5/2004 Legea, maiatzaren 7koa, Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzekoa.
2004-05-07Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2004/5/24, 96. zk.; EAO, 2011/11/19, 279. zk.
§
263. 5/2004 LEGEA,
MAIATZAREN 7KOA, MAHASTIZAINTZA ETA ARDOGINTZA ANTOLATZEKOA
ZIOEN ADIERAZPENA
Mahatsaren eta ardoaren ekoizpena garrantzi handiko osagaia da egungo euskal nekazaritzako elikagaien arloan, ez ekonomiaren ikuspegitik bakarrik, baita gizartearen aldetik ere, mahastizaintzak eta ardogintzak gizarte-sektore askotan onarpen handia dutelako. Ardoari antzinatik eman zaion garrantziari esker arian-arian garatu dira denboran zehar mahasti-laborantza, ekoizpenaren kalitatea eta kopurua, ardoa egiteko industriaren eboluzio-maila eta industria horretan parte hartzen duten sektore guztiek lortutako prestakuntza-maila. Horrela lortu du egungo ekoizpen-sistemak eraginkorra izateaz gain nazioartean duen onarpen entzutetsua, milaka urteetako tradizioari lotuta baitator ardoa neurrian kontsumitzeko ohitura.
Euskal
Autonomia Estatutuak, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaz onartuak, 10.
artikuluko 9. paragrafoan Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio eskumen
esklusiboa nekazaritzan, ekonomiaren antolaketa orokorraren arabera, eta
artikulu bereko 27. paragrafoan zehazten du Euskal Autonomia Erkidegoari
dagokiola eskumen esklusiboa jatorri-deiturei buruz Estatuarekin elkarlanean.
"Estatuarekin
elkarlanean" esapideari Konstituzio Auzitegiak emandako interpretazioaren
arabera, ez du eskumen erdibanako moduan interpretatu, ez eta Estatuarentzat
gordetako koordinazio-eskumen bezala ere, zeren "eskumen esklusiboa
elkarlanean izateak ez baitu esan nahi eskumen partzialen aldez aurreko
bereizketarik egiten denik gero Estatuak hori koordinatzeko, baizik eta
jarduera hori, beste izakiaren eskumenak ahalik eta gehien errazteko, alde
bakarrak burutu behar duela gaiaren gaineko berariazko lankidetzako araubideaz
baliatuta. Elkarlanean aritzeak esan nahi du elkarlanean diharduten izakietako
batek egin dezakeena ez duela besteak egin behar, bataren eta bestearen
jarduerak elkarren artean trukatzeko modukoak izan ez daitezen".
Autonomia
Estatutua garatzerako, Euskadiko politika egituratu beharrak antolaketa
politiko-administratibo berri bat sortu eta Euskadiko lurralde historikoen
beren beregiko araubide juridikoen eta eskumenen errespetuaz ezkontzea ekarri
zuen, eta hori izan zen Lurralde Historikoen Legea izenarekin ezagunagoa den
Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako
Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983
Legearen azken helburua. Lege horren arabera, lurralde historikoei dagokie
mahastizaintzan eta ardogintzan erakunde nagusiek emandako arauak garatu eta
betearaztea.
Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan orain darabilgun gaiaren gaineko eskumenen banaketa egin eta gero, gaiarekin zerikusia duten erakundeetako bakoitzari dagozkion eskumenak gauzatzeko erak argitu eta errazteko bideak ezartzea da lege honen asmoa.
Mahatsaren
eta ardoaren ekoizpenaren etorkizuna kalitatearen ikuspegitik bideratu da,
kalitatea bera ere egindako produktuen berezitasunean oinarritu behar dela
kontuan hartuta. Ildo horretan, azpimarratzekoak dira legeak kalitatea
babesteko jasotako neurriak, ez ardoa egitean bakarrik, baita mahatsaren
jatorrian ere. Helburu horrekin ezarri ditu, bada, Euskal Autonomia Erkidegoan
ekoitzitako kalitateko ardoen kudeaketa- eta kontrol-organoek bete behar
dituzten betekizunak.
Mahastizaintzako
eta ardogintzako arloa arautzeaz gain, arloarekin zerikusia duten sektore
guztiek behar bezalako lehia leialaren baitan jarduteko joko-arauak ezartzea da
legearen azken helburua, baita ardoa egin eta merkaturatzeko prozesu osoan
kontsumitzailea babestea ere.
Legea
bost titulutan egituratzen da: xedea eta aplikazio-eremua; mahasgintza;
ardogintza; Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoak, eta
zehatzeko araubidea, hurrenkeran.
Legearen
xedea eta aplikazio-eremua ezartzen dira I. tituluan; eta bertan jasotzen dira,
halaber, legearen edukian agertutako zenbait kontzeptu zehazteko zentzu
orokorrez emandako definizio batzuk.
Mahasgintza
arautzen da II. tituluan, eta bertan jasotzen da mahastiak landatzea,
mahatsondo-klaseak eta mahatsondoaren laborantzaren gaineko arauak, bai eta
bete behar diren uzta-aitorpenak eta mahastien erregistroak ere.
Ardogintza
arautzen da III. tituluan. Amaierako produktuaren kalitatea bermatzeko, onartutako
praktika eta tratamendu enologikoei buruzko arauak jasotzen dira. Produktuaren
azken emaitzaren eta kontsumitzailearen segurtasunaren berme-tresna moduan
produktu enologikoen zerrenda eratzen da, ardoa egiteko prozesuan erabili ahal
izango diren produktu enologikoak jasotzen baitira bertan.
Era
berean, III. tituluan jasotzen dira ekoizpenaren eta izakinen aitorpenak, eta
Euskal Autonomia Erkidegoan hasi eta Europar Batasuneko lurralde-eremu osora
mahastizaintzako eta ardogintzako produkturen bat garraiatu nahiz garraiarazi
dezaten pertsona fisikoek zein juridikoek eta pertsonen artean osatutako
taldeek bete beharko dituzten agiriak, garraioan eramateko agiriak, alegia.
Mahastizaintzako eta ardogintzako produktuak dituztenek produktu horien
kontabilitate berezia eraman beharko dute erregistro-liburuetan, eta
liburuetako idatziak eta garraioan eramateko agirietan agertzen diren
zehaztasunak bat etorri behar dira.
Garrantzi
berezia dute etiketei buruzko arauek, eta, zabalago hartuta, mahastizaintzako eta
ardogintzako produktuen izendapen, aurkezpen-modu eta publizitateari buruzko
arauek, kontsumitzaileen segurtasuna bermatze aldera ez dutelako iruzurrik
sortu behar, ez eta hartzailea nahastu edo erratzera eraman ere, zeren arau
horiek hausten dituzten produktuak ezin izango baitira salmentan jarri, ez
merkatura atera, ez esportatu.
Euskal
Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoak eta ardo horien babesa
arautzen dira IV. tituluan, eta jabari publikoko ondasun izendatzen dira
babestutako izen geografikoak. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan
ekoitzitako kalitateko ardoak arautzeko berariazko arauetan jaso beharreko
gutxieneko edukia ere zehazten da, ardo horiek halakotzat aitortzeko
prozedurarekin batera.
Titulu
horrek arautzen ditu, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako
kalitateko ardoen kudeaketa-organoak, eta jatorri-deiturako kasuetan eta
jatorri-deitura kalifikatuen kasuetan organo horien izena kontseilu arautzaile
izango da. Lege honek garrantzizko berrikuntza bat sartu du kudeaketa-organo
horiei dagokienez, izan ere, zuzenbide publikoko korporazio moduan kalifikatu
ditu, Administrazioko organo deskontzentratu izatetik funtzio publikoak
betetzen dituzten erakunde bihurtzen dituelako; eta funtsean zuzenbide pribatua
izango dute araubide. Premia baten eraginez egin da aldaketa hori, izan ere,
mahastizaintzako eta ardogintzako arloa arautzeko garaian garrantzi gehiago
eman nahi zaie kudeaketa-organoei arlo horretan, bertan ordezkaritza duten
mahastizaintzako eta ardogintzako arloei ere ematen zaielako aldi berean.
Hartara, Administrazioari gelditu zaizkion eginkizun bakarrak organo horien
jarduteko modua eta lege honetan jasotako helburuetara egokitzen diren eta
bertako betebeharrak betetzen dituzten ikuskatu eta babestea izango dira.
Mahastizaintzaren
eta ardogintzaren arloetako arau-hausteei aplika dakiekeen zehatzeko araubidea
arautzen da V. tituluan; arau-hausteak arin, larri eta oso larri moduan
sailkatzen dira, eta arau-hauste horiei aplikatzeko zehapenak ere bertan
ezartzen dira. Ikuskapen-lana errazteko, ikuskatzaileek ikuskaritza-lanetan
dihardutenean, ikuskatuaren instalazioetara sartu ez ezik, industria,
merkataritza eta kontabilitate arloetako agiriak ere ikuskatu egin ahal izango
dituzte. Aldi berean, kudeaketa-organoei baimena ematen zaie organo bakoitzak
zain ditzan bere kalitateko ardoen babesa ez duten mahats, muztio eta ardoen
joan-etorriak, baldin eta bere eremu geografikoan egin, biltegiratu, botiletan
sartu, merkaturatu edo eremu horretatik igarotzen badira.
I. TITULUA
XEDEA ETA APLIKAZIO-EREMUA
1. Artikulua - Xedea eta
aplikazio-eremua
1.- Lege honen xedea
mahastien eta ardoaren antolamendua da, Euskal Autonomia Erkidegoaren
lurraldean.
2.- Lege hau
aplikatuko zaie Euskal Autonomia Erkidegoan landatu eta ardotarako mahatsa eta
txertaken laborantzarako ekoizteko diren mahastiei. Era berean, lege honen
aginduen arabera lotuko dira Erkidego honetan kokatutako instalazioetan ardoa
egiteko prozesua, Erkidego honetatik bidalitako mahasgintzako eta ardogintzako produktuak,
eta haien izendapena, izena eta aurkezpen-modua.
3.- Lege honen
aginduen arabera lotuko dira ardoen jatorria eta kalitatea babesteko sistema
eta mahastizaintza eta ardogintza alorreko zehatzeko arautegia.
2. Artikulua - Sustapena
Gaiaren
gaineko eskumenak dituzten administrazio publikoek ardo-kontsumoa eta mahastien
babesa sustatzeko, zabaltzeko eta horien gaineko informazioa emateko kanpainak finantzatu
ahal izango dituzte. Helburu horrekin, aipatutako kanpainak, osorik edo zati
batean, funts publikoekin finantzatuta badaude, irizpide hauek bete beharko
dituzte:
a) Ardoa neurriz eta erantzukizunez kontsumitzeko gomendatzea.
b) Ardoa elikagai natural denez, ardo-kontsumoak dietan sortzen
dituen onuren gainean kontsumitzaileei informazioa ematea.
c) Kontsumitzaileak hezi eta prestatzea.
d) Aurreko artikuluan aipatutako ardoen gaineko ezagupena bultzatu
eta zabaltzea, merkatu berrietara hedatzea lortzeko.
Era
berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak akordioak edo itunak
izenpetu ahal izango ditu beste erakunde batzuekin, publikoekin nahiz
pribatuekin, kanpaina horiek egiteko.
3. Artikulua - Definizioak
Lege
honen ondorioetarako, zentzu honetan ulertu behar dira jarraian datozen
kontzeptuak:
a) Erauzketa: mahatsondoz landatutako lurretan dauden mahats-orpoak
erabat ezabatzea.
b) Landaketa: txertatuta edo txertatu gabe, mahatsondo-landareak edo
mahatsondo-landare parteak behin betiko jartzea, mahatsa ekoizteko edo
txertoetarako sorburuko mahatsondoen laborantzarako.
c) Landaketa berria: 1493/1999 (EE) Erregelamenduko 3. artikuluan
landaketa berrirako jasotako eskubideak baliatuz egindako mahatsondo-landaketa.
d) Birlandaketa: 1493/1999 (EE) Erregelamenduko 4. artikuluan
birlandaketarako jasotako eskubideak baliatuz egindako mahatsondo-landaketa.
e) Gaintxertaketa: lehendik txertatutako mahatsondoari egindako
txertoa.
f) Hutsarteak betetzea: errotzeko arazoak izan dituztelako edo
ezbehar fisikoak, biologikoak edo eguraldiak eragindakoak izan dituztelako,
emankorrak ez diren mahats-orpoak ordeztea.
g) Laborantzako azalera: mahats-orpoekin benetan hartutako
laborantzaren azalerak eta horri dagokion kale eta pasabideen heineko azalerak
osatutako azalera guztia.
h) Ekoizlea: 1493/1999 (EE) Erregelamenduko 1. artikuluko 2.
paragrafoan aipatutako mahastizaintzako eta ardogintzako produktuak egin
ditzaten pertsona fisikoak zein juridikoak, eta pertsona horiek osatutako taldeak,
kooperatiba-upategiak barne.
i) Mahats-lursaila: urte berean mahatsondoz landatutako lurraren
azalera jarraitua, edo mahatsondoak landatzeko egindako eskariari dagokion
azalera jarraitua.
j) Mahats-ustiategia: ekoizle berberaren mahats-lursail guztien
multzoa.
k) Ardoa: elikagai naturala, jotako edo jo gabeko mahats freskotik,
edo mahats-muztiotik, hartzidura alkoholiko osoz edo zati batenaz lortutakoa
soil-soilik.
II. TITULUA
MAHASGINTZA
MAHASTIA LANDATZEA
4. Artikulua - Landaketa berriak
1.- Landaketa
berrirako eskubidetzat hartzen dira ardotarako mahatsa ekoizteko diren
mahatsondo-landareak behin betiko landatzeko baimena ematen dutenak, Euskal
Autonomia Erkidegoari landaketa berriak egiteko izendatutako eskubideen
banaketaren ondorio diren heinean.
Landaketa berrirako eskubidetzat hartzen dira, halaber, kasu
hauetan emandakoak:
a) Mahastizaintzako saiakuntzakoak.
b) Txertoetarako sorburuko mahatsondoen laborantzakoak.
c) Lursailak bateratzeko neurrien baitan zein herri-onurakoa
izateagatik egindako desjabetza-neurrien baitan landatzeko jarritako azalerak,
1227/2000 (EE) Erregelamenduko 3. artikuluko 1. paragrafoarekin bat etorriz.
2.- Foru-aldundiek,
erregelamenduz zehaztuko diren baldintzetan, landaketa berrirako eskubideak
eman ditzakete, mahastizainaren familiaren kontsumorako baino ez diren
mahastizaintzako eta ardogintzako produktuak ekoizteko zenbait azaleretarako,
betiere salbuespenez eta eskubide horietatik etorritako mahastizaintzako eta
ardogintzako produktuak aipatu familia-kontsumorako direla ziurtatuz.
3.- Eusko
Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saileko organo eskumendunari dagokio
landaketa berrien eskubideak lurralde historikoen artean banatzea, Nekazaritza
eta Arrantza sailburuak eta lurralde historikoetako foru-organoei dagozkien
sailetako foru-diputatuek osatuko duten batzordeak irizpena eman ondoren,
betiere kontuan hartuta lurralde historiko bakoitzeko ardo-ekoizpenerako
ahalmena, batetik, eta kalitateko ardo ezberdinak merkatuari egokitzearen
irizpidea, bestetik.
4.- Onuradunek
baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Landaketa berria egiteko baimenaren xede diren lursailak eskubidea
ematen duen lurraldean kokatuta egon behar dira.
b) Baimen-eskatzaileak erregularizatuta eduki behar du bere mahasti
osoa, indarrean dagoen mahastizaintzako araudiarekin bat etorriz.
c) Baimen-eskatzaileak landaketa berrirako lursailen titular izan
beharko du jabetza-eskubide baten ondorioz, edo baimena eskatzen duen landaketa
berrirako lursailen erabilera- eta gozamen-eskubidea eduki.
d) Direnak direlako foru-aldundiek ezarritako beste edozein eskakizun
edo lehentasun-irizpide objetibo.
5.- Landaketa
berrirako eskubideak erabili, jaso dituen ekoizleak berak erabili beharko ditu,
baimendutako azaleretan eta helburuetarako, eta mahasgintzaren jardueran
gutxienez bost urtez aritzeko konpromisoa hartu; eskubideok azkenik, ezin
besterenduzkoak izango dira aipatutako epean.
6.- Landaketa
berrirako eskubideak erabili, bestalde, ematen diren kanpainaren hurrengo
bigarren kanpaina amaitu aurretik erabili behar dira. Aldi horretan erabiltzen
ez diren landaketa berrirako eskubideei, 1493/1999 (EE) Erregelamenduko 3.1
artikuluan aipatzen direnez bestelakoei, 6.2 artikuluko b) idatz-zatian
xedatutakoa aplikatuko zaie.
5. Artikulua - Birlandaketak
1.- Birlandaketako
eskubidetzat hartzen dira ardotarako mahatsa ekoizteko mahatsondo-landareak
behin betiko landatzeko baimena ematen dutenak, ustiategi berean mahatsondo-landaketa
bat erauzteagatik sortutako eskubideetan oinarrituta edo eskualdaketaz
lortutako eskubideetan oinarrituta.
2.- Birlandaketako
eskubideen onuradunek 4.4. artikuluan zehaztutako baldintza guztiak bete behar
dituzte.
3.- Birlandaketako
eskubideak erabili, aurrez aitortutako erauzketa egin zen kanpainaren hurrengo
zortzigarren kanpaina amaitu aurretik erabili behar dira.
Hala ere, eskualdaketaz lortutako eskubideen kasuan,
eskualdaketa onartu zenetik hurrengo bigarren kanpaina amaitu aurretik erabili
behar dira eskubideak, eta inola ere ezin da aurreko paragrafoan ezarritako
epea gainditu.
4.- Aldez aurreko
birlandaketako eskubideak eman ahal izango zaizkie, azalera jakin batean
landatzeko, azalera landatu ondorengo bigarren kanpaina amaitu aurretik
erauzketa egiteko konpromisoa idatziz hartzen duten ekoizleei. Konpromiso
idatzi horrekin batera bankuko abala aurkeztu behar zaio birlandatu beharreko
lursaila kokatuta dagoen lurralde historikoko foru-aldundiari; abalaren
zenbatekoa aipatutako foru-aldundiak zehaztuko du kasu bakoitzean, baina ezin
da izan egingo den landaketa berriaren balioa baino txikiagoa, azaleraren
balioa, landaketarena eta birlandaketaren eskubidearena barne direla
kalkulatuta.
5.- Birlandaketako
eskubideak ematen direnean, aurrez erauzitako edo erauzteko den azaleraren
pareko landutako eremurako eman ahal izango dira.
6.- Ustiategi bereko
lursailetan erauzketa egiteagatik sortutako eskubideetan oinarritutako
birlandaketarako baimena ematea ustiategia kokatuta dagoen lurralde historikoko
foru-aldundiari dagokio, baldin eta lursail biok lurralde historiko berean
kokatuta badaude. Eta foru-aldundi horrek Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta
Arrantza Sailari jakinarazi behar dio zeintzuk diren bere lurraldean kanpaina
bakoitzean eskubide horiek jaso dituzten azalerak.
Baldin eta lursailak, titular berarenak izan arren, lurralde
historiko batean baino gehiagotan aurkitzen badira, Eusko Jaurlaritzako
Nekazaritza eta Arrantza Sailari dagokio baimenaren gaineko erabakia.
Birlandatu beharreko lursaila kokatuta dagoen lurralde historikoko
foru-aldundia izango da Nekazaritza eta Arrantza Sailean eskabideak kudeatzeko
ardura izango duena. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak
interesatuei eta dagozkien lurralde historikoei emango die hartutako erabakien
berri.
Baldin eta lursailak, titular berarenak izan arren,
autonomia-erkidego batean baino gehiagotan aurkitzen badira, edo lursailen bat
autonomia-erkidego baten lurraldea baino gehiago hartzen duen jatorri-deitura
batean aurkitzen bada, indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz, Nekazaritza,
Arrantza eta Elikadura Ministerioak eman beharko du baimena, Eusko
Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bidez izapideak egin ondoren.
Horretarako, birlandatu beharreko lursaila kokatuta dagoen lurralde historikoko
foru-aldundiak kudeatuko ditu eskabideak, eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza
eta Arrantza Sailari aurkeztuko dizkio. Aipatutako sailak izapidetuko du
baimena Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioan.
7.- Birlandaketako
eskubideak erabili, eman diren azalera eta helburuetarako soilik erabili ahal
izango dira.
6. Artikulua - Mahastiak landatzeko
eskubideen erreserba Autonomia Erkidegoaren esku
1.- Mahastiak
landatzeko eskubideen erreserba bat egingo du Euskal Autonomia Erkidegoak bere
lurraldean, bere mahats-ekoizpenerako ahalmena errazago kudeatzeko eta ahalmen
hori gal ez dadin.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetako hiru lurralde-erreserbek
osatuko dute Autonomia Erkidegoko erreserba hori.
2.- Autonomia-erkidegoaren
erreserban landaketa-eskubide hauek sartuko dira:
a) Europar Batasunak gerora eman ditzan sorrera berriko
landaketa-eskubideak.
b) Landaketa berrirako eskubideak eman diren kanpainaren hurrengo
bigarren kanpaina amaitu aurretik erabili gabeko eskubideak, 1493/1999 (EE)
Erregelamenduko 3.1 artikuluan aipatutakoez bestelakoak.
c) Erreserbatik etorritako landaketako eskubideak eman diren
kanpainaren hurrengo bigarren kanpaina amaitu aurretik erabili gabeko
eskubideak.
d) Erauzketa egin den kanpainaren hurrengo zortzigarren kanpaina
amaitu aurretik erabili gabeko birlandaketako eskubideak.
e) Eskualdaketaz lortutako birlandaketako eskubideak, eskumenak
dituen organoak onartu zituenean martxan zegoen kanpainaren hurrengo bi
kanpainetan erabili ez badira.
f) Indarrean dagoen arautegiaren arabera, hemen sar daitezkeen beste
eskubide batzuk.
3.- Landaketako
eskubideen indarraldian gauzatu gabeko landaketako eskubideak, titularrari
egotzi behar ez zaizkion arrazoiengatik izan bada, autonomia-erkidegoaren
erreserban sartuko dira. Landaketako eskubidea gauzatzeko ezintasuna eragin
zuen arrazoia amaitu eta gero, hasierako titularrari emango zaizkio eskubide
horiek, inolako diru-ordainketarik eskatu gabe.
4.- Nekazaritza eta
Arrantza sailburuak eta lurralde historikoetako foru-organoei dagozkien
sailetako foru-diputatuek osatuko duten batzordeak irizpena eman ondoren, eta
kontuan hartuta, batetik, lurralde historiko bakoitzeko ardo-ekoizpenerako
ahalmena eta, bestetik, kalitateko ardo ezberdinak merkatuari egokitzearen
irizpidea, lurralde historikoen artean banatuko dira Euskal Autonomia
Erkidegoko erreserban gordetako landaketako eskubideak. Lurralde historikoei
dagokie aipatutako erreserbatik etorritako landaketako eskubideak esleitzea,
besteak beste lehentasun-irizpide hauen arabera:
a) Eskabidea aurkezteko unean gutxienez sei hilabeteko antzinatasunez
Gizarte Segurantzako nekazaritzako erregimen berezian alta emanda dauden
nekazari gazteak.
b) Lehentasuneko nekazaritza-ustiategietako nekazari titularrak.
c) Batez ere nekazari direnak.
Landaketako eskubideak
esleitzeko, mahastizaintzaren arloko prestakuntza eta jakituria egiaztatzea
eskatu zaio eskatzaileei.
5.- Ezin dira eskubide-eskatzaile izan une horretako kanpainan edo
aurreko bost kanpainetan birlandaketako eskubideak eskualdatu dituztenak, edo
mahastia behin betiko utzi izanagatik prima baten onuradun izan direnak.
6.- Mahastizainei erreserbatik etorritako landaketako eskubideak
ematen bazaizkie, ezin izango dira eskualdatu.
7. Artikulua - Birlandaketako eskubideen eskualdaketa
1.- Birlandaketako eskubideak osorik edo zati batean eskualdatu ahal
izango dira kasu hauetan:
a) Eskubideak atxikita dituen
lursailaren jabetza inter vivos zein mortis causa edozein negozio juridiko
bitarteko dela eskualdatzen direnean.
b) Ustiategi baten eskubideak beste
bati eskualdatu eta eskuratzailearen lursaila kalitateko ardoen ekoizpenerako
denean, "lurraldeko ardoa" izen tradizionala erabiltzeko eskubidea
duten ardoetarako denean edo txertoetarako sorburuko mahatsondoen
laborantzarako denean.
2.- Birlandaketako eskubideak erabili, eman diren azalera eta
helburuetarako soilik erabili ahal izango dira.
3.- Ez da eskualdaketatzat hartuko titular beraren lursail biren
arteko birlandaketako eskubideen lagapena.
4.- Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko berean kokatutako
lursailen artean egiten bada birlandaketako eskubideen eskualdaketa edo
eskubide horien lagapena, lurralde horretako foru-aldundiari dagokio onarpena
erabakitzea, eta berak jakinaraziko dio Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza
Sailari zeintzuk diren kanpaina bakoitzean eskubide horiekin onartutako
azalerak bere lurraldearen barruan.
5.- Lurralde historiko batean baino gehiagotan kokatutako lursailen
artean egiten bada birlandaketako eskubideen eskualdaketa edo eskubide horien
lagapena, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari dagokio onarpena
erabakitzea.
Birlandatzeko den lursaila
kokatuta dagoen lurralde historikoko foru-aldundia izango da Nekazaritza eta
Arrantza Sailean eskabideak kudeatzeko ardura izango duena. Eusko Jaurlaritzako
Nekazaritza eta Arrantza Sailak emango die hartutako erabakien berri
interesatuei eta dagozkien lurralde historikoei. Eskubideak eskualdatzearekin
lurralde historikoen artean desorekak sortuko balira, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza
eta Arrantza Sailak ukatu egin ahal izango ditu eskualdaketa horiek.
6.- Autonomia-erkidego batean baino gehiagotan kokatutako lursailen
artean egiten bada birlandaketako eskubideen eskualdaketa edo eskubide horien
lagapena, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari dagokio onarpena
erabakitzea.
Birlandatzeko den lursaila
kokatuta dagoen lurralde historikoko foru-aldundia izango da Nekazaritza eta
Arrantza Sailean eskabideak kudeatzeko ardura izango duena. Sail horrek erabaki-proposamen
bat egingo du, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari igorriko
dio.
7.- Euskal Autonomia
Erkidegoko lurraldean eta beste autonomia-erkidego bateko edo gehiagoko
lurraldean kokatutako jatorri-deiturari eragiten badio eskubideak eskualdatzeak
edo eskubide horiek lagatzeak, arau hauek bete beharko dira:
a) Eskuratzailearen eta lagatzailearen lursailak Euskal Autonomia
Erkidegokoak badira eta jatorri-deitura berean kokatuta badaude, artikulu
honetako 4 eta 5. puntuetan xedatutakoa aplikatuko da.
b) Aipatutako lursail horiek Euskal Autonomia Erkidegokoak eta
jatorri-deitura berean sartuta dauden beste autonomia-erkidegoren batekoak
badira, edo eskubideen gainean egin nahi den eskualdaketarekin jatorri-deituran
eskubideak sartzen badira zein hortik eskubideak ateratzen badira, bai Euskal
Autonomia Erkidegoko lurraldean egindako eragiketaren bidez, zein Euskal
Autonomia Erkidegoan eta jatorri-deitura berean sartuta dauden beste
autonomia-erkidegoren batean kokatutako lursailen titularren arteko eskubideen
eskualdaketa denean, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeriori dagokio
baimena ematea.
8.- Euskal Autonomia
Erkidegoko jatorrizko eskubideak beste autonomia-erkidego batzuei lagatzeko,
autonomia-erkidego hartzaileek izapideak egin aurretik, nahitaezkoa da Eusko
Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren onarpen-erabakia. Laga nahi
diren eskubideen jatorriko lursaila kokatuta dagoen lurralde historikoko
foru-aldundiak kudeatu behar du baimen-eskaria, bai eta indar loteslez horri
buruzko txostena egin ere, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza
Sailean.
9.- Birlandaketako
eskubideak eskualdatzea eskatu ahal izateko, eskuratzaileek baldintza hauek
bete behar dituzte:
a) Eskuratzaileak erregularizatuta eduki behar du bere mahasti osoa,
indarrean dagoen mahastizaintzako araudiarekin bat etorriz.
b) Eskuratzaileak birlandaketako eskubideak aurrez eskualdatu gabeak
izan behar dira, eta ezin dira izan mahastia behin betiko utzi izanagatik prima
baten onuradun, ez une horretako kanpainan zehar ez aurreko bost kanpainetan
ere.
c) Birlandaketako eskubideekin egin beharreko landaketek kalitateko
ardo bakoitza arautzeko berariazko araudia bete beharko dute.
10.- Inolaz ere ezin
izango da gehitu erauzitako edo erauztekoa den azalerari dagokion
ekoizpen-ahalmena.
8. Artikulua - Mahasti-azalerak
erregularizatzea
1.- Erregularizatu
gabeko egoeran dauden mahasti-sailek emandako mahatsetik lortutako produktuak, 1998ko
irailaren 1aren aurretik landatuta badaude, destilategietarako baino ezin
izango dira erabili, harik eta mahasti-sailak erregularizatzen ez diren artean.
Lurralde historikoetako foru-aldundiei dagokie beren lurraldeetan landatutako
mahasti-azalerak erregularizatzea, Europar Batasuneko arautegiarekin bat
etorriz.
2.- Igaro 1998ko
irailaren 1az geroztik landatutako mahasti-azalerak erauzi egin beharko ditu
lursailaren jabeak, nahiz eta legez kanpoko landaketaren arduradunari
erauzketaren kostua erreklamatzeko eskubidea izan.
Kasuan kasuko lurralde historikoko foru-aldundiak subsidiarioki
betearazi ahal izango du erauzteko betebeharra, baldin eta jakinarazpena egiten
denetik bi hilabeteko epean lursailaren titularrak erauzketa gauzatzen ez badu.
3.- Aurreko kasu
batean zein bestean, bidezko iritzi ditzaten zehapenak ezar ditzakete
foru-aldundiek kontuan hartuta eragindako produkzioak merkatuan duen balioa.
4.- Foru-aldundiek
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraziko diote
artikulu honetan ezarritakoa baliatuz erauzitako azalerak.
5.- Artikulu honetan
araututako erauzketaren salbuespen moduan, Europar Batasuneko araudian jasotako
salbuespenak ezarri ahal izango dira.
II.
KAPITULUA
MAHATSONDO-KLASEAK
ETA MAHASTIZAINTZA
9. Artikulua - Mahatsondo-klaseen
sailkapena eta eskumenak
1.- Eusko
Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak, bai bere ekimenez, bai
foru-aldundiek eskaturik, sailkatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko
lurraldean mahatsondo-klaseak kategoria hauetako batean:
a) Ardotarako mahats-motak:
gomendatuak, baimenduak eta gorde beharrekoak.
b) Jateko mahats-motak eta
norbanakoen kontsumokoak: gomendatuak eta baimenduak.
c) Txertaka-motak: gomendatuak.
2.- Mahatsondo-klase bat kategoria jakin batean sartzeko modua hauxe
da:
a) Mahatsondo-klase bat
gomendatutakoen kategorian sartzeko, klase hori gutxienez bost urtez egon
beharko da aurrez Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean baimendutakoen
kategorian sartuta.
b) Jateko mahats-klase bat edo ardotarako
mahats-klase bat baimendutakoen kategorian sartzeko, klase hori gutxienez bi
urtez egon beharko da aurrez aldameneko autonomia-erkidegoren baten
sailkapenean kategoria horretan. Kasu horretan ez da beharrezkoa izango
mahatsondo-klasearen kalitatearen gaineko ebaluazio-azterketa egitea, paragrafo
honetako c) letran aurreikusita dagoena, alegia.
c) Erabat berria den
mahatsondo-klase bat sartzeko, aurrez aldameneko autonomia-erkidegoetan
sailkatu gabekoa bada, kalitatearen ebaluazio-azterketa bat jaso beharko du,
foru-aldundietako zerbitzu teknikoek egin beharko dutena, mahatsondo-klaseak
laborantzarako duen gaitasunaren gaineko azterketen emaitzetan oinarrituta, eta
amaitutako produktuen azterketa analitiko eta organoleptikoen emaitzetan ere
oinarrituta. Azterketaren emaitzak gogobetetzeko gaitasuna frogatzen badu,
baimendutakoen kategorian sartuko da mahatsondo-klase hori.
d) Txertakako mahatsondo-klase
bat gomendatutakoen artean sailkatzeko, laborantzarako duen gaitasunaren
gaineko azterketa bat jaso beharko du, eta emaitzak gogobetetzeko moduak izan
behar dira.
3.- Gorde beharreko mahatsondo-klaseen artekoak dira,
gomendatutakoak izan gabe eta baimendutakoak izan gabe, beren
antzinatasunagatik, interesagatik eta bertara egokituta daudelako zaintzeko
modukoak direnak.
10. Artikulua - Debekuak
Erabat
debekatuta daude sailkapenean inskribatu gabeko mahatsondo-klaseak landatzea,
horiekin hutsarteak betetzea, txertaketak in situ egitea eta
gaintxertaketak egitea, baldin eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza
Sailak aurrez onartutako zientzia-ikerketetan eta saiakuntzetan erabiltzeko
mahatsondoak ez badira.
11. Artikulua - Mahastizaintza
1.- Lurralde historikoetako foru-aldundiak eta kalitateko ardoen
kudeaketa-organoak dira, beren eskumenen eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoko
eremuan mahastizaintzako praktikak ezarri eta kontrolatzeko eskumenak
dituztenak.
2.- Lurralde historikoetako foru-aldundien eskumenekoa da
mahatsondoei eragiten dizkieten izurriteen zaintza eta kontrola. Horretarako,
aplikatu beharreko praktikak eta tratamenduak gomendatuko dizkiete
mahastizainei. Mehatxua larria denean mahastizaintzarako, praktika eta
tratamendu horiek nahitaez aplikatu beharra agindu dezakete, baita egoki
iritzitako beste neurriak hartzera behartu ere.
3.- Kalitateko ardoen kudeaketa-organoek, baita ardo horietako
bakoitza arautzeko berariazko araudiak ere, ekoizpen-eremuan ureztaketa
baimentzeko erak eta baldintzak ezarri ahal izango dituzte, baita aplikatzeko
moduak ere, justifikatuta dagoen kasuetan, betiere kalitate-irizpideei
lehentasuna emanez. Dagokion foru-aldundiari jakinaraziko dizkiote horren
inguruan hartutako neurri guztiak eta foru-aldundiak, berriz, Eusko Jaurlaritzako
Nekazaritza eta Arrantza Sailari emango dio horien berri.
4.- Nekazaritza eta Arrantza Sailak, erakunde pribatu zein
publikoekin elkarlanean, mahastizaintzaren arloko ikerkuntza-, garapen- eta
berrikuntza-programak garatuko ditu.
III. KAPITULUA
12. Artikulua - Uzta-aitorpena
1.- Mahatsa ekoizten duten pertsona fisikoak zein juridikoak nahiz
pertsona-taldeak dira uzta-aitorpena egitera behartuta daudenak, 1282/2001 (EE)
Erregelamenduko 2. artikuluan jasotako salbuespenak aparte.
Aitorpen hori norberaren
ustiategia kokatuta dagoen lurralde historikoko foru-aldundiko organo
eskumendunari aurkeztu behar zaio, urte bakoitzeko abenduaren 10aren aurretik,
organo horiek ezarritako ereduekin bat etorriz, 1282/2001 (EE) Erregelamenduaren
araberakoak izan behar dira eta. Eredu horiek Administrazioak berak emango
ditu.
2.- Hala ere, bikoizketarik izan ez dadin, horrelako aitorpenak
aurkeztera behartuta daudenek kalitateko ardo jakin baten kudeaketa-organoak
ezarritako uzta-aitorpena eginez bete ditzakete beren betebeharrak, baldin eta
instalazioak dagozkion kalitateko ordoaren erregistroan inskribatuta badituzte
eta kalitateko ardo horren kudeaketa-organoak bere lurraldeko foru-aldundiari
egiaztatzen badio berak emandako ereduak eta jarraibideak bat datozela
mahastizaintza eta ardogintzako arloko produktuen gaineko nahitaezko aitorpenei
aplika dakizkiekeen xehedapenekin, 1282/2001 (EE) Erregelamenduan
agindutakoaren arabera.
Aitorpenak homologatzeko,
dagokion foru-aldundiak berariazko ebazpena eman behar du.
3.- Aitorpenak aurkezteko epea amaitu ondorengo egunetik zenbatuta,
15 eguneko epean foru-aldundiek Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza
Sailari bidaliko dizkiote lortutako datuak, datuok batean bildu eta gero Nekazaritza,
Arrantza eta Elikadura Ministerioari jakinarazteko.
13. Artikulua - Mahastien erregistroa
Euskal
Autonomia Erkidegoko mahastien erregistroa lurralde historiko bakoitzeko
mahastien erregistroekin osatuko da, eta denak bilduko dira datu-base bakar
batean.
Lurralde
historiko bakoitzeko mahastien erregistroa foru-aldundiek kudeatu eta
eguneratuko dute, landatutako lursail bakoitzaren gaineko informazio hau bertan
jasota: azalera eta kokapena, landatutako mahatsondo-klasea eta erabilitako
txertaka, eta, kasua hala bada, baita kalitateko ardoren batean inskribatuta
dagoen ere. Foru-aldundiek Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari
jakinaraziko diote beren mahastien erregistroaren edukian gertatutako edozein
aldaketa.
Hurrengo
2005eko urtarrilaren 1etik aurrera, 1593/2000 (EE) Erregelamenduaren arabera,
aipatutako erregelamenduan ezarritako oinarrien gainean garatuko den
nekazaritzako lursailak identifikatzeko sistemarekin bat etorriz aipatuko dira
mahasti-azalerak. Egun horretara
arte katastroko erreferentziak erabili ahal izango dira lursailak grafikoetan
identifikatu ahal izateko.
III. TITULUA
ARDOGINTZA
ARDOA EGITEA
14. Artikulua - Gai orokorrak
1.- Euskal
Autonomia Erkidegoko lurraldean ardoa egitea bakar-bakarrik ondoko instalazio
hauetan izango da posible: Autonomia Erkidegoko erregistroetan behar bezala
inskribatuta dauden instalazioetan, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko
Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Erregistroko instalazioetan.
2.- Erregistro
horretan inskribatuta egoteak ez du kentzen aginduzkoak diren beste
erregistroetan inskribatuta egoteko betebeharra.
3.- Nekazaritza
eta Arrantza Sailak, erakunde pribatu zein publikoekin elkarlanean, ardogintzaren
arloko ikerkuntza-, garapen- eta berrikuntza-programak garatuko ditu.
15. Artikulua - Praktika eta
tratamendu enologikoak
1.- Euskal Autonomia
Erkidegoan mahatsetik eratorrita egindako produktu guztiek bat etorri behar
dute 1493/1999 (EE) Erregelamenduko I. eranskinean jasotako definizioekin.
2.- Mahastizaintzako
eta ardogintzako produktuak egiteko, Europar Batasunak onartutako praktika eta
tratamendu enologikoak baino ezin izango dira erabili, 1493/1999 (EE)
Erregelamenduko V. tituluan eta IV eta V. eranskinetan eta 1622/2000 (EE)
Erregelamenduan jasotako eran.
3.- Debekatuta dago
berezko alkohol-graduak era artifizialean gehitzea. Salbuespen dira indarrean
dagoen legediak erabakitzen dituen kasuetan eta baldintzetan. Erabaki hori,
betiere salbuespen gisa, ardoaren kalitaterik handiena berma ahal izateko
baldintzetan hartu beharko da eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza
eta Arrantza Sailaren aldez aurreko baimena ezinbestekoa izango da.
4.- Europar Batasuneko
arautegiak agindutako moduan, debekatuta dago ardo beltzak ardo zuriekin
nahastea.
5.- Ardoa egin duten
pertsona fisikoek zein juridikoek, eta pertsona horiek osatutako taldeek, ardoa
egin ondoren gelditutako azpiproduktu guztiak destilatzeko eman beharko dituzte.
6.- Azpiproduktu
horietan gelditutako gutxieneko alkohol-kopurua Europar Batasuneko legedian
eskatzen dena izan behar da.
7.- Ezin izango dira
zabaldu merkatura legeetan jasotako definizioen arabera egin ez diren produktuak,
ez eta horiek ekoizteko, kontserbatzeko nahiz hazteko erabilitako praktikak eta
tratamenduak onartu gabekoak badira.
8.- Arau orokor
moduan, debekatuta dago upategietan eta ardoa egin eta biltegiratzeko era
guztietako tokietan sunstantzia enologikoak gorde eta edukitzea, baita ardotan
zein mahatsetik ateratako gainerako produktuetan erabiltzeko modukoak diren
beste edozein substantzia edo produktu ere, aldez aurretik horren berri eman ez
bada eta hurrengo artikuluan jasotako produktu enologikoen zerrendan aurkitzen
badira.
16. Artikulua - Produktu enologikoak
1.- Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako instalazioetan ardoa
egiteko prozesuan erabiltzeko diren produktuen berri Eusko Jaurlaritzako
Nekazaritza eta Arrantza Saileko organo eskumendunari eman behar zaio, eta sail
horretan zerrenda bat egingo da produktu enologikoak zenbaki banarekin
identifikatuz.
2.- Euskal Autonomia Erkidegoan enologian erabiltzeko produktuak
merkaturatu nahi dituzten enpresek egiaztatu egin beharko diote goian aipatutako
organoari bai produktuak berak eta bai produktuon etiketak bat datozela
1493/1999 (EE) Erregelamenduko I. tituluko xedapenekin, bereziki, ardoa egiteko
prozesuan sartzen diren produktuei buruzko xedapenekin, baita 1622/2000 (EE)
Erregelamenduko xedapenekin ere, horrek 1493/1999 (EE) Erregelamendua
aplikatzeko zenbait xedapen finkatzeaz gain Europar Batasunerako praktika eta
tratamendu enologikoei buruzko arau-kode bat sartzen du-eta.
3.- Produktu enologikoen zerrendan, fabrikatzailearen izena eta
egoitza jasotzeaz gain, merkaturatuko den produktuaren izena, osaera
kualitatiboa eta kuantitatiboa, erabiltzeko modua eta fabrikatzaileak
Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrean duen zenbakia agertu behar dira.
4.- Produkturen bat jakinarazi ez bada, ezin izango da ez iragarri
ez gomendatu produktu hori enologian erabiltzeko ez eta ardoak edo muztioak
egitean erabiltzeko.
II. KAPITULUA
AITORPENAK, AGIRIAK ETA ERREGISTROAK
17. Artikulua - Ekoizpenaren eta izakinen aitorpenak
1.- Ekoizpenaren
aitorpena egitera behartuta daude, unean uneko kanpainako uzta dela eta, ardoa
ekoitzi duten edo ardoa ez beste produkturen bat daukaten pertsona fisiko zein
juridikoak edo pertsona horien elkarteak, baita ardoa egiteko
kooperatiba-upategiak ere, araudiz ezarritako salbuespenekin.
Aitorpena egin behar duen pertsona fisikoak nahiz juridikoak
zerga-egoitza duen lurralde historikoko foru-aldundiko organo eskumendunari
aurkeztu behar dio aitorpen hori, urte bakoitzeko abenduaren 10aren aurretik, ekoitzitako
zein azaroaren 25ean dauzkan kopuruen gainean, organo horiek ezarritako
ereduekin bat etorriz, 1282/2001 (EE) Erregelamenduaren araberakoak izan behar
dira-eta. Eredu horiek Administrazioak berak emango ditu.
2.- Izakinen aitorpena
egitera behartuta daude ardoak zein muztioak dauzkaten pertsona fisikoak zein
juridikoak, edo elkarrekin sortutako taldeak, baldin eta kontsumitzaile
pribatuak edo txikizkariak ez badira.
Aitorpena egin behar duen pertsona fisikoak nahiz juridikoak
zerga-egoitza duen lurralde historikoko foru-aldundiko organo eskumendunari
aurkeztu behar dio aitorpen hori, urte bakoitzeko hurrengo irailaren 10aren
aurretik, uztailaren 31n eragile horiek bere eskuetan dituzten kopuruen
gainean, organo horiek ezarritako ereduekin bat etorriz, 1282/2001 (EE)
Erregelamenduaren araberakoak izan behar dira-eta. Eredu horiek Administrazioak
berak emango ditu.
3.- Foru-aldundiek
egindako ereduetan eskatzen diren zehaztasunak jasota egon behar dira
ekoizpenaren eta izakinen aitorpenetan.
4.- Hala ere,
bikoizketarik izan ez dadin, kalitateko ardoren baten erregistroan instalazioak
inskribatuta dituztelako horrelako aitorpenak aurkeztera behartuta daudenek
berei dagokien kudeaketa-organoak ekoizpenari eta izakinei buruz ezarritako
aitorpenak eginez bete ditzakete beren betebeharrak, baldin eta organo horrek
bere lurralde-eremuko foru-aldundiari egiaztatzen badio berak emandako ereduak
eta jarraibideak bat datozela mahastizaintza eta ardogintzako arloko produktuen
gaineko nahitaezko aitorpenei aplika dakizkiekeen xedapenekin, 1282/2001 (EE)
Erregelamenduan agindutakoaren arabera.
Aitorpenak homologatzeko, dagokion foru-aldundiak berariazko
ebazpena eman behar du.
5.- Aitorpenak
aurkezteko epea amaitu ondorengo egunetik zenbatuta, 15 eguneko epean
foru-aldundiek Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari bidaliko
dizkiote lortutako datuak, datuok batean bildu eta gero Nekazaritza, Arrantza
eta Elikadura Ministerioari jakinarazteko.
18. Artikulua - Garraioan eramateko
agiriak
1.- Euskal Autonomia
Erkidegoan hasi eta Europar Batasuneko lurralde eremurako den mahastizaintzako
eta ardogintzako produkturen bat garraiatu nahiz garraiarazi dezaten pertsona
fisikoek zein juridikoek eta pertsonen artean osatutako taldeek beren erantzukizunpean
agiri bat bete beharko dute garraioarekin batera destino puntura iritsi arte
eramateko, araudiz ezarritako ereduekin eta jarraibideekin bat etorriz; eta
884/2001 (EE) Erregelamenduko 3.1 artikuluan ezarritako oharrak jaso behar
dituzte gutxienez eredu eta jarraibide horiek.
2.- Aurreko
paragrafoan jasotako betebeharraren salbuespenak 884/2001 (EE) Erregelamenduko
4. artikuluan ezarritakoak izango dira.
3.- Mahastizaintzako
eta ardogintzako produktuak bidaltzen dituenak, produktu horien garraioaren
kontrola dela-eta, garraioan eramateko agirien kopiak bidaltzeko betebeharra
izango du, araudiz ezarritako baldintzetan eta epeetan.
4.- Garraioan
eramateko agiriak bost urtean gorde beharko dira, egin diren egutegiko urtea
amaitzen denetik kontatuta.
19. Artikulua - Erregistroak
1.- Beren lanbiderako
edo merkataritza helburu dela, edozein arrazoi bitarteko hartuta, beren
agindupean mahastizaintzako eta ardogintzako produkturen bat duten pertsona
fisikoek zein juridikoek, eta pertsona horiek osatutako taldeek, produktu
horien berariazko kontabilitatea eraman behar dute erregistro-liburuetan, beren
instalazioetan lote bakoitzak izandako sarrera eta irteera guztiak eta bertan
egindako manipulazioak jasota, 884/2001 (EE) Erregelamenduko II. tituluan
xedatutakoarekin bat etorriz.
2.- Erregistro-liburuak
eramateko betebeharraren salbuespenak 884/2001 (EE) Erregelamenduko 11.2.b)
artikuluan ezarritakoak izango dira.
3.- Aipatutako
erregelamenduarekin bat etorriz, erregistro-liburuen kopurua eta liburuon eduki
zehatza araudiz ezarritakoak izango dira.
4.- Enpresa bakoitzak
eraman behar ditu bere erregistro-liburuak, produktuak aurkitzen diren tokian
bertan. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak baimen
hauek eman ditzake:
a) Erregistro-liburuak enpresaren egoitzan bertan gorde ahal izango
dira baldin eta produktuak enpresa horretako hainbat biltegitan banatuta
badaude, udalerri berean nahiz aldameneko udalerriren batean, eta produktu
horiek aurkitzen diren tokian beste agiri batzuen bidez kontrolatu ahal badira,
une oro, produktu horien sarrerak, irteerak eta izakinak.
b) Kanpaina bakoitzeko sarreren kopurua 500.000 litro baino
gutxiagokoa bada, enpresa espezialdu baten esku utzi ahal izango dira
erregistro-liburuak, baldin eta produktuak aurkitzen diren tokian beste agiri
batzuen bidez kontrolatu ahal badira, une oro, produktu horien sarrerak,
irteerak eta izakinak.
5.- Urtean guztira
50.000 litro baino gehiagoko ekoizpenik lortzen ez duten ekoizleei Nekazaritza
eta Arrantza Sailak baimena eman ahal izango die erregistro-liburuen ordez
uztaren, ekoizpenaren zein izakinen aitorpenen atzeko aldean oharrak egiteko.
6.- Instalazio berean
titular bat baino gehiago badira eta nork bere aldetik mahastizaintzako eta
ardogintzako produktuak egin, biltegian gorde edota merkaturatzen baditu,
horietako bakoitzak bere erregistro-liburuk eramango ditu.
7.- Erregistro-liburuetan
jasotako sarreren eta irteeren idatzoharrak bat etorri behar dira hurrenez hurren
jasotako eta bidalitako garraio-agirietan ageri diren datuekin. Jasotako
produktuaren eta garraioan eramateko agirian agertzen diren zehaztasunen artean
desadostasuna dagoenean, eta bien arteko aldeak, betiere, araudiz ezarritako
gehieneko ehunekoa gainditzen badu, eta akats horiek izan arren produktua
atzera botatzen ez bada, hartzaileak gorabehera horien berri eman behar dio
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari, ezarritako epeetan.
8.- Edozein arrazoi
dela ere, garraio-agiririk behar ez duten produktuen irteerak egunero idatziko
dira liburuan, salbuespen horren arrazoiak adierazteko.
9.- Produktua
biltegian dagoen artean lurrunetan gertatutako galerak, baita manipulazioetan
gertatutako ohiko galerak ere, "Irteerak" zutabean idatziko dira urte
osoan gutxitutako kopurua aipatuta uzteko. Baldin eta galera horiek araudiz
ezarritako gehieneko ehunekoa gainditzen badute edo produkturen bat
manipulatzean nahiz garraiatzean istripuren bat gertatu eta produktu guztia edo
zati bat galtzen bada, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari
eman behar zaio horren berri, ezarritako epeetan.
10.- Hala ere,
bikoizketarik izan ez dadin, kalitateko ardoren baten erregistroan instalazioak
inskribatuta dituztelako erregistroak eramatera behartuta daudenek berei
dagokien kudeaketa-organoak produktuen izakinen eta mugimenduen gaineko
aitorpenak, agiriak eta kontrol-fitxak betez bete ditzakete kalitateko ardoaren
eremuan ekoitzitako muztioen eta ardoen gaineko kontabilitateko beren
betebeharrak, baldin eta organo horrek Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta
Arrantza Saileko organo eskudunari egiaztatzen badio berak emandako ereduak eta
jarraibideak bat datozela mahastizaintza eta ardogintzako arloko
kontabilitateari eta erregistroei aplika dakizkiekeen xedapenekin, 884/2001
(EE) Erregelamenduko II. tituluan agindutakoaren arabera
11.- Erregistro-liburuen
kontuak urtean behin itxiko dira, uztailaren 31n, izakinen urteko
inbentarioarekin batera.
Abuztuaren 1ean sarrera moduan idatziko dira kontabilitateko
izakinak. Idatzitakoak eta benetakoak bat ez badatoz, gertaera hori jasota utzi
behar da, baita erregularizatzea ere.
12.- Erregistro-liburuak,
eta liburuotan jasotako eragiketei buruzko agiri guztiak, bost urtean gorde
behar dira, bertan jasotako kontuak kitatzen diren egunetik aurrera.
III.
KAPITULUA
IZENDAPENA,
DEITURA ETA AURKEZPEN-MODUA
20. Artikulua - Etiketak
1.- Produktua 60
litroko edo gutxiagoko neurri izendatuko ontzietan banatzen denean, ontziak
etiketak eraman behar ditu. Etiketa horiek 1493/1999 (EE) Erregelamenduko,
753/2002 (EE) Erregelamenduko eta aplikatzekoak diren gainerako arauetako
xedapenen araberakoak izan behar dira. Berdin egin behar da 60 litro baino
neurri gehiagoko ontzien kasuan ere, etiketarik jartzen bazaie.
2.- Euskal Autonomia
Erkidegoko lurraldean ekoitzitako ardoei dagokienez, aurreko paragrafoan
etiketak jarri beharrari buruz esandakoaren gaineko salbuespen dira hauek:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko batean edo
gehiagotan kokatutako enpresa bereko bi lokalen edo gehiagoren artean
garraiatutako produktuak.
b) Partida bakoitzean 30 litro edo gutxiagoko muztio-kopuruen eta
ardo-kopuruen kasuak, salmentarako ez badira.
c) Ekoizlearen familiaren, bazkideen zein bertako langileen
kontsumorako muztio-kopurua eta ardo-kopurua.
Kalifikatzeko jarri ez edo kalifikaziorik lortu ez duten
kalitateko ardoen kasuan, puntu honetan aurreikusitako etiketen gaineko
salbuespenez baliatu ahal izateko, aldez aurretik jakinarazi behar diote
dagokion kontrol-organoari ekoizlearen familiaren, bazkideen zein bertako
langileen hileko kontsumorako zenbat gordeko duten, baita b) letraren arabera
zenbat irteera egiteko ustea duten babestu gabeko ardotan, txikizkako salmentaren
bidez. Hileroko jakinarazpenean adieraziko da zeintzuk diren etiketarik gabe
aterako diren ardoen biltegiak.
21. Artikulua - Izendapena, deitura
eta aurkezpen-modua
Mahastizaintzako
eta ardogintzako produktuen izendapena eta aurkezpen-modua, baita horiei
buruzko publizitate guztia ere, iruzurrerako biderik ematen ez dutenak izan
behar dira, eta hartzaile diren pertsonei ez diete nahasterik sortu behar, eta
ez dituzte erratzera eraman behar; batez ere puntu hauek zaindu behar dira:
a) Produktu-mota.
b) Produktuen ezaugarriak; eta, zehazki, izaera, osaera,
alkohol-maila, kolorea, sorrera edo jatorria, kalitatea, mahatsondo-klasea,
uzta-urtea eta ontzien neurri izendatua.
c) Produktua egiten edo banatzen parte hartzen duten edo hartu duten
pertsona fisikoen zein juridikoen nahiz pertsona-taldeen nortasuna eta
kalitatea, batez ere botilaratzailearenak.
22. Artikulua - Debekuak
Produktuen
izendapena edo aurkezpen-modua ez badatoz bat 1493/1999 (EE) Erregelamenduko,
753/2002 (EE) Erregelamenduko eta aplikatzekoak diren gainerako arauetako
xedapenekin, produktu horiek ezin izango dira jarri ez salmentarako, ez
merkatura ateratzeko, ez esportatzeko.
Hala
ere, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak produktu horiek
salmentarako jarri, merkatura atera eta esportatzeko baimena eman lezake,
baldin eta, indarrean dagoen legedian aurreikusitakoa betetzeko, produktu
horien izendapena eta aurkezpen-modua aldatzen badira.
IV.
TITULUA
EUSKAL
AUTONOMIA ERKIDEGOAN EKOITZITAKO KALITATEKO ARDOAK
I. KAPITULUA
KALITATEKO
ARDOEN DEFINIZIOAK ETA ARDOEN JATORRIAREN ETA KALITATEAREN BABESA
23. Artikulua - Euskal Autonomia
Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoak
1.- Euskal Autonomia Erkidegoan
ekoitzitako kalitateko ardotzat hartzen dira eskualde jakin batzuetan
ekoitzitako ardoak, Europar Batasuneko arauen arabera, Euskal Autonomia
Erkidegoko lurraldetik datorren mahatsarekin egindakoak badira, eta, lege
honetan jasotako xedapenak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak betez, ardo
horiek egin, ondu eta botilaratzea Autonomia Erkidego horretako lurraldean
egiten bada.
2.- Euskal Autonomia
Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardo guztiek arautzeko berariazko araudi bana
eta kudeaketa-organo bana izan behar dituzte, hurrenez hurren lege honetako 27.
artikuluarekin eta IV. tituluko III. kapituluarekin bat etorriz.
24. Artikulua - Babes-araubidea
1.- Euskal Autonomia Erkidegoan
ekoitzitako kalitateko ardoei ematen zaien babesa lurraldeen, eskualdeen,
herrien edo toki zehatzen izenak erabiltzera hedatzen da, ardoa ekoitzi, egin,
ondu eta botilaratzea non egin den kontuan hartuta.
2.- Euskal Autonomia
Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoei dagozkien izenak erabiltzea izen hori
erabiltzeko eskubidea duten produktuetara dago mugatuta, betiere 30.
artikuluaren arabera onartu diren kalitateko ardoen baitan, eta arautzeko
berariazko arauekin bat etorriz.
3.- Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio nagusiko organo eskudunen ahala da, kasu guztietan,
Erkidego honetako herri, udalerri, alde, eskualde edo lurraldeekin osorik nahiz
zati batean bat datozen edo berekiak diren izen geografikoen erabilera
kudeaketa-organoen esku uzteko baimena ematea.
25. Artikulua - Titularitatea,
erabilpena eta kudeaketa
1.- Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoekin
lotuta daudelako babestuta dauden izen geografikoak jabari publikoko ondasun
dira, eta ezin ditu inork bakarka bereganatu, eta ezin dira saldu, inorendu ez
eta kargatu ere.
2.- Babestutako izen
geografikoen kudeaketaren erabilpena lege honen bidez, legea gara dezaten
arauen bidez eta aplikatzekoak izan daitezen gainerako arauen bidez arautuko
da.
3.- Euskal Autonomia
Erkidegoari dagozkion babestutako izen geografikoen erabilerari dagokionez,
lege honetako 24. artikuluko 3. paragrafoan agindutakoa bete beharko da.
4.- Euskal Autonomia
Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoek ezarritako baldintzak bete eta eskabidea
egin dezan pertsona fisiko zein juridiko orok kudeaketa-organoko erregistroetan
inskribatuta egoteko eta babestutako izenak erabiltzeko eskubidea izango du,
zehapenen bat duenean izan ezik. Inskripzioa egin aurretik, dagokion
kudeaketa-organoak berariaz onartu behar du inskripzioa.
26. Artikulua - Babes-eremua
1.- Euskal Autonomia
Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoei emandako babesak hala babestutako
produktuetan kalitateko ardoaren izena erabiltzeko eskubidea ematen du, baita
ardoen jatorriari, sorrerari, izaerari zein funtsezko ezaugarriei buruz edozein
abisu faltsu edo gezurrezko erabiltzeko debekua ezarri ere, bai ontzietan,
enbalajeetan eta publizitatean zein ardo horiei buruzko agirietan.
2.- Babesa aldi
guztietara hedatzen da, honako hauetara: babestutako produktuen ekoizpena eta
merkaturatzea, bai eta produktu horien aurkezpen-modua, publizitatea, etiketak
eta agiri komertzialak ere.
3.- Babestutako izen
geografikoak aipatzen dituzten markak, merkataritza-izenak zein
sozietate-izenak horretarako eskubidea duten ardoetan baino ezin izango dira
erabili, Europar Batasuneko arauek mahastizaintzako eta ardogintzako produktuen
izendapenari, deiturari, aurkezpen-moduari eta babesari buruz ezarritakoaren
aurka jarri gabe.
4.- Baldin eta marka,
merkataritza-izen edo sozietate-izen bera erabiltzen bada jatorri deitura
ezberdinetako edo eremu geografiko ezberdinetako edo babes-maila ezberdinetako
ardoak merkaturatzeko, eragileek argi eta garbi ardoen etiketetan eta
aurkezpen-moduan azaldu beharko dute horien jatorria, betiere ez dadin
kontsumitzaileentzat nahasgarri gerta. Kudeaketa-organoak izango dira eskudun
jatorri-deituraren babesa eta izen ona eta kontsumitzaileen defentsa
ziurtatzeko.
27. Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoak arautzeko berariazko araudia
1.- Euskal Autonomia
Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoak arautzeko berariazko araudia lege
honetako 23.2 artikuluan aurreikusten da eta gutxienez ondorengo puntuak izan
behar ditu kontuan:
a) Babestutako produktuen definizioa.
b) Ekoizpen-eremuaren mugapena.
c) Ardoa ekoizteko egokiak diren mahatsondo-klaseak.
d) Ardoa egiteko eremuaren mugapena.
e) Mahastizaintzako praktikak.
f) Gutxieneko berezko alkohol-maila.
g) Hektareako onartutako gehieneko ekoizpena.
h) Ardoa egiteko teknikak.
i) Babestutako ardoen berezko ezaugarri eta nolakotasun
organoleptiko eta enologikoak.
j) Kudeaketa-organoak gutxienez eraman beharreko erregistroak.
k) Babestutako produktuen kalitatea eta jatorria bermatzeko
aitorpenak eta kontrolak.
l) Kudeaketa-organoaren barne-jardunbidea.
m) Arau-hauste eta zehapenetan aplikatu beharreko araubidea.
2.- Euskal Autonomia
Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardo bakoitza arautzeko berariazko araudiak
ondoko hauek utz ditzake ezarrita:
a) Mahasti-sail berberak ezin duela ardoen jatorria eta kalitatea
babesteko maila ezberdinetarako ardoak egiteko mahatsik eman. Izaera orokorreko
betebehar honek kasu bakar batean izango du salbuespenik, baldin eta mahasti-sailak
kalitatearen goreneko mailako eskakizunak betetzen baditu.
b) Kalitateko ardoak merkatura zabaldu ahal izateko kalitateko
ardoaren kudeaketa-organoan izena emanda duten upategietan bakarrik botilaratu
beharko direla.
II.
KAPITULUA
EUSKAL
AUTONOMIA ERKIDEGOAN EKOITZITAKO KALITATEKO ARDOAK HALAKO AITORTZEKO PROZEDURA
28. Artikulua - Aitortzeko eskabidea
1.- Euskal Autonomia
Erkidegoko eremuan kalitateko ardoren batentzat halako aitorpena nahi duten
mahastizainek, ardogileek, zein beren arteko taldeek eta elkarteek, Eusko
Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari aurkeztu beharko diote
eskabidea.
2.- Mahastizainek
beren ardoetarako babesa eskatzen dutenean ardo horiekin lanbidez, ekonomiaz
eta lurraldez lotuta daudela egiaztatu beharko dute, delako eremu geografikoan
mahastizain edo ardogile diren aldetik jarduten dutelako.
29. Artikulua - Eskabideari erantsi
beharreko agiriak
Goiko
28. artikuluan aipatutako eskabideari agiri hauek erantsi behar zaizkio
gutxienez:
a) Izenari dagokionez:
- Izen geografikoaren zehaztasunaren frogagiria eta eremu geografiko
zehatz horrekin duen loturaren frogagiria.
- Izen horren gainean aurrez erregistratutako eskubiderik ez dagoela
dioen egiaztagiria.
b) Ardoei dagokienez:
- Eremu geografikoaren mugapena, ezaugarri edafiko eta klimatiko
bereziak adierazita, eta gizakiei eta naturari buruzko faktoreak ere aintzat
hartuta.
- Ardoa ekoizteko egokiak diren mahatsondo-klaseak.
- Mahastizaintzako praktikak.
- Ardoa egiteko teknikak eta eremuak.
- Ardoen nondik norakoak.
- Ardoak aurkezteko eta merkaturatzeko moduak.
- Merkatu nagusiak. Beste xehetasun batzuk ardoen nabarmena erakutsi
eta eskatutako babes-maila frogatzen dutenak.
30. Artikulua - Aitorpena
1.- Eusko
Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuak izango du Euskal Autonomia
Erkidegoko lurralde-eremuaren barruko kalitateko ardoak halako aitortzeko
eskumena, tokian tokiko foru-aldundiak edo foru-aldundiek aldeko txostena egin
ondoren.
2.- Aitorpena
eman aurretik, proposatutako produktuaren kalitatearen eta trazabilitatearen
berme-sistemaren kontrola egingo da. Hau da, aginduzko txosten bat egingo da
aurreko artikuluan aipatutako eskabideari erantsi beharreko agirien edukien
gaineko adostasuna sendesteko, proposatutako kontrol-sistema egokia eta nahikoa
dela bermatzeko.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta
Arrantza Sailak homologatuko ditu aipatutako txostena egiteko eskaintzen diren
erakundeak, eskabidea egin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Nortasun juridiko berekia izan eta zuzenbide
pribatuaren menpe egotea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza izan eta
bere jarduerak nagusiki Erkidego horretan egitea.
c) Jarraian eta etenik gabe nahiko baliabide
izatea, bai langile kualifikatu elebidunetan (euskaraz eta gaztelaniaz), bai
administrazio-azpiegituretan, bere eginkizunak betetzeko.
d) Euskadin nekazaritzako elikagaien
kalitate-kontrolak egiten gutxienez bost urteko eskarmentua egiaztatzea, aldi
horretan erakundeak bere egitura juridikoa aldatu badu ere, baldin eta aldi
horretako benetako eskarmentua zuzenbidean onartutako edozein bide erabilita
egiaztatu ahal bada.
e) Euskadiko nekazaritzako elikagaien arloa
ezagutu eta arlo horrekin koordinatzeko tresnak izatea.
f) Entidad Nacional de Acreditación
delakoaren egiaztagiria izatea, eskabidea egin duen erakundeak UNE-EN 45004 eta
UNE-EN 45011 arauak betetzen dituela sendesten duena.
Kalitateko ardoren bat halakotzat
aitortzeko eskabidea egin duenak berak aukeratuko du aginduzko txostena egiteko
egokien deritzon erakundea, homologazioa lortu duten erakundeen artetik.
3.- Aitorpen hori
emateko, eskatzaileek aurrez kasu horretako kalitateko ardoa arautzeko
berariazko arau-egitasmo bat aurkeztu beharko dute, zehaztuko diren
baldintzetan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuak onarpena
eman diezaion.
III.
KAPITULUA
KUDEAKETA-ORGANOAK
31. Artikulua - Definizioa, egitura
eta jardunbidea
1.- Lege honetako 23.2
artikuluak ezarritakoari jarraituz, kudeaketa-organo batek kudeatuko du Euskal
Autonomia Erkidegoan egindako kalitateko ardo bakoitza, eta salbuespen bakarra
artikulu honetako 5. paragrafoan ezarritakoa izango da.
2.- Eusko
Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren eskumena izango da Euskal
Autonomia Erkidegoaren lurraldearen baitakoak diren eta eskakizun guztiak
betetzen dituzten kalitateko ardoen kudeaketa-organoei ezagutza ematea.
3.- Kudeaketa-organoak
zuzenbide publikoko korporazioen gisara eratuko dira. Beren araubide
juridikoari dagokionez, zuzenbide pribatuaren pean arituko dira oro har; hala
ere, haien eraketari, antolaketari eta hauteskunde-prozedurari dagozkien
egintzak zuzenbide publikoak arautuko ditu, eta eginkizun publikoak betetzea
dakarten ekintzak, aldiz, administrazio-zuzenbideak. Egintza horien kontra
errekurtsoa jarri ahal izango da Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza
Sailean, eta hor amaituko da administrazio-bidea.
4.- Kudeaketa-organoek
berezko nortasun juridikoa dute, eta ekonomia-autonomia ere bai; orobat, beren
eginkizunak betetzeko, jarduteko gaitasun osoa dute. Jarduteko behar dituzten
langileak kontratatu ahal izango dituzte lan-araudipean, eta langile horiek ez
dira hartuko, inolaz ere, administrazio publikoen langiletzat, nahiz eta azken
horien bateraezintasun-araudia begiratu beharko duten haiek ere.
5.- Euskal Autonomia
Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardo bat halakotzat aitortzeko eskatzen
denean, ardo hori egiteko erabili diren mahats guztiak eskatzaileak berak ekoitzi
baditu eta ardoa egin eta merkaturatu ere berak egin badu, ez da
kudeaketa-organorik eratu beharko, jatorri-deituraren eta jatorri-deitura
kalifikatuaren kasuetan izan ezik.
Horrelakoetan, kalitateko ardoa halakotzat aitortzeko eskatu
duenak berak hartu beharko ditu bere gain kudeaketa-organoaren eginkizun eta
eginbeharrak.
6.- Honako hauek
arautuko dute kudeaketa-organoaren jarduera: lege honetan xedatutakoak, lege
hau garatzen duten arauak, kalitateko ardo bakoitza arautzeko berariazko araudiak
eta kudeaketa-organo bakoitzaren barne-araudiak.
7.- Kudeaketa-organoan,
mahasti eta upategien titularrek izango dute ordezkaritza, baldin eta
kalitateko ardoa arautzeko berariazko araudiak ezarritako erregistroetan izena
emanda badute. Halaber, zerikusia duten administrazio publikoetako ordezkariak
ere joan ahal izango dira kudeaketa-organoen zuzendaritza-organoen bileretara,
eta hitza izango dute, baina botoa emateko eskubiderik ez.
8.- Kudeaketa-organoen
antolamenduaren oinarrizko printzipioak hauek izango dira: irabaziak egiteko
asmorik gabe jardutea, ordezkaritza demokratikoa izatea, kalitateko ardoaren
inguruan lan egiten duten sektore guztien interes ekonomikoak ordezkatzea,
bereziki sektore txikienenak, eta mahastizaintzako sektorearen eta ardogintzako
sektorearen ordezkaritza parekatua izatea; beti ere, kudeaketa-organoetako
ordezkaritzak interes guztien arteko oreka zaindu behar du.
9.- Honela osatuko da
kudeaketa-organoa:
a) Kudeaketa-organoko burua, osoko bilkurako kide hautatuen bi
hereneko gehiengo kualifikatuak hautatua. Kudeaketa-organoaren osoko bilkurak
Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraziko dio kudeaketa-organoko buruaren
hautaketaren emaitza, sailburuak haren izendapena egin dezan.
b) Kudeaketa-organoko buruordea, organoburua hautatzeko era berean
hautatua.
c) Osoko bilkura.
Osoko bilkura honela osatuko da: gehienez ere, 10 kidek
ordezkatuko dituzte mahastizainak, dagokion erregistroan izena emandako
mahastizainen artetik mahastizainek berek hautatuko dituzte, eta gehienez ere
beste 10 kidek ordezkatuko dituzte ardogileak, dagokion erregistroan izena
emandako ardogileen artetik ardogileek berek hautatuko dituzte.
Kudeaketa-organo bakoitzaren barne-araudiak zehaztuko du zenbana kide izango
dituzten bi arlo horiek eta, betiere, arlo bateko eta besteko ordezkarien
arteko parekotasunarik eutsiko dio. Kide guztien ordezko bana izendatuko da,
titularrak hautatzeko era berean hautatua. Kargu hautatu guztiak lau urterik
behin berrituko dira, eta berrautatua izaterik ere izango da.
Kudeaketa-organoko burua nahiz buruordea kideen artetik
hautatzen badira, ordezkarien arteko parekotasunari eustearren ez ba beteko
osoko bilkurako kide gisa haiei dagokien lekua; horrelakoetan, bestalde,
kudeaketa-organoko buruak ez du kalitateko botorik izango.
Inskribatutako enpresa baten ordezkari izateko hautatutako
kideak, bere enpresa hori uzten badu, utzi egin beharko dio kide izateari,
nahiz eta enpresa horren arlo berean jarraitu, eta haren ordezkoak hartuko du
haren lekua.
10.- Kalitateko ardoa
arautzeko berariazko arauak zenbait kasutarako ezar ditzakeen gehiengo bereziez
at, kudeaketa-organoaren osoko bilkurak, erabakiak hartzeko, bilkurara
agertutako kideen artean botoa emateko eskubidea dutenen gehiengoa beharko du,
eta erabakia baliozkoa izango bada, beharrezkoa izango da bilkuran kideen erdia
eta bat gehiago izatea. Lehendakariak kalitateko botoa izango du.
11.- Euskal Autonomia
Erkidegoari dagokio bere lurralde-eremuaren baitako kalitatezko ardoen
kudeaketa-organoetako kideak hautatzeko eguna eta prozedura ezartzea.
Hautatzeko prozedura hori erregelamendu bidez ezarriko da, eta dagozkien
erregistroetan izena emanda duten guztiek botoa eman ahal izatea eta botoa
zuzena eta isilpekoa izatea begiratuko beharko du prozedura horrek.
12.- Kudeaketa-organoko
buruari dagozkio, besteak beste, kudeaketa-organoa ordezkatzea, bileretarako
deiak egitea eta bilerak zuzentzea; orobat, organoak haren esku uzten dituen
eginkizunak zein Nekazaritza eta Arrantza Saileko erakunde gorenek haren gain
uzten dituztenak.
Kudeaketa-organoko burua ez dagoenean, buruordeak beteko du
haren lekua.
13.- Kudeaketa-organoek
beren gobernu-organoen osaeraren berri zehatza emango diote Eusko Jaurlaritzako
Nekazaritza eta Arrantza Sailari; eta osakera horretan geroago gertatzen diren
aldaketen berri ere eman beharko diote.
14.- Kudeaketa-organoek
baliabide hauek izango dituzte beren esku:
a) Kuotak, kalitateko ardo bakoitzaren berariazko arauak ezarritako
erregistroetan izena ematen dutenek ordaindu beharrekoak.
b) Administrazio publikoek eman ditzaketen dirulaguntzak.
c) Beren ondarearen bidez lortutako errenta eta produktuak.
d) 65. artikuluan ezarritako zehapenengatik kobratutako zenbatekoak,
zehapen horiei dagozkien espedienteak kudeaketa-organoak berak ireki, bideratu
eta ebatzi baditu.
e) Dohaintza, legatu, laguntza eta berenak izan ditzaketen bestelako
baliabide batzuk.
Administrazioak kudeaketa-organoen esku utz dezake haien eginkizunak
betetzeko baliagarri izan dakizkiekeen ondasun eta zerbitzuen kudeaketa.
15.- Kontseilu Arautzaile
izena jatorri-deiturak eta jatorri-deitura kalifikatuak kudeatzen dituzten
organoetarako erabiliko da.
32. Artikulua - Helburuak,
eginkizunak eta jarduera-eremua
1.- Kudeaketa-organoen
helburuak dira kalitateko ardoa eta kalitateko ardo horrek babestutako
produktuak ordezkatu, aldeztu, bermatu eta sustatzea.
2.- Kudeaketa-organoek,
beren helburuak bete ahal izateko, eginkizun hauek izango dituzte, besteak
beste:
a) Kalitateko ardoen arloan administrazio publikoekiko kontsultarako
eta lankidetzarako erakunde gisa aritzea.
b) Kalitateko ardoa bultzatzea eta haren izen ona zaintzea.
c) Mahastizainen eta upategien erregistroak kudeatzea.
d) Dagozkien erregistroetan inskribatutako instalazioetan gertatzen
diren produktuen sarrera-irteeren kontrola eta jarraipena egitea.
e) Kalitateko ardoen babesa emateari begira mahatsaren, muztioen eta
ardoen jatorria kalifikatu eta deskalifikatzea, egoki iritzitako azterketa
fisiko-kimiko eta organoleptikoak egin ondoren, eta, hala balegokio, dagokion
ziurtagiria ematea.
f) Urte bakoitzeko uzta kalifikatzea.
g) Babestutako ardoen jatorri-ziurtagiriak eta berme-zigiluak ematea.
h) Babestutako ardoetarako erabil daitezkeen etiketen eta atzealdeko
etiketen erabilera onartu eta zaintzea, kalitateko ardoei eragiten dieten
heinean.
i) Babestutako produktuen ekoizpen, jatorri, elaborazio eta
merkaturatzea kontrolatzea.
j) Kalitateko ardoa arautzeko berariazko araudiak ezarritako
mugen barruan, kanpaina bakoitzerako alderdi hauek zehaztea: errendimenduak,
ekoizteko edo eraldatzeko gehieneko kopuruak, eta prozesu horietan eragin
dezakeen beste edozein alderdi.
k) Ekoizpen-eremuan garapena iraunkorra izan dadin zaintzea.
l) Babestutako produktuen ekoizpen, elaborazio eta
merkaturatzearen gaineko estatistikak egitea, hala barruan erabiltzeko nola
jendaurrean zabaldu eta ezagutzera emateko.
m) Kalitateko ardoa arautzeko berariazko araudian kudeaketa-organoak
finantzatzeko ezartzen diren nahitaezko kuotak kudeatzea.
n) Organoaren aurrekontuak egitea, gero barne-araubideko estatutuetan
zehaztutako eran onartu behar dira-eta.
ñ) Mahastizainen eta upategien hauteskunde-erroldak egin eta
eguneratuta edukitzea.
o) Lege honetako 35. artikuluan aipatzen den ikuskatze- eta
kontrol-organoa hautatzea; erakunde horren pean egongo dira kalitateko ardo
horren inguruan dauden eragile guztiak.
p) Zehatzeko ahalmena erabiltzea, lege honen eta berori garatuko
duten arauen arabera.
q) Kalitateko ardoarekin zerikusia duten arau-hauste ustezkoengatik
egiten diren zehapen-espedienteen berri jakitea, kudeaketa-organoak berak hasi
ez dituenean.
r) Babestutako produktuak aldeztu, kontrolatu, sustatu eta banatzea
xede duten enpresa publiko edo pribatu, merkataritzako sozietate eta
fundazioetan parte hartzea.
3.- Kudeaketa-organoek
mahatsaren jatorria eta ekoizpen-, elaborazio-, ontze- eta
merkaturatze-prozesuak bermatzeko behar diren neurriak hartuko dituzte.
4.- Nolanahi ere,
kudeaketa-organoek txostena egingo dute landaketa berrietarako edozein baimen
eman aurretik, 25.4 artikuluan ezarritakoa gorabehera.
5.- Kudeaketa-organoek
debekatu ahal izango dute jatorri-deituraren barruan ekoitzi ez diren ardoak beren
erregistroetan izen emandako upategietan ekoitzi, egin, biltegiratu, erabili
edo botilatzea; hala ere, irizpide orokor horrekiko salbuespenak ezarri ahal
izango dituzte prozesu benetako eta dokumentatuen kontrola zalantzarik gabe
ziurtatu ahal izango denean.
33. Artikulua - Kudeaketa-organoen betebeharrak ez
betetzea
1.- Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak, bere organo
eskudunen bitartez, egoki iritzitako ikustaldi eta ikuskatzeak egin ahal izango
ditu.
2.- Kudeaketa-organoei dagozkien betebeharrak ez betetzea larritzat
edo ez larritzat joko da.
Ez betetzea larria izango da
berrerortzea edo errepikatzea gertatzen denean, edo asmo txarrez, nahita edo
herri-interesa nabarmen oztopatuz egiten denean. Horrelakoetan, 30. artikuluan
aipatutako kalifikazioa kenduko zaio kudeaketa-organoari, edo haren
gobernu-organoen eginkizunak aldi baterako bertan behera utziko dira, hiru eta
sei hilabete arteko aldirako, hain zuzen ere.
Aurreko lerroaldean aipatu ez diren ez betetzeak ez larriak
izango dira. Horrelakoetan, kudeaketa-organoari betebeharra betetzera
hertsatuko zaio. Organo horrek ez badu zuzentzen hertsapenaren kausa, berriro
ohartaraziko zaio. Hala eta guztiz ere, ez betetze horretan jarraitzen badu,
kudeaketa-organoko gobernu-organoen eginkizunak bertan behera utzi ahal izango
dira aldi baterako, gehienez hiru hilabetetarako. Hala, lehen ohartarazpenaren
nola bigarrenaren ondoren, hilabeteko epea izango du kudeaketa-organoak oker
eginak zuzentzeko.
3.- Edonola ere, Eusko
Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak administrazio-espedientea egin
beharko du beti, eta dagokion kudeaketa-organoari entzunaldia eskaini beharko
dio nahitaez.
34. Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoko Kalitateko Ardoen Kudeaketa Organoen Erregistroa
Euskal
Autonomia Erkidegoko Kalitateko Ardoen Kudeaketa Organoen Erregistroa sortuko
da erregelamendu bidez, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren
barruan. Erregistro horretan, hauteskunde-errolden datu eguneratuak eta kudeaketa-organoetako
gobernu-organoen osaera jaso beharko dira, besteak beste.
Hala balegokio, erregistro horretan idatziko da Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardo bat halakotzat aitortzeko eskatzen duenaren izena ere, 31.5 artikuluan aipatzen den eskatzailearena, hain zuzen ere; erregelamendu bidez zehaztuko da hori egiteko modua.
IV.
KAPITULUA
KONTROL-ORGANOAK
35. Artikulua - Kontrol-organoak
1.- Kalitateko ardoa
arautzeko berariazko araudiak ezarriko du haren kontrol-sistema, kudeaketa-sistematik
bereizia. Kontrol hori kukeaketa-organoaren baitako kontrol-erakunde batek zein
kontrol-erakunde beregain batek egin ahal izango du, baldin eta dena delako
erakunde horrek "Produktuen ziurtagiriak egiten jarduten duten erakundeen
betebehar orokorrak" izeneko araua (UNE-EN 45011 edo ordezkatuko duena)
betetzen duela egiaztatzen badu; edo ikuskaritza-erakunde batek, baldin eta
erakunde horrek "Ikuskaritzan jarduten duten era bateko eta besteko
erakundeen jarduteko irizpide orokorrak" izeneko araua (UNE-EN 45004 edo
ordezkatuko duena) betetzen duela egiaztatzen badu.
2.- Aurreko
paragrafoan esandakoaz at, mahastizaintza eta ardogintza arloko aginte
eskumendunek, nolanahi ere, egoki iritzitako kontrol osagarriak egin ahal
izango dizkiete bai eragileei bai kontrol-organismo edo -organoei ere.
V.
TITULUA
ZEHAPEN-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
XEDAPEN
OROKORRAK
36. Artikulua - Mahastizaintza eta
ardogintzaren arloetako arau-hausteak
1.- Lege honetan,
Europar Batasuneko araudian edo harekin bat datorren Estatuko araudian
ezarritakoa betetzen ez den guztietan mahastizaintza eta ardogintzaren
arloetako arau-hauste administratiboa egiten da.
2.- Arau-hausteak
arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.
37.
Artikulua - Arau-hausteen erantzukizuna
1.- Mahastizaintza eta
ardogintzaren arloetako arau-haustea dakarten egitateengatik, egitate horien
erantzuleari baino ezingo zaio zehapenik ezarri.
Arau-hausteen erantzule izango da lege honetako 36. artikuluan
aipatzen diren ez betetzeak egiten dituen pertsona fisiko edo juridikoa nahiz
ondasun-erkidegoa.
2.- Ontziratutako
produktuetan egiten diren arau-hausteetan, etiketan ageri den enpresa edo
sozietatea izango da erantzule; berdin dio etiketan haren izena edo beste
edozein adierazpen agertzea, dena delako enpresa edo sozietatea nor den ziur
jakiteko modua ematen badu. Eta enpresa edo sozietate hori ez da erantzule
izango arau-haustea dakarten egitateetan ez duela parte hartu frogatzen badu.
Halaber, produktua egin, ekoitzi edo botilaratu duena ere,
egindako arau-haustea ezagutzen zuela eta bere adostasuna eman zuela frogatzen
bada, erantzule solidario izango da, etiketan agertu ez arren.
Etiketak faltsifikatu egiten badira, faltsifikazio horren
jakitun egonik produktuak merkaturatzen dituena erantzule izango da.
3.- Ontziratu gabeko
produktuetan edo etiketarik gabe ontziratutako produktuetan egiten diren
arau-hausteetan, edo produktuaren etiketan enpresaren edo sozietatearen izenik ageri
ez denean, une horretan produktua daukana, huraxe izango da erantzule, non eta
ez den lehenagoko edukitzaile baten erantzukizuna ziurtasunez frogatzen.
4.- Landaketarekin,
birlandaketarekin, hutsarteak betetzearekin edo ureztaketekin zerikusia duten
arau-hausteen erantzule ustiategiaren titularra izango da, edo ustiategiaren
jabea, haren ordez.
5.- Pertsona
juridikoek -eta horien artean sartzen dira kalitateko ardoen kudeaketa-organoak
eta ikuskaritza- edo kontrol-organo edo -organismoak eurak ere- egiten dituzten
arau-hausteetan, haien administratzaile edo titularrak ordezko erantzule izango
dira, baldin eta bete gabe utzitako beren ardurako eginbeharrak burutzen ez
badituzte, beren menpekoek eginbehar horiek ez betetzea onartu badute edo
arau-hauste horiek gertatzeko bidea ematen duten erabakiak hartu badituzte.
6.- Ez betetzeak
hainbaten artean egin badituzte, erantzukizun solidarioa izango dute guztiek.
7.- Goian azaldutako
arau-hauste administratibo horien erantzukizunak ez dira eragozpen izango
erantzuleari arau-hausteak eragindako egoera lehengora dezan eskatu ahal
izateko, ez eta arau-hausteak eragindako kalte eta galerak ordaintzeko eskatu
ahal izateko ere.
38. Artikulua - Zigor-arloko
jurisdikzioak ere zeresanik edukitzea
1.- Lege honetan
aipatzen diren arau-hausteek eragindako administrazio-erantzukizuna eta egitate
horiengatik eska daitezkeen zigor-arloko eta arlo zibileko erantzukizunak
bereiz doaz.
Egitate batengatik dagoeneko zehapena ezarri bada, ezingo da
berriro zehapenik ezarri, subjektu, egitate eta arau-haustearen funtsa berberak
badira.
2.- Instrukzio-egileak
uste badu, prozeduraren edozein unetan, esku artean dituen egitateak
zigor-arloko arau-hausteak izan daitezkeela, Ministerio Fiskalari jakinaraziko
dio, eta, aldi berean, aldez aurretik horretarako ebazpena emanez,
interesatuari jakinaraziko dio zehapen-prozeduraren tramitazioa bertan behera
utzi duela harik eta Ministerio Fiskalak jarduketak hasi edo jarraitzeko
adierazten dion arte edo zigor-arloko epaitegiek behin betiko ebazpena ematen
duten arte.
Era berean, Administrazioak jakiten badu zigor-prozedura bat
ari dela bideratzen bera ere aztertzen ari den egitate batzuen gainean, eta egitateak,
subjektuak eta arau-haustearen funtsa berberak badira, egin dituen jarduketak
jakinarazteko eskatuko dio Ministerio Fiskalari.
3.- Zehapen-prozedura
administratiboa bertan behera utzi arren, hartutako kautelazko neurriek
indarrean jarrai dezakete, baldin eta zigor-prozesuan hartutakoekin bateragarri
badira. Administrazioaren zehapen-prozedurako kautelazko helburuak lortzeko
zigor-arloko kautela-neurriak aski izanez gero, ez dira bateragarriak izango.
4.- Prozedura amaitzen
duen epai irmoak edo ebazpenak irizten badio ez dela zigor-araurik hautsi, edo
Ministerio Fiskalak esaten badu ez dela bidezko jarduketak hastea edo
jarraitzea, Administrazioak berriro hasiko du zehapen-prozedura,
zigor-jurisdikzioak frogatutzat jotako egitateak oinarri hartuta.
II. KAPITULUA
IKUSKATZEA
39. Artikulua - Ikuskatzea
1.- Foru-aldundietako
nekazaritza arloan eskumenak dituzten saileei dagokie titulo honetako III.
kapituluan jasotako mahastizaintza arloko arau-hausteen ikuskaritza, eta Eusko
Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari, berriz, gainerako kasuetakoa,
lege honek kalitateko ardoen kudeaketa-organoei aitortzen dizkien
ikuskaritza-ahalmenez at.
2.- Administrazio
publikoetako ikuskatzaileak, beren kontrol- eta ikuskatze-eginkizunetan ari
direla, agintaritzaren agente izango dira eta, hala direnez gero, beste edozein
agintaritzaren laguntza eskatu ahal izango dute, baita segurtasun-indar eta
-kidegoena ere.
Kontrol- eta zaintza-zerbitzuetarako, kalitateko ardoen
kontrol-organoetako ikuskatzaileek administrazio publikoetako ikuskatzaileen
izaera eta eskuduntza berberak edukiko dituzte, agintaritzaren agenteei
dagozkienak izan ezik.
3.- Aurreko puntuan
aipatutako ikuskatzaileek, ikuskatze-eginkizunetan ari direla, ikuskatzen
dituzten enpresen ustiategi, instalazio eta lokaletara sartzea izango dute,
hala balegokio, eta enpresa horien industria-, merkataritza- eta
kontabilitate-dokumentaziorako irispidea ere bai, beharrezko irizten badiote.
Beren jarduketa guztiak isilpean eduki beharrekoak izango dira, beti.
Ikuskatze-zerbitzuek informazioa eskatzen dietenean,
administrazio publikoek, administrazio publikoen partizipazioa duten enpresek,
erakunde ofizialek, lanbide-erakundeek eta kontsumitzaileen erakundeek eman
egin beharko dute.
4.- Ikuskatzaileek
zorrotz bete beharko dute beren lanbideko jardunaren bidez jakiten duten oro
isilpean gordetzeko betebeharra. Betebehar hori bete ezean, dagokion zehapena
ezarriko zaie, dagokion diziplina-erregelamenduko arauen arabera.
5.- Kalitateko ardoen
kudeaketa-organoek berariazko baimena dute kalitateko ardoen babesik gabeko
mahats, muztio eta ardoen joan-etorriak zaintzeko, baldin eta produktu horiek
kalitateko ardoen ekoizpen-guneetan egin, biltegiratu, botilan sartu edo
merkaturatzen badira edo gune horietatik igarotzen badira; eginkizun horretan
ari direla jakiten dituzten gorabeheren berri eman beharko diote Eusko
Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari, bai eta eginkizun horretan egin
dituzten akten kopiak helarazi ere; eta horrek guztiak ez dio ezertan eragingo
zaintze-lan horretan eskudun diren erakundeen esku-hartzeari.
40. Artikulua - Ikuskapen-aktak
1.- Ikuskatzaileek, egindako ikuskapen bakoitzeko, akta bat egingo dute,
hiru aletan; eta aktan, interesatuaren datu pertsonalak eta ikuskatutako
enpresaren datuak ez ezik, egiaztatutako egitateak ere jasoko dituzte,
dagokiokeen zehapen-prozedurarako, arau-haustearen tipifikaziorako eta
zehapenak mailakatzeko baliagarri izan daitezkeenak bereziki.
Ikuskatzaileak eta
ikuskatutako ustiategi, enpresa edo establezimenduaren titularrak sinatuko dute
akta hori, edo, hala behar balitz, titular horren legezko ordezkariak edo
arduradunak, eta horrelakorik bat ere izan ezean, edozein menpekok; akta horren
kopietako bat horien esku geldituko da.
Akta sinatzen duten bi
alderdi horiek ikuskatzearen edo ikuskatutakoaren inguruko datuak jasoarazi
ahal izango dituzte aktan, egoki iritzi hainbat.
Lehen aipatutako pertsona
horiek akta horretan parte hartzeari uko eginez gero, lekuko batek sinatuko du
akta, ahal bada, eta horrek ez du kenduko uko egite horrek eragindako
erantzukizuna eskatu ahal izatea. Ikuskatzaileak beti sinatuko du akta.
2.- Ikuskatzaileak aktan jasotako egitateak benetakoak direla joko
da, kontrakoa frogatu ezean.
41. Artikulua - Ikuskapena egiten
zaienen betebeharrak
Pertsona
fisiko eta juridikoek eta ondasun-erkidegoek honako betebehar hauek edukiko
dituzte, erakunde eskudunek edo ikuskatzaileek eskatuz gero:
a) Hala ustiategi edo
instalazioen nola produktu, zerbitzu zein ekoizpen- edo elaborazio-sistemen
gaineko informazioa ematea, eta are ikuskatzaileei bertatik bertara ikuskatzen
uztea ere.
b) Egindako salerosketen eta
produktuen mugimenduaren dokumentazioa erakustea, baita dokumentazio horretan
jasotako beste edozein alderdi ere.
c) Dokumentazio horren kopia ateratzen uztea.
d) Mahastietatik eta egiten, banatzen edo merkaturatzen diren
produktu edo salgaietatik laginak hartzen uztea.
e) Oro har, ikuskapenak egiten uztea eta horretan laguntzea.
42. Artikulua - Kautelazko neurriak
1.- Ikuskapenean
atzeman diren egitateek, lege honetan edo Europar Batasunaren araudian edo harekin
bat datorren Estatuko araudian ezarritako arau-hausteekin ustez zerikusia duten
horiek, edo horien pareko beste batzuek iraun ez dezaten edo berriro gerta ez
daitezen, edo eragindako kalteek beren horretan jarrai ez dezaten edo beren
eragina gutxitzearren, ikuskatzaileak, salbuespeneko kasuetan, kautelaz
geldiarazi egin ditzake salgai, produktu, ontzi, etiketa eta abar. Dagokion
aktan, hartutako kautelazko neurri horren xede eta arrazoiak idatzi beharko
ditu.
2.- Kautelazko neurri
horrekin erabakitako geldiarazte horrek ezingo du iraun kasuan-kasuan behar den
baino luzaroago. Hori dela-eta, ikuskatzaileek hartutako kautelazko neurriak
zehapen-prozedura hasteko eskumena duen erakundeak berak berretsi, aldatu edo
ezeztatu egin beharko ditu, gehienez ere 15 eguneko epearen barruan.
Zehapen-prozedura hasteko erabakian ez bada ezer adierazten kautelazko neurrien
gainean, indarrik gabe geldituko dira.
43.
Artikulua - Laginak hartzea
1.- Ikuskatzaileak,
komeni dela irizten badio, ikuskatutako produktuaren edo produktuen laginak
hartzea erabaki dezake. Lagin horiengatik ez da ezer ordaindu beharko.
2.- Hartutako lagin
horien gainean akta egingo da, eta ikuskatze-aktak egiteko ezarritako eskakizun
berberak bete beharko dira beste akta hori egiteko ere.
3.- Laginek hiruna ale
homogeneo izango dituzte. Egokitu, prezintatu, lakrez zigilatu eta etiketatu
egingo dira; horrela, eta parte hartzen dutenen sinadura ale bakoitzean
ipinita, lagin bakoitza bere edukiarekin ezagutzeko modua bermatuko da gordeta
eduki behar diren artean. Ale horiek honela gordeko dira:
a) Akta egiten den enpresa edo establezimenduaren titularra egile,
biltegiratzaile edo botilaratzailea bada, edo etiketan ageri den pertsona- edo
sozietate-izena berea bada, laginaren aleetako bat berak gordeko du,
gordailuan, eta harekin batera aktaren kopia bat; ale hori utzi zaion bezala
gorde beharko du, beharrezkoa balitz kontraesan-froga gisa erabiltzeko. Ale
hori suntsitu, desagertu edo galdu egiten bada, asmo gaiztoarekin egin dela
uste izango da, kontrakoa frogatzen ez bada. Lagineko beste bi aleak
ikuskaritzak gordeko ditu, eta horietako bat hasierako azterketa egin behar
duen laborategiari igorriko zaio.
b) Ikuskatutako enpresa edo establezimendua ikertzekoa den
produktuaren banatzaile soila baino ez bada, aktaren kopia bat gordeko du hark,
eta lagineko hiru aleak ikuskaritzak eramango ditu; horietako bat egilearen,
biltegiratzailearen, botilaratzailearen edo etiketan ageri den pertsona- edo
sozietate-izenaren titular denaren esku utziko da, edo behar bezalako baimena
duen aurreko horien ordezkariaren esku, badaezpada, kontraesan-frogarik edo
egin behar bada. Eta beste ale bat hasierako azterketa egin behar duen
laborategiari igorriko zaio.
44. Artikulua - Azterketa
1.- Azterketa
Administrazioaren baimena duten laborategi ofizialetan egingo da, edo indarrean
dagoen araudiari jarraituz horrelako zereginetarako egiaztagiria lortu
dutenetan; azterketarako, ofizialki onartutako metodoak erabiliko dira, edo,
horrelakorik ezean, gomendatutakoak.
2.- Bidali zaizkion
lagina eta harekin batera doan dokumentazioa aztertuko ditu laborategiak, eta
azterketa horren emaitzak lehenbailehen helaraziko ditu, eta, eskatzen bazaio,
aztertutako laginaren kalifikazio-txosten tekniko bat ere bai.
3.- Azterketaren
emaitzaren ondorioa bada indarrean dagoen araudia hautsi egin dela,
zehapen-prozedura hasiko da lege honetan jasota dagoen prozeduraren arabera.
4.- Baldin eta
zehapen-prozedura horren pean dagoenak ez badu azterketaren emaitza onartzen,
bere eskubideari dagokiona frogatzeko edozein frogabide erabili ahal izateaz
gain, kontraesan-azterketa bat egiteko ere eskatu ahal izango dio
espedientearen instrukzio-egileari; bi era hauetako bat erabil daiteke
kontraesan-azterketa hori egiteko:
a) Aditu bat izenda dezake azterketa berriro egiteko,
zehapen-prozedura hasi eta bost egun balioduneko epearen barruan; hasierako
azterketa egin zen laborategi berean egingo da bigarren azterketa hori, orduan
erabilitako teknika berak erabiliz eta azterketa haren ziurtagiria egin zuen
teknikari beraren aurrean edo teknikari horrek izendatutako ordezkariaren
aurrean. Horretarako, espedientearen instrukzio-egileak edo laborategiak berak
azterketa hori egiteko eguna eta ordua jakinaraziko dizkio interesatuari.
b) Instrukzio-egilearen aurrean egiazta dezake, zehapen-prozedura
hasi eta zortzi egun balioduneko epearen barruan, dagokion lagineko alea
laborategi ofizial edo baimen ofiziala duen batean aurkeztu duela, laborategi
horrek izendatutako teknikari batek kontraesan-azterketa egin dezan; azterketa
hori hasierako azterketan erabilitako teknika berberekin egingo da. Bigarren
azterketa horren emaitza eta, hala balegokio, txosten tekniko osagarria
espedientearen instrukzio-egileari igorriko zaizkio, zehapen-prozedura hasi eta
hilabeteko epearen barruan, gehienez. Epe hori igaro eta artean ez bada ez
azterketarik ez instrukzio-egileari egin beharreko jakinarazpenik egin,
prozedurapeko horrek galdu egingo du bere eskubidea.
5.- Hasierako
azterketaren eta kontraesan-azterketaren emaitzak ez badatoz bat, erakunde
eskudunak beste laborategi ofizial bat edo egiaztapen ofiziala duen bat
izendatuko du, hirugarren lagina erabiliz eta aurreko azterketetako emaitzak
aurrean izanik, azken azterketa erabakitzailea egin dezan.
6.- Kontraesan-azterketa
eskatu duenak ordainduko ditu haren gastuak. Hasierako azterketa eta azterketa
erabakitzailearen gastuak zehapen-prozeduran erruduntzat jotakoak ordainduko
ditu, salbu eta azterketa erabakitzailearen emaitzak hasierako azterketarenak
zuzentzea dakarrenean, orduan Administrazioak ordaindu beharko baititu.
Zehapen-prozedurapekoak ez baditu ordaintzen berak ordaindu
beharrekoak diren azterketaren gastuak, betearazte-bidean ordainaraziko
zaizkio, bide hori arautzen duen araudiaren arabera.
III.
KAPITULUA
MAHASTIZAINTZAREN
ARLOKO ARAU-HAUSTEAK
45. Artikulua - Definizioa
Mahastizaintzaren arloko arau-hausteak dira mahastien gaineko lege-xedapenen aurkako egintza eta ez egiteak, bereziki, mahastiak erauzte, landatze, birlandatze, birlandatzeko eskubideen eskualdatze, erregularizatze, berregituratze eta birmoldatzearen gaineko lege-xedapenen aurkakoak.
46. Artikulua - Arau-hauste arinak
1.- Mahastizaintzarekin
zerikusia duten eskabideetan informazio okerra ematea.
2.- Norberaren
ustiategian mahatsondoak erauzi direnean eta horrek, indarrean dagoen
araudiaren arabera, birlandatzeko eskubidea sor dezakeenean, erauzitako mahasti
horren hedadura bereko eremuan mahastia baimenik gabe landatzea.
3.- Ekoizpen-ahalmenaren
arloan indarrean dagoen araudiak dirulaguntza publikoak emateko ezartzen dituen
eskakizunak ez betetzea.
4.- Landaketak egiteko
baimenean ezarritako baldintzetakoren bat ez betetzea, ondoko lerroaldean
aurreikusten dena alde batera utzita.
5.- Sailkatu gabeko
mahatsondo- edo txertaka-klaseak eta sailkatu gabeko mahatsondo-klaseak
dituzten gaintxertaketak landatzea. Landaketaren osteko bigarren kanpaina
amaitu baino lehen, aldez aurreko birlandaketako eskubidea eman zaion sailean
mahatsondoak erauzteko obligazioa ez betetzea. Edo, baimenik gabe, mahatsondo
edo txertaka berriak landatzea, baldin eta arau-hausleak, Administrazioak hala
egiteko eskatu eta bi hilabeteko epea bete baino lehen, arau-haustea egin den
saileko mahatsondoak erauzten baditu.
6.- Hutsarteak
betetzea lege honek ezarritako baldintzak bete gabe.
7.- Mahatsondoa ureztatzea, hori egitea debekaturik dagoenean.
47. Artikulua - Arau-hauste larriak
1.- Laguntza eta dirulaguntza publikoak eskatzerakoan datu faltsuak
ematea, eta mahastizaintzarekin zerikusia duten eskabideetan informazio faltsua
ematea.
2.- Sailkatu gabeko mahatsondo- edo txertaka-klaseak eta sailkatu
gabeko mahatsondo-klaseak dituzten gaintxertaketak landatzea. Landaketa egin
ondoko bigarren kanpaina amaitu aurretik, aldez aurreko birlandaketako
eskubidea eman zaion sailean mahatsondoak erauzteko obligazioa ez betetzea.
Edo, baimenik gabe, mahatsondo edo txertaka berriak landatzea, baldin eta
arau-hausleak, Administrazioak hala egiteko eskatu eta bi hilabeteko epea bete
baino lehen, arau-haustea egin den saileko mahatsondoak erauzten ez baditu.
3.- Berregituratze- eta birmoldatze-planetan sartutako
mahasti-azalerak ezarritako gutxieneko denboran lantzeko obligazioa ez
betetzea.
4.- Berregituratze- eta birmoldatze-planetan sartutako azaleren
ekoizpen-ahalmena ez gehitzeko obligazioa ez betetzea.
5.- Berregituratze- eta birmoldatze-planen betearazpenean aldaketak
egitea Administrazioaren aldez aurreko baimenik gabe.
6.- Landaketa berrirako eskubideak eman zitzaizkion pertsonak ez
beste batek erabiltzea, edo eman diren azalera eta helburutarako ez beste
azalera eta helburuetarako erabiltzea.
48. Artikulua - Arau-hauste oso larriak
Arau-hauste
oso larritzat joko da ardotarako ez diren mahatsondo-klaseekin gaintxertaketa
egitea.
IV.
KAPITULUA
ARDOGINTZAREN
ARLOKO ARAU-HAUSTEAK
49. Artikulua - Definizioa
Ardogintzaren
arloko arau-hausteak dira mahastizaintza eta ardogintzako produktuak ekoitzi,
egin, biltegiratu, ondu eta merkaturatzearen inguruko lege-xedapenen aurkako
egintzak eta ez egiteak.
50. Artikulua - Arau-hauste arinak
1.- Nahitaez egin beharreko
destilazioetarako produktuak ez ematea, non eta ez den arau-hauste larritzat
jotzen.
2.- Lege honetan arautzen diren produktuak egin edo eraldatzeko
zilegi diren tratamendu, praktika edo prozesuak ezarritakoaz bestera
erabiltzea, betiere osasunerako arriskurik eragiten ez bada.
51. Artikulua - Arau-hauste larriak
1.- Nahitaez egin beharreko
destilazioetarako produktuak ez ematea, indarrean dagoen legedian
ezarritakoarekin bat etorriz.
2.- Produktu enologikoak baimenik gabe eduki edo saltzea.
3.- Lege honetan
arautzen diren produktuak zilegi ez diren tratamendu, praktika edo prozesuen bitartez
egitea edo eradaltzea, edo hemen ezarritakoa ez bezalako eran aplikatzea,
betiere osasunerako arriskurik eragiten ez bada; orobat, produktu horiei gaiak
gehitu edo kentzea, haien osaera aldaraziz eta iruzurra eraginez.
4.- Kalitateko ardoak
egin, ontziratu edo etiketatzen aritzea ardo horien erregistroetan inskribatu
gabeko instalazioetan.
5.- Produktuaren
benetako ezaugarrien eta ekoizleak, egileak edo ontziratzaileak eskaintzen
dituztenen artean iruzur eta aldeak egotea.
6.- Ardo eta muztioak
egiteko edo biltegiratzeko zilegi ez diren makina, instalazio edo produktuak
edukitzea produktuak egiten edo ontziratzen dituzten industrien lokaletan,
betiere osasunerako arriskua eragiten ez bada.
52. Artikulua - Arau-hauste oso
larriak
1.- Lege honetan
arautzen diren produktuak osasunerako arriskutsu diren tratamendu, praktika edo
prozesuekin egitea, eraldatzea edo merkaturatzea.
2.- Ardo eta muztioak
egiteko edo biltegiratzeko zilegi ez diren makina, instalazio edo gaiak
edukitzea produktuak egiten edo ontziratzen dituzten industrien lokaletan,
horiek osasunerako arriskutsuak izanik.
3.- Produktuak
faltsifikatzea edo faltsifikatutako produktuak saltzea, betiere delitu edo
falta ez bada.
V.
KAPITULUA
DOKUMENTAZIO
ETA ERREGISTROEN ARLOKO ARAU-HAUSTEAK
53. Artikulua - Definizioa
Dokumentuen
eta erregistroen arloko arau-hausteak dira aitorpen, agiri, erregistro,
liburu-erregistro, idazpen, ziurtagiri, etiketatze eta gainerako dokumentuen
inguruko betebeharren gaineko legezko xedapenen aurka egiten diren egintza eta
ez egiteak.
54. Artikulua - Arau-hauste arinak
1.- Euskal Autonomia
Erkidegoko Nekazaritzako Elikagaien Industrien Erregistroan izena emanda
izatearen egiaztagiria aurkezteko betebeharra izanik, dena delako enpresak
egiaztagiri hori ez aurkeztea.
2.- Ikuskaritzako
eginkizunetan kontrola egiteko erregistro-liburuak eta horrelakorik ez
edukitzea, horretarako arrazoirik gabe.
3.- Erregistro-liburuetan
edo mahats, ardo edo muztioen gaineko aitorpenetan, edota jarraioan eramateko agirietan,
datu okerrak edo hutsegiteak adieraztea, baldin eta idatziz jasotako
kantitatearen eta benetakoaren arteko aldea benetakoaren ehuneko 15 baino
handiagoa ez bada.
4.- Erregistro-liburuak
eguneratu gabe edukitzea, idatzi gabe utzi zen lehenengo idazpena egin
beharrekoa zen egunetik hilabete baino gehiago igaro ez denean.
5.- Mahats, ardo eta
muztioen gaineko aitorpenak arauzko epetik kanpora aurkeztea.
6.- Produktuen
etiketan edo aurkezpenean nahitaez agertu behar duten zehaztasunetakoren bat ez
agertzea, edo horiek arauz behar duten moduan ez adieraztea, hori arau-hauste
larritzat jotzen ez bada.
55. Artikulua - Arau-hauste larriak
1.- Erregistro-libururik,
mahatsen, ardoen eta muztioen gaineko aitorpenik edo garraioan eramateko
agiririk ez edukitzea;, edota, horietan, aipatzen diren produktu edo salgaien
ezaugarriekin zerikusirik duten hutsegite, oker eta ez egiteak egotea.
2.- Erregistro-liburuetan,
mahats, ardo edo muztioen gaineko aitorpenetan edo garraioan eramateko
agirietan oker edo hutsegiteak adieraztea, baldin eta idatziz jasotako
kantitatearen eta benetakoaren arteko aldea benetakoaren ehuneko 15 baino
handiagoa bada.
3.- Erregistro-liburuak
eguneratu gabe edukitzea, idatzi gabe utzi zen lehenengo idazpena egin
beharrekoa zen egunetik hilabete baino gehiago igaro denean.
4.- Erregistro-liburuak
eta garraioan eramateko agiriak gordetzeko betebeharra ez betetzea, liburuetan
jasotako kontuak kitatzen direnetik bost urte igaro arte eta agiriak eman diren
urtea amaitu arte, hurrenez hurren.
5.- Etiketan
sozietatearen izena ez jartzea, edo arauzkoak diren etiketak edo errotulazio
ezabagaitza ez edukitzea, edo indarrean dauden xedapenek eskatutako betekizunak
betetzen ez dituzten ontzi edo paketatzeak erabiltzea.
6.- Produktuen etiketan, aurkezpen-moduan edo publizitatean produktu
horiei ez dagozkien edo nahastea eragin dezaketen deitura, zehaztasun,
kalifikazio, adierazpen edo ikurrak erabiltzea, non eta hori ez den arau-hauste
oso larritzat jotzen.
7.- Kautelazko
neurrien bidez gerarazitako salgaiak erakunde eskudunaren baimenik gabe erabili
edo zernahi eratara eskuratzea, osasunerako arriskurik eragin gabe.
8.- Mahastizaintza eta
ardogintzako produktuen erabilpen eta garraioan ustekabean gertatutako galerak
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari ezarritako epe eta
baldintzetan ez jakinaraztea.
9.- Kautelazko
neurriengatik gerarazitako salgaiak eskumena duen erakundearen baimenik gabe
lekuz aldatzea, betiere, ziguluak hausten ez badira eta salgaiak gerarazita
utzi ziren instalazioetatik ateratzen ez badira.
56. Artikulua - Arau-hauste oso
larriak
1.- Euskal Autonomia
Erkidegoko Nekazaritzako Elikagaien Industrien Erregistroan izena emateko
betebeharra izanik, enpresaren izena eman gabe edukitzea.
2.- Kautelazko
neurriengatik gerarazitako salgaiak erakunde eskudunaren baimenik gabe erabili,
lekuz aldatu edo zernahi eratara eskuratzea, ziguluak hautsiz gero edo salgaiak
interbenitu diren instalazioetatik ateraz gero.
3.- Eskubiderik gabe,
kalitateko ardo batek babestutako izenak aipatzen dituzten adierazpen,
merkataritzako izen, marka, ikur edo ezaugarriak erabiltzea; orobat, horiek
erabilita produktuen izaera, kalitate edo jatorriaren gainean nahastea eragin
daitekeenean, babestutako izen, ikur edo ezaugarriekin duten fonetika edo
grafiaren aldeko antzagatik, nahiz eta ondoan "motakoa",
"erakoa", "-ren sailekoa", "-ren imitazioa",
"-ren ordezkoa" edo gisako esapideak jarri.
4.- Eskubiderik gabe,
kalitateko ardoentzat diren "ondua", "erreserba" eta
"erreserba handia" aipamenak erabiltzea.
5.- Babestutako izenak
erabiltzea, hori berariaz debekatua duten produktuetan.
6.- Kalitateko ardoek
berezkoak dituzten agiriak, etiketak, kontraetiketak, zigiluak eta ezaugarri
gisako bestelako osagai batzuk bidegabe eduki, negoziatu edo erabiltzea, bai
eta horiek faltsifikatzea ere.
VI.
KAPITULUA
ERAGOZPENAK
JARRIZ EGINDAKO ARAU-HAUSTEAK
57. Artikulua - Definizioa
Lankidetzan
aritzeko, informazioa emateko, komunikatzeko eta deitutakoan agertzeko
betebeharrak oztopatzearekin zerikusia duten arau-hausteak dira eragozpenak
jarriz egiten direnak. Arau-hauste horiek arinak, larriak edo oso larriak izan
daitezke, hautsitako lankidetza-betebeharraren izaeraren arabera eta eragozteko
egintza edo ez egite horren garrantzi eta ondorioen arabera.
58. Artikulua - Arau-hauste arinak
Arau-hauste
arinak dira informatzeko, komunikatzeko edo deitutakoan agertzeko
betebeharretan atzeratze hutsak baino ez direnak.
59. Artikulua - Arau-hauste larriak
Honako hauek dira arau hauste larriak: ikuskatze-eginkizunak oztopatu, atzeratu edo eragoztea, laginak hartzen ez uztea, ikuskatzearen eta administrazio-kontrolaren eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren informazio edo dokumentazioa emateari uko egitea edo horretan arrazoirik gabe atzeratzea, baita dokumentazio edo informazio faltsua ematea ere. Arau hauste horiek larriak izango dira, aurreko lerroaldean eta hurrengoan arau-hauste arin edo oso larritzat jotzen ez badira.
60. Artikulua - Arau-hauste oso larriak
1.- Ikuskatze-zerbitzuen
jarduerari erabat uko egitea.
2.- Ikuskatzaileak
hertsatzea, mehatxatzea, iraintzea, haiengan mendeku hartzea, haiei erasotzea
edo beste edozein modutan behartzea, betiere delitu edo falta ez bada.
VII.
KAPITULUA
IKUSKATZE-
EDO KONTROL-ORGANOEN ARAU-HAUSTEAK
61. Artikulua - Definizioa
Ikuskatze-
edo kontrol-organoek egindako arau-hausteak dira ikuskatze-organoek edo
ikuskatzaileek ikuskatze-eginkizunetan dihardutela egindakoak. Larriak edo oso
larriak izan daitezke.
62. Artikulua - Arau-hauste larriak
1.- Ziurtagiri eta txostenak benetako egitateak aintzat hartu gabe
egitea.
2.- Ikuskatze- edo kontrol-organo edo erakunde horiek ikuskatze, saio
edo probak era osatu gabean edo emaitza okerrak atereaz egitea, egitateak behar
bezala egiaztatu ez dituztelako edo arau teknikoak gaizki aplikatu dituztelako.
63. Artikulua - Arau-hauste oso larriak
Aurreko
artikuluan tipifikatutako arau-hausteak oso larritzat joko dira, kalte oso
larria eragiten dutenean edo pertsonentzako edo ingurumenerako arrisku oso
larria eragiten dutenean.
VIII.
KAPITULUA
KUDEAKETA-ORGANOEN
ARAU-HAUSTEAK
64. Artikulua - Arau-hauste oso larriak
Kalitateko
ardoen kudeaketa-organoek arau-hauste oso larria egingo dute ikuskatzaileen
eginkizunetan sartzen badira edo horien beregaintasuna eta aldaezintasuna
oztopatzen badute.
IX.
KAPITULUA
ZEHAPENAK
65. Artikulua - Zehapenak
1.- Arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 2.000 euro arteko isunez
zehatuko dira, eta hori baino zenbateko handiagoko isunak ere ezarri ahal
izango dira, arau-haustearen gai izan diren salgaien, produktuen edo azalerek
hartzen duten eremuaren baliora artekoak, hain zuzen ere. Mahastizaintzari
berari dagokionez, 2. paragrafoaren bigarren lerroaldean aurreikusita bezala
egingo da produktuen balioaren gaineko kalkulua.
2.- Arau-hauste larriak 2.001 eta 30.000 euro bitarteko isunez
zehatuko dira, eta hori baino zenbateko handiagoko isunak ere ezarri ahal izango
dira. Kontuan hartu beharko da, isun handiagoak ipintzekotan, zein produktutan
egin den arau-haustea eta produktu horrek arau-haustearen aurreko
ekonomia-urtean izan duen salmenta-bolumena, salmenta-bolumen horren ehuneko 5
artekoak izan ahal izango baitira isun handiago horiek.
Mahastizaintzaren beraren
arloan egiten diren arau-hauste larriei dagokienez, arau-haustearekin zerikusia
duen produkzioaren balioa halako bost artekoa izango da isuna. Isuna
kalkulatzeko, biderketa honen arabera jokatuko da: arau-haustearekin zerikusia
duen azalera dagoen eskualdean edo lurralde historikoan aurreko bost urteetan
hektareako izan den urteko batez besteko produkzioa bider urteotan eskualde
horretan eta lurralde historiko horretan izan den batez besteko prezio
haztatua.
3.- Arau-hauste oso larriak 30.001 eta 300.000 euro bitarteko isunez
zehatuko dira, eta hori baino zenbateko handiagoko isunak ere ezarri ahal
izango dira. Kontuan hartu beharko da, isun handiagoak ipintzekotan, zein
produktutan egin den arau-haustea eta produktu horrek arau-haustearen aurreko
ekonomia-urtean izan duen salmenta-bolumena, salmenta-bolumen horren ehuneko 10
artekoak izan ahal izango baitira isun handiago horiek.
4.- Aurreko lerroaldean ezarritako zehapenen zenbatekoak kontsumoko
prezioen indizearen arabera eguneratuko dira urtero; aurreko urteko zehapenaren
zenbatekoari ezarriko zaio indize hori.
5.- Zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko da artikulu honetako 1,
2 eta 3. paragrafoetan ezarritako zehapenen produktua.
66.
Artikulua - Zehapenak mailakatzea
1.- Arau-hausteen mota
bakoitzari dagozkion zehapenen artean zein ezarri behar den zehazteko, irizpide
hauek hartuko dira kontuan:
a) Asmoa egon den edo axolagabekeria hutsa izan den.
b) Administrazioak edo haren ikuskatze-erakundeek egindako eskaerak
ez betetzea.
c) Arau-haustea behin baino
gehiagotan egitea. Hori gertatzen da prozedura berean arau-hauste edo
irregularitate bat baino gehiago zehatzen direnean.
d) Eragindako kalteen izaera,
bereziki arau-hausteak kontsumitzaileen osasun edo interes ekonomikoei eta
produktuen prezio, kontsumo eta izen onari eragin ahal izan dien kaltea.
e) Berrerortzea gertatzea.
Halakotzat jotzen da hiru urteko epearen barruan izaera bereko arau-hauste bat
baino gehiago egin denean, eta hori ebazpen irmoaren bidez adierazi denean.
f) Landatutako eremuaren hedadura edo arau-haustearen gai izan
diren produktuen bolumena.
g) Ekoizpen- edo salmenta-bolumena, eta araua hautsi duen enpresa
mahastizaintza eta ardogintzako sektorean nola dagoen kokatuta.
h) Arau-haustearen erantzuleak araua haustean egindako hutsegiteak
zuzentzea zehapen-prozedura ebatzi baino lehen.
i) Lege honetan
tipifikatutako arau-hausteren bat osasunaren arloko arau-hausteekin batera
gertatzea.
2.- Irizpide horiek ezingo dira kontuan hartu arau-haustearen
jokabidearen baitan sartuta badaude edo tipifikatutako arau-hauste
administratiboaren beraren zati badira.
3.- Zehatutako arau-haustearen egitateen ondorioz dirulaguntzak galtzen
badira edo Europar Batasunak ematen dituen onurak kentzen badira, isunaren
zenbatekoa gutxitu egin ahal izango da, galdutako edo kendutako onuren hein
berean.
4.- Zehapen-prozeduran emandako administrazio-ebazpenean azaldu egin
beharko da zehapena mailakatzeko zein irizpide hartu diren kontuan artikulu
honetan aipatu direnen artetik.
5.- Edozein modutan ere, ezarri den zehapena mailakatzerakoan,
ziurtatu egin beharko da arau-hausleari ez dakiola gerta onuragarriago araua
haustea araua betetzea baino.
67. Artikulua - Zehapenak batera gertatzea
Arau-hausteak
tipifikatzen dituzten arauetako bat baino gehiagoren arabera kalifikatu ahal
badira egitateak, zehapen larriena ezartzen duen araua aplikatuko zaio
arau-hausteari.
68. Artikulua - Zehapen osagarriak
1.- Arau-hauste larriak edo oso larriak egiten direnean, kaltea
eragiten ez jarraitzeko, prozedura ebazteko eskumena duen erakundeak, egoki
iritzitako zuzenketa-, segurtasun- edo kontrol-neurriak ez ezik, honako zehapen
erantsi hauetako bat ere ezarri ahal izango du:
a) Laguntzak, dirulaguntzak eta
laguntza-programetatik eratorritako gainerako onurak kentzea; eta kentze horrek
atzerako eraginkortasuna izango du, arau-haustea egin zen egunetik bertatik
hasita.
b) Laguntza berriak lortzeko
aukerarik ez ematea, gehienez ere bost urtean.
c) Arau-haustearekin zerikusia
duten salgai, produktu, ontzi, etiketa eta abar konfiskatzea.
d) Zehatutako enpresa aldi
baterako ixtea, osoa edo haren zati bat, gehienez ere
2.- Zehapen-prozedura ebazteko eskumena duen erakundeak beste neurri
osagarri hauek ere hartu ahal izango ditu:
a) Zehatutako arau-haustearekin
zerikusia duten eta kautelazko neurria ezarri zaien salgai, produktu, ontzi,
etiketa eta abarri eman behar zaien erabilera; suntsitzeko ere agin dezake,
haiek erabiltzea edo kontsumitzea osasun publikorako arriskutsua bada. Emango
zaien erabilerak edo suntsiketak eragindako gastuak arau-hausleak ordainduko
ditu.
b) Bidegabe jasotako laguntza eta
dirulaguntzak itzultzea, osorik edo haien zati bat, haiek gutxitzea edo antzeko
neurriak gauzatzea.
c) Arau-hausleak mahastia
erauzteko betebeharra betetzen ez badu, mahastia ordezko betearazpenez
erauzteak eragindako gastuak Administrazioari ordaintzea, eta, orobat, salgaiak
gerarazi, gordailuan utzi, konfiskatu, garraiatu eta suntsitzeak eragindako
gastuak.
69. Artikulua - Arau-hauste eta
zehapenen preskripzioa
1.- Arau-hauste oso
larriak hiru urtetan preskribitzen dira; larriak bi urtetan eta arinak
urtebetean.
2.- Arau-hauste oso
larriengatik ezarritako zehapenak hiru urtetan preskribitzen dira; arau-hauste
larriengatik ezarritakoak bi urtetan, eta arinengatik ezarritakoak urtebetean.
X.
KAPITULUA
ZEHAPEN-PROZEDURA
70. Artikulua - Ezarri beharreko
araudia
Honako
arau hauek arautuko dute zehapen-prozedura: lege honetako beronetako arauek,
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura
Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko IX. tituluan jasotakoek -lege horri
urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak eman zion aldaerakoek- eta Euskal Autonomia
Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenaren gaineko otsailaren 20ko
2/1998 Legean jasotakoek. Era berean, mahastizaintzaren arloari
dagokionez, lurralde historikoetako prozedura-arauetan aurreikusitakoaren
arabera erabiliko da zehapen-prozedura.
71. Artikulua - Espedientea hasi eta
egitea
1.- Arau-hausteak
ezingo dira zehatu baldin eta aldez aurretik ez bada espedienterik egin
administrazio-prozedura erkidearen eta lege honen arabera; horrek ez du
kenduko, ordea, beste arlo batzuen arabera ere erantzukizuna eduki ahal izatea.
Instrukzioa egiteko eskumenak eta ebazteko eskumenak ezin izango zaizkio
erakunde berberari esleitu.
2.- Zehapen-prozedura
hasteko eskumena, bai eta prozedura hori bideratzekoa ere, kalitateko ardoaren
kudeaketa-organoari dagokio, ustezko arau-hausleak kalitateko ardo horren
erregistroetako batean izena emanda duenean. Bestelako kasuetan,
foru-aldundietako nekazaritza arloan eskumenak dituzten sailei dagokie titulu
honetako III. kapituluan jasotako mahastizaintza arloko arau-hausteen kasuan,
eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailean horretarako eskumena
duen erakundeari gainerako kasuetan.
Ustezko arau-hausle horrek kalitateko ardoaren
kudeaketa-organoaren erregistroetako batean ere ez badu izenik emanda, baina
kalitateko ardoaren kudeaketa-organoak arau-hauste horren berri jakinez gero,
jakinarazi egingo dio aurreko lerroaldean esandakoari jarraiki esleitutako
organo eskumendunari.
72. Artikulua - Kautelazko neurriak
1.- Prozedura hasi eta
bideratzeko eskumena duen erakundeak prozeduran eman daitekeen ebazpenaren
eraginkortasuna ziurtatzeko edo prozedura oztopatzen ez uzteko beharrezkoak
diren kautelazko neurriak hartu ahal izango ditu, edozein unetan; erabaki
arrazoitua eman beharko du horretarako.
2.- Kautelazko
neurriaren bidez agindutako geraraztearen aldia ezin izango da luzatu
ezinbestekoa dena baino gehiago, esan nahi baita, kasu bakoitzean kautelazko
neurrien bitartez lortu nahi diren helburuak betetzeko beharrezkoa den aldia
baino gehiago.
3.- Badago kautelazko
neurriak kentzea edo aldatzea, hala prozedura bideratzen duen erakundearen
kabuz nola interesatuaren eskariz; prozeduraren edozein unetan egin daiteke
hori, prozeduraren instrukzio-egilearen probidentziaren bitartez.
73. Artikulua - Espedientea ebaztea
1.- Kudeaketa-organoek
hasitako espedienteen ebazpena kudeaketa-organoak berak egingo du, zehapena
12.000 eurokoa baino txikiagoa denean. Kopuru hori baino handiagoa denean,
titulo honetako III. kapituluan jasotako mahastizaintza arloko arau-hausteen
kasuan foru-aldundietako nekazaritza arloan eskumenak dituzten saileei, eta,
gainerakoetan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailean eskumena
duen erakundeari igorriko dio bere ebazpen-proposamena, haiek ebatz dezaten.
Bestalde, foru-aldundietako nekazaritza arloan eskumenak
dituzten sailek eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak
hasitako espedienteak beraiek ebatziko dituzte.
2.- Prozedura hasi eta
sei hilabeteko epearen barruan ez bada ebazpenik jakinarazi, iraungi egingo da
prozedura, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio
Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak (urtarrilaren 13ko 4/1999
Legeak emandako aldaeran) ezarritako eran eta lege horrek ezarritako
ondorioekin.
Lege
hau mahatsetik eta ardotik datozen produktuei ere ezarriko zaie, dagokien
heinean, bai eta, bereziki, ardo-ozpinari, uxualari eta muztioari ere.
Lege
hau indarrean sartzerako baziren kontseilu arautzaileek lege honetako 31.
artikuluan ezarritako izaera hartuko dute, eta, urte beteko epearen barruan,
jatorri-deituraren erregelamendua lege honetako xedapenei egokitzeko proiektua
aurkeztu beharko diote Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari,
onar dezan. Proiektu hori epe horren barruan aurkezten ez bada, kontseilu
arautzailea desegin egingo da besterik gabe.
Lege
hau indarrean sartzerako baziren jatorri-deituren erregelamenduek indarrean
jarraituko dute Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak lege
honetako bigarren xedapen gehigarrian aipatzen den egokitzapena onartu artean.
Lege
hau baino maila beherekoago xedapenak, lege honetan ezarritakoaren aurka doazen
alderdi guztietan, indarrik gabe geldituko dira.
Lehenbizikoa
Eusko Jaurlaritzak lege hau garatzeko behar adina xedapen eman ahal izango ditu; horrek ez die ezertan eragingo lurralde historikoek mahastizaintzaren gaineko arauak, erregelamenduak eta administrazio-zioak garatzeko dituzten eskumenei.
Eusko
Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko egunean sartuko
da indarrean lege hau.