Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

5/2008 Legea, ekainaren 19koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu era arautzen duena.

2008-06-19

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2008/7/10, 131. zk.; EAO, 2011/9/3, 212. zk.

§ 302. 5/2008 LEGEA, EKAINAREN 19KOA, GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA SORTU ETA ARAUTZEN DUENA

 

ZIOEN AZALPENA

 

       Garapenerako lankidetza nabarmen hazi da azken aldi honetan Euskal Autonomia Erkidegoan, herritarren elkartasuneko urte asko eta lankidetza publikoko bi hamarkada baino gehiago igaro ondoren. Bilakaera horren mugarri gisa, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak jarduera horrek Euskadin dituen printzipioak, helburuak eta lehentasunak bideratzen ditu, eta oro har ezartzen du zeintzuk diren eragileak eta tresnak.

 

       1/2007 Lege horrek honako hau aurreikusten du, azken xedapenetako lehenengoan: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia arduratuko da garapenerako lankidetzaren arloko politikaren plangintza egiteaz eta politika hori koordinatu, kudeatu eta egikaritzeaz, eta horretarako, berariazko lege bat sortu beharko da. Hain zuzen ere, lege honen helburua aurreikuspen hori betetzea da, aipaturiko agentzia hori sortuz eta arautuz.

 

       Administrazio Instituzionalaren barruan garapenerako lankidetzako berariazko erakunde bat eratzeko funtsezko arrazoia honetan datza, batik bat: politika publiko hori egikaritzeko egitura eta tresnak politika horrek azken urteotan izan duen hazkundera egokitu beharrean, eta egikaritze hori 1/2007 Legeak aipatzen eta hitzartzen dituen eraginarekin eta kalitatearekin egiteko beharrera egokitu beharrean. Eusko Jaurlaritza laurogeiko urteen erdialdean beste herrialde batzuekin lankidetzan jarduteko diru-baliabideak bideratzen hasi zenetik orain arte, aurrekontuetako zuzkidura eta tresnak oso modu nabarmenean hazi dira; era berean, ekintzen kopurua eta ekintzon konplexutasuna ere nabarmen igo dira. Hori guztia dela eta, asmoa da Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen garapenerako lankidetzako politika egikaritzeaz arduratzen den berariazko erakunde bat eratzea.

 

       Bestalde, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzea bide egokia izan daiteke Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretakoez kanpoko beste ekarpen batzuk kudeatzeko. Bereziki, agentzia izaera irekiz diseinatzen da, eta beste euskal erakunde publiko batzuei irekirik egongo da, erakunde horiek gai honetan duten autonomia errespetatuz, 1/2007 Legeak 14. artikuluan aitortzen duen bezala.

 

       Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren sorrera bat dator Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren III. tituluak Administrazio Instituzionalari buruz jasotzen dituen xedapen orokorrekin, eta gainera haietan oinarritzen da. Hori dela eta, lege honek zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren izaera juridikoa aukeratzen du, horixe baita erakunde horren zereginetara ongien egokitzen dena.

 

       Legeak erakunde publiko baten oinarrizko arauketa sortzen eta ematen duen arau bati dagokion egitura du, eta, hori dela eta, hau jasotzen du:

 

- Legearen xedea

- Agentziaren izaera eta araubide juridikoa

- Helburuak, ahalmenak eta administrazio-jardunaren printzipioak

- Egoitza

- Gobernu-organoak eta organoon eginkizunak

- Egitura

- Araubide ekonomikoa

- Langileen araubidea

 

       Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren gobernu-organoei dagokienez, Lehendakaritzaz, Lehendakariordetzaz eta Zuzendaritzaz gain, erakundean kide anitzeko organo bat egotea aurreikusten da, Kontseilu Errektorea, eginkizun zabalak izango dituena, eta erakunde berriaren egituraren definizio orokor bat aurreratzen da.

 

       Gorago adierazitakoa horrela bada ere, lege honek garapen bat eduki beharko du, agentziaren antolaketari dagozkion alderdiak zehazte aldera. Horretarako, dagokion antolaketa- eta funtzionamendu-araudia eman beharko da.

 

1. Artikulua - Legearen xedea

 

       Lege honen xedea da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzea eta arautzea, garapenerako politikaren plangintza prestatzeaz arduratuko den erakunde publikoa izan dadin, bai eta politika hori koordinatu, kudeatu eta egikaritzeaz arduratu dadin ere. Garapenerako politikaren helburua, bestalde, pobreziaren aurka borrokatzea eta garatze-bidean diren herrialdeetan giza garapen iraunkorra sustatzea izango da.

 

2. Artikulua - Izaera eta araubide juridikoa

 

       1.    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia nortasun juridiko propioa duen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasuna du, eta garapenerako lankidetzaren arloan eskuduna den Jaurlaritzako sailari atxikirik dago.

 

       2.    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia lege honek, bere antolaketa eta funtzionamenduko erregelamenduak eta haiek garatzeko xedapenek arautuko dute. Bere egitekoak gauzatzean zuzenbide pribatuari jarraituko dio, batik bat; baina Administrazioaren ahalak baliatzen dituenean –zuzeneko esleipenaren bidez edo eskuordetzaren bidez– zuzenbide publikoari atxikiko zaio. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren gaiei dagokienez, espresuki aplikatzekoak zaizkion xedapenei jarraituko die, eta, xedapen horiekiko kontraesanik ez dagoenean, zuzenbide pribatuari.

 

3. Artikulua - Helburuak eta eginkizunak

 

       1.    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak xedetzat du Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzako politikaren plangintza prestatzea eta politika hori koordinatzea, kudeatzea eta egikaritzea, garapenerako lankidetzaren arloan eskuduna den sailak ezartzen dituen jarraibideei jarraituz.

 

       2.    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, honako eginkizun hauek ditu egotzirik:

 

a)  Garapenerako lankidetzako politika egikaritzea, Garapenerako Lankidetzari buruzko Legean eta plangintzako tresnetan ezarritakoari jarraituz eta Eusko Jaurlaritzako sail eskudunaren jarraibideei lotuz.

b)  Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan garapenerako lankidetzara bideraturiko baliabide ekonomiko eta materialak kudeatzea.

c)  Jasotzen dituen funts publiko eta pribatuen beste zernahi transferentzia kudeatzea. Baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publiko batek garapenerako lankidetzara bideraturiko diru-baliabideak erregularki transferitzea erabakitzen badu, ekarpen hori agentziak kudeatuko du, hitzarmen baten bidez zehazten diren baldintzen arabera.

d)  Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa kudeatzea.

e)  Eusko Jaurlaritza aholkatzea garapenerako lankidetzako politikaren plangintzan. Horretarako, agentziak plangintzaren orientabide orokorrak eta lau urteko gidaplanaren eta urteko planen proposamena prestatuko ditu, garapenerako lankidetzan eskuduna den sailburuaren bidez Eusko Jaurlaritzari helarazteko. Plan horiek Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak ezarririkoaren arabera onartuko dira.

f) Lankidetzako politika publikoaren eta haren eraginaren urteko ebaluazioak egitea, bai eta politika horren ekintzen eta tresnena ere.

g)  Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak garapenerako lankidetzarekin erlazionatuta egiten dituen jardueren koherentzia bultzatzea, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak finkaturiko printzipio eta helbururen esparruan.

h)  Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordeari, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluari eta lankidetzako eragileei laguntzea eta babesa ematea.

i) Indarrean dauden xedapenek egozten dizkioten gainerakoak.

j) Garapen-politikak beste administrazio batzuekin eta alde biko edo alde anitzeko beste agentzia batzuekin koordinatzen laguntzea tokiko eremuan, autonomia-erkidegoetan, Estatuan, Europar Batasunean eta Nazio Batuetan.

k)  Betiere interlokuzioa izatea lankidetzako gizarte-eragileekin.

l) Euskal Autonomia Erkidegotik larrialdietarako ematen den laguntza humanitarioa koordinatzea.

m) Garapenerako sentsibilizaziora eta heziketara bideratutako ekintzak bultzatzea eta egikaritzea.

n)  Agentziaren helburuak lortzen lagunduko duten ekimen publiko eta pribatuak babestea eta bultzatzea.

ñ)  Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuei eta beste euskal administrazio publiko batzuei laguntza eta lankidetza eskaintzea garapenerako lankidetzarekin lotutako ekimenak garatzeko.

 

       3.    Artikulu honetako aurreko paragrafoan zerrendatu diren eginkizunak, betiere, emakume eta gizonen berdintasuneko helburua modu aktiboan kontuan izanik garatuko dira.

 

4. Artikulua - Ahalmenak

 

       Bere eginkizunak betetzeko, betiere kasu bakoitzean aplikagarri den araudiaren barruan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak honako hauek egin ahal izango ditu:

 

a)  Garapenerako lankidetzako programa, proiektu eta gainerako ekimenak, pobreziaren aurka borrokatzera eta jarduera-sektoreen arabera giza garapen iraunkorra sustatzera bideratuta daudenak, identifikatzea, formulatzea, egikaritzea eta segimendua eta ebaluazioa egitea.

b)  Garapenerako lankidetzako programa, proiektu eta gainerako ekimenak gauzatzeko laguntza eta diru-laguntza publikoen deialdiak kudeatzea. Agentziaren diru-laguntza arloko jarduera, bere izaera juridikoarekin bateragarri den gai guztietan, diru-laguntzak arautzen dituen araudian xedaturikoaren mende egongo da. Arau horiek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean jasotzen dira.

c)  Beste administrazio publiko batzuetatik laguntzak eta diru-laguntzak lortzea, bai eta zeinahi pertsona edo erakunde publikotatik ere, eta dohaintza pribatuak.

d)  Beharrezko diren administrazio- eta xedapen- egintzak eta eragiketa ekonomiko eta finantzarioak gauzatzea, bere xedeen barruan.

e)  Bere eginkizunak betetzeak eskatzen dituen hitzarmen eta kontratuak egitea, kasu bakoitzean aplikagarri den araudiari atxikiz.

 

5. Artikulua - Administrazio-jardunaren printzipioak

 

       Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legearen 3. artikuluan ezarritako printzipio gidariez gainera, honako printzipio hauek izango ditu gidari bere administrazio-jardunean:

 

a)  Gardentasun eta parte-hartze printzipioa, herritarrei kontu emateari eta bere helburuen betetzeko parte-hartze sozialari dagokienez.

b)  Autonomia- eta erantzukizun-printzipioa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari ahalmena ematen baitzaio bere helburuak betetze aldera bere esku jarritako bitartekoak autonomiaz kudeatzeko.

c)  Administrazioen arteko eta instituzio mailako lankidetza-printzipioa, hau da, sailen arteko eta instituzioen arteko lankidetzarako jarrera.

d)  Kalitatearen eta etengabeko hobekuntzaren printzipioa.

e)  Etika profesionalaren eta erantzukizun publikoaren printzipioa.

 

6. Artikulua - Egoitza

 

       1.    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren egoitza Vitoria-Gasteizen finkatzen da.

 

       2.    Bere eginkizunak gauzatzeko, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak Euskadiren atzerriko ordezkaritzen laguntza eduki ahal izango du.

 

7. Artikulua - Gobernu-organoak

 

       Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren gobernu-organoak Lehendakaritza, Kontseilu Errektorea eta Zuzendaritza dira.

 

8. Artikulua - Lehendakaritza eta Lehendakariordetza

 

       1.    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lehendakaritza garapenerako lankidetzan eskuduna den sailburuari egokituko zaio, eta honako eginkizun hauek izango ditu:

 

a)  Agentziaren ordezkari instituzional gorena izatea.

b)  Agentziari ezarritako helburuak bete daitezen zaintzea.

c)  Kontseilu Errektorearen erabakiak bete daitezen zaintzea.

d)  Urteko planen kudeaketa, egikaritze eta ebaluazioaren berri ematea urtero Eusko Legebiltzarrean.

e)  Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamenduak esleitzen dion beste zernahi eginkizun.

 

       2.    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lehendakariordetza garapenerako lankidetzan eskuduna den sailburuordeari egokituko zaio, eta Lehendakaritzaren titularra ordezkatuko du hura kanpoan edo gaixorik dagoenean.

 

9. Artikulua - Kontseilu Errektorea

 

       1.    Kontseilu Errektorea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren erabaki, administrazio eta kontroleko organo nagusia da, eta honako osaera hau izango du:

 

a)  Lehendakaritza agentziako lehendakariari egokituko zaio, edo lehendakariordeari haren ordez.

b)  Lau kide, Eusko Jaurlaritzako beste sail eta erakunde batzuen ordezkari gisa, agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamenduak ezartzen duenaren arabera.

c)  Hiru kide, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren ordezkari gisa, kontseilu horrek bere alde soziala osatzen duten kideen artean aukeratuak.

d)  Bi kide, Eusko Legebiltzarraren ordezkari gisa.

e)  Idazkaritza agentziako zuzendariari egokituko zaio, eta hura ere Kontseilu Errektoreko eskubide osoko kide izango da.

 

       2.    Baldin eta, lege honetako 3.2 artikuluaren c) idatz-zatiak aurreikusten duenez, agentziarentzako diru-ekarpen erregularrik egongo balitz beste euskal administrazio publiko batzuetatik, Eusko Jaurlaritzak egoki irizten dizkion aldaketak sartu ahal izango ditu, erregelamendu bidez, Kontseilu Errektorearen osaeran.

 

       3.    Kontseilu Errektorearen osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da.

 

       4.    Kontseilu Errektoreko kideak garapenerako lankidetza-politikaren ardura duen sailburuak izendatuko ditu, bai eta, hala dagokionean, kargugabetu ere. Salbuespena izango dira beren karguagatik diren edo beste instituzio batzuek izendatuta dauden kideak.

 

       5.    Kontseilu Errektoreak gutxienez hiru hilean behin egingo ditu bilerak.

 

       6.    Kontseilu Errektoreko bileretara beste pertsona batzuk ere joan ahal izango dira, gai-zerrendako gaietan adituak izateagatik edo beren iritzia entzuteko interesagatik lehendakariak deituta. Bileretan hitza edukiko dute, baina botorik ez.

 

10. Artikulua - Kontseilu Errektorearen eginkizunak

 

       Kontseilu Errektoreari honako eginkizun hauek egokituko zaizkio:

 

a)  Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren jardueren plan orokorrak onartzea.

b)  Laguntza eta diru-laguntza guztiei buruzko deialdiak onestea eta organo eskudunari proposatzea, bai eta laguntzok emateko oinarrizko irizpideak ere.

c)  Agentziaren urteko aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea.

d)  Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren jardueren urteko memoria onartzea.

e)  Aplikagarri zaizkion legezko baldintzen arabera, plantillen proposamena eta bere langileen ordainsari-araubidearen proposamena egitea. Proposamen hori, betiere, Gobernu Kontseiluak onartu beharko du.

f)   Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamenduaren aldaketa proposatzea, Gobernu Kontseiluari helarazteko.

g)  Gobernu Kontseiluaren onespena eskatzen duten beste erabaki-proposamen batzuk hari helarazteko proposatzea.

h)  Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamenduak gomendatzen dion beste zernahi eginkizun.

i)   Agentziako zuzendariaren izendapena eta kargugabetzea Eusko Jaurlaritzari proposatzea.

j)   Agentziako zuzendariaren kudeaketa kontrolatzea eta zuzendariari eskatu beharreko erantzukizunak eskatzea.

k)  Agentziaren jardunari jarraipena egitea, gainbegiratzea eta kontrolatzea.

l)   Jardunari buruzko txosten bat eta kudeaketari buruz beharrezko iritzitako ohiz kanpoko txostenak onestea, haietan jasoz lortutako emaitzak eta antzemandako gabeziak.

m) Beste zenbait erakunde juridikotan parte hartzea baimentzea, haietan dagokien eskubidea erabiliz.

n)  Alde biko zuzeneko lankidetza-hitzarmenak edo -ekintzak onestea.

ñ)  Plangintzako orientabide nagusiak eta lau urteko eta urteko planak proposatzea, Jaurlaritzari bidaltzeko.

 

11. Artikulua - Zuzendaritza

 

       1.    Agentziako Zuzendaritza zuzendariari egokituko zaio. Zuzendaria Eusko Jaurlaritzak izendatuko du, Kontseilu Errektoreak proposatuta. Ondorio guztietarako, goi-karguaren kontsiderazioa izango du, zuzendari mailakoa, eta aplikagarri izango zaizkio, beraz, funtzio publikoetan aritzeko bateraezintasunei buruzko legeria eta ordainsariei buruzko aurrekontu-legeria.

 

       2.    Zuzendariaren eginkizunak honako hauek dira:

 

a)  Agentziaren eta bere langileen zuzendaritza arrunta.

b)  Kontseilu Errektorearen erabakiak proposatzea eta egikaritzea.

c)  Agentziaren ordezkaritza arrunta.

d)  Kontseilu Errektoreak proposaturiko irizpideen arabera, laguntzak eta diru-laguntzak ematea, kontseilu horri horren berri emanez.

e)  Hitzarmenak eta protokoloak formalizatzea.

f) Agentziaren izenean kontratazioak egitea, bai eta gastuen erabilera baimentzea eta ordainketak agintzea ere, indarrean dagoen legerian ezarririkoaren arabera.

g)  Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamenduak edo Kontseilu Errektoreak gomendatzen dion beste zernahi eginkizun.

h)  Kontseilu Errektoreari proposatzea plangintzaren orientabide nagusiak, lau urteko gidaplanak eta urteko planak, bai eta lankidetzaren tresnei eta eraginkortasunari buruzko ebaluazioa ere.

i) Kontseilu Errektoreari proposatzea agentziaren jarduera-plan orokorrak, agentziaren urteko aurrekontuaren aurreproiektua, plantilak eta horien ordainsari-araubidea, bai eta urteko memoria ere.

 

       3.    Zuzendariak agentziaren eginkizun publikoak betearaziz emaniko egintzek ez dute agortuko administrazio-bidea. Egintzon aurka, gorako errekurtsoa jarri ahal izango da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariaren aurrean.

 

12. Artikulua - Egitura

 

       Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamenduak zehaztuko du haren jarduerak zein ekintza-arlotan antolatuko diren. Ekintza-arlootan, bestalde, beti jasoko dira jarduteko area geografiko batzuk eta besteak eta orobat alde anitzeko lankidetza.

 

13. Artikulua - Araubide ekonomikoa, ondarezkoa eta kontrataziokoa

 

       1.    Kontrol ekonomiko-finantzarioaren eta kudeaketako kontrolaren bidez gauzatuko da agentziaren kontrol ekonomikoa, Ekonomia Kontrolaren eta Kontabilitatearen ekainaren 30eko 14/1994 Legean eta lege hori garatzen duen araudian ezarririkoarekin bat etorriz.

 

       2.    Agentziaren ondarea Autonomia Erkidegoaren Ondarean edo Euskadiren Ondarean dago integraturik, eta ondare horri aplikagarri zaion araudiak arauturik.

 

       3.    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren baliabide ekonomikoak honako hauek izango dira:

 

a)  Bere ondarearen produktu eta errentak.

b)  Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan urtero esleitzen zaizkion diru-izendapen eta transferentziak.

c)  Indarren dagoen legerian aurreikusirikoarekin bat etorriz, jasotzea egokituko litzaizkiokeen diru-sarrerak, eta beraren jardueren ondorioz sortzen direnak.

d)  Pertsona publikoek edo pribatuek ematen dizkioten diru-laguntza, borondatezko ekarpen, dohaintza, jaraunspen eta legatuak.

e)  Lege- edo erregelamendu-xedapenen arabera dagokion beste edozein baliabide.

 

       4.    Agentziaren kontratu-jarduera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari aplikagarri zaizkion xedapenetara egokituko da.

 

14. Artikulua - Langileen araubidea

 

       1.    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lanpostuak horretarako kontrataturiko langileek eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileek beteko dituzte, lanpostu bakoitzak egotzirik dauzkan egitekoen izaeraren arabera.

 

       2.    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kontrataturiko langileak lan-zuzenbideko arauen bidez arautuko dira.

 

       3.    Ahal publikoak erabiltzea dakarten lanpostuak funtzionarioentzat gorderik egongo dira, eta langile horiei Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzio publikoa arautzen duen araudia aplikatuko zaie. Horniketako prozeduren deialdia, kudeaketa eta ebazpena funtzio publikoan eskuduna den sailari egokituko zaio, publikotasun, berdintasun- merezimendu- eta gaitasun-irizpideei erantzunez.

 

       4.    Horretarako kontrataturiko langileei dagokienez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio zehaztea lanpostuetara iristeko araubidea, hautaketako proben betekizunak eta ezaugarriak, bai eta prozesuen deialdia, kudeaketa eta ebazpena ere, publikotasun, berdintasun, merezimendu eta gaitasun-irizpideen arabera.

 

       5.    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako langileen ordainsari-araubidea, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzuko langileentzat oro har ezarririkoa izango da.

 

Xedapen Gehigarriak

 

Lehenengoa - Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren jardueren hasiera

 

       1.    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia abian jartzeko eta jarduerak hasteko data agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen dekretuan ezartzen dena izango da. Nolanahi ere, lege hau indarrean jartzen denetik urtebete pasa baino lehen abiatu eta lanean hasiko da.

 

       2.    Jardueren hasieraren aurretik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreko kide izango direnak izendatu beharko dira eta, era berean, agentziaren organoak eraturik geratu beharko dira.

 

       3.    Jardueren hasiera eta dagokion aurrekontuen legea indarrean sartzea batera gertatzen ez badira, Gobernu Kontseiluak onartuko ditu agentziaren ustiapeneko eta kapitaleko aurrekontuak, bai eta agentziaren jarduerak hasten diren ekonomia-ekitaldiari dagozkion finantza arloko behin-behineko egoera-orriak ere, eta horren berri emango dio Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari 15 eguneko epean. Horretarako, aurrekontuen arloan eskuduna den Jaurlaritzako sailari baimena ematen zaio aurrekontuok osatzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak egiteko, baina aldaketa horiek ezin dute handitu erakunde publikoaren jardueren hasieran indarrean zeuden Aurrekontu Orokorretako partidetan izendaturiko zenbateko globala.

 

Bigarrena - Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari atxikiriko langileak integratzea

 

       1.    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean zerbitzuak eskaintzen dituzten lan-kontratuko langileek, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak –lege honi, erakunde publikoaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamenduari eta ezartzen diren arauei jarraituz– bere gain harturiko eginkizun batzuk betetzen badituzte, erakunde publiko horretan integratuko dira, lan arloko araudian aurreikusiriko enpresaren ondorengotza-mekanismoa aplikatuz.

 

       2.    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean zerbitzuak eskaintzen dituzten funtzionarioek, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak –lege honi, erakunde publikoaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamenduari eta ezartzen diren arauei jarraituz– bere gain harturiko eginkizun batzuk betetzen badituzte, erakunde publiko horretan integratuko dira, atxikipenaren unean zuten administrazio-egoera mantenduz eta aitorturik zeuzkaten eskubide guzti-guztiak gordez, besteak beste antzinatasuna.

 

Hirugarrena - Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen eginkizunak esleitzea eta baliabide eta ondasunak atxikitzea

 

       Gobernu Kontseiluak, dekretu baten bidez, Administrazio Orokorreko sailen eta haren erakunde autonomoen egitura organikoak egokituko ditu, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari lege honetan eta antolaketa eta funtzionamenduko erregelamenduan zehazturiko helburuak betetzeko ezarritako eginkizunak eta behar diren giza baliabideak esleitzeko beharrezko direnak, hain zuzen ere. Ondasun eta baliabide material egokien esleipena Ogasun eta Herri Administrazio Sailak egingo du.

 

Azken Xedapenak

 

Lehenengoa

 

       Lege hau indarrean sartzen denetik sei hilabeteko epean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartuko du Eusko Jaurlaritzak, dekretu baten bidez.

 

Bigarrena

 

       Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra