6/2008 Legea, ekainaren 25ekoa, Euskadiko Kooperatiba Sozietate Txikiei buruzkoa.
2008-06-25Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2008/7/4, 127. zk.; EAO, 2011/9/3, 212. zk.
§ 303. 6/2008 LEGEA, EKAINAREN 25EKOA, EUSKADIKO KOOPERATIBA SOZIETATE TXIKIEI
BURUZKOA
ZIOEN AZALPENA
Azkeneko
urteotan, enpresa-ekimen berriak martxan jartzeko beharrezko baldintzak
sinplifikatzeko jarrera nagusitzen ari da Europar Batasuneko instituzioetan.
Baldintza horiek dagokion legeriak sozietate mota bakoitzari eskatzen
dizkionak eragina izan dute formalki ezarri nahi izan diren enpresa ia guztien
sorreran. Nolanahi ere, enpresa ertainek, eta batez ere enpresa txikiek, oztopo
administratibo moduan ikusten dituzte sozietate forma bakoitza eratzeko
baldintza horiek. Izan ere, ez dira baldintza lagungarriak; alderantziz,
eragozpenak eragiten dituzte, batez ere mikroenpresei, eta batzuetan oztopo
gaindiezinak izaten dira gainera, enpresa horien izaera eta inguruabarrak
direla-eta, formalki gauzatu ahal izateko.
Egoera
horren aurrean, merkataritza alorrean lege-aldaketak ekarri dituzten Estatuko
nahiz Europar Batasuneko erakundeen nahia izan da bultzatzen diren
arau-aldaketak ez izatea, soil-soilik, oztopo administratiboak kentzeko,
enpresa berriak sortzeko eragozpen direla ikusita; horrez gain, eta nagusiki,
arau-aldaketa horiek enpresa txiki eta ertainak sortzeko lagungarri izatea nahi
izan da, enpresa horiexek direlako lanpostu berriak sortzen dituztenak.
Kooperatiben
mundua ezin da aldaketa horietatik guztietatik at geratu. Baina, horrez gain,
esparru horretan aldaketak ahalik eta azkarren aplikatu behar dira, kooperatiba
txikien ekintzailetza bultzatuko duen dinamika sortzeko. Izan ere, kooperatibak
enplegu-sortzaile dira; kalitateko enplegua sortzen dute, eta, autogestioko
formulak erabiliz gainera, horixe baitute bereizgarri nagusia gainerako
enpresen aldean.
Horregatik,
egokitzat jo da Euskadiko kooperatiben eremuan beharrezko moldaketak egitea,
enpresak sortzeko baldintzak hobetu eta soiltzeko 1997ko apirilaren 22ko
Gomendioan (97/344/EEE) zehaztutako helburuak betetzen laguntzeko. Gomendio
hura inflexio-puntu garrantzitsua izan zen, Europar Batasuneko estatu kideak
enpresa txiki berriak sortu beharraz ohartarazi baitzituen, eta enpresa berriak
sortzeko zenbait baldintza eta betekizun aldatu beharraz, hala nola zenbait
eskakizun sinplifikatzea eta enpresen sorreraren hasiera-faseko izapide batzuk
sinplifikatzea. Halaber, geroagoko ekimen batzuei ere bide eman zien; adibidez,
Europako Batzordeak enpresa-ingurunea sinplifikatzeko talde operatiboa (BEST
taldea) sortu zuen, 1997ko Amsterdamgo Kontseilu Europarraren aginduz. Taldeak
eginiko lanaren ondorioz, enpresa-espiritua eta lehiakortasuna sustatzeko
ekintza-plana (BEST ekintza-plana) onartu zen 1999ko apirilean, eta horretan
1997ko gomendioan jasotako iradokizunak berresten ziren.
Ondoren,
2000ko martxoan, Lisboako Kontseilu Europarrak egin beharreko lantzat jo zuen enpresa
berritzaileen sorkuntza eta garapena bultzatzeko lagungarri izango den ingurua
sortzea, bereziki enpresa txiki eta ertainei begira.
Lisboako
Kontseilu Europarrak aginduta, 2000ko ekainean, Enpresa Txikien Europako Gutuna
(Feirako Gutuna) onartu zuten estatu kideek, eta, horren bidez, enpresen
jarduerari laguntzeko marko juridiko eta administratibo egoki bat sortzeko
konpromisoa hartu zuten, modu merkeagoa eta azkarragoa martxan jarrita
enpresa-jarduera bultzatuko duena; besteak beste, erregistroetan online
inskribatzeko aukera eman zitzaien enpresei.
Feirako
Gutuna da enpresa txiki eta ertainen aldeko jardun-eremu politikoa Europan, eta
gutuna gauzatzeko, enpresaren eta enpresa-espirituaren alde, bereziki enpresa
txiki eta ertainen alde, lan egiteko urte anitzeko programa onartu zuen
Kontseiluak, 2001-2005 urteetarako. Hain zuzen, programaren helburuetako bat
enpresen marko administratibo eta arautzailea sinplifikatzea da, enpresak
sortzen laguntzeko.
2002ko
udaberriko gailurra prestatzeko lanen artean, Lisboako prozesuaren barruan eta
jarraitu beharreko bidea zehaztu nahian, 2002ko otsailean, Europako
Parlamentuak, enplegu betea eta gizarteratzea lortzeko estrategiari buruzko
2002/0079 Ebazpenaren bitartez, dei egin zien estatu kideei formulario
estandarren erabilera bultza zezaten, eta, orobat, informazioaren eta
komunikazioaren teknologiak erabil zitezen administrazio publikoen arteko
harremanetan, batez ere enpresak ezarri, erregistratu eta haien sorrerari
buruzko publizitatea egiteko prozeduretan, Feirako Gutunak agindutakoa bete
beharrez.
2002ko
otsailean, enpresa txiki eta ertainen inguruko Europar Ministroen
Konferentziak, Aranjuezen bilduta, sozietate-formula soilak ezarri behar direla
azpimarratu zuen, enpresa txikien errealitatera hobeto egokitzen diren
formulak. Horrez gain, adierazi bezala, informazioaren eta komunikazioaren
teknologiak are gehiago erabili behar direla azpimarratu zuten.
Azkenik,
Bartzelonako Kontseilu Europarrak konpromiso horiek berak berritu eta berretsi
zituen, eta azpimarratu zuen inguru egokiagoa eta hobea sortu behar dela,
enpresa txiki eta ertainen errealitatera hobeto moldatuko dena.
Halaber,
COM (2003) 27 dokumentuan oinarrituta prestatutako "Enpresa Espiritua
Europan" liburu berdean aitortzen denez, orokorrean araudian ez da
bereizketarik egiten enpresen artean, neurria kontuan hartuta, eta, horren
ondorioz, arauan ezartzen diren eskakizunak betetzea oso zail egiten zaie
enpresa txikienei. Gainera, gomendatzen da agintari publikoek "lehenik eta
behin, txikia" printzipioa eduki behar luketela gogoan, hau da, araudia
sinplifikatu eta egokitu behar luketela, ahalik eta gehiena molda dadin enpresa
txikien izaerara eta ezaugarrietara. Bestalde, karga administratiboak murrizte
aldera, estatu kide batzuek salbuespenak ezarri dituzte enpresa txiki eta
ertainentzat, edo administrazio-zerbitzu osagarriak eskaini dizkiete
laguntzeko. Izan ere, informazioa eta babesa oso lagungarri izan daitezke
enpresa arloan dabiltzanentzat, administrazio-izapideak betetzeko orduan.
Kapital-sozietateen
eremuan, Enpresa Txikien Europako Gutunak hartutako konpromisoak betetzeko
helburuz, Erantzukizun Mugatuko Sozietateei buruzko martxoaren 23ko 2/1995
Legea aldatzen duen Enpresa Berria sozietate mugatuari buruzko apirilaren 1eko
7/2003 Legea onartu zen. Lege horretan, merkataritzako nahiz administrazio
arloko marko arautzaile berezia ezarri nahi da, hain justu enpresa txiki eta
ertainen enpresa-jarduera sustatuko duena eta merkatuan leku lehiakorragoa
emango diena.
Halaber,
1332/2006 Errege Dekretuak, azaroaren 21ekoak, erantzukizun mugatuko
sozietateak izapidetze telematikoaren bidez eratzeko eta martxan jartzeko
dokumentu elektroniko bakarra (DEB) erabili ahal izateko zehaztapenak eta
baldintzak arautzen ditu, eta dekretu horren bidez aukera ematen zaie sozietate
horiei sistema telematikoa erabiltzeko. Izan ere, dekretu hori indarrean sartu
arte, soilik Enpresa Berria sozietate mugatua sortzeko erabil zitekeen.
Euskal
Autonomia Erkidegoko kooperatibentzat, berriz, orain arte ez zegoen inongo
marko juridiko egokirik, aurrez aipatutako gomendio eta konpromisoak betetzeko
bidea emango zuenik. Hortaz, araudi berri honen bidez, arlo horretan laguntza
eman nahi zaie lan elkartuko kooperatiba txikienei, hau da, gehienez ere hamar
bazkide langile dituzten kooperatibei, egin beharreko egokitzapenak eginda.
Lege
honek sei kapitulu, bost xedapen gehigarri eta bi azken xedapen ditu.
I. XEDAPEN OROKORRAK
Alde
batetik, kooperatiba-sozietate txikiek gutxienez zenbat iraupen mugagabeko
bazkide langile eta lan-bazkide izan behar dituzten finkatzen da: gutxienez,
bi. Bestetik, lan elkartuko eta erkidegoan ustiatzeko kooperatiba-sozietate
txiki gisa eratzeko eta inskribatzeko izapideak sinplifikatzen dira.
II. BESTEREN KONTURAKO LANGILEAK EDOTA IRAUPEN MUGATUKO
BAZKIDE LANGILEAK EDO LAN BAZKIDEAK KONTRATATZEKO MUGAK
Besteren
konturako langileak eta iraupen mugatuko bazkide langileak kontratatzeko
erregimen bereziari dagokionez, bost urteko epea finkatu da kontrataziorako, epe
hori egoki eta nahikotzat jotzen baita kooperatiba-sozietate txikia sendotu eta
finkatzeko. Neurri horiek aukera emango diete kooperatiba txikiei merkatuan
lehiakor izateko eta orain arteko mugaketatik aske jarduteko.
Horrez
gain, mugatu egiten dira hasierako derrigorrezko ekarpenak ere, besteren
konturako langileak iraupen mugagabeko bazkide langile moduan edo iraupen
mugatuko bazkide moduan sartzen direnerako.
III. KOOPERATIBA TXIKIKO ORGANOAK
Kooperatiba
txikiko organoak Batzar Nagusia eta administrazio- eta ordezkaritza-organoa
izango dira. Batzar Nagusia izango da organo garrantzitsuena, eta
administrazio- eta ordezkaritza-organoa honelakoa izan daiteke: pertsona
bakarrekoa administratzaile bakarra, pluripertsonala administratzaile
solidarioak edo mankomunatuak edo kolegiatua Kontseilu Errektorea, gutxienez
bi bazkide langile edo lan-bazkide izango dituena betiere.
Kontseilu
Errektoreak bi kide baino ez baditu, bertako lehendakariaren botoak ahalmena
izango du berdinketak erabakitzeko, kooperatiba-sozietate txikiaren estatutu
sozialetan hala ezarrita badago.
IV. ARAUBIDE EKONOMIKOA
Estatutuetan
arautuko da egin beharreko ekarpenen gaineko dedukzioak ezarri ala ez.
Itzulkinen kapitalizazioek ez dute dedukziorik izango.
V. EGOKITZEARI ETA DESEGITEARI BURUZKO XEDAPENAK
Behar
diren konponbideak aurreikusi eta jartzen dira kooperatiba-sozietate txikietako
bazkide-kopurua dela-eta gerta daitezkeen bi kasuetarako, betiere lege honen
babesean eratzen diren kooperatiba-sozietate txikien kasurako eta Euskadiko
Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen babesean eratutako
kooperatiba-sozietateen kasurako. Alegia, lehenengo kasuan, kopurua gainditzea,
eta hamar bazkide langile edo lan-bazkide baino gehiago egotea; halakoetan,
kooperativa-sozietate txikiak estatutu sozialak egokitu beharko ditu, legeak
esaten duenera moldatzeko. Bigarren kasuan, aurreko araudiaren babesean
eratutako kooperatiba-sozietateek baldin eta lege honek kooperatiba-sozietate
txikientzat ezarritako baldintzak betetzen badituzte aukera izango dute
kooperatiba-sozietate txiki gisa egituratzeko.
Halaber,
sozietatea desegiteko kausa izango dira kooperatiba-sozietate txikia eratzeko
legeak ezartzen duen minimotik behera gutxitzea bazkide-kopurua, kooperatiba
txikiko organoak geldirik edo jardun gabe egotea edo justifikaziorik gabe
kooperatiba-jarduna etetea, betiere aldi jakin batez luzatzen badira gertakari
horiek.
VI. URTEKO KONTU GORDAILUEI ETA KONTU IKUSKATZEARI
BURUZKO XEDAPENAK
Kontu
Ikuskatzeari buruzko Legean jasotzen diren kasuez gain, lege honetan beste
zenbait kasu ere aurreikusten dira, eta, halakorik gertatuz gero,
kooperatiba-sozietate txikiek kontuak ikuskatu beharko dituzte.
VII. XEDAPEN GEHIGARRIAK
Aurreneko
hiru xedapen gehigarrietan honako hauek ezartzen dira, hurrenez hurren:
lehenengoan, kooperatiba-sozietate txikiaren dokumentu elektroniko bakarra
(KSTDEB) egitea eta dokumentu bakar horrek hobeto funtzionatzeko lagungarri
izan daitezkeen instituzio, administrazio eta sozietateekin egin beharreko
lankidetza-hitzarmenak egitea; bigarrenean, Euskadiko kooperatiba-sozietate
txikien aholkularitzarako eta hasierako izapideetarako guneak (EKSTAHIG)
martxan jartzea, eta, hirugarrenean, kooperatiba txiki berrientzako estatutu sozialen
ereduak prestatzea.
Laugarren
xedapen gehigarrian, Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen
aldaketa bat egiten da, interes publikoko helburuetarako baliabideen izaera
argitzeko. Horretarako, haien izena eta helburuak berrikusi dira, nahitaezko
baliabideak direla azpimarratuz. Gainera, egindako aldaketetan, haien benetako
izaerari hobeto egokitzen zaion izen berria sartu da; kooperatiben errealitate
soziala eta helburuen interes publikoko izaera uztartzen saiatuz, baliabideen
helburuak berrikusi dira; eta kudeaketaren ezaugarriak eguneratu dira araudi
berrira egokitzeko.
Bosgarren
xedapen gehigarrian, kooperatiba arloko arau-hauste baten tipifikazioa egin eta
dagokion zehapena adierazten da, kooperatibaren forma juridiko hau arau honetan
aurreikusitakoez bestelako helburu batzuetarako tresna gisa erabiltzen den
kasurako.
Horretarako,
lege honen garapenean neurri zehatz batzuk ezarriko dira: alde batetik,
nabarmen laburtzea ebazpenak emateko epeak eta kooperatiba-sozietate txikien
eratze-eskriturak inskribatzeko epeak; eta, bestetik, inskribatzeko baldintzen
balorazio berria egin eta ondorioak ateratzea, lege-aldaketa honen bidez lortu
nahi diren helburuekin adosago egon daitezen eta kooperatiba txikien baldintza
berezietara hobeto egoki daitezen.
Azken
xedapenetan, legea indarrean jartzeko baldintzak zehazten dira, eta Eusko
Jaurlaritzak legea aplikatu eta garatzeko zein ahalmen dituen zehazten da.
Hala,
beraz, neurri hauen bidez, erraztasunak eta bultzada eman nahi zaizkie
kooperatiba-sozietate txikiei, ezinbesteko ernamuina baitira Euskadiko
kooperatibismoa gara dadin, etorkizuna izan dezan eta indar dadin. Eratzeko
prozedura sinplifikatu egingo da, bai eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan
inskribatu beharreko egintza nagusiak ere, eta sozietateok topatzen dituzten
oztopo handienak ezabatu egingo dira; hala, Europar Batasunak emandako
gomendioetako bat gauzatu egingo da.
Lege
hau 10.23 artikuluaren bidez Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoari
ematen dion eskumen esklusiboaren barruan aldarrikatzen da; eskumen hori,
halaber, Konstituzio Auzitegiak berak ere berretsi du (72/83 epaia, hirugarren
oinarri juridikoa).
I. KAPITULUA
Xedapen Orokorrak
1. Artikulua - Kontzeptua
1. Kooperatiba-sozietate
txikia lehen graduko kooperatiba-sozietatea da, lan elkartukoa edo erkidegoan
ustiatzekoa, eta bere araubide juridikoa lege honek berak arautzen du,
kooperatiba sozietateen barruko espezialitate gisan.
2. Kooperatiba-sozietate
txikia eratzeko, Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen arabera
eratutako kooperatiba-sozietatearen estatutu sozialak lege honetara egokitzeko,
edo kooperatiba ez den sozietate bat kooperatiba-sozietate
txiki bihurtzeko, horiek guztiak
egin ahal izateko, sustatzaileek edota dagokion kooperatiba-organoak espresuki
adierazi beharko dute kooperatiba-sozietate txikiaren izaera egotzi diotela
beren sozietateari.
3. Kooperatiba-sozietate
txikia iraupen mugagabeko bazkide langileek edo lan-bazkideek osatuko dute,
gutxienez bik eta gehienez hamarrek.
4. Kooperatiba-sozietate
txikiak lege honen bidez eta bere garapen-arauen bidez arautuko dira, eta,
osagarririk behar izanez gero, Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen
bidez eta bere garapen-arauen bidez.
2. Artikulua - Eratzea
1. Kooperatiba-sozietate
txikia eratzeko, beharrezkoa izango da eskritura publikoa egitea eta sozietatea
Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatzea. Inskripzio horren ondoren eskuratuko
du izaera juridikoa kooperatiba-sozietate txikiak.
2. Euskadiko
Kooperatiben Erregistroan kooperatiba-sozietate txikiak inskribatzeko liburua
edukiko dute, eta hor inskribatuko dira kooperatiba-sozietate txikiaren izaera
hartu duten sozietateak, haien jatorrizko forma juridikoa edozein izanda ere.
3. Kooperatiba-sozietate
txikien eratze-eskriturak, Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993
Legearen 12. artikuluko beste baldintza guztiak betetzeaz gainera, eredu
orientagarri bati jarraituz idatzitako estatutu sozialak ere jaso behar ditu.
4. Eratze-eskrituraren
eta estatutu sozialen kalifikazioa eta inskripzioa egiteko epea hogeita hamar
egunekoa izango da gehienez ere, eskabidea aurkezten denetik kontatzen hasita.
5. Entitate hauen
izenean ezinbestean agertuko da "Kooperatiba Sozietate Txikia"
adierazpena edo "Koop. Elk. Txikia" laburdura.
II. KAPITULUA
Besteren kontuRAko langileak
edota iraupen mugatuko bazkide langileak edo lan bazkideak kontratatzea eta
hasierako derrigorrezko ekarpenak mugatzea
3. Artikulua - Besteren konturako langileak edota iraupen
mugatuko bazkide langileak edo lan-bazkideak kontratatzeko mugak
1. Kooperatiba-sozietate
txikiek, eratzen direnetik kontatzen hasita bost urteko epean gehienez ere,
aukera izango dute besteren konturako langileak kontratatzeko, edozein
modalitatetan, eta iraupen mugatuko bazkide langileak edo lan-bazkideak
kontratatzeko ere bai. Edonola ere, kontratatutako langile horiek iraupen
mugagabeko bazkide langileak beste izango dira gehienez ere, lanaldi osokoak
edo lanaldi partzialekoak.
2. Nolanahi ere,
kooperatiba-sozietate txikiak ezingo ditu besteren konturako bost langile baino
gehiago kontratatu.
3. Eratu eta hurrengo bost
urteen barruan, kooperatiba-sozietate txikiek aukera izango dute gehienez
besteren konturako bost langile kontratatzeko edo gehienez iraupen mugatuko
bost bazkide langile edo lan-bazkide kontratatzeko, lanaldi osorako edo lanaldi
partzialerako; betiere, baldin eta iraupen mugagabeko bost bazkide langile edo
bost lan-bazkide edo gutxiago badituzte, lanaldi osokoak edo lanaldi
partzialekoak.
4. Aurreko
paragrafoetan aipatzen den bost urteko epe hori amaitzean,
kooperatiba-sozietate txikiak besteren konturako langileak eta iraupen mugatuko
bazkide langileak edo lan-bazkideak kontratatzeko mugak Euskadiko Kooperatiben
ekainaren 24ko 4/1993 Legean ezarrita daudenak izango dira.
5. Aurreko
paragrafoetako kasuak gertatuz gero, sozietatea eratu zenetik bost urteko epea
amaitzean, kooperatiba-sozietate txikiek Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzan
jakinarazi eta ziurtatu beharko dute, erregelamenduz ezarritako moduan, behar
bezala betetzen dituztela Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legean
gai horretaz dauden eskakizunak.
4. Artikulua - Hasierako derrigorrezko ekarpenak mugatzea
Kooperatiba-sozietate
txikiek hasierako derrigorrezko ekarpenak exiji diezazkiekete besteren
konturako langileei, sozietatean sartu ahal izateko iraupen mugagabeko bazkide
langile edo lan-bazkide bezala edo iraupen mugatuko bazkide bezala. Nolanahi
ere, bazkide mota horietako bakoitzaren ekarpenak ezingo dira handiagoak izan
parekoak gehienez ere sozietatera azkena sartutako bazkideak, kasu bakoitzean
dagokion motakoak, guztira eginiko derrigorrezko ekarpenak eta ekarpen horiei
dagozkien eguneratzeak baino. Eta eguneratze horiek, berriz, ezingo dira
handiagoak izan ekarpenak egin zirenez gero Estatistikako Institutu Nazionalak
argitaratutako kontsumo-prezioen indizeak gehituta ateratzen dena baino.
III. KAPITULUA
KOOPERATIBA TXIKIKO Organoak
5. Artikulua - Kooperatiba txikiko organoak
1. Kooperatiba-sozietate txikiko organoak Batzar
Nagusia eta administrazio- eta ordezkaritza-organoa dira. Batzar Nagusia izango
da organo garrantzitsuena, eta
administrazio- eta ordezkaritza-organoa honelakoa izan daiteke: pertsona
bakarrekoa administratzaile bakarra, pluripertsonala administratzaile
solidarioak edo mankomunatuak edo kolegiatua Kontseilu Errektorea.
2. Batzar Nagusia
Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legean dago araututa lege honetan
jaso gabeko gaiei dagokienez.
3. Administrazio- eta
ordezkaritza-organoa kooperatiba-sozietate txikiko bazkide langileek edo
lan-bazkideek osatuko dute beti, eta Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko
4/1993 Legearen xedapenak izango ditu arau, lege honetan jasotako berezitasunak
kontuan hartuta.
4. Administrazio- eta
ordezkaritza-organoa pertsona bakarrekoa bada administratzaile bakarrak
osatua edo pluripertsonala bada administratzaile solidarioek edo
mankomunatuek osatua, eta artikulu honen hurrengo paragrafoan jasotako kasua
gertatzen bada, karguaren iraupena bost urtekoa izango da. Epe hori betetzean,
berriro pertsona berak hautatuko dira edo izendapen berria egin beharko da.
5. Kooperatiba-sozietate
txikien administrazio- eta ordezkaritza-organoa Kontseilu Errektorea bada, bi
pertsonak osatuko dute gutxienez kontseilua: haietako bat lehendakari izango
da, eta bestea, idazkari.
6. Kooperatiba-sozietate
txikien Kontseilu Errektoreak estatutu sozialetan zehaztutako maiztasunez bildu
beharko du. Hala eta guztiz ere, organo horrek hiru hilean behin bildu beharko
du, gutxienez.
Kontseilu Errektorearen erabakiak legeak edo estatutuek hala
agintzen dutelako gehiengo kualifikatuz hartu beharrekoak ez badira, behinik
behin behar bezala emandako botoen gehiengoz onartuko dira. Ez dira behar
bezala emandako bototzat hartuko bilkuran dauden kideen abstentzioak.
Lehendakariaren botoak ahalmena izango du berdinketak
erabakitzeko, baina ez Kontseilu Errektoreko kideak bi direnean, salbu
kooperatiba-sozietate txikiaren estatutuetan kontrakoa ezartzen bada.
7. Artikulu honetako
bosgarren paragrafoan jasotako kasua gertatuz gero, kooperatiba-sozietate
txikiko Kontseilu Errektoreko idazkariak egin dezake Batzar Nagusia biltzeko
deia, baldin eta lehendakariak ez badu hartarako deirik egin bazkide batzuek
aurkeztutako deialdi-eskaera jaso eta hurrengo hogei egunetan bazkide horiek
gutxienez boto guztien ehuneko hogeiren ordezkaritza izanda. Halakoetan,
bestalde, aukera izango da lehendakariaren kontra erantzukizun-egintza
aurkezteko.
IV. KAPITULUA
Araubide ekonomikoa
6. Artikulua - Kapitalari eginiko ekarpenen dedukzioak
Estatutu
sozialetan zilegi da derrigorrezko ekarpenen gaineko dedukzioak ezartzea,
Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 27 eta 28. artikuluetan
jasotako kasuetan. Itzulkinen kapitalizazioak dedukzioetatik kanpo geratuko
dira.
V. KAPITULUA
Egokitzeari eta desegiteari
buruzko xedapenak
7. Artikulua - Estatutu sozialak egokitzea
1. Baldin eta
kooperatiba-sozietate txikiak gainditu egiten badu iraupen mugagabeko bazkide
langileentzat edo lan-bazkideentzat ezarritako kopurua, estatutu sozialak egokitu
beharko ditu, Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearekin bat
etortzeko.
2. Euskadiko
Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen babesean eratutako
kooperatiba-sozietateren batek kooperatiba-sozietate txikiaren forma hartu nahi
badu, eta arau honetan finkatu diren betekizunak betetzen baditu, horretarako
aukera izango du, baina estatutu sozialak lege honen aginduetara egokitu
beharko ditu.
8. Artikulua - Sozietatea desegiteko arrazoiak
1. Kooperatiba-sozietate
txikia desegiteko kausa izango da, Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993
Legearen 87. artikuluan zehaztutakoez gain, kooperatiba-sozietate txikia
eratzeko legeak exijitzen duen gutxieneko bazkide-kopurua baino bazkide
gutxiago edukitzea, urtebetez, etenik gabe.
2. Horrez gain,
kooperatiba-sozietate txikia desegiteko kausa izango da kooperatibako organoak
geldirik edo jardun gabe egotea edo justifikaziorik gabe kooperatiba-jarduna
etetea, bi kasuetan ere egoera urtebetez luzatzen bada, etenik gabe.
VI. KAPITULUA
Urteko kontu gordailuei eta
kontu IKUSKATZEARI buruzko xedapenak
9. Artikulua - Urteroko kontuekin batera aurkeztu
beharreko dokumentazioa
Euskadiko
Kooperatiben Erregistroan gordeta geratzeko kooperatiba-sozietate txikiek
urtero kontuekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak aurkeztea errazagoa izan
dadin, eredu jakin batzuk erabiliko dira: Eusko Jaurlaritzan kooperatiba arloko
eskumenak dituen saileko buruaren agindu baten bidez onartutako administrazio-
eta ordezkaritza-organoaren eskabide-ereduak eta ziurtagiri-ereduak. Bestalde,
dokumentuek martxoaren 29ko 59/2005 Dekretuan agintzen dena bete beharko dute,
Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua dekretu
horrek zehazten baitu.
10. Artikulua - Kontu-ikuskatzea
Kooperatiba-sozietate
txikiek kanpoko ikuskaritzara aurkeztu beharko dituzte urteko kontuak eta
kudeaketa-txostena, Kontu Ikuskatzeari buruzko Legeak eta bere garapen-arauek
xedatutako moduan.
Gainerako
kasuetan, kooperatiba-sozietate txikiak Batzar Nagusiak erabakitzen duenean
ikuskatu beharko ditu kontuak, batzarrean diren eta ordezkatutako bazkideen
gehiengoak hala erabakitzen duenean, alegia, bai eta bazkideren batek eskatzen
duen bakoitzean ere. Azken kasu horretan, kontu-ikuskatzeak eragin dituen
gastuak estatutuetan araututako moduan ordainduko dira.
Xedapen Gehigarriak
Lehenengoa - Dokumentu elektroniko bakarra, eta
lankidetza-hitzarmenak sinatzea
Eusko
Jaurlaritzan kooperatiba arloko eskumenak dituen saileko buruaren agindu baten bidez,
eta Administrazioaren jardunean teknologia berriak txertatzeko proiektuak
gauzatzeko xedez, kooperatiba-sozietate txikiaren dokumentu elektroniko bakarra
(KSTDEB) onartuko da, kooperatiba-sozietate txikiei eratzen laguntzeko eta
aholkularitza emateko. Horretarako, lankidetza-hitzarmenak sinatuko dira
dokumentu bakar horrek hobeto funtzionatzeko lagungarri izan daitezkeen
instituzio, administrazio eta sozietateekin.
Bigarrena - Aholkularitzarako eta hasierako
izapideetarako guneak
Eusko
Jaurlaritzan kooperatiba arloko eskumenak dituen sailak, hiru hilabeteko epean,
Euskadiko kooperatiba-sozietate txikien aholkularitzarako eta hasierako
izapideetarako gune (EKSTAHIG) izaera eman beharko die beren jardun-eremutzat
Euskal Autonomia Erkidegoa duten irabazi-asmorik gabeko erakunde batzuei;
gainera, gune horietako bakoitzaren arretaz arduratuko diren pertsonen
bereizgarri teknikoak eta profil profesionalak finkatuko ditu.
Kooperatiba-sozietate
txikiaren dokumentu elektroniko bakarra prestatu bitartean, Euskadiko
kooperatiba-sozietate txikien aholkularitzarako eta hasierako izapideetarako
guneek egingo dituzte lan horiek, aholkularitza-gune izaera eman dien
ebazpenean zehaztutakoaren arabera.
Euskadiko
kooperatiba-sozietate txikien aholkularitzarako eta hasierako izapideetarako
gunearen zerbitzu guztiak doakoak izango dira.
Hirugarrena - Estatutu sozialen ereduak, kooperatiba
txiki berriak eratzeko
Eusko
Jaurlaritzan kooperatiba arloko eskumenak dituen saileko buruaren agindu baten
bidez, estatutu sozialen eredua onartuko da, eta kooperatiba-sozietate txikia
eratu nahi dutenen esku jarriko. Eredu horrek zenbait aldaera izango ditu,
betiere lege honetan ezartzen denaren barruan administrazio- eta
ordezkaritza-organoa era batera edo bestera taxutu ahal izateko.
Laugarrena - Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993
Legearen 67 eta 68. artikuluen aldaketa
2009.
urteko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Euskadiko Kooperatiben
ekainaren 24ko 4/1993 Legearen ondoko aginduak aldatzen dira:
1. 67. artikuluaren 2
eta 3. paragrafoak aldatzen dira, eta honela idatzita geratuko dira:
"2. Honela banatuko
dira urtero gaindikin erabilgarriak:
a) Ehuneko hogei, gutxienez, Derrigorrezko Erreserba Fondora
bideratuko da.
b) Ehuneko hamar, derrigorrezko kontribuzio bezala, heziketara eta
kooperatiba-sustapenera eta interes publikoa duten beste helburu batzuetara
bideratuko da.
c) Gainerakoa Batzar Orokorraren esku egongo da, eta honela bana
dezake:
1. Bazkideei itzuli beharrekoa.
2. Borondatezko erreserba-fondoetan sartu beharrekoa. Hori banaezina
edo bana daitekeena izango da, estatutuek edo, horien ezean, Batzar Orokorrak
agindutakoaren arabera.
3. Paragrafo honen b) idatz-zatian aipatutako helburuetarako kopuru
gehigarria, eta, hala badagokio,
4. Soldatapeko langileei kooperatibaren emaitzen horrenbesteko bat
ematea.
3. Derrigorrezko
Erreserba Fondoa baltzu-kapitalaren erdiaren pareko izatera iristen ez den
artean, 2.a eta 2.b paragrafoetan ezarritako derrigorrezko diru-kopuruak alda
daitezke, ehuneko hogeita bost Derrigorrezko Erreserba Fondora eta ehuneko bost
derrigorrezko kontribuzioetara bideratuz".
2. 68. artikuluaren 3,
4 eta 5. paragrafoak indargabetzen dira. Horien ordez, 68 bis artikulua sortzen
da, eta honela idatzita geratuko da:
"68 bis artikulua.
Heziketarako eta kooperatiba-sustapenerako eta interes publikoa duten beste
helburu batzuetarako kontribuzioa
1. 67. artikuluaren 2.b paragrafoan aipatutako gaindikinen gaineko derrigorrezko
kontribuzioa interes publikoa duten ondoko helburuetakoren batean erabiliko da,
estatutuetan edo Batzar Orokorrean ezarritako oinarrizko jarraibideak aintzat
hartuz:
a) Bertako bazkide eta langileak prestatu eta heztea
kooperatibismoari, kooperatiba-jarduerei eta lanpostuarekin zerikusirik ez
duten beste gai batzuei dagokienez.
b) Kooperatiben arteko harremanak sustatzea, kooperatiben arteko
laguntza, sustapen, zuzendaritza bateratu edo lankidetza-ekintzetarako
sortutako erakundeetan parte hartzeagatiko gastuak estaltzea barne.
c) Kooperatibak diharduen gizarte-ingurunean eta gizartean orokorrean,
hezkuntza, kultura, lanbidea, laguntza-bideak eta euskararen erabilera
bultzatzea eta kooperatiben ezaugarriak zabaltzea.
d) Kooperatiba-enpresa berriak sustatzea, euskal
kooperatiba-mugimenduak sustatutako irabazi-asmorik gabeko erakunde bati
diru-ekarpenak eginez.
2. Aurreko paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan adierazi diren
helburuak betetzeko, derrigorrezko kontribuzioa irabazi-asmorik gabeko erakundeei
diru-ekarpenak eginez bidera daiteke, edo 1.b paragrafoan aipatutako
kooperatiben arteko lankidetzarako erakundeetakoren bati diru-ekarpenak eginez.
Bitarteko erakundeei
baldintza batekin emango zaizkie kopuru horiek: adierazi diren interes publikoko
helburuetarako erabiltzea, bitarteko erakundeak berak egindako jardueren bidez
edo jasotako baliabideak eman dizkien pertsona fisiko edo juridikoen jardueren
bidez.
3. Kooperatibak kontribuzioa erabiltzeko ahalmenik ez du, adierazi
diren interes publikoko helburuetara bideratzeko izan ezik. Beraz, bahiezina da
kontribuzio hori, eta balantzearen pasiboan agertu behar du.
4. Kooperatibak bere bazkideei ezarritako diru-zehapenak kontribuzio
horrentzat aurreikusitako helburuetara bideratuko dira.
5. Aipatutako kontribuzioaren diru-kopuruari dagokionez, kooperatibak
berak adierazitako interes publikoko helburuetara bideratu ez den kopurua,
gaindikinaren banaketa onartu eta hurrengo ekonomia-ekitaldian, irabazi-asmorik
gabeko erakundeei eman beharko zaie, kontribuzio horrentzat ezarritako interes
publikoko helburuetara bidera dezaten".
3. Aurreko artikuluen
aldaketaren ondorioz, zenbait zuzenketa tekniko egin beharra dago:
85. artikuluaren 4.
paragrafoan, 94. artikuluaren 2 eta 3. paragrafoetan eta 139. artikuluaren 3.a
eta 3.b paragrafoetan, "Heziketarako eta Kooperatiba Sustapenerako
Fondo" terminoaren ordez, "heziketarako eta kooperatiba-sustapenerako
kontribuzio" jarri behar da.
Bosgarrena - Arau-haustea eta zehapena
Kooperatiba-sozietate
txikiaren forma juridikoa arau honetan aurreikusitakoez bestelako helburu
batzuetarako tresna gisa erabiltzea arau-hauste oso larritzat joko da
kooperatiba arloan, eta kooperatibari kalifikazioa kentzea ekarriko du,
Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 141. artikuluko 2 eta 3.
paragrafoen arabera eta artikulu horretako 4. paragrafoko ondorioekin.
Azken Xedapenak
Lehenengoa - Legearen erregelamendu bidezko garapena
Eusko
Jaurlaritzak ahalmena izango du lege hau aplikatu eta garatzeko arauak emateko,
Eusko Jaurlaritzan kooperatiba arloko eskumenak dituen sailaren proposamenak
aintzat hartuta.
Bigarrena - Indarrean sartzea
Euskal
Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogeita hamar egunera sartuko
da indarrean lege hau.