6/1998 Legea, martxoaren 13koa, itsas arrantzari buruzkoa.
1998-03-13Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1998/4/1, 60. zk.; EAO, 2011/12/23, 308. zk.
§
212. 6/1998 LEGEA, MARTXOAREN 13KOA, ITSAS ARRANTZARI BURUZKOA
ZIOEN
AZALPENA
Euskal Autonomi Elkartearen
itsasbazterrean barne-uretako arrantza, itsaski-bilketa eta itsas hazkuntzak
antolatzea, eta, bestetik, arau-hauste edo urratzeak eta urratze horiei
dagozkien zehapenak ezartzea da lege honen helburua.
Hala, itsas baliabideak babestu eta
artatzea, baliabide horiek neurriz aprobetxatzea, eta jarduna guztion ondasun
honen gozamenerako antolatzea da legearen xedea. Hortaz, Eusko Jaurlaritzaren
betebeharra da -ondasun honen bermatzaile baita- itsas baliabideen ustiapen
egoki eta arrazoizkorako jardun-irizpideak ezartzea eta jardunari buruzko
arauak betetzen direla bermatzea.
Lege honek tresna egokia jarriko du Euskal
Herriko Administrazioaren esku, aipaturiko helburuak bere eskumen-eremuaren
barruan gauza ditzan. Eta arrantza-tokiak artatu eta berreskuratzeko helburuak
bete ahal izateko, beharrezkoa da irizpide eta arrantza-politika berberak
konpartitzea herri-administrazio guztien eragin-eremuetan. Horrez gain, arau
honek aukera emango du arrantzan jardutean egiten diren urratzeak
eraginkortasunez jazartzeko eta lege-hausteak zehatzeko.
Europako Batasuneko arrantza-politika ere
bat dator baliabideak babestu eta artatu gurarekin.
Euskal Herriak orain arte ez du eduki
baliabideak artatzeko eta arrantzan aritzeko politikaren gidalerroak bil
zitzakeen lege-markorik, eta, beraz, unean-unean sortzen izan diren arazoei
erantzun besterik ez du egiten izan. Administrazioarentzat, baina,
behar-beharrezkoa da lege-marko egokia izatea, arrantza antolatzeko eta
emankortasun handi eta iraunkorra lortzera eta arrain-populazioen stockak
berreskuratzera bideratzeko. Eta, hain zuzen ere, behar horri erantzuteko eratu
da honako arau hau, zeinen oinarrizko helburua baita itsas baliabide eta
ekosistemak artatzea.
Euskal Herriko Autonomia Estatutuak, 10.
atalaren 10. idazatian, ezartzen du Euskal Herriak eskumen esklusiboa daukala
barne-uretako arrantzan, itsaski- bilketan eta arrain-hazkuntzan. Era berean,
11.1.c) atalean ezartzen da Euskal Autonomi Elkartearen eskumena dela, beraren
barrutian, Euskal Herriko arrantza-sektorea antolatzeko lege-garapena eta
garapen horren emaitza betearaztea. Eta eskumen-marko horren ondorioz ezarri da
lege hau.
Legea lau idazpurutan egituratu da:
I. idazpuruaren lehenengo atalburuan
xedapen orokorrak ezartzen dira, eta legearen helburu eta xedeak finkatzen
dira. Bigarren atalburuan zenbait definizio ezartzen dira, eta haien artetik
ustiapen egoki eta arrazoizkoaren kontzeptua nabarmendu behar da, erabiltzen
diren legezko eskuarteak itsas baliabideen artapenerako egokiak izan behar
direla inplikatzen baitu.
II. idazpuruak, bestalde, arrantza,
itsaski-bilketa eta itsas hazkuntzen antolamendurako abiaburuak finkatzen ditu,
baliabideen babesean eta jardueraren garapen erazkoan oinarriturik. Halatan,
arrantza profesionalean jarduteko arauak ezartzen dira lehenengo kapituluko
lehenengo sekzioan; jolas-arrantzan jarduteko irizpideak finkatzen dira
bigarren sekzioan, eta Untzien Erregistroari buruzko arauak jasotzen dira
hirugarren sekzioan.
Bigarren atalburuan itsaski-bilketarako
irizpideak finkatzen dira, eta bereizi egiten dira, batetik, itsasoan era
profesionalean burutzen den jarduera, eta, bestetik, itsasbazterrean edo
itsasadarretan burutzen dena.
Hirugarren atalburuan, lehenengo sekzioan,
itsas hazlekuak ezartzeko modua definitu eta arautzen da. Eta bigarren sekzioan,
algak eta askatutako algak hazi eta biltzeko modua definitu eta arautzen da.
Legearen III. idazpuruaren lehenengo
atalburuan, urratze eta zehapenak arautu eta beraien sailkapena ezartzen da
(arinak, astunak eta oso astunak) babestu nahi den ondasun juridikoan duten
eraginaren arabera. Bigarren atalburuan zehapenak ezartzen dira, eta, horrez
gain, zehapen bat baino gehiago metatzeko aukera, betiere urratutako arauaren
garrantziaren arabera.
IV. idazpuruaren lehenengo eta bigarren
atalburuetan, zehatzeko prozedura eta eskumena arautzen dira; eta hirugarren
atalburuan, pertsonen erantzukizuna eta erantzukizunaren iraungipena ezartzen
dira.
Azkenez, legeak lau xedapen gehigarri
ditu, aldibaterako bi xedapen, indargabetze-xedapen bat eta bi azken xedapen.
I IDAZPURUA
I ATALBURUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. Atala
1.- Euskal Autonomi Elkartearen
itsasbazterrean barne-uretako arrantza, itsaski-bilketa eta itsas hazkuntzak
antolatzea, eta, bestetik, urratzeak eta urratzeei dagozkien zehapenak ezartzea
da lege honen helburua.
2.- Hala, itsas baliabideak babestu eta
artatzea, baliabide horiek neurriz aprobetxatzea, eta jarduna guztion ondasun
honen gozamenerako antolatzea da legearen xedea.
2. Atala
Eusko
Jaurlaritzak -ondasun honen bermatzaile baita- itsas baliabideen ustiapen egoki
eta arrazoizkorako jardun-irizpideak ezarriko ditu, jardunari buruzko arauak
betetzen direla bermatuko duelarik.
3. Atala
1.- Arrantza-arloan eskuduna den Saileko
organoak eman beharreko lizentzia, baimen edo emakiden menpean egongo dira
itsas arrantza, itsaski-bilketa, itsas hazkuntzak, algen edo askatutako algen
hazkuntza edo bilketa eta angula-arrantza; horrek ez du esan nahi, ordea,
herri-jabari lehortar eta itsasokoa okupatzeagatik Administrazio eskudunari
dagozkionak baztertzekoak direnik.
2.- Lizentzia, baimen edo emakidek jardueraren
garapenarako egokitzat hartzen diren neurriak bildu ahal izango dituzte.
4. Atala
Eusko
Jaurlaritzak deklaratutako erreserba biologiko, geben-leku, uharri-leku, edo
babes bereziko aldeei dagokienez, zein bere arau erregulatzailearen arabera
eraenduko da.
II ATALBURUA
DEFINIZIOAK
5.
Atala
Lege honi dagokionez, itsas baliabide
berriztakorrak hauek izango dira: ziklo biologikoaren edozein fasetan
barne-uretan edota itsasoko zein itsasadarretako urbazterretan bizi diren eta
bizi-prozesuren baten bitartez berriztatzen diren organismo bizidunak.
6.
Atala
Ustiapen egoki eta arrazoizkoa da
jardueraren errentagarritasun ekonomikoaren eta, bestetik, itsas baliabide eta
ekosistemen babes eta artapenaren arteko oreka jarraitua bermatzen duen eta
legez baimendutako eskuarte edo tresnez egiten den ustiapena.
7.
Atala
Zenbait definizio:
a) Lizentzia: arrantza dagokion
modalitatean egiteko, edo itsaskiak biltzeko, edota algak eta askatutako algak
biltzeko eta angula-arrantzarako, ematen den baimena.
b) Emakida: herri-jabariko guneak aldi
baterako, bakarrean eta esklusibotasunez okupatu, erabili edo aprobetxatzeko
eskubidea ematea, itsas baliabideak, itsaski-hazlekuak edo bestelako itsas
hazlekuak, edota algak eta askatutako algak haztekoak, jarri edo ustiatzeko.
c) Baimena: itsasoko zein
itsasadarretako urbazterretan edo jabetza pribatuan itsaski-hazlekua edo
bestelako itsas hazlekua jarri eta ustiatzeko ematen den baiezkoa.
8.
Atala
1.- Emakidak
epe jakin baterako emango dira, tituluan adieraziko den eperako, alegia,
betiere indarreko arauekin bat etorriz.
2.- Itsasoko
zein itsasadarretako urbazterretarako baimenak 10 urterako emango dira, eta,
interesatuak eskatuz gero, beste horrenbesteko luzapenak eman ahal izango dira,
betiere 30 urteko muga gainditu gabe. Baimenak ezeztatu ahal izango dira
ezinbesteko arrazoiren batengatik, herri-onurarengatik eta
gizarte-interesarengatik.
3.- Jabari
pribatuko aldeetarako baimenek indarrean iraungo dute harik eta bidezko
arrazoirik gabe jarduera gelditu arte edo baimena emateko baldintzak urratu
arte.
4.- Aipaturiko
epe horiek zenbatzeko, administrazio-emakida edo -baimena ematen deneko eguna
hartuko da kontutan.
9.
Atala
Itsas arrantzarako, itsaskiak biltzeko,
algak ateratzeko edo askatutako algak biltzeko eta angula-arrantzarako ematen
diren lizentzien iraupena arau erregulatzailean ezarriko da, zein berean.
II IDAZPURUA
ARRANTZAREN, ITSASKI BILKETAREN
ETA ITSAS HAZKUNTZEN ANTOLAMENDU ETA ARAUPEKETA
I ATALBURUA
I SEKZIOA
ARRANTZA
10. Atala
Arrantza
antolatu eta araupetzeko hartzen diren neurriek -oinarri arrazoizko batetik
abiaturik- itsas baliabideak eta itsasaldeko komunitateen garapena babestu eta
mantentzera joko dute.
11. Atala
1.- Aurreko atalean xedatutakoaren arabera,
Eusko Jaurlaritzak neurriak har ditzake arrantzan jardun dezaketen untzien
kopurua edukiera eta potentziaren arabera finkatzeko, arrantzako tresna,
aparailu eta ekipoen erabilera arautzeko, edota arrantzarako epealdiak, gebenak
eta espezieen gutxienezko neurriak ezartzeko. Horrez gain,
baliabideak babestu eta mantentzera jotzen duen beste edozein neurri ere har
dezake.
2.- Nolanahi
ere, debekatuta geratzen da arrasteko sareen bidez barne-uretan arrantzan
egitea.
12.
Atala
Arrantza-arloan eskuduna den Saileko Untzi
Erregistroan eta Untzien Matrikula Erregistroko Hirugarren Zerrendan dauden
untziei aitortzen zaie arrantzan edo itsaski-bilketan jarduteko eskubidea.
13.
Atala
Arrantzan jardun ahal izateko, beharrezko
idatz-agiri guztiak eduki behar dituzte untziek, eta, gainera, Administrazioak
ezarritako baldintzak bete behar dituzte.
14.
Atala
1.- Untziek
zentsu edo arrantza-modalitate jakin baterako daukate administrazio-baimena,
eta horren arabera emango zaizkie aurreko atalean aipatutako idatz-agiriak.
2.- Modalitatea
aldatu ahal izateko, beharrezkoa da arrantza-arloan eskuduna den Sailaren
baimena.
15.
Atala
Arrantzuntzi berberak ezin ditu
arrantza-tresna ezberdinak aldi berean erabili, horretarako
administrazio-baimena eduki ezik.
16.
Atala
Legez aurkakoa izango da arrantza-arlorako
Sail eskudunak arautu, homologatu edo baimendu ez duen edozein arrantza-tresna,
aparailu edo ekipo erabiltzea Euskal Autonomi Elkartearen eskumeneko uretan.
17.
Atala
Itsasbazterrean, eskudun agintariak
bainurako behar bezala mugatutako zonetan, debekatuta dago arrantza. Baita
beste hauetan ere: portuetan, untziak sartu eta ateratzeko maniobrak egiten ari
diren bitartean; nabigazio-kanaletan, untziak igarotzen diren bitartean;
erreserba biologikoetan; geben-lekuetan; uharri-leku artifizialetan; babes
bereziko aldeetan, arau erregulatzaileek horrela ezartzen dutenean, eta araudi bidez
adierazten diren alde guztietan.
II SEKZIOA
JOLAS-ARRANTZA
18.
Atala
Jolas-arrantza da entretenimendu, kirol
edo zaletasun hutsagatik egiten dena, inolako irabazi-asmorik gabe. Ez da
zilegi, beraz, arrantzatutakoarekin inolako salerosketa edo transakziorik
egitea.
19.
Atala
1.- Jolas-arrantzak
bi modalitatetakoak izan daiteke: ur-azaleko arrantza eta urpekoa.
2.- Ur-azaleko
jolas-arrantza lehorretik edo untzi batetik egin daiteke.
3.- Urpeko
jolas-arrantzan, birika hutsekin egin behar da igeri urpean.
20.
Atala
1.- Ur-azaleko
jolas-arrantzarako baimendutako tresna haria edo amu-aparailua da, hots, untzi
bati lotutako edo eskuaz zein arrantzarako kanabera baten laguntzaz oratutako
edozein hari, gehienez ere hamar amu dituela lizentziako. Xedapen honi
dagokionez, koraina izeneko aparailua eta arrain edo beita artifizialak
amu-aparailutzat hartuko dira. Korainaren kasuan, gehienez ere lau hari erabili
ahal izango dira lizentziako
2.- Ezin
erabil daitezke arrantzako tresna edo aparailuok: sare-mailak, tretza, otarreak
eta gainerako tresna finko edo deribakoak, ezta administrazio-baimenik ez
dutenak ere.
21.
Atala
Urpeko jolas-arrantzan erabil daitezkeen
eskuzko tresnen edo tresna mekanikoen propultsio-indarra ezin etor daiteke
bitarteko elektrikoetatik edo nahastura detonatzaile edo lehergarrietatik.
Horrez gain, debekatuta dago tresna hidroirristakorrak erabiltzea, baita gai
toxikoak, narkotikoak, pozoitsuak, detonatzaileak, lehergarriak, korrosiboak
edo itsas ingurunea kutsatzen dutenak erabiltzea ere.
22.
Atala
1.- Itsabazterrean,
arrantza profesionala arauz egiten den tokietan eta, bainatzeko edo beste
edozein ur-kiroletan aritzeko, eskudun agintariak behar bezala mugatutako
aldeetan, debekatuta dago jolas-arrantza; era berean, debekatuta dago portuetan
arrantzan jardutea untziak sartu edo ateratzeko maniobrak egiten ari diren
bitartean; edota nabigazio-kanaletan, untziak igarotzen diren bitartean. Eta
debekatuta dago jolas-arrantza erreserba biologikoetan, geben-lekuetan,
uharri-leku artifizialetan, edo babes bereziko aldeetan, arau erregulatzaileek
horrela ezartzen dutenean.
2.- Baldin
eta leku eta aldi berean arrantza profesionaleko eta jolas-arrantzako untziak
legezko arrantzan ari badira, untzi profesionalek izango dute erabateko
lehentasuna. Jolas-untziek ez diete trabarik egingo eta zailtasunik jarriko
profesionalen untziei, eta leku eta une horretan debekatuta geratuko da
jolas-arrantza. Horretarako, profesionalek nahikoa identifikatuta egon beharko
dute bai untziari berari dagokionez eta bai tresnei, buiei eta beste edonolako
balizajeei dagokienez, indarrean dauden arauei jarraiki.
3.- Araudi
bidez zehaztuko da itsasbazterrean, arrantza profesionala edo bainua zein beste
edozein ur-kirol egiten den tokietan, jolas-arrantzan jarduteko gutxieneko
distantzia.
23.
Atala
Aurreko atalean adierazitako aldeez gain,
jolas-arrantza debekatuta dago araudi bidez horrela adierazten den lekuetan.
24.
Atala
Eusko Jaurlaritzak jolas-arrantza arautuko
du, eta ondoko kontu hauek finkatuko ditu: lizentziaren titularrek bete behar
dituzten baldintzak, ordutegiak eta arrantzan jarduteko modua, distantziak,
harrapaketen bolumena eta kopurua, espezieak, neurriak, tresnak,
kirol-lehiaketak, eta jolas-arrantzan aritzeko beharrezkotzat hartzen diren
gainerako kontu guztiak.
III SEKZIOA
UNTZIEN ERREGISTROA
25.
Atala
Arrantza-arloan eskuduna den Sailak
erregistro bat eratuko du, eta bertan inskribatu beharra izango dute Euskal Autonomi
Elkartearen itsasbazterreko barne-uretan arrantzan, itsaski-bilketan, algak
ateratzen eta biltzen edo angula-arrantzan diharduten untzi guztiek.
26.
Atala
1.- Erregistroa
honela antolatuko da; batetik, orrialdeak zenbakiturik eta zigilaturik dituzten
bi liburu eduki behar dira, eta, bestetik, artxibo bat, inskribatu behar diren
agiri guztiak gordetzeko. Halaber, baliabide informatikoak erabil daitezke,
baina bermatu behar da, betiere, idatzitakoa ezin ezaba daitekeela.
2.- Lehenengo
liburuan, arrantzan -era profesionalean-, itsaski-bilketan, algak eta
askatutako algak ateratzen eta biltzen edo angula-arrantzan aritzen diren
untziak, beraien titulartasuna, ezaugarriak, modalitatea eta egoitza-portua
inskribatu behar dira.
3.- Bigarren
liburuan, jolas-arrantzan arituko diren untziak, beraien ezaugarriak eta
titulartasuna inskribatuko dira.
27.
Atala
Erregistroko arduradunak ziurtagiriak
luzatu ahal izango ditu, epai- eta administrazio-agintariek horrela eskaturik,
edota partikular batek eskaturik, aldez aurretik zuzenbidean funtsatutako
eskaria eginez gero.
II ATALBURUA
ITSASKI BILKETA
28.
Atala
Oskoldunak eta moluskuak kala naturaletan
biltzeko, itsaski-bilketari buruzko arauak gorde behar dira.
29.
Atala
1.- Lege
honi dagokionez, merkatura daitekeen edozein itsas animalia ornogabe hartuko da
itsaskitzat.
2.- Ustia
eta merkatura daitekeen edozein itsaski-espezie -garapenaren edozein fasetan
dagoela- berez kokatzen den tokia da kala naturala.
30.
Atala
1.- Jarduneko
Arrantzuntziteriaren Zentsuan eta untzien erregistroan inskribatutako
arrantzuntzietatik eta araututako arrantza-tresna erabiliz bakarrik harrapatu
edo bil daitezke itsaskiak itsasoan, bilketa hori azterketa- edo
ikerketa-helburuekin egin ezik.
2.- Aurreko
idazatian ezarritakoa gorabehera, kirol-arrantzaleek zenbait molusku edo
oskoldun harrapatu ahal izango dituzte beita gisa erabiltzeko, kopuruari,
pisuari edo tresnei dagokienez araudi bidez ezarriko diren mugapenak izango
dituztela.
31.
Atala
1.- Arrantza-arloan
eskuduna den Sailak luzatuko du itsas eremuan itsaski-bilketan jarduteko
ahalmena ematen duen lizentzia, eta arrantza-enpresa edo -untzien izenean
jarriko du.
2.- Itsaskiak
itsasoko edo itsasadarretako urbazterretan biltzeko, beharrezkoa izango da
lizentzia pertsonal eta banakatua edukitzea, 30.2 atalean aurreikusitakoa
salbu.
III ATALBURUA
I SEKZIOA
ITSAS HAZKUNTZAK; ITSAS ESPEZIEAK SARTU ETA ZIRKULATZEKO ARAUAK
32. Atala
Itsas flora
eta faunako espezieak -hazieraren edozein fasetan daudelarik- ugaldu edo
garatzera jotzen duten ekintzak hartuko dira itsas hazkuntzatzat.
33.
Atala
1.- Itsas
hazlekuak nagusiak edo osagarriak izan daitezke.
2.- Hazleku
nagusiak hauek dira: herri-jabariko edo jabari publikoko aldeetan kokaturik
dauden eta, baliabide tekniko eta zientifikoak erabiliz, itsas flora eta
faunako espezieak ugaltzera edo espezie horien garapenaren faseak kontrolatzera
dedikatzen direnak, betiere ikuspuntu ekonomiko edo zientifikotik emaitza
errentagarriak lortzeko helburuaz.
3.- Hazleku
osagarriak hauek dira: herri-jabariko edo jabari publikoko aldeetan kokaturik,
aurrekoen jarduna osatzen dutenak edo merkataritza-kontuak arautzeko helburua
dutenak.
4.- Eusko
Jaurlaritzari dagokio itsas hazlekuen motak eta beraiek ezarri eta ustiatzeko
baldintzak sailkatu eta arautzea.
34.
Atala
Itsas hazkuntzara dedikatutako
establezimendu bat jarri edo ustiatzeko baimena lortzeko, beharrezkoa da
jarduera horretan aritzeko eskatzen diren txosten, baldintza eta
administrazio-tituluak aldez aurretik bete eta eskuratzea.
35.
Atala
1.- Baimena
emateko, beharrezkoa da jarduerarako exigitzen diren baldintza teknikoak eta
osasun- zein ingurugiro-baldintzak aldez aurretik betetzea.
2.- Hasiera
batean baimendutakoa ez den beste espezie bat hazteko, beharrezkoa da
horretarako beste administrazio-baimen bat eskuratzea.
3.- Baimenak
ezeztatu ahal izango dira ezinbesteko arrazoiren batengatik,
herri-onurarengatik edo gizarte-interesarengatik.
36.
Atala
Herri-jabariko ondasunak aprobetxatu edo
ustiatzeko emakidak gainontzeko inoren edo lehendik diren eskubideen kalterik
gabe emango dira, eta desjabetu ahal izango dira ezinbesteko arrazoiren
batengatik, herri-onurarengatik edo gizarte-interesarengatik, Derrigorrezko
Desjabetzapenari buruzko Legean ezarritako balorazio-arauekin bat etorriz.
37.
Atala
Itsas espezie jakin batzuen hazkuntza
garatzeko babes bereziko zenbait alde deklara ditzake Eusko Jaurlaritzak, eta,
horretarako, alde horiek bete behar dituzten osasun- eta ingurugiro-baldintzak
ezarri behar ditu.
38.
Atala
Itsas baliabide edo hazlekuak ustiatzeko
emakida eta baimenak ondoko kasu hauetan iraungiko dira:
a) Emandako epearen mugaeguna
iritsitakoan.
b) Interesatuak emakida edo baimenari
uko egin eta Administrazioak onartuz gero.
c) Administrazioak eta esleipendunak
elkarren adostasunez horrela erabakiz gero.
d) Administrazioak emakida edo baimena
ezeztatuz gero, ondoko inguruabarretako baten bat gertatzen denean:
- Egindako txostenetatik ondorioztatzen
denean ingurugiroan espezieen garapenari edo itsas ekosistemari kalte egin
diezaiokeen aldaketaren bat egon dela.
- Instalazioarengatik edo haren
funtzionamenduarengatik osasun publikoarentzako kalteak, nabigaziorako kalteak
edo antzerakoak gertatzen direnean.
- Emakida edo baimenaren titulua arautzen
duten baldintzak urratzen direnean, edota legez edo araudi bidez eska daitekeen
beste edozein betebehar betetzen ez denean.
e) Emakida edo baimena iraungitakoan.
f) Ludiketa gauzatuz gero.
39.
Atala
1.- Administrazioak,
administrazio-espedientea hasi ondoren, iraungipena deklaratuko du ondoko kasu
hauetan:
a) Obrak tituluaren baldintzetan ezarritako
epean hasten ezbadira, edo eteten badira edo esandako epean bukatzen ez badira,
bidezko arrazoirik egon ezik.
b) Jarduera bidezko arrazoirik gabe eteten bada
urtebetetik gorako epean zehar.
c) Bete beharreko beste edozein baldintza
betetzen ez bada, betiere ez-betetze horri dagokion zehapena iraungipena
denean.
2.- Espedientea,
interesatuari entzunda, Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako
Administrazio Jardunbideari buruzko Legearen arabera tramitatuko da.
40.
Atala
1.- Itsas
espezierik itsasoan sartu ahal izateko, beharrezkoa da arrantza-arloan eskuduna
den Sailaren baimena.
2.- Baimena
eman baino lehen, espeziearen jatorrizko tokiko erakunde eskudunak luzatutako
jatorri- eta osasun-ziurtagiria egiaztatu behar da.
3.- Hala
ere, arrantzaarloan eskuduna den Sailak baimena uka dezake, sartu nahi diren
espezieek aldaketarik edo desoreka ekologikorik eragin ahal badute itsas
ekosistemako flora edo faunan.
41.
Atala
1.- Ezarritako
gutxienezko neurritik beherako animalia, arrautza edo esporak merkaturatzeko
edo horien zirkulaziorako, edo animalia, arrautza edo esporak gebenaldian
merkaturatzeko edo horien zirkulaziorako, beharrezkoa da administrazio-baimena.
2.- Hazkuntza-,
ikerketa- edo esperimetazio-helburuekin erabiltzeko ez bada, ez da inolako
baimenik emango gutxienezko neurritik beherako aleak merkaturatzeko edo horien
zirkulaziorako.
3.- Gebenaldian
egon arren, administrazio-baimena ez da beharrezkoa izango legezko neurriko
espezieak azken kontsumorako merkaturatzeko, baldin eta espezie horiek jatorri-
eta zirkulazio-agiria badute eta agiri horrek egiaztatzen badu espezieak itsas
hazleku batetik edo zonalde aske batetik datozela.
II SEKZIOA
ALGAK ETA ASKATUTAKO ALGAK
42.
Atala
1.- Algak
dira itsas ingurunean bizi diren landare talofito biziak, zelulabakarrak zein
zelulanitzak.
2.- Askatutako
algak dira substratutik askatu eta, olatuen edo beste zenbait inguruabar
naturalen ondorioz, hondartzan eta itsasbazterreko beste toki batzuetan
metatzen diren algak.
43.
Atala
1.- Itsasoan,
behar bezala baimendutako eta Untzien Erregistroko Lehen Liburuan izena emana
duten untzietatik jardungo da algak eta askatutako algak ateratzen edo biltzen.
2.- Itsasoko
eta itsasadarretako uzbazterretan, ingurugiroa lardaskatzen ez duen edozein
baliabide edo tresna erabil daiteke algak eta askatutako algak biltzeko.
3.- Arrantza-arloan
eskuduna den Sailak zehaztuko du zein tresna erabil daitekeen eta jarduera
honetarako toki eta epeak zein diren, baita gainerako baldintzak ere.
44.
Atala
Algak hazi edo ateratzeko, beharrezkoa
izango da jarduera garatzeko plan edo proiektu bat eratzea. Plan edo proiektu
horrek ondoko kontu hauek jorratuko ditu, besteak beste: algak hazi edo
ateratzeko metodoa, itsasbazterreko aldea, erabili beharreko giza baliabide eta
baliabide materialak, burutzeko epea, ekoiztu edo aterako diren alga-kopuruak,
eta jarduerak itsas ekosisteman eduki dezakeen eragina.
45.
Atala
Algak eta askatutako algak garraiatzen
direnean, arrantza-arloan eskuduna den Sailak luzatutako zirkulazio-agiria
eraman behar da haiekin batera.
46.
Atala
Araudi bidez ezarriko dira algak eta
askatutako algak atera eta biltzeko arauak, jarduerarako epeak, merkaturatzeko
arauak eta zeregin honetan jarduteko exigitzen diren gainerako betekizunak.
III IDAZPURUA
URRATZEAK ETA ZEHAPENAK
I ATALBURUA
URRATZEAK
47.
Atala
Arrantzari, itsaski-bilketari, itsas
hazkuntzei eta algen eta askatutako algen bilketa edo merkaturatzeari eta
angula-arrantzari dagokienez, administrazio-urratzea hau izango da: lege
honetan halakotzat hartzen den edozein egite edo ez egite.
48.
Atala
Arrantzaren, itsaski-bilketaren, itsas
hazkuntzen eta alga edo askatutako algen eta angula-arrantzaren arloan Euskal
Autonomi Elkartearen eskumen-eremuan egiten diren administrazio-urratze guztiei
ezarriko zaie honako lege hau.
49.
Atala
Administrazio-urratzeak arinak, astunak
edota oso astunak izan daitezke.
50.
Atala
Barne-uretako arrantza profesionalari eta
untzitik egindako itsaski-bilketari eta angula-arrantzari dagokienez, hauek
hartuko dira urratze arintzat:
1.- Untzian
ez izatea legezko arauek exigitutako lizentziak, baimenak, ziurtagiriak,
tituluak, planoak, kaierak, liburuak edo gainerako beste edozein agiri
administratibo.
2.- Legezko
arauek arrantzari, harrapaketei eta hondoei buruzko informazio-daturik eskatuz
gero, halakoak atzerapenez ematea.
3.- Untziko
motoreen potentzia baimendutako gehienezkoa baino handiagoa izatea, edota
arauzko argi guztiak erabili gabe edo jarduerarako arauak urratuz nabigatzea
edo arrantzatzea.
4.- Portutik
atera edo portura sartzeko ezarritako ordutegiak ez betetzea.
5.- Zamaketarako
ezarrita dauden toki eta portuetatik kanpo zamatzea arrantzako produktuak.
6.- Halaber,
urratze arintzat joko da urratze astun edo oso astuntzat tipifikatu gabe dagoen
ez-betetze oro.
51.
Atala
Algen eta askatutako algen ustiaketari,
itsasoko eta itsasadarretako urbazterreko itsaski-bilketari, itsas hazkuntzei
eta oinez ibiliz egiten den angula-arrantzari dagokienez, ondoko kontu hauei
buruzko arauak ez betetzea hartuko da urratze arintzat:
1.- Algak
eta askatutako algak eduki, bildu edo garraiatzea lizentziarik edo
zirkulazio-agiri egokirik eduki gabe.
2.- Angulak,
oskoldun edo moluskuak lizentziarik gabe biltzea.
3.- Legez
ezarritako gutxienezko neurritik beherako itsas espezieak edukitzea, edo
baimendutako kopuruak gainditzea.
4.- Algak
eta askatutako algak bildu, atera edo hazteko, arrainak eta itsaskiak bildu edo
harrapatzeko, itsaski-hazlekuak ezartzeko eta oinez ibiliz egiten den
angula-arrantzarako administrazio-lizentzia, -baimen edo -emakidetan ezarritako
baldintzetarik edozein ez betetzea, urratze astun edo oso astuntzat hartzen ez
bada.
52.
Atala
Barne-uretako arrantza profesionalari eta
untzitik egindako itsaski-bilketari dagokienez, hauek hartuko dira urratze
astuntzat:
1.- Debekatutako
leku edo hondoetan, edo gebendutako garaietan jardutea arrantzan edo itsaskiak
biltzen, edota jarduerarako ezarrita dauden ordutegi edo epeak ez gordetzea.
2.- Debekatuta
dauden edo baimendu edo homologatuta ez dauden tresna, ekipo, lanabes,
artefaktu edo aparailuak untzian erabili edo edukitzea, eta
arrantza-modalitateei eta baimendutako tresna-kopuruari buruz indarrean dauden
arauak ez betetzea.
3.- Buien
erabilerari, tresnen balizajeari eta tresnen arteko gutxienezko distantziari
buruzko arauak ez betetzea, arrantzarako eta itsaski-bilketarako baimenduta ez
dauden argiak erabiltzea, untziaren matrikula edo folioa ikusteko moduan ez
seinalatzea, edota matrikula edo folioa ezkutatu edo manipulatzea.
4.- Arauzko
neurritik beherako arrantza-produktuak, edota debekatutako, gebendutako edo
baimendu gabeko espezieak harrapatzea, halakoak untzian gordetzea,
biltegiratzea, garraiatzea, eraldatzea edo merkaturatzea.
5.- Untzi
eta egun bakoitzeko ezarrita dauden gehienezko kupoak gainditzea.
6.- Arrantzako
produktuak deskargatu, untzi batetik beste batera aldatu edo saltzea,
horretarako ezarritako portu edo lonjetatik kanpo edo legezko arauak urratuz
egiten denean.
7.- Lizentzia
edo arrantza-planen datuak aldatu edo ez betetzea, eta harrapaketei, hondoei
eta araudi bidez eska daitezkeen gainerako betekizunei buruzko informaziorako
eta haien kontrolerako arauak ez betetzea.
8.- Untziko
langileen gaikuntza eta erroldaketari eta untziaren idatz-agiriei buruzko
arauak ez betetzea eta egoitza-portua administrazio-baimenik gabe aldatzea.
9.- Agintari
edo jagotzako agenteen ikuskapen-lana oztopatzea, untziei, arrantzarako tresna
edo lanabesei, edota arrantzan zein itsaski-bilketan jarduteko behar diren
agiriei dagokien guztian; patroiak uko egitea gelditzeari, maniobratzeari edota
agintari edo agente horiek untzira sartzeko modua errazteko beste ekintza
batzuk egiteari; arrantzarako legez aurkako tresna, lanabes, ekipo edo
aparailuak ez entregatzea, edo legez aurkako ekintza batean erabilitako legezko
tresnak edota harrapatutako espezieak ez entregatzea.
10.- Itsabazterrean,
bainua edo beste edozein kirol nautiko egiten den tokietan debekatuta dago
arrantzan jardutea; era berean, eskudun agintariak behar bezala mugatutako
aldeetan; portuetan, untziak sartu edo ateratzeko maniobrak egiten ari diren
bitartean; nabigazio-kanaletan, untziak igarotzen diren bitartean; erreserba
biologikoetan; geben-lekuetan; uharri-leku artifizialetan; babes bereziko
aldeetan, arau erregulatzaileek horrela ezartzen dutenean, eta araudi bidez
adierazten diren alde guztietan.
53.
Atala
Algen, askatutako algen, itsasoko eta
itsasadarretako urbazterreko itsaski-bilketaren, itsas hazkuntzen eta oinez
ibiliz egiten den angula-arrantzaren arloan, urratze astuntzat joko da
ondorengoei buruzko arauak ez betetzea:
1.- Algak
debekatuta dagoen aldeetan edo baimenduta ez dauden kopuru edo aldeetan hazi
edo ateratzea.
2.- Itsas
baliabideen artapenaren aurkako jarduerak egitea; itsas flora eta faunako
espezieak administrazio-baimenik gabe sartzea, hala hazkuntzarako nola
birpopulaketarako.
3.- Itsas
hazlekuak ezartzea eduki beharreko emakida edo baimena eduki gabe.
4.- Bai
itsas hazlekuak, bai algak eta askatutako algak ateratzeko erabilitako untziak,
bai landare horiek gordetzeko biltegi edo tokiak kontrolatu eta ikuskatzeko
lanak oztopatzea.
5.- Euskal
Autonomi Elkarteko itsas hazleku batetik baimendutakoa baino neurri txikiagoko
espezieak ateratzea horretarako administrazio-agiri edo -baimenik izan gabe.
6.- Debekatutako
lekuan edo gebendutako garaian angula-arrantzan aritzea eta oskoldunak edo
moluskuak biltzea, edo baimenduta ez dauden tresna, aparailu, artefaktu edo
lanabesak erabiltzea.
54.
Atala
Barne-uretako arrantza profesionalri,
itsaski-bilketari, itsas hazkuntzei eta alga edo askatutako algei eta angula-arrantzari
dagokienez, hauek hartuko dira urratze oso astuntzat:
1.- Arrantzarako,
itsaski-bilketarako edo algen ekoizpenerako interes berezia duten aldeak
beharrezko idatz-agiriak ez dituzten untzietatik kaltetu, aldatu edo suntsitzen
dituzten jarduerak egitea.
2.- Lehergaiak,
gai toxikoak, pozoitsuak, geldiarazgarriak, loeragingarriak edo korrosiboak
erabiltzea edo untzian edukitzea.
3.- Arrantzan,
itsaskiak biltzen, itsas hazkuntzan edo algak ateratzen jarduteko eskubidea
eragoztea helburu duten jardueretan aritzea, baldin eta eragotzi nahi diren
jarduerek indarrean dagoen legeria betetzen badute.
4.- Jagotzako
agintari edo agenteei untzien, itsas establezimenduen eta alga eta askatutako
algen ikuskapena eragoztea.
5.- Debekatutako
prozedura edo gaiak erabiltzea hazitako espezieak garatzeko prozesuetan.
6.- Arrasteko
sareekin arrantzan aritzea.
55.
Atala
1.- Jolas-arrantzari
buruzkoan ondoko hauek hartuko dira urratze arintzat: lizentziarik gabe edo
debekatutako hondo eta aldeetan arrantzatzea, hoben edo urratze astuna ez
denean; ezarritako ordutegia edo gutxienezko distantziak ez gordetzea; urpeko
arrantzan buia-baliza ez erabiltzea; debekatutako erakargarri edo argiak
erabiltzea; baimendutakoak baino kopuru handiagoak edo debekatutako espezieak
harrapatu, eduki edo garraiatzea; harrapatutako espezieak saltzea edo beraiekin
transakzioak egitea, eta administrazio-baimenik izan gabe kirol-lehiaketak
egitea.
2.- Ondoko
hauek urratze astuntzat hartuko dira: erreserba biologikoetan, biotopoetan, babes
bereziko aldeetan edo uharri-leku artifizialetan aritzea jolas-arrantzan,
horretarako baimenik izan gabe; baimenduta ez dauden arrantzarako tresna,
aparailu, lanabes eta ekipoak untzian izatea edo erabiltzea; patroiak uko
egitea gelditzeari, maniobratzeari edota arrantza-ikuskatzaileak untzira
sartzeko modua erraztera zuzendutako beste ekintza batzuk egiteari; patroiak
uko egitea untzia portura ekartzeari, arauz kontra arrantzatzeagatik jagotzako
agintari edo agenteek hala agintzen dutenean, eta urpeko arrantzan jardutea
bainurako aldeetan, beren-beregi debekatutako aldeetan, edota ur-kirol edo
kirol-lehiaketarik egiten den bitartean.
3.- Eta,
bestetik, ondoko hauek oso astuntzat hartuko dira: arrantzan tresna elektrikoak
erabiltzea, edo lehergaiak, gai toxikoak, pozoitsuak, geldiarazgarriak,
loeragingarriak edo korrosiboak erabiltzea.
II ATALBURUA
ZEHAPENAK
56.
Atala
1.- Lege
honetan aurreikusitako urratzeak egiteagatik ondoko zehapen hauek ezar
daitezke:
a) Ohartarazpena.
b) Isuna.
c) Arrantzako tresna, aparailu edo lanabesak
bahitzea.
d) Produktu edo ondasunak dekomisatzea.
e) Jardueretan aritzeko gaitasuna kentzea,
gehienez bost urteko eperako.
f) Baimenak
aldi baterako edo behin betiko ez berritzea.
g) Lizentzia
aldi baterako edo behin betiko kentzea.
h) Itsas
hazlekua aldi baterako edo behin betiko ixtea.
2.- Zehapen horiek metatu daitezke lege
honetan ezarritakoaren arabera.
3.- Zehapenak mailakatzeko, azaroaren 26ko
30/1992 Legearen 131. atalean aurreikusitako irizpideak eta proportzionaltasunaren
abiaburua hartuko dira kontutan.
4.- 70.1 atalean aurreikusitako epeen barruan,
urratze arintzat tipifikatutako ekintzetan berrerortzea urratze astun gisa
zigortuko da; urratze astunean berrerortzea urratze oso astun gisa zigortuko da,
eta urratze oso astunaren kasuan, aurreikusitako zigorrik handiena jarriko da
eta, gainera, egindako legez kontrako ekintzen larritasunaren arabera, egoki
izan daitezen osagarrizko neurriak hartuko dira.
57. Atala
1.- Barne-uretako arrantza profesionalari,
itsaski-bilketari, algak eta askatutako algak ateratzeari edo biltzeari eta
itsas-hazkuntzari eta angula-arrantzari dagozkien urratzeengatiko isunen
zenbatekoa hau izango da:
a) Urratze
arinak ohartarazpenarekin edo 10.000 pezetatik 50.000ra bitarteko isunarekin
zehatuko dira.
b) Urratze
astunak 50.001 pezetatik 1.000.000ra bitarteko isunarekin zehatuko dira.
c) Urratze oso
astunak 1.000.001 pezetatik 10.000.000ra bitarteko isunarekin zehatuko dira.
2.- Barne-uretako arrantza profesionalari,
itsaski-bilketari, algak eta askatutako algak ateratzeari edo biltzeari eta
itsas-hazkuntzari eta angula-arrantzari dagozkien urratze astunei, dagozkien
isunez gainera, zehapen osagarri bat edo gehiago ezar dakieke, urratze-motaren
arabera:
a) Arrantzako tresna, aparailu edo lanabesen
bahitura, 52. atalaren 1, 2 edo 4. idazatietako urratzeetarako, eta 53.
atalaren 6. idazatiko urratzeetarako.
b) Espezieen eta produktuen dekomisoa, 52.
atalaren 1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 10. idazatietako urratzeetarako, eta 53. atalaren
1, 3, 5 eta 6. idazatietako urratzeetarako.
c) Lizentzia egun batetik 30eko aldirako
kentzea, 52. atalaren 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 9 eta 10. idazatietako, eta 53.
atalaren 1 eta 6. idazatietako urratzeetarako.
d) Itsas hazlekuak aldi baterako ixtea
-hilabeterako, gutxienez, eta 6 hilabeterako gehienez-, 53. atalaren 2, 3, 4
eta 6. idazatietako urratzeetarako.
e) Produktu edo ondasunen dekomisoa, 53.
atalaren 1, 3 eta 5. idazatietakoko urratzeetarako.
3.- Barne-uretako
arrantza profesionalari, itsaski-bilketari, algak eta askatutako algak
ateratzeari edo biltzeari eta itsas-hazkuntzari eta angula-arrantzari dagozkien
urratze oso astunei, dagozkien isunez gainera, zehapen osagarri bat edo gehiago
ezar dakieke, urratze-motaren arabera:
a) Arrantzako tresna, aparailu edo lanabesen
bahitura, 54. atalaren 1. idazatiko urratzeetarako.
b) Espezieen eta produktuen dekomisoa, 54.
atalaren 1, 2 eta 5. idazatietako urratzeetarako.
c) Jardueretan aritzeko gaitasuna kentzea,
gehienez 5 urteko eperako 54. atalaren 1, 2, 3 eta 5. idazatietako
urratzeetarako.
d) Baimenak aldi baterako -gehienez
urtebeterako- edo behin betiko ez berritzea 54. atalaren 4 eta 5. idazatietako
urratzeetarako.
e) Lizentzia aldi baterako -gehienez 3
hilabeterako- edo behin betiko kentzea 54. atalaren 2, 3 eta 4. idazatietako
urratzeetarako.
f) Itsas hazlekua aldi baterako -gehienez 3
hilabeterako- edo behin betiko ixtea 54. atalaren 4 eta 5. idazatietako
urratzeetarako.
4.- Isuna
inoiz ez da arau-urratzaileak lortu duela uste den eta/edo lortu duen onura
baino txikiagoa izango.
58.
Atala
1.- Barne-uretako
jolas-arrantzaren arloko urratzeengatikako isunen zenbatekoa ondorengoa izango
da:
a) Urratze arinak ohartarazpenarekin edo 25.000
pezetarainoko isunarekin zehatuko dira.
b) Urratze astunak 25.001 pezetatik 100.000ra
bitarteko isunarekin zehatuko dira.
c) Urratze oso astunak 100.001 pezetatik
1.000.000ra bitarteko isunarekin zehatuko dira.
2.- Jolas-arrantzaren
arloko urratze astunei, dagozkien isunez gain, honako zehapen hauek ezar
dakizkieke: tresna, aparailu edo lanabesak bahitzea eta eskuratutako produktu
edo ondasunak dekomisatzea.
3.- Jolas-arrantzaren
arloko urratze astunak, dagokien isunaz gain, 56.1 c), d) eta g) atalean jasota
dauden zehapenetako batekin edo gehiagorekin zigortuko dira.
4.- Harrapatutako
espezieak saldu edo haiekin transakziorik eginez gero, harrapatutakoaren balioa
besteko gehikuntza izango du zehapenak. Lege honi dagokionez, lizentzia
bakoitzeko, 80.000 pezetatik gora egiten duten espezieak harrapatzea parekatuko
da salmenta edo transakzioarekin, baimendutako harrapaketa-muga gainditzen
denean.
59.
Atala
1.- Legez
aurkako tresna, aparailu edo lanabesak suntsitu egingo dira.
2.- Legezkoak
izan arren, debekatutako hondo edo aldeetan, geben-lekuetan edo arauzko ordutegi
edo epeetatik kanpo jarrita egoteagatik, jarrita dauden tokietatik kentzen
diren arrantzarako tresna, aparailu edo lanabesak -baldin eta jabeak
erreklamatzen ez baditu hogeita hamar eguneko epearen barruan- arrantzaleen
kofradiei eman dakizkieke enkante publikoan saltzeko, eta, kasu horretan,
emaitza kofradien helburu sozialetarako erabiliko da. Hondatuta egon badaitez,
suntsitu egingo dira.
3.- Dekomisatutako
produktu edo ondasunak enkantean jarriko dira, edo erakunde ongile bati emango
zaizkio, edo, bestela, suntsitu egingo dira.
4.- Aurreko
jarduketa horiek guztiak akta batean jasoko dira.
IV IDAZPURUA
PROZEDURA ETA ESKUMENA
I ATALBURUA
PROZEDURA
60.
Atala
Zehatzeko ahalgoa erabiltzeko, beharrezkoa
da administrazio-espedientea hasi eta instruitzea, eta, tramitazio eta
gorabeherei dagokienez, nola Estatuaren oinarrizko legerian hala Euskal Herriko
herri-administrazioen zehapen-ahalgoa arautuko duen legerian ezarritakoari
lotzea.
61.
Atala
Lege honen konplimendua jagoteaz
arduratzen diren agintari eta agenteek, ziurtasunez dakitenean urratzeren bat
egin dela, urratzeak, urratzeen erantzuleak eta inguruabar guztiak jasoko
dituzte akta batean, eta organo eskudunen esku jarriko dituzte bahitutako
untzi, tresna, aparailu, ekipo edo lanabesak eta egindako dekomisoak. Horrez
gain, bahitutakoak eta dekomisatutakoak zaindu eta aseguratzeko behar diren
neurriak hartuko dituzte.
Bahitutakoak eta dekomisatutakoak zaindu
eta aseguratzeko gastuak urratzailearen kontura ordainduko dira.
62.
Atala
Arrantza-arloan eskuduna den Saileko
Arrantza zuzendariari dagokio zehapen-prozedurari hasiera ematea.
Zehapen-prozedura hasteak beharrezkoak diren kautelazko neurriak hartzea ekar
dezake, hala prozeduraren amaiera ona eta emaitzaren eraginkortasuna bermatzeko
nola pertsonei gaitzik eta itsas ingurugiro edo baliabideei kalterik ekar
diezaieketen inguruabar edo egoerak manten daitezen eragozteko.
63.
Atala
1.- Urratze
oso astunak egin direlako zantzu nahikoak daudenean eta lege honetan aurreikusitako
zehapenen eraginkortasunarentzako arrisku larri eta berehalakoak daudenean
bakarrik atzeman daiteke harako untzi bat kautelazko neurri legez, eta ez beste
inoiz.
2.- Salbuespenez,
interesatuak fidantza jartzeari edo agintari eskudunak ezarritako beste edozein
berme jartzeari uko eginez gero, kautelazko atzematea erabaki daiteke, izan
litekeen zehapenaren edo bestelako ondorio ekonomikoen zenbatekoa kobratuko
dela bermatzeko. Exigitutako fidantzaren zenbatekoak hartu den kautelazko
neurriaren barruan egon beharko du.
3.- Fidantza
hiru hilabeteko epearen barruan aurkeztu behar da, eta beste horrenbesteko
luzapena eman daiteke.
4.- Ezarritako
epea fidantzarik jarri gabe igaroz gero, arrantza-arloan eskuduna den Sailaren esku
geratuko da untzia, eta Sail horrek erabakiko du, indarrean dagoen legeriari
jarraiki ematen den ebazpenaren arabera, untziaren destinoa zein izango den.
5.- Presa
edo beharrizanagatik, aipaturiko kautelazko neurria jagotzako agintari edo
agenteek hartu ahal izango dute; kasu horretan, organo eskudunak berretsi behar
du neurria hiru eguneko epearen barruan.
64.
Atala
Organo eskudunak agintari jakin bat
izendatuko du prozedurari hasiera emateko, eta agintari horrek beteko ditu
instrukzio-eginkizunak, edo, bestela, administrazio-unitateak osatzen
dituztenen artean izendatuko duen funtzionarioak beteko ditu.
II ATALBURUA
ESKUMENA
65.
Atala
1.- Urratzearen
astuntasunaren arabera erabakiko da lege honetan aurreikusitako zehapenak
ezartzeko organo eskuduna zein den, betiere sailkapen hau gogoan izanik:
a) Arrantza-arloan eskuduna den Saileko Arrantza
zuzendaria, urratze arin edo astunen kasuan.
b) Arrantza-arloan eskuduna den sailburua,
urratze oso astunen kasuan.
2.- Administrazioaren
arioz edo instruktorearen proposamenez, erantzukizuna ezin exigi daitekeelako
adierazpena edo prozeduraren largespena planteatzen denean, Arrantza zuzendaria
izango da organo eskuduna.
66.
Atala
1.- Administrazio-urratze
bat delitu edo hoben izan baledi, espedientea ebazteko administrazio-organo
eskudunak zigor-jurisdikzioari ezagutaraziko dizkio gertatutakoak, eta
zehapen-prozedura etengo du epailearen ebazpen irmoa egon arte; bitartean,
preskripzio-epeak ere eten egingo dira.
2.- Epai-agintaritzak
kondena ezartzen badu, eta egilea, egitateak eta funtsak berberak direla
somatzen bada, administrazio-zehapena baztertu egingo da.
3.- Erruztatuak
zigor-erantzukizunik ez duelako epai-adierazpen irmoak ez dio eragozten
Administrazioari zehapen-espediente administratiboa jarraitzea, betiere
adierazpenean frogatutako egitateak oinarritzat hartuta.
4.- Administrazioko
organo eskudunak hartutako kautelazko neurriek indarrean iraungo dute baldin
eta baterakorrak badira zigor-jurisdikzioko organoek erabakitakoekin.
67.
Atala
1.- Administrazio-erabakia
irmoa denez geroztik, lege honetan araututako arloetan ezarritako zehapenak
betearazi beharrekoak izango dira.
2.- Hala
ere, organo zehatzaileak -bere arioz edo alderdietako baten batek eskaturik-
zehapenaren betearazpena etetea erabaki dezake, baldin eta errekurtsorik
jartzen bada azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 111.2 atalean ezarritakoaren
arabera.
3.- Zehapena
eteteko, nahitaezko baldintza izan daiteke herri-interesaren babesa eta
inpugnaturiko erabakiaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoak diren
kautelazko neurriak betetzea.
III ATALBURUA
ERANTZUKIZUNA ETA
ERANTZUKIZUNAREN IRAUNGIPENA
68.
Atala
1.- Lege
honetan aurreikusitako urratzeen erantzuleak hauek dira: legean ezarritako
xedapenak egitez edo ez egitez urratzen dituzten pertsona fisiko edo
juridikoak, elkarteak eta ondasun-erkidegoak barne direlarik.
2.- Urratze
berberaren ondorioz subjektu bati baino gehiagori ezarritako zehapenak
independienteak izango dira.
3.- Momentu
bakoitzean aplikatu beharreko zehapen-arauteria orokorrean ezarrita dauden
erantzunkidetasun-kasuak aplikatuko dira.
4.- Lege
honetan aurreikusitako zehapenak ezartzeak ez du esan nahi erantzuleak izan
dezakeen zigor-erantzukizuna edo erantzukizun zibila baztertu behar denik, ezta
itsas flora, fauna edo ekosisteman eragindako kalte-galerengatik
administrazio-bidetik eska lekizkiokeen kalteordainak baztertu behar direnik
ere.
69.
Atala
Zehapena ordaindu edo bete izanagatik
edota preskripzioagatik iraungitzen da urratze baten ondoriozko erantzukizuna.
70.
Atala
1.- Urratze
oso astunek lau urteren buruan preskribitzen dute, astunek bi urteren buruan,
eta arinek urtebetearen buruan.
2.- Urratzea
egiten den egunetik beretik hasiko da preskribitzeko epea kontatzen.
Interesatua jakinaren gainean dagoelarik, zehapen-prozedura hasten denean,
preskripzio-epea eten egingo da, eta berriz hasiko da baldin eta
zehapen-espedientea geldi badago hilabete baino gehiago ustezko erantzuleari
ezin egotz dakiokeen arrazoiren batengatik.
71.
Atala
1.- Urratze
oso astunengatik ezarritako zehapenek lau urteren buruan preskribituko dute,
urratze astunengatik ezarritakoek bi urteren buruan, eta urratze arinengatik
ezarritakoek urtebetearen buruan.
2.- Zehapena
ezartzen duen erabakia irmoa den egunaren biharamunetik hasiko da zehapenen
preskripzio-epea kontatzen.
Interesatua jakinaren gainean dagoelarik,
betearazpen-prozedura hasten denean, preskripzio-epea etengo da, eta berriz
hasiko da baldin eta prozedura geldi badago hilabete baino gehiago
urratzaileari ezin egotz dakiokeen arrazoiren batengatik.
Xedapen
Gehigarriak
Lehenengoa
Ahalmena ematen zaio
Eusko Jaurlaritzari, dagokion eskumen-eremuaren barruan, angularen arrantza
arautu dezan.
Bigarrena
Urtebeteko epearen
barruan Eusko Jaurlaritzak arrantzarako tresna, ekipo, lanabes eta aparailuak
arautuko ditu; jolas-arrantzari, itsaski-bilketari, itsas hazkuntzei eta alga
edo askatutako algei buruzko arauak ezarri edo egokituko ditu; gebenaldiak eta
baimendutako gutxienezko neurriak finkatuko ditu; arrantza-ahalegina
erregulatuko du, eta arrantza-baliabideak berreskuratu edo mantentzera jotzen
duen beste edozein neurri hartuko du.
Hirugarrena
Arau honetan aurreikusten
ez den guztian, uztailaren 13ko 53/1982 Legeak, bera ordezten duten xedapenek
eta azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako abiaburuek ezartzen dituzten urratze
eta zehapenak aplikatuko dira.
Laugarrena
Eusko Legebiltzarrak arlo
honetan ematen dituen arauekin baterakorrak diren neurrian aplikatuko dira lege
honek prozedurari buruz eta Administrazioko Zehapen Zuzenbidearen funtsezko
alderdi orokorrei buruz xedatutakoak.
Aldibaterako
Xedapenak
Lehenengoa
Arrantzarako tresna,
ekipo, lanabes edo aparailuak arautu arte, arrantza-arloan eskuduna den
sailburuak baimena eman dezake tresna jakin batzuk erabiltzeko Euskal Autonomi
Elkartearen itsasbazterrean. Eta baimen horretan finkatuko dira tresnen
ezaugarriak eta arrantzan jarduteko gainerako baldintzak.
Bigarrena
Jolas-arrantzan jarduteko
gutxieneko distantziei buruzko araudia egin arte, ez da aritzerik izango
arrantza profesionalean diharduten untziak eta/edo urperatutako tresna finkoak
dauden tokitik 100 metrora baino hurbilago, ezta inguraketako tresnez arrantzan
ari diren untzietatik 300 metrora baino hurbilago ere, eta ezta kanaberaz
-horren modalitate ezberdinez- hegaluzeen arrantzan arin direnengandik 500
metrora baino hurbilago ere.
Indargabetze
Xedapena
Indargabetuta gelditzen dira lege honen
lerrun berekoak edo beheragokoak diren eta lege honetan ezarritakoaren aurka
dauden xedapen guztiak.
Azken
Xedapenak
Lehenengoa
Lege honetan
aurreikusitako zehapenak eguneratzeari ekingo dio Eusko Jaurlaritzak.
Bigarrena
Lege hau Euskal Herriko
Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egunen buruan jarriko da
indarrrean.