6/2007 Legea, ekainaren 22koa, Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legea aldatzekoa.
2007-06-22Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2007/7/12, 134. zk.; EAO, 2011/10/17, 250. zk.
Indargabetua: 2008-01-23
§ 289. 6/2007 LEGEA, EKAINAREN 22KOA, EUSKADIKO ONDAREARI
BURUZKO AZAROAREN 17KO 5/2006 LEGEA ALDATZEKOA
ZIOEN AZALPENA
Berriki onartu da Euskadiko ondareari buruzko azaroaren
17ko 5/2006 Legea, eta lege horren bidez araubide juridiko berri bat eman zaio
gure Administrazioari, orain arte izan duena baino osoagoa eta modernoagoa. Era
berean, lege horrekin araubide juridikoa egokitu egin zaio 2003an emandako
oinarrizko legeari eta ondarearen arauketan modu kolateralean ukitzen diren
eremu batzuetan izandako bilakaera normatiboari.
Azaroaren 17ko 5/2006 Lege berria indarrean jarritakoan,
aurreikusi gabeko eta nahi gabeko inkoherentzia eta ondorio batzuk ikusi dira
aurreikusi dira, eta beharrezkoa da horiek guztiak konpontzea.
Artikulu
bakarra - Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legearen aldaketa
Lehenengoa
- Aldatu egiten da 6. artikulua, eta honela idatzita geratuko da:
"6. Artikulua -
Titulartasuna
1. Euskadiko ondare barruan baldin badaude,
ondasun higiezinen jabetza, higiezinen eskubide errealen eta
errentamendu-eskubideen titulartasuna eta gorputzik gabeko jabetza-eskubideen
titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari dagokio,
horien erabiltzaile, sortzaile edo eskuratzaile edozein erakunde dela ere. Bi
salbuespen salbu: Euskal Irrati-Telebista erakunde publikoa dela-eta laugarren
xedapen gehigarriak dakarrena eta Euskal Herriko Unibertsitatea dela-eta
bosgarren xedapen gehigarriak dakarrena.
2. Gainerako ondasun eta eskubideen jabetza eta
titulartasuna, berriz, eskuratu dituen pertsona juridikoarena izango da".
Bigarrena
- Aldatu egiten dira 71.etik 83.era arteko artikuluak, eta honela idatzita
geldituko dira:
"71. Artikulua -
Baimenetan eta emakidetan, baldintza orokorrak eta baldintza zehatzen agiria
1. Gobernu Kontseiluak bere esku du emakida- eta
baimen-kategoria berezi batzuk emateko baldintza orokorrak onartzea Euskal
Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira, baita orokorrean
aplikatzeko baldintza zehatzen ereduak ere.
Ondasunaren edo
eskubidearen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
orokorrarena baldin bada, ondareari buruzko eskumenak dituen sailak egin beharko
du proposamena, non eta ez duen bereziki sail, organismo edo erakunde jakin bat
ukitzen, bereziki ukitutako sail horrekin batera egingo baita halakoetan.
2. Organo eskudunak emakida edo baimena emateko
onartzen duen baldintza zehatzen agiria bete beharko dute emakidek eta
baimenek, betiere, halakorik baldin badago, baldintza orokorrei eta baldintza
zehatzen ereduei lotuta.
Emakidak edo
baimenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren titulartasunpeko
ondasunak biltzen baldin baditu, baldintza zehatzen agiria onartu baino
lehenago, ondareari buruzko eskumenak dituen sailaren aldeko txostena beharko
da, non eta agiri horretan ez den, soil-soilik, Gobernu Kontseiluak onarturiko
eredua aplikatu besterik egiten. Orokorrean onarturiko baldintzetarako edo
Gobernu Kontseiluak onarturiko baldintza berezien orrien ereduetarako
salbuespenak zehaztea baldin bada kontua, orduan ere beharko da, nahitaez, sail
horren txostena, eta loteslea izango da gainera.
Hogeita hamar
egun baino gehiagorako ez badira, erabilera-baimenetarako ez da aurretiaz
baldintza berezien agiria onartu beharrik izango, ezta oso noizean behin
egitekoak diren hitzaldi, mintegi, zerbitzu edo halako beste ekintza batzuk
antolatzeko ere.
72. Artikulua -
Baimenetarako eta emakidetarako erabakien nondik norakoa eta edukia
1. Aurkako xedapenik ez badago, Administrazioaren
esku dago herri-jabariaren gaineko baimenak eta emakidak nori eman erabakitzea,
baina, betiere, titulu honetan jasotako prozeduren eta edukien arabera hartu
beharko du erabaki hori. Helburu jakin baterako eman beharko ditu, xedea,
iraupena eta mugak zehaztuz, inoiz ez muga-eperik gabe, eta administrazioak
ondasunak ikuskatzeko eta zaintzeko ahalmena izango du, eta, halakorik baldin
badago, baita instalazioak eta eraikinak ere.
2. Interes orokorrak hala eskatzen duela uste
bada, betebehar erantsi batzuk ezarri ahal izango zaizkio titularrari, hala
nola, baloreak eskuratu beharra, sozietate-eskakizun jakin batzuk onartu eta
mantendu beharra, edo antzeko beste batzuk.
3. Baldintza orokorretan edo zehatzetan ezar
daitezkeen bestelako zehastapenez gainera, baimenerako edo emakidarako
erabakian, gutxienez, hauek guztiak adierazi beharko dira, esanbidez nahiz
baldintza-agirira igorriz:
a) Ondasuna edo eskubidea erabiltzeko araubidea.
b) Baimena edo emakida zein ekonomia-araubidetara
loturik dagoen.
c) Jarri beharreko bermea, hala badagokio.
d) Ondasuna edo eskubidea zaintzeko eta
mantentzeko gastuak, zergak, tasak eta gainerako tributuak onartu beharra, eta
ondasuna den horretarako erabiltzeko eta jasotako moduan entregatzeko
konpromisoa.
e) Dena delako ondasuna erabiltzeko edo ondasun
horren gainean egin beharreko jarduera egiteko beharrezkoak diren lizentzia eta
baimen guztiak bere kontura lortzeko konpromisoa.
f) Okupazioak dakarren erantzukizuna onartzea,
eta, beharrezkoa bada, horretarako asegurua hitzartu beharra ere aipatzea.
g) Lagatzaileak beretzat gordetzea baimenduriko
ondasuna ikuskatzeko ahalmena, baimendutako moduan erabiltzen dutela
bermatzearren.
h) Luzapenerako eta subrogaziorako epea, halakorik
egotekotan. Edonola ere, aurretiaz baimena beharko da.
i) Azkentzeko arrazoiak.
69. artikuluko
5. paragrafoan zehazturiko erabilera-baimen berezietan eta 71. artikuluko 2.
paragrafoko azkeneko lerroaldean zehazturikoetan ere bete beharko da agindu
honetan xedaturikoa, baimenon ezaugarrien, xedearen eta helburuaren arabera
hala egitea egokia den neurrian.
73. Artikulua - Baimen
eta emakiden ekonomia-araubidea eta bermeak
1. Emakidak doakoak izan daitezke, kontraprestazio
truke edo baldintzapean eman daitezke, edo herri-jabariko ondasunak erabiltzeko
tasapean egon daitezke.
Erabilerak
emakidadunari ez badakarkio onura ekonomikorik, edo, halako onura egonda ere,
erabilerak onuradunari beste baldintza edo kontraprestazio batzuk eskatzen
badizkio eta haien bidez onura hori ezereztu egiten bada, ez da tasarik
ordaindu beharko. Hala baldin bada, emakidako baldintza-agirian edo
klausula-agirian hala dela zehaztu beharko da.
Baimenetarako
ere, ekonomia-araubide berbera aplikatuko da.
2. Ekonomia-araubide aplikagarria edozein
dutelarik ere, baimen eta emakiden titularrei bermeak eska dakizkieke, iriztea
zaion modurik egokienean, bai ondasunaren erabilerarako bai atzera bere
horretan uzteko edo konpontzeko, edo, aldaturik uzten badu, kalteen ordaina
eska dakieke. Jarritako bermea baino gastu handiagoak sortzen baditu,
premiamendu-bidea erabiliz kobra daitezke.
74. Artikulua - Lehia
bidez emateko prozedura
1. Baimenak eta emakidak lehia-araubidea erabiliz
emateko prozedura ofizioz hasiko da, norberaren ekimenez edo interesdunaren
ekimenez.
2. Administrazio emailearen beraren ekimenez
bada, lehia-araubidepeko prozedurari hasiera emateko, deialdia egin beharko da,
eta deialdi hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko
da. Interesa dutenek hogeita hamar eguneko epea izango dute eskaria aurkezteko.
3. Interesdunak eskatu ondoren ofizioz hastekoa
bada, eskari-egileak txosten bat aurkeztu beharko du, eta, han, proposaturiko
okupazioa zein komenigarria den, zein egokia den eta horrelako gainerako
gorabeherak azaldu beharko ditu. Dena delako organo eskumendunak eskari hori
aztertu, eta izapidetzeko onarpena eman edo baztertu egin beharko du. Tartean
diren ondasunen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
orokorrarena baldin bada, aurretiaz, ondareari buruzko eskumenak dituen
sailaren aldeko txostena beharko da. Organo horrek berak erabakiko du,
diskrezionaltasunez, eskaera izapidetzeko onarpena eman edo bazterrean utzi.
Izapidetzeko
onarpena emanez gero, prozedurari hasiera ematea erabaki beharko da, eta,
jendaurreko iragarki bidez, beste interesdun batzuei prozedurara biltzeko
gonbita egiteko aukera ere egongo da. Gonbita egiten ez bada, aurkezturiko
eskariei publizitatea emango zaie, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian
argitaratuz. Kasu batean zein bestean, hogeita hamar eguneko epea zabalduko da,
eta, epe horretan, ondasun berbera okupatzeko beste eskari batzuk aurkez
ditzakete, dela helburu berbererako dela beste zerbaitetarako,
baldintza-agirian jartzen duenaren arabera.
4. Emakida edo baimena eman edo ez erabakitzeko,
eskatutako erabilera edo aprobetxamenduen artean interesgarriena eta interes
publiko handienekoena zein den begiratu behar da. Balorazio hori egiteko
orduan, baldintza-agirian zehazturiko irizpideak izango dira kontuan.
75. Artikulua -
Administrazio-isiltasuna
Baimenak eta emakidak emateko prozedura ebazteko, gehienez ere
sei hilabeteko epea egongo da, eta epe horretan ez baldin bada ebazpena
jakinarazten, eskariari ezezkoa erantzun zaiola ulertu beharko da.
76. Artikulua -
Herri-jabariaren gaineko baimenak eta emakidak amaitzeko arrazoiak
1. Hona hemen herri-jabariaren gaineko emakidak
eta baimenak azkentzeko arrazoiak:
a) Banakako erabiltzailearen edo emakidadunaren
heriotza edo ezgaitasuna gertatu delako, edo nortasun juridikoa azkendu delako.
Organo emaileak jaraunsleei edo oinordekoei, hauek eskatuta, baimenaren edo
emakidaren jarraipena ematea erabakitzen badu, gero heriotza edo ezgaitasuna
gertatzeak ez du ezeren azkentzea ekarriko. Ez jarraitzeko erabakia hartzen
badu, ordea, ez da falta den denboragatik kalte-ordainik izango.
b) Erabiltzailearen edo emakidadunaren nortasun
juridikoa aurretiazko baimenik gabe eskualdatu izateagatik edo aldatu
izateagatik, dela bat-egite bidez, dela xurgapen bidez edo dela zatiketa bidez.
c) Epea amaiturik, iraungi delako.
d) Kalte-ordaina ordaindu eta emakida
berreskuratzea gertatu delako, edo aldeetako batek bere kasa baimena ezeztatu duelako.
e) Ados jarri, eta suntsiarazpena erabaki
dutelako.
f) Suntsitu egin delako, kanona ez
ordaintzeagatik, edo emakida edo baimenaren titularrak ezarritako
betebeharretako beste edozeinetan ez betetze larria egiteagatik. Ez betetze
horiek emakida edo baimena eman zuen organoak deklaratuko ditu.
g) Ondasuna desagertu edo aprobetxamendua agortu
delako.
h) Ondasuna jaregin delako. Halakoetan,
ondasunaren kitapena egin beharko da, 78. artikuluan zehazturik dagoen moduan.
i) Bete beharreko baldintza orokorretan edo
zehatzetan aurreikusitako beste edozein arrazoi.
2. Artikulu honetako 1. paragrafoko f) letran
zehazturik dauden klausula-urraketa edo baldintza-urraketa horietakoren bat
gertatzen bada eta emakida azkentzeko espedientea zabaltzea erabakitzen bada,
hartzekodun hipotekarioei ere jakinarazi beharko zaie, beren eskubideak
defenditzera agertzeko modua izan dezaten, eta, hala nahi badute, emakidako
klausulak urratu dituen emakidadunaren ordez beste hirugarren bat proposa
dezaten.
77. Artikulua -
Azkentzeak dakartzan ondorioak
1. Baimena edo emakida azkentzen denean,
herri-jabariko ondasun okupatuan obrarik, eraikinik edo instalaziorik baldin
badago, baimenaren edo emakidaren titularrak kendu edo bota egin beharko ditu,
edo, betearazte subsidiarioa erabilita, Administrazioak hartuko du ardura hori,
titularrak ordaindurik, non eta tituluan ez dagoen berariaz jasota beren
horretan utzi behar direla edo titulu hori emateko eskumena duen organoak ez
duen hala erabakitzen.
2. Titulua azkendu ondoren beren horretan uzten
diren obrak, eraikinak eta instalazioak ondasunaren titulartasuna duen
administrazioak eskuratuko ditu, dohainik eta zama eta kargarik gabe.
3. Emakida, aurreko artikuluko 1. paragrafoko d)
letran zehazturik dagoen moduan, garaiz aurretik erreskatatzen bada, azkentze
aurreratu horiek sorturiko zuzeneko kalte materialaren kalte-ordaina eman
behar zaio titularrari; eta erreskate hori gertatzen den egunean bermea
jabetza-erregistroan inskribaturik daukaten hartzekodun hipotekarioen
eskubideak ere kontuan izan beharko dira, kalte-ordainaren zenbatekoa eta
hartzailea zehazteko.
4. Baimenak eta emakidak azkentzen diren
guztietan, organo emaileak espediente bat osatuko du, eta bertan onuradunak
betebeharrak zenbateraino bete dituen, zehaztuko du loturik zeuden
herri-jabariko ondasunen egoera eta erabilera-balioa, eta ea bidezkoa den
espedientea irekitzea lege honetako II. tituluko V. kapituluko 6. atalean
xedaturik dagoen moduan eska daitezkeen erantzukizunak eskatzeko. Baimen eta
emakiden azkentzea eta paragrafo honetan aipaturik dagoen espediente horren
emaitza Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrean
jakinarazi beharko da.
78. Artikulua -
Emakidaren edo baimenaren xede den ondasunaren jaregitea
1. Emakidaren edo baimenaren xede den
herri-jabariko ondasuna jareginda geratzen bada, emakidak eta baimenak azkendu
egingo dira, arau hauei jarraituz:
a) Erabiltzeko epea beteta baldin badaukate, edo
administrazioak, eperik gabe, dena delako baimena edo emakida bere kasa
erreskatatzeko ahalmena beretzat hartua baldin bazuen, iraungita daudela
deklaratuko da.
b) Gainerakoetan, kontratuetan zehazturiko epeak
bete ahala ebatziko da iraungita daudela.
2. Azkentzen ez diren bitartean, baimen eta
emakida horietatik datozen erlazio juridikoei, edukiz, berdin-berdin eutsiko
zaie. Alabaina, aurrerantzean, erlazio juridiko horietan zuzenbide pribatuak
aginduko du, eta erlazio horiek direla-eta inolako auzirik sortzen bada,
jurisdikzio zibilean aztertu beharko da.
Edonola ere,
indarrean dirauten eskubideen desjabetzea erabakitzeko aukera ere badu
administrazioak, baldin eta uste badu haiei indarraldiak dirauen bitartean
beren horretan eustea kaltegarria dela ondasunek gerora duten jomugarako, edo
balioa nabarmen galaraztea dakarrela, besterendu behar badira ere.
III. KAPITULUA
BERARIAZKO
XEDAPENAK HERRI JABARIAREN GAINEKO BAIMENEI BURUZ
79. Artikulua -
Baimenak emateko prozedura
Baimenak, zuzenean, eskaturiko baldintzak betetzen dituzten
eskatzaileei emango zaizkie, non eta, arrazoia edozein delarik ere,
eskatzaileen kopurua ez dagoen mugaturik. Halakoetan, lehia-sistema erabiliz
banatuko dira baimen horiek, eta, eskatzaileen ezaugarri berezirik baloratu ezin
dela-eta, ez bada egokia halakorik egitea, zozketa erabiliko da, non eta
baldinza arautzaileetan ez den beste zerbait zehazten.
80. Artikulua - Baimena
emateko eta ezeztatzeko epea eta beste baldintza berariazko batzuk
1. Baimena emateko orduan baimendunaren ezaugarri
berezirik ere izan behar baldin bada kontuan, edo baimen-kopurua mugatuta
baldin badago, halako baimenak ezin dira eskualdatu, non eta baldintza
arautzaileetan ez dagoen zehazturik bai egin daitekeela.
2. Baimenak ezin dira bost urte baino gehiagoan
indarrean izan, baina bai luza daitezke. Luzapenak ezin dira hasierako baimena
baino luzeagoak izan, eta, guztira, luzapenak barne, baimenak ezin du zortzi
urte baino gehiago iraun.
3. Interes publikoko arrazoiak direla medio,
Administrazioak, bere kasa, edozein momentutan ezeztatu ditzake baimenak,
kalte-ordainetarako eskubiderik sortu gabe, dela gerora onartu diren baldintza
orokorrekin bateraezinak direlako, dela herri-jabarian kalteak sortzen
dituztelako, dela herri-jabari hori interes publiko handiagoko beste jarduera
batzuetan erabiltzeko oztopo direlako, edo dela ondasunaren erabilera orokorra
edo loturik duen xedea kaltetzen dutelako.
Baimena emateko
erabakian, alde bakarreko ezeztatzearen onarpena ere jasoko da. Ez da
kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango, arrazoiak interes publikoak izango
dira, eta kasuak aurreko paragrafoan daude zehazturik.
IV. KAPITULUA
BERARIAZKO
XEDAPENAK HERRI JABARIAREN GAINEKO BAIMENEI BURUZ
81. Artikulua -
Emakidak esleitzeko prozedura
Lehia-sistema erabili
beharko da herri-jabariko ondasunen gaineko emakidak emateko. Alabaina, Herri
Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeko 93. artikuluko
1. paragrafoan zehazturik dauden kasuetan, zuzenean emateko erabakia ere hartu
daiteke.
82. Artikulua -
Emakidarako epeak eta berariazko beste baldintza batzuk
1. Emakidak epe jakin baterako egin beharko dira.
Luzapenak barne, emakidak ezin dira hirurogeita hamabost urte baino gehiagorako
izan, non eta aplikatu beharreko arau berezietan ez den beste epe laburrago bat
zehazten.
2. Emakidetan, jabetza-eskubidea ezin da inoiz
urratu eta hirugarrenei ezin zaie kalte egin.
3. Emakidak berarekin darama epea amaitu baino
lehen erreskatatzeko ahalmena. Interes publikoko arrazoirik bat-batean agertzen
baldin bada egin daiteke, eta kalte-ordaina eman beharko da.
4. Emakidadunak ondasunak edo instalazioak behar
bezala erabiliko dituela bermatzeko, nahikoa berme zehaztu behar da.
5. Herri-administrazioen kontratuei buruzko
arauetan jasota dauden kontratatze-debekuetakoren baten pean diren pertsonek,
inoiz ere ezingo dute herri-jabariko ondasun eta eskubideen gaineko emakidarik
titulartasunpean hartu. Emakida esleituta dagoela, titularrak debeku
horietakoren bat hausten badu, emakida azkendu egingo da.
83. Artikulua -
Herri-jabariko ondasunen gaineko eskubide errealak
Emakidadunak emakidaren
tituluan baimendurik dagoen jarduera gauzatze aldera egin dituen obra, eraikin
edo instalazio finkoekiko dituen eskubide errealak direla-eta, Herri
Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeko 97.etik 99.1era
bitarteko artikuluetan xedaturikoa bete beharko da".
Hirugarrena
- Hiru artikulu berri, 83 bis, 83 ter eta 83
quater, eransten dira, honela idatzita:
"83 bis Artikulua
- Formalizazioa
1. Esleipen-bidea edozein izan delarik ere,
emakida eman eta gero, emakida hori administrazio-agiri batean formalizatu
beharko da. Agiri hori emakida Jabetza Erregistroan inskribatzeko behar besteko
titulu izango da.
2. Ondasun edo eskubidearen titulartasuna Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarena baldin bada, ondareari buruzko
eskumenak dituen sailaren ardura izango da administrazio-agiria formalizatzea.
3. Emakidak Euskadiko Ondareko Ondasunen eta
Eskubideen Inbentario Orokorrean jakinarazi beharko dira. Hala ere, arlokako
arauetan beste jakinarazpenik agintzen bada, hori ere egin beharko da.
83 ter Artikulua -
Emakidadunaren eskubideak eta betebeharrak
1. Emakida hartzen duenak emakida hori bertako
klausulen arabera eta titulu honetan xedaturikoaren arabera erabiltzeko eta
harekin hala gozatzeko eskubidea du.
2. Emakidaren behin betiko esleipena
emakidadunari jakinarazi behar zaio, eta, hark, jakinarazpen horren hurrengo
hamabost egunetan, behin betiko bermea jarri beharko du. Emakidako
jabari-ondasunaren balioaren eta, halakorik baldin badago, egin beharreko obren
aurrekontuaren ehuneko hirukoa izango da berme hori.
Obrei dagokien
fidantza, obra horiek itzulgarriak baldin badira, atzera emakidadunari itzuli
behar zaio, amaiturik dituela egiaztatzen duenean.
3. Emakida esleitu ondoren, emakidadunak
nahitaezkoa du hura gauzatzea. Norberaren ezaugarriei begira eman denetan izan
ezik eta berariazko arauetan ezinezkoa dela jartzen duen kasuetan izan ezik,
emakida eskualdatu egin daiteke, baina, horretarako, aurretiaz erakunde
emailearen baimena beharko da.
4. Jaregin edo kostu bidez besterendu beharreko
ondasunen gainean, emakidadunak, ondasunak herri-jabarikoak zirenean egindako
emakidetatik etorrita, eskubiderik baldin badu indarrean, eskubide horien
titularrak ondasunok lehentasunez eskuratzeko eskubidea izango du. Eskubide
hori Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeko 103.
artikuluan dago jasota eta hor zehazturik dagoen moduan erabili beharko da.
83 quater Artikulua -
Administrazio emailearen betebeharrak
Administrazio emaileak
betebehar hauek ditu:
a) Emakidako klausulak errespetatzea.
b) Emaniko ondasunak emakidadunaren esku uztea,
dituen pribilegioak horretarako erabiliz, eta haien gozamena bermatzea.
c) Erreskatatu egiten baditu, emakidadunari
kalte-ordaina ematea, hala badagokio.
d) Arauetan eta baldintza-agirian zehazturiko
beste edozein".
Laugarrena. Aldatu egiten da V. tituluko III. kapituluaren
zenbakera. Aurrerantzean V. kapitulua izango da, "Jabari-erreserbak"
izenekoa.
Bosgarrena. Aldatu egiten da 102. artikuluko 1. paragrafoa,
eta honela idatzita geldituko da:
"1. Kostu bidezko xedapen-egintzetarako behar
diren kasu berberetan behar dira Gobernu Kontseiluaren eta Legebiltzarraren
aurretiazko baimenak. Xedapen-egintzak Gobernu Kontseiluarenak baldin badira,
egintza horiek ez dute haren baimen beharrik".
Seigarrena. Artikulu berri bat, 102 bis, eransten da, idazkera
honekin:
"102 bis Artikulua
- Legebiltzarrari doako xedapen-egintzen berri ematea
Lege honen 99.
artikuluko f), g), h) eta i) idatz-zatietan jasotako kasuetan izan ezik, doako
xedapen-egintzak eta egintza horien luzapenak Eusko Legebiltzarrari
jakinaraziko zaizkio".
Zazpigarrena. Kendu egiten da 116. artikuluko 4. paragrafoa.
Zortzigarrena. Aldatu egiten da laugarren xedapen gehigarria, eta honela
idatzita geldituko da:
"Laugarrena -
Euskal Irrati-Telebista erakunde publikoa eta bere sozietateak
1. Euskal Irrati-Telebista erakunde publikoaren
ondareak berariaz dagokion legeak izango ditu jarraibide, eta, osagarri modura,
lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan ezarritakoa.
2. Euskal Irrati-Telebista erakunde publikoaren
kudeaketa-sozietateen ondareak berariaz dagozkion legeak izango ditu
jarraibide, eta, osagarri modura, merkataritza-zuzenbidea eta zuzenbide
zibila".
Bederatzigarrena. Beste xedapen gehigarri bat, seigarrena bis, eransten da,
idazkera honekin:
"Seigarrena bis.
Euskal Trenbide Sarea
Lege hau Euskal
Trenbide Sarea erakunde publikoan aplikatu behar denean, Euskal Trenbide
Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legean ezarritakoari kalterik egin gabe
aplikatuko da.
Ondasun edo eskubideak
direla-eta erakunde horren organoek burututako jardunetatik sortzen diren
negozio juridikoak, baldin eta, lege honen 6. artikuluan ezarritakoaren
arabera, titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio orokorrarena
bada edo berea izan behar badu, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio
orokorraren izenean formalizatuko dira notario aurrean eta inskribatuko dira
erregistroan".
Hamargarrena. Beste xedapen gehigarri bat, seigarrena ter, eransten da,
idazkera honekin:
"Seigarrena ter -
Merkataritza-sozietateei, fundazioei eta zuzenbide publiko eta pribatuko
erakundeei dagokienez Legebiltzarrari jakinarazpena egitea.
Eusko Jaurlaritzak
jakinarazpena igorriko dio Eusko Legebiltzarrari merkataritza-sozietateak,
fundazioak, elkarteak eta zuzenbide publiko eta pribatuko bestelako erakundeak
sortzeari buruz, bai eta haietako partaidetzak eskuratu, galdu edo aldatzeari
buruz ere, orobat aldaketa horiek sozietate publikoen bitartez edo Autonomia
Erkidegoko sektore publikoan txertatutako bestelako erakundeen bitartez egiten
direnean ere.
Jakinarazpen hori
erakundea sortzen edo partaidetza aldatzen denetik hiru hilabeteko epean
bidaliko da".
Hamaikagarrena. Aldatu egiten da azken xedapenetako lehena, eta honela
idatzita geldituko da:
"Lehenengoa -
Euskal Irrati-Telebista Herri Erakundea Sortzen duen ekainaren 2ko 5/1982
Legearen aldaketa
Paragrafo berria
erantsiko zaio Euskal Irrati-Telebista Herri Erakundea Sortzen duen ekainaren
2ko 5/1982 Legearen 46. artikuluari, 2.a. Aurrerantzean, beraz, artikulu
horretako oraingo paragrafoa lehena izango da, eta bigarrena, berriz, honela
geratuko da idatzita:
'2. Euskal Irrati-Telebista erakunde publikoaren ondareak,
Euskadiko ondarean txertatuta egonik, lege ohonetan ezarritakoak eta Euskadiko
ondarea arautzeko legeetan xedatutakoak izango ditu jarraibide, honako
zehaztasun hauek ere aintzakotzat hartuta:
a) Nolanahi den ere, Euskal Irrati-Telebista
erakunde publikoari dagozkio erakundeak berak sortutako edo erositako ondasun
higigarriak, jabetza gorpuzgabeak eta enpresa-ondarea erosteko, kudeatzeko,
administratzeko, ustiatzeko eta besterentzeko titulartasuna eta eskumenak.
b) Erakundeak zuzenbide pribatuaren arabera
ustiatu, laga edo errentan jarri ahal izango ditu programak ekoizteko
instalazioak, haiei lotutako ondasun higigarriak eta haietatik sortutako
programak eta bestelako ekoizpenak.
c) Gobernu Kontseiluak dekretu bidez ezarri ahal
izango ditu prozedurak zehazteko eta eskumenak erakundeko organoei esleitzeko
arauak, zuzenbide pribatuari lotutako prozedura-jardunak gauzatzeko, era
horretara publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna eta kudeaketaren
errentagarritasuna bermatuta gera daitezen'".
Hamabigarrena
- Beste paragrafo bat, 3.a, eransten zaio azken
xedapenetako seigarrenari, eta aldatu egiten da egungo 3.etik 7.era arteko
paragrafoen zenbakera, aurrerantzean 4.etik 8.era artean zenbatuko baitira
hurrenez hurren.
"3. Aldatu egiten da 19. artikulua, eta honela
idatzita geratuko da:
'19. Artikulua
- Kontzeptua
Euskal
Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeek, zuzenbide
publikoaren nahiz pribatuaren arabera dihardutela, merkataritza-sozietate baten
kapitalean gehiengoz parte hartzen badute, orduan, sozietate publikoak izango
dira. Partaidetza hori gehiengoa den ala ez erabakitzerakoan, aipatutako
erakunde guztien partaidetzak hartuko dira'".
Hamahirugarrena. Aldatu egiten dira azaroaren 17ko 5/2006 Legearen
artikulu batzuetara egindako zenbait bidalketa, legeak berak artikulu eta
paragrafo batzuetan egindakoak, eta horien ordez, ondoren zehazten direnak
jarriko dira:
- 86. artikuluko 3. paragrafoko b) idatz-zatian egindako
bidalketaren ordez, 92. artikulua jarriko da.
- 95. artikuluaren 2. paragrafoan egindako
bidalketaren ordez, bidalitako artikulu eta paragrafo bereko d), e), f), j), ñ)
eta o) idatz-zatiak jarriko dira.
- 96. artikuluko 4. paragrafoko ñ) idatz-zatian
egindako bidalketaren ordez, 89. artitukuko 4. paragrafoa jarriko da.
- 96. artikuluko 4. paragrafoko o) idatz-zatian
egindako bidalketaren ordez, 90. artikuluko 2. paragrafoa jarriko da.
- 97. artikuluko 2. paragrafoan egindako
bidalketaren ordez, 90. artitukuko 2. paragrafoa jarriko da.
- 98. artikuluko 2. paragrafoan egindako
bidalketaren ordez, 99. artikulua jarriko da.
- 99. artikuluko c) idatz-zatian egindako
bidalketaren ordez, 89. artikuluko 2 eta 4. paragrafoak jarriko dira.
- 101. artikuluko 1. paragrafoko a) idatz-zatian
egindako bidalketaren ordez, 98. artikuluko 2. paragrafoa jarriko da.
- 101. artikuluko 1. paragrafoko b), c) eta d)
idatz-zatietan egindako bidalketen ordez, 99. artikulua jarriko da, testuan
aipatutako paragrafo eta idatz-zati berei dagokielarik.
- 102. artikuluko 2. paragrafoan egindako
bidalketaren ordez, 98. artitukuko 2. paragrafoa jarriko da.
- 102. artikuluko 3 eta 4. paragrafoetako
bidalketen ordez, 99. artikulua jarriko da, testuan aipatutako idatz-zati berei
dagokielarik.
- 103. artikuluko 1. paragrafoan egindako
bidalketaren ordez, 100. artikulua jarriko da.
- 105. artikuluko 2. paragrafoan egindako
bidalketaren ordez, 110. artikulua jarriko da.
- 107. artikuluko 3. paragrafoan egindako
bidalketaren ordez, 112. artikuluko 1 eta 2. paragrafoak jarriko dira.
- Hirugarren xedapen iragankorrean egindako
bidalketaren ordez, 107. artikulua jarriko da.
- Azken xedapenetako laugarrenaren 2. paragrafoan
egindako bidalketen ordez, honako hau jarriko da: "... lege horren 93.
artikuluko 2. paragrafoko a) eta b) idatz-zatietan eta 3. paragrafoan
ezarritakoa eta 101. artikuluko 1. paragrafoko c) idatz-zatian ezarritakoa
aplikatuta".
Azken
xedapeneak
Lehena
Baimena ematen zaio Jaurlaritzari lege hau indarrean jarri eta
gehienez lau hilabetera testu bakar batean biltzeko Euskadiko Ondareari buruzko
azaroaren 17ko 5/2006 Legea eta lege hau. Testu bategina honetara mugatuko da:
bi legeak testu bakarrean biltzera eta artikuluak, kapituluak eta xedapenak
behar den neurrian berriro zenbakitzera, bai eta testu bakarrean bildu
beharreko legeen barne-bidalketak zenbakera berriari egokitzera.
Bigarrena
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu
eta biharamunean jarriko da indarrean.