6/2006 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen bigarren aldaketarena.
2006-12-01Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2006/12/15, 238. zk.; EAO, 2011/11/4, 266. zk.
§ 279. 6/2006
LEGEA, ABENDUAREN 1EKOA, EUSKAL HERRIKO POLIZIARI BURUZKO LEGEAREN BIGARREN ALDAKETARENA
ZIOEN AZALPENA
Euskal Herriaren Autonomia
Estatutuaren 17. artikuluan ezarritako eskumena erabiliz eman zen Euskal
Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legea. Lege horren bidez,
Ertzaintzako langileen lan-baldintzak zehazteko ordezkaritza eta partaidetzaren
araudia ezarri zen. Araudi horrek funtsezko ezberdintasunak ditu Estatuko
Segurtasun Indar eta Kidegoei arlo honetan aplikatzen zaien araudiarekin
konparatuz gero.
Euskal Herriko Poliziaren
Legeak, 103. artikuluan, organo bat ezarri du, eta organo horretan,
lan-baldintzak ezartzeko parte-hartzeaz haratago, lan-baldintzei buruzko
benetako negoziazioa egiten da Administrazioaren eta arlo honetako erakunde
ordezkarien artean.
Era berean, Ertzaintzako kideei
aitortzen die bakoitzak aukeratzen dituen sindikatu, federazio edo konfederazio
sindikaletan afiliatzeko eskubidea, nork bere interes profesional, ekonomiko
eta sozialak ordezkatu, defendatu eta sustatzeko bidea izan dezan.
Testuinguru horretan, Euskal Herriko
Poliziaren Legeak erakunde sindikalei aukera ematen die, atalak sortzen
dituztenean, ordezkariak izenda ditzaten atal horietarako, eta, horrezaz
gainera, hautatutako ordezkarien bermeen eta eskubideen erregimen bera
erabiltzeko aukera ematen zaio ordezkariak lortu dituzten erakunde sindikalek
izendatutako ordezkari kopuru jakin bati. Kasu bakoitzean egiaztaturiko
afiliazio-mailaren arabera banatuko da kopuru hori, martxoaren 16ko 50/1993
Dekretuaren zortzigarren kapituluan ezarritako prozeduraren arabera.
Ertzaintzako funtzionarioen ordezkari sindikalen hauteskundeak, Ertzaintzaren
Kontseiluaren osaera eta erakunde sindikalei dagozkien ordezkariak hautatzeko
bidea arautu ziren aipatutako dekretu horren bitartez.
Esleipen-sistema eta ordezkari
sindikalen kopurua aldatzea, horiexek dira, hain zuzen ere, lege-aldaketa honen
xede. Adierazi denez, orain arte indarrean egon den sisteman ordezkari-kopurua
sindikatuen ezarpen-mailaren araberakoa zen, erakunde sindikal bakoitzak zuen
afiliazio-maila aintzakotzat hartuta. Afiliazio-maila hori egiaztatzeko,
prozedura bat erabiltzen zen ahalik eta ondoen uztartuta egon zitezen, batetik,
objektibotasuna eta inpartzialtasuna, eta, bestetik, afiliazio sindikalaren
datuen pribatutasuna gordetzeko betekizuna. Lan Harremanen Kontseiluak
proposaturik izendatutako hiru pertsonak osatzen zuten batzorde bati ematen
zitzaion eginkizun hori.
Legeak eta aipaturiko dekretuak
eraturiko sistema egokia eta zuzena dela erakusten da erabaki judizialetan eta
bestelako adierazpenetan, baina, hala ere, egia da, dekretu horretatik hona
hamahiru urte igaro badira ere, ezin izan dela ordezkari sindikalen esleipen
eta izendapenerako afiliazioa ziurtatzeko mekanismoa praktikan jarri, zailtasun
eta eragozpen praktikoak agertzen baitira argi eta garbi, erakunde
sindikaletako bakoitzak dituen afiliazio-datuak egiazkoak diren ikusteko
orduan.
Testuinguru horretan, eta
egoera hori jarduera sindikalaren garapen normalerako oztopoa izan ez zedin,
horixe baita helburu bakarra, ordezkari sindikalen kopurua
hauteskunde-audientziaren arabera esleitzea erabaki zuen bien bitartean
Herrizaingo Sailak. Horixe da, hain zuzen ere, gaur egun oraindik dugun egoera,
eta erakunde sindikalek ez dute jokabide horretan oztoporik jarri.
Aldaketa honen bidez, bien
bitarteko egoera hori amaitzen da, eta behin betiko finkatzen da ordezkari
sindikalen kopurua esleitzeko sistema. Horrela, hauteskunde-barruti bakoitzari
dagokionez, ordezkariren bat lortu duten erakunde sindikalei dagokie
izendapena, betiere hauteskundeetan eskuratutako emaitzan oinarriturik, ez
beste ezertan.
Artikulu bakarra - Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 100. artikulua honela idatzita geratu da:
"1. Erakunde sindikalek,
sindikatu-atalak sortzen dituztenean, ordezkariak izenda ditzakete atal
horietarako.
2. Eskubide horri kalterik egin
gabe, eta lege honen 101. artikuluan ezarritako berme eta eskubideen
erregimenaren aplikazioaz baliatzeko bakar-bakarrik, hauteskunde-barrutiei
dagokienez ordezkariak lortu dituzten sindikatuek, aurreko artikuluak
jarritakoaren arabera, ordezkari-kopuru jakin bat izango dute
hauteskunde-barrutietako bakoitzean, alegia, 250 funtzionarioko bina ordezkari,
eta, hala badagokio, beste ordezkari bat ere bai, geratzen den hondarrei dagokienez.
3. Ordezkaritza proportzionalaren
sistema erabilita, erakunde sindikal bakoitzari hauteskunde-barruti bakoitzean
dagokion ordezkari-kopurua esleituko zaio, ordezkariak aukeratzeko
hauteskundeetan hautagai-zerrenda bakoitzak hauteskunde-barruti bakoitzean
eskuratutako boto-kopurua kontuan hartuta, eta ondoko eragiketaren arabera:
ordezkariak lortu dituzten erakunde sindikalek barrutian eskuratutako boto
guztien kopurua zati izendatu beharreko ordezkarien kopurua. Sobera geratutako
postuak, halakorik egonez gero, erakunde sindikalei esleituko zaizkie,
handienetik txikienerako hurrenkeran, bakoitzak lorturiko gainerako botoen
arabera.
4. Ordezkariak aukeratzeko
hauteskundeen emaitzen iragarpenaren berri jendaurrean jakinarazten den
egunetik hasita, ondorengo hogeita hamar egunetan izendatu beharko dituzte
erakunde sindikalek ordezkariak; ondoko hauek izan daitezke ordezkariak:
kidegokoak izan eta zerbitzu-egoeran edo bigarren jarduerako egoeran ari diren
karrerako funtzionarioak, edo, bestela, prestakuntza-ikastaroa gainditu eta
praktika-aldian ari diren funtzionarioak".
Baldin eta lege hau indarrean
jartzen den egunerako sindikatuen ordezkariak ez badira izendatu ordezkariak
aukeratzeko egindako azken hauteskundeen emaitzen iragarpena jendaurrean
jakinarazi zen egunean indarrean zegoen prozeduraren arabera, lege honetan
ezarritakoaren arabera zehaztuko da sindikatuen ordezkarien kopurua eta
izendapena.
Honen bidez, martxoaren 16ko 50/1993
Dekretuaren (urriaren 11ko 392/1994 Dekretuak aldatua) VIII. kapitulua
indargabetuko da, dekretu horretan baitaude araututa bai Ertzaintzako
funtzionarioen ordezkari sindikalen hauteskundeak, bai Ertzaintzako
Kontseiluaren osaera, bai eta erakunde sindikalei dagozkien ordezkariak
hautatzeko prozedura ere.
Lege hau Euskal Herriko
Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.