7/1993 Legea, abenduaren 21ekoa, OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzekoa.
1993-12-21Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1994/1/7, 4. zk.; EAO, 2012/2/10, 35. zk.
§ 150. 7/1993 LEGEA, ABENDUAREN 21EKOA,
OSALAN-LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNERAKO EUSKAL ERAKUNDEA SORTZEKOA
ZIOEN ADIERAZPENA
I
Konstituzioaren 40.2 atalak laneko
segurtasuna eta higienea zaintzeko agindua ematen die herri-aginteei. 43.1
atalak osasuna babesteko eskubidea aitortzen die guztiei. Atal horretako 2.
puntuan herri-aginteei aitortzen zaie, behar diren aurre hartzeko neurriez eta
zerbitzuez baliatuz, osasun publikoa antolatzeko eta zaintzeko aginpidea.
Lanaren Nazioarteko Erakundearen 155.
Itunak, langileen segurtasun eta osasunari eta laneko ingurugiroari buruzkoak,
langileen segurtasun eta osasunaren eta laneko ingurugiroaren arloan politika
egokia antolatu beharra ezartzen du. Itun horretan, lanean ari diren guztiak,
herri-lanariak barne, dira langile. 161. Itunak ere, laneko osasun-zerbitzuei
buruzkoak, jasotzen ditu zenbait arau eta jarraipide (ez baita oraindik
berretsi); eta bertan jasotakoa ezinbestez kontuan hartu beharrekoa da Euskal
Autonomi Elkartean laneko segurtasun eta osasunari buruzko politika kudeatuko
duen erakundea eratzeko.
Kontseiluaren 1989ko ekainaren 12ko
89/391/EEE arteztarauean, langileen laneko segurtasuna eta osasuna hobetzeko
baldintzak ezartzen dira. Arteztarau horren ondoren eman direnetan laneko
arriskuei aurre hartzeko eta lantokietan segurtasuna eta osasuna zaintzeko eta
arrisku bereziez babesteko arau orokorrak finkatu izan dira. Aipatutako arau
horiek denak nahitaez begiratu beharrekoak izan dira lege hau finkatzeko.
Estatuko legediari dagokionez, Langileen
Araudian langile guztiei aitortzen zaie gorputz-osotasuna eta segurtasun eta
higienearen arloan behar bezala babestuta izateko eskubidea. Eskubide horren
garapena maila txikiko Konstituzio aurreko arauetan dago banatuta. Bestalde,
Osasunaren Lege Orokorrak, Euskal Autonomi Elkarteko herri-aginteen araugintza
mugatzeko oinarrizko arauak jasotzen ditu laneko osasunaren arloari dagokionez.
II
Euskal Autonomi Elkarteko Autonomi
Estatutuaren 9. ataleko 2. puntuko b) idazatian ezartzen denez, euskal
herri-aginteek bizitzako eta laneko baldintzak hobetzeko politika sustatuko
dute. Bestalde, Euskal Autonomi Elkarteak, Estatutuaren 18. ataleko 1. puntuak
dioenez, barruko osasunari buruzko legeak garatu eta gauzatzeko aginpidea du.
Lege horretako 12. ataleko 2. puntuan ezarritakoaren arabera, Autonomi
Elkarteari dagokio laneko legedia gauzatzea; 10.23 atalean jasota dagoenez,
aginpide osoa du koperatiben arloan, eta 10.4 atalean ezarritakoari jarraiki,
Euskal Autonomi Elkarteko funtzionarien eta toki-administraziokoen estatutuari
buruzko legeak egiteko eta gauzatzeko aginpidea du.
Esku arteko lege honek aipaturiko arau
guztiak hartzen ditu oinarritzat, banatu ezin diren lan- eta osasungaiak, hau
da, alderdi askotariko arazoa aztertzen baitu. Lege-egitasmo honen bitartez
sortuko den erakundea, langileen osasuna eta segurtasuna sustatzeko eta
arriskuei aurre hartzeko egitekoetan arituko da, Langileen Araudiak arautzen
dituen lan-harremanen esparruan. Horretaz gain, lege honen bidez edukiz jantzi
nahi da euskal herri-administrazioetako funtzionariek, lankide-koperatibetako
koperatiba-bazkideek eta gainerako koperatibetako lan-bazkideek lanean
segurtasun- eta osasun-baldintzetan iharduteko duten eskubidea.
III
Euskal Autonomi Elkarteak laneko
segurtasunaren eta osasunaren arloan dituen egitekoak deszentralizatzeko asmoa
hiru ikuspuntutatik hartuta arrazoitu daiteke.
Lege-egitasmoa onartuz gero eratuko den
zerbitzua administrazioko autonomiadun erakundea izango da. Horrela, laneko
segurtasuna eta osasuna ulertzeko modu berrien aurka joanez orain arte Lan eta
Osasun Sailen artean banatuta zeuden egitekoak baterabildu egingo dira.
Banaketa hori oraindik ere indarrean egotea ez dator bat, inola ere, laneko
segurtasunaren eta osasunaren ikusmolde berriekin; orain, errealitate bakar
baten osagaitzat hartzen baitira biak. Era berean, Lanaren Nazioarteko
Erakundearen itunetan emandako arau eta jarraipideen aurka doa. Itun horietan
langileen segurtasun eta osasunaren arloan politika egokia antolatu beharra
ezartzen da.
Bada deszentralizazio hori arrazoitzeko
beste alderdi bat. Baztertu egin nahi da, ahal den neurrian behintzat, autonomi
administrazioak laneko segurtasun eta osasunaren arloan duen polizi ahalmena.
OSALAN funtsean zerbitzu-emaile izango da, lan-emaileen eta langileen arteko
lankidetza lortzeko zerbitzua hain zuzen, lantokietan laneko segurtasun eta
osasunaren mailak hobetzeari begira ihardungo duena. Argi dago ezin duela
erabat baztertu eta ahaztu zigor-alderdia, baina arlo horretan teknikari edo
profesional baten moduan ihardun behar du. Erakunde horretan arituko diren
langileen ospeak, kualifikazioak eta alderdikeriarik gabe iharduteak
izugarrizko eragina izango du egintzen nondik-norakoa zehazteko orduan. Polizi
iharduna lan-agintarien esku geratuko da.
Azkenik, zerbitzu pertsonifikatua izateak
erraztu egingo du gizarte-sailek bertan parte hartzea, eta hala erakundearen
iharduna eraginkorragoa izango da eta onarpen zabalagoa izango du gizartean.
IV
Lege-egitasmo
honetan ematen diren arauak bat datoz nazioarteko erakundeek eta legedi
berrienek ematen dituzten artezpideekin. Osotasunean hartzen ditu laneko
segurtasuna eta osasuna, orain artean administrazioaren erantzukizunpeko bi
arlotan banatuta agertzen baitziren. Bata osasun-arloari zegokion eta bestea
lan-arloari. Banaketa horrek, garbi ikusi daitekeenez, ondorio kaltegarriak
ekarri ditu.
Sortuko den autonomiadun erakundean laneko
osasun-unitatea eratuko da. Ihardunean Osasun Sailaren menpe egongo da,
osasun-agintariek arlo horretan duten aginpidea bermatzeko. Gaur egungo laneko
osasun-unitate berak jarraituko du aurrerantzean. Hala ere, laneko
osasun-unitatearen iharduna unitate bakar batean bilduko da. Egitura mailan
erakundearen barruan egongo da, Kontseilu Nagusiaren zaintza, babesa eta
kontrola izango du, eta zuzendaritza nagusi bakar baten pean egongo da.
Antolaketari dagokionez, gizarte-sailek
parte hartzeko organoa eratuko da, baina oso kide gutxiko organoa, bizkor eta
eraginkor ihardun dezan. Gaur egunerarte, tankera horretako organoetan kide
ugari bildu izan da, eta, hain zuzen ere, horixe da baztertu nahi izan dena,
jakina baita kide asko izateak ez dakarrela berez eta besterik gabe partehartze
handiagoa; gehienetan, kontrakoa gertatu ohi da: zenbat eta kide ugariago izan,
orduan eta okerrago ihardun organoak eta eraginkortasun txikiagoa izan.
Organo horren bidez sarbidea emango zaie
sindikatuei, duten ordezkaritzaren arabera, eta ordezkarien kopurua zehazteko,
gainerako hauteskundeetan hautetsien kopurua izendatzeko erabiltzen den sistema
proposatuko da. Sistema hori orain arte erabilitakoak baino argiagoa da eta
bete-betean errespetatzen du ordezkapen-araua.
Bestalde, "Confederación Empresarial
Vasca"ren bitartez, lan-emaileek parte hartuko dute Kontseilu Nagusian.
Koperatiben Kontseilu Nagusiko ordezkari
bat ere izango da, koperatiben munduan garrantzi izugarria izango duen erabakia
jasotzen baitu legeak, hau da, besteren konturako langileen laneko segurtasun
eta osasunari buruzko arauak koperatibetan ere betetzekoak dira. Era berean,
Eusko Jaurlaritzako ordezkaria ere bertan egongo da, euskal
herri-administrazioetako herri-lanariak ere aipatutako arauen ihardute-eremuan
sartzen direnez.
V
Lege honetan, bestalde, koperatibetarako
eta euskal herri-administrazioetarako propio egindako arauak ematen dira. Hain
zuzen ere, laugarren erabaki gehigarriak bi eremu horietara zabaltzen ditu
besteren konturako langileentzat indarrean dauden laneko segurtasun, higiene
eta osasunari buruzko arauak, horrek, inondik inora, gizarte-segurantzarekin
duten jaurpide-moduarekikoan inolako aldaketarik ez dakarrela, arau horiek
ezartzeko behar diren erabakiak emateko gaitasuna Jaurlaritzari aitortuz. Dena
den, sei hilabeteko epea ematen zaie koperatibei eta administrazioei arau
horiek dakartzaten beharretara egokitzeko.
I ATALBURUA
HELBURUA ETA EGITEKOAK
Lehenengo
Atala
OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako
Euskal Erakundea sortzen da administrazioko autonomiadun erakunde modura.
Lege-nortasuna izango du eta iharduteko gaitasun osoa. Lan eta Gizarte
Segurantza Sailari atxikiko zaio. Euskal Autonomi Elkarteko herri-aginteek,
laneko ingurugiroak berez dituen arriskuen arrazoiak jatorrian ezabatu edo
gutxitzeko asmotan, laneko segurtasun, higiene, ingurugiro eta osasunaren
arloari buruz ezarriko dituzten arauak kudeatzea izango da erakunde horren
helburua.
2.
Atala
1.- OSALAN-Laneko
Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak langilerik duten
ekonomia-ihardunbide guztiak izango ditu ihardute-eremu, herri-administrazioak
barne. Era berean, lankide-koperatibak eta gainerako koperatibak ere izango
ditu ihardute-eremu, lan-bazkideei dagokienez.
2.- OSALAN-Laneko
Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak beregaineko langileek izan
ditzaketen arriskuei aurre hartzeko ekintzak sustatuko ditu.
3.
Atala
OSALANek bere helburuak lortzeko:
a) Iharduketa-egitarauen bidez oinarrituta
kudeatuko ditu dagozkion zerbitzuak.
b) Aholkuak emango dizkie enpresei, langileei,
enpresarien elkarteei, sindikatuei eta herri-administrazioei.
c) Laneko segurtasun eta osasunaren arloan aurre
hartzeko eta teknikazko iharduketen jarraipena eta ebaluazioa egingo du.
d) Aurre hartzeko behar diren neurriak sustatuko
ditu.
e) Eskatuz gero, erizpenak emango dizkie
agintari aginpidedunei.
f) Lan Harremanetarako Kontseiluak eta Ekonomia
eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak hala eskatuta, txostenak egingo ditu bere
ardurapeko gaietan.
4.
Atala
1.- Hona
hemen, besteak beste, OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak
izango dituen egitekoak:
a) Laneko istripuak eta gaixotasunak izateko
arrazoiak eta faktoreak aztertu eta ikertuko ditu, aurre hartzeko azterketak
eginez eta zuzentzeko neurriak proposatuz. Lan-agintariei egindakoaren berri
emango zaie. Industri segurtasunari buruzko erizpenak emango ditu, aginpidedun
agintariek eskatuz gero.
b) Laneko ezbeharren gaineko argibideak eta
estatistikako datuak aztertu, landu eta bilduko ditu, Euskal Autonomi Elkarteko
Estatistika Legean ezarritakoaren arabera, estatistikak egin, aztertu eta
baloratuko dituela Autonomi Elkartean. Era berean, Estatuan eta Europako
Elkartean laneko segurtasun eta osasunaren arloan datuak biltzeko eratzen diren
bat egindako informatika-egitarauak garatzen eta prestatzen lagunduko du.
c) Lanean sortutako gaixotasunak eta langileen
osasunean laneko eta arriskuko faktoreek izan dezaketen eragina ikertzeko
epidemia-zaintzarako sistema ezarriko du, Osasun Sailak osasun-informaziorako
emandako norabideen arabera.
d) Laneko segurtasun, higiene eta osasunari
buruzko metodoak eta teknikak ikertzeko egitarauak egin, sustatu eta garatuko
ditu.
e) Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez,
laneko segurtasun eta higieneari eta metodo ergonomikoei buruzko arauak,
araubidea teknika aldetik aldatzeko ikerketak, txostenak eta proposamenak
aurkeztuko dizkie administrazioei, eta ikastunen, adineko langileen eta
haurdunaldian edo ugatzaldian dauden emakumeen lan-baldintzei buruzko
gomendioak emango ditu.
f) Langileen osasunerako arriskutsuak izan
daitezkeen neurrian, lanpostuen, lokalen, lantokien, lehengaien, tarteko eta
azken gaien inguruko azterketak eta txostenak egin eta aholkuak emango ditu.
g) Indarrean dauden arauekin bat etorriz, lanen
baldintza teknikoei, kontzentrazioen kopuruei, onartu litezkeen
kutsatzaile-mugei eta horiek denak baloratzeko moduei buruzko azterketak,
ikerketak, txostenak eta proposamenak aurkeztuko dizkie Lan eta Gizarte
Segurantza Sailari eta, hala badagokio, industriako segurtasunaren ardura duten
agintariei.
h) Laneko segurtasun, higiene eta osasunari
buruzko planak eta prestakuntza-ikastaroak programatu, antolatu eta bideratuko
ditu.
i) Laneko arriskuei aurre hartzeko eta osasuna
sustatzeko ezagupenak eta arau praktikoak jakinaraziko dizkie lan-emaileei eta
langileei.
j) Enpresetako segurtasun eta higienearen
mailei buruzko kontrol orokorrak eta arlokakoak programatu eta garatuko ditu,
maila horiek igotzeko egin behar diren zuzenketetarako aholkuak emanez
enpresetako legezko ordezkariei eta langileei.
k) Laguntza eta aholku teknikoa emango die
enpresei, langileei, langile-elkarteei eta herri-agintariei.
l) Enpresek edo horien soldatapekoek
norbanakoaren osasunerako zein gorputz osotasunerako galgarri izan daitezkeen
lanbide-arriskuei aurre hartzeko arauak larriki zein behin eta berriro urratzen
dituztenean, lan-agintaritza jakinaren gainean jartzea.
m) Enpresetako organo teknikoei aholkuak eman eta
horien iharduna ebaluatuko du, laneko segurtasun, higiene eta osasunaren
arloari dagokionez.
n) Laneko materialen eta erabiltzaileen arteko
lotura aztertuko du.
ñ) Makineria, tresneria, lan-orduak eta lanaren
antolaketa langileen gaitasun fisiko, sumameneko eta mentaletara egokitzeari
buruzko azterketak egingo ditu.
o) Ekoizpeneko eragiketak eta prozesuak eta
lan-erritmoak edo iharduketa-mailak langileen gaitasun fisiko, sumameneko eta
mentaletara egokitzeari buruzko azterketak egin eta erizpenak emango ditu.
p) Emakume langileen haurdunaldian eta
ugatzaldian kaltegarriak eta osasungaitzak izan daitezkeen lan-baldintzak
aztertu eta zainduko ditu, hala behar izanez gero, emakumeen lana epealdi
horietako beharretara egokitzeko.
q) Langileen osasunerako ondorio kaltegarriak
ekar ditzaketen lan-mikroklimaren faktoreak zehaztuko ditu eta horiei aurre
hartuko.
r) Osasun-agintariek emandako norabideekin edo
egitarauekin bat etorriz, langileen osasuna zainduko du, horien osasunean
eraginik izan dezaketen arrisku- eta kalte-faktoreak aldez aurretik aurkitu eta
banakatzeko.
s) Osasun-agintariek emandako norabideen edo
egitarauekin bat etorriz, aurrehartze -politikaren plangintza egiteko tresna
izango den lan-arriskuen mapa egingo du.
t) Enpresetako mediku-zerbitzuen osasun-baimen,
-ikuskapen eta -kontroleko aginpideak erabiliko ditu.
u) Sorgorgarriek, bai eta alkoholak eta tabakoak
ere, laneko segurtasun eta osasunean duten eraginari buruzko azterlan eta
txostenak eginez, lan-arloko drogamenpekotasunak zainduko ditu.
v) Laneko segurtasun, higiene eta osasunaren
arloan aurre hartzeko eta sustatzeko helburuak betetzeko behar diren gainerako
egiteko guztiak izango dituzte.
2.- Atal
honetan adierazitako egitekoak osasun-agintaritzarekin, lan-agintaritzarekin
eta lan, segurtasun eta higienearen baldintzak ikuskatzeko eta kontrolatzeko
organoekin lankidetzan gauzatuko ditu. Halaber, Euskadiko Droga gaietarako
Idazkaritza Nagusiaren txostenak ere kontuan izango dira lan-arloari
dagozkionetan.
3.- Egiteko
horietan OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko langileak
agintaritza publikoaren eskuduntzat joko dira, eta lantokietako titularrek
bertara sartzen utzi beharko diete, inolako trabarik jarri gabe. Enpresariek
eta langileek lagundu egin beharko diete OSALANeko langileek ondo burutu
ditzaten beren egitekoak.
4.- Berariazko
ikerketa eta azterketak egiteko zientzia eta teknikako batzordeak sortu ahal
izango dira, Kontseilu Nagusiak erabakitzen dituen ezaugarri bereziei begira.
II ATALBURUA
ANTOLAKETA
ETA LEGE JAURBIDEA
5.
Atala
OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako
Euskal Erakundeko organoak Kontseilu Nagusia eta Zuzendaritza Nagusia izango
dira.
6.
Atala
1.- Kontseilu
Nagusia izango da gizarte-sailek OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako
Euskal Erakundean parte hartzeko organoa. Lan eta Gizarte Segurantza
sailburuordea izango da lehendakari, gaia dela eta berak baitu aginpidea;
lehendakariorde, berriz, Osasun Saileko sailburuordea izango da, berak duenez
aginpidea gai horretan.
2.- Honako
kide hauek izango ditu: langileen aldetik, sindikatuetako lau ordezkari,
erakundeek finkatutako zenbatzeko epean sindikatuen hauteskundeetan lortutako
ordezkaritzaren arabera; lan-emaileen aldetik, Autonomi Elkartearen eremuan
ordezkatuta dauden enpresari-elkarteetako bi kide, Koperatiben Kontseilu
Nagusiko kide bat eta Eusko Jaurlaritzak, udalei eta foru-aldundiei entzun
ondoren, izendatutako beste bat.
3.- Gaian
aginpidea dutenez, Osasun Saileko bi ordezkari Kontseilu Nagusiko kide izango
dira, horietako bat lehendakariorde izango dela. Lan eta Gizarte Segurantza
Sailak ere bi ordezkari izango ditu.
4.- Kontseiluko
idazkariaren egitekoak kontseiluak berak izendatutako lagun batek beteko ditu,
Kontseiluko kide izan daitekeela ala ez. Izendatutako idazkaria Kontseilu
Nagusiko kide ez bada, hizpidea bakarrik izango du.
5.- Zuzendari
nagusia Kontseilu Nagusiko bilkuretan izango da, eta hizpidea izango du baina
ez botorik.
6.- Kontseilu
Nagusia hiru hilabetez behin bilduko da gutxienez, edo kideen laurdenak
eskatzen duenean, lehendakariak deituta.
7.- Kontseilu
Nagusiko kideak, dagokion erakundeak eta administrazioak proposatuta, Lan eta
Gizarte Segurantza Sailaren aginduz izendatu eta kenduko dira.
7.
Atala
Hona Kontseilu Nagusiaren egitekoak:
a) Segurtasun eta higienearen arloan
Zuzendaritza Nagusiak egin ditzan egitarauak eta ekintza-planak onartzea.
b) Osasun Sailak laneko osasunaren arloan
proposatutako ekintza-egitarauari buruzko erizpidea ematea.
c) Laneko segurtasun eta osasunaren arloko
prestakuntzarako ekintza-egitaraua onartzea.
d) OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako
Euskal Erakundeak dituen plangintza eta egitaraugintzako ekintzak bultzatzea.
e) Egitarauak gauzatzeari eta zerbitzuen kudeaketari
buruzko kontrola eta zaintza; Zuzendaritza Nagusiak behar diren argibide
guztiak emango dizkio egiteko hori burutzeko.
f) OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako
Euskal Erakundearen aurrekontuaren aurregitasmoa proposatzea Lan eta Gizarte
Segurantza Sailari.
g) Urteko txostena onartzea, urteko lehen
hiruhilabetekoan Lan eta Gizarte Segurantza Sailari bidaltzeko.
h) Proposamenak eta eskariak Lan eta Gizarte
Segurantza Sailari eta Osasun Sailari aurkeztea.
i) Barne-iharduerari buruzko araudia onartzea.
8.
Atala
Kontseilu Nagusiak bere egitekoak ondo
betetzeko egokitzat jo ditzan batzorde bereziak eratu ahal izango ditu.
9.
Atala
1.- OSALAN-Laneko
Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia Eusko
Jaurlaritzaren dekretuz izendatuko da eta, hala badagokio, kenduko. Horretarako
proposamena Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak egingo du, Kontseilu Nagusian
ordezkaririk duten erakundeei iritzia eskatu ondoren.
2.- Zuzendari
Nagusiaren erabakiek amaiera emango diote administrazio-bideari.
10.
Atala
Hona OSALAN-Laneko Segurtasun eta
Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren egitekoak:
a) Zerbitzuen zuzendaritza eta langileen buru
izatea.
b) Aurrekontuaren aurregitasmoa egitea eta
idaztea, Kontseilu Nagusiari eta Lan eta Gizarte Segurantza Sailari aurkezteko.
c) OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako
Euskal Erakundearen gastuak baimentzea eta ordainketak agintzea, bai eta
erakundearen ekonomia-eskubideak administratzea, kudeatzea eta gauzatzea ere
dagozkion arauetan ezarritakoaren arabera.
d) OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako
Euskal Erakundearen legezko ordezkaritza.
e) Kontseilu Nagusiari nahitaez erizpena
eskatuta, hitzarmenak eta akordioak izenpetzea erakunde publiko eta/edo
pribatuekin, OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen
egitarauak betetzeko, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren eremuan
ezarritako arau orokorren esparruan.
f) Ekintzen urteko txostena gauzatzea, urteko
lehen hiruhilabetekoan Kontseilu Nagusiari bidaltzeko.
g) Lan eta Gizarte Segurantza Sailari, Osasun
Sailari eta Kontseilu Nagusiari beren egitekoak betetzeko behar dituzten
argibide guztiak ematea.
h) Autonomiadun erakundeari jarritako helburuak
izan eta beste erakunderen batek aitortuta ez dituenak betetzeko aginpideak
gauzatzea.
11.
Atala
1.- Zuzendaritza
Nagusiaren egitura eta zerbitzuak, eta zerbitzuok zeinen menpean ihardungo
duten, araudi bidez erabakiko dira.
2.- Nolanahi
ere, Laneko Osasun Unitate bat eratuko da, eta egituraren aldetik OSALAN-Laneko
Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen menpeko izango bada ere,
iharduerari dagokionez Osasun Sailaren menpe egongo da. Indarrean dagoen
legedian ezarritakoaren ondorioetarako, osasun-agintaritza izango da.
3.- Osasun
Sailak, urteko lehen lauhilabetekoan, laneko segurtasunari buruzko ihardueren
egitaraua egin eta aurkeztuko dio OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako
Euskal Erakundearen Kontseilu Nagusiari, hurrengo urtean gauzatzeko.
OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako
Euskal Erakundearen Laneko Osasun Unitateak ezin badu egitarau hori osorik
atera aurrera, Osasun Saileko zerbitzuei eskatuko zaie laguntza beste inori
baino lehen. Hala egokituz gero, hitzarmena egiteko proposamena aurkeztuko da.
4.- Bestalde,
laneko osasuneko egitaraua betetzeko, zenbait zerbitzu itundu ahal izango da
laneko istripu eta gaixotasunetarako Gizarte Segurantzako taramekin
-babes-organoek baimena emanez gero- eta koperatiben arloan diharduten helburu
bereko beste erakunde batzuekin.
5.- Osasun
Sailak proposatutako laneko osasunari buruzko ihardueren egitaraua eta, hala
badagokio, hitzarmena, zuzendari nagusiak onartuko ditu, aurkeztu eta hurrengo bi
hilabeteen barruan, Kontseilu Nagusiak erizpena eman ondoren. Onartu ezean, Lan
eta Gizarte Segurantza Sailari bidaliko dizkio egitaraua, edo hitzarmena, eta
erizpen-txostena, Jaurlaritzari aurkezteko. Jaurlaritzak dagokion erabakia
hartuko du.
6.- Laneko
Osasun Unitateak enpresako mediku-zerbitzuen eta laneko istripu eta
gaixotasunetarako Gizarte Segurantzako taramen laguntza-zerbitzuei buruzkoan
euskal administrazioari aitortutako laneko osasun-alorreko aginpideak erabiliko
ditu, ezarri beharreko arauekin bat etorriz, eta Lan eta Gizarte Segurantzako
Ikuskaritzarekin elkarlanean.
12.
Atala
OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako
Euskal Erakundearen ogasunak eta baliabideak honako hauek izango dira:
a) Euskal Autonomi Elkartearen aurrekontu
orokorretan izendatutako dirua.
b) OSALANen izenean dauden edo berari atxikitako
ondasunak eta eskubideak, eta horien etekinak.
c) Ikerketa, teknika edo prestakuntzako
iharduerak gauzatzerakoan, baimendutako zerbitzuetatik eratorritakoak.
d) Aitortu dakiokeen beste edozein baliabide.
Erabaki
Gehigarriak
Lehenengoa
OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako
Euskal Erakundeari atxikiko zaizkio, abenduaren 18ko 2.557/85 Errege
Dekretuaren bidez Euskal Autonomi Elkarteari eskualdatutako Laneko Segurtasun
eta Higienerako Probintziako Kabinete Teknikoen ogasunak eta zerbitzuak.
Bigarrena
Lege hau indarrean jartzerakoan Segurtasun
eta Higienerako Kabineteetan diharduten Euskal Autonomi Elkarteko
Administrazioko langileak OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal
Erakundeari atxikiko zaizkio. OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal
Erakundeari atxikiko zaizkio, halaber, lege honen bidez Laneko Segurtasun eta
Osasunerako Euskal Erakundeari aitortutako egitekoetan ari diren Lan eta
Gizarte Segurantza Saileko, Osasun Saileko eta Osakidetzako langileak.
Hirugarrena
1.- Lege
hau indarrean jartzen denetik hasita, lankide-koperatibetako lan-bazkideei eta
gainerako koperatibetako lan-bazkideei besteren konturako langileak dituzten
enpresetan indarrean dagoen laneko segurtasun, higiene eta osasunari buruzko
legedia ezarriko zaie.
2.- Lege
hau indarrean jartzen denetik hasita, halaber, besteren konturako langileak
dituzten enpresetan indarrean dagoen laneko segurtasun, higiene eta osasunari
buruzko legedia ezarriko zaie euskal herri-administrazioetako herri-lanariei.
Laugarrena
1.- Kontseilu
Nagusia osatzeko, enpresetako langileen eta herri-administrazioetako
herri-lanarien ordezkapen-organoetarako hauteskundeetako emaitzei begiratuko
zaie. Emaitzen aldarrikapen ofiziala egin eta bi hilabeteko epean osatuko da
kontseilua.
Era berean, Kontseilu Nagusiak eratu
ditzakeen batzorde bereziak osatu, dagokion lurralde edo arloko
hauteskundeetako emaitzei egokituz osatuko dira.
2.- Aurreko
lerroaldian ezarritakoaren ondorioetarako, hurrengo arauen arabera lortutako
ordezkari-kopuruari begira izendatuko dira kideak:
a) Ateratako ordezkari-kopuruaren araberako
hurrenkeran jarriko dira sindikatuak.
b) Sindikatu bakoitzak ateratako ordezkarien
kopurua zati bat, bi, hiru eta lau egingo da.
c) Zatiketa eginda emaitzarik altuenak dituzten
sindikatuetako ordezkariak izendatuko dira kide.
Aldi
Baterako Erabakiak
Lehenengoa
1.- Lankide-koperatibek
eta euskal herri-administrazioek sei hilabete izango dituzte, lege hau
indarrean jartzen denetik hasita, hirugarren erabaki gehigarrian
adierazitakoaren arabera ezarri beharreko legediaren aginduetara egokitzeko.
2.- Agindu
horietara egokitzeko eragozpen berezirik izanez gero, eta lan-agintaritzak
zailtasun horiek behar bezala egiaztatzen baditu, urtebeteko epea eman ahal
izango da, erakundearen ezaugarriak kontuan hartuta.
Bigarrena
1.- OSALAN-Laneko
Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea, Lan eta Gizarte Segurantza
sailburuaren aginduz hasiko da ihardunean, lege hau indarrean jarri eta hamabi
hilabeteko epean luze jota.
Ihardunean hasi bitartean, orain arteko
zuzendaritzek eta zerbitzuek jarraituko dute erakundearen egitekoak betetzen.
2.- OSALAN-Laneko
Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea ihardunean hasiko den
ekonomia-urtealdiko aurrekontua Jaurlaritza Kontseiluak onartuko du, eta
hamabost eguneko epean Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Herriogasun eta
Diruegitamuen batzordeari jakinaraziko dio. Ekonomia eta Ogasun Sailak behar
diren aldaketak egingo ditu aurrekontu hori osatzeko, baina ezin izango du,
inoiz, lege hau indarrean jartzen den urtealdiko aurrekontu orokorretako
ukitutako diru-izendapenen guztizko zenbatekoa gehiagotu.
Indargabetzeko Erabakia
Indargabeturik geratzen da Osakidetzari
buruzko maiatzaren 19ko 10/83 Legearen 2 c) atala.
Azken
Erabakiak
Lehenengoa
Lege hau indarrean jarri eta sei
hilabeteko epean, OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen
egitura eta iharduerako araudia onartuko du Jaurlaritzak, Kontseilu Nagusiak
adostasuna erakutsi ondoren.
Bigarrena
Esku ematen zaio Jaurlaritzari, Osasunaren
Plan Estrategikoan adierazitako osasun-sistemaren antolaketa berriaren
ondorioz, OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari aitortu
diezazkion lan-ezintasunen kontrola, zaintza eta ebaluazioa gauzatzeko
aginpideak eta egitekoak, eta horretarako baliabideak.
Hirugarrena
Jaurlaritzak behar diren
erabakiak emango ditu lan-arloko arau-hausteei eta zigorrei buruzko legedian
ezarritako zigor-ihardunbidea koperatibei eta euskal herri-administrazioei
egokitzeko. Ikuskaritza eta zigor-proposamenak OSALANeko zerbitzuek egingo
dituzte, eta erabakia Lan Sailak edo Eusko Jaurlaritzak emango du, zigorren
zenbatekoa kontuan hartuta.
Laugarrena
Esku ematen zaio Jaurlaritzari, Euskal
Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean
indarrean jarriko den lege hau garatu eta gauzatzeko behar diren erabakiak
emateko.