Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

7/1988 Legea, jorrailaren 15ekoa, agintaritza-babespeko etxebizitzen jabe-aldaketetan Euskadiko Autonomia-Elkarteko Arduralaritzak duen erosteko lehentasun-eskubideari buruzkoa.

1988-04-15

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1988/5/11, 90. zk.; EAO, 2012/3/13, 62. zk.

 

§ 103. 7/1988 LEGEA, JORRAILAREN 15KOA, AGINTARITZA-BABESPEKO ETXEBIZITZEN JABE-ALDAKETETAN EUSKADIKO AUTONOMIA-ELKARTEKO ARDURALARITZAK DUEN EROSTEKO LEHENTASUN-ESKUBIDEARI BURUZKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

Agintaritza-Babespeko Etxebizitzen alorreko politikabideek Euskal Herriko Autonomia-Elkarteko herritarren etxe-beharrak betetzea dute helburu, eta hori, herritar horien ekonomia-egoerari eta familiarekiko erantzukizunei begira, beharrik larrienean egon daitezenei laguntzeko eta horien alde jokatzeko xedez.

 

Horretarako etxe-erosleak zenbait onurabide ditu, adibidez: mugatutako salneurriak, zerga-barkamenak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak, etabar. Onurabide horiek bide ematen dute arrazoizko eta mugatutako salneurriak araupetzeko, Elkarte honek ekonomia-aldetik egin behar dituen ahalegin haundiei esker, eta hori, behartsuenei laguntzeko eta etxebizitza-beharrei aterapide ematen saiatzeko xedez.

 

Esandako helburuak berma ditzaten indarreango lege-manuak bete daitezen arduratzea du Eusko Jaurlaritzak bere xede, eta bai, beharrezko bideak erabiliz, egiten dituen diru-ezarketak bakoitzean gizartearentzat ahalik eta onuragarrienak izan daitezela lortzea ere. Azken honen aldetik, lege honek Euskal Herriko Autonomia-Elkarteko Arduralaritzaren aldeko arau-esparrua sortu nahi du, esparru honen eraginez, batetik, agintaritza-babespeko etxebizitzen lehenengo jabe-aldaketak eta hurrengoak neurriz gorako salneurrietan salduz egin daitezkeen iruzurrak galerazteko, eta, bestetik, herri-zuduari erantzun ahal izateko; batean, herri-diru nahikotxo erabilita daramaten etxebizitza horien hartzekodunen arreta hartuz, eta, bestean, herri-eskaintzakoen gehigarri, Agintaritza-Babespekoei buruzko legeek jartzen dituzten mugen barruko salneurritan norbanako-alorreko etxebizitza-eskaintza garrantzitsua sortuz.

 

Lege horietatik, hain zuzen, hartzen dira Arduralaritzak ohi dituenetako berme batzuk, honek suztatutako etxe-bizitzei dagozkienean, hots, "haztatze eta atzera egite-eskubideak". Jakina denez, legezko jabego-aldakuntzetan, saltzaile den aldetik baliatu daiteke Arduralaritza erosketarako lehentasun-eskubide horietaz, baina norbanakoek saldutako Agintaritzaren Babespeko Etxebizitzak direnetan ordea, eskubide horiek erabili ahal izateko, lege-mailan sortu behar ditugu lehenik.

 

Haztatze eta atzera egite-eskubideak sortzea eta horietaz baliatzeko modua nahiz atalkako egitasmoan jarritako arauak behar bezala ez betetzeari darizkiokeen ondorioak finkatzea ere araupetzen dira lege honetan.

 

Haztatze eta atzera egite-eskubideei buruzko arauetan dugu norbanako-alorrekoez besteko alor eta harremanak ere araupetzeko legebide baliotsua. Legebide horrek, Arduralaritzak erabiliz gero, bide emango digu jabegoaren gizarte-mailako egitekoa bete-betean burutzeko, bideak eskainiz, giza talderik ahulenek ere etxebizitza duin eta egokia lortu ahal dezaten.

 

Lehentasunezko eroste-eskubide hori erabiltzeak Agintaritzaren Etxebizitza-Eskaintza gehitzea ekarriko du, horien izendatze-modua araudibidez finkatuko dela.

 

Halaber, lege-idazkera hau bete eta garatzeak, herri-jabetzapeko etxebizitza-ondarea osatzea ekarriko du, eta honek, berriz, bide emango die Eusko Jaurlaritzari eta Udalei, egon ditezen diru-eskuarteeen eta beharren arauera, alogerango etxebizitzen alorreko politikabide egokiak egiteratzeko.

 

Lehenengo Atala

 

1.- Euskal Herriko Autonomia-Elkarteko Arduralaritzak, haztatze eta atzera egite-eskubideak izango ditu, Agintaritzaren Babespeko Etxebizitzen eta bere Eraskinen lehenengo jabe-aldakuntzan nahiz hurrengoetan.

 

2.- Agintaritzaren Babespeko Etxebizitzaren jabe-aldaketa irabazte-xedez egin dadinetan ez da eskubide horietaz baliatzerik egongo.

 

2. Atala

 

1.- Aurreko atalean adierazitako haztatze eta atzera egite-eskubideez baliatzea ondorengo bideari atxikiz egingo da:

 

a) Saltzaileak saltzeko asmoa jakinarazi beharko dio Arduralaritzari, salneurria, ordainketarik egin beharrik izango balitz, horren luzapena eta baldintzarik funtsezkoenak adieraziz, sinistarazte-indarrez, halaber, eroslearen izena ere egiaztatu behar duela.

b) Arduralaritzak, xehetasun guztien jakinarazpen sinisgarria jaso eta 30 eguneko epearen barruan haztatze-eskubidea erabili ez baleza, galdu egingo du jakinarazitako salmentarekiko eskubide hori.

c) Saltzailearen jakinarazpenik egon ez, edo akastun izan nahiz behar bezala ez betez gero, edo jakinarazitako salmenta, haztatze-eskubiderako epea bukatu baino lehen nahiz salmenta jakinarazitakoez bestela-kobaldintzetan eginda egotea gertatuz gero, Arduralaritzak atzera egite-eskubidea erabili ahal izango du. Erosleak, edozein modutan, salmenta horren berri eman behar dio Arduralaritzari, salmentaren funtsezko baldintzak adieraziz, dagokion eskribau-agiriaren aldaki sinisgarria aurkeztuz. Horren berri eman eta 60 eguneko epearen barruan baliatu ahal izango da Arduralaritza atzera egite-eskubideaz.

d) Aurreko lerroaldian adierazitako eroslearen jakinarazpena, salerosketa eskribau-agiritan gauzatu dadin egunaren biharamonetik hasi eta hogeita hamar egutegi-eguneko epearen barruan egin beharko da.

Egindako salerosketaren berri eman beharra ez betetzekotan, Arduralaritzak atzera egite-eskubidea erabili ahal izango du, salerosketa horren jakituna, edozein bidez, izan dadinetik bertatik, eta aurreko txatalaren lehenengo idazatian adierazitako baldintzetan euretan.

 

2.- Lege honetan ohartemanda egon ez daitezen gainontzeko alderdietan, eskubide horiek Herrilege-Bildumaren 1521garren ataletik 1525garrenerainokoetan adierazten diren manuak izango dituzte araupide.

 

3. Atala

 

1.- Eskribauek, bigarren ataleko 1.a) txatalean ohartemandako jakinarazpena egin dela behar bezala egiaztatzen ez bazaie, uko egingo diote, bere ahalmenez baliatuz, Lege honen lehenengo atalean aipatzen diren etxebizitzen erosketa-agiriak eskribau-agiriren bidez sendesteari.

 

2.- Jabego-Erroldariek uko egingo diote etxebizitza horien erosketa-agiriak errolderatzeari, bigarren ataleko 1.c) txatalean ohartemandako jakinarazpena egin dela behar bezala egiazta dakienetan salbu.

 

Erabaki Gehigarria

 

Lege honetan, Euskal Herriko Autonomia-Elkarteko Arduralaritzari aitortzen zaizkion ekintzapide, jakinarazpen eta bestelako gorabehera guztiak, horiek egiteratzeko aginteari gagozkiola, Eusko Jaurlaritzako Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro-Sailaren ardurapean jartzen dira.

 

Azken Erabakiak

 

Lehenengoa

 

Lege honek adierazten dituen betekizunak, indarrean sartu ondoren, agintaritza-babespekoetan behin-betiko sailkatu daitezen etxebizitzekin izango dira erabilgarri.

 

Bigarrena

 

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin egunaren biharamonean sartuko da indarrean, eta esku ematen zaio Jaurlaritzari Legea osatzeko eta betearazteko behar adinako araudizko manuak emateko.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra