5/2012 Legea, otsailaren 23koa, Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeena
2012-02-23Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2012/3/6, 47. zk.; EAO, 2012/3/16, 65. zk.
§ 336. 5/2012 LEGEA,
otsailaREN 23KOA, borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko ErakundeenA
ZIOEN
AZALPENA
I
Euskal
Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.23 artikuluak Autonomia
Erkidegoari esleitzen dio Gizarte Segurantzaz kanpoko mutualitateen arloko
eskumen esklusiboa, betiere, estatu sozialaren barruan justizia soziala
bultzatuz gizarte-kohesioa bilatzen duen printzipio gisa. Era berean, eskumen
horrekin batera, aintzakotzat hartu behar da aipatutako Autonomia Estatutuaren
11.2.a) artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen diola, betiere hor
zehaztutako jarraibideak errespetatuz, aseguru-arloko oinarriak legegintzaz
garatzeko eta bere lurraldean betearazteko eskumena ere.
Eskumen
esklusibo hori baliatuz, Eusko Legebiltzarrak Gizarte-Emendiotarako
Borondatezko Erakundeei buruzko urriaren 27ko 25/1983 Legea onartu zuen;
legearen helburua borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen jarduera eta
garapen askea bultzatzea zen, eta bazkideen eskubideak babestea; printzipio
horiek gorpuztu zuten, beraz, Legea. Lege hori, bere garaian, gaiari buruzko
lehenengo autonomia-erregulazioa izan zen, eta baliagarria izan da Euskal
Autonomia Erkidegoan horrelako erakunde ugari sortzeko eta, geroago, erakundeok
behar bezalako garapena izateko.
Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeak ustekabeko edo aurreikusteko moduko egoera
edo gertaerek eragindako pertsonak babesteko sortu ziren, borondatezko
gizarte-aurreikuspena gauzatuz irabazi-asmorik gabe eta Gizarte Segurantzaren
araubide publikotik kanpo. Erakunde horien ezaugarri nagusiak izan ziren:
helburua, batez ere erretiroa eta baliaezintasuna bezalako kontingentzia
pertsonalen aurrean babestea; irabazi-asmorik ez izatea; elkartasuna errazten
duen kudeatzailea elkarte bat izatea; bazkideek eskubide eta betebehar berberak
izatea egindako ekarpenen inguruan, eta sistema autogestionarioa izatea eta,
ondorioz, gobernu-organoen osaketa demokratikoa izatea.
Gizartearen,
legearen, ekonomiaren eta finantzen ikuspegitik, legeak egoki bete ditu
legegileak eskumena garatzeko betekizuna bere gain hartu zuenean zeuzkan
asmoak, kontuan izanik, araugintza-espazio horri ez zitzaiola ordura arte behar
bezalako arretarik eskaini.
Hala
ere, legea onartu zenetik igarotako hogeita zazpitik gora urteetan, hainbat
gertaera garrantzitsu izan dira Estatuko eta Europar Batasuneko esparruan,
sektorean izandako aldaketa naturalez gain, eta horrek komenigarri egiten du
autonomia-erkidegoko legeria sakon erreformatzea.
II
Ildo
horretatik, Europar Batasunak, Europako bilakaera demografikoa ikusirik, behin
eta berriz esan du sakondu egin behar dela gizarte-segurantzako sistema
publikoen analisian eta sistema osagarriek sistema publiko klasikoak indartzeko
bete dezaketen zereginaren azterketan, betiere, sistema publikoei uko egin
gabe, belaunaldien arteko elkartasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko ezinbesteko
tresna diren aldetik. Era berean, sistema osagarriak garatu eta hazteko
gomendio eta sustapena egiten du, batez ere jarduera ekonomikoaren sektore edo
enpresen eremuan sortutako eta negoziazio kolektiboak bultzatutako sistema
kolektiboak badira.
Araugintzaren
esparruan, kontuan hartu beharreko oinarrizko erreferentzia da, Europako
esparruan, 2003/41/EE Zuzentaraua, ekainaren 3koa, enpleguko pentsio-funtsen
jarduerei eta ikuskapenari buruzkoa, zeinak enpleguko pentsio-funtsen jarduerei
atxikitzeko eta horiek gauzatzeko arauak ezartzen baititu, bertako
kontsiderazio eta artikuluetan ezarritako moduan. Ildo horretatik, 2003/41/EE
Zuzentarauak honela definitzen ditu enpleguko pentsio-funtsak:
"kapitalizazio-sistemaren bitartez diharduen edozein instituzio, izaera
juridikoa dena dela, baldin eta juridikoki enpresa sustatzailetik edo
sektoretik independentea bada eta horren zeregina lan-jarduera baten
testuinguruan erretiro-prestazioak ematea bada, honelako akordio edo
lan-kontratu batean oinarrituta:
- enplegatzailearen
edo enplegatzaileen eta enplegatuaren edo enplegatuen edo horien ordezkarien
artean banaka edo taldean sinatutako kontratua,
- beren
konturako langileekin sinatutako kontratua, baldin eta jatorrizko estatu kideko
legeriak eta estatu kide hartzailekoak, biek ere, horrela ezartzen badute eta,
betiere, akordioaren jatorria aipatutako
lan-harremana bada".
Zuzentarau
horren 4. artikuluak, gainera, adierazten du aukeran egongo dela 2003/41/EE
Zuzentarauaren artikulu gehienetan xedatutakoa aplikatzea (2003/41/EE Zuzentaraua
enpleguko pentsio-funtsei buruzkoa da, eta bizi-aseguruei buruzko 2002/83/EE
Zuzentarauan araututako erakundeek erretiro-prestazio okupazionalen inguruan
egiten dituzten jarduerez ere ari da). Kasu horretan, jarduera horiei dagozkien
aktibo eta pasibo guztiak zehatz mugatuta egongo dira, eta gainerako
jardueretatik aparte kudeatu eta antolatuko dira.
Orobat,
kontuan hartu behar da pentsio-plan eta -funtsei buruzko legeria agertu dela
Estatuan, aseguru pribatuak antolatu eta ikuskatzeko legeriatik bereizita.
Bestalde,
"Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Plana Euskadin", Eusko
Jaurlaritzak 2006ko urtarrilaren 10ean onartua, erreferente garrantzitsua izan
zen erreforma hau prestatzeko orduan; erreformak, hortaz, bi funtsezko oinarri
ditu: alde batetik, gizarte-aurreikuspen osagarria ahalik eta gehien egokitzea
demografia-, gizarte-, ekonomia- eta finantza-testuinguruaren bilakaeratik
eratorritako erronka berriei eta, bestetik, aurreikuspen-sistema kolektiboak
bultzatzea, batez ere enplegu-sistemak.
Gainera,
ezin ditugu ahaztu Toledoko Itunaren ondorioz sinatutako akordioei egindako
aipamenak, enplegu-sistemei buruzko interes bereziagatik, eta Europako
Batzordearen Liburu Berdeari egindako aipamenak, Europan pentsio-sistema egoki,
iraunkor eta seguruak lortzeari begira.
III
Orain
arteko arau-multzoa aldatu beharraren ondorio da xedapen hau, nahiz eta, esan
bezala, arau-multzo horrek egoki bete dituen, luzaroan, legegilearen asmoak
zuzenbidearen, gizartearen, ekonomiaren eta finantzen ikuspegitik; izan ere,
une hartan, beharrezkoa zen ordura arte arreta nahikorik jaso ez zuen
araugintza-espazio bat betetzea, Europan pentsio-sistema osagarriak izenarekin
ezagutzen direnak garatzeko.
Lege
honek, funtsean, gizarte-aurreikuspen osagarria hedatu nahi du Euskal Autonomia
Erkidegoko herritarren artean, eta, bereziki, sistema kolektiboak eta
enplegukoak sustatu nahi ditu. Gainera, araudia argitu eta eguneratu nahi du
eta, ildo horretatik, lege-ondare gertukoenak Europakoak eta Estatukoak
sortutako kontzeptu eta erregulazioak hartuko ditu barne.
Lege
berriaren helburuen artean sartzen dira, halaber, erakundeen kudeaketan
gardentasuna, eraginkortasuna, kaudimena, berrikuntza eta profesionaltasuna
areagotzea eta botere publikoen zaintza- eta kontrol-mekanismoak indartzea,
babestutako kolektiboen interesak zaintzeko.
Oinarrizko
gizarte-segurantzaren eta gizarte-aurreikuspen osagarriaren mugak osatuz joan
dira, hori egitea nahitaezkoa baitzen kontuan hartuta bataren eta bestearen
proportzioak elkarrekin erlazionatuta daudela zuzenean; gaur egun, hortaz,
bakoitzaren esparruak askoz zehatzagoak dira, Administrazioak bere
lege-aurreikuspenak betetzearren egindako lanari esker, zalantzarik gabe.
Bestalde,
subjektu kudeatzailearen arabera gizarte-aurreikuspenaren esparru osagarri
desberdinetarako ager zitezkeen figurak, salbuespenak salbuespen, erabili ez
izanak pentsaraz zezakeen borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei
buruzko autonomia-erkidegoko araudiak oihartzun eskasa izango zuela gizartean eta
ez zela errealitate bihurtuko esparru juridikoan; hori ez zen, ordea, horrela
gertatu, izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeei buruzko legeria agertu zenean,
aurreikuspen-mota hori modu egokian hedatu zen eta, horren erakusgarri gisa,
biderkatu egin dira, eraginkortasunak eta objektibitateak eskatzen dituzten
mugen barruan, bai lan horretan jardun duten erakundeen kopurua, bai horietako
bazkide eta onuradun izan diren pertsonen kopurua.
Gauzen
izaerak berak ekarri zuen berekin Gizarte Segurantzaren eremu osagarria
lan-harreman kolektiboen esparruan negoziatzeko aukera, Lan Zuzenbidearen
barrutian; hori onartuta ere, eta ez dago ukatzerik, une oro pentsatu da
izaera, ezaugarriak, kontzeptuak, subjektuak edo objektua ezin direla inolaz
ere aldatu negoziazioaren esparruko erabilgarritasunaren bitartez. Aitzitik,
egiazke zuzeneko arauketaren barruan sartzen zela iritzi zitzaion, esparru
autonomikoan gerta baitaitake hori, besteak beste, babes-esparru subjektiboari
eta gizarte-aurreikuspen osagarriaren kudeaketa-figurei buruzko guztia, une
bakoitzean egokien iritzitako zerga-trataera emanez.
IV
Beraz,
legegintzaren bilakaeraren aurrekariak horiek izanik, Borondatezko Aurreikuspeneko
Gizarte Erakundeei buruzko lehenengo Legea egin zenetik, egiaztatu da lege
haren legegintzako garapena ez dela nahikoa izan hainbat gai eta alderdi behar
besteko xehetasun eta zehaztasunez mugatzeko, bilakaera egokia izan dadin.
Horren ondorioz, erabilgarritasun nahikoa egotea onartu da hobekuntzaren
helmena neurtzeko, baina horrek ezin du biderik eman gizarte-aurreikuspenaren
osagarritasun-mailaren azpian datzan harreman juridikoaren izaera hutsaltzeko.
Araudi
berria, hortaz, bat dator horretan aurrekoarekin eta, beraz, jatorrian
borondatezkotasuna dagoela aitortzen da, eta estu-estu dagoela lotuta
Administrazioak legearen eta gauzen izaeraren beraren ondorioz kontu hartzeko
gauzatzen duen jarduerari; izan ere, kontu hartzearen mendeko aurreikuspen
subsidiatuen esparruan gaude, borondatezko aseguramendu hutsarenean bainoago.
Euskal
Autonomia Erkidegoan erregistratutako borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeak erantzukizuna duten subjektuak dira, eta dagokion lege
autonomikoaren arabera balioz eratu ondoren, berezko nortasun juridikoa dute,
erakunde eta instituzio sustatzaileenetik bereizita. Errealitate horri esker,
erakunde horiek gizartean eta ekonomiaren eta finantzen esparruan garrantzi
handia duen pertsonifikazio juridikoa bihurtu dira.
Orobat,
lege honen esparruan sartzen dira, borondatezko gizarte-aurreikuspen direnez
gero, elkarlaguntzako sozietate zibilak, kofradiak, montepioak eta ermandadeak,
zeinak historikoak baitira Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, arrantzaren
eta abeltzaintzaren esparruan; gainera, oinarri historiko tradizionala izan
dira bereizi gabeko hainbat arrisku-egoeretarako berariazko estaldura soziala
ezartzeko. Lege honen esparruan sartzeak, ordea, ez du eragotziko gerora horiei
buruz egin dadin berariazko erregulazioan xedatutakoa. Erakunde hauek,
horietako asko Estatuak gai honi buruzko eskualdaketak egin zituenean erkidego
honetara transferituak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde gisa
daude inskribatuta gaur egun, baina beren prestazioak suteetan, ehorzketetan
edo antzekoetan ematen dituztenek izendapen historiko tradizionalak hartu ahal
izango dituzte etorkizunean, hala badagokio.
V
Aurrekoa
gorabehera, ez dugu ahaztu behar nahitaezko Gizarte Segurantzaz kanpoko
mutualitateen arloan Euskal Autonomia Erkidegoak duen eskumen esklusiboa
modulatua izan zela aseguruak antolatzeko oinarriak ezartzen dituen Estatuko
araudiak gizarte-aurreikuspeneko mutualitateen oinarriak arautu zituenean eta
nahitaezko Gizarte Segurantzaren sistemaren osagarri den borondatezko
aseguru-modalitate bat eskaintzen duten erakundetzat definitu zituenean.
Konstituzio
Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren doktrinak bermatu egiten du hori eta,
ondorioz, 2003/41/EE Zuzentarauan araututako esparrutik kanpoko aseguru-jardueraren
bat gauzatzen denean, erakunde horiei une bakoitzean aseguruen antolamenduaren
esparruan oinarrizko diren manuak aplikatuko zaizkie jarduera horri dagokionez.
VI
Horrek
guztiak, errealitate sozialak ezartzen dituen eskakizunekin batera, komenigarri
egiten du, batetik, legean agertzen diren balizko kasuak egokitzea
zerga-tratamendu zuzena izan dezaten foru-ogasunen esparruan eta Kontzertu
Ekonomikoaren baitan eta, bestetik, indarrean dagoen araudia eguneratzea,
Europako Zuzenbidearen eta barneko Zuzenbide estatal eta autonomikoaren
esparruan legegintzako jarduera egokiek eskatzen dituzten berrikuntza guztiak
sartzeko araututako gaiaren nukleo funtzional eta egiturazkoan.
Legeak
zati hauek ditu: zioen azalpena; 80 artikulu, 16 kapitulutan banatuta; zapi
xedapen gehigarri; lau xedapen iragankor; xedapen indargabetzaile bat, eta hiru
azken xedapen. Ondoren, atal bakoitza laburbilduko da, berrikuntza nagusiak
nabarmenduz.
I.
kapituluan, legearen xedea eta borondatezko gizarte-aurreikuspenaren araubidea
osatzen duten funtsezko printzipioak arautzen dira.
II.
kapituluan, legearen aplikazio-eremua ezartzen da, bai lurraldeari, bai
eragindako pertsonei dagokienez.
III.
kapituluan, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak definitu eta sailkatzen
dira, lehenengo aldiz, estalitako kontingentziaren eta subjektu babestuen
arteko loturaren arabera, eta planen eta erakundeen arteko
integrazio-harremanak arautzen dira.
IV.
kapituluan, gizarte-aurreikuspeneko planak sailkatzen dira, eta bakoitzaren
kontzeptua azaltzen da; gainera, aurreko erregelamendu-araudiei lege-maila
ematen zaie.
V.
kapituluan, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko plan eta
erakundeen inguruko antolamendua, kontzeptu zehatzak eta oinarrizko printzipioak
ezartzen dira, eta bereziki aipatzen da horien jatorria eta enpresa-hitzarmen
edo -itun bidez sortu diren. Gainera, berariaz azpimarratzen da
diskriminaziorik ezaren printzipioa beteko dela bazkideak hartzeko orduan eta
prestazioa, ahal dela, errenta moduan jasoko dela, eta jarraipen-batzordearen
eraketa eta funtzioak zehazten dira. Horrela, plan eta erakundeok
gizarte-aurreikuspen osagarriak gerora izango duen garapenaren funtsezko elementu
gisa eratzen dira.
VI.
kapituluan, bazkideen eta onuradunen definizio eta sailkapen berri bat egiten
da, eta horien eskubideak eta betebeharrak arautzen dira. Eskubideen artean,
azpimarratzekoa da banakako mugikortasunerako aukera irekitzen dela, hau da,
gizarte-aurreikuspeneko planak dituen bazkide arruntek eta onuradunek beren
ekonomia-eskubideak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde batetik beste
batera aldatu ahal izango dituztela, lege honetan eta lege hau garatzeko
araudian ezarritakoaren arabera.
Era
berean, aurreko araudian bezala, banakako modalitateko edo elkartekide
modalitateko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako bazkideek
ekonomia-eskubideak erreskatatu ahal izango dituzte, erabilitako
finantza-sistemaren arabera pilatutako erreserben kontura, baldin eta egindako
lehenengo ekarpenak hamar urtetik gorako antzinatasuna badu.
VII.
kapituluan, babes-jarduera zehazten da, eta prestazioen araubide juridikoaren
eta kontingentzia guztien kontzeptuak mugatzen dira behar bezala.
VIII.
kapituluan, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen bizi-prozesu osoa
zehazten da, eta horien sorrera, Erregistroko inskripzioa, bat-egitea,
zatiketa, desegitea eta likidazioa arautzen dira. Zerbitzuen zuzentarauarekin
bat, interes orokorreko arrazoiengatik, aurretiazko administrazio-baimenari
eusten zaio, baina administrazioaren isiltasunak ondorio positiboak izango
ditu.
IX.
kapituluak legearen aldetik garrantzitsua den berrikuntza bat dakar, izan ere,
gizarte-aurreikuspeneko planen araubide juridikoa ezartzen du eta, sorreratik
azkentzera arte arautzeaz gain, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde
batean integratzeko modua eta gizarte-aurreikuspeneko planak erakundez
aldatzeko modua ere erregulatzen ditu. Ildo horretatik, gizarte-aurreikuspeneko
enpleguko planek eta elkartekide modalitateko planek ahalmena izango dute,
sustatzaileek legitimoki hartutako erabaki baten bitartez eta dagokion
administrazio-baimena jaso ondoren, bazkideak eta planari atxikitako aktiboak
borondatezko gizarte-aurreikuspeneko beste erakunde batera aldatzeko, erakunde
horrek onartzen baditu. Jatorrizko erakundeak nahitaez baimendu beharko du
aldaketa hori bere estatutuetan edo erregelamenduetan ezarritako epeetan.
Lehendik
dagoen enpleguko gizarte-aurreikuspeneko plan baten barruan dauden babesleak
eta dagokien kolektiboak ere aldatu ahal izango dira, administrazio-baimenik
eskatu gabe.
X.
kapituluak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen gobernu-organoei
buruzkoak, gehiengoen erregimena ezartzen du erabakiak hartzeko, batzarretan
delegatuen eta ordezkarien bitartez parte hartzeko aukera argitzen du eta
zuzendaritzaren figura arautzen du. Gizarte-aurreikuspenari buruzko gutxieneko
ezagutzak eskatzea ere aurreikusten da gobernu-batzordeko kideentzat. Emakumeen
eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea betez, sexu bien ordezkaritza
orekatuta egongo dela aurreikusten da, bazkide eta onuradun diren gizon eta
emakumeen portzentajearen proportzionala.
XI.
kapituluan finantza-funtsak eta -bermeak, administrazio-gastuak eta erakundeek
aplikatu beharreko inbertsio-printzipioak arautzen dira.
Erakunde
hauei aplikagarri zaien indarreko araudia betetzen dela gainbegiratu,
kontrolatu eta ikuskatzeko eta kontu hartzeko administrazio-araubidea XII.
kapituluan dago jasota.
XIII.
kapituluan, arau-hausteen eta zehapenen legezko araudia ezartzen da,
gizartearen egungo errealitateari egokituta.
XIV.
kapitulua Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroari
buruzkoa da, eta bazkideen fitxategi orokorra sortzea aurreikusten du, Euskal
Autonomia Erkidegoko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako bazkide
guztiak antolatzeko irizpide jakinen arabera eta aurreikusitako ondorioetarako.
XV.
kapituluan, federazioei aplikatuko zaien araubidea ezartzen da, eta gizarte
aurreikuspenaren euskal kontseilua eratzen da; izan ere, Euskal Autonomia
Erkidegoko gizarte-aurreikuspen osagarriko sistema dagoeneko garrantzitsuak
eta, batez ere, datozen urteotan izango duen garapen esanguratsuak komenigarri
egiten dute tresna egokia sortzea sistemaren hedapena eta finkapena bideratzeko
eta jarraipena egiteko. Kontseiluak lagungarri izan behar du helburuak modu
eraginkorrean betetzeko eta Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Planean
zehaztutako jarduera-esparrua etengabe egokitzen dela bermatzeko. Kontseiluaren
jarduerak aukera emango du bitartekoak helburuei doituak direla ziurtatzeko
eta, azkenik, aurreikusitako neurriak eta jarduerak zein intentsitaterekin eta
zein erritmotan aplikatu behar diren erabakitzeko.
XVI.
kapituluak, Xedapen bereziak izenekoak, Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren
Planean proposatutako sustapen-neurriak bideratzeko eskatzen dio Gobernuari;
gainera, arlo honetako espedienteetan dauden datuen eta agirien izaera eta erakundeen
publizitate-jarduera arautzen ditu.
Azkenik,
xedapen gehigarriek, iragankorrek, indargabetzaileek eta azken xedapenek
dagozkien gaiei buruzko arauak ezartzen dituzte. Berariaz aipatu beharrekoa da
hirugarren xedapen gehigarria, minusbaliatuei aplikatu beharreko araubidea
ezartzen duena, finantza- eta zerga-arloetan estatu- eta foru-legegileek
araututakoaren ildoari jarraituz. Zehazki, araubide berezi horren jatorria
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren 40/1998 Legean dago, eta, Euskal Autonomia
Erkidegoan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko foru-arauetan
arautzen da. Halaber, bosgarren xedapen gehigarria aipatu behar da azalpen
honetan, bertan beren-beregi aipatzen baita ez dutela administrazio-zerbitzuen
tasa ordaindu behar izango.
I.
KAPITULUA
XEDAPEN
OROKORRAK
1.
artikulua. Legearen xedea
1. Lege honen xedea borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeak arautzea da; zehazki, arau honetan
zehazturik datozen kontingentzietarako babesa ematearren, Euskal Autonomia
Erkidegoan borondatezko edo Gizarte Segurantza osatzeko gizarte-aurreikuspena
lantzeko xedea dutenak.
2. Gerta daiteke talde profesional batzuek
derrigorrezko beste aurreikuspen-modu osagarri batzuk erabiltzea, dela
negoziazio kolektiboaren bitartez, edo dela autonomia korporatiboa erabiliz.
Bada, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak borondatezkoak izateak ez
ditu beste aurreikuspen-modu horiek ezertan eragotziko.
2.
artikulua. Sistemaren funtsezko printzipioak
Jarraian,
borondatezko gizarte-aurreikuspenerako erregimenaren funtsezko printzipioak
zehaztuko ditugu. Euskal Autonomia Erkidegoko borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeak oinarri horien gainean osatu beharko dira
eta funtzionatu beharko dute. Hauek dira:
a) Ekarpenak
eta prestazioak direnak direlarik ere (estatutuetan etorriko dira zehazturik,
erakunde bakoitzaren ezaugarrien arabera), bazkide guztiek eskubide eta
betebehar berberak dituzte.
b) Irabazi-asmorik
ez. Ezin da dibidendurik banatu, ezin da merkataritza-negozio itxurakorik
ezkutatzen duen entregarik egin, eta ezin da, bazkideak erakartzeko lanean,
bitartekarien edo agenteen bitartekaritza ordaindu.
c) Erakundearen
kudeaketak gardena izan behar du. Bazkideei eta onuradunei behar duten
informazio guztia eman behar zaie, betiere arauetan jartzen duena kontuan
hartuta.
d) Gobernu-organoek
egitura eta osaera demokratikoak. Organo horiek aukeratzeko orduan, kontuan
izan behar da atzetik duten kolektiboa ordezkatu behar dutela. Organo-kideek lan
egiteko behar duten informazio guztia izan behar dute.
e) Gobernu-organoetan
parte hartzeagatik ez da ezer ordaintzen. Inork, benetan, betearazte-egitekorik
betetzen baldin badu, eta erakundearen estatutuetan jartzen baldin badu
halakoak ordain daitezkeela, batzarrari eska dakioke ordaintzea onartzeko.
f) Ezin
da bazkide bilakatzeko inolako mugarik egon, betiere estatutuetan, erakundearen
helburuen arabera, zer jartzen duen kontuan hartuta.
g) Baliabideak
eraginkortasunez, eragimenez eta berritu beharrekoa berrituz kudeatu behar
dira.
II.
KAPITULUA
APLIKAZIO-EREMUA
3.
artikulua. Eremu subjektiboa
Lege
honetan jartzen duena borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde hauei
aplikatuko zaie: helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan daukaten guztiei,
eta baita haien federazioei ere, eta, aseguru-jarduera eginez gero, lan egiteko
lurraldea, hartutako konpromisoak edo arriskuen kokalekua Euskal Autonomia
Erkidegoan dauzkatenei. Ezin dute Gizarte Segurantzaren barruan egon, eta lege
honen arabera osaturik edo osatzekotan egon behar dute.
4.
artikulua. Kideak
1. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeetako legezko bazkide edo onuradun guztiak daude borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko sistemaren barruan, dena delako erakundearen
prestazio-sistema erakundeak hainbat modalitatetakoak baitira edozein delarik
ere.
2. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundea bera edo erakundearen gizarte-aurreikuspeneko planak negoziazio
kolektiboaren ondorioz sortu baldin badira, gai honetan, laneko legedian
langileaz edo subjektu babestuaz jartzen duena bete beharko da.
III. KAPITULUA
BORONDATEZKO GIZARTE-AURREIKUSPENEKO ERAKUNDEAK
5.
artikulua. Definizioa
Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeak, geroak ekar dezakeena aurreikusiz, bazkide arruntei
eta onuradunei lege honetan zehazturik dauden kontingentzietarako babesa
eskaintzen dieten instituzioak dira, irabazi-asmorik gabe.
6.
artikulua. Izena
Lege
honen eraginpean dauden erakundeek badute obligazio bat, izenean bete
beharrekoa, hau da, aukeratu duten izenaren aurretik edo ondoren,
"Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea" jarri behar dute,
osorik edo sigla bidez: "BGAE". Euskadiko Borondatezko Gizarte
Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan izena emateko, nahitaezkoa izango da
izena baimendua izatea.
7.
artikulua. Sailkapena
Zer-nolako
kontingentziak estaltzen dituzten ikusita, eta bazkideak eta bazkide arteko
loturak nolakoak dituzten ikusita, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeak honela sailkatuko dira:
a) Estaltzen
dituzten kontingentzien arabera:
1. Lege
honetako 24. artikuluan jasota dauden kontingentzia pertsonalak estaltzen
dituzten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak.
2. Lege
honetako 25. artikuluan jasota dauden kontingentziak besterik estaltzen ez
duten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak. Betiko izena mantendu
edo gehitu dezakete.
b) Bazkideak
eta bazkide arteko loturak nolakoak dituzten gorabeheran:
1. Banakako
modalitateko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak. Halakoetan,
finantza-erakundeak dira bazkide sustatzaileak edo babesleak. Finantza-erakunde
horiek, pertsona fisikoak diren bazkide arruntei, lege honetan jasota datozen
kontingentzia pertsonaletarako babesa ematen diete. Bazkide horien artean,
aurretiaz, ez dago erakunde horietara biltzeko erabakigarri den inolako
loturarik.
2. Enpleguko
borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak. Kideen eta bazkide babeslearen
artean lan-harremana dago edo egon da; edo, funtzionarioen edo estatutupekoen
kasuan, zerbitzu-harremana; edo, kooperatibetan eta lan-sozietateetan, bazkide
langileek edo laneko bazkideek izaten dutena. Erakundera biltzea erabakitzeko
arrazoi nagusia, edonola ere, negoziazio kolektiboan lortutako akordioa,
enpresa-ituna edo enplegatzailearen erabaki bere kasakoa izango zen.
Bazkideek, elkarren artean, beren
lanbidearekin zerikusia duen loturarik baldin badaukate, bazkide arrunt horien
borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak ere enplegukoak izango dira.
Baliteke enpleguko erakundeek sustatzaile
bakar bat edukitzea, publikoa nahiz pribatua; edo hainbat sustatzaile, elkar
hartuta. Ez dago eragozpenik plan ezberdinak edukitzeko talde ezberdinetarako,
ekonomia-jarduerako arlo ezberdinetarako, edo prestazio-mota ezberdinetarako.
3. Elkartekide
modalitateko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak. Kideek
elkarte-motako harremana dute beren artean, ez lan-arlokoa eta ezta lanbidearen
ingurukoa ere.
4. Bereizi
gabeko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak: kideen arteko loturak
ez dira lan-arlokoak, eta estaltzen dituzten kontingentziak ez dira
pertsonalak.
IV.
KAPITULUA
GIZARTE-AURREIKUSPENEKO
PLANAK
8.
artikulua. Kontzeptua eta esparrua
Gizarte-aurreikuspeneko
planak akordio batzuk izaten dira, berezko nortasun juridikorik gabeak. Itxuraz,
kontratuak dira, edo elkarte-eratzaileak, edo osaerako egintzak, edo
arautzaileak, eta bi gauza taxutu eta arautu behar dituzte: aldian aldiko
ekarpenen eta prestazioen araubidea; eta eskubidea aitortzeko baldintzak, bai
erretiroa hartu behar denerako, eta baita, hala egin beharra egokitzen denean,
kontingentzia hauetarako ere: heriotza, mendekotasuna, baliaezintasuna, denbora
luzeko enplegurik eza edo gaixotasun larria. Gizarte-aurreikuspeneko planak
prestazio-erregelamenduetan formalizatzen dira, eta, prestazio horiek
zehazteko, banakako kapitalizazio-sistema finantzario eta aktuarialak
aplikatzen dituzte.
9.
artikulua. Gizarte-aurreikuspeneko
planen modalitateak
Gizarte-aurreikuspeneko
planak honela sailkatuko dira:
a) Bazkideen
artean dagoen loturaren arabera, honela:
1. Gizarte-aurreikuspeneko
banakako planak: egin beharreko gauza bakarra planera biltzea da, bazkideen
artean aurretiaz inolako loturarik egon gabe.
2. Enpleguko
gizarte-aurreikuspeneko planak: kideen artean nolabaiteko lotura bat behar da:
lanekoa, funtzionarioena edo estatutupekoa, edo, kooperatibetan eta
lan-sozietateetan, bazkide langileak edo laneko bazkideak izatea. Planeko
bazkide osoak langile autonomoen kolektiboetakoak izanagatik ere, plana
enpleguko modura kalifika daiteke, baldin eta kolektibo horiek lanbide-elkarte,
merkataritza-ganbera edo ordezkaritza-erakundeen bidez eratu badira eta haiek
badihardute bazkide sustatzaile edo babesle gisa.
Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko
planetan, bazkide babesleak eta horien kolektiboak ere sar daitezke,
aurreikuspen-planaren ezaugarriak errespetatuz.
3. Gizarte-aurreikuspeneko
elkartekide modalitateko planak: kideen artean elkarte-motako loturaren bat
egotea eskatzen dute.
b) Ekarpenen
eta prestazioen araubidearen arabera, honela:
1. Ekarpen
finkatuko gizarte-aurreikuspeneko planak: Aurretiaz zehazturik daukate
bazkideen ekarpenak zenbatekoa izan behar duen edo zenbateko hori nola zehaztu
behar den, baina ez du zerikusi zuzenik eta berehalakorik bihar-etzi jasoko
duten prestazio zehatzarekin, eta prestazioaren zenbatekoa ez dago aldez
aurretik bermaturik. Beste aukera bat ere badago: plan hauetan, ondarearen zati
alikuota bakoitzaren zenbateko zehatza kanpotik bermaturik egotea. Halakoetan,
beste izen bat izango dute: gizarte-aurreikuspeneko plan bermatuak.
2. Prestazio
finkatuko gizarte-aurreikuspeneko planak: plan hauetan, zehazturik egoten dena
da bazkide pasiboek edo onuradunek jaso beharreko prestazioa zenbatekoa izango
den edo nola zehaztu behar den, betiere, estalita dagoen dena delako
kontingentzia gertatu eta bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen
baldin badira.
3. Gizarte-aurreikuspeneko
plan mistoak: plan hauetan, aurreko formula bateko eta besteko ezaugarriak
aurkituko ditugu, aldi berean.
10.
artikulua. Izena
Gizarte-aurreikuspeneko
planen izenean, zein modalitatetakoa den ere zehazturik egon beharko du,
bazkideen arteko loturaren araberako sailkapena oinarri hartuta. Sailkapen hori
aurreko artikuluan dator jasota.
V.
KAPITULUA
BORONDATEZKO
GIZARTE-AURREIKUSPENEKO LEHENTASUNEZKO ERAKUNDEAK ETA GIZARTE-AURREIKUSPENEKO
LEHENTASUNEZKO PLANAK
11.
artikulua. Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko erakundeak
Enpleguko
borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako batzuk izango dira
lehentasunezkoak, hain zuzen ere, gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planak
besterik ez darabiltenak. Enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeei dena delako administrazio-organo eskumendunak emango die
"lehentasunezko" kalifikazio hori, lege honetan zehazturiko
baldintzak betetzen dituztenean.
12.
artikulua. Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko erakundea osatzea, kalifikazio hori
eskuratzea, eta galtzea
1. Lege honen 30. eta 31. artikuluetan
zehazturik datozen prozeduraz eta betekizunez gainera, beste baldintza bat ere
bete behar da, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko erakundea
osatzeko, alegia, lehentasunezkoa izateko borondatea eratze-batzarrak onartzea,
sustatzaileek aho batez baietz esanda, eta eratze-aktan ere halaxe jasota
uztea.
2. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
lehentasunezko erakundeek Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko
Erakundeen Erregistroan dagokion liburuan eta atalean izena emateko eskaria
egin behar dute.
3. Inoiz lehentasunezkoak izateko baldintzak
betetzeari uzten badiote, emandako kalifikazioa baliorik gabe geratuko da.
4. Lehenagotik osatuta dagoen borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakunde batek, lehentasunezkoa izan nahi baldin badu
eta horretarako aginduta dauden baldintzak betetzen baditu, bi gauza egin
beharko ditu: kalifikazio hori bereganatzeko akordioa hartu, eta estatutuak edo
erregelamenduak behar bezala aldatzea onartu. Gauza bera egin beharko du
lehentasunezkoa izateari utzi nahi izanez gero ere.
13.
artikulua. Gizarte-aurreikuspeneko
lehentasunezko planak
Enpleguko
gizarte-aurreikuspeneko planetako batzuk izango dira lehentasunezkoak, hain
zuzen ere, 42. artikuluan jasota datorren prozeduraren arabera sortu, eta
jarraian datorren artikuluko baldintzak betetzen dituztenak.
14.
artikulua. Gizarte-aurreikuspeneko
lehentasunezko planetan bete beharreko baldintzak
Lehentasunezko
kalifikatuko badira, gizarte-aurreikuspeneko planek baldintza hauek bete behar
dituzte:
a) Inor
ez diskriminatzeko printzipioa. Gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko
planetan, gutxienez urtebeteko antzinatasuna daukaten langile guztiek izan
behar dute bazkide osoak izateko aukera, baita lan-harreman berezia dutenek
ere; kooperatiben eta lan-sozietateen kasuan, bazkide langile edo laneko
bazkide guztiek; eta langile autonomoen kasuan, kolektibo osoak.
Halako planetara nork bildu behar duen
jakiteko, hitzarmenaren eta itunaren eraginkortasuna izango da gakoa. Laneko
ordezkarien borondatea norbanakoaren borondatearen adierazle ere izango da,
eta, lehen aipatu ditugun akordioen ondorioz baldin badator, planera derrigor
bildu behar izateak edo planean derrigor mantentzeak ez du
boluntariotasun-printzipioa urratzen. Dena delako ituna eraginkortasun mugatukoa
baldin bada, haren eraginpean den kolektibo osoaren gutxienez bi heren lotu
beharko zaizkio.
b) Gutxienez
zertatik babestu beharko duten. Gutxienez, kontingentzia hauek estali beharko
dituzte: erretiroa, heriotza eta baliaezintasuna edo ezintasun iraunkorra
(lan-harremana amaitzea baldin badakar), edo parekoak.
c) Alde biek egin beharreko ekarpena. Negoziazio
kolektiboan zehaztuko da zenbateko ekarpenak egin behar diren, eta bazkide
babesleen eta bazkide osoen artean egin beharko dira.
Baina, autonomoen
kasuan, edo kooperatibetan eta lan-sozietateetan bazkide langileen edo laneko
bazkideen kasuan, planeko erregelamenduan zehazturik datozenak izango dira
gizarte-aurreikuspeneko planera egin beharreko ekarpenak.
d) Mugikortasuna. Eskubide ekonomikoak inora
mugitzekotan, enpleguko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko beste plan
batzuetara izan beharko du, ez beste inora.
e) Erreskaterik ez. Dirua erregelamenduetan
zehazturik dauden kontingentzietatik babesteko besterik ez da izango. Eskubide
ekonomikoak ezin dira aurretiaz itzuli.
f) Prestazioak. Erretiroek, heriotzek eta
baliaezintasunek edo lan-harremana amaitzea dakarten ezintasun iraunkorrek
eragiten dituzten prestazioak estatutuetan edo erregelamenduetan zehaztuta
dagoen moduan jasoko dira. Biziarteko errenta modura aitortu eta ordainduko
dira, baina bada finantza-errentak ordaintzeko aukera ere gutxienez hamabost
urtez iraun beharko du, umezurtz-prestazioetan izan ezik. Salbuespen modura, bada beste aukera bat
ere, prestazio horiek kapital modura jasotzea. Izan beharko du estatutuetan edo
erregelamenduetan jasotako egoeretan, edo errenta ez denean erregelamenduetan
zehazturik datozen ehunekoetara edo kopuruetara iristen.
Gainerako prestazioak planeko
erregelamenduan zehazturik dagoen moduan jasoko dira.
Prestazio finkatuko
gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planetan, eskubide ekonomikoa 19.2.c)
artikuluan jarrita dagoen moduan aitortuko da.
g) Jarraipen-batzordea.
Plana lehentasunezkoa izatea nahi baldin bada, enpleguko
gizarte-aurreikuspeneko plana taxutzen duten akordioetan, jarraipen-batzorde
paritario bat osatu beharra ere aurreikusi beharko da (alegia, aldeek
ordezkari-kopuru bera), non eta ez diren hiru baldintza hauek betetzen: plana
borondatezko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko erakunde baten barruan
egotea; plan hori erakundeak duen bakarra izatea; eta erakundearen
gobernu-batzordea paritarioa izatea.
Plan edo erakunde batzuetan ez da
derrigorra izango jarraipen-batzordea edo gobernu-batzordea paritarioa izatea,
hain zuzen ere, autonomoentzako edo kooperatibetako eta lan-sozietateetako
bazkide langileentzako edo laneko bazkideentzako erakunde edo planetan.
h) Izena.
Artikulu honetako baldintzak betetzen baldin badituzte, enpleguko
gizarte-aurreikuspeneko planek, jatorriz duten izenari,
"lehentasunezko" erantsi beharko diote.
15.
artikulua. Lehentasunezko
gizarte-aurreikuspeneko planaren jarraipen-batzordea
1. Jarraipen-batzordearen eginkizunak hurrengo
paragrafoan datoz zehazturik. Bada, akordioak hartzeko orduan, akordioa b) eta f)
idatz-zatietako eginkizunetarako baldin bada, emandako boto guztien bi
herenetako gehiengoa beharko da; eta gainerako lerrokadetako eginkizunetarako
baldin bada, emandako botoen gehiengo soila beharko da.
2. Hona hemen enpleguko gizarte-aurreikuspeneko
lehentasunezko planen jarraipen-batzordearen eginkizunak:
a) Enpleguko
gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planaren kudeaketaren jarraipena.
b) Enpleguko
gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planaren erregelamenduen hasierako
onarpena eta aldaketa.
c) Bere
bazkideen interesen alde jokatzea zuhurtziaz, arduraz eta erantzukizunez.
d) Planaren
kaudimena eta oreka zaintzea, eta aitortutako prestazioei eta eratze-bidean
direnei behar bezala erantzun dakiekeela begiratzea.
e) Erregelamenduak
betetzea eta betearaztea.
f) Plana
erakundez aldatu, bat egin, zatitu edo azkendu egin behar bada, erabakia
hartzea.
g) Plana
darabilen borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeko gobernu-organoetan
parte hartzea.
h) Inbertsio-printzipioen
adierazpen idatzia berrikusteko proposatzea eta, aldian-aldian, planteatzea.
i) Aurkezten
zaizkion erreklamazio guztiei erantzuna ematea eta izapidetzea,
erregelamenduekin bat.
j) Plana
borondatezko gizarte-aurreikuspeneko zein erakundetan sartuko den erabakitzea.
3. Aureikuspen-plan bakarra eta
gobernu-batzorde paritarioa duten eta jarraipen-batzordea eratu beharrik ez
duten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetan, gobernu-batzordeak
hartuko ditu bere gain jarraipen-batzorde horren funtzioak.
VI.
KAPITULUA
BAZKIDEAK
ETA ONURADUNAK
16.
artikulua. Bazkideak eta onuradunak
1. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeetan, mota hauetako bazkideak izan daitezke:
a) Bazkide
sustatzaileak: Pertsona fisiko nahiz juridikoak, edozein motatakoak eta
izaeratakoak, eratzeko gogoz eta hasieran behar den dirua jarriz borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundea sortzen eta eratzen parte hartu dutenak, eta
erakunde horretako gobernu-organoetan dabiltzanak, indarrean dagoen araudiaren
arabera, erakundearen estatutuetan ezarrita dagoen moduan.
b) Bazkide
babesleak: Beren jardunaren bidez edo hitzartutako ekarpenen bidez borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakunde baten edo gizarte-aurreikuspeneko plan baten garapenean
eta aurrerabidean parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridikoak, zuzeneko
onurarik jaso gabe jarduten dutenak, baina beren gobernu-organoetan parte
hartuz, estatutuek agintzen duten moduan.
c) Bazkide
oso edo arruntak: lege honek ezarritakoaren arabera, beren buruentzat edo beren
onuradunentzat prestazioren bat lor dezaketen pertsona fisikoak. Arriskupean
daudenak gauzak direnean, arriskuan dauden ondasunen gaineko eskubideren bat
edo zilegizko interesen bat dutenak.
2. Bazkide arruntak modalitate hauetakoak izan
daitezke:
a) Bazkide
aktiboak: beren kabuz edo beren izenean dabilen norbaiten bidez egin dituzten
ekarpen ekonomikoen ondorioz, beren buruentzako edo beren onuradunentzako
prestazioren bat jasotzeko eskubidea dutenak.
b) Bazkide
pasiboak: bazkide aktiboak izan ondoren, prestazioaren zuzeneko titular bihurtu
direnak, subjektu babestu gisa, dena delako kontingentzia gertatu ondoren.
c) Bazkide
etenak: bazkide aktibo izan ondoren, ekarpenik egiten ez dutela geratu direnak,
ez beren kabuz ez beren izenean dabilen inoren bidez.
3. Onuradunak hauek izango dira: eragilearekin
daukaten harremana dela-eta, kontingentzia gertatu eta gero prestazioaren
titular bihurtzen diren pertsona fisikoak.
4. Bai bazkideek eta bai onuradunek eskubidea
dute gobernu-organoetan parte hartzeko eta bertan ordezkatuta egoteko,
erakundearen estatutuetan ezarritakoaren arabera eta erregelamendu bidez
adierazitako parametroen barruan.
17.
artikulua. Mugak
1. Oro har, ezingo da aldi berean erretirorako
ekarpenak egin eta kontingentzia horren ondoriozko prestazioak kobratu.
Erretiroa
hartzen denetik, bazkideak aurreikuspen-planari ekarpenak egiten jarraitu ahal
izango du. Hala ere, behin borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundetik
erretiro-prestazioa kobratzen hasita, ekarpenak ezingo dira erretiro hori
estaltzera bideratu.
Borondatezko
gizarte aurreikuspeneko erakunde batetik prestazioa kobratzen ari den
erretiratutako pertsona bat lanera itzultzen bada, berriz hasi daiteke
erretiro-gertakizunerako borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeei
egindako ekarpenak egiten, betiere borondatezko gizarte aurreikuspeneko
erakundetik jasotzen duen prestazioa kobratzeari utziko balio.
2. Alabaina, bazkideak erretiro partziala hartu
duen egoeretan, eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunderen batetik
prestazio hori jaso arren, izango du aukera ekarpenak egiten jarraitzeko, baina
mendekotasun-kontingentziari eta heriotzari erantzuteko, ez besterik; non eta
estatutuek ez duten aukera ematen erabateko erretirorako ekarpenak egiteko.
18.
artikulua. Heriotzaren ondoren
onuradun izango direnak izendatzea
1. Ekarpen finkatuko gizarte-aurreikuspeneko
planetan, aukera dago onuradunak nahieran izendatzeko.
2. Ez bada onuradunik izendatzen, erakundearen
estatutuetako edo erregelamenduetako prelazioak xedatzen duenari men egin
beharko zaio.
3. Ordezko izaeraz, oinordekotzako
zuzenbidearen barruan bazkide horri aplikatzekoa zaion araubidea izango da
arau.
4. Prestazio finkatuko gizarte-aurreikuspeneko planetan,
erakundearen estatutu sozialek edo erregelamenduek ezarritakoari men egin
beharko zaio.
5. Gizarte-aurreikuspeneko plan mistoetan,
prestazio finkatuko planetarako ezarritako irizpidea aplikatuko da.
6. Erakundeak, 27. artikuluan xedatutakoaren
kalterik gabe, onuradunari dagokion prestazioa eskuratuko dio onuradun dela
egiaztatzen duenari. Dena delako ordainketa hori egindakoan, hortxe bukatuko da
erakundearen erantzukizun oro.
19.
artikulua. Bazkideen eskubideak
1. Lege honetan jasotako nondik norakoen
barruan, honako eskubidea dute borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeetako bazkideek:
a) Gobernu-organoetako
karguetarako hautagaiak aukeratzekoa eta hautagai izatekoa, estatutuek edo
erregelamenduek xedatutakoaren barruan.
b) Erakundearen
gobernu-organoetan parte hartzekoa, bakoitzak bere kabuz edo ordezkariren baten
bidez, erakundearen estatutuetan ezarritakoaren arabera. Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako batek gizarte-aurreikuspeneko plan bat
baino gehiago biltzen baditu, parte-hartzea horietako bakoitzaren proportzioan
izango da, 56.2 artikuluan datozen irizpideen arabera.
c) Finkatutako
prestazioak jasotzekoa eta, kasuan kasu, eskubide ekonomikoak mugitu edo
erreskatatzekoa, estatutuek edo erregelamenduek agindutakoaren arabera.
Eskubide horiek bazkide arruntek dituzte, edo, egoki denean, beren onuradunek,
baina ez beste inork.
d) Erakundearen
egoeraren berri jasotzekoa aldian-aldian, lege honen bidez garatuko diren
arauetan ezarritako baldintzetan eta epeen barruan. Halaber,
gizarte-aurreikuspeneko planak dituzten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeek bazkide osoen eskubide ekonomikoen egoeraren gaineko informazioa
eman behar dute aldiro-aldiro, bai eta gizarte aurreikuspeneko planean nahiz
horren funtzionamendu-arauetan funtsezko aldaketak eragingo dituzten bestelako
kontuen gaineko informazioa ere.
e) Lege
honek edo estatutuek aitortzen dieten beste edozein eskubide.
2. Hauek dira gizarte-aurreikuspeneko planetako
eskubide ekonomikoak:
a) Ekarpen
finkatuko gizarte-aurreikuspeneko planetan, bazkide arruntari dagokion kuota
partea, betiere, ekarpena, errendimenduak eta gastuak kontuan hartuta
kalkulatuta, arauak ezarritakoaren arabera. Horretarako,
gizarte-aurreikuspeneko plan bakoitzaren erregelamenduak berak ezarri beharko
du administrazio-gastuak direla-eta zenbateko portzentajea kendu behar den; eta
portzentaje hori aplikatuko zaio gero gizarte-aurreikuspeneko plan bakoitzari
lotutako ondareari, horren errendimenduari, edo biei.
b) Prestazio
finkatuko gizarte-aurreikuspeneko planetan, kasu bakoitzari dagokion
prestazioa, egintza eragilearen arabera, erakundearen estatutu sozialetan eta
erregelamenduan ezarritakoaren arabera, hurrengo epigrafean zehaztuko den
kasuan izan ezik.
c) Prestazio
finkatuko lehentasunezko gizarte-aurreikuspeneko planetan, bakoitzari dagokion
probisio matematikoa, erabilitako sistema aktuarialarekin bat etorriz.
d) Gizarte-aurreikuspeneko
plan mistoetan, aurreko paragrafoetatik, dagokion erregimena aplikatuko da,
ezarrita daukan ekarpen- eta prestazio-erregimenaren arabera.
3. Ezkontza deuseztatu edo ezkontideak banandu
edo dibortziatu diren kasuetan, ebazpen judizial irmoa badago, eta ebazpen
horrek argituta uzten badu ezkontideek elkarrekin zeukaten
aurreikuspen-planaren eskubideak nola banatuko diren, orduan,
gizarte-aurreikuspeneko erakundeak aukera emango du eskubideak bientzat
izendatzeko, betiere, epaiak ezarritako formula kontuan hartuta. Izendapen hori
gauzatzen denetik aurrera, bazkide bakoitzak bere partaidetza izango du
aurrerantzean gizarte-aurreikuspeneko planean, bakoitzak bere aldetik.
Enpleguko
gizarte-aurreikuspeneko planetan, enplegatu ez den ezkontideak bazkide etenaren
izaera hartuko du.
Prestazio
finkatuko gizarte-aurreikuspeneko planetan, erakundearen estatutuetan
ezarritakoa bete beharko da.
20.
artikulua. Bazkideen betebeharrak
Hauexek
dira bazkideen betebeharrak:
a) Gobernu-organoek
behar bezala hartutako erabakiak betetzea.
b) Erakundearen estatutu edo erregelamenduetan ezarritako ekarpenak ordaintzea.
c) Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak eskatzen dizkien
datu guztiak ematea eta eguneratzea, erakundeak ondo funtziona dezan eta
bazkidearen eskubideak behar bezala taxutu daitezen.
d) Aplikatzekoa
den araudiaren edo estatutuetan ezarritakoaren araberako beste edozein.
21.
artikulua. Inbertsio-profila
aukeratzeko eskubidea
Erretiroko
kontingentzia ekarpen finkatuko sistemaren bitartez estaltzen duten
gizarte-aurreikuspeneko planak dituzten gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako
bazkide osoek bizi-zikloaren inbertsio-estrategiak are hobeto bete ahal
izateko, aukera izango dute inbertsio-profila aldatzeko eta erakunde horrek
eskaintzen dituen arrisku-maila ezberdinetako planen artetik aukera egiteko. Eskubide
hori erregelamendu bidez garatuko da, honakoak kontuan hartuta: bazkidearen
adina, inbertsio-estrategiak, bazkideen egoera, kolektiboaren bereizgarriak edo
halako beste irizpide batzuk.
22.
artikulua. Eskubide ekonomikoak
mobilizatzea
1. Gizarte-aurreikuspeneko planak dituzten
borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek estatutuetan jaso behar dute
eta erregelamendu bidez garatu behar dute bazkide arruntek eta onuradunek
eskubidea daukatela beren eskubide ekonomikoak gizarte-aurreikuspeneko planen
bat daukan beste borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde batera
eramateko, betiere, lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan ezarritakoaren
arabera eramatekotan.
2. Gizarte-aurreikuspeneko banakako planetan
eta plan elkartuetan, kontingentzia gertatu delarik, bazkide arrunt pasiboek
edo onuradunek, eskubide ekonomikoak beste norabait eramango badituzte,
ezinbestekoa izango da inongo bermerik edo konpromisorik ez egotea jaso
beharreko prestazioaren zenbatekoaren gainean. Enpleguko aurreikuspen-planetan,
erakundearen estatutuetan ezarritakoa bete beharko da kasu hauetan.
3. Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko planetako
eskubideak mobilizatuko badira, honako baldintza hau betetzea da aukera
bakarra: aurretik lan-harremanak edo horren baliokideak apurtuta egotea eta
erakundearen estatutu sozialetan eta dagozkien erregelamenduetan ezarritako
baldintzak betetzea, lege honen erregelamendu-garapenarekin bat.
4. Eskubide ekonomikoak antzeko ezaugarriak
dituzten gizarte-aurreikuspen osagarriko beste formula batzuetara ere mobiliza
daitezke; betiere, horiek erregulatzeko arauek bide ematen badute eta
elkarrekikotasunaren printzipioa betetzekotan.
23.
artikulua. Bazkideen beste eskubide
batzuk, eskubide ekonomikoen mobilizazioaren osagarri
1. Banakako modalitateko edo elkartekide
modalitateko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen estatutuetan edo
banakako nahiz elkartekide modalitateko gizarte-aurreikuspeneko planen
erregelamenduetan, beste eskubide hauek ere sartu behar dira:
a) Lehenengo
ekarpena gutxienez hamar urte lehenago egin zuten bazkideentzat, eskubide
ekonomikoak erreskatatzeko eskubidea, guztiz edo zatiren bat, erabilitako
finantza-sistemaren arabera pilatutako erreserben kontura.
b) Bazkide
guztien kasuan, bazkide etenaren izaera lortzeko eskubidea, babestutako
kontingentziaren bat gertatzen denean horri dagokion prestazioa eskuratzeko
eskubidea galdu gabe.
2. Lan-harremana edo horren balioa daukan
harremana apurtu bada, eta ezin izan bada gauzatu eskubide ekonomikoen mobilizazioa
(aurreko artikuluan, enpleguko gizarte aurreikuspeneko erakundearen
estatutuetan edo enpleguko gizarte-aurreikuspeneko planen erregelamenduetan,
lehentasunezkoak izan ala ez, jasotakoa), orduan, honako aukera hauek jarriko
dira, eta ez besterik:
a) Bere
aldetik ekarpenak egiten jarraitzea, eta egokitzen denean, dagozkion
prestazioak jasotzea.
b) Prestazioak
jasotzeko eskubideari eustea, egindako ekarpenen proportzioan, eta bere
eskubide ekonomikoak behar bezala tratatuak izatea babestutako kontingentziaren
bat gertatzen zaionean. Kasu horretan, bazkide etenaren izaera hartuko du.
VII.
KAPITULUA
KONTINGENTZIAK
ETA PRESTAZIOAK
24.
artikulua. Kontingentzia pertsonalak
1. Gizarte-aurreikuspeneko araubidearen bidez,
lege honek borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei ematen dien babesa
zabaldu egin daiteke honako kontingentzia pertsonal batzuetara edo guztietara:
a) Erretiroa.
Erretiroaren kontingentzia bazkide arruntak Gizarte Segurantzaren Erregimen
Orokorrean eta antzekoetan aurreikusitako erretiroa hartzen duen une horretan
gauzatuko da, edo eskumena daukan organoak erabakitzen duenean. Ondorio
horietarako, aurreratutako erretiroa, malgua, partziala eta Gizarte Segurantzak
kasuan kasu aitortzen dituen horien pareko beste formulak, denak ere, erretiroa
izango dira.
Ezinezkoa baldin bada aurreko lerrokadan
aipatutako erretiro hori lortzea, kontingentzia erakundearen estatutuetan
zehaztutako adinean gertatu dela joko da inoiz ez hirurogei urtetik behera;
betiere, bazkidea jada ez badabil lan-jardueran edo jarduera profesionalean edo
horri utzita badago, eta ez baldin bada ari erretiroko kontingentziarako
kotizatzen Gizarte Segurantzako inongo erregimenetan.
Halaber, autonomoak edo kooperatiba- eta
lan-elkarteetako bazkide langileak edo laneko bazkideak biltzen dituzten
enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek beren esku dute
erretiroko prestazioa eskuratzeko arauak jartzea, hirurogei urtetik aurrera,
betiere, langilea lan-jardueran edo jarduera profesionalean ez badabil jada edo
horri utzita badago.
b) Ezintasun
iraunkorra edo lana egiteko baliaezintasuna, Gizarte Segurantzaren edozein
erregimenetan eta antzekoetan aurreikusitakoaren arabera, edo eskumena daukan
organoaren erabakiaren arabera.
Gizarte Segurantzako sisteman sartuta ez
dagoen bazkidearen kasuan, baliaezintasunaren kontingentzia gauzatutzat joko da
eskumena daukaten organoek, gutxienez, % 33ko edo erregelamendu bidez ezarriko
den portzentajeko murrizpen anatomiko edo funtzionala egiaztatzen diotenean.
c) Heriotza.
d) Mendekotasuna.
Adinagatik edo gaixotasun edo desgaitasunen batengatik, pertsona batzuek modu
iraunkorrean bizi duten egoera da mendekotasuna, eta autonomia fisiko, mental,
intelektual edo sentsorialaren gabezia edo galerarekin zerikusia du; horren ondorioz,
mendekotasuna dutenek beste pertsona baten edo batzuen arreta behar dute, edo
laguntza handia behar dute eguneroko oinarrizko ekintzak aurrera eraman ahal
izateko; adimen-desgaitasuna edo gaixotasun mentala dutenen kasuan, berriz,
autonomia pertsonala izateko beste laguntza mota batzuen beharra daukate.
e) Luzaroko
langabezia. Hau da, enplegua galtzea edo, langile autonomoen kasuan, jarduera
etetea, honako irizpide hauen arabera erregelamenduz garatuko diren baldintzak
betetzen badira:
- Legez
langabezia egoeran egotea, ordaindutakoaren araberako prestazioa kobratzen
duela urtebetez, non eta ez zaion hori baino lehen prestazio hori amaitu.
- Ez
bada ordaindutakoaren araberako langabezia-prestaziorik jasotzen, prestazioa
berehalakoan jaso daiteke, enplegu-eskatzaile gisa legezko langabezian egotea
egiaztatuz gero.
- Prestazioa
hileroko errenta gisa ordainduko da, eta ordaindutakoaren araberako
prestazioaren baliokidea izango da, non eta bazkideak ez duen eskatzen
prestazioa ordainketa bakarraren bidez ordaintzea, enplegua bultzatzeko helburu
zehatzarekin.
f) Gaixotasun
larria. Bazkidearen beraren, ezkontidearen edo izatezko bikotearen edo lehen
mailako senideen gaixotasun fisikoa edo psikikoa, aldi baterako (hiru
hilabetetik gora) ezinduta uzten duena baina ebakuntza handirik edo ospitalean
sartzea behar ez duena, eta diru-sarrerak gutxitzea edo gastuak handitzea
eragiten duena.
2. Halaber, prestazio sozialen bidez,
borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen babesa jasotzeko modukoak
dira honako kontingentzia hauek:
a) Aldi
baterako ezintasuna.
b) Enplegua
lortzeko laguntzak.
c) Jaiotza
eta adopzioa.
d) Ezkontza,
edo indarrean dagoen legearen araberako izatezko bikotea.
e) Gastu
medikoak.
f) Ikasketa
ofizialak.
g) Osasun
laguntza, ebakuntzak eta osasun zentroetako egonaldiak.
h) Gizarte-aurreikuspenarekin
lotutako beste antzeko batzuk.
3. Erakunde batek aldi berean ematen baditu
aurreko paragrafoan adierazitako estaldurak eta artikulu honetako 1.
paragrafoko beste batzuk, multzo osoko ekarpen, aktibo eta pasiboek tratamendu
bereizia eduki behar dute, bakoitzak bere aldetik, eta ezingo dira paragrafo
bateko eta besteko estalduretako eskubideak eta obligazioak batetik bestera
eraman.
25.
artikulua. Bestelako kontingentziak
1. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeek badaukate prestazioak ematerik beste kontingentzia hauek jazoz gero:
a) Bazkidearen
ondasunen kalte eta galerak etxebizitzan, etxeko ostilamenduan, lan-tresnetan, ganaduan,
uztetan, basoetan, ontzietan edo bere lan-jarduerari edo ogibideari lotutako
beste edozein ondasunetan.
b) Ehorzketaren
gastuak eta zerbitzuak.
2. Halako kasuetan, borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeak artikulu honetan adierazitako kontingentziak
estaliko ditu, ez besterik.
26.
artikulua. Prestazioak
1. Prestazioak, oro har, diruzkoak izaten dira,
eta ordaindu, kapitalaren bidez, errenta aktuarialaren bidez aldi baterako zein
betikoen bidez eta errenta finantzario eta mistoaren bidez ordain daitezke,
lege honetan ezarritakoaren arabera eta estatutu edo erregelamenduek
zehaztutakoaren arabera.
2. Aparteko kasuetan, 24.2 eta 25.
artikuluetako kontingentziak jazoz gero, zuzeneko zerbitzu-prestazioak ere eman
ahal izango dira.
27.
artikulua. Prestazioen izaera
1. Aurreko artikuluetan jasotako
kontingentzietarako prestazioak norberarenak eta besterendu ezinak dira, eta
prestaziook sortuz lortu nahi zen helburuari lotuak daude, hala agintzen
baitute estatutuen edo erregelamenduen edukiek; hortaz, lege honek eta
indarrean dagoen araudiak xedatzen duenari men egin behar zaio prestazio horiei
kenkariak, atxikipenak, lagapenak, konpentsazioak edo bahiketak aplikatzeko.
2. Edonola ere, jaso beharreko prestazioak
bazkide arruntak berak edo, hala egokitzen bada, onuradunak erakundearekin
hitzartutako obligazioei lotuta daude.
3. Diruzko prestazioak bazkide pasiboari edo
onuradunari ordaindu behar zaizkie, non eta tartean ez dagoen bahiturarik,
oztopo judizial edo administratiborik, edo borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundearen estatutuetan ezarri ez den formularen bat erakundearen eta bazkide
pasiboen edo onuradunen arteko zorrak konpentsatzeko. Halakorik balego, kasu horietarako
ezarritako aginduak edo estatutuek ezarritakoa bete beharko da.
4. Erakunde hauek ordaindutako prestazioak ez
dira inola ere pentsio publiko izango, hortaz, ez daude pentsioen
konkurrentzia-araubideari lotuta.
28.
artikulua. Eskubideak aitortu eta
prestazioak ordaintzea
Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeak dira kudeatzeko aginduta dauzkaten
eskubideak aitortzeko eta prestazioak ordaintzeko arduradun, bai eta zerbitzua
emateko eta jasandako kaltea konpondu edo oneratzeko arduradunak ere, halakorik
egin behar bada.
29.
artikulua. Eskubidea sortzea
Prestazioak
jasotzeko eskubidea gertaera eragilea gertatzen den unean bertan sortzen da.
Kobratzeko eskubidearen aitorpena borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak
berak egin behar du, erregelamenduz ezarritako epearen barruan, aurretik
eskabidea eginda badago. Aitorpen horrek ez du eraginik izango, inola ere,
gertaera eragilea jazo zen eguna baino lehenagotik.
VIII.
KAPITULUA
BORONDATEZKO
GIZARTE AURREIKUSPENEKO ERAKUNDEAK ERATZEA, INSKRIBATZEA, BAT EGITEA, ZATITZEA,
DESEGITEA ETA LIKIDATZEA
30.
artikulua. Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundea eratzea
1. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakunde bat eratzeko, sustatzaileak, edo sustatzaileek, osatutako
eratze-batzarra egin behar da. Batzar horretan, batetik, sustatzaileek aho
batez onartu behar dute erakundea eratzea eta, bestetik, sustatzaileen bi
herenen gehiengo kualifikatu bidez, estatutuak onartu behar dira.
2. Eratze-batzarrak batzorde eratzaile bat
izendatuko du, erakundea behin betiko eratu eta erregistratzera bideratutako
prozedurazko egintzak eta administrazio-egintzak egin ditzan. Era berean, hala
badagokio, erakundearen behin-behineko gobernu-batzorde gisa eratu ahal izango da,
harik eta lehenengo ohiko batzar orokorra egiten den arte.
31.
artikulua. Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakunde bat eratzeko gutxieneko baldintzak
Hauek
dira borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bat eratzeko gutxieneko
baldintzak:
a) Dagozkion
bazkide sustatzaileak izatea, eratzen den erakunde-modalitatearen arabera.
b) Mutua-funtsa
edo eratze-funtsak eratzea, lege honen 58. artikuluan eta legea garatzen duten
arauetan jasotakoaren arabera.
c) Estatutuak
onartzea. Estatutu horiek lege honen 33. artikuluan jasotako gutxieneko edukiak
izango dituzte.
32.
artikulua. Administrazioaren baimena
eta nortasun juridikoa
1. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeak gaitasun juridiko eta jarduteko gaitasun osoa izango du, lege honen
arabera eratzen denetik, baimena ematen duen administrazio-ebazpena lortu
ondoren eta Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen
Erregistroan inskribatu ondoren. Aurkeztu eta hiru hilabeteko epean berariazko
baimenik izan ezean, administrazioaren isiltasuna positiboa izango da. Hala
ere, estatutuen edukia ez da baliozkoa izango, baldin eta lege honen kontrakoa
eta indarrean dagoen araudiaren kontrakoa bada.
2. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeek nortasun juridiko eta gaitasun osoa dute ezarri zaizkien helburuak
independentziaz betetzeko, sustatzaileen eta bazkide babesleen mende izan gabe.
3. Behin eratu ondoren, era guztietako
ondasunak eskuratu, eduki, zergapetu eta besterendu ahal izango ditu, eta eskubideen
eta betebeharren titularra izan ahalko da. Halaber, berezko dituen helburuak
betetzeko, era guztietako egintzak, negozio juridikoak eta kontratuak
(xedatzekoak barne) egin ahal izango ditu.
33.
artikulua. Estatutuak
1. Erakundearen estatutuak, eratze-batzarrean
onartutakoak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen funtzionamendua
zuzen-tzen duen arau juridikoa izango dira.
2. Hona hemen estatutuen gutxieneko edukia:
a) Erakundearen
eta sustatzaileen izena eta helbidea.
b) Jardueraren
hasiera-eguna eta zer iraupen aurreikusi den borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakunderako.
c) Babesa
zehaztea, bai eta ekarpenen eta prestazioen araubidea ere.
d) Bazkide-
eta onuradun-motak eta horien nolakotasuna, bai eta bazkide eta onuradunen eskubide
eta betebeharrak ere.
e) Bazkideak
erakundean sartzeko edo erakundeko kide izateko araubidea, baita alten
inguruan, bajen inguruan, uzteen inguruan eta harreman juridikoa azkendu eta
etetearen inguruan ezarritako aurreikuspenak ere.
f) Ondarearen
araubidea, derrigorrezko mutua-funtsaren edo eratze-funtsen zenbatekoa
adieraziz.
g) Erakundearen
gobernu-organoak, eskumenak, osaera eta organo horietan sartu eta parte
hartzeko araubidea.
h) Gobernu-organoen
eta gobernu-organoetako kideen erantzukizuna.
i) Zuzendaritzaren
eskumenak, hala dagokionean, eta eginkizunak.
j) Gizarte-aurreikuspeneko
planak integra-tzeko prozedura, hala dagokionean.
k) Diziplina-araubidea
eta akordioen aurka egiteko araubidea.
l) Estatutuak
eta, hala dagokionean, prestazioen erregelamenduak aldatzeko prozedura.
m) Administrazio-araubidearen
eta bere gastuen arauketa.
n) Erakundean
gatazkak eta erreklamazioak interpretatu eta ebazteko formulak.
ñ) Erakundea
desegiteko arrazoiak eta funtsen helburua.
34.
artikulua. Azterketa ekonomiko-finantzarioa
eta aktuariala
Eratze-batzarraren
aktarekin batera, erakundea sortzeko eta estatutuak onartzeko euskarri izan den
azterketa ekonomiko-finantzarioa eta aktuariala, hala dagokionean, aurkeztuko
da. Azterketa horretan, finantziazio-sistema jasoko da eta eman beharreko
prestazioak eta prestazioen zenbatekoa erabakitzeko arauak baloratuko dira.
35.
artikulua. Erregistroan inskribatzea
1. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeek Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen
Erregistroan inskribatzeko eskatuko dute, formatu elektronikoan edo paperean
(unean-unean dagokion bezala) agiri hauek aurkeztuz:
a) Eratze-batzarraren
akta.
b) Erakundearen
estatutuak eta, hala badagokio, erregelamenduak.
c) Azterketa
ekonomiko-finantzarioa eta aktuariala, hala dagokionean.
d) Batzorde
eratzailearen izendapena.
2. Estatutuen eta erregelamenduen aldaketek
eragina izan dezaten, beharrezkoak izango dira: dagokion baimena, erabakia
hartu zeneko batzar orokorraren akta eta onartutako testu berriak. Aldaketak
prestazioei, ekarpenei edo erakundeko edo erakundea osatzen duten planetako
funtsen xedeari eragiten badie, baita desegite-kasuan ere, beste azterketa
ekonomiko-finantzario eta, hala badagokio, aktuarial bat aurkeztu beharko da.
36.
artikulua. Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeen bat-egitea
1. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeek bat egin dezakete; batetik, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
hainbat erakunde batu egin daitezke, berri bat sortuz; edo, bestela, dagoeneko
badagoen borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde batek xurgatu egin
dezake beste bat, edo gehiago.
2. Berri bat sortuz bat egiten duten erakundeei
edo beste batek xurgatu dituen erakundeei baja emango zaie Euskadiko Borondatezko
Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan. Hala ere, ez dira likidazioan
sartuko, erakunde horien ondareak, oso-osorik, erakunde berrira, edo
xurgatzailera, transmitituko baitira; izan ere, erakunde berriak edo
xurgatzaileak, oinordetza unibertsalaren bidez, azkentzen direnen eskubide eta
betebeharrak hartuko ditu. Era berean, bat-egitearen eraginez azkentzen diren
erakundeen bazkideak eta onuradunak erakunde berrian edo xurgatzailean sartuko
dira.
3. Bat-egitean parte hartzen duten erakundeen
batzarrek onartu egin beharko dute bat egiteko erabakia. Bertan izendatuko dira
dagozkion erakundeak, bakoitzaren ondareak, bazkide bakoitzaren eskubide
ekonomikoak eta bazkideei eta onuradunei erakunde berrian aitortu beharreko
eskubideak eta betebeharrak; halaber, jarduerak noiztik aurrera izango diren
erakunde berriaren kontura adieraziko da.
4. Bat-egitea onartu behar duen batzar
orokorraren deialdia argitaratzean, erakundeetako bazkide eta onuradun guztiei
jakinarazi beharko zaizkie erakunde guztien urteko kontuak, baita erakunde
berriaren estatutuen proiektua ere.
37.
artikulua. Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeen zatiketa
1. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeak erabat edo partzialki zatitu daitezke.
2. Zatiketa partziala da borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundearen ondareko zati bat edo hainbat zati
bakoitzak unitate ekonomikoa osatzen duelarik, oinordetza unibertsalaren
bidez, denak batera aldatzea borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde
sortu berri edo lehendik bazegoen batera edo gehiagora, erakundearen bazkideei
eta onuradunei eskubide ekonomikoak, erreserbak edo hornidura teknikoak
banatuz, den-denak aldatuko baitira beste erakunde sortu berri edo lehendik
bazegoen batera edo gehiagora.
3. Erabateko zatiketa da borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakunde bat azkentzea eta ondare guztia bi partetan
edo gehiagotan zatitzea; parteetako bakoitza, oinordetza unibertsalaren bidez,
aurretiaz likidaziorik egin gabe, osorik transmititzen da borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakunde sortu berri edo lehendik bazegoen batera edo gehiagora, erakundearen
bazkideei eta onuradunei eskubide ekonomikoak, erreserbak edo hornidura
teknikoak banatuz, den-denak aldatuko baitira beste erakunde sortu berri edo
lehendik bazegoen batera edo gehiagora.
38.
artikulua. Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeak desegitea
1. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakunde bat desegiteko arrazoiak dira:
a) Erakundearen
helburu soziala amaitzea, helburua bukatzeko ezintasun agerikoa izatea edo
erakundearen estatutuetan jasotako beste edozein arrazoi.
b) Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundearen jarduera elkarren segidako bi ekitalditan
gelditzea edo etetea, justifikaziorik gabeko arrazoirik izan gabe.
c) Bat-egitea
edo erabateko zatiketa.
d) Ezohiko
batzar orokorraren akordioa, lege honek adierazten dituen gehiengo
kalifikatuekin, edo estatutuetan ezarritako zabalagoekin.
e) Estatutuetan
ezarritako epemuga betetzea.
f) Berrorekatzeko
plana ez betetzea edo bete ezin izatea erregelamenduz ezarritako baldintza eta
epeetan.
2. Dena dela, erakundea desegin eta, ondorioz,
likidatu egingo da administrazioak, lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz,
dagozkion baimenak ezeztatzen dituenean.
39.
artikulua. Likidazio-prozesua
1. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundea desegitea erabaki ondoren, likidazio-aldi bat irekiko da,
bat-egitearen edo erabateko zatiketaren kasuetan izan ezik. Aldi horretan,
erakundeak bere nortasun juridikoari eutsiko dio, eta izenari
"(likidazio-prozesuan)" esapidea gehituko zaio.
2. Batzar orokorrak likidatzaile bat edo
gehiago izendatuko ditu (kopurua bakoitia izango da nahitaez), eta likidatzaile
horiei ordaindu egin ahal izango zaie lan hori egiteagatik.
3. Erakundea desegitea erabaki ondoren,
gobernu-organoek beren ordezkaritza-zereginetan jarraituko dute, baita
likidatzaileei ez dagozkien gainontzekoetan ere.
4. Likidatzaileek ahalmena izango dute
likidaziorako beharrezkoak diren eragiketa guztiak egiteko. Batzar orokorrak
likidazioa onartu ondoren amaituko dituzte likidatzaileek beren zereginak,
batzar horretan bertan erabakitako errebokazio bidez, edo administrazioaren
erabaki arrazoituaren bidez. Estatutuetan gobernu-batzordeko kideentzat
ezarritako eran erantzungo dute likidatzaileek.
40.
artikulua. Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundearen aktiboak banatzea
Ezin
izango dira erakundearen aktiboak banatu harik eta sortutako prestazioak behar
bezala bermatu arte.
41.
artikulua. Erregistroko inskripzioa
deuseztatzea
Likidazioa
amaitu eta aktiboak banatu ondoren, estatutuetan ezarritakoarekin bat etorriz,
likidatzaileek, azken balantzeari erantsiko dioten eskritura baten bidez,
Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroari
eskatuko diote erakundearen inskripzioa deuseztatzeko eta erakundeari buruzko
liburu eta agiriak gordailutuko dituzte. Ondoren, administrazioaren ebazpen
baten bidez, erakundearen behin betiko baja erabakiko da.
IX.
KAPITULUA
GIZARTE
AURREIKUSPENEKO PLANAK SORTZEA, INTEGRATZEA, ERAKUNDEZ ALDATZEA ETA AZKENTZEA
42.
artikulua. Gizarte-aurreikuspeneko
plana sortzea
1. Gizarte-aurreikuspeneko plan bat sortzeko,
sustatzaileak edo sustatzaileek legez hartutako akordioa behar da,
erakunde-klase eta -modalitatearekin bat etorriz. Akordio horretan, batetik,
sustatzaileek aho batez onartu behar dute plana sortzea eta, bestetik,
sustatzaileen bi herenen gehiengo kualifikatuz, erregelamenduak onartu behar
dira.
2. Gizarte-aurreikuspeneko plana sortzea
erabaki ondoren, dagokion borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen
gobernu-batzordeari akordioak aurkeztu beharko zaizkio, eta gobernu-batzordeak
erregelamenduak baliozkotu eta berretsiko ditu eta integrazioa onartuko du, hala
badagokio.
3. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundean integratzean, sustatzaileak eta plan horrek babestutako pertsonak
erakundearen bazkide bihurtzen dira.
4. Gizarte-aurreikuspeneko planak eraginkorrak
izateko, beharrezkoa izango da Eusko Jaurlaritzaren administrazio-organo
eskudunaren aldez aurreko baimena eta Euskadiko Borondatezko Gizarte
Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatzea. Horretarako, plana
integratuta duen borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen gobernu-batzordeak,
instantzia horri, honako hauek aurkeztu beharko dizkio: plana sortzeko
akordioa, erregelamenduak, plana erakundean integratzea onartzen duen eta
erregelamendua baliozkotzen duen gobernu-batzordearen akta eta azterketa
ekonomiko-finantzarioa edo aktuariala, hala dagokionean, emango diren
prestazioen arabera.
43.
artikulua. Gizarte-aurreikuspeneko
planaren erregelamendua
1. Gizarte-aurreikuspeneko plana sortzean
formalizatutako erregelamendua planaren funtzionamendu-arau bilakatuko da.
Erregelamendu horrek honako hauek jaso behar ditu nahitaez:
a) Planaren,
sustatzaileen eta babesleen izenak.
b) Planaren
hasiera-data eta aurreikusten den iraupena.
c) Ekarpenen
eta prestazioen araubidea, bai eta aitortutako kontingentzien zehaztapena eta prestazioak
jasotzeko formulak ere.
d) Planean
sartzeko edo planaren kide izateko araubidea, baita alten inguruan, bajen
inguruan, uzteen inguruan eta harreman juridikoa azkentze eta etetearen
inguruan ezarritako aurreikuspenak ere.
e) Erregelamenduak
aldatzeko prozedura.
f) Planari
dagozkion administrazio-gastuak.
g) Erreklamazioak
aurkezteko prozedura eta gatazkak eta erreklamazioak interpretatu eta ebazteko
formulak.
h) Plana azkentzeko arrazoiak eta esleitutako
ondarearen helburua.
2. Lehentasunezko gizarte-aurreikuspeneko
planetan, gainera, hauek jasoko dira:
a) Izenean
lehentasunezkoak direla azaltzea.
b) Jarraipen-batzordea
badago:
- osaera
eta batzordean sartu eta parte hartzeko araubidea.
- eskumenak,
deialdia egiteko araubidea eta erabakiak hartzeko sistema; eta
- jarraipen-batzordearen
eta bere kideen erantzukizuna.
44.
artikulua. Planak borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeetan integratzea
Gizarte-aurreikuspeneko
planak mota eta ezaugarri bereko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko planetan
integratu behar dira, betekizun hauen arabera:
a) Aukera
hori erakundearen estatutuetan jasota egotea.
b) Gobernu-batzordeak
erakundean gizarte-aurreikuspeneko plan berri bat sartzeko onarpena ematea.
c) Gizarte-aurreikuspeneko
plan berriaren erregelamendua eta planaren azterketa ekonomiko-finantzarioa edo
aktuariala onartzea eta berrestea.
d) Ezarritako
eskakizun formalak betetzea, erregistroan inskribatzea barne.
45.
artikulua. Enpleguko eta
gizarte-aurreikuspeneko planak eta elkartuak erakundez aldatzea
1. Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko planek eta
elkartuek ahalmena izango dute, sustatzaileek legitimoki hartutako erabaki
baten bitartez eta dagokion administrazio-baimena jaso ondoren, bazkideak eta
planari atxikitako aktiboak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko beste erakunde
batera aldatzeko, erakunde horrek aldez aurretik onartu baditu. Jatorrizko
erakundeak nahitaez baimendu beharko du aldaketa hori bere estatutuetan edo
erregelamenduetan ezarritako epeetan.
2. Lehendik dagoen enpleguko
gizarte-aurreikuspeneko plan batean integratu den kolektibo bateko bazkideak
eta aktibo atxikiak ere aldatu ahal izango dira, administrazio-baimenik eskatu
gabe baina aurreko paragrafoko betekizun guztiak betez, baldin eta izan dezakeen
berme-araubideak baimentzen badu.
46.
artikulua. Gizarte-aurreikuspeneko
planen bat-egitea, zatiketa eta azkentzea
1. Gizarte-aurreikuspeneko planen bat-egiterako
eta zatiketarako prozedurari dagokionez, erakundeen bat-egite eta zatiketarako
36. eta 37. artikuluetan ezarritakoa bete beharko da.
2. Gizarte-aurreikuspeneko planen
erregelamenduetan, planak azkentzeko arrazoiak ezarri beharko dira. Arrazoi
horiek izan daitezke planaren epea bukatzea, bazkiderik edo onuradunik ez
izatea edo atxikitako aktiborik ez izatea.
X.
KAPITULUA
ERAKUNDEAREN
GOBERNU-ORGANOAK
47.
artikulua. Erakundearen gobernu-organoak
Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakunde guztietan ordezkaritza-, administrazio- eta
kudeaketa-organo hauek egon behar dira:
a) Batzar
orokorra.
b) Gobernu-batzordea.
48.
artikulua. Batzar orokorra
1. Batzar orokorra erakundearen borondate
soziala adierazteko organo gorena da, eta honako hauek osatzen dute
zuzen-zuzenean, estatutuetan ezarritakoaren arabera: delegatuek edo legezko ordezkariek,
bazkideek eta onuradunek, hala badagokio.
2. Erakundearen gobernu-organo goren gisa
jokatzeko ahalmen orokorraz gain, batzar orokorraren ahalmenak izango dira lege
honetan eta lege hau garatzeko arauetan ezarritakoak, bai eta estatutuetan berariaz
esleitutakoak ere.
3. Batzar orokorrari dagokio beti:
a) Hasierako
onespena jaso duten estatutuak berrestea eta estatutu horien ondorengo
aldaketak onartzea.
b) Gobernu-batzordeko
kideak hautatu, izendatu eta kargutik kentzea.
c) Kontuen
auditorea edo kanpo-auditoriarako enpresa hautatzea.
d) Gobernu-batzordearen
kudeaketa, kudeaketa-txostena eta urteko kontuak onartzea, hala badagokio.
e) Erakundearen
bat-egitea, zatiketa, federazioa eta desegitea.
f) Bazkidearen
defendatzailea izendatzea, banakako modalitateko borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeetan.
g) Horretarako
eskumena duten erakundeek iritzia emateko aurkezten dioten bestelako edozein
gai, erakundearen interesekoa bada, eta, betiere, gai-zerrendan baldin badago.
4. Erakundearen estatutuetan jasota egon liteke
batzar orokorretara delegatuen bidez bertaratzeko aukera, baldin eta bazkide
edo onuradun asko baldin baditu edo bazkide sustatzaile edo babesleak biltzen
baditu. Estatutuek aginduko dute zenbat delegatu hautatu eta nola, betiere
proportzionaltasun-printzipioen arabera. Estatutuetan delegatuak aukeratzeko
arauetan ezarritako boto-kopurua izango dute batzar orokorrean delegatuek.
Bazkide sustatzailea edo babeslea pertsona juridikoa baldin bada, aurrez
pertsona fisiko bat izendatu behar du, ordezka dezan.
49.
artikulua. Batzar motak
Batzar
orokorrak ohikoak edo ezohikoak izan daitezke. Ohiko batzar orokorraren xedea
da erakundearen kudeaketa aztertzea eta kudeaketa-txostena eta urteko kontuak onartzea,
egoki bada. Beste edozein gai ere sartu ahal izango da gai-zerrendan.
Gainontzeko batzar orokor guztiak ezohikoak dira.
50.
artikulua. Batzarrerako deialdia eta
batzarra eratzea
1. Batzar orokorrerako deia gobernu-batzordeak
egin behar du, kideei jakinarazpen pertsonala eginez; baina baliteke, horrez
gain, beste publizitate-neurri batzuk ere jasotzea estatutuetan, bazkide
guztiak jakinaren gainean jartzeko.
2. Deialdia bilera-eguna baino hamar egun
baliodun lehenago egin beharko da, gutxienez, eta egutegiko hogeita hamar egun
lehenago, gehienez.
3. Ohiko batzar orokorra erakundeak egoitza
duen herrian deitu eta egingo da, ekitaldi bakoitza itxi eta lehendabiziko lau
hilabeteetan; batzar horretan, gobernu-batzordearen kudeaketa, kudeaketa-txostena,
urteko kontuak, urte horretako aurrekontuak eta gai-zerrendako gainerako gaiak
aztertuko dira, eta, hala badagokio, onartu. Gutxienez botoen ehuneko hamar
ordezkatzen dituzten batzarkideek gai-zerrendan aztergairen bat sartzeko
eskubidea dute.
4. Ezohiko batzar orokorrerako deialdia
gobernu-batzordeak egingo du, bere ekimenez edo gutxienez batzarkideen ehuneko
hogeik hala eskatuta.
5. Batzar orokorrak gobernu-batzordeko
lehendakaria du buru, eta, hura ez badago, estatutuen arabera lehendakariaren
egitekoak betetzen dituena edo, bestela, batzarrak berak hautatutako bazkide,
delegatu edo ordezkaria. Lehendakariari dagokio eztabaidak zuzentzea,
batzarrean ordenari eustea eta lege-betebeharrak betetzen direla bermatzea.
Gobernu-batzordeko idazkariak lagunduko dio, edo, bestela, haren ordezkoak edo
batzarrak izendatutako kideak.
6. Bozketak isilpekoak izango dira estatutuak
hala ezartzen duen kasuetan, gai-zerrendan hala jartzen duenean, eta bildutako
edo ordezkatutako bazkideen ehuneko hamar ordezkatzen duten batzarkideek hala
eskatzen duten guztietan.
7. Batzarraren erabakiak aktan jasoko dira;
akta idazkariak egingo du, eta akta-liburuan idatziko du. Akta batzarrak berak
onartu ahal izango du, batzarra egin ondoren, edo, bestela, lehendakariak eta
batzarrak berak izendatutako bi kidek onartuko dute, idazkariarekin batera
sinatuta, hogeita hamar eguneko epean.
8. Batzarrak behar bezala hartutako erabakiak
erakundeko bazkide eta onuradun edo delegatu guztiek bete beharrekoak dira.
9. Batzarreko kideak beste bazkide, delegatu
edo ordezkariek eta, hala badagokio, onuradunek ordezkatu ahal izango dituzte,
idatziz jasotako baimenaren bidez, batzar bakoitzerako.
51.
artikulua. Batzar orokorraren
gehiengoen araubidea
1. Batzar orokorra behar bezala eratutzat joko
da, lehendabiziko deialdian, kideen erdia gehi bat bildu edo ordezkatu badira,
eta, bigarren deialdian, bildutakoen kopurua edozein dela ere.
2. Batzarra behar bezala eratu ondoren, emandako
botoen bi hereneko gehiengoa beharko da, estatutuak aldatzeari eta erakundearen
bat-egite, zatitze eta desegiteari buruzko erabakiak hartzeko. Gainerako
erabakiak hartzeko, aski da emandako botoen erdia gehi bat aldeko baliozko boto
izatea.
3. Hartutako erabakiak bazkide eta onuradun
guztiei jakinaraziko zaizkie, modu eraginkorrean, estatutuetan ezarritako
moduan, erregelamendu bidezko garapenarekin bat etorriz.
52.
artikulua. Batzar unibertsala
Batzar
orokorra batzar unibertsal gisa behar bezala eratutzat joko da, baldin eta
bazkide edo, hala badagokio, onuradun guztiak bilduta edo ordezkatuta baldin
badaude eta aho batez onartzen badute batzarra egitea eta zein diren aztertu
beharreko gaiak.
53.
artikulua. Gobernu-batzordea
1. Gobernu-batzordeari dagokio erakundearen
administrazioa, zuzendaritza eta ordezkaritza, eta, egiteko horietan, legeak
edo borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen estatutuek batzar
orokorraren esku utzi ez dituzten ahalmen guztiak baliatuko ditu. Gobernu-batzordea
hiru kidek osatuko dute, gutxienez.
2. Gobernu-batzordeko kideak batzar orokorrak
izendatuko ditu, erakundearen bazkideen artean edo bere delegatuen edo legezko
ordezkarien artean. Gobernu-batzorde horrek emakumeen eta gizonen ordezkaritza
orekatua izan beharko du, erakundean duten portzentajea kontuan hartuta.
Gobernu-batzordeak bere kideen artean hautatuko ditu lehendakaria,
lehendakariordea eta idazkaria, estatutuetan batzar orokorrak izendatu behar
dituela ezartzen ez badu.
3. Estatutuetan jaso ahal izango da
idazkari-kargua batzordekide ez den edo erakundeko bazkide ez den norbaitek
betetzeko aukera; bi kasu horietan, ez du boto-eskubiderik izango.
4. Gobernu-batzordeak bai bazkide sustatzaile
eta babesleak bai bazkide arruntak ordezkatu beharko ditu, eta onuradunak ere
bai, erakundearen estatutuek hala agintzen badute. Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundean gizarte-aurreikuspeneko hainbat plan egongo
balira, erakundeak bere estatutuetan ezarritako proportzionaltasun-irizpidea beteko
da, 56.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.
5. Emandako botoen gehiengo soilez hartuko dira
gobernu-batzordeko erabakiak.
6. Estatutuetan jaso ahal izango da betearazte-
edo administrazio-eginkizunak dituzten batzordekideei ordainsariak emango
zaizkiela edo gastuak ordainduko zaizkiela. Eraginkor izan daitezen, batzarrak
onartu beharko ditu.
7. Estatutuetan jaso ahal izango da,
erakundearen ezaugarriek hala eskatzen badute, zuzendaritza bat izen horrekin
edo antzeko beste batekin ezartzeko aukera; gobernu-batzordeak eskuordetzan
emandako zuzendaritza-ahalmenak eta aginteak izango ditu, eta
gobernu-batzordearen kontrol etengabe eta zuzenaren pean gauzatuko ditu. Kargu
horretarako izendatutako eta kontratatutako pertsonak beharrezko diren
baldintzak bete behar lituzke prestakuntza tekniko edo esperientzia
profesionalari dagokionez, eta lege-debekurik edo -bateraezintasunik ez luke
izan behar.
54.
artikulua. Gobernu-batzordearen
egitekoak
Gobernu-batzordeari
dagozkio, legean edo estatutuetan batzar orokorraren esku utzi ez diren ahalmen
guztiak baliatzeaz gain, honako egiteko hauek:
a) Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundearen gobernua, administrazioa eta ordezkaritza.
b) Prestazioak
kobratzeko eskubidea aitortzea, egindako eskuordetzeei kalterik egin gabe.
c) Urteko
kontuak egitea eta batzar orokorrari aurkeztea onar ditzan.
d) Erakundearen
kaudimena eta finantza-oreka zaintzea.
e) Funtsak
zuhurtziaz, profesionaltasunez eta arduraz inbertitzea.
f) Erakundearen
kudeaketa eta administrazioa kontratatzea, hala badagokio, eta jarduera hori
ikuskatu eta kontrolatzea.
g) Aitortutako
prestazioei eta eratze bidean direnei behar bezala erantzungo zaiela
kontrolatzea modu aktiboan.
h) Estatutuak
eta erregelamenduak betetzea eta betearaztea.
i) Inbertsio-printzipioen
adierazpen idatzia prestatzea, onartzea eta, aldian-aldian, berrikustea.
j) Gizarte-aurreikuspeneko
planen integrazioa onartzea eta plan horien prestazioen erregelamenduak zein
horien aldaketak baliozkotu eta berrestea.
k) Aurkezten
zaizkion errekurtso eta erreklamazioak ebaztea, estatutuekin bat.
l) Bere kideek behar duten prestakuntzaz
arduratzea.
m) Aplikatzekoa den gainerako araudia betetzea eta
betearaztea; beste gai batzuen artean, zehazki, zerga-araudia eta
kapital-zuriketaren prebentzioari buruzkoa.
n) Bere
bazkideen interesen alde jokatzea zuhurtziaz, arduraz eta erantzukizunez.
55.
artikulua. Gobernu-batzordeko kideen
prestakuntza
Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakunde guztiek administrazio eraginkorra,
esperientziaduna eta prestakuntza nahikoa duena izan dezaten, eta pertsona
guztiek dagozkien eginkizunak modu eraginkorrean betetzeko gaitasuna izan
dezaten, gobernu-batzordearen ardura izango da bere kide guztiek beharrezko den
prestakuntza edukitzea edo, ez badaukate, lortzea, erregelamendu bidez
ezarritakoarekin bat.
56.
artikulua. Barne-kontrolerako eta parte hartzeko mekanismoak
1. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeek beren antolaketa eta jarduteko eraren barne-kontroleko prozedurak
izango dituzte, inbertsioen arriskuen kudeaketa kontrolatzeko prozedurak ere
bai, eta erakunde horien kudeaketa eta kaudimena kontrolatzeko parte-hartze
egiturak, erregelamendu bidez ezarritakoarekin bat. Urtero, batzar orokorrak
borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek ezarritako barne-kontrolerako
mekanismoak egokiak diren adierazi beharko du, kanpo-auditoriak horretarako
prestatutako txostena onartuta.
2. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen
estatutuek bermatuko dute aurreikuspen-planetako ordezkariek erakundearen
gobernu-organoetan parte-hartze eraginkorra izatea. Ordezkarien kopurua eta
izaera zehazteko, daukaten ondarearen bolumena, bazkide-kopurua edo
ordezkaritzari lotutako bestelako arrazoizko gorabehera edo ezaugarriak hartuko
dira kontuan.
57.
artikulua. Gatazkak konpontzea
1. Lege honetan eta indarrean dagoen araudian
ezarritakoarekin bat, gobernu-organoen erabakien aurka auzibidera jo aurretik
dagozkion erreklamazioak jartzeko araubidea eta prozedura jaso behar da
estatutuetan; kontsumo-araudian araututako bitartekotza- edo arbitraje-arauen
mende ere jar litezke erreklamazio horiek.
2. Aurreko paragrafoan adierazitakoa
gorabehera, banakako modalitateko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeek, batzar orokorraren bidez, bazkidearen defendatzailea izendatu
beharko dute; modu profesionalean eta bazkide babesle edo sustatzailearengandik
bereiz, bazkide arrunten eta onuradunen eskubideak zainduko ditu
defendatzaileak, eta bazkideek beren gogoz aurkezten dizkioten erreklamazioak
ebatziko ditu.
XI.
KAPITULUA
EKONOMIA-
ETA FINANTZA-ARAUBIDEA
58.
artikulua. Finantza-funtsak eta
-bermeak
1. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeek, irizpide ekonomiko, finantzario eta aktuarialei jarraiki, eta
kaudimenaren eta finantza-orekaren printzipioen barruan, ondoko finantza-funts
eta -berme hauek eratu eta mantentzeko obligazioa dute:
a) Mutua-funtsa,
bazkideen ekarpenez edo gizarte-ekitaldietako soberakinez eratuta etengabean.
b) Hornidura
teknikoak. Horien barruan izango dira Lege honetako 24. eta 25. artikuluetan
ezarritako kontingentziak estaltzeko asmoz borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeak gauzatutako jardueren ondorioz sortutako obligazio guztiak islatzeko
zorrak.
c) Kaudimen-marjina.
Haren barruan izango dira, hornidura teknikoez bestelako aktiboak. Azken
horiek, bidenabar, ez dute izango aurreikus daitekeen konpromisorik.
d) Erregelamendu
bidez ezar daitezkeen beste funts batzuk.
2. Hornidura teknikoen zenbatekoa Eusko
Jaurlaritzak onartzen dituen hipotesien arabera eta lege honen arabera
erabakiko da. Erregelamendu bidez ezarriko dira hornidura horiek kalkulatzeko
metodoak, kalkulu-prozedurak eta interes-tipo teknikoa. Gizarte-aurreikuspeneko
planetan, kapitalizazio indibidualeko sistema finantzarioak edo aktuarialak
ezarriko dira hornidura teknikoak kalkulatzeko. Hortaz, prestazioak sistema
horietatik eratorritako kalkuluei lotuko zaizkie estu-estu.
3. Bazkide sustatzaileak edo babesleak ezingo du
mutua-funtsari egindako ekarpenak itzultzeko eskatu, erakundearen estatutuek
hala ezartzen ez badute behintzat, eta betiere erakundeak kaudimenari eusten
badio.
4. Prestazio finkatuko gizarte-aurreikuspeneko
planetan, baldin eta, estatutuekin edo erregelamenduarekin bat, kontingentzia
gertatzeari lotutako eskubide ekonomikoak baldin badaude, bazkide babesleak
bere ekarpenekin sortutako funtsak berreskuratzeko aukera izango du, haiek
sortzeko konpromisoa desagertzen den kasuetan.
5. Gizarte-aurreikuspeneko planak dituzten
borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek, erregelamendu bidez
zehaztutako egoeran eta moduan, dagokien erakundeei aseguruak, abalak eta
bestelako finantza-bermeak kontratatzea aurreikus dezakete, arrisku jakinak
estaltzeko edo prestazioak aseguratzeko edo bermatzeko.
6. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeek, aseguratutako jarduerak dituzten gizarte-aurreikuspeneko planez
bestelako jardueretan, zuzenean eta osorik beren gain hartuko dituzte beren
bazkideei eta onuradunei aseguratutako arriskuak; nolanahi ere, berraseguruan
lagatzeko eragiketak egin ahal izango dituzte legez ezarritako
berraseguru-konpainiekin, kasuan kasu ezartzekoa zaien araudiaren arabera.
59.
artikulua. Administrazio-gastuak
1. Administrazio-gastutzat hartuko dira
langileen gastuak, amortizazioetarako zuzkidurak eta kanpoko zerbitzuek
eragindako gastuak.
2. Administrazio-gastuen gehienezko ehunekoak
eta gainerako ezaugarriak, desberdinak izan daitezkeenez borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundearen arabera, erregelamendu bidez ezarriko
dira, eta kuoten edo derramen edo hornidura teknikoen arabera.
60.
artikulua. Inbertsio-printzipioak
1. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeen funtsak inbertitzeko kontuan hartuko diren irizpideak segurtasuna,
errentagarritasuna, likidezia, dibertsifikazioa, sakabanatzea,
moneta-kongruentzia eta helburuak lortzeko epe egokiak izango dira. Lege hau
garatuko duten erregelamenduzko xedapenek ezarritako egitura, muga eta
ezaugarrien arabera egingo da inbertsioa.
2. Gobernu-batzordeak, jarraipen-batzordeak
proposatuta hala badagokio, inbertsio-printzipioen aitorpen idatzia onartu eta,
aldian-aldian, berrikusi beharko du. Idatzi horretan, gizartearekiko
arduratsuak diren inbertsioei buruzko politika jasoko da, edo politika hori ez
izateko arrazoiak, eta inbertsio horien edukiak erregelamendu bidez ezarriko
dira, lege honetan xedatutako oinarrizko printzipioei jarraiki.
Erregelamendu-garapen horretan, betekizun horrekiko salbuespenak arautuko dira,
funtsen bolumen txikia dela-eta edo jardueraren ezaugarriak direla-eta.
61.
artikulua. Kontabilitatea, kontuen
auditoria eta estatistika- eta kontabilitate-informazioa
1. Borondatezko gizarte aurreikuspeneko
erakundeen kontabilitatea berariazko arauen arabera eraenduko da eta,
horrelakorik egon ezean, aseguru-erakundeen Kontabilitate Planean,
Merkataritzako Kodean, Kontabilitate Plan Orokorrean eta kontabilitate-arloko
merkataritza-legeriaren gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera.
Borondatezko
gizarte aurreikuspeneko erakundeek Merkataritzako Kodean eta aplikatu beharreko
gainerako xedapenetan eskatzen diren kontabilitate-liburuak egin beharko
dituzte.
2. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek
kanpo-auditoriara aurkeztu beharko dituzte urteko kontuak eta
kudeaketa-txostena, Kontuen Auditoriaren Legeak eta hura garatzeko arauek
xedatzen dituzten baldintzetan.
3. Borondatezko gizarte aurreikuspeneko
erakundeek honakoak onetsi beharko dituzte: urteko kontuak eta
kudeaketa-txostena; estatistika- eta kontabilitate-informazioa; urteko kontuen
auditoria-txostenak; txosten aktuariala; eta, hala badagokio, berroreka-plana,
hau da, eratutako funtsen eta hornidura teknikoen artean sortutako defizita
amortizatzeko programa. Hartara, eratutako funtsa izango da hornidura teknikoak
estaltzeko erabiliko diren aktiboen balioa.
XII.
KAPITULUA
GAINBEGIRATU,
KONTROLATU, IKUSKATU ETA KONTU HARTZEKO ARAUBIDEA
62.
artikulua. Xedea
1. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeak gainbegiratu, kontrolatu, ikuskatu eta, hala badagokio,
kontu-hartzeko araubidearen mende egongo dira, eta horren helburua da lege hau
eta indarrean dagoen araudia betetzea, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeek behar duten kaudimena zaindu eta bazkideen eskubideak babeste
aldera. Hori guztia Administrazioak egingo du, erregelamendu bidez
ezarritakoarekin bat.
2. Gai hauetan eskumena duen organoari dagokio
borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde guztiak gainbegiratu eta
kontrolatzeko beharrezko diren ekintzak egitea. Horretarako, inskripzioa, bai
eta estatutu-araubidea eta bere aldaketak ere, indarrean dagoen legediaren
araberakoak direla egiaztatuko du, eta, horrez gain, erakundeen jardueraren eta
egoera ekonomiko-finantzarioaren jarraipena egingo du; horretarako, erakundeok
finantza-egoerak eta ikuskatze-egiteko hori behar bezala gauzatzeko beharrezko
diren aktak eta bestelako agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte.
3. Erregelamendu bidez ezarriko dira beharrezko
dokumentazioa eta ikuskapen ekonomiko-finantzarioak eta aktuarialak aurkezteko
ereduak, epeak eta moduak, Administrazioaren aldetik gainbegiratzeko eta
kontrolatzeko bitartekoak ezartzeko xedez, betiere erakundeen bideragarritasuna
eta kaudimena zaintze aldera.
63.
artikulua. Ikuskapena
1. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeak borondatezko gizarte-aurreikuspenaren arloko eskumenak dituen sailak
ikuskatuko ditu, dagokion administrazio-organoko langileen bitartez.
Ikuskapenean gai hauek aztertuko dira: egoera legal eta ekonomikoa,
erakundearen jarduera eta erakundearen ordezkari eta zuzendaritzako taldeko
kide diren pertsonen jarduera, bai orokorra, bai bazkideek planteatutako gaien
ingurukoa.
2. Zeregin horretarako izendatutako langileak agintaritza
publikoaren agenteak izango dira, eta lanbideko sekretua gorde beharko dute.
3. Beren zereginak betetzeko, ikuskatzaileek
erakundearen jarduerari buruzko dokumentazioa aztertu ahal izango dute, eta
horren kopia aurkeztu edo eman diezaietela eskatu ahal izango dute,
ikuskapenaren aktari eransteko. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek
erraztasunak eman behar dizkiete beren zeregina burutzeko. Ikuskatutako
pertsonak edo erakundeak, funtsezko arrazoiak baditu, uko egin diezaioke dokumentazioaren
kopia emateari, baina idatziz adierazi behar ditu arrazoiak, zeinak aktari
erantsiko baitzaizkio.
4. Ikuskapenaren ondorioz egiten diren aktetan,
berariaz aipatuko da hamabost egun balioduneko epea egongo dela alegazioak
egiteko.
64.
artikulua. Kapital-zuriketa
saihestea
Ikuskapen-
edo gainbegiratze-lanetan dihardutela, kapital-zuriketa saihesteko neurriei
buruz indarrean dauden legeetan ezarritako betebeharrak bete ez direla ikusten
badute, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen
administrazio-organoak eta bertako ikuskatzaileek txosten arrazoitua egingo
dute Kapital-zuriketa eta Diruzko Arau-hausteak Saihesteko Batzordearen
Zerbitzu Betearazlearentzat.
65.
artikulua. Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeei kontu hartzea
1. Borondatezko gizarte-aurreikuspenaren arloko
eskumenak dituen sailak gobernu-organoak aldatzeko edo erakundeari kontu
hartzeko agin dezake, bazkideen, onuradunen edo hirugarrenen interesak
babesteko, baldin eta administrazio- edo ekonomia-irregulartasun larriak
badaude eta erakundearen egonkortasuna arriskuan jartzen badute. Erakundeko
gobernu-organoek eskabide oinarritua egiten dutenean ere, agindu ahal izango da
kontu-hartzea.
2. Gobernu-organoak aldatzeko edo kontu hartzeko
erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta
Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatuko.
3. Kontu-hartzearen kasuan, horrek sortutako
gastuak eragindako erakundearen kontura izango dira.
66.
artikulua. Administrazio-baimenak
ezeztatzea
Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakunde bati emandako baimena kasu hauetan baino ezin
izango da ezeztatu:
a) Baimenari
berariaz uko egin badio.
b) Baimena
gezurrezko adierazpenak eginez edo beste edozein bitarteko irregularren
bitartez lortu bada eta hori dagokion prozedura administratibo edo judizialaren
bidez egiaztatu bada.
c) Urtebeteko
epean jarduera abiarazi ez badu edo jarduera sei hilabetetik gorako aldi batez
utzi badu.
d) Baimenean
ezarritako baldintzak edo legeak baimena emateko ezartzen dituen eskakizunak
bete ez baditu.
e) Legea
garatzeko erregelamenduen arabera ezar daitezen berrorekatze-planak bete ez
baditu ezarritako epeetan.
f) Lege
honetan eta indarrean dagoen araudian oso larritzat jotzen diren arau-hausteak
egiteagatik, zehapena jaso badu.
XIII.
KAPITULUA
ARAU-HAUSTEAK
ETA ZEHAPENAK
67.
artikulua. Lege honen mende daudenak
Arau
erregulatzaileak urratzen dituzten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeek, bai eta administrazio- kudeaketa- nahiz zuzendaritza-funtzioak
betetzen dituztenek, gobernuko kideekin eta likidatzaileekin batera,
erantzukizun administratibo zehagarria izango dute, lege honetan xedatutakoaren
arabera.
68.
artikulua. Arau-hausteak
1. Arau-hausteak lege honetan ezarritakoaren
arabera zehatu ahal izango dira.
2. Arau-hausteak, garrantziaren arabera, oso
larriak, larriak eta arinak izan daitezke.
3. Hauek dira arau-hauste oso larriak:
a) Jarduera
nahitaezko baimenik gabe burutzea, bai eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeentzat gordetako izendapena baimenik gabe erabiltzea ere.
b) Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundearen helburu sozialaz bestelako jarduerak
burutzea.
c) Ikuskatze-lanari
oztopoak jartzea edo uko egitea, nahiz eta berariaz eta idatziz ikuskatze-lana
egin beharra dagoela adierazi.
d) Iruzurrezko
egintzak edo debekaturik dauden eragiketak egitea behin eta berriz.
e) Araudi
aplikagarrian ezarritako kaudimen-baldintzak doloz edo iruzurrez ez betetzea.
f) Legez
ezarritako kontabilitatea ez izatea edo erakundearen ekonomia-, ondare- eta
finantza-egoera ezagutzea eragozten edo nabarmen zailtzen duten
irregulartasunekin eramatea, bai eta beren urteko kontuak, indarrean dagoen
legeriaren arabera, kontu-auditoriaren mende jartzeko betebeharra ez betetzea
ere.
g) Erakundeak
nahitaezko baimenik gabe bat egin eta zatitzea edo, baimena izanik, hura
kontuan hartu gabe egitea.
h) Gai
honetako administrazio-organo eskudunak emandako erabaki edo ebazpenak ez
betetzea behin eta berriz.
i) Erakundeak
aldizka aurkeztu beharreko edo errekerimendu indibidualizatuei erantzunez eman
beharreko datu edo dokumentuak ez igortzea, edo benetakoak ez izatea, betiere
erakundearen kaudimena egiaztatzea zailtzen bada.
j) Beren
bazkideei eta, oro har, publikoari benetako informazioa emateko betebeharra ez
betetzea, betiere, eragindako pertsona-kopuruagatik edo informazioaren
garrantziagatik, ez-betetze hori bereziki garrantzitsutzat jo badaiteke.
k) Administrazio-antolaketan,
kontabilitatearen antolaketan edo barne-kontroleko prozeduretan hutsuneak
izatea, baldin eta hutsune horiek erakundearen kaudimena edo bideragarritasuna
arriskuan jartzen badute.
l) Gobernu-organoen
egitura eta osaera demokratikoaren inguruan lege honek ezarritakoa ez betetzea.
m) Antzeko
beste arau-hauste larri bat egitea, zehatutako aurrekoari buruzko erabakia
irmoa zenetik bost urte igaro baino lehen.
4. Hauek dira arau-hauste larriak:
a) Eragiketen kontabilizazioaren eta urteko kontuen formulazioaren
inguruan indarrean dauden arauak ez betetzea, betiere ez bada arau-hauste oso
larria; administrazio eskudunari nahitaez jakinarazi beharreko finantza-egoerak
egitearen inguruko arau-hausteak.
b) Administrazioari ez eskuratzea beharrezko dokumentazioa eta
informazioa, erregelamendu bidez ezarritako epeetan.
c) Likidazioan dauden erakundeen kasuan, ezarritako betebeharrak ez
betetzea likidatzaileek, bai eta administrazioko edo zuzendaritzako karguak
betetzen dituztenek arrazoirik gabe likidatzaileekin lankidetzan jarduteko
betebeharra ez betetzea ere.
d) Iruzur egitea, itxurazko negozioak egitea edo pertsona fisiko edo
juridikoak erabiltzea borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei buruzko
arauen aurkako emaitza lortzeko.
e) Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundea bere bazkide
sustatzaile edo babesleekiko juridikoki eta ondareari dagokionez bereizia eta
independentea ez izatea.
f) Erakundeak estatutuetako arauak edo xedapen osagarriak ez betetzea
eta bazkideei kalteak eragitea.
g) Inbertsio-gaietan indarrean dauden arauak ez betetzea.
h) Ohiko batzar orokorra ez deitzea eta, ondorioz, gobernu-batzordeak
konturik ez ematea.
i) Araudi aplikagarrian ezarritako kaudimen-baldintzak ez betetzea.
j) Bazkideei, onuradunei eta publiko orokorrari egiazko informazioa
emateko betebeharra ez betetzea, betiere 3. paragrafoaren j idatz-zatian
aipatutako egoera gertatzen ez bada; bai eta erakundeen publikotasuna eta
informazio-betebeharra arautzen duten arauak ez betetzearekin zerikusia duen
edozein egintza burutzea ere.
k) Erakundean legez administrazioko edo zuzendaritzako kargurik
esleituta ez duten pertsonak jardutea.
l) Antzeko beste arau-hauste arin bat egitea aurrekoari buruzko
erabakia irmoa zenetik bi urte igaro baino lehen.
5. Hauek dira
arau-hauste arinak:
a) Bazkideei zehatza edo egokia ez den informazioa ematea,
betebeharrak eskatzen duen arretarik gabe egiten denean.
b) Araudi honetan agiriak aurkezteko ezartzen diren epeak betetzean
hilabete baino gehiago atzeratzea.
c) Estatutu edo xedapen osagarrietako beste arau-hauste batzuk,
espresuki larri edo oso larri gisa kalifikatzen ez direnak.
69. artikulua. Zehapenak
Erakundeari zehapen hauek aplikatuko zaizkio:
a) Arau-hauste oso larriak egiteagatik:
1. 150.001 eurotik 300.000 eurora bitarteko isuna edo arau-haustearen
ehuneko 50 bitartekoa, arau-haustea zenbakarria balitz eta isunaren kopurua
gaindituko balu.
2. Erakundearen baimena baliogabetzea, Euskadiko Gizarte
Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistrotik kanpo utzita.
3. Ohartarazpen publikoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian
argitaratuta.
b) Arau-hauste larriak egiteagatik:
1. 60.001 eurotik 150.000 eurora bitarteko isuna edo arau-haustearen
ehuneko 25 bitartekoa, arau-haustea zenbakarria balitz eta isunaren kopurua
gaindituko balu.
2. Ohartarazpena,
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.
c) Arau-hauste arinak egiteagatik:
1. 60.000
euro bitarteko isuna.
2. Ohartarazpen
pribatua.
d) Erakundeentzat
aurreikusitako zehapen hauetaz gain, zehapen hauetakoren bat edo gehiago
ezarriko zaizkio beren dolozko edo zabarkeriazko jokaeragatik arau-haustearen
erantzule direnei:
1. Kargutik
kentzea eta, gehienez, bost urterako gaitasungabetzea, arau-hauste oso
larrietarako.
2. 90.000
euro bitarteko isuna, arau-hauste larri edo oso larrietarako.
3. Karguko
jarduna etetea, arau-hauste larrietarako.
70.
artikulua. Organo zehatzaileak
1. Hauek dira zehapenak ezartzeko organo
eskumendunak:
a) Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeei buruzko zereginak esleituta dituen
zuzendaritzako titularra, arau-hauste arinei dagozkien zehapenetarako.
b) Gai
honetan eskumena duen sailburuordetzaren titularra, arau-hauste larriei eta oso
larriei dagozkien zehapenetarako.
2. Unean une Autonomia Erkidegoan indarrean den
zehatzeko ahalari buruzko arauekin bat gauzatuko da administrazioko
zehapen-prozedura. Horrela, zehatzeko ahala gauzatzeko arau orokor
substantiboak beteko dira kapitulu honetan aurreikusi ez diren auziak
arautzeko.
71.
artikulua. Errekurtsoak
Ebazpen
zehatzaileen aurkako errekurtsoa aurkez daiteke, hamar egun balioduneko epean,
gai honetan eskumena duen sailburuordetzaren titularraren aurrean zehapen
arinen kasuan, eta eskumena duen sailaren titularraren aurrean zehapen larri
edo oso larrien kasuan.
Errekurtsoa
aurkeztu eta hamar egun balioduneko epean ebatzi beharko da; isiltasuna
ezespentzat joko da.
72.
artikulua. Preskripzioa
1. Lege honetan tipifikatutako arau-hauste oso
larriak bost urtean preskribatuko dira, larriak hiru urtean, eta arinak,
urtebetean, arau-haustea egin den egunetik kontatzen hasita.
2. Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zehapenak
bost urtean preskribatuko dira, larriak hiru urtean eta arinak urtebetean,
zehapena ezartzen duen ebazpena irmoa izaten hasten den egunaren biharamunetik
kontatzen hasita.
XIV.
KAPITULUA
EUSKADIKO
BORONDATEZKO GIZARTE AURREIKUSPENEKO ERAKUNDEEN ERREGISTROA
73.
artikulua. Euskadiko Borondatezko
Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroa
1. Euskadiko Borondatezko Gizarte
Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroa publikoa da interesdun direla
egiaztatzen duenarentzat eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen
inguruan eskuduna den sailari atxikitzen zaio.
2. Erregistroaren izaera publikotasun material
eta formalaren, legezkotasunaren eta lehentasunaren printzipioek definitzen
dute.
3. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeen eraketa, bat-egite, xurgatze, zatitze eta desegiteak nahiz
estatutuen eta erregelamenduen aldaketak inskribatzea, bai eta
gizarte-aurreikuspeneko planak inskribatzea eta horiei baja ematea ere, izaera
eratzailekoak izango dira.
4. Erregistroak, funtzionatzeko, Euskadiko
Herri Administrazioan aplikatu beharreko araudiaren araberako bitarteko
elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliko ditu.
74.
artikulua. Borondatezko Gizarte
Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroaren funtzioak
Hauek
dira Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroaren funtzioak:
a) Lege
honen eta indarrean dagoen araudiaren arabera, aipatutako erregistroan
gizarte-aurreikuspeneko planen, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen
eta horien federazioen inguruan bildu behar diren egintzak kalifikatu, egoki
diren liburuetan inskribatu eta egiaztatzea.
b) Ikuskatutako
urteko kontuen gordailua, kudeaketa-txostena eta txosten aktuariala jasotzea,
hala badagokio.
c) Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeen eta gizarte-aurreikuspeneko planen
izendapenei eta erregistratutako edozein daturi buruzko ziurtagiriak ematea.
d) Bere
eskumeneko gaien inguruko kontsultei erantzutea.
e) Bazkideen
Fitxategi Orokorra anonimoki kudeatzea, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakunde bakoitzaren bazkideen altak eta bajak sartzeko eta, horrela, sektoreko
bazkideen benetako kopurua ezagututa, bikoiztasunak eragozteko, prestazioak
egoki erabiltzen direla bermatzeko eta plangintza antolatua laguntzeko,
erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.
f) Lege honek edo hori garatzeko arauek
esleitutako beste edozein.
XV. KAPITULUA
FEDERAZIOAK ETA GIZARTE-AURREIKUSPENAREN EUSKAL
KONTSEILUA
75. artikulua. Federazioak
1. Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeek federazioak osatu ahal izango dituzte, haien
ordezkari gisa jardun eta haien funtzionamendua hobetzeko. Federazio horiek beren estatutuetan lege
honen arabera ezarritakoa beteko dute. Gai honetako administrazio-organo
eskudunak baimenduko ditu, eta Euskadiko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen
Erregistroan inskribatuko dira nortasun juridiko propioa izan dezaten.
2. Federazioei dagozkie, estatutuetan
esleitutakoez gain, honako funtzio hauek:
a) Elkartzen
diren erakundeen ordezkari izatea, estatutuetan ezarritakoaren arabera.
b) Hala
badagokio, adiskidetze-funtzioak betetzea erakunde elkartuen edo horien eta
bazkideen arteko gatazketan.
c) Aholkularitza
eta laguntza juridiko-fiskala, kontablea, ekonomiko-finantzarioa eta teknikoa
ematea, bai eta interes orokorreko beste edozein arlotakoa ere.
d) Borondatezko
gizarte-aurreikuspenaren sustapena eta prestakuntza bultzatzea.
e) Federatutako
sektorearen ordezkari izatea Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluan,
erakunde horren araudi erregulatzailean ezarritakoaren arabera.
f) Beren
interesak defendatzeko beste federazio batzuekin estatuan edo nazioartean
konfederatzeko aukera, Eusko Jaurlaritzaren sail eskudunari jakinarazi ondoren.
3. Federazioak, barne-antolamendurako, ataletan
antolatu ahal izango dira, lege honetan ezarritako modalitateen arabera
banatuta.
4. Federazio baten izenak esparru geografiko
jakin bati erreferentzia egiteko, eremu horretan gehiengoa duela egiaztatu
behar du federazioak.
76.
artikulua. Elkarte eta erakundeetan
parte hartzea
Borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeak borondatezko gizarte-aurreikuspenaren eta
gizarte-aurreikuspen osagarriaren inguruko elkarte eta erakunde nazional eta
internazionaletako kide izan ahalko dira.
77.
artikulua. Gizarte Aurreikuspenaren
Euskal Kontseilua
1. Lege honen aurreikuspenen arabera, Gizarte
Aurreikuspenaren Euskal Kontseilua sortu da, eta berariazko erregulazioa egiten
denean eratuko da eta hasiko da funtzionatzen. Kontseilu hori
hausnarketa-organo gisa eratuko da eta gizarte-aurreikuspena aztertu, sustatu,
hedatu eta babestuko du; Euskadiko gizarte-aurreikuspeneko sistemari eragiten
dioten gai guztietako aholkulari ere izango da. Organo anitz eta iraunkor honek
instituzio publikoetako, eragile sozial eta ekonomikoetako eta
gizarte-aurreikuspenaren sektoreko ordezkariak eta arlo honetako adituak
bilduko ditu.
2. Halaber, kontseiluaren baitan, Euskadiko
Enpleguko gizarte-aurreikuspenaren sektoreko batzordea eratuko da, enpleguko
gizarte-aurreikuspen osagarria sustatzeko proposamenak eta irizpideak emango
dituena; batzorde horren funtzio, osaera, egitura eta funtzionamendua Eusko
Jaurlaritzaren dekretu bidez ezarriko dira.
XVI.
KAPITULUA
XEDAPEN
BEREZIAK
78.
artikulua. Sustapen-neurriak
1. Eusko Jaurlaritzak ezarriko ditu
borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak eta, bereziki, lehentasunezko
erakundeak ezartzeko babes-neurriak, hala gizarte-esparruan nola
administrazioaren, lanaren, teknikaren eta prestakuntzaren esparruan.
2. Halaber, herritarren artean eta, bereziki,
enpresen, langileen eta gizarte-eragileen artean borondatezko
gizarte-aurreikuspenaren inguruko kontzientzia zabaltzeko sustapen-neurriak
ezarriko dira. Horretarako, unibertsitate, sindikatu eta patronalen elkarteekin
lankidetza-programak burutzea proposatuko da eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
sektorea.
79.
artikulua. Datuen konfidentzialtasuna
Administrazioaren
edo Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen zerbitzurako langileek sekretupean
gorde behar dituzte euren zereginak egitearen ondorioz ezagutzen dituzten datu,
dokumentu eta txostenak. Betebehar horrek zerbitzu-harremanak amaitu ondoren
ere iraungo du.
Erakundeen
estatutuetako eta horien dokumentazio eta fitxategietako datuak, dokumentuak
eta txostenak, horiek bildu edo egiteko helburu izan diren jardueretarako
bakarrik erabili ahal izango dira.
Datu,
dokumentu eta txosten horiek interesduna ez den beste norbaiti jakinarazi nahi
izatekotan, interesdunaren adostasuna behar izango da, legeren batek baimentzen
duenean edo Datuak Babesteko Lege Organikoan aurreikusitako kasuetan.
80.
artikulua. Publizitate-jarduera
1. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko
erakundeek egiazko publizitate-jarduera gardena burutu ahal izango dute,
pertsona fisikoak erakundeari atxiki dakizkion sustatzeko, zuzenean edo
zeharka, edo erakundeari buruzko informazioa emateko.
2. Publizitate oro, hedatu aurretik, gai
honetako sail eskudunari jakinarazi beharko zaio.
Xedapen
Gehigarriak
Lehenengoa. Euskadiko Borondatezko Gizarte
Aurreikuspeneko Erakundeen Federazioa, 75. artikuluan ezarritakoaren arabera,
Euskal Autonomia Erkidegoko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak
ordezkatzeaz eta horiek defendatzeaz arduratzen da. Halaxe izango da, bederen,
federazio horrek alorreko elkarte gehienak biltzen dituen bitartean.
Bigarrena. 75.2 artikuluan ezarritako funtzioez
gain, Euskadiko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Federazioak burutuko ditu
borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek beren helburu soziala
gauzatzeko eskatzen dizkioten berraseguru-planak, berraseguruari buruz
indarrean dagoen araudiak xedatutakoari jarraiki. Lege honen ondorioetarako,
berraseguru-plan gisa hartzen da baimendutako erakunde berraseguratzailearekin
berraseguratzeko beharrezkoa den aholkularitza agentzial, juridiko eta
teknikoko zerbitzua.
Hirugarrena. Gizarte-aurreikuspeneko planak dituzten
gizarte-aurreikuspeneko erakundeetan ekarpenak egin ahal izango dira, honako
hauen alde: erregelamendu bidez zehaztutako minusbaliotasun-maila duten
minusbaliatu fisikoak edo sentimen-minusbaliatuak, judizialki aitortutako
edozein mailako desgaitasuna dutenak. Ekarpenak desgaituak berak nahiz
hirugarren mailara arteko ahaidetasun zuzena edo zeharkakoa duen batek egin
ahal izango ditu, bai eta ezkontideak edo desgaitua zaintzan edo harreran bere
kargura duen batek ere.
Laugarrena. Gobernu Kontseiluari dagokio diruzko zehapenen
zenbatekoa eguneratzea. Horretarako, eguneratzea egiteko egunean Euskal
Autonomia Erkidegoko kontsumoko prezioen indize metatua hartuko da kontuan.
Bosgarrena. Bada tasa bat borondatezko gizarte
aurreikuspeneko erakundeek, salbuespen modura, ordaindu beharrik izango ez
dutena; hau da, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroak
edo alo honetako eskumena duen zuzendaritzak eskaintzen dituzten
administrazio-zerbitzuengatik ez dute administrazio-zerbitzuen tasa ordaindu
beharrik izango. Tasa hori 1/2007 Legegintzako Dekretuko 40. eta hurrengo
artikuluetan dago arauturik, eta dekretu horren bidez onartu zen Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasei eta Prezio Publikoei buruzko
Legearen testu bategina.
Seigarrena. Lehenagotik osatuta dauden
gizarte-aurreikuspeneko planek, lehentasunezkoak izan nahi baldin badute, 14.
artikuluko a), b), d), f), g) eta h) idatz-zatietan jasota dauden baldintzak
bete beharko dituzte gutxienez, kolektibo-mota bakoitzak dagokion bezala.
Horrelakoetan, erregelamenduaren zuzenketa onetsi beharko dute, eta kalifikazio
hori izan nahi dutela adierazi. 14. artikuluko c) eta e) idatz-zatietako
baldintzak betetzen ez direnean, planek bi aukera izango dituzte: erabakita
daukaten ekarpen-sistemarekin jarraitu, edo eskubide ekonomikoen
erreskatearekin jarraitu, lege hau indarrean sartzen denean gizarte-aurreikuspeneko
planaren erregelamenduetan aurreikusita dagoen moduan. Hala ere, erreskatea
mugatu egingo da une horretan plana osatzen duen kolektibora eta une horretara
arte jarritako dirua eta horren errendimenduak batuta ateratzen den
zenbatekora.
Zazpigarrena. Salbuespenez, enpleguko gizarte
aurreikuspeneko erakundeek aukera izango dute beren gaur egungo kolektiboari
eskubide ekonomikoak erreskatatzeko aukera emateko, betiere, lege hau indarrean
sartzean aukera hori ezarrita badaukate, eratu ziren garaian aplikagarri zen
araudian oinarrituta; beraz, aukera hori jaso ahal izango dute dena delako
gizarte-aurreikuspeneko planaren erregelamenduan. Erreskatearen zenbatekoa
legea indarrean sartu arte jarritako dirua eta horren errendimenduak batuta
ateratzen dena izango da.
Xedapen
Iragankorrak
Lehenengoa. Lege hau argitaratu baino lehen
eratutako borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek, hala badagokio, lege
hori buruzko erregelamendua indarrean sartzen denetik sei hilabeteko epean
egokitu beharko dituzte beren estatutuak. Egokitzapen horri dagozkion erabakiak
bertaratutakoen edo ordezkatutakoen boto-eskubidearen erdia gehi baten aldeko
baliozko botoaren bidez hartuko dira; ez da, beraz, 51.2 artikuluan estatutuak
aldatzeko aurreikusitako gehiengo kualifikatua eskatuko.
Bigarrena. Epe berean, bere sailkapenekoak ez
diren gizarte-aurreikuspeneko planak dauzkaten borondatezko
gizarte-aurreikuspeneko erakundeek plan horiek zatitu eta ezaugarri berak
betetzen dituen erakunde batean sartzeko erabakiak hartu beharko dituzte.
Hirugarrena. Lege hau indarrean sartzean prestazio
finkatuko gizarte-aurreikuspeneko planak dituzten borondatezko gizarte
aurreikuspeneko erakundeek, baldin eta 19.2.c) artikuluan aurreikusitakoa ez
den eskubide ekonomikoen aitorpena badute eta, 14. artikuluan aipatutako
baldintza guztiak betetzen dituztela, aurreikuspen-plan hori lehentasunezkotzat
hartzea eskatzen badute, bost urteko epea izango dute Lege honen 19.2.c)
artikuluan ezarritakoaren arabera egokitzeko eskubide ekonomikoaren aitorpena.
Laugarrena. Lege honen erregelamenduzko xedapenak
indarrean sartu bitarte, urriaren 27ko 25/1983 Legea, Gizarte-Emendiotarako
Borondatezko Erakundeei buruzkoa, garatzeko arau-xedapenek eta gainerako
araudiek indarrean jarraituko dute, betiere lege honekin bateraezinak ez
badira.
Xedapen
Indargabetzailea
Gizarte-Emendiotarako
Borondatezko Erakundeei buruzko urriaren 27ko 25/1983 Legea indargabetzen da.
Azken
Xedapenak
Lehenengoa. Erregelamendu bidezko garapena
Eusko
Jaurlaritzak emango ditu lege hau arau bidez garatzeko eta aplikatzeko
beharrezkoak diren xedapenak.
Bigarrena.
Ordezko araubidea
Administrazio-prozeduraren
inguruko gaietan, lege honetan aurreikusi gabe dagoen edozertan, Herri
Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen
azaroaren 26ko 30/1992 Legearen xedapenak bete beharko dira.
Hirugarrena.
Indarrean sartzea
Lege
hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean
jarriko da indarrean.