6/2010 Legea, abenduaren 23koa, Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzkoa.
2010-12-23Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2010/12/31, 251. zk.; EAO, 2011/2/11, 36. zk.
§ 325. 6/2010 LEGEA, ABENDUAren 23KOA, Euskadiko
Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzkoA
ZIOEN AZALPENA
Instituzio publikoek herritarrekin duten komunikazioan bada oinarrizko
eta funtsezko printzipio zuzendari bat, hain zuzen ere informazio egiazkoa eta
objektiboa ematearen printzipioa; informazio hori mezu komunak orokorrean
zabaltzera bideratuko da eta horren arabera antolatuko, aipatu instituzioek
egiten dituzten zerbitzuak eta gauzatzen dituzten jarduerak ezagutzera emateko.
Informazioak zein komunikazioak berebiziko garrantzia hartu dute
gaur egungo gizartean, halako moldez non botere publikoek herritarrei zuzentzen
dieten mezu-jarioa nabarmen handitu den. Administrazio publikoen ekintza
exekutibo horrek, "publizitateko eta komunikazioko kanpaina
instituzionalak" izendapen orokorraren pean bildurik, berea ez besterena
den xedea du: herritarrek beren eskubideak erabil ditzaten bideratzea eta beren
betebeharrak bete ditzaten sustazea, baliabide publikoen erabilera onerako
desegokiak diren helburuak ezarri edo estali gabe. Jarduera horrek zailtasun
tekniko nabariak ditu, eragin handia du gizartean eta kontuzko edukiak izaten
ditu askotan; hori dela eta, jarduera horri zer esparru dagokion argi
zehazteko, lege bat egin behar da.
Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 9.2 artikuluak euskal
botere publikoei agintzen die herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren
erabilera egokia begiratzea eta bermatzea eta herritar horien askatasuna eta
berdintasuna sustatzea, bai eta Euskal Herriko politika-, ekonomia-, kultura-
eta gizarte-arloetako bizitzan herritar guztien partaidetza bideratzea ere.
Agindu hori bete dadin, botere publikoei dagokie aipatutako sustapena eta partaidetza
bultzatzeko beharrezkoak diren mezuak helarazi eta zabaltzea. Hortaz,
informazioa eta komunikazioa instituzioen betebehar bihurtzen dira; izan ere,
zenbat eta egiazkoagoa eta objektiboagoa izan botere publikoen jarduketei eta
zerbitzuei buruz ematen den informazioa, orduan eta eraginkorragoak izango dira
herritarren parte-hartzea eta botere publikoen eginkizunen kontrol
demokratikoa, eta hori oso garrantzitsua da sistema demokratiko baten
kalitaterako.
Autonomia Estatutuaren 10. artikuluaren arabera, Euskal
Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du bere autogobernu-instituzioen
antolaketan, araubidean eta funtzionamenduan, barneko hauteskunde-legegintzan
eta publizitatean. Administrazioen eta herritarren arteko informazio-harremanak
antolatzera zuzentzen den eginkizun hori, era berean, Euskal Autonomia
Erkidegoko maila instituzional guztietarako dago bermatuta; izan ere,
autoantolatzeko ahala instituzio bakoitzak dituen oinarrizko erakunde-arauetan
jasotzen da. Beraz, kontuan hartu behar den eduki-arau nagusia
eta orobat eskumen-titulu behinena administrazio publikoen araubide
juridikoarena da.
Helburu
horiek betetzeko, lege honek, lehenik eta behin, ondo zehazten du publizitate
eta komunikazio instituzionalaren xedea, eta garapen-gunea ezartzen du, zabal
daitezkeen eduki eta mezuak zerrendatuz, eta halaber ezartzen du bere eremu
subjektiboa, zein subjektu publikori zuzentzen zaion zehaztuta.
Bigarrenik,
publizitate instituzionalaren edukiaren betekizunak ezartzen ditu, baita hark
izango dituen debekuak ere eta, horretarako, Publizitate eta Komunikazio
Instituzionalari buruzko abenduaren 29ko 29/2005 Legearen 4. artikuluan
oinarri-oinarrizko debeku moduan biltzen diren debekuak jasotzen ditu, betiere
instituzioen arteko leialtasuna begiratuta, eta, aldi berean, beste instituzio,
erakunde edo pertsona batzuen jarduera zalantzan jartzea eragozten du; herritar
guztiek informazioa eskuratzeko aukera izango dutela bermatzen duten jokabide,
euskarri eta mezuak bultzatzen ditu, eta ingurumenarekiko errespetua,
berdintasunaren aldeko politikak eta komunitatearen gainerako balioak sustatzen
ditu.
Hirugarrenik,
arlo honetan egiten diren kontratuak esleitzeko irizpide nagusiak ezartzen
ditu; eta jarduera hau hauteskunde-garaian erregulatzeko arauak ere ematen
ditu, betiere indarrean dagoen hauteskunde-araudiari jarraituz.
Azkenik,
publizitate eta komunikazio instituzionala lege honi jarraituz egingo dela
ziurtatzearren, berme-sistema bat arautzen du, berariazko organo eta prozedura
batzuk sortuz, euskal sektore publiko osoan lege honetan ezarritako printzipio
orokor eta oinarrizkoak bete daitezen, bai eta sustatzen diren kanpaina
zehatzetan duen aplikazioa ere, eta, halaber, bide bat arautzen da herritarrek
lege-debekuen aurkako jarduerak bertan behera uzteko edo zuzentzeko eskaria
egiterik izan dezaten.
I. KAPITULUA
XEDAPEN
OROKORRAK
1. Artikulua
- Legearen xedea
Lege honen
xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek eta haren sektore
publikoa osatzen duten erakundeek egiten dituzten publizitateko eta
komunikazioko kanpaina instituzionalen araubide juridikoa ezartzea, edozein
delarik ere kanpainok egiteko erabiltzen den euskarria.
Lege honen
aplikaziotik kanpo geratzen da arau-xedapen, ebazpen eta egintza administratibo
edo judizialak argitaratzea eta hedatzea, baldin eta hori lege-agindu bidez
ezarrita badago, eta orobat geratzen da kanpo agindu horrek eragindako jarduera
publikoei buruzko gainerako informazioa, bai eta merkatu-, industria-, edo
merkataritza-jarduera bat gauzatzean egiten den publizitatea ere.
2. Artikulua
- Legearen eremu subjektiboa
1. Publizitateko eta
komunikazioko kanpaina instituzionalek lege honek agintzen duena izango dute
araubide, kanpainak honako hauek eginak direnean:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra eta
Administrazio instituzionala.
b) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu
bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen
testu hori) 7. artikuluaren 4. paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan
zerrendatuta dauden erakundeak.
2. Eusko
Legebiltzarrari, haren mendeko organo eta mandatariei, batzar nagusiei eta
gainerako euskal administrazio publikoei, foru- eta toki-administrazioei, haien
partzuergoei eta bakoitzaren sektore publikoa osatzen duten gainerako
erakundeei, aplikaziokoa izango zaie lege honetako I. kapitulua.
3. Artikulua
- Kanpaina instituzionalen definizioa
Lege honen
ondorioetarako, hauek joko dira publizitateko eta komunikazioko kanpaina
instituzionaltzat:
a) Publizitateko kanpaina
instituzionala: mezu edo helburu komun bat zabaltzera bideratu eta antolatutako
jarduera oro, hartzaile askori zuzendua bada, ordaindutako edo lagatako
publizitate-euskarria baliatzen badu eta 2. artikuluan aipatzen diren
subjektuetako batek egiten edo sustatzen badu.
b) Komunikazioko
kanpaina instituzionala: hertsiki publizitatekoak ez diren komunikazio erak
erabiliz, 2. artikuluan aipatzen diren subjektuetako batek hartzaile askori
mezu edo helburu komun bat zabaltzeko egindakoa.
4. Artikulua
- Kanpaina instituzionalen betekizunak
1. Publizitateko
eta komunikazioko kanpaina instituzionalak egin ahal izango dira honako helburu
hauetakoren bat dutenean:
a) Herritarrei informazioa ematea legez dagozkien eskubide
eta betebeharrez, instituzio publikoen funtzionamenduko alderdi garrantzitsuez
eta gune eta zerbitzu publikoetara irispidea izateko eta gune eta zerbitzu
horiek erabiltzeko baldintzez.
b) Hauteskunde-prozesurik edo herri-kontsultarik denean, herritarrak
horretaz informatzea.
c) Arau-xedapenen edukiaren zabalkundea egitea, haien
berritasunagatik eta gizartean duten eraginagatik neurri osagarriak
beharrezkoak direnean herritarrek xedapen haiek ezagutu ahal izateko.
d) Enplegu publikoaren eskaintzen zabalkundea egitea, duten
garrantzi eta interesagatik hala komeni denean.
e) Ordena edo segurtasun publikoko neurriak hartuko direla
jakinaraztea, hartzaile askori eragiten dietenean.
f) Arriskuei aurrea hartzeko neurriak edo pertsonen osasunaren edo
natura-ondarearen aurkako edozein eratako kalteak ezabatzen lagunduko dutenak
iragartzea.
g) Sektore ekonomikoak babestea, batez ere kanpoan, produktuen
merkaturatzea sustatzea eta inbertsioak erakartzea.
h) Euskal Herriko hizkuntzen eta ondare historiko, kultural
eta naturalaren zabalkundea egitea.
i) Gizartearentzat garrantzia eta interesa duten programa eta
jarduera publikoak jakinaraztea.
j) Lege honetako 2. artikuluan aipatutako erakundeek ematen dituzten
zerbitzuak eta gauzatzen dituzten jarduerak sustatzea edo zabaltzea.
k) Balio eta printzipio konstituzionalen zabalkundea eta ezaguera
sustatzea.
2. Publizitateko
eta komunikazioko kanpaina instituzionalak interes publikoko arrazoiak daudenean
eta eskumen propioak erabiltzean bakarrik gauzatuko dira.
3. Kanpaina instituzionalek gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna
sustatzen lagunduko dute, gizartean dagoen aniztasun sozial eta kulturala
errespetatuko dute eta haurrak eta nerabeak babestuko.
4. Kanpaina instituzionalak bat
etorriko dira beti hainbat printzipioren eskakizunekin, hala nola interes
orokorraren, instituzioen arteko leialtasunaren, egiatasunaren,
gardentasunaren, eraginkortasunaren, erantzukizunaren, eragimenaren eta gastu-zorroztasunaren
printzipioen eskakizunekin.
5. Publizitate
instituzionalak gomendioak egiten dituzten edo lekukotasunak ematen dituzten
pertsonak erabiltzen baditu, bai gomendioek bai lekukotasunek egia izan beharko dute abiapuntu, hala
pertsonari nola edukiari dagokienez, eta, ondorioz, kasu errealak planteatuko
dira edo, dramatizazioa baldin bada, hala dela jakinaraziko.
5. Artikulua - Debekuak
1. Ezingo da
publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionalik sustatu edo kontratatu
kasu hauetan:
a) Kanpainaren helburua lege honetako 2. artikuluan aipatzen diren
subjektuek lortutako helburuak edo haien kudeaketa-lorpenak nabarmentzea bada.
b) Kanpainak argi eta garbi kalte egiten badie beste botere publiko
batek bere eskumenak baliatuta zilegitasun osoz egindako politika publikoei edo
zeinahi jarduerari, edo halako politikak edo jarduera oztopatu edo
nahaspilatzen baditu.
c) Kanpainak mezu diskriminatzaileak, sexistak edo
printzipio, balio eta eskubide konstituzionalen aurkakoak badauzka.
d) Kanpainak zuzenean nahiz zeharka indarkeria edo ordenamendu
juridikoaren aurkako jokabideak bultzatzen baditu.
2. Publizitateko
eta komunikazioko kanpaina instituzionalen aurkezpenak edo mezuek ezingo dute
nahasbiderik eragin edozein alderdi politikok edo gizarte-erakundek erabilitako
sinbolo, goiburu, ideia, esaera, diseinu edo irudiekin.
3. Publizitate instituzionalak ez
du errakuntzarik eragin behar, ez anbiguotasunagatik, ez datu ez-zuzenengatik,
ez omisioagatik, ez beste ezerengatik.
4. Ezingo da
zabaldu argi identifikatzen ez den eta administrazio edo erakunde sustatzaile
edo kontratatzailearen berariazko aipamenik jasotzen ez duen publizitateko
kanpaina instituzionalik.
5. Erabat debekatuta dago inolako
publizitate ez-zilegirik erabiltzea publizitateko eta komunikazioko kanpaina
instituzionaletan, halako publizitatea Publizitateari buruzko azaroaren 11ko
34/1988 Lege Orokorreko 3. artikuluan ez-zilegitzat jo direnen artean badago.
6. Artikulua
- Eskuragarritasuna
Publizitateko
eta komunikazioko kanpaina instituzionaletako informazio osoa eskuratzeko modua
ezarriko da edozein eratako desgaitasunen bat duten pertsonentzat.
7. Artikulua
- Ingurumena errespetatzen duten euskarriak sustatzea
Lehentasuna emango
zaie, betiere kanpainaren eraginkortasuna murrizten ez badute, ingurumena
gehien errespetatzen duten euskarriei. Horretarako, baldintza hori berariaz
jasoko da publizitateko kanpainak esleitzeko baldintza-agirietan edo
eskaintzetan.
8. Artikulua
- Bermeak
1. Antolamendu juridikoan
aurreikusitako errekurtsoak baliatzeari utzi gabe, eskubide edo interes
zilegiren bat daukaten pertsona fisiko nahiz juridikoek, bai eta erasanak diren
edo eskubide eta interes zilegi kolektiboak defendatzeko legez gaituta dauden
korporazio, elkarte, sindikatu eta talde eta erakundeek ere, eskatu ahal izango
dute berehala bertan behera utz edo zuzen daitezela lege honetan jasotako
debekuren bat hausten duten kanpainak, 4 eta 5. artikuluetan ezarritakoa urratu
delako.
2. Kanpaina bertan behera uzteko
edo zuzentzeko eskaria, betiere, lege honi atxikitako administrazio publikoen
antolaketa-arauek horretarako ezartzen duten organoan aurkeztuko da.
3. Bertan behera uzteko eskaria
publizitateko edo komunikazioko jarduera hasten denetik eskatu ahal izango da,
eta jarduerak irauten duen bitartean. Zuzentzeko eskaria, ordea, jarduera
amaitu eta ondorengo zazpi egun igarotzen diren arte egin ahal izango da.
4. Artikulu honetako 2.
paragrafoan aipatzen den organoak gehienez ere sei eguneko epean emango du
ebazpena. Ebazpen hori bete beharrekoa izango da eta administrazio-bideari
amaiera emango dio. Jarduera bertan behera utzi behar dela ebazten bada,
iragarkia jarri duen organoak berehala utzi beharko du bertan behera. Jarduera
zuzendu behar dela ebazten bada, ebazpena eman eta hurrengo zazpi egunetan egin
beharko du zuzenketa iragarkia jarri duen organoak.
Egindako
eskaria ez bada adierazitako epean ebazten, ezetsitzat hartu beharko da, eta
interesdunek bidezko diren errekurtsoak jarri ahal izango dituzte.
5. Kautelazko
neurri gisa, eta interesdunak eskatuta, artikulu honetako 2. paragrafoan aipatzen den organoak
kanpaina behin-behinean etetea agindu
ahal izango du, baldin eta 4 eta 5. artikuluetan jasotako arau-hausteen
zantzurik sumatzen bada. Eskari hori ebazteko gehieneko epea bi egunekoa izango
da, aurkezten denetik.
6. Prozeduran
zehar, Sailarteko Batzordeak bere ebazpena hartzeko beharrezko jotzen duen informazio
guztia eskatu ahal izango die tartean diren erakundeei.
9. Artikulua
- Kontratuak
1. Lege honek arautzen dituen
kanpainei lotutako kanpo-kontratazioak aplikaziokoa zaien
kontratazio-araudiaren bidez egingo dira, kontratuaren xedearen eta erakunde
kontratatzailearen izaera juridikoaren arabera.
2. Kontratuen esleipena bat
etorriko da, betiere, printzipio hauekin: publizitatea, lehia, gardentasuna,
konfidentzialtasuna, berdintasuna eta bereizkeriarik eza.
3. Kontratuen
esleipena ikuspegi ekonomikotik onuragarriena den eskaintzari egingo zaio,
kontratuaren xedeari zuzenean lotutako irizpide objektibo batzuei jarraiki.
4. Kanpainaren
berezitasun kualitatibo edo kuantitatiboengatik komeni bada, kontratuaren
baldintza-agirietan jasoko da enpresa esleipendunek kanpainaren emaitzen
jarraipena eta kanpainaren eraginari buruzko azterketa egin beharko dituztela.
10.
Artikulua - Hizkuntzak
1. Euskal
Autonomia Erkidegoaren lurraldean zabalkundea duten edo egiten diren publizitateko
eta komunikazioko kanpaina instituzionaletan, euskara eta gaztelania erabiliko
dira.
2. Era berean, beste hizkuntza
batzuk ere erabili ahal izango dira, jardueren xedearengatik edo horien
zabalkunde-eremuarengatik beharrezkoa izanez gero.
11.
Artikulua - Hauteskunde- eta erreferendum-prozesuak
1. Lege honetan arautzen diren
eta hauteskunde, erreferendum edo herri-kontsultako prozesu baten barruan
egiten diren kanpaina instituzionalak, gainera, beste lege batzuetan
aurreikusitako araudi bereziaren arabera egingo dira, hala nola Hauteskunde
Erregimen Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan,
Erreferendum Motak Arautzen dituen urtarrilaren 18ko 2/1980 Lege Organikoan eta
Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legean
aurreikusitakoaren arabera.
2. Aurreko
paragrafoan aurreikusitakoa gorabehera, lege honetako 2. artikuluan aipatzen
diren botere publikoek eta erakundeek ez dute egingo publizitateko edo
komunikazioko kanpaina instituzionalik, edo, hala badagokio, eten egingo
dituzte horrelakoak, zuzenean eragiten dien hauteskunde-garaian. Hauteskunde-garaitzat
hauteskunde, erreferendum edo kontsultarako deia egiten den egunetik bozketaren
egunera bertara bitarteko denbora hartuko da. Eta, salbuespenez, honako
kanpaina hauek egin ahal izango dira: interes publikoa babesteko edo zerbitzu
publikoak behar bezala jarduteko ezinbestekoak izan litezkeenak.
II.
KAPITULUA
PUBLIZITATEKO
ETA KOMUNIKAZIOKO KANPAINA INSTITUZIONALAK EBALUATZEA, PLANIFIKATZEA ETA GAUZATZEA
12.
Artikulua - Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordea
1. Publizitate
Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordea da lege honetako 2. artikuluaren
1. paragrafoan zehazten diren administrazio eta erakundeen publizitatearen eta
komunikazioaren plangintzaz, laguntza teknikoaz, ebaluaketaz, koordinazioaz eta
kontrolaz arduratzen den organoa.
2. Berariaz,
Sailarteko Batzordeak:
a) Administrazio-klausula berezien agirien eta klausula tekniko
berezien agirien eredu-orri guztiak prestatu eta onartuko ditu, kontratu mota
honetarako berariazkoak, nahiz eta, betiere, agiri horiek onartzea
kontratazio-organoari egokituko zaion.
b) Kontratazioko espedientea hasi baino lehen, txosten bat
egingo du, nahitaez eta behartze-indarrik gabe, 14. artikuluan aipatzen diren
publizitateko eta komunikazioko ekintzei buruz. Txosten hori, gehienez ere,
bost eguneko epean emango da.
c) Kanpaina instituzionalak ebaluatuko ditu, aurreikusitako helburuen eta
haien eraginkortasunaren arabera.
d) Urteko txosten bat egingo du, eta bertan, aurreko urtean egin diren
kanpaina instituzional guztiak jasoko dira, eta bakoitzaren zenbatekoa eta
egindako kontratuen esleipendunak adieraziko dira. Txosten hori urte bakoitzeko
lehenengo bilkura-aldian igorriko da Eusko Legebiltzarrera.
e) Gai honetan egokitzat jotzen dituen txostenak, iradokizunak eta
proposamenak prestatuko ditu, beraren eskumen-eremuan sartzen diren
subjektuentzat.
3. Batzordeak
ebatziko ditu 8. artikuluan aipatzen diren kanpainak bertan behera uzteko eta
zuzentzeko eskabideak.
4. Erregelamendu
bidez erabakiko dira Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko
Batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua.
13.
Artikulua - Publizitate eta komunikazio instituzionalaren urteko plana
1. Publizitate Instituzionalari
buruzko Sailarteko Batzordeak, Eusko Jaurlaritzako sailetatik eta lege honetako
2. artikuluaren 1. paragrafoan aipatutako gainerako instituzio, organo eta
erakundeetatik jasotako proposamenetan oinarrituta, publizitateko eta
komunikazioko plan bat egingo du urtero, eta bertan garatu asmo dituzten
kanpaina instituzionalak jasoko dira.
2. Urteko planean zehaztu beharko
dira, gutxienez, honako alderdi hauek: kanpaina bakoitzaren helburua,
aurreikusten den kostua, gauzatze-aldia, erabilitako komunikazio-tresna eta
-euskarriak, mezuen zentzua, hartzaileak eta eragindako organismo eta
erakundeak.
14.
Artikulua - Urteko planean aurreikusi gabeko kanpainak
Salbuespenez,
eta, ezustean sortutako arrazoiengatik, publizitate eta komunikazio
instituzionalaren urteko planean aurreikusi gabe dauden publizitateko eta
komunikazioko kanpaina instituzionalak egin beharra izaten denean, kanpaina
sustatzen edo kontratatzen duen erakundeak Publizitate Instituzionalari buruzko
Sailarteko Batzordeari jakinaraziko dio, lege honetako 12. artikuluaren 2.
paragrafoko a) idatz-zatian aurreikusitako ondorioetarako. Kanpaina horiek,
betiere, lege honetan xedatutakoarekin bat etorri beharko dute.
Xedapen Iragankorra
Apirilaren 18ko 151/1989 Dekretuan
sortutako Publizitateari buruzko Sailarteko Batzordeak gauzatuko ditu lege
honetako 12. artikuluan aurreikusitako eginkizunak eta eskumenak, harik eta
bertan aurreikusitako erregelamendu-garapena egiten den arte.
Xedapen Indargabetzailea
Indargabetuta geratzen dira lege honetan
xedatutakoaren aurkakoak diren edo lege honetan ezarritakoaren kontrakoa dioten
maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
Azken
Xedapenak
Lehenengoa. Erregelamendu
bidezko garapena
Eusko
Jaurlaritzak sei hilabeteko epean emango ditu lege hau garatzeko beharrezko
diren erregelamendu-arauak.
Bigarrena.
Indarrean sartzea
Lege hau
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko
da indarrean.