horretan zertarako erabiliko den
ondarea; dena dela, ondarearen erabilerak ezin izan izango du ezereztu
erakundeak duen irabazi-asmorik gabeko izaera.
n) Elkartearen funtzionamendu demokratikoa bermatzen duten irizpideak.
2. Estatutuetan,
pertsona sustatzaileek egoki iritzitako beste edozein xedapen eta baldintza ere
jaso daiteke, betiere legeen aurkakoak ez badira eta lege honetako 4.
artikuluan zehazten diren printzipioekin, elkarte bat taxutzeko printzipioekin,
alegia, kontraesanean ez badaude.
3. Estatutuen edukia
ezin da ordenamendu juridikoaren aurkakoa izan.
4. Lege honetako VII.
kapituluan biltzen diren manuak, elkartearen funtzionamendu demokratikoa
bermatzen duten gutxieneko irizpideak diren heinean, garatu eta modulatu egin
ahal izango dira estatutuetan, elkartekide diren pertsonen borondatearen
arabera.
10. Artikulua - Izena
1. Elkarteen izenean
ezin izango da elkarte identitate, mota edo izaeraren gaineko akatsik edo
nahasmendua eragin dezakeen termino edo adierazpiderik agertu; hortaz, bereziki
baztertu behar dira beste pertsona juridiko batzuenak diren hitzak, kontzeptuak
edo ikurrak, akronimoak eta antzekoak.
2. Ez dira onartuko
legeen kontrakoak diren edo pertsonen oinarrizko eskubideak urratzea eragin
dezaketen izenak.
3. Elkartearen izena
ez daiteke izan aurretik Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro
Orokorrean inskribatuta dagoen beste elkarte batena bezalakoa, ez beste edozein
pertsona juridiko publiko edo pribaturena bezalakoa, ez lehendik badiren
erakundeena bezalakoa erakunde horiek espainiar naziotasuna izan edo ez izan,
ez pertsona fisikoena bezalakoa, interesdunaren edo haren oinordekoen
berariazko baimena eduki ezik, ezta marka erregistratu edo ezagun batena
bezalakoa ere, haren titularrak berak eskatu ezik edo haren baimenarekin ez
bada. Orobat, ez daiteke izan horien guztien izenaren antzekoa ere,
antzekotasun horrek nahasmendua eragin badezake.
4. Izenak elkartearen estatutuetan agertzen diren
xedeei egin behar die erreferentzia, edo xede nagusiari, bai eta elkartea bereiziko
duen izenen bati ere. Ez dira onartuko euskaldunek orokorrean dituzten balio
erkideen inguruko terminoak erabiltzea dakarten izenak.
5. Elkartearen izaera
edo xedeak direla-eta elkartearen izenean lurralde-mugape baten izena sartu
behar bada, hala nola probintzia, lurralde historiko, herri, distritu,
eskualde, auzo edo antzeko batena, orduan patronimiko berezia erabili behar da,
elkarte hori mugape berean eratuta dauden edo era daitezkeen antzeko beste
batzuetatik bereizteko, ezein elkartek ez dezan mugape horren izena bidegabe
jabetzan hartu.
11. Artikulua - Helbidea
1. Lege honetan
xedatutakoari jarraiki eratzen diren elkarteen helbidea elkarteon estatutuetan
ezartzen den tokia izango da; toki hori egoitza sozialarena izan daiteke, edo
elkarteak bere jarduerak nagusiki egiten dituen tokia.
2. Lege honetan xedatutakoari jarraiki eratzen ez
diren elkarteek, Euskal Autonomia Erkidegoan helbiderik ez badute, ordezkaritza
bat ezar dezakete bertan. Ordezkaritza hori zein den idatziz jasoko da Euskal
Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, euskal
herri-administrazioekin izango duen harremana erraztearren.
IV. KAPITULUA
ELKARTEEN INSKRIPZIOA ETA ERANTZUKIZUNA
12. Artikulua - Erregistroko inskripzioa
1. Lege honek arautzen
dituen elkarteak Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean
inskribatu behar dira, publizitate-ondoreetarako bakarrik.
2. Erregistroan
inskripzioa egiteak publiko egiten ditu elkarteen eraketa, estatutuak eta
ordezkaritza- eta gobernu-organoak, eta hori bermea da bai elkarteokin
harremanak dituzten hirugarrenentzat, bai elkarteetako kideentzat eurentzat.
3. Pertsona
sustatzaileek inskripziorako beharrezko diren jarduketa guztiak egin behar dituzte; horrela egiten ez badute, 13.
artikuluan ezarritakoaren arabera erantzun beharko dute.
13. Artikulua - Inskripzioa egiten ez bada sortzen den
erantzukizuna
1. Elkarte bat ez bada
inskribatu sustatzaileei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik, sustatzaileek
erantzukizun pertsonal eta solidarioa izango dute pertsona horietako edozeinek
hirugarrenekin hartu dituen betebehar guztiak direla-eta; hori horrela bada
ere, elkartea bera ere erantzule izango da.
2. Inskribatuta ez
dauden elkarteak direnean, elkartekideek erantzukizun solidarioa izango dute,
elkartearekin batera, pertsona horietako edozeinek hirugarrenekin hartutako
betebeharrak direla-eta, baldin eta halakoak elkartearen izenean eta horren
kontura jardun dela adierazi badu.
3. Aurreko
paragrafoetan azaldutakoa horrela bada ere, elkarteak berak erantzungo du
zuzenean, eta ez sustatzaileek eta elkartekideek, honako kasu hauetan:
a) Elkartea eratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko
Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatzeko beharrezko jarduketak direnean,
edo jarduera hasteko egintzak direnean, azken horiek inskripzio aurreko fasean
egiteko aurreikusita badaude estatutuetan edo eraketa-aktan.
b) Inskripzioa elkartea eratu eta hurrengo hilabetearen
barruan eskatzen denean eta Batzar Nagusiak, inskripzioa egin ondoko sei
hilabeteko epean, hartu diren betebeharrak onartzen dituenean.
14. Artikulua - Inskribatutako elkarteen erantzukizuna
1. Inskribatuta dauden
elkarteek zuzeneko erantzukizuna izango dute hartu dituzten betebeharrak
direla-eta; une bakoitzean dituzten zein etorkizunean izango dituzten ondasun
guztiekin egingo diote aurre erantzukizun horri.
2. Elkartekideek ez
dute erantzukizun pertsonalik izango inskribatuta dagoen elkarte baten
betebeharrak direla-eta; horrekin, ordea, ez da alde batera uzten lege honen
18. artikuluan ezarritakoa.
V. KAPITULUA
BARNE ANTOLAMENDU ETA FUNTZIONAMENDUA
15. Artikulua - Elkarteen beharrezko organoak
1. Elkarteen beharrezko
organoak hauek dira:
a) Batzar Nagusia: elkartearen gobernu-organo gorena da, eta
elkartekide guztiek osatuko dute.
b) Elkarteko presidentea: elkartearen ordezkaritza-organoa da; orobat,
eta estatutuetan berariaz kontrakorik xedatzen ez bada, bera izango da Batzar
Nagusiko buru, eta kide anitzeko gobernu-organoko buru ere bai, baldin eta
elkarteak azken hori eratzen badu.
c) Elkarteko idazkaria: ziurtatzeko ahalmena dauka; eta
estatutuetan berariaz kontrakorik xedatzen ez bada, batzar nagusian beteko ditu
esleituta dituen eginkizunak, eta kide anitzeko gobernu-organoaren bileretan
ere bai, baldin eta elkarteak azken hori eratzen badu.
d) Elkarteko diruzaina: ekonomia-baliabideen zaintzaz arduratuko da,
eta, orobat, lege honetan eta elkarteei aplikatu beharreko gainerako arauetan
ezarritako aurrekontu- eta kontabilitate-betebeharrak betetzeaz.
Diruzaintza-eginkizuna elkarteko idazkariak bete dezake.
2. Estatutuetan, kide
anitzeko gobernu-organo bat egotea aurreikus daiteke: Zuzendaritza Batzordea
edo antzeko izenen bat hartuko luke, eta elkartea zuzentzeko eta kudeatzeko
eginkizunak beteko lituzke.
3. Estatutuetan, beste organo batzuk egotea ere
aurreikus daiteke, bakoitzari esleitzen zaizkion eginkizunekin; baina
eginkizunok ezin izango dira inola ere lege honek Batzar Nagusiari jartzen
dizkionak izan.
16. Artikulua - Batzar Nagusia
1. Batzar Nagusia
elkarteko organo subiranoa da eta haren borondatea adierazteko organoa;
elkartekideek osatuko dute, eta erabakiak hartzeko, gehiengoaren edo barne-demokraziaren
printzipioa erabiliko da, elkartearen estatutuetan ezartzen denaren arabera.
Elkartearen estatutuetan, elkartekide ez diren hirugarrenek Batzar Nagusian
parte hartzeko aukera jaso daiteke, hirugarren horiek elkarteari bere jardunean
laguntzen badiote.
2. Estatutuetan
askatasun osoz arautu daiteke Batzar Nagusiaren barne-funtzionamendua, baina
betiere artikulu honen edukia errespetatu behar da.
Batzar Nagusiak ohiko bilkurak eta bilkura bereziak egingo ditu.
Gutxienez ohiko bilkura bat egin behar du urtean, eta bilkura bereziak ere egin
ditzake, gobernu-organoak hala erabakitzen duenean edo estatutuetan zehazten
den elkartekideen ehunekoak hala eskatzen duenean, eta, nolanahi ere,
estatutuak aldatzeko edo elkartea desegiteko erabakiak hartu behar direnean.
3. Batzar Nagusiari
dagozkio honako hauek, eta hari baino ez:
a) Urteko kontuak eta hurrengo ekitaldiko aurrekontua aztertzea eta
onestea.
b) Estatutuak aldatzea.
c) Elkartea desegitea.
d) Presidentea, idazkaria eta diruzaina hautatzea eta kargugabetzea,
bai eta kide anitzeko gobernu-organoko kideak ere, horrelakorik balego;
halaber, kide anitzeko organoa gainbegiratu eta kontrolatuko du.
e) Beste elkarte batzuekin federazioa edo konfederazioa osatzea, edo
halakoren batetik ateratzea.
f) Ondasun higiezinen erabilera edo besterentzea onestea.
g) Halakorik bada, gobernu-organoko kideen ordainsariak erabakitzea.
h) Ohiko kuotak eta kuota bereziak zehaztea, nahiz eta Batzar Nagusiak
ahalmen hori gobernu-organoaren esku utz dezakeen, erabaki adieraziaren bidez.
i) Elkartekideei elkartea behin betiko utzarazteko erabakia hartzea.
j) Estatutuek Batzar Nagusiari esleitzen dizkioten beste eskumen
guztiak.
17. Artikulua - Gobernu-organoa
1. Elkarteak beti izan
behar du gobernu-organo bat, eta hori elkarteko presidentea bera izan daiteke,
edo kide anitzeko organo bat Zuzendaritza Batzordea edo antzeko izenen bat
hartuko du, edo Batzar Nagusia bera, gobernu-organo gisa eratuta.
2. Estatutuetan beste
ahalmen batzuk eslei dakizkiokeen arren, gobernu-organoari dagokio elkartearen
ohiko zuzendaritza eta kudeaketa, Batzar Nagusiak ematen dituen jarraibideen
arabera eta batzar horren ikuskaritza eta kontrolaren pean.
3. Elkartekideak
soilik izan daitezke gobernu-organoko kide. Batzar Nagusiak hautatu ondoren,
kargua onartzen duenean edo hartaz jabetzen denean bihurtuko da elkartekidea
gobernu-organoko kide.
4. Gobernu-organoko
kide izateko, eta estatutuetan beste betekizun batzuk ezarri badaitezke ere,
ezinbesteko betekizunak hauek izango dira: adinduna izatea, eskubide zibilen
erabilera osoa izatea eta indarrean dagoen legedian ezartzen diren
bateraezintasun-egoeretakoren batean ere ez egotea. Ezin dira organo horretako
kide izan konkurtsopekoak eta kargu publiko edo pribatuak betetzeko
gaitasungabetuta daudenak. Batzar Nagusia gobernu-organo gisa eratzen denean,
paragrafo honetan ezartzen diren betekizunak betetzen dituzten elkartekideek
bakarrik bete ahal izango dituzte zuzendaritzako eta kudeaketako eginkizunak.
18. Artikulua - Ordezkaritza- eta gobernu-organoen
erantzukizuna
1. Gobernu- eta
ordezkaritza-organoetako kide edo titularrek, bai eta elkartearen izenean eta
haren ordezkari gisa jarduten diren pertsona guztiek ere, elkartearen, elkartekideen
eta hirugarrenen aurrean erantzun behar dute, eragin dituzten kalteengatik eta
dolo, erru edo axolagabekeriazko egiteek ekarritako zorrengatik.
2. Aurreko paragrafoan
aipatzen diren pertsonek, eta paragrafo horretan zehazten diren kasuetan, erantzukizun
zibil eta administratiboa izango dute beren eginkizunak betetzerakoan izandako
egite eta ez-egiteengatik, bai eta hartu dituzten erabakiengatik ere pertsona
bakarreko organoa izanez gero, edo aldeko botoa eman dieten erabakiengatik ere
kide anitzeko gobernu-organorik egonez gero. Horretaz guztiaz gainera,
erantzukizun penalik izatea ere gerta liteke.
3. Aurreko bi
paragrafoetan adierazitako kasuetan, erantzukizuna ezin bazaio egotzi paragrafo
horietan zehazten diren pertsonetako inori, pertsona horiek guztiek
erantzukizun solidarioa izango dute, salbu eta egiazta badezakete ez zutela
egintza horiek onetsi eta betearazterakoan parte hartu edo egintza horien aurka
zeudela argi utzi bazuten.
19. Artikulua - Ordezkaritza- eta gobernu-organoen ordainsariak
1. Presidenteak edo,
hala badagokio, kide anitzeko gobernu-organoko gainerako kideek beren
karguagatik ordainsariak jaso ahal izateko, hori berariaz jaso behar da
estatutuetan. Batzar Nagusiak erabakiko du ordainsarien zenbatekoa, iraupena eta
ordainsariari lotutako beste guztia, eta hori dena urteko kontuetan islatu
behar da.
2. Orobat, Batzar
Nagusiak ordezkaritza- eta gobernu-organoetako kideei zein beste edozein
elkartekideri dietak eta froga daitezkeen gastuak ordaintzea erabaki dezake,
eta ez da beharrezkoa aukera hori estatutuetan berariaz jasota egotea.
3. Estatutuetan
zehazten diren baldintzetan eta moduan, ordezkaritza- eta gobernu-organoetako
kideek ordainsari egokia jaso ahal izango dute, organo horietako kide izate
hutsagatik dagozkien eginkizunez bestelako zerbitzuak egiteagatik.
VI. KAPITULUA
FUNTZIONAMENDURAKO ARAUBIDEA
20. Artikulua - Jardueren araubidea
Elkarteek,
beren helburuak lortzeko, honako hauek egin ahal izango dituzte:
a) Mota guztietako jarduera ekonomikoak aurrera eraman, elkartearen
helburuak lortze aldera edo helburuok jadetsi ahal izateko baliabideak batze
aldera.
b) Mota guztietako ondasunak eskuratu, eduki eta erabili, edozein
tituluren bidez; orobat, klase guztietako egintzak, kontratuak eta negozio
juridikoak egin. Jarauntsiak eta legatuak inbentario-onuraren arabera onartuko
dira.
c) Herri-erakundeekin elkarlanean aritu politika sektorialak eta
jarduketa-programak diseinatu, gauzatu eta ebaluatzen, baita herri-administrazioekin
lankidetza-hitzarmenak egin ere.
d) Legeen edo elkartearen estatutuen araberako edozein akzio
egikaritu.
21. Artikulua - Mozkinak banatzeko debekua
Elkarteek
jarduera ekonomikoak zerbitzu-emateak barne egitearen ondorioz lortzen
dituzten mozkinak elkartearen xedeak betetzeko bakarrik erabili behar dira.
Mozkinak ezin dira banatu ez elkartekideen artean, ez horien ezkontideen edo
elkartekideekin ezkontzaren antzeko harreman afektiboa tarteko bizi diren
pertsonen artean, ez eta horien ahaideen artean ere; orobat, mozkinok ezin
zaizkie doan laga irabazi-asmoa duten pertsona fisikoei edo juridikoei.
22. Artikulua - Ondare-ekarpenak berreskuratzea
Aurreko
artikuluan azaldutakoa horrela izanik ere, estatutuetan ezar daiteke
elkartekideek eskubidea izan dezaketela hasieran egin zituzten ondare-ekarpenak
edo egindako beste diru-ekarpen batzuk jasotzeko, baldin eta elkartea desegiten
bada edo elkartekideak bere borondatez elkartea uzten badu; nolanahi ere, ez
zaizkio itzuliko une horretara arte elkartekide izateko ordaindutako kuotak,
eta itzuliko zaionaren baldintzak, irismena eta mugak estatutuetan zehaztuko
dira. Hori horrela izango da, betiere ondarea gutxitzeak ez badie inolako
kalterik eragiten hirugarrenei.
23. Artikulua - Dokumentuen eta kontabilitatearen
inguruko betebeharrak
1. Elkarteak ondoko
liburuak izan behar ditu, eguneratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen
Erregistro Orokorrak behar bezala legeztatuta:
a) Elkartekide direnen erregistro-liburu bat.
b) Akta-liburu bat.
c) Kontu-liburu bat.
2. Kontuak aurkezteko
eta aurrekontua egiteko, gero Batzar Nagusiak onets ditzan, elkarteak duen
ondarearen eta finantza-egoeraren irudi fidela emateko balio duen edozein
kontabilitate-sistema erabil daiteke.
VII. KAPITULUA
ELKARTEKIDEEN ESTATUTU JURIDIKOA
24. Artikulua - Elkar
tekide bihurtzea
1. Elkartea eratzen duten sortzaileak eraketa-akta
sinatzen den unetik bertatik izango dira elkartekide. Akta horri sortze-gutun
izaera eman ahal izango zaio; horrela bada, estatutuetan zehaztuko da zein den
beste pertsona batzuek geroago elkartekide sortzaile bihurtzeko izango duten
epea.
2. Elkartekide izan
nahi dutenak elkartekide gisa onartzeko baldintzak eta betekizunak estatutuetan
ezarriko dira. Elkarte batean sartzeko, estatutuetan ezartzen den organo
eskudunak aurretik onartu egin behar du sartze hori.
25. Artikulua - Elkartekide motak
1. Estatutuetan
hainbat elkartekide mota ezarri ahal izango dira, bakoitza bere eskubide eta
betebeharrekin.
2. Beste batzuen
artean, elkartekide mota hauek ezar daitezke:
a) Eskubide eta betebehar guztiak dituzten pertsonak:
- Sortzaileak: eraketa-akta izenpetu duten pertsonak.
- Kide osoak: kide-kopurua estatutuetan bertan mugatuta duten
elkarteetako kideak.
- Kide arruntak: elkartekide diren gainerako pertsonak, aurreko sail
bietan ez daudenak.
- Boluntarioak: beren jarduna borondatez eta eskuzabaltasunez
eskaintzen duten pertsonak, edo lankidetza pertsonala eskuzabaltasunez eta
iraunkorki eskaintzen dutenak; gerta daiteke boluntario batzuek elkarte bati
laguntzea eta, aldi berean, elkarte horretako kide ez izatea.
b) Eskubide eta betebeharrak estatutuek mugatuta
dituzten pertsonak:
- Babesleak: elkarteari batez ere diru-baliabideak ematen dizkioten
pertsonak.
- Ohorezkoak: hala izendatutako pertsonak, elkartearen aburuz
dituzten ezaugarri, meritu eta inguruabarren arabera.
- Gazteak: 14 urte baino gehiago izanik, elkartean sartzeko haien
gaitasuna osatu behar duten pertsonen adostasuna agiri bidez egiaztatua behar
duten elkartekideak; batzar nagusian hitza eta boto-eskubidea izan badezakete
ere, ezin dute zuzendaritzako kargurik hartu.
- Haurrak: 14 urtetik beherako
pertsonak, elkartean dituzten eskubideak erabiltzea eta betebeharrak betetzea
haien legezko ordezkariei badagokie ere.
3. Elkartekide-izaera
ezin da eskualdatu, salbu eta estatutuetan kontrakoa aurreikusten bada.
26. Artikulua - Elkartekideen eskubideak
1. Elkartekide
guztiek, gutxienez, ondoren aipatzen diren eskubideak dituzte, eta eskubideok
elkartearen estatutuetan ezartzen denari jarraiki erabili behar dituzte.
Eskubidea dute:
a) Boto-eskubidea erabiltzeko. Elkartekide bakoitzak
gutxienez boto bat du Batzar Nagusian eta hauteskunde-prozesuetan.
b) Elkartearen jardueretan parte hartzeko.
c) Batzar nagusietara deituak izateko, bilkurotara joatea eta horko
eztabaidetan parte hartzea.
d) Elkartearen gobernu- eta ordezkaritza-organoen
osaeraren gaineko informazioa, bai eta haien jardueraren nondik norakoei eta
kontuen egoerari buruzkoa ere, jasotzeko.
e) Bazkideen liburu, akta-liburu eta kontu-liburuetara jotzeko, datu
pertsonalak babesteko araudian aurreikusitako moduan.
f) Elkarteko edozein karguren gaineko bozketetan botoa emateko eta
hautagai izateko.
g) Elkartean edozein unetan baja hartzeko, hartutako
eta bete gabeko konpromisoak betetzekotan betiere.
h) Elkarteak hartutako erabakiak aurkaratzeko eta
horien ondoriozko erantzukizuna eskatzeko.
i) Haien aurkako zehapen-neurririk hartu aurretik entzunak izateko,
bai eta neurri horiek hartzeko bidea eman duten egintzen berri jasotzeko ere.
Zehapenik ezarriz gero, zehapen hori ezartzeko erabakiak arrazoitua izan behar
du.
2. Estatutuetan,
boto-eskubidea ordezkatzeko edo eskuordetzeko araubidea jaso daiteke, eta posta
bidezko botoa ere bai.
3. Estatutuetan, boto
haztatu edo kualifikatuaren erabilera ezar daiteke.
27. Artikulua - Elkartekideen eginbeharrak
Elkartekideen
eginbeharrak hauek dira:
a) Elkartearen xedeak bere egitea eta horiek lortzen laguntzea.
b) Estatutuen arabera elkartekide bakoitzak ordaindu behar dituen
kuotak, derramak eta bestelako ekarpenak ordaintzea.
c) Estatutuetan xedatutakotik elkartekideari dagozkion gainerako
betebeharrak betetzea.
d) Elkarteko gobernu-organoek balio duen eran hartutako erabakiak
ontzat hartzea eta betetzea.
28. Artikulua - Zehatzeko prozedura
1. Estatutuetan
zehaztuko da zein diren arau-hausteak eta horien zehapenak, baina zehapen
horiek eginbeharrak ez betetzeagatik bakarrik ezar daitezke; orobat,
estatutuetan zehaztuko dira zehapen-espedienteen instrukzioa egiteko eta
espedienteok ebazteko prozedura eta organo eskudunak, eta organo horietako
kideak pertsona desberdinak izango dira.
2. Zehapenak ezarri aurretik, interesdunari entzun
behar zaio beti, eta zehapena ezartzeko erabakiak arrazoitua izan behar du.
3. Elkartea behin
betiko edo aldi baterako utzarazteko zehapenaren aurka beti aurkez daiteke
errekurtsoa Batzar Nagusian.
VIII. KAPITULUA
ESTATUTUEN ALDAKETA
29. Artikulua - Estatutuen aldaketa
1. Estatutuen aldaketa
helburu horretarako berariaz antolatuko den batzar nagusi berezian erabakiko
da.
2. Aldaketa horrek
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatzen den unetik
aurrera bakarrik izango ditu ondorioak fede oneko hirugarrenei dagokienez.
3. Elkartekideentzat,
onesten diren unetik bertatik izango dituzte ondorioak gainerako aldaketek,
estatutuetan agertzen diren prozeduren arabera. Hala eta guztiz ere, erregistroari
jakinarazi egin beharko zaizkio aldaketa horiek, publizitate-ondoreetarako
bakarrik.
IX. KAPITULUA
DESEGITEA ETA LIKIDAZIOA
30. Artikulua - Desegitea
Elkartea
desegiteko arrazoiak hauek dira:
a) Elkartekideen borondate hutsa, Batzar Nagusiak hartutako
erabakiaren bidez adierazia.
b) Estatutuetan ezartzen den epea edo baldintza bete izana.
c) Beste elkarte batek xurgatzea edo beste elkarte batzuekin bat
egitea.
d) Legez ezartzen den gutxieneko elkartekide kopurua ez izatea.
Nolanahi ere, gutxieneko kopuru hori osatzeko epe bat aurreikus daiteke
estatutuetan; epea urtebetekoa izango da, gehienez, azken baja gertatzen
denetik kontatzen hasita.
e) Elkartea desegitea erabakitzen duen ebazpen judizial irmoa.
f) Elkartearen xedeak betetzeko ezintasuna.
g) Estatutuetan jasota dagoen desegiteko beste edozein arrazoi.
31. Artikulua - Likidazioa
1. Desegiteak
likidazio-prozesua abiaraziko du, baina elkarteak nortasun juridikoa gordeko du
likidazioa amaitu bitartean.
2. Likidatzaileak izendatzeko
araubidea estatutuetan bertan arautu daiteke. Baina estatutuetan ez bada
horrelakorik egiten, Batzar Nagusiak izendatuko ditu likidatzaileok,
desegite-erabakian bertan. Aurreko kasu bietako bat ere gertatzen ez bada,
gobernu-organoko kideak izango dira likidatzaileak.
32. Artikulua - Likidatzaileen ahalmenak
Likidatzaileen
ahalmenak hauek dira:
a) Likidazio-balantzea prestatzea eta egun horretan elkarteak dituen
ondasun-eskubideen inbentarioa eguneratzea.
b) Ondarea osorik mantentzen dela zaintzea, horretarako beharrezkoak
diren egintza guztiak eginez.
c) Amaitu gabe dauden eragiketak amaitzea, eta likidazioarekin lotura
zuzena duten eta likidaziorako beharrezkoak diren beste eragiketa guztiak
egitea.
d) Zorrak ordaintzea eta elkarteak bete gabe dituen betebeharrak
betetzea.
e) Kredituak kobratzea eta elkartearen titulartasuneko eskubideak
exijitzea.
f) Elkartearen ondasun eta eskubideak diru bihurtzea, hori egiteari
egoki irizten bazaio.
g) Sobera den ondarea estatutuen eta Batzar Nagusiak adosten duen eran
aplikatzea. Nolanahi ere, aintzat hartu beharko da lege honetako 22. artikuluan
aurreikusitako eskubidea.
h) Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean
egindako idazpenak deusezta daitezela eskatzea.
33. Artikulua - Elkartearen kaudimen-gabezia eta
likidatzaileen erantzukizuna
1. Elkarteak
kaudimenik ez badauka, presidenteak edo, hala badagokio, likidatzaileek
konkurtso-prozedura sustatu behar dute, berehala, eskumena duen epailearen
aurrean.
2. Likidatzaileek,
beren eginkizunak betetzeko egindako lana dela-eta, elkartekideen eta
hirugarrenen aurrean erantzun behar dute, lege honetan gobernu-organoko
kideentzat ezartzen diren baldintza beretan.
34. Artikulua - Sobera den ondarearen erabilera
1. Sobera den ondarea likidazio-balantzearen
ondoren geratzen diren ondasun-eskubide guztiek osatuko dute, eta estatutuetan
aurreikusita dauden erabileretarako edo irabazi-asmorik gabeko erakunde publiko
edo pribatuentzat erabiliko da, Batzar Nagusiak erabakiko duen eran.
2. Estatutuetan edo
desegite-erabakian ez bada zehatz eta banakatuta adierazten zein erakundek
jasoko duen geldikina, elkarte edo irabazi-asmorik gabeko beste erakunde jakin
batzuei esleituko zaie hura, hau da, elkartearen xede berberak edo antzekoak
dituzten eta xede horiek desegin den elkartearen udalerri berean, lurralde
historiko berean edo Autonomia Erkidegoan betetzen dituztenei.
X. KAPITULUA
BAT-EGITEA ETA ERALDATZEA
35. Artikulua - Elkarteen bat-egitea
1. Elkarteek beste batzuekin bat egin dezakete, bi
eratara: bi elkartek edo gehiagok elkarte berri bat eratuz, edo aurretik baden
elkarte batek beste bat edo batzuk xurgatuz.
2. Bat-egitearen
inguruko egintzetarako batzar nagusi berezira deitu behar da, soilik xede
horretarako, eta deialdia elkarte interesdunek egin behar dute. Batzar horretan
izan beharreko quoruma eta gehiengoen araubidea elkartea desegiten den kasurako
aurreikusitako berak izango dira.
3. Bat egiteko prozesuetan ez dago
likidazio-fasearen beharrik: elkartearen ondasun, eskubide eta betebehar
guztiak sortu den elkarte berriari edo elkarte xurgatzaileari eskualdatzen
zaizkio. Bat egiteko betekizunak eta prozedura estatutuetan gara daitezke.
4. Bat egiteko erabakia Euskal Autonomia
Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrari jakinaraziko zaio, eta erregistroak
bere kabuz deuseztatuko ditu bat egin duten elkarteen idazpenak edo xurgatu den
elkartearenak edo elkarteenak.
36. Artikulua - Elkartearen eraldaketa
1. Elkarte oro lege
honen menpeko ez den elkarte-izaerako erakunde bihur daiteke, erakunde horren
berariazko legediak ezartzen dituen betekizunak betez gero.
2. Eraldaketarako
erabakia hartzeko, batzar nagusi berezira deitu behar da, soilik xede
horretarako. Batzar horretan izan beharreko quoruma eta gehiengoen araubidea elkartea
desegiten den kasurako aurreikusitako berak izango dira.
3. Eraldaketan ez dago likidazioaren beharrik.
Eraldaketarako betekizunak eta prozedura estatutuetan gara daitezke.
4. Eraldaketarako erabakia Euskal Autonomia
Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrari jakinaraziko zaio; erregistroak bere
kabuz deuseztatuko du eraldatu den elkartearen idazpena, eta espediente hori
eskumena duen erregistroari helaraziko dio.
5. Lege honen menpeko
ez den elkarte-izaerako erakunde oro Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen
Erregistro Orokorrean inskriba daitekeen elkarte bihur daiteke, baldin eta
erakunde horren berariazko legedian horrela jasota badago eta legedi horretan
zein lege honetan aurreikusitako betekizun eta prozedurak betetzen baditu.
37 Artikulua - Inskribatzeko eskubidea
Elkartzeko
eskubideak berekin dakar eskumena duen elkarte-erregistroan inskribatzeko
eskubidea, eta indarrean dagoen legedian ezarritako betekizunak betetzen ez
direnean bakarrik uka daiteke.
XI. KAPITULUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ELKARTEEN ERREGISTRO OROKORRA
38. Artikulua - Izaera eta ezaugarriak
1. Euskal Autonomia
Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorra justizia arloan eskumena duen Eusko
Jaurlaritzako sailari atxikita dago, bakarra da eta lurralde-bulegoetan
deskontzentra daiteke.
2. Euskal Autonomia
Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorra doakoa eta publikoa da. Publikoa da
idazpenen edukiari eta elkarteen estatutuei dagokienez, bai eta
erregistro-orrien edukiarekin lotura zuzena eta hur-hurrekoa duten eta
erregistroan gordailutu diren agiriei dagokienez ere, eta edozein pertsona edo
erakunde publiko edo pribatuk jo dezake erregistro orokorrera.
3. Erregistroaren
publizitaterako, erregistro-orriko idazpenen edukiaren gaineko ziurtagiria eman
daiteke; bestela, idazpen horiek, elkartearen estatutuak edo aurreko
paragrafoan aipatu diren agiriak erakutsi egin daitezke edo horien kopia eman;
orobat, bitarteko informatikoak edo telematikoak ere erabil daitezke. Edozein
bide erabiltzen dela ere, datu pertsonalen babesari dagokionez indarrean dagoen
legedian aurreikusitakoa bete behar da.
39. Artikulua - Erregistroko inskripzioak
1. Elkarte bakoitzeko,
erregistro-orri bat irekiko da, bai eta protokolo bat ere; protokolo horretan
jasoko dira erakunde hori dela-eta sortzen diren agiri guztiak.
2. Euskal Autonomia
Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, erregelamendu bidez ezartzen den
moduan, egintza hauek inskribatu behar dira:
a) Elkartearen eraketa.
b) Estatutuen aldaketa.
c) Herri-onura aitortzea eta ezeztatzea.
d) Presidentearen, idazkariaren, diruzainaren eta, halakorik badago,
kide anitzeko gobernu-organoko kideen izendapena, bai eta horietan guztietan
izan daitezkeen aldaketak ere.
e) Federazioetan eta konfederazioetan sartzea edo baja hartzea.
f) Desegitea, bat-egitea edo eraldaketagatik edo beste erregistro
batera aldatzeagatik gertatzen den baja.
3. Elkarteen
idazpenetan beste ohar hauek ere jaso daitezke:
a) Elkartearen ordezkaritzak edo bestelako establezimenduak ireki eta
ixteari buruzko oharrak.
b) Inskribatuta dauden elkarteen gaineko ebazpen judizialei buruzko oharrak,
ebazpen horiek erregistroan inskribatu beharreko egintzei eragiten badiete.
c) Elkarte barruko auziak direla-eta zerbait jasota
uzteko egiten diren behin-behineko idazpenei buruzko oharrak.
4. Inskribatu
beharreko egintzen gaineko erabakiak erregistro orokorrari jakinarazi behar
zaizkio, erabakiok hartu eta hilabeteko epean.
40. Artikulua - Inskripzioen araubide juridikoa
1. Elkarte baten
eraketa inskribatzeko eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu behar dira:
eraketa-akta, sustatzaile guztiek sinatuta; estatutuak, presidenteak eta
idazkariak sinatuta, eta ordezkaritza- eta gobernu-organoak osatzen dituzten
pertsonen izenak.
2. Inskripzioak,
gehienez ere, hiru hilabeteko epean egin behar dira, beharrezkoak diren agiri
guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean aurkezten
direnetik aurrera zenbatuta. Epe hori igaro bada eta ez bada ebazpen
adierazirik jakinarazi, eskaera onartu egin dela ulertuko da.
3. Eskabidean edo
harekin batera aurkeztutako agirietan akats formalik aurkitzen bada, edo
elkartearen izena beste izen inskribatu bat bezalakoa bada edo akats edo
nahasmendurik sorraraz badezake, edo izena marka erregistratu edo ezagun bat
bezalakoa bada haren titularrak berak eskatuta edo haren baimenarekin izan ezik,
inskripzioa egiteko epea eten eta 10 eguneko beste bat irekiko da aurkitu diren
akatsak zuzentzeko.
4. Eskaera egiten duen
erakundea ez badago lege honen aplikazio-eremuan edo ez bada elkarte bat,
erregistro orokorrak, erakunde horri entzun ondoren, ezezkoa emango dio
inskribatzeari, eta eskatzaileari adieraziko dio zein den erakunde hori
inskribatzeko eskumena duen erregistroa edo administrazio-organoa. Ezezkoa
arrazoitua izango da beti.
5. Elkartearen
eraketan ez-zilegitasun penalaren zantzu arrazionalik aurkitzen bada, organo
eskudunak ebazpen arrazoitua emango du eta agiri guztiak Ministerio Fiskalari
edo jurisdikzio-organo eskudunari helaraziko dizkio; orobat, horren guztiaren
berri emango dio erakunde interesdunari, eta eten egingo du administrazio-prozedura
harik eta ebazpen judizial irmorik egon arte. Elkartearen jardueretan
ez-zilegitasun penalaren zantzu arrazionalik hautemanez gero ere, berdin
jokatuko da.
XII. KAPITULUA
ELKARTEGINTZAREN ETA HERRI ONURAREN AITORPENA
41. Artikulua - Elkartegintzaren gizarte-balioa eta
sustapena
1. Euskal Autonomia
Erkidegoak aitortu eta babestu egiten du elkarteek gizartearen integraziorako
duten balioa eta gizartearen barruan betetzen duten eginkizuna, elkarteen bidez
herritarrek parte hartzen baitute interes orokor edo partikularreko gaietan,
eta hainbat balio zibiko gauzatzen, hala nola elkartasuna, altruismoa,
eskuzabaltasuna eta aniztasuna.
2. Euskal Autonomia
Erkidegoko herri-administrazioek elkartegintza sustatuko dute eta interes
orokorreko xedeak dituzten elkarteen garapena bultzatuko dute, bai eta elkarte
horien batasunen, federazioen eta konfederazioena ere, betiere
herri-botereekiko duten askatasuna eta autonomia errespetatuz.
Era berean, herri-administrazioek ekintza positiboak sustatuko
dituzte, hartara emakumeei eta gizonei elkarteen alor eta gune orotan modu
parekidean izatea eta parte hartzea eragozten dieten oztopoak kentzeko.
3. Herri-erakundeek,
zeinek bere lurralde-eremuan, herritarren parte-hartzea sustatzeko, bultzatzeko
eta babesteko politika, egitura eta neurriak garatuko dituzte.
4. Euskal Autonomia
Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteek
laguntza ekonomikoak eta diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte jarduera eta
proiektu jakinak gauzatzeko.
42. Artikulua - Herri-onurako elkarteak
Euskal
Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden
elkarteak herri-onurakotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok,
beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen
badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta
aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte. Horretaz gainera, honako
betekizun hauek bete behar dituzte:
a) Interes orokorra edo guztien ongia sustatu behar dute, eta,
horretarako, benetan eta jarraituki bete behar dituzte zenbait xede, hala nola
izaera zibikoko eta hezkuntza-, zientzia-, kultura-, kirol- edo osasun-izaerako
xedeak edo beste hauek eta antzekoak: giza eskubideak sustatzea, gizartean esku
hartzea, garapenerako lankidetza, emakume eta gizonen arteko berdintasuna
sustatzea, haurrak babestea, aukera-berdintasuna eta tolerantzia bultzatzea,
ingurumena defendatzea, gizarte-ekonomia edo ikerketa bultzatzea, boluntariotza
sustatzea, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzea, eta etorkinak eta
arrazoi fisiko, sozial, ekonomiko edo kulturalak direla-eta baztertuta
geratzeko arriskua duten pertsonak promozionatzea eta artatzea.
b) Beren jardunean, ez dute batez ere eta eskuarki bakoitzak bere
kideen onura bilatu behar, elkartekoak ez diren beste batzuena baizik.
c) Bitarteko pertsonal eta material nahikoa eta antolamendu egokia
izan behar dituzte, estatutuetan ezartzen diren xedeak beteko direla
bermatzeko.
d) Haietako bakoitzak lan- edo zerbitzu-harreman baten bitartez
kontratatuta dituen elkartekideen kopuruak ez du handia izan behar
elkartekideen kopuru osoa kontuan hartuta.
e) Frogatu behar dute
estatutuetako xedeak benetan eta eskuarki bete dituztela, inskribatzeko eskaera
egin aurreko hiru urteetan gutxienez.
f) Haien gobernu-organoetako kideek doan bete behar dute kargua,
inolako ordainsaririk jaso gabe. Dena den, ordainsari egokia jaso ahal izango
dute gobernu-organoko kide izate hutsagatik dagozkien eginkizunez bestelako
zerbitzuak egiteagatik.
g) Ekonomia-kudeaketa txukuna eta gardena egin behar dute.
h) Benetan egiten dituzten jarduerek egokiak izan behar dute bilatzen
diren interes orokorreko xedeetarako.
43. Artikulua - Herri-onurako elkarteen eskubideak
Herri-onurakotzat
aitortu diren elkarteek eskubide hauek izango dituzte:
a) Beren agiri guztietan "Eusko Jaurlaritzak herri-onurakotzat
aitortua" aipamena erabiltzeko eskubidea.
b) Une bakoitzean indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen eskubide, onura
eta salbuespenez ekonomikoak, administratiboak, zergen arlokoak eta sozialak
gozatzeko eskubidea.
c) Doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubidea, berariazko legediak
ezartzen dituen baldintzetan.
d) Entzunak izateko eskubidea, eragindako herritarrak biltzen edo
ordezkatzen dituzten neurrian, bai elkarteen xedeekin lotura zuzena duten
izaera orokorreko xedapenak prestatzerakoan, bai elkarteentzat garrantzi
berezia duten planak eta programak prestatzerakoan, betiere elkarteoi entzuteko
administrazio eskudunak ezartzen duen prozeduraren arabera.
44. Artikulua - Herri-onurako elkarteen betebeharrak
1. Herri-onurakotzat
aitortu diren elkarteek aurreko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak aurkeztu
behar dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean,
ekitaldi hori amaitu eta hurrengo sei hilabeteen barruan; horrekin batera,
ekitaldi horretan elkarteek burutu dituzten jarduerak deskribatzen dituen
txosten bat ere aurkeztu behar dute.
2. Urteko kontu horiek
elkarteek duten ondarearen eta finantza-egoeraren irudi fidela eman behar dute,
bai eta elkarteek izan dituzten sarrera publikoen eta pribatuen jatorria,
zenbatekoa, erabilera eta aplikazioa islatu ere.
3. Herri-onurako
elkarteek, orobat, Herri Onurako Elkarteen Babesletzak beren jarduerei eta
funtzionamenduari buruz eskatzen dizkien informazio eta agiri guztiak eman
behar dizkiote babesletzari.
45. Artikulua - Herri-onura aitortzea
1. Herri-onura
diskrezionaltasunez aitortuko da, elkarteak aurrera eramandako xedeek eta jarduerek
jasotzen duten balorazioaren arabera.
2. Eusko Jaurlaritzak
egingo du herri-onuraren aitorpena, Jaurlaritzaren Kontseiluak onetsitako
dekretu baten bidez. Dekretu-proposamena gaiaren arabera dagokien sailek eta,
betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak egingo dute, eta azken sail
horrek izapidetuko ditu bai prozedura eta bai hartan sor daitezkeen auzi
guztiak.
3. Herri-onuraren
aitorpena ezeztatu egin daiteke, Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez eta
elkarteari entzun ondoren. Ezeztatu egingo da baldin eta ez bada egiaztatzen
aitorpen hori ahalbidetu zuten betekizunak betetzen jarraitzen dela, edo
elkarte mota horrek dituen betebeharretan ez-betetze larri eta errepikatua
gertatzen bada.
4. Erregelamendu bidez
garatuko da herri-onura aitortzeko prozedura eta, hala badagokio, aitorpen hori
ezeztatzeko prozedura. Erregelamendu bidez ezarritako epea amaitzen bada eta ez
badago ebazpen adierazirik, eskaera ezetsitzat joko da.
5. Herri-onuraren
aitorpenaren adierazpena eta ezeztapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari
Ofizialean argitaratuko dira.
46. Artikulua - Herri Onurako Elkarteen Babesletza
1. Herri Onurako
Elkarteen Babesletzak aholkua eta laguntza teknikoa emango die elkarteei, eta
elkarteon jarraipena egingo du.
2. Honakoak dira
babesletzaren eginkizunak:
a) Inskribatuta dauden elkarteei aholkularitza eta informazioa ematea
herri-onuraren aitorpena lortzeko beharrezkoak diren betekizunei eta
prozedurari buruz, bai eta aitorpen horrek dituen ondorio guztiei buruz ere.
b) Herri-onura aitortzeko oinarri izan ziren betekizun guztiak benetan
mantentzen direla zaintzea.
c) Elkarte horien izatearen, xedeen eta jardueren berri jendartean
zabaltzea, gizarteak eta interesdunek ezagut ditzaten.
d) Elkarte horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro
Orokorrean aurkeztu dituzten agiriak aztertzea eta agirion jarraipena egitea.
e) Herri-onurako elkarteei aplikagarri zaizkien funtsezko araudirako
eta zerga-araudirako aldaketak bultzatzea herri-administrazio eskudunen aurrean,
aldaketa horiek egitea komeni dela uste denean.
3. Babesletza Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak gauzatuko du, justizia arloan
eskuduna den sailaren bitartez. Sail horrek lankidetza eta laguntza eskatu ahal
izango die elkarteek diharduten sektorean eskumenak dituzten sailei.
XIII. KAPITULUA
ELKARTEEN BATASUNAK
47. Artikulua - Elkarteen batasunak
1. Elkarteek, beren
xedeak hobeto lortzearren, federazioak era ditzakete, lurraldea edo sektorea
oinarri hartuta. Federazioek, irizpide berberen arabera, konfederazioak era
ditzakete elkarrekin batuz. Orobat, elkarteak libre dira beren artean edo beste
edozein erakunderekin batzeko edo elkartzeko.
2. Lege honetan
elkarteei buruz jasotzen diren aipamenak, bai elkarteen eraketa eta funtzionamenduari
buruzkoak, bai eta beste edozein aldiri buruzkoak ere, berdin ezarriko zaizkie
federazioei, konfederazioei eta elkarteek era ditzaketen bestelako batasunei.
XIV. KAPITULUA
ELKARTEEN KONTSEILU SEKTORIALAK
48. Artikulua - Elkarteen kontseilu sektorialak
1. Herritarrei
herri-arazoetan parte hartzeko bidea emango dien herri-administrazioen eta
elkarteen arteko lankidetza bermatzeko, elkarteen kontseilu sektorialak eratu
ahal izango dira, jardute-eremu jakinetan kontsulta-, informazio- eta aholku-organo
izan daitezen.
2. Elkarteen kontseilu
sektorialak herri-administrazioen eta elkarteen ordezkariek osatuko dituzte,
eta gaian aditu direnak ere har ditzakete barnean.
3. Kontseilu hauen sortzea,
osaera, eskumenak, jarduera-araubidea eta behin betiko atxikitzea erregelamendu
bidez eta sektore bakoitzerako erabakiko dira.
Xedapen Gehigarriak
Lehenengoa - Diru-Bilketen Erantzukizuna
Legezko
helburu jakin baterako dirua biltzeko xedearekin eske eta harpidetza publikoak,
ongintzako ekitaldiak edo aldi baterako antzeko ekimenak sustatzen dituztenek
erantzukizun pertsonal eta solidarioa izango dute, bildu dituzten kopuruen
administrazioa eta erabilera direla-eta, diru hori lortzen lagundu duten
pertsonen aurrean.
Bigarrena - Sustapen-neurriak
Euskal
herri-administrazioek elkarteen jardute-eremuan planteatzen diren gatazkak
ebazteko jardunbide estrajudizialak sortu eta erabiltzea bultzatuko dute.
Xedapen Iragankorrak
Lehenengoa - Estatutuak Egokitzea
Lege
hau indarrean sartu aurretik eratu ziren elkarteek, lege honen kontrako
klausularik badute beren estatutuetan, aldatu egin beharko dituzte estatutuok,
urtebeteko epean, lege berrira egokitzeko.
Bigarrena - Diruzko eta bestelako laguntzak ordaintzea
Eusko
Jaurlaritzak sei hilabeteko epean ordaindu beharko ditu elkarteei beren
jardueretarako dagozkien diruzko eta bestelako laguntzak, eta epea laguntza
horietarako deialdien oinarriak argitaratzen direnetik hasiko da kontatzen.
Xedapen Indargabetzaileak
Lehenengoa
Indargabetuta
geratzen da Bazkunei buruzko otsailaren 12ko 3/1988 Legea, bai eta lege honetan
ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.
Bigarrena
Indargabetuta
geratzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorraren
jarduketengatiko tasak.
Azken Xedapenak
Lehenengoa - Erregelamendu bidez garatzea
Eusko
Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio lege hau garatu eta ezartzeko beharrezkoak
diren xedapen guztiak eman ditzan.
Bigarrena - Euskal Autonomia Elkarteko Fundazioei buruzko
ekainaren 17ko 12/1994 Legearen aldaketa
Laugarren
xedapen gehigarria gehitzen zaio Euskal Autonomia Elkarteko Fundazioei buruzko
ekainaren 17ko 12/1994 Legeari, honela idatzita:
"Laugarrena.
Pertsona juridiko publikoek eratutako fundazioak
1. Helburua
Pertsona juridiko
publikoek fundazioak eratu edo fundazioen eraketan parte hartu ahal izango
dute, baldin eta partikularrek edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuek
interes orokorreko jardueretan parte har dezaten bultzatzeko soilik badira eta
baldin eta horrek ez badakar fundazioek bere gain hartzea ahalmen publikoen
erabilera edo nahitaezko zerbitzu publikoen eskaintza.
2. Sortzea eta iraungitzea
a) Pertsona juridiko publikoek fundazioak eratzeko, baimena eman
beharko du gobernu-organo eskudunak, kasuan kasuko erabakia hartu baino lehen,
eta erakunde bakoitzean ogasunaren eta araubide juridikoaren arloan eskudunak
diren organoek aldeko txostenak egin eta gero.
b) Pertsona juridiko publiko batek fundazio bat eratzeari edo
fundazioan parte hartzeari buruzko espediente administratiboan, memoria bat
sartu beharko da, besteak beste behar adina justifikatzeko zer dela-eta uste
den hobeto lortuko direla interes orokorreko helburuak fundazio baten bitartez,
indarrean dagoen legerian jasotako beste forma juridiko publiko edo pribatu
batzuen bitartez baino.
c) Espediente horretan memoria ekonomiko bat ere
erantsi beharko da, iritzia emateko ea hasieran aurreikusitako zuzkidura behar
adinakoa den, bai eta fundazioaren jarraipena bermatzeko beharrezkoak diren
etorkizuneko aurrekontu-konpromisoei buruzko iritzia emateko ere. Espedientean,
gainera, estatutuen zirriborro bat ere erantsiko da, aldez aurretik Euskal Autonomia
Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren oniritzia jasota.
3. Lege-araubidea
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak eta pertsona
juridiko publiko bakoitzaren kontratazio eta funtzio publikoko organo eskudunek
zainduko dute fundazio horiek egindako kontratazioak kontratu publikoei buruzko
legeriari atxikitzen zaizkiola, bai eta nolanahi ere publizitate- eta
lehia-printzipioei ere. Orobat zainduko dute berdintasun-, merezimendu-,
gaitasun- eta publizitate-printzipioei jarraituko zaiela langileak aukeratzeko
deialdietan.
b) Zuzenean nahiz zeharka merkataritza- edo industria-jarduerak egiten
dituzten pertsona juridiko publikoek eratuta daudenean edo horiek partaide
dituztenean, fundazioek lehia askearen printzipio eta arauei jarraiki jardungo
dute.
4. Erakunde instrumentalek eratutako fundazioak
Xedapen gehigarri hau
aplikagarri izango zaio merkataritza-sozietateek fundazioak eratzeari edo
fundazioetan parte hartzeari, baldin eta sozietate horien kapital sozial
gehiena pertsona juridiko publiko batena edo batzuena bada. Era berean,
aplikagarri izango zaio, oro har, pertsona juridiko publiko horien beste
edozein erakunde instrumentalek fundazioak eratzeari edo fundazioetan parte
hartzeari".
Hirugarrena - Indarrean sartzea
Lege
hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean
sartuko da indarrean.