7/2002 Legea, abenduaren 12koa, osasun arloko aurretiazko borondateena
2002-12-12Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2002/12/30, 248. zk.; EAO, 2011/12/3, 291. zk.
§ 249. 7/2002 LEGEA, ABENDUAREN 12KOA, OSASUN ARLOKO AURRETIAZKO BORONDATEENA
ZIOEN
ADIERAZPENA
Biologiaren eta Medikuntzaren aplikazioen
aurrean giza eskubideak eta gizakiaren duintasuna babesteko hitzarmenak,
Oviedoko Hitzarmena izenekoak (1997.eko apirilaren 4an Oviedon egin eta
Europako Kontseiluko estatu kideek, beste estatu batzuek eta Europako
Erkidegoak sinatu zuten), gaixoaren baimenaren gaiaz dihardu II. kapituluan.
Arau orokor batekin hasten da kapitulu hori, eta, haren arabera, osasun arloko
esku-hartzeren bat gauzatzekotan, esku-hartze horrek eragindako pertsonak bere
baimena eman beharko du, askatasunez eta beharrezko informazioa jaso ondoren;
esku-hartze horren xede eta izaeraren zein arrisku eta ondorioen gaineko
informazio hori aldez aurretik eman beharko zaio, eta egokia izan beharko du.
Kapituluaren amaieran, bestalde, hau ezartzen du: gaixoak medikuaren
esku-hartze baten gainean adierazten dituen nahiak aintzat hartuko dira,
esku-hartze hori gauzatzeko unean bere nahia adierazteko moduan ez badago ere.
Horrela, bada, gaixo batek esku-hartze kliniko baten aurrean aldez aurretik
adierazitako nahiak informazioan oinarritutako baimena delakoaren zati dira.
Informazioan oinarritutako baimena delakoak
bazeukan dagoeneko arauen babesa, Oviedoko Hitzarmena sinatu aurretik ere;
Osasunari buruzko Lege Orokorraren 10. artikuluan, Osakidetzako Gaixo eta
Erabiltzaileen Eskubide eta Obligazioen Kartan (uztailaren 18ko 175/1989
Dekretuak onartu zuen) eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko
8/1997 Legearen 10.1 artikuluan honako eskubide hauek babestuta zeuden
dagoeneko: herritarrek beren osasun-prozesuez informazioa jasotzeko eskubidea,
mediku arduradunak emandako aukeren artean askatasunez hautatzeko eskubidea
-edozein esku-hartze gauzatzeko aldez aurretik idatzizko baimena emanez- eta
zenbait kasutan tratamendua hartzeari uko egitekoa. Eskubide horiek guztiak
pertsonaren autonomiaren printzipioaren isla dira; azkenaldian osasuneko profesionalen
eta gaixoen arteko harremanetan behar-beharrezko balio bihurtu da printzipio
hori.
Alabaina, gaixoek beren borondatea aldez
aurretik agertzeko aukera, bizi-testamentu, aldez aurreko gidalerro, aldez
aurreko jarraibide edo aurretiazko borondate deitutakoa, oraindik berariaz
onartu gabe zegoen Estatuko antolamendu juridikoan, nahiz eta azken hamarkadan
gure kultur inguruneko herrialde batzuetan arautzen hasita zeuden.
Horrexegatik, Oviedoko Hitzarmena berretsita, bidea ireki behar da
autonomia-erkidegoek arautu ahal izan dezaten.
Lege hau ematen da, hain zuzen ere,
herritarrek berei eragiten dieten erabaki klinikoen aurrean beren borondatea
aldez aurretik agertzeko duten eskubidea gauzatzerik izan dezaten; eta legea
emateko, Autonomia Estatutuaren 18. artikuluak barne-osasuneko gaietan
Estatuaren oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearazteko Autonomia
Erkidegoari ematen dizkion eskumenak erabili dira.
Gaixoen autonomia errespetatu eta
sustatzean dago oinarrituta legea, eta, laburra izanagatik ere, aurretiazko
borondateen zein haiek jaso behar dituen agiriaren alderdirik garrantzitsuenak
zehazten ditu. Beste autonomia-erkidego batzuek irekitako ildotik ez da gehiegi
aldentzen, eta zuzenbidearen doktrinan gai honen inguruan agertzen hasi diren
ekarpenak aintzat hartzen ditu.
Lehen-lehenik esan behar da aukeratu den
aurretiazko borondateen ereduak ahalik eta edukirik zabalena duela, bere baitan
aukera hauek guztiak hartzeko modukoa: norberaren bizi-helburuak eta balioak
agertzea; onartu edo baztertuko diren tratamenduen inguruko jarraibide zehatzak
edo ez hain zehatzak ematea; behar balitz, medikuaren edo osasun-taldearen
solaskide izango den ordezkaria edo ordezkariak izendatzea; bai eta bizitzaren
amaierarekin zerikusia duten bestelako agindu batzuk ematea ere, hala nola
organoak edo norberaren gorputza dohainik ematearen gainekoak zein autopsia
kliniko edo antzekoen gainekoak. Uste izatekoa denez, aurretiazko borondateen
agiriaren edukia ere horixe berori da, pertsonei aitortzen zaizkien eskubideen
katalogo baten gisa adierazi bada ere, zuzenean agiriaren beraren edukitzat
agertu ordez.
Zuzenki arautu da, ordea, agiriaren
formalizazioari dagokiona; benetakotasuna ziurtatzeko ahalik eta bermerik
sendoenak emateko ahalegina egin da. Horrexegatik, bada, egilearen beraren
nahierara, notario baten aurrean, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren
ardura duen funtzionarioaren aurrean edo hiru lekukoren aurrean egin behar da
agiria, erregistroan inskribatu zein ez. Orobat, agiriaren eraginkortasuna
arautzen da, bai eta haren aldaketa, ordezkapena edo ezeztapena ere.
Azkenik, Aurretiazko Borondateen Euskal
Erregistroa sortzea aurreikusten da; hor, aurretiazko borondateen agiriak
sartuko dira, agiri-egileek berek nahi badute. Oso tresna baliagarria izango da
osasun arloko langileentzat zein gaixoentzat, aldez aurretik agertutako
borondaterik badagoen edo ez jakiteko aukera emango dielako, beharrezko denean.
Baliagarria izango da, batez ere, erregistro hau beste lurralde batzuetako gisa
bereko erregistroekin lotzen bada, dagoeneko badaudenekin edo gerora sortzen
direnekin.
1. Artikulua -
Legearen xedea
Hau da lege honen xedea: pertsonek
medikuntzako zenbait esku-hartzeren aurrean beren borondatea aldez aurretik
agertzeko duten eskubidea gauzatzeko bidea ematea Euskal Autonomia Erkidegoan,
eta, horretarako, osasun arloko aurretiazko borondateen agiria arautzea.
2. Artikulua -
Borondatea aldez aurretik agertzeko eskubidearen edukia osasun arloan
1.- Adinez nagusi den pertsona orok, epai bidez gaitasuna kendu ez
bazaio eta askatasunez ari bada, eskubidea du bere bizi-helburuak eta balioak
nahiz medikuntzako tratamenduen inguruko jarraibideak adierazteko, bere nahia
adierazi ezineko egoera batean dagoenean, bera artatzen duen medikuak edo
osasun-taldeak errespeta diezazkion.
2.- Norberaren bizi-helburu eta balioak adierazteak xede hau du:
jarraibideak interpretatzen laguntzea eta gida gisa baliatu ahal izatea, unea
iristen denean erabaki klinikoak hartzeko.
3.- Eskubidea du, orobat, ordezkari bat edo batzuk izendatzeko,
medikuaren edo osasun-taldearen solaskide baliozko izan daitezen, eta ordezkari
horri edo horiei bere balio eta jarraibideak interpretatzeko gaitasuna emateko.
a) Adinez nagusi den pertsona
oro izan daiteke ordezkari, legezko gaitasuna kendu ez bazaio, honako pertsona
hauek izan ezik:
- Notarioa.
- Aurretiazko Borondateen Euskal
Erregistroaren ardura duen funtzionarioa edo langile publikoa.
- Agiria egiteko aukeratu diren
lekukoak.
- Aurretiazko borondateak
aplikatu behar dituzten osasun arloko langileak.
- Agiriaren egilearen
osasun-zainketa finantzatzen duten erakundeetako langileak.
b) Ordezkaritzat aurretiazko
borondateen agiria egin duenaren ezkontidea edo izatezko bikote-kidea izendatu
bada, ordezkaritza hori amaitu egingo da ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo
dibortzioa eskatzeko demanda jartzen den unean bertan, edo izatezko bikotea edo
elkartze librea era formalean desegiten den unean bertan. Izendapenak indarrik
gal ez dezan, epaileak horretarako emandako ebazpenean hala adierazi behar da,
ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa gertatuz gero. Izatezko bikotea
edo elkartze librea era formalean desegiten bada, agiri berri batean berariaz
adierazi beharko da.
4.- Tratamenduaren gaineko jarraibideak berdin izan daitezke
aurretiazko borondateen agiria egiten duen pertsonak dagoeneko badaukan
eritasun edo lesio baten ingurukoak zein gero izan ditzakeenen ingurukoak, eta,
orobat, aurreikuspen hauek har ditzakete beren baitan: praktika kliniko
egokiarekin bat datozen medikuntzako esku-hartzeetatik zeintzuk onartuko
lituzkeen, zeintzuk ez, eta bizitzaren amaierarekin zerikusia duten beste gai
batzuen inguruko aurreikuspenak.
3. Artikulua - Aurretiazko borondateen agiria
1.- Aurreko artikuluan aitortutako eskubideak gauzatzeko
bitartekoa da osasun arloko aurretiazko borondateen agiria.
2.- Agiria idatziz formalizatuko da, eta agiria egiten duen
pertsonaren esku dago ondoko prozeduretako zein erabili behar den erabakitzea:
a) Notarioaren aurrean.
b) Aurretiazko Borondateen
Euskal Erregistroaren ardura duen funtzionarioaren edo langile publikoaren
aurrean.
c) Hiru lekukoren aurrean.
3.- Lekukoek adinez nagusi izan behar dute, jarduteko gaitasun
osoa dutenak, eta ezin dute izan aurretiazko borondateen agiria egiten
duenarekin ezkontza edo elkartze libre zein izatezko bikote-kidearen bidezko
loturarik, ezta bigarren mailako odol- edo ezkontza-ahaidetasunik ere, eta
ondare-harremanik ere ez.
4. Artikulua -
Agiria aldatu, ordezkatu edo ezeztatzea
1.- Aurretiazko borondateen agiria egin duen pertsonak edozein
unetan alda, ordezka edo ezezta dezake agiri hori, baldin eta jarduteko
gaitasuna edukitzen jarraitzen badu, lege honen 2.1 artikuluan xedatutakoaren
arabera, eta askatasunez jarduten badu.
2.- Agiriaren aldaketa, ordezkapena edo ezeztapena 3.2 artikuluan
aurreikusitakoaren arabera formalizatuko da.
5. Artikulua -
Eraginkortasuna
1.- Aurretiazko borondateen agiria egin duen pertsonak gaitasuna (lege
honen 2.1 artikuluan xedatutakoaren arabera), jarduteko askatasuna eta
adierazpenak egiteko modua eduki dauzkan artean, edozein esku-hartze klinikoren
aurrean bere borondatea lehenago izango da agirian jarritako jarraibideak
baino.
2.- Aurretiazko borondateen agiria aldatu, ordezkatu edo ezeztatu
egin bada, egiten den azken agiriaren edukia hartuko da kontuan.
3.- Aurretiazko borondateen agiriko jarraibideak aplikatzerakoan
antolamendu juridikoaren aurkakoak direla ikusten bada, edo agiria egiterakoan
egileak aurreikusi zituen baldintzekin bat ez datozela, jarraibide horiek ez
direla jarri joko da.
4.- Orobat, hartu nahi lituzkeen medikuntzako tratamenduen gainean
egindako jarraibideak desegokiak badira jasaten duen patologiarako, jarraibide
horiek ez direla jarri joko da. Desegokitasun horiek gaixoaren historia
klinikoan aipatu eta arrazoitu beharko dira.
6. Artikulua -
Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa
1.- Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortuko da, Eusko
Jaurlaritzaren Osasun Sailari atxikia, osasun arloko aurretiazko borondateen
agiria egiten duten pertsonek, nahi badute, agiria bera edo haren aldaketa,
ordezkapena edo ezeztapena inskribatu ahal izan dezaten.
2.- Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroak printzipio hauen
arabera jardungo du:
a) Erregistratutako agiriak
isilpean gordeko dira, osasun arloko araudian eta datu pertsonalen babeserako
araudian aurreikusten diren baldintzen arabera.
b) Aurretiazko borondateen edo
aurretiazko jarraibideen beste erregistro batzuekin lotuta egongo da, bai eta
osasun-laguntza ematea edo eskueran jartzea helburu duten beste erregistro
batzuekin ere.
3.- Aurreko idatz-zatian aurreikusitako erregistroen arteko lotura
horren xede bakarra da agiri horiek egiten dituzten pertsonen aurretiazko
borondateak benetan gauzatzeko bidea ematea; erregistroen artean datuak
komunikatzeko ez da beharko pertsona horien baimenik.
7. Artikulua -
Osasun-zentroari aurretiazko borondateak jakinaraztea
1.- Aurretiazko borondateen agiria ez bada inskribatu Aurretiazko
Borondateen Euskal Erregistroan, agiri hori egileari osasun-arta ematen zaion
osasun-zentroan utzi beharko da.
2.- Aurretiazko borondateen agiria Aurretiazko Borondateen Euskal
Erregistroan inskribatu bada, nahierakoa izango da agiri hori egileari
osasun-arta ematen zaion osasun-zentroan uztea.
3.- Aurretiazko borondateen agiriaren egileari dagokio agiria
osasun-zentroan uztea. Berak ezin badu, haren senitartekoek egin beharko dute,
edo legezko ordezkariak nahiz agirian bertan izendatutako ordezkariak, edo,
agiria inskribatuta badago, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroak berak.
Indargabeturik geratzen dira lege honetan
xedatutakoaren kontra dauden arau guztiak, bai eta lege honetan
xedatutakoarekin bateraezinak direnak ere.
Eusko Jaurlaritzak hamar hilabeteko
epearen barruan sortuko du Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.