7/2000 Legea, azaroaren 10ekoa, Merkataritza Jardueraren 7/1994 Legea aldatzekoa.
2000-11-10Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2001/1/5, 4. zk.; EAO, 2011/12/13, 299. zk.
§ 237.
7/2000 LEGEA, AZAROAREN 10EKOA, MERKATARITZA JARDUERAREN ALDATZEKOA
ZIOEN ADIERAZPENA
Bost urte baino gehiago igaro dira Merkataritza
Jardueraren 7/1994 Legea onartu zenetik. Denbora horretan argi geratu da lege
hori baliagarri izan dela merkataritzako banaketa-alorrean dauden joerak
zabaldu eta modernizatzeko. Hori aitortuta, beste ikuspegi bat erabiltzeko
ordua da orain, gai hau berriro legez arautzerakoan. Alde batetik, kontuan izan
behar da gizarteak dagoeneko ekipamendu-maila egokia lortua duela
merkataritzan, eta, bestetik, bermatu egin behar da merkataritza garatzerakoan
bide egokiak erabiliko direla aurrera begira, lurraldeen arteko orekari eraso
egin gabe eta gaur egungo merkataritza-egiturari kalte egin gabe.
Beraz, arauketa berria ikuspegi horretatik
egin da. Ezarpen berririk egitekotan, kontsumitzaileen aldetik egon litekeen
eskariari erantzuteko izan beharko du. Horrez gainera, eskaria eta eskaintza
elkarri lotzeko orduan, merkatuko banaketa-bide zehatzak nolakoak diren ere
hartu behar da aintzakotzat.
Ildo beretik, merkatuan ahalik eta
gardentasun handiena lortu nahi da. Horretarako, merkatuan parte hartzen duten
eragileei komunikazio-betebehar batzuk ezartzen zaizkie, herri-agintaritzek
barne-merkataritzan dituzten eskumenak erabat bete ahal izan ditzaten.
Azkenik, merkataritza-gune handiak
eraikitzeko lizentziak eskatzeko prozedurak direla eta, lege-maila ezarri zaio
ebazpenak eman eta jakinarazteko epea igaro izanak ezespena dakarrelako
xedapenari, hala aginduta baitago 30/1992 Legean, 4/1999 Legeak moldatutako
eran.
Artikulu
bakarra
Merkataritza Jardueraren 7/1994 Legeko 13.
artikulua era honetara idatzita geratuko da:
1.- Merkataritza-gune
handiak jarri, jardueraz aldatu edo zabaltzeko merkataritza-lizentzia
beharrezkoa izango da. Lizentzia hori merkataritza-arloan eskumena duen Eusko
Jaurlaritzako sailak emango du. Lizentzia hori derrigorrezkoa izango da eta
udalek beharrezko udal-lizentziak eman aurretik lortu beharrekoa.
Era berean, merkataritza-gunearen
titulartasuna aldatuz gero eta jardueraren ustiapenaren titulartasuna aldatuz
gero, merkataritza-lizentzia eskatu beharra izango da, baldin eta erosleak 3.
paragrafoan jasotako ezaugarriren bat betetzen badu eta eskualdatzekoa den
merkataritza-guneak oraindik merkataritza-gune handien lizentzia ez badu.
2.- Araudi
bidez zehaztuko da txikizkako merkataritzan diharduten establezimenduek zein
baldintza bete behar dituzten merkataritza-gune handitzat hartuak izan ahal
izateko. Baldintza horiek ezartzerakoan, oinarritzat hartuko da, batetik,
jendearentzako salmentarako esparruaren neurria, eta, bestetik,
merkataritza-guneak dauden edo egongo diren udalerriko biztanleria.
Establezimenduak, jendearentzako
salmentarako esparrua 400 metro karratukoa baino txikiagoa denean, ez dira
merkataritza-gune handitzat joko, eta, beraz, ez dute aipatutako
merkataritza-lizentziarik behar izango.
3.- Nolanahi
ere, txikizkako merkataritza-establezimenduak merkataritza-gune handitzat joko
dira, baldin eta jendearentzako salmentarako esparrua 400 metro karratukoa edo
handiagoa bada eta jabeek (pertsonak zein erakundeak) hauetako baldintza edo
ezaugarriren bat betetzen badute:
a) Enpresan 250 langile baino gehiago badituzte.
b) Urteko negozio-bolumena 6.655.440.000 pezeta
(40 milioi euro) baino handiagoa bada edo balantze orokorra 4.492.422.000
pezeta (27 milioi euro) baino handiagoa bada.
c) Aurreko baldintzak betetzen dituzten beste
batzuek enpresan ehuneko 25 edo gehiagoko partaidetza baldin badute, dela
kapitalean dela boto-eskubideetan. Salbuespen izango dira partaidetzako
herri-baltzuak, arrisku-kapitaleko baltzuak eta instituzioetako
inbertitzaileak, baldin eta enpresan kontrolik ezartzen ez badute, ez bakarka,
ez taldean.
4.- Erregaiak
saltzeko eta banatzeko establezimenduak ez dira merkataritza-gune handitzat
joko, lege honetan ezarritako ondorioetarako.
Era berean, jendearentzako salmentarako
esparru handia behar dutela kontuan hartuta, automobilak saltzeko
establezimenduak ez dira inola ere merkataritza-gune handitzat joko. Arrazoi
berean oinarrituta, etxea hornitzeko artikuluak saltzeko establezimenduek,
merkataritza-gune handitzat hartu ahal izateko, aurreko 3. paragrafoan jasotako
baldintzetakoren bat bete beharko dute.
5.- Merkataritza-gune
handietarako lizentzia emateko edo ez emateko erabakia hartzerakoan, bereziki
honako hauek hartuko dira aintzakotzat: batetik, establezimendu berriak hartuko
duen lurralde-esparruan ea merkataritza-ekipamendu egokirik badagoen, eta,
bestetik, lurralde-esparru horretako merkataritza-egituran zer-nolako eragina
izan lezakeen, batez ere bertako denda txikietan izan litzakeen ondorio txarrak
kontuan hartuta.
Araudi bidez ezarriko da kontuan hartutako
lurralde-esparruak zein muga dituen, eta horretan oinarrituta izendatuko da ea
gehienez jota jendearentzako salmentarako esparrua zenbatekoa izan litekeen
merkataritza-gune handiei dagokienez. Izendapen hori egiterakoan, tipologiak
eta sektoreak kontuan hartuta, berariazko portzentaje batzuk zehaztuko dira
dagokion lurralde-esparruan egon litekeen eskarian bakoitzak izango duen
partaidetzarako.
6.- Merkatua
ahalik eta gardenena izan dadin, merkataritza-gune handi bat edo bere ustiapena
bideratzeko titulu juridikoak eskualdatu behar direnean, edo zuzenean zein
zeharka haren jabe diren baltzuen partaidetzak zein akzioak eskualdatu behar
direnean, eta Merkataritza Kodearen 42. artikuluaren arabera kontuak finkatu
beharra dagoenean, erosleak egoera horren berri eman beharko dio
merkataritza-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari; horretarako, 40
eguneko epea izango du, eskualdaketa egin denetik hasita. Betebehar bera izango
da, frankizia bidez ustiatuta daudela, txikizkako merkataritza-establezimenduak
jarri, jardueraz aldatu eta zabaldu nahi direnean, baldin eta frankizia-emailea
merkataritza-gune handi bateko lizentziaren baten titularra bada edo 3.
paragrafoan azaldutako baldintzetakoren bat betetzen badu.
7.- Herri
Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen
30/1992 Legeko 43. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, ebazpena eman eta
jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da. Epe hori igarota,
merkataritza-gune handiaren lizentzia-eskaria administrazio-isiltasunez
ezetsitzat jo dezake interesatuak.
Merkataritza-gune handien lizentziak
emateko prozeduran, txostena eskatuko zaio lehiaren babesa kontrolatu eta
bermatzeko ardura duen organoari.
8.- Merkataritza-guneak
jarri, jardueraz aldatu eta zabaltzeko lizentziaren bat jasoz gero, tasa bat
ordaindu beharko da hori dela eta.
Xedapen
Gehigarriak
Lehenengoa
Lege honetako artikulu bakarraren 8.
paragrafoan ezarritakoari jarraituz, merkataritza-gune handietarako baimena jasotzeagatik
ordaindu beharreko tasa sortu da; maiatzaren 29ko 13/1998 Legean, hau da,
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoen Legean
jasoko da tasa hori, era honetara idatzita:
"II.
atala. 10.02 tasa: merkataritza-gune handietarako baimena jasotzeagatik.
176.
Artikulua Bis - Zergagaia
Tasa honen zergagaia honako hauxe da:
merkataritza-gune handiak jarri, jardueraz aldatu edo zabaltzeko baimena
tramitatu eta emateko zerbitzuak egitea, alde batek hala eskatuta.
176. Artikulua Ter - Subjektu pasiboa
Tasa honen
subjektu pasiboak zergagai diren zerbitzuak hartu dituzten pertsona fisiko
nahiz juridikoak izango dira.
176. Artikulua Quater - Ordainkizuna
Zergagai diren
administrazio-jarduerak burutzen diren unean, orduantxe sortuko da tasa
ordaindu beharra. Dena den, eskaria egiten den unean eskatu ahal
izango da ordainketa.
176.
Artikulua Quinquies - Kuota
Hau izango da tasaren kuota:
1.- Jarri edo zabaldu nahi den
salmenta-esparruaren metro karratu bakoitzeko 500
pezeta (3,01 euro)
2.- Eskaera jarduera aldatzeko denean, lehendik
dagoen salmenta-esparruaren metro karratu bakoitzeko..................................................................... 250
pezeta (1,50 euro)"
Bigarrena
Euskal Autonomia Erkidegoak
barne-merkataritzaren arloan dituen eskumenak baliaturik, Eusko Jaurlaritzak,
euskal merkataritza-sektoreko eragileekin hitz egin eta gero, arauak eman ahal
izango ditu lege honen gai diren merkataritza-gune handietako saltokiak ireki
eta ixteko ordutegiari buruz, lehia libre eta leialari dagokion eran eta gaur
egun indarrean dauden muga orokorren barruan. Arau horietan, ordutegi
orokorraren gehienezko mugak ezarriko dira, hain zuzen lurraldeen artean
beharrezkoa den oreka eta orain dauden merkataritza-egituren garapena bermatuz.
Xedapen
Iragankor Bakarra
1.- Lege
hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurak, behin betiko ebazpena eman
arte, hasi zirenean indarrean zegoen legedian ezarritakoaren arabera
tramitatuko dira.
2.- 7/1994
Legearen 13. artikuluko 2. eta 5. paragrafoak, lege honetan eman zaien idazkera
dutela, araudi bidez garatu arte, 400 metro karratuko edo hortik gorako
merkataritza-gune handirik ezin izango da jarri, ezta beren jarduera aldatu
ere, eta oraingo establezimenduak ere ezingo dira zabaldu, baldin eta hedapen
horrek aipatu den metro-kopurua gainditzea badakar; salbuespen izango dira 13.
artikuluko 4. paragrafoan aipatutako establezimenduak.
Xedapen
Indargabetzaile Bakarra
Indarrik gabe geratuko dira Merkataritza
Jardueraren 7/1994 Legeko bigarren xedapen iragankorra eta urtarrilaren 20ko
5/1998 Dekretua.
Azken
Xedapenak
Lehena
Eusko Jaurlaritzak, lege
hau indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean, araudi bidez garatuko ditu
7/1994 Legearen 13. artikuluko 2. eta 5. paragrafoak, lege honetan eman zaien
idazkeraren arabera.
Bigarrena
Lege hau 2001eko
urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.