7/1994 Legea, maiatzaren 27koa, merkataritza ihardunaeri buruzkoa.
1994-05-27Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1994/6/13, 111. zk.; EAO, 2012/2/1, 27. zk.
§ 159. 7/1994 LEGEA, MAIATZAREN 27KOA, MERKATARITZA
IHARDUERARI BURUZKOA
ZIOEN ADIERAZPENA
Gure Autonomi Elkartean lehen aldiz
merkataritza-iharduera antolatu duen maiatzaren 19ko 9/1983 Legea indarrean
jarri zenetik hona hamar urte baino gehiago igaro diren honetan, iharduera
horren administrazio-arau berriak egiteko beharra sortu da zenbait gorabehera
dela eta.
Esan beharra dago 9/1983 Legea
erreferentzia egokia dela gauza askotarako eta hura aplikatzetik eratorritako
praktika testu berri osorako argibide izan dela. Halere, funtsezko aginduetako
batzuk berrikusi behar dira, gure barne-merkataritzaren etorkizuna aurrikusiz,
hori izango baita araubideak oinarritzat izango duen eremu materiala.
Hain zuzen, 1986.eko urtarrilaren 1ean
sartu ginen Europako Elkartean, eta estatuen bateratze-bide dinamikoa den
horren unerik gailenena Europako Merkatu Bakarra ihardunean jartzea da.
Gertaera horrek legezko eta egitezko aldaketak eragingo ditu, eta horiek direla
eta, gizarte eta ekonomia-harremanak berriz egituratuko dira. Gauzak horrela,
tokiko merkatuek eta merkatu txikiek gero eta erreferentzia zentzugabeagoa
osatuko dute, eta handiak, zabalak eta lehiarako prest daudenak hartuko dira
kontuan.
Gure barne-merkatua eta
merkataritza-enpresak bultzatu behar dituen gaurkotasun- eta berritasun-asmoak
agerpen asko ditu araubide berrian.
Batetik, legearen eremu materialak merkataritzaren betidaniko ikusmoldea
gainditu du. Merkataritza ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko beharrezko maila
delakoa zabalago hartzen da, bien arteko lotura askotan gertatzen baita
bitartekari baten banaketa-zerbitzuen beharrik izan gabe. Bestetik, salgaiak
banatzen dituen enpresa baten iharduera lege honi atxiki behar zaio, salgaiak
kontsumorako direnentz kontuan izan gabe. Azkenik, edozein zerbitzu-enpresak
bere iharduera lege honen arabera egokitu beharko du, zerbitzu horiei buruzko
berariazko araubideren batek arautzen ez duenean.
Gaurkotasunerako
interesgarria den beste ezaugarri bat betidanikoetatik bereizten diren
merkataritza-formulak arautzea da, gaur arte gure legedian ageri ez zirenak,
hala nola, urrutiko salmenta, sustapeneko salmenta, aldizko salmenta eta makina
automatikoen bidezkoa, edo behar bezainbatean arautuak izan ez direnak.
Eraberritzearen
gaurkotasun-asmo hori testu berriak islatzen duen merkataritza-enpresaren eta
bere ihardueraren ikuskeran ere nabarmena da. Batetik, merkatariek euren
negozioa ezagutu behar dute, iharduerak garaiz egitamutu: azken finean, enpresa
antolatu behar dute. Bestetik, enpresek ez dute merkatua eta enpresaren
derrigorrezko gardentasuna nahas dezakeen arauz kanpoko iharduerarik izan
behar, bestela ez baitira bermatuko merkatu horretan biltzen diren interes
desberdinak, batzuetan oso elkarren aurkakoak izaten direnak.
Eraberritzearen berritasun-asmoa nabarmen gertatzen
da, autonomi elkarteko araua izanik berorren aginduetan gai horretako
araugintza-aginpidea agortzeko ahalegina egiten den aldetik. Eremu hori
zehazten ari dira Konstituzio Auzitegiaren zenbait adierazpen, arlo honekin
lotuta dauden edo berekoak diren gaiei buruzkoak, hala nola,
ekonomia-ihardueraren oinarriak, lehiaren defentsa, berdintasunerako oinarrizko
baldintzak, zuzenbide pribatuko eta auzibideko legedia eta osasun-arloa.
Bigarrenik, legediaren eraberritze honen
sorburu den beste bigarren ideia bat legeak ageri duen sistematizatzeko ardura
da. Horren arabera, araubidezko sail bakar batean bilduko dira antolaketari
buruzko erabaki guztiak, eta horiei, produktu eta zerbitzuen sustapenerako
merkataritza-ihardueraren araudia ere gehituko zaie, merkataritza-lehiaketek
osatutakoa. Halaber, testu berriak publizitate eta informazioari buruzko
erabakiak ere baditu, bai eta araudietako aginduen eraginkortasunaren
kontrolari buruzko idazpuru bat ere.
Testuaren sistematizazioa praktikotasunez
egin da, eta, ondorioz, aginduen idazkera eta arlo honekin lotuta dauden edo
arlo berari dagozkion beste jaurbide batzuen aipamenak benetan ulergarriak
dira. Horrela, lege honek helburu duen araugintzari argitasun nabaria eman
zaio, edukinen zehaztasunari kalterik egin gabe, edukinok araudi bidez
garatzeko errazak gerta daitezkeelarik. Horri esker, zuzenbide-estatuaren
iharduerarako ezinbestekoak diren gai honen lege-defentsari buruzko alderdiak
indartuko dira.
Hirugarrenik, eraberritzea
planteatzerakoan orientabidezko zentzu zabal eta parte hartzekoa izan da
kontuan. Bideratzeko ahalmena aginduek azaltzen duten merkatu eta
merkataritza-iharduerarekiko ikuskeran islatzen da.
Zabaltasuna eta parte hartzeko izaera
arauaren onarpenaren aurreko eta ondorengo zenbait alderdik adierazten dute.
Batetik, araua prestatzeko lanetan
kontsumitzaile, langile, enpresari eta udalek parte hartu dute. Haietan sortu
diren gogoetak baliagarriak izan dira aginduen ikusmolde egokituagoa emateko,
bai eta doakienek harrera hobea egiteko ere.
Bestetik, arauan,
merkataritza-ihardueretarako kide anitzeko partaidetza-organo bat sartu da,
gizarte- eta ekonomia-eragileen arteko eztabaidaren bitartez gai honetan
adostasunezko politika zabalagoa garatu ahal izan dadin.
Azkenik, Euskal Herriko Autonomi
Estatutuaren 3/1979 Lege Organikoan jasotzen diren aginpideak izendatu behar
dira, bereziki 10. ataleko 25, 27, 28 eta 31 zenbakietan agertzen direnak, lege
honen gaitzaile baitira.
I IDAZPURUA
EZARPEN EREMUA
Lehenengo
Atala - Legearen helburua
Lege honen helburua
merkataritza-iharduerari administrazio-araubidea ezartzea da, bai eta Euskal
Herriko Autonomi Elkarteko merkataritza-egitura hobetzea ere.
2.
Atala - Merkataritza-iharduera. Zer den
Lege honen ondorioetarako,
merkataritza-ihardueratzat hartzen da saltzeko eskuratutako produktu edo
salgaiak merkaturatzea, salgai horiek nabarmen aldatu gabe, bai eta ekoizle,
eskulangile edo industrilariek zuzenean azken saltzea ere.
Azken kontsumorako ondasunak,
ekoizpen-prozesuetan, merkataritzakoetan edo besteri zerbitzuak ematekoetan
sartzekoak ez direnak dira.
3.
Atala - Besteri zerbitzuak ematea
Merkataritza-ihardueratzat hartuko da,
halaber, besteri zerbitzuak ematea ere, aurreko atalean zehaztutako azken
izaeraz merkatuan eskaintzen direnean.
Besteri zerbitzuak ematea ere lege honen
agintepean egongo da, beti ere hari buruzko bestelako arau zehatzik ez
dagoenetan.
II IDAZPURUA
MERKATARITZA IHARDUERA GAUZATZEA
I
ATALBURUA
HATSAPEN OROKORRAK ETA GAUZATZEKO BALDINTZAK
4.
Atala - Merkataritza-ihardueraren esparrua
Merkataritza-iharduera lehia aske eta
leialaren hatsapenaren arabera garatuko da eta kontsumitzaile eta
erabiltzaileen defentsarena kontuan izanez, merkatu-ekonomiaren eta haren
plangintza orokorraren esparruan.
5.
Atala - Ohiz kanpoko neurriak eta legez kanpoko praktikak
1.- Aurreko
atalean ezarritakoari kalterik sortu gabe, Eusko Jaurlaritzak, merkataritzako
aginpidea duen sailaren proposamenez, ohiz kanpo iharduerarako neurriak hartu
ahal izango ditu elikagaien eta/edo behar-beharrezko produktuen
banaketa-bideetan, horniketa-defizitak hala eskatzen duenean.
2.- Merkataritza-iharduera
gauzatzerakoan ezin egingo da produktuen ohizko banaketaren edo
zerbitzu-emanketen prozesuan unean uneko edo etorkizunerako arrazoitu gabeko
bereganatze, geratze edo garestitzea sor dezakeen praktikarik, ez eta inolako
bereizkeriarik sor dezakeenik ere, horrelako praktikak kontsumitzaile eta
erabiltzaileen kalterako izan daitezenean.
6.
Atala - Gauzatzeko baldintzak
1.- Merkataritza-iharduerak
indarrean dagoen legediaren arabera beharrezko gaitasun juridikoa dutenek
gauzatuko dituzte.
2.- Enpresa-askatasunaren
hatsapen orokorrari kalterik sortu gabe, baldintza eta gaitasun jakin batzuk
edo halako titulazio eskatu ahal izango dira administrazioko emakida edo baimen
bereziren bat behar duten edo produktu edo zerbitzuaren izaera dela eta
trataera berezia eskatzen duten merkataritza-iharduerak gauzatzeko, bai eta
herri-interesa kontuan hartzeagatik ere.
3.- Jaurlaritzak,
21. atalean jasotakoari kalterik sortu gabe, merkataritzako iharduera-modu
jakin batzuetan aritzeko baldintzatzat jo ahal izango du, araudiz, berme edo
fidantzak ematea, interes orokorreko arrazoiak medio.
7.
Atala - Merkataritza-enpresen betebeharrak
Merkataritza-enpresek beren iharduera eta
ihardunbiderako ezarrita dauden agiri, informazio, liburu edo erregistroari
buruzko betebeharrak bete beharko dituzte eta dagozkien Ekonomia
Ihardueragatiko Zergaren idazpuruetan izena emanda egon beharko dute.
II ATALBURUA
ESKAINTZAREN ETA PREZIOEN BALDINTZAK
8.
Atala - Eskaintzaren baldintzak
1.- 4.
atalean ezarritakoaren arabera, merkataritza-iharduera gauzatzerakoan, produktu
edo zerbitzuen jatorri, kalitate eta kopurua, prezioa eta salmentako edo
emanketako baldintzak, eskainitakoak izango dira eta, beti ere, haiek arautzen
dituen araudiaren arabera eska daitezkeenak.
Eskaintzaileak, horretarako, produktu edo
zerbitzua ezagutzeko informazio egokia, erabilerak dituen arriskuak eta
eskuratzeko baldintzak jakinarazi beharko ditu.
2.- Halaber,
merkataritza-eragiketarik gertatzen bada eta hartzaileak hala eskatuz gero,
merkataritza-enpresek derrigorrez eman beharko dute merkataritza-eragiketari
buruzko xehetasunak azaltzeko nahikoa agiri.
9.
Atala - Produktu eta zerbitzuen prezioa
1.- Eskaintza
egiten dutenek askatasuna izango dute produktu eta zerbitzuen prezioa
finkatzeko, indarrean dagoen legediak ezarritako mugen salbuespenaz.
2.- Merkataritzarako
produktuek argi azalduko dute zein den haien prezioa, hartzaileek
eskaintzaileari galdetu beharrik izan ez dezaten. Erakustokietako gaien
prezioak kanpotik ikusteko moduan jarri beharko dira. Erabiltzaileekiko
zerbitzuak eskaintzen dituzten merkataritza-etxe guztiek jendeak ikusteko
moduan azaldu beharko dituzte gaiei aplika dakizkiekeen prezioak.
Prezioen informazioari dagokionez,
salbuespen edo baldintza bereziak ezarriko dira araudi bidez segurtasuna,
homogeneotasuna nahiz produktu edo zerbitzuaren izaera dela eta.
3.- Multzoka
saltzeko diren produktuetan, neurri-unitate bakoitzari dagokion prezioa
adieraziko da. Multzoka saldu ohi diren produktuetan, aldez aurretik ezarritako
kopuru edo bolumenetan jartzen badira salgai, ohizko neurri-unitateko prezioa
azalduko da, produktuaren neurria eta prezioa guztira.
4.- Iragarritako
salmenta-preziotzat hartuko da eskura ordaindu ondoren lortutako produktu edo
zerbitzuari zerga eta guzti dagokion prezioa.
5.- Merkatariak
onartzen diren ordainbideak zeintzuk diren azalduko du, bai eta produktua
itzultzeko aukerarik ba al dagoen ala ez eta itzultze hori, erosleari
interesatzen edo komeni zaiolako bakarrik bada, zein baldintzatan gauzatuko den
ere.
III ATALBURUA
BIDEGABEKO PUBLIZITATEA
10.
Atala - Bidegabeko publizitatea merkataritza-iharduera gauzatzerakoan
1.- Eusko
Jaurlaritzak, atal honetan ezarritakoaren arabera eta kontsumitzaile eta
erabiltzaileen bidezko interesen defentsarako, merkataritza-iharduera
gauzatzerakoan bidegabeko publizitatea erabiltzea saihesteko beharrezkoak diren
ekintzak sustatuko ditu.
2.- Horretarako,
eta legez ezarritako ekintzei kalterik sortu gabe, bere kabuz edo doakionaren
eskariz, bidegabeko publizitatea eten edo aldatzeko ihardunbidea izapidatu ahal
izango du Eusko Jaurlaritzak auzitegi aginpidedunean, indarrean dagoen
publizitateari buruzko legediaren arabera.
3.- Sailarteko organo bat osatuko da araudi bidez eta hari
egotziko zaizkio aurreko idazatian ezarritako ahalmenak.
IV ATALBURUA
MERKATARITZA-ETXEA
11.
Atala - Merkataritza-etxea
Merkataritza-iharduera merkataritza-etxe
batean gauzatu beharko da, lege honen III. idazpuruan, salmenta-modu bereziei
buruzkoan, ohartemandako salbuespenetan ezik.
Merkataritza-etxetzat hartuko dira
merkataritza-iharduera batera atxikitako eraikinak eta tegiak.
Jendearentzat irekita daudeneko ordu eta
egunak kanpoaldetik ikusteko moduan jarriko dira merkataritza-etxeetan.
12.
Atala - Irekitzeko baimena
Merkataritza-etxeak irekitzeko baimenak
udalek emango dituzte lege honetan ezarritakoan oinarrituz eta ezartzekoa den
araudiaren arabera.
13.
Atala - Merkataritza-etxeak jartzea
Eusko Jaurlaritzak ezarri
ahal izango ditu merkataritza-etxeak jartzeari buruzko udal-arauek jarraitu
beharko dituzten irizpideak, ondorengo helburuak lortzearren:
a) Merkataritza-hornikuntzaren
eta horren lurralde-banaketaren arteko oreka egokia.
b) Enpresa txiki eta
ertainaren sustapena lehiarako askatasunaren esparruan.
c) Kontsumitzaileen beharrak
beteko dituzten beste batzuk, haien bidezko interesak defendatuz.
Euskal Herriko Lurralde Antolaketari
buruzko 4/1990 Legean ohartemandako lurralde-antolaketarako tresnetan finkatuko
da zer-nolako lurralde-irizpideak erabiliz jarri edo aldatuko diren
salmentarako 2.000 metro koadro baino azalera handiagoa duten
merkataritza-etxeak edota, handiturik, azalera hori lortu edo gainditzen
dutenak.
III IDAZPURUA
SALMENTA MODU ETA PRAKTIKA BEREZIAK
I
ATALBURUA
OHIZKO MERKATARITZA-ETXETIK KANPOKO
SALMENTAK
14.
Atala - Motak
Ohizko merkataritza-etxetik kanpo
gauzatutako salmentak dira kaleko salmentak deiturikoak, etxez etxekoak,
urrutikoak eta aldizkoak.
15.
Atala - Kaleko salmenta. Zer den
Kaleko salmenta ohizko saltzaileek edo
noizean behin saltzen dutenek merkataritza-etxe batetik kanpo gauzatutako
salmentak dira, saltoki edo eraikuntza desmuntagarrietan edota ibilgailuetan.
Kaleko salmentak udalaren baimena beharko du; baimen hori besterenganaezina
izango da eta gehienez urtebeteko iraupena izango du.
Merkataritza-lekuetako sarbidean eta
erakustokien aurrean ezin egingo da salmenta-mota hori.
16.
Atala - Kaleko salmenta arautzea
1.- Udalek beren eraginpeko lurraldeetan arautu
ahal izango dute kaleko salmenta. Antolatuta ez dagoen udaletan ezin gauzatuko
da kaleko salmenta. Udal-arauek derrigorrez ezarri beharko dituzte:
a) Baimena lortzeko
baldintzak; ondorengoak izango dira gutxienez:
1. Saltzailearen bizilekua
jakinaraztea.
2. Dagozkion Ekonomia
Ihardueragatiko Zergaren idazpuruetan izena emanda egotea eta zerga horren
ordainketak eguneratuak izatea.
3. Dagokion Gizarte
Segurantzaren jaurbidean izena emanda egotea.
4. Merkataritza-produktuei
eta instalakuntzei buruzko berariazko arauek ezartzen dituzten garbitasun- eta
osasun-baldintzak edo bestelakoak ere betetzea.
b) Kaleko salmenta-mota
desberdinen ezaugarriak zehaztea. Horren arabera, ondorengoak bereiziko dira:
1. Betidanik antolatu diren
aldizkako merkatuak edota berriak, leku jakinetan eta maiztasun finko batez
jartzen direnak. Gehienez astean bitan antolatuko dira.
2. Azokak, jaiak edo herriko
ospakizunak direla eta, noizean behin ezartzen diren merkatuak.
3. Kamioi-denda edo kaleetan
jartzen diren postuetako salmentak, egoera eta baldintza jakinetan
baimendutakoak.
c) Lekua, salbuetsitako
inguruneak, maiztasuna, ordutegia, baimenen kopurua eta baimendutako produktuak
zehaztea.
2.- Baimenean
argi azalduko da zein produkturi dagokion, bai eta zein leku, egun eta ordutan
egin ahal izango duten baimendunek kaleko salmenta.
3.- Kaleko
saltzaileak nahitaez jakinarazi beharko du, ageriko txartel baten bidez,
kontsumitzaileen erreklamazioei, halakorik balego, erantzungo zaien lekuko
helbidea. Helbide hori beti ere fakturan edo salmenta-egiaztagirian azalduko
da.
17.
Atala - Salbuetsitako hiri-ingurunea
1.- 15.000
biztanletik goragoko udal guztietan zehaztuko da "salbuetsitako
hiri-ingurunea", eta bertan ezin gauzatuko da kaleko salmenta.
2.- Salbuetsitako
hiri-ingurunea bertako udalak zehaztuko du, dagokion merkataritza-ganbara
ofizialari entzun ondoren, ingurune horretako merkataritza-hornikuntzaren eta
horrek herritarren kontsumo-gaitasunarekiko duen egokitasunaren arabera.
3.- Ezarriko
den salbuetsitako hiri-ingurunea homogeneoa eta etengabea izango da, eta, beti
ere, hirigunean kokatuko da.
18.
Atala - Salbuespenak
Azokak, jaiak, herriko ospakizunak edo
tradiziozkoak direla eta, aurreko ataleko lehen idazatian aipatzen den
salbuetsitako hiri-ingurunean kaleko salmenta gauzatzeko debekutik kanpo
geratuko diren merkatuak araudiz ezarriko dira, dagokien udalei eta udal
horretako merkatari eta kontsumitzaileen elkarterik ordezkagarrienei entzun
ondoren.
19.
Atala - Jagotea eta kontrola
Kaleko salmentari dagokionez, udalei
dagokie garbitasun-, osasun- eta segurtasun-arauak eta merkataritza-iharduera arautzen
dutenak betetzen direla bermatzea, bai eta arau-hauste arin eta larriak
kontrolatu eta zigortzea ere, beste herri-administrazio batzuei egotzitako
aginpideei kalterik sortu gabe.
20.
Atala - Etxez etxeko salmenta
1.- Etxez
etxeko salmentatzat hartzen da bizileku pribatuetan, astialdi- eta
bilera-lekuetan, lantokietan eta antzekoetan egindako eskaintzaz gauzatzen dena
eta ez saltzailearen merkataritza-etxean egindakoaz.
2.- Salmenta-mota
hori eskaintzeko publizitatea kontsumitzaileari eman beharko zaio, eta
ondorengo alderdiak izan beharko ditu:
a) Enpresaren bereizgarriak eta helbidea.
b) Salmenta mota hau
gauzatzeko baimenaren zenbakia.
c) Produktu edo zerbitzua merkatuan zalantzarik
gabe hautemateko beharrezkoak diren datuak.
d) Ordaintzeko kopuru, modu eta baldintzak,
bidaltzeko gastuak eta epea.
3.- Beste
edozein motatako salmentaren bidez eskuratutako salgaiak etxera eramatea ez da
aurreko gaiaren barruan sartuko.
21.
Atala - Baldintzak
1.- Merkataritza-gaietan
aginpidea duen sailari dagokio etxez etxeko salmenta-mota gauzatzeko baimenak
ematea. Horretarako, eskatzaileek 16. ataleko lehen idazatiko a) puntuan
ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
Etxez etxeko salmenta gauzatzeko, enpresek
berme-fidantza utzi beharko dute, araudiz finkatutako baldintzetan.
Etxez etxeko salmentak egiten dituzten
enpresek administrazioko agintarien eskura izan beharko dute salmenta-mota
horretan parte hartzen duten langileen zerrenda eguneratua.
2.- Saltzaileak
erosleari erakutsi beharko dizkio enpresaren izena, salmentarako baimena eta
berak zeren gisa diharduen azaltzen duten agiriak.
22.
Atala - Urrutiko salmenta
1.- Urrutiko
salmenta da saltzaileak bere eskaintza komunikabideren baten bitartez eginez
gauzatzen dena, eta erosleei eskakizunak komunikabide horren bidez edota
urrutiko beste batez egiteko eskatzen dielarik.
2.- Merkataritza-gaietan
aginpidea duen sailari dagokio salmenta-mota hori gauzatzeko baimenak ematea.
Horretarako, eskatzaileek 16. ataleko lehen idazatiko a) puntuan ezarritako
baldintzak bete beharko dituzte.
3.- Beti
ere, benetako produktuak eskaintzen denaren ezaugarri berberak izango dituela
bermatuko da.
4.- Eskaintzaren publizitateak
ondorengo alderdiak jaso beharko ditu:
a) Enpresaren
bereizgarriak, helbidea eta baimenaren zenbakia.
b) Produktu edo zerbitzua, merkatuan zalantzarik
gabe hautemateko beharrezkoak diren datuak.
c) Ordaintzeko kopuru, modu eta baldintzak,
bidaltzeko gastuak eta epea.
5.- Kontsumitzaile
edo erabiltzaileek aldez aurretik eskatu dituzten produktu edo zerbitzuak
bakarrik bidali ahal izango dira.
Aurreko lerroaldian azaldutakoa ez da
produktuen sustapenerako lagin edo opariak bidaltzerakoan ezarriko, guztiz
doakoak direla argi eta garbi azaltzen bada, bai eta kontsumitzaileak inolako
erantzukizunik ez duela ere.
23.
Atala - Aldizko salmenta
1.- Aldizko
salmenta izenez ezagutzen da iharduera horretarako ohizkoak ez diren
merkataritza-etxeetan hilabete baino denbora laburragoz gauzatu eta kaleko
salmenta ez dena.
2.- Salmenta-mota
hori merkataritza-gaietarako aginpidea duen sailak baimendu beharko du.
3.- Eskabidean honako alderdi hauek zehaztu
beharko dira:
a) Saltzailearen
bereizgarriak.
b) Produktuen ezaugarrien
azalpena.
c) Administrazioko eta
zergabidezko baldintzak betetzea.
d) Aretoa erabiltzeko agiria.
Halaber, eskabidearen baldintzak
egiaztatzeko agiriak aurkeztuko dira.
4.- Aldizko
salmenta berariazko legepean ez dagoen enkante bidez gauzatzen denean, hau da,
enkantetzat produktuak gainontzeko balizko erosleek baino diru-kopuru handiagoa
eskaintzen duenari ematea dela ulertzen denean, produktua esleitzeko gutxieneko
baldintzen zehaztapena ere eskatuko da.
II ATALBURUA
BESTE SALMENTA-MODU BEREZIAK
24.
Atala - Merkealdiko salmenta
1.- Enpresariak
prezioak ezartzeko eta egoki deritzen eskaintzak egiteko duen askatasunari
kalterik sortu gabe, publizitatean merkealdiko salmenta izena ez da erabiliko,
indarrean dagoen legedian ezarritakoaren arabera, salmentetan ohizko prezioa,
urtaro-aldaketa, denboraldi-amaiera edo aipatu legedian zehaztutako denboraldi
edo sasoietan salgaiak berritu beharra dela eta, jaisten denean baizik.
Nolanahi ere, merkealdien publizitatea urteko bi denboraldi edo sasoitara mugatuta
geldituko da, denboraldi bakoitzean bi hilabetekoa izango delarik gehienera.
Salmenta-modu hau egiteko,
merkataritza-gaietan aginpidea duen sailari horretan hasi baino lehen
jakinaraziko zaio.
2.- Salmenta
horietan, zalantzarik ez sortzeko moduan azalduko da produktu bakoitzaren
lehengo prezioa eta orain eskaintzen dena, 9. ataleko 2. idazatian
ohartemandako berezitasunez.
3.- Merkealdiko
salmenta izenaren erabilera debekatuta dago ondorengo gaiak saltzeko:
a) Hondatuta daudenak.
b) Merkealdiko salmentarako eskuratutakoak.
c) Merkealdiko salmentak hasi baino hilabete
lehenago azken kontsumitzailearentzako salgai ez zeudenak.
4.- Salgai
dauden produktu guztiak merkealdikoak ez badira, beherapena dutenek egoki
bereizita egon beharko dute besteetatik.
25.
Atala - Soberakinen salmenta
1.- Soberakinen
salmenta produktu hondatuak edo erabiltzen ez direnak saltzea helburutzat duen
salmenta da.
2.- Salmenta-mota
horretan eta horren publizitatean nahikoa argibide eman beharko da eragin duten
egoera eta zergatiak azaltzeko.
3.- Salgai
dauden produktu guztiak soberakin-salmentakoak ez badira, salmenta-mota honetan
eskainitakoek besteetatik aldendurik egon beharko dute.
26.
Atala - Azken-salmentak
1.- Azken-salmentatzat
hartuko da ondorengo arrazoiren bat dela eta ohiz kanpo egindako salmenta:
a) Merkataritza-ihardueraren
behin-behingo edo behin-betiko etenaldi osoa edo zatizkoa. Etenaldia
zatizkoa bada, azken-salmentako salgaiak zein diren adierazi beharko da.
b) Aretoa itxi edo aldatzea.
2.- Azken-salmentak
merkataritza-etxearen izakinak izan diren produktu edo salgaietan bakarrik
izango du eragina.
3.- Azken-salmentako
publizitate guztietan adierazi beharko dira eragin duten arrazoiak, bai eta hasiera-data
eta iraupena ere. Halaber, lehengo prezioa eta salgai horrentzat eskaintzen
dena edo azken-salmentari aplika dakiokeen beste edozein pizgarri ere adierazi
beharko da.
4.- Azken-salmenta
merkataritza-gaietako aginpidea duen sailari jakinarazi beharko zaio hasi baino
zazpi egun lehenago, zergatia, hasiera-data, iraupena eta salgaien zerrenda ere
azalduz.
27.
Atala - Baldintzak
Azken-salmentak produktuak salgai egon
diren merkataritza-etxe berean egin beharko dira, ezinbesteko arrazoiren batek
edo epailearen edo administrazioaren ebazpenen batek galerazten ez badu edota
salmenta egiteko zergatiek besterik eskatzen ez badute.
Azken-salmenta deitzeko, aurrekoa amaitu
zenetik 12 hilabeteko epeak igaro beharko du, ezbehar edo ezinbesteko arrazoiak
eragindakoa ez bada.
28.
Atala - Sustapeneko salmenta
1.- Sustapeneko
salmentak izango dira produktu edo zerbitzu jakin batzuen salmenta ezagutarazi
edo bultzatzea helburutzat dutenak erosleei abantailak eskainiz, hala nola,
deskontuak, opariak, sariak edo beste edozein pizgarri.
2.- Sustapeneko
salmentak nahikoa argibide eman beharko du aldez aurretik edo egin bitartean,
alderdiok argi azalduz:
a) Sustapenaren xede diren produktu edo
zerbitzuak.
b) Sustapenaren baldintzak.
c) Sustapenaren indarraldia.
3.- Saltzaileak
itxaron daitekeen eskaera hornitzeko adina izakin izan beharko du, eta
publizitateak ez du eskainitako produktuaren izakinik den alditik gora iraungo.
4.- Sustapeneko
salmentaren xede diren produktu edo zerbitzuek ez dute euren balioa murritz
dezakeen inolako kalterik izango.
29.
Atala - Salmenta automatikoa
1.- Salmenta
automatikoa horretarako prestatuta dauden makinen bitartez egindakoa da,
eskatzen den diru-kopurua haietan sartu ondoren, saltzaileak bitarteko-lanik
egingo ez duelarik.
2.- Mota
honetako praktikarako, ondorengo datuak makinan azalduko dira ongi ikus
daitekeen lekuan:
a) Erabilitako makinaren
administrazioko homologazioa.
b) Saltzailearen bereizgarriak, bai eta bere
helbidea ere, makina hondatu edo erreklamazioren bat sortzen denerako.
c) Erabiltzeko baldintzen eta produktu edo
zerbitzuen azalpena.
3.- Salmenta-mota
honetan erabilitako makinek sistema bat izan beharko dute, salgairik ez
dagoenean edo makina bera gaizki dabilenean dirua itzultzeko.
4.- Edari
alkoholdunak eta tabakoa makinen bidez saltzeko, Drogamenpekoen alorreko
Aurrehartze, Laguntza eta Birgizarteratzeari buruzko 15/1988 Legean edo lege
hori ordezkatu edo garatzen duen araudian ezarritakoaren arabera jokatuko da.
5.- Elikagaien
salmenta automatikoa horiek indarrean dagoen berariazko araudiaren arabera
ontziratu eta etiketatuak daudenean bakarrik egin ahal izango da.
6.- Udalek makina horiak merkataritza-etxeen kalpoaldean jartzeko
baimena ematerakoan gogoan izango dituzte, bestelako irizpideen artean, hala
eskatutako leku publikoen zertzeladak nola alderdi horretako
merkataritza-hornikuntza.
III ATALBURUA
MERKATARITZA-PRAKTIKA BEREZIAK
30.
Atala - Katea edo piramide gisako salmenta
1.- Piramide
edo katea gisako salmentatzat joko da kontsumitzaile edo erabiltzaileei
produktuak edo zerbitzuak prezio merkean edo doan eskaintzea, horren ordainetan
kontsumitzaile edo erabiltzaileek, zuzenean nahiz zeharka, beste bezero batzuk
edo halako salmenta-kopurua lortu behar izango dutelarik.
2.- Debekatu
egiten da kontsumitzaile nahiz erabiltzaileek katea edo piramide gisako
salmentetan bitartekari izatea.
31.
Atala - Sari edo opariak banatzeko zozketak
Merkatari batek edozein kontsumitzaile edo
erabiltzaileri halako zozketa dela eta sari edo opariren bat dagokiola esaten
dionean, ezin izango dio, ez zuzenean ez eta zeharka ere, horiek emateko
inolako zerbitzu edo produkturik erosarazi.
IV IDAZPURUA
MERKATARITZA LEHIAKETAK
32. Atala - Merkataritza-lehiaketak. Zer diren
1.- Merkataritza-lehiaketa
izena hartzen dute helburuok dituzten merkataritza-izaerazko agerpenek: ondasun
eta/edo zerbitzuen erakusketa, hedapena eta merkataritza-sustapena,
merkataritza-eskualdaketa ondoriotzat izan dezaketen eskaintza eta eskaeraren
hurbilpena erraztea eta merkatuaren gardentasuna bultzatzea.
Merkataritza-lehiaketen aginpidea duen sailak aldez aurretik hala baimendurik,
inoiz zuzeneko salmentarik egin ahal izango da lehiaketen barruan.
2.- Aurreko
zenbakian azaldutako merkataritza-lehiaketek "azoka" izena hartuko
dute aldizka egiten direnean, eta "erakusketa" izena halako tarte
jakinik ez dutenean.
3.- Merkataritza-lehiaketen
sailkapena araudi bidez zehaztuko da, erakutsi beharreko ondasun eta/edo
zerbitzuen jatorriaren eta ezaugarrien arabera.
33. Atala - Merkataritza-lehiaketa ofizialak
1.- Merkataritza-lehiaketak
ofizialtzat hartuko dira gai horretan aginpidea duen sailak antolaketa eta
ospakizuna bera baimentzen dituenean, araudi bidez zehaztuko diren baldintzak
aurretiaz bete badira eta sail horrek urtero egin eta Euskal Herriko
Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den Euskal Herriko Lehiaketen Egutegi
Ofizialean azaltzen badira. Merkataritza-lehiaketa ofizial hauek
irabazi-asmorik gabekoak izango dira.
2.- "Azoka
ofiziala", "erakustazoka ofiziala", "azoka ofizial
monografikoa", "areto ofizial monografikoa" edo antzeko izenak,
eremuari erreferentziarik egiten ote dioten kontuan izan gabe, atal honetako
aurreko zenbakian aipatzen diren merkataritza-agerpenetan bakarrik erabili ahal
izango dira.
3.- Merkataritza-lehiaketen
antolakuntza eta ospakizuna bera, erakutsi beharreko ondasun eta/edo zerbitzuen
jatorria dela eta Euskal Herriaren lurraldea bezainbesteko eremua edo zabalagoa
hartzen dutenean, lege honen 35. atalean zehaztutako azoka-erakundeen esku
geratuko dira, araudi bidez ezarritakoaren arabera.
4.- Merkataritza-lehiaketa
bakoitzak lantalde bat izango du antolatzaileei agerpenaren garapenerako eredu
nagusiak adierazteko. Lantaldekideen izendapena merkataritza-lehiaketa
bakoitzaren erakunde antolatzailearen aginpide izango da eta horrek
merkataritza-lehiaketaren aginpidea duen sailari jakinarazi beharko dio,
sailak, aldi berean, lantalderako ordezkari bat edo batzuk izendatu ahal izango
dituelarik. Lantaldearen osaketa, aginpideak eta iharduera araudi bidez
zehaztuko dira.
34. Atala - Merkataritza Lehiaketen Batzordea
1.- Eusko
Jaurlaritzak, gai horren aginpidea duen sailak hala proposatuta, Euskal Herriko
Merkataritza Lehiaketen Batzordea osatuko du, sailari atxikia, erakundeen eta
gizarte- eta ekonomia-eragileen topagune izan dadin. Batzorde horren aginpidea
proposamenak egin eta azokei buruzko politika-gaietan aholkuak ematea da.
2.- Batzordearen
zeregin, osaketa eta ihardunbidea araudi bidez zehaztuko dira. Bertan parte
hartuko dute lurralde historikoetako foru-aldundiek, Euskal Udalerrien
Elkarteko ordezkaritza batek, Euskal Herriko merkataritza-ganbara ofizialek,
enpresarien erakundeek eta Euskal Herrian egingo diren merkataritza-agerpenekin
zerikusirik handiena duten ekonomia-alorrek.
35. Atala - Merkataritza-lehiaketen antolatzaileak
1.- Idazpuru honek aipatzen dituen merkataritza-lehiaketak
ondorengoek antolatu ahal izango dituzte:
a) Azoka-erakundeek.
b) Beste erakunde
antolatzaile publiko edo pribatuek.
2.- Azoka-erakundeak,
berariazko nortasun juridikoa duten irabazi-asmorik gabeko erakundeak dira, eta
haien helburua merkataritza-lehiaketak sustatu eta antolatzea izango da.
Azoka-erakundeak beren estatutuek arautuko
dituzte, eta antolaketa, administrazio, eraketa eta desegiteari buruzko guztia
ere arautuko dute, bai eta haien gobernurako organoen eskumenak ere; organo
horietan ordezkatuta egongo dira Eusko Jaurlaritza, bakoitzean dagokion
foru-aldundia eta erakundea dagoen tokiko udala eta merkataritza-ganbara
ofiziala, beste herri-erakunde edo erakunde pribatu batzuen partehartzeari
kalterik sortu gabe. Azoka-erakundeen estatutuak merkataritza-lehiaketen
gaietan aginpidea duen Eusko Jaurlaritzako sailak onartu beharko ditu.
3.- Eraketa
egokirako eta azoka-erakunde gisa iharduteko baldintza eta betekizunak araudi
bidez zehaztuko dira.
36. Atala - Merkataritza Lehiaketen Erregistro Ofiziala
1.- Eusko
Jaurlaritzak Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Merkataritza Lehiaketen
Erregistro Ofiziala sortuko du, gai horretako aginpidea duen sailaren menpean
egongo dena.
2.- Merkataritza
Lehiaketen Erregistro Ofizialak bi atal izango ditu. Lehen atalean azoka
-erakundeek eta merkataritza-lehiaketa ofizialen antolaketa helburutzat duten
gainontzeko erakunde antolatzaileek eman beharko dute izena, araudi bidez
ezarriko diren baldintzak bete ondoren.
Bigarren atalean, baimendutako eta gai
horretan aginpidea duen sailak ofizialtzat hartutako merkataritza-lehiaketek
emango dute izena, araudi bidez zehaztuko diren baldintza eta epeak bete
ondoren. Izena ematearen ondorioz, lehiaketa Euskal Herriko Merkataritza
Lehiaketen Egutegi Ofizialean sartu ahal izango da. Atal honetan emango dute
izena, halaber, eta egutegi ofizialean sartuko, dagokion agintaritzak
nazioartekotzat hartzen dituen merkataritza-lehiaketak.
37. Atala - Dirulaguntzak eta bestelakoak
Merkataritza-lehiaketak egiteko
dirulaguntzak edo bestelako laguntza publikoak lortu ahal izateko, aurreko
atalean adierazitako erregistroaren bigarren atalean izena emanda egotea
eskatuko da.
V IDAZPURUA
ARAU HAUSTEAK ETA ZIGORRAK
38.
Atala - Arau-hausteak
1.- Bestela
erator daitezkeen erantzukizunei kalterik sortu gabe, merkataritza-ihardueraren
antolaketako arau-haustetzat hartuko da:
a) 5. ataleko 2. idazatian debekatutako
iharduerak gauzatzea.
b) Merkataritza-iharduerarako ezarritako
baldintzak ez betetzea.
c) Eskaintzen diren produktu edo zerbitzuek izan
beharreko baldintzak ez betetzea, haiei buruzko argibiderik ez ematea eta
agiriei buruzko betebeharrak ez betetzea, 8. atalaren arabera.
d) 9. atalean prezioei eta salmentarako
baldintzei buruz datozen erabakiak ez betetzea.
e) Engainu bidezko publizitatea eta, indarrean
dagoen legedian agindutakoaren arabera, produktu, iharduera, ondasun edo
zerbitzu jakin batzuen publizitatea arautuko duen araubidean ezarritakoa ez
betetzea.
f) 11. atalean agindutakoez kanpoko
merkataritza-iharduerak gauzatzea.
g) Merkataritza-etxeak irekitzeari buruzko
arauak ez betetzea.
h) Merkataritza-ordutegien
informazioari buruzko arauak ez betetzea.
i) Baimenik gabeko kaleko salmenta
edo baimenean produktu, leku, egun eta orduei eta baimendutako eskubidedunei
eta horiek beti identifikatu beharrari buruz ezarritako baldintzak ez betetzea.
j) Baimenik gabeko edo 20
eta 21. ataletan ezarritakoa betetzen ez dituen etxez etxeko salmenta
gauzatzea.
k) Baimenik gabeko edo 22.
atalean ezarritakoa betetzen ez duen urrutiko salmenta gauzatzea.
l) Baimenik gabeko edo 23.
atalean ezarritakoa betetzen ez duen aldizko salmenta gauzatzea.
m) Aldez aurretik jakinarazi gabeko edo 24.
atalean ezarritakoa betetzen ez duen merkealdiko salmenta gauzatzea.
n) 25. atalean ezarritakoa betetzen ez duen
soberakinen salmenta gauzatzea.
ñ) 26. eta 27. ataletan ezarritakoa betetzen ez
duen edo aldez aurretik jakinarazi ez den azken-salmenta gauzatzea.
o) 28. atalean ezarritakoa betetzen ez duen
sustapeneko salmenta gauzatzea.
p) 29. atalean ezarritakoa betetzen ez duen
salmenta automatikoa gauzatzea.
q) Piramide edo katea gisako salmentan
kontsumitzaile eta erabiltzaileez baliatzea.
r) 31. atalean ezarritakoa hausten duten
zozketa bidezko merkataritza-iharduerak.
s) 32. atalean aipatzen den
merkataritza-lehiaketen izendapena egoki ez erabiltzea.
t) Merkataritza-lehiaketa
ofizialak baimenik gabe edo irabazi-asmoz antolatu eta egitea,
"ofizial" hitza izendapen hori lortu gabe erabiltzea eta baimenik
gabe produktuak zuzenean saltzea.
u) Merkataritza-lehiaketa
ofizialetan lantalderik ez egotea edo garapenerako araubidetik eratorritako
betebeharrak ez betetzea.
v) Azoka-erakunde horien
iharduerak arautzen dituen araubideari egokitu gabe aritzea.
w) Uko edo aurka egitea agintariek eta haien
kudeatzaileek lege honen eta hau garatzen duten arauen jagote-lanak gauzatzeko
eskatzen dituzten datuak emateari edo eskatzen duten informazioa eskuratzen
laguntzeari, bai eta informazio desegokia, osoa ez dena edo faltsua ematea ere.
2.- Arau-hausteak
arinak, larriak edo oso larriak izango dira.
39.
Atala - Arau-hauste arinak
Arau-hauste arina lege honetako eta horren
garapenerako araubideko erabakiak ez jarraitzea da, diru-ondorio zuzenik ez
duenean eta kontsumitzaileei kalterik sortzen ez dienean, larri edo oso
larritzat hartzen ez bada.
40.
Atala - Arau-hauste larriak
Larritzat hartuko diren arau-hausteak
ondorengoak izango dira:
a) Arau-hauste arinak behin eta berriz egitea.
b) Diru-ondorio zuzenak dituztenak edo
kontsumitzaileei kaltea sortzen dietenak.
c) Osasunaren inguruko arau-hauste larriekin
batera gertatzen direnak.
d) Derrigorrezko baimena gabe
merkataritza-iharduerak gauzatzea.
e) 24. atalean adierazitako aurrerapenez eta
zegokien prezioarekin salgai ez zeuden produktuak merkealdian saltzea.
f) 38. ataleko s), t), u)
eta v) puntuetan ohartemandakoak.
g) 38. ataleko w) puntuan
aipatutakoak, ukatzea edo trabak jartzea behin eta berriz gertatzen denean edo
agintaritzekin edo haien kudeatzaileekin bortxa, mehatxu edo beste edozein
presiobide erabiltzen denean.
h) Arauak hausten dituzten iharduerak eteteko
eskakizuna ez betetzea.
41.
Atala - Arau-hauste oso larriak
Oso larritzat hartuko diren arau-hausteak
ondorengoak dira:
a) Arau-hauste larriak behin eta berriz egitea.
b) Osasunaren inguruko arau-hausteekin batera
gertatzen direnak edo gizakien segurtasuna arrisku larrian jartzen dutenak.
c) Gehiegizko irabazpidea ematen duten edo
ekonomia-antolaketa larriki aldatzen duten arau-hauste larriak.
d) Kontsumitzaileei kalte larriak sortzen
dizkietenak.
42.
Atala - Berriz egitea
Arau-hausteak berriz egin direla esango da
izaera bereko arau-hauste bat egin zenetik urte bat igaro baino lehen gertatzen
denean, erabaki finko batez hala onartzen bada.
43.
Atala - Zigorrak
1.- Arau-hauste
arinen zigorrak 250.000,- pezetarainokoak izango dira.
2.- Arau-hauste
larrien zigorrak 1.500.000,- pezetarainokoak izango dira. Gehieneko hori udalek
eskatu ahal izango dute kaleko salmentari dagokionean.
3.- Arau-hauste
oso larrien zigorrak 100.000.000,- pezetarainokoak izango dira. Haiek jartzeko
organo aginpidedunak ondorengoak izango dira: merkataritza-gaiez arduratuko den
sailburua, 10.000.000,- pezetarainokoei dagokienez, eta Jaurlaritza Batzarra
10.000.001,-etik 100.000.000,- pezetarainokoei dagokienez.
4.- Jaurlaritza
Batzarrak, osasunerako arrisku handia edo diru-galera larria edo gizartean
eragin handia ekar lezaketen arau-hauste oso larriak gertatuz gero, araua
hautsi duen enpresa edo merkataritza-etxea behin-behingoz ixtea erabaki dezake,
bost urtez gehienez. Halakoetan, Gizarte-alorreko Arau-hauste eta Zigorrei buruzko
apirilaren 7ko 8/1988 Legearen 39. atalean ezarritakoa aplikatuko da.
5.- Atal
honetan zigorretarako adierazitako kopuruak Jaurlaritza Batzarraren dekretuz
aztertu eta eguneratu ahal izango dira, hiru urtez behin eta jendearentzako
salneurrien erakuskariaren eboluzioaren arabera.
44.
Atala - Beste administrazio-iharduera batzuk
1.- Har
daitekeen erabakiaren eraginkortasuna ziurtatzeko asmoz, espedienteari hasiera
emateko agintzen duen agintaritzak erabaki dezake faltsututako salgaiak,
iruzurrezkoak eta bereizgarririk gabeak edo merkataritzarako ezarri diren
gutxieneko baldintzak betetzen ez dituztenak bada-ezpada bahitzea.
Behin-behineko neurri hori arrazoitutako akordioz hartuko da, doakionari
entzunaldia eman ondoren.
2.- Aurreko
idazatian ezarritako baldintza berak izanez, derrigorrezko baimenak ez dituzten
merkataritza-etxe eta ezarkinak itxi ahal izango dira, edo
merkataritza-iharduera eten, akatsak zuzendu edo eskatutako baldintzak bete
arte.
3.- Espedientea
erabakitzea dagokion agintaritzak, zigor osagarri gisa, agin dezake
faltsututako salgaiak, iruzurrezkoak eta bereizgarririk gabeak edo
merkataritzarako ezarri diren gutxieneko baldintzak betetzen ez dituztenak
konfiskatzeko. Konfiskatzea, zigorraren eragin osagarri gisa, zigorraren arau
beretara egokituko da.
4.- Era
berean, zigor-organoak agin dezake osasunerako arrisku larria, diru-galera
handia edo gizartean eragin garrantzitsua duten arau-hauste oso larriak
gertatzen direnean, behin-betiko zigorren publizitatea, araua hautsi duena
zordunduaz.
45.
Atala - Zigorren mailaketa
Ezar daitezkeen zigorren mailaketarako
kontuan izango da beti ere arau-haustearen gizarte-eragina, egilearen
espekulaziozko jokabidea, arau-haustea ekarri duen eragiketaren kostua guztira,
harekin lortutako irabazia, saldutako zerbitzu edo produktuen izaera, araua
hautsi duenak merkataritzan duen lekua, sortutako kalteak eta araua hautsi
duenaren asmoa edo behin eta berriz egitea.
46.
Atala - Ikuskapena
Eusko Jaurlaritzak eta udalek,
jagote-zereginak gauzatzerakoan, merkataritzako produktu, iharduera, ezarkin
eta etxeak ikuskatu ahal izango dituzte, bai eta horiei buruzko behar adina
informazio enpresei eskatu ere.
47.
Atala - Zigortzeko ihardunbidea
Lege honetan azaldutako arau-hausteei
zigorrak ezartzeko eta erabakien aurka jar daitezkeen errekurtsoetarako
ihardunbidea, indarrean dauden administrazio-ihardunbideari buruzko arauek
ezarritakoa izango da.
48.
Atala - Indargaltzea
1.- Idazpuru honetan ikusitako arau-hauste eta zigorrek sei
hilabetetara galduko dute indarra arinak badira, urtebetera larriak badira eta
bi urtetara oso larriak badira.
2.- Arau-hausteen
indargaltze-epea horiek gertatu diren egunetik hasiko da kontatzen.
Doakiona jakinaren gainean egonik,
zigortzeko ihardunbidea hasteak indargaltzea etengo du, eta zigor-espedientea
hilabete baino denbora luzeagoz geldirik egongo balitz, ustez arduraduna denak
zerikusirik izan gabe, indargaltze-epeak berriz aurrera egingo luke.
3.- Zigorren
indargaltze-epea zigorra jartzeko erabakia indarrean jarri eta biharamunetik
aurrera hasiko da.
Doakiona jakinaren gainean egonik,
egiteratzeko ihardunbidea hasteak indargaltzea etengo du, eta epeak berriz ere
aurrera egingo du, arau-hausleak zerikusirik izan gabe ihardunbide hori
hilabete baino denbora luzeagoz geldirik badago.
VI IDAZPURUA
MERKATARITZA IHARDUERARI BURUZKO
ADMINISTRAZIO-EKINTZA
49.
Atala - Antolamendu-hatsapenak
Administrazioko ekintza lehia aske eta
leialaren eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen bidezko interesen defentsarako
hatsapenen arabera bideratuko da, merkataritza-iharduera arrazo-izkotu eta
berritzea eta merkatuaren gardentasuna lortzeko behar adina neurri erabakiko
direlarik.
50.
Atala - Merkataritza-egituren erreforma
Eusko Jaurlaritzak,
merkataritza-gaien aginpidea duen sailaren bitartez, Autonomi Elkartearen
lurraldean merkataritza-egituren erreforma helburutzat duten iharduera guztiak
garatuko ditu, eta, bereziki, ondorengoa lortzera zuzendutakoak:
a) Merkaturatzeko
teknikak eta bideak berritzea.
b) Banaketarako
bideen kostua arrazoizkotu eta murriztea.
c) Merkataritza-enpresen artean
talde edo unitate bateratuak sortzea.
d) Merkataritza-ihardueretan
ari edo arituko direnentzako lanbide-irakaskuntzak antolatzea, hezkuntza- eta
lan-gaietan aginpidea duten sailekin batera.
e) Merkaturatzeko egitura eta
prozesuak hobeto ezagutzeko azterketa eta ikerketak egitea.
f) Merkataritzaren
azpiegiturak dituen akatsak zuzentzea.
g) Merkataritza-enpresei
laguntza teknikoa ematea.
Eusko Jaurlaritzak beste herri-erakunde
nahiz erakunde pribatuei laguntza eskatu ahal izango die halako ihardueretarako,
eta itunak izenpetu edo lortu nahi diren helburuetarako biderik egokienak jarri
laguntza hori eskuratzeko.
VII IDAZPURUA
MERKATARITZA BATZORDE AHOLKULARIA
51.
Atala - Merkataritza Batzorde Aholkularia
1.- Merkataritza
Batzorde Aholkularia merkataritzako gaietan aginpidea duen sailaren organo
aholku-emailea izango da, lege hau araudi bidez garatzeko eta
merkataritza-banaketaren alorreko sustapen-politikarako ere. Haren zereginak,
osaketa eta iharduera-arauak araudi bidez garatu beharko dira.
2.- Batzorde
horretan ordezkaritza izango dute:
a) Eusko Jaurlaritzak.
b) Foru-aldundiek eta udalek.
c) Merkataritza-enpresek euren erakundeen eta
merkataritza-ganbaren bitartez.
d) Langileek, sindikatu indartsuenen bidez.
e) Kontsumitzaile eta erabiltzaileek, euren
erakundeen bitartez.
f) Merkataritza-gaietan aginpidea duen sailak
batzordearen onerako beharrezkotzat hartu eta izendatutako teknikari eta
adituek.
Aldi
Baterako Erabakiak
Lehena
Arautu gabeko kaleko salmenta gauzatzen
den udalerrietako udalek, lege hau indarrean jartzen denetik hasita, gehienez
sei hilabeteko epean arautu beharko dute.
Bigarrena
12. atalean ezarritakoari kalterik sortu
gabe, eta 13. atalean aipatzen diren antolaketarako tresnak indarrean ez dauden
bitartean, salmentarako 2.000 metro koadro baino azalera handiagoa duten
merkataritza-etxeak jartzeko edo merkataritza-etxe horiek aipatu den azalera
lortuz edo gaindituz aldatu edo handitzeko, merkataritzako gaietan aginpidea
duen Eusko Jaurlaritzako sailaren baimena beharko da, Euskal Herriko Lurralde
Antolaketako Batzordeak txostena bidali ondoren.
Baimenak kontuan hartu beharko ditu
merkataritza-etxe horiek gizarteari sortutako kostuak eta ingurugiroari
eragindako ondorioak, bai eta eskaera zenbateraino betetzen duen, eskaintzaren
baldintzak erosketa-ohiturei egokitzen zaizkien eta ikututako udalen
egitamuketan lur-zoruaren erabileraz ohartemanda daudenetan izandako eraginak
ere. Administrazioko erabakiak baimenaren baldintzak zehaztu ahal izango ditu
alderdi hauetatik erator daitezkeen kalteak zuzentzeko neurriak kontuan hartuz.
Indargabetzeko
Erabakia
Maiatzaren 19ko 9/1983 Legea eta
otsailaren 19ko 3/1986 Legeak eragindako aldaketa indarrik gabe geratzen dira.
Merkataritza-antolaketari buruzko gainontzeko arauak indarrean egongo dira lege
honen aurkakoak ez badira eta legearen garapenerako erabakiek indargabetzen ez
dituzten arte.
Azken
Erabakia
Eusko Jaurlaritzari lege honetan
ohartematen den guztia garatu eta egiteratzeko beharrezkoak diren erabakiak
hartzeko baimena ematen zaio.