7/1992 Legea, abenduaren 21ekoa, Alde Ureztagarriei, Hobekuntzarako Eskualde-Planei eta Eraldatzeko Plan Orokorrei buruzko alderdi batzuk araupetzen dituena.
1992-12-21Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1993/1/18, 10. zk.; EAO, 2012/2/15, 39. zk.
§
142. 7/1992 LEGEA, ABENDUAREN 21EKOA, ALDE UREZTAGARRIEI, HOBEKUNTZARAKO
ESKUALDE-PLANEI ETA ERALDATZEKO PLAN OROKORREI BURUZKO ALDERDI BATZUK
ARAUPETZEN DITUENA
Nekazaritzaren teknika eta ekonomi mailako bilakaerak ustiategiak eraldatu beharra dakar, ureztatze-sistema egokiak ezarriz. Eraldaketa horrek behar diren errentagarritasun-baldintzak jarriko ditu, nekazaritza-aldeen oinarrizko ekonomi ihardunari eutsiko dio, ur-baliabideei loturiko berezko eskuarte eta sistemak ekoizteko eta zaintzeko antolaketa taiuzkoagoa izateko bide emango du eta Autonomi Elkarteko hainbat alderen ekologi sistemei bere onean eusteko bereziki balio duten landareak eta lurraren ohizko erabilerak gordetzen lagunduko du.
Baserrialdeko
Plangintza-Ekintzabide Orokorrak, nekazaritza-egituren hobekuntzaren barruan,
Araban ureztatze-eremua handiagotzeko behar diren produkzio-egiturak egokitzea
du bere helburuetako bat. Ureztagai bihurtzekoak diren aldeen inguruko aurre-azterketek
hamabost mila miloi pezetatik gorako diruezarketa dakarte Kondaira-Lurralde
horretan; guztira, hogeita hamasei mila hektarea inguru ureztatzeko.
Administrazioak
gauzatutako hobekuntza-planak bideratzeko ezinbesteko da derrigorrez jabetza kentzeaz
baliatzea; bide hori eskutan ez bada ez dago planak garatzerik, jabe batek
ezezkoa emanez gero eraldaketa-asmoak aldatu beharra eta diru-kostu handia
izaten baita. Gehienetan ez da ondasun osoaren jabetza kendu beharrik izango,
banaketa- eta osasunbide-sarea egiteko ezinbesteko diren zerbitzu-zorrak
ezartzeko behar diren eskubideen jabetza kentzearekin nahikoa izango da.
Toki-Jaurpideari
buruzko legedian, toki mailako lan eta zerbitzuen planetan sartutako lanak
herri-onurakotzat eta derrigorrez jabetza kentzeko hartu beharrekotzat
aldarrikatzen dira. Hala ere, ureztatze-obrak direnez gero,
administrazio-batzordeei, udalei eta aldundiei ez dago lan horien titulartasuna
izendatzerik. Uraren Lege berriak dioenez, ura lurrak ureztatzeko bada, emakidaren
titularrak ureztatzeko diren lurren jabea izan behar du, erabiltzaile-elkarteei
emandako eta izendatu dakizkien emakiden kaltetan gabe. Enpresa edo
partikularrei izendatu ahal izango zaizkie, halaber, emakidak zerbitzu
publikoko jaurpidepean, nahiz eta ureztatuko diren lurren jabe ez izan,
eskatzaileak, aldez aurretik, lur horien azaleraren erdia osatzen duten lurren
jabeen adostasuna duela egiaztatzen badu.
Hori
horrela, nekazaritza eraberritzeko eta garatzeko eta ureztatzeko lurrei buruzko
arauak osatu egin behar dira, eta Autonomi Elkartearen nekazaritza arloko
aginpide-banaketari eta administrazio-antolaketari egokitu.
Lehenengo
Atala - Eremua
Lurraz
eta uraz hobeto baliatzeko behar diren lanen bidez gauzatuko den ekonomi eta
gizarte mailako eraldaketa eta Euskal Herriko Autonomi Elkarteko
nekazaritza-ustiategien eraketa nahiz hobekuntza, lege honetan erabakitakoaz
arautuko dira, Nekazaritza Eraberritzeko eta Garatzeko legearen III. liburuan
ezarritakoaren ondorioetarako.
2.
Atala - Aginpideak
Liburu
horretan jasotako jardueraren bat erabakitzeko dekretuak onesteko aginpidea,
aldea dagoeneko lurraldeko Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak du. Eskualde
edo alde batek Kondaira-Lurralde bateko baino gehiagoko lurrak hartuz gero,
Autonomi Elkarteko Jaurlaritzaren Kontseiluak izango du aginpidea, dagozkien
Foru Aldundietako Diputatuen Kontseiluek proposamena elkar hartuta aurkeztu
ondoren.
3.
Atala - Alde ureztagarriak
1.- Foru dekretu bidez edo, Kondaira-Lurralde bat
baino gehiago hartzen baditu, Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez aldarrikatuko
dira "alde ureztagarriak". Dagokion dekretuan,
Kondaira-Lurraldearentzat edo Autonomi Elkartearentzat alde hori eraldatzeak
duen interesa aitortuko da, behar diren ondasunen eta eskubideen jabetza
derrigorrez kendu ahal izatearren.
2.- Alde ureztagarria Eraldatzeko Plan Orokorra
dagokien Foru-Sailek gertatuko dute, eta herri-argipidetara aterako da hogeita
hamar egunez.
3.- Planari behin-betiko onespena foru dekretu
bidez edo, Kondaira-Lurralde bat baino gehiago hartzen baditu, Eusko
Jaurlaritzaren dekretu bidez emango zaio.
4.
Atala - Herri-onurakotzat eta hartu beharrekotzat aldarrikatzea
1.- Alde ureztagarriak Eraldatzeko Plan
Orokorretako lanek lurzoruak herri-onurakotzat eta hartu beharrekotzat
aldarrikatzea eta lurrez eta eskubideez jabetu beharra bere baitan ekarriko
dute, horiek egiteratzeko jabetza derrigorrez kentzea beharrezko denekotarako.
Lurrez
eta eskubideez jabetzea lanak egiteko eta beharrezko izan daitezen
zerbitzu-zorrak ezartzeko ezinbesteko direnetara soilik mugatuko da.
2.- Erabiltzaile-elkarteek, funtsen jabeek edo
nekazaritza-ustiategien titularrek sustatutako ihardunek herri-onurakotzat
aldarrikatzeak berekin dakartzan onurak eduki ahal izango dituzte, beti ere,
ureztatze-lur bilakatzeko beharrezko badira eta iharduera horiek Eraldatzeko
Plan Orokorrean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
3.- Aukera horretaz baliatzeko eskabidea dagokion
Foru Aldundiari aurkeztuko zaio, edo Eusko Jaurlaritzari, ihardunak
Kondaira-Lurralde bat baino gehiago hartzen baditu. Gero, hilabete batez,
herri-argipidetara aterako da eta interesdunei entzungo zaie.
4.- Eskabidearen gai diren ihardunak Eraldatzeko
Plan Orokorrari egokitzen ote zaizkion, Nekazaritza Sailaren foru agindu bidez
edo, hala badagokio, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantzu Sailburuaren
agindu bidez jakinaraziko da.
5.
Atala - Hobekuntzarako Eskualde-planak
1.- Hobekuntzarako Eskualde-planak foru dekretuz
edo, planak lurralde bat baino gehiagoko lurrak hartzen baditu, Autonomi
Elkarteko Jaurlaritzaren Kontseiluaren dekretuz onetsiko dira, dagozkien Foru
Aldundietako Diputatuen Kontseiluek proposamena elkar hartuta aurkeztu ondoren.
Beti ere, onetsi aurretik, hogeita hamar egunez herri-argipidetara aterako
dira.
2.- Ordezkaritza haundieneko
nekazaritza-erakundeen eritzia entzunda, Autonomi Elkarte osorako erakundeetan
edo Kondaira-Lurraldeetan aginpidea duten organoek gertatuko dituzte plan
horiek eta dagozkien Foru Aldundietako Diputatuen Kontseiluei edo, hala
badagokio, Autonomi Elkarteko Jaurlaritzaren Kontseiluari proposatuko dizkiete.
3.- Hobekuntzarako Eskualde-Plana onartzeak plan
hori gauzatzeko lanetarako ezinbesteko diren ondasunak herri-onurakotzat aldarrikatzea
eta ondasun horiek hartu beharra aitortzea ekarriko du.
4.- Halaber, Foru Aldundiek edo, hala badagokio,
Autonomi Elkarteko Jaurlaritzaren Kontseiluak derrigorrez kendu dezakete plan
horietako eta baliatzaile-elkarteek sustatutako lanek barne hartzen dituzten
lurren nahiz eskubideen jabetza eta ureztatzaile-elkarteen esku jarri.
6.
Atala
Eraldatzeko
Plan Orokorrak edo Hobekuntzarako Eskualde-Planak onetsi ondoren, Euskal
Autonomi Elkarteak edo Foru Aldundiek, nori dagokion ikusita, kendu behar diren
jabetzak finkatu eta gauzatuko dituzte, Derrigorrez Jabetza Kentzeari buruzko
legean ezarritako ihardunbide orokorrari eta lege bereko 52. atalean
ohartemandako presazko ihardunbiderako aldaketei lotuz.
Azken
Erabakiak
Lehenengoa
Lege
honetako 2. atalean agindutakoaren arabera, Autonomi Elkarteko Jaurlaritzaren
Kontseiluari edo Kondaira-Lurraldeetako foru organoei dagokie lege honetan
erabakitakoa garatzea eta ezartzea.
Bigarrena
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadin egunaren biharamonean jarriko da indarrean.